date
stringdate
2012-09-20 00:00:00
2023-12-01 00:00:00
url
stringlengths
47
182
category
stringclasses
10 values
title
stringlengths
3
140
subtitle
stringlengths
0
1.17k
summary
stringlengths
5
1.18k
text
stringlengths
2
35.8k
2020-7-13
https://www.berria.eus/albisteak/184216/ordizian-eh-bildu-saritu-dute-eajren-kaltetan.htm
Politika
Ordizian EH Bildu saritu dute, EAJren kaltetan
Koalizio subiranistak 2016an baino 230 boto gehiago eskuratu ditu, eta jeltzaleek, 356 gutxiago. Parte hartzea %55 izan da, batezbestekoaren gainetik.
Ordizian EH Bildu saritu dute, EAJren kaltetan. Koalizio subiranistak 2016an baino 230 boto gehiago eskuratu ditu, eta jeltzaleek, 356 gutxiago. Parte hartzea %55 izan da, batezbestekoaren gainetik.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen interesgune nagusietako bat Ordizian (Gipuzkoa) egon da. Azkeneko astean koronabirusak gogor astindu du Goierriko udalerri hori, eta hauteskundeetan ere eragina izan du, emaitzei erreparatuta: herritarrek ontzat jo dute EH Bilduren udal gobernuak, Adur Ezenarro alkatea buru, azken asteko koronabirus kasuen agerraldia dela-eta egin duen kudeaketa, eta 230 boto gehiago eskuratu ditu koalizio subiranistak; 1.747 boto jaso ditu. Eusko Legebiltzarrerako 2016ko hauteskundeetan, EAJk bildu zuen boto gehien, baina orain nabarmen egin du behera: 1.268 boto eskuratu ditu, duela lau urte baino 356 gutxiago. Duela urtebete udal hauteskundeetan EH Bilduk lortu zituen boz gehien (2.049), eta Elkarrekin Podemosen babesari esker iritsi zen Ezenarro alkatetzara. Zazpi zinegotzi atera zituen koalizio subiranistak, eta kopuru bera atera zuen EAJk (1.903). Berdinketa Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk hautsi zuten. Sozialistek (zinegotzi bat) babesa eman zioten aurreko agintaldian EAJren alkategaiari, eta koalizioa ostera berritzekotan ziren. Elkarrekin Podemosen bi zinegotziekin, ordea, eskuratu zuen alkatetza Ezenarrok. 146 botoren aldea nabarmen handitu du EH Bilduk uztailaren 12an. <p> Parte hartzea %55,95 izan da, duela lau urte baino nabarmen txikiagoa, orduan %65,06 izan baitzen. Azken egunetan Ordiziako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak izan dituzten tirabiretako bat izan da bozkatzeko eskubidea. Izan ere, koronabirusaren PCR testetan positibo eman dutenek (40tik gora) ezin izan dute bozkatu. Adur Ezenarro alkateak horien boto eskubidea urratu dela salatu du, horregatik. Aldiz, PCR proban negatibo eman arren etxean konfinatuta daudenek izan dute botoa emateko eskubidea, eta horrek kezka eta beldurra eragin du herrian, kutsatzeko arriskua areagotu zezakeelako.
2020-7-13
https://www.berria.eus/albisteak/184217/legebiltzar-berria-39-emakume-eta-36-gizon.htm
Politika
Legebiltzar berria: 39 emakume eta 36 gizon
EH Bilduk eta EAJk emakumeak izango dituzte ordezkari gehienak, eta Voxeko ordezkari bakarra ere hala da. PSE-EEk gizon adina emakume du, eta Elkarrekin Podemosek eta PPk, gizon gehiago.
Legebiltzar berria: 39 emakume eta 36 gizon. EH Bilduk eta EAJk emakumeak izango dituzte ordezkari gehienak, eta Voxeko ordezkari bakarra ere hala da. PSE-EEk gizon adina emakume du, eta Elkarrekin Podemosek eta PPk, gizon gehiago.
Eusko Legebiltzarreko 75 ordezkarietatik 39 emakumeak izango dira datorren legealdian, eta 36, gizonezkoak. Banaketa aurreko legealdiaren gisakoa izango da: 40 emakume ziren, eta 35 gizon. Hirugarren aldia da Gasteizko parlamentuan emakumeak gehiengoa izango direna, 2005an 38 emakume izan baitziren. Gainerako bederatzi bozetan, ordea, gizonak izan ziren hautetsi gehienak. Hona, alderdiz alderdi, zer ordezkaritza izango duten hautetsien sexuari dagokionez: EAJ: 31 parlamentari. Hamasei emakume eta hamabost gizon. EH Bildu: 22 parlamentari. Hamahiru emakume eta bederatzi gizon. PSE-EE: hamar parlamentari. Bost emakume eta bost gizon. Elkarrekin Podemos: sei parlamentari. Bi emakume eta lau gizon. PP: bost parlamentari. Bi emakume eta hiru gizon. Vox: parlamentari bakarra, emakumea.
2020-7-12
https://www.berria.eus/albisteak/184218/ana-ponton-egiazko-garailea.htm
Mundua
Ana Ponton, egiazko garailea
Ana Ponton, egiazko garailea.
Alberto Nuñez Feijoori aitortu egin behar zaio meritua, ez baita erraza laugarrenez jarraian gehiengo osoa lortzea; eta, hortaz, Manuel Fraga ministro frankistaren eta Galiziako presidente ohiaren marka errepikatzea. Baina bere emaitzek galdera bat jarri dute mahai gainean: Zenbaterainoko garaipena da 2016ko eta aurtengo bozetan ordezkaritza kopurua ez handitzea? Feijook 11 urte egin ditu agintean, eta, 2012tik hona, ez da beste diputatu bat lortzeko gai izan. Meritu handia du gehiengo osoa laugarrenez eskuratzeak, baina politikari eta agintari gisara zalantzak pizten ditu hainbeste urteren ostean gora egiteko gaitasunik ez izateak. Horregatik, Galiziako Alderdi Popularraren hautagaiak Xuntan jarraituko duen arren, bozetako garaile nagusiak beste izen-abizen bat du: Ana Ponton, Bloke Nazionalista Galiziarraren (BNG) presidentegai eta bozeramaile nazionala. Ponton 2016an iritsi zen BNGren buruzagitzara, blokea hilzorian, desagertzear zegoenean. Urte hartako hauteskundeetan, beheranzko joera gelditzea lortu zuen; inkestek hiru diputatu aurreikusi zizkioten, eta azkenean sei lortu zituen. Lau urteren ostean, Pontonek sekulako gorakada lortu du, eta BNGk hemeretzi eserleku jaso ditu, 2016an baino hamahiru gehiago: blokearen inoizko ordezkaritzarik handiena da, Xose Manuel Beiras buru zuela, 1997an lortu zuena baino diputatu bat gehiago lortu baitu —hori bai, aurten boto gutxiagorekin—. Hortaz, 191.000 bat boto gehiago lortuta, eta 2009ko mailara itzulita, BNG, berriz ere, Galiziako Parlamentuko oposizioko indar nagusia da. Horretan zerikusia izan du Pontonek lehenetsi duen estrategia arrakastatsuak: auzi nazionalaz aritu beharrean, auzi sozialei buruzko kanpaina bat diseinatu du, eta horrek balio izan dio 2012tik aurrera galdu zituen boto emaileak berriz konbentzitzeko. Podemosen, Esquerda Unidaren eta Anovaren Galicia en Comun koalizioa eta Marea Galeguista jan egin ditu, horiek ordezkaritzarik gabe geratu baitira; eta Galiziako Alderdi Sozialistak ez baitu eserleku gehiago lortu. Finean, BNGren eledun nazionalak ezkerreko indar orekak aldatu egin ditu. Orain, Pontonen erronka da bere figura eta blokearena are gehiago egonkortzea, alternatibaren alderdia izateko. Gazteen artean BNG da indarrik erakargarriena, eta hori, etorkizunera begira, aldagai erabakigarria izan daiteke.
2020-7-12
https://www.berria.eus/albisteak/184219/ortuzar-eajk-argi-eta-garbi-irabazi-du.htm
Politika
Ortuzar: «EAJk argi eta garbi irabazi du»
EH Bilduk esan du norabide aldaketa hasi besterik ez dela egin, eta Idoia Mendiak aitortu du emaitza hobeak nahi zituela. Pablo Iglesiasen iritziz, «eztabaidarik onartzen ez duen porrota» jasan du EPk, eta Santiago Abascali «ilusio berezia» egin dio bere «aberri txikian» lortutakoak.
Ortuzar: «EAJk argi eta garbi irabazi du». EH Bilduk esan du norabide aldaketa hasi besterik ez dela egin, eta Idoia Mendiak aitortu du emaitza hobeak nahi zituela. Pablo Iglesiasen iritziz, «eztabaidarik onartzen ez duen porrota» jasan du EPk, eta Santiago Abascali «ilusio berezia» egin dio bere «aberri txikian» lortutakoak.
«EAJk argi eta garbi irabazi du, hori da gaurko lerroburua». Kazetariei proposamen hori eginaz hasi du emaitzen balorazioa Andoni Ortuzarrek, EAJren EBBko presidenteak: «Euskal gizarteak herri hau gidatzeko agindu digu, eta ez diogu huts egingo». Esan du lankidetza ziklo berri bat hasiko dela, eta krisitik irteteko elkarlanean jarduteko eskaintza egin die gainontzeko alderdiei. EAJko buruak zoriondu egin du «herri honek krisialditik irteteko izan dezakeen gidaririk onena», Iñigo Urkullu jeltzaleen lehendakarigaia, eta nabarmendu du euskal gizarteak haren apaltasuna saritu duela. «Pozik nago». Behin eta berriz errepikatu du esaldi hori Urkulluk. Dena den, arduraz jokatzeko abagunea dela nabarmendu du, hilabete zailak izan direla azkenekoak, eta hiru helburu ezarri ditu etorkizunerako: enplegua, gizarte kohesioa eta autogobernua. Urkulluren arabera, euskal gizarteak EAJ aukeratu du, baina eskatu du auzolana ere, eta Ortuzarrek gainontzeko alderdiei eginiko eskaintzarekin bat egin du. Azkenik, esan du une honetan buruan dituela, bereziki, Zaldibarko zabortegian lurperatuta dauden Alberto, Joaquin eta haien familiak. EH Bilduk, berriz, «inoizko daturik onenak lortu ditu», Maddalen Iriarte lehendakarigaiaren iritziz. Dagokion balioa eman dio 23.000 boto gehiago lortu izanari, eta «oso-oso pozik» dagoela azpimarratu du: «Herri honetan gure balioetatik gertu dagoen gero eta jende gehiago dago». Izan ere, Iriartek etorkizunerako mezu baikorra helarazi du; haren ustez, EH Bildu gero eta handiagoa izango delako: «Aldaketa hasi besterik ez da egin». Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak esan du emaitzak «lasaitasunarekin» hartu behar direla, nahiz eta aitortu duen «euforiko» dagoela. Azpimarratu du abstentzioaren datua mahai gainean jarri eta aztertu behar dela, baina gehitu du emaitzak euskal errepublika sortzeko beste urrats bat direla. Analisi kontrajarriak PSE-EEn, Idoia Mendia lehendakarigaiak egin ditu emaitzen analisiak, onak eta ez horren onak. Aitortu du gustatuko litzaiokeela eserleku gehiago lortzea —inkestek iragartzen zuten moduan—, baina, aldi berean, esan du emaitzak oso onak direla, bi arrazoigatik. Batetik, abstentzioa handia izaten denean «sozialisten emaitzak okerragoak izaten direlako beti», eta, hala ere, eserleku bat gehiago eskuratu dutelako. Bestetik, Mendiak nabarmendu du «ezker ez-nazionalistaren lidergoa» berreskuratu dutela, Elkarrekin Podemosek baino eserleku gehiago eskuratu dituztelako. EPren lehendakarigaiak, Miren Gorrotxategik, emaitzen analisi laburra egin du: hitzeman du datozen lau urteetan gogor jarraituko dutela lanean, eta elkarlana eskaini du politika progresistak egiteko. Gogorragoa izan da Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusia: «Gure espazio politikoak eztabaidarik onartzen ez duen porrota jasan du. Autokritika sakona egitea dagokigu, eta, zalantzarik gabe, egin ditugun okerretatik ikastea». PP eta Ciudadanosek osatutako koalizioak lau ordezkari galdu ditu, baina Carlos Iturgaiz lehendakarigaiak autokritika gutxi egin du. «Inkestei irabazi» diela esan du, «askok» bost ordezkari baino gutxiago lortuko zituztela ziotelako. Abstentzioaren erantzule, berriz, Eusko Jaurlaritza egin du, eta EH Bilduren gorakada PSOEri egotzi dio, «terrorismoa kondenatzen ez dutenak zuritzeagatik». Abascali, «ilusio berezia» Vox lehen aldiz sartu da Eusko Legebiltzarrean, eta Santiago Abascal alderdiko buruzagiak aitortu du «ilusio berezia» egin diola «emaitza historiko» horrek: «Vox nire aberri txikira heldu da, Arabara». «Euskal Herriko espainiarrak» zoriondu ditu, eta hitzeman EAJrekin eta EH Bildurekin jardungo ez duen legebiltzarkide bat egongo dela behingoz, Voxek ez dielako «traiziorik» egingo euren hautesleei «PPkoek eta PSEkoek ez bezala». Eusko Legebiltzarreko eta Galiziako emaitzak ikusita, PPk eta PSOEk Espainian nahi duten bipartidismoaren alternatibatzat jo du Vox Abascalek.
2020-7-13
https://www.berria.eus/albisteak/184245/sinatuko-nuke.htm
Kultura
Sinatuko nuke
Tolosa (Gipuzkoa), 1951. Pott Bandaren sortzaileetariko bat izan zen, 1977an, Bernardo Atxaga, Manu Ertzila, Jon Juaristi, Ruper Ordorika eta Joseba Sarrionandiarekin batera. 1983an argitaratu zuen lehen liburua: Dudular (Erein) narrazio sorta. Ordutik, literatur genero ia guztiak landu ditu. Itzultzaile ere aritu izan da.
Sinatuko nuke. Tolosa (Gipuzkoa), 1951. Pott Bandaren sortzaileetariko bat izan zen, 1977an, Bernardo Atxaga, Manu Ertzila, Jon Juaristi, Ruper Ordorika eta Joseba Sarrionandiarekin batera. 1983an argitaratu zuen lehen liburua: Dudular (Erein) narrazio sorta. Ordutik, literatur genero ia guztiak landu ditu. Itzultzaile ere aritu izan da.
Bi gorpu ari ziren sanitarioak jaisten gure bloketik anbulantzietara. Haietako bat, Reymirez anderea, ederki ezagutzen nuen, 7 A-n bizi zelako, nire parean. Bakarrik bizi zen alarguntsa, nik laguntzen nion erosketak egiten, zaborra jaisten... Apartamentuko giltza utzia zidan, eta, astean behin edo, dirua ematen zidanean erosketak egiteko, sukaldera bidaltzen ninduen dirua kaxatik ateratzen zuen bitartean. Salan, koadro batek disimulatuta, kutxa gotorra zeukan, eta, ondoan, zintzilik dagoen beste koadroaren atzealdean, idatzia zuen ezkutuko zenbakia. Ohean hil zen, siesta garaian, doña Angela. Birus hau adineko jende ugari ari da beste mundura bidaltzen. Nire blokean (18 B), hilabeteotan, lau pertsona hil dira, eta 18 A blokean, beste bizpahiru. Pandemia eta pandemonium hitzek etimo bera al dute? Baietz esango nuke, esanahi antzekoa dutela, ikusi besterik ez dago bestela, egun hauetako anabasa, sortu den nahaste-borrastea, zabalduriko kaosa... Pandemonium itzela zegoen eskaileretan, igogailua blokeatuta, jendea oihuka, anbulantzien sirenotsak, sendagileak, erizainak gora eta behera... Aurrena gorpu bat jaitsi behar, poliki, kontuz, gero, bigarrena. Nik, bitartean, hartu nuen kutxatik doña Angelaren dirua, itxi eta beste koadroaren atzealdeko pasahitza ezabatu nuen. —Eraman txakur hori! —buila egiten zuen sendagile nagusiak. Zeharo izuturik, yorkshire txakurtxo bat, nonbait kaletik ezkaratzera sartu eta eskaileretan gora zihoan osotoro galduta. Kasu egin nion, hartu besoetan eta kalera atera nuen. —Norena ote da txakur hau? —galdetu nuen. —Hemengoa ez, behintzat —erantzun zidaten—. Bloke honetan ez da txakurrik. Zaborra bota, buelta bat eman urbanizazioaren inguruan eta blokeen aurreko lorategian, eserlekuan, eseri nintzen, txakurtxoa aldamenean, zigarroa erretzeko. Hamar minutura edo, emakume bat aurretik pasatzen ikusi nuen, bere artean hizketan, burumakur, negarrez. Oihu egin nion ea txakur hura ezagutzen zuen. Ikusi orduko, builaka hasi zen, pozez txoratzen, nireganantz korrika. —Ai, nire Lutxy, eskerrik asko, jauna, non aurkitu duzu? Musu bat emango nizuke, edo bi, edo besarkada luze bat, ezin da fase honetan, badakit, mila esker, berriz ere... Non zegoen? Lutxy! Eskerrak! Ez dut gogoan itxialdiaren zein fasetan geunden, seguru dakit, ordea, ezin zela hori egin; halaz ere, Luisak etxera igotzeko gonbitea egin zidan, eta nik, segituan onartu. 18an bizi da, baina A blokean, 2 D-n. Kafesne bana hartu genuen, gaileta batzuekin, eta, agian gonbidapena eskas samar iritzita, botila bat ron atera zuen, erdiraino zegoena. Hiru txupito nik eta Luisak pare bat hartu genituen, hizketan etengabe ari ginela. Corte Inglés-ean ez, baina antzeko saltoki handi horietako batean dagoela enplegatu esan zidan, arropa eta oinetako-sailean, eta bakarrik zegoela apartamentuan argitu zidan, pozarren, Lutxy maitea aurkituta, betiko galdua zuela etsita zegoenean. Arratsaldea, hantxe eman genuen, hantxe, zera... logelan, zehazkiago oraindik, ohean esan nahi dut, eta ez nolanahikoan gainera, ur-koltxoia baitzen! Nik uste nuen horrelako trasteak ez zeudela jada! Bikote-laguna zaindaria dela erietxe batean eta ia hiru hilabete daramala ikusi gabe. Gizonak txandaka egiten omen du lan, azaldu zidan Luisak, hemendik 45 kilometrora dagoen erietxe batean; astebete lana izaten omen du jarraian eta, gero, beste hainbesteko atsedenaldia. Pandemiaren hasierak han harrapatu omen zuen, eta erietxe hori beste probintzia batean dagoenez, eta beste komunitate autonomo batean gainera, ba, bakarrik zeramatzan Luisak aste luze eta aspergarri hauek. Orain etxean maskaratxoak egiten ditu, bere saltokirako, laneko errutinara itzuli arte. Hori eta gehiago esplikatu zidan Luisak ohean geunden bitartean. Arratsaldeko zortziak arte. Orduan, balkoira atera zen eguneroko txalo saioa egitera eta, orduan, ni, ene blokera erretiratu nintzen. Doctor Johnson idazle ingeles ospetsuak adierazi zuen: «Ideiak argitzeko, ez da ezer hoberik gaur arratsaldeko hiruretan puntuan erremediorik gabe urkatuko zaituen ziurtasuna izatea baino». Neu ere antzekoxe nenbilen: astebete gehiago, eta kale gorrian nengokeen, martxoaren 18an bota behar baininduten etxetik, arratsaldeko hiruretan. Zorioneko Covid-19a! Benetan sentitzen dut gertatzen ari den guztia, pena izugarria dut hil diren guztiengatik, sentitzen dut benetan birus madarikatuak eragindako hainbeste min eta desgrazia... Nire kasuan, ordea, pandemiaren aurretik neuzkan arazoak eta buruhausteak konpondu dizkit... 55 urte dauzkat, Hilario B. naiz, Historian lizentziaduna, duela bost urte arte ikastetxe pribatu batean egiten nuen lan, Latina, Grekera eta Historia erakusten. Krisiarekin kaleratu ninduten. Saiatu nintzen han eta hemen edozein lan mota aurkitzen, alferrik. Azkenean, etxean ematen nuen egun osoa, itxita, lanik gabe. Orain bezalaxe, itxialdiarekin. Orduan, Rosana emazteak alde egin zidan, kakamokordoa niretzat utziz, hots, zor guztiak. Guru antzeko tipo batekin joan zen etxetik. —Kirtena haiz, benetan, Hilario —esan zidan emazteak—, guru hitza ez dik jada inork erabiltzen. Roman Javier aparteko coach-a duk. —Zer dela? —Gidari energetiko-espirituala. Rosanak azaldu zidan energia kanalizatzeko beharrezko diren ibiak taponatu egiten nizkiola, erabat, niregatik ez zuela bere izaki holistikoa aurkitzen, eta Valentziara zihoala Roman J. horrekin. Uste dudanez, Gnoseoekologia da sekta horren izena. —Roman Javierrek chakra guztiak askatzen zizkidak, neure burua aurkitzen laguntzen zidak. Laster lau hilabete itxialdia hasi zela, Covid-19aren pandemiarekin. Ez naiz kexu. Caritasek daukan egoitzara ez banoa, eurek ekartzen didate bazkari-afaria etxera. Ez naiz bakarra; lehengoan, banatzaileak esan zidan 18 A blokean sei familiari ekartzen ziotela janaria eta hemen, 18 B blokean, bost etxebizitzatan banatzen zutela. Egia esan, oraintxe bertan ez dakit zein fasetan gauden, ezta zilegi den hori egitea, baina astean lau arratsaldez Luisaren etxera joaten naiz: ur-koltxoi saio ederrak egiten ditugu biok, arratsaldeko zortziak arte. Txalo saioa hasten denean, ospa etxerantz. Gainera, lana aurkitu dut: maskaratxoak egiten laguntzen diot Luisari. Diru apur bat da astero ematen didana. Doña Angelaren diruarekin, goian bego, 3.700 euro, badut orain etxe alokairua ordaintzeko, gutxienez urtebetez irauteko adina. Gainera, pandemiak indarrean jarraitzen duen bitartean, legedi berri honekin, banketxe putre horiek ezin dute inor etxegabetu. —Zorte handia duzu, Hilario, Covid-19arekin! —ziostan lehengoan telefonoz Celsok, sindikatuan dudan adiskideak. Berak negoziatu du banketxearekin nire etxe arazoa, entregatu die nik emandako dirua eta adostu dute akordioa. —Bai, ez dakizu ondo! —izan ere, Luisaren berri ez daki—. Denok bezalaxe sentitzen dut benetan jendearen sufrimendua..., hildako hauek guztiak... Baina, oraintxe bertan sinatuko nuke Covid-19ak jarrai dezan sei hilabete gehiago... —Sinatuko zenukeela? Baina, zer diozu? —Celsok niri, apur bat eskandalizatuta—. Benetan? Honek horrela jarrai dezan? —Bai, sinatuko nuke. Eta gero, iritsiko balitz Covid-20a ere, ni neu ados...
2020-7-13
https://www.berria.eus/albisteak/184246/eaj-eta-pse-berriro-prest-gobernu-ituna-egiteko.htm
Politika
EAJ eta PSE, berriro prest gobernu ituna egiteko
EAJk irabazi ditu bozak: lehen, 28 aulki zituen, eta, orain, 31; hala ere, 48.000 boto galdu ditu. PSEk, berriz, 10 lortu ditu. EH Bilduk bere emaitzarik onenak lortu ditu, 22 eserlekurekin. EPk eta PP-C's-ek, porrot. Vox, legebiltzarrera.
EAJ eta PSE, berriro prest gobernu ituna egiteko. EAJk irabazi ditu bozak: lehen, 28 aulki zituen, eta, orain, 31; hala ere, 48.000 boto galdu ditu. PSEk, berriz, 10 lortu ditu. EH Bilduk bere emaitzarik onenak lortu ditu, 22 eserlekurekin. EPk eta PP-C's-ek, porrot. Vox, legebiltzarrera.
* EAJk eta PSEk gehiengo osoa lortu dute, eta EH Bildu nabarmen hazi da. *EAJ, EH Bildu, PSE-EE, Elkarrekin Podemos, Equo-Berdeak, PP-Cs eta Vox. * Bilbon, Gasteizen eta beste hemeretzi herritan parte hartzea ez da %50era heldu. * Emaitza guztiak ikusi. * Mapa interaktiboa: emaitzak herriz herri, boto aldea herriz herri eta emaitzen mapa atalez atal.
2020-7-13
https://www.berria.eus/albisteak/184247/donostiako-etxadi-kiroldegia-itxi-egin-dute-langile-batek-positibo-eman-baitu.htm
Gizartea
Donostiako Etxadi kiroldegia itxi egin dute, langile batek positibo eman baitu
Donostia Kirola Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin ari da hartu beharreko neurriak zehazten.
Donostiako Etxadi kiroldegia itxi egin dute, langile batek positibo eman baitu. Donostia Kirola Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin ari da hartu beharreko neurriak zehazten.
Donostiako Udalak jakinarazi duenez, Donostiako Etxadi kiroldegia itxi egin dute, azpikontratatutako langile batek koronabirusean positibo eman baitu. Oraingoz, itxita edukiko dute kiroldegia, ostiralera arte. Ordu arte, desinfektatze eta garbiketa lanetan ariko dira. Igandean eman zuen langileak positibo PCR proban, gaitza harrapatu zuen beste batekin kontaktuan egon eta gero. Donostia Kirola Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin elkarlanean ari da kasuaren jarraipena egiteko. Hain justu, Donostia Kirolak jakinarazi du kiroldegiaren erabiltzaileek ez dutela PCR probarik egin beharko. Oraindik erabakitzeko dute, ordea, kiroldegiko zer langileri egingo dioten proba; edozein moduz, positibo eman duen lankidearekin kontaktu zuzena eta maskararik gabe izan dutenei egingo diete, eta horiek berrogeialdia bete beharko dute etxean.
2020-7-13
https://www.berria.eus/albisteak/184248/bilbon-gasteizen-eta-beste-hemeretzi-herritan-parte-hartzea-ez-da-50era-heldu.htm
Politika
Bilbon, Gasteizen eta beste hemeretzi herritan parte hartzea ez da %50era heldu
Inoiz ez da hainbesteko abstentziorik izan Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde batzuetan (%47). Eta leku batzuetan oso-oso makala izan da parte hartzea: 2.730 mahai daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietatik 124 mahaitan (%4,5) boto emaileen %40 baino gutxiago joan dira botoa ematera. Hauek dira abstentziorik handiena eta txikiena izan zuten herriak.
Bilbon, Gasteizen eta beste hemeretzi herritan parte hartzea ez da %50era heldu. Inoiz ez da hainbesteko abstentziorik izan Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde batzuetan (%47). Eta leku batzuetan oso-oso makala izan da parte hartzea: 2.730 mahai daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietatik 124 mahaitan (%4,5) boto emaileen %40 baino gutxiago joan dira botoa ematera. Hauek dira abstentziorik handiena eta txikiena izan zuten herriak.
2012tik 2016ra ere parte hartzea asko jaitsi zen —%60 izan zen, duela lau urte—, baina ordutik hona beste zazpi puntu galdu dira, eta igandeak emaitza ezohikoak utzi zituen. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 21 herritan parte hartzea ez zen %50era ere heldu, eta zerrenda horretan hiri handiak daude: Bilbo, Gasteiz, Barakaldo, Basauri, Sestao, Santurtzi, Portugalete (Bizkaia), Irun, Pasaia, Andoain, Errenteria eta Lasarte-Oria (Gipuzkoa), adibidez. Abstentzioa garaile nabarmena suertatu da horietan. Bernedo izan zen abstentziorik handieneko herria: hamar hautesletik sei ez ziren joan botoa ematera —425 hautesletik 246 abstenitu ziren—. Hau da parte hartzerik txikiena (%50etik beherakoa) izan duten 21 herrien zerrenda: Bernedo: %42,1. Etxebarri: %46,6. Barakaldo: %46,7. Iruña Oka:% 46,8. Harana: %46,9. Berrobi eta Oion: %47,1. Erriberabeitia: %47,2. Irun eta Urnieta: %47,3. Andoain: %47,4. Sestao: %47,6. Gasteiz, Basauri, Santurtzi eta Zanbrana: %48,3. Portugalete: %48,4. Bilbo: %48,5. Pasaia: %48,9. Errenteria: %48,5. Erandio: %49,8. Beste lau herritan doi-doi pasatu ziren %50eko parte hartzetik, baina %51ra iritsi gabe: Lasarte-Orian, Astigarragan (Gipuzkoa), Ermuan eta Trapagaranen (Bizkaia). Hiriburuak konparatuta, berriz, Donostian bestelako joera izan zen, batezbestekoaren gainetik ibili baitzen parte hartzea: %54,2. Emaitza guztiak kontsultatu litezke herriz herri BERRIAren mapa interaktiboetan. Hamar puntu baino gehiagoko jaitsierak, 37 herritan Azken emaitza izan zen hori, baina bestela ere interpreta litezke datuak. Parte hartzearen jaitsiera orokorra izan zen, eta horrek esan nahi du herri gehienetan boto asko galdu zirela. Duela lau urteko datuekin konparatuta, igandeko hauteskundeetan 37 herritan jaitsi zen parte hartzea oso nabarmen, hamar puntu baino gehiago; bi hiriburutan ere bai, Bilbon eta Gasteizen. Eta beste hauetan: Urnietan, Andoainen, Lasarte-Orian, Altzon, Gaintzan, Lazkaon (Gipuzkoa), Sukarrietan, Derion, Erandion, Leioan, Santurtzin, Portugaleten, Abanton, Ortuellan, Trapagaranen, Barakaldon, Etxebarrin, Basaurin, Galdakaon, Zaratamon, Galdamesen, Sopuertan, Artzentalesen, Balmasedan (Bizkaia), Okondon, Urkabustaizen, Zigoitian, Erriberagoitian, Iruña Okan, Erriberabeitian, Urizaharran, Arraia-Maeztun, Haranan, Navaridasen eta Moredan (Araba). Mapa honetan ikus liteke non gertatu diren jaitsiera eta igoerak. Duela lau urtetik honako jaitsierarik handiena Erriberabeitian gertatu da (-13,9 puntu), eta, haren atzetik, Etxebarrin (-13,1 puntu). Haranan (-12,7 puntu), Bilbon (-12,4), Balmasedan eta Urkabustaizen (-12,1) izan dira galera handienetakoak. Gasteizen 11,9 puntu jaitsi da parte hartzea. Bost mahaitan, %30 baino gutxiago Mahairik mahai ere ikus litezke emaitzak, bozkaleku bakoitzean zer gertatu den sumatzeko, eta, hor, oraindik eta parte hartze txikiagoko leku batzuk agertzen dira. Araban 426 bozkaleku jarri dituzte, Bizkaian 1.400, eta Gipuzkoan, 904. Guztira, 2.730 mahai. Horietatik 124tan parte hartze benetan eskasa izan da, %40 baino txikiagoa. Botoa emateko jarritako mahai guztien %4,5 gelditu dira langa horretara iritsi gabe. Bizkaian, 79 mahaitan gertatu da hori, Bilboko bozkaleku batzuetan batez ere, baina Ezkerraldeko askotan ere bai —Barakaldo, Sestao, Portugalete, Santurtzi...—. Araban ere mahai askotan gelditu dira %40eko parte hartzearekin baino txikiagoarekin, Gasteizko 28 mahaitan, zehazki. Gipuzkoan, hamazazpi bozkalekutan gelditu dira %40ko parte hartzearen azpitik. Oro har, Gipuzkoan txikiagoa izan da abstentzioa. Parte hartzerik txikienak izan dituzten bozkaleku horien artean, Gasteizkok bat da kasurik deigarriena: bosgarren barrutiko 6-A mahaian %18,2ko parte hartzea izan dute. Bilboko bost mahaitan, berriz, %30eko parte hartzea baino txikiagoa izan dute. Bizkaiko hiriburuko hirugarren barrutian daude mahai horiek guztiak: 8-U (%24,1), 7-U (%25,8), 10-U (%25,95), 11-U (%28,0) eta 6-U (%29,3). Ikusi mapa honetan bozkaleku guztietako emaitzak. Parte hartzea gora, hamabost herritan soilik Beste herri ia guztietan ere egin du gora abstentzioak, kopuru txikiagotan bada ere. Hauteskundeetan parte hartzeak izan duen gainbeheraren seinale da beste datu hau ere: hamabost herritan soilik hazi da parte hartzea. Hauetan: Errezilen, Alkizan, Orendainen, Baliarrainen, Altzagan (Gipuzkoa), Elantxoben, Ibarrangelun, Amoroton, Gizaburuagan, Mendatan, Ajangizen, Garain, Izurtzan (Bizkaia), Lagranen eta Elvilarren (Araba). Igoera horiek herri txiki bakan batzuetan eta oso modu apalean gertatu dira, dena den: hiru puntu baino gutxiago hazi da parte hartzea, hazi den lekuetan. Salbuespena dira Baliarrain (+5,6 puntu) eta Errezil (+3,4). Abstentzioaren igoera orokorra izan dela erakusten dute datu horiek, baina badira ifrentzuan dauden herriak. %70etik gorako parte hartzea izan dute 36 herri hauek: Villabuena: %83,2. Orexa: %83,1. Garai: %81,6. Nabarniz: %81,2. Zerain: %80,4. Izurtza eta Arratzu: %79,1. Murueta: %78,2. Mendata: %77,8. Arteaga, Elantxobe eta Ajangiz: %76,5. Arantzazu: %75,7. Ispaster: %75,2. Ea eta Gautegiz-Arteaga: %74,5. Orendain: %74,2. Zalduondo: %74,1. Etxebarria: %74. Amoroto eta Kortezubi: %73,5. Gizaburuaga: %72,8. Añana: %72,5. Turtzioz: %72,3. Gaztelu: %72. Mendexa, Altzaga eta Getaria: %71,8. Larrabetzu: %71,7. Mañaria: %71,6. Kripan: %71. Otxandio, Dima, Morga eta Forua: %70,7. Jatabe: %70,4.
2020-7-13
https://www.berria.eus/albisteak/184249/gidari-bat-hil-da-deban-auto-istripu-batean.htm
Gizartea
Gidari bat hil da Deban, auto istripu batean
N-634 errepidean izan da istripua. Ezbeharrean lau pertsona zauritu dira, eta ospitalera eraman dituzte.
Gidari bat hil da Deban, auto istripu batean. N-634 errepidean izan da istripua. Ezbeharrean lau pertsona zauritu dira, eta ospitalera eraman dituzte.
41 urteko gizonezko bat hil da Deban (Gipuzkoa) auto istripu batean. Ezbeharra bart gertatu da, 22:00 aldera, bi autok elkar jota. Istripuan 33 eta 43 urte bitarteko lau gizonezko zauritu dira. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez, gidariak ibilgailuetan harrapatuta geratu ziren, eta suhiltzaileek atera zituzten haietatik. Auto bateko gidaria hil egin zen, eta beste autoan zihoazen lau gizonezkoak zauritu egin ziren. Zaurituak ospitalera eraman zituzten. N-634 errepidea itxi egin zuten Deba aldean, eta zirkulazioa 01:45 aldera berrezarri zuten. Atzo beste gizonezko bat hil zen Diman (Bizkaia), beste auto istripu batean.
2020-7-13
https://www.berria.eus/albisteak/184250/duda-ultrakontserbadoreak-irabazi-ditu-poloniako-presidentetzarako-hauteskundeak-botoen-512rekin.htm
Mundua
Duda ultrakontserbadoreak irabazi ditu Poloniako presidentetzarako hauteskundeak, botoen %51,2rekin
Lehen bueltan ere Dudak lortu zituen boto gehien. Parte hartzea %68,12 izan zen atzoko bozketan.
Duda ultrakontserbadoreak irabazi ditu Poloniako presidentetzarako hauteskundeak, botoen %51,2rekin. Lehen bueltan ere Dudak lortu zituen boto gehien. Parte hartzea %68,12 izan zen atzoko bozketan.
Botoen %99,97 kontatuta, Andrzej Duda ultrakontserbadoreak irabazi ditu presidentetzarako hauteskundeak Polonian. Hauteskunde Komisioak zabaldutako behin-behineko emaitzen arabera, botoen %51,2 lortu ditu Dudak. Bost urtez presidente izan da, eta atzoko bozketan botoen gehiengoa lortu zuen. Bestalde, haren aurkari Rafal Trzaskowski liberal europarrak, Varsoviako alkatea denak, botoen %48,7 lortu zituen. Polonian 1989tik izan diren emaitzarik estuenak dira. Presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulia izan zen atzokoa Polonian. Parte hartzea %68,12 izan zen, bozkatzera deituta zeuden 30 milioi pertsonen artean. «Parte hartzea ia %70 izanda, hauteskundeak irabaztea izugarria da», adierazi zuen Dudak, lehen emaitzak jakin zirenean. «Orain arte aurrera eraman ditudan politikak egiten jarraituko dut. Nire herrikideekin elkarrizketan jarraituko dut; hori ez da aldatuko», gehitu zuen. Bozkalekuak itxi bezain laster zabaltzen hasi ziren lehen inkestek jada irabazle jartzen zuten Duda, baina aurkariari ateratako aldea txikia zen: %50,4 presidentearentzat eta %49,6 Trzaskowskirentzat. Emaitza horiekin, Dudak bere burua irabazle aldarrikatu zuen atzo gauean. Aldiz, Trzaskowskik behin betiko emaitzei itxaron nahi izan zien, eta esan zuen «guztiz sinesten» zuela irabazle izango zela boto kontaketa amaitzean. Hauteskundeen lehenengo buelta ekainaren 28an izan zen, guztira 11 hautagairekin. Orduan ere, Dudak lortu zituen boto gehien, %43,5. Trzaskowskik, berriz, botoen %30,46 lortu zituen lehen itzuli horretan. Bigarren itzulian, emaitza estuak espero ziren; izan ere, azken egunetako inkestek botoen %50 ematen zioten Dudari, eta %47, berriz, liberal europarrari. Hasieran, presidentetzarako hauteskundeak maiatzaren 10ean egitea aurreikusita zegoen. Hala ere, koronabirusaren pandemiaren ondorioz, neurri murriztaileak ezarri ziren, eta hauteskundeak atzeratu. Bai hauteskundeetako lehen itzulian, atzo, segurtasun eta higiene neurri zorrotzen pean bozkatu zuten poloniar herritarrek. Kanpainan izandako gaien artean zegoen, esaterako, etorkizunean Poloniak eta Europako Batasunak izango duten erlazioa. Horrez gain, Dudaren garaipenarekin, LGTB kolektiboaren eskubideen aurkako neurriak espero dira. Izan ere, ultrakontserbadoreak kanpainan esan zuenez, «eskubide horiek komunismoa baino ideologia suntsitzaileagoa» dira.
2020-7-13
https://www.berria.eus/albisteak/184251/pse-ee-eajrekin-gobernu-ituna-berritzeko-gertu.htm
Politika
PSE-EE, EAJrekin gobernu ituna berritzeko gertu
EAJk eskua luzatu dio jada. Sozialisten zuzendaritza arratsaldean bilduko da.
PSE-EE, EAJrekin gobernu ituna berritzeko gertu. EAJk eskua luzatu dio jada. Sozialisten zuzendaritza arratsaldean bilduko da.
EAJk adierazi du jada, Itxaso Atutxa BBB Bizkai Buru Batzarreko presidentearen hitzez, Eusko Legebiltzarraren hurrengo legegintzaldian PSE-EErekin gobernu akordioa berritzeko asmoa dutela. «Kanpainan ez dugu ezkutatu. [Itunak] Ondo funtzionatu du azkeneko lau urteotan», nabarmendu du Atutxak gaur Radio Euskadin. Irrati horretan bertan elkarrizketatu dute Eneko Andueza PSE-EEko legebiltzarkide eta Gipuzkoako zerrendaburua, eta esan du, Idoia Mendia lehendakarigaiak atzo azpimarratutakoaren bidetik, EAJri dagokiola «ekimena» hartzea, hauteskundeak irabazi dituelako, eta PSE-EE prest dagoela «akordiorako, ezberdinen arteko elkarrizketarako». Hala berretsi du PSE-EEren zuzendaritzak, arratsaldean eginiko bileran: «Gobernabiderako posizio funtsezko batean gaude itun subiranista bat osatzen ez bada, EAJ-EH Bildu aliantzarekin». 2016ko bozekin alderatuta, PSE-EEk eserleku bat irabazi du ganberan, eta, bederatzi izan beharrean, hamar izango ditu. Era berean, parlamentuko hirugarren indarra bihurtu da. Dena dela, kontuan hartuta Espainiako Gobernuan agintean dagoela, 2016koetan hondoa jo zuela, ondorengo hauteskundeetan gorantz egin duela, eta inkestek, oro har, bi edo hiru eserleku gehiago ematen zizkiotela, erdi beteta eta erdi hutsik ikusten dute botila. Idoia Mendia lehendakarigaiak atzo gauean esan zuen emaitzak «oso onak» direla, baina aitortu zuen, gainera, «indar handiagoa» edukitzea gustatuko zitzaiela. Abstentzio handiari egotzi zion boto gehiago ez lortu izana. Gauzak hala, izan Eusko Jaurlaritzan edo oposizioan egoteko, euren burua indartu dutela uste du PSEko zuzendaritzak, eserleku bat gehiago eskuratuta eta hirugarren indarra izatea lortuta. Hala, «ezker ez-nazionalistaren lidergoa» berreskuratu izana ospatu dute. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen garaileen teilatuan utzi nahi izan du pilota PSE-EEren zuzendaritzak, «gobernu indartsu eta egonkor bat osatzeko» bidea hasteko. «Ikusi nahi dugu zer jarrera duten, akordioak lortzeko zer borondate duten, eta negoziazioa nola planteatzen duten», adierazi du aurretik Mendiak ere. Bi indarrek bat egingo balute, gehiengo osoa lortuko lukete Eusko Legebiltzarrean. «Hauxe da egoera, eta helburuak asko aldatu dira», nabarmendu du, halere, Anduezak. Haren ustez, «zalantzarik gabe» dira «onak» emaitzak, eserleku bat gehiago edukiko dutelako. «Eserleku bat gehiago edukiko dugu, boto portzentajean gora egin dugu [nahiz eta 2016koetan baino boto gutxiago lortu], eta eremu nazionaleko alderdien artean PSE-EE da irabazle argia, PPk eta Podemosek hartu duten danbatekoa ikusita». Galdetu diote ea abagunea aintzat hartuta emaitza hobeak espero zituzten, eta erantzun du «zuhurra» dela beti. «Zirkunstantzia hauetan, halako gauzak gertatu egiten dira». Elorzaren «hausnarketarako» deia PSE-EEk hauteskundeetan lortutako emaitzek ez dituzte «espektatibak bete», Odon Elorza PSOEren zuzendaritzako Gardentasun eta Demokrazia Parte Hartzailearen idazkariaren esanetan. Bere Twitter kontuan «hausnarketarako» deia egin du, eta zenbait galdera planteatu ditu. «PSE-EE konformatuko da beste lau urtez EAJrekin koalizioa mantentzearekin gure proiektua ito gabe? Edo estrategia aldaketa batez hausnartu behar dugu, eta euskal gizartearen zerbitzurako egon, oposizio arduratsu eta eraikitzaile bat eginez?». Elorza Gipuzkoatik Espainian kongresukide denaren hitzei heldu die Anduezak, eta esan du PSE-EE ez dela gobernuetan sartzen «pentsatuz alderdi gisa beretzat onuragarria» izango dela, baizik eta «herritarren onuran pentsatuz». Haren esanetan, PSE-EEren helburua ez da aldatuko: «Hori da jendearen bizi baldintzak hobetzen ahalegintzea».
2020-7-13
https://www.berria.eus/albisteak/184252/pristinak-esan-du-serbiak-kosovoren-independentzia-onartu-beharko-duela.htm
Mundua
Pristinak esan du Serbiak Kosovoren independentzia onartu beharko duela
Negoziazio mahaira itzuli dira bi herrialdeak, elkarren arteko harremanak normalizatzeko helburuarekin. 2018. urtetik etenda zeuden elkarrizketak.
Pristinak esan du Serbiak Kosovoren independentzia onartu beharko duela. Negoziazio mahaira itzuli dira bi herrialdeak, elkarren arteko harremanak normalizatzeko helburuarekin. 2018. urtetik etenda zeuden elkarrizketak.
EB Europako Batasunak bultzatuta, negoziazio mahaira itzuli ziren atzo Serbia eta Kosovo, elkarren arteko harremanak normalizatzea jomugan. Hala, helburu hori gauzatzeko, ezinbestekotzat jo zuen Abdullah Hoti Kosovoko lehen ministroak Pristina estatu gisa onartzea: «Fase baten amaieran sartu gara, eta bi herrialdeen arteko aitorpena ematen bada soilik du zentzua». Haren arabera, ez dago beste «alternatibarik». Hori izango da adostasun bat lortzeko zailtasun nagusia, Serbiak ez baitu Kosovo errepublika independente gisa onartzen —Pristinak 2008an aldarrikatu zuen independentzia, aldebakarrez—. 2018ko azarotik etenda zeuden bi aldeen arteko negoziazioak, eta, elkarrizketetara itzulita, egin dute mataza askatzeko lehen urratsa. Ordea, ez dirudi prozesu samurra izango denik, eta ikusi beharko da zer-nolako norabidea hartzen duten hartu-emanek. Josep Borrell EBko Atzerri Politikarako goi ordezkariak eta Miroslav Lajcak eskualderako ordezkari bereziak gidatu zuten atzo eginiko lehen bilkura telematikoa, eta Aleksandar Vucic Serbiako presidenteak eta Hotik hartu zuten parte. Era berean, zehaztua dute hurrengo saioa ere: ostegunean elkartuko dira, aurrez aurre, Bruselan. Negoziazioek juridikoki loteslea den akordio bat izan beharko lukete helburu, baldintza horixe baita EBk bi herrialdeei talde komunitarioan sartzeko bidean aurrera egiteko eskatzen dizkienetako bat. Bileraren ostean, elkarrizketak bide onetik doazela onartu zuen Borrellek, eta adostu zituztela negoziazio prozesuaren «elementu nagusiak».
2020-7-13
https://www.berria.eus/albisteak/184253/independentzia-aldarrikatuko-dute-ernaik-eta-aitzinak-larhun-gainean.htm
Politika
Independentzia aldarrikatuko dute Ernaik eta Aitzinak Larhun gainean
Mendi martxa eginen dute bihar bi gazte antolakundeek, Frantziako besta nazionalaren egunean, Euskal Herriaren independentzia aldarrikatzeko.
Independentzia aldarrikatuko dute Ernaik eta Aitzinak Larhun gainean. Mendi martxa eginen dute bihar bi gazte antolakundeek, Frantziako besta nazionalaren egunean, Euskal Herriaren independentzia aldarrikatzeko.
