date
stringdate
2012-09-20 00:00:00
2023-12-01 00:00:00
url
stringlengths
47
182
category
stringclasses
10 values
title
stringlengths
3
140
subtitle
stringlengths
0
1.17k
summary
stringlengths
5
1.18k
text
stringlengths
2
35.8k
2020-7-17
https://www.berria.eus/albisteak/184463/aurten-ez-da-egingo-donostia-festibala.htm
Kultura
Aurten ez da egingo Donostia Festibala
Irailean hipodromoan egitekoa zen jaialdia 2021era atzeratu dute. Haren ordez, hainbat kontzertu antolatuko dituzte hiriko zenbait lekutan, Donostia Festibala Urban izenpean. La Polla Records taldeak irailaren 26an hipodromoan eman behar zuen kontzertua ere urtebetez atzeratu dute
Aurten ez da egingo Donostia Festibala. Irailean hipodromoan egitekoa zen jaialdia 2021era atzeratu dute. Haren ordez, hainbat kontzertu antolatuko dituzte hiriko zenbait lekutan, Donostia Festibala Urban izenpean. La Polla Records taldeak irailaren 26an hipodromoan eman behar zuen kontzertua ere urtebetez atzeratu dute
Irailaren 18an eta 19an egitekoa zen Donostia Festibala, azkeneko urteetan bezala, hipodromoan. Koronabirusaren pandemiak ekarritako egoerak, ordea, ezinezkoa egin du aurten festibala ohiko formatuan antolatzea, eta, ondorioz, antolatzaileek jaialdia urtebetez atzeratzea erabaki dute. 2021eko irailaren 17an eta 18an egingo dute. Aurten, besteak beste, Kase.O, Los Chikos del Maiz, Lola Indigo, Don Patricio, Fernandocosta, Zetak, La Furia eta Dellafuente ziren parte hartzekoak jaialdian. Antolatzaileek ez dute zehaztu ea programazioa mantenduko duten datorren urtean edo beste artista batzuk ariko diren jaialdian. Ohiko jaialdiaren faltan, Donostia Festibala Urban deitu duten festibala antolatu dute irailaren 18 eta 19rako. Oraindik ez dute zehaztu zein musikarik hartuko duten parte bertan, baina iragarri dute hiriko hainbat txokotan egingo diren emanaldiek osatuko dutela. Edukierak eta formatuak «gaur egungo egoerara» egokituta egingo dituzte saioak. La Polla Records ere atzeratua La Polla Records taldeak irailaren 26an eman behar zuen kontzertua, Donostiako hipodromoan, baina hori ere atzeratu egin dute, eta 2021eko irailaren 25ean izango da. Jaialdi horretan, Aguraingo (Araba) taldeaz gain, El Drogas, Su Ta Gar, Lendakaris Muertos eta Liher ere ariko dira.
2020-7-17
https://www.berria.eus/albisteak/184464/gaurtik-aurrera-derrigorrezkoa-da-maskara-nafarroan.htm
Gizartea
Gaurtik aurrera derrigorrezkoa da maskara Nafarroan
Gauerdian sartu da indarrean foru agindua, eta hamabi urtetik gorakoek derrigorrez jantzi beharko dute maskara. Betetzen ez badute, 100 euroko isuna jarriko diete. Eskoletarako, araudi espezifiko bat adostuko dute.
Gaurtik aurrera derrigorrezkoa da maskara Nafarroan. Gauerdian sartu da indarrean foru agindua, eta hamabi urtetik gorakoek derrigorrez jantzi beharko dute maskara. Betetzen ez badute, 100 euroko isuna jarriko diete. Eskoletarako, araudi espezifiko bat adostuko dute.
Dagoeneko, derrigorra da maskara erabiltzea Hego Euskal Herri osoan. Gauerdian sartu da indarrean Nafarroako foru agindua, eta hamabi urtetik aurrerakoek maskara jantzita eraman beharko dute espazio ireki eta itxietan, nahiz eta metro eta erdiko segurtasun distantzia bermatu. Agindua ez betez gero, 100 euroko isunak jartzea ere aurreikusi dute agintariek. Azken asteetan gora egin dute koronabirusagatik kutsatutakoek —atzo 80 kasu gehiago jakinarazi zituzten Hego Euskal Herrian—, eta tokian tokiko gobernuak ari dira neurriak hartzen katea eteteko. Nafarroan, esaterako, maskara derrigorrezkoa izango da gaurtik aurrera, eta beste zenbait neurri ere hartu dituzte, jende pilaketak ekiditeko asmoz. Era berean, atzo ohartarazi zuen Nafarroako Gobernuak kutsatze gehienak gazteen artean gertatzen ari direla, eta, horregatik, «zentzuz eta arduraz» jokatzeko deia egin zuen. Normaltasun berria delakoan, egoeraren arabera ari dira moldatzen agintariak, eta maskararen erabilera ere arautu dute orain. Edonola ere, hainbat unetan edo egoeratan kentzea baimendu dute. Besteak beste, sei urtetik gorako haurrek ere jantzita eraman behar zutela agindu zuten aurrena, baina, orain, hamabi urtetik aurrerakoek jantzi beharko dute. Arnasketa arazoak dituztenek edo bestelako patologiaren bat dutenek ere ez dute etengabe derrigor jantzi beharko. Noiz bai eta noiz ez Oro har, espazio publikoetan eta itxietan, maskara jaztea derrigortu dute Nafarroan. Baina hainbat salbuespen ere zehaztu dute, nahiz eta erabilera orokorra gomendatu duten. Elikagaiak jatean edota edatean, maskara ken daiteke, baita kirola egitean ere —segurtasun neurriak errespetatzen badira—. Kirol instalazioetan, ordea, gune komunetan derrigorrekoa izango da maskara jantzita eramatea. Hala, igerilekuetan edo bainu lekuetan, nola mendian —eskalada, txirrindularitza, mendi ibilbideak...— metro eta erdiko distantzia mantentzen bada, kendu ahal izango dute maskara, baita lantokietan ere. Horrez gainera, espazio pribatuetan ere arduraz jokatzeko eskatu dute agintariek. Horregatik, gomendatu dute familia nukleo diferenteetako jendea elkartzean ere maskara jartzeko eta segurtasun distantziak mantentzeko. Eskolei dagokionez, zentroaren arabera eta egoeraren arabera arautuko dute arau espezifiko bat.
2020-7-17
https://www.berria.eus/albisteak/184465/espainiako-errege-erreginen-etorrera-dela-eta-sortuk-protestara-deitu-du.htm
Politika
Espainiako errege-erreginen etorrera dela eta, Sortuk protestara deitu du
Bilbon eta Gasteizen antolatu dituzte protestak, eta, adierazpenik egin gabe, «ozen txistu egiteko» eskatu dute.
Espainiako errege-erreginen etorrera dela eta, Sortuk protestara deitu du. Bilbon eta Gasteizen antolatu dituzte protestak, eta, adierazpenik egin gabe, «ozen txistu egiteko» eskatu dute.
Gaur, Bilboko eta Gasteizko kaleetan ibiliko dira Espainiako errege-erreginak. Goizean, Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariarekin batera, Guggenheim museoko erakusketak ikusiko dituzte. Jarraian, Bilboko Arte Ederren Museoan, tokiko enpresariekin elkartuko da erregea. Arratsaldean, berriz, Gasteizko San Prudentzio Fundazioko egoitzara egongo da. Bisita hori dela eta, Sortuk protestarako deialdia egin du. Euskal Errepublika! Txistukada herritarra lelopean, protestara batzen diren pertsonei «ozen txistu egiteko» eskatu diete. Bilbon, 12:00etan egingo da, Euskadi Plazan. Gasteizen, 16:30ean izango da, Andre Maria Zuriaren plazan.
2020-7-17
https://www.berria.eus/albisteak/184466/paskual-rekalde-euskaltzain-oso-izendatu-du-euskaltzaindiak.htm
Gizartea
Paskual Rekalde euskaltzain oso izendatu du Euskaltzaindiak
Andres Iñigo emeritu bihurtzeak ekarritako hutsunea beteko du hizkuntzalariak.
Paskual Rekalde euskaltzain oso izendatu du Euskaltzaindiak. Andres Iñigo emeritu bihurtzeak ekarritako hutsunea beteko du hizkuntzalariak.
Euskaltzaindiak osoko bilkura egin du gaur Bilbon, bere egoitzan, eta Paskual Rekalde (Amaiur, Nafarroa, 1963) euskaltzain oso izendatu du, gehiengo osoz. Andres Iñigo emeritu bihurtzean euskararen akademian sortutako hutsunea beteko du Rekalde hizkuntzalariak. Horrenbestez, 1918tik gaur artean 93 euskaltzain oso izendatu ditu akademiak. Joan den otsailaren 28an izendatu zuten emeritu Iñigo. Horretarako, euskaltzain osoek 75 urte edo gehiago eduki behar dituzte. Orduan, hura ordezkatzeko hautagaitzak aurkezteko epea ireki zuen akademiak, eta bi aurkeztu ziren: Paskual Rekalde eta Paula Kasares. Euskaltzainek Rekalderen aldeko hautua egin dute gaurko osoko bilkuran. Rekaldek zortzi hilabeteko epea du sarrera hitzaldia prestatzeko. Euskal Filologiako lizentziaduna da Rekalde, EHU Euskal Herriko Unibertsitatean ikasia. Nafarroako Gobernuko euskara itzultzailea da egun, eta Eusko Jaurlaritzako Terminologia batzorde bereziko kidea ere bai. Zenbait lan eta artikulu argitaratu ditu euskara batuaren, euskalkien eta Baztango euskararen inguruan. 2003an izendatu zuten euskaltzain urgazle, eta, 2018az geroztik, akademiaren Nafarroako ordezkariordea da. Duela hogei urte hasi zuen ibilbidea Euskaltzaindian, eta zenbait batzorde eta lantaldetako kidea da (Corpus, Euskalkiak, Euskaltzaindiaren Hiztegia, EBE, Gramatika eta Onomastika), baita Hizbea Hizkuntza Kalitatearen Behatokia zerbitzuaren arduraduna ere.
2020-7-19
https://www.berria.eus/albisteak/184467/atzerakontua.htm
Kultura
Atzerakontua
Goiatz Labandibarrek (Oiartzun, Gipuzkoa, 1985) Igartza Saria jaso zuen 2011n, eta horren emaitza izan zuen lehen lana: Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak (Elkar, 2013). Narrazio liburua zuen hura, eta halaxe izan ditu hurrengoak ere: Fotogramak (Elkar, 2016) eta Hori zen dena (Alberdania, 2019). Cafe Bar Bilbao saria jaso du aurten, Salaketa antzezlanarekin.
Atzerakontua. Goiatz Labandibarrek (Oiartzun, Gipuzkoa, 1985) Igartza Saria jaso zuen 2011n, eta horren emaitza izan zuen lehen lana: Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak (Elkar, 2013). Narrazio liburua zuen hura, eta halaxe izan ditu hurrengoak ere: Fotogramak (Elkar, 2016) eta Hori zen dena (Alberdania, 2019). Cafe Bar Bilbao saria jaso du aurten, Salaketa antzezlanarekin.
Batek jakiten duenean atzerakontua azken hamar segundoetan sartu dela, eta ez dagoela heriotza ez den helmugarik, eta mundu honetan egin beharrekoak egiteko denbora justua duela, lotsa eta beldur guztiak galtzen ditu. Hondarrezko erloju bat da bizitza. Lasai jaio, estu bizi eta lasai hiltzeko aukera ematen duena. Hondarrezko erlojuaren tutu estutik behera hasten denean harea erortzen, gauzak beste modu batera ikusten ditu batek. Batez ere, harea hori arrapaladan jausten denean, urakan baten abailan. Lasai hiltzea denik eta esperantzarik ederrena dela konturatu naiz barren ia osoak jan dizkidan metastasia dudala dakidanetik. Ez da erraza heriotzaren aurrean beldurra eta lotsa galtzea. Lotsa galtzeko, baina, beldurra galdu behar da lehenengo. Nik izua izan diot hiltzeari. Ez dut hil nahi izan. Medikuak gibeleko minbizia diagnostikatu zidanean dardarka hasi nintzen, negarrari eman nion eta antsietate krisi latza izan nuen haren bulegoan. «Lasai, ez izan beldurrik —esan zidan medikuak— hiltzea ez da hain beldurgarria. Denik eta gauzarik naturalena da. Denik eta errazena. Denok gaude aurrez diseinatuak hiltzeko. Hiltzeko makina perfektuak gara gizakiak». Jakinduria ia filosofiko hori entzun arren medikuaren ahotik, daitort ez zela hain erraza izan beldurra asimilatzea. Ez nintzen jauzika eta bibaka atera sendagilearen bulegotik, ez nintzen txistuka joan kimioterapiako lehenengo saiora, ez nien irribarretsu kontatu senide, lagun eta lankideei karramarroak ni ere harrapatu ninduela, krausk, hozka egin zidala bere atzaparrekin eta ez ninduela soltatuko, berarekin eramango ninduela arrastaka atzeraka, atzeraka, atzeraka... atzerago egin ezin, eta amore ematen nuen arte. Zergatik niri? galdera erretorikoaren fasea izan zen lehendabizi gainditu behar izan nuena. Ez dut inoiz erre. Ez dut inoiz edan. Beti eman izan dut eguzkitako krema babeslea, pantaila totala. Beti hartu ditut neurriak larrutan egiterakoan. Ez naiz sekula labaindu bizitzaren alde basatian. Ez naiz Lou Reed zalea izan sekula... Beraz, zergatik niri? Baina, pixkanaka, karramarroaren beldur izateari utzi nion. Arrazoia zuen medikuak. Jaiotzea hiltzea bera da. Hiltzeko makina perfektuak gara, horretarako diseinatuta gaude; izaki bizidun baino izaki hilkor deituko baligute hobe genuke, egokiago definituko genuke gure berezko esentzia. Zergatikniri? fasea pasatu ondoren etorri zen lotsa galtzea. Lotsa galtzea da aitortzea, lehenik zure buruari eta gero gainerakoei, lehenik barne hausnarketan eta gero ahotsgoran, beti pentsatu izan duzuna, sentitu izan duzuna eta, batez ere, isildu izan duzuna. Aitortzea mila aldiz joan zarela batere gogorik gabe kuadrillako otorduetara, ezkontzan zin egindako leialtasun botoari behin baino gehiagotan izan zarela desleial, inoiz ez bezala busti zitzaizkizula kuleroak lankide emakume batekin musuka aritu zinen Gabonetako bazkari hartan, behin autobusean ondoan eseri zitzaizun agureak galtzen azpitik sartu zizula eskua. Eta aitortzea gehiago maite duzula zure seme-alabetako bat besteak baino. Hori esan nahi dizuet gaur zuoi bioi. Beti maite izan dut gehiago Lili. Ez dakit zergatik. Ez dut erantzunik. Baina hala da. Ama, bakarra dela esan ohi da. Eta halaxe izan ohi da gehienetan. Eta ama batek ezin du erdibitu. Ez gorputza; ezta bihotza ere. Gezurra da seme-alaba guztiak berdin maita ditzakeela ama batek. Hemendik eta Txinarainoko gezurra. Bihotza ez da ez erdibitzen ez bikoizten. Hori ezinezkoa da anatomikoki, eta, ezinbestean, ezinezkoa da emozionalki ere. Horregatik, familiako erretratu guztietan dut besoetan nire seme ez-kutuna. Ez igartzeko nire kutuna alaba zela. Amok maitasuna disimulatzeko darabiltzagun trikimailu kaxkar horietako bat da, ez duena balio deustarako: karramarroak atzaparkadaka desitxuratu duen hilotz bat makillatzea baino gehiago ez, behintzat. Ziur naiz zuek ere erreparatu diozuela. Ez naizela deus berria esaten ari. Agian ez duzula inoiz ahoskatu egia hau, baina beti izan dituzula arrebaren zeloak, Imanol, beti jakin izan duzula nire begiko ninia bera zela. Eta zu ere, Lili, zenbatetan probestu izan zaren nire (a)maitasun irrazionalaz —zeren bai, ama baten maitasuna beti da irrazionala, zentzurik gabea, edozein logika zapuztuko duena eta egiarik nabarmenenaren aurrean itsutuko duena—. Ez iezadazue azalpenik eskatu. Ezin dut esan zergatik maite dudan gehiago Lili, Imanol. Ez da politagoa delako. Edo bizkorragoa. Edo azkarragoa. Edo alaiagoa. Edo maitakorragoa. Edo sentsibleagoa. Ez da lehenengo jaio zelako, ez da erditzea errazagoa izan zelako, ez da haurdunaldi hobea izan zelako edo loti hobea zelako. Ez daukat arrazoirik, baina bai, gehiago maite (izan) dut Lili. Barkatu, Imanol. Maite zaitut, Lili.
2020-7-17
https://www.berria.eus/albisteak/184468/esportazioak-36-erori-dira-maiatzean.htm
Ekonomia
Esportazioak %36 erori dira maiatzean
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kanpoko salmentak ia %25eko beherakada izan dute urteko lehen bost hilabeteetan, iazko epe beraren aldean.
Esportazioak %36 erori dira maiatzean. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kanpoko salmentak ia %25eko beherakada izan dute urteko lehen bost hilabeteetan, iazko epe beraren aldean.
Eustaten arabera, Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko lurraldeen kanpo merkataritzak 1.551 milioi euroko superabita dauka, baina pandemiak kolpe handia eman die esportazioei, euskal industriaren termometroetako bati. %36 erori dira maiatzean, urte arteko tasan, eta, dagoeneko, %24,7ko beheraldia pilatu dute urteko lehen bost hilabeteetan. Begien bistakoa da nazioarteko merkatuek arazoak dituztela gutxieneko normaltasunari eusteko. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresek 1.560,3 milioi euro saldu dituzte kanpo merkatuetan maiatzean, eta, aurreko urtean, 2.439,7 milioi izan ziren. Ondasun energetikoen esportazioek %45,5eko beherakada izan dute, eta ez-energetikoenek, %35,3koa. Hiru lurraldeek dute beheranzko joera —eta antzeko ehunekoak—, baina Bizkaian pixka bat nabarmenagoa da, % 37,7ko atzerapena izan baitu. Gipuzkoan, –% 35,5 erori da, eta Araban, berriz, –%34,5. Bizkaian, gainbehera handiago horrek zerikusia du «produktu mineral eta energetikoekin». Saldo komertziala Erorialdia historikoa den arren, saldo komertziala positiboa da oraindik ere, 491 milioi euro inguru. Kopuru horrek superabit komertzialean %8,5eko beherakada erakusten du, aurreko urteko maiatzekoaren aldean (536,7 milioi). Saldo komertzial ez-energetikoa ere positiboa izan da, eta 518,7 milioi eurora iritsi da; baina, aurreko urtekoarekin alderatzen bada (890,8 milioi), %41,8ko beherakada izan du. Inportazioen gaineko esportazioen estaldura tasa 17,7 puntu handitu da, eta lehen %128 zena orain %146 bihurtu da. Tasa bera izan dute produktu ez-energetikoek: %164tik %154ra igaro dira. Hil honetan, hamar herrialdetan metatu da esportazioen %68,5: AEB, Alemania, Belgika, Erresuma Batua, Frantzia, Herbehereak, Italia, Portugal, Polonia eta Txina. Salmenta horietatik gehienak EB-27ren barruan daude (1.003,1 milioi euro).
2020-7-17
https://www.berria.eus/albisteak/184469/beste-126-positibo-atzo.htm
Gizartea
Beste 126 positibo atzo
Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak jakinarazi du beste lau foku identifikatu dituztela Nafarroan, horietako hiru Iruñean. 36 dira jadanik hiriburuko festa batekin zerikusia duen berragerraldiko positiboak. Tabernak lehenago ixtea aztertzen ari dira.
Beste 126 positibo atzo. Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak jakinarazi du beste lau foku identifikatu dituztela Nafarroan, horietako hiru Iruñean. 36 dira jadanik hiriburuko festa batekin zerikusia duen berragerraldiko positiboak. Tabernak lehenago ixtea aztertzen ari dira.
Gora eta gora egiten ari da koronabirusaz kutsatutakoen kopurua azken orduetan. Denera beste 126 positibo atzeman dituzte Hegoaldean azken orduetan: 58 Nafarroan, 35 Gipuzkoan, 26 Bizkaian, 4 Araban. Hegoaldetik kanpo bizi diren bertze hiru pertsonak ere positibo eman dute azken orduetan. Nafarroan atzeman dira positibo gehien, eta Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak jakinarazi du beste lau foku detektatu dituztela: hiru Iruñean, eta bat erdialdean. Azken orduetan ez da inor zendu koronabirusaren ondorioz. Nafarroan, pertsona bat ospitaleratu dute. Nafarroan beste lau foku atzeman dituzte, handiena Iruñean. 36 dira bertan kutsatutakoak. Festa batekin du lotura, eta azken orduetan beste 22 positibo baieztatu dituzte: guztira, 36. Hain justu, gazteen artean ari da hedatzen koronabirusa. Hala jakinarazi du Osasun kontseilariak gaur goizean egindako agerraldian: «Datuetan ikusi dugu azken agerraldietan batez besteko adina anitz jaitsi dela. Aste honetako kasuen bi herenak hogei urtetik beherako gazteenak dira; eta horietatik %62 dira gizonezkoak». Azaldu du, halaber, atzemandako kasuen %78 Iruñerrikoak direla eta 3.371 PCR proba egin dituztela; horietan erdiak, atzo. Neurri zorrotzagoak Gazteen artean eta aisialdi eremuetan izan dira berragerraldiak, eta, horregatik, Nafarroako Gobernuak erabaki du zenbait neurri hartzea. Gaur jarri da indarrean maskararen nahitaezko erabilera, baina, horretaz gain, neurriak zorroztu dituzte. Esaterako, gazteen lokalak itxiko dituzte, eta aztertzen ari dira tabernen ordutegia murriztu ala ez. Proba masiboak herrietan Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak atzo jakinarazi zuen ostalaritzan neurri murriztaileak hartuko dituztela Eibarren (Gipuzkoa), Tolosan (Gipuzkoa) eta Zarautzen (Gipuzkoa), koronabirusaren agerraldien ondorioz. Tolosa eta Zarautz, Getariarekin (Gipuzkoa) batera, jomugan izan dira egun hauetan, eta hiru herrietako alkateek «lasaitasunez» jokatzeko eskatu diete herritarrei. Test masiboak egiten ari dira herri guztietan. Zarautzen, dozenaka laguni egin diete proba gaur goizean. Eibarko ospitalearen kanpoaldean karpa bat jarri dute. Osakidetzak Twitter bidez gezurtatu egin du herrian PCR probak egiten ari direla. Herrian hemezortzi positibo detektatu dituzte hilaren 12az geroztik, eta azken 24 orduetan hamar. Tolosan, berriz, N-1 errepidean dagoen gasolindegi bateko taberna eta jatetxea —ez gasolindegia— ixteko agindua eman dute udaltzainek, sukaldarietako batek positibo eman ostean. Han izan diren bezeroak lokalizatu nahian ari dira, PCR probak egiteko.
2020-7-17
https://www.berria.eus/albisteak/184470/bizkaiko-azken-ordezkaria-irabazi-du-ppcs-ek-eh-bilduren-kaltetan.htm
Politika
Bizkaiko azken ordezkaria irabazi du PP+C's-ek, EH Bilduren kaltetan
Igandeko kontaketan 103 boto gutxiago eman zizkioten PP-C's-ri. EAJk 31 legebiltzarkide izango ditu; EH Bilduk, 21; PSE-EEk, hamar; Elkarrekin Podemos-IUk eta PP+C's-ek, seina; eta Voxek, bat.
Bizkaiko azken ordezkaria irabazi du PP+C's-ek, EH Bilduren kaltetan. Igandeko kontaketan 103 boto gutxiago eman zizkioten PP-C's-ri. EAJk 31 legebiltzarkide izango ditu; EH Bilduk, 21; PSE-EEk, hamar; Elkarrekin Podemos-IUk eta PP+C's-ek, seina; eta Voxek, bat.
Gaur zenbatu dituzte Espainiako Estatutik kanpoko EAEko herritarren botoak, eta igandeko bozetan helegitea aurkeztutako mahaietako botoak ere bai. Igandeko hauteskundeetako emaitzen arabera, estua izan zen Bizkaiko 25. ordezkaria eskuratzeko lehia; EH Bildurentzat izan zen. Gaur, ordea, PP+C's koalizioak eskuratu du. Luis Gordillok (PP-C'-s) hartuko du aulki hori, Diana Urrearen (EH Bildu) kaltetan. Gaur batzartu dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hauteskunde batzordeak, Espainiako Estatutik kanpo ailegatutako botoen botoak zenbatzeko. Estatutik kanpoko botoen zenbaketan, Bizkaian 309 izan dira EAJrentzat, 180 EH Bildurentzat, 158 PSE-EErentzat, 113 Elkarrekin Podemos-IUrentzat, 127 PP+C's-entzat, 40 Equorentzat eta 30 Voxentzat. Igandeko hiru hauteskunde mahaitan aldaketak izan dira: gaur baieztatu da PP-C's-i mahai batean 100 boto gutxiago eman zizkiotela eta beste batean hiru gutxiago, eta EH Bilduri beste batean hamar gehiago. Hala, EH Bilduk aulki bat galdu du Bizkaian, eta PP-Cs-wk bat irabazi. Hori horrela, Eusko Legebiltzarrean 31 eserleku izango ditu EAJk (duela lau urte baino hiru gehiago), EH Bilduk 21 (+3), PSE-EEk 10 (+1), Elkarrekin Podemosek 6 (-5), PP-C's-k 6 (-3) eta Voxek 1 (+1). 38 emakumek eta 37 gizonek osatuko dute legebiltzarra. EAJ-PSE gobernu koalizioak jarraituko duela badirudi ere, ezkerreko hiru indarrek 37 eserleku izango dituzte; gehiengo absoluturako baten faltan geratuko dira. Gaur, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak esan du jeltzaleen eta sozialisten arteko gobernu bat ez dela aukera bakarra. Datorren astelehenean bilduko dira bi alderdiak.
2020-7-17
https://www.berria.eus/albisteak/184471/mendiarentzat-koalizio-gobernua-ez-da-aukera-bakarra.htm
Politika
Mendiarentzat, koalizio gobernua ez da aukera bakarra
Astelehenean EAJrekin bildu aurretik, PSE-EEren idazkari nagusiak adierazi du «inportanteena gobernu sendo bat» eratzea dela.
Mendiarentzat, koalizio gobernua ez da aukera bakarra. Astelehenean EAJrekin bildu aurretik, PSE-EEren idazkari nagusiak adierazi du «inportanteena gobernu sendo bat» eratzea dela.
Joan den igandean Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egin zirenetik, EAJren eta PSE-EEren buruzagiek ez dute ezkutatu berriro ere aurreko legegintzaldian bi alderdiek egindako koalizio gobernua eratzea dela mahai gainean pisu handien duen alternatiba. Baina Idoia Mendiak gaur Radio Euskadin adierazi duenez, koalizioa ez da elkarlanean aritzeko formula bakarra. Beste aukera bat da, PSE-EEko idazkari nagusiaren esanetan, «egonkortasun parlamentarioa» edukitzeko akordio bat sinatzea. EAJko eta PSE-EEko buruzagiak astelehenean dira biltzekoak eta gobernagarritasunaz hitz egitekoak. Mendiaren arabera, PSE-EEk ez du «aurreiritzirik» ez aukera batekin, ez bestearekin.«Sozialistok bi formulak adostu izan ditugu lehenago ere, eta biek funtzionatu dute ondo. Aurrena, ikuspegi bat eta lehentasun batzuk partekatu behar dituzte bi aldeek, eta formula gero etorriko da». Iruditzen zaio gaur egungo testuinguruan «gobernu sendo bat» osatzea dela «inportanteena». Asteleheneko bilerara «borondate irekiarekin» joango dira PSE-EEkoak. Josu Erkoreka (EAJ) Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak lehengo asteartean adierazi zuenez, bi alderdietako sailburuek adostua dute berriro ere koalizio gobernua eratzea. Mendiak, baina, gogorarazi dio Erkorekari ezin duela «alderdien izenean» hitz egin, eta erabaki horiek hartzea «soilik» alderdiei dagokiela. «Gobernu kontseiluko sailburuek beren iritzia eduki dezakete, baina egoera honetan ez da kontuan hartzen». Legebiltzarrean egongo diren alderdi guztiei mintzatu zaie PSE-EEren idazkari nagusia, eta esan die egungo egoera ekonomikoa eta soziala aintzat hartuta denei dagokiela «ahalegin bateratu bat» egitea, «gutxieneko adostasun batzuk» lortze aldera. Mendiaren hitzetan, adostasun horiek hiru zutarri eduki beharko lituzkete: herritarren osasuna bermatzea, zerbitzu publikoak «modernizatzea» eta enplegu gabeziari aurre egiteko «ekonomia berraktibatzea». Ezkerreko hirukoari ezetz Kanpainan zera esan zuen: atea ixten dio PSE-EEk, EH Bilduk eta EP Elkarrekin Podemosek «ezkerreko» hiruko gobernu bat osatzeari. EPkoak mezu hori plazaratzen ari dira, baina koalizio independentistak ere oso zail ikusten du. Mendiak gaur EH Bilduri mintzatuz esan duenez, alderdi batzuek, oraindik, «etxeko lanak egiteke dituzte». PSE-EEren idazkari nagusiarentzat, gobernu batek «gutxieneko oinarri etiko batzuk» eduki behar ditu. «Honek honela jarraitzen duen bitartean, zaila da ezkerreko koalizio bat osatzea». Dena den, Espainiako Estatutik kanpoko euskal herritarren botoak zenbatu ditu gaur hauteskunde batzordeak, eta Bizkaiko azken ordezkaria PP+Ciudadanos koalizioak irabazi du. Beraz, azkenean sei legebiltzarkide edukiko ditu. Horrek esan nahi du EH Bilduk eserleku bat galdu duela, eta hirukoak, elkarrekin gobernatzea adostuz gero, ez lukeela gehiengo osoa edukiko ganberan. 38 jarleku behar dira horretarako, eta 37 dituzte: 21 EH Bilduk, hamar PSE-EEk, eta sei EPk. Eta Gernikako Estatutuaren erreforma ere izan du hizpide Mendiak elkarrizketan. Esan du «egiteko» geratu zela aurreko legegintzaldian, eta, gobernuan egonez gero, PSE-EEren «konpromisoa» izango dela herritarrak «liskartuko» dituen edo «legez kanpokoa» izango den erabakirik ez hartzea.
2020-7-17
https://www.berria.eus/albisteak/184472/ardura-eta-lasaitasuna-eskatu-dute-tolosako-zarauzko-eta-getariako-alkateek.htm
Gizartea
Ardura eta lasaitasuna eskatu dute Tolosako, Zarauzko eta Getariako alkateek
Azken egunetan koronabirusaren agerraldiak izan dira herri horietan, baina udalerri «seguruak» direla azpimarratu dute alkateek. Jendea ez pilatzeko neurriak hartzeko eskatu dute.
Ardura eta lasaitasuna eskatu dute Tolosako, Zarauzko eta Getariako alkateek. Azken egunetan koronabirusaren agerraldiak izan dira herri horietan, baina udalerri «seguruak» direla azpimarratu dute alkateek. Jendea ez pilatzeko neurriak hartzeko eskatu dute.
Jomugan izan dira Zarautz, Getaria eta Tolosa (Gipuzkoa) azken egunotan, koronabirusaren agerraldiak herri horietan erasan baitu gehien. Edonola ere, Onda Vasca irratian egindako elkarrizketa batean, Xabier Txurruka Zarauzko alkateak, Olatz Peon Tolosakoak eta Getariako Haritz Alberdik eskatu dute «lasaitasunez» jokatzeko. Izan ere, Osakidetza PCR proba masiboak egiten ari da hiru herri horietan. Txurrukak jakinarazi du Talaia Mendi kanpinean ez dela egon kutsatze fokurik, baina jakinarazi du oraindik ikusteko dagoela ea herriko hainbat positiboren atzean kutsatze komunitariorik egon ote den. Besteak beste, kurtso amaierarekin lotutako ospakizunekin zerikusia ote duen aztertzen ari dira orain. Horrez gainera, Txurrukak nabarmendu du litekeena dela positiboetako batzuk gazteak izatea, eta beste herriren batean kutsatu ahal izan direla. Horregatik, jende pilaketak egon diren tokietan izandakoei PCR probak egiteko eskatu die. Bestalde, Tolosan 300 test egin zituzten atzo, eta bakarrak eman du positibo azken orduetan. Edonola ere, Ordiziako (Gipuzkoa) fokuaren ondorioz kutsatutakoak 20 dira dagoeneko. Horregatik, Peonek ohartarazi du «oso garrantzitsua» dela testak egiten segitzea «ziurtatzeko gaixotasuna ez dela hedatzen ari ». Getarian, berriz, 1.200 proba egin dira dagoeneko, eta bakarrak eman zuen atzo positibo: «Getaria herri segurua da, eta segurtasun neurriak hartu ditu», azpimarratu du alkateak. Urduritasuna, nabarmen Halere, hiru alkateek aitortu dute «urduritasuna» agerikoa dela herrian. «Maskararen derrigorrezko erabilera indarrean jarri arte apenas jartzen zuen inork», azaldu du Txurrukak, baina neurri berriak ere iragarri dituzte: tabernetako edukiera %50 izango da: «Ostalariek ongi hartu dute. Kritikoak dira egoerarekin, baina hobe hori, guztiok ordaina izan baino». Herritarrei eta ingurukoei Zarautzez «gozatzeko» deia ere egin die, «beharrezko neurriak hartuta». Peonek eta Alberdik ere eskatu dute lasaitasuna, baina «ardura konpartitu eta beharrezko batekin».
2020-7-17
https://www.berria.eus/albisteak/184473/carlos-canovas-argazkilariak-jasoko-du-vianako-printzea-saria.htm
Kultura
Carlos Canovas argazkilariak jasoko du Vianako Printzea saria
Berri Txarrak musika taldea eta Jaime Ignacio Del Burgo legelari eta politikaria ziren gainerako bi hautagaiak.
Carlos Canovas argazkilariak jasoko du Vianako Printzea saria. Berri Txarrak musika taldea eta Jaime Ignacio Del Burgo legelari eta politikaria ziren gainerako bi hautagaiak.
Carlos Canovas (Hellin, Espainia, 1951) argazkilariak jasoko du 2020. urteko Kulturaren Vianako Printzea saria. Iruñeko Ateneoak aurkeztu zuen Canovasen hautagaitza, argudiatuta haren ibilbideak «profesional onartu eta miretsia» bihurtu duela, eta Nafarroako eta Espainiako museo eta arte zentroetan erakutsi dituela bere lanak. Hain zuzen ere, Rebeca Esnaola Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol kontseilariak hori bera nabarmendu du gaur eguerdian egindako agerraldian. Canovas Hellinen, Albaceten jaio zen, baina haurra zela lekualdatu zen Iruñera. 1970ean egin zuen bere lehenengo dokumental zinematografikoa, baina 1972tik aurrera argazkilaritzari eman zion lehentasuna. Nafarroako Gobernuak foru dekretu baten bidez berretsiko du orain erabakia, baina saria noiz emango dioten ez dute zehaztu oraindik. Hainbat eragilek Berri Txarrak-en hautagaitza sustatzeko kanpaina egin dute azken egunetan, baina Lekunberriko taldea saririk gabe geratu da. Aurten, lehen aldiz, Talentu Artistikoaren Sustapenerako saria ere banatuko du Nafarroako Gobernuak. Lehen aldi honetan, saria Ivan Carmona musikarientzat izango da. Biolontxelo eta kontrabaxu jotzailea da, eta Suakai enpresaren sortzailea.
2020-7-17
https://www.berria.eus/albisteak/184474/koronabirusaren-biktimak-omentzeko-lorategi-bat-sortuko-dute-nafarroako-ospitale-gunean.htm
Gizartea
Koronabirusaren biktimak omentzeko lorategi bat sortuko dute Nafarroako Ospitale Gunean
Irailean ekitaldi instituzional bat egingo dute koronabirusak eragindako biktimak omentzeko. Lorategiaz harago, webgune batean bildu asmo dituzte birusaren inguruko testigantzak. Nafarroako bertze herri batzuetan ere birusaren biktimak omentzeko proiektuak sustatuko ditu gobernuak.
Koronabirusaren biktimak omentzeko lorategi bat sortuko dute Nafarroako Ospitale Gunean. Irailean ekitaldi instituzional bat egingo dute koronabirusak eragindako biktimak omentzeko. Lorategiaz harago, webgune batean bildu asmo dituzte birusaren inguruko testigantzak. Nafarroako bertze herri batzuetan ere birusaren biktimak omentzeko proiektuak sustatuko ditu gobernuak.
Koronabirusaren ondorioak pairatu dituztenak oroitzeko lorategi bat sortuko du Nafarroako Gobernuak. Lorategiaren bidez, birusaren ondorioak pairatu dituztenak oroituko dituzte, bai senitarteko bat galdu dutenak eta bai koronabirusak bere bizitzetan eragina izan duen herritarrak ere. Hiru dimentsio nagusi izango ditu lorategiak: galdutakoa, ikasitakoa eta eskertutakoa. Nafarroako Ospitale Gunean ezarriko dute. Hildakoen senitartekoei dolua egiten laguntzea du asmo lorategiak, baina, asmo horrez gaindi, krisiak dirauen bitartean gizarteari zutik eusten dioten sektoreei eskerrak eman, eta krisiaren ondorioz ikasitakoa ere azaleratu nahi du lorategiak. Nafarroako Gobernuarena da proiektua, baina herritar talde bat izan da sustatzailea. Herritarren parte hartzea bultzatu asmo duen proiektua da, eta, hala, behin irekita, lorategira bertaratzen direnek beren alea paratzen ahalko dute, beren testigantzak idatziz edota loreak landatuz. Biktimak oroitzeko ekitaldi instituzionala egingo du irailean Nafarroako Gobernuak, eta orduan aurkeztu asmo du lorategia. Ekitaldian parte hartuko dute bai herritarrek eta bai Maria Txibite Nafarroako lehendakariak, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak eta Juan Carlos Castillo Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko presidenteak ere. «Proiektua espazio fisikotik eta ekitaldi instituzionaletik harago doa. Horregatik lan egingo dugu ahalik eta gehiena zabaltzeko, krisiak lagundu dezan gizarte justuago, demokratikoagoa egiten», nabarmendu du Mikel Baztan proiektuaren sustatzaileak. Izan ere, lorategiaz gaindi, webgune batean bildu asmo dituzte koronabirusaren inguruko testigantzak eta datua,k eta herrietara ere zabaldu nahi dute proiektua. Hala, irailetik aitzinera proiektuaren asmoekin bat egiten duten herriek ere beren lorategi propioa egitera bultzatuko dituzte. Horrez gain, Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak nabarmendu du memoria lantzeko bertzelako ekintzak egitea ere aurreikusi dutela. Lorategia ospitalean jartzearen sinbolismoa nabarmendu du Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak:«Lorategiak erranahi sakona du. Ospitalean koronabirusak eragindako min handia ikusten da. Gizartean zauri sakonak eragin ditu birusak, eta, oraindik ere, hori ixtea dagokigu. Gizarteak izandako doluak ixtea dagokigu; zauriak itxi nahi ditugu oroimenaren bidez».
2020-7-17
https://www.berria.eus/albisteak/184475/abstenitutako-bostetik-batek-covid-19aren-eraginez-ez-zuen-eman-botoa.htm
Politika
Abstenitutako bostetik batek COVID-19aren eraginez ez zuen eman botoa
Jaurlaritzak eginiko inkesta batean galdekatutakoen %83k esan dute hauteskunde kanpaina hasi aurretik erabakia zutela botoa nori eman.
Abstenitutako bostetik batek COVID-19aren eraginez ez zuen eman botoa. Jaurlaritzak eginiko inkesta batean galdekatutakoen %83k esan dute hauteskunde kanpaina hasi aurretik erabakia zutela botoa nori eman.
Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak hauteskundeen osteko inkesta bat argitaratu du gaur. Horren arabera, hauteskundeekiko interes «handia» edo «nahikoa» izan dutenak %53 dira: Espainiako Gorteetarako azaroko hauteskundeetan baino zortzi puntu gutxiago eta erakunde horietarako apirileko bozetan ere baino 26 puntu gutxiago —inkestak ez du galdetu udal eta foru hauteskundeez—. Gainera, galdekatutakoen %83k esan dute hauteskunde kanpaina hasi aurretik erabakia zutela botoa nori eman. Botoa eman ez zutenei dagokienez, bostetik batek atzera egingo lukete, eta orain botoa ematera joango lirateke. Horrez gain, parte hartu ez zutenen artean %23k erantzun dute politikariekin desengainua dutela, eta %20k koronabirusarengatik geratu zirela etxean. Emaitzekin pozik daude, oro har: %19k uste dute emaitza «oso positiboa» izan dela, eta %53k «gehienbat positiboa» dela. Izan ere, inkestari erantzun diotenen %96 konforme daude emandako botoarekin. Elkarrizketak astelehenean eta asteartean egin zituzten, 886 guztira: 193 Araban, 400 Bizkaian eta 293 Gipuzkoan.
2020-7-17
https://www.berria.eus/albisteak/184476/azkuna-zentroko-mediateka-berrantolatua-aurkeztu-dute.htm
Kultura
Azkuna zentroko mediateka berrantolatua aurkeztu dute
Mailegu zerbitzu tradizionalaz gain, bestelako zerbitzuak ere emateko egokitu dituzte eraikinaren hiru solairuak, eta areto berri batzuk sortu dituzte horretarako. «Liburutegi garaikidea» sortzea dute helburu, eta astelehenean hasiko da martxan
Azkuna zentroko mediateka berrantolatua aurkeztu dute. Mailegu zerbitzu tradizionalaz gain, bestelako zerbitzuak ere emateko egokitu dituzte eraikinaren hiru solairuak, eta areto berri batzuk sortu dituzte horretarako. «Liburutegi garaikidea» sortzea dute helburu, eta astelehenean hasiko da martxan
Zerbitzu tradizionalak eskaintzen zituen liburutegi bat zen orain arte, eta liburutegi garaikide bat izango da aurrerantzean Bilboko Azkuna zentroko mediateka. Esaldi horrekin laburbildu dute eraikinaren transformazio prozesua zentroko eta mediatekako arduradunek. Hamar urte beteko ditu aurten espazioak martxan, eta milioi erdi pertsona baino gehiago jasotzen ditu urtean. Hain zuzen ere, erabiltzaile horien joerak eta ohiturak aztertzen eman dituzte azken bi urteak, eta, neurri handi batean, behaketa horri erantzuteko egin dituzte moldaketak. Nortasun propio bat eman diote eraikinak dituen hiru solairuetako bakoitzari, gaika berrantolatu dituzte materialak, eta hainbat gune berri ere sortu dituzte: ikus-entzunezkoentzako proiekzio gela txiki bat, eta erakusketa gune bat, kasurako. Solairuz solairu, zaratatik isiltasunera Solairuz solairu egin du eraikinaren deskribapena Alasne Martin mediatekako zuzendariak, eta zarata maila bat zehaztu dio haietako bakoitzari. Zaratatik hasi, eta pixkanaka isiltasunerantz joango da eraikina, haren hitzetan. Zehaztu duenez, bisitari guztiei harrera egingo dien lehen solairua izango da zaratatsuena. Han egongo da erabiltzaileak gidatuko dituen informazio gunea, eta baita ume eta gazteentzako literaturari eskainitako espazioa ere. Bigarren solairua, «xuxurlen solairua» izango dela zehaztu du arduradunak, eta bertan kokatuko dira mahai jokoentzako eta bideo jokoentzako gunea, ikus-entzunezkoentzako aretoa, zein komikiei eskainitako espazioa, besteak beste. Hirugarren solairua izango da isiltasunarena. Bertan, literaturari eskainitako apalak egongo dira, eta baita ikasteko mahaien multzorik handiena ere. Martinek zehaztu duenez, lehen ematen ziren zerbitzuak ez dira desagertuko, moldatu baizik. «Ohiko zerbitzu tradiziozkoak mantendu egingo dira, eta hirugarren solairua egongo da horretarako, baina lehenengo solairuan eta bigarren solairuan bestelako liburutegi bat izango da». Liburuen maileguez gainera, hitzaldiak, bilkurak, film proiekzioak eta zuzeneko emanaldiak antolatzeko aukera ere egongo dela iragarri du mediatekako arduradunak, eta ekintza programa hori Azkuna zentroak bultzatutako egitasmoekin eta bateko zein besteko elkarteekin osatzeko asmoa dute. Mediatekaren misioa «Gizartea kulturarekin konektatzea» da Azkuna zentroaren misioa, Fernando Perez zentroko zuzendariaren hitzetan, eta, azaldu duenez, Mediateka da horretarako daukan «zutabe nagusietako bat». Horregatik, haren ustez, mediatekatik harago helduko da eraldaketaren eragina ere. «Proiektu honek esan nahi du espazio bat eraldatzea, eta, Azkuna zentrorako ez ezik, Bilborako ere erreferentziazkoa den zentro bat XXI. mendeko liburutegi bihurtzea». Erabiltzaileen joerak aztertzeaz gainera, proiektuari buruzko iritzi truke bat ere abiatu dute arduradunek mediatekako langile guztiekin, eta kulturgintzaren inguruko eta liburutegien sektoreko 40 profesional inguru bildu dituen iritzi trukerako prozesu bat ere izan dute martxan bi urtez. Prozesu horren guztiaren emaitza da eraikinaren eraldaketa, eta egindako lanarekin «oso pozik» geratu direla jakinarazi dute arduradunek. Proiektua azaltzeko bideo bat ere zabaldu dute aurkezpenean. Gazteleraz soilik mintzo dira Perez eta Martin, eta euskaraz datoz azpitituluak. Arduradunek onartu dute, bideoak ez duela hizkuntza aniztasuna behar lukeen bezala errespetatzen, eta kontuan izango dutela esan dute. Irekiera partziala Astelehenean irekiko ditu ateak gune berrituak, baina ez erabat oraindik. Izan ere, koronabirusaren ondorioz, urratsez urrats doa Azkuna zentroa lehengo martxa berreskuratzen, eta berdin gertatzen da mediatekaren kasuan ere. Hemendik gutxira ikusi nahi lukete arduradunek osorik zabalik, baina ez dute datarik zehaztu. Bisita gidatuak antolatuko dituzte, halere, proiektuaren nondik norakoak ezagutu nahi dituztenentzat.
2020-7-17
https://www.berria.eus/albisteak/184477/mendillorri-bhiko-ikasleek-euskalgeo-jokoa-argitaratu-dute.htm
Bizigiro
Mendillorri BHIko ikasleek EuskalGeo jokoa argitaratu dute
Jokoa Euskal Herriko udalerrien kokapenari buruzkoa da, eta jokatzeko hiru modu ditu.
Mendillorri BHIko ikasleek EuskalGeo jokoa argitaratu dute. Jokoa Euskal Herriko udalerrien kokapenari buruzkoa da, eta jokatzeko hiru modu ditu.
Mendillorri Apps-ek —Mendillorri BHIko ikasleek sortutako Android aplikazioak— EuskalGeo jokoa argitaratu berri du. Iruñeko Mendillorri BHIko ikasleek garatu dute, eta haiek aurretik sortutako Navargeo jokoan oinarritu dira. Izan ere, Navargeo Nafarroako geografia jokoa da, eta hango mugak hedatuta sortu dute EuskalGeo. Aplikazio berri honen helburua da Euskal Herriko udalerriak leku egokian kokatzea, eta jokatzeko hiru modu ditu: abiadura, ezagutza eta kokapen moduak. Abiadura moduak minutu batean ahalik eta puntu gehiena lortzea du helburu, eta, horretarako, jokoan agertzen diren herriak ahalik eta zehaztasunik handienarekin kokatu behar dira. Ezagutza moduan, 30 kilometroren tartearekin asmatu behar da herriak non dauden kokatuta, eta, denbora mugaturik ez dagoen arren, gehienez hiru huts egin daitezke. Kokapen moduan, ordea, zortzi segundoan asmatu behar da mapan agertzen den puntua zein den. EuskalGeo jokoa, kokapen moduan. Mendillorri BHIko ikasleek orain arte gai desberdinetako beste 25 aplikazio sortu dituzte. Horien artean daude, esate baterako, eguneroko planifikazioa egiteko aplikazioa, biologia eta geologia ikasteko jokoa, bai eta zeliakoentzat den aplikazioa ere.
2020-7-17
https://www.berria.eus/albisteak/184478/sei-hautagai-lehiatuko-dira-eaeko-auzitegi-nagusiko-presidente-izateko.htm
Gizartea
Sei hautagai lehiatuko dira EAEko Auzitegi Nagusiko presidente izateko
Biurrun behin-behineko buruaz gain, Maria Mercedes Guerrero, Edorta Josu Etxarandio, Antonio Garcia, Ignacio Subijana eta Luis Angel Garrido dira hautagaiak.
Sei hautagai lehiatuko dira EAEko Auzitegi Nagusiko presidente izateko. Biurrun behin-behineko buruaz gain, Maria Mercedes Guerrero, Edorta Josu Etxarandio, Antonio Garcia, Ignacio Subijana eta Luis Angel Garrido dira hautagaiak.
Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak jakinarazi duenez, sei dira Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidente izateko hautagaiak. Juan Luis Ibarrak erretiroa hartu zuen joan den ekainaren 21ean, eta, behin-behinean, Garbiñe Biurrun ari da hura ordezkatzen. Biurrun bera da posturako hautagaietako bat, eta beste bostak Maria Mercedes Guerrero, Edorta Josu Etxarandio, Antonio Garcia, Ignacio Subijana eta Luis Angel Garrido dira. Ibarra ordezkatzeko prozedura atzeratu egin zen alarma egoerak eragindako geldialdiarengatik, eta horrek ekarri zuen epe administratiboak bertan behera geratzea. Hautagaiek curriculumak aurkeztu beharko dituzte. Gainera, proiektu bat osatu beharko dute, eta hori Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren aurrean defendatu beharko dute. Erakunde horrek izango du azken hitza,. Hautagaiei dagokienez, EAEko Auzitegi Nagusiko presidentetza behin-behinean hartu aurretik, azkeneko 11 urteotan auzitegi bereko gizarte arloko presidentea izan da Biurrun. Guerrero Arabako Probintzia Auzitegiko presidentea da; Etxarandio magistratua da Nafarroako Probintzia Auzitegian; Garcia epailea da EAEko Auzitegi Nagusiko arlo zibileko eta zigor arloko aretoan; Subijana presidentea da Gipuzkoako Probintzia Auzitegian; eta Garrido EAEko administrazioarekiko auzien aretoko presidentea da.
2020-7-17
https://www.berria.eus/albisteak/184479/willem-dafoe-aktorea-donostiako-68-zinemaldiaren-karteleko-irudian.htm
Kultura
Willem Dafoe aktorea, Donostiako 68. Zinemaldiaren karteleko irudian
Kartel ofizialak aurkeztu ditu jaialdiak, eta aktore estatubatuarra da aurtengo ikur nagusia. Donostiako Patio estudioak diseinatu ditu kartel guztiak, lorategiaren ideia oinarritzat hartuta.
Willem Dafoe aktorea, Donostiako 68. Zinemaldiaren karteleko irudian. Kartel ofizialak aurkeztu ditu jaialdiak, eta aktore estatubatuarra da aurtengo ikur nagusia. Donostiako Patio estudioak diseinatu ditu kartel guztiak, lorategiaren ideia oinarritzat hartuta.
Willem Dafoe (Appleton, Wisconsin, AEB, 1955) aktore estatubatuarra ageri da Donostiako 68. Zinemaldiko karteleko irudian. 2018an, kartelen diseinuan kontzeptu aldaketa bat jarri zuen martxan jaialdiak, eta aktore ezagunak izan dira ordutik festibalaren aldi bakoitzeko irudi nagusia. Isabelle Huppert aktorea izan zen 66. ediziokoa, eta Penelope Cruz iazkoa. Aurten, berriz, Dafoe aukeratu du jaialdiak, eta Donostiako Patio estudioak egin du kartela, Martin Schoeller argazkilariaren irudi bat oinarritzat hartuta. «Ohorea da Zinemaldiarentzat munduko aktorerik onenetako batek, zeinarekin urte askoan begikotasunezko harremana izan dugun, Donostiako 68. Zinemaldiaren irudia izatea onartu izana», adierazi du Jose Luis Rebordinos jaialdiko zuzendariak, kartelak aurkezteko Donostiako Tabakaleran egindako agerraldian. Ruth Perez de Anucita jaialdiko zuzendaritza batzordeko kidearekin batera egin du aurkezpena Rebordinosek, instituzio publikoetako eta jaialdiaren babesle diren erakundeetako ordezkariak bertan zirela. Ibilbide luzea du Dafoek zinemagintzan, eta hainbatetan jaso du aitortza bere aktore lanarengatik. Lau aldiz izendatu dute Oscar saria irabazteko, eta hirutan Urrezko Globoa lortzeko. Besteak beste, honako zinemagile hauekin lan egin du: Michael Cimino, Martin Scorsese, Oliver Stone, John Waters, Paul Schrader, David Lynch, Alan Parker, Abel Ferrara, Lars Von Trier, Wes Anderson, Sam Raimi, Sean Baker eta Robert Eggers. Donostiako Zinemaldiarekin, halaber, aspalditik du harremana. 1988an izan zen lehen aldiz jaialdian, The Last Temptation of Christ (Kristoren azken tentazioa, Martin Scorsese) aurkezteko. 1997an, berriro egon zen festibalean, Victory (Mark Peploe) filmarekin, Sail Ofizialean lehiatu zena. Eta 2005ean, Zinemaldiko ohorezko saririk garrantzitsuena jasotzera itzuli zen Donostiara. Izan ere, bere ibilbidearen aitortza gisa, Donostia saria eman zion jaialdiak. Saria emateko ekitaldian Before it Had a Name (Giada Colagrande) filma proiektatu zen. Orain arteko azken bisita 2014an izan zen, Abel Ferrara zuzendariaren Pasolini filmarekin (Perlak). Jaialdiko arduradunek oraindik ez dakite aurten aktorea Donostian egon ahal izango den, film bat grabatzen arituko baita jaialdiaren egunetan —irailaren 18tik 26ra bitarte egingo dute aurten—, eta, gainera, pandemiak eragindako egoeran, festibalera zein gonbidatu iritsi ahal izango diren ez baita ziurra gaur-gaurkoz. Orain artean Zinemaldiak jakinarazi dituen aurtengo filmen artean dago Woddy Allenen Rifkin’s Festival, Donostian filmatutakoa; Sail Ofizialari hasiera emango dio, lehiaz kanpo. Donostia saria Viggo Mortensen aktore eta zuzendari estatubatuarrari emango diotela ere iragarri dute —ekitaldi horretan Falling filma proiektutako dute, Mortensenek zuzendari gisa ondutako lehena—. Halaber, Urrezko Maskorra irabazteko lehian arituko diren sei filmeren berri ere eman zuen jaialdiak orain aste batzuk: In the Dusk (Sharunas Bartas), Asa Ga Kuru / True Mothers (Naomi Kawase), Dasatskisi / Beginning (Dea Kulumbegashvili), Été 85 / Summer of 85 (François Ozon), Nakuko wa ineega / Any Crybabies Around? (Takuma Sato) eta Druk / Another Round (Thomas Vinterberg). Datozen asteetan, pixkanaka joango da jaialdia egitaraua osatuko duten gainerako filmen berri emanez. Lan horien zuzendariak nahiz lantaldeko kideak Donostian egon ahal izango diren, baina, ezin da jakin oraingoz. Lorategi bat Aurtengo zinemaldiko kartelak diseinatzeko, gaztelaniazko esaldi batekin (huele a cine) hitz jokoa egin du Patio estudioak, eta lorategiaren ideia baliatu du guztiei «nortasun partekatu bat» emateko. Motibo organikoak eta begetalak nahiz kolorea dira nagusi irudietan, eta hala definitu dute estudioko kideek irudi sorta: «Lorategi handi bat bezalakoa [da], non era guztietako loreak, sentipenak eta usainak aurkitu ditzakezun; oso lorategi bizia, lore handiekin, film handiekin, baina baita handi bilaka daitezkeen film txikiekin ere». Ernst Lubitschi eskainitako atzera begirako saileko kartela ere diseinatu zuen estudio horrek 2006an, 54. edizioan.
2020-7-17
https://www.berria.eus/albisteak/184480/athleticek-5703-milioi-euroko-aberastasuna-sortu-du-2018-2019ko-denboraldian-hego-euskal-herrian.htm
Kirola
Athleticek 570,3 milioi euroko aberastasuna sortu du 2018-2019ko denboraldian Hego Euskal Herrian
Gaur aurkeztu dute Athleticen eragin sozioekonomikoa aztertzen duen txostena San Mamesen. Hegoaldeko aberastasunaren %0,58 sortu du 2018-2019ko denboraldian.
Athleticek 570,3 milioi euroko aberastasuna sortu du 2018-2019ko denboraldian Hego Euskal Herrian. Gaur aurkeztu dute Athleticen eragin sozioekonomikoa aztertzen duen txostena San Mamesen. Hegoaldeko aberastasunaren %0,58 sortu du 2018-2019ko denboraldian.
