date
stringdate
2012-09-20 00:00:00
2023-12-01 00:00:00
url
stringlengths
47
182
category
stringclasses
10 values
title
stringlengths
3
140
subtitle
stringlengths
0
1.17k
summary
stringlengths
5
1.18k
text
stringlengths
2
35.8k
2023-10-13
https://www.berria.eus/albisteak/233918/julio-ibarrak-podcast-bat-aurkeztuko-du-eitbrentzat-astelehenetik-aurrera.htm
Bizigiro
Julio Ibarrak podcast bat aurkeztuko du EITBrentzat astelehenetik aurrera
Ordu erdiko elkarrizketak egingo ditu kazetariak. EITB Podkast atarian izango da entzungai. Estoy aquí du izena saioak.
Julio Ibarrak podcast bat aurkeztuko du EITBrentzat astelehenetik aurrera. Ordu erdiko elkarrizketak egingo ditu kazetariak. EITB Podkast atarian izango da entzungai. Estoy aquí du izena saioak.
«Atzo esaten genuen moduan, gabon guztioi eta ongi etorri Teleberri-ra. Bai, halaxe da, Julio Ibarra naiz, eta hori zen nire aurkezpena urte askoan zuen etxean sartzen nintzenean. Nire etxea izan dena, orain ere badena eta izango denera itzuli naiz: EITBra. Orain podcast bat aurkeztuko dizuet. Atzo publizitatera joan nintzen tartetxo baterako, eta hemen nago». Julio Ibarraren (Bilbo, 1965) hitz horiek entzun daitezke —gaztelaniaz— Estoy aquí podcast berriaren iragarkian, EITB Podcast atarian. Eta atari horretan entzun ahalko da elkarrizketa podcasta datorren astelehenetik aurrera. Ordu erdiko zortzi elkarrizketa izango dira, eta astelehenero sareratuko dituzte. Ohiko audio plataformetan ere entzun ahalko dira. Publizitatera joan den tartetxo hori, ordea, ez da hain laburra izan. Ibarrak 2007. urtean utzi zion Teleberri aurkezteari; aurretik, hogei urte egin zituen kazetariak Radio Euskadiko zein Euskadi Irratiko albistegietan, baita ETBko albistegietan ere. Teleberri-ko editore eta aurkezle zela, urte gogorrak egokitu zitzaizkion, eta ez zituen kritika gutxi jaso bere lanagatik. 2007an Metro Bilbaora joan zen Ibarra lan egitera, han egin zituen lauzpabost urte. Azkeneko urteetan, berriz, kazetaritzarekin zuzeneko loturarik ez duten bestelako lan batzuetan aritu da. Errepidean istripu larri bat izan zuen Ibarrak. Horren eraginez, eskuetan hamabi ebakuntza egin dizkiote. Hala kontatu zuen ETB2ko El Club del Tupper saioan. «Solasean, patxadaz» Estoy aquí podcasteko elkarrizketek «estilo atsegina» izango dutela iragarri du Ibarrak. «Ezagunen arteko solasaldi gertuko bat izango da atal bakoitza», gaineratu du. Gaztelaniaz izango dira. Iraganaren ikuspegitik ariko dira solasaldi horietan, «patxadaz», baina «etorkizunari begira» ere bai. Oroimenerako, kritikarako eta hausnarketarako tokia egiten saiatuko dira elkarrizketetan. New Digital Media Euskadi ekoiztetxeak ekoitzi ditu podcasteko zortzi atalak —ekoiztetxe horrek egiten du Biba zuek! magazina ETB1entzat—. Estoy aquí podcasteko lehen elkarrizketatua Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu ohia izango da —hainbat urtez PSE-EEko kidea izan zen, eta azkeneko hauteskundeetan EH Bildurentzat eskatu zuen botoa—. Joseba Azkarraga Sareko bozeramailea izango da politika arloko beste elkarrizketatua. Komunikazioaren munduarekin lotuta, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendari ohia eta Ana Urrutia ETBko aurkezle ohia elkarrizketatuko ditu Ibarrak; kultur arloko solasaldiak Lucia Lakarra dantzariarekin eta Aiora Renteria musikariarekin izango dira; eta kirol arlokoak, Bittor Alkiza futbolari ohi eta entrenatzailearekin eta Maider Unda borroka libreko kirolariarekin.
2023-10-13
https://www.berria.eus/albisteak/233919/kontzertua-guretzako-historikoa-izan-da-amets-bat.htm
Bizigiro
«Kontzertua guretzako historikoa izan da; amets bat»
Liverpooleko The Cavern aretoan jo duen lehen euskal taldea izan da Kristonak. Aretoaren «historiaren parte» izan direla sentitu dute taldekideek. Euskal Herritik eurak ikustera joan zen jendea.
«Kontzertua guretzako historikoa izan da; amets bat». Liverpooleko The Cavern aretoan jo duen lehen euskal taldea izan da Kristonak. Aretoaren «historiaren parte» izan direla sentitu dute taldekideek. Euskal Herritik eurak ikustera joan zen jendea.
Rockzaleentzako toki ezaguna da Liverpoolgo The Cavern aretoa. Besteak beste, The Beatles taldeak hor eman zuen bere lehen kontzertua. Peio Artetxerentzat (Areatza, Bizkaia, 1990), areto hori Rockaren «santutegi» moduko bat da, eta, orain, esan dezake bertan jo duela bere taldearekin batera. Izan ere, Kristonak taldeak atzo jo zuen The Cavernen. 2020an jotzekoak ziren, eta pandemiak zapuztu zien plana. Hiru urteren ondoren, euren ametsa betetzea lortu du taldeak. Nola joan zen kontzertua? Oso ondo atera zen. Azkenean The Cavernen jotzeko aukera izan genuen. 2020tik genuen dena lotuta bertan jotzeko, baina, pandemiaren ondorioz, ezin izan ginen joan. Data atzeratzen joan ginen, pixkanaka, eta, azkenean, osteguneko data sortu zen. Oso urduri pasatu genuen egun guztia. Hala ere, guk asko disfrutatu genuen; oso berezia izan zen. Azken finean, kontzertu arrunt bat baino gehiago izan zen zuentzat. Bai. Guk talde moduan badugu eskarmentua kontzertuetan, hamabi urte daramatzagu oholtzetan, eta 200 kontzertu baino gehiago eman ditugu, horien ia %99 Euskal Herrian. Hona etortzea, amets bat betetzea izan da. Ez bakarrik amets bat, baita erronka bat ere. Ikertzen ibili gara, eta, guk dakigula behintzat, ez da ez Euskal Herriko talderik, ez euskaraz kantatzen duen talderik egon hemen kontzertu bat ematen. Gu lehenengoak izatea erronka bat eta sari bat izan da. The Beatles taldeak bere lehen kontzertua eman zuen leku berean jotzeko aukera izan duzue. Nola sentitu zineten bertan jotzean? The Cavernek bi areto ditu. Horietako bat The Beatlesen museo antzeko bat da. Taldearen bertsioak jotzen dira areto horretan. Bigarren aretoa kontzertuetarako dago prestatuta, eta bertan jo genuen guk. Ez bakarrik The Beatlesek, rock munduko talde askok jo dute hor. Oso talde garrantzitsuek jo dute, eta gu ere tartean egon gara. Aretoaren historiaren parte izan garela sentitu dugu. Zer-nolako publikoa zegoen? Jendeak gozatu al zuen? Euskaldun asko etorri ziren, eta Liverpoolgo jendea ere bazegoen. Euskal Herritik etorritako jendeak ahalegin bat egin zuen bertan egoteko, eta eskertzekoa da. Euskal Herriko edozein herritan jotzen dugunean beti ikusten dugun jendea dago, eta Liverpooleraino ere etorri ziren batzuk. Jendeak asko gozatu zuen, eta baita guk ere. Guretzako historikoa izan zen; amets bat. Baita publikoarentzat ere. Eskean Kristo taldea Kristonak bihurtu zen. Pandemia inflexio puntu bat izan zen zuentzat. Bai. Pandemian, taldeko kide bakoitza Euskal Herriko punta batean zegoen. Berriro entseatzen hasi ginenean, erabaki genuen aldaketa bat egitea, gu ere aldatu ginen eta. Bere garaian, Eskean Kristo izena behin-behinekoa zela erabaki genuen. Beti izan genuen buruan izena aldatzea, eta pandemiaren ondoren momentu egokia zela erabaki genuen. Gure neurrira egindako izen bat nahi genuen. Ez genuen aldaketa bat nahi, moldaketa bat baizik, gu garenetik gehiegi aldendu gabe. Izena aldatu duzue, baina taldearen esentzia berbera al da? Bai, zalantzarik gabe. Taldearen jarrera eta esentzia berberak dira. Orain dela 12 urte genuen gogo eta energia berbera dugu orain ere. Aldaketak, batez ere, arlo musikalean etorri dira; konposatzeko orduan. Gustu desberdinak izan ditugu, eta horrek eragina du sortzen den produktuan. Hala ere, gure ildoa beti izan da berbera: rock-and-rolla. Zuen kanta batek dioen bezala, bizirik zaudete orduan. Bai, hori da. Atzo jo genuen lehen kanta izan zen, eta diskoko lehen kanta ere bada. Mundu guztiari bizirik gaudela esateko modu bat izan da, baina bada aldarrikapen bat ere. Aldarrikapena dela diot, 12 urte igaro eta gero energiaz beteta gaudela esateko modu bat da, baita euskal rocka bizirik dagoela zabaltzeko modua ere. Hemendik aurrera zein da bidea? Baduzue kontzertu gehiagorik programaturik Kontzertuak ematen ibili gara orain arte, diskoa aurkezten. Kontzertu bakarra dugu lotuta oraingoz: azaroaren 11n, Zoilon [Arrankudiaga, Bizkaia]. Gure asmoa gauza berriak prestatzen jarraitzea da. Bestalde, urtero euskal gabon kanta baten bertsio bat kaleratzeko erronka hartu genuen iaz, eta aurten ere kaleratuko dugu bat. Rock estilora eramango dugu. Rock izar ezagunek gabon kanten bertsioen diskoak kaleratzen zituzten, AEBn batez ere. Guk ere gauza bera egingo dugu. LOTSABAKO Eszenatokira igo aurretik urduri al zeundeten? Apur bat bai; emozio nahasketa izan zen. Jotzera irten aurretik, baduzu maniarik? Ez bereziki. Kontzertuen aurretik, bostok elkarri besarkada bat ematen diogu.