Larhun mendira igotzeko deia egin dute Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek bihar eguerdirako. Frantziako besta nazionala ospatzen dute uztailaren 14an, eta «jaiegun inposatu» hori hautatu dute, Larhun gainera igo eta «Euskal Herriaren eraikuntzan mugarria» jartzeko. Urruñako (Lapurdi) Oleta auzotik abiatuko dira batzuk; Berako (Nafarroa) Alzate plazatik besteak, gailurrean topo egiteko. Han, ekitaldi bat eginen dute «gazteok independentziaren bidean berresten garela» gogora ekartzeko. Osasun krisia dela eta, segurtasun neurriak betetzera deitu dituzte parte hartzaileak. Baina osasunaz harago, ondorio politikoak ere ekarri ditu azken hilabeteetako egoerak, Ernairen eta Aitzinaren iritziz. «COVID-19aren ondoriozko itxialdiak Euskal Herria bi estaturen artean banatua dagoela errepikatu digu enegarren aldiz; burdinazko hesiz, kolore guztietako uniformez eta armez itxi zituzten mugako bideak, Hendaiatik Otsagabiara». Itxialdian zehar eta azken asteetako konfinamendu arintzean ere, «askatasun indibidual eta sozialen gibelaldi larria» nabaritu dela diote. Besteak beste, aipatu dituzte manifestatzeko debeku «ugariak», mozal legea erabiltzea eta auzo baztertuetan «errepresioaren emendatzea». Bi gazte antolakundeek salatu dute itxialdian zehar «agintari guztien txaloak jaso zituzten» osasun langileei murrizketak aplikatzen hasi zaizkiela dagoeneko, eta haien mobilizazioetan izan diren polizia oldarraldiak ere aipatu dituzte. Ernairen eta Aitzinaren iritziz, tenorea iritsi da «leihoetako txaloaldiak karriketako mobilizazio bilakatzeko», eta nabarmendu dute «heldu den krisia» ez dutela «gazte prekarioek» ordainduko. «Behin betiko bihurtu diren behin-behineko kaleratzeak eta ohi baino are prekarizatuagoak dauden udako lanak ikusten ari gara jadanik, azken hamarkadetan ikusitako krisirik gordinena iristear dagoen bezala. Hortaz, krisian hazi garen belaunaldiko gazteok, gure gurasoak baino prekarizatuagoak garenok, krisi hau CAC-40ak eta IBEX-35ak ordaindu dezala aldarrikatzen dugu». Independentzia «ezinbestekoa» da ezkerreko gazte abertzaleen hitzetan, «Euskal Errepublikan eraikiko baitugu berdinen arteko herria». Oroitarazi dute, 1958an eta 1978an plantan ezarritako «konstituzio zapaltzaileek» agintzen dutela Hego eta Ipar Euskal Herrian; «gure bizitzen eta gure Herriaren gainean, jakobinismoak eta faxismoak dute aginte makila». Hortaz, «bizitza eredu berri bat» aldarrikatzen dute gazteek, «politika sozialez beterikoa, ama lurrarekiko errespetuzkoa, eta parekidetasunean oinarriturikoa», baina azpimarratu dute, Parisen eta Madrilen teilatupean halakorik sortzerik ezinezkoa dela. «Bi bide egingo ditugu, bide berean eta norantza berean independentziarantz goaz; eta batera ekingo diogu».
2020-7-13
https://www.berria.eus/albisteak/184254/otegi-laquoaldaketa-hemen-dago-eta-orain-gauzatu-behar-duguraquo.htm
Politika
Otegi: «Aldaketa hemen dago, eta orain gauzatu behar dugu»
Maddalen Iriartek iragarri duenez, «Espainiako eskuinekin izan ezik», gainerako indarrekin eta gizarte eragileekin bilerak egingo dituzte «gehiengo subiranista eta aurrerakoiak» gauzatzeko aukerak aztertzeko.
Otegi: «Aldaketa hemen dago, eta orain gauzatu behar dugu». Maddalen Iriartek iragarri duenez, «Espainiako eskuinekin izan ezik», gainerako indarrekin eta gizarte eragileekin bilerak egingo dituzte «gehiengo subiranista eta aurrerakoiak» gauzatzeko aukerak aztertzeko.
«Herritarren mezua ulertu dugu». Hauteskunde emaitza onak izan ostean, EH Bildu aurrera begira jarri da, Maddalen Iriarte lehendakarigaiaren arabera, Eusko Legebiltzarrean uneotan erabakitzeko eskubidearen aldeko indarrek «zabaldu eta indartu» egin dute eragin eremua, eta, aldi berean, gehiengo aurrerakoi bat utzi du atzoko emaitzak. Hala, bilera sail bat egingo dute, «Espainiako indarrekin izan ezik», gehiengo aurrerakoi eta subiranista bat egituratzen ahalegintzeko. Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak aukera guztiak agortu nahi ditu: «Aldaketa hemen dago, eta, orain, gauzatu egin behar dugu». Hauteskunde gauean lehen analisia egin ondotik, EH Bilduk eguerdian prentsa bildu du, Donostian. Iriartek zehaztu duenez, aurreko urteetan PSE-EEk utzikeriaz jokatu du, eta ez da gauza izan EAJri «ezkerretik eragiteko». «Guztiekin hitz egiteko hautua egin dugu, eta ikusiko dugu zer bide urratu nahi duen eta zer konpromiso hartzen duen», gaineratu du. Iriarteren esanetan, politika aurrerakoien eta subiranotasunaren garapena izango dute ardatz bilera horietan. Bigarren arlo horretan, bere ikuspegitik, jeltzaleek uko egin diote bide horri jorratzeari eta «nahiko argi» geratu da hori autogobernuaren oinarri eta printzipioen akordioa garatzeko orduan. Akordio hori garatzeko konpromisoa eskatuko dute bileran: «Gehiengo soziologiko bat dago subiranotasunaren alde egiten duena, baina ez da EAJ bera». Emaitzari dagokionez, Arnaldo Otegik nabarmendu du boto kopuruan gora egin duen alderdi bakarra dela EH Bildu, eta hori abstentzio handiko testuinguru batean gertatu dela. Otegiren arabera, etengabe hazten ari da koalizio abertzalea, baina «tentuz» aztertu behar da abstentzioa. Izan ere, «kezkatuta» agertu da herritarren erdiak ez direlako hautetsontzietara joan. Pandemiak eragina izan badu ere, haren ustez, Eusko Jaurlaritzaren kudeaketaren gaineko zalantza ere islatzen du abstentzioak, eta alderdien ardura da ezinegon hori mobilizatzea. Abstentzioarekin kezkatuta Koalizioak 23.000 boto gehiago lortu ditu, eta, Otegiren hitzetan, beste alderdietatiko botoak hartzeaz gain, bozkatzeko aukera izan duten «gazteen gehiengo handi batek» EH Bilduren alde egin du. Haren ikuspegitik, EH Bildu «itxaropenerakoa botoa» da, eta «etorkizuna ezkerrekoa eta subiranista da». Otegik gogoratu du, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan haztearekin batera, goranzko joera erakutsi duela hala Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan nola Nafarroan. «Horrek esan nahi du nazio ikuspegitik aurrera egin dun proiektu batez ari garela». Otegik eta Iriartek nabarmendu dute herritarren gehiengo batek bat egiten duela EH Bilduren balioekin eta haren izaera herritarrarekin. «Behin baino gehiagotan esan dugu kanpainan zein aurretik, hemen bi aukera zeudela: bata autonomista eta neoliberala, eta bestea subiranista eta ezkerrekoa. Uste dugu gurea oso indartua atera dela».
2020-7-13
https://www.berria.eus/albisteak/184256/hiriburuetan-ere-eaj-nagusi-eta-eh-bildu-gora-nabarmen.htm
Politika
Hiriburuetan ere EAJ nagusi, eta EH Bildu gora nabarmen
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuek emaitza orokorrak berretsi dituzte. Elkarrekin Podemosek eta PP+Csek kolpe handia hartu dute hiruretan. Barrutiz barruti eta atalez atal, berdea da nagusi.
Hiriburuetan ere EAJ nagusi, eta EH Bildu gora nabarmen. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuek emaitza orokorrak berretsi dituzte. Elkarrekin Podemosek eta PP+Csek kolpe handia hartu dute hiruretan. Barrutiz barruti eta atalez atal, berdea da nagusi.
Atzoko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeen emaitzek aldaketa esanguratsu batzuk izan dituzte duela lau urtekoen aldean. Horren lekuko dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetan izandako boto mugimenduak. BERRIAren webgune bereziak aukera ematen du emaitzei herriz herri eta atalez atal erreparatzeko, eta horiek agerian utzi dute, besteak beste, PPk Gasteizen izandako beherakada, hiriko barruti gehienetako nagusitasuna galduta. Ordizian (Gipuzkoa), berriz, EH Bilduk EAJ gainditu du. Koalizio abertzaleak nabarmen egin du gora Bizkaiko ezkerraldean eta Zaldibarko zabortegiaren (Gipuzkoa) inguruko herrietan. Kontrara, Voxek botoen %10 baino gehiago eskuratu ditu Gasteizko eta Bilboko Guardia Zibilaren kuartelak kokatuta dauden lekuetan, baita kopuru horietara gerturatu ere Getxoko portuko lehen lerroan; han, PP da nagusi. Gasteiz Arabako hiriburua izan da aldaketa nabarmenenak dituzten hirietako bat, duela lau urteko hauteskundeekin konparatuta. EAJk 2016an lortutako boto gehientsuenak mantentzea lortu du (-1.254), eta lau puntu egin du gora, botoen %29,4 lortuta. Halere, datu orokorretan gertatu bezala, EH Bildu izan da gorakada argi bat izan duen alderdi bakarra. Ia 2.600 hautesle gehiagok egin dute koalizio abertzalearen alde, eta, laugarren indar izn ondotik, bigarren postura igaro da, botoen %22,2rekin. PSEk ere gora, ehunekoei dagokienez behintzat (boto bat gutxiago izan dute), botoen %17,8 eskuratuta. Sozialistak hiriko bosgarren alderdia izan ziren botoetan duela lau urte, eta hirugarrena aurten. Horiek euren emaitzak hobetu dituzten alderdiak dira, baina bada kontrako joera izan duenik. Elkarrekin Podemosek ezkerreko indarren artean lortutako nagusitasuna galdu du hirian, bidean %3,8 puntu eta ia 11.000 boto galduta. Halere, atzoko galtzaile nagusia PP+Cs izan zen. 2016ko 27,405 botoetatik, atzoko 11.850etara igaro da: 10,5 puntuko galera. Boto horietako ugari baliteke Voxera joan izana. Eskuin muturreko alderdiak Gasteizen eskuratu ditu Eusko Legebiltzarreko eserlekua eman dioten botoen gehiengoa: 3.822 (%4,2). Guardia Zibilaren kuartela dagoen eremuan, Sansomendi kalean, %11,2ra iritsi dira. Barrutiz barrutiko emaitzak erakusten dituzten mapei begiratuz gero, PPren beherakada agerian geratzen da. Barruti gehienetan garaipena lortzetik bakar batean irabaztera igaro da: San Kristobal auzoko bigarrenean, Ajuriaenearen inguruetan. Gainera, han 2016an lortutako gehiengo osoa ere galdu du, %16,5eko jaitsierarekin. Popularren esku zeuden barruti horietako gehienak EAJren eskuetara igaro dira, eta beste gutxi batzuk PSEra —duela lau urte bi alderdiak pareko zeuden auzoetan, esaterako, Zaramagan—. 2016ko mapan hiriaren kanpoaldean ageri ziren kolore moreak ere desagertu dira. Elkarrekin Podemosek Salburu eta Zabalgana auzoetan jasotako kolpeak nabarmenak dira, hainbat barrutitan %14tik gorako jaitsierak izan baitituzte. EH Bildu izan da eroriko horren onuradun nagusia. Abertzaleek bederatzi ataletan lortu zuten garaipena 2016an. Atzo, aldiz, 30etan. Aipatutako Salburu eta Zabalgana auzoetan ez ezik, Alde Zaharreko hainbat ataletan ere duela lau urteko nagusitasuna berretsi dute. 2020ko Legebiltzarrerako hauteskundeak Gasteizen: 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak Gasteizen: Bilbo Bizkaiko hiriburuan nagusitasunez irabazi ditu bozak EAJk. Jeltzaleek, ordea, ez dute lortu duela lau urteko emaitzak apenas hobetzerik. Botoen %42,6 (+%0,6) eskuratu dute, baina 13.700 boto galduta. Gasteizen bezala, gorakada nabarmenena EH Bildurena izan da: 2.500 hautesle gehiagok egin dute koalizio subiranistaren aldeko hautua, eta botoen %18,4 (+%5,4) eskuratu dute. Ezkerreko alderdien artean bozkatuena izan da, Elkarrekin Podemosi aurre hartuta. Azken horiek, hiriko bosgarren alderdi bozkatuena bilakatu dira, 5,3 puntu erori eta ia 12.000 boto galdu ostean. PSEk ere pasa du. Sozialistak bosgarren alderdia izatetik hirugarrena izatera igaro dira, 2,1 puntuko igoerari esker. Bilboko galtzaile handiena, berriz, PP+Cs izan da, boto kopuruari dagokionez behintzat. Popularrek 14.000 galdu dituzte, %6,5eko jaitsiera. Beraz, ezin esan duela lau urte PP bozkatu zutenen zati handi batek hatu duenik Voxerako bidea. Eskuin muturrak 3.425 boto eskuratu ditu Bilbon, botoen %2,62. Bada, ordea, botoen %10a eskuratu duen atal bat, Salveko Guardia Zibilaren kuartela dagoen lekuan. Mapa ia monokromatikoa da Bilbokoa, atal bakoitzean irabazi duen alderdiari erreferentzia egiten badiogu. EAJk duela lau urteko nagusitasunari eutsi dio ia auzo denetan. Badu, ordea, duela lau urtekoak baino kolore apur bat gehiago. EH Bilduk duela lau urte garaipena lortutako Alde Zaharreko sei ataletan garaile atera da berriz ere, eta nagusitasun hori zabaldu du beste zazpi ataletara ere, tartean, San Frantzisko auzora. Berdea ez den kolore bakarra Txurdianaga eta Otxarkoaga auzoetan ageri da. Hango lau ataletan garaipena eskuratu du PSEk, EAJren kaltetan. 2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak Bilbon: 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak Bilbon: Donostia EAJk 4,5 puntu egin du gora Gipuzkoako hiriburuan, botoen %37,2 eskuratuta, eta emaitza orokorretan agerian geratu den igoera han ere berretsiz. Duela lau urte EH Bilduk bigarren indarra izatea lortu zuen hiriburu bakarra izan zen Donostia, eta atzokoan ere hala mantendu zen. Gainera, botoen %24,5 eskuratuta egin zuen, 2016an baino 4,8 puntu gehiago. Horrez gain, boto kopuruan gora egin duen (+1.357) indar politiko bakarra izan da. PP izan zen duela lau urte hirugarren alderdi bozkatuena, Ciudadanosek bat izanak, ordea, ez dio balio izan erorikoa ekiditeko. 5.600 boto baino gehiago galdu dituzte, eta bost puntu. Elkarrekin Podemosek ere botoen erdia inguru galdu du Donostian, eta PSEren atzetik geratu dira. Izan ere, sozialistek azken hauteskundeetako boto kopurua mantentzea lortu dute ia (-156), eta bosgarren indarra izatetik hirugarren postura igaro dira. Donostia izan da, gainera, Voxek babes txikiena lortu duen hiriburua. Botoen %2,22 eskuratu du, kopuru hori bikoiztu egiten den arren Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartela kokatuta dagoen lekuan. Donostian ere berdea da nagusi, baino 2016an baino kolore aldaketa gehiagorekin. Elkarrekin Podemosek galdu egin du Intxaurrondo auzoan garaipena eskuratu zuten hiru ataletan. Gainera, hiruretan zuzenean laugarren postura erorita egin du. EH Bilduk Egia inguruko hainbat ataletan EAJ lehen postutik ateratzea ere lortu du, baita PSE Bidabietako atal batetik ere. 2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak Donostian: 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak Donostian: Getxo Bilboren eta Barakaldoren atzetik, Bizkaiko hiri populatuena da Getxo. EAJk nagusitasunez irabazi ditu han bozak eta duela lau urte lortu ezin izan zuen zerbait egin du. Portuko lehen lerroko ataletako batean garaipena eskuratu dute jeltzaleek, PP+Cs koalizioaren kaltetan. Izan ere, 2016an itsasora ematen duen lehen lerro horretan popularrek eskuratu zuten garaipena atal guztietan, eta oraindik ere alderdi bozkatuena da bertako bizilagun Carlos Iturgaitzena. Getxo izan da, gainera, Voxek Arabatik kanpo emaitza onenak lortu dituen hiria. Eskuin muturrak %3ko langa pasatu du han: 1.115 boto (%3,2). Izan ere, Santiago Abascalek zuzendutako alderdia hirugarren bozkatuena izan da gutxienez sei ataletan, denak portuko lehen lerroan kokatuak. Botoen %5etik gora eskuratu ditu horietan, batean botoen %9,8ra ere iritsita. Hiriko gainerako ataletan, EAJren berde iluna ageri da indar nagusi bezala. Gainerako alderdien emaitzetan ere alde nabarmenak daude: EH Bildu eta PSE gora, eta PP behera. Duela lau urteko emaitzekin alderatuz gero, aldaketa esanguratsuena EH Bilduren igoera izan da. Bigarren indar bozkatuena izan dira subiranistak, berriz ere PP+Cs-ren kalterako. EH Bilduk botoen %17,3 (+3,6) eskuratu du, koalizio espainolistak baino 0,3 puntu gehiago. Azken horiek 6,5 puntuko jaitsiera izan dute. PSEk botoen %10.3 (+%2,1) eskuratu du, eta Elkarrekin Podemosek %6 (-%4,8). 2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak Getxon: Ordizia Aurreko astean herrian atzeman zen COVID-19 agerraldiak eta Eusko Jaurlaritzak bozei begira hartutako erabakiek eztabaidaren erdian kokatu dute Ordizia (Gipuzkoa), batez ere, guzti horrek parte hartzean izan zezakeen eraginagatik. Abstentzioa, ordea, %44,1ekoa (+9,2) izan da han, batez bestekoa baino txikiagoa. Mapari erreparatuz gero, EH Bildu ordezkatzen duen berde argia da antzematen den kolore bakarra. Horrek aldaketa nabarmena erakusten du 2016ko emaitzekin alderatuta. Orduan, EH Bilduk bi ataletan bakarrik lortu zuen garaipena, eta EAJk gainontzeko guztietan. Atzo, ordea, koalizio abertzaleak buelta eman eta botoen %45,3 (+%11,6) eskuratu zuen, 2.030 boto gehiago eskuratuta. EAJk, aldiz, emaitza orokorretan ez bezala, behera egin du, botoen %32,9 (-%3,1) bereganatuta. Bi alderdi horietatik urrun dira gainerako guztiak. PSEk 2016ko emaitzei eustea lortu du, botoen %8,5 (-%1) lortuta: 327 boto. Hala, Elkarrekin Podemos pasa dute sozialistek. Moreek 634 boto izatetik 325 lortzera igaro dira: %8,4 (-%5,7). PP+Cs koalizioak ere behera egin du, botoen erdia baino gehiago galduta: %2,9 (%3,3). 2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak Ordizian: Zaldibarko zabortegiaren inguruak Bost hilabete baino gehiago igaro dira Zaldibarko zabortegia amildu, eta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran desagertu zirenetik. Ezbehar hark osasun neurriak hartzera behartu zituen, besteak beste, Zaldibarko, Ermuko (Bizkaia), Eibarko eta Elgetako (Gipuzkoa) herritarrak. Ordutik ugari izan dira Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa kritikatu duten protestak. Horiek eragina izan dutela dirudi. Izan ere, Eibarren eta Ermuan behera egin dute PSEk eta EAJk; gora, berriz, EH Bilduk. Zaldibarren eta Elgetan, aldiz, aldeak txikiagoak izan dira, duela lau urteko emaitzekin alderatuta. Ermuan EAJk 500 boto inguru galdu ditu, eta botoen %24,9arekin (-%2,3), baita duela lau urte eskuratutako garaipena ere. Alderdi bozkatuena Jaurlaritzako bestea izan da. PSEk botoen %26,6 eskuratu ditu, baina ez galerarik gabe. Sozialistek 3,2 puntu eta 69 boto galdu dituzte. Behera egin dute PP+Cs eta Elkarrekin Podemosek ere. Botoen %10,1 (-%62) lortu du lehenak, eta %11,9 (-%5,5) bigarrenak. Goraka nabarmen egin duena EH Bildu izan da: 952tik 1.333ra igaro da, hau da, botoen %12tik %21era. Eibarren ere antzekoa da joera. EAJk ia 500 boto galdu ditu, eta PSEk 300 baino gehiago. Sozialistek hiri hartan inoiz lortu duten boto kopururik txikiena izan da: 2.432. Halere, biek gora egin dute ehunekotan: %33,5 (+%0.9) EAJk, eta %21,7 (+%0,2) PSEk. Ermuan bezala, Eibarren ere EH Bilduk izan du gorakada nabarmenena. Koalizioak botoen %29,9 eskuratu du, duela lau urte baino 7,5 puntu gehiago. Urrun Elkarrekin Podemos (%7,1) eta PP+Cs (%4,3). Aldaketak apalagoak izan dira Zaldibarren eta Elgetan. Lehenengoan, EH Bilduk EAJ gainditzea lortu du 29 botoko aldearekin. Duela lau urte, jeltzaleek lortu zituzten 30 boto gehiago. Biek egin dute gora, ordea, ehunekoei dagokionez, parte hartzearen beherakadaren eraginez: EH Bilduk %37,7 (+%7,9) eta EAJk %35,4 (+3,5). PSEk ere 2016an lortutako ehunekoari eustea lortu du, 28 boto galdu arren. Esaterako, beherakada handiagoa izan du PPk, 100 botokoa. Elgetan, aldiz, EH Bilduk azken garaipena berretsi du botoen %53,5 (+%7,1) bereganatuta. EAJk, aldiz, 27 boto eta 2,1 puntu galdu ditu. 2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak Zaldibarren, Eibarren, Elgetan eta Ermuan: Ezkerraldea Bizkaiko ezkerraldean dauden hiri nagusietan, Barakaldon, Portugaleten, Santurtzin eta Sestaon, antzeko joera izan dute hauteskundeek. EAJk lortu du garaipena lau hirietan, denetan ere %35etik gora lortuta, baina boto galera handiarekin: 15.577tik 13.162ra igaro da Barakaldon, 8.008tik 6.379ra Portugaleten, 8.722tik 6.806ra Santurtzin eta 4.951etik 3.749ra Sestaon. Azken bi horietan, gainera, ehunekoetan ere behera egin dute jeltzaleek. Historikoki PSEk emaitza onak lortu izan ditu eremu horretan, baina ez da alderdi hori izan EAJren alde egin zuten hautesleak bereganatu dituena, nahiz eta 2016an EAJk garaipena lortutako Barakaldoko eta Portugaleteko hainbat ataletan irabazi. Sozialistek ere boto andana galdu dute, lau hirietan hiru puntutik gora irabazi arren. Gainera, bigarren indar bozkatuena izateari utzi dio Santurtzin, EH Bilduren mesedetan. Koalizio abertzaleak mapan berde argiago bat agertzea ere lortu du, hiri hartako bost ataletan irabaztea lortu baitu (01 barrutiko lautan eta 04 barrutiko beste batean). Izan ere, koalizio abertzaleak gora egin du nabarmen lau hirietan: Barakaldon 5.057tik 6.211era, Portugaleten 2.654etik 3.156ra, Santurtzin 3.275etik 4.034ra eta Sestaon 1.519tik 2.080ra. Kolpe latzena Elkarrekin Podemosek jaso du eremuan, lau hirietan ia botoen erdia galduta. Kontuan izan behar da 2016an Barakaldon, Santurtzin eta Sestaon bigarren alderdi bozkatuena izatea lortu zutela. Atzo, Sestaon lortu zuten ehunekorik onena: %12,6 (-%6,9). PPk ere eroriko handia izan du, botoen erdia baino gehiago galduta. Hark utzitako lekua, ordea, ez du Voxek hartu. Eskuin muturrak Barakaldon lortu ditu emaitzarik onenak: 803 boto eta %2,2. 2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak Ezkerraldean:
2020-7-13
https://www.berria.eus/albisteak/184257/abertzaletasuna-zutik.htm
Mundua
Abertzaletasuna zutik
Abertzaletasuna zutik.
Galiziako hauteskundeek berretsi dute Bloke Nazionalista Galiziarra alternatiba gisa botoak egiteko makina den Alderdi Popularraren aurrean. Alderdi Popularrak, gogoan izan, hedabide handi guztien babes eta ikusgaitasuna izan du alde, baita progresia espainiarraren ahotsena ere. Azken horiek Alberto Núñez Feixoo Pablo Casadoren aurpegi antagoniko gisara aurkeztu dute, PP beraren ordezkari izan arren, zeren Casado Voxekin itunak egiteko prest baitago -•Espainiako erkidego batzuetan gertatu bezala- eta ultraespainolistekin batera manifestatu baitzen Madrilgo Kolon plazan (milaka galego osasun publikoaren alde Santiago bete eta biharamunean). Feixooren gehiengo osoa segurutzat jotzen zen. Halaxe adierazten zuten, bederen, inkesta guztiek, baina BNGren igoeraren tamaina sumatu ez. Ekina izatea da fronte abertzalearen ezaugarrietako bat. Ana Pontonen eta haren taldearen eskutik historia egin du. Potonen buruzagitza nabarmentzen zuten mezuak eraginkorrak izan dira, ilusioa, esperantza eta harrotasuna kutsatzeko gai izan baitira, eta GZ markaz baliatu dira, gogoberotasunaren kanpaina sinatu zuten sortzaileen bidez. Pontonen olatuak gazte-jende asko erakarri du, eta hori BNGren izozmendiaren muturra besterik ez da, militanteak -alderdiaren aktibo nagusia- lan eta lan aritu dira azken urteetan indarrez berragertzeko eta proiektu nazional baten inguruan 300.000 lagun baino gehiago elkartzeko. Ponton efektuak erakusten du gidaritza femenino eta feministako garai bat dela gurea, betiere ikuspegi nazionaletik. Ziklo aldaketa hau uztailaren 12an hasi da, eta BNG abiatzeko leku ezin hobean dago Feixooren gobernurako alternatiba erreal bat eraikitzeko. Atzoko egunak utzitako beste interpretazio bat ultraespainolismoaren ingurukoa da. Galizia eskuin muturrari eusteko horma bat da. Izan ere, Galiziako kanpainan apustu handia egin eta hedabide nagusietan neurriz gaindiko presentzia eduki arren, ez du bat ere ordezkaririk lortu. Uztailaren 12ak baiesten du, orobat, En Marearen jiran sorturiko proiektuaren heriotza, 14 eserleku edukitzetik bat ere ez edukitzera igaro baita. Orain ahalegindu beharrean gaude herrialderako gobernu sendo bat eratzeko, berea defendatuko duena, Galiziaren ahaletan sinetsiko duena eta galegoen interesen alde jardungo duena. Oraindik ere historia asko dago idazteko. Maria Obelleiro Nós Diario-ko zuzendaria da * Iñigo Roquek itzulia
2020-7-13
https://www.berria.eus/albisteak/184258/ordiziako-alkatearen-lana-indarkeriarekin-parekatu-du-ciudadanoseko-cantok.htm
Politika
Ordiziako alkatearen lana indarkeriarekin parekatu du Ciudadanoseko Cantok
Hauteskunde mahaietako kideei tenperatura hartzen laguntzen aritu zen atzo EH Bilduko Adur Ezenarro, eta hori ETAren ekintzekin konparatu zuen diputatuak.
Ordiziako alkatearen lana indarkeriarekin parekatu du Ciudadanoseko Cantok. Hauteskunde mahaietako kideei tenperatura hartzen laguntzen aritu zen atzo EH Bilduko Adur Ezenarro, eta hori ETAren ekintzekin konparatu zuen diputatuak.
Eusko Legebiltzarrerako atzoko hauteskundeetan, begirada asko Ordizian (Gipuzkoa) egon ziren jarrita, aurreko astean han koronabirusaren agerraldia pairatu zutelako. Bozketarako, segurtasun neurri bereziak jarri zituen udalak, kutsatzeak eragozteko, eta Adur Ezenarro alkatea (EH) horretan laguntzen aritu zen, hauteskunde mahaietan zeuden herritarrei tenperatura hartzen, kontakturik gabeko termometro batekin. Espainiako hedabide askok kazetariak bidali zituzten Ordiziara, eta horietako batek alkatearen lanaren irudi bat hartu zuen, eta sare sozialetan zabaldu. Irudi horretan, Ezenarro ageri da, termometroa erabiliz herritar bati kopetako tenperatura neurtzen. Madrilgo hedabide batek mezua zabaldu zuen Twitterren irudiarekin, eta Toni Canto Ciudadanos alderdiko Espainiako Kongresuko diputatuak erantzun egin zion txioari honako mezu honekin: «Normaltasun berria. Orain ez dute garondora apuntatzen». Monica Oltra diputatuak (Compromis) Cantoren mezua gaitzetsi zuen. «Benetan uste nuen txioa faltsua zela, ezin nuelako sinetsi. Ez dut hitzik. Zelako gizatasun mota du txio horrek? Sekulako tristezia! Eta etsipen are handiagoa». Canto bezala, Valentziakoa (Herrialde Katalanak) da Oltra. Ez da, ordea, Cantoren lehena. Politikariak sortu du harrabotsa, lehen ere, Twitterren. 2013. urtean, barre egin zion Mariano Rajoy Espainiako presidenteari, haren hitz egiteko moduarengatik. Bere alderdiko Rosa Diezek ere txarretsi zion txioa, eta, azkenean, barkamena eskatu zuen diputatuak. EH Bilduk 230 boto gehiago eskuratu zituen Ordizian atzoko bozetan, aurreko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeekin parekatuta: 1.747 boto, denera. Cantoren alderdia PPrekin koalizioan aurkeztu zen bozetara, baina elkartzeak ez die botoak gehitzea ekarri. Izan ere, 2016an, bananduta aurkeztu arren, PPk eta Ciudadanosek 129.284 boto eskuratu zituzten. Baina, atzo, 100.000 botoren langatik oso behera geratu zen koalizioa; botoen %6,7 eskuratu zituen, eta bost eserlekurekin geratu da, Gipuzkoan bakarra irabazita.
2020-7-13
https://www.berria.eus/albisteak/184259/2020ko-kimuak-programarako-zazpi-film-aukeratu-dituzte.htm
Kultura
2020ko Kimuak programarako zazpi film aukeratu dituzte
Animazioa, dokumentala eta forma askotariko fikzioa biltzen ditu 23. aldiko katalogoak.
2020ko Kimuak programarako zazpi film aukeratu dituzte. Animazioa, dokumentala eta forma askotariko fikzioa biltzen ditu 23. aldiko katalogoak.
Etxepare Euskal Institutuak antolatu eta Euskadiko Filmategia Fundazioak kudeatzen du Kimuak programa, eta 23. aldia du aurtengoa. Gaur jakinarazi dituzte zer lan aukeratu dituzten aurtengo film sortarako. Zazpi film labur dira guztira: Barbudos (Tucker Davila Wood eta Larry Mankuso), Dar-dar (Paul Urkijo Alijo), Ehiza (Hauazkena taldea), El ruido solar (Pablo Hernando), Interior taxi noche (Iban del Campo eta Silvia Rey), Quebrantos (Maria Elorza eta Koldo Almandoz) eta Ya no duermo (Marina Palacio). Animazioa, dokumentala eta forma askotariko fikzioa biltzen ditu, beraz, katalogoak. Filmetako bi euskara hutsezkoak dira; beste bi, gaztelaniaz ondutakoak; beste batek ingelesa eta gaztelania uztartzen ditu, eta beste bat ingelesez sortua da; animaziozko lanak, berriz, ez du elkarrizketarik. Aurtengo hauek izan dira batzordekideak: Michele Driguez, Montpellierko (Frantzia) Cinemed Mediterraneoko Zinema Jaialdiko film laburren saileko arduraduna; Alfonso Lopez, Donostia Kulturako Zinema Unitateko teknikaria eta Bang Bang Zinemako kidea; Dora Marti, Valentziako IVAC Kultura Institutuko ikus-entzunezkoen sustapeneko eta Curts Comunitat Valenciana film labur katalogoko arduraduna; Jose Luis Rebordinos, Donostia Zinemaldiko zuzendaria; eta Nekane E. Zubiaur Gorozika, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea. Aurkeztutako 72 proposamenak aztertu ostean hautatu dituzte aurtengo zazpi film laburrak. Kimuak programak euskal film laburrak sustatzea eta banatzea du helburu. Orain, nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko egitasmoetara helaraziko dituzte hautatutako film laburrak. Barbudos 2013ko apirilean, AEBek ezarritako blokeoagatik, Bob Wood estatubatuarra Kubara itzuli zen, handik alde egin eta ia 60 urtera. Tucker Davila Woodek eta Larry Mankusok sinatu dute Habanan ingelesez eta gaztelaniaz filmatutako dokumental hau. Davila Wooden bigarren film laburra da Kimuak-en, 2015ean Duellum fikzioarekin parte hartu baitzuen. New Yorken eta Madrilen trebatu eta lan egin ondoren, Tucker Davila Woodek (Bilbo, 1976) Mankuso ekoiztetxea sortu zuen 2005ean. Etxe horretan ekoitzi ditu bere lan nabarmenenak: Los Perfeccionistas, Los 4 McNifikos eta Duellum. Orain, El Comediante bere lehen film luzea garatzen ari da, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Dar-dar Paul Urkijoren (Gasteiz, 1984) beldurrezko lan berriak neskato bat oinazetzen duen deabru bati heltzen dio. Udane Elosegi, Almudena Cid eta Elias Garcia aktoreak dira protagonistak. Urkijo genero fantastikoaren zale amorratua da. Errementari film luzearekin (2017) arrakasta lortu ondoren, Irati bere bigarren filma prestatzen ari da. Bigarren aldia du Kimuak-en, 2011n Monsters Do Not Exist fikzioarekin hautatua izan baitzen. Ehiza Hauazkena taldearen animazio berria da Ehiza. Ruth Escobar, Jugatx Astorkia, Miriam Inza, Angela Jurado, Oihana Leunda, Arrate Lopez Apellaniz, Naiara Mallabia, Uxue Reinoso, Bego Bikario eta Roberto Zabartek osatzen dute kolektiboa, eta 2016tik EHUn lan egin du izen desberdinekin, baina beti irakasle, ikasle eta ikasle ohien arteko elkarlana landuz. Kimuak-en parte hartu dute Beti bezperako koplak (2016) eta Areka (2017) filmekin. Rafael Ruiz Balerdi artista donostiarrak 1969. urtean egindako Homenaje a Tarzan. Capitulo I. La cazadora inconsciente animaziozko film labur esperimentala «continuará» (jarraituko du) hitzarekin amaitzen zen. Ehiza-k nolabaiteko jarraipena ematen dio film hari, eta animalien harrapaketaren analogia erabiliz, gaur egun gertatzen diren egoera lazgarriak eta giza eskubideen urraketak salatzen ditu. El ruido solar Pablo Hernandok (Gasteiz, 1986) lehen film laburra du Kimuak-en. Nahikari Ipiñak ekoitzi du, Code 7 Pictures etxearekin. Gertaera kosmiko ulertezin baten ondoren etorkizunaren ikuspegi labur bat izan zuten pertsonei buruzko istorioen bilduma da El ruido solar. Eva Llorach, Ingrid Garcia Jonsson, Miquel Insua, Julian Genisson, Lorena Iglesias, Vito Sanz, Alejandro Morellon, Axier Raya eta Vicenç Mirallesek osatzen dute aktore multzoa. Egileak hainbat film labur idatzi eta zuzendu ditu. 2015eko Berserker film luzea Sevillako Europako Zinema Jaialdian estreinatu zen, eta Las Nuevas Olas Sari Berezia irabazi zuen. 2016an, Esa sensación idatzi eta zuzendu zuen, Juan Cavestany eta Julian Genissonekin batera, eta Rotterdamgo Zinemaldian estreinatu zuten. Urte hartan bertan, Gijongo Zinemaldiak atzera begirako bat eskaini zion. Interior taxi noche Iban del Campok eta Silvia Reyk elkarrekin zuzendu dute fikzio hau. Istorioa bietako baten esperientzia pertsonalean oinarritzen da, eta, nolabait, Taxicab Confessions ezkutuko kameren telebista saio ospetsuari eta New York hiriari egindako omenaldi bat da. Tanya de la Cruz eta Alvaro Ogalla ditu protagonista. Iban del Campok (Arrasate, Gipuzkoa, 1971) nazioarteko jaialdietan aukeratu eta saritu izan dituzten film labur ugari zuzendu eta ekoitzi ditu. Hirugarren aldia du Kimuak-en: 2009an, Dirty Martini dokumentala izan zuen katalogoan; 2018an, Espedizio handia zientzia-fikziozko lana. Silvia Rey (Lorca, Murtzia, Espainia, 1977) film labur eta luzeen ekoizlea eta zuzendaria da. Haren azken film laburra, Wan Xia (2018), film labur dokumental onenaren Goya sarirako izendatu zuten. Quebrantos Kimuak-en hainbatetan parte hartu dute Maria Elorza eta Koldo Almandoz egileek, eta euren talentuak batu dituzte Quebrantos izeneko «irratigrafia» egiteko. Interferentziak, isiluneak eta arrakalak tartekatzen dira, bi emakumek tratu txarrei buruz hitz egiten duten bitartean. Maria Elorza (Gasteiz, 1988) ikus-entzunezko komunikazioko lizentziaduna da Pompeu Fabra Unibertsitatean, eta EHUko Arte Sorkuntza eta Ikerketan masterra dauka. Bakarka egindako filmez gain, kolektiboan ere hainbat lan egin ditu; besteak beste, Las Chicas de Pasaik bikotean eta Kalebegiak eta Zinergentziak proiektuen babesean. Azken urteetan Donostiako Tabakalera arte garaikidearen zentroan egiten du lan, Zinea.eus atarian, eta Larrotxeneko kutur etxean ere gauzatzen ditu proiektuak. Gure hormek (2016, Maider Fernandezekin batera zuzendua) eta Ancora lucciole (2018) dokumentalekin hartu du parte lehenago Kimuak-en. Koldo Almandoz (Donostia, 1973) Kazetaritzan eta Ikus-entzunezkoetan lizentziaduna da, eta zinemako gradua du New York Unibertsitateko Tisch Schoolen. Kimuak-en lehen edizioan parte hartu zuen Razielen itzulera-rekin (1998), eta katalogoan parte hartu zuen azken aldia 2017an izan zen, Plágan lanarekin. Bere filmografia Canneseko Semaine de la Critique, Rotterdam Film Festival, Donostia Zinemaldia, Gijon Film Fest eta Bafici bezalako jaialdietan aukeratu eta saritu izan diote. Gaur egun, Donostiako Elias Kerejeta Zinema Eskolako irakaslea da. Ya no duermo Marina Palacioren (Donostia, 1996) hirugarren film laburra da Ya no duermo. Elias Kerejeta Zinema Eskolaren Sorkuntza graduondoko lehen promozioan landu du, eta Gariza Produkzioak etxeak ekoitzi du. Arte Ederretan graduatu zen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta hainbat diziplina artistikotan egiten du lan, bereziki zineman eta argazkigintzan. Gaur egun, bere lehen film luzea idazten ari da, Noka Mentoring 2020 programaren barruan. Ya no duermo-k Miguel eta haren osaba Kechus erakusten dizkigu. Banpiroen pelikula bat filmatu nahi dute. Elkarrekin zerbait sortzeko ahalegin horretan, errealitatea eta fikzioa txandakatzen dira, haurraren eta helduaren artean sortzen den harreman berezia erakusten duen jolas batean.
2020-7-13
https://www.berria.eus/albisteak/184260/mezu-antikapitalistaz-beteriko-disko-batetik-hartu-du-urkulluk-bere-garaipenaren-soinu-banda.htm
Politika
Mezu antikapitalistaz beteriko disko batetik hartu du Urkulluk bere garaipenaren soinu banda
Mezu antikapitalistaz beteriko disko batetik hartu du Urkulluk bere garaipenaren soinu banda.
Gogoa nun dugu abestia kantatzen aritu zen atzo Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaia, bere alderdiaren garaipena ospatzeko jaian. Hauteskundeetako iragarkietan ere erabili du kanta EAJk. Gontzal Mendibil eta Xeberrik 1976. urtean argitaraturiko Zaurietatik dario diskoan plazaratu zuten kanta, eta hauek dira hitzak. Gogoa nun dugu Gogoa nun dugu, gazteok zer gara indarrak alkartu eta goazen hauzira. Aker zahar bat ezarri dauskue jainko baina gu haren menpean ez izango akerkume izan baino hiltzea nahiago. Egia esan eta, hartzen dugu egurra hala ere ez dugu onartzen gezurra bihotza tinko ta urrun dugu beldurra. Bide latza benetan igan behar duguna nahiz eta egunetan dana dan iluna noizbait helduko da amets dugun eguna. Euskal musikaren Badok.eus atariak kontatzen duenez, Mendibilek Xeberrirekin egin zituen lehen urratsak kantari gisa, 1970eko hamarkadan, baina ondoren bakarlari moduan egin du bidea. «Bide emankorra. Hamar diskotik gora argitaratu ditu kantari bizkaitarrak, herri mugimenduari nahiz maitasunari eginiko kantuekin. Berak idatzi ditu kantatu dituen hitz asko eta asko, baina euskal poeta garaikide askoren olerkiak ere musikatu ditu, eta Jose Maria Iparragirre eta Aita Arruperi eskainitako diskoak osatu ditu». Bitxia da Urkulluren hautua, edo ongi pentsatutakoa. Izan ere, disko hura kapitalismoaren aurkako mezuz betetako musika baitzekarren. Kanta horietako bat Kapitalismoak zuen izena, eta ez zuen anbiguotasunerako zirrikiturik uzten: Kapitalismoak dakarren katai ta zapalketa izan dadila guretzat indar askatzailea. Nagusi lantokietan baserri ta eskoletan gure herriko nausiak izan arte aurrera. Aurrera langiledia aurrera herri-gizona etsaiak puskatu arte jo dezagun aurrera. Langile, nekazariak euskaldun guztiak ez dezagun gura herrian klase diferentziak egin dezagun biharko Euskadi sozialista bat. Disko berean dago, besteak beste, Bagare, Euskal Herriko lurralde batasunari gorazarre egiten dion kantua.
2020-7-13
https://www.berria.eus/albisteak/184261/urriza-eta-zubiri-izango-dira-juanenea-eta-endikaren-aurkariak-finalean.htm
Kirola
Urriza eta Zubiri izango dira Juanenea eta Endikaren aurkariak finalean
Finalerdian 28-35 garaitu dituzte Ansa II.a eta Larrañaga partidu lehiatu eta eder batean
Urriza eta Zubiri izango dira Juanenea eta Endikaren aurkariak finalean. Finalerdian 28-35 garaitu dituzte Ansa II.a eta Larrañaga partidu lehiatu eta eder batean
Urriza eta Zubirik 28-35 garaitu zituzten Ansa II.a eta Larrañaga Galarretaren 50.Urteurreneko Txapelketaren finalerdian eta beraz datorren larunbatean Juanenea eta Endikaren aurka jokatuko dute finala. Finalerdi ederra ikusi zen, lau pilotariak ongi aritu ziren, eta Urrizak bere maila bikaina erakutsi zuen hasieratik. Partidan urdinak agintari izan ziren hasieratik nahiz eta gorriak asko hurbiltzen ziren momentu batzuetan. 2-8 aurreratu ziren Urriza eta Zubiri, baina Ansa eta Larrañagak markagailuari buelta eman eta 12-11 jarri ziren aurretik. Ordura arte Urrizak urdinen tanto guztiak egin zituen eta gorrietan Larrañaga zen oso ongi ari zena. Ondoren Zubiri eta Ansa gehiago sartu ziren jokoan eta partiduaren maila koska bat igo zen. Akats gutxirekin tanto onak ikusi ziren. Larrañaga eta Zubiri atzean bikain eta Urriza eta Ansa ere aurrean oso ongi. Urdinak berriz ere ihes egin zuten markagailuan 14-20 eta 18-25, baina gorriek ez zuten etsitzen. Ansak atzean min egiten hasi zen eta Larrañagaren sakeari esker tanto batera hurbildu ziren 28-29. Orduan iritsi zen partiduko gakoa. Larrañagaren sakea motz geratu zen eta akats horri garesti ordaindu zuten. Zubirik sakea hartu zuen eta amaiera bitarte tanto gutziak urdinen aldera erori ziren. Urrizak 23 tanto eta bi akats egin zituen finalerdiko pilotaririk onena bihurtuz. Ansak ere pilota bakarra huts egin zuen, baina 14 tantotan geratu zen. Atzean Zubirik sei tanto piloteoan eta hiru sakearekin egin zituen. Bi pilota galdu zituen eta Larrañagak zazpi tanto piloteoan eta hiru sakearekin egin zituen. Piloteoan bakarra galdu zuen, baina sakearekin galdutakoa garesti ordaindu zuen. Zaldua II.aren debuta uztailaren 18an Datorren astean Urriza eta Zubirik, Juanenea eta Endika izango dituzte aurkari finalean eta jaialdi berezia izango da baiata ere Aitor Zaldua ‘Zaldua II.a donostiarrarentzat. Egun horretan debutatuko du profesional bezala Oriamendi enpresarekin.
2020-7-13
https://www.berria.eus/albisteak/184262/azken-zenbaketan-33-positibo-atzeman-dituzte-11-bilbon.htm
Gizartea
Azken zenbaketan 33 positibo atzeman dituzte, 11 Bilbon
Adierazi dute ez dagoela motiborik esateko Bizkaiko hiriburuan gaitzaren oldarraldi bat dagoenik, baina ikertzen ari dira
Azken zenbaketan 33 positibo atzeman dituzte, 11 Bilbon. Adierazi dute ez dagoela motiborik esateko Bizkaiko hiriburuan gaitzaren oldarraldi bat dagoenik, baina ikertzen ari dira
Izurriari jarraipena egite aldera, PCR testen bidez atzemandako azken koronabirus kasuen berri eman dute osasun sistemek. Denera 33 positibo berri dira. Hamasei Bizkaian atzeman dituzte, eta horietako 11, Bilbon; adierazi dute ez dagoela motiborik esateko kasu horien atzean gaitzaren oldartze bat dagoenik, baina ikertzen ari dira. Gipuzkoan kasu berriak zortzi dira; Nafarroann sei; eta Araban, hiru. Ordiziako oldarraldiak zeresana franko eman du, baina baretzen ari dela dirudi; kasu berri bakar bat zenbatu dute orain kasu multzo horretan. Denera 74 dira. Nafarroako datuetan positibo batek otura dauka Tuteran lehengo astean jakinarazitako kasuekin, eta bi Iruñean gaitzak duen agerraldi berri batekin. Eusko Jaurlaritzak ohi baino datu gutxiago eman ditu gaur, arazo batzuk izan dituela argudiatuta. Ez du esan, esaterako, zenbat PCR test egin dituzten. Izurriarekin lotutako zalantzaguneetako bat Donostian egon da, Etxadi kiroldegian; bertako langile batek positibo eman duela jakinarazi dute, eta halakoetarako prestatuta dagoen protokoloari atxikita, kiroldegia itxi egin dute Donostia Kirolako arduradunek. Gaur arratsaldean, ordea, «positibo faltsua» izan dela argitu dute, eta kiroldegia bihar bertan irekiko dute berriz. Igandean, kiroldegiko zerbitzuez arduratzen den enpresak positiboaren berri eman zion Donostia Kirolak erakundeari, langileari PCR proba egin ostean. Gau hartan jarri zuten martxan kutsatzeen aurkako protokoloa. Andoainen (Gipuzkoa) ludoteka bat ere itxi behar izan dute, erabiltzaile batek positibo eman duela eta. Udalarena da instalazioa, eta erakundeak plazaratutako oharraren arabera, «lasai» egon behar dute herritarrek, testak egiten ari zaizkielako positiboaren gertuko kontaktuei, eta osasun agintariekin batera koordinatzen ari direlako zer egin hemendik aurrera. Espainiako Gobernuak, bestalde, plan bat ondu du birusa hesitzen jarraitzeko irizpideekin. Plan horren helburua da berriz ere alarma egoera bat ez ezarri behar izatea, eta zehazten du zer baliabide eta neurri hartu beharko dituzten autonomia erkidegoek birusaren hedatzea gerarazteko.