Athleticen 2018-2019ko denboraldia aztertu du PwC (PricewaterhouseCoopers) aholkularitza enpresak. Taldeak 570,3 milioi euroko jarduera ekonomikoa –barne produktu gordinaren %0,58– eragin zuen Hego Euskal Herrian. Bizkaiari dagokionez, 465,9 milioi euro izan da ekoizpena –Bizkaiko BPGaren %1,2–, eta horrek 2.821 lanpostu ekarri ditu probintzian, eta 3.711 Hegoaldean. Zuzendaritzaren iritziz, taldearen gaitasun ekonomikoa aztertzeko txostena «gardentasunaren»erakusle da. Aitor Elizegi presidenteak adierazi du txostena berritzea «garrantzitsua» dela: «Pandemia baino lehenago ere, taldearen argazki orokorra zein zen jakin behar genuen. Horregatik, garrantzitsua da argazkia gaurkotzea momentuko egoera sozioekonomikoarekin batera ulertzeko». Pricewaterhouse Coopers enpresak eta taldearen zuzendaritzak azaldu dute ez dela «norgehiagoka ibiltzeko lasterketa bat», baina Athletic Hegoaldeko ekonomiaren «eragile nagusietako bat» dela. «Ez dago BPGaren %1 horretara iristen diren enpresa asko», gehitu du ikerketa egin duen enpresako Jordi Estevek. Txostenaren arabera, zuzendaritzan daudenen %23,5 dira emakumeak. Taldeei dagokienez, emakumezkoen hiru talde berri sortu dituzte 2016tik 2020ra bitartean. Lehenengo urtean bi talde zituzten; aurtengo denboraldia, aldiz, bost talderekin hasi dute. Agur Europari Atzoko partidaren ondorioz, Athleticek ezin izango du Europan jokatu, eta Elizegik aitortu du aukera horrek «zirkunstantzia berezi batzuk» eskain zitzakeela. Partida zalerik gabe jokatu izanak eragina izan duela uste dute: «Agian gaur Europan egongo ginateke atzo estadioa zalez beteta egon izan balitz».
2020-7-17
https://www.berria.eus/albisteak/184481/iglesiasen-eskultura-asteartean-eramango-dute-santa-klara-uhartera.htm
Kultura
Iglesiasen eskultura asteartean eramango dute Santa Klara uhartera
Helikopteroz 45 joan-etorri inguru egingo dituzte pieza hori itsasargira eramateko. Horrez gain, helikoptero istripu batean hil zen pilotu donostiarra oroituko dute.
Iglesiasen eskultura asteartean eramango dute Santa Klara uhartera. Helikopteroz 45 joan-etorri inguru egingo dituzte pieza hori itsasargira eramateko. Horrez gain, helikoptero istripu batean hil zen pilotu donostiarra oroituko dute.
Cristina Iglesias artistaren (Donostia, 1956) brontzezko obra asteartean garraiatuko dute helikopteroz Donostiako Santa Klara uhartera. Pieza zatika eramango dute uhartera, eta, horretarako, 45 bidaia inguru egin beharko dituzte. Obra uharteko itsasargi barruan kokatuko da, eta itsas hondoa irudikatuko duen brontzezko ontzi handi bat izango du oinarri. Helikoptero batek Donostiako Pasealeku Berritik uhartera eramango ditu obraren zatiak. Lanak 06:30ean hasiko dira, eta, iragarritakoaren arabera, sei orduz zirkulazioa moztuko dute Jorge Oteizaren eskulturaren ondoko aparkalekutik Carlos Blasco Imaz plazaraino —Aquariumaren gainean dagoen plaza—. Eneko Goia Donostiako alkatea eta Cristina Iglesias eskultorea egongo dira piezak nola garraiatzen dituzten ikusten. Halaber, egun hori erabiliko dute uztailaren 6an La Vansa i Fornols herrian (Lleida, Katalunia) helikoptero istripu batean hildako pilotu donostiarra oroitzeko. Izan ere, pilotuak garraiatu behar zuen helikopteroz Santa Klara uhartera artista donostiarraren eskultura. Zati guztiak uhartera eramandakoan hasiko da lanaren azken fasea: obraren instalazioa itsasargiaren barruan.
2020-7-17
https://www.berria.eus/albisteak/184482/epaitegiak-amaitutzat-jo-ditu-araluce-enpresako-135-langileren-kontratuak.htm
Ekonomia
Epaitegiak amaitutzat jo ditu Araluce enpresako 135 langileren kontratuak
Bilboko epaitegi batek «arrazoi ekonomikoa» ikusi du Araluceren itxieraran. ELAk helegitea jarriko dio epaiari.
Epaitegiak amaitutzat jo ditu Araluce enpresako 135 langileren kontratuak. Bilboko epaitegi batek «arrazoi ekonomikoa» ikusi du Araluceren itxieraran. ELAk helegitea jarriko dio epaiari.
Igorreko (Bizkaia) Araluce enpresaren prozesuan «arrazoi ekonomikoa» ikusi du justiziak, urteetan metatutako galera ekonomikoak tarteko, eta amaitutzat jo ditu Batz kooperatibaren adar Araluceko 135 langileren kontratuak. ELAk epai horri helegitea jarriko dio; sindikatuak nabarmendu du epaiak argi utzi duela Aralucek eta Batzek enpresa talde bakarra osatzen dutela.
2020-7-19
https://www.berria.eus/albisteak/184483/lubakian-ez-dute-adina-galdetzen.htm
Ekonomia
Lubakian ez dute adina galdetzen
Ia mende erdiko aldea dago CCOOko sindikalista beteranoaren eta Eragin langile prekarioen asanbladako kide gaztearen artean; hala ere, antzeko zureko ezpalak dira biak. Langile borrokaren moldeak eta guneak aldatu egin direla diote; eskaerak eta helburuak, aldiz, ez hainbeste.
Lubakian ez dute adina galdetzen. Ia mende erdiko aldea dago CCOOko sindikalista beteranoaren eta Eragin langile prekarioen asanbladako kide gaztearen artean; hala ere, antzeko zureko ezpalak dira biak. Langile borrokaren moldeak eta guneak aldatu egin direla diote; eskaerak eta helburuak, aldiz, ez hainbeste.
Ez zuten elkar ezagutzen, baina bazuten bestearen lanaren berri. Maskara, gel eta ukondoen garaian ez da erraza agur beroa egitea; halere, berehala piztu da haien arteko solasaldia. 47 urteko aldea dago bien artean, baina, egia bada bakoitza bere zoroak bizi duela, Jesus Uzkudunen eta Mikel Ruiz Oar-Artetaren zoro horiek antzekoak dira. Lan-osasun arautegiei buruzko hizketaldi animoso bat hasi dute, eta gazteak interes handiz aztertu ditu ez hain gazteak ekarri dituen agirietako batzuk. Lanean gorputz atalen bat galduz gero langileari dagokion kalte-ordaina zenbatekoa den zehazten dute taulek. Ruizek Eragin elkarteko elastiko bat darama, eta Uzkuduni atentzioa eman dio horrek. Jesus, Mikelen elastikoan «Borrokak merezi du» irakur daiteke. Merezi al du benetan? JESUS UZKUDUN: Bai, noski. Borrokatzen ez denak borrokatzen ez du ezer jasoko. MIKEL RUIZ: Nik gehituko nioke borrokak kolektiboa behar duela. Aspalditik saldu digute norbanakoaren lanari esker lortzen direla gauzak, baina askotan borrokak kolektiboa behar du. «No es lo que hay» ere irakur daiteke ['Badago besterik', gaztelaniaz]. Jesus, zenbat aldiz entzun duzu zuk aurkakoa: «Ez dago besterik»? J. U.: Askotan entzun dut, baina nik beti diot azalpen horrekin ez dela nahikoa. Duela urte batzuk oso ezberdina zen. Gauzak aldatu egin daitezke, baina borondatea behar da, eta borroka egin. M. R.: Gazte askori txertatu diguten lelo bat da. Krisiaren aurrean burua makurtu behar dela, ezin dela ezer egin. Ez gaude ados. Egoera hau ez da fenomeno atmosferiko bat; krisi ekonomiko baten ondorio da, eta antolatu egin behar dugu. 24 urteko gaztea entzutean zer datorkizu burura, Jesus? Non zinen zu 24 urterekin? J. U.: Zuzen dabilela. 24 urterekin?... ETA VI.enean. LCRrekin elkartu, eta urte haietan Polizia atzetik nuen. Salvador Puig Antich hil osteko borroka antifrankistan sartuta, Guardia Zibila atzetik nuen, eta ospa egin behar izan nuen, Gasteizera. Lanean ere ari nintzen. Nortasun agiri faltsu bat lortu, eta lantegi batean orduak sartzen nituen. Alde ederra, Mikel. M. R.: Errealitatea asko aldatu izanaren pertzepzioa dut. Baina egun badago abesti bat idazteagatik alde egin behar izan duenik. Oraindik badaude halako kasuak. Zeren alde edo zeren aurka borrokatzen zinen 24 urterekin? J. U.: Batez ere diktaduraren aurka, eta langileak antolatzen. Oroitzen naiz urte haietan Gureola-Scott fabrikan ibili nintzela. Sinadurak bildu genituen urtean bi buzo eman ziezazkiguten lortzeko. Legeak bi buzoak eta soldata igoera agintzen zituen, eta genituen ordezkari sindikalak jabearen morroiak ziren. Langile bilera batean hitz egin nuelako, Polizia bidali zidaten atzetik. Soldata duina, bi jantzi... Bilbo inguruko langile gazte askok hori eskatzen dute gaur egun. M. R.: Bai, jende askok ez daki enpresak hori guztia eman behar diola. Bilbon buzo gutxi ikusten dira egun, baina bestelako lan erremintak behar dira, eta jendeak ez daki horiek enpresak egin beharreko ekarpen bat direla, eta askotan ez du egiten. Eraginen azalpen horiek eman behar izaten dituzue? M. R.: Guk horrelako kontsultak sindikatuetara bideratzen ditugu; harreman ona dugu haiekin. Baina gu sindikatuak iristen ez diren toki horietara iristen saiatzen gara. Adibidez, bizikletako janari banatzaileen kontua agerikoa da: haiek jartzen dute bizikleta, haiek konpondu behar dute, haiek ordaindu behar dute motxila... Hori paradoxikoa da, haiek ez direlako langileak ere, baina kasu horiek hor daude, eta saiatzen gara kontzientziatzen horrek enpresaren ekarpena izan behar duela. Dirutza gastatzen dute materialean. Jesus, zer datorkizu burura halakoak entzutean? J. U.: Arazo handi bat ikusten dut sindikalismoan: langileak noiz etorriko itxaroten egoten da askotan, eta ez, haien bila joan behar du. Non dago arazoa? Hura aurkitu eta han kudeatu. Gero aztertu, afiliatu, konpondu... Azaleko sindikalismoa dago, eta askotan, erabat ekonomizista. Hortik bide motza egingo du. M. R.: Guk erraztasuna dugu hor; paraxutistarena egitea deitzen diogu, sindikatuak iristen ez diren tokian erorita. Guk ez dugu zilegitasunik behar hori egiteko, eta bilera moduan antolatzen dugu. Joera eraberritzailea da, autonomo faltsuekin-eta... Sindikatuek, aldiz, ikusten dugunaren arabera, leku estankoetan jarduten dute gehiago, bertako langileek kontratu mugagabeak dituztenean, eta delegatuen bitartez langileak antolatuz. Baina gutxitan joaten direla lekuetara. Ulertzen dugu sistema burokratizatu batekin zailagoa dela, baina errealitatea da gero eta sektore gehiago ari direla gelditzen sindikatuen ohiko espazioetatik kanpo. Eta horiek ere langileak dira, eta oso baldintza kaskarretan daudenak. J. U.: Askotan, sindikatuak ohitu dira afiliatuei bakarrik kasu egiten. Jendea afiliatu dadin, aurrena eman egin behar zaio. Ez baldin bazaio ematen, zertarako afiliatuko da? Ez badidate ezer konpontzen... Diktadura bizi izan zuen gizarte hari begiratu behar zaio: arazoa aurkitu, konpondu, eta gero jendeak eman dezala antolatzeko pausoa. Jesus entzunda, egingo diozue tokia Eraginen, ala? J. U.: Badaukat nahikoa lan hori gabe ere! M. R.: Nahi badu, ongi etorria da. Baina arrazoi du, ikusten da sindikatuetan, batzuetan, sartzeko urte osoko kuota ordaintzea eskatzen dela. Eta normala da, sindikatuek ere beren autonomia bermatzeko diru sarrera propioak behar dituztelako, baina aldi berean sindikalismo militante baten premia dago, behar jakin horiei aurre egiteko. Gazteen eta sindikatuen artean lotura falta da? J. U.: Nik hala uste dut. Eta arazo bat da. Gaztea zara eta kontratua oker duzu, edo autonomo faltsua zara, edo ez duzu kontraturik. Edozein pauso emateko, afiliatu, eta epaitegitik joan behar duzu. Diru gehiago oraindik! Hor sindikalismoak aldatu egin behar du, urtez urte berritu egin behar du: nolako egoera, halako erantzuna. Enpresa handi batera bazoaz, kontratu finkodun langileengana, normala da afiliazioa eskatzea. Sindikalismoak egun hauteskunde sindikalak bilatzen ditu, delegatuak, haiei esker ere diru sarrerak lortzen dituelako, beharrezkoak direnak funtzionatzeko. Baina, aizu, jendeari ere lagundu egin behar zaio. Lagunduz gero, gero afiliatu egiten da. Eta Eraginen? Zaila al da gazteak aktibismora erakartzea? M. R.: Aurrekora itzuliko naiz. Askotan gazteok lan egiten dugun espazioak espazio atomizatuak dira, oso langile gutxikoak, oso epe motzeko kontratuekin, gehienak partzialak... Jende asko dago astean hiru tokitan lan egiten duena. Langile hori non antolatuko da? Ostalaritzan? Aldi baterako lan enpresan? Normalean, inon ere ez. Zortzi orduko kontratu batekin, antola zaitezke, baina sei hilabeteko kontratua baduzu, eta mugagabe egin zaitzaten ugazabari nolabaiteko prestutasuna erakutsi behar badiozu... Jende hori ez da inoiz afiliatuko, ezta borrokatuko ere, bere lanpostua beti dagoelako jokoan. Sortu dute sistema bat non gazteak beti dauden noraezean eta inolako egonkortasunik gabe lanean, eta egonkortasunik ezak borroka zailago bilakatzen du. J. U.: Arazo pare bat ikusten ditut nik. Bat, sindikatuak sektoreka antolatuta daudela, eta ez lurraldeka. Eta, egun, langile batek gaur industrian dihardu, eta bihar, ostalaritzan. Orduan, non kokatu? Eta bi: baldintzen salaketa egitea ondo dago, baina jendeak behar duena da gauza txikiei heltzea, kudeatzea eta konpontzea. Adibide bat, nire sindikatuan, duela gutxikoa: tailer txiki batean amiantoa agertu da, eta ni, kezkatuta. Esaten zidaten «delegatuak egin dezala salaketa, horretarako du babesa», eta nik esaten nien, «zer babes izango du hamar langileko familia tailer batean? Segituan baztertuko dute». Bada, nik jarriko dut salaketa! Polizia onaren eta txarraren rola jokatuko dugu. Tailer txiki batean dagoen langileari ezin zaio eskatu hark salaketa jartzeko. Pikotan jartzen duzu. Sindikatuak babesa eman behar dio. Arriskatzeko, suizidak; eta ahalik eta gutxien. M. R.: Eraginen jende gaztea erakartzea lortzen dugu. Hilabetero dugu jende berria. Sektoreka egiten dugu lan: apustu etxeen aurka, autonomoen egoera salatzen... Baina egia da aurretik ere gizarte kontzientzia duen jendea dela gehienbat. Militantzia krisi bat al dago? J. U.: Orain 50 urte ere aktibismo gutxi zegoen lanean. Burgosko epaiketa-eta gogoratzen ditugu, jendea kalean; baina lantokietan, ospa. Gaur, antzera. Izan ditugu urte batzuk, 1980ko hamarkadan-eta, zeinetan babesa zegoen langile mugimenduan. Eta, orain, berriz atzera. Beste gauza bat ere badago, sozialki eta politikoki erabili dena: jendeak halako leku batean egin nahi du lan, lan soziala dena, baina soldatarekin. Hori ez da militantzia. Militantzia borondatez egiten den hura da. M. R.: Datuek adierazten dute gazteriak kontzientzia politiko handia duela. Borroka konkretu batzuetan: feminismoa, ekologismoa... Baina egia da langile borrokan grina hori apaltzea lortu dela. Gazte askok ez dute lan eremua borroka eremu bezala ikusten. Hori ez da kasualitatea, baina ez da patuaren kontua, subjektibotasun hori desagertzeko estrategia bat egon da. GORKA RUBIO / FOKU Jesus, zer gorputzaldi uzten dizu hori entzuteak? J. U.: Seguru nago hala dela, baina, lantokian ez bada borrokatzen, gaizki. Kalean errazagoa da. M. R.: Kalean ez du ondoriorik. Lanean kaleratu zaitzakete; kalean, errazagoa da. J. U.: Hori da. Lehen, greba askotara deitzen zen tabernako kuadrillatik. Enpresa barruan pausoka-pausoka egin behar da lan, txikitik handira. Horrek pazientzia eskatzen du. Beti aldarrikatu izan dut satorraren lana; azpilanean jardun, eta gero kolpetik agertu. Enpresa txiki-txikian zailagoa da. Euskal ekonomia aldatzen ari da, industriatik zerbitzu sektorerantz. Sektore horietan zailagoa al da langile borrokak arrakasta edukitzea? J. U.: Bai, argi dago, baina ostalaritzan, adibidez, hoteletan logelak garbitzen zituzten emakumeen borroka bat egon da. Sektore horiek antola daitezke, eta horretara jarri behar dugu. Beti diot: langile bat sindikatura etortzen baldin bazaizu eta gustura badoa, lotu duzu betiko. Jende horren bila joan behar du, edo lantokira joan eta irteeran itxaron, hartu kafe bat, hitz egin... Arropa denda batean lan egiten duen neska batek ikusten badu borrokak fruitua ematen duela, hari esker lan baldintzek hobera egiten dutela, betirako sindikalista bat duzu. M. R.: Gu saiatzen gara gazteen artean klase kontzientzia hori sortzen, eta sektore konkretu batzuetara joaten antola daitezen; izan sindikatuekin, gurekin, era autonomoan... Ikus dezatela lanpostua borroka eremu ere izan daitekeela, bizi baldintzak hobetzeko. Sindikatuek hausnarketa bat dute hor, euren eguneroko lan errutinatik irten eta eremu berrietara joateko premia. Izan ere, gaur egun ez bada heltzen eremu prekarioenetara, sindikatuak bere izaera gal dezake; ezin da izan burokrazia konstante bat. Badakigu sindikatuak asko dabiltzala horretan, eta espero dugu fruitua ematea. Hala ere, atzean dagoen arazo handi bat da langile gazteek ez dutela kontratu mugagabe bat ikusi bere bizitza osoan. Eta, berriz diot, behin-behinekotasun horretan ez dira inoiz antolatuko sindikatu batean. J. U.: Bada, orduan ez dugu ezer egiterik! Zaila izango da. M. R.: Hori da arazoa. Behin-behinekotasunak hori lortzen du. J. U.: Mugimendu feministaren edo ekologistaren gorakada albiste oso onak dira, baina, ekoizpena gelditzeko ahalmena ez badu, langileak jai du. Orain dela 50 urte erraza al zen? Ezta inondik ere! Baina gauzak egin egiten ziren, eta, olatua indartu ahala, jende gehiago animatzen zen. Hor azpilana egin behar da. Horren harira, Jesus, egon al zara noizbait BBK Live jaialdian? J. U.: Ez, ez da niretzat egina, baina badakit Bilbon egiten den musika jaialdi handi bat dela. Ba, Eraginek oihartzun handiko kanpaina bat egin zuen iaz, hango zerbitzariek orduko 3,5 euro irabazten zituztela salatzeko. M. R.: Guri Eragineko kide batek esan zigun bertan lan egina zela, eta baldintzak horiek zirela. Eta kanpaina hasi genuen: bertan lan egiten baduzu, jarri gurekin harremanetan. BBK Liveren antolatzaileak salaketa jarri zigun bere irudia erabili genuelako. Handik astebetera, posta elektronikoa mezuz beteta genuen; langileenak, eta baita enpresa batzuenak ere, lan baldintzak salatuz. Joan ginen hara, langileekin hitz egitera, baina oso zaila da erantzun kolektibo bat lortzea. Hiru eguneko jaialdi bat da. Horrelako esperientziek agian ez dute balio kasu jakin horri erantzuna emateko, baina bai kontzientzia sortzeko. Aurtengoaren zain geunden baldintzak hobetu zituzten ikusteko. Langile kontzientzia ezkerrarekin lotuta egon da historikoki, eta zuek ezkertiarrak zarete. Zer da ezkerra egun Euskal Herrian? J. U.: Sindikalismora eramanda, nik ez nuke egingo konbentzituentzako bakarrik den sindikalismoa. Multzoa behar duzu, jendea. Sindikatuan ezkertiarrok egin behar dugu bultza gehien, baina kode guztiak ezin dira izan ezkertiarrak; denak ezin dira ados egon presoen egoerarekin edota erraustegiaren aurka. Sindikatuak plurala behar du, eta agian sindikatu gehiegi daude ezer aldatzeko. Ezkertiar gazteak zer dio? EH Bilduko zerrendetan egon zinen atzo zortziko hauteskundeetan. M. R.: Niretzat ez da erraza ezkerraren definizio propio bat egitea. Esango nuke arazo indibidualei konponbide kolektibo eta integral bat proposatzen dien ideologia politiko bat dela. Irtenbide kolektibo hori justizia sozialaren eremuan eta, lanaren kasuan, aberastasunaren eta produkzio bitartekoen banaketaren bitartez langilearen eskuetara jartzen dena. Eta, egun, beste galdera batzuei ere erantzuna eman behar die; hor dago berdintasuna, ama lurraren zaintza... Nik uste dut Euskal Herrian lortzen dela hori. Ezkerrak historikoki langile eta gazteen babesa jaso izan du. Orain espektro horietako pertsona askok eskuinari ematen diote boza. J. U.: EAJri ematen diotenek. M. R.: Gazteen kasuan boto joera ez da bakarrik arrazoi objektiboetatik etortzen. Sentimenduek eragin handia dute, familiaren boz tradizioak... Familiak pisu handia du botoaren norabidean, tamalez. Botoa errealitate objektibo batetik etorriko balitz, agian gauzak ezberdinak lirateke, eta ez orain bakarrik, baita duela urte batzuk ere. J. U.: Askotan politika kudeaketa aldetik baloratzen da bakarrik, eta ezin zara horretara mugatu. Iruditzen zait ezkerretik ere ez dutela ilusiorik sortzen. Ilusioa funtsezkoa al da ezkerrarentzat? J. U.: Noski, ez badago ilusiorik... Nik entzun izan dut militantziaren sufrimendua kontzeptua. Sufrimendua? Alde egin, hemen masokistarik ez dugu behar. Behar dugu jendea ilusioa duena gauzak aldatzeko, eta egiten duenarekin gozatzen duena. M. R.: Ni ados nago berarekin; gazteek ilusio falta hori nabaritzen dute. Ilusioa badago borroka konkretu batzuetarako, baina beste batzuek ez dute ilusio hori pizten. Horregatik iruditzen zait guri dagokigula langilearen eta langile borrokaren inguruko iruditeria berri bat sortzea. Jendeak ikusi dezan beraiek ere langile klasea direla, eta horren inguruan ilusio bat sortzeko. Iruditeria normalean, buzo urdindun langilea da, eta gaur egungo langilea kaleko arroparekin doa. J. U.: Niretzat, alde horretatik, ikaragarri galdu da autodidakta izatea. Lanean jarraitu ahala trebatu eta ikastea. Formakuntza, ikasteko gosea. Ez badago goserik, norbaiten atzetik ardiak bezala joateko arriskua dago. Adibide bat, parlamentari bati esan nion, nik botoa ematen diodanari, Bildukoa... EH Bilduri ematen al diozu boza? J. U.: Aspalditik. Nahiz eta askotan sudurra tapatuta bozkatu dudan. Aukera hoberik ez dagoelako. Baina esan nahi nuen, mugimendu sozial bat dagoenean, parlamentari han agertzea, argazkian, ondo dago. Baina nik nahi nuke parlamentari bat etortzea hona, Andoainera [elkarrizketa Andoainen egina da], non baserritarrak piperrak biltzen esklaboak dituen. Baratzera joan, prentsaurrekoa han eman. Arauak apurtzea da. Normak ez baditugu apurtzen... Eredu hori jarri dudan bezala, beste asko. Piper biltzaileak edo Bilboko musika jaialdia, bozgorailuarekin joan, eta argi esan: «Taberna honetan, arimarik ere ez!». Botoa ematen diotenen artean batzuk haserretuko egingo lirateke. Horrelako pixka bat falta da, noizean behin astindu bat. Militantziarekin ez dela sufritu behar esan duzu lehen, eta zu horren adibide. 71 urte eta hor jarraitzen duzu, lan osasunaren alorrean, eta bereziki ASVIAMEn, amiantoak kalteturiko langileekin. Zergatik? J. U.: Militantzia baino nahiago dut aktibismoa esatea. Militantziak militar kutsua dauka. Zergatik? Batetik, agian nire etorkizuna delako, ni ere arriskuan nago. Eta, bestetik, hori guk ez badugu egiten, zeinek egingo du? Ez al du merezi? Ni sutan jartzen naiz, Hernanira joan, eta kartela irakurri: 31 hildako lanean istripuz. Minbiziarekin hildakoak hamar aldiz gehiago dira, eta haiek? Europako Batzordeak dio amiantoak urtean 88.000 hildako eragiten dituela. Zenbat tokatzen zaizkigu guri? Niri ezkerreko hainbat jendek esan dit: «Hik fabrika pila bat itxiko dituk. Ehun, berrehun, hirurehun mila euro kalte-ordainetan... Fabrika pila bat itxiko dituk». Nik esaten diet: «Orain arte lagun asko sartu ditut lur azpian, eta hori egin dutenek ordain dezatela». Jesusi indarra dario. Mikel, ikusten al duzu zeure burua 71 urterekin aktibismoan? M. R.: Espero dut nire grinak 71 urte bete arte eustea, osasuntsu, eta justizia sozialaren alde borroka egiten. Jesusek bezala. Egun, pentsiodun asko ikusten ditugu, nola egiten duten borroka, eta euren lobetako askori ikasgai handia ematen ari zaizkie. Adina ez da borrokarako muga. Pentsiodunen mugimenduan parte hartzen al duzu, Jesus? J. U.: Parte hartzen dut. Baina pentsiodun askori nik igotzen dizkiet ordainsariak. Eta alargunak? Alargun batek kalte-ordaina jasotzen duenean, sekulako gozamena da. Hor ekonomizismoa dago; enpresek lan osasuna zainduko dute dirua kentzen badiegu. Nik egurra eman eta ordaindu behar badute, agian pentsatuko dute: «Merkeagoa da prebentzioa». Horretara behartu behar ditugu. Osalanek aspaldi ikertu zuen zenbat galtzen duen Osakidetzak lan gaixotasunak tratatu eta kontigentzia profesionalera ez pasatzeagatik. Minbizi kasu bakoitzak 40.000 euroko kostua du Osakidetzarentzat: probak, ospitalizazioa... Hori denon artean ordaintzen dugu, eta erruduna enpresa da. Koronabirus izurritearen eskutik, beste krisi ekonomiko bat dator. Lan baldintzetan eragina izango duela uste al duzue? J. U.: Pandemia etorri aurretik krisian geunden, hasieran. Atzeraldian geunden, ez ahaztu. Pandemiarekin hori estali ahal izan dute. Ondorenak etorriko dira. Ez dakit zenbateraino ikasi duen jendeak oraingo krisian osasunaren balioa zein den. Zer garrantzia duen osasun publiko indartsua izateak, eta inbertsio errentagarria dela. Era berean, espero dut pandemia honek ez ditzala estali beste pandemia batzuk, hor daudenak. M. R.: 2008ko krisian, inoizko belaunaldirik trebatuena omen ginen, eta, 2020ko honetan, bihurtu gara bere gurasoak baino okerrago biziko den lehen belaunaldia, gerra bat medio ez dela. Guk esaten duguna da ez dugula itzuli nahi lehengo normaltasunera. Ikusi da osasun langileen garrantzia eta ezkutuan dauden beste langile batzuena: supermerkatuko langileena... Eta, beste alde batetik, sistema honek ez duela inongo etorkizunik. Hasieran esan dugu: badago besterik. Eta orain berriz esan behar dugu.
2020-7-17
https://www.berria.eus/albisteak/184484/mikel-ruiz-oar-arteta.htm
Mikel Ruiz Oar-Arteta
Mikel Ruiz Oar-Arteta.
Mikel Ruiz Oar-Arteta zuzenbidean lizentziatua da EHUn, eta fiskalitatean masterra eginikoa. Duela lau urte Eragin Bilboko Gazte Prekarizatuen Asanblada martxan jarri zuten kideetako bat da. Langile gazteen lan baldintzak salatu eta ikusarazteko jaio zen elkartea, eta hainbat kanpaina deigarri egin ditu. BBK Liveko langileen lan baldintzak salatu zituzten iaz, autonomoak direnei laguntzen saiatu dira, eta bizikletako banatzaileekin lan eginikoak dira. Sona handien hartu duen egitasmoa agian apustu etxeen aurkakoa da; Bilbon ugari zabaldu dituzte, langile auzoetan bereziki, eta osasun arazoez haratago doan kritika bat egin diote horri, klase ikuspegitik.
2020-7-17
https://www.berria.eus/albisteak/184485/jesus-uzkudun.htm
Jesus Uzkudun
Jesus Uzkudun.
Jesus Uzkudun Illarramendi ibilbide luzeko sindikalista da. Eskola profesionala bukatu eta 17 urterekin hasi zen lanean industrian, eta handik gutxira klandestinitatean zen. Militantzia politikoa ETAn, ETA VI.an, LKIn eta Zutiken hasi zuen, baina haserre irten zen handik. Borroka armatuak uxatuta, Ezker Batura igaro zen, eta handik, PORera (Partido Obrero Revolucionario). Haren izena, baina, sindikalgintzara lotuta dago, eta lan osasunera batez ere. Sortu zenetik dago CCOOn (1976). 1982an, Gipuzkoako lan osasuneko ordezkari izendatu zuten, eta gero ardura hori hartu zuen sindikatuan. Bi aldiz kanporatu zutela dio, baina oraindik han dihardu. 2005ean, Europako Agentziaren saria jaso zuen, gorreria duten langileen alde eginiko lanarengatik. Egun, amiantoarekin kalteturiko langileena da haren kausa. Amiantoaren Biktimen Euskal Elkarteko bozeramailea da, eta gaixotasun kasu asko eraman ditu epaitegietara. Jendaurrean agertua da Egunkaria, Udalbiltza edo Adierazi EH kasuetan inputatuen alde.
2020-7-19
https://www.berria.eus/albisteak/184486/historia-egin-zuen-bidea.htm
Bizigiro
Historia egin zuen bidea
Meatzaritzara bideratutako antzinako trenbide baten aztarnei jarraikiz, Traslaviña eta Cobaron lotzen ditu 42,5 kilometroko bideak. Oinez zein bizikletaz egiteko modukoa da.
Historia egin zuen bidea. Meatzaritzara bideratutako antzinako trenbide baten aztarnei jarraikiz, Traslaviña eta Cobaron lotzen ditu 42,5 kilometroko bideak. Oinez zein bizikletaz egiteko modukoa da.
Meatzeetan ateratzen zen burdina kostaraino eramateko, hainbat trenbide eta azpiegitura eraiki zituzten XIX. eta XX. mendeetan. Mea ustiatzen zuten enpresek trenbidea jarri zuten martxan, inguru horietako burdina itsasadarrera edo itsasora garraiatu ahal izateko. Gaur egun, tarte horietako batzuk birmoldatu, eta burdin mendien bide berde bilakatu dira: Traslaviñatik (Artzentales), Cobaronera (Muskiz) doan 42,5 kilometroko bidea. Natura eta paisaia eraldatu zuten meatze lanen ondoko aztarnak ezagutarazteko ibilbidea da. Antzinako Castro-Traslaviña eta Sestao-Galdames trenbideen ibilbideak lotzen ditu, bost udalerri zeharkatuz: Artzentales, Sopuerta, Galdames, Abanto eta Muskiz. «Bizikletaz zein oinez egin daiteke, eta ez da zertan osorik egin», azaldu du Nagore Orella Enkarterriko landa garapenerako Enkarterrialde elkarteko komunikazio arduradunak. Zenbait udalerri zeharkatzen dituenez, ibilbidera heltzeko hainbat puntu daudela dio, eta azpimarratu du mota askotako planak egin daitezkeela inguruan dauden meatzaritzari lotutako interes guneei esker: «Ibilbideak natura eta historia uztartzen ditu, eta hori da bere ezaugarririk bereziena». Ibilbide osoan, meatzeetako lanak utzitako ondarea dago: kargalekuak, estazio zaharrak, labeak, tunelak, meatzeak... Horietako batzuk berritu dituzte, eta bisitak edota erakusketak egiten dituzte. Beste asko, ordea, langileek utzi bezala daude, 1966ko krisiaren ondorioz meatzeetako lan guztia bertan behera geratu zenean. «Naturaz eta ariketa fisikoaz gozatzeaz gain, herri honen garapenean mugarri izan den historiaren zati bat ezagutzeko aukera eskaintzen du ibilbideak», erantsi du Orellak. Ibilbidea Traslaviñako FEVE Bilbo-Santander geralekutik abiatzen da. Handik, Burdinolen Ibilbidea edota GR-281 ibilbidea ere egin daitezke. Bide berdearen lehen kilometroak Kolitza errekaren bazterretik doaz. Bi tunel zeharkatu beharko ditu bisitariak, eta, gerora, ibaia gurutzatzean, Las Barrietas izeneko antzinako kargalekuarekin egingo du topo. Apur bat aurrerago, bidetik atera, eta Sopuertako Alen meatzari auzoa ezagutzeko aukera ere badago. Catalina meategiko labeak zutik daude oraindik. ENKARTERRIALDE Bide berdeari jarraituz, ordea, Sopuertako meategiak goitik zeharkatu eta Castaño auzoa agertzen da. Bagoneta zahar bat eta meatzarien omenezko monumentu bat ikus daitezke auzo horretan. Ezkerrera dagoen bide bat hartuta, Catalina meategira irits daiteke. Meategiko bi kiskaltze labeak zutik jarraitzen dute oraindik, eta, gainera, Los Herreroseko tunela ere han hasten da —Las Muñecaseko portua igarotzeko XX. mendean, pikotx eta pala hutsez eraikitako bi kilometroko tunela—. Horren bidez, Castroraino (Espainia) garraiatzen zuten minerala, baina gaur egun, oraindik ezin da zeharkatu. Bide berdera itzuliz, Arenaora heldu eta Galdamesko udalerrian sartzen da ibilbidea. Egurrezko zubi bilakatu den trenbide zubi zahar bat igaro ostean, Barbadun ibaiarekin egingo du topo bisitariak. Bideak padura eta fruta arbolen artean jarraitzen du Atxuriagaraino: Sestao-Galdames eta Castro-Trasñaviña trenbideek bat egiten duten tokia. Aurrera eginez gero eta Gallartara heldu arte, aukera dago tunelak, geltoki zahar bat eta kargaleku bat ikusteko. Behin Gallartan, itsasoraino jarraitu daiteke ibilbidea. Orconera Iron Company enpresak zortzi kilometroko luzera zuen balde lerroaren aztarnei segika, Arena hondartzaren harea gorria agertuko da. Handik, Barbadun ibaia zeharkatzen duen zubia gurutzatu, eta Pobeñatik Cobaronera itsasoari itsatsita doan Itsaslurreko bide berdearekin amaitu egiten da burdin mendien ibilbidea. «Ezinbestekoa da gure iragana bizirik mantentzea», ohartarazi du Oruellak. Enkarterrin ere meatzeen ondarea bizirik dagoela nabarmendu du, eta hori «berreskuratu, mantendu eta ezagutarazi behar dela», gogorarazi du Oruellak. Memoria bizirik «Gure nortasunaren parte da historia hau. Hemen mineralik egon izan ez balitz, gaur egun Bizkaia ez zen ezagutzen dugun modukoa izango». Haizea Uribelarrearen hitzak dira. Ondo baino hobeto ezagutzen du Uribelarreak meatzeen historia. Izan ere, Gallartako Meatzaritza Museoko langilea da, eta Bizkaiaren garapenerako «ezinbestekoa» izan zen garai hori ezagutaraztea du helburu. «Meatzeen ustiaketa intentsiboak izugarrizko aldaketa eragin zuen Bizkaian: ekonomikoa zein soziala», argudiatu du. «Liberalizazioa, globalizazioa, burgesiaren agerpena, langile mugimenduaren sorrera... meatzeak agertzearekin bat, hori guztia gertatu zen Bizkaian». Burdin mendien ibilbidearekin uztartuta egin daitekeen bisitetako bat da Meatzaritza Museoarena. 2002. urtetik dago martxan, baina askoz lehenago abiatutako egitasmo baten emaitza da: «Herriko langileek beren kabuz objektuak biltzen hasi zirenean», azaldu du Uribelarreak. Museo «tradizional» bat dela dio, eta nabarmendu du Euskal Herrian dagoen bagoneta eta bagoi bilduma handiena duela. Horretaz gainera, bisita gidatuak eskaintzen dituzte museoan bertan zein inguruan dagoen Kontxako meatzean zehar. Gainera, ostegunero aukera dago objektuak eraberritzen dituzten boluntarioak lanean ikusteko. «Ondare industriala mantendu behar dugu. Inguru honetan sekulako eragina izan zuen, bai naturan eta bai demografian, eta egun ezagutzen dugun gizartearen oinarriak zehaztu zituen: oligarkiaren sorrera eta langileen borrokak, esaterako», erantsi du Uribelarreak. Tunelez jositako ibilbidea da burdin mendien bide berdea. ENKARTERRIALDE Ibilbidetik aldenduz, hamaika interesgune topa ditzake bisitariak, eta, horien artean, aipamen berezia merezi du El Pobal burdinolak. Eraberritutako burdinola museo «bizia» bilakatu zen 2014. urtean, makineria zaharra martxan ikusteko aukera ere eskaintzen duelako. Burdinaz inguratuta «XVI. mendeko fabrika hidrauliko bat da, momentu honetan Bizkaiko Foru Aldundiko monumentu gisa izendatua», esplikatu du Silvia Rubio museoko langileak. Helburua ondarea erakustea eta historian «hainbesteko» garrantzia izan duen jarduera ekonomiko horren inguruko jakintza zabaltzea dela dio. «Burdinola ez dago edozein tokitan, burdinaz inguratuta dagoen eskualde batean dago. Beste asko daude inguruan, baina hau da museo bihurtu den bakarra». Besteak beste, «bere garaitik kanpo» martxan mantendu zelako da hori. 1965era arte aritu ziren lanean bertan, eta nabarmendu du gaur egun ere hala ikusteko aukera dagoela.
2020-7-18
https://www.berria.eus/albisteak/184520/lucio-urtubia-anarkista-historikoa-hil-da.htm
Politika
Lucio Urtubia anarkista historikoa hil da
Cascanten (Nafarroa) jaioa zen, 1931n, eta igeltseroa zen ogibidez, baina nazioartean talde anarkistetan izaniko jarduera klandestinoaren ondorioz izan da ezaguna.
Lucio Urtubia anarkista historikoa hil da. Cascanten (Nafarroa) jaioa zen, 1931n, eta igeltseroa zen ogibidez, baina nazioartean talde anarkistetan izaniko jarduera klandestinoaren ondorioz izan da ezaguna.
Lucio Urtubia anarkista historikoa hil da gaur, 89 urte zituela. Cascanteko (Nafarroa) familia txiro batean jaioa zen, igeltseroa ogibidez, baina nazioartean talde anarkistetan izaniko jarduera klandestinoaren ondorioz izan da ezaguna. Parisen bizi zen, eta Frantziako hiriburuko etxean hil da. Soldadutza egiten ari zela joan zen ihesean Parisera, 1954an, eta han hasi zen talde anarkistetara biltzen. Bankuetan lapurretak egiten hasi ziren orduan, baina jauzia egin zuten gero: haren ekintza esanguratsuenetakoa zera izan zen, City Bank banku boteretsuarekin negoziazio mahaian eseri izana, bankuaren txeke faltsuak zabaldu ondoren. Ehunka txeke zabaldu zituzten Latinoamerikan eta Europan zehar 1980ko urtarriletik 1982ra bitartean, talde anarkistak finantzatzeko. Frantziako Poliziak ezin izan zituen txekeak inprimatzeko plantxak eskuratu, eta, beraz, bankuak Urtubiarekin negoziatu zuen: «Plazera da ni bezalako gizajo batek hori lortzea. Haiek negoziatu nahi izan zuten. Baina bakarrik ez nengoelako lortu nuen. Gu 30 talde ginen, toki guzietako ekintzaileak, maitasunez beterikoak». Lehenago hasi zen faltsifikatzaile lanetan. 1962an, Kubak Frantzian zeukan enbaxadoreak Ernesto Guevara Che Kubako orduko Industria ministroa aurkeztu zion Urtubiari, nafarrak azaldu ziezaion dolarrak masiboki faltsifikatzeko plan bat. Chek uko egin zion plan horri. 2015eko irailean egin zion elkarrizketa Iker Tubiak BERRIArako. Orduan azaldu zuen, besteak beste, umetako Nafarroa gorroto zuela, ezkerra ongia egitera bideratu behar zela eta bera gehiago fidatzen zela «aita santuaz Felipe Gonzalez gizatxarraz» baino: «Baliabideak ongia egiteko dira. Ez naiz santu bat, eta, berriz jaio izan banintz, uste dut gauza bera eginen nukeela. Uste dut jabetza lapurreta dela, Proudhonek esaten zuen bezala. Ez nago jabetzaren aurka, baina jabetza ongia egiteko ez erabiltzearen aurka nago». Batzuetan, hitzaldi luze askok baino gehiago esplikatzen dute anekdota xumeek. 2014ko apirilean Donostiako Kortxoenean eginiko hizketaldi batean Urtubiak azaldutakoa jaso zuen Mikel P. Ansak: Ciudad Realen (Espainia) hitzaldi bat egin ostean, CNTren egoitza batera eraman zutela, eta, han, gazteek oso kezkatuta hitz egiten ziotela enpleguaz, enplegu faltaz. «Zer espero duzue, Zapatero etortzea lanpostuak ematera? Sortu! Sortu zuek!». Hitzaldi hura eman aurretik hots egin zioten gazte haiek, kooperatiba bat sortu zutela esateko. Urtubiaren hainbat pasadizo jasota daude, besteak beste, Txalaparta argitaletxeak argitaratutako Gerezi garaia liburuan, eta Jose Mari Goenagak eta Aitor Arregik zuzendutako Lucio dokumentalean. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailea izan da albistearen berri sare sozialetan eman dutenetako bat: «Gaur zendu da Lucio Urtubia. Laguna, burkidea eta borroka laguna. Agur eta ohore, Luzio!», idatzi du. Beste esparru batzuetatik ere agurtu dute Urtubia:
2014-4-12
https://www.berria.eus/albisteak/184521/igeltsero-baten-teoriak.htm
Politika
Igeltsero baten teoriak
Lucio Urtubia militante anarkistak egitearen aldeko apologia bat egin du Donostian, Kortxoenea gaztetxean eman duen hitzaldian: «Zer diferentzia dago ezer egiten ez duen anarkista baten eta ezer egiten ez duen apez baten artean?».
Igeltsero baten teoriak. Lucio Urtubia militante anarkistak egitearen aldeko apologia bat egin du Donostian, Kortxoenea gaztetxean eman duen hitzaldian: «Zer diferentzia dago ezer egiten ez duen anarkista baten eta ezer egiten ez duen apez baten artean?».
Lucio dokumentala bost haizeetara zabaldu zenetik, hara eta hona dabil (dabilkite). Traje beltza, txapela, eta foulard gorria; anarkisten bandera zaharraren oihartzun bat soinean. 83 urte, eta bastoi bat. Ez du makulu handirik behar, hala ere: lezioa ikasita dauka Lucio Urtubiak, eta mantra bat bezala errepikatzen du borroka hitza —«borroka bizitza da, borroka maitasuna da, borroka dena da»—. Bizitzaren eta borrokaren eskolan ikasitako esaldiak errepikatzen ditu —«Nafarroa, krimenaren aberria»; «Guk ez genuen ez alpargatarik, ez ogirik»; «Ni ez naiz goseak hil beharrean ibilitako bat besterik»; «Kriminal handi bat izan behar nuen nik, egin ziguten guztia mendekatzeko»—. Etenik gabe errepikatzen dituen mantrak. Harvarden, Murchanten, Sorbonan, Deustun… eta ostiral iluntzean, Donostiako Kortxoenea gaztetxean. Teoria luze, lauso eta nahasirik ez espero. Leitutakoetatik baino gehiago, bizitakoetatik hitz egingo du Lucio Urtubiak. Aitortuko du ekintzarako «inuxente samarra» izan behar dela; zenbat eta gehiago jakin, orduan eta zailagoa dela ekitea; eta zerbait izan bada, ekintzailea izan dela bera. Eta da oraindik: utopiaren igeltsero bat. Baina praxisaren apologia horren azala urratuta, azpian badauzka gutxieneko oinarri teoriko sendo batzuk. Kortxoeneako saioan, zer egin behar litzatekeen, nola egin behar litzatekeen… aholku eske galdetzen zioten entzuleek. Erantzunak, sinpleak bezain argiak. Hitzaldi luze askok baino gehiago esplikatzen du, batzuetan, anekdota xume batek: Ciudad Realen (Espainia) hitzaldi bat eman ostean, CNTren egoitza batera eraman zutela, eta, han, gazteek oso kezkatuta hitz egin ziotela enpleguarengatik, enplegu faltarengatik. «Zer espero duzue, Zapatero [Jose Luis Rodriguez Zapatero, orduko Espainiako presidentea] etortzea lanpostuak ematera? Sortu! Sortu zuek!». Handik gutxira deitu zioten gazte haiek, kooperatiba bat sortu zutela esateko. Aldarrikatzea eta eskatzea, eskubideak erregutzea, ez da Lucioren bidea. Egin egin behar da. Urtubiaren beste mantra bat: «Egiten duguna gara». Lana nahi bada, lana sortu; jan nahi bada, jatekoa sortu; etxeak nahi badira, etxeak egin. Hitzaldi luze askok baino gehiago esplikatzen du, batzuetan, galdera sinple batek: «Zer diferentzia dago ezer egiten ez duen anarkista baten eta ezer egiten ez duen apez baten artean?». Ikasitako esaldiak darabiltza, han eta hemen errepikatzen dituenak; baina zertarako gehiago, esaldi horiek dena laburbiltzen badute? «Nahi duten guztia emanda ere, batzuek ez dute ezer egiten. Eta beste batzuek dena egiten dute ezertxo ere eduki gabe. (...) Ez dira erregimentuak behar. Jarri talde txikietan, lau, sei, hamar lagun, eta egin zuen lanak». Eta fanatismorik edo dogmarik gabe. Enpresak sortzeagatik kritikatu izan dute Lucio Urtubia; anarkisten erakundeetatik aparte ibiltzeagatik; hau babesteagatik edo hura ez babesteagatik... Baita bikotekidearekin ezkontzeagatik ere. «Nahi dudana egiten dut nik. Nahi dudana egiten dudalako naiz anarkista», esaten du dokumentalean. Gobernuak kritikatuko ditu, «terroristak» eta «kriminalak» direla guztiak. Anarkismoaren dogmatik gertu ibiliko da hor. Baina aurki urrutiratuko da, eta galdetuko du gobernu batek lagundu nahi badu, zerbait ona egiten badu, zergatik ez den onartu behar. Aberastasuna pilatzea kritikatuko du, baina ez dagoela aberastasunaren kontra esanez —miseria ezagutu duenaren posiziotik—. ETAkoak lagunak dituela, baina ez dagoela ados bide horrekin —«badakigu hortik ez goazela inora»—. Hankak lurrean mintzo baita. Hankak lokatzetan. Adibide bat, beste bat: Kortxoeneako hitzaldian galdetu zioten militante batek kartzelatik ateratzeko barkamena eskatzea zer iruditzen zaion; eta erantzun zuen Mikhail Bakunin ere makurtu zela, ez zezaten urkatu, gero kartzelatik eskapo egiteko. Bizitzea baita lehen baldintza, gauzak aldatu nahi badira. Kartzeletako ateak ireki —anarkisten aspaldiko beste desio bat—, eta kalean bizi, ahal bada. Eta egin. Saiatu. Hanka sartu lokatzetan, eta berriro hasi. Bizitzaren master iraunkorrak irakatsi diona: talde txikiak, handikeriarik gabe, dogmarik gabe, fanatismorik gabe, eginez, eta eginez, eta berriro eginez. Eta errespetua eta erantzukizuna, oinarrizko bi hankak, lokatzetan sartzeko: «Anarkismoa erantzukizuna da». «Ez dago ezer ezinezkorik». Munduko banku handienetako bat belauniko jarri zuen 83 urteko aitonak esan du. Sekula pentsatuko ez lituzkeenak egin ditu, sekula pentsatuko ez lituzkeen lekuetara iritsi, sekula pentsatuko ez lukeen jendea ezagutu. «Ez dut ezer sinisten baina dena sinisten dut». Horregatik. Dena baita posible, dena alda bailiteke, eta dena baita ezinezkoa, ezinezkoa izateari uzten dion arte: «Liburu batek edo enkontru batek zure bizitza alda dezake hurrengo goizerako». Saiatu egin behar.
2020-7-18
https://www.berria.eus/albisteak/184523/gorako-joerak-ez-du-etenik-beste-155-positibo-agertu-dira-azken-orduotan.htm
Gizartea
Gorako joerak ez du etenik: beste 155 positibo agertu dira azken orduotan
Beste 115 pertsonak eman dute positibo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: bezperan baino 50 gehiagok. Nafarroan beste 40 kasu zenbatu dituzte azken orduetan. Murgak positibo eman dutenei edo gaixo egon daitezkeela uste dutenei eskatu die itxialdia zorrotz betetzeko, eta neurriak zorroztu egin ditu: zahar etxeetako bisitak mugatu, eta eguneko zentroak ixteko erabakia hartu du, eta udalekuak etetekoa.
Gorako joerak ez du etenik: beste 155 positibo agertu dira azken orduotan. Beste 115 pertsonak eman dute positibo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: bezperan baino 50 gehiagok. Nafarroan beste 40 kasu zenbatu dituzte azken orduetan. Murgak positibo eman dutenei edo gaixo egon daitezkeela uste dutenei eskatu die itxialdia zorrotz betetzeko, eta neurriak zorroztu egin ditu: zahar etxeetako bisitak mugatu, eta eguneko zentroak ixteko erabakia hartu du, eta udalekuak etetekoa.
COVID-19aren izurriari buruzko egoeraren berri eman du Nekane Murgak, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Datuak eman ditu: 115 pertsonak eman zuten positibo atzo PCR proban: 9k Araban, 43k Bizkaian eta 63k Gipuzkoan. Bezperan, 65 izan ziren; lau Araban, 26 Bizkaian eta 35 Gipuzkoan. Nafarroako Gobernuak, berriz, azken zenbaketan kontatuko kasu berriak 40 izan direla esan du. Hego Euskal Herrian kasu berriak, beraz, 155 dira denera. Maiatzaren hasierara joan behar da atzera datu txarrago bat aurkitzeko. Murgak azaldu du astebetean 25.000 PCR proba egin dituztela; atzo, 4.997: «Hauek dira datuak: beti jardun dugu erabateko gardentasunez. Ez dugu ezkutatzen datuen inguruko kezka». Erantsi du datuek erakusten dutela kutsatzeak gehiago direla, baina Osakidetza inoiz baino gehiago aztertzen ari dela. Beraz, «izozmendia lehenago» ikusten ari direla: «Oso goiz atzematen ari dira kutsatzeak, eta soilik kasu batzuetan artatu behar izan dituzte erietxean. Baina garrantzitsua bakartzea ondo betetzea». Kutsatuen soslaia ere aldatu dela azaldu du: batez ere gazteak dira, eta kutsatze eremua, aisia. 115 kutsatu horiei eta kontaktu estua dutenei mintzatu zaie Murga: bakartzeko eskatu die, eta ondo informatzeko itxialdian egin beharrekoaz. Nafarroako osasun agintariek adierazi dutenez, azken zenbaketan agertu diren 18 kasu aurrez atzemandako agerraldiekin lotuta daude. Beste kasu multzo bat ere agertu zaie orain, berria. Orain arte positibo gehien eman dituen agerraldia Iruñeko Mendillorri auzoarekin lotutakoa dela esan dute; 51 kasu daude ja. Gogoraratu dute zerikusia duela gazteen arteko topaketekin. Izurria kontrolpean edukitze aldera, indartu egin dute kasuen jarraipenerako lantaldea, esan dutenez. Udalekuak, bertan behera Egoera horretan, Murgak zenbait neurri iragarri ditu. Batetik, Eudelen bidez, udalei eskatu diete udalekuak bertan behera uzteko, eta foru aldundiei, mugatzeko zahar etxeetako joan-etorriak: egoiliarrak ezingo dira kalera atera, eta bisitan senide bakarra joan ahal izango da. Adinekoen eguneko zentroak ere itxi egingo dituzte behin-behinean. Murgak esan du neurriok hiru herrialdeetan izango dutela eragina eta badaezpadakoak direla, «etorkizunean kutsatze gehiagorik ez egoteko». Gainera, lagun edo senide arteko topaketetan arduraz jokatzeko eskatu du sailburuak, kalean nahiz etxean: «Ez dugu hamar lagunetik gorako talderik osatu behar: horrek du arrisku handiena». «Gazteek, zaharrek, haurrek, nerabeek... inork ez du immunitaterik», erantsi du. Ordiziako eta Orioko agerraldiak, itxita Aktibo dauden koronabirus agerraldiei ere errepasoa egin die Murgak, azaldu baitu atzo positibo eman zutenak «nahiko sakabanatuta» daudela Gipuzkoan. Edozein moduz, agerraldiak «identifikatuta» dauzkate. Esaterako, Oriokoa itxitzat jo du, eta Ordiziakoa ere bai ia-ia; pertsona batek eman du positibo Goierriko herrian; aurrez positibo eman zuen beste batekin kontaktu estuan egondako batek. Tolosan, kasu berriak apaltzen ari dira, baina ez dute itxitzat eman oraindik. Zarautzen, kanpina zabalik dago, desinfektatu ondoren, lau positiboak beste leku batzuetan kutsatu zirelako. Eibarren, selektibitate osteko festa bateko positiborik baden aztertzen ari dira, eta Ermuan (Bizkaia) jarraipena egiten ari dira, baina aztertutako guztiek eman dute negatibo. Bestalde, begirale batek positibo eman du kanpaleku batean, eta 250 laguni PCR probak egingo dizkiete. Murgak, ordea, ez du zehaztu non gertatu den hori: «Kostaldean». Pertsona bat identifikatu dute Iruñeko udaltzainek Iruñeko udaltzainek 23 urteko gazte bat identifikatu dute topaketa bat antolatu nahi zuelako kutsatuen eta kutsatu gabeen artean: futbol norgehiagoka bat. Mendillorri auzoan egitekoak ziren, eta sare sozialen bidez zabaltzen ari zen egiten topaketa horren berri. Gaztearen kontrako salaketa jarri dute udaltzainek: 3.000 euroko isuna ezar diezaioketela esan dute.