2023-10-13
https://www.berria.eus/albisteak/233920/giroak-ibilbide-berritzailea-izango-du-2024an.htm
Kirola
Giroak ibilbide berritzailea izango du 2024an
Orekaren alde egin dute antolatzaileek: etapak, oro har, laburragoak eta leunagoak izango dira. Erlojuaren aurka 68 kilometro egingo dituzte, bi saiotan banatuta. Emakumezkoen proba ere RCS enpresak antolatuko du
Giroak ibilbide berritzailea izango du 2024an. Orekaren alde egin dute antolatzaileek: etapak, oro har, laburragoak eta leunagoak izango dira. Erlojuaren aurka 68 kilometro egingo dituzte, bi saiotan banatuta. Emakumezkoen proba ere RCS enpresak antolatuko du
Gogorra izango da datorren urteko Italiako Giroa; ez, ordea, ohi bezain malkartsua. Pizgarri baten beharra zuen lasterketak, mendiko etapa luzeetan ez baita ikuskizun handirik izan azken urteetan. Gainera, faboritoek indarrak gordetzeko hautua egin izan dute, gogortasuna azken astean egon baita metatuta. Horiek horrela, formulaz aldatu dute antolatzaileek datorren urtera begira: azken txanpa ez da horren bortitza izango, eta kontrara, hasierak ez du inor epel utziko. Erlojupekoak oso garrantzitsuak izango dira: 37 kilometroko saio bat jokatuko da lehen astean, eta 31 kilometroko beste bat etapen bigarren blokean. 200 kilometrotik gorako lau etapa jokatuko dira bakarrik. Ziklistek erasorako gogoz jardutea eta lasterketa irekiagoa izatea da antolatzaileen nahia. Gizonezkoen Giroa RCS Sport enpresak antolatzen du 2013az geroztik, eta emakumezkoena ere antolatuko du datorren urtetik aurrera. Gaur aurkeztu dituzte bi lasterketak, Trenton egin den ekitaldian, baina soilik gizonezkoen ibilbidearen berri eman dute. Emakumezkoek oraindik ez dakite zer-nolako etapak jokatuko dituzten; badakite, ordea, irabazleak zer sari izango duen: infinituaren zeinua irudikatzen duen trofeoa. Gizonezkoen tropela maiatzaren 4ean lotuko zaio lehiari, eta 42.900 metroko desnibel metatua gainditu beharko du, azken urteetan baino dezentez gutxiago: 52.000 metro inguru izan ziren iaz, 51.000 metro duela bi urte. Hala ere, Giroaren esentzia ez da guztiz galduko, eta lasterketa irabazi nahi duenak maldan gora ondo moldatu beharko du. Stelvio izango da mendaterik garaiena, baina ez du aparteko eraginik izango, 16. etaparen hasieran igoko baitute. Apaingarria izango da, mugarria baino gehiago. Mendaterik erabakigarrienak Prati di Tivo, Forcola di Livigno, Brocon eta Grappa izan daitezke. Guztira sei etapa bukatuko dira mendate batean. Erlojupekoek eta 6. etapako lurbideek ere ibilbidea mamituko dute. Historian laugarrenez, Giroa Piemonte eskualdean abiatuko da. Lehen etapak Venaria Reale eta Turin lotuko ditu, eta Superga izango da igoko duten mendateetako bat. Egun horretan 75 urte beteko dira Torino futbol taldeak Supergan hegazkin istripua izan zuenetik. Ezbeharra gogoratuko du Giroak, baina omenaldiez harago, lehiatzea egokituko zaie ziklistei, etapa bihurria izango baita. Biharamunean, lehen bukaera izango dute maldan gora: Oropako santutegian egongo da helmuga. Faboritoak, beraz, hasi orduko igoko dira taula gainera. Kontuz ibili beharko dute 6. etapan, hamabi kilometro lur gainean egingo dituztelako. Erlojupekoa jokatuko dute hurrengo egunean: 37 kilometro Foligno eta Perugia artean. Saio laua izango da oro har, baina bukaeran aldapa aurkituko dute. Bukaera are malkartsuagoa izango du hurrengo etapak, ziklistak Prati di Tivora igoko baitira. Igotzaileek lehen astean izango duten azterketa nagusia izango da. Atseden hartu, eta beste mendate gogor bat topatuko dute 10. etaparen amaieran: Cusano Mutri. Eta trantsiziozko hiru egunen ostean, ziklistek bizikleta adarduna hartuko dute berriro, 31 kilometroko bakarkako saioa osatzeko. Laua izango da erabat, diziplina horretako espezialistentzat aukerakoa. Biharamunean, beste etapa garrantzitsu bat: Aprica, Forcola di Livigno eta Mottolino kateatuko dituzte azken kilometroetan. Giroaren azken astea sufrikarioa izan ohi da ziklistentzat. Eskuarki, pare bat etapa bortitz jokatzen dira Dolomitetan. Haatik, azken txanpa arinagoa izango du 2024ko Giroak. 16. etapan Stelvio igoko dute, baina oso hasieran, eta ordekan kilometro asko egin ondoren, bukaeran Pinei eta Valgardena igoko dituzte jarraian. Gogorragoa izango da hurrengo etapa: bi aldiz igoko dute Brocon, aurrez beste lau mendate gainditu ondoren. 50eko hamarkadan igaro zen Giroa azkenekoz Broconetik. Grappara ere igoera bikoitza egingo dute azken-aurreko etapan. Igotzaileen arteko azken dema izango da. Maiatzaren 26an bukatuko da lasterketa, Erroman.
2023-10-13
https://www.berria.eus/albisteak/233921/louise-gluck-poeta-hil-da-80-urterekin.htm
Kultura
Louise Gluck poeta hil da, 80 urterekin
Louise Gluck poeta hil da, 80 urterekin.
Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) poeta entzutetsuenetako bat hil da: Louise Gluck. 80 urte zituen, eta 2020an berari eman zioten Literaturaren Nobel saria. Sari hori ez da lortu zuen bakarra: besteak beste, Book Critics Circle Award saria, Pulitzer saria eta AEBetako Liburuaren Sari Nagusia irabaziak zituen aurrez, Triumph of Achilles (1985), The Wild Iris (1993) eta Faithful and virtuous night (2014) poema bildumekin, hurrenez hurren. Ez zuen poesia bakarrik idatzi; Proofs and Theories saiakera sorta ere idatzi zuen, eta hainbat sari eskuratu zituen. Ameriketako Arte eta Letren Akademiako kidea zen, eta baita Poeta Amerikarren Akademiakoa ere. Nobel saria jasotzean, Glucken estiloa ezaugarritu duen araztasuna nabarmendu zuen epaimahaiak: «Haren poemetan, ni-ak bere ametsetatik eta ilusioetatik geratzen dena aditzen du, eta inork ezin du izan bera baino gogorragoa ni horren ilusioei aurre egiteko». Haurtzaroa eta senideekiko harremanak jorratu zituen maiz bere poemetan, eta mitoak eta motibo klasikoak ere baliatu zituen horretarako. Nobel saridunak euskarara ekartzea sustatzen duen Zaitegi bekari esker, Garazi Ugaldek Glucken Basairisa lana argitaratu zuen 2021ean, Elkar-ekin.
2023-10-13
https://www.berria.eus/albisteak/233922/batera-deseraikitzeko.htm
Gizartea
Batera (des)eraikitzeko
Euskal Herriko Neska* Gazteek antolatuta, Baterajotzea egiten ari dira asteburuan, Usurbilen. Azaroaren 30eko greba feminista orokorra izango dute ardatz nagusia
Batera (des)eraikitzeko. Euskal Herriko Neska* Gazteek antolatuta, Baterajotzea egiten ari dira asteburuan, Usurbilen. Azaroaren 30eko greba feminista orokorra izango dute ardatz nagusia
Ez dugu inolako eraso sexista, arrazista, sexu disidenteen aurkako eraso nahiz beste inolako erasorik onartuko. Hala zioen atzo Usurbilgo frontoiko (Gipuzkoa) ezkerparetak. Beste aldeko pankartak, berriz, hauxe: Autodefentsa feminista. Herrian zerbait egosten ari zen seinale. Hain zuzen, atzo hasi zen eta bihar amaituko da Euskal Herriko Neska* Gazteek antolatutako Baterajotzea, Usurbilen, Utopiak lehertzeraino lelopean. Ehunka feminista elkartzekoak dira, eta azaroaren 30eko greba feminista orokorra dute egunotako gogoetagai nagusietako bat. Lo zakuak, kanpadendak eta esterak ziren protagonistak atzo arratsaldean Usurbilgo kaleetan. Eta jendea. Ehunka feminista gazte. Baterajotzea hastear zen. Kaleek ere seinale zuten. Pankartak batean eta bestean: Gure iraultza feminista da aldarrikatzen zuen plazan jarritako batek; eta pilotaleku albokoak greba feministari egiten zion keinu: Neska* gazteok ez dugu sistema hau zainduko. Ehuntzeko eta jarraitzeko Antolaketa lanetan atzera eta aurrera zebilen Maider Barañano, Euskal Herriko Neska* Gazteak sareko kidea. Bi urtez behin egin ohi duten ekintza garrantzitsua iruditzen zaio. Batetik, Euskal Herriko taldeak saretzeko. Bestetik, aurrerantzean izango dituzten erronkak eta eginbeharrak zehazteko: «Erronka bada aurrera begira gure lan lerroak zeintzuk izango diren zehaztea, nondik egin nahi dugun pentsatzea». Gainera, Baterajotzea baliagarria dela iruditzen zaio «motibatzeko eta lanean jarraitzeko» ere. Azaroaren 30eko greba feministaren atarian antolatu dute. Barañanok azaldu duenez, Euskal Herriko Neska* Gazteak mugimendu feministaren parte dira, eta, hortaz, Baterajotzea baliatu nahi dute grebari egin diezaioketen ekarpena aztertzeko, «mugimendu feministak jarri duen erronkari» nola erantzun eztabaidatzeko. Uste dute beraiek ere eman diezaioketela grebari: «Greba hori antolatu behar da, greba hori aurrera atera behar da, eta aurrera atera behar da lantokietan, eta gure kasuan, ikastetxeetan, unibertsitateetan eta gu gauden leku horietan guztietan». Baina ez da izango landuko duten gai bakarra. Barañok esan du, adibidez, gero eta ugariagoak direla emakume gazteen eta beste kolektibo batzuen aurkako erasoak, eta, gainera, bizitzak garestitzen eta «prekarizatzen» ari direla, besteak beste. Hortaz, ekiteko beharra ikusten du: «Uste dugu antolakuntza bide bat dela. Utopietara iristeko alternatibak gaurtik pentsatu behar dira, proiektu konkretuetatik». Atzo hasi ziren jada.Neska* Gazteok Utopiak Lehertzeraino! mahai ingurua egin zuten. Lau talde feministatako kideak aritu ziren hizlari: Haziak-eko Nerea Zubizarreta, Intziriko Malen Letamendia, Kalamiak-eko Amaia Bosque eta Iruñerriako Amaiur Arguiñena. Bakoitza beretik aritu zen, bere herritik nahiz auzotik, baina guztiak batzen dituzten gaiak izan zituzten hizpide: erasoen aurkako protokoloak, mugimendu feministaren «kriminalizazioa», feministen babes sareak, erakundeen oztopoak... Gaurko eta biharko egitaraua ere prest dute Usurbilen. Gaur, 10:00etan, subjektuaren inguruan eztabaidan arituko dira mahai inguru batean. Segidan, zenbait tailer eta hitzaldi egongo dira aukeran, eta bazkaldu egingo dute eguerdian. 16:00etan, mahai inguru zentrala izango dute azaroaren 30eko greba feminista orokorrari buruz, eta 18:30ean, mobilizazioa egingo dute. Eguna amaitzeko, afaria eta kontzertuak egongo dira.
2023-10-13
https://www.berria.eus/albisteak/233923/iak-eta-gksk-ehunka-gazte-elkartu-dituzte-topagune-sozialistan.htm
Politika
IAk eta GKSk ehunka gazte elkartu dituzte Topagune Sozialistan
«Debekuen» gainetik egitasmoa aurrera atera izana nabarmendu dute antolatzaileek. Atarrabian manifestazio bat egingo dute bihar eguerdian.
IAk eta GKSk ehunka gazte elkartu dituzte Topagune Sozialistan. «Debekuen» gainetik egitasmoa aurrera atera izana nabarmendu dute antolatzaileek. Atarrabian manifestazio bat egingo dute bihar eguerdian.