2020-7-13
https://www.berria.eus/albisteak/184263/ertzaintzak-bahiketa-birtualen-hamar-dei-atzeman-ditu.htm
Gizartea
Ertzaintzak bahiketa birtualen hamar dei atzeman ditu
Azken egunotan atzeman dituzte deiak, eta ustezko bahitzaileek erreskatea eskatzen zuten senideak aske uztearen truke.
Ertzaintzak bahiketa birtualen hamar dei atzeman ditu. Azken egunotan atzeman dituzte deiak, eta ustezko bahitzaileek erreskatea eskatzen zuten senideak aske uztearen truke.
Ertzaintzak bahiketa birtualen hamar dei atzeman ditu Euskal Herrian, uztailaren 9 eta 10 bitartean. Dei horietan, ustezko bahitzaileek, biktimei euren senitarteko bat bahitu zutela esan, eta aske uztearen truke erreskatea eskatu zieten. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du dei horietako batzuk Txiletik datozela. Gehienetan, bahiketa birtualen deiak telefono finkoetara egiten dira, eta ustezko bahitzaileak deiaren beste aldean dagoen pertsonari esaten dio senitarteko bat —orokorrean seme-alabak— bahitua duela. Ustez bahituta dagoen pertsona askatzearen truke 10.000 euro inguruko erreskatea eskatzen dute. Ertzaintzak adierazi duenez, dei horien egileak familiak «izutzen» saiatzen dira. Bahiketa birtualen erreskatea eskatzen duen deiren bat jasoz gero, Ertzaintzak hau gomendatzen du: egiaztatzea ustezko biktima hori egon behar lukeen tokian dagoela, izuak ez blokeatzea «arrazionalki» jokatzeko gaitasuna eta kontuan hartzea egoera hori iruzur bat izan daitekeela. Horrez gain, espezialistek eskatzen dute erreskatea ez ordaintzeko eta SOS Deiekin harremanetan jartzeko. Ez da bahiketa birtualen deiak jasotzen diren lehenengo aldia. Izan ere, 2016ko abuztuan Guardia Zibilak bahiketa birtualagatik jarritako sei salaketa ikertu zituen Martzillan (Nafarroa).
2020-7-13
https://www.berria.eus/albisteak/184264/eudelek-maskaren-erabilera-indartzeko-eskatu-du.htm
Gizartea
Eudelek maskaren erabilera indartzeko eskatu du
Euskadiko Udalen Elkarteak jakinarazpen bat bidali die alkateei.
Eudelek maskaren erabilera indartzeko eskatu du. Euskadiko Udalen Elkarteak jakinarazpen bat bidali die alkateei.
Agerraldi berriak ez izateko, erakundeak eskatu du herritarrei berriro ere gomendatzeko maskarak erabiltzea. Derrigortasunik ez den arren, adierazi du erabilera indartu beharra dagoela, batez ere ekitaldietan, segurtasun neurriak zorroztasun handiagoz bermatzeko. Nafarroako Gobernua, berriz, aztertzen ari da maskararen erabilera derrigortzea. Aste honetan, berriro aztertuko ditu arauak, segurtasun distantzia bermatzen den kasuetan ere maskara nahitaez erabili behar izateko. Halaber, iragarri du neurriak zorroztu daitezkeela. Normaltasun berrian maskararen erabilera nahitaezkoa da leku itxietan, eta baita segurtasun distantzia mantentzen ez den egoeretan ere, baina gainerakoetan maskara erabiltzea aholkatzen da.
2020-7-13
https://www.berria.eus/albisteak/184265/auzitegi-gorenaren-epaia-errespetatuko-du-lasarte-oriako-udalak-baina-ez-dago-ados-arrazoiekin.htm
Gizartea
Auzitegi Gorenaren epaia «errespetatuko» du Lasarte-Oriako Udalak, baina ez dago ados arrazoiekin
Euskara diru laguntzetarako irizpide izatea ezetsi zuen Auzitegi Gorenak, eta Lasarte-Oriako Udalak horrekin lotutako adierazpen instituzionala plazaratu du gaur.
Auzitegi Gorenaren epaia «errespetatuko» du Lasarte-Oriako Udalak, baina ez dago ados arrazoiekin. Euskara diru laguntzetarako irizpide izatea ezetsi zuen Auzitegi Gorenak, eta Lasarte-Oriako Udalak horrekin lotutako adierazpen instituzionala plazaratu du gaur.
2017. urtean Lasarte-Oriako Udalak (Gipuzkoa) elkarteei diru laguntzak emateko baldintza gisa jarri zuen hamasei urtetik beherakoentzako jarduerak euskaraz izatea. Ekainean, irizpide hori bertan behera utzi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak, eta, Udalak gaur adierazi duenez, «errespetatuko du Auzitegi Gorenak emandako epaia, baina ez dago ados hark emandako arrazoiekin». Lasarte-Oriako Udalaren arabera, sententziak ez ditu «aintzakotzat hartzen udalek hizkuntza politiken alorrean dituzten eskuduntzak», eta, gainera, «hizkuntza berdintasunaren oinarrizko printzipioaren aurka egiten du». Udalak adierazi duenez, bere helburuetako bat da «belaunaldi berriak ahalik eta elebidunenak» izatea, eta, hori lortzeko, eskolaz kanpoko jarduerak euskaraz eskaintzeko «ahalegin handia» egin du. Horregatik, Udalak «bere helburua eta hizkuntza politika mantenduko du», bi bide prestatuz. Batetik, sustapen neurriak hartuko ditu: «Aurreko 30 urteetan bezala, neurri sustatzaileak hartuko ditu eskola orduez kanpoko jarduera horietan euskara gero eta gehiago erabil dadin». Bestetik, lege neurriak hartuko ditu: «Auzitegi Gorenaren epaiak Udalaren ordenantzan ezarritako baldintza indargabetzen badu ere, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean ari da horren ordezko formularik zuzenena zein izango den zehazten». Lasarte-Oriako Udalak adierazi du «aipatutako ordenantzan jasotako baldintzak ez duela zerikusirik herritarrak diskriminatzearekin». Horrez gain, gehitu du Udalaren helburua dela «inor ez diskriminatzea», eta adierazi du horretarako lagungarria dela «bi hizkuntzak irakaskuntza sistemaren bidez bereganatzea eta ikastetxetik kanpo ahalik eta euskarazko jarduerarik gehiena izatea».
2020-7-13
https://www.berria.eus/albisteak/184266/kamioi-batek-su-hartu-du-ap-68an.htm
Gizartea
Kamioi batek su hartu du AP-68an
Ezbeharra Urkabustaiz inguruan gertatu da, eta errepidearen noranzko bat itxi dute. Ez da zauriturik egon.
Kamioi batek su hartu du AP-68an. Ezbeharra Urkabustaiz inguruan gertatu da, eta errepidearen noranzko bat itxi dute. Ez da zauriturik egon.
Kamioi batek su hartu du AP-68an, Urkabustaiz (Araba) inguruan, 17:30 aldera. Ondorioz, autobideko zirkulazioa eten dute Zaragozarako noranzkoan. Gidariak, ibilgailua errepidearen eskuinaldean gelditu, eta larrialdi zerbitzuei hots egin die. Ke beltzezko laino handi bat sortu du suteak, eta azkar hedatu da. Ez da zauriturik egon, eta ezbeharraren arrazoia ikertzen ari dira.
2020-7-14
https://www.berria.eus/albisteak/184267/zer-lehendakarigai-ibili-da-ondoen-berriaren-porran.htm
Politika
Zer lehendakarigai ibili da ondoen BERRIAren porran?
Zer lehendakarigai ibili da ondoen BERRIAren porran?.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako lehendakarigaiei elkarrizketak egitean, emaitzez porra bat egitera animatu zituen BERRIAk. Ezkutuan egingo zuten, orria gutun azal batean sartu eta BERRIAk bozen biharamunean —gaur— zabalduko zituen. Maddalen Iriarte (EH Bildu), Miren Gorrotxategi (EP), Idoia Mendia (PSE-EE) eta Jose Ramon Becerra (Equo Berdeak) animatu ziren egitera; Iñigo Urkullu (EAJ), berriz, ez, esanda ez dituela egiten halako ariketak. Carlos Iturgaizek (PP-C's) ez zuen eman elkarrizketarik. Legebiltzarkide kopuruen desbideraketa formulatzat hartuta, Iriarte ibili da ondoen: lauko desbideraketa izan du. Becerrak hamarrekoa, Mendiak hamabikoa eta Gorrotxategik hamaseikoa. Norberaren taldeari aurreikusitako legebiltzar kopuruan ere, Iriarte ibili da ondoen: 22 aulki aurreikusi zizkion EH Bilduri, eta 22 lortu ditu. Mendiak 12 eman zizkion PSE-EEri, eta 10 eskuratu ditu. Becerrak jarri zuen 2 aulki lortuko zituztela Equo Berdeek, eta ez dute batere lortu. Gorrotxategik 11 eserleku eman zizkion EPri, eta 6tan geratu dira. Guztiek aurreikusi zuten EAJ izango zela lehen indarra; 25 eta 30 legebiltzarkide artean eman zizkioten, eta 31 atera ditu, aurreneko indarra izanik. Becerra eta Iriarte ibili dira hor hurbilen, 30na emanda. Voxi buruz, laurek jarri zuten ez zuela aulkirik lortuko, baina 1 eskuratu du. Lau lehendakarigaiek betetako orriak, eta emaitza
2020-7-13
https://www.berria.eus/albisteak/184268/desertuko-ura-baino-ederragoa.htm
Kirola
Desertuko ura baino ederragoa
Realak garaipen garrantzitsua eskuratu du Vila-realen: 1-2. Estrategiako jokaldi banatan sartu dituzte bi golak txuri-urdinek; Willian Josek eta Llorentek sartu dituzte, buruz.
Desertuko ura baino ederragoa. Realak garaipen garrantzitsua eskuratu du Vila-realen: 1-2. Estrategiako jokaldi banatan sartu dituzte bi golak txuri-urdinek; Willian Josek eta Llorentek sartu dituzte, buruz.
Ahitzen ari zitzaizkionean berreskuratu ditu indarrak. Realari luze egiten ari zitzaion liga amaiera arteko bidea, eta Europako helmugara ezin iristearen pentsamenduetan murgiltzen hasia zen, ezkor. Vila-realetik igaro behar zuen, gainera, azken neurketatan bisitarientzat urik gabeko iturria izan den lekutik. Nola diren gauzak, ordea: hantxe ase du garaipen egarria. Desertuko ura baino ederragoa iruditu zaio lehorteari akabera eman dion puntu sorta, 1-2 irabaziz. Ofizioa erakutsi, eta garaipenaren bila atera da hasieratik Reala. Zelaian ondo kokatu da, eta azkar aurkitu du bere lekua. Ordu laurdena bete zenerako, aise ari ziren txuri-urdinak, eta baloia edukitzea izan dute helburu jokoaren gidaritza hartzeko asmoz. Etxeko taldeak lanak izan zituen nahieran aritzeko, eta igarri egin du aurreko jokalarien falta. Gerard Moreno golegile nagusiaren hutsuneak itsasargi gabe utzi zuen Vila-real. Hala, gutxika-gutxika, aurrera egin du Realak, eta aurkaria baino erasokorrago aritu da. Ander Barrenetxearen jokaldi bikain bat adibide; erdilari donostiarrak aise eraman du baloia aurkariaren area barruraino, eta, zenbait kontrariori izkin egin ostean, ez du asmatu ate aurrean. Lehen zatian horixe falta izan zitzaion Imanol Alguacilen taldeari: eraginkortasuna. Gerturatu da horien atera, arriskua sortu du, baina baloia sareratzeko gaitasunik ez du izan: batzuetan, hiru zutoinen artera bota ez dutelako; besteetan, Asenjo atezainak asmatu duelako. Reala gehiago zen jokoan, eta, lehen ordu erdian, Vila-real tantaka iritsi da Miguel Angel Moyaren ate ingurura. Arrisku gutxi sortu du, falta batean izan ezik; txuri-urdinen atezainak ondo urrundu dute baloia. Gero, partida orekatu egin den arren, bisitariek gehiagotan saiatu dira erasoan. Mikel Oiartzabalek ezker zangoarekin egindako jaurtiketa bat eta Alexander Isaken burukada bat izan dira Realak gola sartzeko izan dituen azken aukerak, atsedenaldiaren aurreko minutuetan. Hutsean amaitu zen lehendabiziko zatia. Talde bakoitzak bazekien zertan zuen hobetua, eta horretan sakontzeko asmoz itzuli dira zelaira. Vila-real, baloiarekin patxada gehiagoren bila; txuri-urdinek, berriz, gola behar zuten, eta Imanolek Willian Joseri eman dio bere aletxoa jartzeko abagunea. Brasildarrak aprobetxatu egin du aukera. Partida 61. minutuan zela, Martin Odegaardek ondo jaurti du korner bat, eta aurrelariak, buruz, sareetara bota du baloia. Handik aurrera, ofizioa erakutsi du Donostiako taldeak. Vila-real saiatu da gerturatzen, baina alferrik, Realak handitu baititu aldeak. Estrategia jokaldi batean izan da, beste behin, korner batean; Diego Llorentek bakar-bakarrik errematatu du, baloia sareratuz. 74. minutua zen. Eroso ari zen Reala, eta haizea alde zuela, minutuak igarotzea beste asmorik ez zuen. Handik gutxira, gauzak okertu zaizkio, ordea; Santi Cazorlak aldeak murriztu du 84. minutuan, eta Realak sufritu egin behar izan du. Neurketaren hondarrean, ondo eutsi diote markagailuari, eta garaipena eskuratu dute azkenerako. Europarako bidean hiru puntu oso garrantzitsu txuri-urdinentzat.
2020-7-13
https://www.berria.eus/albisteak/184269/ezin-arnasarik-hartu-oraindik.htm
Kirola
Ezin arnasarik hartu oraindik
Alavesek ez du baliatu salbazioa lotuta uzteko aukera, Getaferen aurka berdindu baitu etxean. Oso aukera gutxiko neurketa izan da, eta VAR-ak gol bat baliogabetu die kanpokoei.
Ezin arnasarik hartu oraindik. Alavesek ez du baliatu salbazioa lotuta uzteko aukera, Getaferen aurka berdindu baitu etxean. Oso aukera gutxiko neurketa izan da, eta VAR-ak gol bat baliogabetu die kanpokoei.
Sufritzen jarraitu beharko du Alavesek mailari eutsi ahal izateko. Urrats ia erabakigarria egin zezakeen, Mendizorrotzan, Getaferen aurka. Eta eman du pauso bat, baina ez behar bezain handia: puntu bakarra urratu du. Helburura gerturatzeko balio dio, baina salbazioa eskuetan eduki artean, ez dago bakerik. Behintzat, apur bat indartuta iritsiko da Arabako taldea azken bi jardunaldietara. Duin aritu zen Real Madrilen zelaian, eta oraingoan parez pare lehiatu da Europan sartzeko borrokan bete-betean sartuta dagoen aurkari batekin. Horrekin batera, ale bat zakuratu du, sei jardunaldiko idortearen ostean. Bi taldeek zuten asko jokoan, eta ondorioz, zuhurtzia ausardiaren aurretik jarri dute. Baloiarekin arriskurik ez hartzen saiatu dira; edozein zalantzaren aurrean, baloikada bat, eta kito. Berez joko landurik egiten ez duten bi talde dira, eta presiopean egonik, are gehiago baztertu dituzte apaindurak. Latz izerditu behar dute metro eta baloi bakoitza irabazteko. Berdegunea mina zelai bihurtuta, lan oso nekeza izan da aurkariaren areara iritsi, eta taxuzko gol aukerak sortzea. Lehen zatian, bakar bat ere ez du izan Alavesek. Ezker hegaletik saiatu da batez ere aitzinerat egiten, Marinen igoeren bidez. Ordea, apenas izan du sakontasunik. Faltaz egin ditu erdiraketa gehienak, eta Lucasen bidalketek ez dute errematatzailerik aurkitu. Kontraerasoetan, berriz, Edgar behin eta berriz gelditu da jokoz kanpo. Getafek ere ez du beste munduko ezer egin, baina gehiago eta hobeto hurbildu da arabarren areara. Hala, oso gertu izan du lehen gola atsedenaren aurretik. Bizkarrez, Molinak ondo utzi dio baloia Cucurellari, eta zutoinarekin egin du topo hegalekoaren eskuinkadak. Bi taldeak apur bat erasokorrago agertu dira aldageletatik bueltan. Lehienik, Getafe kontrako arearen inguruan paratu da, eta zenbait erdiraketa egin ditu. Haatik, sendo agertu da Alaves, eta aurrera egiten hasi da pixkanaka. Abagune garbia izan du 62. minutuan, Lucasen eskutik. Edgarrek ondo borrokatu du baloi luze bat, eta ate aurrean bakarrik utzi du aurrelari galiziarra. Halakoak barrura bidaliko zituzkeen orain dela hilabete batzuk, baina ez da hala izan; Cabacok bikain moztu du. Lasaitua VARari esker Arabarrek maiz kritikatu izan dute VAR sistema, baina hari eskerrak irten dira onik. 86. minutua zen, eta aulkitik ateratako Durok gol ikusgarria egin du, zutoinean jotako baloi bat jaso eta gero. Atzelariek Mataren eskua eskatu dute, baina epaileak ez du adierazi. Harik eta errepikapena ikusteko esan zioten arte. Ez du zalantzarik izan, eta baliogabetu egin du gola. Lasaitu ederra hartu dute gasteiztarrek. Luze jo du luzapenak –bederatzi minutukoa izan da–, eta ireki egin da lehia. Alavesek, ordea, ez dusalbazioa emango ziokeen gola aurkitu.
2020-7-14
https://www.berria.eus/albisteak/184302/asdfghjkl.htm
Gizartea
Asdfghjkl
Navaridasen (Araba) eta Ermuan (Bizkaia) izan ezik, gainerako herri guztietan irabazi dute alderdi abertzaleek. Barruti gehienetan egin du gora EH Bilduk, eta erakutsi du tartea baduela gehiago hazteko.
Asdfghjkl. Navaridasen (Araba) eta Ermuan (Bizkaia) izan ezik, gainerako herri guztietan irabazi dute alderdi abertzaleek. Barruti gehienetan egin du gora EH Bilduk, eta erakutsi du tartea baduela gehiago hazteko.
Mapa ia monokromatiko bat utzi dute igandeko bozek. Erabat nagusitu da alderdi abertzaleen berdea, baina, duela lau urteko emaitzekin alderatuta, batzuen eta besteen tonalitateetan nabari da aldaketarik. EH Bildurena indartu egin da: hori antzeman daiteke Bizkaiko ekialdean eta Gipuzkoa osoan, eta hiriburuetako zenbait auzotan ere bai. BERRIAk bere webgunerako landu duen mapa berezian ikus daiteke hori: aplikazio horrek aukera ematen du herrietako emaitzak auzoz auzo eta bozkalekuz bozkaleku ikusteko, eta duela lau urteko emaitzekin alderatzeko; hona hemen ondorio batzuk: Hemen jarri liteke beste zerbait.
2020-7-14
https://www.berria.eus/albisteak/184303/torrenten-telefonoa-espiatu-zuten-soilik-gobernuen-esku-dagoen-programa-batekin.htm
Mundua
Torrenten telefonoa espiatu zuten, soilik gobernuen esku dagoen programa batekin
2019an Whatsapp aplikazioak izan zuen akats bat baliatu zuten telefonoan sartzeko. Kataluniako Parlamentuko presidenteak «Espainiako Estatuari» egotzi dio erasoa.
Torrenten telefonoa espiatu zuten, soilik gobernuen esku dagoen programa batekin. 2019an Whatsapp aplikazioak izan zuen akats bat baliatu zuten telefonoan sartzeko. Kataluniako Parlamentuko presidenteak «Espainiako Estatuari» egotzi dio erasoa.
Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentearen sakelako telefonoari eraso zioten Pegasus programarekin. Israelgo NSO teknologia konpainiak garatutako espioitza programa bat da, eta gobernuek eta segurtasun indarrek eros dezakete soilik. The Guardian eta El País egunkariek egindako ikerketa baten arabera, 2019ko apirilaren eta maiatzaren artean, Whatsapp aplikazioak izandako akats bat baliatu zuten programa hori munduko 1.400 telefonotan sartzeko. Bideo dei galdu bat zen amarrua. Torontoko Unibertsitateko (Kanada) Citizen Lab zibersegurtasun taldeak ikertu zuen berehalako mezuetarako aplikazioak izan zuen akatsa. Whatsappek espioiek eraso zieten telefonoak pasatu zizkion ikerketa taldeari, eta haiek eman zuten Pegasusen berri. Pegasusek aukera ematen du deiak entzuteko, mezuak irakurtzeko, disko gogorrera sartzeko, pantaila argazkiak egiteko, nabigazio historia arakatzeko eta kamera eta mikrofonoa aktibatzeko. Ehunka telefono kontrolatzeko aukera izan zuten. Haien artean, Kataluniako Parlamentuko presidentearena: «Ikerketak identifikatu du zenbaki hori Roger Torrent jaunarena dela», adierazten du Citizen Laben analisiak. Torrent «monitorizatu» zutela erakusten duten «hainbat froga» jaso dituzte. Pegasus Torrenten telefonoan sartu zuten garaian, hark lekuko gisa deklaratu zuen Espainiako Auzitegi Gorenean, Kataluniako buruzagi independentisten kontrako epaiketan. «Gauza arraroak nabaritzen nituen. Whatsappeko mezuak eta elkarrizketen historiak ezabatzen zitzaizkidan. Ingurukoei ez zitzaien halakorik gertatzen», azaldu die politikariak bi egunkariei. Erasoa «Espainiako Estatuari» egotzi dio. Citizen Labek adierazi du zaila dela jakiten zer-nolako informazioa hartu zuten Torrenten telefonotik. «Pegasusen helburu bat aurkitzen duzunean, gobernu baten aztarnak aurkitzen dituzu». Espainiako Gobernuak The Guardian-i eta El País-i esan die ez dutela horri buruzko informaziorik, eta Espainiako Poliziak eta Barne Ministerioak ez die erantzun. Whatsappek salaketa bat jarri zuen NSO konpainiaren aurka, baina hark esan zuen ez zuela zerikusirik instalazio harekin. Anna Gabriel CUPeko parlamentari ohiak eta Jordi Domingo Tarragonako Diputazioko (Herrialde Katalanak) langileak eta ANCko eta PDeCATeko kideak salatu dute euren telefonoei ere egin zietela eraso. Domingori Citizen Labetik deitu zioten horren berri emateko. Gabriel Suitzara joan zen, 2018an; atxilotzeko agindua du Espainiako Estatuaren esku dauden lurraldeetan.
2020-7-14
https://www.berria.eus/albisteak/184304/beste-27-kasu-baieztatu-ditu-jaurlaritzak.htm
Gizartea
Beste 27 kasu baieztatu ditu Jaurlaritzak
Tolosan sei kasu atzeman dituzte, Ordiziako agerraldiarekin lotutakoak. Denera, 75 dira foku harekin zerikusia dutenak. Getarian, azken egunetan lau kasu baieztatu ostean, bihar hasiko dira PCR probak egiten.
Beste 27 kasu baieztatu ditu Jaurlaritzak. Tolosan sei kasu atzeman dituzte, Ordiziako agerraldiarekin lotutakoak. Denera, 75 dira foku harekin zerikusia dutenak. Getarian, azken egunetan lau kasu baieztatu ostean, bihar hasiko dira PCR probak egiten.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, beste 27 positibo baieztatu dituzte. Horietako hamalau Gipuzkoan izan dira: sei Tolosan, bi Andoainen eta Getarian, eta bana Aizarnazabalen, Elgoibarren, Hernanin eta Irunen. Bizkaian, aldiz, 11 kasu atzeman dituzte (bost Bilbon), eta Araban bi. Osakidetzak azaldu duenez, Tolosan atzemandako kasuak Ordiziako agerraldiarekin lotutako «bigarren mailako kutsatzeak» dira, eta denera, 75 dira foku harekin lotutakoak. Positibo horien kontaktuak ikertzen ari dira, «adarkatze berriak gertatuko balira ere». Gaineratu dute agerraldi honen sorburua ez dela ostalaritza. Getariako Udalak (Gipuzkoa), berriz, bi kasu positiboren berri eman zuen atzo, baina, Haritz Alberdi Getariako alkateak BERRIAri jakinarazi dionez, beste bi kasuren berri ere izan dute. Beraz, lau kasu atzeman dituzte, gaur-gaurkoz, herri horretan. Hala ere, Udalak adierazi du kasu horien berri ez dutela izan Eusko Jaurlaritzako Osasun sailaren bidez, eta eskari bat egin diote: «Eskatzen dugu, mesedez, zuzenean emateko Getarian izan daitezkeen positibo kasuen berri, eta jakitera emateko zer neurri hartuko diren herritarren osasuna bermatzeko». Hain zuzen, Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gaur eguerdian agerraldia egingo du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako azken datuen berri emateko, eta baliteke zerbait esatea Getariako kasuaren inguruan. Bien bitartean, martxan jartzeko erabakia hartu zuen udalak atzo bertan, eta herriko osasun etxearekin eta Osasun Sailarekin harremanetan jarri zen, eta, dirudienez, protokoloa martxan jarri zuten. Besteak beste, agerraldi posiblearen hasiera identifikatzea da helburuetako bat, eta positibo eman duten pertsonekin zuzeneko harremana izan dutenei PCR probak egitea osasun etxean. Hala ere, «lasaitasun» mezua helarazi die herritarrei, eta eskatu diete babes neurriak hartzeko. Kasu horiek Kale Nagusiko Politena tabernarekin lotura izan dezaketelakoan, uztailaren 9tik 12ra bitartean han egon zirenekin harremanetan jarri nahi dute. Hala, bakoitzaren herriko osasun zentroarekin harremanetan jartzeko eskatu diete Urola Kostako herritarrei, eta 900-20 30 50 telefonora deitzeko gainerakoei. Horiei PCR proba egiteko ordu bat emango diete. Bihar hasiko dira lan horiekin, udal kiroldegian: 09:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 17:00etara. Azpeitian, kezkatuta Azpeitian (Gipuzkoa) ez dago COVID-19aren positibo kasurik oraingoz, baina udalak adierazi du «kezkatuta» daudela asteburuetan gertatzen ari diren jende pilaketekin. «Joan den astebururako hainbat neurri adostu genituen tabernariekin; besteak beste, tabernako edukiera zorrotz kontrolatu da. Hala ere, ez da nahikoa izan, eta pilaketak sortu dira». Beraz, ohartarazi du «egoera aztertuko duela eta neurri berriak hartuko dituztela» aste honetan. Erantsi du ezin dela ahaztu osasun larrialdia oraindik hor dagoela eta guztien ardura dela prebentzio neurriak hartzea. «Erabili maskara, mantendu distantzia, saihestu jende pilaketak eta eskuak sarri garbitu. Guztion osasuna dago jokoan, egizu zugatik eta egizu herritar guztion osasunagatik». Bi haur, kanpaleku batean Saldueroko (Gaztela eta Leon, Espainia) agerraldian atzemandako hamabi kasuen artean Hego Euskal Herriko bi haur daude —beste batek negatibo eman du PCR proban—. Igandean baieztatu zuten lehen kasua, herri hartako haurrentzako kanpaleku batean. Gauzak hala, COVID-19a dutela baieztatutako kasuetatik hamar 7 eta 12 urte arteko haurrak dira.
2020-7-16
https://www.berria.eus/albisteak/184305/uztailaren-12ko-emaitzen-gainean-hegan-hamar-gako-hamar-eremutan.htm
Politika
Uztailaren 12ko emaitzen gainean hegan: hamar gako hamar eremutan
Jarraitu pantailan behera, Eusko Legebiltzarrerako uztailaren 12ko bozetako emaitza xeheen azterketa irakurtzeko, atalez atal eta herriz herri. Firefox erabiliz gero, sakatu geziak gora eta behera mugitzeko.
Uztailaren 12ko emaitzen gainean hegan: hamar gako hamar eremutan. Jarraitu pantailan behera, Eusko Legebiltzarrerako uztailaren 12ko bozetako emaitza xeheen azterketa irakurtzeko, atalez atal eta herriz herri. Firefox erabiliz gero, sakatu geziak gora eta behera mugitzeko.
Uztailaren 12ko emaitza guztiak kontsultatu litezke BERRIAren webgunean, baita herrialde bakoitzeko eta herri bakoitzeko emaitzak ere. Mapa interaktiboak ere landu ditu kazeta honek, hauteskundeen emaitzak zein botoaren bilakaera herriz herri aztertzeko, toki bakoitzean zein alderdi nagusitu den ikusiz. Mapetan azter liteke, halaber, 2016tik 2020ra herri bakoitzean alderdi bakoitzaren botoa nola aldatu den, eta parte hartzeak zer-nolako bilakaera izan duen; goranzko eta beheranzko joerak antzeman litezke mapa horretan. Hauteskunde-atal bakoitzean zer emaitza izan diren ere ikus liteke beste mapa honetan; hauteskunde ataletan batzen dira errolda barruti batean bildutako datuak, bozkalekuetakoak —hauteskunde mahai bat edo gehiago bil daitezke atal bakoitzean—. Badira 22 urte Eusko Jaurlaritzak gehiengo osorik gabe gobernatu duela, 1994-1998ko agintalditik Jaurlaritzako alderdiak ez baitira iritsi Eusko Legebiltzarreko botoen erdiak baino bat gehiago edukitzera. Hurrengo agintaldian gehiengo osoarekin agintzeko aukera izango dute. EAJk (+4) eta PSE-EEk (+1) ordezkaritza handitu dute, eta 41 eserleku dituzte Eusko Legebiltzar berrian, erdiak baino hiru gehiago. Gobernua osatzeko akordioa eginez gero, oztopo handirik gabe gobernatuko dute, eta bi alderdiak agertu dira gobernu koalizioa berriz osatzeko prest. Abstentzioa izan da hauteskundeetako beste protagonista. Eusko Legebiltzarrerako boz batzuetan sekula ez da izan horren parte hartze txikia. Herritarren erdiak soilik joan dira botoa ematera (%53), eta 21 herritan —tartean, Bilbo eta Gasteiz— %50etik beherakoa izan da parte hartzea. Bozkalekuen %4,5ean, gainera, parte hartzea oraindik eta txikiagoa izan da: %40 baino apalagoa. Vox izan da parte hartze txiki horretaz baliatu den alderdietako bat, Araban 4.722 boto eskas lortuta atera baitu ordezkari bat legebiltzarrerako, eta boto horietatik gehienak Gasteizen lortu ditu, parte hartzerik txikiena izan den hirietako batean. Espainian arreta jarria duten alderdiek parte hartzearekin batera egin dute behera. Esanguratsuak izan dira Elkarrekin Podemos eta PP+Cs koalizioen jaitsierak, duela lau urteko botoen erdiak baino gehiago galdu dituztelako. PSE-EEk, bai, eutsi die botoei, galera txiki batekin. Alderdi abertzaleek, berriz, ordezkaritan gora egin dute, nahiz eta EAJk ia 50.000 boto galdu. Izatez, EH Bildu izan da botoak irabazi dituen bakarra (+23.000 inguru). Horrela, alderdi abertzaleek Eusko Legebiltzar berriko eserlekuen %70 izango dituzte. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiru hiriburuetan EAJ izan da nagusi, baina EH Bilduk igoerak izan ditu bozkaleku askotan, eta duela lau urte baino toki gehiagotan nagusitu da.
2020-7-14
https://www.berria.eus/albisteak/184306/kontsumoaren-suspertzeak-inflazioaren-jaitsiera-eten-du.htm
Ekonomia
Kontsumoaren suspertzeak inflazioaren jaitsiera eten du
Produktu gehienen prezioek gora egin dute, maiatzeko eta apirileko datuekin konparatuta, baina erregaien kontsumoa apala da oraindik.
Kontsumoaren suspertzeak inflazioaren jaitsiera eten du. Produktu gehienen prezioek gora egin dute, maiatzeko eta apirileko datuekin konparatuta, baina erregaien kontsumoa apala da oraindik.
Konfinamendu neurrien amaierak kontsumoaren igoera ekarri badu ere, inflazioa 0tik behera dago oraindik ere Hego Euskal Herrian. Hala dago martxotik, eta 2015az geroztik ez dira prezioak azken hilotan bezainbeste jaisten. Maiatzean baino hiru hamarren txikiagoa da ekaineko KPIa, lau lurraldeetan: -0,5ean dago. Aldaketa apal hori hori gertatu da hainbat produkturen eta zerbitzuren kontsumoa handitu egin delako, eta, horrekin batera, gora egin dutelako horien prezioek. Elikagaien prezioak goraka ari dira, koronabirusaren krisia hasi zenetik hilero gertatzen ari den moduan. Alor horretan, prezioak iazko ekainean baino %3,6 handiagoak dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %2,9 Nafarroan. Aurreko hilekoekin konparatuta, baina, pixka bat merkatu dira: %0,4 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %0,8 Nafarroan Ekainean, halaber, ostalaritza zerbitzuen kontsumoa ere igo egin da, bereziki taberna eta jatetxeetakoa. Alor horretako produktuak iaz baino %1,4 garestiagoak dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %2 garestiagoak Nafarroan. Arropen kontsumoa eta aisialdiarekin loturiko zerbitzuen kontsumoak ere gora egin du ekainean. Erregaien eragina Atal horietan kontsumoa igo egin bada ere, hori ez da nahikoa izan joerari buelta emateko, eta hori bereziki gertatu da erregaien, argindarraren eta uraren kontsumo apalengatik, jarduera ekonomikoa ez baita %100era itzuli. INE Espainiako Estatistika Instituzioak jasotzen dituen ataletatik bakarra da prezioek behera egin dutena. Iazko urtekoekin konparatuta, %9,8 merkeagoak dira produktu horiek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %14,1 merkeagoak Nafarroan. Dena dena, goranzko joera bat nabari da, maiatzeko prezioekin konparatuta: %5,7 garestitu dira lau lurraldeetan.
2020-7-14
https://www.berria.eus/albisteak/184307/eajk-irailean-hasi-nahi-du-neurri-zehatzak-hartzen.htm
Politika
EAJk irailean hasi nahi du «neurri zehatzak» hartzen
Andoni Ortuzarrek adierazi du PSE-EErekin azken legegintzaldian egindako gobernu itunak «ongi» funtzionatu duela.
EAJk irailean hasi nahi du «neurri zehatzak» hartzen. Andoni Ortuzarrek adierazi du PSE-EErekin azken legegintzaldian egindako gobernu itunak «ongi» funtzionatu duela.
Andoni Ortuzar EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak «harreman joria» du Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiarekin. «Hitz egin dugu jada», esan du EAJko buruzagiak, gaur, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean. Bi alderdiek agertu dute EAEko datorren legegintzaldian gobernu ituna berriz baliatzeko asmoa, baina Ortuzarrek nabarmendu du oraindik ez dituztela hasi horretarako negoziazio formalak. «Hauteskundeetako emaitzak behin betikoak direnean ekingo diogu», adierazi du. Hau da, ostiraletik aurrera. Eta Ortuzarrek helburu bat dauka: irail hasierarako Eusko Jaurlaritza osatuta egotea. «Herrialdeak ezin du itxaron. Neurri ekonomiko eta sozial zehatzak hartu behar dira». EAJk gobernu «indartsu bat» osatu nahi du, Ortuzarren esanetan, eta iruditzen zaio PSE-EEk ere «ikuspegi bera» duela. «Koalizio gobernuak ongi funtzionatu du» nabarmendu du. Negoziazioa ez da zentratuko, EBBaren buruaren hitzetan, sail banaketan. «Egoera politikoa antzekoa da, baina gainontzekoa ez». Pentsatzen du irailetik aurrera «pandemiaren errealitatera» egokitutako «zerbitzu publiko zuzen batzuk» bermatu beharko direla. «Aktore berak gara, baina gauza diferenteak egin behar ditugu». Gobernu programa horren arabera erabakiko dute, Ortuzarrek dioenez, «nork egin dezakeen hobeto sail bakoitzean, baita nor sentitzen den erosoago erantzukizun horietan». Bi indar politikoek akordio bat lortuko dutelakoan dago. EAJk gora egin du azken hauteskundeetan, eta 31 eserleku atera ditu; 2016koetan baino hiru gehiago, nahiz eta ia 50.000 boto gutxiago lortu. PSE-EEk ere gora egin du boto portzentajean, baina jarleku bakar bat irabazi du; hamar izango ditu, gehiago lortzea aurreikusten zuen arren. Datorren legegintzaldian «aurrerapauso bat» eman nahi du EAJk, «autogobernuaren kalitateari eta kopuruari» dagokienez. «Horrek bateragarria izan behar du indarrean dagoen legezkotasun printzipioarekin». Proposatu du azken legegintzaldian autogobernu lantaldeko adituek egindako «txostena abiapuntutzat» hartuta, aurrera egitea, «modu adostuan», Gernikako Estatutuaren «erreforman». Azken lau urteotako «gobernu ardatzetik» haratagoko «oposizio alternatibak» egongo direla espero du Ortuzarrek. EH Bildu izan da hauteskundeetan gorantz gehien egin duen indarra: 2016ko bozetan hemezortzi legebiltzarkide irabazi zituen, eta herenegungoetan 22. Ganberako bigarren indarra da. Ortuzarrek baztertu egin du koalizio independentistarekin akordio bat lortzea: «Oposizioan alternatiba arrazoizko bat baldin badago, guk EH Bildurekin hitz egingo dugu». Abagunea baliatu du mezu bat helarazteko Maddalen Iriarte lehendakarigai izan duen koalizioari:«Ezkerretik pasatu nahiko gaitu, baina [EH Bilduk] ez digu irabazten erabakitzeko eskubidean, ezta politika aurrerakoiak mahai gainean jartzeko orduan». Ahal Dugu eta gobernabidea Pilar Garrido EAEko Ahal Dugu-ren idazkari nagusiarentzat, «Euskadirentzako aukera onena da» EP Elkarrekin Podemosek, EH Bilduk eta PSE-EEk gobernua osatzea. «Zenbakiek ematen dute», adierazi du, gaur, hauteskundeetako emaitzak baloratzeko egindako agerraldian. EP koalizioak danbatekoa hartu du bozetan: 2016koetan, 11 eserleku lortu zituen, eta, oraingoan, sei. Duela lau urte, 157.334 boto lortu zituen, eta, 2020koetan 71.759. Hain zuzen, Garridok gaur plazaratutako mezuan oinarritu zuen kanpaina Miren Gorrotxategi EPren lehendakarigaiak. Emaitzak gorabehera, hiru indarren artean gobernua osatzeko asmoa «berretsi» du Garridok. Haren esanetan, «lehen pausoa» eman dute, EH Bildurekin eta PSE-EErekin harremanetan jarri baitira jada. Azaldu diete «modu serio eta zintzo batean lan egiteko prestasuna» dutela. Hauteskundeetan lortutako emaitzak ez dira izan Ahal Dugu-k «espero» zituenak, Garridoren arabera. «Ez dituzte gure espektatibak bete». Uste du, dena den, EPk «egonkortutako zoru bat» duela. Pentsatzen du ez dela «botoen ihes bat» gertatu, baizik eta EP «geldialdi fase batean» dagoela. Autokritika egin du Ahal Dugu-ren idazkari nagusiak. «Ahal Dugu-k antolakuntza azpiegitura ahula du. Agian, presaka ibili gara, ez dugu arretarik jarri azpiegitura osatzeko orduan». Garridoren iritziz, horrek kalte egin die azken hauteskundeetan. Nolanahi ere, «ikuspuntu politikotik» indar «fidagarria» direlakoan dago. «Hori ikusi ahal izan da egon garen instituzioetan».
2020-7-14
https://www.berria.eus/albisteak/184308/artikoko-kasko-polarra-erdira-murriztu-da-40-urtean.htm
Gizartea
Artikoko kasko polarra erdira murriztu da 40 urtean
1980an, 7,6 milioi kilometro koadro zeuden Artikoan; 2019an, berriz, 4,1. Horrez gain, izotz geruza gero eta meharragoa da, eta neguan azkarrago urtzen da.
Artikoko kasko polarra erdira murriztu da 40 urtean. 1980an, 7,6 milioi kilometro koadro zeuden Artikoan; 2019an, berriz, 4,1. Horrez gain, izotz geruza gero eta meharragoa da, eta neguan azkarrago urtzen da.
Artikoko kasko polarra erdira murriztu da 40 urtean. Hala jakinarazi du Errusiako Rosgidroment hidrometeorologia agentziako zerbitzuburu Igor Shumakovek. «2007an, Artikoko izotz geruzaren zabalera minimo historikora heldu zen: 4,19 milioi metro koadrora», nabarmendu du Shumakovek. Hala, azken urtetako datuak ere eman ditu. 2012an, 3,35 milioi kilometro koadro izotz zeuden, eta 2019an, berriz, 4,1 milioi kilometro koadro. 1980ko datuekin alderatuta, erdia da hori. Izan ere, 1980an, 7,6 milioi kilometro koadro izotz zeuden, eta 1983an, berriz, 7,28. Shumakovek nabarmendu du, gainera, urtetik urtera izotz geruza gero eta meharragoa dela eta Errusia iparraldeko itsasoetako bankisa ia desagertu egin dela. «Neguan, urtaroari dagokion izotz geruza lodi batez estaltzen da Ipar Itsasoa, baina izotza eratzen eta desagertzen den denbora aldatu egin da. Gaur egun, urrian eta azaroan sortzen da, eta maiatzean urtzen da. Hori, batez ere, Txukotkako itsasoan nabaritzen da», azpimarratu du. Zientzialarien arabera, klima aldaketak batez ere Artikoan du eragina, eskualde horretan batezbesteko globala baino lau aldiz azkarrago igotzen baita tenperatura. Espedizioak egiteko zailtasuna Izotzaren urtzeak bertzeak bertze Ipar Polorako espedizio tradizionalak egiteko zailtasuna sortzen duela nabarmendu du Roman Vilfande Rosgidroment hidrometeorologia agentziako ikerketa arduradunak. «Gaur egungo baldintzetan, ezinezkoa da iceberg bat aurkitzea», nabarmendu du Vilfrandek. Nabarmendu du icebergek apurtzeko arrisku handia dutela eta, ondorioz, arriskutsua dela espedizioak egitea.
2020-7-14
https://www.berria.eus/albisteak/184309/gipuzkoako-foru-aldundiak-onartu-egin-du-beasain-bergara-arteko-autobian-bidesaria-ezartzea.htm
Ekonomia
Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu egin du Beasain-Bergara arteko autobian bidesaria ezartzea
Hiru arkuren bidez egingo da ordainketa, geratu gabe, eta espero dute sistema martxan egotea 2020. urtea amaitzerako. Deskonturik gabe, 2,53 euro kostako da errepideak dituen 23 kilometroak gurutzatzea.
Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu egin du Beasain-Bergara arteko autobian bidesaria ezartzea. Hiru arkuren bidez egingo da ordainketa, geratu gabe, eta espero dute sistema martxan egotea 2020. urtea amaitzerako. Deskonturik gabe, 2,53 euro kostako da errepideak dituen 23 kilometroak gurutzatzea.
«Erabiltzen eta kutsatzen duenak ordaindu egin behar du; logika hori da aplikatu dugu». Hala azaldu du Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Bide Azpiegituretako foru diputatuak Beasain eta Bergara arteko A-636 errepidean bidesaria jartzeko erabakia: «Zerga orokorren bidez, ez gara iristen errepideek eskatzen dituzten artapen eta hobekuntzak egitera; beharrezkoak dira baliabide gehiago». Autobia osoa izango da ordainpekoa, eta hiru arkuren bidez egingo dira ordainketak, Gipuzkoan lehen aldiz ezarriko den free flow sistemaren bidez. Erabiltzaileek ez dute geratu beharko, eta sistema elektroniko horrek identifikatuko du ibilgailua Abiatu eta ViaT txartelen bidez edo matrikularen bidez. Ibilgailu guztiek ordaindu beharko dute bidesaria, arinek eta astunek. Horretarako, arku berriak jarriko dituzte Beasainen eta Ezkio-Itsason; Deskarga mendatean jada jarrita dagoenari gehituko zaizkio. Beasain-Bergara errepidea berria da —2019ko martxoan zabaldu zuten—, 23 kilometro luze da, eta, oraingoz, doakoa da. Dena den, Foru Aldundiak hasieratik erakutsi du autobia hori ordainpeko bihurtzeko asmoa, eta joan den urteko azaroan hartu zuen gaur Gobernu Kontseiluak berretsi duen erabakia. Orain, Batzar Nagusietan eztabaidatu beharko dute foru arau proiektua; Oiarbidek azaldu du duela hilabete inguru bildu zela gainontzeko talde politikoekin, eta oraingoz ez duela haien ekarpenik jaso. Lege proiektuak ordainketa ezartzeko epea 2022ko ekainera artekoa dela badio ere, espero dute sistema abian egotea 2020. urtea amaitzerako. 2,53 euro Bidesariaren kostuaren inguruan ere jardun du Oiarbidek. Deskonturik gabe, Beasaindik Bergarara joateak (edo alderantziz) 2,53 euro balioko du ibilgailu arinentzat. Dena den, bide azpiegituretako diputatuak azaldu du Abiatu sistemaren bidez deskontuak izango dituztela gipuzkoarrek, beste errepideetan dituzten berberak: egindako bidaia kopuruaren arabera, %25 eta %75 artekoak dira deskontuak, eta hilabeteko gehieneko gastua 32,34 euro da. Jarduera profesionalean dabiltzanek eta garraiolariek ez dute deskonturik izango, eta trailer bakoitzak 5,15 euro ordaindu beharko du ibilbide hori egiten duen bakoitzean. Bidesari hori garraiolariei azken urteetan N-I eta A-15 errepideetan jarritakoei gehituko zaie. Garraiolarien Hiru sindikatuak adierazi duenez, «bidesariak azpiegituren mantentze lanak kudeatzen jakin ez duten politikarien porrota dira», eta herritarrek bigarren aldiz ordaindu beharko dute Beasain-Bergara errepidea. Hiruk neurriak eskatu ditu sektorea duen egoera eskasetik ateratzeko, eta «egoera delikatu honetan aldundiak dirua biltzeko duen grina» kritikatu du: «Garraioak behar duena ez dira bidesariak».
2020-7-14
https://www.berria.eus/albisteak/184311/gizonezko-bat-atxilotu-dute-gernikan-neska-adingabe-bati-sexu-abusuak-egitea-leporatuta.htm
Gizartea
Gizonezko bat atxilotu dute Gernikan, neska adingabe bati sexu abusuak egitea leporatuta
Atzo gauean gertatu zen erasoa, Bilbo eta Bermeo lotzen dituen tren lineako bagoi batean.