2020-7-18
https://www.berria.eus/albisteak/184524/aste-nagusiaren-ordez-aste-nahasia-ospatuko-dute-bilboko-konpartsek.htm
Bizigiro
Aste Nagusiaren ordez, Aste Nahasia ospatuko dute Bilboko Konpartsek
Abuztuaren 22tik aurrerako «egitarau xumea» antolatu dutela iragarri dute, eta jai eredu herrikoiaren alde mobilizatzeko deia egin dute
Aste Nagusiaren ordez, Aste Nahasia ospatuko dute Bilboko Konpartsek. Abuztuaren 22tik aurrerako «egitarau xumea» antolatu dutela iragarri dute, eta jai eredu herrikoiaren alde mobilizatzeko deia egin dute
Aste Nagusia egitekoa zen egun beretan egingo dute, baina ez da Aste Nagusia izango. Koronabirusaren eraginez, aurten ez da Bilboko jairik antolatuko, eta BIlboko Konpartsek ere argi adierazi dute ez dutela Aste Nagusirik ospatuko. Abuztuaren 22tik aurrera «ekimen ludiko eta kulturalen egitarau xume bat» antolatuko dutela iragarri dute, halere, eta Aste Nahasia deitu diote egitarau xume horri. Ainhoa Riveiro eta Iñigo Iglesias konpartsakideek azaldu dute zertarako, Areatzan eguerdian eskainitako prentsaurrekoan. «Pandemiak eta krisi ekonomikoak jotako Bilbo alaitzeko, entretenitzeko eta kultura eskaintzeko». Hurrengo asteetan emango dituzte programari buruzko xehetasunak, baina antolatuko duten guztiak osasun neurriak beteko dituela ziurtatu dute oraingoz, eta prebentzio irizpideak jarraitzeko asmoa ere azaldu dute. Programa «herrikoia» izango dela ere aurreratu dute, eta «feminista, euskalduna, ekologista eta ahal den eta parte hartzaileena». Egungo unea «tristea» dela onartu dute konpartsa kideek, eta pandemiaren ondorioz hil diren senide, lagun, lankide eta auzokideak izan dituzte gogoan, lana berreskuratu ezin izan dutenekin batera. Egoera horretan, ordea, beharra sentitu dute «ekimen koloretsu eta kolektiboa» sortzeko. Eta bi errealitate horien arteko «kontrastea» irudikatzeko jarri diote Aste Nahasia izena antolatuko duten programari. Oraingoz, Aste Nahasiarentzako kartel lehiaketa da abian jarri duten ekimena bakarra. Uztailaren 30era arte egongo da lanak bidaltzeko epea. Baina gehiago egongo direla esan dute, eta jai herrikoien defentsarako elkarlanerako deia ere egin diete Euskal Herriko jai eragileei. Onartu dutenez, «hankaz gora» utzi du pandemiak konpartsek orain arte egindako lana. Azaldu dutenez, urriaz geroztik ehunka kide aritu dira 2020ko Aste Nagusia prestatzen, eta bideratzen hasia zuten programa, martxoan ezarritako osasun krisiak dena aldatu zuen arte. Iaz antolatutako 566 ekitaldiak aztertzen ari ziren, eta behin eta berriz saiatu dira guztiak unean-uneko osasun neurrietara moldatzen. Onartu dutenez, ordea, haietako gutxienek soilik pasa ahal izan dute galbahea, eta bertan behera gelditu dira gehien-gehienak. Bestelako ekimen sorta berri bat prestatu behar izan dute horregatik, eta ekimen sorta hori izango da, hain zuzen, Aste Nahasiaren muina. Jai herrikoien aldeko mobilizazioa Konpartsakide Eguna izango zuten gaur Bilboko Konpartsek. Aste Nagusia heldu aurretik konpartsek egin ohi duten ekitaldi nagusietako bat izaten da hori, baina aurtengoan, koronabirusaren eraginez, egokitu egin behar izan dute hura ere. Eguerdian, ehun pertsona inguru elkartu dira, halere, konpartsetako kamisetak jantzita, Aste Nahasia aurkezteko prentsaurrekora, eta jari herrikoien aldeko kale jira manifestazioa antolatu dute arratsalderako. 18:00etan abiatuko da protesta, Arriaga plazatik hasita, «Jaiak bultzatzen!» lelopean. Txosna guneak hartu ohi duen perimetro osoari emango diote buelta, eta Arriagan amaituko dute ibilbidea. «Normalitate berrian» ere, jai eredu «parte-hartzailea zaindu eta defendatzeko» deitu dute mobilizazioa Konpartsek. Mehatxupean ikusten dituzteztelako festak. «Beldur gara aurreko krisietan bezala erakundeek oraingo normaltasun berria eta krisi ekonomikoa baliatuko dituzten jai herrikoiei oztopoak ipintzeko: murrizketak, trabak, debekuak, eredu parte-hartzailearen kontra jotzeko eta alor horren pribatizazioa sustatzeko, osasungintzan, hezkuntzan eta abarretan gertatu den legez».
2020-7-18
https://www.berria.eus/albisteak/184525/urtubia-bere-esanetan-zehar.htm
Politika
Urtubia, bere esanetan zehar
Ibilbide luzean zehar arlo askotariko gogoetak egin izan ditu Lucio Urtubiak, ahoz nahiz idatziz. Lucio dokumentalak bihurtu zuen ezagun, eta geroztik dozenaka elkarrizketa egin dizkiote. Horietako batzuetan utzi zituen esaldiok:
Urtubia, bere esanetan zehar. Ibilbide luzean zehar arlo askotariko gogoetak egin izan ditu Lucio Urtubiak, ahoz nahiz idatziz. Lucio dokumentalak bihurtu zuen ezagun, eta geroztik dozenaka elkarrizketa egin dizkiote. Horietako batzuetan utzi zituen esaldiok:
«Nik suerte handia izan dut, izugarrizko suertea. Eta horregatik egin dut egin nahi izan dudana. Izar batekin jaio nintzen. Nik ere ez dut sinisten bizi izan dudan guztia». 2015eko urriaren 13a, ElDiario.es «Euskal Herri osoan erakusten didaten maitasuna... Ez dut merezi. Bada nik baino gehiago sufritu duen eta nik baino gehiago egin duen jendea, baina nik suerte hori izan dut, ez dakit zergatik». 2015eko urriaren 12a, Cronica Popular «Lodosan CNTko 160 fusilatu zituzten. Egia esan behar da: Franco zen kabroi hark bazekien zer egin zuen, bi urtez lotan egon balitz ez dakit nola bukatuko genuen, baina iraultza martxan zegoen. Adibidez, nire herrian 30 anarkista baziren. Nire aita sozialista zen. Zer egiten zuten anarkistek? Utzitako lurrak okupatzen zituzten. Gurean, herri lurrak okupatzen zituzten, zatitzen zituzten, eta ez zeuzkatenei ematen zizkieten. Zintzoak izateagatik fusilatu zituzten. Hor dago Sartaguda, alargunen herria: ez zuten gizon bat ere utzi. Lodosa, ondoan: 160 fusilatu. Herri horietan guztietan, Allon-eta, sekulakoa zegoen, bai horixe». 2008ko urtarrilaren 13a, alasbarricadas.org «Borrokatzeak balio du. Gainera, plazer bat da borrokatzea. Plazer bat da gauzak egitea». 2008ko urtarrilaren 13a, alasbarricadas.org «Begira, ekonomia aldetik ez, baina alde pertsonaletik, oso egoista naiz. Nahiago dut bakarrik egon, konpainia txarrean baino. Niri interesatzen zait balio duen jendea, horrekin aberasten naiz egunero, eta ez gauza materialekin. Badaukat jatekoa: zertarako nahi dut gehiago? Jendea interesatzen zait niri». 2008ko urtarrilaren 13a, alasbarricadas.org «Dena da inportantea. Ez dezala jende derrotistak esan: "Zertarako hori?". Ba ea zer proposatzen duzun zuk! Ez baduzu ezer proposatzen, egon zaitez isilik! Dena dago egiteko». 2008ko urtarrilaren 13a, alasbarricadas.org «Anarkia putetxe handi bat dela uste duzu, ala? Anarkia sormena da, lana, maitasuna. Maitasunak egiten gaitu langile, sortzaile, eta orduan hasten gara borrokatzen. Nola ez zara borrokatuko zinez maite duzunaren alde?» 2011ko abenduaren 25a, Argia «Ni ez nago aberastasunaren aurka, aberastasunaren erabilera ankerraren kontra baizik. Munduan ez dago nahikoa diru denak duin bizi ahal izateko? Gauzak garbi: dirua ez da papera besterik, eta bankuak gangsterrak dira». 2011ko abenduaren 25a, Argia «Banku bat sortzearen aldean, zer-nolako delitua da banku bat lapurtzea?» 2007, 'Lucio' dokumentala «Pobrea jaio nintzen, 1930eko hamarkadako Espainian. Gosez hiltzen gintuzten! Alpargatarik ere ez geneukan. 12 edo 13 urterekin, kartzelara eramaten ninduten bihurrikeriak egiteagatik. Nire amak ezin zuen bost pezetako isuna ordaindu, eta han gelditzen nintzen. Baina ez diot herrarik inori. Ez dakit gorrotatzen». 2019ko urriaren 7a, Público «Ez nuen inolako ahaleginik egin behar izan Eliza, jabetza pribatua eta Estatua gorrotatzeko. Nik ez nuen ez ogirik, ez alpargatarik. Nire gaztaroa terrorez eta bidegabekeriaz betea egon zen. 5 urte nituenerako egurrezko fusil batekin desfilarazten zidaten herriko plazan; jendea hiltzen erakutsi zidaten umetatik. Horregatik gorroto nuen Espainia, eta Nafarroa, eta denak». 2015eko urriaren 13a, ElDiario.es «[Bankuei lapurtutakoaz] Diru hori kausa justuetarako zen, inoiz ez niretzat. Ohore bat eta plazer bat zen kutxa hustea! Baina, hori bai: inori minik egin gabe, horretan oso zorrotza izan nintzen». 2019ko urriaren 7a, Público «Espropiatzeari utzi nion, ez delako harrotzeko ezer bankuko langile bati metraileta bat jartzea buruan, diru guztia eman diezazun. Galtzetan pixa egiten nuen, erabili nahi ez nuen bortizkeria bat erabili beharko ote nuen beldur nintzelako». 2015eko urriaren 13a, ElDiario.es «Jakiteko, lan egin behar da. Ez badugu lanik egiten, ez dakigu ezer. Egin litezke gauzak, baina ez da hasi behar mirarietatik, baizik eta txikienetik. Eraikuntzan lan egiteko, adibidez, erratza pasatzen ikasi behar da aurrena. Gazteei ez zaie gustatzen erratza pasatzea. Baina txikia egiten ez badugu, inoiz ez dugu egingo handia». 2015eko urriaren 13a, ElDiario.es «[Fidel Castro maiz kritikatu zuen] Ez dut nik esaten, Makiavelok baizik: ez dago gobernurik krimenik gabe. Eta jaun horiek Kubaren jabe egin ziren. Zertarako? Bere korta propioa edukitzeako. Hori da iraultza? Horixe ezetz!» 2019ko urriaren 7a, Público «Fidel adiskidea Lurrak eman duen gizonik perbertsoena da, baina baita azkarrena ere. Eskua sorbaldan botatzen badizu, konbentzitu zaitu. Esaten diet lagunei: "Fidel bezala izan behar duzue: Fidelek garaipenak ateratzen ditu hondamendietatik". Camilo Cienfuegos berak eta anaiak likidatu zuten, eta Kuba osoa negarrez jarri. Che abandonatu zuen han, hamazazpi gerrillerorekin, Bolivian. Martir egin zuen Che, eta orduan laudatu zuen, bera izan zenean traizionatu zuena. Dena hondamendiak, dena garaipenak, Fidelek». 2008ko urtarrilaren 13a, alasbarricadas.org «Nafarroa oso fatxa izan da. Herri hau gorroto nuen, haurra nintzenean gosea, injustiziak eta krimenak baino ez nituelako ikusi. Hain gaiztoak izan diren diputazio eta gobernu zibila, udal faxista, nazkagarri eta gaizto horiek ikusita, ba, noski, nik herri hau ez nuen maite. Orain ez dut esan nahi denak konbentziturik daudenik, baina gazteria oso ona dugu». 2015eko irailaren 13a, BERRIA «Ni prest nago ongia egiten duen edozeini eskua luzatzeko. Ni gehiago fidatuko nintzateke aita santuaz Felipe Gonzalez gizatxarraz baino». 2015eko irailaren 13a, BERRIA «Gizartea ezin da aldatu jendeak ez badu nahi. Ezin da. Beraz, guztiek jarrera aldatu behar dugu. Adibidez, kazetariek maitasun hizkera erabili beharko zenukete». 2015eko irailaren 13a, BERRIA
2020-7-18
https://www.berria.eus/albisteak/184526/batasuneko-kideak-erlojuaren-aurka-ari-dira-adostasunaren-bila.htm
Ekonomia
Batasuneko kideak erlojuaren aurka ari dira adostasunaren bila
Laguntza zuzenak murriztu eta maileguak handitzen ditu eztabaidan duten azken planak. Xuhurren Taldeak beto eskubidearen alde dihardu, laguntza zuzenak egiturazko erreformekin lot daitezen
Batasuneko kideak erlojuaren aurka ari dira adostasunaren bila. Laguntza zuzenak murriztu eta maileguak handitzen ditu eztabaidan duten azken planak. Xuhurren Taldeak beto eskubidearen alde dihardu, laguntza zuzenak egiturazko erreformekin lot daitezen
Pandemiaren krisi ekonomikoari aurre egiteko suspertze planaren negoziazioek aurrera jarraitzen zuten atzo gauean, Bruselan. EBko estatu kideen artean marraztu diren bi bloke argiak nor baino nor gehiago ari ziren hegoaldeko herrialdeentzat premiazkoa den funtsa eratzeko modua negoziatzen. Europar Kontseiluko presidente Charles Michelek jatorrizko plana aldatu zuen goizean, eta mahai gainean jarritako agiriak desberdintasun garrantzitsu batzuk jaso ditu, Xuhurren Taldea akordiora erakartzeko. Iluntzerako plan berritu horren beste gaurkotze bat espero zuten hainbat kidek. Edonola ere, 750.000 milioi euroko funtsari eutsi dio plan berrituak, baina oreka aldatu egin da birusak gehien kaltetutako herrialdeek jasoko lituzketen laguntza zuzenak eta itzuli beharreko maileguen artean. Transferentziak 450.000 milioikoak lirateke, hau da, 50.000 milioi gutxiago, eta maileguak 300.000 milioikoak, 50.000 milioi gehiago. Ez du ematen funts horien kopurua oztopo gaindiezina denik. Espainiak eta Italiak ez dute gustuko laguntzak txikitzea, baina amore emateko prest leudeke agian. Benetako arazoa laguntzen baldintza mailan legoke. Agiri berriak beto eskubidea ematen baitie estatu kideei herrialde batek eskatutako laguntzaren inguruan. Xuhurren Taldea gogor ari da jokatzen betoaren alde, Herbehereak buru dela, eta laguntzak erreformekin lotu nahi ditu, eskatzaileen lan merkatuetan eta pentsio sistemetan ezartzeko. Madril eta Erroma ez daude prest halakorik onartzeko. Beto horrek laguntzak blokeatzeko ahalmena emango lioke Hagari. Laguntzen truke eskainitako erreformak ez baditu gustuko, edo ez badira nahiko sakonak, «emergentzia galga» aktibatzeko eskubidea luke, EBko beste edozein estatu kidek bezala. Goi bilera bat eragingo luke mekanismo horrek, laguntza eskaera zehatzak aztertzeko. Azken erabakia aho batez hartu beharko ote litzatekeen da gakoa, ordea. Espainiak hor jarri du marra gorria. Txeke handiagoak Bi blokeek urrun jarraitu zuten goi bileraren bigarren egunean, «ez atzera ez aurrera», Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak esan zuenez iluntzean, baina balantza nora erortzen doan argitzen hasi da, eta Alemaniak ohartarazi du «denek» amore eman beharko dutela. Berlin eta Paris ados dira suspertze plana«lehenbailehen» adostu behar dela esatean, baina xuhurrak prest agertu dira beste goi bilera bat eragiteko, diru laguntzen kopurua gehiago murriztu nahi dutelako. Espainia, Italia eta Frantzia bera —beste hein batean— erlojuaren aurka ari dira. Austeritatearen aldekoek, Frugal Four taldekoek —Herbehereak, Suedia, Danimarka eta Austria— ez dute presarik. Europar Kontseiluko presidentearen plan berritua «norabide zuzenean egindako urratsa» dela uste du Hagak, «gai asko argitzeke» ikusten dituen arren. Azken planari jarraiki, kideek 325.000 milioi jasoko lituzkete RFF Suspertzerako eta Erresilentziarako Funtsaren bidez, planaren habe nagusia. Gainontzekoa (125.000 milioi euro) beste programa batzuen bitartez iritsiko lirateke premia duten herrialdeetara, esaterako Kohesio Politikarako Funtsaren bidez (45.000 milioi euro) eta InvestEU planaren bidez (11.500 milioi). Bada beste aldagai garrantzitsu bat Iparraldeko belatzak gozatzeko. Herrialde aberatsek Batasunaren aurrekontuari egindako ekarpena doitzeko baliatzen diren txekeen kopurua handitu du planak. Ekarpen horiek arintzeko diru gehiago jasoko lukete txekeen bidez. Guztira, Austriak, Alemaniak, Danimarkak, Suediak eta Herbehereek 46.000 milioi euro aurreztuko lituzkete 2021-2027 aldian. Aldi horretarako aurrekontua ere negoziatzen ari baitira kideak. 1,074 bilioi eurora apaldu du aurrekontua azken planak (1,1 bilioi zen abiaputua), austeritate zaleen alde. Bilera akordiorik gabe amaituko balitz, hiru aukera zabalduko lirateke. Aldeen posizioen urruntasun-gertutasunaren arabera, gerta daiteke bihar bertan jarraitzea negoziazioan. Uztaila amaitu aurretik beste bilkura bat egitea da bigarren aukera; eta goi bilera berria irailera atzeratzea litzateke hirugarrena; albiste txarra litzateke hori hegoaldearentzat.
2020-7-18
https://www.berria.eus/albisteak/184527/urrizak-eta-zubirik-irabazi-dute-galarretako-50-urteurreneko-txapelketa.htm
Kirola
Urrizak eta Zubirik irabazi dute Galarretako 50. urteurreneko txapelketa
Alde handiz menderatu dituzte Juanenea eta Endika (35-16), partida serio eta eder bat jokatuta.
Urrizak eta Zubirik irabazi dute Galarretako 50. urteurreneko txapelketa. Alde handiz menderatu dituzte Juanenea eta Endika (35-16), partida serio eta eder bat jokatuta.
Bukatu da Galarreta pilotalekuaren 50. urteurrena ospatzeko jokatu den txapelketa, Oriamendi enpresak antolaturikoa, eta Urriza-Zubiri bikotea izan da txapelduna. Finalean, gaur, alde handiarekin irabazi diete Juanenea eta Endika bikoteari. Partida serioa jokatu dute urdinek, bien artean bi pilota baino ez dituzte galdu, eta egin, aldiz, asko egin dute: Urrizak hemezortzi tanto amaitu ditu, eta Zubirik, zortzi. Aukerarik ez diete eman aurkariei. Hala ere, berdinduta hasi da partida, eta launako berdinketarekin ematen zuen estua izango zela. Baina zortzi tanto erreskadan egin dituzte Urrizak eta Zubirik, eta hor zabaldu dute aurreneko alde handia, erabakigarria izan dena gero. Partidako une horretan eta hortik aurrera zer gertatu den ondo azaldu du gero Endikak: "Urrizak lekua hartu du kantxan momentu horretan, eta pilota ezin kendu ibili gara hor eta gero". Bost tantora gerturatu badira ere gorriak, beste segida luzea egin dute urdinek segituan, eta 20-11 jarri dira. Gorriek tanto bat egiterako urdineko hiruzpalau egiten zituzten, eta kolpe erabakigarria 26-16 zirela etorri da: 35eraino zuzenean joan dira Urriza eta Zubiri. Partida zer izan den ondo azaldu dute gero lau pilotariek. Urrizak emaitzaren garrantzia nabarmendu du: "Aurretik joanda, errazagoa da dena. Partida handia egin dugu". Zubirik hasieran jarri du arreta: "Finala abian jarri denetik, partidan oso sartuta izan gara". Galtzaileek ez diote erreparorik jarri emaitzari. Oso garden mintzatu du Juanenea: "Erridikuloa egin dugu". Endikak gehitu du "partida kaskarra" egin dutela.
2020-7-18
https://www.berria.eus/albisteak/184528/artxibatu-egin-dute-bilboko-talde-bortxaketaren-kasua.htm
Gizartea
Artxibatu egin dute Bilboko talde bortxaketaren kasua
Bilboko 4. instrukzio epaitegiaren arabera, kontraesanak daude biktimaren testigantzaren eta ikerketako frogen artean. Salatutako erasoa iazko abuztuan gertatu zen, Etxebarria parkean.
Artxibatu egin dute Bilboko talde bortxaketaren kasua. Bilboko 4. instrukzio epaitegiaren arabera, kontraesanak daude biktimaren testigantzaren eta ikerketako frogen artean. Salatutako erasoa iazko abuztuan gertatu zen, Etxebarria parkean.
Sumindura eragin zuek albisteak iazko udan: 18 urteko emakume batek salatu zuen sei gizonezkok bortxatu egin zutela Bilboko Etxebarria parkean. Berriz ere talde bortxaketa bat Euskal Herrian. Abuztuaren 2an zabaldu zen albistea, eta harekin batera jakin zen sei gizon atxilotu zituztela erasoa leporatuta. Berehala etorri ziren arbuioak eta gaitzespen mezuak: milaka lagun atera ziren kalera erasoa salatzera. Ia urtebete pasa da ordutik, eta epaileak kasua artxibatzea erabaki du orain. Bilboko 4. instrukzio epaitegiaren arabera, kontraesanak daude salaketaren eta ikerketaren frogen artean. Epailearen arabera, ez datoz bat salaketa jarritako emakumeak esandakoa ikerketaren emaitzekin, eta beraz, ez dago oinarri nahikorik deliturik egon zenik frogatzeko. Beraz, auzia artxibatzea erabaki du auzitegiak. Erabakia ez da behin betikoa, halere, eta aldeek helegitea aurkez dezakete hala nahi izatekotan. Gizon bat espetxean Ertzaintzak sei gizon atxilotu zituen sexu erasoa egitea egotzita. Bi identifikatu egin zituen biktimak, eta espetxean sartu zituzten berehala. Horietako bat baldintzapean aske utzi zuten handik egun gutxira, halere. Gainerako lau gizonak ere aske utzi zituzten, erasoarekin lotzeko nahikoa frogarik ez zegoela argudiatuta.
2020-7-18
https://www.berria.eus/albisteak/184529/oriora-joan-dira-getxoko-bi-banderak.htm
Kirola
Oriora joan dira Getxoko bi banderak
Orioko irabazi ditu Eusko Label eta Euskotren ligako bi estropadak. Gizonezkoetan, harrobiko bederatzi arraunlarirekin lortu du aurtengo lehen trapua, eta bigarren da sailkapenean. Emakumezkoetan, hirugarrena du aurten.
Oriora joan dira Getxoko bi banderak. Orioko irabazi ditu Eusko Label eta Euskotren ligako bi estropadak. Gizonezkoetan, harrobiko bederatzi arraunlarirekin lortu du aurtengo lehen trapua, eta bigarren da sailkapenean. Emakumezkoetan, hirugarrena du aurten.
Getxok granate kolorea du herriko banderan, baina gaurtik, horia gehitu diote Orioko arraunlariek. Gizonezkoetan eta emakumezkoetan, bi bandera jarri jokoan Bizkaiko herri horretan, eta biak Orion daude orain. Egun handia izan da talde historikoarentzat, noiz eta etxeko estropadaren bezperan. Esanahi berezia eman nahi dionak, gainera, eman egingo dio. Ertz asko izaten dituen harrobiaren gaitik begiratuta, baduelako mamia Jon Salsamendiren taldeak lortu duengaraipenak: bederatzi harrobiko arraunlari jarri ditu tostetan. Beste ukitu berezi pare bat ere baditu gaurkoak: aurtengo ligan, bigarren garaipena du Oriok, eta aurreneko bandera. Lehen kaletik irabazi izanak ere badu berea, ez baita ohikoa izaten halakoak ikustea Getxoko eremuan. Azkeneko txandan joan da garailea, alboan, hurrenez hurren, Santurtzi, Urdaibai eta Donostiarra zituela. Aurreneko luzean jarri da buruan Orio, baina ez alde handiz. Pare bat segundoren barruan ibili dira lau taldeak, eta ikusgarria izan da ziabogara heldu aurreko tartea, ematen baitzuen hasierako txanpan zirela, elkarren gainean. Ziaboga ematen aurrena ez da Orio izan, Urdaibai eta Santurtzi baizik. Segundo bat gehiago behar izan ditu geroko garaileak, eta bi gehiago Donostiako taldeak. Ikusirik aurreko bi txandetan, lehen kaletik Aresek eta Hondarribiak segundoak azkar galdu dituztela buelta hartu eta berehala, izango zen kezka Orioren baitan. Baina justu, hortxe hautsi du berdintasuna. Bizpahiru segundo aurretik jarri da Bizkaiko bi taldeekiko, eta dozena erdi bat sartu dizkio Donostiarrari. Haizea zebilen itsasoan, eta olatuxka ur gainean, etekin pixka bat ateratzeko modukoa, luzea ez izanagatik ere. Orio dotore ari zen moldatzen baldintza horietan, arraunean presarik gabe eginez, eta soilik egoerak eskatzen zuenean bizituz pixka bat erritmoa. Estropada erdian, hiru segundo atzetik zuen Urdaibai, laura Santurtzi, eta zazpira Donostiarra. Hirugarren luzean, aldeak hor ibili dira, hirugarren ziabogan, bi segundora zuelako Santurtzi, hirura Urdaibai, eta zortzira Donostiarra. Azkeneko luzean, Santurtzi segundo batera ere jarri zaio Oriori, liderrak lehen bandera nahi zuelako. Ikusgarria izan da nola sarritu duten biek erritmoa lanak bukatzeko asko falta zenean oraindik. Bandera zuten jokoan, eta Oriora joan da, bi segundo eta 36 ehunengatik, eta Urdaibaik egin du hirugarren, sei eta 54ra. Lan bikaina egin dute Jon Elortegirenek. Donostiarrak itxi du txanda 16,98ra. Aurrea hartu dio Zierbenak, bigarren txandako garaileak. Ondo menderatu ditu Hondarribia, Cabo eta Isuntza, arraunean seguru eta sendo jardunez. Bihar Orion (12:00), ohorezko txandan ariko dira Juan Zunzunegirenak, atzoko lehen hiru sailkatuekin batera. Zarautz, Hondarribia, Donostiarra eta Cabo ariko dira bigarrengoan, gaur zarauztarrek zazpigarren egin dutelako, lehen txanda irabaziz, gainera. Estutu egin da atzeko lehia, Ares azkena izan delako, hiru segundoko zigorragatik, Ondarroarekin palak jotzeagatik azken txanpan. Kaikuk egin du bigarren lehen txanda horretan, lan ona eginez, eta sailkapenean, orain, Zarautz azken-aurrekoa bi puntura gerturatu zaie Ondarroari eta Aresi. Bihar ere Orion, lehia estua izango da atzeko postuetan, baina ezingo dute ikusleek ikusi, COVID-19agatik, debekatuta dutelako zaleek eremura bertaratzea. Euskotren ligan, aldea gora Euskotren ligan, kolore horiak segitzen du nagusi izaten. Bosgarren estropada jokatu dutegaur, eta lau garaipen joan dira Oriora. Hirugarren bandera dute ligan Xanti Zabaletaren arraunlariek, eta bost puntuko koska zabaldu diote Donostiarrari. Hasi eta buka nagusitu dira oriotarrak, eta hasi aurretik, gainera, aurkari zuzenak, Donostiarrak, hiru segundoko zigorra jaso du, epaileen ustez behar baino lehenago ateratzeagatik. Bigarren irteera izan da balekoa, eta une batez Donostiarrak, lehen kaletik, segundoko aldea hartu badu ere, berehala jarri da buruan, eta ez dio utzi leku gustagarrienari. Laugarren kalean zen ligako liderra, eta kanpora joateko kale ona zela azaldu dute gero talde garaileko arraunlariek. Atzetik, gertuen, Donostiarra zeukan, eta hiru segundoan finkatu da aldea lehen luzean. Bi talde horian txopa ikusten Arraun eta Hondarribia joan dira sei-zazpi segundora. Ziabogan, Oriok hiru segundo ateratzen zizkion Donostiarrari, sei Arrauni, eta zazpi Hondarribiari. Bigarren luzean, ez da aldatu taldeen hurrenkera, baina bai estropadaren joera, une batez. Donostiarrak istriborrera jo du, olatuxka txikia hobeto baliatzeko bigarren kaletik. Segundo batera ere gerturatu zaio Oriori azkeneko bi minutuetan, baina bukaeran, hiru atzetik sartu da helmugan. Arraunek bermatua zekarren hirugarren lekua, bueltako luze ederra eginez. Hondarribia oso atzean utzi du, eta azkenean, Oriok zazpi segundo atera dizkio. Segundo pasatxoa izan du soberan Donostiarraren denbora [zigor eta guzti] hobetzeko, segundoa eta 64 ehunen atzerago geratu delako. Hondarribia 22,18 segundora sartu da. Gaur, Orion ariko dira lau taldeak (11:40), seigarren jardunaldian, eta Ligako lan erdiak osatuko dituzte.
2020-7-20
https://www.berria.eus/albisteak/184561/reala-europa-ligarako-sailkatu-da.htm
Kirola
Reala Europa Ligarako sailkatu da
Adnan Januzajek partida amaitzeko hiru minutu falta zirenean sartutako golak eman dio sailkapena. Seigarren amaitu du liga, eta ez du atarikorik jokatu beharko.
Reala Europa Ligarako sailkatu da. Adnan Januzajek partida amaitzeko hiru minutu falta zirenean sartutako golak eman dio sailkapena. Seigarren amaitu du liga, eta ez du atarikorik jokatu beharko.
2017-2018 denboraldian jokatu zuen azken aldiz Realak Europan. Orduan ere azken jardunaldian lortu zuen sailkapena, Juanmi Jimenez Celtaren zelaian luzapenean sartutako gol bat esker. Antzera gertatu da oraingoan. Juanmiren ordez Adnan Januzaj izan da gola egin duena, Atletico Madrilen zelaian, faltaz, neurketa amaitzeko hiru minutu falta zirenean. Hala, Imanolen taldeak seigarren amaitu du liga, eta atarikorik jokatu behar izan gabe ariko da Europan. Sufrituta, eta Espainiako Kopako finala noiz jokatuko den argitu ez bada ere, ginga jarri dio denboraldi oso on bati. Realari eta Atletico Madrili berdinketak balio zien beren helburuak lortzeko. Baina Imanolen taldearentzat beti izan da zaila Atletico Madrilen zelaian jokatzea; arrazoi askorengatik, gainera. Zazpi denboraldi zeramatzan han irabazi gabe, eta Simeoneren taldea ezer oparitu ohi ez duen horietakoa da. Hala izan da oraingoan ere. Realari kostatu egin zaio partidan sartzea, eta lehen minutuetan Atletico Madril hobeto aritu da. Baina partida orekatuz joan da. Atletico Madrilek jokatu ohi dituen partida gehienak bezala, oso taktikoa izan da. Etxekoek gutxi behar dute gola egiteko, eta beste behin erakutsi dute. 30. minutuan lortu du Kokek, Reala bigun aritu baita defentsan. Baloia Moratari ailegatu, hark Kokeri utzi dio, eta jaurtiketa indartsu batekin gola egin du. Realak ez du aukera askorik izan lehen 45 minutuetan. Bigarrenean, Imanolek eskema aldatu du. Hiru erdiko atzelariekin jokatu beharrean, Llorente kendu eta birekin aritu da. Gainera, Barrenetxearen eta Porturen zelairatzearekin sakontasuna irabazi du. Pixkanaka txuri-urdinek gora egin dute, nahiz eta jakin Atletico Madrilek kontraerasoan min handia egin zezakeela, eta partida erabakita utzi. Baina ez da hala izan. Realak denboraldi osoan erakutsitako joko zuzenaren zantzu batzuk azaldu ditu. 83. minutuak Portuk izan du aukera garbia. Baina Oblakek esku ona atera du. Ondoren etxekoek izan dute gertu bigarrena, baina Moyak ondo konpondu du berak egindako akatsa, Carrascori gelditu ona eginez. 87. minutuan, ordea, saria izan du talde txuri-urdinak. Falta atera, eta Januzajek gola egin du. Oblakek berandu ikusi du, eta Reala Europan da. Jokalariek eta Imanolek zelaian ospatu dute sailkapena. Beste euskal taldeentzat ere amaitu da denboraldia, modu kaskarrean, gainera. Izan ere, jokoan ezer ez eduki arrean, partida kaskarrak jokatu eta Alavesek 0-5 galdu du Bartzelonaren aurka, Eibarrek 0-4 Vila-Realen zelaian, eta Athleticek beste horrenbeste Granadarenean. Osasuna zen etxean jokatzen zuen bakarra, eta bina berdindu du.
2020-7-20
https://www.berria.eus/albisteak/184562/urriza-eta-zubirik-irabazi-dute-50-urteurreneko-txapelketa-ezin-hobeto-jokatuta.htm
Kirola
Urriza eta Zubirik irabazi dute 50. Urteurreneko Txapelketa, ezin hobeto jokatuta
Finalean jaun eta jabe izan dira, Juaneneari eta Endikari 16-35 irabazita.
Urriza eta Zubirik irabazi dute 50. Urteurreneko Txapelketa, ezin hobeto jokatuta. Finalean jaun eta jabe izan dira, Juaneneari eta Endikari 16-35 irabazita.
Urriza eta Zubirik erraz gainditu dituzte Juanenea eta Endika, 16-35, Galarretako 50.Urteurren Txapelketan. Iruñeko eta Goizuetako bikoteak bere mailarik hoberenean jokatu zuten eta aurkariak ezinean aritu ziren. Hala ere, urdinen birtutez aritu ziren ezinean. Urriza hasieratik jokoan sartu zen eta tantoak erraz amaitzen zituen. Zubirik Endika eutsi bakarrik ez, gainditu ere egiten zuen. Sakearekin bikain ibili zen eta aukerarik ez zuten eman. Partidua berdindua eta oso bizi hasi zen, baina launako berdinketa eta gero 0-8ko partziala egin zuten Urriza eta Zubirik, zortzi tantoko abantaila lortuz. Hortik aurrera abantaila ongi eutsi zuten. Gorriak sahiatu ziren eta lau tantora ere hurbildu ziren, 8-12, baina berrez ere aldea bederatzi tantora zabaldu zuten, 11-20. Lehenengo atsedena eta gero jokoa ez zen asko aldatu. Pilota bizi ibili zen eta tanto borrokatuak ikusi ziren, hori bai ia beti urdinen alde erortzen ziren. Urrizaren defentsa ikaragarria izan zen eta erasoan Zubiri eta biak ezin hobeto jardun ziren. 15-22koa Juaneenak egin zuen eta hortik aurrera bikote bakarra egon zen kantxan. Abantaila 15-26ra zabaldu zuten eta Juanenearen azken tantoa eta gero beste bederatzi tanto jarraian egin eta 16-35 itxi zuten markagailua. Azken tantoetan bakarrik etsi zuten gorriek, azken lau tantoetan, ordura arte urdinen birtuteak nagusitu ziren. Bai atzean eta bai aurrean gehiago izan ziren eta garaipenak ez zuen aitzakiarik izan. Dirua parean irten zen, baina partidua ez zen arekatua joan. Markagailua erakusgarri izan zen. Pilotarien zenbakiak ere bai. Urrizak 18 tanto egin zituen, pilota bakarra huts egin gabe. Zubirik zortzi tanto egin zituen piloteoan eta lau sakez. Goizuetarrak bi akats bakarik egin zituen. Gorrietan Juaneneak bederatzi tanto egin zituen eta hutsegite bakarra. Endkak lau tantorekin amaitu zuen, hiru akatsekin piloteoan, sakearekin tanto bat eta falta bat egin zuen. Partidu amaieran Juaneneak "ridikulu" hitza erabili zuen eta Zubirik azpimarratu zuen "entxufatuta" sartu zirela bai bera eta Urriza.
2020-7-20
https://www.berria.eus/albisteak/184563/gehienek-helburuak-bete-dituzte.htm
Kirola
Gehienek helburuak bete dituzte
Realak Europan jokatuko du datorren sasoian, eta mailari eustea lortu dute Osasunak, Eibarrek eta Alavesek; nafarrek, gainera, aise eta lehiakor jokatuta. Athletic Europara sailkatzeko bidean geratu da.
Gehienek helburuak bete dituzte. Realak Europan jokatuko du datorren sasoian, eta mailari eustea lortu dute Osasunak, Eibarrek eta Alavesek; nafarrek, gainera, aise eta lehiakor jokatuta. Athletic Europara sailkatzeko bidean geratu da.
Amaitu da azkenean 2019-2020ko Espainiako liga, ia urtebete pasatu eta gero, koronabirusaren ondorioz hiru hilabetez etenda egon eta gero. Reala izan da euskal taldeen artean distira gehien egin duena, eta Europarako sailkatu da. Athletic borrokan ibili da, baina amaiera tristea eman dio sasoiari. Osasunak aise lortu du salbazioa, eta Eibarrek, eta batez ere Alavesek, sufrituta. Reala (6. 56 puntu) Gozatzeko denboraldia Konfinamenduaren osteko bolada txarrak ia ginga jartzea eragotzi dion arren, oso denboraldia ona izan du Realak. Joko ikusgarria eginez, ligako sentsazioetako bat izan da Imanol Alguacilen taldea, eta azkenean Europa Ligarako sailkapena lortuz biribildu du. Atarikorik jokatu gabe, gainera. Hor du baita ere Espainiako Kopako finala zain, Athleticen kontra. Zale txuri-urdinek ez dute berehalakoan ahaztuko final-laurdenetan Santiago Bernabeun lortutako garaipena (3-4). Koronabirusaren pandemiak ateak itxita jokatzera behartu arte, ikaragarria izan zen taldearen eta zaleen arteko lotura. Anoeta berriak eta Bultzadaren babesak airean eraman zuen Imanolen taldea. Bien arteko lotura ikaragarria izan zen. Izan ere, zaleen babes nekaezina taldearen joko ikusgarriarekin egin zuen bat. Hori izan da denboraldiaren gakoetako bat. Bestea jokalarien maila. Horien artean izan bat nabarmendu behar da Martin Odegaardena. Norvegiarra guztien ahotan egon da, eta taldearen iparrorratza izanda. Isaakek ere zertzeladak baino gehiago utzi ditu, eta etorkizun handiko golegilea izan daitekeela erakutsi du. Porturen abiadurak eta Monrealen eskarmentuak asko lagundu diote taldeari. Fitxaketekin, beraz, fin aritu zen Olabe. Baina ez da ahaztu behar zeudenen ekarpena. Oiartzabalen lidergoa eta nortasuna, Merinok eta Zubeldiak zelai erdian egindako lana, Zubeldia eta Elustondoren lan isila... Eta denen gidari Imanol Alguacil. Lidergoa eta nortasuna erakutsi ditu hark ere. Albiste txarrena Illarramendiren lesioak izan dira, denboraldi osoa jokatu ezinik egon baita Mutrikukoa. Baita ere Willian Joserekin pasatakoa. Espanyolen aurkako Espainiako Kopako kanporaketa jokatzeari uko egin zion, Evertonera zihoalakoan. Azkenean ez zen joan. Baina ikusteke dago udan honetan zer pasatuko den harekin. David Zurutuzaren agur denboraldia ere izan da. Osasuna (10. 52 puntu) Balio handiko denboraldia Igo berria izanda, mailari eustea zen Osasunaren helburua denboraldia hasi zenean. Aise lortu du, denboraldi aparta eginez. Igoerkoa denboraldiko txanpa ona baliatuz, nafarrek oso izaera lehiakorra erakutsi dute denboraldi osoan zehar, hiruzpalau partidetan salbu. Etxean Granadaren, Atletico Madrilen eta Valentziaren aurka jokatutakoak. Gainontzean, talde orekatua eta borrokalaria izan da, bere indarguneei etekina atera diena, eta gabeziak ondo estali dituena. Langilea eta Jagoba Arrasatek proposatutako jokatzeko era zintzo erakutsi duena zelaian. Hain zuzen ere, entrenatzaile moduan duen balioa erakusteko denboraldia ere izan da Arrasatek. Marka bat ere ezarri du. 2018-2019 denboraldikoak batuta, 31 partida egin baitzituen Sadarren galdu gabe. Atheticek apurtu zuen marka, 1-2 irabazita. Fitxaketen artean izen bat nabarmendu behar da: Chimy Avilarena. Sasoiko izarretako bat izaten ari zen aurrelari argentinarra. 11 gol zeramatzan, eta zaleen kuttuna zen. Levanteren aurkako partidan, urtarrilean, ezker belauneko lotailu gurutzatua apurtu zuen. Lesio larria, eta kolpea nafarrentzat. Baina horri ere buelta ematen jakin zuten, talde jokoa indartuz. Nabarmendu den beste jokalarietako Pervis Estupiñan izan da. Ezker hegalekoa ezusteetako bat izan da. Taldeari sakontasuna eman dio, eta hauspoa eta indarra erasoan. Nekaezina izan da hegala igotzen eta jaisten. Watfordek bi denboraldiz utzi zion Osasunari Estupiñan, baina egin duen denboraldia kontuan hartuta, ikusteke dago jarraituko duen. Etxekoen artean, besteak beste, Roberto Torresen eta Ruben Garciaren lana nabarmendu behar da, baita Oier Sanjurjo kapitainarena. Osasunak mendeurrena beteko du datorren denboraldian, Lehen Mailan sendotuta, bai kirol ikuspegitik, zein ekonomikoki. Duela hiruzpalau denboraldi zaila zirudiena lortu du, eta ez du ematen gauzak asko aldatu behar dituenik. Nahiz eta Jagoba Arrasatek ziur beste urrats bat egin nahiko duela, eta horretarako atonduko duen hurrengo denboraldiko taldea. Athletic (11. 51 puntu) Ez da nahikoa izan Athleticek Europan jokatzea zuen helburu denboraldi hasieran. Baina ez du lortu. Aurreko ostegunean geratu zen aukerarik gabe. Leganesen aurka 0-2 galdu eta gero, eta amaiera tristea eman dio sasoiari Granadan 4-0 galdu eta gero.. Denboraldia ondo hasi arren, hamar partida eman zituen irabazi gabe abendua eta otsaila bitarte, eta hori zama handia izan zen. Konfinamendura jada kontrakarrean ailegatu zen Europarako lehian, baina borroka jardunaldi batzuk luzatu zuen etenaren ostean. Ez da nahikoa izan, ordea. Gozatua Espainiako Koparekin hartu dute zale zuri-gorriek. Izan ere, final historiko bat dute aurretik: Realaren aurkakoa. Garitanoaren taldeak sufrituta gainditu zituen kanporaketa guztiak, Intercityren eta Sestaoren aurkakoak izan ezik. Baina Elx eta Tenerife penaltietan utzi zuen zituen kanpoan, eta Bartzelona eta Granada azken minutuetan. Agurren denboraldia ere izan da. Garrantzitsuena Aritz Adurizena izan da. Jakina zen sasoi amaieran erretiroa hartuko zuela. Baina aldakako lesio batek, aurretik egitera behartu zuen. Talde zuri-gorriarekin 407 partida jokatu, eta 172 gol sartu ditu. Baina zenbakietatik harago doa Adurizek utzi duena, eta agurrean ikusi zen. Koronabirusarengatik San Mames hutsik zela, eta taldekide guztiak inguruan zituela, hunkituta esan zuen agur, euskara hutsez egindako hitzaldi batean. Beste bi jokalari garrantzitsuk ere utziko dute taldea, Beñatek eta San Josek. Biek ez dute jokatzeko aukera askorik izan sasoi honetan, eta ekainaren 30ean amaitzen zitzaien kontratua. Baina sasoia amaitu bitarte taldean segitzeko proposamena onartu zuten. Nahiz eta kaleratu zuten oharrean onartu zuten, egongo zela denbora hainbat gauza argitzeko. Datorren denboraldian Garitanok jarraituko du taldea zuzentzen, duela aste batzuk beste sasoi baterako berritu baitzuen kontratua, eta ikusteke dago, gero eta zailagoa den merkatuan mugimendurik egiten duten Ibaiganeko bulegoetatik. Javi Martinez izena ahoz aho dabil. Eibar (14. 42 puntu) Mendilibarren beste mirari bat Eibarrek beste denboraldi bat egingo du Lehen Mailan, zazpigarrena. Hori da esan daitekeen gauzarik onena. Helburua beteta, baina aparteko distirarik gabe. Aurreko denboraldietan beti lortu du emaitza bolada onak kateatzea talde gipuzkoarrak. Baina sasoi honetan hori falta izan zaio. Atzean, gainera, aurreko denboraldietan zuen sendotasuna galdu du hainbat neurketetan, eta hori zama izan da. Espanyolen zelaian lortu zuen salbazioa, bi penaltiri esker, eta partida hura sasoi osoaren isla izan zen: grisa. Fitxaketek ere ez dute aparteko distirarik egin, eta Dimitrovic, Diop, Kike, Charles eta enparauak izan dira beste behin babak eltzetik atera dituztenak. Are gehiago etenaren ostean, eta ekainaren 30ean kontratua amaituta, Orellanak eta Escalantek taldea utzi zutenean. Behin denboraldia amaituta, Jose Luis Mendilibarren etorkizunarekin zer pasatuko den zalantza. Duela aste batzuk zaila zirudien segitzea, teknikariak berak aitortu zuen nekatuta zegoela, eta gauza asko zituela hitz egiteko klubarekin. Baina, badirudi, beste denboraldi batez Eibarren aulkian eseriko dela, eta horrek airean utz dezakeela Fran Garagarza idazkari teknikoak jarraitzea. Baina datozen asteetan argituko da dena. Alaves (16. 39 puntu) Jarraitutasuna lortu ezinik Asier Garitanoren eskutik, Abelardok taldeari emandako egonkortasunaren segida eman nahi zion Alavesek. Aurkezpenean bertan Bergarako teknikariak argi utzi zuen hori zela bere xedea ere: "Kluba gauzak ondo egiten ari da, eta bide horri jarraituz, hazten segitzea da helburua, mugari jarri gabe”. Ondo ekin zion ligari, Levanteri 1-0 irabazi baitzion estreinakoan, eta hurrengo bi partidetan puntu bana eskuratu baitzituen Espanyolen (0-0) eta Getaferen (1-1) kontra. Baina handik bi jardunaldira, Athleticen eta Realaren aurkako derbietan itxura tamalgarria eman ondotik, lehen zalantzan sortu ziren teknikaren eta talderen inguruan. Zalantza horiek, gainera, sasoiko hainbat alditan agertu ziren. Hurrengoa Gabonetako etenaren aurretik izan zen.Urteko azken lau partidetan puntu bakarra lortu eta Hirugarren Mailako Jaenek Espainiako Kopatik kanporatu zuenean. Garitanok zuzentzen duen taldeen ezaugarria izan da, defentsako lan on batetik abiatuta, oreka izatea. Baina ez zuen hori lortzen, ez zion taldeari berak nahi zuen zigilua ematen. Erasoan, gainera, talde arabarrak gehiegizko mendekotasuna zuen Joselu eta Lucas Perezekiko. Zalantzari gabe haiek izan dira sasoi honetako fitxaketarik onenak. Biak izan dira taldeko golegile nagusiak. Taldeak gorabehera asko zituen emaitzetan, eta jokalariak erabakimenik gabe ari ziren. Urtea ez zen hobeto hasi, Mendizorrotzan Betisen aurka bana egin eta gero, Aleix Vidalek Garitanoren aldaketak kritikatu zituen, “defentsiboegiak” zirelakoan. Azkenean kapitainek esku hartu, eta jokalariak barkamena eskatu zuen, baina bazirudien jokalariek ez zuten teknikariaren jokatzeko era eta mezua barneratzen. Taldeak hobera egin zuen, eta sasoiko uneri onenean zela, eta Lehen Mailari eusteko helburua ondo bideratuta zuela zirudienean iritsi zen ligaren etena. Gozakaitz bueltatu zen taldea hiru hilabeteren ostean. Zazpi partidetan garaipen bakarra pilatzea lortu zuen. Bereziki mingarria izan zen Celtaren kontrako 6-0eko porrota. Azkenean, Valladoliden zelaian 1-0 galdu eta gero, zuzendaritzak Garitano kargutik kendu eta bi asterako Juan Ramon Lopez Muñizi eman zion taldea zuzentzeko ardura bi asteaz. Sufrituta bada ere, aurreko ostegunean lortu zuen salbazioa, Betisi 1-2 irabazi eta gero. Argitzeke dago Lopez Muñizek segituko duen, baina, ez dirudi. “Oso gustura egon naiz, plazera izan da”. Agurtu zen Bartzelonaren porrotaren osteko prentsaurrekoan”.
2020-7-20
https://www.berria.eus/albisteak/184564/beste-165-positibo-atzeman-dituzte-hego-euskal-herrian.htm
Gizartea
Beste 165 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, birsorkuntza tasa bitik gorakoa izan da asteburuan. Gipuzkoan detektatu dute kasu gehien: 63.
Beste 165 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, birsorkuntza tasa bitik gorakoa izan da asteburuan. Gipuzkoan detektatu dute kasu gehien: 63.
Atzo egin zituzten PCR probetan, 165 lagunek eman dute positibo Hego Euskal Herrian. Araban, seik; Bizkaian, 45ek; Gipuzkoan, 63k; eta Nafarroan, 51k. Nafarroako kasuen ia erdiek, 25ek, Mendillorriko agerraldiarekin lotuta daude. Han, 94 kasu atzeman dituzte denera. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak birsorkuntza tasaren (R0) berri ere eman du. Gaitza duen pertsona batek zenbat kutsatu ditzakeen adierazten du, eta hazi egin da asteburuan: 2,27 zen larunbatean, eta 2,21 atzo. Bestalde, kutsatu kopurua larunbatekoa (197) baino apalagoa izan bazen ere, PCR proba gutxiago egin zituen Osakidetzak atzo. Ostiralean, 4.997 proba egin zituzten, larunbatean 5.747, eta atzo, berriz, 3.560. Hau da, ostiralean baino ia 1.500 proba gutxiago, eta larunbatean baino 2.000 gutxiago. Itxialdian koronabirusak gutxien jo zituen herrialdeetako bat izan ondoren, Gipuzkoan ari da orain birusa indarra hartzen. Ordiziako fokuaren ondotik, beste batzuk sortu dira: Getaria, Zarautz, Tolosa, Eibar, eta atzo nabarmen ugaritu ziren kasuak Bergaran ere. Badirudi Getaria, Zarautz eta Tolosako fokuak apalduz doazela: Tolosan bi kasu atzeman ziren atzo, eta Getarian bat bera ere ez. Zarautzen sei izan ziren positiboak, baina larunbatean baino nabarmen gutxiago, 35 izan baitziren orduan. Eibarren, ordea, kasuek ugaritzen jarraitzen dute: 21 positibo detektatu zituzten larunbatean, eta 24 atzo. Bergaran ere, gora egin du positiboen kopuruak, 11 kasu detektatu baitituzte. Jaurlaritzako Osasun Sailak larunbatean jakinarazi zuen foku bat sortu zela Ermuan (Bizkaia): 48 kasu detektatu ziren, batik bat Eibarko eta Zarauzko fokuekin lotuta. Atzo beste 23 kasu izan ziren herrian. Ermuko Udalak gazteei ohartarazi die birusa arriskutsua dela haientzat ere, eta arduraz jokatzeko eskatu die. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi dio positibo gehienak 16 eta 22 urte bitarteko gazteenak direla. Aisialdi eta parranda giroan gertatu dira azken egunetako kutsatze gehienak. Selektibitate osteko ospakizunekin lotu dituzte Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat foku, eta, ondorioz, kasu gehienak gazteen artean atzeman dituzte. 10 eta 29 urte bitartekoak izan ziren larunbatean positibo eman zuten herritarren ia %70, eta atzo %57. COVID-19 gaitza duen gaixo bat ospitaleratu zuten atzo Nafarroako Ospitale Gunean. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gaixo bat ospitaleratu dute gelan, eta bi, berriz, zaintza intentsiboetako unitatean. Nafarroako agerraldiak Gainera, beste bi agerraldi detektatu dituzte Iruñean. Bata, Alde Zaharreko ostatu batean. Bi kasu atzeman dituzte, eta lau dira denera. Bestea, familia batean. Lau kasu berri atzeman dituzte, eta aurretik zenbatutako beste batekin lotu dituzte horiek. Artundok lehenagoko agerraldietako datuak ere eguneratu ditu. Tuterako ezkontzarekin lotutako beste kasu bat detektatu dute, eta 42 dira denera. Iruñeko familia batean bosgarren kasua atzeman dute. Beste bi Iruñea iparraldean, eta agerraldi horretan zortzi lagun kutsatu dira denera. Eta uztailaren 6ko gosariarekin lotutako beste kutsatu bat atzeman dute; 25ek eman dute positibo guztira. Larunbateko datuak Larunbatean, koronabirusak kutsaturiko beste 256 lagun detektatu zituzten Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Apirileko zenbakien parekoak dira, Euskal Herria konfinatuta zegoenekoak. Joan den astean etengabeko gorakada izan da, eta astea hainbat fokurekin hasi da gaur. Hego Euskal Herrian, derrigorrez erabili behar da maskara kalean; Iparraldean, leku publiko itxietan jarri behar da gaurtik aurrera. Nafarroan, uztailaren 6ko astean 122 positibo detektatu zituzten, eta hilaren 13koan, 212. Gipuzkoan ari da orain birusa indarra hartzen. Larunbatean, 93 kutsatu atzeman ziren. Ordiziako fokuaren ondotik, beste batzuk sortu dira: Getaria, Zarautz, Tolosa, Eibar... Azkar ari da zabaltzen eskualdez eskualde, eta bost taberna itxi zituzten atzo. Eusko Jaurlaritzak zorroztu egin ditu neurriak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan . Bizkaian ere beste 92 kutsatu izan ziren larunbatean. Kopurua bikoiztu egin da egun batetik bestera herrialde horretan; batik bat, Ermuan sortu den fokuagatik: 48 kasu detektatu dira.
2020-7-20
https://www.berria.eus/albisteak/184565/jon-rahm-lehena-da-munduko-rankingean.htm
Kirola
Jon Rahm lehena da munduko rankingean
PGA Tourraren Memorial txapelketa irabazi du bart, eta historia egin du.
Jon Rahm lehena da munduko rankingean. PGA Tourraren Memorial txapelketa irabazi du bart, eta historia egin du.
Jon Rahmek historia egin du. Lehen aldiz euskal golflari bat munduko sailkapenaren gailurrean da. Soilik 24 golf jokalarik lortu dute rankingaren lehen postura igotzea, eta hori lortzen duen bederatzigarren europarra da Barrikako (Bizkaia) jokalaria. Bart PGA Tourraren Memorial txapelketa irabazi ostean lortu du lehen postua. Denboraldiko lehen garaipen izan du, PGA Tourreko hirugarrena. «Gogoratzen naiz... aita, ama... Eskerrik asko. Eskerrik asko guztiei, benetan», erantzun du euskaraz, AEBetako NBC telebistak kateak elkarrizketatu duenean. Lortutakoa sinetsi ezinda zebilen. «Larunbatean bikain aritu nintzen, baina atzo [igandea] gorabehera batzuk izan nituen. Irabaztea zoragarria izan da. Barneratzeko denbora beharko dut» Justu lau urte eta hilabete da profesional gisara debuta egin zuela. 21 urte baino ez zituen. Urte hauetan 11 txapelketa irabazi ditu Rahmek. Bart irabazi duenak 76 puntu eman dizkio, eta guztira 460,82 batuta, Rory McIlroy irlandarra aurreratu du munduko sailkapenean. 11 aste zeramatzan horrek lehen postuan (guztira, aurreko aldiak zenbatuta, 106). Aste gehien Tiger Woords egon da gailurrean, 683. Erregulartasuna izan da Rahmen ibilbidearen gako nagusia. Izan ere, 11 txapelketa irabazteaz gain, 48 aldiz lortu du hamar onenen artean sailkatzea. Soilik Justin Thomasek lortu du Rahmek baino trofeo gehiago altxatzea, eta horrek ahalbidetu dio munduko sailkapeneko lehen postuan egotea. Duela egun batzuk argi zion: «Lehen postuan egotea, irabaztearen ondorio izango da, baina batez ere ondo jokatzearena. Erregularra izan behar da hori lortzeko». Atzokoan presioari, haizeari eta euriari egin behar izan zion aurre Rahmek garaipena eskuratzeko. Lehen erdian bikain aritu zen, bi birdie eginez. Bigarren erdian, ordea, bogey batekin hasi zen, eta bogey bikoitza egin zuen hurrena. Hamaikagarren zuloan, gainera, lau jaurtiketa behar izan zituen parraren gainetik. Ryan Palmer bere aurkaria hiru kolpera hurbildu egin zitzaion. Baina, nahiz eta atzo distirarik ez zuen izan, garaipena eskura izan zuen une oro, eta ez zion ihes egin. Irudian, hamaseigarren zuloan. Torneoan izandako «baldintza zailak» ekarri ditut gogora. «Gaur batez ere, euria tarteko, zelaia oso bizkor zegoen. eta zaila zen pilota gerturatzea. Horregatik izan dira puntuazioak horren baxuak». Hain zuzen ere, 16. zuloan izan da eztabaidarik. Rahmen ustez, hor egin du txapelketako kolperik onena, baina epaileek, gerora, bi kolpeko zigorra jarri diote belarra zanpatu duelako, horren erruz bere pilota mugitu egin delako kolpea jo aurretik. Baina ez dio garrantziari eman nahi. "Horrek ez du torneoaren emaitza aldatzen. Kolperik onena izan denaren sentipenarekin geratzen naiz. are gehiago kontuan hartuta motzean jokatzeko aukera bakanetakoa izan dela". Rahmek argi du zein den bere hurrengo helburua: "Handi bat irabazi nahi dut". Eta gogorarazi zuen hitza betetzen duen pertsona dela. Izan ere, nerabe zela, bere lehen entrenatzaileari agindu zion egunen batean munduko onena izango zela, eta lortu du. Handi bat irabazteko asmo horretan, PGA txapelketa izango da hurrengo erronka, abuztuaren 6tik-9ra. Ondoren jokatuko dira, koronabirusaren pandemiak gauzak okertzen ez baditu, AEBetako irekia (irailaren 17tik-20ra) eta Augustako Mastersa azaraoren 12tik 15era.
2020-7-20
https://www.berria.eus/albisteak/184566/hilik-aurkitu-dute-itsasoan-ezbehar-batean-galdutako-beste-gizona-ere-bigarrena.htm
Gizartea
Hilik aurkitu dute itsasoan ezbehar batean galdutako beste gizona ere, bigarrena
Santurtzikoa da bat eta Sestaokoa bestea, eta larunbatean atera ziren itsasora. Atzo aurkitu zuten baten gorpua, eta gaur bestearena.