Ehunka gaztek bat egin dute Gazte Koordinakunde Sozialistak eta Ikasle Abertzaleek antolatutako Gazte Topagune Sozialistarekin. Burlatan (Nafarroa) ekin diote egitasmoari, eta larunbatean amaituko dute, Atarrabian (Nafarroa). «EH Bilduk jarritako debekuen gainetik aurrera egin, eta Topagune Sozialista gure kabuz antolatu dugu», adierazi zuten atzo antolatzaileek. Gazte andana bildu zen Burlatako gaztetxe inguruan bazkalosterako, eta hala hasiera eman topaguneari. Gazteek arratsaldean ekin zieten lehen ekintzei, hitzaldi sorta batekin. Hiru gunetan banatuta —Burlatako plaza, Atarrabiakoa eta udalerri artako Atargi ikastetxea—, hizpide izan zituzten gazte eta ikasle langileek «sozialismoaren eraikuntzarako» bidean dituzten erronkak, militantzia komunistaren nolakotasuna eta egungo «koiuntura historikoa eta Mugimendu Sozialistaren erronkak», ziklo politikoa aldatzekoa ari den garaiotan. Iluntzean, berriz, palestinarrei elkartasuna adieraztearekin batera, manifestazio bat egin zuten herrigunean, Topagune Sozialistari debekurik ez! Gazte langileon aurkako jazarpenari aurre egin! lelopean. Hala, oro har gazteek jasaten duten jazarpena eta, zehazki, topagunea antolatzeko zailtasunak salatu zituzten. Izan ere, GKSk eta IAk urriaren 11tik 16ra bitarteko egitarau bat aurkeztu zuten uztailean, baina ez zuten Atarrabiako eta Burlatako udalen baimenik jaso horretarako. GKSk eta IAk azaldu zuten udalen «ahozko baimena» zutela horretarako, eta EH Bilduri eta Sorturi egotzi zieten topagunea «debekatu» eta herritarrak «mugimendu sozialistako kideen aurka» jarri nahi izatea. Kontrara, Atarrabiako Udalak argudiatu zuen bizilagunekin adostua duela urtean jaialdi bakarra egitea (Hatortxu Rock), eta bi eragileek euren baimenik gabe aurkeztu zutela topagunea. Hori ikusita, GKSk eta IAk egitasmoa Atarrabian eta Burlatan egiteko asmoari eutsi diote, baina egitarau berri batekin. Urriaren 3an aurkeztu zuten, herritarren «egunerokotasuna ez oztopatzeko» konpromisoa azalduz eta egitarauaren «izaera politikoa» nabarmenduz. Haien esanetan, Gazte Topagune Sozialista ez da «festarako makrojaialdi» bat, gazteek «kontzientzia politikoa pizteko eta pentsamendu kritikoa sustatzeko elkargune bat» baizik. Izan ere, Topagune Sozialistaren lehen aurkezpena egitean, uztailean, IAk eta GKSk adierazi zuten Gazte Topagune Sozialistaren helburua dela «sozialismoaren kultura politikoa jasotzea, sakontzea eta hedatzea». Hori ezinbestekotzat jo zuten gazte langileak «alternatiba sozialista indartsu eta eguneratu baten zutabe» bilakatzeko. Gazteria langilea Gaur eguerdian, Gazteria langilea Estatu Sozialista eraikitzen! lelopean mobilizatuko dira GKS eta IA, Atarrabian. Bazkariaren txanda izango da ondoren, eta Totem aretoan antolatutako kontzertu saioarekin amaituko dute egitaraua, 17:00etan. Atzo, Iruinyard Sound eta Z-erua & L'kano taldeak arduratu ziren Burlatan musika sortzeaz, eta, gaur arratsaldean, Toc, Merina Gris, Haustura showcase, Elio Toffana, Ill Pekeño & Ergo Pro eta Raimundo el Canastero taldeen txanda izango da. Horiek ikusteko sarrerak jada bukatuta daude. Gazte Koordinakunde Sozialistak eta Ikasle Abertzaleek antolatzen dituzten egitasmoen artean, topagunea da nagusia, eta aurtengoa hirugarrengoa izango da. Aurreko bi aldietan, Altsasun (Nafarroa) eta Durangon (Bizkaia) elkartu ziren parte hartzaileak; 2021ean eta 2022an, hurrenez hurren. Lehena bost egunekoa izan zen, eta bigarrena, laukoa.
2023-10-14
https://www.berria.eus/albisteak/233952/israelek-esan-du-gazari-lehorrez-itsasoz-eta-airez-eraso-egiteko-prestatzen-ari-dela.htm
Mundua
Israelek esan du Gazari «lehorrez, itsasoz eta airez» eraso egiteko prestatzen ari dela
Netanyahuk bisita egin die Gazako mugan dauden lurreko tropei, eta galdetu die ea «hurrengo faserako prest» dauden. Gazaren aurkako erasoak «berehala eteteko» esan dio Irango Atzerri ministroak Israeli, «beranduegi izan baino lehen». Gazan laster ur edangarririk gabe geldituko direla ohartarazi du UNRWAk.
Israelek esan du Gazari «lehorrez, itsasoz eta airez» eraso egiteko prestatzen ari dela. Netanyahuk bisita egin die Gazako mugan dauden lurreko tropei, eta galdetu die ea «hurrengo faserako prest» dauden. Gazaren aurkako erasoak «berehala eteteko» esan dio Irango Atzerri ministroak Israeli, «beranduegi izan baino lehen». Gazan laster ur edangarririk gabe geldituko direla ohartarazi du UNRWAk.
«Prest zaudete hurrengo faserako?». Horixe Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk Gazako mugan dauden lurrerako tropei egindako galdera, Israelek Gaza iparraldeko biztanleei hegoaldera joateko emandako epea bukatu eta gutxira. Dagoeneko agerikoa zena berretsi du gero Israelgo armadak: Gazari «lehorrez, airez eta itsasoz» eraso egiteko prestatzen ari dela. Lehorreko ofentsiba bat hasiko duela edozein unetan, alegia. Mehatxu hori ikusirik, ordea, irmo agertu da Hamaseko adar politikoko lider Ismail Haniyeh. «Gazako herritarrak beren lurraldean geldituko dira. Ez dute inoiz Gaza utziko edo ihes egingo», adierazi du telebistan egindako agerraldi batean. Israeli «genozidio bat» egitea leporatu dio, eta nabarmendu du ez dela hori bakarrik egiten ari, «AEB Ameriketako Estatu Batuen eta Europako zenbait herrialderen laguntzarekin» baizik. Israelek lurreko operazioaren berri eman ondoren, dozenaka mila palestinarrek babes bila jo dute ospitaleetara. Israelek iragarritako asmoei ere erantzun die Iranek. «Beranduegi izan baino lehen», Gazaren aurkako gerra krimenak eteteko aholkatu dio Tel Avivi Irango Atzerri ministro Hossein Amir-Abdollahianek, eta ohartarazi dio erasoekin jarraituz gero, Ekialde Hurbileko beste eremu batzuetara zabaldu litekeela gatazka. Bereziki, Hezbollah milizia gerran sartuz gero horrek Israelentzat izan ditzakeen kalteen inguruan ohartarazi du. Israelek Gazan lurreko ofentsiba bat egiteko arriskua presente egon da joan den larunbatean gatazka hasi zenetik. Horren adierazle nabarmenena izan zen atzo Israelek Gaza iparraldeko biztanleei emandako ultimatuma. Hasieran, gaur goizaldera arteko epea eman zien beren etxeak utzi, eta hegoaldera joateko. Gero, 16:00ak arte luzatu dute epe hori. Milaka batzuek lortu dute hegoaldera ihes egitea, baina beste asko, ia gehienak, han geratu dira. Besteak beste, ospitaleetako langileak izan dira Gaza iparraldetik joateari uko egin dioten batzuk. Izan ere, salatu dute ehunka zauriturentzat «ezinezkoa» litzatekeela hegoalderako bidaia egitea, argudiatuta «osasunez oso larri» daudela. Ez da nolanahikoa Gaza iparraldetik hegoaldera egin beharreko bidea, Israelek Gaza bonbardatzen jarraitu baitu, eta asko hil ditu bidean. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 2.215 palestinar hil eta 8.100 zauritu ditu Israelek. Tel Aviven arabera, berriz, 1.300 lagunetik gora hil eta 3.000 zauritu dituzte palestinarrek. Betetzen ezinezkoa den eskaera bat Ultimatumari berehala erantzun dio nazioarteak, bai atzo, bai gaur. Horietako bat izan da EB Europako Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrell: «Uste izatea milioi bat pertsona 24 orduan mugi ditzakezula gerra egoeran, elikagairik, urik edo aterperik gabeko gune batera, setiopean, izugarri arriskutsua da eta praktikoki ezinezkoa». Israeli sostengua berriro adierazi dion arren, nabarmendu du Israelek defendatzeko duen eskubideak «muga bat» duela eta muga hori «nazioarteko legea» dela. Nazioarteko diplomaziako beste ahots batzuk gogorragoak izan dira Israelekin. Esaterako, populazio bat bizitokiz mugitzera behartzea «gerra krimena» dela esan du Jan Egeland Norvegiako Atzerri ministro ohiak, Genevako konbentzioa oinarri hartuta. Hain justu, palestinarren eta israeldarren arteko Osloko bake akordioen sustatzaileetako bat izan zen Egeland. «Umo mordo bat dago hondakinen azpian, eta inork ezin ditu atera... dozenaka mila etxebizitza suntsituta...». Gerra eremutik gertuago, Ekialde Hurbilean, hizpide izan dute Israelek agindutako lekualdatzea ere. Egiptok, Jordaniak, Qatarrek eta Iranek aho batez gaitzetsi dute Tel Aviven agindua. «Garrantzitsua da palestinarrak beren lurrean geratzea», esan du Egiptoko presidente Abdel Fattah el-Sisik. Jordaniako errege Abdullah II.a, berriz, lekualdatze horrek Ekialde Hurbileko mapa geopolitikoari nola eragingo liokeen ohartarazi du: «Ezinbestekoa da behartutako lekualdatzeari aurre egitea eta hori etetea, errefuxiatuen krisi bat inguruko herrialdeetara ez hedatzeko». Herrialde horretako Atzerri ministro Ayman Safadik, berriz, Israelek Gazako 2,3 milioi palestinarri ezarritako «zigor kolektiboa» gaitzetsi du. Baliabiderik gabe geratzeko zorian «Denbora agortzen» ari zaie Gazako haurrei, NBE Nazio Batuen Erakundearen haurrentzako Unicef erakundeak ohartarazi duenez. Haurrei, eta, oro har, Gazatik atera ezinik dauden guztiei. Astelehenean Israelek Gaza erabat setiatu ondoren, gero eta baliabide gutxiago geratzen zaizkie hango biztanleei. Asteazkenean agortu zen argindarra, Gazako zentral elektrikoa erregairik gabe gelditu zenean. Orain, urik gabe gelditzearen arriskuren berri eman du UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak. «Hil edo biziko kontua bihurtu da. Baliabideak bidali behar dituzte Gazara, berehala, ez da eskaera bat, betebehar bat da», esan du erakundeko kide Philippe Lazzarinik. Asteon behin eta berriz eskatu diote gauza bera nazioarteari, hau da, Gazara lehenbailehen giza laguntza bidaltzea. Bada, Joe Biden AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak baieztatu du horretarako «elkarlanean» ari direla AEBak, Israel, Jordania, Egipto eta NBE. Hori bai, giza laguntza bidaliko badute, eta korridore humanitario bat irekiko badute, «ezinbestekoa da» Israelek erasoak etetea, edo bi aldeek «su eten bat» negoziatzea. Izan ere, txoko bat bera ere ez dago «arriskutik salbu» Gazan. «Gerrek arauak dituzte. Zibilak, ospitaleak, eskolak, klinikak eta NBEk kudeatzen dituen eraikinak ezin dira helburu militarrak izan». Edonola ere, erakundearen egoitzak ere jada ez direla «espazio seguruak» esan du UNRWAk. Gatazka hasi zenetik Israelen aldera lerratu den arren, Europako Batzordeak esan du hirukoiztu egingo duela Gazara bidaliko duten giza laguntza. Denera, 75 milioi euro kostatuko da, aurreikusi baino 50 milioi euro gehiago. «NBErekin elkarlanean jarraituko dugu laguntza hau Gazan dauden guztiengana iristen dela ziurtatzeko», azaldu du batzordeko presidente Ursula von der Leyenek. Fronteetan, borrokak ez du etenik Israelek agindua eman zuenetik, Gaza iparraldean izan da erdigunean. Halere, bi aldeen arteko bonbardaketek ez dute etenik izan, ez Gazako mugako frontean, ezta Israelen eta Libanoren arteko frontean ere. Azken eremu horretan giroa nabarmen gaiztotu da azken orduetan. Hezbollah miliziak eta Israelgo armadak baieztatu dute bi aldeen arteko erasoak izaten ari direla goizetik. Hain justu, Libanoko talde armatuak atzo ohartarazi zuen «une egokia denean, eta beren irizpideen arabera» eraso egingo ziola Israeli. Bestalde, Israelgo armadako bozeramaile Daniel Hagarik esan du «hil» egingo dutela Libanoko mugatik Israelera sartzen saiatzen den «oro». Gaineratu du Israelgo armada «prest» dagoela edozein frontetako erasoei erantzuteko. Gazako milizia palestinarren eta Israelen arteko borrokei dagokienez, berriz, Hamaseko komandante Ali Qadi hil duela jakinarazi du Israelek. Haien arabera, hark gidatu zuen larunbateko erasoaldia. Hamasek, ordea, ez du horren inguruko adierazpenik egin. Eta Gazatik zenbait kilometro ekialdera, Zisjordanian, beste forma bat hartzen ari da gerra. Larunbatetik hona, 400 palestinar baino gehiago atxilotu ditu Israelgo Poliziak, eta 53 palestinar inguru hil dituzte han —kolonoen eta palestinarren arteko borroketan, gehienak—. Addameer presoen eskubideen aldeko elkarteak ohartarazi zuenez, palestinarrak bakartuta dauzkate kartzeletan.
2023-10-14
https://www.berria.eus/albisteak/233953/aborigenak-konstituzioan-aitortzearen-kontra-bozkatu-dute-australiarrek.htm
Mundua
Aborigenak konstituzioan aitortzearen kontra bozkatu dute australiarrek
Erreferendumean ezetzak irabazi du herrialdeko sei estatuetan.
Aborigenak konstituzioan aitortzearen kontra bozkatu dute australiarrek. Erreferendumean ezetzak irabazi du herrialdeko sei estatuetan.
«Nahi duzu lege proposamen bat onartzea, Australiako jatorrizko herriak konstituzioan aitortzeko, eta horiek parlamentuan aholkularitza talde bat izateko?». Galdera horri baietz edo ezetz esateko erreferenduma egin dute gaur 17 milioi australiarrek. Inoizko parte hartzerik handiena izan da gaurko galdeketan, hots, herritarren %97,7k eman dute boza —aintzat hartu behar da Australian derrigorrezkoa dela erreferendumetan parte hartzea–. Proposamenak aurrera egiteko, bi baldintza hauek bete behar ziren: herrialde osoan baiezkoa gailentzea, eta gutxienez sei estatutik lautan baiezkoak irabaztea. Oraindik daturik eman ez badute ere, porrot egin du proposamenak, ezetza izan baita nagusi estatu guztietan. Herrialdea batzeko ariketa gisa aurkeztu zuen galdeketa lehen ministro Anthony Albanesek, iragan martxoan. Geroztik, kanpainan murgilduta izan dira bi aldeak. Halere, hainbat talde aborigenek ere ezetz bozkatzeko eskatu dute hilabeteotan. «Galdeketaren oinarria bera bortitza eta iraingarria da. Gure lurrak lapurtu dituzte bozkatuko duten herritar ia guztien arbasoek. Lapurtu, eta horien kontura aberastu», esan zuen aurrekoan Gunaikurnai eta Wotjobaluk komunitate aborigenetako kide Ben Abbatangelo kazetariak. Aborigenen eta Torres Itsasarteko Irletako Herritarren Ahotsa deitu nahi zioten aborigenek Australiako Parlamentuan izango luketen taldeari. Delako talde horrek aholkuak emango zituen aborigenei buruzko aferetan, baina haren ebazpenak ez ziren lotesleak izango. Gainera, proposamenak aurrera egitekotan ere, gobernuak bost urteko epea izango luke talde hori eratzeko, eta, oraindik, ez zegoen argi ez nork ez zenbatek osatuko luketen. Galdeketak bitan zatitu du herrialdea: batetik, proposamena «historikotzat» eta aborigenen eskubideen aldeko «sekulako aurrerapausotzat» zuten kanpainaren aldekoek; bestetik, «azalekoegia, faltsua eta inolako fundamenturik gabekoa» zela iritzi zioten kontra egin zuten askok. Aspaldiko eskaera Galdeketak Bihotzetik Egindako Uluruko Adierazpena du oinarri. 2017ko maiatzean 250 lider indigenatik gora bildu ziren Uluru hareharrizko haitzean —leku sakratua da aborigenentzat, eta Gizateriaren Ondare 1987tik—. Bilkura hartatik sortu zuten dokumentuan eskatu zuten indigenek osatutako talde bat aitortzeko Australiako Konstituzioan. Izan ere, gaur-gaurkoz, lurraldeko jatorrizko herriekin akordio ofizialik ez duen Commonwealtheko herrialde bakarra da Australia. Estatuko biztanleen %3,2 dira aborigenak, hau da, europarrak heldu aurretik herrialdea populatzen zutenen ondorengoak. Gobernuak egindako zenbait inkestaren arabera, gainontzeko herritarrek baino heriotza eta pobrezia tasa handiagoak dituzte.