Gizonezko bat atxilotu dute Gernikan, neska adingabe bati sexu abusuak egitea leporatuta. Atzo gauean gertatu zen erasoa, Bilbo eta Bermeo lotzen dituen tren lineako bagoi batean.
Ertzaintzak 35 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo gauean Gernikan (Bizkaia), neska adingabe bati sexu abusuak egitea egotzita. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren arabera, atzo gauean gertatu zen erasoa, 23:30 inguruan, Bilbo eta Bermeo (Bizkaia) lotzen dituen lineako tren bateko bagoian. Ertzaintzak jakin duenez, neska bakarrik zihoan, eta gizon gazte bat hurbildu zitzaion. Molde sexualeko keinuak egiten hasi zitzaion andreari, eta gero sexu abusua egin zion. Gizonezkoa behin eta berriz ahalegindu zen biktimari ukituak egiten. Neska bagoitik atera zen, etxera joan, eta gertatutakoa kontatu zuen; haren senideak Ertzaintzarekin jarri ziren harremanetan. Patruila bat Gernikako geltokira joan zen, eta, Jaurlaritzaren arabera, biktimak egindako deskripzioari esker, ertzainek erasotzailea identifikatu zuten. Gizonezkoak, «nolabait», gertatutakoa aitortu zuen. Sexu abusuak leporatuta atxilotu zuen Ertzaintzak.
2020-7-14
https://www.berria.eus/albisteak/184312/ovidio-ferreiraren-omenaldian-daudenak-identifikatu-eta-mehatxatu-ditu-ertzaintzak.htm
Politika
Ovidio Ferreiraren omenaldian daudenak identifikatu eta mehatxatu ditu Ertzaintzak
«Hau Espainia da, eta gazteleraz hitz egiten da», esan dio ertzainetako batek gazte bati.
Ovidio Ferreiraren omenaldian daudenak identifikatu eta mehatxatu ditu Ertzaintzak. «Hau Espainia da, eta gazteleraz hitz egiten da», esan dio ertzainetako batek gazte bati.
Ovidio Ferreira omendu dute gaur Bilbon, haren hilketaren 39. urteurrenean. Omenaldia egiten ari zirela, ordea, Ertzaintzaren bi auto eta furgoneta bat azaldu dira, eta dokumentazioa eskatzen hasi zaizkie omenaldian parte hartzen ari ziren herritarrei. Irudiak hartzen ari ziren herritarrak eta kazetariak mehatxatu dituzte. Legez kanpoko elkarretaratzea egitea eta segurtasun tartea ez betetzea leporatu diete omenaldian parte hartzen ari zirenei. Omenaldira joan den ertzainetako batek han zegoen gazte bat mehatxatu du, gainera, euskaraz mintzatzeagatik. «Hau Espainia da, eta hemen gazteleraz hitz egiten da» bota dio ertzainak. 1981eko uztailean hil zuten, tiroz, Ovidio Ferreira Martin egunkari banatzailea, 29 urte zituela. Bertsio ofizialaren arabera, ETAk hil zuen, eta ETAren biktimatzat hartzen dute agiri ofizialek. Etxebarrieta Memoria Elkarteak eta hildako gaztearen sendiak, ordea, urteak daramatzate eskatzen justizia egin dadila eta argitu dadila ez zela ETAren eskuetan hil Ferreira. Familiak dio Espainiako Poliziak hil zuela, Joaquin Gorjon guardia zibila hil ondorengo polizia operazioan. Gorjon hil zuten etakideen atzetik zihoazen poliziak, Bilboko Zazpikaleetan. Familiak dio horien aurka egindako tiro baten ondorioz hil zela Ferreira, egunkariak banatzen ari zela. Uztailaren 10a zen, eta polizia tiroka ari zen etakideen atzetik. Bi tirok Ferreira jo zuten, atari batetik irteten ari zela. Ondoren, Santiago plazan, Aurora Mugika herritarra ere zauritu zuten, balaz. Ferreira lau egunez egon zen Basurtuko erietxean, harik eta hilaren 14an hil zen arte.
2020-7-14
https://www.berria.eus/albisteak/184313/siemens-gamesako-langileek-bost-greba-egun-iragarri-dituzte.htm
Ekonomia
Siemens Gamesako langileek bost greba egun iragarri dituzte
Etzi bilduko dira zuzendaritzarekin, bigarren aldiz, eta bihar, Maria Txibite Nafarroako lehendakariarekin. Etzi, greba egingo dute, bai eta uztailaren 23an, 29an, abuztuaren 6ean eta 7an ere.
Siemens Gamesako langileek bost greba egun iragarri dituzte. Etzi bilduko dira zuzendaritzarekin, bigarren aldiz, eta bihar, Maria Txibite Nafarroako lehendakariarekin. Etzi, greba egingo dute, bai eta uztailaren 23an, 29an, abuztuaren 6ean eta 7an ere.
«Ez da gure arazo bat soilik, guztion arazoa da». Gaur, Siemens Gamesako langileek eskertu egin dute larunbatean milaka herritarrek elkartasuna adierazi izana, eta konpromiso horri eusteko beharra adierazi dute. Batetik, Siemens Gamesak funts publikotik milioika euro jaso dituelako eta, orain, «beste toki batera joatea erabaki duelako, ondorio pertsonalei eta lan arlokoei jaramonik egin gabe». Bestetik, kolore bateko eta besteko alderdiek energia berriztagarrien sektorea estrategikoa dela adierazten badute, hitzetatik ekintzetara pasatzeko dei egin dute. Iragan astean helarazi zizkien langileei eta sindikatuei Siemens Gamesako zuzendaritzak kaleratzeen arrazoi teknikoak. Langileen batzordeak zuzenean zerbitzu juridikoei helarazi diote txostena, goitik behera azter dezaten. Hain zuzen ere, beste bilera bat izango dute etzi eguerdian, bigarrena. Egun horretan, greba egingo dute langileek, eta, halaber, beste lau greba egun iragarri dituzte: uztailaren 23an, 29an, abuztuaren 6an eta zazpian. Etziko bilera dela-eta, gainera, Sarrigurengo egoitza nagusian elkarretaratzea egingo dute langileek. Bilerak eragileekin Ez dira besoak gurutzaturik geratu. Bileraz bilera dabiltza, euren arazoa sozializatzen eta erabaki ahalmena duten eragileekin hitz egiten. Iragan astean, EH Bildurekin, Nafarroako Arartekoarekin, Agoizko alkatearekin eta Nafarroako Gobernuko ordezkaritzarekin elkartu ziren. Gaur, Geroa Baiko ordezkaritza batekin elkartuko dira, eta, bihar, Maria Txibite lehendakariarekin. Etzi, berriz, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariarekin bilduko dira, eta, ostiralean, Ahal Dugu-rekin. Azkenik, UPNrekin, PPrekin eta Ezkerrarekin ere elkartzeko asmoa dute. «Ataka estuan gaude, eta konponbideak behar ditugu. Sobera daude hitz ederrak. Benetako konpromisoa eta ekintzak behar ditugu», esan dute, ozen. Azken egunetan azpimarratu bezala, Agoizkoa fabrika «gaztea eta produktiboa» da, zuzendaritzak dioenaren kontra. Gogora ekarri dutenez, alderdiek une oro kezka azaltzen dute deslokalizazioaren inguruan, eta berriztagarrien sektorea goraipatu ohi dute. Horregatik, uste dute ezin dutela «lantokia ixten utzi». Oinarririk gabe Siemens Gamesako langileen batzordean, ELAk sei ordezkari ditu, LABek lau, UGTk 2 eta CCOOk bat. Laurak elkartuta daude, eta salatzen dute ez dagoela oinarririk itxiera baterako. Lehenik eta behin, enpresak ez du galerarik; aitzitik, «ekoizpena beste lantoki batzuetara eraman nahian dabil gehiago irabazteko». Bigarrenik, azken egunetan adierazi bezala, gogora ekarri dute lan eskaria bermatuta zegoela 2021eko irailera arte. Halaber, argudiatu dute Agoizko fabrikak tamaina nahikoa duela pala handiagoak egiteko, eta haren eredua ez dela katalogotik at geratu. Gainera, zuzendaritzak produkzioari eusteko konpromisoa zuen, gutxienez 2021era arte; hala islatzen dute orain arteko bileretako aktek. Azkenik, zuzendaritzak SG155 prototipoa Agoitzen egiteko asmoa azaldu zuen, baina, azkenean, beste lantoki batzuetara eraman zuen.
2020-7-14
https://www.berria.eus/albisteak/184314/kataluniako-gobernuak-hirugarren-gradua-aitortu-die-espetxeratutako-buruzagi-independentistei.htm
Mundua
Kataluniako Gobernuak hirugarren gradua aitortu die espetxeratutako buruzagi independentistei
Presoek lotarako joan beharko dute soilik espetxera, astelehenetik ostiralera. Asteburua kartzelatik kanpo eman ahalko dute.
Kataluniako Gobernuak hirugarren gradua aitortu die espetxeratutako buruzagi independentistei. Presoek lotarako joan beharko dute soilik espetxera, astelehenetik ostiralera. Asteburua kartzelatik kanpo eman ahalko dute.
Hirugarren graduko espetxe erregimena ezarriko diete berehala Oriol Junqueras, Raul Romeva, Jordi Turull, Josep Rull, Joaquim Forn eta Dolors Bassa Kataluniako kontseilari ohiei, Kataluniako Parlamentuko presidente izandako Carme Forcadelli, ANCko buru ohi Jordi Sanchezi eta Omniumeko presidente Jordi Cuixarti. Kataluniako Gobernuak ontzat eman du preso dituzten espetxeetako tratamendu batzordeek proposatutako neurria. Fiskaltzak erabakiaren kontrako helegitea aurkezteko aukera izango du espetxe zaintzako epailearen aurrean. Hura ere hirugarren graduaren alde agertuko balitz, bigarren instantzian helegitea aurkezteko modua izango luke Fiskaltzak. Kasu horretan, Espainiako Auzitegi Gorenak izango luke preso independentistei ezarri beharreko espetxe erregimenari buruzko azken hitza. Dena den, espetxeratutako buruzagi independentistek ez dute azken erabakiaren zain egon beharko espetxetik irten ahal izateko, eta berehala ezarriko zaie hirugarren gradua. Tratamendu batzordeek hirugarren gradua proposatu zuten uztailaren 2an, Kataluniako prozesu independentistaren kontrako auzian zigortuak izan ziren buruzagi independentistentzat. Kataluniako Gobernuak proposamena onestea ez da ezustekoa izan, tratamendu batzordeen proposamenen %95 jotzen baititu ontzat Generalitateko Espetxe Neurrien zuzendaritzak. Hala ere, ikusteko dago Fiskaltzak zein jarrera hartuko duen. Aurretik eskatua zuen hirugarren gradua ez emateko preso independentistei, harik eta zigorraren erdia espetxean betetzen duten arte. Zigor Kodearen arabera, baldintza hori ezar zezakeen Espainiako Auzitegi Gorenak buruzagiak zigortu zituenean, bost urtetik gorako kondenak ezarri zizkien eta. espetxe zaintzako epaileak aurreko zenbait autotan nabarmendu du Gorenak ez zuela halako baldintzari ezarri sententzian. Tratamendu batzordeek bigarren gradua proposatu zuten, iazko abenduaren 11n, espetxeratutako buruzagi independentistentzat. Erregimen horretan, eta Zigor Kodeko 100.2 artikulua baliatuta, espetxetik irteteko baimenak jaso zituzten. Ordutik, lan egitera, senideren bat zaintzera eta borondatezko lanak egitera ateratzeko aukera izan dute.
2020-7-14
https://www.berria.eus/albisteak/184315/mercadonaren-tratu-txarrak-salatzeko-manifestazioa-egin-du-elak-bilbon.htm
Ekonomia
Mercadonaren «tratu txarrak» salatzeko manifestazioa egin du ELAk Bilbon
Mercadonak bere langileak «zapaltzen» dituela salatu du ELAk, baita eta enpresa hori langileei «jazartzen» zaiela; batez ere, osasun eskubidearen ingurukoak dira salaketak. Euskal Herriko eta Galiziako langileek salatu dituzte tratu txarrak
Mercadonaren «tratu txarrak» salatzeko manifestazioa egin du ELAk Bilbon. Mercadonak bere langileak «zapaltzen» dituela salatu du ELAk, baita eta enpresa hori langileei «jazartzen» zaiela; batez ere, osasun eskubidearen ingurukoak dira salaketak. Euskal Herriko eta Galiziako langileek salatu dituzte tratu txarrak
Mercadonako langileek «jazarpena» jasaten dutela salatzeko manifestazioa egin du ELAk Bilbon. Hamaiketan hasi da manifestazioa, Jesusen Bihotzean, eta San Mamesen amaitu dute. Amaierara heldu baino lehen, Mercadonako ate aurrean egin dute geldialdia, eta «Mercadona zapaltzailea, kaleratzerik ez» oihuak entzun dira enpresaren parean. ELA sindikatuak dio Mercadonak «familia handiaren» irudia saldu nahi duela, baina, egiaz, «langileen kontrako erasoak eta praktika antisindikalistak» dituen enpresa bat dela. Hain zuzen ere, sindikatuen aurkako jardunagatik zigortu zuten azaroan, eta 3.550 euro ordaindu behar izan zizkion ELA sindikatuko ordezkari bati. Sindikatuaren iritziz, langileek pairatzen dituzten presio eta erasoak «enpresaren jarrera estrategikoa» dira: «Argi esan dezakegu Mercadonak modu sistematikoan ematen dizkiola tratu txarrak bere langileei», adierazi dute ELAko kideek. «Osasuna galdu duten langileei jazartzen zaie Mercadona, eta alde eginarazteraino presio egiten die» gehitu dute. Osasun eskubidearen urraketak izan dira sindikatuak gehien nabarmendu dituenak. Sektoreko beste kateetan ez bezala, Azaldu dutenez, Mercadonako langile gazteek «lesio fisiko larriak» dituzte, eta enpresaren zerbitzu medikuaren «kontrol zorrotzaren» bitartez «estaltzen» dituzte.«Mercadonak A eta B aurpegia ditu. A aurpegia soldata egonkorren aurpegia da, eta B aurpegia, gaur azaltzen ari garen eskubide urraketa guztiena», salatu du Arabako Mercadonako langile batek. Osasunaren inguruko salaketak nabarmendu badira ere, lanorduak ere aipatu dituzte: «Ezartzen zaizkien lan erritmo eta txandak onartezinak dira, eta bateraezina da bizitza pertsonalarekin». Gertaeren aurre egiteko asmoz, afiliatuak mobilizatzera animatu ditu sindikatuak. Herritarrei, berriz, Mercadonaren kontsumo «arduratsua» egiteko eskatu die, «langile klasearen eskubideak urratuz aberasten direnak ez laguntzeko».
2020-7-14
https://www.berria.eus/albisteak/184316/baionako-gazte-batek-salaketa-jarri-du-autobus-gidariaren-hiltzailea-zela-zabaldu-baitzuten-eskuin-muturreko-hainbat-kidek.htm
Gizartea
Baionako gazte batek salaketa jarri du, autobus gidariaren «hiltzailea» zela zabaldu baitzuten eskuin muturreko hainbat kidek
Uztailaren 5ean bortizki erasoa izan zen Philippe Monguillot autobus gidaria, eta egun batzuren buruan hil. Jasan zuen jipoiaren ondotik, ustezko erasotzaileen argazkiak zabaldu zituzten eskuin muturreko hainbat kidek, «hiltzaileak» zirela erranez. Baionako gazte baten argazkia zabaldu zuten sare sozialetan, baina salaketa jarri berri du «difamazio» eta «kalumniagatik».
Baionako gazte batek salaketa jarri du, autobus gidariaren «hiltzailea» zela zabaldu baitzuten eskuin muturreko hainbat kidek. Uztailaren 5ean bortizki erasoa izan zen Philippe Monguillot autobus gidaria, eta egun batzuren buruan hil. Jasan zuen jipoiaren ondotik, ustezko erasotzaileen argazkiak zabaldu zituzten eskuin muturreko hainbat kidek, «hiltzaileak» zirela erranez. Baionako gazte baten argazkia zabaldu zuten sare sozialetan, baina salaketa jarri berri du «difamazio» eta «kalumniagatik».
Azken egunotan asko zabaldu da Baionako 29 urteko gazte baten argazkia sare sozialetan. Argazkiarekin batera, akusazio bat: Monguillot autobus gidariaren «hiltzailea» zela. Eskuin muturreko hainbat militantek —Marine Le Pen, tartean— zabaldu dute akusazioa, Twiterren eta Facebooken. Alta, «inongo zerikusirik» ez duela erraten du gazteak, eta «manipulazio osoa» salatu du. Eskuin muturreko ordezkariek idatzitako mezuak asteburuan kendu dituzte sare sozialetatik, baina «berantegi» zen, gaztearen argazkia «denera» zabaldua baitzen jada. Hala, Baionako gazteak bizitza «arriskuan» duela adierazi du, eta ezezagun baten kontrako salaketa jarri du epaitegian, atzo arratsaldean.
2020-7-14
https://www.berria.eus/albisteak/184317/zerga-bilketa-nabarmen-murriztu-da-araban-bizkaian-eta-gipuzkoan.htm
Ekonomia
Zerga bilketa nabarmen murriztu da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Foru Ogasunek, guztira, 5.110,7 milioi euro bildu dituzte aurtengo lehen sei hilekoan, joan den urtean baino 769 milioi gutxiago. Ekainean areagotu da bilketa, zergak ordaintzeko epeak malgutu egin zituztelako koronabirusa dela eta.
Zerga bilketa nabarmen murriztu da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Foru Ogasunek, guztira, 5.110,7 milioi euro bildu dituzte aurtengo lehen sei hilekoan, joan den urtean baino 769 milioi gutxiago. Ekainean areagotu da bilketa, zergak ordaintzeko epeak malgutu egin zituztelako koronabirusa dela eta.
Ekainean zertxobait errekuperatu da zerga bilketa. Foru Ogasunek iaz baino zerga gutxiago bildu dituzte aurtengo lehen seihilekoan, baina emaitza ez da maiatzeko emaitzak ikusita pentsa zitekeen bezain katastrofikoa izan. Guztira 5.110,7 milioi euro bildu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, iaz baino 769 milioi gutxiago. Bi arrazoiri egotzi diote hori: jarduera ekonomikoaren geldialdiari eta Foru Ogasunek beraiek hartutako neurriei. Joerak antzekoak izan dira hiru lurraldeetan. Zerga bilketak nabarmen egin du gora ekainean, baina ez jarduera ekonomikoa berrabiarazi delako soilik. Koronabirusaren krisia hasi zenean, aldundiek hainbat neurri hartu zituzten «herritarren likidezia hobetzeko eta ekonomiako sektore ahulenek kalte handiak ez jasateko»; besteak beste, zergak ordaintzeko epeak malgutu zituzten, eta BEZaren bidez likidezia eman zitzaien enpresa eta norbanakoei. Zehazki BEZaren eta bestelako zeharkako zergen bilketan izandako beherakadaren ondorio dira datuok. Araban %29,5 egin du behera zeharkako zergen bilketak, Bizkaian %16,6 eta Gipuzkoan %12,5. Ekaineko berpiztea Jaitsiera handiena nabaritu duena Arabako Foru Ogasuna izan da. Han, zergen bidez, 695,6 milioi euro jaso dituzte, 2019an baino 142,2 milioi gutxiago (%17ko beherakada). Hala ere, datua ontzat jo daiteke maiatzekoekin alderatuz gero: Araban, urtarriletik maiatzera, iaz baino %36 zerga gutxiago bildu zituzten. Han ere zeharkako zergek egin dute zuloa: besteak beste, BEZaren bidez %34,2 gutxiago jaso dute. Zerga gehien Bizkaiko Foru Ogasunak bildu ditu: 3.012,6 milioi euro. Iazko bilketarekin alderatuta %12,8koa izan da jaitsiera. Han ere, BEZaren bidez joan den urtean baino %20,2 gutxiago bildu dute, 1.092,2 milioi euro. Gipuzkoan ere nabarmena izan da ekaineko berpiztea: joan den urtean baino %23,9 gutxiago bildu zuten urtarriletik maiatzera bitartean, eta ekaina amaiera arteko datuetan %11,6 izan da beherakada —1.402,5 milioi euro bildu dituzte—.
2020-7-14
https://www.berria.eus/albisteak/184318/futbol-amerikarreko-redskins-taldeak-izena-aldatuko-du-indigenak-iraintzen-dituelako.htm
Mundua
Futbol amerikarreko Redskins taldeak izena aldatuko du, indigenak iraintzen dituelako
Arrazakeriaren aurkako mugimenduak urte askoan eskatu izan du hori, eta, azken asteetan, iragarleek ere estu hartu dute Washingtongo taldea.
Futbol amerikarreko Redskins taldeak izena aldatuko du, indigenak iraintzen dituelako. Arrazakeriaren aurkako mugimenduak urte askoan eskatu izan du hori, eta, azken asteetan, iragarleek ere estu hartu dute Washingtongo taldea.
Polizia zuri batek George Floyd afro-amerikarra hiltzeraino ito zuenetik, mugimendu antirrazista indartu egin da AEB Ameriketako Estatu Batuetan, eta arrazakeriari buruzko eztabaidek gero eta leku gehiago dute gizartean. Polemika ez da berria, baina, azken boladako indartze horren eraginez, Washingtongo Redskins futbol amerikarreko taldeak erabaki du izena eta irudia aldatzea, indigenak iraintzen dituztelako. Daniel Snyder taldearen jabeak behin baino gehiagotan esan izan du ez zutela aldatuko taldeak 1933. urtetik izan duen izena, baina zenbait iragarlek presio egin dute horretarako. Nike, FedEx eta Pepsi marka handiek, besteak beste. «Dan Snyder eta [Ron] Rivera entrenatzailea izenarentzako eta diseinuarentzako ikuspegi berri bat sortzeko lanean ari dira, gure frankiziaren lekua hobetzeko, eta gure iragarleak, zaleak eta komunitatea inspiratzeko datozen ehun urteetan», adierazi du taldeak astelehenean argitaratutako komunikatu batean. Washingtongoa NFL Futbol Amerikarreko Ligako talderik ospetsuenetako bat da. Joan den astean, indigenen mugimenduko zenbait elkartek taldeari idatzi zioten izena aldatzeko eskatuz. Eskaera horretan adierazi zieten «adiskidetze sendo eta garrantzitsu» baterako prozesu bat abiatu nahi zutela taldearen eta mugimenduaren artean, taldearen izen «arrazistak» eragindako «biolentzia emozionala eta bestelako minak konpontzeko». Politikariek ere eman dute euren iritzia gaiari buruz. Muriel Bowser Washintongo alkate demokratak esan du badela garaia «horrenbeste jende iraintzen duen» izena aldatzeko, eta Alexandria Ocasio-Cortez kongresukide latinoamerikarrak idatzi du «arraza justiziaren» alde egin nahi baldin badute izena aldatu behar dutela. Barack Obamak berak ere, AEBetako presidente izan zenean, adierazi izan zuen izena iraingarria zela.
2020-7-14
https://www.berria.eus/albisteak/184319/sinatu-eta-bost-urtera-kolokan-da-iran-lotzeko-itun-nuklearra.htm
Mundua
Sinatu eta bost urtera, kolokan da Iran lotzeko itun nuklearra
Iranek eta munduko beste sei potentziak —AEBek, Errusiak, Txinak, Frantziak, Erresuma Batuak eta Alemaniak— izenpetu zuten akordioa, 2015eko apirilaren 14an. Hitzarmena kolokan dago, 2018an AEBak irten zirenetik.
Sinatu eta bost urtera, kolokan da Iran lotzeko itun nuklearra. Iranek eta munduko beste sei potentziak —AEBek, Errusiak, Txinak, Frantziak, Erresuma Batuak eta Alemaniak— izenpetu zuten akordioa, 2015eko apirilaren 14an. Hitzarmena kolokan dago, 2018an AEBak irten zirenetik.
Iranek eta nazioarteko komunitateak itun garrantzitsua erdietsi zuten 2015. urtean: akordio nuklearra. Balentria diplomatiko gisa ospatu zen hitzarmena, baina ez du izan espero zen jarraipenik, eta, bost urteren ostean, gain behera eta kolokan dago. Munduko geoestrategia aldatu zezakeen aldeen arteko sinadura izan zen; ordea, gero eta zalantza gehiago eragiten ditu akordioaren etorkizunak eta hura egikaritzeak. Nazioarteko bakarralditik irteteko balio izan zion itunak Irani, baina, bosturtekoa pasatu berritan –gaur bete da–, tentsioa areagotuz doa, eta kolapsotik gertu dago alde anitzeko ituna. JCPOA Ekintza Bateraturako Plan Integralak amaiera eman zion hamarkada bat iraun zuen krisi nuklearrari. Bi urteko negoziazio korapilatsuen emaitza izan zen ituna. Barack Obama orduan AEBetako presidente zenak akordioaren garrantzia nabarmendu zuen. Haren esanetan, hitzarmenak lortuko zuen Iranek «arma nuklearrak izatea eragoztea». Itunak Iranen programa nuklearra mugatzen du, Teherani ezarritako nazioarteko isun ekonomikoak etetearen truke. Dena katramilatu zen, ordea, Donald Trump AEBetako egungo presidentearen jokaldiarekin. Trumpen arabera, hitzarmena «inoiz erdietsitako akordiorik txarrena» izan zen. Hilabeteak pasatu zituen Iranek itunaren «izpiritua» betetzen ez zuela salatzen, eta, azkenean, 2016ko hauteskunde kanpainan, akordiotik irtetearekin egindako mehatxuak bete zituen: 2018ko maiatzaren 8an utzi zuen ituna Washingtonek, aldebakarrez, eta Irani zigor ekonomikoak ezarri zizkion berriz. Erabaki horrek arriskuan jarri zuen ituna, eta ataka zailean utzi zuen Iran. Halere, Washington itunetik irten arren, Teheranek hitzarmenari eustea erabaki zuen. Izan ere, Hassan Rohani presidenteak azaldu zuenez, egiaztatu nahi zuten ea akordioaren parte ziren gainerako herrialdeak gai ziren Iranen interesak bermatzeko. AEBek ezarritako zigorrei kontra egiteko neurriak ezarri zituen Europak. Horiek gainditzeko araudia sortu zuen, eta Instex sistema ere prestatu zuen, Iranekin negozioak egin nahi zituzten Europako enpresak AEBetako isunetatik salbuesteko. Indarge, baina. Ez zituen espero bezalako emaitzak lortu. Haren hutsunea Errusia eta Txina ari dira betetzen, baina harreman ekonomiko hori ez da nahikoa Iranen egonkortasuna bermatzeko. AEBek ezarritako zigorrek gogor jo dute Teheran, eta kalte nabarmena egin diote hango ekonomiari eta gizarteko sektore zabalen bizi baldintzei. Krisi ekonomiko bortitz batean murgilduta zebilelarik, moneta nazional debaluatu batekin eta arrapaladako inflazioarekin, Iranek presio handiagoa egitea erabaki zuen 2019ko maiatzean, AEBak erretiratu eta urtebetera. Pazientzia amaituta, Rohanik iragarri zuen utzi egingo ziola bere herrialdeak konpromisoetako batzuk betetzeari: uranio aberastuaren eta ur astunaren kopuru mugei lotutakoa izan zen lehen pausoa, eta beste aldeari 60 eguneko epea eman zion, Irango banku transakzioei eta petrolio salmentari jarritako murrizketak konpontzeko. Alferrik. Bi hilabete horiek aldaketarik gabe igaro ondoren, Iranek itunetik urruntzeko urrats bat gehiago egin zuen, baimendutakoan baino maila handiagoan uranioa aberasten hasita. Eta horrela, progresiboki, muga teknikoak betetzeari utziz joan da. Hala, Iranek «beste irtenbiderik» ez diela utzi argudiatuta, Alemaniak, Frantziak eta Erresuma Batuak abian jarri zuten akordio nuklearreko kideen artean sortutako eztabaidak bideratzeko mekanismoa. Mohamad Javad Zarif Irango Atzerri ministroak adierazi zuen «modu serioan eta egokian» erantzungo ziotela Europako hiru herrialdeek «asmo txarrez» hartu zezaketen edozein neurriri. Halere, gaineratu zuen prest daudela «saiakera eraikitzaileak» egiteko, «akordio garrantzitsu hori» manten dadin. Ordutik, izan dira eztabaida gehiago ere. Joan den hilean, Rafael Grossi IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako zuzendariak jakinarazi zuen «kezkatuta» zegoela Teheranek bi instalazio susmagarrietarako sarbidea ukatu zielako. Hortik gutxira, 2015etik Iranen aurka jarritako lehen ebazpena onartu zuten Berlinek, Parisek eta Londresek. Ikuskapenetan kolaboratzeko eskatzen zieten. Zarifek, berriz, salatu zuen herrialde horiek «erabateko ezintasuna» zutela AEBak haien kontra egiten ari ziren jazarpenari aurre egiteko. Egun, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilua da tirabira horien azken agertokia. Izan ere, AEBak kanpaina egiten ari dira Irani ezarritako arma blokeoa luzatzearen alde; urrira arte dago indarrean neurri hori. AEBekin bat egin dute akordioaren parte diren Europako potentziak ere. Testuinguru horretan, gaiztotuta daude aldeen arteko harremanak, eta kolokan, beraz, ituna. Ikusi beharko da akordioak zer-nolako bidea hartzen duen datozen hilabeteotan. Oraingoz, JCPOAk helburu zehatz bat du oraindik ere: Iranek bonba atomikoa egitea eragoztea. Josep Borrell Europako Batasuneko Atzerri Politikarako Goi Ordezkariak gaur adierazi duenez, akordioa «babesten» jarraituko du. Haren arabera, Iranen programa nuklearraren inguruko bermeak izateko «erreminta bakarra» da. Txina eta Iran Txinaren eta Iranen arteko harreman diplomatikoa sendotuz joan da azken urteetan. Eta, orain, akordio bat erdiesteko bidean daudela adierazi du The New York Times egunkariak. Aurreratu duenez, bi aldeek itun komertzial eta militar bat adostu dute. Txinak presentzia areagotuko luke Asia erdialdean, hainbat proiekturen bidez, eta, trukean, espero da Iranek datozen 25 urteetarako petrolio hornidura bermatzea. Horrez gain, kooperazio militarrean sakontzea ere erabaki dute. Itun horrek, hain zuzen, Trump Iran bakartzeko egiten ari den saiakera ahulduko luke, eta Txinaren eta AEBen arteko harremanak are gehiago okertzea eragin lezake. Bestalde, Pekinek gaur adierazi du babes osoa ematen diola 2015ean izenpetutako itun nuklearrari. Era berean, Hua Chunying Kanpo Ministerioko bozeramaileak AEBen jarrera salatu du: «Zoritxarrez, azken urteotan Estatu Batuek aldebakartasunari eutsi diote, nazioarteko betebeharrei uko eginez eta itun eta erakundeetatik ateraz».
2020-7-16
https://www.berria.eus/albisteak/184320/maskara-derrigorrez-erabili-behar-da-europako-zenbait-herrialdetan.htm
Gizartea
Maskara derrigorrez erabili behar da Europako zenbait herrialdetan
COVID-19ari aurre egiteko, maskararen erabilera derrigortu dute herrialde batzuek, eta 100 euroko isunak ere jarri dituzte indarrean.
Maskara derrigorrez erabili behar da Europako zenbait herrialdetan. COVID-19ari aurre egiteko, maskararen erabilera derrigortu dute herrialde batzuek, eta 100 euroko isunak ere jarri dituzte indarrean.
Koronabirusari aurre egiteko, Europako hainbat herrialdetan herritarrek maskara derrigorrez jarri behar dute, baita segurtasun distantzia mantentzen dutenean ere. Izan ere, konfinamendua arintzen hasi ondoren, agerraldi gehiago izan ditu gaitzak. Azken egunotan zenbait foku sortu dira Euskal Herrian ere; Ordizian eta Tuteran, esaterako. Hona hemen zenbait herrialdek maskarei buruz hartutako erabakiak: Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) hilaren 16tik aurrera da derrigorrezkoa maskara erabiltzea. Orain arte, Ordizian bakarrik zen nahitaezkoa, baina, Nekane Murga Osasun kontseilariak adierazi du Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian une oro erabili beharko dela. Garraio publikoan nahitaez erabili behar da, eta, igerilekuetan eta hondartzan, maskara jantzi beharkoa da, bainua hartzeko izan ezik. Kirola egiteko orduan edo naturguneetan ken daiteke. Jendea, autobusean, maskara jantzita, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Nafarroan, uztailaren 17tik aurrera sartuko da indarrean maskararen derrigortasuna. Eremu publiko irekietan zein itxietan erabili behar da, baita segurtasun distantzia manten daitekeenean ere. Garraio publikoan eta pribatuan ere erabili behar da —etxe berean bizi badira ez da nahitaezkoa—. Salbuespenak hurrengoak dira: jatean edo edatean, kirola egitean 1,5 metroko distantzia manten badaiteke, igerilekuan edo hondartzan bainatzean, lantokian, arnasa hartzeko zailtasunak badituzte, eta desgaitasun edota mendekotasun batengatik ezin badute erabili. Eremu pribatuetan —irekietan eta itxietan— familia desberdinetako kideak elkartzean, maskara erabiltzea gomendatzen da. Ipar Euskal Herriari dagokionez, lanean derrigorrezkoa da erabiltzea metro bateko distantzia mantendu ezin denean; eta garraio publikoetan eta auto konpartituetan ere nahitaezkoa da maskararen erabilera. Merkataritza guneetan eta dendetan, aldiz, ez da derrigorrezkoa, baina langileei eta bezeroei erabiltzea gomendatzen zaie. Katalunian maskara eremu irekietan eta itxietan erabili behar da, baita segurtasun distantzia manten daitekeenean ere. Salbuespenak hurrengoak dira: hondartzan eguzkia hartzean edota bainatzean, kirola egitean, haize instrumentuak jotzean, eta jatean eta edatean. Jatetxeetan eta terrazatan ere erabili behar da, eta jateko zein edateko bakarrik ken daiteke. Maskara ez erabiltzea 100 euroko isunarekin zigortuko da. Gizon bat, hondartzan, maskara jantzita, Donostian. JON URBE / FOKU Galizian ez da derrigorrezkoa maskara erabiltzea, baina, segurtasun distantzia mantendu ezin dutenean, eta eremu itxietan —distantzia manten badaiteke ere— erabili egin behar da. Galiziako A Mariña eskualdean, ordea, erabilera derrigorrezkoa da edonon. Espainian, gobernu autonomikoen esku dago maskararen derrigorrezkotasuna erabakitzea, baina, poliki-poliki, guztiak doaz maskararen erabilerari buruzko neurriak zorrozten. Errioxan, 6 urtetik gorakoek erabili behar dute maskara, eremu irekietan zein itxietan. Hala ere, badaude ez erabiltzeko salbuespenak: toki berean daudenak batera bizi badira, kirola egitean segurtasun distantzia manten badaiteke, desgaitasun edota mendekotasun batengatik ezin badute erabili, eta arnas gaixotasunak badituzte. Aragoin, Errioxan bezala, maskara erabiltzea derrigorrezkoa da, hurrengo egoeretan izan ezik: kirola egitean segurtasun distantzia manten badaiteke, desgaitasun edota mendekotasun batengatik ezin badute erabili, eta arnas gaixotasunengatik ezin badute erabili. Kantabrian derrigorrezkoa da eremu publiko irekietan zein itxietan. Eremu pribatuetan, ordea, ez da nahitaez jantzi behar, baina erabiltzea gomendatzen da —segurtasun distantzia manten badaiteke ere—. Maskara ez jartzea 600 eta 60.000 euro bitarteko isunarekin zigortuko da. Gaztela-Leonen ere derrigorrezkoa da maskararen erabilera 6 urtetik gorakoentzat. Eremu publiko guztietan erabili behar da, baita segurtasun distantzia manten badaiteke ere. Jendea, kalean, maskara jantzita, Donostian. KAI FÖRSTERLING / EFE Frantzian, lanean eta garraio publikoan nahitaezkoa da maskara erabiltzea. Gainera, hurrengo astetik aurrera, leku publiko itxietan ere derrigorrezkoa izango da maskara jartzea. Alemanian, eremu publikoetan derrigor erabili behar da; garraio publikoan eta dendetan, adibidez. Herritar guztiek erabili behar dute maskara, 6 urte baino gutxiagokoek eta patologiaren batengatik erabili ezin dutenek izan ezik. Italiari dagokionez, eremu publiko itxietan erabili behar da nahitaez, baita garraiobideetan ere. Eremu irekietan segurtasun distantzia manten badaiteke, ez da derrigorrez erabili behar. Bezero bat, maskara jantzita, Bilboko komiki denda batean. ARITZ LOIOLA / FOKU Ingalaterran, uztailaren 24tik aurrera, komertzioetan eta supermerkatuetan maskara erabili beharko dute 11 urtetik gorakoek; desgaitasun edota mendekotasun batengatik erabili ezin dutenek izan ezik. Maskara ez erabiltzea 100 liberako isunarekin zigortuko dute. Eskozian, dendetan maskara nahitaez erabili behar da uztailaren 10etik, eta, Galesen eta Ipar Irlandan, oraingoz, ez da derrigorrezkoa maskararen erabilera. Jendea, kalean paseoan, maskara jantzita. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2020-7-14
https://www.berria.eus/albisteak/184321/joseba-agirreazkuenagak-jaso-du-euskadi-ikerkuntza-saria.htm
Gizartea
Joseba Agirreazkuenagak jaso du Euskadi ikerkuntza saria
Egindako ikerketa historikoengatik, eta dibulgazio lanagatik jaso du 2019ko saria EHUko Historia Garaikideko katedradunak, Gasteizen.
Joseba Agirreazkuenagak jaso du Euskadi ikerkuntza saria. Egindako ikerketa historikoengatik, eta dibulgazio lanagatik jaso du 2019ko saria EHUko Historia Garaikideko katedradunak, Gasteizen.
Ibilbide luzea du ikerlari eta irakasle gisa, eta horren aitortza jaso zuen atzo, Gasteizen, Joseba Agirreazkuenaga (Bilbo, 1953) ikerlari eta EHUko Historia Garaikideko katedradunak: 2019ko Euskadi ikerkuntza saria eman zion Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariak. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ematen du urtero saria, eta bi urtean behin aldatzen dute ikerketa adarra: urte bikoitietan, gizarte zientzien arloko ikerketek jasotzen dute aitortza, eta, urte bakoitietan, berriz, zientziaren eta teknologiaren arloko ekarpenek. Oraingoan, Agirreazkuenagarentzat izan da saria, hark «egindako ikerketa historikoengatik eta dibulgazio lanagatik». 1980tik ari da EHUn lanean. Ekitaldian, Urkulluk nabarmendu du pertsona «konprometitua» dela Agirreazkuenaga: «Euskal gizartearekin, eta baliabide kulturalekin zein sozialekin konprometituta da, baita dibulgazioarekin ere». Lehendakariak nabarmendu du katedradunak erakutsi duela «ezagutza ondasun komun bat» dela. Epaimahaiak ere horixe azpimarratu du: Agirreazkuenaga ikerkuntzan aritu dela, betiere gizarteari jakinduria zientifikoa helarazteko asmoz. Katedradunak eta beste kide batzuek horretarako sortutako egiturak ere aipatu dituzte, hala nola Euskal Herriko Zuzenbide Historikoaren Institutua eta Bidebarrieta Kulturgunea. Euskal historian aditua Gehienbat Euskal Herriko historiari lotutako lanetan aritu da Agirreazkuenaga. 1972an hasi zen ikerlari, Jose Miguel Barandiaranen eskutik, eta Deustuko Unibertsitatean egin zituen Filosofia eta Letren ikasketak. Ondoren, Julio Caro Barojaren gidaritzapean ondu zuen doktore tesia. Besteak beste, Euskal Herriko egitura administratiboen historiari eta iraultza liberalei buruzko lanak egin ditu. 2011n, Euskal Herritarren burujabetza politikoaren auzia mundu berriaren zurrunbiloan publikatu zuen, eta Bilboko Udalak Miguel de Unamuno saria eman zion lan horrengatik.
2020-7-15
https://www.berria.eus/albisteak/184350/neurokirurgiako-tribunaleko-presidentea-inputatu-dute-osakidetzako-oposizioetako-auzian.htm
Gizartea
Neurokirurgiako tribunaleko presidentea inputatu dute Osakidetzako oposizioetako auzian
Covadonga Fernandez Neurokirurgiako tribunaleko presidentea da inputatutakoa. Aitzinetik ere susmopean zegoen. Epaileak 24 lekuko deitu ditu deklaratzera.
Neurokirurgiako tribunaleko presidentea inputatu dute Osakidetzako oposizioetako auzian. Covadonga Fernandez Neurokirurgiako tribunaleko presidentea da inputatutakoa. Aitzinetik ere susmopean zegoen. Epaileak 24 lekuko deitu ditu deklaratzera.
Covadonga Fernandez Neurokirurgiako tribunaleko presidentea inputatu du Osakidetzako lan eskaintza publikoa ikertzen ari den epaileak, Ana Jesus Zuluetak. Susmopean zegoen espezialitatetako bat zen Neurokirurgia, Neurofisiologiarekin batera. LAB sindikatuak jarri zuen salaketa Fernandezen kontra, eta epaileak, salaketa aintzat hartu, Fernandez inputatu eta 24 lekuko ere deitu ditu deklaratzera. Deklaratzera deitu dituzten 24 lekukoen artean daude azterketak egin zituzten medikuak, hainbat espezialitatean salaketa aurkeztu zuten profesionalak eta baita bertze espezialitate batzuetako tribunaletako presidenteak eta mahaikideak ere. Epaileak, lekukoak deitzeaz gain, lan eskaintza publikoari dagozkion txostenak, bileretako aktak eta espedienteak ere eskatu ditu. Magistratuak zabalik utzi du Osakidetzako aurreko zuzendaritza inputatzeko bidea, legez kanpoko elkartea sortzeagatik, kontratazioan iruzur egiteagatik eta sekretuak zabaltzeagatik. LABek nabarmendu du Osakidetzako filtrazio eta iruzurrak aspaldikoak direla eta zuzendaritzak bere baliabide guztiak erabili dituela azterketak egin baino lehen «lanpostuen banaketa diskretua» egiteko. Horrez gainera, sindikatuak salatu du filtrazioak azaleratu ondoren ere Osakidetzako zuzendaritza «horiek ezkutatzen eta argitzea oztopatzen» aritu zela. Bortz kasu auzibidean 2018ko ekainaren 4an azaleratu zituzten mediku espezialisten proban izandako iruzurra azaleratu zuten paperak. Susmopean dagoen lan eskaintza 2016-2017koa da: orain bi urte egin zituzten azterketak. Ikertzen ari diren espezialitateetako prozesua etenda dauka Osakidetzak, eta banatzeko daude lanpostuak. Iruzurraren auziaren ondorioz, dimisioa aurkeztu zuten Osakidetzako bi arduradun nagusiek: Maria Jesus Mujika zuzendariak eta Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Fiskal nagusiak 11 espezialitatetan sumatu zituen filtrazio zantzuak, baina hirutan soilik akusatu zituen arduradun jakin batzuk. Hiru arlo hauek jarri zituen ikerketapean: Anestesiologiako epaimahaikde bat, Angiologiako beste bat eta Digestio Aparatuko epaimahaikide bat. Bi delitu aipatu zituzten auzibidea hasteko autoan: agirien zaintza desleiala egitea —agiri konfidentzialak ondo ez gordetzea— eta sekretuak aurkitzea eta agertzea —azterketa egin zutenei edukia filtratzea—. Kartzela zigorra ekar dezakete delitu horiek. Beste bi arlo ere susmopean jarri ditu epaileak: Neurokirurgia eta Neurofisiologia. Neurokirurgiako tribunaleko presidentea da orain inputatutakoa.
2020-7-15
https://www.berria.eus/albisteak/184351/auzitegiak-baztertu-egin-du-eako-kritikoen-salaketa.htm
Politika
Auzitegiak baztertu egin du EAko kritikoen salaketa
Kritikoen arabera, Gasteizko lehen auzialdiko epaitegiaren epaia «inkoherentea» da. Sektore ofizialak nabarmendu du «Erantzukizunez, arduraz eta, batez ere, afiliazioaren eskubideak defendatuz» jardun zuela primarioen prozesuan.
Auzitegiak baztertu egin du EAko kritikoen salaketa. Kritikoen arabera, Gasteizko lehen auzialdiko epaitegiaren epaia «inkoherentea» da. Sektore ofizialak nabarmendu du «Erantzukizunez, arduraz eta, batez ere, afiliazioaren eskubideak defendatuz» jardun zuela primarioen prozesuan.
Eusko Alkartasunaren zuzendaritzak zabaldu duenez, Gasteizko lehen auzialdiko epaitegiak arrazoia eman dio, eta baztertu egin du alderdiko kritikoek jarritako salaketa, Pello Urizar idazkari nagusia ordezkatzeko primarioen prozesuaren inguruan. Irregulartasunak salatu zituzten Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako buruek, zuzendaritzak kargura aurkezteko eskubidea urratu ziela argudiatuta. Eba Blanco da jarduneko idazkari nagusia. EAko kritikoek, salaketa jarri zutenek, ohar bat plazaratu dute epaia «deitoratuz», eta, hori irmoa ez denez, helegitea jartzea aztertuko dute. Maiorga Ramirez alderdiaren Nafarroako buruak, eta Iratxe Lopez de Aberasturi, Mikel Goenaga eta Miren Aranoa Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako koordinatzaileen ustez, sententziak «baliorik gabe» utzi ditu EAko Berme Batzordearen ebazpenak, «nahiz eta frogatutzat eman dituen prozesuari eta alderdiaren barne funtzionamenduari egindako kritika guztiak». Iruditzen zaie epaiak «modu inkoherentean» ezeztatzen duela joan den azaroko ebazpena. Izan ere, kritikoek auzitara jo eta gero, Gasteizko epaitegiak eten egin zuen Blancoren izendapena, argudiatuz EAko Nazio Batzarrak eta zuzendaritzako zenbait kidek ez zituztela bete EAko Berme Batzordeak emandako azken ebazpenak, eta litekeena zela parte hartze politikorako eskubidea urratu izana. «Nahiz eta epaiak erabat frogatzen duen berme batzordearen ebazpenak sistematikoki ez zituztela bete egungo zuzendaritzakoek, oraingoan baliorik gabe uzten du, eta libratzen ditu horiek betetzetik», salatu du ildo kritikoak. «Gure ustez, sakonki inkoherentea da hori». Sektore ofizialak ere ohar baten bidez baloratu du sententzia, eta iruditzen zaio epaiak frogatzen duela «erantzukizunez, arduraz eta, batez ere, afiliazioaren eskubideak defendatuz» jardun zuela primarioen prozesuan. «Barne araudiak eta legeak bete zituen». Datu basea EAko ildo kritikoek salatu zuten bi urte zeramatela afiliatuen erroldarako sarbidea eskatzen zuzendaritzari, eta hari datu basea «ezkutatzea» egotzi zioten. Berme Batzordea errolda ematearen alde azaldu zen, baina zuzendaritzak esan zuen lege eragozpenak zeudela, eta Berme Batzordeko bi kideri espediente informatiboa zabaldu zien, irregulartasunak leporatuta. Irailean ezohiko batzar nazionala egin zuen alderdiak, Gasteizen, afiliatuek primarioen prozesuarekin aurrera nola jarraitu erabakitzeko. Ildo kritikoak esan zuen «zuzendaritza bilera paralelo» batean hartu dela ezohiko batzarra deitzeko erabakia. Zuzendaritzak Ramirezen hautagaia bertan behera utzi zuen, hari sostengua emaniko alderdikide batzuek kuotak ordaindu gabe zituztela argudiatuta. EAko Nafarroako buru Maiorga Ramirezek eta Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako koordinatzaileek —Iratxe Lopez de Aberasturi, Mikel Goenaga y Miren Aranoa, hurrenez hurren— salaketa jarri zuten orduan, alderdikideen datuak jasotzeko biderik ez izateak galarazten zielakoan lehian sartzea. Carlos Garaikoetxea lehendakari ohiaren sostengua zuten kritikoek. Esan bezala, epaileak arrazoia eman dio zuzendaritzari, eta epaia aztertzen ari dira une honetan, geroxeago balorazio bat egiteko asmoz. Edonola ere, pozik agertu da erabakiarekin. Zuzendaritzak une oro esan du alderdiaren arauen arabera jokatu zuela. Eba Blanco izendatu zuten alderdiko idazkari nagusi, eta, afera epaitu arte, behin-behineko buru gisa aritu da.