Hilik aurkitu dute itsasoan ezbehar batean galdutako beste gizona ere, bigarrena. Santurtzikoa da bat eta Sestaokoa bestea, eta larunbatean atera ziren itsasora. Atzo aurkitu zuten baten gorpua, eta gaur bestearena.
Bi pertsona hil ziren larunbatean Zierbenan (Bizkaia), itsasoan izan zen ezbehar batean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, bi gizon arrantzan egitera atera ziren arratsaldean, eta ez ziren itzuli. Atzo aurkitu zuten horietako baten gorpua, eta gaur eguerdian identifikatu dute bestearena, Castro Urdialesen (Espainia). Haien lagunek ohartarazi zituzten larrialdi zerbitzuak, atzo goizaldean. 06:45ean, baten gorpua aurkitu zuten itsasoan, bai eta bi gizonek eraman zuten txakurraren gorpua ere. Beste gizonaren bila aritu dira ordutik. Gaur eguerdian aurkitu dute DYAkoek, Kantabriako itsasoan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak 14:00etan eman du horren berri. Ertzaintza, Itsas Salbamendu Taldea eta Gurutze Gorria aritu dira bilaketa lanetan. Santurtziko 54 urteko gizon bat da bata, eta Sestaoko 60 urteko bat bestea, zenbait iturrik jakinarazi dutenez.
2020-7-20
https://www.berria.eus/albisteak/184567/negoziazioen-laugarren-egunari-helduko-diote-estatu-kideek-bilera-historikoa-dela-jakitun.htm
Ekonomia
Negoziazioen laugarren egunari helduko diote estatu kideek, bilera historikoa dela jakitun
Xuhurren Taldeak zuzeneko laguntza gutxiago nahi ditu, eta haien kontrol handiagoa. Atzo iluntzean, negoziazioak porrot egiteko zorian izan ziren, hegoaldeko herrialdeek gehiegizkotzat jo zutelako transferentzien murrizketa: 350.000 milioi eskani zituzten austeritatearen aldekoek.
Negoziazioen laugarren egunari helduko diote estatu kideek, bilera historikoa dela jakitun. Xuhurren Taldeak zuzeneko laguntza gutxiago nahi ditu, eta haien kontrol handiagoa. Atzo iluntzean, negoziazioak porrot egiteko zorian izan ziren, hegoaldeko herrialdeek gehiegizkotzat jo zutelako transferentzien murrizketa: 350.000 milioi eskani zituzten austeritatearen aldekoek.
Nizan 2000. urtean izandako goi bilera alde batera utzita, Europako Batasunaren historiako goi bilerarik luzeena izateko bidean da pandemiaren ondorio ekonomikoei aurre egiteko suspertze plana adostekoa. Europar Kontseiluko presidente Chales Michelek 750.000 milioi euroko planarekin abiatu zuen estatu eta gobernu buruen bilkura joan den ostiralean, Bruselan, baina suspertze planaren funts hori zoko batean bezala ari dira negoziatzen EBko kideak, Frugal Four tadekoak (Herbehereak, Austria, Danimarka eta Suedia) oso gogor ari direlako defendatzen pandemiak gehien jotakoentzat liratekeen laguntza zuzenekoen kopuruak apalagoa behar duela. Atzoko jardunean, 400.000 milioi eurora apaltzea eskani zitzaien, alegia, jatorrizko planak jasotzen zituen 500.000 milioi horiek baino 100.000 milioi gutxiago. Baina kopuru hori ere gehiegitzat jo zuten, eta, gainera, ez zioten muzin egin transferentzia horien kontrol mekanismo bat eratzeari. Izan ere, diru laguntzak erreforma jakin batzuekin lotu nahi ditu Xuhurren Taldeak, eta hari batu zaio Finlandia ere, modu argiagoan. Hagak lan merkatuari eta pentsio sistemari erreparatu zien, herrialde eskatzaileen lan merkatu eta pentsio sistemei, alegia. "Larrialdiko galga" esan dioten mekanismora jotzeko atea zabaldu dute estatu kideek, eta, haren arabera, edozein herrialdek eskatu ahal izango luke goi bilera bat beste kide batek eskatutako laguntza zehatzak aztertzeko. Horrek transferentziak atzeratuko lituzke. Madril prest agertu da mekanismo hori onartzeko, baina betiere laguntzak aztertzeko goi bilera horietan aho bateko erabaki bat hartu behar ez bada; alegia, beto eskubidea gailentzen ez bada. 390.000 milioi euroren laguntzak Laguntzen baldintzaren oztopoa ildo horretako mekanismo batekin gainditu daitekeela ematen du, baina xuhurrek funtsaren kopuruan jarri dute berriro presio guztia. 350.000 milioi euroren transferentziak eskani zituen Finlandiak mahairatutako planak; beste hainbeste lukete itzuli beharreko maileguen lerroek: guztira, 700.000 milioi euroko suspertze plan bat. Hegoaldeko herrialdeek ez zuten horrelako murrizketarik onartu. Europa muturreko egoeran dagoela gogoratu zuten, baita Alemania bera ere, eta hainbat kidek goi bilera porrot batera eraman nahi izana egotzi zieten Xuhurren Taldeko kideei, kopuru horren eraginkortasunik eza nabarmenduta. Goi bilera une horretan amaitzeko zorian izan zen, baina gaur, laugarren jardunaldiari helduko diote azkenean, eta Austriako lehen ministro Sebastian Kurzek esan du 390.000 milioiren transferentziak adosteko bidean daudela, "asko murriztu" dela kopurua eta konforme liratekeela horrekin. EBko estatu kideen ordezkariek 05:45ean amaitu zuten bilera, eta gaur 16:00etan berrekingo diote negoziazioari. Frugal Four delako taldeko herrialdeek deskontu handiak lortu dituzte jada 2021-2027 aldirako aurrekontuaren ekarpenetan. Herrialde aberatsek aurrekontuari egiten dioten ekarpena doitzeko baliatzen dituzten txekeak eman dizkiete, eta txeke horiek handitu egin dira; nolabaiteko kenkariak dira, eta Hegoaldeko kideek sarritan gogorarazi zioten Herbeheretako lehen ministro liberal Mark Ruttek gidatzen duen taldeari abantaila handia lortu dutela dagoeneko aurrekontuen ekarpenean. 20.000 milioi euro xuhurren txekeetan 1,074 bilioi euroko kopurua jasotzen du zazpi urteko aldirako Michelen planak; hasieran 1,1 bilioi jaso zituen, baina murrizketa hori aberatsen alde egin dute. Herbehereek, Austriak, Suediak eta Danimarkak, denen artean, 20.000 milioi euroko deskontuak izango lituzkete txeke horiei esker, eta hegoaldeko herrialdeek oso ondo kalkulatu behar dute zenbat galtzen duten aurrekontuaren atalean (nekazaritzari zuzendutako funtsa izan daiteke gehien murriztutakoa), erabakitzeko suspertze plana zenbateraino apaltzea den onargarria. Ematen du 390.000 milioi euroko laguntza zuzena jasotzen duen negobox batekin hasiko direla gaurko negoziazioak. Goi bilera gaur arte luzatu izanak bi teoria indartzen ditu: lehena da akordioa nahi dutela denek, eta itun bat egongo dela, muturreko egoera erantzunik gabe geldi ez dadin eta Europako Batasuna bera ez atzera ez aurrera geldi ez dadin une historiko honetan. Bigarrena da hainbat herrialde porrotaren narratiba eraikitzeko argumentuen bila dabiltzala. Gauerdia baino lehen espero da jakitea bi teoria horien artean zein den zuzena. .
2020-7-20
https://www.berria.eus/albisteak/184569/arraun-lagunak-orioko-estropadatik-kanpo-koronabirusagatik.htm
Kirola
Arraun Lagunak Orioko estropadatik kanpo, koronabirusagatik
Taldeko arraunlari batek COVID-19an positibo eman zuela eta, 'Lugañene' ontzia ez zen lehiatu atzoko Orioko estropadan.
Arraun Lagunak Orioko estropadatik kanpo, koronabirusagatik. Taldeko arraunlari batek COVID-19an positibo eman zuela eta, 'Lugañene' ontzia ez zen lehiatu atzoko Orioko estropadan.
Donostiako Arraun Lagunak-eko arraunlari batek positibo eman zuen COVID-19an larunbat gauean. Hala, taldekide guztiak konfinatu zituzten, eta ezin izan zuten parte hartu igandeko Euskotren Ligako seigarren jardunaldian, Orion. Arraunlaria ostegunetik konfinatuta zegoen, haren senide batek positibo eman baitzuen. Ostiralean egin zioten PCR proba, eta larunbatean jaso zuen emaitza. Positibo eman zuen. Horiek horrela, Arraun Lagunak-eko arraunlariaren emaitza jaso bezain laster taldeak Traineru Kluben Elkarteari jakinarazi zion. Albistea jasota, TKEko arduradunek osasun protokoloa aktibatzea erabaki zuten. Taldeko arraunlari eta teknikariek bihar egingo dituzte PCR probak, klubean beste positiborik dagoen jakiteko. Alabaina, Donostiako taldeari jakinarazi diote Osakidetzak ez duela onartu TKEren osasun protokoloa. Ondorioz, TKEk Osakidetzaren esku utzi du gai horren jarraipena egitea, eta, horrenbestez, bihar egingo dizkieten probak ez dira nolabait aintzat hartuko, larunbatekoak baizik. Oraintxe, Arrauneko arraunlari eta teknikari guztiak itxialdian dira gutxienez larunbatera arte, eta, Osakidetzak dioenaren arabera, aste honetan ezingo dira taldean entrenatu, ezta datorren asteburuan lehiatu ere. Egoera «kaotikoa» dela onartu du Ekain Iriarte Arraun Lagunak-eko entrenatzaileak. Halere, lasai mintzatu da: «Egoera hau taldekideon artean ahalik eta ondoen eramaten saiatuko gara. Astean zehar taldean positibo gehiago egongo balira, nolako eragina izango lukeen aztertuko genuke. Protokoloa zorrotz beteko dugu. Gure lehentasuna da gure ingurukoak osasuntsu egotea». Atzoko estropada ez jokatzea, ordea, kolpea izan da Arraunentzat. «Astez aste hobetzen ari ginen [azken bi jardunaldietan bigarren eta hirugarren egin zuten], eta atzoko estropadan lan txukuna egiteko gogoz ginen. Pena handia izan da», azaldu du Iriartek.p> Orioko estropadatik kanpo gelditu baziren ere, TKEko Lehiaketako Araudiak dioenaren arabera, Arraun Lagunak-ek bi puntu jaso zituen Euskotren Ligako sailkapen orokorrean, hori baitzen aurreko bost jardunaldietan lortutako puntuen batez bestekoa —bederatzi puntu zituen guztira—. Donostiarrarentzat bigarren bandera Donostiarra izan zen nagusi atzoko Orioko estropadan. Etxekoak bigarren izan ziren, garailearengandik zazpi segundora, eta Hondarribia hirugarren, 30era. Euskotren Ligako sailkapenari dagokionez, Oriok jarraitzen du lider, 22 punturekin; Donostiarra doa bigarren, hemezortzirekin; Arraun Lagunak-ek du hirugarren postua, hamaika punturekin; eta Hondarribia da azkena, hamarrekin.
2020-7-20
https://www.berria.eus/albisteak/184570/nafarroako-gobernuak-murriztu-egingo-du-gaueko-tabernen-ordutegia.htm
Gizartea
Nafarroako Gobernuak murriztu egingo du gaueko tabernen ordutegia
Hego Euskal Herrian beste 165 pertsonak eman dute positibo PCR proba eginda. Beste bi agerraldi detektatu dituzte Iruñean. Osasun Departamenduak eskatu du ez hartzeko gazteak «erruduntzat».
Nafarroako Gobernuak murriztu egingo du gaueko tabernen ordutegia. Hego Euskal Herrian beste 165 pertsonak eman dute positibo PCR proba eginda. Beste bi agerraldi detektatu dituzte Iruñean. Osasun Departamenduak eskatu du ez hartzeko gazteak «erruduntzat».
Nafarroako Gobernuakre «kirurgia selektiboarekin» jarraituko du koronabirusaren agerraldiei aurre egiteko operazioan. Santos Indurain Osasun kontseilariak koronabirusaren bilakaerari buruzko prentsaurreko bat egin du eguerdian, eta adierazi du haien estrategia ez dela «bereizi gabeko atzeraldi bat» egitea, baizik eta modu «selektiboan» jardutea. «Osasun publikoa zaindu behar dugu, baina bizitza ekonomikoa eta soziala ere bai», esan du. Azken asteetan, positiboen kopurua hazi egin da, bereziki gazteen artean eta «gaueko aisialdian». Horregatik, gobernuak espero du etzi onartzea gaueko tabernen ordutegia mugatzeko lege bat, beste taberna eta jatetxeen antzeko itxiera ordu bat ezartzeko: «02:00etan, segur aski». Osasun Departamenduko zenbait aztarnari ari dira gaixotutakoen harreman sarea osatzen, eta langile ugari ari dira lan horretarako prestatzen. Azken astean atzemandako kasuen artean, 15 eta 29 urte arteko gazteak dira %65. Nafarroako Gobernuaren arabera, gehienek gaueko aisialdiarekin dute lotura, eta horregatik ezarriko dituzte neurri murriztaileak jai giroan. Tabernak lehenago itxiarazteaz gain, hamar lagun baino gehiago elkartzea ere debekatuko dute ordu horretatik aurrera, ez dadin jenderik pilatu kalean. Dena dela, Indurainek eta Carlos Artundo Osasun zuzendari nagusiak nabarmendu dute gazteak ez direla ezeren «errudun». Gazteen kolektiboak azken urteetan «bazterketa, prekaritatea eta egoera zaila» jasan dituela esan du Artundok, eta pandemiaren aurrean izan duten konpromisoa eta auzoetan egin duten lana eskertu die Indurainek.
2020-7-20
https://www.berria.eus/albisteak/184571/david-zurutuzak-agur-esan-dio-realean-eginiko-ibilbideari.htm
Kirola
David Zurutuzak agur esan dio Realean eginiko ibilbideari
Agurreko prentsaurrekoan eskerrak eman dizkie klubari eta bere familia osoari, urte guzti hauetan beregan sinisteagatik.
David Zurutuzak agur esan dio Realean eginiko ibilbideari. Agurreko prentsaurrekoan eskerrak eman dizkie klubari eta bere familia osoari, urte guzti hauetan beregan sinisteagatik.
David Zurutuzak bere azken hitzak esan ditu Realeko jokalari modura. Realera iritsi zenetik gaur egunera arte klubak izan duen garapena nabarmendu du. Realean izan duen ibilbidea «ametsetakoa» izan dela azpimarratu du Rochefortekoak. Kolore txuri-urdinak hogei urtez defendatzeagatik «pribilegiatu bat» sentitu da Zurutuza. Aurreko denboraldian ez bezala, Zurutuzak garbi zuen Reala utziko zuela: «Konfinamenduaren aurretik argi nuen erabakia. Nire Realeko etapa amaitu da». Denbora batez futbolaz ahaztu eta deskonektatu egin nahi du: «Sakrifizio handia da; asko exijitzen du futbolak. Ez dakit jendeak badakien futbol jokalaria izatea zer den». Zurutuzaren agurrarekin, 2009-2010eko denboraldian igotzea lortu zuen talde hartatik ez da jokalaririk geratzen Realean. Jokin Aperribai Realeko presidenteak gogora ekarri du belaunaldi hori: «Realarengatik asko egin duen belaunaldi bat izan da Davidena. Orain dela hamabi urte, Bigarren Mailan geunden, norabide argirik gabe». «Daviden agurrarekin, Zubietako 80ko hamarkadako belaunaldia ixten dugu». Zale txuri-urdinei ere eskerrak eman nahi izan dizkie Zurutuzak: «Jokalari maitatua izan naiz, zelaian beti entzun izan dira Zuru, Zuru garrasiak. Eskerrik asko zaleei». Datozen sasoiei begira, lasaitasun mezua helarazi nahi izan die realzale guztiei: «Urte oparoak datoz Realarentzat. Zale modura asko gozatuko dudala uste dut».
2020-7-20
https://www.berria.eus/albisteak/184572/eajk-eta-psek-irail-hasierarako-eratu-nahi-dute-laquojaurlaritza-sendo-eta-egonkorraraquo.htm
Politika
EAJk eta PSEk irail hasierarako eratu nahi dute «Jaurlaritza sendo eta egonkorra»
Bi alderdiek hauteskundeen ondorengo lehen bilera egin dute, Bilbon. «Diagnosi bera» egin dute lehentasunen inguruan.
EAJk eta PSEk irail hasierarako eratu nahi dute «Jaurlaritza sendo eta egonkorra». Bi alderdiek hauteskundeen ondorengo lehen bilera egin dute, Bilbon. «Diagnosi bera» egin dute lehentasunen inguruan.
EAJren eta PSE-EEren ordezkaritzak Bilbon batzartu dira gaur eguerdian, eta, bien ohar bateratu eta laburrak dakarrenez, ondorioztatu dute «diagnosi bera» egin dutela EAEko hurrengo legealdira begira dituzten lehentasunen inguruan, eta biek egoki jotzen dutela «albait arinen pandemiatik ateratzeko lana gidatuko duen Jaurlaritza sendo eta egonkorra eratzeko beharra» dagoela. Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak bileraren ostean hedabideen aurrean zehaztu du irailaren hasierarako izan nahi dutela eratua Jaurlaritza, eta gobernu «indartsua eta egonkorra» izatea nahi dutela. Bi taldeek gehiengo osoa izango dute Eusko Legebiltzarrean, EAJk 31 aulki atera baitzituen uztailaren 12ko hauteskundeetan, eta PSE-EEk, hamar. Aurreko legealdian ere elkarrekin gobernatu zuten, baina gutxiengoan (EAJk, 28 aulki; PSE-EEk, bederatzi). Elkarri hitzeman diote harremanetan jarraituko dutela eta elkarren artean proposamenak trukatuko dituztela, «bien artean adostu beharko den gobernu egitasmoaren ardatzak erabakitzeko eta akordio batek ekarri beharko duen lankidetzaren oinarriak ezartzeko». Orain talde teknikoak sortuko dituzte, legealdirako gobernu programa lantzen hasteko, Mendiak azaldu duenez. Haren esanetan, epe ertain-luzeko ikuspegia ere izan nahi dute, «pandemiak krisia eta egoera ekonomiko larria utzi baititu». Oharraren arabera, urte politiko berrian Jaurlaritzak neurriak hartu beharko ditu osasunaren arloan datozen hilabeteetan, baita «susperraldi» ekonomikoari eta enplegua sortzeari laguntzeko neurriak ere. Alderdi sozialistako buruak hedabideei esan die bi ordezkaritzak bat datozela gaurko egoera sozialaren eta ekonomikoaren inguruan, eta gaineratu du bere taldearen lehentasunak izango direla ekinbide ekonomikoak eta enplegua sustatzea, sare soziala indartzea eta osasun sistema bermatzea. Gobernu programa adostu ostean hitz egingo dute gobernuaren osaeraz. Azkeneko legealdian, Lehendakaritza izateaz gain, zortzi sail izan ditu EAJk, eta PSE-EEk hiru. Mendiak gaur ere esan du aukera bat dela akordio parlamentarioa lortzea; hartara, bere taldea gobernutik kanpo geratuko litzateke. Ez du indar handirik aukera horrek, eta ikusgai dago Mendia bera, aurrekoan ez bezala, kontseilari izango den. EAJri dagokionez, bileran Andoni Ortuzar EBBko burua, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako jarduneko lehendakari eta alderdi jeltzalearen lehendakarigaia, eta Joseba Aurrekoetxea EBBko Antolaketa idazkaria izan dira. PSE-EEri dagokionez, Mendia eta Miguel Angel Morales Antolaketa idazkaria. Ordu eta erdi iraun du batzarrak; hauteskunde osteko lehena izan dute. Sabin Etxean elkartu dira, EAJren egoitza nagusian. Beste taldeei dagokienez, EH Bilduk 21 legebiltzarkide lortu zituen bozetan; Elkarrekin Podemosek, sei; PP-C's-ek, sei; eta Voxek, bat. 75 legebiltzarkideek abuztuaren 8ra arteko epea izango dute akreditazioa jasotzeko, eta Eusko Legebiltzarra, lehen aldiz, abuztuan bertan eratuko dute.
2020-7-20
https://www.berria.eus/albisteak/184573/bizkaiko-batzar-nagusiek-uko-egin-diote-espainiako-erregea-lsquopersona-non-gratarsquo-izendatzeari.htm
Politika
Bizkaiko Batzar Nagusiek uko egin diote Espainiako erregea ‘persona non grata’ izendatzeari
Elkarrekin Bizkaiak eraman du proposamena Batzar Nagusietara, eta EH Bilduren babesa besterik ez du lortu.
Bizkaiko Batzar Nagusiek uko egin diote Espainiako erregea ‘persona non grata’ izendatzeari. Elkarrekin Bizkaiak eraman du proposamena Batzar Nagusietara, eta EH Bilduren babesa besterik ez du lortu.
Elkarrekin Bizkaiak Espainiako erregea eta errege emeritua persona non grata</em> izendatzeko proposamena egin du Bizkaiko Batzar Nagusietan. Aurkeztutako testuan, erregeari Bizkaiko Jaunaren titulua kentzeko eskaera ere egin dute. Israel Escalante bozeramaileak adierazi du proposamena egiteko arrazoia azken hilabeteetako «eskandaluak» izan direla, eta horiei adi erreparatzeko eskatu du. EH Bilduk bakarrik eman du testuaren aldeko baiezkoa. Bea Ilardia taldeko bozeramaileak adierazi du monarkiarekin lotutako kontuetan «isiltasunaren legea» nagusitzen dela. Ez duela errege gisa aitortzen, eta Espainiako monarkiak Bizkaiko «titulu sinbolikorik» ez edukitzea nahiko lukeela erantsi du. Bestelakoa izan da EAJren eta PSE-EEren erantzuna. Proposamena puntuz puntu bozkatzeko eskatu dute, atal batzuekin bat egiten zutela adierazita. Elkarrekin Bizkaiak ez du eskaera onartu, eta, proposamena bere osotasunean bozkatu dutenez, EAJk eta PSE-EEk ezezko botoa eman dute. PPk ere ezezkoa eman dio proposamenari. Amaia Fernandez taldeko bozeramaileak adierazi du «errugabetasun presuntzioa» eduki behar dutela auzi guztiek. Horrez gain, nabarmendu du «egoera zail» honetan ez dutela parte hartuko «gatazka sortzeko» helburua duen kanpaina batean.
2020-7-20
https://www.berria.eus/albisteak/184574/espainiako-erregearen-aurkako-protestak-katalunian.htm
Mundua
Espainiako erregearen aurkako protestak Katalunian
Milaka lagun bildu dira monarkiaren aurkako protestan, eta mossoak manifestazioa geldiarazten saiatu dira, baina ez dute lortu.
Espainiako erregearen aurkako protestak Katalunian. Milaka lagun bildu dira monarkiaren aurkako protestan, eta mossoak manifestazioa geldiarazten saiatu dira, baina ez dute lortu.
Milaka lagun bildu dira gaur Pobleteko monasterioaren (Tarragona, Katalunia) inguruan, Felipe VI.a erregearen bisitaren aurka protesta egiteko. Manifestariak l'Espluga de Francolitik (Tarragona) atera dira oinez, eta ordubetean iritsi dira monasterioaren ingurura. Monasteriotik kilometro batera, Mossos d'Esquadraren kontrol batekin topo egin dute manifestariek. Jendetza ikusita, istiluen aurkako poliziek atzera egin behar izan dute, eta manifestarien aurka zamak egin dituzte martxa geldiarazten saiatzeko —pertsona bat atxilotu dute—. Hala ere, zenbait manifestarik lortu dute monasterioko hormara iristea, errepidea inguratzen duten mahastietatik, eta, han, Espainiako monarkiaren aurkako bandera bat atera dute. Manifestazioa Omnium Culturalek eta Biltzar Nazional Katalanak (ANC) antolatu dute, Kataluniak ez du erregerik. Babes gaitezen Borboiarengandik lelopean. 10:30ean l'Espluga de Francolin elkartzeko eskatu dute, eta ANCk segurtasun distantziak gordetzea eta maskara, oinetako erosoak, ura, eta eguzkitik babesteko aterki bat eramatea gomendatu du. Joan den ostiralean, erregeen bidaia publiko egin zenean, Quim Torra Generalitateko presidenteak gutun bat bidali zuen Zarzuelara, Espainiako errege etxera, gobernuak funtsezkoak ez diren bidaiak saihesteko gomendatu ziela ohartarazteko: «Egin ditugun murrizketak eta gomendioak gure herriko edozein bisitarirentzat dira baliagarriak».
2020-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/184575/navaridas.htm
Bizigiro
Navaridas
Geodibertsitate handiko gunea da Euskal Herria. Navaridasko aintzira da toki oparo horietako bat: interes geologiko eta geomorfologiko handia dauka, eta endorreismoarekin dago lotuta.
Navaridas. Geodibertsitate handiko gunea da Euskal Herria. Navaridasko aintzira da toki oparo horietako bat: interes geologiko eta geomorfologiko handia dauka, eta endorreismoarekin dago lotuta.
Ur isuri umileko aintzira endorreiko bat dago Navaridas inguruan (Araba). Hegaztiak, anfibioak eta odonatuak bertaratzen dira oasiaz gozatzeko. Navaridas herria Toloño mendilerroaren begiradapean dago, Guardia sonatutik hurbil. Jakina denez, mahasti berdeek kolonizatzen dituzte Errioxako bazterrak, eta, zuhaixken antzera, zut daude han eta hemen, hosto zabal berdeak haize epelaren mesedetan. Gaur egun paisaia bikaintzat jotzen badute ere, artadi ilunak zoko-moko gehienak estaltzen zituen behiala. Aspaldiko paisaiaren lekukoa herriaren mendebaldean ikus daiteke oraindik. Izan ere, Villabuena udalerriko muga-mugan, artadi geometriko batek ederki janzten ditu mazela otzanak. Adar motz, astun eta bihurrituak lehorrera begira daude. Baina, akaso, denak ez. Basoaren magalean, ordea, aintzira obal bat dago, eta huraxe inguratzen duten mahatsondoen hostoak ximur-ximur eginda hari begiratzen diote. Akaso, begi bazterraz eta inbidiaz. Ez da harritzekoa: hanka punttak bustitzearen kariaz, gero eta hegazti gehiago biltzen dira urmaelera, uraren hozberoa neurtzeko ahaleginean ibiliko balira bezala. Navaridasko aintzira endorreismoarekin dago lotuta. Kanporanzko drainatze sistemarik ez du, hortaz. Aintzira guztiek amets bat izango balute, itsasoarekin bat egitea litzateke. Zalantza izpirik gabe. Arrazoi geologikoak tarteko, Errioxakoari ozeanorako ibilbidea erabat itxi zitzaion aspaldi, kareharriz inguratutako harresi batek mugatua duela ilusioa. Gabezia horrek eragin zuzena dauka hezegunearen jokaeran. Interes geologiko eta geomorfologikoa bistan da, beraz. Eremu lauen ugaritasuna, estratuen gogortasunaren diferentzia eta haize egoskorraren eragina direla eta, oso itxura ederreko sakonuneak eratuz joan dira han eta hemen. Higadura gertakarien ondorioz, aintzira batzuk biribilak dira; beste batzuk —Navaridaskoa, esaterako—, luzangak. Kohete etxola Navaridasko artadiaren bazter batean agertuko da. Josean Gil-Garcia Navaridaskoa bezalakoak ugari ziren eskualdean. Ikerlarien aburuz, 50 baino gehiago. Nonbait, naturaren hizkuntza ikasi ordez, antzinako hizkuntza ahaztu omen zitzaien bizilagunei eta hezegune asko desagertu ziren betiko. Navaridaskoari halako zerbait gertatu omen zitzaion. Dena dela, euriak oparoak direnean, ur isuriak kubetan metatzen dira, eta hiru hektarea inguru bustitzen dituzte. Urak guztiz hartzen baititu bazterrak, zingirako landaretzak kolonizatzen du ordokia. Inora joan ezinik, egunak ez zaizkio aspergarri egiten aintzirari. Izan ere, Guardiako Biotopotik, Nafarroako Las Cañas aintziratik nahiz Ebro ibaitik hegazti saldoak etortzen dira ur isuriari kilimak egitera. Baina odonatuak eta apoak, besteak beste, badira hezeguneaz eta lezkadiaz bapo aprobetxatzen dakitenak. Ibilbidean barrena ikusiko diren lau putzu xumeek, gainera, areagotu egingo dute biodibertsitatea. Santa Eulalia nekropolia Navaridas inguratzen duen natura oparotasuna ezagutzeko, Lezara doan errepidearen bazterrean utziko du ibiltariak bere autoa, San Joan Ortegako baseliza parean. Uraska kalean gora ekin, herrian sartu eta, elizara jo gabe, Izpiliku plazara helduko da. Plazan, ezkerrera okertu eta, Guzman Aldazabal upategiaren eretzetik igarota, Errioxako GR bideak eskuinaldera eramango du oinezkoa. Hala, minutu gutxiren buruan, lepo xume batera helduko da. Ezkerrera egingo du han, eta Toloño mendilerroari begira jarriko da. Bideak banatzean, ezkerreko bide zabalari heldu eta Navaridasko Bide Berdeari men egingo dio oinezkoak. Segidan, Lezara doan nekazari bidea bazter eginda, mendebalderantz bideratuko ditu pausoak. Noranzkoa aldatu gabe jarraituko du, eskuin-ezker egin gabe. Talaia muinoaren albotik igaro eta berehala, Leza eta Navaridas herriak lotzen dituen errepidera iritsiko da. Anfibioentzat eta intsektuentzat hezegune batzuk eraiki dira Navaridas inguruan. Josean Gil-Garcia Ezkerrera eginda, ehunen bat metro egingo ditu bisitariak errepide bazterretik. Errepideaz beste aldean, Santa Eulalia nekropolia bisitatzeko aukera ematen duen bidea ikusiko du. Beraz, errepidea gurutzatu eta muinoaren gainaldean Erdi Aroko herrixkari dagozkion hobi antropomorfiko ugari ikusiko ditu. Den-denak harrian zulatuta. Bisita egin ostean, bidean behera egin eta, asfaltoa ukitu gabe, eskuinera hartuko du. San Joan Ortegako baselizatik datorren bidearekin bat egitean, eskuinera biratu eta artadirako bidea bazter eginda, eskuineko pistari men egingo dio. Mantso-mantso, Navaridasko aintzirara helduko da. Aspaldiko hustubidea gurutzatuta, Aranzadi natur zientzietako elkartekideek eraikitako ur-putzu edo hezegune batera helduko da. Aurreragoko bidebanatzean, ezkerrera hartu eta ibilian jarraituko du oinezkoak, betiere hezegunearen kubeta inguratzeko asmoz. Ezkerrera joko du berriz, berehalaxe. Pinu deigarri bat ikusiko du han, bide bazterrean, ezin hobea den parajeaz gozatzeko jarrita egongo balitz bezala. Villabuenako bidearekin bat egitean, ezkerretik segi eta sakonunea inguratzeari eutsiko dio. Ibilian-ibilian eskuinera hartuko du hurrengo bidebanatzean, eta Navaridasko ur putzuak dauden tokira joko du zuzen-zuzen. Besteak beste, interesgune hauek ikusiko ditu han bidaiariak: intsektu onuragarrientzako hotela, intsektu polinizatzaileentzako lorez aberasturiko gunea eta anfibioentzako hiru hezegune ekologiko. Mahatsondoek sortutako itsasoan barrena ibiliko da bisitaria. Josean Gil-Garcia Ataka xume batera igo ostean, ezkerrera joko du bisitariak, eta, bide nagusiari jarraikiz, egundoko paisaiaz gozatzeko aukera izango du. Une batez, ureztatzeko aho edo hidrante bat agertuko da bide ertzean. Nekazari bidea lagatzeko unea izaki, artadian barrena doan xendari jaramon egingo dio, ezkaiak, izpilikuak, erromeroak eta ipuruak lagun. Pista nagusira berriz irtenda, ezkerretik segitu eta, bideak banantzen direnean, eskuineko bideari ekingo dio pitin bat. Bide bazterrean Kohete izeneko harrizko etxola ezaguna agertuko da artadiaren ertzean. Etxolan ezkerrera egin eta, Castejon muino historikoa aurrez aurre delarik, Navaridaserako bideari oratuko zaio. Bihar: Iragana, harrietan irarrita (II): Urdaibai.
2020-7-22
https://www.berria.eus/albisteak/184576/eskumen-gehiago-zenbat-eta-noiz.htm
Mundua
Eskumen gehiago: zenbat eta noiz?
Frantziako lehen ministro berria eskualdeen autonomia handitzearen alde agertu da, baina Macronen orain arteko pausoek zalantzak piztu dituzte asmo horren inguruan.
Eskumen gehiago: zenbat eta noiz?. Frantziako lehen ministro berria eskualdeen autonomia handitzearen alde agertu da, baina Macronen orain arteko pausoek zalantzak piztu dituzte asmo horren inguruan.
Inguruan dituen ia bizilagun guztiek egitura politiko deszentralizatuak dituzte: Espainiak, Portugalek, Italiak, Alemaniak, Suitzak, Belgikak eta Erresuma Batuak, batzuk aipatzearren. Europa mendebaldeko estatuen artean, Frantzia kasu bakan bat da: estatu oso zentralizatua da, eta ez du eskualdeei eskumen handirik emateko ohiturarik izan. Eta, ohiturei jarraitzearren, badirudi Paris egun ere ez dagoela horretan asko sakontzeko prest: Emmanuel Macron presidentea prest agertu zen, 2017ko presidentetzarako hauteskundeen kanpainan, Eliseoa deszentralizatu eta lurralde kolektibitateei euren burua gobernatzeko tresna batzuk emateko, baina, hiru urteren ostean, ez da halakorik gertatu, eta ez dirudi halakorik gertatuko denik, horri buruzko hainbat adierazpen egin dituzten arren. Frantziako eskualdeetako eta departamenduetako agintariek itxaropen puntu bat zuten jarria Macronek hilaren 14ko Errepublikaren Egunean eman behar zuen elkarrizketan, hitzordu hori baliatuko zuelakoan auzi horren inguruko neurriak iragartzeko. Estatuburuak, ordea, ez zien «deszentralizazio» hitza aipatu parean zituen bi kazetariei, eta kameraren beste aldean zeuden milioika ikusleei; oraingoz, uztail hasieran adierazi zuena kontuan hartuz gero, Frantziako presidentea zera egiteko prest dago: «diferentziazio handiagoa» onartzeko eta auziaren inguruko «esperimentazioak errazteko». Adierazpen horiek praktikan zer eragin izango duten, Macronek oraindik ez du zantzurik eman. Hori bai, argitua du ez direla «erreforma instituzional handiak» izango, baizik eta «neurri zehatzagoak, bakoitzaren kasuaren araberakoak». Koronabirusak sorturiko krisiaren harira, herrialdeko estatuburuak onartu egin zuen estatua zentralizatuegia zela eta eskualdeei «baliabide batzuk» ematearen aldekoa zela: «Estatuaren eta gure ekintzen antolaketa era sakonean aldatu behar da. Dena ezin da beti Parisen erabaki». Baina gaiari buruzko argitasun faltak eta urteotako esperientziak zalantzak sortu ditu; une batean, erakundeak deszentralizatzeko beharraz aritzen da, eta, bestean, hori egitearen alde agertzen da, baina aldaketa sakonik aurkeztu gabe. Neurri zehatz bakarra udarako agindu duen «lurraldeen konferentzia handia» da. Horretan ere zehaztasun falta da nagusi, ez baitu ez datarik ez edukiari buruzko informaziorik eman. Eskualdeetako eta departamenduetako agintariak elkartzea du helburu, baina iraganeko saiakerek ez diote arrakasta handia aurreikusten: 2017ko udan, presidente kargua hartu eta gutxira, Macronek Lurraldeen Konferentzia Nazionala eratu zuen, besteak beste deszentralizazioaz aritzeko; hurrengo urterako, eskualdeetako presidenteek boikotatu egin zuten konferentzia hori, eta, 2018ko irailerako, udalen elkarteekin batera, Territoires Unis (Lurraldeak elkarturik) taldea sortu zuten, «egiazko deszentralizazio bat» lortzeko. Lehen ministroaren asmoak Jaka Horien mugimenduak agerian utzi zuen Paristik arreta gutxi jarri dutela landa eremuetan eta hirien periferietako zonetan, eta, horrek bultzatuta, Jean Castex Frantziako lehen ministro berriak, Asanblea Nazionalean iragan astean egindako diskurtsoan, jakinarazi zuen bere agintaldiaren lehentasunetako bat izango dela deszentralizazioa eta lurraldeen arteko oreka: «Gure lehen anbizioa, lehen anbizio erraldoia, Frantzia desberdin horiek berradiskidetzea izango da, horiek soldatzea». Eskualdeentzat eskumen gehiago nahi ditu Larcher Senatuko presidenteak. LUDOVIC MARIN / POOL / EFE Castexek hainbat Frantzia aipatu zituen: «Landa eremuko Frantzia», «Hiri inguruetako Frantziak», «Itsasoz haraindiko Frantziak», eta beste hainbeste. Horiek guztiek gauza bat dute komunean: bazterrean utzi dituztelako ustea. Horregatik, eta karguan bere aurrekoekiko desberdintasun bat islatze aldera, lehen ministroak jakinarazi zuen «deszentralizazioan etapa berri bat» hasiko dutela, eta hori egiteko konpromisoa hartuko duela, lege organiko bat aurkeztuta; Macronek aipatu bezala, «lurraldeen diferentziaziorako eskubidea» jasotze aldera. «Lurraldeak jendearen biziak dira. Lurraldeak askatzea energia askatzea da, adimen kolektiboaren aldeko apustua egitea. Gure lurraldeak berriz armatu behar ditugu». Finean, Frantziako presidenteak arrazoi eta asmo batzuen arabera aukeratu zuen Castex lehen ministro kargurako, eta horien artean dago haren profila: 2008tik Frantziako gobernuburu aukeratu duten arte, Ipar Kataluniako Prada de Conflent herriko alkate izan zen. 6.000 biztanle eskas ditu, herria estatuaren mugetatik hurbil dago, eta, hortaz, hark ordezkatzen du Paristik hainbatetan ahaztu duten eremua. Laburbilduta, Castexen izaera eta ibilbidea zeregin horretarako ezin hobea dela uste du Macronek. Aldiz, lehen ministroak eskualdeen eta nazioen errealitatea baldintza dezakeen beste neurri bat iragarri zuen iragan asteko diskurtsoan: «separatismoen aurkako» lege proiektu bat aurkeztuko dute irailean. Auzi horretaz aritzean, Castex «separatismo etnikoaz eta islamikoaz» ari zen, «legea, ordena eta elkartasun nazionala» errespetatzearen aurkako mehatxutzat baitauka gobernuak. Lehen ministroaren arabera, lege proiektu horren helburua litzateke «hainbat talde, beren ezaugarri etnikoetan edo erlijiosoetan oinarrituta, jarrera intrantsigentez ixteko aukera eragoztea». Hala, lege horrek zehaztu beharko luke zein den izaera etniko, erlijioso edo kulturala duten aldarrikapenen «sabaia», eta Frantziako Errepublikaren identitatea indartu. «Errepublikaren balio nagusia sekularitatea da. Inolako erlijiok, pentsamendu korrontek edota talde antolatuk ezin du espazio publikoa bere egin, eta ezin die errepublikaren legeei eraso». Ez hori bakarrik: «Errepublika Frantzia da. Eta haren oinarriak ere kolokan daude, bere etsaien arteko koalizioaren ondorioz: terroristak, estremistak, konspiratzaileak, separatistak, komunitaristak». Hain justu, Macronek iragan hilabetean ohartarazi zuen «komunitarismoa eta separatismoa» Frantziarentzako mehatxu zirela. Senatuaren neurriak Testuinguru horretan, aurten bi proposamen garrantzitsu aurkeztu dituzte deszentralizazioaren eta autonomiaren auzian. Bata gobernuarena, Jacqueline Gourault Lurraldeen Kohesiorako ministroak osatua, eta bestea Senatuarena, behe ganberako presidente Gerard Larcher eskuindarrak osaturiko lantalde batek egina. Landuriko gaiari begira, Senatuarenak du edukirik mamitsuena, lurralde kolektibitateek autonomia izatearen alde agertzen baita. Hilaren hasieran, hau adierazi zuen Larcherrek: «Amaitu egin da gobernantza bertikalaren eta hiperzentralizazioaren garaia. Botere oreka berri bat behar dugu. Sistemaren eraginkortasunik ezaren beste froga bat behar bagenuen, jasan dugun osasun krisiak eman digu. Soilik estatuaren eta kolektibitateen botereen arteko oreka berri batek balioko du konfiantza berreskuratzeko, eta gure herrialdeari bultzada berri bat emateko». Territoires Unies (Lurraldeak elkarturik) taldeko kideak, tartean Herve Morin Frantziako Eskualdeak erakundearen presidentea. BERRIA Berez, Macronek berak eskatu zion goi ganberako presidenteari deszentralizazioari buruzko eztabaida «aberasteko». Larcherrentzat, egutegia erabat egokia izan da, herriko bozen bi itzulietan izandako abstentzioagatik: «Une hau egokia da botereen banaketa egiteko. Zatiketa frantses asko ditugu. Orain, lurralde kolektibitate indartsuak behar ditugu». Denera, 50 proposamen egin ditu Senatuko lantaldeak «deszentralizazioaren belaunaldi berrirako», eta horien artean dago lurralde kolektibitateei «finantza autonomia» ematea, eta eskualdeei «eskumen bloke bat» ematea lanaren, hezkuntzaren eta trantsizio ekologikoaren arloetan. Finean, honela laburbildu dute neurri sorta: «Lurralde kolektibitateei erraztasun gehiago ematea beren barne antolakuntzan eta ekintza publikoa antolatzeko moduan». Aldi berean, lantaldeko senatariek uste dute eskumenen antolaketa hori estatuaren moldaketa batekin batera egin beharko dela, aldaketa hori «koherentea eta indartsua» izan dadin. Macronen gobernuak asteotan aztertuko du Senatuaren proposamena, eta berearekin kontrastatu; Gouraultek prestaturikoak, oraingoz, egunerokotasun politikotik kanpo jarraitzen du, baina, Lurralde Kohesiorako ministroak Public Senat kateari emandako elkarrizketa batean adierazi zuenez, 3D izeneko lege proiektua —deszentralizazioa, diferentziazioa eta deskontzentrazioa— mahai gainean dago oraindik: «Diferentziazioa konstituzioaren erreformarako proiektu bat zen. Hori oraindik ez dugunez onartu, lortu dugu esperimentazioari buruzko lege organiko bat sustatzea. Mundu guztiak daki eskumen batzuen inguruan azalpenak eta erabakiak hartu beharra dagoela». Macronek agintaldiaren erdia pasatu du dagoeneko, eta, adierazpenez, testu legal batzuez eta presio politikoez haratago, oraindik ez du pauso garrantzitsurik eman deszentralizazioaren auzian. Praktikan ez dute eraginik sumatu eskualdeetako eta departamenduetako agintariek. Frantziako presidenteak, berriz, ziurtatu du kargu horretan egingo dituen azken bi urteetan landuko dituena gaietako bat izango dela, baina oraindik ikusteko dago zer erabaki hartuko duen eta noraino joateko prest egongo den eskualdeei eta departamenduei eskumen gehiago eta autonomia emateko asmoetan.
2020-7-20
https://www.berria.eus/albisteak/184577/oxforden-garatzen-ari-diren-txertoak-immunitate-laquoerantzuna-sortzen-duraquo-eta-laquoseguruaraquo-da.htm
Gizartea
Oxforden garatzen ari diren txertoak immunitate «erantzuna sortzen du», eta «segurua» da
Milaka pertsonarekin probatuko dute orain munduan, eta baliteke urtea amaitu baino lehen eskuragarri egotea, baina ez leku guztietan aldi berean.
Oxforden garatzen ari diren txertoak immunitate «erantzuna sortzen du», eta «segurua» da. Milaka pertsonarekin probatuko dute orain munduan, eta baliteke urtea amaitu baino lehen eskuragarri egotea, baina ez leku guztietan aldi berean.
Dagoeneko 1.077 pertsonarekin probatu dute Oxfordeko Unibertsitatean COVID-19 gaitza eragiten duen birusaren kontrako txertoa, eta emaitzek itxaropena piztu dute; ikertzaileen arabera, gaiak ez duelako nahi gabeko kalterik sortzen, eta gorputzaren immunitate sistemaren erantzuna eragiten duela frogatu dutelako. Egunotako agerraldiek erakusten dute txertoa eduki arte, edo behar adina pertsonak immunitatea garatu arte, jendearen bizimodua hankaz gora jartzen jarraituko duela birusak. Horregatik, munduko laborategiak lasterketa bizian dabiltza txerto bat garatzeko. Horietako 23 proba klinikoetan daude dagoeneko —jendearekin probatzen, alegia—, eta beste 140, berriz, ikerketaren hasieran daude. ChAdOx1 nCoV-19 izena jarri diote Oxfordeko ikertzaileek euren txertoari. Txinpantzeen artean hotzeria sortzen duen birus bat hartu dute, eta genetikoki eraldatu dute, koronabirusaren antza har dezan, baina gizakiei infekzioa eragin gabe. Horrela, giza gorputzak aukera izango du birusaren mekanismoak ezagutzeko, eta haren kontrako antigorputzak sortzeko. Horrez gain, txertoak T-zelulak aktibatzen ditu: horiek, birusei erasan beharrean, infektaturiko zelulak ezagutu eta suntsitzen dituzte. Oxfordeko ikertzaileek The Lancet aldizkarian argitaratu dutenez, txertoa jarri eta 14 egunera sortu dituzte subjektuen gorputzek T-zelula eta antigorputz gehien. Edonola ere, oraindik ez dakite zenbat denbora iraun dezaketen gorputzak babesten. Horretarako, proba gehiago egin beharko dituzte. Dosi bat hartu ondoren, subjektuen %90ek garatu dituzte antigorputzak. Bakarrik hamar lagunek behar izan zuten bigarren dosia. Probatzaileen %70ek sukarra edo buruko mina eduki zuten txertoa hartu ondoren, baina kalterik ez. Datozen egunotan milaka pertsonarekin egingo dituzte probak munduko hainbat herrialdetan. Dena ondo bidean, txertoa urtearen amaierarako egon daiteke prest. Baina ekoizteko baliabideak mugatuak direnez, ez da leku guztietan eta herritar ororentzat aldi berean eskuragarri egongo. The Lancet aldizkariak Txinan garatzen ari diren txertoaren inguruko emaitzak ere argitaratu ditu gaur, eta Oxfordeko proben antzekoak dira. Dagoeneko hirugarren fasean daude, hau da, jende askorekin probatzen. Giza hotzeriaren birusa erabili dute txinatarrek, eta Wuhanen probatu dute, 500 boluntariorekin. Uste denez, hiri horretan zabaltzen hasi zen COVID-19 eragiten duen koronabirusa.
2020-7-20
https://www.berria.eus/albisteak/184578/neurriak-zorroztuko-dituzte-ermuan-eta-bergaran.htm
Gizartea
Neurriak zorroztuko dituzte Ermuan eta Bergaran
Asteburuan foku bat atzeman dute Ermuan, 71 kasurekin, eta Bergaran 11 positibo atzeman zituzten atzo.
Neurriak zorroztuko dituzte Ermuan eta Bergaran. Asteburuan foku bat atzeman dute Ermuan, 71 kasurekin, eta Bergaran 11 positibo atzeman zituzten atzo.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak larunbatean jakinarazi zuen agerraldi bat atzeman zutela Ermuan (Bizkaia), batik bat Eibarko eta Zarauzko fokuekin lotuta. Asteburuan, 71 herritarrek eman dute positibo. Hori ikusita, Ermuko Udalak tabernetako edukiera erdira murriztea erabaki du. Gainera, ezingo da barran kontsumitu, eta taberna guztiek 23:30ean itxi beharko dute. Bergaran (Gipuzkoa) ere nabarmen hazi dira kasuak. 11 positibo atzeman zituzten atzo, eta Osasun Saila aztertzen ari da ea kutsatze horiek tokiko aisialdiarekin lotuta dauden edo kanpotik ekarriak diren. Osasun sailburuak jakinarazi du %50era murriztuko dutela tabernen eta jatetxeen edukiera han ere, eta kiroldegian murrizketak ezarri ditu Bergarako Udalak. Barruko ikastaroak bertan behera utzi ditu, gimnasioa itxi du, eta kanpoko igerilekuaren edukiera %40ra murriztu du. Liburutegiaren zerbitzua ere soilik maileguetara murriztuko da. Oldarraldi berriak direla eta, Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak jakinarazi du ez dutela baztertzen datozen egunetan neurri murriztaileagoak hartzea aisialdiari begira, orain arte hainbat herritan egin duten moduan. Ermuko Udalak «festa alternatiboak» zigortuko ditu Juan Carlos Abascal Ermuko alkateak ohartarazi du festen harira egiten den edozein «ekintza alternatibo» zigortzeko eskaera egingo duela, eta «osasun publikoaren aurkako delitutzat» har daitezkeela ekintza horiek. Izan ere, herritar batzuek «txupinazoak» edo «festa alternatiboak» antolatzeko asmoa dutela jakin du udalak. Positiboek nabarmen egin dute gora asteburuan Ermuan. Udalak atzo jakinarazi zuen 48 kasu detektatu dituztela herrian —gaur 71ra igo da zifra hori—, eta kutsatuen %80 16 eta 22 urte bitarteko gazteak direla. Ustez, selektibitate osteko ospakizunekin lotuta daude kasu horiek. Udalak gogorarazi du positibo eman dutenek bakarturik egon behar dutela, eta hurbilekoek PCR proba egin behar dutela, fokua kontrolatu eta beste transmisiorik izan ez dadin. Aisialdi giroan gertatu dira azken egunetan kasurik gehienak, eta kezka gune dira herri eta hirietako festen harira sortu daitezkeen ospakizunak. Sukarrietako Udalak (Bizkaia) «arduraz» jokatzea galdegin die herritarrei, eta aisialdi jarduerarik ez antolatzeko, bereziki talde handian badira. Udalak adierazi du ez duela zentzurik jaiak bertan behera uzteak bestelako ekintzekin herritarren osasuna «arriskuan» jartzen bada.
2020-7-20
https://www.berria.eus/albisteak/184579/61-urteko-gizon-bat-atxilotu-dute-gasteizen-sexu-eraso-bat-egitea-leporatuta.htm
Gizartea
61 urteko gizon bat atxilotu dute Gasteizen sexu eraso bat egitea leporatuta
Bikotekide ohiari egin dio eraso, salaketaren arabera. Legazpiko Udalak bilkura antolatu du biharko, eraso sexista bat salatzeko.
61 urteko gizon bat atxilotu dute Gasteizen sexu eraso bat egitea leporatuta. Bikotekide ohiari egin dio eraso, salaketaren arabera. Legazpiko Udalak bilkura antolatu du biharko, eraso sexista bat salatzeko.
Gasteizko Udaltzaingoak 61 urteko gizonezko bat atxilotu du, bikotekide ohiari sexu eraso bat egin izana leporatuta. Urruntze agindua zuen gizonak, eta, gainera, beste kasu batzuengatik ikertzen ari dira: udal txakurtegiko hainbat laguntzaileri sexu jazarpena egin izana egotzi diote. Gasteizko Udalak zabaldu duenez, atzo gertatu zen erasoa, 17:00etan, Zuia herriko (Araba) aisialdi gune batean. Emakumeak salaketa jarri zuen ordu batzuk geroago, eta gizona atxilotzeko agindua eman zuten. Bere etxean topatu dute gizonezkoa, eta laster eraman behar zuten epailearen aurrera. Legazpin, protesta Legazpiko Udalak protesta bilkura bat antolatu du biharko, 19:00etan, udaletxearen aurrean, herrian emakume batek salaturiko eraso sexista bat salatzeko. Matraka elkarte feministarekin batera antolatu dute protesta, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Miren Elgarresta Berdintasun alorreko zuzendariak parte hartuko duela esan dute.
2020-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/184580/bertso-berriak-emakumeek-inaxi-etxaberi-jarriak.htm
Kultura
Bertso berriak, emakumeek Inaxi Etxaberi jarriak
Plazetan jendaurrean bertsoak kantatu zituen lehen emakumetakoa izan zen Etxabe, eta hemezortzi emakumek bertso banarekin gogoratu eta eskertu dute haren ekarpena.
Bertso berriak, emakumeek Inaxi Etxaberi jarriak. Plazetan jendaurrean bertsoak kantatu zituen lehen emakumetakoa izan zen Etxabe, eta hemezortzi emakumek bertso banarekin gogoratu eta eskertu dute haren ekarpena.
Uztailaren 11n ezagutu zen Inaxi Etxaberen hilberria. 1937an jaioa zen, Oikian (Zumaia, Gipuzkoa) eta bertsotan jardun publikoan bere izenez eta gorputzez aritu zen lehen emakumeetako bat. Bertso idatziak egin zituen batez ere, ia hirurogei urtez (1956tik 2015era), eta oraingo emakume bertsolariek eskertu egin nahi izan diote ekarpena, bertso jarriak idatziz, Etxabek berak egingo zukeen moduan. «Inaxi Etxabe bertsolaria hil dela jakin orduko, ekimen xume honek gorputza hartu du emakume bertsolarien artean: bakoitzak bertso bana idatzi eta hedabideetan zabaltzea». Hala azaldu dute bertso sortaren arrazoia, Etxabek hori egiten baitzuen, okasiorako bertsoak jarri, eta plazan kantatu. «Urteetan, bera izan da plazan kantatu zuen emakume bakanetakoa». Orain, hemezortzi emakume bertsolarik bertso sorta kolektibo honekin eman dizkiote eskerrak. Inork sorta honi bertsorik gehitu nahiko balio, haiekin harremanetan jartzeko gonbita ere egin dute. Ainhoa Agirreazaldegi: Bertsoa buruan ta bertsoa hatzetan bistaratu ohi zinen une zehatzetan andre-bertso lotura mantenduz gatzetan bide horri segika gabiltza plazetan zure eskuak daude gure oinatzetan. Alaia Martin: Inaxi, arrasto bat zara lurrunean, bertsoa kabitzen da zure hutsunean... Nahiz iragana pasa isiltasunean gure ahotsa duzu etorkizunean. Amaia Agirre: Eredu baten kabi izan zen Oikia hitzaren artisau ta jostun egokia nahiz ukatu taberna eta antzokia beti izango duzu guregan tokia erreztearren guri eskenatokia. Amaia Iturriotz: Bazoaz Iñaxi ta ez gaude pozarren gizonen kantuzko ta hitz lauzko oldarren aurka hustu dituzu ahots eta barren mila esker isilik ez gelditzearren Ane Labaka: Nor da aitzindaria, nor abangoardia? Nork dauka etorria, grina, pikardia...? Plaza itzalei jartzen diegu argia, oinordetzan jasota zure ausardia. Eli Pagola: Bertsolaria zinenez gero bertsotan nahi degu hasi: buruan sorta onak jarri ta gero dotore idatzi, txori txikien modura kantuz ibili zinen Iñaxi zuri eskerrak ere badegu buruz ze bertso ikasi. Erika Lagoma: Garai bateko izan ezina, beldurra ta pekatua, gaurko itxurak itsutzen duen mundu akonplejatua. Doinurik doinu pitzatu duzu isiltasun behartua. Zure bertsoen azken puntutik hasten da gure kantua. Estitxu Eizagirre: Emakume bat plazan bere hitza oihartzun frankismoko ilunpean a zer argitasun! Basarri-ren bertsoei zenien erantzun: gizonen epaietik askatu gintuzun. Hodei Unzueta: Emakume kementsua ausarta, paregabea, errimak josten abila, erantzunetan trebea! Euskal Herrian barrena pertsona oso maitea ama, amona, izeko utzi duzu ondarea... Eskerrik asko Inaxi tokatzen da eskertzea zurekiko maitasunez bihotza dugu betea, jarraitu zure bidaia: iraultzaile ta askea! Iratxe Ibarra: Zure berri izatean ze sorpresa, ze poz bakan plazan kantuan bakan pilota joz. Zure ibilbidea hartzen dugu txaloz, geu ere zure sustrai beretik baikatoz. Izarne Zelaia: Gaurko aitortza hau zuretzat da Oikia auzoko neskatxa gauden puntura ez gara heldu oraingoak gure kasa zure bidea eginagatik aldatzen ari da plaza paper artetik jende aurrera mugitu arren ardatza ahots bat isil daiteke baina ezetz gastatu arkatza! Maialen Lujanbio: Historia handiaren atzeko almazen itsuan sartutako pertsona ta gauzen artetik aditzen zen boz hari bat bazen... ...ta gu, ustez ginenak dena indar ta sen zuen oihartzunari segiz gindoazen. Nahikari Gabilondo: Bertso munduko emakumeon eredu zara jakina, nahiz eta plazak ez entzun zure ahots irmo bezain fina. Zure koaderno marradunetan hainbeste bertso egina... ez da hutsean geratu zure isilpeko ahalegina, gu ez ginake izango eta zu ere izan ez bazina. Nerea Ibarzabal: Ai, «Oikiako neska» bizkor, burujabe... bertsotan distiratsu, kantuz paregabe inork egingo balu tentatzean alde, laster jasotzen zuen sorta bat debalde zu ez zaitez kezkatu Inaxi Etxabe ez da egongo bertsorik erantzunik gabe! Oihana Iguaran: Hainbeste bertso sortak hainbeste ausardik hazi bat erein zuen gugan zuregandik bihotzetik eskertu nahi dizut haatik bertso modu berriak zabaltzeagatik. Onintza Gartzia: Nahiz ta une hauetan tristerik gauden gu Iñaxi zarelako gugandik aldendu, baina aukera honi nahi nioke heldu izan zarenez hainbat neskaren eredu gazteei zure berri emango diegu. Rosa Lertxundi: Kalean txistu, kalean festa Euskal Jaia da nagusi elizan berriz, aldarean zu bertso kantuz goxo bizi urtero zita, urtero zintzo Amabirjiña goretsi emakumea, bertsolaria fedea lagun berezi arantz gutxiko larrosa eder izandu zera Iñaxi Uxue Alberdi: Ikusi ohi zintudan Zarautzen pasiran ta haizeak pausua bizkortu ohi zidan; makuludun andrea makulu zen nigan berresteko nor naizen ta zertan dakidan. Permanentedun adats eta azal bigun abangoardia zer den azaldu zenigun. Mila esker, Inaxi, mingain jolastidun: hara, nondik gatozen ta zertan dakigun.