2023-10-14
https://www.berria.eus/albisteak/233954/julen-martinez-de-estibariz-eta-ane-zabala-garaile-hiru-haundiak-proban.htm
albisteak
Julen Martinez de Estibariz eta Ane Zabala garaile Hiru Haundiak proban
Gizonezkoetan, korrikalari gasteiztarrak 10 ordu, 44 minutu eta 48 segundo behar izan ditu Gorbeia, Anboto eta Aizkorri gailurretara igo eta 101 km-ak osatzeko, duela bi urte irabazi zuenean baino ia ordu erdi gutxiago. Emakumezkoetan, lasterkari arrasatearrak 14 ordu eta erdian osatu du proba.
Julen Martinez de Estibariz eta Ane Zabala garaile Hiru Haundiak proban. Gizonezkoetan, korrikalari gasteiztarrak 10 ordu, 44 minutu eta 48 segundo behar izan ditu Gorbeia, Anboto eta Aizkorri gailurretara igo eta 101 km-ak osatzeko, duela bi urte irabazi zuenean baino ia ordu erdi gutxiago. Emakumezkoetan, lasterkari arrasatearrak 14 ordu eta erdian osatu du proba.
Euria zegoen iragarrita, baina tanta lotsati bakan batzuk gorabehera Murgiatik (Araba) abiatu diren 1.000 partaideek ateri eta lasterka egiteko eguraldi nahiko ona izan dute, aurreko egunetako berorik gabe, haize leuna eta zorua lehor. Ingurune teknikoenetan ere, Anbotoko gailurrerian eta Aizkorrikoan, harkaiztiak lehor izan dituzte partaideek, eta eskertu dute, probak baduelako bestela ere nahikoa gogortasun (101 km eta 10.200 metroko goranzko desnibela). Nolanahi ere, larrialdi zerbitzuek partaide bat erreskatatu behar izan dute Anboton, eta helikopteroz eraman behar izan dute ospitalera. Emakumezkoetan, Ane Zabala (Arrasate, 1973) izan da irabazle. Besaide taldeko kideak 14 ordu, 30 minutu eta 2 segundo behar izan ditu proba osatzeko. Bigarren, Aida Delgado araiarra (Araba) izan da, ordu erdi pasatxora eta hirugarren Xari Adrian castellotarra (Herrialde Katalanak), 35 minutura. Zabalak maila absolutuan eta beteranoetan, bietan irabazi du. Zabalak lehen ultra edo lasterketa luzea zuen Hiru Haundiak, eta, ondorioz, zuhur jokatu du hasieratik. «Joan naiz denbora guztia sentsazioak neurtzen; izan ere, ez nekien gorputzak nola erantzungo zuen, janariarekin ere ni ez naiz gelak eta hartzekoa, eta, beraz, beldur handiarekin etorri naiz». Gorbeia tontorrerako, ordea, lasterketaren buruan zen, eta jendea hasi zaio esaten aurrena zihoala. «Hasieran ezustekoa hartu dut, baina gero berdin jarraitu dut; niretzat garrantzitsuena zen une oro sentsazio onekin joatea. Ez naiz atzetik nor zetorren edo zenbatera zetorren begira egon. Nire helburua zen bukatzea eta ondo bukatzea». Ane Zabala Araian lehena helmugaratzen. Hiru Haundiak Aspalditik zuen Zabalak Hiru Haundiak egiteko gogoa. «Pandemiaren urtean eman nuen izena, baina bertan behera geratu zen, eta penarekin geratu nintzen. Ondorioz, gogoa nuen noizbait egiteko. Gaur, hasieran lagun batekin nentorren, baina erori egin da, eta Ubiden geratu da. Egia esanda, nik betidanik egin dut kirola. Agian, ordu gehiago sartu ditut honetarako, baina denbora gehiegi ere ez dut izan prestatzeko. Ahal dudana egin dut. Gogorrena erroten inguru hori izan da. Luze egiten da zati hori, batez ere bakarrik joanda. Azkeneko jaitsiera ere, jada kargatuta zatoz, eta gogoz zaude bukatzeko. Niretzat, txapela edo erronka bukatzea baino gehiago, jendearekin gozatzea izan da ederrena. Hau ikustea zoragarria da niretzat, bai irabazle izanda bai hamaikagarren izanda». Lehendik ere hainbat lasterketa motz irabazitakoa da Zabala, besteak beste Arrasate-Udalatx edota Ahuntzen lasterketa, eta lehen ultra honetan ere ikusi du gorputzak ondo erantzuten diola. «Gehiago izango diren? Ez dakit. Horrelako proba bat egiteko luzeago entrenatu behar duzu, eta horrek beste gauza batzuk alde batera uztea eskatzen du. Ikusiko dugu. Gaurkoan asko gozatu dut, eta aurrera begira ez dakit, oraingoz ez daukat ezer buruan». Martinez de Estibariz, 11 orduz azpitik Gizonezkoetan, Julen Martinez de Estibariz (Gasteiz, 1984) izan da Hiru Handiak probaren 23. ekitaldiko irabazlea: Murgiatik gauerdiko 00:00etan atera, Gorbeia, Anboto eta Aizkorri igo eta 101 kilometroak osatu ondoren, 10 ordu 44 minutu eta 48 segundoren buruan iritsi da Araiako (Araba) helmugara. Aurreko aldian ere, duela bi urte, Martinez de Estibariz bera izan zen irabazle; orduko hartan 11 ordu, 13 minutu eta 30 segundo behar izan zituen proba osatzeko. Oraingoan, beraz, ordu erdian hobetu du aurreko marka. Proba hasi eta lasterrera, Martinez de Estibariz gasteiztarrak eta Alvaro Ramos salamancarrak (Espainia) hartu dute aurrea. Otxandio eta Urkiola artean, korrikarako baso eta eremu nahiko garbian, Ramosek erritmoa bizitu eta bakarrik jo du aurrera. Gasteiztarrak helmugan aitortu duenez, horixe izan da probako unerik zailena: «Zalantza izan dut neure burua pixka bat behartu eta hari jarraitu, baina hanka pixka bat altxatzea erabaki dut, eta bera aurretik joan da. Pazientzia izan dut, nik nire erritmoan eta nire planarekin jarraitu dut, eta gero harrapatu egin dut». Ondoren, berriro ere elkarrekin joan dira 80. kilometroraino. Hor, Ramos atzean geratzen hasi da, oin zolan zuen zauriak sortutako minaren ondorioz. Azken 20 kilometroak bakarrik egin ditu Martinez de Estibarizek, entrenamendu saio luzeetatik ondo baino hobeto ezagutzen duen ingurunean, eta 11 orduren azpitik gurutzatu du helmuga. Ia 12 minutura heldu da Alvaro Ramos. Hirugarren, herrikideen txalo beroen artean, Carlos Jimenez araiarra helmugaratu da, semea besoetan zuela, nekatuta baina pozarren. Helmugan adierazi duenez, duela bi urte «garaipenaren presioa gainetik kenduta», oraingo honetan denbora hobetzea zuen helburu Martinez de Estibarizek: «Ea noraino irits nintekeen edo zer denbora egin nezakeen ikusi nahi nuen aurten. Ibilbide guztia Alvaro Ramosekin egin dut, batera joan gara kilometro pila batean, bera ziztu bizian joan da hainbat tartetan, eta, beraz, hari esker lortu dut, neurri handi batean, helmugan egin dudan denbora». Sailkapenak Gizonezkoak 1.- Julen Martinez de Estibariz 10.44.48 2.- Alvaro Ramos 10.56.23 3.- Carlos Jimenez 11.10.13 Emakumezkoak 1.- Ane Zabala 14.30.02 2.- Aida Delgado 15.02.17 3.- Xari Adrian 15.07.39
2023-10-14
https://www.berria.eus/albisteak/233955/gksk-eta-iak-aldarrikatu-dute-gazteek-lehen-lerroan-egon-behar-dutela-alternatiba-sozialista-eraikitzeko.htm
Politika
GKSk eta IAk aldarrikatu dute gazteek «lehen lerroan» egon behar dutela «alternatiba sozialista» eraikitzeko
Ehunka gaztek parte hartu dute Gazte Topagune Sozialistako manifestazio nagusian, Atarrabia eta Iruñea artean. Alderdi instituzionaletatik at bidea egiteko beharra adierazi dute.