2020-7-15
https://www.berria.eus/albisteak/184352/hasi-dira-pcr-probak-egiten-getarian-eta-prestatzen-ari-dira-tolosan.htm
Gizartea
Hasi dira PCR probak egiten Getarian, eta prestatzen ari dira Tolosan
Uztailaren 9tik 12ra Politena tabernan egon zirenei PCR probak egiteko deia egin du Osakidetzak. Tolosan ere taberna batetik zabaldu da birusa.
Hasi dira PCR probak egiten Getarian, eta prestatzen ari dira Tolosan. Uztailaren 9tik 12ra Politena tabernan egon zirenei PCR probak egiteko deia egin du Osakidetzak. Tolosan ere taberna batetik zabaldu da birusa.
Iragan igandean ondoeza sentitu, eta Zarauzko (Gipuzkoa) osasun etxera joan zen gaixo batek ireki zuen pista. PCR proba egin eta positibo eman ostean, gaixo haren azken egunetako bidea arakatuta jakin zuten Getariako (Gipuzkoa) Politena tabernan izan zezakeela abiapuntua. Tabernak berehala itxi zituen ateak eta hasi zuen desinfekzioa. Itxita segitzen du geroztik. Getariako Udalak berehala zabaldu zuen PCR probak egiten hasteko deia herrian. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ere esku hartu du, eta egokitu dute Sahatsaga kiroldegian PCR probak egiteko azpiegitura. Politena tabernan uztailaren 9tik 12ra egon diren Zarautz, Getaria eta Zumaiako (Gipuzkoan) bizilagunei aurrez txanda hartu eta probak egiteko eskatu die Carlos Barruso Donostialdeko OSIko arduradunak. Getariak bisitari asko jasotzen dituenez, beste herri batzuetako bizilagunik egon liteke Politenan izandakorik, eta, hala bada, Osakidetzak emandako telefonora jotzeko eskatu du. PCR proba egiten duten guztiei eskatu die etxera joan eta itxialdia egiteko: «Oso garrantzitsua da hori». SMS bidez jakinaraziko zaie emaitza, eta, esan duenez, negatibo ematen badute, eta emaitzen zain daudenekin lotura esturik ez badute, horiek atera daitezke. Gaur, gutxienez 300 laguni egingo diete proba. Gaurko txanda guztiak emanda daude, eta Barrusok esan du gutxienez ostiralera arte han izango direla. Behar izanez gero Zarautzen probak egiteko beste azpiegitura bat jarriko dutela ere aurreratu du. Nekane Murga Osasun sailburua lehen orduan ere bertaratu da. Agurtu ditu Osakidetzako langileak eta Haritz Alberdi alkatea ere, baina 09:00etarako joan da. Adierazpenak Barrusok egin ditu, gaztelania hutsean. Haritz Alberdi Getariako alkateak hartu du hitza gero, Getariara joandako kazetari andanari erantzuteko. Maskaren erabilera arautzeko eskatu du. Erabilera orokortzearen alde agertu da Barruso bera ere. Iragan astean, Getariako Kale Nagusiko jende pilaketa ikusita, udal zinegotziek eurek banatu zituzten maskarak kalean, eta Getariarako propio sortutako kartel handiak ere jarrita dauzkate Kale Nagusian, bisitari asko etortzen direnez, maskara erabiltzeko eskatzeko. Udaltzainek ere abisatzen dituzte herritarrak, tartea gordetzen ez bada, maskarak janzteko. Arau zorrotzagoa behar delakoan dago, ordea, Alberdi. Maskararen erabilera arautzeko eskatu du, berriz ere, Getariako alkateak. Baieztatu du, oraingoz, esku artean dituzten datuen arabera, lau direla positibo eman dutenak probetan. Deia egin du PCR probak egiteko, hori delako zabalkundea kontrolatu ahal izateko bidea. Alberdik berak ere proba egin duela esan du, Politenan izan zelako. Emaitza jakin bitartean etxean egon da, eta negatibo eman du. Herrian kezka baldin badago ere, ardura ere badagoela azpimarratu du. Bi mezu nagusi eman ditu: «Lasaitasuna, bitarteko egokiak jartzen ari direlako, profesionalez osatuta. Eta ardura, higienea zaintzea, distantziak zaintzea eta maskara jantzita eramatea, hori bezain gauza sinplea. Arduraz jokatu behar dugu guztiok». PCR probak egiteko prestatu dute Tolosako Beotibar pilotalekua. BERRIA Tolosan, probak prestatzen Gipuzkoako beste herri batean, Tolosan, PCR probak egiteko estalpeak prestatzen hasi dira eguerdian. Beotibar pilotalekuan ari dira Gurutze Gorriko eta beste erakunde batzuetako osasun langileak. Harridura sortu du horrek herrian, udaletik gaur goizean esan dutelako kutsatze komunitariorik ez zegoela herrian. Taberna bateko zerbitzari batek eman du positibo Tolosan, eta azken 24 orduetan horrekin loturiko beste 24 kasu atzeman dituzte. Parranda giroko taberna gisa deskribatu dute agerraldiaren epizentroa.
2020-7-15
https://www.berria.eus/albisteak/184353/etxe-tresnak-erosteko-renove-planaren-ia-erdia-ahitu-da-jadanik.htm
Ekonomia
Etxe tresnak erosteko Renove planaren ia erdia ahitu da jadanik
Kontsumitzaileek 9.172 eskaera egin dituzte, eta %80 onartzeko tramitazioan dira, EEA Energiaren Euskal Erakundeak ezagutzera eman duenez.
Etxe tresnak erosteko Renove planaren ia erdia ahitu da jadanik. Kontsumitzaileek 9.172 eskaera egin dituzte, eta %80 onartzeko tramitazioan dira, EEA Energiaren Euskal Erakundeak ezagutzera eman duenez.
Etxe tresna zaharrak energiaren kontsumoan askoz ere eraginkorragoak diren tresna berriekin ordezkatzeko diru laguntzak baliatzen ari dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kontsumitzaile asko. EEA Energiaren Euskal Erakundeak esan duenez, 9.172 eskaera jaso ditu uztailaren 1ean Renove plana martxan jarri zuenetik. 2,5 milioi euroko funtsa abiarazi du Eusko Jaurlaritzak EEAren bidez, eta kopuru horretatik %42 ahitu da dagoeneko, milioi bat euro ingururen laguntzak erabili baitira salmenta operazioetan. Hala, 10.163 etxe tresna ordezkatu dituzte jadanik EAEko hiru lurraldeetan, Renove planaren aterkipean. Operazio gehienak tokiko saltokiak tramitatzen ari direla zehaztu du EEAk. Diru laguntza eska daiteke hainbat etxe tresna erosteko programa horretan: hozkailuak, izozkailuak, garbigailuak, lehorgailuak, ontzi garbigailuak eta labeak. Etxe tresna horien prezioaren %25erainoko laguntzak ematen ditu EEAk, 100 euroren mugarekin A++ etxe tresnentzat; 125 eurorena da A+++ motakoentzat. Labeen kasuan, 100 euroren laguntzak daude, A+ kategoriakoentzat.
2020-7-15
https://www.berria.eus/albisteak/184354/maskarak-erabiltzea-derrigorrezkoa-izango-da-hego-euskal-herrian.htm
Gizartea
Maskarak erabiltzea derrigorrezkoa izango da Hego Euskal Herrian
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bihartik aurrera kalean ere jantzi beharko da maskara; Nafarroan, etzitik aurrera. Igerilekuetan eta hondartzan, maskara jantzi beharkoa da, bainua hartzeko izan ezik. Kirola egiteko orduan edo naturguneetan ken daiteke. Jaurlaritzak botila festa debekatu egin du.
Maskarak erabiltzea derrigorrezkoa izango da Hego Euskal Herrian. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bihartik aurrera kalean ere jantzi beharko da maskara; Nafarroan, etzitik aurrera. Igerilekuetan eta hondartzan, maskara jantzi beharkoa da, bainua hartzeko izan ezik. Kirola egiteko orduan edo naturguneetan ken daiteke. Jaurlaritzak botila festa debekatu egin du.
Azken egunetan zenbait agerraldi izan direnez eta «sintomarik gabeko pertsonen kasuek gora egin dutenez», Nafarroako Gobernuak foru agindu bidez onartu du maskaren erabilera derrigortzea, hala toki itxietan nola kanpoan. Handik gutxira, neurri bera iragarri du Nekane Murga Osasun kontseilariak: maskarak nahi eta nahi ez erabili beharko direla Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ondorioz, orain arte hainbat tokitan eta egoeratan maskara jarri behar bazen ere, Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak araua gogortu dute, eta Hego Euskal Herrian derrigorrezkoa izango da. Kasuek nabarmen egin dute gora. Azken 24 orduetan 80 kasu azaleratu dira Hegoaldean, eta 90 urteko adineko bat hil da Tuteran. Nekane Murgak azaldu duenez, pandemiaren bilakaera ikusirik, «beharrezko neurriak» dira, eta ez da baztertzen aurrerago «beste batzuk» hartzea. Halaber, Jaurlaritzak kale zurruta edo botila festa delakoa debekatu egin du,«osasunaren aurkako jarrera delako». Ostalaritzako eremuetan, hamar pertsona elkar daitezke mahai baten inguruan. Soilik, jateko edo edateko orduan ken daiteke maskara. Halaber, ordutegiak zabaltzeko baimenak atzera botako dira, baita orain arte eman diren guztiak ere. Neurriak gaueko aisialdiko tabernei, diskotekei eta bestelako guneei eragingo die. Neurriok bihar sartuko dira indarrean. Murgak zehaztu duenez, hondartzan ere maskara erabili beharko da baina, behin etzanda, 1,5 metroko distantzia gordetzen bada, maskara ken daiteke. Nafarroan etzi Nafarroan, Osasun departamentuaren eskuetan egongo da neurri gehigarriak hartzea. «Lehen, maskara jartzea derrigortuta zegoen ospitaleetan, garraio publikoetan eta toki txikietan; orain, hori sendotu egin dugu», azaldu du Santos Indurain Osasun kontseilariak. Ostiralean sartuko da indarrean foru agindua. Hainbat salbuespen onartzen ditu. Adibidez, kirola egitean ken daiteke maskara, «betiere, pertsonen arteko distantzia gordetzeko aukera badago». Dena den, kirol guneetan, eremu komunetan maskara jartzera behartuta daude erabiltzaileak. Elikagaiak edo edariren bat hartzeko, edo maskararen erabilera bateraezina den jardueraren batean, orduan ken daiteke maskara. Halaber, igerilekuetan «bainua hartzean», mendian ibiltzera joatean edo eskalada egitean, ken daiteke. Lantokietan, 1,5 metroko distantzia gordetzeko aukera badago, maskara gabe lan egin daiteke. Era berean, arnasa hartzeko zailtasunak dituzten pertsonek ere maskararik gabe egoteko aukera izango dute. Foru aginduak «aholkatzen du» jatorri desberdineko pertsonak biltzen direnean maskara jantzita eramatera, «nahiz eta elkarren arteko distantzia gorde». Horrez gainera, aginduak dio maskara modu egokian jarri behar dela; hots, «sudur aldetik kokotseraino, hura barne». Ehun euroko isunak Foru aginduaren arabera, udalei eta Nafarroako foru administrazioari dagokio zaintzaren eta kontrolaren ardura, «bakoitzaren dagokion eskumenen barruan». Halaber, saltokietako eta bestelako tokietako arduradunen eskuetan egongo da neurriak betetzen direla bermatzeko ardura. Osasun arloko legeak isun gogorragoak ezartzeko aukera ematen badu ere, zer irizpide hartu aztertzen ari dira, eta, ziurrenik, ehun euro inguruko isunak jarriko dituzte. «Helburua ez da isunak jartzea, baizik eta herritarren ardura partekatua bultzatzea», argudiatu du Indurainek. Agintariek informazio kanpaina bat egingo dute, betekizuna herritar guztiengana hel dadin. Datorren ikasturtera begira, «neurri zehatzak» hartuko dira bilakaera epidemiologikoaren arabera. 80 kasu, egun bakarrean Azken hiru asteetan, egoerak nabarmen egin du okerrera. Hego Euskal Herrian 80 kasu atzeman dira azken 24 orduetan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 60. Murgak adierazi duenez. Ordiziako agerraldia «kontrolpean» dago, baina Tolosan beste bat agertu da. Orain arte hamazazpi kasu atzeman dira han. Getarian, berriz, beste agerraldi bat atzeman dute ostalaritzako gune batean, eta uneotan probak egiten ari dira ingurune horretan izandakoekin. Kasu horrekin erlazionatuta, Zumaian eta Zarautzen positibo batzuk daude. Nafarroan, Indurainek onartu du koronabirus honekin agertoki txarrenak betetzen direla. Hego Euskal Herrian azken 24 orduetan 80 kasu berri azaleratu dira, eta Tuteran, patologia anitzeko 90 urteko emakume bat hil da —ekainaren 11z geroztik Nafarroan hil den lehena—. Indurainek zehaztu duenez, heriotza horrek ez du zerikusirik Tuteran izandako agerraldiarekin: dagoeneko, 41 kasu atzeman dira (horietatik bost Errioxan), baina, Indurainen arabera, uneotan kontrolpean dago. Halaber, Iruñean, uztailaren 6ko gosariarekin erlazionatutako agerraldian, 24 kasu atzeman dira, eta beste batean, 11. Azken 24 orduetan, 20 pertsonek eman dute positibo, eta agerraldi berri bat atzeman da. Indurainen hiru lagunen artean izandako kutsatze bat aipatu du.
2020-7-15
https://www.berria.eus/albisteak/184355/inaki-salvador-jorge-pardo-eta-chano-dominguez-sarituko-ditu-donostiako-55-jazzaldiak.htm
Kultura
Iñaki Salvador, Jorge Pardo eta Chano Dominguez sarituko ditu Donostiako 55. Jazzaldiak
Hiru musikariek «ibilbide bikaina» egina dutela, eta «kontinenteko jazz musikari gailenen artean» daudela nabarmendu du jaialdiak.
Iñaki Salvador, Jorge Pardo eta Chano Dominguez sarituko ditu Donostiako 55. Jazzaldiak. Hiru musikariek «ibilbide bikaina» egina dutela, eta «kontinenteko jazz musikari gailenen artean» daudela nabarmendu du jaialdiak.
Donostiako 55. Jazzaldiak sari bana emango die Iñaki Salvador, Jorge Pardo eta Chano Dominguez musikariei. «Ukaezina da ematen diren sari hauen egokitasuna, kontuan izanda Pardok, Salvadorrek eta Dominguezek ibilbide bikaina egina dutela musikaren eremuan, eta kontinenteko jazz musikari gailenen artean daudela», azaldu du jaialdiak, ohar baten bidez. Jazz munduko musikarien ibilbideari aitortza egiten die jaialdiak, urtero, bere sariaren bidez. Orain artean, besteak beste, honako hauek jaso dute: Keith Jarrett, John Zorn, Herbie Hancock, Chick Corea, Hank Jones, Max Roach, Elvin Jones, Clark Terry, Bebo Valdes eta Wayne Shorter. Iñaki Salvador piano jotzailea (Donostia, 1962) nazioartean itzalik handienetako bat duen jazzeko euskal musikarietako bat da. Zinemarako, telebistarako eta antzerkirako soinu bandak egin ditu, eta hainbat disko argitaratu ditu bai bere izenean bai beste batzuekin lankidetzan. Halaber, Donostiako Jazzaldiaren aurreko urte batzuetan arrakasta handia izan duten hainbat proiektu aurkeztu ditu, eta jazzeko euskal talderik garrantzitsuenetako bateko kidea izan da. Besteak beste, honako musikari hauekin lan egin izan du: Mikel Laboa, Perico Sambeat, Allan Skidmore, Pedro Iturralde, Jean Toussaint, Javier Colina, Jesse Davis, David Xirgu, David Gomez, Mario Rossy, Jorge Rossy, Charles Tolliver, Raynald Colom, Mikel Andueza, Gonzalo Tejada, Joaquín Chacon, Alvin Queen,… Jorge Pardo (Madril, 1956) flauta eta saxofoi jotzaile «aparta» dela nabarmendu du jaialdiak: «Inork ez du Espainiako jazza hark baino hobeto interpretatzen». Besteak beste, honako musikari hauekin lan egin izan du: Chick Corea, Paco de Lucia, Wagner Tiso, Camaron, Tete Montoliu, Alex Acuña, Gil Goldstein, Peter Erskine, Chano Dominguez, Javier Colina… «Europako jazzaren ahotsik sendoenetako bat eta musikari flamenkoen artean berritzaileena dela esan daiteke». Chano Dominguez pianistak (Cadiz, Espainia, 1960) sari ugari eta nazioarteko aitorpena jaso ditu bere ibilbidean, jaialdiaren ustez, haren kalitatearen erakusgarri dena. Maiz izan da Donostiako Jazzaldian jotzen (1995., 1996., 1999., 2001., 2003., 2006. eta 2017. urteetan), eta ikus-entzuleak «beti gustura» utzi izan ditu; horixe txalotu dio jaialdiak. Besteak beste, Enrique Morente, Paco de Lucia eta Martirio, Herbie Hancock, Jack DeJohnette, Wynton Marsalis eta Stefano Bollani artistekin aritu izan da. Hilaren 22tik 26ra egingo dute aurtengo jazzaldia. Pandemiaren eraginez, egitarau murritzagoa izango du aurten, eta neurri bereziak hartuta egingo dituzte emanaldiak. Viktoria Eugenia antzokian, Kursaalean, San Telmo museoan eta Trinitate plazan izango dira kontzertuak, eta hondartzan ez da kontzerturik izango. Lina, Mariza eta Salvador Sobral kantari portugaldarrak, Silvia Perez Cruz, Michel Portal, Anja Lechner, François Couturier, Oreka TX, Marco Mezquida, Bojan Z, Paul San Martin eta Mikel Azpiroz ariko dira aurtengo jaialdian.
2020-7-15
https://www.berria.eus/albisteak/184356/bere-burua-zoriondu-du-maiak-iruneak-ez-sanferminetan-emandako-irudiagatik.htm
Bizigiro
Bere burua zoriondu du Maiak, «Iruñeak ez-sanferminetan emandako irudiagatik»
Udalaren kanpaina «oso arrakastatsua» izan dela nabarmendu du alkateak, eta euskara gutxietsi dutela ukatu: «Ordenantza bete dugu».
Bere burua zoriondu du Maiak, «Iruñeak ez-sanferminetan emandako irudiagatik». Udalaren kanpaina «oso arrakastatsua» izan dela nabarmendu du alkateak, eta euskara gutxietsi dutela ukatu: «Ordenantza bete dugu».
Domina jarri du. Sanferminak bertan behera gelditu arren, hedabideen aitzinera azaldu da Iruñeko alkate Enrique Maia, zertarako, eta ospatu ez diren festen balorazioa egiteko. Bere udal taldearen kudeaketa goraipatu du, gainera: «Badugu harro sentitzeko motiborik». Besteak beste, txalotu egin ditu udalak egunotan aplikatutako neurriak, Poliziaren presentzia eta komunikazio kanpaina. Alkateak eskerrak eman dizkie herritarrei, ostalariei, hedabideei eta Espainiako Gobernuko ordezkariari: «Munduaren begiak Iruñean jarrita egon dira egunotan, eta Iruñeak nota bikainarekin gainditu du azterketa». Herritarren eta ostalarien portaera, zehazki, «eredugarria» izan dela nabarmendu du Maiak: «Ostatu eta taberna gehienek arduraz jokatu dute, beren interes ekonomikoen gainetik ere, eta oso harro nago, apenas izan baitugu arazorik». COVID-19aren agerraldiez, berriz, garrantzia kendu die alkateak, datuak «beste hirien parekoak» direlako. Polizien arteko «koordinazioaz» ere hitz egin du Navarra Sumako eledunak. Azaldu duenez, 200 polizia baino gehiagoko lantaldea osatu zuten Iruñeko Udaltzaingoak, Espainiako Poliziak, Foruzaingoak eta Guardia Zibilak. Poliziaren gehiegizko presentziaz galdetuta, Maiak erantzun du «neurrizkoa» izan zela, «arrisku guztiak aintzat hartuta diseinatua». Sanferminetako egunetan, Udaltzaingoak zazpi salaketa jarri dizkie beste horrenbeste tabernari: bat, gehieneko jende kopurua gainditzeagatik; hiru, baimendutako ordutegiak ez betetzeagatik; bi, edariak kalera ateratzeagatik; eta beste bat, musika ozenegi jartzeagatik. «Euskararena ez da mespretxu edo maitasun kontua» Uztailaren 6aren aurretik, Biziko Ditugu izeneko kanpaina abiatu zuen Iruñeko Udalak, herritarrei gogorarazteko 2020ko sanferminak bertan behera geldituak zirela, eta arduraz joka zezaten eskatzeko. Kanpaina horrek sare sozialetan izandako arrakasta azpimarratu du Maiak. Hori dela eta, udalak erabaki du Gazteluko plazan paratutako kartel erraldoia («Los viviremos» irakur daiteke letra handitan, erdara hutsean) ez kentzea, eta uda osoan ikusgai uztea, «jendeak aukera izan dezan argazkiak egiteko». Kanpaina hori, hain zuzen, polemika iturri izan da egunotan, euskarari emandako tratuarengatik. Izan ere, gaztelaniari lehentasuna eman dio udalak mezu eta euskarri guztietan, euskara ingelesaren eta frantsesaren pare utzita: beherago eta ia irakurgaitzak diren letra txikietan idatzita. Auzi horretaz galdetuta, Maiak ukatu du euskara «mespretxuz» tratatu dutenik: «Euskararena ez da mespretxu edo maitasun terminoetan neurtu behar. Nire ustez, euskararen ordenantza betetzen du kanpainak, baina norbaitek kontrakoa uste badu, azaldu dezala zergatik, eta aztertuko dugu». Hain zuzen, Navarra Sumak eta PSNk aurten onartutako Euskararen Ordenantzaren bigarren xedapen gehigarriak zera dio: «Euskarak eta gaztelaniak presentzia bera izango dute Iruñeko Udalaren eskumeneko hizkuntza paisaian, eta, beraz, bi hizkuntzetan berdin-berdinak izango dira kale izenen plakak, seinaleak, kartelak eta aipatutako hizkuntza paisaia osatzen duten gainerako elementuak».
2020-7-15
https://www.berria.eus/albisteak/184357/ela-ebren-planak-ez-die-erantzuten-krisi-ekonomikoak-eragindako-beharrei.htm
Ekonomia
ELA: «EBren planak ez die erantzuten krisi ekonomikoak eragindako beharrei»
Europako Kontseiluak asteburu honetan adostasun baten bila eztabaidatuko duen suspertze planak ez du funtsezko gaiak argitzen, sindikatuaren arabera.
ELA: «EBren planak ez die erantzuten krisi ekonomikoak eragindako beharrei». Europako Kontseiluak asteburu honetan adostasun baten bila eztabaidatuko duen suspertze planak ez du funtsezko gaiak argitzen, sindikatuaren arabera.
Koronabirusak eragindako krisi ekonomikoa gainditzeko berebiziko garrantzia izango du Europako estatu eta gobernu buruek asteburuko goi bileran adostu dezaketen suspertzen plana. Haren atarikoan, ELAk abisu argi bat du: «Arazoen irtenbidea Europako funts horietatik etorriko den itxaropena sortzen ari da. Argi dago hori ez dela horrela izango, ez zenbatekoagatik, ez epeengatik, ez epeen xedeagatik, ezta ekarriko dituzten politiken baldintzengatik ere». Edonola ere, Next Generation EU planak hainbat berritasun dauzka orain arte Batasunak laguntza emateko izan duen irizpideei begira. Hasteko, Batzordeak Batasunaren aurrekontua indartzea proposatu du 2021-2027ko aldirako, 750.000 milioi euroko ekarpenarekin. Hauxe da proposamena: 500.000 milioi euro, transferentzia edo diru laguntza gisa, eta 250.000 milioi, mailegu gisa. Baina ELA sindikatuak uste du aldaketa horien arrazoia ez dela «bat-batean Europako Batasunak norabide neoliberal eta austerizidari buelta eman izana»; errealitate bikoitz baten ondorioa dela uste du: «Krisi ekonomiko orokorra eta sakontasun handikoa, eta hegoaldeko herrialdeetan Europarekiko baztertze sentimenduaren areagotzea». Orain ezagutzen dena «proposamen bat» baino ez dela adierazi du ELAk, eta eztabaida «hasi berria» dela ere bai. Izan ere, plan horren aurka daude Batasuneko kide batzuk, xuhurren taldea buru dela: Herbehereak, Austria, Danimarka eta Suedia. Ez datoz bat zenbatekoarekin; 750.000 milioi euro zenbateko handiegia iruditzen zaie; ezta transferentzia eta maileguen proportzioarekin ere. Kreditu gehiago eta zuzeneko diru laguntza gutxiago nahi dute. Gainera, laguntzak jasotzeko baldintza gehiago eskatzen dituzte, eta egutegiarekin eta ordaintzeko epeekin ere desados ageri dira. «Beraz, negoziazioa gogorra izango dela aurreikus daiteke, eta aldaketak egoten badira, horiek ez dute proposamena hobetuko, guztiz kontrakoa baizik». «Eskasa da» COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoak ez du aurrekorik, ELAren ustez, eta «erakunde publikoen erantzun azkar eta sendoa behar du». Hala, EBk diru kopuru handiagoa jarri beharko luke mahai gainean, sindikatuaren arabera. «Next Generation planak duen diru kopurua labur geratzen da. Berreraikuntzaren 0,75 bilioiak motz geratzen dira Europako Parlamentuak eskatutakoaren aldean (2 bilioiko funtsa). Zergatik dioen ELAk hori? «2020an Eurogunean aurreikusitako zor publikoaren igoera 2,4 bilioi euro da. 0,75 bilioirekin zulo horren heren bat baino ez litzateke estaliko, kasurik onenean». Gauzak horrela, euskal sindikatuak dio behar besteko plana ez onartzeak talka egingo duela EBZk bank -sistemari likidezia masiboki txertatzeko politikarekin. «Diru hori zuzenean estatu kideen finantzaketara bideratu izan balu, krisiari aurre egiteko nahikoa izango litzateke». Gainera, laguntzen dirua zertarako erabiliko den ere «zalantzan jarri behar da», ELAk dioenez. «Propagandatik harago, badirudi egungo ereduari eusten saiatuko direla, ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren ikuspegitik egokia ez bada ere. Tokian tokiko elite ekonomikoen statu quo-a defendatzen jarraitzen da». «Berandu iritsiko da» Europako suspertze plana ez da behin betiko onartuko urtea amaitu baino lehen, ELAren ustez. Eta funtsak ez lirateke datorren urteko urtarrila baino lehen banatzen hasiko. «Epe horiek ez datoz bat gobernuek koronabirusak eragindako odolusteari aurre egiteko baliabideak lortzeko duten premiazko beharrarekin: erregulazioen ordainketak, enpresentzako kreditu lerroak, osasun sistemaren baliabideak... Pandemiak gehien astindu dituen herrialdeek dirua berehala behar dute, eta Europako burokraziak eta Batasuneko gobernuen erabakiak hartzeko prozesuek hori horrela izatea eragozten dute». Mitxel Lakuntza idazkari nagusi duen sindikatuak aurreikusten duen beste arazo handi bat da laguntzek izango duten baldintza maila. «Plana Batasunaren aukera austerizidan sakontzean oinarritzen da». Aurreikus daiteke, ordea, baldintza horiek desberdinak izango direla aurreko hamarkadakoen aldean; alegia, Troika eta beltzezko gizonak ez lirateke azalduko oraingoan; «egia da, halaber, COVID-19aren pandemiaren eta 2008ko krisiaren irakaspenek ondorio batzuk utzi dituztela, krisi horren ondoren gertatutako guztia berritzea zailduko duena». Baina ELAk argi dauka Batasuneko kide askok oraindik ere lotzen dutela baliabide ekonomikoak jasotzea, hala transferentziak nola maileguak, doikuntza politiken aplikazioarekin eta egiturazko erreformekin. «Funts horiek eskuratzen dituzten estatuek hurrengo urteetan Europako Egonkortasun eta Hazkunde Ituna bete beharko dute, eta, horrela, beren politika publikoak baldintzatuko dituzte. Kontrakoa esatea herritarrak engainatu nahi izatea da. Dirua eskatzen duten herrialdeek ez dute autonomia nahikorik izango baliabideak zertara bideratzen dituzten zehazteko. Eta dirua jaso eta aldez aurretik adostutako erreformak egiten ez dituztenek itzuli egin beharko dute jasotako zenbatekoa». Alternatiba bat Arrazoi horiek guztiak eta agiri luze-zabal batean jasotako beste hainbat arrazoi kontuan hartuz, ELA sindikatuak uste du Next Generation proposamenak ez diela erantzunik ematen COVID-19aren ondoren bizi den osasun, ekonomia eta gizarte krisiaren ondorioz sortutako beharrei. Eta horren arrean alternatiba bat eskani du, hainbat esparrutan neurriak hartuz. «Europako Banku Zentralak gobernuen zuzeneko finantzaketa baimendu behar du; defizitaren, zor publikoaren eta gastu arauaren mugak amaitu behar dira; Gobernuei helarazten zaizkien funts europarrek ez dute inolako baldintzarik izan behar lan eta gizarte eskubideak murrizteko, ezta aurrekontu austeritateko politikak aplikatzeko ere» Horrez gain, ELAk eskatu du zor publikoaren auditoretza bat, ordainketa atzeratzea eta «legitimoa ez den zatia» kitatzea. Halaber, proposatu du krisiaren kostu ekonomikoak, funtsean, errenta handiek, enpresek eta kapitalak ordaintzea, zergen gehikuntza baten bidez.
2020-7-15
https://www.berria.eus/albisteak/184358/maitena-euskarazko-opera-emango-du-bilboko-orkestra-sinfonikoak-irailean.htm
Kultura
‘Maitena’ euskarazko opera emango du Bilboko Orkestra Sinfonikoak irailean
Euskal operaren ondarea berreskuratzeko plana jarri dute abian Bizkaiko Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Petronor enpresak eta Bilboko Koral Elkarteak, eta kanpaina horren parte izango da emanaldia.
‘Maitena’ euskarazko opera emango du Bilboko Orkestra Sinfonikoak irailean. Euskal operaren ondarea berreskuratzeko plana jarri dute abian Bizkaiko Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Petronor enpresak eta Bilboko Koral Elkarteak, eta kanpaina horren parte izango da emanaldia.
Duela mende bete baino gehiago estreinatu zuen Bilboko Koral Elkarteak, baina adituek obra txikitzat jo, eta ahanzturan erorita egon da Maitena euskal opera lirikoa denbora luzez. Pedro Alberdi egungo Bilboko Koral Elkarteko zuzendariaren hitzetan, ordea, «oso fina» da obra, eta baita euskal operaren historian «giltzarri» bat ere. Horregatik erabaki dute berreskuratzea, eta harekin disko bat grabatzea ere. Euskal ondare lirikoa berreskuratzeko kanpaina zabalago baten parte da egitasmoa. Euskalopera deitu dute proiektua, eta lau bultzatzaile nagusi ditu: Bizkaiko aldundia, Eusko Jaurlaritza, Bilboko Koral Elkareta eta Petronor enpresa. Galdutzat jotako edo erdi ahaztuta gelditu diren euskal operen eskuizkribuak argitaratzea da helburua, eta baita haiekin emanaldiak eskaini eta grabazioak egitea ere. Maitena-ren kasuan, irailean egingo dute lan hori, eta IBS Artist diskoetxeak egingo ditu grabazioak. Bilboko Orkestra Sinfonikoak interpretatuko du lana, eta, arduradunek zehaztu dutenez, «lehen mailako abeslari zerrenda» izango du ondoan. Euskal operak sortzeko enkargua Charles Colin konpositoreak sortu zuen Maitena-rako musika, eta Etienne Decrept-ek idatzi zuen libretoa, baina sorkuntza lan hura ere programa zabalago baten parte izan zen. XX. mendearen hasieran, Bilboko Koral Elkarteak eskari sorta bat egin zien euskal konpositore garrantzitsu batzuei, eta Maitena izen zen enkargu horietako baten emaitza. Euskarazko errepertorio lirikoa sortzea zen elkartearen helburua, eta horretarako jo zuten genero horretan aritzen ziren sortzaile esanguratsuengana: Jose Maria Usandizagarenga, Santos Intxaustirengana eta Jesus Guridirengana, kasu. Hala sortu ziren, Maitena ez ezik, Mendi-Mendiyan, Lide ta Ixidor eta Mirentxu obrak ere. Maitena izeneko emakumearen bizitza du ardatz operak. Eszena Mendiburu baserrian kokatua dago, Lapurdiko natura bete-betean, eta hangoxe alaba da Maitena. Aitak, Ganitxekin ezkondu nahi du alaba, gizarte klase oneko gaztearekin, alegia, baina, alabak Domingo pilotaria maite du. Aitaren aginduei izkin egiteko, Buenos Airesera joaten dira bi maitaleak, eta, han, Domingok arrakasta lortuko du bere lanbidean. Orduan dator zoritxarra, ordea. Ameriketan bost urte igaro eta gero, senarra eta seme bakarra galdu eta gero, bere jostun lanbidea utzi, eta jaioterrira itzultzea erabakiko du Maitenak. Etxean, aitak, hasieran, ez dio harrera onik egingo, baina, azkenean, geratzeko eskatuko dio, eta Ganitxekin ezkontzeko, hark ez baitu sekula ahaztu. Hedapenaren garrantzia «Ederra» da euskal opera lanak berreskuratzeko egitasmoa, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren esanetan, eta proiektua posible egin duen erakundeen arteko elkarlana nabarmendu du. «Hori are garrantzitsuagoa da gauden unean». Hedapena ere kontuan hartu beharrekoa dela iritzi dio. «Gure kultura ondarea ikertu, berreskuratu, kontserbatu eta zaintzeaz gain, hedatu egin behar da. Gure ondarea zabaltzeko gai izan behar dugu. Ekimen honi esker, euskal gizarteak duela mende bat baino gehiagoko euskarazko pastoraltza lirikoa ezagutzeko aukera izango du».
2020-7-15
https://www.berria.eus/albisteak/184359/80-kasu-gehiago-hegoaldean-eta-lehen-hildakoa-nafarroan-ekainaren-11tik.htm
Gizartea
80 kasu gehiago Hegoaldean, eta lehen hildakoa Nafarroan ekainaren 11tik
Gipuzkoan indarrez ari da izurria: 41 kasu baieztatu dituzte. Iruñean beste agerraldi bat atzeman dute, eta gutxienez hiru lagun kutsatu dira.
80 kasu gehiago Hegoaldean, eta lehen hildakoa Nafarroan ekainaren 11tik. Gipuzkoan indarrez ari da izurria: 41 kasu baieztatu dituzte. Iruñean beste agerraldi bat atzeman dute, eta gutxienez hiru lagun kutsatu dira.
COVID-19 gaitzaren izurriak indartzen jarraitzen du Hego Euskal Herrian. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 60 kasu atzeman dituzte azken 24 orduotan, eta, Nafarroan, beste 20. Azken herrialde horretan, gainera, pertsona bat hil da, aurrenekoa azken bost asteotan. Nafarroan 20 kasu atzeman dituzte, PCR probak erabilita, Araban zazpi eta Bizkaian 10. Baina Gipuzkoan dago, oraintxe, agerraldirik indartsuena: 41 kasu topatu dituzte. Horri gehitu beharko litzaieke odol analisien bidez topaturikoak: beste 39. Kutsatze ratioa 1,48 da EAEn, eta bost pertsona daude ZIUetan hegoaldean. Heriotzarik gabeko bolada ona Tuteran hautsi da. Adin handiko emakume bat hil da. Ekainaren 11tik ez zuen koronabirusak inor hil Nafarroan. Herrialdeko agerraldirik handienak Iruñean eta inguruan daude, edonola ere. Uztailaren 6ko hamaiketakoan zabaltzen hasitakoak 24 kasu eragin ditu dagoeneko. Baina Nafarroako osasun agintariek beste agerraldi baten berri eman dute gaur: Iruñean dago, eta hiru adiskide kutsatu direla zabaldu dute. Santos Indurain osasun sailburuak esan duenez, Tuterako agerraldia «atzeraldian» dago. Horrek 36 kasu eragin ditu Nafarroan. «Behera egiten ari da, argi, baina oraindik espero dezakegu kasuren bat». Sunbillako agerraldian ez da kutsatu gehiagorik atzeman azken 14 egunotan. Nafarroako Gobernuak handitu egin du agerraldiak kontrolatzen dabilen taldea: 21 kide zituen lehen eta 31 ditu orain. EAEn 24 orduko epean 60 kasu baino gehiago atzeman zen azken aldia apirilaren 30 inguruan izan zen.
2020-7-15
https://www.berria.eus/albisteak/184360/ebko-auzitegiak-bruselaren-aurka-eta-irlanda-appleren-alde-ebatzi-du.htm
Ekonomia
EBko Auzitegiak Bruselaren aurka eta Irlanda-Appleren alde ebatzi du
Batzordeak Apple derrigortu zuen Irlandari 13.000 milioi euro pagatzera, legez kanpoko zerga laguntzak direla eta; baina auzitegiak bertan behera utzi du Lehia Komisariotzaren agindu hori, eta batzordeak esan du ebazpena «tentuz» aztertuko duela helegitea jarriko ote duen erabaki aurretik.
EBko Auzitegiak Bruselaren aurka eta Irlanda-Appleren alde ebatzi du. Batzordeak Apple derrigortu zuen Irlandari 13.000 milioi euro pagatzera, legez kanpoko zerga laguntzak direla eta; baina auzitegiak bertan behera utzi du Lehia Komisariotzaren agindu hori, eta batzordeak esan du ebazpena «tentuz» aztertuko duela helegitea jarriko ote duen erabaki aurretik.
Ezustea eman du Europako Batasuneko Auzitegi Nagusiak gaur. Baliogabetu egin du Bruselak Apple konpainiaren aurka hartutako erabaki garrantzitsu bat: 2016an derrigortu egin zuen Irlandari, 13.000 milioi euro ordaintzera hark legez kanpoko laguntza fiskalak eman zituelakoan. Hala estatu kideak nola AEBetako konpainiak helegitea jarri zuen batzordearen erabakiaren aurka, eta, espero zitekeenaren aurka, EBko Auzitegiak arrazoi eman die, eta bertan behera utzi du diru kopuru erraldoi horren ordaintzea. Epaileak dio Bruselak ez duela lortu frogatzea Applek mesedea jaso zuenik alor fiskalean 1991tik aurrera. Batzordeak dio laguntza publikoak jaso zituela urte askoan, eta barne merkatuaren lehia desitxuratu zuela horrek. «Batzordea erratu egin zen esatean Applek estatu laguntza bat jaso zuela», dio ebazpenak. Margrethe Vestager Lehia komisarioak bi hilabete eta hamar egun izango ditu orain, ebazpenari helegitea jartzen ote dion erabakitzeko. «Tentuz» aztertu nahi du epailearen idatzia, helegitea jarriko ote duen erabaki aurretik. 14.000 milioi baino gehiago blokeaturik ditu Dublinek, Applek egindako hornidura dela eta. Epai irmoaren zain dago, funts hori ukitu gabe, asko baitu jokoan Irlandak. Auzia ez da bukatu, eta, helegite posible batek kontrako ebazpen bat ekarriko balu etorkizunean, sagarraren etxeak erabaki garrantzitsuak hartuko lituzke agian Europako merkatuari dagokionez. Applek zuzeneko 6.000 enplegu baino gehiago ematen ditu Irlandan, herrialde horrek alor fiskalean ematen dion mesede tratua tarteko. EBko Auzitegi Nagusiak kontrako erabakia hartzea arriskutsua zen Irlandarentzat. Batetik, halako zigor batek egoitza irlan duten beste multinazional batzuk ikaratu zitzakeelako; eta, bestetik, 14.000 milioi euro horien zati bat eskatzen has zitezkeelako Europako beste herrialde batzuk. Zerga horiek, nagusiki, Applek EBko gainontzeko lurraldeetan duen jardunaren emaitza dira. AEBetako enpresak, ordea, pozarren hartu du auzitegiaren erabakia: «Atseginez hartu dugu. Harro gaude munduko zergadunik handienak izateaz, badakigulako zergak ze garrantzitsuak diren gizartearentzat; horregatik, Applek 88.000 milioi euro baino gehiago ordaindu ditu zergetan azken hamarkadan». Irlandak ere ontzat jo du sententzia. Hango finantza departamentuak adierazi du beti izan duela argi Applek ez zuela izan inolako onura fiskalik, eta Irlandako arauek ezartzen duten adina zerga ordainarazi zizkietela. Mozkinen %0,005 Erabakia hartu aurretik, hiru urtez jardun zen ikertzen Europako Batzordea. Vestagerren arabera, erabakia ez zen zigor bat, «ordaindu gabeko zergak ordaintzea» baizik, baina konpainiak eta gobernuak ziurtatu zuten ebazpena Europaren kalterako izango zela: «Efektu sakona eta kaltegarria izango du inbertsioan eta Europako enplegu sorreran», ohartarazi zuten. Bruselaren arabera, 2003. urtean %1 ordaintzen zuen Applek zergetan, baina kopuru hori urtetik urtera murriztu zen, eta 2014. urtean mozkinetatik %0,005 baino ez ordaintzea baimentzeraino iritsi zen irlako ogasuna. Hau da, irabazitako milioi garbi bakoitzeko, 50 euro baino ez zituen pagatu multinazionalak. Irlandako ogasunak emandako bi ebazpen dira hori eragin zutenak: 1991. urtean tax ruling (zerga agindu) bat onartu zuen, eta 2007. urtean beste bat, Applek zergak nola ordainduko zituen finkatzeko. Biak dira legez kanpokoak, Bruselaren ustez, zerga faktura artifizialki murriztea ahalbidetu zutelako. Funtsean, bi filial ezarri zituen multinazionalak Irlandan, eta Europan izandako irabazi ia guztiak hara bideratzen zituen. Ondoren, irabazi horiek «bulego nagusi» bati egozten zitzaizkion, eta ezin zituzten beste inon zergapetu. Haatik, bulego horiek soilik paperean existitzen ziren, ez zuten inolako jarduerarik eta ezin ziren izan irabazi horien erantzule. Eskema horri esker, Applek ez zuen ia deus ordaindu behar. Beste ikerketa bat Irlandako zergen auziaz gain, Brusela Apple ikertzen ari da lehia arauak hausten ari ote den jakiteko. Suediako Spotify musika zerbitzaria kexatu zen; gakoa dira Apple Store aplikazioan dendaren erabileran eta Apple Pay pagatzeko zerbitzuan Applek inposatzen dituen baldintzak. Salaketaren arabera, lehiakideei ez lieke aukerarik utziko zerbitzu horien kontratazio baldintzak tarteko, eta Apple Pay erabiltzen duten merkatariei eta bezeroei abusua egingo lieke. Ikusteko dago Brusela prest dagoen berriro Apple zigortzeko. Google da Europako Batzordeak isun erraldoiak ezarri dizkion AEBetako beste konpainia bat: guztira, 8.257 milioi euro azken hiru urteetan.
2020-7-15
https://www.berria.eus/albisteak/184361/trumpek-amaiera-eman-dio-hong-kongek-zuen-lehentasunezko-tratuari.htm
Mundua
Trumpek amaiera eman dio Hong Kongek zuen lehentasunezko tratuari
Txinaren aurkako zigor berriak ere iragarri ditu.
Trumpek amaiera eman dio Hong Kongek zuen lehentasunezko tratuari. Txinaren aurkako zigor berriak ere iragarri ditu.
Geroz eta gaiztotuago daude Txinaren eta AEB Amerikako Estatu Batuen arteko harreman diplomatikoak, eta horren isla da atzoko gertakaria. Izan ere, Donald Trump AEBetako presidenteak iragarri zuen dekretu bat sinatu duela Hong Kongi ematen zion tratu ekonomiko eta komertzial bereziari amaiera emateko, eta, horrez gain, Txinari zigor berriak jarri dizkio, eskualde horren «askatasuna deuseztatzeagatik». «Ez dute pribilegio berezirik izango, ezta aparteko tratu ekonomikorik ere, eta ezingo dute teknologia berririk esportatu. Gainera, badakite Txinari muga zerga masiboak jarri dizkiogula», gogorarazi zuen AEBetako presidenteak. Horrela, beste urrats bat egin du Trumpek. Hain zuzen, maiatzean agindu zion haren gobernuari Hong Kongi ematen dion lehentasunezko tratua ahalik eta txikiena izateko, eta, hemendik aurrera, Washingtonek ez ditu harreman bereziak izango lurralde autonomo horrekin. AEBek hartutako azken neurriak zerikusia du Txinako Parlamentuak maiatzaren 28an onartu zuen Hong Kongerako Segurtasun Legearekin, hori guztiz baztertzen baitute, lurralde hori «zapaltzeko» bidea dela iritzita. Hong Kongen lurrikara politikoa eragin du lege horrek, eta baita handik kanpo ere. Arau horrek, besteak beste, sedizioa, sezesioa eta atzerriko esku hartzea zigortzea du helburu. Horrez gain, Txinako segurtasun indarrek hainbat eskumen izango lituzkete administrazio eskualde horretan, eta askeago jokatu ahal izango lukete. Hala, horri erantzuteko eratu du Trumpek Hong Kongerako Autonomia Legea. Etxe Zuriak atzo adierazi zuenez, legeak «Hong Kongeko autonomia ezabatzeko Txinaren ekintzei» laguntzen dieten pertsonei, entitateei eta finantza erakundeei zigorrak ezartzea baimentzen du. Txinaren erantzuna Berehala erreakzionatu du Txinak, eta zigorrak ezartzearekin egin die mehatxu . Txinako Gobernuak gaur adierazi duenez, Washingtonek sinatutako lege berria Pekingo «barne arazoen interferentzia larria» da. Hori horrela, errepresaliak hartzeko mehatxua egin du.
2020-7-15
https://www.berria.eus/albisteak/184362/vianako-printzea-sarirako-berri-txarrak-taldearen-hautagaitza-bultzatu-dute-hainbat-eragilek.htm
Kultura
Vianako Printzea sarirako Berri Txarrak taldearen hautagaitza bultzatu dute hainbat eragilek
Taldearen hautagaitza babesteko, bideo bat sareratu dute Aralar Udal Musika Eskolak, Larraungo Udalak eta Lekunberriko Udalak. Nafarroako Gobernuak ortziralean jakinaraziko du zeinek jasoko duen 31. Vianako Printzea saria. Bideoa albistearen amaieran.