2020-7-20
https://www.berria.eus/albisteak/184581/egiptoko-parlamentuak-baiezkoa-eman-dio-armada-libiara-bidaltzeari.htm
Mundua
Egiptoko Parlamentuak baiezkoa eman dio armada Libiara bidaltzeari
Al-Sisirentzat, marra gorri bat gainditzea da GNAk Sirte eta Jufra hiriak hartzea; orduan sartuko lituzke militarrak herrialde horretan.
Egiptoko Parlamentuak baiezkoa eman dio armada Libiara bidaltzeari. Al-Sisirentzat, marra gorri bat gainditzea da GNAk Sirte eta Jufra hiriak hartzea; orduan sartuko lituzke militarrak herrialde horretan.
Abdel Fattah al-Sisi Egiptoko presidenteak badu dagoeneko herrialdeko armada Libiara bidaltzeko baimena. Ordezkarien Ganberak gaur arratsaldean egindako bozketan «beharrezko neurriak hartzeko» eskatu dio, eta, hortaz, Al-Sisi datozen egunetan zer gertatuko zain geratu da: Libiako Batasun Nazionaleko Gobernuaren (GNA) milizia aliatuek Sirte edota Jufra hiriak hartzen badituzte, orduan bidaliko ditu soldaduak Libiara, Khalifa Haftar ekialdeko buruzagiari babes militarra emateko. Argudiatuta «Egiptoren segurtasun nazionala» defendatzeko neurri bat dela, Ordezkarien Ganberako diputatuen bi herenek herrialdeko presidenteari eskatu diote Libian «milizia kriminal armatuen eta atzerriko talde terroristen» aurka egiteko, horretarako beharra dagoelarik. Al-Sisik Sirte eta Jufra hiriak jarri ditu marra gorritzat, eta horien egoeraren arabera sartuko dira Egiptoko militarrak Libiako gerran; hori gertatuko balitz, gatazka beste fase batean sar liteke, Kairoren parte hartzeak GNAren milizia aliatuen hilabeteotako aurrerapausoak gelditzea baitu helburu. Atzo, milizia horien bozeramaile Mustafa al-Mayaik adierazi zuen Sirte hartzetik «oso gertu» zeudela, eta Haftarren esku dauden petrolio putzuak ere bereganatzeko asmoa dutela: «Azken helburua matxinada amaitzea da, eta [GNAren] kontrola Libiako eremu osora hedatzea». GNArentzat, Egiptoren esku hartzea legez kanpokoa da, eta gauza bera adierazi dute bere nazioarteko aliatuek, tartean Turkiak. Al-Sisik, ordea, ekialdeko Tobrukeko parlamentuak iragan astean egindako eskaria du argudiotzat, Libian sartzeko baimena eman diolakoan. Erabaki horretaz, Al-Sisik honako hau adierazi zuen iragan astean: «Egipto gai da Libiako egoera militarra aldatzeko; Afrikako eta mundu arabiarreko armadarik indartsuenetako bat du». Egiptoko Ordezkarien Ganberaren bozketaren aurretik, Hulusi Akar Turkiako Defentsa ministroak adierazi du GNAri ematen dioten babesak bere horretan jarraituko duela: «Mundu guztiak zera jakitea nahi dut: beti izango gara gure anaia libiarren alboan. Gure xedea da Libian era baketsuan, lasaitasunean eta segurtasunez bizi daitezela». Turkiaren esku sartzea Haftarrek iazko apirilean hasi zuen Tripoli hiriburuaren kontrola bereganatzeko erasoaldia, baina, urtebeteren ostean, eta batez ere Turkiaren urte hasierako esku sartzearen ondorioz, Libia ekialdeko buruzagi militarrak ez du bere helburua lortu; are, atzera egin du hilabeteotan, eta horrek estrategia aldatzera behartu du. Iragan hilabete hasieran, Egiptoren eta Tobrukeko parlamentuaren babesarekin, Haftarrek menia bat eskaini zion GNAri, baina erantzuna ezezkoa izan zen. Ordutik, Al-Sisik hainbatetan errepikatu du su-eten baten eta bakearen aldekoa dela, baina zehaztua du Libian sartzeko gai dela «talde terroristak» Egiptoren mugara hurbiltzen badira. Bederatzi urte dira NATOren hegazkinek Muammar Gaddafiren konboiari eraso ziotela, eta hilketa horren ondorio da Libiaren egungo zatiketa. 2012an parlamenturako hauteskundeak egin zituzten, baina islamistek ez zituzten onartu emaitzak, eta bitan zatitu zen herrialdea: bozen garaileak ekialdean gotortu ziren, eta Haftarrekin aliatzea beste aukerarik ez zuten izan. Mendebaldean, Nazio Batuen Erakundeak trantsiziorako gobernu bat osatzea adostu zuen islamistekin, eta, urteak pasatu ahala, Fayez al-Serraj buru duen GNAn barreiatu ziren.
2020-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/184609/espainiako-poliziak-itxaso-zaldua-euskal-preso-ohia-atxilotu-du-hernanin.htm
Politika
Espainiako Poliziak Itxaso Zaldua euskal preso ohia atxilotu du, Hernanin
2001eko hilketa batekin lotu du Auzitegi Nazionalak. CAFeko langile batzordeak bakea eta askatasuna aldarrikatu ditu.
Espainiako Poliziak Itxaso Zaldua euskal preso ohia atxilotu du, Hernanin. 2001eko hilketa batekin lotu du Auzitegi Nazionalak. CAFeko langile batzordeak bakea eta askatasuna aldarrikatu ditu.
Espainiako Poliziak Itxaso Zaldua euskal preso ohia atxilotu du gaur goizean, Hernanin (Gipuzkoa), CAF lantokira lanera zihoala. Manuel Gimenez Abad Aragoiko (Espainia) PPko presidentearen hilketarekin zerikusia duelakoan, auzi bat ireki diote Auzitegi Nazionalean, Efe berri agentziak zabaldu duenez. ETAk hil zuen Gimenez Abad, Zaragozan, 2001eko maiatzaren 6an. Santiago Pedraz epaileak zuzendu du Zalduaren aurkako operazioa. ETAri Frantzian ustez aurkitutako dokumentazioan, hura atzemateko zantzuak aurkitu dituzte, Efek dakarrenez. Pedrazek iaz Mikel Karrera euskal presoa auzipetu zuen Gimenez Abaden hilketarekin lotuta, hura izan zelakoan tiroaren egilea. Zaldua Madrilera daramate, epailearen aurrera. Ez daukate inkomunitatuta. 2005eko apirilean ere atxilotu zuten, Lannemezanen (Okzitania), ETAko kidea izatea egotzita, eta 18 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. 2017ko abuztuan utzi zuten aske, 45 urte zituela, Frantziako zigorra bete eta Espainiaratu ostean. Sortuk atxiloketa salatu du, eta «aski» dela esan du. «Espetxeak husteko garaia da, ez haiek betetzen jarraitzekoa». Espainiako eta Frantziako estatuei eskatu die «behingoz bide politiko eta demokratiko hutsen aldeko apustua» egin dezatela. «Atxiloketa hau beste oztopo bat da herri honek determinazio osoz hartutako norabidean; bakera, bizikidetzara eta askatasunera bidean. Berresten dugu gatazka politikoari irtenbide demokratikoa emateko garaia dela, eta ez errepresioan tematzekoa». Sorturen arabera, Euskal Herriaren eta estatuaren arteko harreman politikoa «oinarri demokratiko sendoen gainean» eraiki behar da. «Horretarako, ezinbestekoa da arazoei arrazoizko konponbidea ematea, berme nagusiak euskal jendartearen aktibazioa eta inplikazioa izanik». EH Bilduk adierazi du halako atxiloketek ez dutela lekurik Euskal Herrian. CAFeko langile batzordearen oharra CAFeko langile batzordeak ohar batean azaldu du Beasaingo (Gipuzkoa) lantokiko Logistika saileko langilea dela Zaldua; «Berriro preso politiko ohi baten kontra jotzen dute», dio langile batzordearen oharrak. Bakea eta askatasuna aldarrikatu ditu: «Euskal langileok bakerantz eta askatasunerantz aurrera egingo duen agertoki bat behar dugu, Euskal Herriaren erabakitzeko ahalmena errespetatuko duena. Garai berri batean, edozein aukera politiko gauzatzeko aukera eman beharko litzateke, herriaren borondatearen muga bakarrarekin. Horrelako operazioek gaindituta egon beharko luketen garaietara garamatzate. Ez da atxiloketetarako, poliziarako edo kartzelarako garaia». Zaldua berehala askatzeko eskatu du batzordeak, eta CAFeko langile guztiei dei egin die bihar ordubeteko (10:00-11:00) lanuzte boluntarioa egitera, eta aldi horretan biltegi nagusian egingo duten elkarretaratzean parte hartzera. «Itxaso bere lanpostuan nahi dugu berriro». CAFeko LABek ere deitoratu du atxiloketa: «Berriro preso ohi batekin tematu dira. Horrelako ekinbideak berehala eteteko eskatzen dugu. Haien ezintasunaren aurrean, iraganeko formulak besterik ez ditu eskaintzen Espainiako Estatuak». Sarek deituta, 20:00etan manifestazioa bat izango da Hernanin, Gudarien plazatik irtenda. Hernaniarra da Zaldua.
2020-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/184610/lehen-aldiz-elkarrekin-zorpetzea-adostu-dute-ebko-estatuburuek.htm
Ekonomia
Lehen aldiz, elkarrekin zorpetzea adostu dute EBko estatuburuek
Inoizko akordio ekonomikorik handiena adostu dute EBko estatuburuek. Europako Batasuneko estatuek 750.000 milioi euroko plan bat onartu dute koronabirusak egindako kalteari aurre egiteko. Laguntza lortzearen truke, hartzaileek aurrekontu politika estuagoa izan beharko dute, eta horrek murrizketei atea irekiko die.
Lehen aldiz, elkarrekin zorpetzea adostu dute EBko estatuburuek. Inoizko akordio ekonomikorik handiena adostu dute EBko estatuburuek. Europako Batasuneko estatuek 750.000 milioi euroko plan bat onartu dute koronabirusak egindako kalteari aurre egiteko. Laguntza lortzearen truke, hartzaileek aurrekontu politika estuagoa izan beharko dute, eta horrek murrizketei atea irekiko die.
Bart gauean amaitu da Europako estatuen goi bilera, eta lau eguneko negozioazioak akordio historiko batekin amaitu dira: lehen aldiz, batasuneko kideek elkarrekin zorpetzea adostu dute. Modu horretan finantzatuko dute koronabirusak eragindako krisi ekonomikoari aurre egiteko 750.000 milioi euroko plana. Diru kopuru horretatik 350.000 milioi laguntzetan banatuko dituzte, eta beste 360.000, maileguetan. Hiru urteko iraupena izango du planak. «Akordioa!», esan du Twitterren Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak. Hitzartutako diru kopurua hegoaldeko herrialdeek nahi zuten baino txikiagoa da, eta iparraldekoek egin dituzten eskaerei men egin behar izan diete. Alemaniak, Frantziak, Italiak eta Espainiak gutxienez 400.000 milioi euro nahi zituzten diru laguntzetan, eta Europako Batzordeak 500.000 milioikoa proposatu zuen (maileguetan, ordea, 250.000 milioi euro). Herbehereek, Austriak, Danimarkak, Suediak eta Finlandiak, gainera, kontrol estuagoa izatea lortu dute: hartzaileek aurrekontu politika estuagoa izan beharko dute, eta Zuzenbide Estatua errespetatzea baldintza gisara izango dute. Errekuperaziorako planek beste herrialdeen babesa beharko dute Diruaren hartzaileek Europako Batzordera bidaliko dituzte errekuperaziorako euren planak, eta gehiengo kualifikatu batek onartu beharko ditu. Europak beste herrialdeetako agintariek zalantzak badituzte, diru laguntza goi bilera batera bideratu ahal izango dute, eta erabaki bitartean izoztuta geratuko da laguntza hori. Horrez gain, Europako herrialde horiek beherapenak izango dituzte Europako aurrekontuari egiten dioten ekarpenean. Alemaniak bereari eutsiko dio (3.671 milioi euro urtean), eta Herbehereek 1.921 milioikoa izango du, Danimarkak 377 milioikoa, Austriak 565 milioikoa eta Suediak 1.069 milioikoa. Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak esan du urratsa historikoa dela eta harro egoteko moduan daudela. Baina gogoratu du akordioak orain Europako Parlamentuaren babesa behar duela. Historikotzat jo dute, halaber, akordioa Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. Sophie Wilmes Belgikako lehen ministroak honela esan du: «Europako Batasunak Sekula ez du etorkizunean hain modu anbiziotsuan inbertitu».
2020-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/184611/aebetako-poliziak-portlanden-izan-duen-jarrerak-eztabaida-sortu-du.htm
Mundua
AEBetako Poliziak Portlanden izan duen jarrerak eztabaida sortu du
George Floyd afro-amerikarra hil zutenetik ari dira protestan hiri horretako kaleetan. Oregongo Fiskaltzak gobernuari egotzi dio identifikaziorik gabeko agente federalek manifestariak atxilotu izana. Trumpek Polizia Federala hiri gehiagotara bidaltzearekin egin du mehatxu.
AEBetako Poliziak Portlanden izan duen jarrerak eztabaida sortu du. George Floyd afro-amerikarra hil zutenetik ari dira protestan hiri horretako kaleetan. Oregongo Fiskaltzak gobernuari egotzi dio identifikaziorik gabeko agente federalek manifestariak atxilotu izana. Trumpek Polizia Federala hiri gehiagotara bidaltzearekin egin du mehatxu.
Eztabaida sortu da Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) Portlandeko manifestazioetan Polizia Federalak izan duen jarrerak. George Floyd afro-amerikarraren heriotzak protestak sortu zituen herrialdean, eta hiri horretan kalera ateratzen jarraitzen dute arrazismoa eta gehiegizko indarkeria salatzera, 50 egun baino gehiagoz jarraian. Testuinguru horretan, Donald Trump AEBetako presidenteak monumentu eta estatuak protestetatik babesteko agindua sinatu zuen, eta Barne Segurtasunerako Departamentuak Polizia Federaleko agenteak bidali zituen Portlandera. Identifikaziorik gabe eta modu arbitrarioan atxiloketak egitea egotzi diete. AEBetako Gobernuak polizia federalak hiri gehiagotara bidaltzearekin egin du mehatxu. Demokraten agindupean diren hainbat hiriri «ekiteko beldurrez» aritzea egotzi die. New York, Chicago, Filadelfia, Detroit, Baltimore eta Oakland aipatu ditu horien artean. Polizia Federalak Portlanden egin duen esku hartzea goraipatu du, bestalde. Haren esanetan, «lan ezin hobea» egin dute, asteetako protesten ostean ordena berrezarri dutela argudiatuta. Ted Wheeler Portlandeko alkate demokratak, herenegun CNNri egindako adierazpenetan, salatu zuen agente federalen presentziak «biolentzia» gehiago zekarrela: «Ez digute laguntzarik ematen [...] alde egitea nahi dugu». Oregongo Fiskaltzak salaketa bat jarri zuen AEBetako Gobernuaren aurka joan den ostiralean, atxiloketa ez-ofizialak egitea egotzita. Ellen Rosenblum fiskalak aurkeztu zuen testua, atxiloketak Barne Segurtasunerako Departamentuaren agindupean eta identifikaziorik gabeko agenteek egiten dituztela argudiatuz. «Portlanden ikusten ari garen beldur eta biolentzia gorakada agente federalek erabiltzen dituzten taktiken ondorio dira», adierazi zuen, prentsa ohar batean. Komunikatu horretan dio taktika horiek ez direla beharrezkoak, «guztiz lekuz kanpo» daudela eta «horien erabilera bertan behera utzi» behar dela. Hainbat bideotan agertzen diren dozena bat agenteren aurkakoa ere bada salaketa. Fiskalaren testuak John Does izenpean egiten die erreferentzia agente horiei, daramatzaten jantzien ondorioz ez baita antzematen nor diren. Testuak Mark Pettibone 29 urteko gizonaren kasua du oinarri: The Washington Post egunkariari esan zion hura atxilotu zuten agenteek furgoneta batean sartu eta epaitegi batera eraman zutela, inolako identifikaziorik gabe. Han, orduak igaro zituen, agenteek zergatik atxilotu zuten jakinarazi gabe. Horregatik, aurkezturiko salaketak eskatzen du inor atxilotu baino lehen agenteek euren burua identifika dezatela. Atxiloketa ez-ofizial horiek eztabaida ekarri dute: egindakoa legezkoa ote den edo ez. Barne Segurtasuneko Departamentuko buruzagi ohi batzuen esanetan, normala litzateke agente federalak eremu batera bidaltzea, betiere tokiko gobernu edo udalak laguntza eskatzen badu. Portlanden kasuan, baina, ez da halako eskaririk izan. The New York Times-en artikulu baten arabera, tokiko gobernuaren adostasunik ezak esan nahi duen gauza bakarra honako hau da: agente federalek ez dutela atxiloketak justifikatzeko modurik estatuko legeak kontuan hartuta. Peter Vincent immigrazio arloko abokatu ohiaren hitzetan, delitu federal bat egin dela frogatu ahal bada, agenteek protestariak atxilotzen jarrai dezakete. Barne segurtasuneko gaiak zabalak diren heinean, atxiloketak justifikatzeko lege federalak aurkitu daitezkeela dio Vincentek, betiere segurtasun publikoa eta nazionala ardatz badute. Eskubide zibilen abokatu eta protestariek, baina, kaleko jendearen adierazpen askatasunaren aurka egin dela esan dute. Jann Carson Oregoneko Askatasun Zibilerako Elkarteko behin-behineko zuzendari exekutiboaren arabera, «Portlanden gertatzen ari denak AEBetan bizi den edonor arduratu beharko luke». Carsonen ustez, «kalean norbait indarrez hartu eta identifikatu gabeko auto batean sartzeari bahiketa esango genioke». Agente federalen jokaera «konstituzioz kanpokoa» dela gehitu zuen, eta ez dela «erantzunik gabe geratuko» . Gobernuaren erantzuna Agente federalak bidaltzea talde anarkista eta antifaxista «biolentoen» aurka egiteko operazioen parte dela adierazi zuen Ken Cuccinelli Segurtasun Nazionaleko behin-behineko idazkariordeak. Haren hitzetan, arrazismoaren aurkako protestetan agertu dira talde horiek. Tokian tokiko agintariek onartuta ala ez, gainontzeko estatuetan operazio horiek zabaltzeko asmoa dutela esan zuen.
2020-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/184612/urte-hasieran-baino-6000-langabe-gehiago-daude-araban-bizkaian-eta-gipuzkoan.htm
Ekonomia
Urte hasieran baino 6.000 langabe gehiago daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Eustaten arabera, hiru langiletik bat aldi baterako erregulazioan egon da martxotik maiatzera.
Urte hasieran baino 6.000 langabe gehiago daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eustaten arabera, hiru langiletik bat aldi baterako erregulazioan egon da martxotik maiatzera.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 110.400 langabe daude, aurreko hiruhilekoan baino 6.000 gehiago. Biztanleria aktiboari buruzko inkesta argitaratu du Eustatek, eta, horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko langabezia tasa %10,8 da, ia puntu bat handiagoa (%0,9) urteko lehen hiruhilekoan baino. Araban jo dute gogorren COVID-19aren ondorio ekonomikoek: han igo da gehien langabezia. 2.400 langabe gehiago daude, eta langabezia tasa %11,8 da, 2 puntu handiagoa. Gipuzkoan eta Bizkaian, berriz, oso antzerakoa izan da eragina. Gipuzkoan 1.900 gehiago daude (+%0,7), eta langabezia tasa % 8,6 da. Bizkaian, langabeak 1.800 gehiago dira, %11,9ko tasa; aurreko hiruhilekoan baino 0,6 puntu gehiago. Langabezia eta biztanleria aktiboari buruzko datuak COVID-19ari aurre egiteko Espainiako Gobernuak ezarritako jardueraren murrizketa neurrien eraginpean daude, eta, bereziki, enplegua aldi baterako erregulatzeko txostenek baldintzatuta. Egoera horretan dauden langileak ez dira langabe gisa zenbatzen. Eustaten arabera, ondoriozta daiteke hiru langiletik bat egon dela aldi baterako erregulazioan martxotik maiatzera.
2020-7-22
https://www.berria.eus/albisteak/184613/terrorismoa-egotzi-diote-ukrainan-autobus-bat-bahitu-zuen-gizonari.htm
Mundua
Terrorismoa egotzi diote Ukrainan autobus bat bahitu zuen gizonari
Poliziak jakinarazi du ibilgailuan zeuden pertsonak ateratzea lortu dutela. Lutsk hiriaren erdigunean gertatu da bahiketa.
Terrorismoa egotzi diote Ukrainan autobus bat bahitu zuen gizonari. Poliziak jakinarazi du ibilgailuan zeuden pertsonak ateratzea lortu dutela. Lutsk hiriaren erdigunean gertatu da bahiketa.
Armak eta lehergailuak zeramatzan gizon batek autobus bat bahitu zuen atzo Ukrainako Lutsk hirian. Hamabi orduko negoziazioen ostean, Poliziak gau aldera jakinarazi zuen ibilgailuan zeuden hamahiru pertsonak hortik ateratzea lortu zutela, eta ez zela inor zauritu. Anton Heraxtxenko Ukrainako Barne ministroaren arabera, bahitzailea espetxean dago, eta "terrorismoa, bahiketa, eta armak, granadak eta lehergailuak legez kanpo edukitzea" leporatu diote. Horrez gain, Jarkov hiriko herritar bat ere atxilotu dute, bahiketa prestatzen laguntzea egotzita. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak azaldu zuenez, 09:25ean izan zen bahiketa. Ordu horretan jaso du Poliziak bahitzailearen telefono deia. Erasotzaileak Lutsk hiriko erdigunean bahitu zuen autobusa, eta hiriko Antzokiaren plazan egon zen gotortuta, ibilgailuko gortinak botata. Ucriform albiste agentziak adierazi zuen erasotzaileak bideo bat zabaldu duela sare sozialen bidez. Bideo horretan agintariak kritikatu zituen, eta herritarrei eskatu zien «sisteman» konfiantzarik ez izateko. Horrez gain, «legezko terroristak» direla aitortzeko eskatu zien herrialdeko 24 goi agintariri. «Nire heriotza ez da leherketetarako oztopoa izango. 24 ahoren egiak ehunka bizitza salba ditzake. Antisistema egun zoriontsua izan dezazuela. Ez zaitezte engainatu. Ospatu egia», adierazi zuen sare sozialetan zabaldutako mezuetako batean. Erasotzaileak ohartarazi zuen lehergailu bat ezarri zuela hiriko beste leku «jendetsu» batean ere, eta hura zartarazi dezakeela urrunetik. Tokiko hedabideen arabera, hainbat lekukotzak adierazi zuten tiroak entzun zirela Antzokiaren plaza inguruan, baina ez dago zaurituren edo hildakoren berririk. Erasotzailea Maksim Krivox da, 45 urteko gizonezko bat. Heraxtxenkoren esanetan, hamar urte inguru egin zituen espetxean, lapurretagatik eta legez kanpoko armak izateagatik, besteak beste. Ministroak behean ageri den argazkia erakutsi zuen, susmagarria identifikatzeko. Barne ministroak aurretik esan zuen erasotzaileak Maxim Plokhoi izenarekin aurkeztu diola bere burua Poliziari, telefonoz deitu dionean. Izen bereko Twitter kontu batean zabaldu zuen ministroak zabaldu duen argazkia bera. Lutskek 220.000 biztanle inguru ditu, eta Ukrainaren ipar-mendebaldean dago, Poloniarekin eta Bielorrusiarekin duen hiruko mugaren puntutik 60 kilometro ingurura.
2020-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/184614/tubacexek-bere-lantaldearen-20-kaleratuko-du.htm
Ekonomia
Tubacexek bere lantaldearen %20 kaleratuko du
Taldeak zazpiehun langile ditu Araban eta Bizkaian, baina ez du zehaztu horietatik zenbati eragingo dien neurriak. Sektoreak bizi duen krisia argudiatu du erabakia hartzeko.
Tubacexek bere lantaldearen %20 kaleratuko du. Taldeak zazpiehun langile ditu Araban eta Bizkaian, baina ez du zehaztu horietatik zenbati eragingo dien neurriak. Sektoreak bizi duen krisia argudiatu du erabakia hartzeko.
Zetorrena «gogorra» izango zela aurreratu zuen Jesus Esmoris Tubacexeko kontseilari ordezkariak duela aste batzuk, eta bete egin dira iragarpen negatibo horiek. Taldeak jakinarazi du bostehun langile kaleratuko dituela aurten, bere lantaldearen %20 inguru; guztira, 2.553 behargin ditu, horietatik zazpiehun inguru Euskal Herrian —Laudion eta Amurrion (Araba) eta Bizkaiko Parke Teknologikoko bulegoetan—. Enpresak ez du zehaztu non egingo dituen kaleratzeak, baina pentsatzekoa da leku horietan ere latza izango dela kolpea. Taldeak ziurtatu duenez, balio erantsi handiko produktuak ekoizten dituzten lantegiak kontzentratzera bideratutako estrategiarekin jarraituko du, baita gorabidean dauden herrialdeetan egindako inbertsioekin eta «etorkizuneko merkatuetan» —bereziki Asian eta Amerikan— egindako inbertsioekin. Arabako tutugileak azaldu duenez, murrizketak eta dagoeneko hartzen ari diren beste neurri batzuekin 25 milioi euro baino gehiago aurreztu nahi ditu 2021ean. Adierazi du erabaki hori hartu duela egoera ekonomikoaren ziurgabetasunagatik eta sektorean dagoen lehia handiagatik. Azpimarratu du azken urteotan merkatuaren bilakaera negatiboa izan dela: %50etik gorako beherakada izan dela, eta hori are gehiago okertu dela petrolioaren prezioak behera egin duelako eta COVID-19aren krisia dela eta. Enpresaren egoera LAB Sindikatuaren iritziz, ordea, Tubacexen kontuen eta balantzeen azterketa eginda, «argi ikusten da nahiko ona dela enpresaren egoera ekonomikoa, berregituraketa prozesurik gabe langileen etorkizuna bermatzeko modukoa». Urte hasieran, tutugileak 800 milioi euroren salmentak egitea jarri zion helburu bere buruari, baina gauzak erabat aldatu dira. Ekainaren bukaeran, taldeak esan zuen urtea galerekin itxiko duela, baina zehaztu zuen azken buruko galerak izango direla, amortizazio eta besteengatik, eta taldearen EBITDA positiboari eutsiko diotela, «kutxa erre gabe eta funtsezko inbertsioak gelditu gabe». Taldeak finantza egoera ona duela ere gaineratu zuen. Beraz, LABen ustez, enpresa enplegua suntsitzera eraman duena ez da COVID-19ak sortutako egoera: «Tubacexek urteak daramatza barne mailan berregituraketa bat iragartzen, lan harremanen eredu berri bat ezarri nahi baitu, langile merkeak eta malguak kontratatzeko modua emango diona». Sindikatuak gaineratu du Eusko Jaurlaritzak urteak daramatzala Tubacexi laguntzen, eta horregatik ere enplegu horiek babesteko eskaria egin dio Jaurlaritzari. «Horregatik guztiagatik», LABek adierazi du ez duela kaleratzerik onartuko, ezta langileen eskubideen galerarik edo murrizketarik ekarriko duen neurririk ere.
2020-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/184615/cristina-iglesiasen-eskultura-santa-klara-uhartera-eraman-dute.htm
Kultura
Cristina Iglesiasen eskultura Santa Klara uhartera eraman dute
Helikopteroz garraiatu dute artelana, zatika. Urte amaierarako instalatuta egotea aurreikusten dute, eta heldu den urteko udaberrian bisitatzeko aukera egotea.
Cristina Iglesiasen eskultura Santa Klara uhartera eraman dute. Helikopteroz garraiatu dute artelana, zatika. Urte amaierarako instalatuta egotea aurreikusten dute, eta heldu den urteko udaberrian bisitatzeko aukera egotea.
Cristina Iglesias artistaren (Donostia, 1956) brontzezko eskultura Donostiako Santa Klara irlara eraman dute, helikopteroz. Pieza zatika garraiatu dute, eta zenbait bidaia egin behar izan ditu helikopteroak. Uharteko itsasargi barruan kokatuko dute obra, eta itsas hondoa irudikatuko duen brontzezko ontzi handi bat izango du oinarri. Urte amaierarako instalatuta egotea aurreikusten dute, eta, hala, heldu den urteko udaberrian bisitatzeko aukera egotea. Artistak berak eta Eneko Goia Donostiako alkateak Pasealeku Berritik ikusi dute prozesua, goizean goizetik. Helikopteroa 06:30ean hasi da piezak Aquarium ingurutik uhartera eramaten, Iglesias eta Goia han zirela. Iristean, lore sorta bat jarri dute biek helikopteroa aireratu den lekuan, Haritz Galarraga pilotu donostiarraren omenez. Orain bi aste zendu ziren Galarraga eta haren lankide bat, helikoptero istripu batean, Katalunian. Hark gauzatu behar zuen eskulturaren piezak eramateko prozesua —iaz, itsasargian lanak egiteko beharrezkoa zen garabia ere berak eraman zuen irlara, piezaz pieza—. Goiaren hitzetan, «beste mugarri bat» bete da artelana uhartera eramanda. Lanek aurrera jarraitzen dutela eta epeak ongi betetzen ari direla adierazi du, nahiz eta neguan izandako eguraldiagatik eta pandemiak sortutako egoeragatik hainbat zailtasun ere izan diren. Hala, lan guztiak urte amaierarako amaitzea espero dutela iragarri du Donostiako alkateak, eta obra heldu den urteko udaberrian bisitatu ahal izango dela ere bai. Urtaro horrek, haren hitzetan, aukera emango du obrak hiriarentzat izango duen garrantziaren mailako irekiera bat antolatzeko. «Nazioarteko erreferente bat izango da eskulturaren eta artearen munduan», gaineratu du. Iglesias, berriz, «oso hunkituta» agertu da, eta piezak eramateko unearen garrantzia nabarmendu du. Lantalde osoaren zeregina goraipatu du, eta, behin elementu guztiak irlan daudela, pieza muntatzen hasiko dela azaldu du. Itsasargiaren barruan, obra ikusteko plataforma bat jarriko dute, eraikinaren estalkia berregingo dute, eta leihoak alabastroz landuko dituzte. Udan eta udazkenean argiarekin eta urarekin probak egiten ariko da artista.
2020-7-23
https://www.berria.eus/albisteak/184616/aurrerapauso-sinbolikoa-besterik-ez.htm
Mundua
Aurrerapauso «sinbolikoa» besterik ez
2016ko lurralde erreforman, Alsaziak eskualde estatusa galdu zuen, eta bi departamendutan banandu zuten. Herritarren eta alderdien presioaren ondorioz, datorren urtean berriz elkartuko da, baina ez du galdurikoa berreskuratuko.
Aurrerapauso «sinbolikoa» besterik ez. 2016ko lurralde erreforman, Alsaziak eskualde estatusa galdu zuen, eta bi departamendutan banandu zuten. Herritarren eta alderdien presioaren ondorioz, datorren urtean berriz elkartuko da, baina ez du galdurikoa berreskuratuko.
Ongietorri gazi-gozoa izango du Frantziako Gobernuak Alsaziarentzako ondu duen lurralde egitura berriak. 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera, Rhin Garaia eta Rhin Beherea departamenduak elkartu egingo dira berriz ere, eta Alsaziak batasun instituzionala berreskuratuko du, Alsaziako Kolektibitate Europarra delakoan. Poza, ordea, ez da erabatekoa izango, ez baita 2016an galdu zuen eskualde estatusera itzuliko, eta, hortaz, ez dituelako François Hollanderen gobernuak kendu zizkion eskumenak berreskuratuko. Alsazia Hollanderen lurralde erreformaren biktimetako bat izan zen, Frantziako jakobinismoaren eta zentralitatearen erdian ahots propioa aldarrikatzeko aukera izatetik Ekialde Handia eskualdearen parte txiki bilakatzera pasatu baitzen, Lorrenarekin eta Champagne-Ardennerekin batera. Hori ikusita, urteak dira herritarrak, elkarteak eta alderdiak 2015eko egoerara itzultzeko lanean ari direla; Alsaziako Kolektibitate Europarraren sorrera lehen pausotzat duten arren, agerian geratu da ez dutela nahikoa: «Opari bat jasotzea bezalakoa da, baina soilik biltzeko erabiltzen den papera, oparia bera gabe», uste du Jean-Georges Trouillet Unser Land (Gure Lurra) alderdi autonomistaren presidenteak. Diagnostikoa ez du oso baikorra: «Erakundeen ikuspuntutik, Alsazia berriz batuta dago. Sinbolikoki indartsua da, bai, baina arazoa eskumenak dira. Inporta zaizkigunak ez daude kolektibitate horretan». Lege proiektua Asanblea Nazionalean aurkeztu zutenean, diputatu batzuek salatu zuten «berrikuntza politiko bat» izan zela, tartean Olivier Becht Rhin Garaiaren ordezkariak —Agir alderdi zentristakoa—; ez ziren, ordea, kontzeptu horren zentzu positiboaz ari. Trouillet ere iritzi berekoa da: «Egia esan, ez dakigu zehazki nola definitu kolektibitate hau. Legediari begiratuz gero, zona gris antzeko bat da. Eskumen aldetik, departamendu batek dituenen %95 izango ditugu; ez da izango, adibidez, Korsika bezalako estatus bereziko kolektibitate bat». Alsaziako Kolektibitate Europarraren eskumenak jasotzen dituen legearen arabera, egitura instituzional berriak mugaz gaindiko harremanak garatu ahalko ditu; alsazieraren «hautazko irakaskuntza» ahalbidetu ahalko du; turismoa sustatu ahalko du; eta errepideak kudeatzeko eskumen batzuk izango ditu, beste batzuen artean. Trouillerentzat, ordea, hori guztia ez da nahikoa. Hori bai, Unser Landen presidenteak garaipen txikitzat du Rhin Garaia eta Rhin Beherea berriz elkartuko direla, urteotan gauzatu diren mobilizazioaren erakusle baita. Eragileen jarrerak Eskualdearen batasunaren inguruan, Alsazian adostasun zabala dago ezkerreko eta eskuineko alderdien zein herritarren artean. Horren erakusle da 2014ko azaroaren 9an Asanblea Nazionalean gertaturikoa: Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasuna (UMP) zenaren diputatu alsaziar batzuek Ez ezazue Alsazia hil zioen banderaxka bat zabaldu zuten, gobernua lurralde antolaketa aldatzear zegoela. Berez, Hollandek 22 eskualdetik 14ra pasatzea proposatu zuen, baina azkenean Asanblea Nazionalak 13ra aldatzea erabaki zuen. 1982tik 2015era, Rhin Garaia eta Beherea eskualde bakar batean egon ziren elkartuta, eta epe horretan ugaritu egin ziren lurraldearen batasun politikoan sakontzeko saiakerak. Esaterako, alsaziarrak izan ziren lehenak zera egiten, 2013ko apirilaren 7an: Frantziako metropolian estreinakoz, herritarrek galdeketa baten bidez erabaki ahal izan zuten beren lurraldearen egitura. Lurralde elkargoa lortzeko, gobernuak honako baldintza hauek ezarri zituen: bi departamenduetan boto emaile gehienak alde izatea, eta bakoitzean gutxienez erroldaren %25 baiezkoaren alde agertzea. Baldintza guztiak ez ziren bete. Rhin Beherea departamenduan, boto emateko eskubidea zutenen %67,53 agertu ziren alde, eta Rhin Garaian, %44,26. Hortaz, bi emaitzak batuta, lurralde elkargoaren aldeko botoa izan zen nagusi: %57,65. Baina Rhin Beherea departamenduan ez zen bete baldintzetako bat: ezezkoa gailendu zen batean, eta, oro har, erroldaren %22,9k soilik parte hartu zuen erreferendum horretan. Jean-Georges Trouillet Unser Land alderdiko presidentea, eskuinean. BERRIA Porrot horren ostean, eskualde estatusa galduta, Trouillerrek uste du 2015eko egoerara itzultzeko nahia dela nagusi alsaziarren artean, eta inkesten emaitzetan oinarritzen da hori argudiatzeko: «Argi dago iritzi publikoak zer nahi duen. Hori badakigu dagoeneko hiru inkesta egin dituztelako, eta %80 Ekialde Handitik atera eta Alsazia eskualdearen itzultzearen alde daudelako. Ez hori bakarrik: %70 autonomia estatus baten aldekoak dira». Beraz, zerk eragozten du aldarria inoiz baino ozenagoa eta indartsuagoa izatea? Indar politiko nazionalen jarrerarekin du zerikusia, behin betiko erabakia «alderdien interesen araberakoa» delako, Unser Landen presidenteak argudiatu duenez. «Gure alderdiaz eta beste batzuez gain, beste indarren arazoa da nazionalak direla. Batzuk ados daude, batzuk kontra, baina azkenean erabakia estatu mailari begira hartzen da». Halere, Trouiller ez da alderdi horien zain egotearen aldekoa, eta apustua datorren urteko martxoko eskualdeetako eta departamenduetako hauteskundeetan du jarria, aldarrian sakontzeko estrategia elektorala «egokiena» delakoan. Hala, Alsaziaren errealitate instituzionalari buruzko eztabaida berriz ere erakundeetara eramatearen aldekoa da, «auzia mahai gainean egoteko» eta Alsaziarentzat «gehiago eskatzeko». 2015eko eskualdeetako hauteskundeetan, Unser Landek aliantza bat egin zuen Lorrenar Alderdiarekin, Moselar Alderdiarekin eta Aliantza Ekologista Independentearekin, eta Trouillet bera izan zen zerrendaburua —garai hartan alderdiaren bozeramailea zen—. Lehen itzulian, aliantzak %4,73ko babesa (84.127 boto) izan zuen, eta ez zen bigarren itzulira pasatu; azkenean, Errepublikanoen zerrendak eta zentristenak lortu zuten babes handiena. Indar harremana Orain, Unser Landen presidenteak ezinbestekotzat du 2021etik aurrera sortuko den testuinguru politikoan autonomiaren aldeko aldarria irudikatzea, datozen urteetako «gakoa» Frantziako Gobernuaren eta Alsaziaren arteko indar harremana izango delako. «Frantzia estatu zentralista bat da, eta dena indar harremanari buruzkoa da. Guri dagokigu hori zehaztea, Paris behartzeko kolektibitatea berriz errepasatzera eta eskumen berriak ematera». Trouillerren arabera, Frantzian ohartu egin dira, koronabirusaren harira deituriko larrialdi egoeran, zentralizazioa «hondamendi bat» dela, eta ekonomikoki garestia dela. «[Emmanuel Macron Frantziako presidenteak] Aitortu egin zuen arazo bat izan zela krisiari aurre egiteko». Testuinguru horretan, Unser Land emantzipazioaren oinarriak finkatzeko saiakeretan murgilduko da: «Niretzat garrantzitsuena da eztabaida batzuk plazaratu ditugula, batez ere Alsaziako herriarena. Finean, Alsaziako herririk ez badago, ez du zentzurik estatus berezirik eskatzea. Has gaitezen eztabaida garrantzitsuak azaleratzen, eta gero logikari esker gertatuko da dena».
2020-7-24
https://www.berria.eus/albisteak/184617/galdeketa-aho-batezko-eskaria.htm
Mundua
Galdeketa, aho batezko eskaria
Frantziaren lurralde egiturak bitan zatitu ditu Bretainia osatzen duten bost departamenduak. Testuinguru horretan, batasunari buruzko erreferendum bat egiteko jarrera da nagusi herritarren eta politikarien artean, baina orain arte Parisen ezezko erantzuna besterik ez dute jaso.
Galdeketa, aho batezko eskaria. Frantziaren lurralde egiturak bitan zatitu ditu Bretainia osatzen duten bost departamenduak. Testuinguru horretan, batasunari buruzko erreferendum bat egiteko jarrera da nagusi herritarren eta politikarien artean, baina orain arte Parisen ezezko erantzuna besterik ez dute jaso.
Lurraldetasunaren auzian, Frantziako Gobernuak badu beste fronte bat ipar-mendebaldeko kostaldean; iritzia, gainera, aho batezkoa da herritarren, politikarien eta erakundeen artean. Bretainiaren kasuan, urteotako jarrerek eta ekinbideek agerian utzi dute bost departamenduen batasunari buruzko erreferendum bat egitea beharrezkoa dela, gizartearen aldarri bilakatu baita aspaldidanik. Gainera, iritzi hori ez da soilik mugimendu edo alderdi batena, paisaia ideologikoaren alde guztietako agintariak baitaude horren alde. Kasurako, François de Rugy politikaria, Frantziako Asanblea Nazionaleko presidente ohi eta Trantsizio Ekologikorako ministro izandakoa: 2017an, Bretons aldizkariari adierazi zion Bretainiaren batasuna gauzatzea zela «logikoena». 2018ko maiatzean, honako hau gehitu zuen: «Zenbat eta lehenago egin, orduan eta hobeto». Saiakera bakoitzak, ordea, Parisen ezetza topatu du parean, agintean alderdi bat edo bestea dagoela ere. Frantziako Gobernuaren ezezkoa behin eta berriz jasotzearen ondorioz, Bretainiaren batasunari buruzko eztabaida agenda politikoan txertatzea ez da izan egiteko erraza. Halere, DIBAB elkartearen eta Breizh Civic Laben iazko abuztuko galdeketak —TMO Institutuak egina— berriz mahaigaineratu zuen auzi hori; inkesta horren arabera, bretoien %67 batasunari buruzko erreferendum bat egitearen alde daude, eta herritarren erdiek Bretainia eskualdea eta Loira Atlantikoa departamendua batzearen alde bozkatuko lukete boz horietan. Egun, Frantziako Errepublikaren egiturak bitan banatzen du Bretainia historikoa: batetik, Bretainiako eskualdea dago, lau departamenduk osatzen dutena eta lurralde historikoaren zatirik handiena hartzen duena; bestetik, Loira Atlantikoa departamendua dago, hegoalderago: Naoned du hiriburutzat, eta Loirerria eskualdearen parte da. Inkesta horrek erantzun adierazgarriak eman zituen, eta, antolatzaileekin beraiekin hasita, galdeketaren ondorioak pozgarriak izan ziren. «Oso harrituta gaude emaitzekin», dio Brendan Guillouzic-Gouret DIBAB elkarteko kideak. «Agerian uzten dute nahi bat dagoela, eta guk hori baliatu nahi dugu haratago joateko. Mugimendu bretoi klasikokoek diote batasuna erreparazio historiko bat dela, baina batasun hori aldaketa bat lortzeko baliatu behar dugu, herritarrak gizarte bretoiaren parteago senti daitezen». Galdeketaren emaitzak publiko egin eta gutxira, Bretainia eskualdeko presidente Loig Chesnais-Girardek —Alderdi Sozialistakoa (PS)— adierazi zuen pilota Loira Atlantikoa departamenduaren teilatuan zegoela, eta horri zegokiola hurrengo pausoa ematea. Guillouzic-Gouretentzat, hori esatea hutsegite bat da, galdeketa lortzeari begira: «Berarentzat erraza da hori esatea, hori eginda ez delako ezertara engaiatzen. Guk uste dugu ez ditugula Loira Atlantikoa eta [Frantziako] estatua itxoin behar galdeketa antolatzeko. Gizarteak bere buruari galdetu badiezaioke, eskualdeak ere plazaratu dezake galdera. Kontsulta bat izan daiteke, bere eremuko herritarren iritzia jakiteko. Maila politikoan asko aldatuko luke, eta jendeak ikusiko luke gai hori interesatzen zaigula. Berez erraza da, baina...». Orain arteko pausoak Azken urteotan, Bretainian pauso asko eman dituzte balizko erreferendumari begira. Iragan otsailaren 4an, esaterako, Bretainiako Kontseiluak erabaki garrantzitsu bat hartu zuen, oraingoz sinbolikoa dena: aurrekontuetan, Bretainia eskualdea eta Loira Atlantikoa departamendua batzeari buruzko balizko galdeketa finantzatzeko 100.000 euro gorde zituen. Bretainiako Kontseiluko presidenteak aurkeztu zuen zuzenketa, batasunari begira dagoen «aho batezko engaiamendu kolektiboa are gehiago indartzeko». Brendan Guillouzic-Gouret, DIBAB elkarteko kidea. BERRIA Diru sailaren bozketa batasunari buruzko batzorde batek landutako txostenaren harira egin zuten. Testu horretan, Isabelle Le Bal kontseilaria —MoDem alderdi zentristakoa— eta Jean-Michel Le Boulanger kontseiluko lehen presidenteordea —PSkoa— buru zuen lantaldeak honakoa ondorioztatu zuen: «Lurralde kolektibitateen zatiketaren auzia demokratikoa da, eta modu demokratikoan egin behar zaio aurre. Herritarren iritzia entzun beharra dago». Horren aurretik, 2018ko abenduan, Loira Atlantikoa departamenduko Kontseiluan kontsentsu handia izan zuen erreferendum baten eskariak, 62 ordezkaritik 55ek egin baitzuten horren alde. Hori bai, iritzia xehetasun garrantzitsu batekin batera eman zuten, eskatu baitzuten erreferendum hori, Loira Atlantikoa departamenduan ez ezik, Loirerria eskualde osoan eta Bretainia eskualde osoan ere egiteko. Aldiz, batasunaren inguruan, kontseiluak kontrako iritzia eman zuen: 30ek aurka bozkatu zuten, eta alde soilik hamahiruk —hamabostek abstentzioa eman zuten, eta lauk ez zuten bozketan parte hartu—. DIBABeko kideak, pauso horiek aitortzen dituen arren, ohartarazi du borondate politiko oso txikia dagoela galdeketa lortzeari begira: «Auzia azaleratzen dugun bakoitzean, estatura bidaltzen gaituzte, Parisera, zentralismora. Hemen ez dira saiatzen demokrazia funtzionarazteko moduak bilatzen, gure kabuz egiteko». Testuinguru horretan, Guillouzic-Gouret alde bakarreko galdeketa bat antolatzearen aldekoa da: «Guk nahi dugu jendeak iritzia ematea, eta horrek esan nahi du ez dela zertan Parisekin akordio bat lortua izan». Asmo horrek DIBAB elkarteak 2014. eta 2015. urteetan antolaturiko mobilizazioak izango lituzke inspirazio iturri; Bretainiako hogei bat herritan erreferendum txikiak antolatu zituzten, herritarren iritzia ezagutzeko. «Galdeketak ziren; guk herria galdetu nahi dugu, eta horren harira antolatu genituen. Herriak parte hartu behar du Bretainia batuaren prozesuan; guk egingo dugu politika, guk galdetu. Parte hartzea sustatu behar da. Gure jarrera da ezer ez espero izatea estatuaren partetik. Ez dator ezer inoiz». Bretainia garatzeko aukera Batasunaren auziak beste elementu bat azaleratu du eztabaida politikoan: balizko Bretainia batuaren autonomia, eta Europako herrialderik zentralizatuenetako batek emango lizkiokeen eskumenena. «Jendeak ulertu behar du ez dela soilik batasuna behar, erakundeen mailan eta eskumenetan ere aldaketa bat beharrezkoa delako. Ez da soilik batasunaren kontua. Eskumen horiek garatzeko aurrekontu bat beharrezkoa izango da. PSk, adibidez, esaten du eskumen gehiago nahi dituela, baina ez du inoiz hitz egiten enplegua sortzea eta horrelako auziez. Egun, eskualdeak metropoli batzuek baino aurrekontu txikiagoa du, eta hori aldatu egin beharko litzateke». Autonomia modeloez galdetuta, DIBABeko kideak Korsikan gertaturikoa aipatu du, baina ez du guztiz eredutzat jotzen: «Ikusten dugu Frantzian gertatzen dena. Korsikaren kasuan, egia da bi departamendu batu zituztela, modelo bat izan daitekeela, baina ezin dugu gauza bera egin. Kolektibitate bakarra, asanblea bat sortzearena ideia ona izan liteke. Halere, ideia horiek kopiatzeak ez du esan nahi hemen funtzionatuko dutenik. Herriak parte hartu beharko du prozesuan». Datorren urteko eskualdeetako eta departamenduetako hauteskundeak beste aukera bat izango dira batasunaren auziaren garrantzia azpimarratzeko. Zehazki, Guillouzic-Goureterentzat, «galderak plazaratzeko» hitzordua izango da. Iragan diren udal bozetan, Naonedeko auzapezak batasunaren aldekoak hartu zituen bere zerrendan; hori izan liteke bidea, 2021eko martxoko hauteskundeei begira.
2020-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/184618/hegoaldean-beste-188-kasu-atzeman-dituzte.htm
Gizartea
Hegoaldean beste 188 kasu atzeman dituzte
Gipuzkoan beherakada esanguratsua izan da: hogei positibo izan ziren atzo.
Hegoaldean beste 188 kasu atzeman dituzte. Gipuzkoan beherakada esanguratsua izan da: hogei positibo izan ziren atzo.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi du 3.682 PCR proba egin zituztela atzo, eta beste 90 positibo detektatu dituztela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Nafarroan 98 positibo detektatu dituzte, horietatik 22 Mendillorriko agerraldiarekin lotuta daude. Koronabirus kasuek gora egin dute berriro ere. Izan ere, igandean 165 kasu atzeman zituzten. Gipuzkoan izan dira azken egunetan foku nagusiak, baina nabarmen jaitsi da positiboen kopurua han. Igandean 63 positibo detektatu zituzten; atzo, aldiz, hogei izan ziren kutsatuak. Bizkaian 63 herritarrek eman dute positibo, eta Araban, bostek. Badirudi Zarauzko, Tolosako eta Bergarako (Gipuzkoa) agerraldiak kontrolpean daudela. Zarautzen, selektibitate osteko ospakizunen harira laurogei positibo detektatu zituzten asteburuan, eta Osasun Sailak azaldu du gainerako herrietako hainbat positibo foku horrekin lotuta egon daitezkeela . Atzo beste bi positibo izan ziren herri horretan. Tolosan eta Bergaran ez da kasu gehiago izan azken orduetan. Mendillorriko fokuaren loturiko kasuek goraka jarraitzen dute: atzo beste 22 positibo atzeman ostean, 116 dira kasuak dagoeneko. Nafarroako Gobernuak adierazi du gaueko aisialdiarekin lotuta daudela positibook. Ermuan (Bizkaia) beste 13 kasu detektatu zituzten atzo, eta guztira 83 dira agerraldi horrekin loturiko positiboak. Kutsatzeak Eibarko eta Zarauzko festa giroarekin loturik daude, batik bat. Agerraldiok kontuan hartuta, agintariek neurriak zorroztu dituzte. Nafarroako Gobernuak atzo iragarri zuen 02:00etara aurreratuko duela tabernak ixteko ordua, eta Eusko Jaurlaritza neurri gehiago hartzeko prest dago. Agerraldiak izan dituzten herrietan, dagoneko ezarri dituzte murrizketak. Ermuan (Bizkaia) eta Bergaran (Gipuzkoa) 23:30etan itxi beharko dituzte tabernak eta jatetxeak, eta %50eko edukiera izango dute. Gainera, ezingo da barran kontsumitu. Iragan astean, beste hainbat herritan hartu zituzten neurriok: Zarautzen, Tolosan eta Eibarren. Nafarroako Gobernuak eta Tuterako Udalak arduraz jokatzeko dei egin diete herritarrei, festen harira. Uztailaren 24tik 30era izan ohi dira Tuterako jaiak, eta egun horietan ere orain arteko "konpromiso eta ardura" berberarekin jokatzeko eskatu diete tuterarrei. Alejandro Toquero alkateak gogorarazi du ez dela festarik izango eta udalak ez duela inolako ekitaldirik antolatuko. Tuteran koronabirusaren agerraldi bat izan zen iragan astean, ezkontza batekin lotuta, eta 41 positibo detektatu dituzte. Kasuak gora doaz Gipuzkoako gizarte zerbitzuetan Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du sei positibo atzeman dituztela adingabeen harrera zentroetan, eta beste bederatzi inklusio sarean, aurreko astean baino hiru gehiago. Adingabeen kasuan, guztiak asintomatikoak dira, edo sintoma oso arinak dituzte. Inklusio sareko positibo berriak Donostian (2) eta Tolosan (1) detektatu dituzte. Zahar etxeetan, aldiz, ez dago kasurik, baina lau langilek positibo eman dute.
2020-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/184619/lopez-munizek-ez-du-jarraituko-alavesen.htm
Kirola
Lopez Muñizek ez du jarraituko Alavesen
Espainiako Ligako azken lau partidetarako fitxatu eta gero, Alavesek ez dio berritu kontratua. Gasteizko taldeak beste teknikari bat bilatu beharko du datorren denboraldirako.
Lopez Muñizek ez du jarraituko Alavesen. Espainiako Ligako azken lau partidetarako fitxatu eta gero, Alavesek ez dio berritu kontratua. Gasteizko taldeak beste teknikari bat bilatu beharko du datorren denboraldirako.
Alavesek ez dio berritu kontratua Juan Ramon Lopez Muñizi. Espainiako Ligako azken lau partidetarako sinatu zuen entrenatzaile espainiarrak, eta, behin txapelketa bukatuta, zuzendaritza taldeak erabaki du entrenatzaile kargutik kentzea bai Lopez Muñiz bera, bai bere entrenatzaile multzoa. Alavesek eskerrak eman dizkie, sare sozialetan zabaldutako komunikatu baten bidez. Mailari eusteko ekarri zuen Arabako taldeak Lopez Muñiz. Salbazioa lortzeko, aurre egin behar izan die lau aurkari zaili: Real Madril, Getafe, Betis eta Bartzelona. Zinedine Zidanen taldearen kontra txukun aritu ostean, Getaferen aurka berdindu egin zuen Mendizorrotzan. Entrenatzaile berriarekin itxuraz hobeto ari bazen ere, puntuak behar zituen taldeak. Betisen zelaitik hiru puntuak eskuratu, eta Alavesek Lehen Mailari eustea lortu zuen, bosgarren urtez jarraian. Liga sendo hasi bazuen ere, konfinamenduaz geroztik bolada txarrean zebilen Alaves, jaitsiera postuetatik gertu. Dinamika aldatu eta taldeari beste hauspo bat eman nahian kaleratu zuten Asier Garitano, eta txapelketa amaitzeko fitxatu zuten Lopez Muñiz.
2020-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/184620/arabako-salhaketak-salatu-du-preso-bat-hil-dela-zaballako-espetxean.htm
Gizartea
Arabako Salhaketak salatu du preso bat hil dela Zaballako espetxean
Elkarteak jakinarazi du 23 urteko gizonezko bat dela, arabarra. Ziegan aurkitu dute hilda.
Arabako Salhaketak salatu du preso bat hil dela Zaballako espetxean. Elkarteak jakinarazi du 23 urteko gizonezko bat dela, arabarra. Ziegan aurkitu dute hilda.