GKSk eta IAk aldarrikatu dute gazteek «lehen lerroan» egon behar dutela «alternatiba sozialista» eraikitzeko. Ehunka gaztek parte hartu dute Gazte Topagune Sozialistako manifestazio nagusian, Atarrabia eta Iruñea artean. Alderdi instituzionaletatik at bidea egiteko beharra adierazi dute.
«Alternatiba sozialista bat» garatzeko prozesuan gazteek «lehen lerroan» egon behar dutela aldarrikatu dute Gazte Koordinakunde Sozialistak eta Ikasle Abertzaleek, Gazte Topagune Sozialistako mobilizazio nagusian: «Belaunaldi haustura politikoa gorpuztea da gure egitekoa, gazteon artean sozialismoa hegemonikoa bilaka dadin». Aldarri horrekin bat egin dute ehunka gaztek, Atarrabia, Burlata eta Iruñea batu dituen manifestazioan. Eguerdian abiatu dira topaketetan parte hartu duten gazteak Atarrabiatik, Gazteria langilea Estatu Sozialista eraikitzen lelopean. Iruñera bidean, «iraultza sozialistaren» zein «gazte langileen» aldeko oihuak izan dira, bi elementu horiek uztartzea izan baitute xede antolatzaileek. Bide horretan, «errealitatean eragiteko» eta «konpromisoz eta diziplinaz» aritzeko asmoa berretsi dute, helburua izanik «Euskal Herriko langileria politikoki antolatzeko eta borrokatzeko baldintzak sortzea». Finean, «langileriaren estatu sozialista» aldarrikatu dute, «dekadentzian eta erasoaldian dagoen klase burgesaren aurrean». Izan ere, antolatzaileen esanetan, krisi kapitalistak «eszenatoki gero eta larriago batera» darama gizartea, eta horrek «urgentziazko» bilakatzen du «alternatiba sozialista bat» eraikitzea. Halakorik egin ezean, geldiezin bilaka daitezke «ingurugiroaren suntsiketa dakarten makroproiektuak», «talde faxisten ugaritzea», «langileen aurkako ofentsiba ekonomikoa» eta «etorkinen kontrako legediak», haien hitzetan. Urrats horiek egiteko gaitasuna duten bakarrak langileak direla adierazi dute, eta gehitu alderdi politiken egungo sistema «hautsi» behar dela. Izan ere, uste dute alderdi politiko instituzionalak, ezkerrekoak barne, ez direla gai «burgesiaren joera autoritarioari» aurre egiteko. Kontrara, «estatu burgesen menpekotzat» jo dituzte: «Europako oligarkia finantzarioaren programarekin lerrokatu dira, eta, herritarroi promesa faltsuak saltzen dizkigute, baina langileon adierazpen politiko independenteak oztopatzeko funtzioa betetzen ari dira». Bide horretatik, GKSk eta IAk gogor egin dute EH Bilduren eta Sorturen aurka, eta gehitu dute ez daudela «alderdi politikoen beto burokratikoak» onartzeko prest. «Dakizuen bezala, EH Bilduk eta Sortuk Topagunea egitea debekatu nahi izan digute, baina Atarrabiako eta Burlatako udalen baimenik gabe egin dugu Topagune Sozialista», zehaztu dute manifestazioaren amaieran. Bi eragileek koalizio eta alderdi independentista horiei egotzi diete Gazte Topagune Sozialistaren egitaraua hasieran prestatu bezala egitea «debekatzea». Izan ere, urriaren 11tik 16ra bitarteko ekitaldi sorta aurkeztu zuten uztailean, baina Atarrabiako eta Burlatako udalek adierazi zuten ez zietela horretarako baimenik eman. Horiek hala, topagunea egokitu behar izan dute, eta bi egunera murriztu. Mobilizazio jendetsuekin batera, hitzaldiek osatu dute topaguneko ekinbide politikoa. Atzo, Burlatako gaztetxe inguruan bat egin ostean, ehunka gazte hiru espaziotan banatu ziren, hurrenez hurren, gazte eta ikasle langileen erronkei, militantzia komunistari eta ziklo politikoaren aldaketari erreparatzeko. Gaur goizean, berriz, Estrategia sozialista berria: komunismoaren berrosaketarako oinarriak izenburupean egin dute hitzaldia. Arratsaldean, berriz, kontzertu sorta bat izango da Atarrabiako Totem aretoan.
2023-10-14
https://www.berria.eus/albisteak/233956/gazte-bat-tiroz-hil-dute-baionan.htm
Gizartea
Gazte bat tiroz hil dute Baionan
Zenbait hedabidek droga trafikoarekin lotu dute hilketa
Gazte bat tiroz hil dute Baionan. Zenbait hedabidek droga trafikoarekin lotu dute hilketa
Gizon gazte bat tiroz hil dute Baionan, Sainte-Croix auzoan. Hilketa 17:00etan gertatu da: karrikan zegoelarik, haren kontra hainbat aldiz tiro egin dute. Gaztea 25 eta 30 urte bitartekoa zen, eta oraindik ez dute haren nortasunaren berri eman. Zenbait hedabidek azaldu dutenez, gertaerak droga trafikoarekin du zerikusia. Jerome Bourrier fiskala eta Baionako auzapez Jean Rene Etxegarai bertaratu dira.
2023-10-14
https://www.berria.eus/albisteak/233957/realak-irabazi-du-eibarren-aurkako-derbia.htm
Kirola
Realak irabazi du Eibarren aurkako derbia
Txuri urdinak 3-1 gailendu dira, Eizagirrek, Jensenek eta Mirarik sartutako golei esker. Canok egin du Eibarrena. Athleticek, berriz, 3-0 galdu du Vila-realen, eta Lezamatik urrun punturik batu ezinda jarraitzen du.
Realak irabazi du Eibarren aurkako derbia. Txuri urdinak 3-1 gailendu dira, Eizagirrek, Jensenek eta Mirarik sartutako golei esker. Canok egin du Eibarrena. Athleticek, berriz, 3-0 galdu du Vila-realen, eta Lezamatik urrun punturik batu ezinda jarraitzen du.