Vianako Printzea sarirako Berri Txarrak taldearen hautagaitza bultzatu dute hainbat eragilek. Taldearen hautagaitza babesteko, bideo bat sareratu dute Aralar Udal Musika Eskolak, Larraungo Udalak eta Lekunberriko Udalak. Nafarroako Gobernuak ortziralean jakinaraziko du zeinek jasoko duen 31. Vianako Printzea saria. Bideoa albistearen amaieran.
Nafarroako Gobernuak ortziralean jakinaraziko du zeinek jasoko duen 31. Vianako Printzea saria. Hiru hautagai daude: Jaime Ignacio del Burgo legelari eta politikaria, Carlos Canovas argazkilaria eta Berri Txarrak musika taldea. Nafarroako Gobernuak osatutako epaimahai batek erabakiko du zeinek jasoko duen saria. Aralar Udal Musika Eskolak, Larraungo Udalak eta Lekunberriko Udalak Berri Txarrak taldearen hautagaitza aurkeztu zuten, eta, gaur, bideo bat sareratu dute hautagaitza horren berri emateko eta hura bultzatzeko. Nafarroako kultura, komunikabide eta kirol munduko pertsona erreferenteak bildu dituzte bideoan, eta taldeak dituen balioak azaleratu dituzte;:bertzeak bertze, izpiritu kritikoa, lan egiteko gaitasuna, euskararekiko konpromisoa eta sortutako ondarea. Lekunberriko taldeak iazko azaroaren 23an eman zuen Iruñean azken kontzertua, 25 urtetako ibilbide luzearen ondotik. Horren aitzinetik, ordea, Nafarroako taldea mundu osoan ibilia da musika euskaraz jotzen. Azken bira oinarritzat hartuta, taldearen inguruko film bat prestatzen ari da Maria Lameiro zinemagilea.
2020-7-15
https://www.berria.eus/albisteak/184363/trumpek-pisua-kendu-dio-poliziak-hildako-afro-amerikarren-kopuruari.htm
Mundua
Trumpek pisua kendu dio poliziak hildako afro-amerikarren kopuruari
AEBetako poliziak «zuri gehiago» hltzen dituela baieztatu zuen atzo Trumpek, CBSk egindako elkarrizketa batean. Horrez gainera, AEBetako bandera konfederatua defendatu zuen.
Trumpek pisua kendu dio poliziak hildako afro-amerikarren kopuruari. AEBetako poliziak «zuri gehiago» hltzen dituela baieztatu zuen atzo Trumpek, CBSk egindako elkarrizketa batean. Horrez gainera, AEBetako bandera konfederatua defendatu zuen.
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak garrantzia kendu zien AEBetako Poliziaren esku izandako afro-amerikarren hilketei. Atzo, CBS katean elkarrizketa bat egiten ari zela, kazetariak Poliziak hildako beltzen inguruan galdetu zion, eta Trumpek erantzun zion, haserre, Poliziaren eskuetan «zuri gehiago» hiltzen direla. Azken urteetako ikerketa ugarik egiaztatu dute afro-amerikarrek zuriek baino hiru aldiz aukera gehiago dituzte tiroz edo agenteen ekintzen ondorioz hiltzeko. Elkarrizketan, gainera, AEBetako bandera konfederatua defendatu zuen, hots, AEBetako Gerra Zibilean esklabotza defendatzen zutenena. Jendeari «gustatu» egiten zaiola, eta «adierazpen askatasunarekin lotutako» gaia zela adierazi zuen. Trumpek gaineratu zuen berdin zitzaiola «bandera konfederatua» izan edota Black Lives Matter (Beltzen biziak axola du) mugimendukoa. Ez da presidenteak jarrera arrazistak defendatzen dituen lehenengo aldia. Izan ere, Townhall komunikabide kontserbadorean egindako elkarrizketa batean, arrazakeriaren aurka protesta egiten ari ziren manifestariak pistola eta errifle batekin apuntatu zituen bikote bat defendatu zuen. Manifestariek bikotea «jipoitu» egingo zutela esanez defendatu zuen Trumpek bikotearen jokabidea. Horrez gain, George Floyden hilketagatik ekainean egindako protestetan, presidenteak «terroristatzat» jo zituen manifestariak, gehiengoak protesta modu baketsuan egin zuela kontuan hartu gabe.
2020-7-15
https://www.berria.eus/albisteak/184364/frantziako-hezkuntza-ministerioak-euskarazko-irakaskuntza-trabatu-nahi-duela-salatu-dute-eepko-erakundeek.htm
Gizartea
Frantziako Hezkuntza ministerioak euskarazko irakaskuntza trabatu nahi duela salatu dute EEPko erakundeek
Hiriburuko eskola publikoan euskarazko esperimentazio proiektu bat abiatu izana ukatu du Bordeleko errektoretzak, eta argudiatu derrigorrezko irakaskuntza frantsesez, «Errepublikako hizkuntzan» egin behar dela. EEPko erakundeek erran dute «erabaki politikoa» salatuko dutela eta «elkarrekin» aurre eginen diotela.
Frantziako Hezkuntza ministerioak euskarazko irakaskuntza trabatu nahi duela salatu dute EEPko erakundeek. Hiriburuko eskola publikoan euskarazko esperimentazio proiektu bat abiatu izana ukatu du Bordeleko errektoretzak, eta argudiatu derrigorrezko irakaskuntza frantsesez, «Errepublikako hizkuntzan» egin behar dela. EEPko erakundeek erran dute «erabaki politikoa» salatuko dutela eta «elkarrekin» aurre eginen diotela.
Mehatxua bistakoa da. Azken 12 urteetan Ipar Euskal Herriko eskola publikoetan martxan ezarri diren «murgiltze ereduaren» esperimentazioak, eta euskarazko irakaskuntza oro har, arriskuan eman litzake Bordeleko (Frantzia) errektoretzaren azken erabakiak, logika bururaino eramanen balute. Heldu den ikasturtean Hiriburuko (Lapurdi) eskola publikoan abiatu nahi zuten esperimentazioa ez onartzea erabaki du, guraso, irakasle eta hautetsien onespena izanik ere. Baina erabilitako argumentua da azpimarragarriena: 2019ko uztailaren 26ko Hezkuntza legearekin irakaskuntza derrigorrezkoa da 3 urtetik aitzina, eta Frantziako 1958ko Konstituzioak dio derrigorrezko irakaskuntza, frantsesez, «Errepublikako hizkuntzan» egin behar dela. Ondorioz, Bordeleko errektoretzak dio ez duela gehiago onartuko murgiltze ereduaren esperimentaziorik. EEP Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariek gutun bateratua idatzi zioten Jean Michel Blanquer Hezkuntza Ministerioari uztailaren 7an, eta bilkura ere eskatu diote EEPko administrari eta Ipar Euskal Herriko parlamentariek. Oraingoz, ez dute erantzunik jaso. Ostiralean izanen da Euskal Elkargoaren lehen biltzarra Baionan, ondoko sei urteetarako lehendakaria hautatzeko. Egun horretan, elkargoko biltzarrak euskarazko irakaskuntzaren aldeko mozio bat izenpetzea proposatuko dute. Prentsa aitzinean agertu dira gaur arratsaldean, Alain Iriart Hiriburuko auzapeza eta EEP osatzen duten lau partaideetarik hiru: Beñat Arrabit EEPko lehendakaria, eta Euskal Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordea, Mathieu Berge Akitania Berriko ordezkari gisa, eta Benedicte Luberriaga Pirinio Atlantikoetako departamenduaren ordezkari gisa. Frantziar estatuak hizkuntza politikaren inguruan azken urteetan Ipar Euskal Herrian sortu den kontsentsua hautsi duela erakutsi nahi izan dute irudi horrekin. Errektoretzaren erabakia «arriskutsua eta kezkagarria» dela erran du Alain Iriart Hiriburuko auzapezak, «postura ideologikoa». Mathieu Berge Akitania Berria eskualdeko hautetsi eta EEPko lehendakari ohiak «haserrea, sumindura eta ulertezintasuna» aipatu ditu, eta salatu du azken urteetan lortu den «kontsentsu politiko, instituzional eta soziala» zalantzan jarri dutela. Erabaki «ulertezin» horrek «sumindura politikoak» eragin litzakeela adierazi dute, orohar, eta orain arteko esperimentazioen «arrakasta» azpimarratu dute. 2008an hasi ziren Ipar Euskal Herriko eskola publiko batzuetako sail elebidunean ama eskolako irakaskuntza euskara hutsean eskaintzen. Esperimentazioaren bidez egiten da, eta gurasoen, irakasle taldearen eta hautetsien onespena behar du. Urtez urte hedatuz joan da, eta gaur egun sare publikoko 19 eskolatan proposatzen dute aukera hori. Irakaskuntza giristinoko beste 19 eskolatan ere aurkitu daiteke aukera hori. Ez da lehen aldia Hezkuntza ministerioko administrazioa esperimentazio proiektu bat irekitzearen aurka agertzen dena. Duela urte bat, Irisarriko (Nafarroa Behera) eskola publikoko esperimentazio proiektua ukatu zuen akademia ikuskariak, azken orduan gibel egin aitzin. G7koen Miarritzeko (Lapurdi) goi bileraren giroan kokatu du erabaki hura Bergek. Garai hartan, esperimentazioen ebaluaketa falta aipatu zuen akademia ikuskariak argumentu gisa, lehen urteak osoki euskaraz izateak haurraren irakaskuntzan zuen eragina aztertu behar zuela erranez. Horiek horrela, ama eskolan «murgiltze eredua» segitu duten ikasleen matematikako eta frantseseko maila neurtu dituzte aurten, eta Frantzia mailako emaitzekin konparatu. Emaitzek erakusten dute ez dela irakaskuntza defizitik, baina, gainera, emaitza hobeak eman dituzte bi ikasgaietan lehen urtean, eta frantsesari dagokionez bigarren urtean. «Euskara hutsezko irakaskuntza premiazkoa da euskararen transmisio eraginkor baterako. Eta, gaitasun berak edo hobeak ematen ditu, irakasle postu berarekin», adierazi dute EEPko ordezkariek. «Euskararen aldeko hizkuntza politikaren eraginkortasunari eta gastu publikoaren optimizazioari, biei zaie baliagarri». Hezkuntza ministerioaren ezezkoa «erabaki politiko inkoherente eta onartezina» dela salatu dute. «Elkarrekin aurre eginen diogu». Euskara maila hobea 2004an onartu zuten EEPren hizkuntza politika proiektua. Frantziako Estatua, Akitania Berria eskualdea, Pirinio Atlantikoetako departamendua eta Euskal Hirigune elkargoaren partaidetza batea oinarritzen da. 2008an, euskarazko irakaskuntzaren ordu kopurua emendatzeko esperimentazio pedagogikoak abiatzea onartu zuten, aho batez, «eraginkortasun hobea» kausitzeko. Erabaki hori berretsi zuten 2015eko biltzar nagusian, 2017-2022ko hitzarmenean, eta baita 2018ko urriaren 19an «aho batez» onartu zuten EEPren proiektu estrategikoan. Sail elebidunean «euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren kalitatezko egituratzea» hartu zuten oinarri, helburu batekin: «murgiltzearen esperimentazio pedagogikoak garatzea, eta bigarren mailan oren parekotasunera heltzea». EEPko ordezkarien hitzetan, iraskakuntza da gaur egun belaunaldi gazteenei euskara transmititzeko «bektore nagusia». Baina haien hitzetan, eskola publikoan sail elebiduna abiatu eta 40 urtera, helburu hori «partzialki» baizik ez du betetzen. «Ikasleen heren batek sail elebiduna uzten du kolegiora sartzean. Haatik, Seaskak bultzatzen duen murgiltze sailean, ikasleen hamarretik batek baino gutxiagok uzten du. 2013an egin zuten inkesta batek agertu zituen abandonatze tasaren arrazoiak: lehen maila bukaeran ikasleek zuten euskara maila apalegia. «Ikasleek sail elebidunean jarrai dezaten, kolegiora sartu aitzin duten euskara gaitasuna hobetu behar da, eta horretan, ama eskolako murgiltze irakaskuntza akuilu indartsua da». 2017-2018ko ikasturtean Pirinioetako Akademia ikuskaritzak ezarri zuen azterketa protokoloak irakaskuntza horren onurak erakutsi zituela nabarmendu dute. «Esperimentazioan engaiatu diren eskoletako bakar batek ere ez du gibel egin eta oren parekotasunera itzuli nahi izan». Orain arteko esperimentazioek familien babesa dute, baita berriek ere. Hiriburuko kasuan, gurasoen %86 agertu da prest proiektua abiatzeko.
2020-7-15
https://www.berria.eus/albisteak/184365/nafarroako-gobernuak-43-milioi-euro-jarriko-ditu-sare-pribatuko-ikastetxeetako-langileen-soldata-igotzeko.htm
Gizartea
Nafarroako Gobernuak 4,3 milioi euro jarriko ditu sare pribatuko ikastetxeetako langileen soldata igotzeko
Guztira, 139 milioi euro baliatuko dituzte itunpeko ikastetxe pribatuen sarean, iaz baino sei milioi gehiago. Gimenok adierazi du akordioak bide emango duela negoziazioetan adostutako neurriak betetzeko.
Nafarroako Gobernuak 4,3 milioi euro jarriko ditu sare pribatuko ikastetxeetako langileen soldata igotzeko. Guztira, 139 milioi euro baliatuko dituzte itunpeko ikastetxe pribatuen sarean, iaz baino sei milioi gehiago. Gimenok adierazi du akordioak bide emango duela negoziazioetan adostutako neurriak betetzeko.
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak jakinarazi du 4,3 milioi euro jarriko dituela sare pribatuko ikastetxeetako irakasleei, eta administrazio eta zerbitzuetako langileei soldata igotzeko. Hain zuzen, 139 milioi euro baliatuko dituzte itunpeko ikastetxe pribatuen sarean, iaz baino sei milioi gehiago, zehazki. Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak eman du azken berria, Nafarroako Gobernuak baimena eman ostean. Horrek sailari bide emango dio, besteak beste, irakaskuntza pribatuko enpresetako patronalarekin—zeinak erabat edo partzialki funts publikoarekin eutsiak diren—, sindikatuen ordezkariekin eta Nafarroako ikastolekin lotutako akordioaren edukia finantzatzeko eta jarraipena egiteko. Jada indarrean dago akordioa, eta hala egongo da 2022ko abuztuaren 31ra arte. Gimenok adierazi duenez, akordioa itunpeko irakaskuntza pribatuko enpresa erakundeek eta USO eta CCOO sindikatuek sinatu dute, eta hala nola langileen lan baldintzak hobetzeko neurriak jaso dituzte. Esate baterako, eskatu dute 57 urte betetzen dituzten irakasleei eskola lanaldia, astero, bi orduz murrizteko, erretiroa hartu arte. Are, amatasun baimena amaitu ostean, bularra emateko 21 egun gehiago izateko eskaria ere egin dute, eta egun horietako ordezkapenen ordainketa ikastetxeei Hezkuntza Sailak egiteko. Horrez gain, akordioan jasota dago irakasleen prestakuntza irakaskuntza publikoko irakasleen baldintza berberetan egitea. Sindikatuen protesta Nafarroako Gobernuak USO eta CCOO sindikatuekin adostu du akordioa, baina sindikatu guztiek ez dute bat egiten hor jasotako neurriekin. ELA, LAB, UGT eta SEPNA sindikatuek elkarretaratze isila egin dute gaur goizean, akordioa ez ezik, negoziazioetatik «kanporatu» dituztela ere salatzeko, Itunpeko murrizketen aurka lelopean. Jakinarazi dutenez, akordio bat lortu duten beste bi sindikatuek, hain zuzen, «3.500 langileri murrizketak eginda» lortu dute hura onartzea. Haien arabera, adostutako dokumentuak, soilik, itunpeko hezkuntza sektorearen %1en babesa du.
2020-7-15
https://www.berria.eus/albisteak/184366/peio-olhagarai-zendu-da.htm
Ekonomia
Peio Olhagarai zendu da
Euskal Herriko Garapen Kontseiluko lehen zuzendaria izan zen, eta Baionako Merkataritza eta Industria Ganberako zuzendaritzan egon da urteetan. 61 urterekin zendu da, bihotzeko batek jota.
Peio Olhagarai zendu da. Euskal Herriko Garapen Kontseiluko lehen zuzendaria izan zen, eta Baionako Merkataritza eta Industria Ganberako zuzendaritzan egon da urteetan. 61 urterekin zendu da, bihotzeko batek jota.
Kazeta.eus agerkariak jakinarazi duenez, atzo zendu zen Peio Olhagarai. Itsasun sortua zen, eta Ipar Euskal Herriko ekonomia munduan ezaguna izan da azken urteetan. 1980eko hamarkadan, Akitaniako kooperatiben batasunean lan egin zuen, eta, 1998an, Baionako Merkataritza eta Industria Ganberan sartu zen. Urteetan zehar, zuzendaritza postu anitz izan ditu bere gain, 2017an kargutik kendu zuten arte. Hainbat langilek jazarpen morala leporatu zioten, baina, hilabete batzuk geroago, auzitegiek arrazoi eman zioten Olhagarairi. 1994an, Euskal Herriko Garapen Kontseilua sortu zen, eta Olhagarai izan zen egiturako lehen zuzendaria. 2013an, Euskal Hedabideek elkarrizketa egin zioten Ahoan Bilorik Gabe emankizunean.
2020-7-15
https://www.berria.eus/albisteak/184367/banksy-grafitigileak-maskarak-janzteko-eskatu-du-ekintza-baten-bidez.htm
Kultura
Banksy grafitigileak maskarak janzteko eskatu du ekintza baten bidez
Londresko metroan sartu da, garbitzaile jantzita, eta koronabirusaren inguruko irudiak margotu ditu.
Banksy grafitigileak maskarak janzteko eskatu du ekintza baten bidez. Londresko metroan sartu da, garbitzaile jantzita, eta koronabirusaren inguruko irudiak margotu ditu.
«Konfinaturik egon naiz, baina altxatu naiz berriz». Itzultzean hitz jokoa galtzen bada ere, mezu horrekin kaixo esan nahi izan die berriz zaleei Banksy grafitigile ingelesak. Arte galerietan eta enkante areto dotoreetan ibili ziren haren lanak izurriaren aurretik, baina jatorrira itzuli da margolaria. Izan ere, metroa hartu du jomuga, eta maskarak erabiltzearen aldeko mezua margotu du. Bideo batean kontatu du bere ekintza artistak berak. Metroko garbitzaile gisa mozorroturiko pertsona bat —Banksy bera, ustez— sartu da Londresko lurpeko trenera. Autoritate handiz agindu die bidaiariei beste bagoietara joateko, lan egin behar duelakoan. Baina garbitu ordez, txantiloiak, espraia eta brotxak atera ditu, eta bagoietan barruan margotzeari ekin dio. Bere ibilbidearen hasieratik aritu da grafitigilea arratoiak margotzen. Mezua argia zen: hiriak aberastasun eta botere leku gisa saltzen du bere burua, baina azpian, arratoiak dira jaun eta jabe, eta hiriari azpia jaten ari zaizkio. Oraingoan, arratoi horiek metroan dabiltza, baina maskarak jantzita, doministikuka eta eskuak mikrobioen aurkako gai batekin garbitzen. Beste edonork eginez gero, bandalismotzat joko litzateke Banksyk eginikoa, baina artistaren ospea horren handia da, non metroa kudeatzen duen —eta garbitzeaz arduratzen den— Transport Of London erakundeak ontzat eman duen «jendeari maskara jartzeko bultzatzeko» ahalegina. Uztailaren 16an garraio erakundeak iragarri zuen Banksyren margoketa «garbitu» egin zutela konpainiako langileek, «margoketen aurkako politika zorrotzari jarraikiz», beste «edozein bandalismo» ekintza gisa. Edonola ere, TOLek artista gonbidatu du «mezu horren beste bertsio bat margotzeko leku egoki batean». Autosuntsiketa, eta konfinamendua Banksyren sonarik handieneko ekintza, eta eztabaidatsuenetako bat, 2018ko urrian egin zuen. Londresko Sotheby's etxean haren lan bat jarri zuten enkantean, eta 1.192.000 euro ordaindu zuen erosle batek. Baina enkantea amaitu bezain laster, artistak Girl With Balloon (Neska puxikarekin) obraren markoan ezkutaturiko mekanismo bat piztu zuen, eta lanaren erdia zerrendatan txikitu zuen. Konfinamenduan lanean jarraitu du artistak. Besteak beste, arratoiak margotu ditu bere etxeko komunean. Baina arratsaldeko zortzietan txalo egin ordez, irudi baten bitartez eskertu nahi izan zien lana osasungintzako langileei. Lan bat eskegi zuen Southamptoneko (Ingalaterra) General Hospital erietxean, haien omenez: haur bat ageri da erizain bat irudikatzen duen panpina batekin jolasten, ohiko superheroiak saski batean bazterturik dituen bitartean. «Eskerrik asko egiten ari zaretenarengatik. Espero dut honek erietxea apur bat alaitzea, zuri-beltzekoa baino ez bada ere». Azken asteotan, artistak bere ustezko jaioterrian —Bristolen— margoturiko beste irudi bat maskaraz jantzita agertu zen apirilean. XVII. mendeko Johannes Vermeer margolariaren Perlazko belarritakoaren neska koadroaren bertsioa egin zuen Banksyk 2014. urte aldera: 'Piercing'-aren neska. Ez dakite nork jarri dion maskara margolanari. Banksyk Bristolen eginiko margolanari maskara jarri zioten apirilean. Neill Hall / EFE
2020-7-15
https://www.berria.eus/albisteak/184368/irailaren-5ean-hasiko-da-espainiako-liga.htm
Kirola
Irailaren 5ean hasiko da Espainiako Liga
Hemezortzi taldez osatutako liga izango da, eta, guztira, 34 jardunaldi izango ditu txapelketak.
Irailaren 5ean hasiko da Espainiako Liga. Hemezortzi taldez osatutako liga izango da, eta, guztira, 34 jardunaldi izango ditu txapelketak.
Emakumeen Espainiako Ligako lehen mailako denboraldia irailaren 5ean hasi eta 2021eko ekainaren 21ean amaituko da. Espainiako Futbol Federazioko Batzordeak gaur eman du argitara 2020-2021eko denboraldiko egutegia. 34 jardunaldiko txapelketa izango da, eta ez 32koa; izan ere, COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioz, jaitsierarik egon ez denez, aurreko sasoian baino bi talde gehiago izango dira lehen mailan: Eibar eta Santa Teresa. Beraz, hiru euskal talde lehiatuko dira datorren denboraldian: Athletic, Reala eta Eibar igo berria. Bigarren maila, bestalde, irailaren 27an hasiko da, eta goren mailan gertatu den bezala, bi talde gehiago egongo dira: 34. Horrez gain, Espainiako Kopako finala datorren urteko maiatzaren 31n jokatzea aurreikusi du batzordeak. Superkopako finalerako data, berriz, aurreratu egin dute: otsailean jokatuko da, Salamancan (Espainia).
2020-7-15
https://www.berria.eus/albisteak/184369/azken-datuak-izan-dira-maiatzetik-jaso-diren-handienak.htm
Gizartea
Azken datuak izan dira maiatzetik jaso diren handienak
Azken 24 orduetan 80 koronabirus kasu atzeman dituzte; maiatzetik ez da halako daturik bildu.
Azken datuak izan dira maiatzetik jaso diren handienak. Azken 24 orduetan 80 koronabirus kasu atzeman dituzte; maiatzetik ez da halako daturik bildu.
PCR probekin 80 koronabirus kasu berri atzeman dituzte Hego Euskal Herrian azken 24 orduotan. Horiek dira maiatzetik jaso diren daturik handienak; izan ere, maiatzaren 9an, 86 kasu atzeman ziren. Orduan, zero fasea zegoen martxan, eta, konfinatuta egon arren, orduantxe hasi zen zenbait gauza egiteko aukera. Konfinamendua arintzeko zero fasea maiatzaren 4an jarri zuten abian, eta, horrekin batera, kalera ateratzeko aukerak areagotu ziren. Kirola egiteko zein paseatzeko aukera zegoen, bakoitzak bere ordutegia errespetatuz, eta kirola modu profesionalean egiten dutenek aire zabalean entrenatzen hasteko aukera izan zuten, probintzia barruko mugen barruan. Fase hori hastearekin batera, zenbait denda ireki zituzten, edukiera mugatuta eta bezeroek aurretik txanda hartuta, eta martxan jarri zituzten, halaber, eramateko janaria prestatzen zuten jatetxe eta negozioak.
2020-7-16
https://www.berria.eus/albisteak/184370/zarauzko-talai-mendi-kanpinean-agerraldirik-ez-dela-egon-ondorioztatu-dute.htm
Gizartea
Zarauzko Talai Mendi kanpinean agerraldirik ez dela egon ondorioztatu dute
Kanpinean atzo eginiko PCR probetan bi positibo atzeman dituzte, eta osasun agintariek adierazi dute ez dela agerraldi bat izan. Kanpinera sartzeko aukera dagoela jakinarazi du alkateak.
Zarauzko Talai Mendi kanpinean agerraldirik ez dela egon ondorioztatu dute. Kanpinean atzo eginiko PCR probetan bi positibo atzeman dituzte, eta osasun agintariek adierazi dute ez dela agerraldi bat izan. Kanpinera sartzeko aukera dagoela jakinarazi du alkateak.
Zarauzko (Gipuzkoa) Talai Mendi kanpinean koronabirusaren agerraldirik ez dela egon ondorioztatu dute osasun agintariek, langileei eta bezeroei eginiko PCR probetan bi positibo soilik atzeman ostean. EFE agentziak jakinarazi duenez, Xabier Txurruka Zarauzko alkateak adierazi du dagoeneko aukera dagoela kanpinera sartzeko eta barruan egoteko. Erantsi duenez, proban negatibo eman duten bezero ugarik ere kanpinean jarraitzeko hautua egin dute. Hain zuzen, atzo arratsaldean hasi ziren kanpin horretan PCR probak egiten, joan den astean egondako bi bezerok positibo eman baitute. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak goizean argitaratu ditu lehen emaitzak, eta positibo baten berri eman du. Hala, hiru izan dira kanpinarekin zerikusia duten kasu positiboak. Hala ere, Zarauzko Hitza-k jakinarazi duenez, lau lagunek eman dute positibo Zarautzen, baina horiek kanpinarekin zerikusia duten ezin izan du baieztatu egunkari honek. Haimar Arozena da kanpineko arduradunetako bat, eta, atzo jakinarazi zuenez, Osakidetzako lantalde bat jada kanpinean bertan zegoen, eta protokoloek jasotzen dituzten pausoak ematen ari dira. Langileei PCR probak egin zizkieten; etxean egon ziren, erantzunak jaso bitarte etxean sartuta egon behar baitzuten. Are gehiago, erantsi zuen bezero batzuei ere egin dizkietela probak, baina ez zekitela ziur guztiek egin beharko dituzten. Emaitzak jakinarazi arte, prebentzio gisa, kanpinetik ez ateratzeko eskatu zieten han zeuden bezeroei. Ez da egon itxita, eta hala nahi zuten bezeroek etxera joateko aukera ere izan dute, baina eskatu zitzaien etxera itzuliz gero berrogeialdian egoteko, gutxienez egoera egonkortu arte eta informazio gehiago izan arte. Sartzeko ere, baimena behar zen, eta Ertzaintza aritu zen sarrera-irteerak kontrolatzen. Ikasturte amaierako ospakizunak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak beste ohar bat ere egin dute: etxean geratzeko eskatu diete Zarautzen (Gipuzkoa) uztailaren 8aren eta 12aren bitartean ikasturte amaierako ospakizunetan egon zirenei, eta, horrekin batera, eskatu diete ez kontakturik izateko arrisku taldeetako pertsonekin, eta euren osasun etxera deitzeko PCR proba egiteko.
2020-7-15
https://www.berria.eus/albisteak/184371/castexek-separatismoaren-kontrako-lege-proposamen-bat-aurkeztuko-du.htm
Mundua
Castexek «separatismoaren kontrako» lege proposamen bat aurkeztuko du
Gobernu berriaren lehentasuna enplegua sustatzea izango dela adierazi du lehen ministroak. Pandemiaren krisiari erantzuteko 100.000 milioi euroko funts bat eratuko du.
Castexek «separatismoaren kontrako» lege proposamen bat aurkeztuko du. Gobernu berriaren lehentasuna enplegua sustatzea izango dela adierazi du lehen ministroak. Pandemiaren krisiari erantzuteko 100.000 milioi euroko funts bat eratuko du.
Ekonomia suspertzea izango da Frantziako gobernu berriaren lehentasuna, Jean Castex lehen ministroak iragarri duenez. Frantziako Asanblea Nazionalean, politika orokorreko eztabaidan aurkeztu ditu Castexek hurrengo urte eta erdian gobernuaren ildo nagusiak izango direnak. Koronabirusak eragin duen krisiari erantzuteko 100.000 milioi euroko ditu funtsa eratuko duela jakinarazi du. «Enplegua izango da nire gobernuaren erabateko lehentasuna», ziurtatu du. Hala aurreratu du bestelako neurririk. Horien artean, «separatismoaren kontrako» lege proposamen bat. Frantziako lehen ministroak estatuaren «etsai» gisa aurkeztu du «separatismoa», eta, udazkenean, haren kontrako lege proiektu bat aurkeztuko duela aurreratu du, neurriaren edukiari buruzko informazio gehiago eman gabe. «Errepublika Frantzia da. Eta haren oinarriak ere kolokan daude, bere etsaien arteko koalizioaren ondorioz: terroristak, estremistak, konspiratzaileak, separatistak, komunitaristak». Lehen ministroaren arabera, lege proiektu horren helburua litzateke «hainbat talde beren ezaugarri etniko edo erlijiosoen inguruan intransigentziaz itxi daitezela eragoztea». Hala, lege horrek izaera etniko, erlijioso edo kulturala duten aldarrikapenen «sabaia» zein den zehaztu beharko luke, eta Frantziako Errepublikaren identitatea indartu. «Errepublikaren balore nagusia sekularitatea da. Inolako erlijiok, pentsamentu korrontek, inolako talde antolatuk ezin du espazio publikoa bere egin eta ezin die Errepublikaren legeei eraso egin». Joan den ekainean, «komunitarismoa eta separatismoa» Frantziarentzako mehatxu zirela ohartarazi zuen. Krisiari erantzuteko funtsa Castexen hitzaldiaren zatirik handiena, baina, gai ekonomikoek hartu dute. Koronabirusak eragin duen krisiari erantzuteko neurriei eskaini die arreta handiena. Lehen ministroaren esanetan, pandemiak agerian utzi du Frantziako ekonomiak «gehiegizko menpekotasuna» duela beste herrialde batzuekiko. «Hori aldatzeko, 40.000 milioi [euro] bideratuko ditugu». Lehen ministroa Frantzia barruko ekoizpen jarduera indartzen lagunduko duten neurriak hartzearen alde agertu da. eren artean, «ekoizpena zamatzen duten zergak arindu» behar direla babestu du, bertan egindako produktuak merkatuan lehiakorragoak izan daitezen. Horrez gain, beharrezkotzat jo du EB Europako Batasunak lehiaren gaineko araudia aldatzea, «txapeldun industrialak» izango diren enpresen sorrerari bide emateko. «Industria nazio handi bat izan gaitezke berriro ekologiari esker», adierazi du Castexek, eta argitu du «hazkunde ekologian» sinesten duela berak, eta ez «deshazkunde berdean». Hala, Frantziako industria eraldatzearen garrantzia nabarmendu du. Castexen iritziz, 100.000 milioi euroko diru funtsaren inbertsioa «hil ala biziko» ahalegina da. Jakina da estatuaren zor publikoa areagotuko duela, baina ziurtatu du koronabirusak eragin duen krisiari ezin zaiola «aurrekontu austeritatearekin» erantzun. Zorpetze publiko horrek EBren babesa duela gaineratu du, eta Frantziak babes hori «negoziatzen jakin» duela. Hain justu, ostiralean elkartuko dira EBko estatu kideak goi bileran, pandemiak sortutako krisiaren aurrean erantzun bateratu bat adosten saiatzeko. Macronek uztailaren hasiera izendatu zuen Castex lehen ministro, eta Asanblea Nazionalaren aurrean egin duen lehen hitzaldia izan da gaurkoa. Macronek udal hauteskundeetan jaso zituen emaitza kaxkarrek behartuta berritu zuen gobernua. Gorakada nabarmena izan zuen EELV Europa Ekologia-Berdeak alderdiak.
2020-7-16
https://www.berria.eus/albisteak/184372/xaretaren-xendra-sarea.htm
Bizigiro
Xaretaren xendra sarea
Sara, Zugarramurdi, Urdazubi eta Ainhoa biltzen dituen Xareta eskualdea inguratzen du Pottokaren Bideak, 37 kilometrotan. Baina gehienek lehen bizpahiru herriak dituzte lotzen, oinez.
Xaretaren xendra sarea. Sara, Zugarramurdi, Urdazubi eta Ainhoa biltzen dituen Xareta eskualdea inguratzen du Pottokaren Bideak, 37 kilometrotan. Baina gehienek lehen bizpahiru herriak dituzte lotzen, oinez.
Sarako (Lapurdi) leizeetan autoa aparkaturik, berehala atzematen da Zugarramurdiraino (Nafarroa) eramaten duen pottoka urdinaren seinalea, harriaren gainean. Goiti doan bide mundrunatu zabaletik eskuinetara gelditzen da ibiltaria xurgatzen duen xendra. Eki pindartsuaren babesgune itzaltsua. Atxuriaren magalean, Larhungo harri gorria paratua izan da zolan, erromatar galtzadari irudi, ibilaldia eroso egiteko, nahiz ez duen ordezten mendiko zapaten beharra. Xareta izena Barandiaran antropologoak atzeman bide zuen; lau herriak biltzen dituen eskualdea: Sara, Ainhoa (Lapurdi), Zugarramurdi eta Urdazubi (Nafarroa), zeina txara hitzetik baitator: oihanttoa. Hariztiak du, oroz gainetik, besarkatzen enborren artean menturatzen den nehor. Oraintsu arte lanean aritu izan da Zugarramurdiko leizeetan eta sorginen museoan Helena Xurio Arburua zugarramurdiarra. Pottokaren Bideak kontatzen ez dituenak salatu ditu: «80ko hamarkadan hasi ginen aditzen Xaretaz eta, horrekin batean, Pottokaren Bideaz. Turismoa bultzatzeko asmatu zuten elkartea. Hobe holakoak asmatzea turismoa kanalizatzeko. Niri ongi etorri zait turistei esplikatzeko non ginen, muga aipatu behar izan gabe». Lau herrien arteko elkartea bera 2004an sortu zen, eta, hortik, Europatik jaso dituzte diru laguntzak, bertzeak bertze, Pottokaren Bidea egiteko. Bidexkaren bazterrean, harrigarriro, burua oraindik osorik du ustezko onddo beltzak, nehoren ahosabairen zepotan urtu gabe. Lau bideren besarkagunetik beheiti, ezkerretara, Errotaxarreko bordan bada jan eta edateko parada (Halty izenez), goitikoa hartuz ere, Ixtilarteko bordak batzarri ederra egiten dio bertaratzen den orori (Anttonen benta). Mikel Mitxelenak kopetako izerdia idortzen du tixertaz; sasi garbitzeko makinarekin aritu baita lanean. Ezkaratzak errendatu dizkio hatsa eta freskura, bai kendu egarria ere. II. Mundu Gerla betean ireki zuen benta Mitxelenaren amatxiren anaia zenak: Anttonek. Gibeleko jangelako zoladurari ohol bat altxatu dio, lur-arrasa biluzian utziz: «Mostradorea hemen zuen lehen, Nafarroara begira. Hortxetan, gibelean kaxak ezartzen zituen. Haien pean gordetzen zuen altxatzen den taula hau, ikusten? Pean gordetzen zuen sos guzia!». Lapurtarrak ziren bezero gehienak: Nafarroan merkeagoa zen jatekoa erostera zihoazen. Ixtilarteko bordak ikusi ditu pasaia zenbaitzuk: «Anttonek karabineroei edaten ematen zien bitartean pasatzen ziren kontrabandistak: gerlagatik eskas ziren guziak pasatzen ziren: azienda, kobrea, dentela... Guk ere horrekin segitu dugu: sosa, motoak, eper arrautzak... pasatzen utzi izan ditugu, trukean zerbait hartuz». Oraingo egunean, ostatuak du bentaren tokia hartu, paisaia ikusgarria lagun, moleta ahamen bat ahoan murtxikatuz: «Momentu ona pasatzera etorri behar da, lasaitasunaz gozatzera», gehitu du Mitxelenak. Preseski, atzoz geroztik dago egunero ostatua zabalik. Bidegurutzera itzuliz, eskuineko xendra berriz lotzen zaio Pottokaren Bideari. «Mintzo diren harriak dira», xehatu du Xuriok. Gaur gero denak isilduak diren harritzar horiek badute oraindik mintzarazten zituzten botoiak: Arranomendi, Sara eta Larhun. Bistak erakutsi beharko lituzke, ez balira metro pare bateko iratzeek kukuturik. Haritz tartean agertu da izerdi-lapetan Guadalajarako (Espainia) gizona: «Net galdu naiz!». Ekin dio berriz ere zaldi herexak bilatzeari, ustez bide xuxenetik. Egia da zenbait tokitan duda sortzen duela marka faltak, baina zailtasunik gabe aski da berriz gibel egitea. Hala-hala, tronpaturik, leize tiki baten sartzeraino eraman lezake. Xuriori oroitzapena jin zaio gogorat: «Hau dena zulo da. Ttikitan denean barrena sartzen ginen. Beti aditu izan dut zakur bat sartu zela Zugarramurditik eta atera Saran. Guk, behinik behin, ez genuen sekula lortu». Zugarramurdiko leizeetarat iristear, Charente Maritimeko (Frantzia) bikoteak Sararat buruz hartu du bidea, Zugarramurdiko plazara heldu gabe: «Galdu gara, harat igan gara batere behar izan gabe. Baina ez da larria, bihar berriz etorriko gara, bide zinez atsegina baita, dena itzalean». Ur handiko erreka zeharkaturik, leizeen sarrerarat darama malda xutak, non ez baita bertako hiru lagun baizik ageri, «ekarri dituzte jan eta edateko makina berriak», erran du langileak. Karrikaz karrika, garren atzaparren oinazeak zirimola bortitzez harrapatzen du Zugarramurdi: «Inkisizioak kondenatutakoen artean etxe hauetakoak Logroñorat [Espainia] eramanak izan ziren, torturatuak, batzuk erreak, eta anitz, kartzelan hilak: Nabarkoenea, Barrenetxea, Iriartea, Surutegia, Etxegia, Bordako etxea, Arburua, Subildegia eta Beheretxekoak. 30.000 jende hurbildu zen Logroñorat, erretzen ikusteko. Zer pentsatuko ote zuen gaizo jende honek ? Harat eramana, konprenitzen ez zuen lengoaia batean kondenatua...». Zugarramurdik barneratua duen historiak arranguratzen du Xurio: «Berri Txarrak taldeak badu kantu bat zeinean baitio sinisten ditugula gure gezurrak. Kondenatu zituzten haiek ez ziren sorginak, baizik eta akusatuak ziren hala izateaz. Herritarrak ziren. Ez zen bakarrik feminizidioa izan; gauza anitz nahasi ziren. Onartezina zait baliatzea masakreaz, negozioa egiteko...». Tarte batez lur eta harriari lekua utzi badio ere, berriz ere nagusitu da zimendua Alkerdi auzoan. Martikoeneko amatxi-aitatxiak toto daude, bakearen enbaxadore, lau bideren junta airosean. Donezteberen XVI. mendeko kapera saihetsean utziz, errepidea zeharkatu beharra da, Etxalekua gasna saridunaren saretik pasatzeko. «Etxalekukoa zen bertze kondenatuetako bat», erantsi du Xuriok. Haren ondorengoetako bat traktorean dabil. Pottokaren bidea Xaretan, Sarako Leizeen eta Zugarramurdiren artean. GUILLAUME FAUVEAU Alkerdik erdia misterio Aitzinago, «ikusten diren gaineko arroka handi horien pean dira Alkerdiko leizeak», zehaztu du gidak. Preseski, Aitor Ollo SOS Alkerdi elkarteko kide urdazubiarrak aurkeztu ditu: «Urdazubiko leizeetan ez da giza arrastorik [publikoari zabalik direnetan]. Berroberrikoan, ordea, duela 14.000 urteko aztarna pila atzeman ziren, zeinak Nafarroako Museoan baitira». Goraxeago dagoen Alkerdin ere Madeleine aldiko bisonte bat, zaldi bat eta orein bat atzeman zituzten. 2014an, Diego Garatek garai bereko hamar bat bisonte gehiago aurkitu zituen arte. Haatik, 2015ean, ondo-ondoan dagoen harrobia berriz martxan ezarri nahi izan zutelarik, lehergaiak erabiliz gainera, herritarrak arranguratu ziren: «Ikusirik Alkerditik oso hurbil dela, plataforma bat muntatu genuen. Helburua zen inguru guzia ongi aztertzea eta ondare kulturala arriskutik kanpo uztea. Azkenean, plataformari esker, Nafarroako Gobernuak ikerketa eskatu zuen, eta duela 23.000 urteko bisonte baten horma irudia atzeman zuten Aranzadik eta Satorrak espeleologoek. Horrekin batean, harrobia gelditu zen», kontatu du Ollok. Alkerdi eta Berroberria leizeak Europako ondarearen eguna kari bakarrik irekitzen dituzte. Pottokaren Bidea bertatik iragaten da. Handik biziki laster, justuki, harrobi horren sarreran, sortzen da duda nondik joan. Eskuinera hartuz gero, Urdazubirako bidea harrapa daiteke, zeina haritz zahar ikusgarritik pasatzen baita. Baina ezkerrera da joan behar, errepidean zenbait metroz ibiliz, txaran sartu eta Ikaburua auzoak batzarri egin arte. Bertan dira Urdazubiko leizeak, Ikaburukoak hain zuzen ere, Urdazubik leize franko baititu, bisitariei hetsiak badira ere. Pottokaren seinale urdinek jarraitzen dute, Urdazubitik Ainhoara, eta Ainhoatik Sarara, orotara hamabi oreneko ingurua lotuz. Bihar: Euskal Herriko ibilbideak (II): Ardoaren eta arrainaren bidea.
2020-7-15
https://www.berria.eus/albisteak/184373/bilboko-udaleku-batzuetan-positibo-bat-atzeman-dute-eta-38-lagun-bakartu-dituzte.htm
Gizartea
Bilboko udaleku batzuetan positibo bat atzeman dute, eta 38 lagun bakartu dituzte
Haur bati COVID-19a detektatu diotela eta, haren kideek, begiraleek eta horien guztien bizikideek hamar egun igaro behar dituzte etxean, bakartuta.
Bilboko udaleku batzuetan positibo bat atzeman dute, eta 38 lagun bakartu dituzte. Haur bati COVID-19a detektatu diotela eta, haren kideek, begiraleek eta horien guztien bizikideek hamar egun igaro behar dituzte etxean, bakartuta.
Bilboko Santutxu auzoko Larreagaburu zentroan egin dituzten udalekuetan parte hartu duten 30 haurrek, zortzi begiraleek eta horien guztien bizikideek hamar egun pasatu behar dituzte bakartuta, haurretako batek positibo eman duelako koronabirusaren proba eginda. Bilboko Udalak Europa Press berri agentziari kontatu dionez, Osakidetzak gaur goizean hitz egin du udalekuak antolatzen dituen enpresarekin, eta esan dio haurretako bati COVID-19 gaitza atzeman diotela. Enpresakoak gurasoekin jarri dira harremanetan, eta haurrak etxera eramateko eskatu diete. Guztiek egon beharko dute bakartuta, baita haien etxean bizi direnak ere. Osakidetzak ezarri duen protokoloa betetzen ari dira. Udalak Larreagaburuko instalazioak desinfektatuko ditu bihar, eta, datorren astean, beste talde batek egingo ditu udalekuak leku horretan, bi asteko txandak egiten baitituzte.
2020-7-15
https://www.berria.eus/albisteak/184374/santurtzi-eta-ondarroa-bizkaiko-txapeldun-eta-hondarribia-eta-orio-gipuzkoakoan-garaile.htm
Kirola
Santurtzi eta Ondarroa Bizkaiko txapeldun, eta Hondarribia eta Orio, Gipuzkoakoan garaile
Santurtzik 25 urteren ondoren irabazi du berriz Bizkaiko txapelketa, eta Ondarroak aurrenekoa lortu du. Hondarribiak 11. aldiz irabazi du Gipuzkoakoa, eta Oriorena bigarrena izan da, iazkoaren atzetik.
Santurtzi eta Ondarroa Bizkaiko txapeldun, eta Hondarribia eta Orio, Gipuzkoakoan garaile. Santurtzik 25 urteren ondoren irabazi du berriz Bizkaiko txapelketa, eta Ondarroak aurrenekoa lortu du. Hondarribiak 11. aldiz irabazi du Gipuzkoakoa, eta Oriorena bigarrena izan da, iazkoaren atzetik.
Estropada ederrak egin dituzte arraunlariek gaur Bizkai eta Gipuzkoako traineru txapelketetan. Itsasoa jostari zegoen, eta arraunerako egoki-egoki ere ez bazegoen, gustura samar moldatzeko moduan jarri zaie Lekeition eta Orion. Bizkaikoan, Ondarroak lehendabizikoz irabazi du txapelketa emakumezkoetan, eta Santurtzik 25 urte geroago lortu du bere hamargarrena. Gipuzkoan, gizonezkoetan, Hondarribiak 11. aldiz astindudu bandera, eta Oriok, aurretik, bigarren aldiz jarraian lortu du garaipena, bere bigarrena. Lau taldeetan poza zen nagusi, normala den bezala, baina tristetik ere izan du egunak arraun munduan. Izan ere, argazkilari amateur nekaezin bat hil da Zumaian: Klaudia Egirao. Zumaiako Iñaki eta Joseba Aristi arraunlarien ama, eta Aitor patroiaren izeba. Bazen denbora bat haren argazki kamera estropada eremuetatik desagertzera behartu zuela gaixotasun larri batek, eta gaur, estropada egun batean joan da Minutuko isilunea egin dute Gipuzkoako estropadaren Egiraoren omenez. Gozatu ederra hartuko zuen Orion, argazkitarako aukera ona zegoelako. Emakumezkoen estropadan, Orio aterako zuen estropada hasi orduko lehen postuan. Hondarribia atzerago zela ere bai, azkarregi gauza onerako. Arraun ere geratzen joan zela islatuko zuen haren kamerarekin, eta ziabogan Oriok Donostiarrari sei segundo ateratzen zizkiola ere bai. Laugarren kaletik joan da etxeko taldea, eta hirugarrenetik Donostiarra. Ikusiko zen argazkietan nola Oriok aldea handitu duen bigarren luzean. Bederatzi segundokoa izan da azkenean, etxekoen alde, eta Donostiarraren kalterako. Hirugarren Arraun sartu da, eta Hondarribia laugarren. Sailkapenean, Tolosaldeak aurrea hartu dio Hondarribiari, baita San Juanek ere. Eremutik Oria ibaiaren sarrerara mugituko zuen Egiraok kamera, Oriori bandera nola ematen zioten argazkian gordetzeko. Gizonetan, estuagoa izan da lehia, eta Hondarribiak sei segundo atera dizkio Donostiarrari, eta hamar Oriori. Laugarren San Pedro izan da, bigarren txandako garailea. Olatuxka hauskorren gainean, traineruek argazki politak utzi dituzte, eta gozatuko zuen Zumaiako argazkilariak. Santurtzi, azken unean Zer esanik ez Lekeition, Santurtziren azkeneko txanpa handiarekin. Horrek eman dio garaipena, Zierbena eta Urdaibairen aurretik. Ondarroa izan da laugarren. Poza klubera emakumezkoek eraman dute, Bizkaiko banderarekin. Aterako zion garaipen historiko horri ere argazki dotore askoa arraunzale argazkilariak.