Arabako Salhaketak heriotza baten berri eman du. Salatu duenez, joan den ostiralean, uztailaren 17an, 23 urteko gizonezko arabar bat hilda agertu zen Zaballako espetxean. Ziegan aurkitu zuten gorpua. Elkartearen arabera, heriotza horrek areagotu egin du espetxeetan hildakoen «zifra makabroa», eta uste du eragotz zitekeen «tragedia bat» dela. Are, erantsi dute Espainiako Espetxe Zuzendaritzak ez duela heriotzaren berri eman. Elkarteak uste du heriotza horiek «ezkutatu» egiten direla: «Heriotza horiek ezkutatzeko sistematika politikoa salatu nahi dugu, batez ere COVID-19aren epidemiaren ondorioz». Haren iritziz, ez da inolako informazio publikorik ematen, baina, bitartean, pertsona horien bizitza, batik bat gazteena, «amaitzen» ari da erakunde publikoetan, elkartearen arabera. Gainera, gehitu dute erakundeen menpe dagoela pertsona horien osasunerako eta bizitzarako eskubidea. «Zer gertatzen da? Zergatik ezkutatzen dituzte heriotzak? Zergatik ez dira erantzukizunak eskatzen edo, gutxienez, ikertzen? Gauza bera gertatuko litzateke biktimak beste batzuk izango balira?». Espainiako Espetxeetako Zuzendaritzari, Barne Ministerioari eta gobernuari galdegin diote ea nola amaituko den egoera «beldurgarri» hau. Besteak beste, elkarteak jakin nahi du ea zenbat heriotza gertatu diren, nortzuk diren hildakoak, zeintzuk izan diren arrazoiak, zer prebentzio neurri ezarri diren eta gaixotasun aurreraturen bat dutenak zergatik ez diren espetxetik ateratzen. «Argi esan daiteke gehiegi direla erantzunik gabeko galderak». Beste inor ez hiltzeko, neurri zehatzak eskatu dituzte. Salhaketaren eskariak Espetxeetan gertatzen diren heriotzak direla eta, Arabako Salhaketak heriotza horiek ikertzeko eskatu dio Espainiako fiskaltzari: esate baterako, heriotzaren zergatiak eta «erantzukizun politikoak, administratiboak eta penalak» argitzeko. Are gehiago, elkarteko kideek uste dute espetxeetako zuzendaritzek «inpartzialtasunez» eman behar dietela informazioa hilen familiei, baita beharrezko laguntza guztiak eskaini ere. Presoen osasun egoera ere izan dute oinarri: «Legeak aurreikusten duen bezala, gaixotasun larriak dituzten presoak berehala askatzeko eskatzen dugu, bereziki fase terminalean daudenak, bai eta buruko gaixotasunak dituztenak ere, kasu askotan suizidioa eragiten baitute». Pauso bat harago ere jo dute: «Zigor eta espetxe arloko legedia berehala erreformatzeko eskatzen ditugu; beharrik gabe luzatzen ditu kondenak, eta mugatu egiten ditu irteteko baimenak, hala nola hirugarren gradua eta baldintzapeko askatasuna eskuratzeko aukera». Hain zuzen, uste dute presoen heriotza kopuruak gora egin duela zigorrak luzatzearekin bat. Azkenik, presoen kopurua espetxe bakoitzaren gaitasunera murriztea ere aipatu dute, «egungo masifikazioa» eragozteko: «Nahiz eta ez izan bakarra, heriotza horietan eragina duten arrazoietako bat da». Aurten, bigarren heriotza Zaballako espetxean hildako bigarren presoa da egunotan zendutakoa. Hain zuzen, presoen eskubideen aldeko elkarteak jakinarazi zuen preso bat hil zela joan den apirilaren 7an Gasteizko Santiago ospitalean. Emandako informazioaren arabera, gaixotasun larri eta sendaezinak zituen, fisikoak eta psikikoak, eta, horren ondorioz, laster espetxetik ateratzekoa zen. Badirudi ospitalera eraman zutela ebakuntza bat egitera, baina istiluren bat izan zuela erizainekin, eta ertzainek esku hartu zutela, «indarra erabiliz». Hala ere, elkarteak ezin izan zuen egiaztatu hildakoa nor zen, eta ezin izan zituen argitu heriotzaren nondik norakoak.
2020-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/184621/nafarroako-preso-guztiak-iruntildeeko-kartzelara-ekartzeko-eskatu-du-foro-sozialak.htm
Politika
Nafarroako preso guztiak Iruñeko kartzelara ekartzeko eskatu du Foro Sozialak
Iraganean ainguratutako sektoreen aurrean «iparra ez galtzeko» eta bizikidetzan urratsak egiteko beharra azpimarratu diete Nafarroako gizarte eta politika eragileei eta batik bat gobernuari
Nafarroako preso guztiak Iruñeko kartzelara ekartzeko eskatu du Foro Sozialak. Iraganean ainguratutako sektoreen aurrean «iparra ez galtzeko» eta bizikidetzan urratsak egiteko beharra azpimarratu diete Nafarroako gizarte eta politika eragileei eta batik bat gobernuari
Otsailean eta martxoan, Nafarroako Gobernuak Bizikidetzaren Liburu Irekia delakoari ekarpenak egiteko prozesua egin zuen. Foro Sozialak, egitasmo hori «ontzat» jo, eta prozesu horretan egindako ekarpenak aurkeztu ditu gaur, Iruñeko Kondestablearen jauregian. Horien artean dago, pandemiaren testuinguru honetan, Nafarroako preso guztiak Iruñeko kartzelara hurbiltzea. Pandemiaren nondik norakoez harago ere, Foro Sozialak uste du egungo legealdian «pauso irmoak» eman behar direla preso nafarrei eta iheslari eta deportatuei «espetxe politika normalizatu bat aplikatzeko». Teresa Fagoagak eta Fernando Armendariz Foro Sozialeko kideek eman dute ekarpenen berri gaurko agerraldian. Konfinamenduan «oso dinamika interesgarriak» izan direla deritzote. Nafarroan, Salhaketak, Etxerat-ek, Altsasuko Gurasoek eta Sarek bat egin dute, eta haien SOS-COVID-19 egitasmoak «adostasun zabala» bildu du hala alderdien nola sindikatuen artean. Dinamika hark proposatzen zuen bezala, «premiazkoa eta zentzuzkoa» iruditzen zaio Foro Sozialari une hau baliatzea aurrerapausoak emateko espetxe politikan. Hartara, Nafarroako Gobernuari galdegin dio presoak hurbiltzeko plan orokor bat egitea, Eusko Jaurlaritzak egin moduan, osasun publikoa babesteko. Halaber, Foro Sozialak kezka adierazi du azken hilabeteetan bizikidetzari buruzko eztabaida «katramilatu» egin delako, eta «elkarren kontrako bi eremutatik tentsioa jarri delako». Foro Sozialaren ustez, sektoreon presioak «arriskuan» jarri ditu aurreko urteetan eta hilabeteetan alor horretan eman diren aurrerapausoak. Iraganean ainguratuta daudela deritzo, eta politikoki «ongi definituta» daudela: «Alde batetik, nahiz eta oso sektore minoritarioa izan, bake prozesuaren ukatzaileak daude, eta krispazioa sortzen dute; bestetik, garaileen eta garaituen logiketan ainguratuta dagoen lobbya dago: pisu garrantzitsua du, eta aurrerapenak baldintzatzen ditu». Adibidez, Patxi Ruizen gose grebaren harira sortu da eztabaida. Preso gisa dituen eskubideen aldeko aldarrikapenak nahastu egin dira hari leporatutako Tomas Caballero UPNko zinegotziaren hilketarekin. Eztabaidaren harira, Foro Sozialak uste du «biktimek birbiktimizazio egoerarik jasan behar izateko bateragarria izan beharko litzatekeela presoen eskubideen defentsarekin». Gaineratu dutenez, indarkeria adierazpen guztien biktima guztiek egia, justizia eta erreparazioa izateko eskubideak «eskutik helduta joan behar du» salbuespenezko espetxe politika amaiarazteko eskubidearekin. Horregatik, auzi horretan, Foro Sozialak nabarmendu du ezbaia ez dela biktimak edo presoak, «biktimak eta presoak baizik». Foro Sozialak nabarmendu du aurreko legealdian eta azken hilabetetan lan asko egin dela elkarbizitzaren aldeko bidean, eta, adostasunak lortu diren honetan, eragile guztiei «iparra ez galtzeko» eskatu die. «Ez utzi arrastaka eramaten iraganean ainguratuta dauden sektore horiengatik, orain arte aurreratutako bidea desegitea baino ez baitute helburu», argudiatu dute. «Zailtasunak handiak dira Nafarroan, baina argi izan behar dugu Nafarroako gizartearen gehiengoa konponbidearen eta bizikidetzaren logiketan dagoela».
2020-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/184622/motxiladun-umeak-gurasorik-gabe-bizitzera-kondenatzen-ari-direla-salatu-du-sarek.htm
Politika
«Motxiladun umeak gurasorik gabe bizitzera kondenatzen» ari direla salatu du Sarek
Haur motxiladunen senideek agerraldi bat egin dute gaur Durangon. Bertan, «haserrea, mina eta inpotentzia» adierazi dituzte.
«Motxiladun umeak gurasorik gabe bizitzera kondenatzen» ari direla salatu du Sarek. Haur motxiladunen senideek agerraldi bat egin dute gaur Durangon. Bertan, «haserrea, mina eta inpotentzia» adierazi dituzte.
Haur motxiladunen senideek —aita, ama edo bi gurasoak espetxean dituzten haurrenek— agerraldi bat egin dute gaur goizean Durangon (Bizkaia). Bertan, «haserrea, mina eta inpotentzia» adierazi dituzte; izan ere, haurrek «urte erdia daramate aitarekin, amarekin edo kasu batzuetan biekin egon gabe». Egoeraren «gogortasun eta krudeltasunak» bultzatu ditu «ezkutuan dagoen errealitate hau» kontatzera. Haur motxiladunek bizi duten egoerari beste zailtasun bat gehitu zaio azken hilabeteotan: koronabirusa. Sarek haur horien inguruko lanketa abiatu zuenean esan zuen «motxiladun haurrek zigor hirukoitza bizi zutela; egunerokoan guraso presoarekin ezin egona, gurasoei aplikatzen zaien salbuespen legedia dela-eta beraiek noizbait etxean izateko esperantza ere ukatzea, eta, urrunketa medio, eurak ikusteko egin beharreko milaka kilometroak». Baina orain, COVID-19a dela-eta, aurrekoari haurrak «aitarekin, amarekin edo biekin hilabete luzez ezin egotea gehitu zaie». Haur gehienek otsailetik ez dute gurasoekin berriro egoteko aukerarik izan, eta «motxiladun umeak gurasorik gabe bizitzera kondenatzen» ari direla salatu du Sarek. Espainiako Estatuan mintzategiko bisitak egiten hasi diren arren, presondegi gehienetan ezin da aurrez aurreko bisitarik egin. Badira uztailean gurasoak bisitatzera joateko aukera izan duten haurrak, baina, horien kasuan, «guraso presoa kristal baten atzean ikusi edo bidaia ohiz kanpoko baldintzetan egin behar izan dute». Kartzela batzuetan, abuztuan familiarteko aurrez aurrekoak egiteko aukera izango dute. Beste batzuetan, ordea, «abuztuan ere ez dute familia arteko aurrez aurrekorik izango». Frantziako espetxeetan gurasoak dituzten haurrak «otsailetik uztailera arte egon dira eurekin egon ezinik». Gainera, bisitetan segurtasun neurriak bete behar izan dituzte; esate baterako, «musukoa, aita presoa ezin ukitua...». Espetxean bizi diren haur motxiladunen egoera «bereziki larria» dela salatu dute; izan ere, «hainbat arrazoirengatik, hiru amak 10-15 eguneko konfinamendua» egin behar izan dute, haietako bik euren umeekin. Hortaz, «eguneko 21 ordu pasatu behar izan dituzte ziegan umearekin». Koronabirusaren aurreko egoeran, haur horiek asteburuak senideekin pasatzen zituzten, kanpoan, «kalearekiko lotura sendotzeko ezinbesteko prozesu progresiboa» delako. Baina, oraingo egoeran, «irteera horiek etenda daude», eta horrek «umearen erritmoan eta egokitzapenean izan dezakeen eragina latza izan daiteke». Normaltasun berrirako deia egin du Sarek: «Denok hobeto biziko garen normaltssun bat behar dugu, umeek gurasoekin egoteko aukera ukatua egongo ez duten normaltasun berria, euskal presorik gabeko normaltasuna». Normaltasun hori «posible» dela gaineratu du. Horrez gain, jakitera eman dute Arartekoari bilera eskatuko diola, egoeraren berri emateko, baita Espainiako Gobernuko ordezkariari ere, «azken horrek duen ardura kontuan harturik».
2020-7-22
https://www.berria.eus/albisteak/184623/geoturismoa-urdaibaiko-estuarioan.htm
Bizigiro
Geoturismoa Urdaibaiko estuarioan
Gernika-Lumoko diapiroaz, antiklinalaz eta estuarioaz gozatzeko, Atxarreko tontor karstikora igoko da bisitaria ibilbide honetan zehar. Urdaibai izango du une oro begi bistan.
Geoturismoa Urdaibaiko estuarioan. Gernika-Lumoko diapiroaz, antiklinalaz eta estuarioaz gozatzeko, Atxarreko tontor karstikora igoko da bisitaria ibilbide honetan zehar. Urdaibai izango du une oro begi bistan.
Urdaibaiko natura ondarea biosfera erreserba izendatu zuen Unesco erakundeak 1984an. Landaretza, fauna, atmosfera, paisaia, ura eta, oro har, bertako biodibertsitatea zaintzeko xedea izan zen hasieratik. Babespean jarri beharreko arloen artean, jakina, ekosistema horiei eusten dieten substratu eta paisaia bikainak zeuden. Hala, Urdaibaiko ondasunen kudeaketan alderdi geologikoari begi kliska bat egin nahi izan zioten, biosfera erreserbak zer irakatsi eta erakutsi handia zuen eta. Gaur egun, kontserbazio geologikoa edota aniztasun geologikoa usu erabiltzen badira ere, lurrari loturiko begirunea nabarmendu nahi izan dute geologoek beste behin, eta desiraturiko lehen fruitua orain dela gutxi heldu zitzaigun: Urdaibaiko Geologia Intereseko Lekuen Inbentarioa. Zorionez, Bizkaiko bazter miretsi horretan hasitako egitasmoak jarraipena izan du Euskal Herrian, eta, geologiari gorazarre egitearen kariaz, lehen katalogo geologiko orokorra ezagutarazi berri da. Ehunka guneren mamia eta azala ikertu dituzte adituek, tokian tokiko ezaugarri geologikoak balioetsi nahian. Katalogatutako altxor guztiek ezaugarri komunak dituztelarik ere, bakoitzak baditu bere espezifikotasunak: batzuk interes geomorfologikokoak dira; beste batzuk, berriz, interes tektonikokoak, sedimentologikokoak, paleontologikokoak edo petrologikokoak. Lagako ofita azaleratzea eta hondartzako dunak nabarmenduta agertzen dira katalogoan. Baita Gernika-Lumoko (Bizkaia) antiklinala, Oka ibaiko estuarioa —zeina interes sedimentologikokoa den— eta Mundakako koralak (Bizkaia), besteak beste. Gernika-Lumoko antiklinala Gernika-Lumoko antiklinala edo diapiroa eskala kartografikoko egitura bat da, eta, haren bidez, estuarioaren eraketa azaldu daiteke. Izan ere, Oka ibaiko estuarioak eta hezegunea betetzen duten sedimentuek okupatzen dute sinklinala. Triasiko garaiko materialak azaleratzen dira bertan, batik bat buztinak; Jurasikoko ofitak ere agertzen dira —arroka igneoa—. Mugimendu diapiriko geldo baten moldean, trinkotasun txikiko material malguak azaleratuz joan dira. Material bigunek oso erresistentzia txikia jartzen diote higaduraren prozesuari, eta ibai haran handi bat sortzeko bidea eman zuten aspaldi. Ondoren, itsasoak ibarra hartu eta, geologoen ustetan, gaur egungo estuarioa sortzeari ekin zion. Estuarioaren ubideak meandro itxurako morfologia du. Ibiltaria behatzaile ona izanez gero, berehalaxe konturatuko da Oka ibaiak sigi-saga egiteari muzin egiten diola goiko zatian. Nonbait, nagitasun gozoan nabigatzen zuen garai batean Gernika-Lumoko ibaiak, bere azken ahaleginaren balantzaz goxo-goxo disfrutatuta. Iñigo Astiz idazle eta kazetari iruindarraren poemak dioena ezin egokiagoa da ibaiaren ezinegona azaltzeko: «Ongi murgilduz gero ikus daiteke itsaso bat ur tanta batean, eta itsaso batean ur tanta bat ikus daiteke ongi murgilduz gero». Baina ibaiaren ur jarioa zuzen bideratu zuten 1923an, nabigagarritasuna bermatze aldera. Atxarreko behatokia Ibarrangeluko (Bizkaia) udalerrian altxatzen den Atxarre tontorra balkoi ezin hobea da Oka ibaiaren estuarioaz gozatzeko. Handik goitik ikuspegi ederra izango du bisitariak, eta ez da damutuko igotzeaz, begi kolpe batez hartuko baitu bai Urdaibaiko biosfera erreserba, bai eta bokalean zehar barreiatuta dauden herri ederren estanpak ere. Artadiak mozorrotutako kareharrizko bloke piramidal baten gainean igotzen da Atxarre, eta San Pedro santuaren izena daraman baseliza dago tontor gainean. Itsasadarraren sartu-irtenak kontrolpean izan nahiko balitu bezala gailentzen da Atxarre ezaguna. Arrantzaleek ere miretsi egiten dute Atxarreko punta, haraino igotzen baitziren beste garai batean arrantza ona eskatzera. Kanala eta Lekeitio (Bizkaia) herriak lotzen dituen errepidean emango zaio hasiera ibilbideari, 43. mugarriaren ondoan. Errepide bazterrean dagoen jatetxearen pareko zelaian utziko du autoa bisitariak, eta ibilian hasiko da Artadiaren bihotz-bihotzean izeneko ibilbidea lagun. Laida aldera egingo ditu lehen urratsak, errepide bazterretik. Hemingway kanala etxe parean, errepidea laga eta eskuinera egingo du oinezkoak, San Martin baselizara bideari oratzeko asmoz. Aldatsa amaituta, arte sendo batzuk hazten diren lekuan, eskuinera hartu, eta, baselizatik igarota, porlan bideari jarraituko zaio. Artadi trinko batek bilduko du bisitaria berehala. Bidebanatzean, ezkerrera hartu, eta, kareharrizko galtzadan barrena, Dantzalekura iritsiko da bidaztia. Eskuinetik Akorda auzora doan bidea dago. Aukera hori itzulerako lagata, ezkerrera egin, eta, 700 metro egin ostean, Urdaibaiko talaiara iritsiko da. Paisaiaz eta naturaz bapo-bapo gozatu ostean, Dantzalekura jaitsi eta Akordarako bideari helduko zaio. Harbidea gogaide, artadian barrena segituko du. Une batez, ezkerreko bideari lotu eta jaitsiera xumea egingo du errepidera irten arte. Ezkerrera egingo du han, eta Akorda auzoan barneratuko da. Elizaren paretik igaro, eta, bide nagusia bazter egin gabe, Gametxo auzora iritsiko da. Upategiaren eta hotelaren artetik igarota, Antzora eta Laidara doan bide zabalari jarraituko dio. Errepideak egiten duen bihurgunean, ezkerrera jo eta Laidako hondartza bete-betean harrapatuko du bisitariak. Errepide bazterreko xendak lagunduta, autoa utzi den lekura itzuliko da. Bihar: Iragana, harrietan irarrita (III): Arditurri.
2020-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/184624/siemens-gamesko-langileek-agoiztik-iruntildeerako-martxa-egingo-dute-etzi.htm
Ekonomia
Siemens Gamesko langileek Agoiztik Iruñerako martxa egingo dute etzi
Ostegunean irtengo dira herriko fabrikatik, 03:00etan, 10:00etan parlamentuan egoteko asmoz. Ordu horretan du agerraldia Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko kontseilariak
Siemens Gamesko langileek Agoiztik Iruñerako martxa egingo dute etzi. Ostegunean irtengo dira herriko fabrikatik, 03:00etan, 10:00etan parlamentuan egoteko asmoz. Ordu horretan du agerraldia Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko kontseilariak
Duela hamar urte Altsasuko Gamesako langileek egin bezala, Agoizko langileek ere martxa bat egingo dute fabrikatik Iruñeraino. 03:00etan irtengo dira, ostegunean, eta 10:00etan iritsiko. Ordu horretan hasiko du agerraldia Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko kontseilariak. Langileek itxiera gelditu eta lanpostuei eusteko eskatzen dute. Martxak bat egingo du aurretik antolatutako greba egunarekin —langile batzordeak itxiera salatzeko beste lau greba egun iragarri zituen iraganean astean: uztailaren 16an, 29an, abuztuaren 6an eta 7an—. Datorren ostegunean, gainera, Irati Bizirik plataformak biltzar bat egingo du herriko plazan. Hilabete hasieran itxiera iragarri zuenetik, hirugarren bilera izango dute ostiralean zuzendaritzarekin, kontsulta epeen barruan. Larunbatean, Irati Bizirik plataformak manifestaziora deitu du, 19:00etarako, Agoizko Siemens Gamesaren itxieraren aurka, bizirik diren herriak nahi ditugu lelopean. Iragan astean Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariarekin bildu ziren, eta aurreko egunetan beste hainbat bilera egin dituzte alderdietako ordezkariekin eta Unai Hualde parlamentuko presidentearekin. «Euren posiziotik zentzugabekeria hau amaitzeko ahal duten guztia egiteko eskatzen diegu. Guk gauza bera egingo dugu, eta, horregatik, mobilizatzen jarraituko dugu», adierazi dute langileen ordezkariek gaurko agerraldian.
2020-7-28
https://www.berria.eus/albisteak/184625/soldatak-etxe-barruko-sekretu.htm
Ekonomia
Soldatak, etxe barruko sekretu
Ez da hitz egin ohi soldatei buruz, ez behintzat norbere soldataren zenbateko zehatzari buruz. Epaituak izateko beldurra eta gure aukeren gainetik bizi garela jakitea izan daitezke horren arrazoietako batzuk.
Soldatak, etxe barruko sekretu. Ez da hitz egin ohi soldatei buruz, ez behintzat norbere soldataren zenbateko zehatzari buruz. Epaituak izateko beldurra eta gure aukeren gainetik bizi garela jakitea izan daitezke horren arrazoietako batzuk.
Soldatei buruzko informazioa jakin nahi izanez gero, estatistika erakundeetara jotzea da aukeretako bat. Aldi baterako enplegu enpresek ere aldiro egiten dituzte ikerketak, erakusteko, besteak beste, zer profilek duten arrakastarik handiena eta zer lanpostutan ordaintzen den gehien. Lan hitzarmenen erregistroa kontsultatuta, sektore horretan irabazten denari buruzko arrasto batzuk atera daitezke. Halaber, sortu dira gaian espezializatutako plataformak ere. Langileek emandako datuei esker, zenbait enpresatan zenbat irabazten den jakiteko aukera ematen dute batzuek. Beste batzuek, berriz, zeure datuak sartu eta zenbat irabazi behar zenukeen kalkulatzen dute, ea merkatuaren egoera kontuan hartuta goitik edo behetik zabiltzan. Baliabide horiek guztiak erabiltzen dira lansariei lotutako datuak lortzeko. Ez dagoelako beste modurik. Izan ere, oro har, gutxi hitz egiten da soldatei buruz, bai behintzat norbere soldatari buruz. Josu Larrinaga Soziologiako doktore eta EHUko Gizarte Antrologia graduko koordinatzailearentzat, ulergaitz samarra da espezie hain enpatikoak eta lehiakorrak izan arren, hau da, onartuak eta goraipatuak izateari hainbesteko balioa eman arren —eta jakinik estatusaren adierazleetako bat dela soldata— zergatik ezkutatu ohi den norbere irabaziei buruzko informazioa. «Baina kontuan hartu behar da zer-nolako baldintzetan bizi garen gaur egun». 1980ko hamarkadara atzera eginda, azaldu du ordutik aurrerako politika neoliberal guztien ardatza izan dela kontsumoa sustatzea kredituaren bidez, eta, aldi berean, soldatak baxu mantentzea. «Kredituaren bidez, kontsumitu egiten du jendeak, eta horrela adierazten du estatusa, baina, segur aski, gehienok pentsatzen dugu kobratzen dugun soldata txikia dela, benetan txikia delako oro har». Larrinagaren esanetan, herritar gehienak zorpetuta bizi direnez, berez apalak diren soldatak are xumeagoak bihurtzen dira kredituari dagozkion gastuak ordaindutakoan. «Irabazten dugun soldata txikia dela eta lotsatzekoa edo ezkutatzekoa dela pentsatzeko joera are gehiago indartzen du horrek». Soldatarekin gertatzen den bezala, bakoitzaren zorrari buruzko hizketagaiak ere ez dira ohikoak izaten lagunarteko solasaldietan. «Etxeko ekonomia estatu sekretua da; neurri handi batean, badakigulako gure aukeren gainetik bizi garela kredituaren bidezko kontsumo horrek bultzatuta». Thorstein Veblen soziologoa ekarri du gogora (Manitowoc, Wisconsin, 1857 - Kalifornia, 1929), kontsumo arranditsua ideiaren sortzailea. «Haren esanetan, batez ere estatusa adierazteko kontsumitzen dugu; izan ere, egiten dugun kontsumoaren parte oso txikia da bizitzeko behar dugunari lotutakoa. Gure gizartean, autoa da horren adibiderik garbienetakoa». Beste muturreko egoera dutenek, hau da, diru sarrera handiak dituztenek zergatik ez duten horiei buruz hitz egiten galdetuta, zenbait arrazoi aipatu ditu. Besteak beste, azaldu du aberats asko aberats direla badakitelako ogasunarekin nola jokatu eta ahalik eta zerga gutxien nola ordaindu. «Errenten batezbestekoak ematen direnean, altuak izan ohi dira, eta horren arrazoia da badagoela zati txiki bat, ez hain txikia, kristoren errentak dituena». Diferentzia sozialak oso nabarmenak direla zehaztu du, «eta oso mingarriak». Iaz, AEBetan, aberats talde batek ondasun handien gaineko zerga bat jartzeko eskatu zuen, behar baino gutxiago ordaintzen zutela iritzita. «Hori egiten dute ezegonkortasun soziala eta gatazkak sortzeko beldur direlako, dagoen pobrezia mailarekin badakitelako askok beren aurka jotzeko tentazioa izan dezaketela». Epaitua izatearen kezka Raquel Traspaderne soziologoaren ustez, «epaitua izateko beldurra» izan daiteke soldaten bueltan dagoen isiltasunaren arrazoietako bat. «Beldurra diogu dugun soldataren arabera epaituak izateari». Eta esan du beren ustez dagokien baino gutxiago irabazten dutenek sentitzen dutela beldur hori, baina baita dagokien beste edo gehiago irabazten dutela uste dutenek ere. «Adibide bat jarriko dut: demagun soldata txikia duen kontulari bat naizela. Badaukat rol bat, baina ez rol horri ustez dagokion soldata. Beraz, ez dut esango zenbat irabazten dudan, ez sentitzeko porrot egin duen pertsona moduan epaitzen nautela. Izan ere, geure burua asko definitzen dugu daukagun soldataren arabera». Lanpostuarekin bat datorren soldata dutela pentsatzen dutenek, berriz, horri buruz hitz eginez gero «harroputz moduan» hartzeko beldurra izaten dutela esan du. «Inbidiaren kontua sartzen da pixka bat hor. Ez baldin badakigu hizketakidearen baldintza pertsonalak zein diren, beldurra ematen digu gainetik begiratzen ari garela pentsatzeak». Alabaina, bi egoerak alderatuz gero, uste du soldatari buruz hitz egiteko erreparo handiena ustez beren lanpostuari dagokion baino soldata txikiagoa dutenek izaten dutela. «Izan ere, porrot sentimendua izaten da barruan, eta norbere barruko epaiketa hori gogorra da. Soldata estandarra irabazten dugunean, edo handiagoa, kanpoko epaiketa baten beldur izaten gara, baina lasai egoten gara geure buruarekin». Arlo pribatuan ez bezala, arlo publikoan soldatak publikoak izaten dira, egoten da modua jakiteko zenbateko ordainsaria dagokion lan kategoria bakoitzari. «Eta uste dut garrantzitsua dela hala izatea. Sektore publikoa, sortzez, ongizate estatuaren interpretazio moduko bat da; ongizate gizarte batean, halakoak izan behar lukete lanpostu guztietako soldatek». Haren iritziz, funtzionarioekiko batzuetan sortu ohi diren aurreiritziek badute horrekin zerikusia. «Izan ere, funtzionario baten parekoa izan daiteke gure rola, baina, askotan, enpresa pribatuek ez dute hainbeste ordaintzen». Galdetuta ea jendeak frustrazioa sentitzen duen lankideek edo lagunek baino gutxiago irabaziz gero, batzuetan hala dela uste du Traspadernek. «Gutxiago gastatzeko aukera izango dugunez, garapen bital txikiagoa izango dugula pentsatzen dugu, gizarte kontsumista batean bizi garelako, eta, zoritxarrez, asko irabazten dutenei begi hobeekin begiratzen dielako gizarteak». Eta enpresak ere horrekin jolasten direla gaineratu du. «Neuri gertatu zitzaidan behin: esan zidaten ez esateko zenbat irabazten nuen, enpresan bazegoelako jendea nik baino gutxiago irabazten zuena denbora gehiago eman arren». Arlo publikoko soldatei helduta, prestigioa eta soldata ez direla beti eskutik helduta joaten azaldu du Larrinagak, gertutik ezagutzen duen adibide bat jarrita: unibertsitatekoa. «Askotan, unibertsitateko irakaslea izatea estatusa ematen duen zerbait da, horrela dago zabalduta gizartean, baina askok oso gutxi irabazten dute, lotsatzeko moduko aldeak daudelako nolabaiteko ziurtasuna dugun langileen eta egoera prekarioan daudenen artean». Beste sektore askotan ere egoera antzekoa dela gaineratu du —administrazio publikoarentzat baina azpikontratatuta aritzen direnen artean, bankuetan..—, hau da, badutela estatusa, baina haien soldatak ez direla jendeak uste bestekoak. «Enpresatik enpresara ere alde handiak daude, eta, gaur egun, segur aski, soldata ona edo txarra edukitzearen adierazlerik onena adina izango da, antzinatasuna». Ikerketa soziologikoetan eta abar, aldaketa bat igartzen duela dio, eta azaldu du jada ez dela soldata estatusa adierazten duen faktore bakarra, lan motak eta lanpostuaren ezaugarriek pisu handiagoa dutela. Onuradunak, enpresak Jabetza pribatuko ekonomia batean, pentsaezina iruditzen zaio enpresa bakoitzean ordaintzen diren soldatei buruzko informazioa edonoren esku egotea. «Segur aski, horrek berekin ekarriko luke soldatak antzekoagoak izatea. Baina ez da soldata bakarrik: gaur egungo ereduan, soldatak ezkutatzeko mekanismo ugari daude. Adibidez, zuzendaritzetako kideek akzioak erosteko lehentasuna izan dezakete, edo informazio pribilegiatua beren aukerekin ondo jokatzeko eta epe laburrean irabazi oso handiak lortzeko». Soldaten inguruko gardentasun faltaren onuradun nagusiak, Traspaderneren iritziz, enpresaburuak dira, soldata baxuagoak ordaintzeko aukera izaten dutelako. «Eta kategorien truke bat egitea ere errazago dutelako: adibidez, kontulari bat edukitzea lantaldean baina administrari laguntzaile baten soldata ordaintzea». Alabaina, gizarte gisa «autokritika» egiteko premia ere ikusten du. Soldata baxuek produktu merkeen kontsumoa bultzatu dutela dio, eta, aldi berean, gaur egungo ekoizteko moduaren ondorio ere badirela soldata baxuak. «900 euroko soldatekin hiru euroko kamisetak erosten baditugu, ez gara aurrezten ari, gure soldatari dagokionaren arabera kontsumitzen baizik. Ondorioz, enpresa batzuek asko irabazten duten arren, besteei lana kentzen diegu, eta kontsumo merkeko eta soldata baxuko gurpil horretan sartzen gara». Kontatu du beste herrialde batzuetan ez direla hainbeste ezkutatzen soldatak. «Nik Ingalaterrako kasua ezagutzen dut, eta han feedback-erako ohitura handia dago: asko estimatzen da lan baldintzen berri ematea». Lanez aldatu behar izanez gero eta lagunen bati lanpostua interesatuz gero soldataren berri ematea normala dela kontatu du. «Enpresek beraiek ere sustatzen dute hori, profesional onenak edukitzeko». Haren ustez, horren arrazoi nagusia da «soldatak bat datozela lanpostuen rolekin». Hemen, berriz, lan eskaintzak argitaratzen direnean ere, askotan, ez da soldata zehazten. «Sektoreko hitzarmenari dagokion soldata», «20.000-26.000 euro bitartean», eta antzeko esaldiak ageri ohi dira, eta lan elkarrizketetan bertan ere, soldata zein den galdetzeko kezka izaten dute batzuetan hautagaiek. «Dirua behar dugulako egiten dugu lan; beraz, ez da galdera txarra. Diplomaziaz galdetzeko aholkatu ohi dut nik, ahal bada beste galderaren bat egin ostean galdetzea, eta soldata zehatzari buruzko galdera egin beharrean, soldata tartea aipatzea, urteko soldata zenbaten bueltan ibiliko den edo». Bihar: Soldata baten osagai nagusiak.
2020-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/184626/hiru-euskal-preso-gerturatuko-ditu-madrilek.htm
Politika
Hiru euskal preso gerturatuko ditu Madrilek
Gorka Vidal Logroñoko kartzelara eramango dute Espetxe Erakundeek; Miguel Guillermo San Argimiro, Soriakora; eta Iñigo Vallejo, Dueñaskora.
Hiru euskal preso gerturatuko ditu Madrilek. Gorka Vidal Logroñoko kartzelara eramango dute Espetxe Erakundeek; Miguel Guillermo San Argimiro, Soriakora; eta Iñigo Vallejo, Dueñaskora.
Espainiako Espetxe Erakundeek Euskal Herriaren inguruko kartzeletara gerturatuko dituzte Gorka Vidal, Miguel Guillermo San Argimiro eta Iñigo Vallejo euskal presoak (EPPK), gaur jakinarazi dutenez: Vidal, Logroñokora; San Argimiro, Soriakora; eta Vallejo, Dueñaskora (Palentzia). Vidal 2004an atzeman zuten, ETArekin lotuta, ustez furgoneta batean 500 lehergai zeramatzala. Kordobako kartzelan zegoen azkenaldian, 20 urteko zigorra betetzen. Iazko otsailean bete zituen hiru laurdenak. Madrilek esan du espetxe legedia onartu duela. Bigarren graduan jarriko dute. San Argimiro 2002an atxilotu zuten, hura ere ETAkoa zelakoan. Bonba-auto batekin harrapatu zuten, Polizia iturrien arabera. Caceresko kartzelan dago, lekualdatzearen zain. 25 urteko kondena jarri zioten, eta datorren otsailean beteko ditu hiru laurdenak. Espetxe Erakundeek diote hark ere onartu duela kartzelako legedia, eta bigarren gradua ezarriko diote. Vallejo 2013an sartu zuten preso, ETArekin zerikusia zuelakoan —lehergai batzuk izatea egotzi zioten—. Sevillako espetxean da. 28 urteko zigorra jarri zioten. 2033an beteko ditu hiru laurdenak, eta Madrilek dio hark ere onartu duela espetxe legedia, eta eragindako mina aitortu eta biktimekiko enpatia agertu duela. Lehen graduan malgutasuna ezarri diote. AVT biktimen elkarteak Espetxe Erakundeen neurria salatu du. Haren arabera, ez dira presoak banan-banan gerturatzen ari: «Modu orokorrean egiten ari dira». AVTk dio euskal presoek justiziarekin kolaboratu behar duela kartzelako egoera hobetzeko. Espainiako Gobernuan PSOE dagoenetik —2018ko ekainetik—, aipatutako hirurak kontuan hartuta, 36 euskal preso hurbildu dituzte Euskal Herrira, eta beste hamabi Euskal Herriratu.
2020-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/184627/bulgariako-gobernuak-zentsura-mozioa-gainditu-du-kaleko-protesten-artean.htm
Mundua
Bulgariako Gobernuak zentsura mozioa gainditu du, kaleko protesten artean
Oposizioak ustelkeria leporatu dio gobernuari haren kontrako zentsura mozioa aurkeztu duenean. Kalean, protestak izan dira hamahirugarren egunez jarraian. Gobernu osoaren eta fiskal nagusiaren dimisioa exijitu dute.
Bulgariako Gobernuak zentsura mozioa gainditu du, kaleko protesten artean. Oposizioak ustelkeria leporatu dio gobernuari haren kontrako zentsura mozioa aurkeztu duenean. Kalean, protestak izan dira hamahirugarren egunez jarraian. Gobernu osoaren eta fiskal nagusiaren dimisioa exijitu dute.
Boiko Borisov Bulgariako presidentearen gobernuak parlamentuan duen babesari esker gainditu du oposizioko BSP alderdi sozialistak aurkeztu duen zentsura mozioa. Eskuineko gobernuari sostengua eman diote GERB eta Abertzale Batuak alderdiek. 124 botorekin, baztertu dute zentsura mozioa; 102 parlamentarik egin dute haren alde, eta 11 abstenitu egin dira. Parlamentuan eztabaidatzen ari ziren bitartean, dozenaka manifestari elkartu dira ganberaren kanpoaldean, Borisoven gobernu osoaren eta fiskal nagusiaren dimisioa exijitzeko. Herrialdean ustelkeria errotuta dagoela salatzen dute, eta erreforma politiko sakonak galdegin dituzte. Goizean dozenaka batzuk elkartu dira, baina, protesta oldeak orain arte iraun duen hamahiru egunetan, mobilizazio jendetsuak izan dira gauetan. Milaka manifestari elkartu dira Sofia hiriburuan eta herrialdeko hainbat hiritan, ustelkeria salatzeko. Protestak indartu egin ziren duela hiru egun, Poliziak Rumen Radev Bulgariako presidentearen bulegoa miatu ostean. Radev sozialisten hurbilekoa da, eta aurkari du Borisov lehen ministroa. Manifestariek adierazi dute ez dutela amore emango gobernu osoak dimititu arte. Mafiaren eta herrialdeko oligarkiaren menpeko izatea leporatzen diote. Borisovek bere gobernuan aldaketak egingo dituela hitzeman du. Aldaketa horiek «bi egun barru» jakinaraziko dituztela adierazi du Valeri Simeonov parlamentuko presidenteordeak. Haren esanetan, ezin da baztertu gobernu eraldaketak lehen ministro karguari ere eragitea. Bulgarian datorren urterako daude aurreikusita presidentetzarako eta parlamenturako hauteskundeak.
2020-8-23
https://www.berria.eus/albisteak/184628/ezagutu-tolosaldeko-gastronomiaren-jatorria-ekoizleak-bisitatuz-eta-beren-produktuak-dastatuz.htm
albisteak
Ezagutu Tolosaldeko gastronomiaren jatorria, ekoizleak bisitatuz eta beren produktuak dastatuz
Tolosaldeko gastronomia bikaina da. Dastatzen den mokadu bakoitzaren atzean artisau askoren kate lana dago: sukaldari handien plater elaboratu horiek lehengaiak ekoizten eta zaintzen dituztenen lanetik hasten baitira.
Ezagutu Tolosaldeko gastronomiaren jatorria, ekoizleak bisitatuz eta beren produktuak dastatuz. Tolosaldeko gastronomia bikaina da. Dastatzen den mokadu bakoitzaren atzean artisau askoren kate lana dago: sukaldari handien plater elaboratu horiek lehengaiak ekoizten eta zaintzen dituztenen lanetik hasten baitira.
Euskal ondare gastronomikoa zaindu eta etengabe hobetzen duten artisauak dira. Batzuetan, inguruetako larre berdearen zaporea bere produktuan aurkitu dezakezu; beste batzuetan, belaunaldiz belaunaldi pasatutako egiteko modu baten goxotasuna, galtzear egondako arraza baten nortasuna, sagastietako zukua edota mendiko txakolina. Alderantzizko esperientzia bizi izatea proposatzen dizugu: ekoizle baten lana lehen eskutik ezagutu, eta, ondoren, haren produktuak Tolosaldeko jatetxe batean dastatu. Kontua ez da zaporeekin bakarrik gozatzea, baizik eta Rafa, Xabier, Josean, Leire, Andoni, Nekane, Aitor, Josu, Ainhoa eta Garaziren istorioak entzutea eta bizi izatea. Proposamenak Hona hemen hainbat proposamen Tolosaldeko gastronomiaren aberastasuna ezagutzeko. Bisita gidatu guztiak 12:00etan hasiko dira. Gozoa: txokolatearen jatorrira bidaia Abuztuak 1 (larunbata), Tolosan, 10 euroren truke. Rafa Gorrotxategi museoa. TOLOSALDEA GARATZEN Primizian, Rafa Gorrotxategiren Museo berria ikusteko aukera izango duzu. Aitarengandik eta familiarengandik jasotako istorioak kontatzeko esku zabalik hartzen ditu bisitariak Euskal Herriko gozogintzan erreferente den gozogileak. Txokolatea du bere pasioa, baina sekretu gehiago ere kontatuko ditu bisitan. Osatu bisita, haren produktuak dastatuz: menua Botarri erretegian (31,90 euro), Iriarte jatetxean (54 euro) eta Orexako ostatuan (25 euro). Babarruna: perla beltzaren ingurune pribilegiatua Abuztuak 8 (larunbata), Urkizun (Tolosa), 10 euroren truke. Tolosako Babarrun Elkartearen bidez, Tolosako Urkizu auzoan dagoen babarrun landaketa bat ezagutu ahal izango da, eta produktu preziatu horren ereite prozesua. Abuztuan, landarea berde egongo da, eta, zein zainketa egin behar zaizkion ikusteaz gain, produktuari balioa eman eta ikur bihurtzeraino urteetan elkarteak egin duen lana jakinaraziko da. Osatu bisita, haren produktuak dastatuz: platera Bistro IJH - Iriarte jauregian (16 euro) eta menua Ama tabernan eta Iriarte jatetxean (54 euro). Tolosako babarruna. Bisita gidatu bat, landaketa ezagutzeko. TOLOSALDEA GARATZEN Babarrun jatea: mahaiaren bueltako heri ohitura Abuztuak 8 (larunbata), Urkizun (Tolosa) eta Amasan, 45,2 euroren truke. Bisitatu Urkizu auzoko babarrun sail bat, eta dastatu babarruna eta haren sakramentuak oinarri dituen menua, Roberto Ruiz sukaldariaren Hika jatetxean. Ibarrako piperra: Udako produktu izarraren aniztasuna Abuztuak 16 (igandea), Ibarran, 10 euroren truke. Tolosako babarrunaren bikote izaten da ozpinetako Ibarrako piperra, urte guztian, baita antxoarena ere, hain ezaguna den gildan. Baina udako hilabeteetan piperra landarean ikus daiteke, berde-berde eta fresko. Ibarrako piperrak frijituta jaten dira udan, eta Tolosaldeko kutixirik kutunenetako bat dira. Txumitxa tabernari esker, piperraren sehaskan, Ibarran, landaketa bat ikustera joatea plan ederra da, eta hura jateko zenbat aukera dauden jakitea. Osatu bisita, haren produktuak dastatuz: menua Iriarte jatetxean (54 euro) eta Orexako ostatuan (25 euro). Esnekiak: Txindoki magaleko landa bizitza Abuztuak 22 (larunbata), Orendainen, 10 euroren truke. Txindokira begira dauden larreetako behien esnea da Larreta Esnekiak enpresak ekoizten dituen produktuen oinarria. Baserrian eta baserritik bizitzeko apustua egindako familia baten eskutik, beren eguneroko lana ezagutu daiteke, Orendaingo paraje ederrean. Beraien produktuen prozesua eta lan egiteko modu bat, beren txikian kalitatezko produktu preziatu bat egiten. Osatu bisita, haren produktuak dastatuz: menua Larraitz-Gain jatetxean (24 euro), Larreta esnekiak egiteko esnea ematen duten behiak. TOLOSALDEA GARATZEN Euskal Txerria: Bertako arraza leheneratuz Abuztuak 30 (igandea), Izaskunen (Ibarra), 10 euroren truke. Ibarrako Izaskun auzoko mendietan libre dabiltza euskal txerriak. Daukaten itxuragatik erraz identifikatzen dira txerri pinto hauek. Euskal Herriko lurrera eta klimara ederki egokitzen diren txerri sendoak dira, baina ia galtzeko zorian izan ziren. Damasoro etxaldearen inguru ederretik, Tolosaldeko balkoi ere baden honetatik eskualdearen ikusmira ederra dago, eta arraza leheneratzeko Izaskungo familiak duen proiektu pertsonalaren nondik norakoak ezagutuko ditu bisitariak. Osatu bisita, haren produktuak dastatuz: menua Iriarte jatetxean (54 euro) eta Orexako ostatuan (25 euro). Damasoro etxaldeko euskal txerriak. TOLOSALDEA GARATZEN Sagardoa: barneratu sagardoaren kulturan Irailak 5 (larunbata), Adunan, 40 euroren truke. Biztanleko sagardo litro gehien sortzen duen herrian, Adunan, Aburuzak familiako sagardotegiarekin segitzen du. Sagastiak zainduz, bilduz eta sagardogintzan arituz. Euskal Sagardoa jatorri izena duen sagardoa ere egiten dute. Aburuza sagardotegiko sagardogilearekin, sagastia ikusi, ekoizpen prozesua ezagutu eta, nola ez, txotx esperientzia bizi izateko aukera dago. Egin txotx, eta dastatu sagardotegietako ohiko menua. Aburuza sagardotegia. NAGORE LEGARRETA Txakolina: tradizioa eta berritasuna, elegantziarekin Irailak 12 (larunbata), Amasan, 57,2 euroren truke. Hika txakolindegia upategi modernoa da, Amasa mendian dago, Tolosaldeko Aiztondo ibarrari begira. Paisaian txertatzen den eraikin modernoa da, eta mahastien goialdean dago. Tokiko bertako txakolina freskoa izateaz gain, gorpuzduna da, eta horrek botilan ontzeko bidea ematen dio. Ibili mahastietan barrena, eta dastatu euskal gastronomiako platerez osaturiko menu eder bat. Hika txakolina dastatzen, txakolindegiko mahastien aurrean. TOLOSALDEA GARATZEN Txakolina: barnealdeko txakolinaren berezitasuna Irailak 19 (larunbata), Alkizan, 55 euroren truke. Inazio Urruzola txakolindegia familia upategi bat da. Garaikoetxea izeneko dolare baserri zahar baten inguruan sortua da, Hernio magalean. Euskal mahastietako altxorra den hondarrabi zuria mahatsa da osagai nagusia beraien txakolinean, baina txakolin bereziak ere egiten dituzte. Txakolingintzatik bizi izateko apustua egindako familia baten historiaren berri jakin daiteke, mahastietan barrena ibiliz eta dolare zaharrean bazkalduz eta gozatuz. Inazio Urruzola txakolindegiko mahastiak ezagutzeko bisita gidatu bat. TOLOSALDEA GARATZEN Erreserba egiteko Erreserba egin daiteke Tolosako turismo bulegoan (Andre Mari plaza, 1), eta baita posta elektronikoz ere ([email protected]), edota telefonoz (943-69 74 13) eta tolosaldea.eus webgunearen bidez. • Otorduetarako erreserbak jatetxean bertan egin beharko dira. • 4 urtetik beherakoek ez dute bisita ordainduko, eta 16 urtera artekoek, 5 euro. Otorduetarako, kontsultatu prezioa. Gozatzeko, ardura eta segurtasuna Bisita guztietan segurtasuna bermatuta egongo da. Hauxe da COVID-19 protokoloa: • Talde bakoitza gehienez 19 pertsonaz osatuko da. • Maskara erabiltzea derrigorrezkoa da. • 1,5 metroko tartea gorde beharko da une oro. • Eskuak desinfektatzeko hidrogela jarriko da eskura.
2020-7-22
https://www.berria.eus/albisteak/184629/puigdemont-gai-izan-behar-dugu-lurraldearen-kontrola-prestatzeko.htm
Mundua
Puigdemont: «Gai izan behar dugu lurraldearen kontrola prestatzeko»
Carles Puigdemont Kataluniako presidente erbesteratuak M’explico. De la investidura a l’exili liburua argitaratu du.
Puigdemont: «Gai izan behar dugu lurraldearen kontrola prestatzeko». Carles Puigdemont Kataluniako presidente erbesteratuak M’explico. De la investidura a l’exili liburua argitaratu du.
2017ko azarotik Belgikan erbesteratuta dago Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidentea, eta urte horretako urrian Katalunian izandako gertakarien inguruko azalpen bat argitaratu du M’explico. De la investidura a l’exili liburuan (Nire azalpena: inbestiduratik erbestera). Lanaren argitalpenaren harira, Vilaweb atariak elkarrizketa egin dio. Honako hau da elkarrizketa, osorik, euskaraz: Zer espero duzu liburuak ulertzen laguntzea? Erbestearen eta geratzearen erabakiak konfrontatzeko saio oso bat egon da. Eta erbestea oso modu lausoan azaltzekoa, susmoa edo akusazio zuzena utzita traizio bat izan zela, jendea botata uzteko eta aurpegia ez emateko balio izan zuela. Beharra nuen defendatzeko nik nola bizi izan ditudan gauzak. Azaldu duzu Junquerasekin goiz galdu zenuela konfiantza, ez zizuenean jakinarazi Pedro Sanchezekin batzartu zela, edo abixatu gabe Ximo Puig presidentearekin egon nahi zuenean. Azaldu duzu ez duzula Junquerasekin konektatzen eta ez dakizula hura irakurtzen. Azaldu dut oso leial izan behar dugula geure buruarekin, eta nabaritu dut ez dudala gauza bera jasotzen. Eta kezkatzen nau; ez soilik hori horrela delako, horrek osotasunean izan dezakeen eraginagatik baizik. Baina izan nuen konfiantza interesatzen zitzaidana zen; Urriaren 1ekoa. Gainerako desadostasunak, ez bazuten galarazi Urriaren 1a egitea, azaldu egin behar dira, erabaki edo adierazpen batzuk ulertu daitezkeelako, edo ulertzen lagundu dezaketelako, baina ez dira erabakigarriak. Liburua irakurriz, zalantza da inoiz berreraiki ahalko duzun konfiantza Junquerasekin. Konfiantza politikoa beti izan behar dugu. Bestela, ez genuke politika egingo. Niri ez zait interesatzen bueltaka ibiltzea Junquerasekin zer dauzkagun konpontzeko, baizik eta ez oztopatzea helburu orokorra. Hemen ez dago kontu pertsonalik. Liburuan diozu irailaren 13an, lehen aldiz, aurreikusi zenutela Espainiako Estatuak erreferenduma geldiarazteko hipotesia. Oso berandu, ezta? Gure eginbeharra zen planteatzea zer gertatuko zen aurreikusitako operatiboa mozten bazuten. Urduritasun eta espekulazio asko bazeuden ere, ziur geunden egingo genuela. 2017ko urrian Puigdemont zalantzati bat ageri da liburuan. Egun batzuetan txuri dio, beste batzetuetan beltz. Eskertzen da. Adibidez, hauteskundeak justifikatzen dituzu Urriaren 1ean %50ek baino gutxiagok eman zutelako botoa. Orain ez dut uste esaldi horiek esango zenituzkeenik. Nik neure buruarekiko leiala izan behar dut. Ez dut egin nahi izan memoria moldatu bat, edo Photoshopetik pasatutako bat, zimur hau edo beste ukitzeko. Ez. Horrek egiazkotasuna ematen dio dokumentuari. Gizakiak gara, ahultasunak dauzkaten pertsonak. Norbere burua den bezalakoa erakustea ez da gaizki jokatzea politikan. Hori esanda, ez da kontraesankorra; izan ere, gogoan dut hilaren 26an talde parlamentarioak eginiko bileran erabili nituen argudioak hauteskundeetara deitzeko: estatua prestatzen ari zaigun konfrontazioa ez da aurre egin ahal izateko guk prestatu genuena. Beste bat da. Argi genuen nola garatu zitekeen errepublika posizioei eusteko giro batean, konfrontazio biolentorik gabe. Baina Espainiako Estatua indarkeriazko konfrontazio baterantz zihoan. Eta horrek beste erantzukizun bat exijitzen zuen erabakiak hartzen genituenon aldetik. Bigarrenik: nazioarteko komunitatearentzat, ageriko da gabezia bat zela botoa ematera ez joan izana hautesleen %90 edo %50. Niretzat ez du baliogabetzen. Begiratzen badugu hautesleen zer portzentajek eman duten botoa Brexit-aren, Kataluniako Estatutuaren, Espainia NATOn sartzearen edo Europako Batasuneko Konstituzioaren alde, ikusiko dugu Urriaren 1ekoa baino apalagoak izan zirela. Baina ez nioen zentzu horretan. Esan nahi nuen, posizioari eutsi behar bagenion gurekin indarkeriaren bidez konfrontazioan aritu behar zuen estatu baten aurrean, jada ez zela berdin. Eta orduan talde parlamentarioari proposatu nizkion gogoeta batzuk; orain hausnarketa horiek entzuten dizkiet bere garaian erabat kontra agertu ziren batzuei. Gatazkaren beldurra. Hildakoen beldurra. Konfrontazioaren beldurra. Nola gainditzen da? Izan ere, hori erabakigarria izan zen 2017an. Eta izan daiteke etorkizunean. Nola saihestu berriro ere galga izan dadin? Beldurra normala da. Eta aurreikusgarria da pertsona batek, indarkeria eta biktimak eragin ditzakeen gatazka baten aurrean, beldurrak izatea. Nik beti izango ditut. Hildakoak eragin ditzakeen gatazka baterantz beldurrik gabe doana arduragabe bat edo sinple bat da. Ez nuen asumitu nahi. Gaur esan dezakegu osorik dugula Urriaren 1eko ondarea eta independentziaren alde guztia saiatu izanaren arrazoia; agian, izango ez genukeena biktimez betetako motxila bat izango bagenu, leku berera iristeko: espetxera eta erbestera. Independentzia prozesurako ez da gauza bera. Edozein agintarik izan behar du beldurra halako jokalekuen aurrean. Galdetu beharrekoa da zer egin behar da horrelako momentuen aurrean. Eta zer egin behar da une horretan? Ez dut aurreratuko. Baina gomendatzen dut, Errepublikaren aldeko Kontseiluaren Preparem-nos (presta gaitezen) agiria agertzen denean, hura irakurtzeko. Izan ere, Katalunia estatu independente izateko eta autodeterminazio eskubidea gauzatzeko Espainiak ezartzen digun bide bakarra baldin bada Espainiako Estatuarekin gatazka bat kudeatzea, 2017ko urriaren ikasgaiak oso erabilgarriak dira. Argi dugu konpromiso etiko bat: guk ez dugula jarri behar indarkeria. Eta indarkeria oso ezberdina dela erresistentzia aktiboarekin eta beste gauza batzuekin alderatuta. Guk egunero galdetu behar diogu Espainiako Estatuari asmorik baduen indarkeriari uko egiteko independentzia galarazteko. Ni neu prest bainago independentziara ailegatzeko indarkeriari uko egiteko. Urriaren 10ean, aldebakarreko independentzia deklarazioarekin aurrera egin behar dela dioen bakarra Clara Ponsati da, eta pixka bat Lluis Puig. Azkenean, deklarazioa egun batzuetan bertan behera geratu zen. Zein klase politiko daukagu, kontuan hartuta argi ikusten dutenak iristen azkenak direla? Argi, argi, ezin de esan denok argi genuenik. Ezta gainerakoek nire posizioa erraz babesten zutenik ere. Zalantza asko zeuden. Zentzuzkoa denez. Ni konbentzituta ikusteak eragin zuen kontseilu exekutiboaren gehiengoak berdin ulertzea. Azkenean, leiho oso definitu bat zegoen, Kataluniaren eta Espainiaren arteko elkarrizketa inoiz ikusi gabea zabalduko zukeena. Bide hori zeharkatzera behartua sentitu nintzen. Baina esan dudan bezala 10ean akatsa izan zela atzera egitea, badiot ongi egina egon zela. Akatsa litzateke lezio horretatik ezer ez ikastea. Zein lezio? 2017ko lezioa da Espainiako Estatuak, hain une kritikoan ere, negoziazioaz hitz egiten duenean, ez dugula sinetsi behar. Hori ikasi behar dugu. Eta berriro ez egin hanka sartze bera. Ikaspen hori jartzen dut etorkizuneko belaunaldien zerbitzura: uler dezatela aurrean estatu tranpati bat dagoela. Espainiako Estatuarekin etorkizunean harremanak izateko lezio bat. Liburuko bigarren mailako pertsonaiak komentatu ditzagun. Adibidez, Jordi Pujol; esan zizun DUIa egiteko, baina ez parlamentutik, gobernutik baizik, eta gero hauteskundeetara deitzeko. Topikoak dioenaren kontra, Pujol zure alboan izan zen, eta aurrera egiteko esan zizun. Espainiako Gobernuak, oso modu arduragabean, ez zuenez jakin historiaren eta gertaeren neurrira egoten, ez zegoen beste ondoriorik. Ezin zer beste ezer egin. Pauso hori eman behar zen. Karpeta katalanean, horrelakoak errepublika independente baten une fundatzaileak dira. Agian urrun dagoela dirudi, eta arraroa dela, baina, azkenean, bide hau amaitzean, dosierrean, horietako bat urriaren 27a izango da. Quim Arrufat. CUPekiko zubia. Ez da bakarra, baina bai. Zubietako bat da. Uste dut CUPek esfortzu bat egiten duela zubiak eraikitzeko eta leial jokatzeko. Cesar Alierta, Telefonicako presidentea. Elkarrizketan laguntzen saiatzeagatik erorarazi zuten. Hori uler daiteke. Berak adierazi zidan. Nik ez ditut ezagutu akordioen xehetasunak, baina, dauzkadan testigantzen arabera, Espainiako Gobernuak konpromiso bat hartu zuen [2014ko] azaroaren 9aren aurretik. [Mariano] Rajoyk [Artur] Masekin. Konpromiso hori, beste behin, Espainiako tradizio politikoari jarraituz, ez zuen bete [Espainiako] Gobernuak. Balioa du Alierta bezalako pertsona batek, independentzia prozesuaren aurka egonagatik, gertaera hori azaldu izana. [Ricardo] Alvarez Espejo goraipatu duzu; gatazkan Espainiako armadak ez zuela esku hartu behar esan zuen militarra. Bai. Ezagutu ditudan maila horretako militarrak demokratak eta profesionalak iruditu zaizkit. Eta saiatu dira azaltzen armadak Europako estatu batean daukan rola ez dela armadak ohituratzat hartua zuena. Kasu zehatz horretan, ez zen militar kolpista bat. «Ez egin atzera, president», esan zizun guardia zibil batek. Guardia Zibilaz, izanak nituen eztabaidak jendearekin, ez zutelako ulertzen alkate nintzenean ez nuela arazorik Pilar eguneko ospakizunetara joateko. Urtero nindoan. Guardia Zibilaren parte bat, Espainiako Polizia ez bezala, hemen bizi dira eta euren senideekin integratzen dira. Beharrezkoa da jende horrek sentitzea errepublika independente bat eurena ere badela, eurek errepublika hori nahi ez badute ere. Harrigarria da zenbat jendek presionatzen zaituzten hilabete horietan norabide berean: geratzeko. Salbuespen apurretako bat da Antoni Abad (CECOT). Zein punturaino baldintzatu zintuen presioa beti norabide batean izatea, eta ez bestean (desobedientzia zibila)? Ni gobernu independentista batean nengoen, eta ez nuen behar inork norabide horretan presio egitea. Normala da kontraoreka egotea. Baina ziur nago, azkenean Espainiako Gobernuak hauteskundeetara deitzeko baldintzak onartu izan balitu, presio handia jasoko nukeela norabide horretan ere. Ziur nago. Espainiako erregea. Liburuan diozu hasieran Rajoyk baino irekiago zirudiela. Tratua izan nuenetan, erregeak garden eta informazioarekin hitz egiten zuen, eta baita Rajoyk baino interes handiagoarekin. Urriaren 3ra arte, uste nuen monarkia parlamentario batean, krisi konstituzional batean, erregeak epaile lana egin behar zuela. Esperantza hori urtu egin zen. Dezepzio izugarria izan zen. Bere aita militarrez jantzia irten zen diskurtso zibil bat egitera, eta bera zibileko jantzita irten zen diskurtso militar bat egitera. Hondamendia izan zen. Hala ere nahiago izan nuen zuzenean ez entzun, eta diskurtsoa ondoren eta hotzean aztertu. Erbestean har zintzaketen balizko herrialdeak azaldu: Suitza, Belgika, Norvegia eta Uruguai. Uruguai? Inoiz ez nuen aukera hori aurreikusi. Paperen bat izango zen, eta gestioren bat egin zuen baten batek. Baina inoiz ez nuen pentsatu erbestean estradizioa saihesteko modu gisa. Belgika zen aukera gehien zituena. Liburuan, nekatuta eta aspertuta antzematen zaizu PDECAT barruko tentsioekin. Eta Marta Pascalekiko desadostasunekin. Pentsatzea horren muturreko eta ezohiko testuinguru batean ez dela tentsiorik egongo inozoa izatea da. Beti egongo dira tentsioak, eta gehiago egongo dira. Normala da. Garrantzitsua ez da tentsioak ez egotea, horiek gainditzea baizik. Eta burua lasai mantentzea erabaki zuzenak hartzeko, horiek baitira azaldu daitezkeenak okerrak badira ere. Artur Mas ageri da zure konfiantzazko gizon nagusietako baten gisara. Konfiantza handia daukat, erakutsi didalako. Nire alboan egon zen une gogorretan. Eta eskertzen dut. Orain, Masek ez du posiziorik hartu Junts alderdi berriari buruz. Nola interpretatzen duzu? Ni ere ez naiz gehiegi posizionatu publikoki. Ez naiz deklarazioetan oparo aritu. Mas eta ni saiatzen gara 1974ko Convergencia hark ordezkatzen duen hura mantentzen; demokrata-kristauak, sozialdemokratak, PSUCetik zetorren jendea eta baita frankismoko batzuk ere biltzeko gai zen hura. Batzuetan, isiltasunak interpretatu behar dira ez garela gauzak apurtzekoak, batzekoak baizik. Arerioak indarkeria erabili zuen Urriaren 1ean. Espero zenuten? Bai. Horregatik nago Belgikan. Borroka desorekatua delako, dena erabiltzeko prest dagoen estatu batekin. Ez diot nik; haiek esan dute. Rubalcaba ekarriko dut gogora: «Behar den prezioa ordainduko dugu». Soilik Pegasus lizentziak 250 milioi euro dira. Urriaren 1a ez aipatzeagatik. Kontuan hartu behar dugu gure arerioak ez duela baliabiderik aurreztuko. Lehen ziurtasunak izan genitzakeen, orain datuak dauzkagu. Informazio oso baliagarria jakiteko baietz, estatuak izan dezakeela indarkeria baliatzeko tentazioa, baina ahultasun tentazioa da, alfertasun intelektuala, irtenbide konplexurik ez irudikatzeagatik. Eta horrek abantaila ematen digu. Ezer erantsi nahi duzu? Eskatzen dut liburua modu pausatuan irakurtzeko. Eta jendea irits dadila nor bere ondoriora, informaziorik aurreztu behar ez zaien pertsona heldu gisa. Elementuak eman behar dizkiegu beren ondorioak ateratzeko eta itzultzeko. Ezinbestekoa da indarguneak eta ahulguneak azaltzea; AMIA egoki bat (ahulguneak, mehatxuak, indarguneak eta aukerak) egitea, Espainiak Kataluniarentzat prest daukat horma horren aurrean gauden hurrengoan irabazteko. Harrigarria da liburuan argitaratu duzun AMIA. Urri hartan, jendea zegoen, eta kito; ez mossorik. Zerorrek esana da. Eta ez ditugu izango. Hori da liburuan azaltzen dudan gauzetako bat: inoiz ez genien eskatu. Gehien haserretu nauten gauzetako bat da; Mossos D’Esquadra auzipetu nahi izatea eskumenak hartzeagatik. Ez dago inolako oinarririk pentsatzeko estatuaren aurka ari zirela. Eta bidegabea iruditzen zait. Baina XXI. mendeko munduan, Polizia baino tresna boteretsuago bat izanik [sakelakoa erakutsi du], Polizia tentsioan jarri behar dugu lurraldearen kontrola izateko? Azken batean pertsonen kontrola da. Ez soilik kontrol fisikoa, pertsonena baizik. Gai izan behar dugu lurraldearen kontrola prestatzeko, eta dena prest izateko Espainiak prest duen hormaren aurrean berriro gaudenerako.