2020-7-16
https://www.berria.eus/albisteak/184404/torrentek-eta-maragallek-kereila-aurkeztu-dute-cniko-zuzendari-ohiaren-aurka.htm
Mundua
Torrentek eta Maragallek kereila aurkeztu dute CNIko zuzendari ohiaren aurka
2019an Pegasus programa erabiliz beren sakelakoak zelatatu izana egozten diote Sanzi. Ez dute baztertu bertze agintari batzuen kontrako bide judizialari ekitea.
Torrentek eta Maragallek kereila aurkeztu dute CNIko zuzendari ohiaren aurka. 2019an Pegasus programa erabiliz beren sakelakoak zelatatu izana egozten diote Sanzi. Ez dute baztertu bertze agintari batzuen kontrako bide judizialari ekitea.
Atzo aurreratu zuten, eta gaur goizean bertan aurkeztu dute kereila Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak eta ERC-ko diputatu Ernest Maragallek CNI Espainiako zerbitzu sekretuetako buru ohi Felix Sanzen aurka. 2019an Pegasus programa erabiliz beren sakelakoa zelatatzea egozten diote Sanzi. Asteon jakin da 2019an Pegasus programa —gobernuei eta segurtasun indarrei bakarrik saldu ohi zaiena—erabili dutela Torrent eta Maragall zelatatzeko. Ikerketaren arabera, programa horrek 1.400 sakelako espiatu zituen mundu osoan, 2019ko apirilaren eta maiatzaren artean, Whatsapp aplikazioaren akats bat baliatuta. Zerrenda horretan daude Kataluniako agintari politikoak. Torrent eta Maragall kide diren ERC alderdiak Sanzen aurkako kereila aurkeztu du, baina alderdiak ez du baztertu bertze buruzagiren baten aurkako bide judiziala hastea ere. Aurkeztutako kereilaren arabera, CNIko zuzendari ohia da zentroko funtzionarioen arduradun nagusia, eta, beraz, hari dagokio bermatzea bere jarduerak legearekin bat datozela eta jakinarazpenen sekretuaren edozein esku hartzek aurretiazko baimen judiziala duela. Andreu Van Den Eynde abokatuak aurkeztu du salaketa, eta nabarmendu du orain arte azaleratutako ikerketek erakutsi dutela programaren jabe den enpresako bezero dela Espainiako gobernua 2015etik. Gainera, El País egunkariak gaur argitaratutako informazio bat ere aipatzen du Van Den Eyndek. Kazeta horren arabera, Espainiako zerbitzu sekretuek Pegasus programa erabiltzen dute espioitza lanetarako. ERCk aurkeztutako salaketan nabarmendu dute gutxienez 100 pertsonaren kontrako espioitza lanak egin dituztela; tartean, Maragallen eta Torrenten aurka. Espioitza horiek «abusuzkoak eta arrazoirik gabeak» direla nabarmentzen du kereilak, software horrek biktimaren telefonoa «erabat» monitorizatzea ahalbidetzen duelako. Programak segurtasun akats ezezagunak aprobetxatzen zituen, eta ezkutatzeko propietateak zituen, programa arakatzea zailtzen zutenak. Ondorioz, ezinezkoa da jakitea zer komunikazio atzeman dituen eta zer informazio jaso duen. Alderdiak nabarmendu du dagoeneko Whatsappek salaketa aurkeztu duela programaren jabe NSO taldearen aurka. Citizen Lab laborategiak azpimarratu du egiaztatu egin duela Torrentek eta Maragallek jasan zuten espioitzaren «egiazkotasuna», eta zera salatu du: «disidentzia politikoaren, kazetaritza kritikoaren, aktibismoaren eta populazioaren sektore jakin batzuen kontra aurrez pentsatutako espioitza ekintza bat izan da».
2020-7-16
https://www.berria.eus/albisteak/184405/maskara-ongi-erabili-behar-dela-nabarmendu-du-gipuzkoako-farmazialarien-elkarteak.htm
Gizartea
Maskara ongi erabili behar dela nabarmendu du Gipuzkoako Farmazialarien Elkarteak
Gipuzkoako Farmazialarien Elkarteak maskarak egoki erabiltzeko gakoak eman ditu, «maskara, jantzi, eta ongi erabili» behar baita.
Maskara ongi erabili behar dela nabarmendu du Gipuzkoako Farmazialarien Elkarteak. Gipuzkoako Farmazialarien Elkarteak maskarak egoki erabiltzeko gakoak eman ditu, «maskara, jantzi, eta ongi erabili» behar baita.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gaurtik aurrera derrigorrezkoa da maskara janztea, eta Nafarroan, bihartik aurrera, baita segurtasun distantziak mantentzen diren egoeretan ere. Hori dela eta, Gipuzkoako Farmazialarien Elkarteak maskarak egoki erabiltzeko gakoak eman ditu, «maskara, jantzi, eta ongi erabili» behar baita. Hutsik ohikoenak hauek direla jakinarazi dute: sudurra ez tapatzea, maskara eskuekin ukitzea, poltsikoan gordetzea, eta pentsatzea erabiltzailea babestua dagoela maskara kirurgikoarekin (Gipuzkoan gehien erabilia den maskara mota). Elkartekoek gogorarazi dute maskara kirurgikoek ez dutela erabiltzailea babesten, baizik eta gainontzeko guztiak babesteko balio dutela, eta horregatik dela horren garrantzitsua denek maskara janztea. Izan ere, maskara kirurgikoa jantzita daramanak ez ditu gainontzekoak kutsatuko, baina erabiltzailea bera kutsa daiteke. Neurria eraginkorra izan dadin bete beharreko jarraibideak zeintzuk diren ere zehaztu dute. Batetik, maskara erabili edo ukitu aurretik, eskuak ondo garbitu behar dira, eta higienerako neurriak zorrotz bete behar dira. Bestetik, maskara beti alde beretik jantzi behar da, eta posizio berean. Gainera, maskarak ahoa eta sudurra estali behar ditu, oso-osorik, eta, hitz egiteko edo eztula egiteko, ez da inoiz kendu behar. Maskara ezin da ukitu, eta ezin da behatzik sartu azpiko aldetik. Maskara kendu nahi denean, eskuak garbituta kendu beharko da, eta gometatik eutsita. Oihala ez ukitzea gomendatzen da. Jasotzeko orduan, bestalde, maskarak garbia egon beharko du. Inoiz ez da gorde behar zuzenean poltsikoan, poltsan edo motxilan. Plastikozko poltsa garbi batean gordetzea aholkatzen dute, ixteko sistema erraza duen poltsa batean. Maskarek iraungitze data bat dutela ere jakinarazi dute. Maskara bakoitzak erabilera tarte maximoa duenez, egokiena da fabrikatzaileak dioenari kasu egitea. Horretarako, ezinbestekoa da maskararen kaxak dakarren informazioa kontsultatzea. Kasu batzuetan, maskarak berak adierazten du zein den gehieneko erabilera denbora hori. Higienikoak eta kirurgikoak gehienez lau orduz erabil daitezke, eta, lehenago hezetu bada, orduan kendu egin behar da. Autofiltranteak (FFP2 eta KN95 maskarak) gehienez zortzi orduz erabil daitezke, eta etxean egindako oihalezko maskarentzat oraindik ez da gehieneko ordu kopururik jarri. Hezea edo zikina dagoenean aldatzea komeni da. Osasun Sailak hartutako neurriekin bat datozela jakinarazi dute, eta Miguel Angel Gastelurrutia Gipuzkoako Farmazialarien Elkarteko lehendakariak azpimarratu du neurri aproposa eta beharrezkoa dela, pandemia oraindik ez delako desagertu. Gaineratu du neurri hori ez dela ikusi behar derrigortasun moduan, baizik eta arduratsu jokatzeko beharrezko tresnatzat hartu behar dela; gizarte osoa babesteko norberak hartu beharreko neurri gisa.
2020-7-16
https://www.berria.eus/albisteak/184406/edarien-sektorea-laguntzeko-50-milioiko-funts-bat-sortu-du-jaurlaritzak.htm
Ekonomia
Edarien sektorea laguntzeko, 50 milioiko funts bat sortu du Jaurlaritzak
Maileguak kapital zirkulatzailearen premiak asetzeko erabili behar dira, eta ezingo dira erabili nekazariei erositako produktuen prezioa edo bolumena aldatzeko.
Edarien sektorea laguntzeko, 50 milioiko funts bat sortu du Jaurlaritzak. Maileguak kapital zirkulatzailearen premiak asetzeko erabili behar dira, eta ezingo dira erabili nekazariei erositako produktuen prezioa edo bolumena aldatzeko.
Eusko Jaurlaritzak 50 milioi euro jarriko ditu ardoaren, sagardoaren eta garagardoaren sektorea laguntzeko. Horri esker, gehienez ere 1.5 milioi euroren mailegu amortizagarriak eskatu ahalko dituzte ekoizleek. Kapital zirkulatzailearen beharrak asetzeko erabili beharko dute diru hori, premia horiek edozein direla ere. Zazpi urteko epean itzuli beharko dute dirua, eta nekazariei erositako produktuen prezioak eta bolumenak ezingo dituzte aldatu. Jaurlaritzak gaur argitaratu du erabakia, EAEko aldizkari ofizialean. Elkargik eta Finantzen Euskal Institutuak parte hartuko dute egitasmoan. Nekafin finantza tresna erabiliko du horretarako. Elkargik % 100 bermatuko ditu maileguak; laguntza jasotzen dutenek erakunde horretako bazkide egin beharko dute eta sozietatearen partaidetzak erosi beharko dituzte, zeinek maileguaren zenbatekoaren % 4 balio beharko duten; zorra kitatzeko orduan, itzuli ahalko dira partaidetza horiek. Zirkulatzaile premia maximoak kuantifikatzeko, 2020ko ekitaldiko jarduera maila hartuko da adierazle gisa. Maileguaren gehieneko zenbatekoa kalkulatzeko, berriz, eskatzaileak prozesatzea aurreikusten duen tokiko lehengaiaren bolumena eurotan adierazitako modulu batekin biderkatuko da, zenbateko hauen arabera: mahats kiloko 2,2 euro, Errioxako ardoa egiteko; 3,5 euro, txakolina egiteko mahatserako; 3,5 euro, sagardorako sagar kiloko; eta 5 euro, malta garagarrerako. Sektorea, «muturreko egoeran» Sektoreko zenbait eragile Arantza Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuarekin elkartu ziren maiatzean, eta alorra muturreko egoeran dagoela helarazi zioten, nazioarteko salmenta bideak eten egin direlako, eta barne merkatuaren motor nagusia, ostalaritza, geratuta egon delako bi hilabetez. Kopuru batzuk ere eman zituzten: alarma egoera indarrean sartu zenetik, salmentak %70 jaitsi dira, eta urte amaierako irabaziak erdira jaitsiko direla aurreikusi dute. Sagardogileen artean ere, galerak antzekoak dira. Sagardotegietan ostalaritza negozioa dagoenez, ordea, alarma egoerak are kalte handiagoa egin die. Maileguez gain, Eusko Jaurlaritzak, Hazi fundazioaren bitartez, edarien sektoreari laguntzeko beste egitasmo batzuk abiatu ditu: Ardoa Basque-Wine Office sustapen plana egokituko du COVID-19ak eragindako egoerara, eta hemengo merkatuari begirako kanpainak egingo dituzte, hiru milioi euroko funts bati esker. OCM Ardo Sustapenaren programa ere handituko dute, beste 1.835.730 eurorekin
2020-7-16
https://www.berria.eus/albisteak/184407/80-kasu-gehiago-agertu-dira-hego-euskal-herrian.htm
Gizartea
80 kasu gehiago agertu dira Hego Euskal Herrian
Azken 24 ordutan 58 kasu agertu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta beste 22 Nafarroan. Beste pertsona bat hil da COVID-19aren ondorioz
80 kasu gehiago agertu dira Hego Euskal Herrian. Azken 24 ordutan 58 kasu agertu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta beste 22 Nafarroan. Beste pertsona bat hil da COVID-19aren ondorioz
Bigarren egunez, beste 80 positibo Hego Euskal Herrian. Azken egunetan azaldutako agerraldien ondorioz, gorantz ari dira kasu positiboak eta horietako asko zaintza sistemek fase goiztiar batean atzeman arren, joera kezkagarria da. Jaurlaritzako Osasun sailaren arabera, Gipuzkoan 31 kasu atzeman dira, Bizkaian hogei, Araban bost eta beste bi «Euskaditik kanpo» —ez dute zehaztu euskal herritarrak diren—. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, 22 kasu atzeman dira gaur. Gainera, atzo bezala, COVID-19aren ondorioz hildako bat dago. Nafarroako Gobernuak gaur dei berezia egin die Zarauzko Talai Mendi kanpinean egon diren nafarrei. PCR probak egiteko gertu dago, eta horretarako bertan izan diren herritarrei osasun zerbitzuekin harremanetan jartzera dei egin diete hitzordua hartzeko 646 513 629 telefonoaren bitartez, 09:00etatik 20:00etara. Proba egin bitartean isolatzeko eskatzen du, halaber. Nafarroan hainbat agerraldi daude. Sunbillakoak ez du kasu gehiago izan, baina Tuterakoan, pertsona bat ospitaleratu da Reina Sofia ospitalean. Osasun departamenduaren arabera, azaleratzen diren kasu gehienak gazteen eta kuadrillen artean eman dira eta horregatik zuhurtziaz jokatzera dei egin du. Departamenduak «zentzua eta ardura» eskatu die gazteei. Murgaren eskaera Nekane Murga jarduneko Osasun sailburuak azken 24 orduetako datuak aurreratu ditu Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Murgak adierazi du ezen, egoera «kontrolpean» dagoen arren, gaitza «arinago» mugitzen ari dela eta «arduratsu» jokatu behar dela kutsadura gelditzeko. Transmisioaren handitzearen harira, maskararen erabileraz mintzatu da. «Ahal den guztietan» erabiltzeko deia egin du, eta azpimarratu du «pertsona guztien ardura» beharrezkoa dela transmisioa moteltzeko. Infekzio fokuei dagokienez, horiek kontrolatzeko «zailtasuna» aipatu du Murgak. Horietariko asko aisialdi guneetan sortzen direla adierazi du, eta, horregatik, gogorarazi du garrantzi «handikoa» dela halakoetan maskara erabiltzea. Aisialdiko gune horiek mugatzeko erabakien inguruan, azaldu du gaitza zabaltzea zailduko duen «edozein neurri» hartuko dutela. Arduratuta dago gazteen kutsatze kasuak direla eta; «mugimendu handiko» jendea denez, horrek transmisioaren abiaduran eragin dezake, sailburuak azaldu duenez. Osasun Sailean aurreikusita daukate pertsona helduak «laster» hasiko direla kutsatzen, haur eta gazteen bitartez, eta kezka agertu du horren harira. Murgak argi utzi du «kontrolpean» dagoela egoera, eta oraingoz ez dela «neurri zorrotzik» hartu behar. Hala ere, denborak aurrera egin ahala, eta, eboluzioaren arabera, ez du baztertzen «neurri sendoagoak» hartzea. Ostalaritzaz aritu da, zuzenean; «bezeroen laguntzarekin», sektorea bigarren fasera ez itzultzea, horixe nahia duela, eta azpimarratu du «ardura handiarekin» jokatzen ari direla. Egungo kasuen gehitzeari buruz, PCR proba gehiago egiten direla esan du Murgak. Aurreko hilabeteetan, soilik sintomak zituztenei egiten zitzaizkien probak; orain, berriz, inguruko jendeari ere bai. Horregatik, errealitatearen «zati handiago bat» ikusten dela azaldu du.
2020-7-16
https://www.berria.eus/albisteak/184408/leku-publiko-itxietan-maskara-erabiltzea-baitezpadakoa-izanen-da-ipar-euskal-herrian.htm
Gizartea
Leku publiko itxietan maskara erabiltzea baitezpadakoa izanen da Ipar Euskal Herrian
Jean Castex Frantziako lehen ministroak adierazi du heldu den astetik aitzina sartuko dela indarrean neurria Frantzian eta Ipar Euskal Herrian. Frantzia iparraldean eta Paris ingurunean foku gehiago agertu dira azken asteetan.
Leku publiko itxietan maskara erabiltzea baitezpadakoa izanen da Ipar Euskal Herrian. Jean Castex Frantziako lehen ministroak adierazi du heldu den astetik aitzina sartuko dela indarrean neurria Frantzian eta Ipar Euskal Herrian. Frantzia iparraldean eta Paris ingurunean foku gehiago agertu dira azken asteetan.
Heldu den astetik aitzina, leku publiko itxietan maskara erabiltzea baitezpadakoa izanen da Ipar Euskal Herrian. Hala adierazi du Jean Castex Frantziako lehen ministroak gaur goizean Frantziako Senatuan egin dituen adierazpenetan. Asteartean mintzatu zen Emmanuel Macron Frantziako presidentea, eta maskara derrigortuko zutela erran zuen. Castexek agorrilaren 1a aipatu zuen data gisa, baina, gaur, aurreratu egin du. «Entzun dut eta ulertu dut agorrilaren 1eko data beranduegi zela; dekretua, bada, heldu den astetik aitzina sartuko da indarrean». Gaur goizean, elkarrizketa egin diote Olivier Veran Frantziako Osasun ministroari, eta koronabirusaren epidemiaren hedapena aipatu du, beste behin. Haren hitzetan, Paris inguruan «keinu ahulak» antzeman dituzte; haatik, erran du egoera «arazotsua» dela Frantzia iparraldeko Mayenne departamenduan. Herritarrei «adi» egoteko eskatu die Frantziako Osasun ministroak: «ez dut herrialdea berriz konfinatu nahi». Azken asteetan, pixkanaka iragarri ditu konfinamendutik irteteko neurriak Frantziako Gobernuak, eta, gaur egun, jarduera gehienak baimenduak dira, jende kopuru handiak biltzen dituztenak izan ezik.
2020-7-16
https://www.berria.eus/albisteak/184409/elak-irtenbide-feminista-bat-proposatu-du-2008koa-berriro-gerta-ez-dadin.htm
Ekonomia
ELAk «irtenbide feminista bat» proposatu du, 2008koa berriro gerta ez dadin
Babes sistema publikoa indartzea ezinbestekotzat jo du, eta neurri zehatzak aurrera eramateko, berriz, zerga sistema aldatu behar dela azpimarratu du.
ELAk «irtenbide feminista bat» proposatu du, 2008koa berriro gerta ez dadin. Babes sistema publikoa indartzea ezinbestekotzat jo du, eta neurri zehatzak aurrera eramateko, berriz, zerga sistema aldatu behar dela azpimarratu du.
ELAk azpimarratu salatu duenez, COVID-19ak eragindako krisi ekonomikotik ateratzeko planteatzen ari diren neurriek «2008an jarraitu zen ibilbide neoliberalaren eredu berari» erantzuten diote. «Eta badakigu zer ondorio izango dituen egungo errezeta berberak aplikatzeak: pobrezia eta prekaritatea gero eta feminizatuagoak izango dira, genero rolak indartuko dira, eta indarkeria matxista, LGTBIfobikoa eta arrazista ere bai; eta denboraren, lanaren eta aberastasunaren banaketa bidegabeagoa egingo da» Horiek hala, sindikatu abertzalearentzat ezinbestekoa da eredu ekonomiko feminista eta ekologista baterantz bidea egitea, «bizitzak, zaintzak eta ingurumena erdigunean jartzeko eta ikuspegi produktibista, merkantilizatua eta espekulatiboa alde batera uzteko». Besteak beste, honako neurri hauek proposatu ditu: •1.200 euroko gutxieneko soldata, eta pentsioak hileko 1.080 euroraino osatu. ABEEan daudenen soldatak %100eraino osatu. •Gizon eta emakumeen arteko soldata arrakalak ezabatzea. •Alokairuaren prezioa mugatu. •Mendekotasun egoera guztiak sistema publiko, unibertsal, doako eta kalitatezko baten estaldura izatea, eta 10.000 lanpostu sortzea. •Etxeko langileen eskubideak parekatu gainerako langileek dituztenekin. •Lanaldia gutxienez 35 ordura murriztea. •Kontziliazio eskubiderako lege neurriak areagotzea. •0- 3 urte arteko hezkuntza doan izatea. Neurri horiek jaso ditu ELAk, Krisiaren irtenbidea feminista izango da! izenburu duen agirian. Gaur eman du horren berri, komunikabideetara bidali duen ohar batean. Sindikatuak dioenez, dokumentuaren helburua da neurri zehatzak planteatzea pertsona guztien behar materialak asetzeko, zaintza lanak gizartean eta ekonomian aintzat hartzeko, eta zaintza sistema publiko eta unibertsala ezartzeko. Horretarako, uste du beharrezkoa dela erreforma fiskal bat egitea, erakunde publikoen diru sarrerak bermatu ahal izateko. ELAk eskatu du aberastasun handien eta ondare aberastasunaren gaineko zerga pixkanaka handitzeko, %1 eta % 10 arteko errekargu espezifiko baten bidez, eta sozietateen gaineko zergaren aitorpenean %20ko errekargu berezi baten bidez, besteak beste.
2020-7-16
https://www.berria.eus/albisteak/184410/zoran-zaev-lehen-ministro-ohiak-irabazi-ditu-ipar-mazedoniako-hauteskundeak-tarte-estuarekin.htm
Mundua
Zoran Zaev lehen ministro ohiak irabazi ditu Ipar Mazedoniako hauteskundeak, tarte estuarekin
Alderdi sozialdemokratak botoen %36,07 eskuratu ditu. VMRO-DPMNE oposizioko alderdi nagusiak, berriz, %34,81.
Zoran Zaev lehen ministro ohiak irabazi ditu Ipar Mazedoniako hauteskundeak, tarte estuarekin. Alderdi sozialdemokratak botoen %36,07 eskuratu ditu. VMRO-DPMNE oposizioko alderdi nagusiak, berriz, %34,81.
Hauteskunde Batzorde Nazionalak emandako datuen arabera, Zoran Zaev Lehen ministro ohiaren SDSM Batasun Sozial Demokratakoa alderdiak irabazi ditu Ipar Mazedoniako bozak, tarte estuarekin. Botoen %99 zenbatuta, horien %36,07 eskuratu ditu alderdi sozialdemokratak. Haren oposizio nagusiak, VMRO-DPMNE indar nazionalista eta kontserbadoreak, berriz, %34,81 bildu ditu. DUI izan da gehien bozkatuak izan diren alderdietan hirugarrena, botoen % 11,37 lortuta. Albaniar etniaren interesak ordezkatzen ditu talde horrek —biztanleriaren %25 inguru dira—. Eserlekuei dagokienez, sozialdemokratek parlamentuan 46 auki lortuko lituzkete, 44 kontserbadore nazionalistek, eta 15, berriz, DUIk. 61 behar dira gehiengo osoa lortzeko; beraz, SDSMren eta DUIren arteko gobernu itunak posible egingo luke horiek agintean jarraitzea. Horrez gain, parlamentuko ordezkaritza erdietsi dute Albaniarrentzat Aliantza alderdiak (hamabi eserleku), Ezkerrak (bi) eta DPA Albaniarren Alderdi Demokratikoak (bat). Emaitzak jakin ostean, Zaevek adierazi du bere koalizioa dela «indartsuena», eta hauteskundeak irabazi dituztela herritarrek etorkizun «seguru, batu, solidario, abertzaletasun ekonomiko eta justu» baten alde bozkatu dutelako. Eta zera nabarmendu du: «Bidea prest dago»". Koronabirusaren pandemiak eragina izan du parte hartzean. Izan ere, abstentzioa igo egin da, eta herritarren %51 soilik joan dira botoa ematera.
2020-7-16
https://www.berria.eus/albisteak/184411/datorren-astean-egitekoa-zuten-greba-bertan-beheiti-uztea-erabaki-dute-ambuibericako-langileek.htm
Gizartea
Datorren astean egitekoa zuten greba bertan beheiti uztea erabaki dute Ambuibericako langileek
Astebeteko grebara deitua zuen ELA sindikatuak uztailaren 20tik 27rako, baina, enpresako zuzendaritzarekin akordioa lortu ostean, bertan beheiti uztea erabaki dute. Bertzeak bertze, langileei koronabirusaren testa egitea eta Norbera Babesteko Ekipamenduak izatea lortu dute.
Datorren astean egitekoa zuten greba bertan beheiti uztea erabaki dute Ambuibericako langileek. Astebeteko grebara deitua zuen ELA sindikatuak uztailaren 20tik 27rako, baina, enpresako zuzendaritzarekin akordioa lortu ostean, bertan beheiti uztea erabaki dute. Bertzeak bertze, langileei koronabirusaren testa egitea eta Norbera Babesteko Ekipamenduak izatea lortu dute.
Ambuiberican uztailaren 20tik 27rako antolatua zuen greba bertan beheiti uztea erabaki du ELA sindikatuak, enpresarekin adostasuna lortu ondotik. ELAk grebara deitua zuen, enpresari eskatzeko bete ditzala Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak eta Lan Ikuskaritzak langileen osasunari eta prebentzioari buruz argitaratutako ebazpenak. Enpresa horrek 900 langile ditu, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan anbulantzien sektorean langile gehien dituen enpresa da. ELAk aurreratu duenez, enpresarekin hitzartutako akordioan lortu dute langileek Norbera Babesteko Ekipamenduak izatea, langileei koronabirusaren probak egitea eta arropa erabilien desinfekzio lana bertze enpresa baten esku uztea. Gainera, langileen bulegoak astero desinfektatzea adostu dute, eta segurtasunari eta arriskuari buruzko komunikazio protokolo bat sortuko dute. Uztailaren 2an jakinarazi zuen ELAk grebara joko zuela langileen osasuna berma dadila eskatzeko. Orduan salatu zuen ELAk Lan Ikuskaritzak «behin eta berriz» abiatu dituela txostenak langileen osasunarekin eta arriskuen prebentzioekin lotuta, eta langileen aldeko ebazpenak eman zituela. Horrez gain, anbulantziak publiko bihurtzeko ere eskatu zioten Osasun Sailari.
2020-7-16
https://www.berria.eus/albisteak/184412/eudelek-dekalogo-bat-helarazi-di-udalei.htm
Gizartea
Eudelek dekalogo bat helarazi di udalei
Azkenaldiko agerraldien ostean, eta kutsatze berriak eragozteko helburuarekin, Eudelek eta Osasun Sailak gomendioen dekalogo bat prestatu dute udalentzat.
Eudelek dekalogo bat helarazi di udalei. Azkenaldiko agerraldien ostean, eta kutsatze berriak eragozteko helburuarekin, Eudelek eta Osasun Sailak gomendioen dekalogo bat prestatu dute udalentzat.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerrietan koronabirusaren transmisio komunitarioak eteteko, eta pandemiak eragindako egoera era koordinatuan kudeatzeko ondu dute dekalogoa. Udari begira osatu dute neurrien zerrenda, besteak beste, jende pilaketak eragin ditzaketen festak eragozteko. Udalen lana oso garrantzitsua dela nabarmendu dute, herritarrak kontzientziatzeko eta erantzukizun indibidual eta kolektiboa eskatzeko. Dekalogoko jarraibideak udalerri bakoitzaren beharretara egokitu direla azaldu dute, eboluzio epidemiologikoari erantzuteko une bakoitzean indarrean dagoen araudia errespetatuz. Honako hauek dira puntuak: - Herritarrei jende pilaketetan gaitza transmititzeko dagoen arriskuaren berri eman behar zaie jakinarazpen publiko guztietan. Herritarren erantzukidetasuna aipatzea ere gomendatzen da. - Jaien edo ekitaldien programa ofizialak eragotzi behar dira. Kartelak edo bestelako bitartekoak ez dira sustatu behar. - Gizarte eragileei edo bestelako taldeei adierazi behar zaie jaiak edo ekitaldiak ez antolatzeko. - Edukiera eta pertsonen artean gomendatutako distantzia fisikoak (1,5 m) kontrolatzeko moduko kultura edo entretenimendu jarduerak eta ikuskizunak egiteko aukerak bakarrik eman ditzakete. Horretarako, beharrezko neurriak ezarri behar dira. - Segurtasun neurriak ezin badira bete, saihestu egin behar da espazio publikoa erabiltzea azokako ikuskizunetarako, txosnetarako, salmenta postu ibiltarietarako edo antzekoetarako. - Ostalaritza ixteko ordutegiak bete egin behar dira, horrela, taldekatzeak eta alkohola beste espazio publiko batzuetan kontsumitzea eragotziko da. - Identifikatu egin behar dira udalerrian arrisku gehien duten eremuak, baita pertsonen kontzentrazioak dituzten ordutegiak ere. Prebentzio neurriak izan behar dira, pertsonen zirkulazioa antolatu behar da eta espazioak pertsonen arteko segurtasun distantzia gorde ahal izateko moduan banatu behar dira. - Ordutegiak eta araudiak bete behar dituztela gogorarazi behar zaie txokoei, sozietate gastronomikoei, gazteen aisia lokalei eta erabilera publikoko titulartasun pribatuko espazio guztiei. Arauak betetzen direla ere zaindu behar da. - Sare sozialen bidez deialdi jendetsuak egiten direla jakiten bada, prebentzio neurriak ezarri behar dira: barrera mekanikoak, zaintza... Egun jakinetan, udaltzainen eta Ertzaintzaren presentzia areagotu behar da, indarrean dagoen araudia betetzen dela zaintzeko. - Udalerritik kanpo pertsona pilaketa handia egon daitekeelako susmorik badago, disuasio neurriak aktibatu behar dira: ibilgailu partikularren eta garraio kolektibo publiko eta pribatuen sarbidea zailtzea, esaterako.
2020-7-16
https://www.berria.eus/albisteak/184413/blancok-helegiterik-ez-aurkezteko-eskatu-dio-eako-sektore-kritikoari.htm
Politika
Blancok helegiterik ez aurkezteko eskatu dio EAko sektore kritikoari
EAko primarioen prozesuaren aurkako salaketa baliogabetua izan ostean, idazkari nagusiak salaketa aurkeztu zutenei barkamena eskatzea galdegin die, baita egoeraz berriz pentsa dezatela ere
Blancok helegiterik ez aurkezteko eskatu dio EAko sektore kritikoari. EAko primarioen prozesuaren aurkako salaketa baliogabetua izan ostean, idazkari nagusiak salaketa aurkeztu zutenei barkamena eskatzea galdegin die, baita egoeraz berriz pentsa dezatela ere
Gasteizko lehen auzialdiko epaitegiak baztertu egin du Eusko Alkartasunaren ildo kritikoak jarritako salaketa eta, horrenbestez, alderdiaren sektore ofizialaren ikuspegia onetsi du. Horren aurrean, Eba Blanco idazkari nagusiak sektore kritikoari eskatu dio helegiterik ez dezatela aurkeztu, bide judiziala itxitzat eman dadin. Blancoren hitzetan, salaketa aurkeztu dutenek barkamena eskatu beharko lukete eta egoerari buruz berriz pentsatu. Primarioen prozesuan irregulartasunak egon zirela argudiatuta, Maiorga Ramirez hautagaiak eta hura babesten zuen taldeak auzitegietara jo zuen iazko urriaren erdialdera, eta, azaroaren 11n, Gasteizko epaitegiak eten egin zuen Blancoren izendapena, behin-behinean. Zortzi hilabete geroago, lehen auzialdiko epaitegiak erabaki du salaketa baliogabetzea, baina sektore kritikoaren ustez, azken epai horrek «modu inkoherentean» ezeztatzen du joan den azaroko ebazpena. «Nahiz eta epaiak erabat frogatzen duen egungo zuzendaritzakoek sistematikoki ez zituztela bete berme batzordearen ebazpenak, oraingoan baliorik gabe uzten du, eta horiek betetzetik libratzen ditu», salatu du. Nahiz eta atzo bertan lehen ohar bat kaleratu, gaur agerraldia egin du Eba Blancok. Bere irudiko, epaiak agerian utzi du primarioen prozesuan ez zela iruzurrik egin, eta berme guztiak jarri zirela prozesua «neutrala, gardena eta barne araudiaren araberakoa» izan zedin. Era berean, gaitzetsi egin du hilabeteotan bere aurka bota diren «kalumnia, gezur eta irainak». Salaketa babestu duten Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako koordinatzaile nagusiei ere zuzendu zaie: «Ongi etorriak izan daitezela proiektu honekin bat egin duten guztiak, eta ez hura suntsitzen dutenak». Blancok lan egiten utz diezaiotela eskatu du: «Ez gara liskarren aldekoak. Diskrezioa atsegin dugu. Ikuspegi honekin bat egiten ez duenak dinamika hausten du, eta gainerakoei ez die lan egiten uzten». Salaketa bultzatu dutenei eskatu die atzera egin dezatela eta helegiterik ez dezatela aurkeztu. Hain zuzen ere, sektore kritikoak iragarri du aukera hori aztertzen ari direla.
2020-7-16
https://www.berria.eus/albisteak/184414/hipotekaren-gastuak-bezeroari-itzuli-behar-zaizkio-abusuzko-klausula-baten-ondorio-badira.htm
Ekonomia
Hipotekaren gastuak bezeroari itzuli behar zaizkio, abusuzko klausula baten ondorio badira
Bezeroak osorik edota bankuarekin elkarbanatzen ditu gastu horiek, baina Europako Batasuneko Auzitegiak susmopean jarri du hori. Epaileei eskatu die frogatzeko bezeroari informazioa zuzena eman zaion ala ez.
Hipotekaren gastuak bezeroari itzuli behar zaizkio, abusuzko klausula baten ondorio badira. Bezeroak osorik edota bankuarekin elkarbanatzen ditu gastu horiek, baina Europako Batasuneko Auzitegiak susmopean jarri du hori. Epaileei eskatu die frogatzeko bezeroari informazioa zuzena eman zaion ala ez.
Astebetean bigarren kolpea. Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak beste ebazpena bat kaleratu du hipoteken inguruan. Ostegun honetan adierazi duenez, hipoteka bat eratzeko edo ezerezteko gastu guztiak bezeroari itzuli behar dizkio bankuak, epaile batek frogatzen badu ez dela bidezkoa bezeroa horretara behartzen duen hipoteka kontratuaren klausula. Iazko hipoteka legearen aurretik ez zegoen kostu horien banatzea arautzen zuen legerik, eta kasu gehienetan bezeroak ordaindu behar zituen, kontratu gehienek hori ezartzen zuen klausula bat zutelako. 2015ean, Espainiako Auzitegi Gorenak adierazi zuen banatu behar zirela klausula horren kostuak (kudeaketa gastuak, notarioak, erregistrokoak, zergak, etab.). Luxenburgoko auzitegiak Espainiako epaileei itzuli die pilota eta ebatzi du haiei dagokiela kasuz kasu aztertzea ordainketa horiek ezartzen dituzten klausulak «argiak eta ulergarriak» diren eta baloratzea ea gehiegikeriarik egon den kostu hori bezeroei ezartzerako orduan. Hala balitz, hipoteka eratzeko edo ezerezteko gastu guztiak bezeroari itzuli beharko lizkioke bankuak. Kontratuaren funtsezko zatia zenez, Gorenak ontzat jo zuen klausula hori, baina Europako epaiaren arabera, klausula hori legezkoa izanda ere, ezin du automatikoki gainditu kontsumitzailea babesteko Europako legediak eskatzen duen gardentasun kontrola, eta hori aztertu behar dute epaileek.
2020-7-16
https://www.berria.eus/albisteak/184415/getariako-udalak-estropadetara-ez-joateko-eskatu-die-herritarrei.htm
Kirola
Getariako Udalak estropadetara ez joateko eskatu die herritarrei
Igandean izango dira estropadak Getarian. Jende pilaketak eragozteko, Udalak ez joateko eskatu du.
Getariako Udalak estropadetara ez joateko eskatu die herritarrei. Igandean izango dira estropadak Getarian. Jende pilaketak eragozteko, Udalak ez joateko eskatu du.
Igandean estropadak ikustera ez joateko eskatu du Getariako Udalak. Azken egunetan koronabirus kasuek gora egin dute herrian, eta Udalak «arduraz jokatzeko unea» dela nabarmendu du. Eskaera egiteko arrazoi nagusia «jende pilaketak ekiditea» izan da, eta, Udalak adierazi duenez, egoera honetan «lehentasuna» izan behar du «guztion osasuna» babesteak . Estropadak Donostian Aurreko larunbatean estropadak izan ziren Donostian, Euskotren eta Eusko Label ligen hirugarren jardunaldia egin zuten, eta zaleek, ohiko moduan izan ez bazen ere, lehia ikusteko aukera izan zuten. Zenbait eremutan banatu zuten Donostiako Pasealeku Berria, eremu itxiak eta irekiak tartekatuz. Zaleek eremu irekietatik ikusi zituzten estropadak, itxiek hutsik egon behar baitzuten. Eremuak zenbakituta zeuden, eta ikusleei zenbakia gogoratzeko eskatu zitzaien. Horrela, estropadak ikusten egondako norbaitek COVID-19an positibo ematen badu, nork bere eremuko zenbakia jakinarazi eta hor egondako guztiek PCR proba egin beharko dute.
2020-7-16
https://www.berria.eus/albisteak/184416/larunbatetik-aitzinera-maskara-derrigorrezkoa-izango-da-trebinun.htm
Gizartea
Larunbatetik aitzinera maskara derrigorrezkoa izango da Trebiñun
Sei urtetik gorako herritarrek derrigorrez erabili beharko dute maskara leku irekietan zein itxietan.
Larunbatetik aitzinera maskara derrigorrezkoa izango da Trebiñun. Sei urtetik gorako herritarrek derrigorrez erabili beharko dute maskara leku irekietan zein itxietan.
Gaurtik aitzinera, maskara derrigorrezkoa da toki irekietan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bihartik aitzinera, neurri bera ezarriko dute Nafarroan, eta larunbatean iritsiko da neurri hori Trebiñura. Iparraldean ere gaur jakinarazi du Jean Castex Frantziako Lehen ministroak maskararen erabilera derrigorrezkoa izango dela, baina, Hegoaldean ez bezala, Iparraldean eremu itxietan bakarrik erabili beharko da. Gaztela eta Leongo Juntak gaur bertan hartu du erabakia, maskararen derrigorrezko erabilera arautzeko, eta larunbatetik aitzinera egonen da indarrean. Hala, sei urtetik gorako herritar denek erabili beharko dute maskara Trebiñun, eta derrigorrezko izango da maskara horrek ahoa zein sudurra tapatzea. Kirola egitean eta tabernetan jateko eta edateko orduan kentzen ahalko da. Igerilekuetan eta naturgunetan ere maskaren erabilera ez da derrigorrezkoa izango, baldin eta pertsonen arteko 1,5 metroko tartea errespetatzen bada.
2020-7-16
https://www.berria.eus/albisteak/184417/eh-bilduk-euskararen-arloan-murrizketak-egitea-leporatu-dio-jaurlaritzari.htm
Gizartea
EH Bilduk euskararen arloan murrizketak egitea leporatu dio Jaurlaritzari
Irale programa sendotu beharrean, Hezkuntza Sailak programako irakasleen herenak baino gehiago zerbitzutik kanpo utziko dituela salatu du koalizioak.
EH Bilduk euskararen arloan murrizketak egitea leporatu dio Jaurlaritzari. Irale programa sendotu beharrean, Hezkuntza Sailak programako irakasleen herenak baino gehiago zerbitzutik kanpo utziko dituela salatu du koalizioak.
Hauteskunde kanpainan zehar murrizketak egongo zirela ukatu arren, Hezkuntza Sailean, Irakasleak Alfabetatu eta Euskalduntzeko Programan (Irale), zerbitzutik kanpo geratu da langileen herena. Programatik kanpo geratu diren langile horiek ordezkapen zerrendetara bidaliko dituzte. EH Bildu koalizioaren ustez, murrizketa «latzak» egin dituzte. Gehitu dute «euskarririk gabe» utzi dituztela Euskara Zerbitzua eta euskararen normalizazioa. Larritzat jo dute egoera «ezegonkorra» duten irakasleen eta, oro har, euskararen aurka egitea. Urkulluren eta EAJren diskurtsoa «hipokritatzat» jo du koalizioak, eta EH Bildutik euskararen normalizazioaren aldekotasuna berretsi dute. Horretarako, Euskara Zerbitzua sendotu eta Irale eta antzeko proiektuak «zabaldu behar direla» adierazi dute.
2020-7-16
https://www.berria.eus/albisteak/184418/eibarren-tolosan-eta-zarautzen-neurri-murriztaileak-ezarriko-dituzte-ostalaritzan.htm
Gizartea
Eibarren, Tolosan eta Zarautzen neurri murriztaileak ezarriko dituzte ostalaritzan
Ordizian bezala, taberna barrura haren edukierari dagozkion pertsonen erdiak sar daitezke gehienez ere, barran ezingo da kontsumitu eta ostatuek itxita egon beharko dute 23:30erako.
Eibarren, Tolosan eta Zarautzen neurri murriztaileak ezarriko dituzte ostalaritzan. Ordizian bezala, taberna barrura haren edukierari dagozkion pertsonen erdiak sar daitezke gehienez ere, barran ezingo da kontsumitu eta ostatuek itxita egon beharko dute 23:30erako.
Agerraldien ondorioz, Gipuzkoako lau herritan atzera egin dute. Lehenik, Ordizian izan zen, baina, haren ondotik, ostalaritzan neurri murriztaileak hartu dituzte Eibarren, Tolosan eta Zarautzen. Taberna barrura, gehienez, haren edukierari dagozkion pertsonen erdiak sar daitezke, barran ezingo da kontsumitu eta ostatuek itxita egon beharko dute 23:30erako. Nekane Murgaran Osasun zailak eman du erabaki horren berri, eta, gaur bertan, maskararen erabileraren inguruko neurri osagarriak izango dira horiek. Gaur gauerditik, maskara derrigorrez erabili behar da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, ostalaritzari dagokionez, aldaketa batzuk dakartza. Tabernetan, jatetxeetan, gastronomia elkarte eta txokoetan, eta halako tokietan maskara erabili behar da, eta soilik jateko zein edateko ken daiteke. Jaurlaritzak gaineratu du gehienez hamar laguneko bilkurak onartuko direla barruan.
2020-7-16
https://www.berria.eus/albisteak/184419/hidrogenoaren-euskal-huba-martxan-jarriko-dute.htm
Ekonomia
Hidrogenoaren Euskal Huba martxan jarriko dute
Petronorrek eta Bizkaiko Foru Aldundiak abiaraziko dute hidrogenoaren garapen industriala eta teknologikoa bultzatzeko proiektu bat. Abantoko Teknologia parkean zentro bat sortuko dute, eta hara eramango dituzte Petronorren bulego nagusiak.
Hidrogenoaren Euskal Huba martxan jarriko dute. Petronorrek eta Bizkaiko Foru Aldundiak abiaraziko dute hidrogenoaren garapen industriala eta teknologikoa bultzatzeko proiektu bat. Abantoko Teknologia parkean zentro bat sortuko dute, eta hara eramango dituzte Petronorren bulego nagusiak.
«Bizkaia hidrogenoaren hub (operazio zentro) bihurtzen saiatuko gara, erregai berde eta jasangarri honen nazioarteko erreferente». Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak hala laburbildu du zertarako den Foru Aldundiak eta Petronorrek gaur aurkeztu duten proiektua. Helburua da hidrogenoaren garapen industrial eta teknologikoa erraztu eta industria prozesuetan zein mugikortasunean ohikoen ordezko erregai gisa sustatzea, «trantsizio energetikoari bultzada bat emateko». Horretarako, hidrogenoa ardatz izango duen zentro bat sortuko dute Energy Intelligence Centerren (EIC), Abantoko Teknologia Parkean. Hidrogenoak hainbat sektoreri eskaintzen dizkien aukerak erakusteko eta garatzeko balioko du horrek, gaur azaldu dutenez; besteak beste, ibilbide luzeko garraioan, aire garraioan eta etxebizitzen bero sorkuntzan erabil daiteke gas hori. Proiektua babesteko, Petronorrek EICra eramango ditu bere bulego nagusiak, baita Edinor filialarenak ere; 2.000 metro koadroko instalazioak izango dituzte. Han, hidrogenoarekin lotutako teknologien garapenean lagun dezaketen enpresez inguratzea da asmoa, enpresetako I+G unitateak eta teknologia zentroak erakartzea. Etorkizuneko helburuak Hidrogenoa eta haren bidez sortutako erregai sintetikoak deskarbonizatzeko zailak diren sektoreetarako baliagarriak izan daitezkeela uste du, besteak beste, Europako Batasunak. Oraindik ere oso garestia da hidrogenoa ekoiztea, nahiz eta erregai fosilak erabili, baina gero eta gehiago dira ekoizpen garbiago eta merkeagoa lortu nahi duten aplikazioak eta proiektuak. Horregatik, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Petronorrek asmoa erakutsi dute erregai horren erabilera bultzatzeko, eta haren bideragarritasuna proban jarriko dute aldundiaren ibilgailu astunetan eta autobusetan. Emiliano Lopez Atxurra Petronorrek presidenteak adierazi duenez, «lankidetza publiko-pribatu honek ibilbide luzeko mugikortasunaren, abiazioaren eta bestelako sektore estrategikoen deskarbonizazioa bultzatuko du».
2020-7-16
https://www.berria.eus/albisteak/184420/liburuaren-sektoreak-akordio-iraunkorrak-eskatu-dizkie-instituzioei.htm
Kultura
Liburuaren sektoreak «akordio iraunkorrak» eskatu dizkie instituzioei
Sektorea «ataka larrian» dagoela salatu, eta kultura erdigunean jarriko duen eta liburuaren kate osoari eragingo dion neurriak eskatu dituzte: zerga murrizketak eta laguntza handiagoak. Euskal Idazleen Elkarteak, EIZIEk, Editargik, Euskal Editoreen Elkarteak eta Galtzagorri Elkarteak sinatu dute dokumentua.
Liburuaren sektoreak «akordio iraunkorrak» eskatu dizkie instituzioei. Sektorea «ataka larrian» dagoela salatu, eta kultura erdigunean jarriko duen eta liburuaren kate osoari eragingo dion neurriak eskatu dituzte: zerga murrizketak eta laguntza handiagoak. Euskal Idazleen Elkarteak, EIZIEk, Editargik, Euskal Editoreen Elkarteak eta Galtzagorri Elkarteak sinatu dute dokumentua.