2020-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/184630/eh-bildu-hasia-da-ezkerreko-eragileekin-biltzen-alternatiba-eraikitzeko.htm
Politika
EH Bildu hasia da ezkerreko eragileekin biltzen, «alternatiba eraikitzeko»
UGTrekin batzartu da gaur, Bilbon. Harremana izan nahi du eragile progresista guztiekin.
EH Bildu hasia da ezkerreko eragileekin biltzen, «alternatiba eraikitzeko». UGTrekin batzartu da gaur, Bilbon. Harremana izan nahi du eragile progresista guztiekin.
«Alternatiba progresista eraikitzeko» helburua izanda, EH Bilduk bilera sail bat hasi du ezkerreko alderdiekin eta sindikatuekin, lehendabizi UGTrekin bilduta. «Egoerari buruzko diagnostikoak kontrastatzea» da haren asmoa; datozen egunetan Ahal Dugu, ELA, LAB eta CCOOrekin ere batzartuko da, eta PSE-EErekin harremanetan da. EH Bildu gaur elkartu da EAEko UGTrekin, haren egoitza nagusian, Bilbon, eta Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak, Maddalen Iriarte Jaurlaritzarako lehendakarigaiak eta Unai Urruzuno legebiltzarkide hautatuak osatu dute haren ordezkaritza. UGTren buru Raul Arza idazkari nagusia izan da. Otegik azaldu du espero duela hemendik aurrera «normala eta ohikoa» izatea halako harremana edukitzea UGTrekin. «[Eusko Legebiltzarrerako] Hauteskunde gauean esan genuen hemen aldaketaren aroa jaio dela edo martxan egon daitekeela, eta horrek eskatzen du ezkerreko eta progresista diren ildo guztiekin gutxienez harremana izatea. Ikusiko da etorkizunean akordioak egongo diren ala ez», adierazi du Otegik bileraren ondoren, hedabideen aurrean. Hala, alternatiba eraikitzeko, guztiekin hitz egiteko prestasuna du EH Bilduk, Otegiren esanetan. UGTrekin «luze, serio eta sakon» hitz egin du gaurko batzarrean, eta COVID-19ak eragindako krisi sozial, ekonomiko eta sanitarioari buruz mintzatu dira. Ezkerreko talde subiranistak uste du egoerak elkarlanean aritzea eskatzen duela, «ezinbestean», eta «irtenbidea ezkerretik» etorriko dela. EAJk eta PSE-EEk osa dezaketen Eusko Jaurlaritzari kritika egin dio Otegik, «ez delako ez abertzalea eta ez sozialista izango», eta galdetu du Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak «giltza» zergatik eman behar dion «politika neoliberalak egingo dituen alderdi bati [EAJri]». «Parlamentuak jokoa ematen du gauza batzuetarako». Gogoratu du EH Bilduk, PSE-EEk eta EPk 37 legebiltzarkide lortu dituztela, eta «EAJk, 37ri irabazteko, 38 behar ditu, eta horretarako Vox behar du».
2020-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/184631/lapurdiko-surf-park-proiektua-gelditzeko-sinadurak-biltzen-hasi-da-herri-berri.htm
Gizartea
Lapurdiko Surf Park proiektua gelditzeko sinadurak biltzen hasi da Herri Berri
Hainbat elkarte agertu dira Donibane Lohizunen eraiki nahi duten surf parkearen aurka. Hura gelditzeko, Herri Berrik eskaera bat plazaratu du, eta mila lagunek sinatua dute jada.
Lapurdiko Surf Park proiektua gelditzeko sinadurak biltzen hasi da Herri Berri. Hainbat elkarte agertu dira Donibane Lohizunen eraiki nahi duten surf parkearen aurka. Hura gelditzeko, Herri Berrik eskaera bat plazaratu du, eta mila lagunek sinatua dute jada.
Donibane Lohizunen (Lapurdi) Surf Park proiektua jarri nahi dute abian: olatu artifizialak sortzen dituen 155 metroko igerileku bat. Hainbat elkarte agertu dira egitasmoaren aurka, horien artean Herri Berri taldea, eta proiektua gelditzeko eskaera bat plazaratu du, lau egunean mila lagunek sinatu dutena. Parkeak 1.500 metro koadroko azalera izatea aurreikusten da, eta bertan, 25.000 metro kubikoko edukiera duen —hamar igerileku olinpikoren baliokidea— igerilekuaz gain, 100 logelako lau izarreko hotela, salmenta eremua, taberna, jatetxea, igerilekura begira dauden terrazak, garagardo denda bat eta baratze bat eraikitzeko asmoa dute. Proiektua Boardriders konpainiak eta Gipuzkoako Wavegarden enpresak gauzatuko lukete, itsasotik 1,5 kilometrora dagoen eremu batean. Helburu naturalerako eta nekazaritzarako erabiltzen diren lurretan eraikitzeko asmoa dute igerilekua, eta, bertako nekazari eta abeltzainak egitasmoaren aurka agertzeaz gain, zenbait elkartek ere erakutsi dute desadostasuna. Surfrider erakundeak, esaterako, ez ditu babesten «olatu artifizialak sortzen dituen proiektuak»; izan ere, «igerileku horien eraikuntzak lur naturalak artifizial bilakatzen ditu, funtzionatzeko ur kontsumo handia dute, eta energia ugari behar dute». Euskal Elkargoak otsailaren 22an onartu zuen proiektua, eta herriko kontseiluan Herri Berri taldea izan zen igerilekuaren aurka agertu zen bakarra. Surf parkea gelditzeko sinadura bilketa hasi zuen Herri Berrik joan den ostiralean, eta «proiektu izugarri handia, inposatua eta debaldekoa» dela salatu du. Mila lagunek izenpetu dute. Eskaeran adierazi duenez, «herriko lurretan egindako proiektua da, baina ez dena herritarrekin aipatua eta adostua izan»; gainera, «zentzurik gabeko kokapena du», itsasotik eta «surf lekuetatik 1,5 kilometrora» baitago. Proiektua «ekologikoki zentzugabekoa» dela gaineratu du. Herri Berriren ustez, lur horiek «Donibandarrentzat eta etorkizuneko belaunaldientzat ondasun bat» izan behar dute, baita «natura eremuetarako bokazio ekologikoa atxikitzeko aukera» eta «laborantza herrikoiaren eta iraunkorraren aldekoak» ere.
2020-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/184632/etxegarai-lurralde-bakoitzak-erabaki-beharko-du-abertzaleei-zer-ordezkaritza-eman.htm
Politika
Etxegarai: «Lurralde bakoitzak erabaki beharko du abertzaleei zer ordezkaritza eman»
Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariari eginiko elkarrizketa argitaratuko du bihar BERRIAk.
Etxegarai: «Lurralde bakoitzak erabaki beharko du abertzaleei zer ordezkaritza eman». Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariari eginiko elkarrizketa argitaratuko du bihar BERRIAk.
Joan den ostiralean izendatu zuten Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakari, herriko bozetan Baionako auzapez karguari eutsi eta gero. Bigarren agintaldia izango du, 2017an erakundea sortu zenetik hura izan baita presidentea, eta beste sei urterako legegintzaldia du orain. Etxegarairi eginiko elkarrizketa argitaratuko du bihar kazeta honek. Besteak beste, adierazi du ezin zaiola Euskal Elkargoko lehendakariari «zentralismoa leporatu, eta prozedura ez errespetatu. Lurralde bakoitzak erabaki beharko du abertzaleei zer ordezkaritza eman». Ipar Euskal Herriaren estatusari dagokionez, azaldu du «estatus bereziko lurralde elkargoa urrunago» doala, «baina lege bat behar da, eta, beraz, gehiengo bat. Pragmatiko bat naiz. Saiatzen naiz ikuspegi buruargi batekin begiratzen nola aitzinarazi ditzakegun aferak». Etxegaraik beste gai batzuk ere izan ditu hizpide; esaterako, euskal presoen egoera: «Badugu milaka pertsonako manifestazioak egiteko gaitasuna. Hori erakusten diegu. Gaur egun, blokeo egoera baten aitzinean gaude. Harrera egiten digute, baina ez gara entzunak». Heldu den ikasturtean Hiriburuko (Lapurdi) eskola publikoan abiatu nahi zuten esperimentazioa ez onartzea erabaki du Bordeleko errektoretzak (Okzitania), guraso, irakasle eta hautetsien onespena izanik ere. Horren inguruan ere jardun du Etxegaraik: «Gibel egite baten sentimendua dut. Bordeleko errektoretzaren erabakia [Ipar] Euskal Herrian gertatzen denaz ezer ulertzen ez duen administrazio zentral baten arketipo bat da».
2020-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/184633/positibo-gehiagorik-egon-ez-arren-egoera-ezin-da-kontrolatutzat-eman-bergarako-udalak-esan-duenez.htm
Gizartea
Positibo gehiagorik egon ez arren, egoera ezin da «kontrolatutzat eman», Bergarako Udalak esan duenez
Gipuzkoako herri horretan COVID-19 gaitzaren hamazazpi kasu baieztatu dituzte. Tolosako alkateak ere ez lasaitzeko eskatu die herritarrei.
Positibo gehiagorik egon ez arren, egoera ezin da «kontrolatutzat eman», Bergarako Udalak esan duenez. Gipuzkoako herri horretan COVID-19 gaitzaren hamazazpi kasu baieztatu dituzte. Tolosako alkateak ere ez lasaitzeko eskatu die herritarrei.
Albiste ona zabaldu du Bergarako Udalak: Gipuzkoako herri horretan ez da positibo gehiagorik izan azken orduetan. Denera, 17 kasu baieztatu dituzte udalerrian. Edonola ere, Osakidetzak probak egiten jarraitzen duela adierazi du udalak, eta ohartarazi du oraindik ezin dela «kontrolatutzat eman COVID-19aren agerraldia». Datozen egunetan edukiko dituzte azken orduetan eginiko proben emaitzak. Beraz, udalak gogora ekarri du norberaren erantzukizuna: «Ezinbestekoa da norberak, zuhurtziaz, segurtasun neurriak bermatzen jarraitzea». Udalak adierazi du aste honetan erabakitako neurriei eutsiko diela, «egoera berriz egonkortuta dagoela ikusi arte». Bergaran eginiko PCR azterketetan, 17 positibo atzeman zituzten ostiraletik igandera. Eusko Jaurlaritzak neurriak ezarri zizkien taberna eta jatetxeei: ezin da barran jan-edanik egin; edukieraren erdia bakarrik bete ahalko dute, eta ezin dute 23:30 baino beranduago itxi. Udalak ere neurriak hartu ditu: kiroldegiko gimnasioa itxi du, eta ikastaroak bertan behera utzi. Igerilekuaren edukiera %40ra murriztu du. Tolosan, antzeko mezua Azken egunotako datuek tolosarrei «arnasa» eman badiete ere, Olatz Peon Ormazabal alkateak ohartarazi du «egoera oso aldakorra» dela eta «egunetik egunera kasu gehiago» agertzen direla. «Guztion esku dago aurrerapausoak ematea edo atzera egitea. Azken egunotako egoerak erakutsi digu ordu gutxiren bueltan erabat aldatu daitekeela egoera. Horregatik, tolosarrei elkartasunez eta erantzukidetasunez jokatzeko eskatzen diegu berriz ere; jende pilaketarik ez sortu eta zorrotz bete neurriak. Elkarlanean egin behar dugu lan, guztiok batera, bide berean, aurrera egiteko. Guztion ardura da». #BabestuTolosa lelopeko kanpaina jarri du martxan Tolosako Udalak, «tolosarren artean kontzientziazioa sustatzea, guztiok, Tolosa babesteko dugun ardura eta elkarri lagundu eta zaindu beharra azpimarratzeko». Mezua 1.200 kartelen bidez zabaldu dute. Uztailaren erdialdean detektatu zituzten izurriaren bigarren oldeko lehenengo kasuak Tolosan. Taberna batekin lotutako kutsatze kate batek piztu zuen alarma. Zerbitzari batek positibo eman zuen, eta, hilaren 13an egindako proben bidez, horrekin zerikusia zuten beste 28 kasu atzeman zituzten. Uztailaren 15ean hasi ziren PCR probak egiten Beotibar pilotalekuan. Uztailaren 18an, Nekane Murga Osasun sailburuak azaldu zuen apaltzen ari zela agerraldia.
2020-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/184634/zaldibarko-zabortegiko-buruak-atxilotu-dituzte.htm
Gizartea
Zaldibarko zabortegiko buruak atxilotu dituzte
Jose Ignacio Barinaga Zaldibarko zabortegiaren jabea, Arrate Bilbao kudeatzailea eta Juan Etxebarria ingeniaria hartu dituzte preso. Ostegunean deklaratuko dute epaitegian.
Zaldibarko zabortegiko buruak atxilotu dituzte. Jose Ignacio Barinaga Zaldibarko zabortegiaren jabea, Arrate Bilbao kudeatzailea eta Juan Etxebarria ingeniaria hartu dituzte preso. Ostegunean deklaratuko dute epaitegian.
Verter Recycling 2002 SM enpresako buruak atxilo hartu zituen Ertzaintzak asteartean: Jose Ignacio Barinaga Egia, enpresaren sortzailea; Arrate Bilbao Barinaga, zabortegiaren kudeatzailea; eta Juan Etxebarria, azpiegituraren ingeniaria. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek BERRIAri astearte iluntzean baieztatu zioten epaile baten aginduz egin dituela Polizia judizialak atxiloketak. Ikerketa ezagutzen duen beste iturri batek asteartean ere adierazi zion kazeta honi epaile baten aginduz egin zituztela atxiloketak. Baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, asteazken eguerdian, BERRIAri jakinarazi dio «soil-soilik Ertzaintzaren polizia operazio batean» atxilotu dituztela, eta ez dakiela zergatik adierazi duen hori Segurtasun Sailak. Otsailaren 6an kraskatu zen zabortegia, eta milioi erdi bat tona zakar inguru amildu ziren maldan behera, AP-8raino. Hurrengo astean hasi ziren lanean Durangoko epaitegiak. Bi delitu posible ari dira ikertzen, eta kasu bakoitza epaile batek darama: langileen eta pertsonen kontrako deliturik ba ote den ikertzen ari da Durangoko 1. Instrukzio Aretoa, eta ingurumenaren kontrako deliturik ba ote den ikertzen ari da Durangoko 2. Instrukzio Aretoa. EAEko Justizia Auzitegia Nagusiak zehaztu du bi kasuak ikertzen ari diren epaitegi horietako bakar batek ere ez duela atxiloketarik agindu, eta ez direla atxilotuen kargu egingo epailearen aurrera eramaten dituzten arte. Kasua bi partetan eta bi aretotan zatitzeak bikoizketa batzuk ekarri ditu: esate baterako, lekuko batzuek bi aldiz deklaratu behar izatea; epaile bakoitzaren aurrean bereiz, alegia. Familien abokatuek eskatu izan dute bi kasuak bateratzeko eta epaitegi bakar batean ikertzeko, baina, oraingoz, bide bereizietatik doaz instrukzioak. Hiru atxilotuak Eibarko komisarian dauzkate, eta espero da ostegunean eramango dituztela epailearen aurrera. Ezustekoa izan dira atxiloketak. BERRIAk jakin duenez, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak eta Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak bisita bat egin behar zuten astearte goizean Zaldibarren, baina bertan behera utzi zuten atxiloketen berri izan zutenean. Iñaki Arriolak ezaguna du atxilotuetako bat, Jose Ignacio Barinaga, Eibarko alkate zen garaietatik, nahiz eta azaldu izan duen ez dutela harreman esturik. PSE-EEko beste kide batzuk ere gertukoak ditu Barinagak; enpresa batzuetan —Zaldibarko zabortegian bertan— bazkide izan zuen Arriolaren alkate garaiko idazkaria, Javier Sanchez Martinez; Ernesto Martinez de Cabredorekin —orain Uraren Agentziako buru denarekin— ere interes partekatuak izan ditu Barinagak enpresa batzuetan. Harreman horietako batzuk esplikatu zituen BERRIAk artikulu honetan. Ikertzeko soka luzea Auzitegien ikerketari buruz apenas zabaldu den ezer bost hilabete hauetan. Ekainean jakin zen Ertzaintzak bukatuak zituela epaileek agindutako instrukzioak, eta «kriminalitate zantzuak» sumatu zituela zabortegiaren kudeaketan. Hortik aurrera, lekukoen eta hedabideen bitartez ezagutu dira zabortegian gertatzen ziren irregulartasun gehienak. Verter Recycling abiadura ikaragarrian hazi zen, eta uste baino lehenago ari zen betetzen: 2022rako ixteko bidean zeuden, nahiz eta 2046 arte jarduteko baimena zuen. Gero eta zabor gehiago hartzen zuen, gainera: azken bi urteetan bakarrik, ordura arteko zabor guztien %43 hartu zituen —milioi erdi tona baino gehiago, urteko—. Zabortegia egiteko gastua azkar amortizatu zuten, eta irabazi garbiak ematen ari zen ia hasieratik. Jarduera azkar horretan irregulartasun ugari gertatzen zirela zabaldu zuten lekukoek eta hedabideen ikerketek: amiantoa nahasten zutela beste zakarrekin, baimendu gabeko lur eremuak erabiltzen zituztela, Eusko Jaurlaritzak baimendu gabeko zabor klase asko hartzen zituztela... Kamioilari batek BERRIAn kontatu zuen «inork nahi ez zituen hondakinak» hartzen zituztela Verter Recyclingen, batere bereizi gabe askotan. 2019ko ekainean Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko teknikariek egindako ikuskapenean ere agertu ziren irregulartasun batzuk. Sektoreko langileen artean zuloa deitzen zioten zabortegiari. Oraindik ez da argitu zerk eragin zuen zabortegia amiltzea eta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak azpian hartzea. Amildu baino egun batzuk lehenago sumatu zituen arrakala handi batzuk Beltranek; handik gutxira amildu zen maldan behera. Eta ikerketak argitu beharko duen arren, auzitan daude zabortegiak urteetan hartutako paper fabriketako lokatz metak, aditu batzuek uste baitute zabortegiaren egonkortasunari eragin ziezaioketela. Zabortegiaren hondamendiaren inguruan krisiak pilatu ziren: aire kutsatua, ur lixibiatuak, informazio falta... Eta ezinegon handia sortu zen inguruko herritarren artean. Honela laburbildu zuen BERRIAk krisiaren aurreneko hilabetean zer gertatu zen; Google Earth erabiliz ere esplikatu zituen zabortegiaren inguruan gertatu zirenak. Eta zabortegiari buruzko historia ere bildu zuen kazeta honek, artikulu honetan.
2020-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/184635/konstituzionalak-ebatzi-du-polizia-abusuen-legeak-ez-duela-eskumenik-urratzen.htm
Politika
Konstituzionalak ebatzi du polizia abusuen legeak ez duela eskumenik urratzen
Ciudadanosen helegitea atzera botata, Espainiako Konstituzio Auzitegiak ukatu egin du Eusko Legebiltzarrak onarturiko legeak epaileen eskuduntzetan sartzen dela.
Konstituzionalak ebatzi du polizia abusuen legeak ez duela eskumenik urratzen. Ciudadanosen helegitea atzera botata, Espainiako Konstituzio Auzitegiak ukatu egin du Eusko Legebiltzarrak onarturiko legeak epaileen eskuduntzetan sartzen dela.
Ciudadanos alderdiak bataila galdu du Eusko Legebiltzarrak 2016ko uztailean onartu zuen Poliziaren Indarkeriaren Biktimen Legearen kontra. Legearekin, onarpena eta erreparazioa eman nahi dizkiete arrazoi politikoengatik EAEn Espainiako Estatuko funtzionarioek eskuetatik giza eskubideak bortxaketak pairatu zituzten herritarrei, 1978tik 1999ra arte. Epaitegiak erabaki du legea ez dela epaileen eskuduntzetan sartzen. Ciudadanos alderdiko 50 diputatuk helegitea jarri zioten iaz legeari, Espainiako Polizia eta Guardia Zibilaren «izena zikintzen» zuelakoan, eta haien «ekintzak zalantzan jartzen» dituelako. Argudiatu zutenez, legeak epaitegien eskumenetan sartzen zen, besteak beste, epaileek dagoeneko aztertutako auziak ikertzeko aukera ematen zuelako. Salatu zuten, hain zuzen, norbanakoak biktima gisatzat onartzeak errudunak ere egon zirela onartzea dakar, eta biktimei dedikaturiko batzorde batek halakorik egiteko eskumenik ez duela. Gaur emaniko ebazpenean, Konstituzio Auzitegiak gogoratu du legeari helegitea jarri ziola Espainiako Gobernuak 2016. urtean, eta Espainiaren eta EAEren arteko bitako batzorde batek legearen alde batzuk aldatu zituela. Iazko apirilean Eusko Legebiltzarrean onarturiko azken testua negoziazio horren ondorioa da. Epaitegiaren arabera, biktima batzordeak ez ditu gertaerak ikertzen, legeak espresuki galarazten diolako halakorik egitea. Gertaeratako asko preskribaturik daudenez, ezin dira dagoeneko auzitegietan ikertu. Batzordea ez duela gertaeren erantzulerik bilatuko nabarmendu du auzitegiak, eta erreparazioaren inguruan baino ez duela erabakiko. Tentsio handiko saioan onartuta Tentsio handiko saioan onartu zuten legea iazko apirilaren 4an, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. 1976 eta 1999 artean Poliziak eragindako biktimei aitortza emateko legea moldatzen zuen arauari buruzko behin betiko bozketa egin zuten, eta aurrera egin zuen, EAJren eta PSE-EEren botoei esker. Puntu gehienen aurrean abstenitu egin ziren EH Bildu eta Elkarrekin Podemos, eta kontra bozkatu zuen PPk. EH Bilduko parlamentari Julen Arzuagak hitza hartu zuenean, liskarrak piztu ziren. Arzuagak «erabateko arbuioa« agertu ziela Espainiako segurtasun indarrei, eta «lobby nazkagarria» egitea egotzi zien segurtasun indarren biktimek aitortzarik jaso ez zezaten. Arzuaga hizketan ari zen bitartean, PPko ordezkariak protesta egin zuten eta Parlamentutik atera ziren. Bitartean, gonbidatu gisa aretora joandako Espainiako segurtasun indarretako elkarteetako ordezkariak zutitu egin ziren eta Arzuagari bizkarra ematen jarri ziren, eta keinuak egin zituzten legebiltzarkidearen aurka. Arzuagak mehatxuak eta irainak egitea leporatu zien Jusapol, Jucil eta Sipe polizia sindikatuetako kideei, baina Gasteizko 4. instrukzio epaitegiak absolbitu egin zituen gero.
2020-7-22
https://www.berria.eus/albisteak/184668/nolatan-ageri-da-realaren-pin-bat-auschwitzen-hil-zuten-gazte-txekoslovakiar-judu-baten-soinean.htm
Kirola
Nolatan ageri da Realaren pin bat Auschwitzen hil zuten gazte txekoslovakiar judu baten soinean?
Auschwitz Memorialak sare sozialetan jarri duen 1930eko hamarkadako argazki batek misterioa piztu du, eta hipotesiak zabaltzen hasi dira.
Nolatan ageri da Realaren pin bat Auschwitzen hil zuten gazte txekoslovakiar judu baten soinean?. Auschwitz Memorialak sare sozialetan jarri duen 1930eko hamarkadako argazki batek misterioa piztu du, eta hipotesiak zabaltzen hasi dira.
Auschwitz Memorialak bota du galdera: zein da Realaren eta Txekoslovakiaren arteko lotura? Ba al dago beste erakunderik antzeko ikurrik duenik? Lehen galdera zaila da erantzuten, baina bigarrenaren erantzuna argi dago: ez. Auschwitzeko kontzentrazio eremuko museoak txio batean nabarmendu duen gazte juduak soinean daraman pina Donostiako futbol taldearena da, Realarena. Erantzun horrek, ordea, galdera asko uzten ditu airean. Eta nagusia: nolatan ageri da Realaren pin bat 1930eko hamarkadako gazte txekoslovakiar judu baten soinean? Jiri Popper da argazkiko gaztea, eta holokaustoa gogoratzeko Txekiar Errepublikaren webgunean dago irudia. Atzoko egunez jaio zen Popper, Txekoslovakian (Txekiar Errepublikaren eta Eslovakiaren arteko batasuna), 1923. urtean. Karel (1893-1941) eta Marie (1895-1943) zituen gurasoak. Amarekin batera, naziek Jiri semea Terezingo (Txekiar Errepublika) kontzentrazio esparrura deportatu zuten 1943ko uztailean, eta bi hilabete geroago, 1943ko irailaren 6an, Auschwitzera. Terezinerako bidean, beste 837 lagun izan zituzten bidaide amak eta semeak; 196k lortu zuten bizirik irautea. Auschwitzerakoan, berriz, 2.484 lagun joan ziren ama-semeak zenbatuta, eta 32 soilik atera ziren bizirik. Jiri Popper eta Marie ama ez ziren bizirik atera Auschwitzetik, beste milioika judu, ijito, komunista eta gay —beste batzuen artean— atera ez ziren bezala. Aitaren izena ez dago jasota Jad Vashem holokaustoak hildakoen izenak gordetzeko erakundean, eta litekeena da 1941ean heriotza naturala izan izana. Jirik bazuen anaia bat ere, eta hura bizirik atera zen. Pinaren inguruko hipotesiak asko dira. @atotxaorg Twitterreko erabiltzaileak azaldu du 1923an Realak lagunarteko bi partida jokatu zituela Pragako judu alemaniarrek sortu zuten talde baten kontra: Praga Futbol Klub Alemaniarra (DFC Praga). "Oroigarri bat izan daiteke. Jiri 1923an jaio zen. Agian senideren batengandik lortu zuen? Jokalari batengandik agian? Istorio txiki zirraragarri bat da", dio Auschwitz Memorialak. Reala da, hain zuzen ere, lagunarteko partidak jokatzeko nazioarteko bira bat egin duen lehen taldea. Lippo Hertzka entrenatzaile hungariarraren eskutik egin zuen, 1924ko udan, eta Hungarian, Alemanian eta Austrian jokatu zuen. Ez, ordea, Txekoslovakian. Essener Turnerbund Alemaniako taldeak Donostian jokatu zuen lagunarteko batean ezagutu ondoren fitxatu zuen Realak Hertzka, eta txuri-urdinak entrenatu ondoren (1923-1926), Athletic ere entrenatu zuen (1926-1928). Reala, bira hartan, Pragan aritu ez bazen ere. Hertzkaren bitartez, ezagun egin zen Donostiako taldea Europa erdialdean, eta DCF Praga taldea Donostian izan zen 1923ko abenduan, bi lagunarteko jokatzeko. Pragako taldeak irabazi zuen lehena, 1-3, eta Realak bigarrena, 0-3. Litekeena da argazkian ageri den Realeko pin hori orduko oroigarri truke batean eskuratzea Popperren senideren batek, eta gazteari ematea. 'SS' hizkiak, armarrian Beste hipotesi batean, Memorialak berak dio Reala Euskal Herriko talde bat denez, eta 1936ko gerrarekin lotutako adierazpen politiko gisa izan zitekeela ikurra, Euskal Herriaren zati bat, tartean Gipuzkoa, faxisten aurka borrokatu zelako. Auschwitzeko museoak berak, ordea, aitortzen du hipotesi hori ez dela hain sinesgarria. Ander Izagirre kazetariak detaile interesgarri bat gehitu du eztabaidara: Popperren argazkian ikusten ez den arren, garai horretan ere Realaren armarriak SS hizkiak zituen, Donostiaren erdarazko izenaren laburdura. Halaber, Schutzstaffel Alemaniako alderdi naziaren talde paramilitar garrantzitsuenaren akronimoa ere bada SS. Hitlerrek sarraski esparruen ardura eta konkistatutako herrialdeak kontrolatzeko lana eman zien, eta milioika ijito, judu, poloniar, komunista eta partisano hil zituzten, sarritan era basatian. 1910eko edo 1923ko ikurra, edo 1940koa edo 1942koa Misterioa argitzeko, Auschwitz Memorialak II. Mundu Gerraren aurreko Txekolovakiako gizartean aditua den soziologoren baten laguntza eskatu du hurrena. Terezin, 1939tik aurrera, Bohemia eta Moraviako protektoratuaren barnean egon zen, eta nazien esku zegoen; Theresienstadt esaten zioten naziek. Auschwitz Memorialak egunero egun horretan jaio ziren presoen argazkiak ipintzen ditu sarean, eta horrela sortu da misterioa. Ikurraren benekotasunaren inguruko eztabaida ere piztu da Twitterren. Auschwitz Memorialak ere honela galdetu du: zein zen klubaren ikurra 1930eko hamarkadan? Benekotasunaren eztabaidak, ordea, ez du bide luzerik. Realaren armarriaren bilakaerari erreparatuta, bi aukera daude, argazkia gutxienez 1943. urtea baino lehenagokoa dela aintzat hartuta: 1910eko edo 1923ko ikurra izatea edo 1940koa edo 1942koa. Tartean, Espainiako errepublika garaian Espainiako erresumaren koroa kenarazi zioten Realari, eta izena ere aldarazi zioten, faxistek Espainiako Gerra irabazi zuten arte: Donostia Foot-ball Club.
2020-7-22
https://www.berria.eus/albisteak/184669/koronabirusak-153-milioi-euroko-eragina-izan-du-iberdrolaren-emaitzetan.htm
Ekonomia
Koronabirusak 153 milioi euroko eragina izan du Iberdrolaren emaitzetan
Urteko lehen seihilekoan 1.845 milioi euroko irabazia lortu du, %12,2 gehiago.
Koronabirusak 153 milioi euroko eragina izan du Iberdrolaren emaitzetan. Urteko lehen seihilekoan 1.845 milioi euroko irabazia lortu du, %12,2 gehiago.
Eskaeraren jaitsierak eta koronabirusak eragindako hornidurak egin beharrak eragin zuzena izan dute energia konpainiaren emaitza garbian. Iberdrolak esan du 153 milioi euro gutxiago irabazi dituela birusak eragindako egoera dela eta. Hala ere, etekin handiak izan ditu berriro, eta urtearen lehen erdian %12 baino gehiago igo ditu mozkinak, 1.845 milioi eurora arte. Konpainiak dio ziurgabetasuna handia dela munduko merkatuetan, baina hazkunde aurreikuspenari heltzen diola urte amaierarako digitu bakarrean bada ere; burtsa arautzaileari igorritako oharrean dio zaila dela aurreikustea koronabirusak zenbateko eragina izango duen bere emaitzetan datozen hilabeteetan, baina uste du epe ertainera gainditu beharreko arazoa dela. Iberdrolak 8.237 milioi euroko inbertsioa egin du azken urtean eta beste 4.900 megawatt gehitu ditu bere ustiaketa negoziora.
2020-7-22
https://www.berria.eus/albisteak/184671/lurmenek-laquoerabat-desegokitzatraquo-jo-du-gose-grebara-deitu-izana.htm
Kultura
Lurmenek «erabat desegokitzat» jo du gose grebara deitu izana
Eliseo Gilek eta Idoia Filloyk adierazi dute ez duela «inola ere» justifikatzen inork osasuna eta bizia arriskuan jartzea. Bihar dira greba hastekoak.
Lurmenek «erabat desegokitzat» jo du gose grebara deitu izana. Eliseo Gilek eta Idoia Filloyk adierazi dute ez duela «inola ere» justifikatzen inork osasuna eta bizia arriskuan jartzea. Bihar dira greba hastekoak.
Bihar da hastekoa Iruña-Veleiako auzia argitzearen aldeko gose greba mugagabea. Hainbat herritarrek egingo dute bat deialdiarekin, auzia zientziaren bidetik argitu dadin eskatzeko. Ekinaldi horren bidez,salatu nahi dute epaiketan erabilitako azterketek ez dutela «inolako berme zientifikorik», eta indusketa kontrolatuak egiteko eta grafitoak datatzeko eskatzen dute. Indusketen ardura zuen enpresak, baina, Lurmenek ,«erabat desegokitzat» jo du greba, eta guztiz gaitzetsi du. Eliseo Gilek eta Idoia Filloyk ohar bidez adierazi dute bat datozela auzia zientziaren bidetik argitu beharrarekin, baina erantsi dute horrek ez duela «inola ere» justifikatzen inork osasuna eta bizia arriskuan jartzea. Gainera, gogorarazi dute auzia ez dagoela oraindik erabat itxita, eta grebak ondorioak izan ditzakeela bide horretan: «Grafitoen auzia oraindik auzibidean dago, Probintzia Auzitegian errekurtsoa ebazteko zain, eta, gure ustez, ekimen hori nahi gabeko esku sartze gisa interpreta liteke, eta guk ere uko egiten diogu». Ekain hasieran heldu zen sententzia: Iruña-Veleiako grafitoak faltsuak direla ondorioztatu zuen epaileak, eta bi urte eta hiru hilabeteko zigorra ezarri zion Eliseo Gil arkeologoari, iruzur egin eta ondarea hondatzeagatik.
2020-7-22
https://www.berria.eus/albisteak/184672/turismoa-berpizten-hasi-da-pixkanaka.htm
Ekonomia
Turismoa berpizten hasi da pixkanaka
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, bidaiarien 89.823 sarrera erregistratu ziren ekainean: haietako %15,6 atzerritarrak ziren. Joan den urteko datuetatik urrun dabiltza hotelak eta landetxeak, baina maiatzean baino hobea da egoera.
Turismoa berpizten hasi da pixkanaka. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, bidaiarien 89.823 sarrera erregistratu ziren ekainean: haietako %15,6 atzerritarrak ziren. Joan den urteko datuetatik urrun dabiltza hotelak eta landetxeak, baina maiatzean baino hobea da egoera.
Hotelak eta landetxeak hasiak dira erritmoa berriro hartzen. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aurtengo maiatzean, hoteletako sarrerak 7.764 ziren, eta ekainean, berriz, 47.669; ostatu gauak 30.049 izan ziren maiatzean eta 89.823 izan dira ekainean. Beraz, pixkanaka, baina ateak zabaldu dituzte establezimendu gehienek: ekainean, 372 hotelek jardun dute lanean, eta 246 egon dira itxita. Eustatek argitaratu ditu hotelen eta landetxeen inguruko datuak. Dena den, joan den urteko datuekin alderatuz gero, nabarmena da jardueraren beherakada. Lurraldeka, sarrerak joan den urtean baino %78,3 gutxiago izan dira Araban, %85,2 gutxiago Bizkaian, eta beherakada %84,5ekoa izan da Gipuzkoan. Hotelei eta landetxeei eragin die gehien bisitarien kopuruak behera egin izanak. Eustaten arabera, Nafarroatik eta Espainiatik heldu dira 74.998 bisitari, eta gainontzeko herrialdeetatik 14.825; kopuru osoaren %15,6. Joan den urtean, hil berean, %48,1 izan ziren. Beraz, «gertuko turismoaren» kuota nabarmen handitu dela dirudi. Askorik aldatu ez dena egonaldien iraupena izan da. Joan den urteko ekainean, batez beste, bisitariek 1,95 egun ematen zituzten hoteletan, eta aurten, 1,88 egun. Landetxeak, antzeko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden 428 landetxeetatik 285 egon ziren zabalik joan den hilean. Jarduera joan den urteko ekainaren heren bat izan da —16.035 sarreratik 5.063ra murriztu da kopurua—, baina aurtengo maiatzean erregistratutako 996 sarrerak hobetu dituzte.
2020-7-22
https://www.berria.eus/albisteak/184673/jaurlaritzak-dio-epaiak-memorian-eta-bizikidetzan-aurrera-egiteko-aukera-ematen-duela.htm
Politika
Jaurlaritzak dio epaiak memorian eta bizikidetzan aurrera egiteko aukera ematen duela
Jonan Fernandezek albiste garrantzitsutzat jo du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebatzi izana polizia abusuen legeak ez duela eskumenik urratzen.
Jaurlaritzak dio epaiak memorian eta bizikidetzan aurrera egiteko aukera ematen duela. Jonan Fernandezek albiste garrantzitsutzat jo du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebatzi izana polizia abusuen legeak ez duela eskumenik urratzen.
Jonan Fernandez Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak ongi hartu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebatzi izana Eusko Legebiltzarraren polizia abusuen legeak ez duela eskumenik urratzen. «Biktimentzat albiste ona» dela esan baitu, eta, haren arabera, ebazpenak «inflexio puntu bat markatzen du; biktimen, memoriaren eta bizikidetzaren arloan modu partekatuan aurrera egiteko aukera bat da». Epaiaren inguruko iritzia emateko agerraldia egin du Fernandezek Gasteizen, Lehendakaritzan. Motibazio politikoko giza eskubideen urraketen biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko 12/2016 Legea aldatzeko 5/2019 Legearen aurka, Ciudadanos taldeko 50 diputatuk baino gehiagok helegitea aurkeztu zuten iazko maiatzean, «eskumenak gainditzeagatik», Espainiako Konstituzioaren aurkako legea delakoan, baina auzitegiak ez du aintzat hartu eskaera; ez du ontzat jo puntu bat bera ere. Ciudadanosen ustez, Espainiako Polizia eta Guardia Zibilaren «izena zikintzen» eta «ekintzak zalantzan jartzen» ditu legeak; «haien jarduera kriminalizatzeko helburua du». Espainiako Konstituzionalak ebazpenean gogoratu du Espainiako Gobernuak (PP) 2016an helegitea jarri ziola legeari, eta Madrilgo eta Gasteizko gobernuen arteko bitako batzorde batek testuaren eduki batzuk aldatu zituela, eta Eusko Legebiltzarrak aldaketa horiek onartu zituela iazko apirilean. Legeak ez du bilatzen gertakariak argitzea, baizik eta aitortzea biktimak daudela eta erreparaziorako eskubidea dutela. Jaurlaritzaren «zilegitasuna» Lege horrekin, beraz, Eusko Legebiltzarrak onarpena eta erreparazioa eman nahi dizkie arrazoi politikoengatik 1978-1999 artean EAEn Espainiako Estatuko funtzionarioen esku giza eskubideen bortxaketak pairatu zituzten herritarrei. Fernandezek esan du legea zuzentzen zaien biktimentzat pozgarria dela ebazpena. «Legearen konstituzionaltasuna baieztatzen duen epai garrantzitsua da, eta haren aurkako argudioak ezetsi ditu. Oso epai argia da edukiari dagokionez, ez du zalantzarik uzten, eta legearen garapena argitzen du une honetatik aurrera». Ikuspegi juridikotik eta ondorio praktiko eta arauemaileetatik, Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Bizikidetza idazkari nagusiak dio baieztatuta geratu dela Jaurlaritzak «zilegitasuna» duela estatuko funtzionario publikoek edo partikularrek eragindako motibazio politikoko giza eskubideen urraketen biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko. Gehitu du frogatu dela legezkoak direla erabilitako esparrua eta prozedura. «Memoria kritiko argia eta zintzoa» ere bai Haren esanetan, Konstituzionalaren epaiak aukera ematen du «giza eskubideen urraketa larri baten biktima orok» erreparazioa eta aintzatespena jasotzeko eskubidea duela partekatzeko, eta horrek «modu indibidualizatuan, bereizketarik egin gabe, biktimizazioaren kausak parekatu gabe, marjinaziorik gabe eta bazterketarik gabe» izan behar du. Era berean, azaldu du ebazpenak aukera bat ematen duela elkarrekin ondorioztatzeko giza eskubideen urraketa guztiek, «hilketa guztiek», «memoria kritiko argia eta zintzoa» izan behar dutela, «eta, nahitaez, haien bidegabekeria aitortu behar da, eragin duenak eragin duela, salbuespenik gabe, konpentsaziorik gabe eta inolako teoria justifikatzaile edo errugabetzailerik gabe». EAJren eta PSE-EEren botoei esker onartu zuten legea Eusko Legebiltzarrean. EH Bilduk eta EPk abstentziora jo zuen, eta PPk aurka bozkatu zuen.
2020-7-22
https://www.berria.eus/albisteak/184674/mendillorrin-gazte-guztiei-egingo-dizkiete-pcr-probak.htm
Gizartea
Mendillorrin gazte guztiei egingo dizkiete PCR probak
Iruñeko auzo hori bigarren fasera itzuliko da. Azken 24 orduetan 130 kasu atzeman dira, eta horietatik %58 aurretik atzemandako kasuen kontaktuak direla nabarmendu du Santos Indurainek. Jaurlaritzak 111 positibo zenbatu ditu azken kontaketan
Mendillorrin gazte guztiei egingo dizkiete PCR probak. Iruñeko auzo hori bigarren fasera itzuliko da. Azken 24 orduetan 130 kasu atzeman dira, eta horietatik %58 aurretik atzemandako kasuen kontaktuak direla nabarmendu du Santos Indurainek. Jaurlaritzak 111 positibo zenbatu ditu azken kontaketan
«Ematen zuen pandemia iragan zela, baina ez da horrela eta ez da horrela izango». Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak agerian jarri du kasuek gorantz jarraitzen dutela, familia barruan eta batik bat aisialdi giroan. Azken 24 orduetan, 130 kasu azaleratu dira, eta, Indurainen arabera, horien %58 aurretik izandako kasuen kontaktuak dira. Indurainek nabarmendu du kutsatzeak ikertzen dituzten lan taldeak, bere txarrean, «oso ongi» ari direla lanean. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ere eman du azken kontaketaren berri: 111 positibo atzeman dituzte. Herrialdeka, aldea dago: 67 kasu Bizkaian atzeman dituzte, 37 Gipuzkoan eta zazpi Araban. Oraintxe bertan Nafarroan 1.300 PCR egiten dira egunean, eta %10 inguruk positibo ematen dute. Azken kasuen %80 Iruñerrikoak dira, eta bi heren, gazteak. Goranzko joerak apurka eragina du ospitaleetan, eta, Santos Indurainen arabera, hogei lagun daude egun ospitaleratuta, bat larrialdietan. Orain, foku nagusia uztailaren 11ko asteburuan Alde Zaharrean izandako agerraldia da, eta positibo gehienak (%60) Mendillorri auzoko gazteak dira. Dagoeneko 122 kasu daude, eta, gehienak gazteak (%98) direnez, gobernuak Mendillorri auzoan PCR probak egingo dizkie 17 eta 28 urte arteko auzoko gazteei: guztira, 2.400 dira. «Probak bigarren hezkuntzako institutuan egingo dira, eta telefono bat jarriko da txanda hartzeko. Gazteek deitu beharko dute. Borondatezkoa da», azaldu du Indurainek. Beste foku bat Nafarroan Zarauzko Talai Mendi kanpina da. Uztailaren 8tik 15era bertan izan ziren nafarrei PCR proba egiteko telefono bat jarri zuen gobernuak, eta berrehun proba egin dituzte. Horietatik 11k positibo eman dute. Kontseilariak nabarmendu du positiboak isolatzea oso garrantzitsua dela eta «gehienek» konpromiso hori betetzen dutela. «Dei egiten dut jarrera hori orokorra izan dadila, eta kontaktu batek hasiera batean negatibo emanagatik isolatuta jarraitzera». Neurri horrekin beste adin tarteei kutsatzea galarazi nahi dela nabarmendu du. Mendillorri bigarren fasean Horrekin batera, ikusita Mendillorrin zer eragina izan duen, gobernuak foru agindu bat onartu du, eta auzoa bigarren fasera itzuliko da; alegia, tokietako edukierak kontrolatu egingo dira berriro. Saltokiak, tabernak eta elizak %50 beteko dira gehienez, eta terrazak %75 beteko dira gehienez, eta erlijio guneen edukiera ere mugatuko da. Horrek, halaber, ezkontzetan eragin dezakeela zehaztu du Indurainen. Auzoko liburutegiaren jarduna ere mugatuko da. Neurriok hamabost egunez iraungo dute, eta pandemiaren bilakaerak baldintzatuko du noiz amaituko den. Aldizkari ofizialean argitaratzen den egunean sartuko dira ofizialki indarrean. Halaber, gobernuak seigarren foru dekretua kaleratu du. Nafarroako osoko tabernen gaueko ordutegiak 02:00etara aurreratuko dira, eta hortik aurrera ezingo da botila festarik edo bilkurarik egin. Gainera, ordutegi horietatik kanpo, gehienez hamar pertsona elkartu daitezke, eta taberna barruan pertsona multzoak hamarrera mugatuko dira. «Helburua ez da edana mugatzea, baizik eta pertsonen pilaketak eragoztea», azaldu du Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehen presidenteordeak. Araua betetzen ez duenari isuna jarriko zaio. Ez du zehaztu zenbatekoa, baina ohartarazi du poliziek agindu berezia dutela araua betetzen ez duenari zigor espedientea jartzeko, «arriskua eragozteko asmoz».
2020-7-22
https://www.berria.eus/albisteak/184675/tubacexek-proposatu-du-150-langile-kaleratzea-amurrion-eta-laudion.htm
Ekonomia
Tubacexek proposatu du 150 langile kaleratzea Amurrion eta Laudion
Urtean hamar milioi euro aurreztea da enpresa tutugilearen helburua, eta esan du hori lortzeko «beste bide batzuk» azter daitezkeela. Sindikatuek iragarri dute lanpostuak defendatzeko borrokatuko direla.
Tubacexek proposatu du 150 langile kaleratzea Amurrion eta Laudion. Urtean hamar milioi euro aurreztea da enpresa tutugilearen helburua, eta esan du hori lortzeko «beste bide batzuk» azter daitezkeela. Sindikatuek iragarri dute lanpostuak defendatzeko borrokatuko direla.
Amurrioko eta Laudioko fabriketan 150 langile kaleratzeko asmoa helarazi die gaur Tubacexeko zuzendaritzak hango langile batzordeei. Azaldu die enpresak 2021. urtetik aurrera Araban dituen fabriketan urtean hamar milioi euro aurrezteko beharra duela, eta gehitu du helburu hori lortzeko beste bide batzuk azter daitezkeela. Langileen soldatak eta lan baldintzak murriztea izan daiteke horietako bat. Arabako tutugileak atzo eman zuen albistea: mundu osoan bostehun behargin kaleratuko ditu, bere lantaldearen %20, eta gaur zehaztu du horietatik zenbat izango diren Euskal Herrian. Duela hiru hilabete murriztu zituen Tubacexek zuzendaritzako kideen soldatak, eta enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea aplikatu zien Amurrio eta Laudioko seiehun langileri —guztira zortziehun inguru dira—. Mundu osoan 2.553 behargin ditu. Tubacexek murrizketak eta dagoeneko hartzen ari diren beste neurri batzuekin 25 milioi euro baino gehiago aurreztu nahi ditu 2021ean. Haien arabera, soldadurarik gabeko tutu herdoilgaitzen sektorea, Tubacexek egiten duen produktuarena, krisian dago duela urte batzuetatik. Horregatik, gaur langile batzordeei azaldu dietenez, erabakia ez du COVID-19aren krisiak soilik eragin. Enpresak dioenez, azken urteotan merkatuak bilakaera negatiboa izan du: %50etik gorako beherakada izan da, eta hori are gehiago okertu da petrolioaren prezioak behera egin duelako eta lehia handia delako. Sindikatuak, borrokara ELA sindikatuak adierazi du Tubacexek etekinak milioika pilatu dituela azken urteetan: «Kezkatzekoa da zuzendaritzak COVID-19aren osasun krisia baliatu nahi izatea era guztietako murrizketak egiteko». Sindikatuak argi utzi du enpresako zuzendaritza aberastu egin dela urte oparoetan, eta orain abagunea baliatu nahi duela lan baldintzei erasateko. Horregatik, borrokara joko duela iragarri du. Horrez gain, ELAk kritikatu egin du Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak atzo erakutsitako jarrera; hark esan zuen Tubacexena oso albiste txarra dela baina «errealismoarekin» onartu behar dela. Sindikatuak enpresari kritikarik ez egin izana gaitzetsi du, baita langileekiko elkartasunik adierazi ez izana ere: «Tamalez, sailburua berriz ere patronalaren alde lerratu da». TTI-Aceralava enpresako langile batzordearen iritziz ere diskurtso merkea da Tapiarena, eta euren lanpostuak defendatzeko eskatu diote. Haien iritziz, begi bistakoa da enpresaren asmoa dirua irabaztea dela, «euren esfortzuarekin enpresa mundu mailan kokatu duten langileak eta euren familiei garrantzirik eman gabe», eta enpresaren jokabidea harrigarria dela esan dute: «Berriz martxa hartu baino lehen erabaki dute bide erreza hartu eta langileak kaleratzea». Langileen ordezkariek argi utzi dute ez dutela «neurri traumatikorik» onartuko, eta euren lanpostuak defendatuko dituztela: «Egungo hitzarmena betetzeko dago, eta Laudion eta Amurrion lana sortu eta inbertsioak egiteko hitza eman zuen zuzendaritzak; non dago haien hitza orain?» Egoera txarra, zalantzan Atzo, LAB Sindikatua izan zen Tubacexen asmoa gaitzetsi zuen lehena; haien iritziz ere, tutugilearen kontuen eta balantzeen azterketa eginda, «argi ikusten da nahiko ona dela enpresaren egoera ekonomikoa, berregituraketa prozesurik gabe langileen etorkizuna bermatzeko modukoa». Urte hasieran, tutugileak 800 milioi euroren salmentak egitea jarri zion helburutzat bere buruari, baina gauzak erabat aldatu dira. Ekainaren bukaeran, taldeak esan zuen urtea galerekin itxiko duela, baina zehaztu zuen azken buruko galerak izango direla, amortizazio eta besteengatik, eta taldearen EBITDA positiboari eutsiko diotela, «kutxa erre gabe eta funtsezko inbertsioak gelditu gabe». Taldeak finantza egoera ona duela ere gaineratu zuen. Beraz, LABen ustez, enpresa enplegua suntsitzera eraman duena ez da COVID-19ak sortutako egoera: «Tubacexek urteak daramatza barne mailan berregituraketa bat egingo duela iragartzen, lan harremanen eredu berri bat ezarri nahi baitu, langile merkeak eta malguak kontratatzeko modua emango diona»
2020-7-22
https://www.berria.eus/albisteak/184676/eh-bilduko-alkateek-elkarlana-eta-gardentasuna-eskatu-dizkiote-eusko-jaurlaritzari.htm
Gizartea
EH Bilduko alkateek elkarlana eta gardentasuna eskatu dizkiote Eusko Jaurlaritzari
Pandemiaren aurkako kudeaketan «bakarrik» sentitu direla salatu dute; beharrezko baliabiderik eta informaziorik gabe.
EH Bilduko alkateek elkarlana eta gardentasuna eskatu dizkiote Eusko Jaurlaritzari. Pandemiaren aurkako kudeaketan «bakarrik» sentitu direla salatu dute; beharrezko baliabiderik eta informaziorik gabe.