«Orain ezagutuko duzuen manifestua bost elkarteren artean adostua da, euskararen ekosistematik sortua eta euskararen ekosistemara zuzendua», hasi du agerraldia Pello Eltzaburu Pamielako editore eta Editargi Nafarroako Editoreen Elkarteko kideak, gaur goizean, Donostian. Abiapuntua bistan da: COVID-19ak sortu duen salbuespen egoerak areago larritu du kultur arloa eta liburugintzaren industria guztia». Eta eskakizun zehatzak egiteko baliatu du sektoreak unea: diru-laguntzez harago, baliabide eta inbertsio bideak adostu daitezen. Eltzabururekin batera, Garbiñe Ubeda Euskal Idazleen Elkarteko lehendakariak, Karlos Del Olmo EIZIEko lehendakariak, Larraitz Orkolaga Galtzagorri Elkarteko idazkariak eta Joxemari Sors Euskal Editoreen Elkarteko presidenteak hartu dute parte agerraldian. «Kinka larrian ginen lehendik ere, baina koronabirusaren izurrite honek lehendik zetorrena lehertu du», adierazi du Ubedak, eta azpimarra jarri dio kultura eta hizkuntza erdigunean jartzeko aldarriari: «Industria laguntzen da, toki berera eramanez denon baliabideak. Eta esaten zaigu kultura lagundu egin behar dela. Baina niri hitz paternalistak iruditzen zaizkit: kultura ez da lagundu behar industriaren soberakinak emanez. Ez da lana definitzen gaituena, kultura da; eta hura erdian jarriz egin behar da beste guztia». Sorsek erantsi du, aldiz, diru laguntzen bidez iritsi dela euskal kultura egun dagoen lekura, eta, hori eskertu badu ere, nahikoa ez dela adierazi du: «Laguntzak ondo etorriak izan dira, baina argi geratu da ez direla aski. Behar da beste pauso bat eman, eta ez utzi alderdi politiko edo norbanakoen ikuspegiaren arabera erabakitzen, herri beharren arabera baizik». Euskal Herriaren zatiketa administratibo guztien gainetik jarduteko asmoa dutela nabarmendu dute, halaber, elkarteetako ordezkariek, eskakizunak lekuan lekuko errealitatera egokitzea dela asmoa. Eltzaburu: «Euskararen ekosistema txikia da tamainan, baina anitza errealitatean; eta berdin laguntzetan». Gogora ekarri du, esaterako, Nafarroan ez dagoela euskarazko liburuari zuzendutako politika jakinik. «Manifestu hau orokorra da, eta errealitate ezberdinak jasotzen ditu. Tokian toki joango gara gero debatitzen». Gaur aurkeztu duten dokumentua «lehen urrats bat» dela adierazi dute, baina helduko dira gehiago, «euskal gizartearen kudeaketa administratiboan erantzukizuna duten alderdi, politikari, hautetsi eta erakundeekin» biltzeko ahalegina egingo dutela aurreratu baitute. Aurrerantzean batera jardun nahi dute, eta horren garrantzia azpimarratu du Ubedak: «Elkarteen arteko elkartasun hau ere sendotu nahi dugu, elkarrekin indar handiagoa egiten ahalegindu». Sektorea pizteko neurriak Bi multzotan aurkeztu dituzte sektorea berpiztera zuzendutako neurriak. Sortzaileei, hots, idazle, itzultzaile, ilustratzaile, kontalari eta besteri zuzendutakoen artean honako hauek aurkeztu dituzte: krisiak eragin dien kaltearen %100a ordaintzea; beka gehiago ematea; estatus berezi bat aitortzea («liburuen edozein jardun odisea burokratiko bihur ez dadin»); abantaila fiskalak aplikatzea; hezkuntza sailek abiatutako programa literarioak ez etetea; liburutegi, mediateka, kultur etxe eta abarren ekimenez antolatzen diren jardun literarioak laguntzea, «besterik ez bada telematikoki egin daitezen»; eta liburuaren inguruko mugimendua ez eteteko «baliabideak» eskura jartzea. Liburuaren kate osoa izan dute elkarteek gogoan neurriak pentsatzerakoan, eta kate hori osatzen duten enpresa eta autonomoak (argitaletxeak, liburu dendak, banatzaileak) bultzatzeko neurriak bildu dituzte bigarren multzoan. Ondorengoak dira: kreditu lerroak irekitzea, instituzioen abalpean; legez, liburua «lehentasunezko» produktutzat aitortzea; liburuari zergak murriztea; %25eko igoera literatur argitalpenen laguntzetan; hezkuntzako materiala sortzeko funtsak handitzea; liburu bonu kanpainak bultzatzea, urteko sasoi desberdinetan; liburutegi publikoetarako erosketak arintzea eta gehitzea; eskoletako liburutegietarako erosketa plan bat bultzatzea; familiei liburu erosketetan laguntzeko zergak arintzea; eta irakurketa bultzatzeko eta sektoreari «prestigioa» emateko sustapen, promozio eta publizitate kanpainak egitea. Euskal liburuaren sektorea «kultura hegemonikoen» ondoan bizi dela ekarri dute gogora idatzian, eta, horiekin elkarbizitzan aritzera, euskal kulturak «baliabide eta inbertsio» gehiago behar dituela ohartarazi. «Ez da nahikoa nola hala eustearekin. Asimilazio prozesu batean ez erortzeko modu bakarra gurea balioestea, sustatzea eta funtzional bihurtzea da».
2020-7-16
https://www.berria.eus/albisteak/184421/eguzkia-su-txikiz-osaturik-dagoela-ikusi-dute-lehen-aldiz.htm
Bizigiro
Eguzkia «su txikiz» osaturik dagoela ikusi dute lehen aldiz
Europako Espazio Agentziako Solar Orbiter zundak izarrari inoizko gertuenetik eginiko irudietan behatu dute fenomenoa.
Eguzkia «su txikiz» osaturik dagoela ikusi dute lehen aldiz. Europako Espazio Agentziako Solar Orbiter zundak izarrari inoizko gertuenetik eginiko irudietan behatu dute fenomenoa.
Europako Espazio Agentziako Solar Orbiter zunda duela hilabete bat heldu zen lehen aldiz Eguzkiaren periheliora, hau da, izarraren inguruko orbitan punturik hurbilenera. Hurbildu ahala, izarrari argazkiak ateratzen aritu zaio, inoizko hurbilenenak. Horiek aztertzean, orain arte ikusi gabeko fenomeno bat behatu dute astrofisikariek: Eguzkia suzko bola erraldoi bat baldin bada, hura su txikiz osaturik dago. Txiki horrek komatxo artean behar du, noski, su horietako batzuk Lur planetako herrialde oso baten tamaina dutelako. Orain arte ezin izan da halakorik ikusi, eta horrek erakutsiko luke, ESAren arabera, orbitadoreak zientziari zelako ekarpena egin diezaiokeen. «Lehen irudiak dira, eta, dagoeneko, fenomeno berri interesgarriak ikusten ari gara», esan du Daniel Mueller egitasmoaren zientzialari buruak. Gaineratu duenez, ez zuten espero hasieratik lortzea halako emaitza onak. ESA Solar Orbiter Zientzialarion arabera, su txiki horiek edonon daude Eguzkian. «Lurretik ikusten ditugun Eguzki erupzioen senide txikiak dira, halako milioi bat edo milaka milioi txikiagoak», esan du David Berghmans orbitadorearen bereizmen handiko EUI kameren arduradunak, ESAk zabalduriko ohar batean. «Eguzkiak egonkor eman dezake, lehen begiradan; baina, xehe begiratuta, erupzio txiki horiek edonon ikus ditzakegu». Izarretik 77 milioi kilometrora dago orbitadorea. Lurretik Eguzkira 149.600.000 kilometro daude; beraz, Solar Orbiter, erdibideraino heldu da. Zundak hamar zientzia tresna dauzka, eta guztiak piztuta egon dira azken aste osoan, periheliora hurbildu ahala. Izarraren eremu magnetikoa eta eguzki haizea deiturikoa neurtu ditu —Eguzkiaren goi atmosferatik isurtzen diren partikulak dira—. Horrez gain, izarraren azaleko argazkiak atera ditu zundak, inoizko hurbilenenak eta zehatzenak. «Inoiz ez dugu Eguzkiaren argazkirik hartu horren gertutik», esan du Daniel Mueller Solar Orbiter egitasmoko zientzialariak, ESAk zabalduriko ohar batean. «Bereizmen handiagokoak hartu ditu, esaterako, Daniel K. Inouye teleskopioak Hawaiitik», onartu du Muellerrek, «baina Lurretik, atmosfera teleskopioaren eta Lurraren artean egonik, bakarrik Eguzkiaren espektroaren zati txiki bat ikus daiteke, espaziotik ikus daitekeena baino txikiagoa». Eta probatan besterik ez da ari. Berehala hasiko dira zunda Eguzkira are gehiago hurbiltzeko maniobratan. 2021eko azarora arte arituko dira horretan: bi ziaboga bat egingo ditu Artizarraren inguruan, eta beste bat Lurraren inguruan, noranzkoa aldatzeko, eta, horren bidez, Eguzkitik 42 milioi kilometrora hurbilduko da, hau da, Merkurio planeta baino hurbilago (Merkurio izarretik 58 milioi kilometrora dago, batez bestean). Grabitazio ziabogei esker, zundak lehen aldiz ganoraz ikusi ahalko ditu izarraren poloak. Horri esker, zientzialariek hobeto ulertuko dituzte Eguzkiaren eremu magnetikoa, eta eguzki haizea; horrek eragina handia du Eguzki Sistema osoan, besteak beste Lurreko aurora borealetan, eta planetako telekomunikazioen interferentzietan.
2020-7-16
https://www.berria.eus/albisteak/184422/euskararen-irakaskuntzaren-kontrako-kolpe-bortitza-salatu-du-biga-baik.htm
Gizartea
Euskararen irakaskuntzaren kontrako kolpe bortitza salatu du Biga Baik
Bordeleko errektoretzak euskara hutsezko esperimentazioen kontra egin izana deitoratu du sail elebiduneko guraso elkarteak, eta murgiltze ereduak euskararen irakaskuntzan dituen onurak berretsi ditu.
Euskararen irakaskuntzaren kontrako kolpe bortitza salatu du Biga Baik. Bordeleko errektoretzak euskara hutsezko esperimentazioen kontra egin izana deitoratu du sail elebiduneko guraso elkarteak, eta murgiltze ereduak euskararen irakaskuntzan dituen onurak berretsi ditu.
Biga Bai eskola publikoko sail elebiduneko guraso elkarteak «fermuki» salatu du Bordeleko errektoretzaren erabakia. Heldu den ikasturtean Hiriburuko (Lapurdi) eskola publikoan euskara hutsezko esperimentazio proiektu bat abiatzea ukatu du errektoretzak, derrigorrezko irakaskuntza frantsesez egin behar dela argudiatuta. Prentsaurrekoa egin zuten atzo EEP Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariek, eta jakinarazi zuten gutun bateratua idatzi diotela Jean Michel Blanquer Hezkuntza ministroari; bilkura ere eskatu diote EEPko administrari eta Ipar Euskal Herriko parlamentarien izenean, baina, oraingoz, ez dute erantzunik jaso. Bihar izanen da Euskal Elkargoko lehen biltzarra Baionan, ondoko sei urteetarako lehendakaria hautatzeko, eta, egun horretan, elkargoko biltzarrak euskarazko irakaskuntzaren aldeko mozio bat izenpetzea proposatuko dute. Biga Bairen hitzetan, Bordeleko errektoretzaren jarrera «kolpe bortitza da» euskararen irakaskuntzarentzat. «Gaur egun martxan diren murgiltze esperimentazioek argi erakusten digute gurasoei sistema ona dela, funtzionatzen duela, eta ez duela batere eragin txarrik haurren emaitzetan, dela frantsesean edo edozein ikasgaitan», adierazi dute agiri batean. Guraso elkartearen iritziz, haurrak denbora osoan euskaraz eskolatuak direlarik, aise «fiteago» eta «hobeki» menperatzen dute hizkuntza, «errazkiago» komunikatzen dute eta «zailtasun gutiago» dute ondotik elebidunean segitzeko. Adierazi dute sail elebidun guzietara hedatu behar litzateke murgiltze garai bat eskolatze hastapenean, «maila oneko ikasle eta elebidun orekatuen bermatzeko». Euskararen transmisioan diren erronkak ikusita, «murgiltze» esperimentazioen «kontra» doan Frantziako Hezkuntza ministerioaren politika «onartezina» da, Biga Bairen arabera. «Tokiko hizkuntzen kontrako jarrera du hor agertzen, horien babestea duelarik betebeharra. Ikusiz irakaskuntza horretan erabilitako baliabide publikoak eta hainbat erakunderen ahaleginak euskararen irakaskuntza garatzeko, oso inkoherentea eta ulertezina zaigu erabaki hau», adierazi du. «Kutsu nazionalista inposatzailea» EH Baik «gogorki » salatu du Bordeleko errektoretzaren erabakia. « 2019ko uztailaren 26ko legea aitzakiatzat hartuz, Hezkunde Nazionalak euskararen transmisioan eskolan duen premiazko rolari bizkar ematen dio», adierazi du mugimendu politikoak. Halaber, Hiriburuko eskolako «familien gehiengoaren borondatearen kontra» joatea leporatu dio, euskara hutsezko irakaskuntzaren esperimentazioari «oztopo eta mehatxu larria» ematen dizkiola erranez. «Erabaki horrek ez dauka oinarri pedagogikorik, ez arrazoi ekonomikorik. Frantses gobernuaren eta Hezkuntza ministerioaren postura ideologiko baten ondorioa da». Ezkerreko abertzaleen hitzetan, Frantziako Estatuak Euskal Herriarekiko duen «ukazio jarreran» segitzen duela erakusten du. «Hizkuntza politikaren inguruan Ipar Euskal Herrian den adostasun zabala mespretxatu, eta kutsu nazionalista inposatzailea duen doktrina bat berretsiz: frantsesa dela errepublikaren hizkuntza bakarra» EH Bairen ustez, «pertsona eleaniztunez osatua den Euskal Herri euskaldunaren eraikitzeko hizkuntza politika ausarta beharrezkoa da». Horregatik, euskarak hezkuntzan izan behar duen tokia Euskal Herritik beretik finkatu ahal izateko, erabaki guneak bertaratu behar direla berretsi du.
2020-7-18
https://www.berria.eus/albisteak/184423/hemeretzi-faseko-paisaia-aldaketa.htm
Bizigiro
Hemeretzi faseko paisaia aldaketa
GR-282a da Euskal Herrian homologatutako ibilbiderik luzeena. 'Artzaintzaren bidea' deitua da: Araba inguratzen duten mendiak zeharkatzen ditu 485 kilometroz. Paisaia aldaketa handiak dauzka.
Hemeretzi faseko paisaia aldaketa. GR-282a da Euskal Herrian homologatutako ibilbiderik luzeena. 'Artzaintzaren bidea' deitua da: Araba inguratzen duten mendiak zeharkatzen ditu 485 kilometroz. Paisaia aldaketa handiak dauzka.
Datu adierazgarri ugariko ibilbidea da GR-282a. Eta denek agerian uzten dute haren tamaina: 485 kilometroko bidea da; bederatzi parke natural zeharkatzen ditu, eta, Hego Euskal Herriko lurralde guztiak ukitzeaz gain, Burgosko probintzian (Espainia) ere sartu-atera egiten du. Batez beste ia zortzi orduko hemeretzi etapa ditu, eta guztira 147 ordu behar dira Arantzazun (Oñati, Gipuzkoa) hasi eta amaitzen den ibilbide hori egiteko. Zenbaki horiekin guztiekin, Euskal Herrian homologatutako ibilbiderik luzeena da, baina, horrez guztiaz gain, iraganeko arbasoen historia ezagutzeko baliagarria dela dio David Aldaik, Euskal Mendizale Federazioko bideen arduradunak. GR-282ak artzaintzaren bidea ere izena baitu, eta mende luzez transhumantzia egiteko erabilitako bideak zeharkatzen ditu. Horregatik dio «bide hau egitea arbasoen historian ibiltzea bezala» dela. Eta ez da gutxiagorako. Belaunaldiz belaunaldi artzaintzarako erabili diren bazkaleku askotatik igarotzen da ibilbidea, eta jarduera horri esker daukate parke natural askok orain daukaten paisaia. «Jarduera horrek egituratu ditu gure mendi ingurune asko, eta paisaia ere aldarazi dute». Eta, Aldairen ustez, hori da artzaintzaren bideak kontatzen duen istorioa: «Gure arbasoen bizitzeko moduaren istorioa kontatzen du, eta nola euren artean bazegoen kultura komun bat, nola egituratzen zuten lurraldea». Ibilbidean zehar gizakiaren eragina behin eta berriro ikus daiteke: izan arrasto arkeologikoen bidez —trikuharri edo harrespilak—, edo izan artzainek egun oraindik erabiltzen dituzten txabolak. Urbasa-Andiako (Nafarroa) parke naturalean pagadi eta arizti zabalak topa ditzake oinezkoak. IDOIA ZABALETA / FOKU GR-282a osatzen duten bide denak, ordea, ez ziren erabiltzen transhumantzia egiteko. Hau da, ibilbidea ez zen sortu artzaintzarako erabilitako bideekin soilik. Beste arrazoi batzuek bideratu zuten sorrera: Gasteizko Eraztun Berdeak hiriaren inguruan dauden naturguneak biltzen ditu, eta, hortik harago, Arabako lautada inguratzen duen beste ibilbide bat ere badago: GR-25a, 175 kilometrokoa eta zortzi etapakoa. Horrez gain, Araba inguratzen duten mendi zein parke naturalak bilduko zituen ibilbide perimetral bat falta zen, eta horregatik sustatu zuen Arabako Foru Aldundiak artzaintzaren bidea. Hain justu, Arabako lautada inguratzen duten mendietatik doa ibilbidea, eta, horregatik, bisitariak une oro paisaia «izugarri ederrak» dauzkala dio Aldaik. Ibilbideak, gainera, ez dauka gorabehera aipagarririk, une oro 600 eta 1.000 metroko garaieratik doalako. «Urbasatik Aralarrera joateko bidean daude aldaparik malkartsuenak, Sakanara jaitsi behar delako eta hortik Aralarrera igo». Gorbeiako parke naturaletik igarotzen denean iristen da ibilbidea punturik altuenera, 1.200 metro ingurura. Horregatik dio mendizale federazioko kideak ez duela zailtasun berezirik. «Batzuetan, ingurua ezagutu edo interpretatzeko gaitasuna beharko da, baina bestela ez dauka zailtasun berezirik». Bidean dauden seinaleak ere egokiak dira. Paisaia aldaketa ugari Araba inguratzen duten lurraldeetatik eta probintziatik igarotzen da artzaintzaren bidea. Eta horiek denak kultura batek batzen zituela dio Aldaik, bizitzeko modu batek. Hori guztia bidean ikus daitekeen arren, paisaia aldaketak ere begi bistakoak dira. Klima asko aldatzen baita ibilbidearen zati batetik bestera. Isurialde atlantikokoko klima eta paisaiatik Mediterraneoko trantsiziokora igarotzen da, eta hori da bideak dituen beste bereizgarrietako bat: «Paisaia aldaketa handiak daude, eta hori da artzaintzaren bide hau erakargarri egiten duten puntuetako bat». Artzaintzaren bidea Urkiolako parke naturaletik eta santutegi ondotik igarotzen da. ARITZ LOIOLA / FOKU Artzaintzaren bidea Urkiolako (Bizkaia) parke naturaletik eta santutegi ondotik igarotzen da. Aizkorriko parke naturaletik abiatuta, besteak beste Urkiola, Gorbeia, Aralar eta Urbasa-Andiakoak ere gurutzatzen ditu ibilbideak. Eta parke natural horietan guztietan oraindik artzainak mendira igotzen dira udan, abereentzako bazkaleku bila. Alegia, artzaintzak oraindik inguru horietako paisaia egituratzen jarraitzen duela esan liteke. Ez hori bakarrik, GR-282ko bide batzuk oraindik transhumantzia egiteko erabiltzen dituzte artzain batzuek. Hala gertatzen da Aizkorriko Urbiara ardiak igotzen dituzten artzainekin, edo Urbasara, Gorbeiara eta Aralarrera doazenekin. Artzaintzaren bideak izena eta izana hartzen du horrela. «GR-282a sortu aurretik bide hauek guztiak existitzen ziren, baina artzaintzaren bidea sortu zenean horiei guztiei balio bat eman zitzaien, batasun bat muga administratibo guztien gainetik». Hori guztia bide batean biltzea interesgarria iruditzen zaio Aldairi, eta horregatik esan du aurtengo udarako plan polita izan daitekeela. «Ezaguna da Pirinieoak zeharkatzen dituen GR-11 bidea, baina etxetik asko urrundu gabe ere hemen aukera interesgarri ugari dauzkagu». Inguruko altxorrak nabarmendu ditu, eta horietako asko ezezagunak direla nabarmendu: «Izkiko parke naturala, esate baterako, gasteiztar askok ez dakite non dagoen ere». Hori da, haren ustez, ibilbide honek alde on bat, etxetik gertu ezezagunak diren txokoak ezagutu daitezkeela. Dena batera egin beharrean zatika egiteko aukera dago, baina modu batera zein bestera izan, abiatu aurretik bidaia ondo planifikatu behar dela esan du Aldaik. Ibilbide luzea izanik, etapa amaiera guztietan lo egiteko aukera legoke. Oinez ere inguruko naturguneak ezagutzeko aukera eskaintzen du bideak. Bihar: Euskal Herriko ibilbideak (eta IV): Burdinaren bidea.
2020-7-17
https://www.berria.eus/albisteak/184424/elikagaiak-oinez-eroaten-zirenekoa.htm
Bizigiro
Elikagaiak oinez eroaten zirenekoa
Mando gainean, Arabako Errioxatik Bizkaiko kostaldera ardoa saltzera joan, eta, bertan irabazitako diruarekin, arraina erosten zuten merkatariek. Oion eta Bermeo batzen dituen bideari GR38 ibilbidea esaten zaio gaur egun. Zazpi etapa eta 166 kilometro ditu.
Elikagaiak oinez eroaten zirenekoa. Mando gainean, Arabako Errioxatik Bizkaiko kostaldera ardoa saltzera joan, eta, bertan irabazitako diruarekin, arraina erosten zuten merkatariek. Oion eta Bermeo batzen dituen bideari GR38 ibilbidea esaten zaio gaur egun. Zazpi etapa eta 166 kilometro ditu.
Bizkaiko portuko arrantzaleek merkataritza ibilbideak egiten zituzten XV. mendetik XVIII. mendera arte, hau da, barnealdeko lurraldeekin harremanetan aritzen ziren. Barnealdekoek ardoa eramaten zuten kostaldera, eta han arraina hartzen zuten. Bizkaitarrek alderantzizko bidea egiten zuten. Hala sortu zen GR38 ibilbidea edo ardoa eta arrainaren bidea esaten zaiona. Bermeon (Bizkaia) hasi eta Oioneraino (Araba) iparraldetik hegoaldera zein hegoaldetik iparraldera, bakoitzak bere produktu preziatuak garraiatzen zituen. Itsasoa, padurak, Toloño mendilerroko beheko magalak, Urkiolako bazter malkartsua... Merkataritzarako ibilbidea zenak era askotako paisaiak zeharkatzen ditu. Hiruzpalau eguneko bidaiak egiten zituzten ekoizleek, eta gehienetan animaliekin egiten zuten joan-etorria, bereziki astoekin eta behiekin. Kostaldetik, kontserbako arraina eramaten zuten udan. Eta bide luzean ustel ez zedin, gatza jartzen zioten mantentzeko. Neguan, berriz, arrain freskoa eramaten zuten hegoaldeko lurretara. Urtaro hotzean arraina fresko edukitzeko, ibilbidean elur zuloak egiten zituzten. Barnealdetik kostara, batik bat urteko ardoa eroaten zuten, baina baita gatza, ozpina eta garia ere. GR38 ibilbidea sortu arte, Bermeon sagardoa eta txakolina ziren herritarren edari nagusiak. Bidea egin zenean, baina, «Errioxako ardoa herrian sartu, eta herritarrek baztertu egin zituzten ordura arteko edariak». Hala kontatu du Bermeoko Sollube 700 mendi taldeko kide Sabin Bilbaok. Lehen aldiz 2005ean egin zuen bidea, eta azkenekoz, duela bizpahiru urte; estimuan du mendizaleak. Ibilbidea Historia luzeko bidea da GR38 ibilbidea, eta Arabako Errioxako eta Bizkaiko kostaldeko herrien arteko harremana sustatu zuen. Gaur egun, ibilbidea zazpi etapatan banatua dago, eta guztira 166 kilometroko luzera du. Oionen hasten da lehen etapa, Jasokundeko Andre Mari elizaren ondotik, eta Guardian bukatzen da, mahasti zabal amaigabeen artean hemezortzi kilometro pasatu ostean. Gero, Toloño mendiko erliebeak gaindituta, bidea Lagran eta Albaitarantz amildu, Okinako haitzartea zeharkatu, eta Estibalizen barrena sartzen da Arabako lautadan. Uribarri Ganboako urtegiaren paretik doa. Legutio gurutzatu ondoren, Urrunagako eta Albinako urtegien ondotik egiten du aurrera. Araba atzean utzi, eta Otxandiotik sartzen da Bizkaira. Urkiola inguruan gora egin ondoren, ibilbidea Durangoraino jaitsi, eta handik Oizko erliebeetaraino igotzen da. Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren lurrak zeharkatuta, azkeneko etapa Gernikan hasi, Foruko harrobi aldamenetik igaro, eta handik Busturiko Altamira auzora doa. Ordura arteko asfalto bidea amaitu eta mendi bidea hasten da Bermeoko Demiku auzora iritsi arte. Bukatzeko, Demikutik, herrigunean, tren geltokiaren parean dagoen Kurtzio elizan bukatzen da ibilbidea. Azken etapa horrek dituen hemeretzi kilometrotan, baserriak eta landa giroko herriak zeharkatzen dira. Bermeo ibilbidearen mutur ezagunena bada ere, ez da ibilbidea amaitzeko aukera bakarra. Hain zuzen, Durango pasatu eta Oiz mendia atzean utzita, ibiltariak hauta dezake Bermeo, Lekeitio zein Ondarroara jo. Bermeoko Kurtzio ermitatik abiatu daiteke GR 38 ibilbidea. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU Bilbaok azaldu duenez, ibilbidean Arabari dagokion zatia ondo prestatua eta zaindua dago. «Nabari da Arabako Errioxa aldean, bestalde, bideak bi ezaugarri ditu Bilbaoren arabera: «Oiongo aldean ardoaren lurrak nabarmentzen dira». Toloño mendilerrotik iparraldera beste ezaugarri batzuk dituela dio: «Ipar partean lurra berdeago dago». Toloño mendilerroan elurra ere ikusi izan dutela kontatu du Bilbaok. Araba igaro, eta behin Otxandiotik Bizkaira sartuta, bidea guztiz desberdina dela azpimarratu Bilbaok: «Hegoaldekoa berdintsuagoa da, mahats arbolez betea, dena lautada». Oionen dago ardoaren eta arrainaren bidearen muturretako bat. JAIZKI FONTANEDA / FOKU Ikusteko tokiak Gune interesgarri zenbait aurki daitezke Ardoaren eta arrainaren ibilbidean. Horien artean, adibidez, lehen etapan, Oion eta Gaurdai artean Asan dagoen Mantilbe zubia dago. Erromatar garaiko zubia ia osorik erorita badago ere, gelditzen da arrastorik. Bestetik, Lainu eta Albaita herrien artean — 2. etapan— Lainuko leizeen aldamenetik igarotzen da ibilbidea. Fraile eta mojak bizi izandako kobak, egun, ibiltarien deskantsurako edota bisitatzeko guneak bihurtu dira. «Ikustekoa da nola pertsona batek zizel edo mailu batekin egin dezakeen halakorik», aitortu du Bilbaok. Paisaiak, lurrak eta herri txikiek duten nortasuna. Ibilbideak bere osoan garrantzia duela nabarmendu du Bilbao. «Zaindu beharreko ondarea da, galdu ezinezkoa». Bidea, gorabeherak gorabehera, zailtasun txikikoa da: edozeinek egiteko modukoa dela-eta bota du gomendioa. Bihar: Euskal Herriko ibilbideak (III): Artzaintzaren bidea.
2020-7-16
https://www.berria.eus/albisteak/184425/sindikatuek-aurrerapausoak-ikusi-dituzte-adegiren-jarreran.htm
Ekonomia
Sindikatuek «aurrerapausoak» ikusi dituzte Adegiren jarreran
Gipuzkoako metalgintzako lan itunaren negoziazioak bide onetik doazela azpimarratu dute aldeek. Enpresaburuen elkarteak %8,8ko soldata igoera eta ultraaktibitate mugagabea proposatu ditu
Sindikatuek «aurrerapausoak» ikusi dituzte Adegiren jarreran. Gipuzkoako metalgintzako lan itunaren negoziazioak bide onetik doazela azpimarratu dute aldeek. Enpresaburuen elkarteak %8,8ko soldata igoera eta ultraaktibitate mugagabea proposatu ditu
Aldeek ohartarazi dute luze jo dezaketela negoziazioek, baina orain artekoari erreparatuz gero, aitortu dute baikorrak izateko motiboak badituztela. Gipuzkoako metalgintzako sindikatuek eta Adegi patronalak hirugarren bilera egin dute ostegun honetan —bigarrena, koronabirusa dela-eta alarma egoera altxa zenetik—, eta dagoeneko akordioa gertu ikusten dute zenbait puntutan: soldaten igoeran eta ultraaktibitate mugagabean. Urratsa ez da nolanahikoa, ituna berritzeko elkarrizketak bederatzi urtez blokeatuta egon baitira —2011. urtetik dago iraungita hitzarmena—. Gainera, metalgintzarena Gipuzkoako lan itunik handiena da, 40.000tik gora langileri eragiten die, eta historikoki konpontzen zailena izan da, lokarri hori askatzea, besteak beste, beste sektore batzuentzako lagungarria izan ohi delako. Azkenengo bi asteetan bi bilera egin dituzte aldeek, eta altxatzeko keinurik ez du inork egin. Lehenengoan, Adegik jarrera irekia agertu zuen, baina sindikatuei baldintza bat jarri zien: elkarrizketek iraun bitartean «gatazkarik» ez sortzeko. Halakorik ez dute baztertzen, baina azpimarratu dute patronalak mahai gainean jarritako zenbait proposamen norabide onean doazela eta negoziatzen jarraitzeko oinarriak ikusten dituztela. Datorren ostiralean elkartuko dira berriz, Adegiren egoitzan, azkeneko bi bileretan bezala . Aurrerapausoak ikusi arren, langileen ordezkariak zuhur mintzo dira, eta patronalari argi utzi nahi izan diote ez diotela uko egingo euren agendetan jasotako eskaera guztiei, eta bereziki bati: langile guztien subrogazio eskubidea bermatzeari. Aurreneko bileretan argi geratu da hori izango dutela eztabaidagai nagusienetakoa negoziazioetan. Iaz Bizkaian adostutako metalaren hitzarmeneko hartu-emanetan ere kartsuki defendatu zuten hori sindikatuek, eta sektorean azpikontratutako langile guztientzako eskatu zuten; azkenean, adostu zuten hori hala izatea kontratu publikoetan eta mantentze lanetakoetarako bakarrik eta sei hilabeteko antzinatasuna duten beharginentzat —ELAk ez zuen ituna babestu—. Patronalaren eskaintzak Horrek luze jo dezake; aldiz, ez horrenbeste soldaten puntuak: igoerarik izan ez den urteetako KPIak kontuan hartuta, %8,8koa izatea proposatu du Adegik, eta sindikatuek ez dute gaizki ikusi; ohartarazi dute, baina, beste kontu bat dela hitzarmen berria indarrean egongo litzatekeen urteetarako soldaten akordioa. Hori urrun ikusten dute, patronalak oraindik ez baitu halakorik zehaztu. Adegik lau urterako akordioa nahi du eta ELAk 2020 eta 2021 urteetarako soilik. Ez dirudi arazo handirik izango dutenik, bestalde, azken urteetan negoziatu eta hitzarmen batzuetan jasotako beste puntu batzuekin: adibidez, ultraaktibitate mugagabea onartzea. Horretarako prest azaldu da Adegi. Horrek ekarriko luke adostutako lan hitzarmenak indarrean jarraitzea beste lan itun batek ordezkatu arte. 2012ko lan erreformak urtebetera mugatu zuen ultraaktibitatea, eta Espainiako Gobernuak egin asmo dituen aldaketen artean lehentasuna izango luke hori indargabetzeak. Hortaz, Madrilen erabakiari aurrea hartuko lioke Gipuzkoako metalak, azkenean puntu hori itunean sartuko balu. Adegik mahai gainean jarritako beste proposamen bat ere aurrez adostutako beste akordio baten transposizioa izango litzateke. Patronalak eskaini du Gipuzkoako metalaren hitzarmenari lehentasuna ematea Espainiakoaren aldean. Hain justu, puntu hori sektore guztietako lan itunetan sartzea adostu zuten lau sindikatu nagusiek eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako patronalek —Confebasken sinadurarekin— lanbide arteko akordioa egin zutenean, 2017ko urtarrilean. Horrekin batera, Adegik proposatu du klausula berri bat sartzea, hitzarmenean egiten den edozein aldaketa alde guztien arteko adostasunarekin izan dadin behartzeko. Abiapuntu «ona» Sindikatuak baikor azaldu dira lehen bi bileren ostean. ELAren ustez, Adegik negoziatzeko agertu duen jarrera «benetakoa» da. UGTrentzat, «albiste ona» da patronalak mahai gainean proposamenak jarri izana, eta azpimarratu du horrek negoziazioan aurrera egitea errazten duela. CCOOrentzat, hasieran daude, eta ohartarazi du «alde nabarmenak» daudela sindikatuen eta patronalaren artean. LABen arabera, berriz, enpresaburuen elkarteak onartu behar izan du orain arteko bere estrategiak «porrot» egin duela eta bere burua negoziatzera behartuta ikusi du, «langileen antolaketarengatik eta borrokarengatik». Lehenengo bileran ez bezala, Adegik ez du bilerari buruzko baloraziorik egin. Edukiei buruz, sindikatuek gogoratu dute langile guztien subrogazio eskubidea bermatze aldera patronalak ez duela proposamenik egin, eta salatu dute Adegik uko egin diola lanaldiak murrizteari eta gaixoaldian dauden langileei osagarriak emateari, haiek eskatu duten moduan. Horrez gain, proposamenak egin dituzte lan segurtasunaren inguruan, aldi baterako erregulazioen buruz, sexu arrakalaz eta deskonexio digitalari buruz, besteak beste, eta sindikatuek adierazi dute Adegik ez duela ezer esan horri guztiari buruz.
2020-7-17
https://www.berria.eus/albisteak/184456/langile-bat-hil-da-faltzesen-makina-batek-harrapatuta.htm
Ekonomia
Langile bat hil da Faltzesen, makina batek harrapatuta
Langileak 58 urte zituen, eta fardelak egiteko makina batek harrapatu du.
Langile bat hil da Faltzesen, makina batek harrapatuta. Langileak 58 urte zituen, eta fardelak egiteko makina batek harrapatu du.
Nafarroako Gobernuak gauerdian jakinarazi duenez, atzo gauean langile bat hil zen Faltzesen (Nafarroa) lan istripu batean. Ezbeharra 21:53ean gertatu zen. Langilea fardel makina batek harrapatu du, zenbait iturriren arabera, aurretik pieza batek buruan jo ostean. Izandako lesioen ondorioz, hil egin da. 58 urte zituen. Azkoiengo suhiltzaileak, mediku talde bat eta foruzainak joan dira istripua izan den tokira, eta gertatutakoa ikertzen ari dira.
2020-7-17
https://www.berria.eus/albisteak/184457/pcr-probak-egiten-hasi-dira-zarautzen.htm
Gizartea
PCR probak egiten hasi dira Zarautzen
PCR probak egiten hasi dira Zarautzen.
07:30erako hasi dira Zarauzko Udaleko brigadako langileak eta Osakidetzakoak PCR probak egiteko gunea atontzen anbulatorioaren atzeko aldean. Dozenaka laguni egingo diete gaur proba, eta datozen egunetan ere egiten segitzea espero dute, Osasun Sailaren oharrari erantzunez. Malekoiko bi taberna daude itxita, eta hor dago kezka iturria oraintxe. Taberna horietako bi langilek positibo eman ostean deitu ditu Osasun Sailak PCR proba egitera handik igaro diren guztiak. Iragan asteazkenetik larunbata bitarte han ibili zirenei, horrenbestez, proba egiteko eskatu diete. Ilarak osatu dira goizean goizetik, proba egiteko. Gehienak gazteak ziren. Bestalde, Talai Mendi kanpineko ateak irekita daude jada. Xabier Txurruka Zarauzko alkateak baieztatu duenez, hango bi langilek eta egoiliar batek eman dute positibo, guztiei PCR probak egin ostean, eta Osasun Sailak baztertu egin du hor fokurik egon daitekeenik.
2020-8-3
https://www.berria.eus/albisteak/184458/eraikin-historikoak-izuran.htm
albisteak
Eraikin historikoak Izuran
San Joan Bataiatzailearen eliza, Haranbeltzeko kapera, Latsaga gaztelua eta beste zenbait eraikin eta monumentu historiko daude Izuran.
Eraikin historikoak Izuran. San Joan Bataiatzailearen eliza, Haranbeltzeko kapera, Latsaga gaztelua eta beste zenbait eraikin eta monumentu historiko daude Izuran.
Interesgarria izan daiteke Izuran egun bat igarotzea, herrian eta inguruetan dauden eraikin eta monumentu historikoak ezagutzeko, eta urteetan gorde den ondareaz gozatzeko. Besteak beste, Latsaga gaztelua, XIII. eta XIV. mendeetan eraikia. Ondoan herriko hilerria dago. Herrian bertan, San Joan Bataiatzailearen eliza dago, 1889koa, eta, herriaren hego-mendebaldean, 1228an Antso Azkarrak suntsitutako harresien aztarnak ikus daitezke. Haranbeltzeko kapera Halaber, Izurako plazatik abiatuta, txango bat egin daiteke Haranbeltzeko kapera ezagutzeko. Aspaldi, Izurako basoaren magalean, zuhaitzak moztu, eta, argigune horretan, priore etxea, kapera bat eta lau etxe eraiki zituzten. Aipatua izan da XII. mendean, Hospitale Sancti de Arambels agirian. Bertan dagoen etxe baten ateburuan, eraiki zen garaiaren erreferentzia gisa, 984. urtea ageri da. Haranbeltzeko kapera Erdi Aroko arkitektura erromanikoaren adibide ezin hobea da, bidaiari eta beilarien gerizatzaile San Nikolas Barikoaren omenez eraiki zuten, eta han bizi ziren Donato Anaiak taldeko kideek hartzen zituzten beilariak. Kaperaren barnean, XVIII. mendeko koloretako apaindurak, XVII. mendeko erretaula bat eta Jondoki Jakobe beilaria erakusten duen eskultura bat ikus daitezke. Inguruetan ibilaldiak eta beste zenbait jarduera egiteko, eta otordua egiteko eta ostatu hartzeko, Donapaleuko herriko etxearen webgunean kontsulta egin daiteke (www.saint-palais.fr)
2020-7-17
https://www.berria.eus/albisteak/184459/kataluniako-buruzagi-presoak-espetxetik-atera-dira-hirugarren-gradua-baliatuta.htm
Mundua
Kataluniako buruzagi presoak espetxetik atera dira, hirugarren gradua baliatuta
Cuixart, Romeva, Junqueras eta Turull izan dira espetxetik ateratzen lehenak. Astelehenera arte ez dira itzuliko kartzelara.
Kataluniako buruzagi presoak espetxetik atera dira, hirugarren gradua baliatuta. Cuixart, Romeva, Junqueras eta Turull izan dira espetxetik ateratzen lehenak. Astelehenera arte ez dira itzuliko kartzelara.
Goizean, 06:55ean, atera dira Lledonerseko espetxetik (Bartzelona) Jordi Cuixart Omniumeko presidentea, Oriol Junqueras Kataluniako Gobernuko presidenteorde ohia eta Joaquim Forn, Raul Romeva eta Jordi Turull kontseilari ohiak. Ordubete geroago irten dira espetxe berean dauden Josep Rull eta Joaquim Forn kontseilari ohiak eta Jordi Sanchez ANCko presidente ohia. Carme Forcadell Parlamentuko presidente ohia ere atera da Wad-Rasetik eta Dolors Bassa kontseilari ohia Puig de les Bassestik (Girona). Espetxean dauden Kataluniako buruzagi independentistek aste honetan jaso dute hirugarren gradua, eta astelehena bitartean etxean egon ahal izango dira. Espetxetik ateratzean Cuixartek esan du hirugarren gradua jaso izanak ez duela beretzat esan nahi berezirik, euren nahia delako «jazarpena behin betiko amaitzea». Forcadellek ere gogorarazi nahi izan du hirugarren gradua ez dela «askatasuna» eta oraindik zigorra betetzen ari direla. Turullek aitortu du, erabateko askatasuna ez den arren, aspalditik zuela egun hau buruan: «Jende guztiari eskerrak emateko gogoa dut, indarra, kemena eta itxaropena eman dizkigutelako». Espetxetik irten berritan Catalunya Radiorako eginiko elkarrizketan, Cuixartek adierazi du agintaldia amaitzean Omniumeko presidentetza uzteko asmoa duela: «Egin dut egin behar nuen guztia». Agintaldia amaitu bitartean, baina, lanean jarraituko duela azaldu du, Estatu espainolak ezin duelako erabaki «Omniumeko presidentea nor izango den». Hiru egunez etxean Hirugarren graduarekin astelehenera arte egongo dira kalean buruzagi independentista espetxeratuak. Astean hiru gau pasatuko dituzte, beraz, etxean, eta lau, espetxean. Astegunetan, gainera, egunez ere irten ahal izango dira, eta zortzi eta 11 ordu bitartean egongo dira kartzelan. Espetxetik kanpo igaroko duten denboran, orain arteko lanekin eta boluntariotzekin jarraitu ahal izango dute. Lledoners, Puig de les Basses eta Wad-Ras espetxeetako tratamendu batzordeek presoei hirugarren gradua ezartzea proposatu zuten uztailaren 2an, eta Kataluniako Gobernuak ontzat eman du asteon proposamena. Halaber, Fiskaltzak erabakiaren kontrako helegitea aurkezteko aukera izango du espetxe zaintzako epailearen aurrean. Hura ere hirugarren graduaren alde agertuko balitz, bigarren instantzian helegitea aurkezteko modua izango luke Fiskaltzak. Kasu horretan, Espainiako Auzitegi Gorenak izango luke azken hitza.
2020-8-4
https://www.berria.eus/albisteak/184460/arbailako-mendialdean.htm
albisteak
Arbailako mendialdean
Altzürükü herritik abiatuta, txango polita egin daiteke Arbailako mendialdera joateko.
Arbailako mendialdean. Altzürükü herritik abiatuta, txango polita egin daiteke Arbailako mendialdera joateko.
Altzürüküko Urrutia gazteluaren aurrean dagoen aparkalekutik abiatu, eta, baserrien paretik, larre zabalen eta haritz zaharren artean, txango polita egin daiteke Arbailako mendikatera joateko. Oihanak estaltzen ditu Arbailako mendigunearen bi herenak. Hantxe dago Europako pagadirik ederrenetarikoa, baita aberastasun geologiko eta arkeologiko ugari ere. Altuera ertaineko mendigunea da, eta basoak inguratzen du. Haitzuloak Udalerrian, leize zulo asko daude oraindik esploratu gabe. Horietatik ezagunenetariko bat Nebele izenekoa da, 1972tik aurrera esploratua. Halaber, udalerriko lurretan dagoen Xaxixiloaga haitzuloko sabaian Goi Paleolitoko margoak aurkitu dira. Dena den, Altzürüküri buruzko lehen aipamen idatziak XII. mendekoak dira, oraindik ez zenekoak udalerri bat, baizik Urdiñarbe herriko auzo bat. Altzürükün bertan, bi eraikin interesgarri daude: Urrutia gaztelua eta eliza. Urrutia gaztelua, gaur egungo udaletxea dena, herriaren erdian dago. Bi dorre zirkular dira XVI. mendeko jatorrizko eraikinetik gaur egun ikus daitezkeen aztarna bakarrak. Eliza, berriz, muino batean dago, eta hilerriak inguratzen du. Haren hiru puntako kanpandorrea eredu hirukoiztarraren arabera eraikia dago, Zuberoako beste hainbat elizaren antzera. Inguruan otordua egiteko eta lo egiteko tokiak aurkitzeko, Maule-Lextarreko herriko etxearen webgunean kontsulta daiteke (www.mauleon-licharre.fr), edo Mauleko turismo bulegoko telefono zenbakira deitu (559-28 02 37).
2020-7-17
https://www.berria.eus/albisteak/184462/jean-rene-etxegarai-euskal-elkargoko-lehendakaria-izango-da-beste-sei-urtez.htm
Politika
Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria izango da beste sei urtez
Gaur egin dute lehen biltzarra Ipar Euskal Herriko erakundean. Etxegarai izan da hautagai bakarra.
Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria izango da beste sei urtez. Gaur egin dute lehen biltzarra Ipar Euskal Herriko erakundean. Etxegarai izan da hautagai bakarra.
Ez da sorpresarik izan Euskal Hirigune Elkargoko lehen biltzarrean. Jean Rene Etxegarai Baionako auzapeza hautagai bakarra izan da lehendakaritzarako, eta bera izendatu dute lehendakari ondoko sei urteetarako Ipar Euskal Herriko erakundea zuzentzeko. Baionako Lauga kirol gelan egiten ari dira biltzarra, koronabirusaren krisia dela eta. 232 hautetsi ditu elkargoak, baina 214 agertu dira. Lehendakaria izendatu aitzin, Louis Labadot Mauleko auzapezak zuzendu du saioa, bera baita elkargoko hautetsirik adinekoena. Sarrera gisa hitza hartu du, eta ainerako hautetsiei mintzatu zaie: «Badu hamahiru egun Mauleko auzapeza naizela, eta segurtatzen dizuet, Maulek Euskal Herrian segitzen du». Maule espartinaren erakusleiho huts bihurtzetik tokiko industria bultzatzeko eskatu dio Euskal Elkargoari. «Hautagai naiz, Hirigune Elkargoaren oinarriak sendotu nahi ditudalako. Frantziako handiena da, ez da ariketa erraza», adierazi du Etxegaraik. «Umiltasunez eta determinazioz» aurkezten dela erran du. Hamar lurralde poloen itzulia egin du azken egunetan bere hautagaitza esplikatzeko. «Kartsuki nahi izan dugun elkargo hau ez da osoki osatua», adierazi du. «Erakundea administratiboki eta juridikoki ezarria izan bada ere, ez da osoki instalatua. Aitzineko agintaldian, urrats garrantzitsuak eman genituen, besteak beste, 21 politika publiko onartzearekin. Beharrezkoak ziren». Antzeman dituzten «disfuntzionamenduak» ere aipatu ditu. «Gobernantza paktu berri baten alde egin dugu, oreka gehiago lortzeko lurralde poloen artean». Hautetsiek banan-banan bozkatu dute. Koronabirusagatik neurri bereziak hartu dituzte: bi bozkaleku jarri dituzte, eta lerroka altxatu dira bozkatzeko. Euskal Elkargoko hautetsiei euskara hutsezko irakaskuntza esperimentaziorako proiektuak sostengatzeko mozio bat izenpetzea proposatu die Etxegaraik. Saioaren bukaeran onartuko dute. Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariek aste honetan salatu dute Frantziako Gobernuak euskarazko irakaskuntza trabatu nahi duela. Bozka elektronikoa onartzea bozkatu dute ondoren. Hautetsi kopurua ikusita, biltzarrak arintzea ahalbidetzen du.