COVID-19ak eragin duen pandemiaren aurkako kudeaketan Eusko Jaurlaritzak udalerriak ez dituela aintzat hartu adierazi du Adur Ezenarro Ordiziako (Gipuzkoa) alkateak gaur goizean EH Bilduko hainbat alkatek egin duten agerraldian. Ezenarrorekin batera izan dira Xabier Alvarez de Arcaya, Urkabustaizko (Araba) alkatea, eta Itziar Biguri, Urduñako (Bizkaia) alkatea, EH Bilduk gobernatzen dituen udalerrietan koronabirusaren harira egin duten hausnarketen berri emateko. «Auzolanean» eta «gardentasunez» aritzeko garaia dela adierazi du Ezenarrok, baina Eusko Jaurlaritzak «abandonaturik» sentitu direla salatu du: «Gu lanean ari gara gure udaletan, erantzukizunez, dagozkigun eskumenak baliatzen, baina bakardadean ari garen sentipena dugu». Jaurlaritzari udalengan konfiantza gehiago izan dezan eskatu diote alkateek. Era berean, Jaurlaritzaren informazioa falta izan dela adierazi dute. Alkateek azaldu dute komunikabideen bitartez jaso dutela haien udalerrietan izan duten egoeraren berri, eta baita Jaurlaritzak hartu dituen hainbat neurriren berri ere. Hain zuzen ere, Ezenarrok gaitzetsi du udalerrietan eragin zuzena duten hainbat erabaki udalekin kontrastatu gabe hartu izana , eta gehitu du «aldebakartasunez» egoerari aurre egitea ezinezkoa dela: «Gure iritziak, irizpideak, baina batez ere baliabideak kontuan hartu gabe erabakiak hartzea ez da eraginkorra». Izan ere, larunbatean, udalekuak bertan behera uzteko eta eguneko zentroak ixteko agindua eman zuen Jaurlaritzako Osasun Sailak, «modu nahasgarrian», alkateen iritziz. Horren harira, hainbat gogoeta plazaratu dituzte koalizioko alkateek. Eguneko zentroak premiaz irekitzeko beharra nabarmendu du Ezenarrok, tokiko errealitate immunologikora egokituta, betiere, eta zentroetako baldintza materialak eta profesionalak hobetuta. Haurren zaintzarako neurriak ere «ezinbestean» aktibatzea eskatu du, eta «plangintza integral bat» martxan jartzea, tokian tokiko beharrei egokitua eta haurren eta hezitzaileen osasun bermeak kontuan hartuko dituena. Aztarnarien falta Udazkenean etor litekeenarekin kezkatuta agertu dira alkateak. Ezenarrok adierazi du elkarlanean aritu ezean egoera are zailago bati aurre egitea «ezinezkoa» izango dela. Ordiziako alkatearen ustetan, positiboak atzematen direnean hasten da benetako kudeaketa, eta orduan beharrezkoak dira udalak, «herritarrengandik hurbilen» dauden erakundeak direlako. Aztarnarien lantaldeak indartzeko ere galdegin diote alkateek Jaurlaritzari. Nekane Murga Osasun sailburuak jakinarazi du asteon 180 aztarnari ari direla lanean kutsatuak egon daitezkeen kontaktuak atzematen, baina EH Bilduren ustez «ez dira nahikoak»: «Ezinbestekoa da premiaz gutxienez 70 aztarnari gehiago kontratatzea, eta udazkenari begira kopurua are gehiago igotzea».
2020-7-22
https://www.berria.eus/albisteak/184677/pello-irazu-laida-lertxundi-eta-leopoldo-zugaza-gure-artea-saridunak.htm
Kultura
Pello Irazu, Laida Lertxundi eta Leopoldo Zugaza, Gure Artea saridunak
Ibilbide artistikoagatik saritu dute Irazu; sormen-jarduera aitortzeko modalitatean, berriz, Lertxundi; eta ikusizko arteak bultzatzeko egin duen lanagatik, Zugaza. Sariak emateko ekitaldia udazkenean egingo dute, Bilboko Guggenheim museoan.
Pello Irazu, Laida Lertxundi eta Leopoldo Zugaza, Gure Artea saridunak. Ibilbide artistikoagatik saritu dute Irazu; sormen-jarduera aitortzeko modalitatean, berriz, Lertxundi; eta ikusizko arteak bultzatzeko egin duen lanagatik, Zugaza. Sariak emateko ekitaldia udazkenean egingo dute, Bilboko Guggenheim museoan.
Pello Irazu eta Laida Lertxundi artistek eta Leopoldo Zugaza kultur sustatzaileak jasoko dituzte aurtengo Gure Artea sariak. Eusko Jaurlaritzak arte plastikoen eta ikusizko arteen arloan egindako lanaren aitortza gisa banatzen ditu sariok, urtero, eta Bingen Zupiria Kultura sailburuak jakinarazi ditu aurtengo sarituen izenak, Mikel Onandia epaimahaiburuaren laguntzaz. Donostiako San Telmo museoan egindako agerraldian izan dira Irazu, Lertxundi eta Zugaza ere, eta bihotzez eskertu dute aitortza. Sariak banatzeko ekitaldia, berriz, udazkenean egingo dute, Bilboko Guggenheim museoan. Irabazle bakoitzak 18.000 euro jasoko ditu. Zupiriak nabarmendu du bi helburu dituztela Gure Artea sariek: artearen arloko profesionalei aitortza egitea, batetik, eta haien lana ikusgarri egitea, bestetik. Ibilbide artistikoagatik saritu dute Irazu; sormen jarduera aitortzeko modalitatean, berriz, Lertxundi; eta ikusizko arteak bultzatzeko egin duen lanagatik, Zugaza. Onandiak azaldu ditu hiru sarituei aitortza egiteko epaimahaiak hartutako erabakiaren arrazoiak —harekin batera, Miren Arenzanak, Lucia Agirrek, Oier Etxeberriak eta Sahatsa Jauregik osatu dute aurtengo epaimahaia—. Pello Irazu (Ibilbide artistikoa aitortzeko modalitatean) Pello Irazu Mendizabal (Andoain, Gipuzkoa, 1963) artistari bere ibilbide osoa aitortu diote. Izan ere, epaimahaiaren aburuz, «funtsezko artista izan da euskal arte garaikidearen panoraman» eta 1980ko hamarkadan egin zen «euskal eskultura garaikidearen berrikuntzaren ordezkari nagusietako bat» ere bada. «Zer den artea eta zer ez den artea, horren arteko mugak gero eta lausoagoak diren testuinguru honetan, Irazuk artearen beraren esentzian jarri du arreta, eskulturaren praktikari dimentsio berri bat gehituta, eta horregatik da bere lana konplexu eta berezienetako bat euskal artearen panoraman», jaso dute ebazpenean. Epaimahaiak gogora ekarri du haren lanaren funtsa eskultura dela, argazki, marrazki eta pintura muralekin tartekatzen duena, «bere espektrorik zabalenean: tamaina txikiko hiru dimentsioko proposamenetatik hasi eta instalazio kolosaletaraino, hibrido objektualak tartean direla». Erabilitako diziplinaz aparte, epaimahaikideen hitzetan, Irazuren lanak «oso modu zehatz batean heltzen die gure gorputzen, objektuen eta espazioen arteko erlazio anitzetan sortzen diren arazoei». Eta gaineratu dute «halako begirada berezi bat» duela artistak: «Aurrez aurre jartzen gaitu obrarekin, erosotasun bitxi batez baliatuta: giza eskalatik eta eguneroko objektutik eratortzen den zera hori, lehenik mozorrotua, gero aldarazia eta azkenik transformatua». Bere ibilbide luzean, nazioarteko hainbat arte ekitalditan parte hartu izan du Irazuk, tartean Veneziako Bienal, eta arte erakunde askok dituzte haren lanak beren bildumetan, bai Euskal Herrikoek —Gasteizko Artium, Bilboko Guggengeim eta Arte Ederren museoa nahiz Donostiako San Telmo, besteak beste—, bai nazioartekoek —Bartzelonako MACBA, Madrilgo MNCARS, Vienako MUMOK, Chicagoko Museum of Contemporary Photography, San Diegoko Museum of Contemporay Art...—. Halaber, hainbat erakusketa monografiko egin ditu artistak. Laida Lertxundi (Sorkuntza-lana aitortzeko modalitatean) Laida Lertxundi del Campok (Bilbo, 1981) jasoko du aurtengo saria, Sormen-jarduera aitortzeko modalitatean. Artistak bideotik eta idazketatik lan egiten du, «eta bere proposamen artistikoak instalazio eta proiekzio moduan gauzatzen ditu, nazioarteko arte bienaletan, galerietan, zinema aretoetan eta erakunde artistikoetan aurkeztuz», epaimahaiak bere ebazpenean azaldu duenez. Nabarmendu du Lertxundik erreferentzia gisa artearen eta zinemaren historiaren formatu tradizionalak hartu dituela, eta horien gaineko begirada kritikoa ere egin duela. «Haren obran etengabeak dira abangoardiako artearen korronte kontzeptualen erreferentziak, eta islatuta ageri dira bere obra osoa zeharkatzen duen minimalismo lirikoan, musika esperimentalaren erabileran edo Pop mugimenduaren berezko estrategietan». Halaber, epaimahaiak azpimarratu du askotariko erreferenteak dituela: «Lertxundiren praktikan jatorri desberdineko erreferenteak batzen dira, bere bizi ibilbidearen parte diren tokien aipuak, bere irudiak, testuak eta soinuak sortzeko moduen bidez eraikitako bideak. Lofoten uharteetatik Kaliforniako basamortura, euskal mendietatik igaroz, bertako paisaiek kontakizun zatikatuen mundu bat eratzen dute». Lertxundi New Yorkeko Bard Collegen lizentziatu zen Arte Ederretan, eta Maya Deren Film Award saria lortu zuen bertan graduatu zenean. Kaliforniako CalArtsen ere egin zituen ikasketak. Hainbat erakusketa izan ditu ikusgai nazioartean, tartean Madril, Stockholm, Milan, Seul, Los Angeles eta New Yorken, baina baita Bilbon eta Donostian ere. Bestelako arte ekitaldietan ere parte hartu du, horien artean Whitney Museum of American Arten Bienalean, Osloko LIAFen eta Lyongo Arte Garaikideko Bienalean. Leopoldo Zugaza (Arte plastiko eta ikusizkoen arloan agenteek egindako lana aitortzeko modalitatean) Leopoldo Zugaza Fernandez (Durango, Bizkaia, 1932) ere saritu du epaimahaiak, «Euskadin kultura eta arte plastikoak sei hamarkadatan sustatzearen eta zabaltzearen alde egin duen ibilbide oparoan oinarrituta. Artearen munduarekin lotutako hainbat elkarte eta erakunderen ekintzaile, editore eta sortzaile izan da Leopoldo Zugaza, eta haren jakin-mina eta lanerako gaitasuna nekaezinak izan dira, hain zuzen ere, bere inguruko kulturaren esparruan aurkitu diren hutsuneak betetzera bultzatu dutenak. Izan ere, artea eta kultura, orokorrean, jendearengana hurbiltzera bideratutako lana da, bai azpiegitura handietatik, bai tokiko espazio txikietatik», jaso du epaimahaiak bere ebazpenean. Epaimahaikideen iritziz, «kalitate nabarmena erakutsiz» hartu du parte Zugazak kultura artistikoaren balio-katearen fase guztietan: ikerketan, prestakuntzan, sorkuntzan, sustapenean eta banaketan. Horregatik, epaimahaikideen ustez, «euskal arte-sistema garaikidea ezin da ulertu Leopoldo Zugazaren ekimen desberdinen ekarpenik gabe». Kulturari lotutako beste alderdi batzuen artean, «oso zeregin garrantzitsua» izan du arte plastikoak eta ikusizkoak sustatzeko bidean, eta «interes berezia» agertu izan du abangoardiako euskal artisten sorkuntza zabaltzeko zereginean. Lan horretan ibilbide luzea egin du Zugazak. Gerediaga Elkartearen sortzaileen artean egon zen 1965ean, eta frankismo garai betean sustatu zuen Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka, baita arte garaikideko lehen erakusketak antolatu ere. 1970ean, Durangoko Udal Kultura Aretoak bultzatu zituen, hurrengo 25 urteetan Euskal Eskolako ordezkari nagusiak eta promesa gazteak hartu zituztenak, Euskal Herrian abangoardia sortzeko ezinbesteko erreferentzia bilakatzeraino. 1978tik aurrera, erreferentziazko egitasmo eta erakusketa gune ugari, ikerketa bekak eta argitalpenak jarri zituen abian, Bizkaiko Aurrezki Kutxaren Kultura Saileko arduradun zela. Bestalde, Bilboko Arte Ederren Museoaren Patronatuko lehendakariorde gisa, erakundea handitzeko eta modernizatzeko proiektuaren buru izan zen. Horretarako, funtsak berregituratu, erakusketa programazio berri bat egin eta erosketa politika sustatu zituen. Hainbat museo erakunderen sorkuntza ere bultzatu zuen, hala nola Durangoko Arte eta Historia Museoarena, Gernikako Euskal Herria Museoarena eta Zarauzko Photomuseumarena. 1981ean, halaber, Arteder arte garaikidearen azoka antolatu zuen. Edonola ere, editore gisa egindako lana goraipatu dio epaimahaiak, «bere fazeta garrantzitsuenetako bat» dela azalduz eta haren ezaugarri nagusiak «aniztasuna eta konplexutasuna» izan direla azpimarratuz: «Kultur ekoizpen eta erakusketa-ekimen ia guztiekin batera, oso argitalpen zainduak kaleratu izan ditu, arte plastikoei lotuta arreta berezia jarri izan baitu beti ekoizpen editorialean, eta horren erakusgarri dira hark editatu izandako aldizkariak, katalogoak, azterlan monografikoak eta ikerlanak artistei buruz». Labayru Institutuko, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko eta Eusko Ikaskuntzako kide izan da Zugaza, eta azken urteotan Manuel de Larramendi Institutu Bibliografikoa eta De re bibliographica aldizkaria sortzeko lanetan jardun du. Eusko Ikaskuntzako ohorezko kide izendatu zuten 2006an, eta hainbat sari jaso izan ditu, tartean, Sabino Arana saria (2015), Urrezko Domina Arte Ederretako Merezimenduari (2016) eta Photoespañak emandako Bartolomee Ros saria (2018).
2020-7-22
https://www.berria.eus/albisteak/184678/siemens-gamesak-dio-agoizko-fabrikaren-itxiera-saihetsezina-dela.htm
Ekonomia
Siemens Gamesak dio Agoizko fabrikaren itxiera «saihetsezina» dela
Gaurko biltzarrean, Andreas Nauen presidenteak adierazi du «erabaki zaila» dela baina lantokia ez dela lehiakorra. Kanpoan, langileen batzordeak itxiera salatu du.
Siemens Gamesak dio Agoizko fabrikaren itxiera «saihetsezina» dela. Gaurko biltzarrean, Andreas Nauen presidenteak adierazi du «erabaki zaila» dela baina lantokia ez dela lehiakorra. Kanpoan, langileen batzordeak itxiera salatu du.
Siemens Gamesak bereari eusten dio. Uztailaren hasieratik, itxi egingo zutela iragarri zuenetik, atzera ez egiteko borondatea azaldu du. Gaur Bilbon egin duten biltzarrean, Andreas Nauen presidenteak azpimarratu du Agoizko fabrika itxi egin behar dela. Jose Manuel Alonso administrazio kontseiluko buruak, berriz, gaineratu du «saihetsezina» dela, eta lantokia ez dela lehiakorra. Bi agintariek nabarmendu dute sindikatuekin hitz egiten jarraitzen dutela, akordio batera iristeko. Hain zuzen ere, ostiralean dute kontsulta epe barruko hirugarren bilera. Kanpoan, langileek protesta egin dute itxieraren aurka. Alfonso Poyo langileen batzordeko presidentearen hitzetan, enpresaren argudioak ez dira errealak, «ez dira objektiboak». Poyoren arabera, «deslokalizazioa argia da; beste herrialde batera doaz han lan kostuak merkeagoak direlako». Poyok nabarmendu du erakunde publikoen babesa dutela, enpresak «laguntza publiko ugari jaso baititu urte guztiotan». «Ez da posible apenas hamar urteko iraupena duen eta Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso duen enpresa bat beste toki batera eramatea bat-batean hala nahi dutelako». Enpresaren interpretazioa Biltzar barruan, Nauenek argudiatu du «garai zaila» bizi duela enpresak, eta beharrezkoa dela «norabidea aldatzea eta etxea txukun jartzea». Arrazoien artean aipatu ditu COVID-19aren eragina eta Indiako operazioek uste baino geldialdi handiagoa izan dutela. Nauenen arabera, orain arteko ibilbidea geratu eta «hutsetik hasi behar dute», negozio atal guztiek beren onena eman dezaten. Moldaketak denbora beharko duela uste du. Nauenen iritziz, lur barruko on-shore delako atala «bereziki zigortua» izan da, eta han neurri gogorragoak hartu behar dituzte. Datorrenari begira, lehiakortasuna pala eta turbina handiak egitean dagoela deritzo, eta, Nauenen iritziz, Agoizko lantokia ez dago prestatua agertoki horri begira. «Kostuak handiagoak dira, eta instalaziotik 200 kilometrora dago. Itxi egin behar dugu».
2020-7-22
https://www.berria.eus/albisteak/184679/zaldibarko-atxiloketetan-ez-diote-ohiko-prozedurari-jarraitu.htm
Gizartea
Zaldibarko atxiloketetan ez diote ohiko prozedurari jarraitu
Ertzaintzaren arabera, epaitegiek eta fiskaltzak «baimena» eman zuten Verter Recylingen jabea eta kudeatzailea polizia etxera eramateko. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren esanetan, epaileak ez ditu inola ere agindu atxiloketak.
Zaldibarko atxiloketetan ez diote ohiko prozedurari jarraitu. Ertzaintzaren arabera, epaitegiek eta fiskaltzak «baimena» eman zuten Verter Recylingen jabea eta kudeatzailea polizia etxera eramateko. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren esanetan, epaileak ez ditu inola ere agindu atxiloketak.
Zaldibarko Verter Recycling 2002 SM zabortegiaren (Bizkaia) jabea, kudeatzailea eta azpiegituraren ingeniaria atxilotuta daude astearte goizaz geroztik, Ertzaintzaren Eibarko komisarian (Gipuzkoa). Jose Ignacio Barinaga Egia enpresaren sortzailea; Arrate Bilbao Barinaga kudeatzailea eta haren iloba; eta Juan Etxebarria zabortegiko ingeniaria dira atxilotutakoak. Halere, ez dago argi nork eman zuen haiek atxilotzeko agindua, eta horrek nahasmena eragin du. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren arabera, Ertzaintzaren Polizia judizialak «aurrerapenen berri» eman zien auzian «eskumena» duten epaitegiei —kasua Durangoko bi epaitegitan dago zatituta— eta Fiskaltzari, eta «delituen ustezko egileak» atxilotzea proposatu zuen. Segurtasun Sailak, eguerdian helarazitako «azalpen» oharrean, nabarmendu du auzian eskumena duten epaitegiek eta Fiskaltzak «baimena» eman zutela hiru pertsona horiek atxilotzeko. Baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ere «azalpen» ohar bat plazaratu du, «hainbat hedabidetan kaleratutako informazioen harira». Auzitegiaren arabera, Durangok Instrukzioko 1. salak «argitu» du «soil-soilik Polizia operazio batean» egin zirela atzoko atxiloketak, eta berak ez duela «atxilotze agindurik» eman. Sala hori ikertzen ari da langileen eta pertsonen kontrako deliturik ba ote den joan den otsailaren 6an zabortegian gertatutako luizia dela eta. Durangoko Instrukzioko 2. sala, berriz, aztertzen ari da ingurumenaren kontrako deliturik ba ote den. Auzitegiak zehaztu du Durangoko Instrukzioko 1. sala atxilotuen kargu egingo dela epailearen aurrera eramaten dituztenean. Segurtasun Sailaren hitzetan, atxilotuak epailearen esku geratuko dira, «beharrezko argibideak egin ondoren». Ohar horretan, azpimarratu du «gaizki-ulertu bat» izan dela atxiloketen inguruan. BERRIA Segurtasun Sailarekin harremanetan jarri zen atzo, eta adierazi zion «epailearen aginduz» egin zirela atxiloketak. Ez zuen zehaztu, ordea, zein epailek aginduta. Ezohiko prozedura BERRIAk kontsultatutako iturri juridikoen arabera, irregularra da Ertzaintzak epailearen eskaririk gabe inor atxilotzea, hura baita atxiloketa bat agindu dezakeen bakarra sumario edo instrukzio bat abian denean. Ildo horretan, ez da nahikoa Poliziak epaileari atxiloketaren berri ematea eta hark oniritzia ematea; Poliziak proposatu dezake herritar bat atxilotzea, baina epaileak agindu behar du. Terrorismoaren aurkako legerian dago salbuespena; kasu horietan, Poliziak bere kabuz atzeman dezake norbait, eta 24 orduko epean jakinarazi behar dio epaileari. Soilik terrorismo delituak egozten diren kasuetan. Atxiloketa epaileak agindu gabe egin izanak ondorioak izan ditzake, gainera: bertan behera uzten du prozedura penalaren oinarrizko printzipio bat, eta legez kanpokoa izan liteke. Halere, ez luke eraginik izango auziaren instrukzioan, atxiloaldiak irauten duen bitartean ez bada egiten akusatuak babesgabe utziko lituzkeen izapiderik. Horiek egingo balira eta akusatuak babesgabe uztea eragingo balu, atxiloketek eragina izango lukete prozedura judizialean. Espetxeratzeari ere ez diote aparteko zentzurik ikusten BERRIAk kontsultatutako iturriek. Izan ere, espetxeratzea justifikatzeko arrazoiak izan ohi dira ihes egiteko edo frogak desagerrarazteko arriskua; auzia abiatu zenetik, ordea, bost hilabete igaro dira; epe horretan atxilotuek ez dute ihes egin, eta, nahi izan badute, nahikoa denbora izan dute frogak deuseztatzeko. Verterrentzat, «legez kanpokoa» Verterrek ohar bat plazaratu du auzitegiak adierazitakoa berretsiz. «Poliziaren erabakiz egin dira atxiloketak». Enpresaren arabera, ez dago atxiloketak agintzeko auto judizialik, eta Ertzaintzak berak baieztatu die hori haien abokatuei. «Erabakia ez du epaitegiak hartu». Joan den otsailaren 6an luizi baten ondorioz amildutako zabortegia ustiatzen duen enpresarentzat, Ertzaintzaren jokabidea «legearen kontrakoa» da, eta, hortaz, «legez kanpokotzat» jo ditu atxiloketak. «Legea aintzat hartuta, ez dugu informaziorik zehazten duenik inongo zantzurik dagoela hori [atxiloketak] justifikatzeko». Enpresak nabarmendu du, gainera, bost hilabete igaro direla ikerketa hasi zirenetik, eta bere jarrera «lankidetzakoa» izan dela dela «beti». «Berri ona» Zaldibar Argiturentzat Zaldibar Argituren ustez, atxiloketak «berri ona» dira, «berandu» eginak izanagatik. Herri plataformak ohar batean azpimarratu duenez, «urrats bat» egin da «erantzukizunak argitzeko bidean». Pentsatzen du, dena den, erantzukizun «pribatuak eta publikoak» daudela auzian. «Erantzukizun publiko-politikoei dagokienez, ez da ezer egin, eta, alde horretatik, urratsak egin behar dira higiene demokratikoagatik». Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren dimisioa eskatu izan du plataformak.
2020-7-22
https://www.berria.eus/albisteak/184680/epaileak-kartzelara-bidali-du-itxaso-zaldua.htm
Politika
Epaileak kartzelara bidali du Itxaso Zaldua
ETAren 2001eko hilketa batean parte hartzea egotzi dio Pedrazek. Zalduak ukatu egin du atentatuan parte hartu izana. Euskal preso ohia atzo atxilotu zuten, Hernanin.
Epaileak kartzelara bidali du Itxaso Zaldua. ETAren 2001eko hilketa batean parte hartzea egotzi dio Pedrazek. Zalduak ukatu egin du atentatuan parte hartu izana. Euskal preso ohia atzo atxilotu zuten, Hernanin.
Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak baldintzarik gabe espetxera bidali du Itxaso Zaldua euskal preso ohia, ETAren 2001eko hilketa batean parte hartu zuela egotzita. Gutxienik, atentatuaren laguntzaile gisa jo du, Efe berri agentziak iturri juridikoak aipatuz zabaldu duenez. Epaileak oinarri hartu du atentatuaren lekuko batek argazki batean Zaldua identifikatu izana, eta Guardia Zibilaren txosten bat ere aintzat hartu du. Auto judizialean dio Mikel Karrerak eta Zalduak ETAren Basajaun komandoa osatzen zutela orduan. Zalduak ukatu egin du eraso hartan parte hartu izana. Espainiako Poliziaren egoitza nagusian, Madrilen, goizeko hamarrak aldera deklaratu du: Poliziak gauza bera leporatu dio, eta atxilotuak gauza bera erantzun du. Pedraz epailearen aurrean, 13:00 aldean deklaratu du, Madrilen. Bietan harekin izan da Aiert Larrarte defentsa abokatua. Zaldua espetxera bidali ondoren kendu dio epaileak sekretua sumarioari. Zaldua atzo goizean atxilotu zuten, Hernanin (Gipuzkoa), CAFen Beasaingo (Gipuzkoa) lantokira lanera zihoala, Manuel Gimenez Abad senatari eta Aragoiko (Espainia) PPko presidentearen hilketarekin zerikusia duelakoan. ETAk hil zuen Gimenez Abad, Zaragozan, 2001eko maiatzaren 6an, eta, erakundeari Frantzian ustez aurkitutako dokumentazioan, Zaldua atxilotzeko zantzuak aurkitu dituzte, Efe agentziak atzo zioenez. 2005ean ere atxilotu zuten, Lannemezanen (Okzitania), ETAko kidea izatea egotzita, eta hemezortzi urteko kartzela zigorra ezarri zioten. 2017ko abuztuan geratu zen aske, Frantziako zigorra bete eta Espainiaratua izan ostean. Sare herritar plataformak deituta, atzo manifestazio bat izan zen Hernanin. CAFeko langile batzordearen eskariz, Beasaingo lantokiko hainbat beharginek ordubeteko lanuztea eta elkarretaratzea egin dituzte gaur. Sorturen «kezka eta haserrea» Sortuk adierazi du epaileak Zaldua espetxeratzeko aginduak «kezka eta haserrea» eragin dizkiola. «Kasu honetan ere, estatu sakonak erakutsi digu ez duela gatazka politikoa gainditzeko inolako borondaterik. Beste modu batean esanda, eskuin mutur polizial, judizial eta mediatikoak euskal independentismoaren kontra abian jarritako beste maniobra baten aurrean gaude; noiz eta orain, euskal jendartean espetxe politika aldatzeko inoizko adostasunik zabalena dagoenean eta independentismoak hautetsontzietan etenik gabe gorantz jarraitzen duenean». Bake, bizikidetza eta askatasun jokaleku berri bat aldarrikatu ditu Sortuk, eta Espainiako Estatuari eskatu dio egiteko bide politiko eta demokratiko hutsen alde. «Arduraz jokatzeko garaia da». Zalduaren espetxeratzea salatzeko mobilizazioetan parte hartzera deia egiten du Sortuk, eta hura lehenbailehen askatzeko exijitu du. Azken arnasa arte filmean partaide izan zen Zaldua. Kurkuluxetan elkarteak elkartasuna adierazi die hari eta haren senideei.
2020-7-22
https://www.berria.eus/albisteak/184681/patxi-ruizek-balio-handiaeman-die-bere-gose-greba-garaiko-mobilizazioei.htm
Politika
Patxi Ruizek «balio handia» eman die bere gose greba garaiko mobilizazioei
Euskal presoak artikulu bat bidali du Amnistia Ta Askatasuna webgunera. 31 egun egin zituen gose greban, Murtzia II-n, eta bere osasunaren «zorigaiztoko amaiera batek» sor zezakeen egoera dela-eta utzi zuen.
Patxi Ruizek «balio handia» eman die bere gose greba garaiko mobilizazioei. Euskal presoak artikulu bat bidali du Amnistia Ta Askatasuna webgunera. 31 egun egin zituen gose greban, Murtzia II-n, eta bere osasunaren «zorigaiztoko amaiera batek» sor zezakeen egoera dela-eta utzi zuen.
Patxi Ruiz euskal presoak (AEM ingurua) Amnistia Ta Askatasuna webgunera bidali duen artikuluan esan du bere osasunaren «larriagotze edo zorigaiztoko amaiera batek» sor zezakeen egoera dela-eta utzi zuela gose greba, joan den ekainaren 10ean. 31 egun egin zituen gose greban —haren esanetan, lehen hamabi egunetan egarri greba ere egin zuen—. «Zapore mingotsarekin» utzi zion protestari, ezarritako helburuak lortu ez zirela aitortuta, baina nabarmendu du «balio handia» ematen diela gose greba garaian izandako mobilizazioei. «Sortutako mugimendua hazteko garaia» dela adierazi du idatzian, eta xedetzat jarri du «preso politiko guztiak, militantzia politikoko ereduetan bereizketarik egin gabe, askatzea lortu arte» mobilizatzea. «Antolaketa eta borroka» aldarrikatu du helburu hori lortzeko. Murtzia II (Espainia) kartzelan daukate Ruiz, eta «borroka politikoa» hasi eta egun batzuetara zabaldu zituen aldarrikapenak; besteak beste, espetxeak bere osasuna bermatzea eta euskal preso guztiak Euskal Herriratzea. Artikuluan esan du, «hormaren bi aldeetan egindako borrokari esker», bere bizitza orain ez dagoela lehengo «arrisku berean». Azaldu du protestan hogei egun inguru zeramatzala hasi zela Euskal Herriko kaleetan gertatzen ari zenari buruzko «ideia argiagoa» izaten. «Balio izan du preso politikook jasaten dugun egoera berriz ere mahai gainean jartzeko, merezi duen ikusgarritasuna eta premia emanez». Eskerrak AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduaren, xede horien alde lan egiten duten beste talde batzuen eta «euskal gazteria errebeldearen» lana eskertu ditu euskal presoak. Halaber, «esker ona» agertu die Murtzia II-n dauden «lagunei»; «borrokan egon naizen denbora honetan eskaini didaten errespetu eta tratu onagatik». Ruizen iritzian, ezker abertzaleko «sektore ofizialistak» bere aferan egindako kudeaketak ez zuen »eraginkortasunik izan edo fruiturik eman».
2020-7-22
https://www.berria.eus/albisteak/184682/aldi-baterako-erregulazioak-osatzeko-laguntza-datorren-astetik-aurrera-eskatu-ahal-izango-da.htm
Ekonomia
Aldi baterako erregulazioak osatzeko laguntza datorren astetik aurrera eskatu ahal izango da
Ekainaren amaieran 65.000 langile zeuden oraindik lan erregulazioan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Lanbidek emango ditu laguntzak: 150 euro gehienez.
Aldi baterako erregulazioak osatzeko laguntza datorren astetik aurrera eskatu ahal izango da. Ekainaren amaieran 65.000 langile zeuden oraindik lan erregulazioan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Lanbidek emango ditu laguntzak: 150 euro gehienez.
Loli Garcia EAEko CCOOko idazkari nagusiak jakinarazi duenez, datorren astetik aurrera eskatu ahal izango dira enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente batean dauden langileen soldatak osatzeko Eusko Jaurlaritzak emango dituen laguntzak. Osagarria jasoko dute hilean 1.666 eurotik beherako kotizazio oinarria edo urtean 20.000 eurotik beherako soldata gordina duten langileek. Gehienez, 150 euro izango dira. Jaurlaritzaren kalkuluen arabera, 40.000 pertsona ingururi eragingo die neurriak, eta 15,4 milioi euro jarriko ditu horretarako. Lanbideren arabera, aldi baterako erregulazioan egondako langileen %40 inguru zeuden egoera horretan ekainaren amaieran: 10.661 Araban, 31.937 Bizkaian eta 22.114 Gipuzkoan. Lanbideren webgunean eskatu ahal izango dira laguntzak. Ekainaren 18an adostu zuten neurria EAEko Elkarrizketa Sozialeko Mahaiko kideek, eta asteazken honetan berretsi dute. Mahai horretako kide dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritza, Confebask eta CCOO eta UGT —ELAk eta LABek utzi egin zuten, propagandistikoa zela iritzita—. Urrira arte Garciak «oso positibotzat» jo du mahaiko kideek orain arte egin duten bidea. Legegintzaldiko azken bileraren inguruan, Garciak azaldu du kide guztiek ontzat jo dutela txosten bat egitea, hurrengo gobernuak ere jakin dezan zein puntutan geratu diren lanak. Aurrera begira, gogoratu du adostutako egitasmoak garatu behar dituztela. Hala, azpimarratu du aldi baterako erregulazioak osatzeko akordioak eskatzen duela batzorde bat sortzea, eta irailetik aurrera berrikusi beharko dela osagarri horrekin zer egin, soilik hil horren amaierara arte luzatu ahalko baitira COVID-19arekin loturiko aldi baterako erregulazioak, egun Espainiako Gobernuak zehazten duen moduan. Gogoratu du, halaber, Mahaiko kideek berdintasun plan pilotu bat adostu dutela halako plan bat egitera behartuta ez dauden enpresetan ezartzeko, baina hori oraindik ez dutela garatu. Era berean, azpimarratu du EAEko Industria Plana egin gabe dagoela. Hori dela eta, «premiazkotzat» jo du ahalik eta azkarren osatzea Jaurlaritza eta Legebiltzarra, akordio horiek guztiak aurrera eramateko. Zehaztu duenez, CCOOri ez zaio «hainbeste interesatzen» gobernuaren osaera, «baizik eta gobernu horrek zer politika egiten dituen».
2020-7-22
https://www.berria.eus/albisteak/184683/imanol-gustura-eta-asebeteta-taldearen-denboraldiarekin.htm
Kirola
Imanol, «gustura eta asebeteta» taldearen denboraldiarekin
Sasoi osoan zehar erakutsitako oreka eta garai zailetan psikologikoki izandako indarra nabarmendu ditu.
Imanol, «gustura eta asebeteta» taldearen denboraldiarekin. Sasoi osoan zehar erakutsitako oreka eta garai zailetan psikologikoki izandako indarra nabarmendu ditu.
Igandean Europa ligarako sailkatzea lortu eta gero, «gustura, lasai eta asebeteta» dago Imanol Alguacil, Realeko entrenatzailea. Denboraldiaren balantzea egin du Orioko teknikariak. «Urte guztian merezitako saria jaso genuen azken partidan. Zoriontsu eta harro nago». Aitortu du gaur bertan ikusi duela azken aldiz Januzajek sartutako gol erabakigarria. «Atzo ikusi nuen lehen aldiz semearekin; eta, azkena, gaur, Zubietan, bizikleta egiten ari nintzela. Oilo ipurdia jartzen zait oraindik ere, oso berezia izan baitzen lortutakoa. Atsedenaldian jokalariei esan nien bizirik iritsiko ginela, eta lortuko genuela, eta hala izan da». Konfinamendua «kolpea» izan zela aitortu du. «Denboraldiko garairik onenean ginen, eta etenak min egin zigun». Baina denbora horretan taldeak egindako lan «ikaragarria» eta mentalki erakutsitako «indarra» nabarmendu ditu. «Emaitzak ez ziren iristen, baina jokoan eta lanean denboraldi osoan zehar izandako oreka erakutsi genuen, eta horrek asko esan nahi du. Nekatuta eta estu iritsi ginen azken txanpara, baina psikologikoki oso indartsu. Denen jarrera ikaragarria izan da». Garai «zail» horiek izango ditugu gogoan. «Momentu gogorrak eta txarrak izan ziren, baina une oro zuzendaritzaren, zaleen eta hedabideen babesa sentitu dugu, eta niretzat hori izan da bereziena». Bere garaian teknikariak berak esan zuen emozionalki ez zekiela nola kudeatuko zuen Realeko entrenatzaile izateak esan nahi zuena. «Ondo baino hobeto dakizue zein barruraino sentitzen dudan hau, eta alde horretatik banuen beldur apur bat. Baina uste baino hobeto eraman dut. Lasai egon naiz, hasi nintzenetik egin dudana egin baitut: lan asko egin, eta nire onena eman. Alde horretatik oso lasai nago». Beste urtebeterako kontratua du, baina bere etorkizunak ez du kezkatzen. «Denek dakigu nolakoa den futbola, Callejari [Vila-Realeko entrenatzailea] zer pasatu zaion ikustea besterik ez dago. Bosgarren amaitu du, eta kargutik kendu dute. Esan dezakedana da zuzendaritzaren babes eta konfiantza erabatekoa sentitzen dudala, eta, egunen batean hau hondoratzen bada, lemari gogor helduko diodala. Espero dut hala ez izatea, eta neure kabuz erabaki ahal izatea noiz utzi nahi dudan kargua, lan honek higadura handia baitakar. Baina, bestela, ez izan zalantzarik ez dudala hain erraz amore emango». Baina aurrera begira ere jarri da. «Bost lehiaketatan arituko gara, eta dena desberdina izango da. Beraz, egunerokoan lan egiteko dugun moduan aldaketak egin beharko ditugu, baita bestelako hainbat gauzatan ere. Jada hasi gara horri begira lanean, behar bezala prestatzen ez bazara Espanyoli gertatu zaiona pasatzeko arriskua baitago, eta ez dugu halakorik pasatzerik nahi». Printzipioz, abuztuaren 14an ekingo dio taldeak denboraldi-aurreari. «Aurretik COVID-19aren testak egitera etorri beharko dugu, baina hori da asmoa». Ez du argibiderik eman datorren denboraldiko taldearen inguruan, nahiz eta hainbat jokalariren inguruan galdetu. Martin Odegaarden eta Miguel Angel Moyaren izenak aipatu dira gehien. «Bilera bat egin behar dugu Jokinek [Aperribai], Robertok [Olabe] eta hirurok, denboraldia lasai eta ondo aztertu eta erabakiak hartzeko. Baina biek jarraitzea nahiko nuke, asko eman baitigute, argi geratu den moduan». Utzita egon diren jokalariek «lan ona» egin dutela nabarmendu zuen. «Imanol Agirretxe aritu da haien bilakaerari erreparatzen, eta aipatutako bilera horretan ere haien azterketa egingo dugu. Izan ere, erabakiak ondo hartu nahi ditugu, aipatu bezala urtea oso gogorra izango baita". Ziur taldean jarraituko duena Mikel Merino da, gaur jakin baita 2025 arte luzatu duela kontratua. «Sekulako jokalaria dela erakutsi du. Oso gaztea izan arren, 30 urte dituela ematen du, eta bizi osoa daramala hemen. Txapeldunen Ligako talde askok nahiko lukete, eta hemen segitzea oso inportantea da guretzat. Esan nahi du hemen gauzak ondo egiten direla». David Zurutuza, berriz, ez da Realean egongo datorren denboraldian. Astelehenean berretsi zuen erretiroa hartzea erabaki zuela. Laudorioak izan ditu harentzat Imanolek. «Eredu on bat joan zaigu, eta, nahiz eta ez duen izan jokatzeko aukera handirik lesioengatik, asko lagundu digu denboraldi honetan ere. Berak izugarrizko ilusioa zuen zelaian agurtzeko, baita guk ere. Baina taldeak asko zuen jokoan, eta ez nuen prest ikusten. Espero dut merezitako agurra emateko aukera izatea».
2020-7-22
https://www.berria.eus/albisteak/184684/orain-arteko-aztarnategi-garrantzitsuenetako-bat-aurkitu-dute-jerusalemen.htm
Mundua
Orain arteko aztarnategi «garrantzitsuenetako bat» aurkitu dute Jerusalemen
2.700 urte inguruko arkeologia aztarnategi bat aurkitu dute Judan; eskualdean «inoiz aurkitutako» bildumarik «handi eta garrantzitsuenetako bat».
Orain arteko aztarnategi «garrantzitsuenetako bat» aurkitu dute Jerusalemen. 2.700 urte inguruko arkeologia aztarnategi bat aurkitu dute Judan; eskualdean «inoiz aurkitutako» bildumarik «handi eta garrantzitsuenetako bat».
Israelgo arkeologoek lurpetik atera dute 2.700 urte inguruko arkeologia aztarnategi bat, Judan (Jerusalem). Hiriaren mendebaldeko gunean aurkitu dute «ohikoa ez den egitura handi hori», eta, bertan, antzinako pitxerren heldulekuak eta buztinezko piezak. Israelgo Antigoaleko Objektuen Agintaritzaren arabera, eskualdean «inoiz aurkitutako» bildumarik «handi eta garrantzitsuenetako bat» da. Guztira, 120 pitxer kirten aurkitu dituzte, antzinako hebreeraz inskribatutako estanpak dituztela. Batzuek «LMLK» akronimoa dute inskripzioetan: «erregearena» esan nahi du. Beste batzuek, ordea, «Judako Erresumako goi funtzionarioen eta pertsona aberatsen izenak» dituzte inskripzioetan. Horrez gain, emakume, zaldizko eta animalia formako buztinezko piezak topatu dituzte; horiek «gurtza paganorako eta idolatriarako erabiliko ziren, ziurrenik». Israelgo Antigoaleko Objektuen Agintaritzako Yuval Baruch doktoreak azaldu duenez, Burdin Aroan kokatzen den eremua «funtsezkoa» izan zen «Judako Erresumaren azken garaietako historian funtsezkoa». Gainera, zerikusia du monarkia horren administrazio zentralizatuari lotuta egondako eta «Jerusalemgo eremuan aurkitutako beste toki nagusi batzuekin». Arkeologoek adierazi dutenaren arabera, Bibliako iturriek diotenez monarkia hori egun Israel eta Palestina dauden eremuaren hegoaldean kokatu zen K.a. X. mendean, Israelgo Erresumatik banandu ondoren. Israelgo Erresuma asiriarrek konkistatu zuten K.a. VIII. mendean, eta Juda babiloniarren esku erori zen K.a. 586an. Konkista horren eraginez, monarkiak gunea utzi egin behar izan zuen, baina, handik gutxira, berriro ere okupatu eta hango jarduera ez zen eten.
2020-7-22
https://www.berria.eus/albisteak/184685/urtea-ahalik-eta-kalte-arinenekin-amaitzeko-bidea-marraztu-du-mondragonek.htm
Ekonomia
Urtea ahalik eta kalte arinenekin amaitzeko bidea marraztu du Mondragonek
Taldeak uste du egungo krisira egokitzeko ezinbestekoa izango dela «malguak» izatea. Neurri «gogorrak» hartu dituzte kooperatiba batzuek.
Urtea ahalik eta kalte arinenekin amaitzeko bidea marraztu du Mondragonek. Taldeak uste du egungo krisira egokitzeko ezinbestekoa izango dela «malguak» izatea. Neurri «gogorrak» hartu dituzte kooperatiba batzuek.
Enpresa askorentzat gogorra izaten ari da koronabirusak eragindako itxialdi luzearen ondorena, jarduera hasi bai baina eskaerarik ez direlako jasotzen ari, eta horrek isla zehatza izango du urte amaierako emaitzetan, eta, birusaren eboluzioaren arabera, baita aurrera begirakoetan ere. Etorkizun hurbil horri kezkaz begiratzen diote Mondragon Korporazioan ere. Kolpea ahalik eta arinena izan dadin, eta datozen lau urteetarako estrategia marrazteko, urteko batzarra egin dute asteazken honetan. Koronabirusak baldintzatutako egoera dela eta, Fagor Etxetresnen gatazkaren osteko kongresurik zailena izan dute; dena den, horra begira egindako bi txostenak zuzenketarik gabe itzuli zituzten kooperatibistek, eta osoko bilkurara joandakoek onartu egin zituzten, taldeak komunikabideetara bidalitako ohar laburrean azpimarratu duenez. Batzarrera 650 konpromisario zeuden deituta, eta haietako batzuek modu telematikoan parte hartu dute. Han izan da korporazioko presidente Iñigo Uzin ere. Hitzaldian, egungo krisi ekonomikoa izan du mintzagai. Haren ustez, horren eraginak ez dezan luze jo, ezinbestekoa izango da azkar erreakzionatzea eta, horretarako, taldeak merkatuan duen posizioa zaintzea, aldaketa sakonak datozelako; haren iritzian, gakoa izango da «lehiakorrak eta malguak» izatea. «Aldaketa gero eta bizkorragoa da, eta horrek esan nahi du mehatxuak eta aukerak egongo direla gure kooperatibentzat. Abantailak lortzeko eta noraezean ibili nahi ez badugu, hainbat olatu hartu beharko ditugu: klima aldaketarena, ikerketa eta garapenarena, digitalizazioarena, eta beste batzuk», azpimarratu du Uzinek. Lehen seihileko zaila izan du talde osoak, baina, bereziki, industriaren adarrak. Krisiaren lehen kolpea urte hasieran jaso zuten, Txinan, han dituen 27 produkzio plantetan, eta gero horren eragina mundu osoko 41 herrialdetan dituztenetara hedatu zen. Jarduera berreskuratzen hasiak dira; ekainaren amaieran, %75ean zeuden jada, baina eskariak ez dira nahi edo behar beste sartzen. Taldeko adar horrek inoizko urterik oparoena izan zuen iaz, salmentei dagokionez behintzat, eta pandemia kolpetik aldatu ditu aurtengo aurreikuspenak. Basamortuko bidaia Ekain amaieran BERRIAk eginiko elkarrizketa batean, Uzinek aitortu zuen hainbat kooperatibatan likidezia arazok dituztela eta neurriak hartzen hasiak direla; azpimarratu zuen balantzeak orekatzeko gastuak murrizten ari direla, besteak beste, soldatak jaitsiz, baita %13 ere kasu batzuetan: «Hartu behar ziren lekuetan erabaki gogorrak hartu dituzte batzuek», adierazi zuen Uzinek, eta ohartarazi egoera okerragoa izan daitekeela. «Basamortu bat igarotzen ari gara, eta batzuk bidean gera litezke». Haren ustez, birusak duen eboluzioaren eta instituzioen laguntzen araberakoa izango da susperraldia, eta Europako goi agintariek asteon lortu duten akordioan jarri zituen «esperantzak». Danobaten apustua Taldeak aurrera eraman nahi duen estrategiaren adibide izan daiteke Danobatgroupek asteazken honetan jakinarazi duen mugimendua. Makina erreminta sektoreko kooperatibak —Mondragon Korporaziokoa— 2,8 milioi euroko inbertsioa egin du Herrialde Katalanetako BCN3D startup-ean. Hiru dimentsioetako inprimagailuak ekoizten ditu, besteak beste, autogintzaren eta aeronautikaren sektoreetan erabiltzeko; bezeroen artean dituzte NASA, BMW eta Siemens.
2020-7-23
https://www.berria.eus/albisteak/184713/arditurri-lurraren-krakatekoa.htm
Bizigiro
Arditurri, lurraren krakatekoa
Aiako Harriko zorupeko paisaia estonagarria da. Arditurri Eguna antolatzen dute urtero, mineral zainak eta historiaurreko bizimodua ezagutarazteko asmoz.
Arditurri, lurraren krakatekoa. Aiako Harriko zorupeko paisaia estonagarria da. Arditurri Eguna antolatzen dute urtero, mineral zainak eta historiaurreko bizimodua ezagutarazteko asmoz.
Geologiaren ikuspegitik, Gipuzkoako Oiartzungo harana altxorrez horniturik dago. Arrokarik zaharrenak hantxe ikus daitezkeela diote adituek. Izan ere, euskal geografian gaindi azaleratzen diren material zaharrenetarikoak pilatu egiten dira han. Beraz, aldi luzeetan barrena jazotako prozesu geologikoak ulertzeko aukera bikaina ematen du Oiartzun aldeko paisaiak. Aiako Harrian, begiratzen zaion lekutik begiratuta, hiru gainek profil deigarri bat marrazten dute, harribitxiz osaturiko koroa baten moldean. Izan ere, Irumugarrieta, Txurrumurru eta Erroilbide sabaiak airoso gailentzen dira, hirurak 800 metrotik gora eta itsasoaren ferekek emeki samurtuta. Harrigarria bada ere, mendigunea granitikoa da, Euskal Herrian urgaineratutako bakarra. Ikusten den paisaia aho zabalik uzteko mirari geologiko baten ondorioa izan da. Zirrara eragiten du pentsatzeak Paleozoikoan jarduera igneo handia gertatu zela ama lurraren barnean. Nonbait, mugimendu ugariren eraginez, barrualdeko magma lurrazalera atera eta gainazala leunduz joan zen apurka-apurka, haizeak, urak eta bestelako prozesuek higatuta. Horrela azalduta, badirudi sekulako krakatekoa entzun zitzaiola mendiari une jakin batez. Historia geologikoa, haatik, konplexua da. Historia deitu arren, berez, istorioz beterikoa prozesu luzea bezain geldoa izan da. Arditurri Eguna Arditurriko meategietan, egunik bereziena ospatu ohi dute uztail erdian, mendi barrunbeetako sekretuei argi emate aldera, besteak beste. Zorupeko labirintoan sartzeaz batera, lehen lezioa hasten da. Oinarrizko kontzeptuak jasoko ditu orduan geoturistak, betiere meazulootako erromatarren aztarna bereiziko bada. Gero, meatzaritza modernoari bidea emango zaio: xendari jarraikiz, metalezko barandak eta igarobideak korrituko ditu abenturazaleak aurrera eta atzera, mendeetan maskaratutako sekretuak bertatik bertara ezagutzearen kariaz. Kanpoko aldean, berriz, historiaurreko bizimodua esperimentatzeko aukera ezin hobea izango dute bisitari gazteek. Pikondoaren eta hurritzaren egurra hartuta, sua nola egiten zen irakatsiko dute tailerretako adituek. Limonita eta koloragarri naturalak erabilita, gainera, horma irudi ederrak sortuko dituzte etxeko txikienek. Geologiari dagokionez, Luberri geologia museoko arduradunaren eskutik helduko da momenturik interesgarriena. Azalpen geologikoaren ondotik, ibaian gora egingo du esploratzaile taldeak, kaltzita, barita, kuartzo eta fluorita mineralak desberdintzen ikasteko irrikaz. Inguruko meazuloak, galeriak, plano inklinatuak eta haraneko zoko-mokoak deskubrituko dituzte segidan, bidaia geologikoari amaiera jarri baino lehen. Meatzeko bisita informazio zentroan hasten da. JOSEAN GIL-GARCIA Bidegorrian barrena Ibiliz egiten baita bidea, Oiartzunen bertan hasiko da Arditurriraino lagunduko duen ibilbidea. Altzibar auzorako bidea hartuta, Oiartzun ibaia gurutzatu aurretik, atondutako bidegorriarekin bat egingo du txangolariak. Tipi-tapa, Ergoiengo auzora heldutakoan, ordea, bide seinale batek aukera emango du Luberri geologia museoan bisita bat egiteko. Oiartzungo haraneko geologian barrena bidaia liluragarria egin daiteke museoko arduradunaren azalpenak bidaide. Modu didaktiko eta atseginean, hortaz, geodibertsitatean murgiltzeko parada bikaina izango du bisitariak. Aretora bildutako harriak, mineralak, fosilak eta gertaera geologikoak lagun, Arditurriko natura ondasunak balioesten ikasiko du berehalaxe. Atzerako bidaia, beraz, aurrerapen pausoa izango da. Paisaiaz ederki gozatuta, Oiartzun ibaia lagun, tunel luzeak zeharkatuko ditu bisitariak, garai batean mineral zama zeramaten bagoi ttipien antzera. Azkenik, Arditurriko meategietako instalazioetara iritsiko da, bidegorriko malda xumeaz ia ohartu gabe. Interpretazio zentro paretik igarota, porlan bidean gora egingo du segidan. Lehen bidebanatzera iristean, aurrera joko du, ibaiaren paraleloan doan basabideari men eginda. Eskulturara doan bidea bazter utziko du ibiltariak, oraingoz. Hala ere, ibilbidearen aldaera hura lehen zirkuitua amaitzean osatu daiteke. Izan ere, oso interesgarria da Imanol Marrodan eskultore bilbotarrak egindako artelan saiatua in situ ezagutzea. Letra handiko poema baten moldean gailentzen da behatokiko ordokian. Zirkinik egin gabe han dirau, etzan, barruko espazio hutsa eskultura inguratzen duen paisaiaz betetzeko ahaleginean. Aspaldiko meazulo bat ezagutzeko aukera ere emango du zidorrak, baita Santa Barbara meatze gune zabalari erreparatzeko ere. Bidegorriak aukera bikaina ematen du meatzeetara hurbiltzeko. JOSEAN GIL-GARCIA Baina, gorago esan legez, zuzen jarraituta, jauzika amiltzen den ur emariarekin topo egingo du ibiltariak. Oin puntak bustita, akaso, harri xabalak baliatuko ditu ibiltariak ertzez aldatzeko. Gero, ezkerrera egin eta, ubideak lagunduta, zehar-zehar jarraituko du gora edo behera doazen zidorrei muzin eginda. Aspaldiko kanalak ibarra zeharkatzen lagunduko du. Pagadian sartu-irtena egindakoan, ur biltegira iritsiko da. Bideak behera egingo du orduan. Trebesak baliatuta, goratasuna galdu eta, bidegorrian, amaiera jarriko zaio mendi itzuliari. Bihar: Iragana, harrietan irarrita (IV): Sabasan.
2020-7-23
https://www.berria.eus/albisteak/184715/ekonomisten-elkargoak-uste-du-krisiaren-ondorioak-behin-behinekoak-izango-direla.htm
Ekonomia
Ekonomisten Elkargoak uste du krisiaren ondorioak behin-behinekoak izango direla
Taldeak egindako inkestaren arabera, hurrengo seihilekoan eraginak nabarituko dira, baina kaleratzeak ez dira ugarituko.
Ekonomisten Elkargoak uste du krisiaren ondorioak behin-behinekoak izango direla. Taldeak egindako inkestaren arabera, hurrengo seihilekoan eraginak nabarituko dira, baina kaleratzeak ez dira ugarituko.
Ekonometroaren, hau da, Ekonomisten Euskal Elkargoak sei hilean behin egiten duen inkestaren arabera, Euskal Herriko egoera ekonomikoak okerrera egingo du, eta denbora beharko da lehengoratzeko, baina ondorioak «behin-behinean» nabarituko dira. Hala, ekonomista gehienek uste dute eragina txikia izango dela, enpresak «erraz» egokituko direla egoerara, eta eutsi egingo diotela langile kopuruari. Inkestatuen % 25ek uste dute kaleratzeak egongo direla, hurrengo seihilekoan bereziki, eta balitekeela lau langiletik bat gelditzea lanik gabe. Administrazioek pandemiaren krisialdiari aurre egiteko hartutako neurrien artean, ekonomistek uste dute enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak izan direla eraginkorrenak; bigarren postuan eta tarte handiarekin, abalak eta finantzaketa lineak; eta, jarraian, zerga batzuen etetea. Itxialdiak berekin ekarri du enpresetan ezohiko hainbat neurri hartzera: digitalizazioarekin loturikoak, bereziki. Online fakturazioa izan da horietako bat: parte hartzaile gehienek (%60k) aitortu dute beren enpresetan ezin izan dutela tresna hori erabili. Telelanari buruz, berriz, lautik hiruk baieztatu dute beren enpresan ezarri dela. Euskal ekonomiaren lehiakortasunari gehien eragiten dioten faktoreak ere aztertu dituzte, eta hauek azpimarratu dituzte, hurrenez hurren: I+G+b, kontsumo maila eta langabezia. Azken lekuetan azaltzen dira energiaren prezioa eta iruzurra, eta langileen prestakuntzak ere garrantzia galdu du beste inkesta batzuekin alderatuta.
2020-7-23
https://www.berria.eus/albisteak/184716/praktiketako-kontratuak-kentzeko-eskatu-dute.htm
Ekonomia
Praktiketako kontratuak kentzeko eskatu dute
Iseak fundazioaren arabera, ez dute lan merkatuan sartzeko helburua lortzen. Adietuk proposatu dute sei hilabeteko probaldia duen kontratu mugagabe batekin ordezkatzea.
Praktiketako kontratuak kentzeko eskatu dute. Iseak fundazioaren arabera, ez dute lan merkatuan sartzeko helburua lortzen. Adietuk proposatu dute sei hilabeteko probaldia duen kontratu mugagabe batekin ordezkatzea.
Sara de la Rica EHUko Ekonomia katedradunak zuzentzen duen Iseak fundazioak proposatu du praktiketako kontratua kentzea, ez direlako bete sortu zeneko helburuak: lan merkatuan sartzeko palanka gisa jardutea eta gazteen kontratazio egonkorra bultzatzea. «Praktikaldiko kontratuak ez du enpresaren egonkortasuna sustatzen; kontratu modalitate hori sinatzen duten gazteek aukera gutxiago dituzte enpresan geratzeko hiru hilabete baino gehiagoko aldi baterako kontratuak sinatzen dituztenek baino», dio fundazioak komunikabideetara bidalitako oharra. Ikerketaren egileek proposatu dute kontratu mota hori ezabatzea eta sei hilabeteko probaldia duen kontratu mugagabe batekin ordezkatzea. Azterketaren arabera, praktiketako kontratu bat sinatzen duten gazteen %73k lan egin izan dute aurretik, eta, batez beste, urte eta erdiko lan esperientzia dute. Gainera, % 10ek praktikak egin zituzten enpresa berean lan egin zuten aurretik. Azterlanean nabarmentzen denez, praktiketan zeuden bi langiletik batek ez du kontratua amaitzen. Iseaken arabera, ondorioa da praktiketako gazte batek probabilitate txikiagoa duela enpresan jarraitzeko hiru hilabete baino gehiagoko aldi baterako kontratu estandar bat duenak baino, eta kontratu mugagabe bat sinatzeko duen probabilitatea «nabarmen» txikiagoa da. Kasu horretan, salbuespena dira beste enpresa batetik datozenak: kontratu mugagabea lortzeko probabilitatea handiagoa dute praktikaldiko kontratu batetik datozenak aldi baterako kontratu batetik datozenak baino.