Realak irabazi du, Zubietan, Eibarren aurkako derbia: 3-1. 20. minuturako Natalia Arroyoren taldeak ia erabakita zuen partida, 3-0 baitzen aurretik. Hasi eta berehala egin dute gola txuri-urdinek. Nerea Eizagirrek egin du, Andreiaren pase on bat jaso ostean. Realeko kapitainak ondo loratu dio baloia Miralles atezainari. Eibarrentzat kolpea izan da gola, eta kostatu egin zaio partidan sartzea. Reala, berriz, eroso aritu da hasieratik. Baloia izan du, eta hori da txuri-urdinen jokoaren zutarri nagusia. 17. minutuan iritsi da etxekoen bigarren gola. Mirarik erdiraketa ona egin du, eta Jensenek ez du barkatu. Handik bi minutura azpeitiarrak sartu du gola bigarren zutoinean, Bernaberen erdiraketa neurtu bat baliatu du horretarako Biak izan dira berritasuna Natalia Arroyoren hamaikakoan, eta ederki baliatu dute beren aukera. Eibarren lehen ordu erdia kaskarra izan da. galduta zegoen zelaian. Hasiera on horren ostean, Realak jaitsi egin du erritmoa lehen zatiaren azken txanpan, eta Mirallesen atera gerturatu denean ere ez da horren eraginkor aritu. Hala, 3-0 joan dira aldagelara. Zerbait aldatzeko asmoz, Yeray Martinek Andrea Álvarez eta Kenni zelairatu ditu. Eibar zertxobait hobeto aritu da, nahiz eta ez duen aparteko aukerarik izan. Argiena Andrea Alvarezek berak izan du urrutiko jaurtiketa batean, baina Elene Letek ondo erantzun du. Eibarrek apur bat gehiago estutu arren, Realak ez du sufritu, eta kontrolpean izan du neurketa. Dena den, nahiz eta neurketa maldan gora izan, Eibarrek estutzen jarraitu du, eta 83. minutuan iritsi da Nati Canoren gola. Realak ere izan du laugarrena egiteko abagunean, baina Amaiurren jaurtiketa zutoinera joan da. Athleticek, berriz, 3-0 galdu du Vila-Realen zelaian. Etxetik urrun punturik batu gabe jarraitzen du David Aznarren taldeak. Lezaman azken bi partidak irabazi eta gero, zuri-gorriek aukera aparta zuten beste hiru puntu batu, eta sailkapenean gora begira jartzeko. Are gehiago kontuan hartuta, Herrialde Katalanetako taldea punturik batu gabe zegoela oraindik txapelketan. Baina ez da posible izan. Hasi eta berehala hasi zaio okertzen partida Athletici. Izan ere, hirugarren minutuan Pancha Larak gola egin du etxekoentzat, area kanpotik ezkerrez jaurtiketa on bat egin eta gero. Etxekoak hobeto sartu dira partidan, eta Kantehen bidez arrisku dezente sortu dute. Marianak eta Clara Pinedok jokoaren ekimena hartu dutenean, ordea, Athletic hobeto aritu da, eta bi abagune izan ditu gola egiteko. Baina Pinedoren beraren eta Maddi Torreren burukadak kanpora joan dira. Lehen zatiari baino hobeto ekin dio bigarrenari Athleticek. Sakonago jokatu du, eta min egin du hegaletatik. Baina gaurko partidak beraientzat zuen garrantziz jakitun, etxekoek ondo eutsi diote. Sufritzen jakin dute, eta azkenerako saria lortu dute. Izan ere, 67. minutuan gola egin du Maria Llompartek. Eibarreko jokalariak etekina atera dio Kantehk egindako buruz buruko jokaldi bati. Eta McKennak abantaila handitu du 84. minutuan, partida erabakita utziz
2023-10-15
https://www.berria.eus/albisteak/233985/israelgo-armada-laster-sartuko-da-gazan-irabazteko.htm
Mundua
Israelgo armada «laster» sartuko da Gazan, «irabazteko»
Gazako mugan tropak hedatzen ari da Tel Aviv; zibilei berriro esan die hegoaldera ihes egiteko, eta Sderot ebakuatzen hastear da. Bitartean, bonbardaketek ez dute etenik. Netanyahuk gerra kabinetea bildu du: «Guk eraitsiko dugu Hamas».
Israelgo armada «laster» sartuko da Gazan, «irabazteko». Gazako mugan tropak hedatzen ari da Tel Aviv; zibilei berriro esan die hegoaldera ihes egiteko, eta Sderot ebakuatzen hastear da. Bitartean, bonbardaketek ez dute etenik. Netanyahuk gerra kabinetea bildu du: «Guk eraitsiko dugu Hamas».
Israelen lehorreko ofentsiba datozen orduetan hastekoa dela dirudi. Azken abisua Herzi Halevi armadako jeneralak eman du. Haren arabera, Gazako mugan hedatuta dauden tropak «laster» sartuko dira hara: «Gure ardura Gazan sartzea da, Hamas erasoak prestatzen eta jaurtigaiak botatzen ari den lekuetara joatea. Kokagune guztiei egingo diegu eraso, hango kide guztiei, eta azpiegitura suntsituko dugu. Hitz batean, irabaztera goaz». Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak ere hitz egin du gaur. «Hamasek uste zuen eraitsi egingo gintuela, baina gu gara Hamas eraitsiko dutenak», esan du, lehen aldiz asteazkenean eratu zen gerra kabinetea bildu duenean. Jarraipena eman die atzo arratsaldean esandakoei. «Prest zaudete hurrengo faserako?», galdetu zien Gazako mugan dauden lurrerako tropei. Beraz, begibistakoa da ondorioa: Israel «hurrengo faserako» prestatzen ari da, Gazari «lehorrez, airez eta itsasoz» eraso egiteko. Gauean, Gazako mugan tropak hedatzen jarraitu du Tel Avivek, eta Gaza iparraldean dauden zibilei berriro esan die hegoaldera ihes egiteko. Gainera, mugatik gertu dagoen Sderot hiriko 30.000 biztanleei gomendatu die hiritik alde egitea astelehena baino lehen. Israelgo armadaren bozeramaileetako batek eman du azken oharra: «Entzun gure abisuak: gune horretan jarduera militar esanguratsua izango dela esaten ari gara». Ostiralean, Israelek Gaza hegoaldeko biztanleei atzo goizaldera arteko epea eman zien etxea utzi eta hegoaldera joateko. Azkenean, ordea, gaur ere ireki dute korridorea, 9:00etatik 12:00etara. Lurreko erasoa gertu da, zantzu guztien arabera, baina bonbardaketek ez dute etenik. Zerrendaren hegoaldean eta iparraldean izan dira gauean, eta haietan Hamaseko komandante bat hil duela jakinarazi du Israelek. Mehatxua ikusirik, irmo agertu zen atzo Hamaseko adar politikoko lider Ismail Haniyeh. «Gazako herritarrak beren lurraldean geldituko dira. Ez dute inoiz Gaza utziko edo ihes egingo», adierazi zuen telebistan egindako agerraldi batean. Israeli «genozidio bat» egitea leporatu zion, eta nabarmendu zuen ez zela bera bakarrik ari, eta «AEB Ameriketako Estatu Batuen eta Europako zenbait herrialderen laguntza» ere bazuela. Israelek lurreko operazioaren berri eman ondoren, dozenaka mila palestinarrek babes bila jo dute ospitaleetara. Israelek iragarritako asmoei ere erantzun die Iranek. «Berandu izan baino lehen», Gazaren aurkako gerra krimenak eteteko aholkatu dio Tel Avivi Irango Atzerri ministro Hossein Amir-Abdollahianek, eta ohartarazi dio erasoekin jarraituz gero Ekialde Hurbileko beste eremu batzuetara zabaldu litekeela gatazka. Bereziki, Hezbollah milizia gerran sartuz gero horrek Israelentzat izan ditzakeen kalteen inguruan ohartarazi du. Israelek Gazan lurreko ofentsiba bat egiteko arriskua presente egon da aurreko larunbatean gatazka hasi zenetik. Horren adierazle nabarmenena izan zen Israelek Gaza iparraldeko biztanleei emandako ultimatuma: armadak 1,1 milioi laguni (Gazako biztanleen ia erdiei) agindu zien hegoaldera joateko. Hasieran, atzo goizaldera arteko epea eman zien etxea uzteko. Gero, 16:00ak arte luzatu zuen epe hori, eta, azkenean, gaur goizean ere eman dizkie hiru ordu ihes egiteko. Milaka batzuek lortu dute hegoaldera joatea, baina beste asko, ia gehienak, han geratu dira. Besteak beste, ospitaleetako langileak izan dira Gaza iparraldetik joateari uko egin dioten batzuk. Izan ere, salatu dute ehunka zauriturentzat «ezinezkoa» litzatekeela hegoalderako bidaia egitea, argudiatuta «osasunez oso larri» daudela. Ez da nolanahikoa Gaza iparraldetik hegoaldera egin beharreko bidea, Israelek Gaza bonbardatzen jarraitu baitu, eta asko hil ditu bidean. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 2.670 palestinar hil eta 9.600 zauritu ditu Israelek. Tel Aviven arabera, berriz, 1.300 lagunetik gora hil eta 3.500 zauritu dituzte palestinarrek. NBE Nazio Batuen Erakundeak jakinarazi duenez, jada milioi bat desplazatu eragin ditu urriaren 7an lehertu zen gatazkak. Astelehenean Israelek Gaza erabat setiatu ondoren, gero eta baliabide gutxiago geratzen zaizkie hango biztanleei. Asteazkenean eten zen argindarra, Gazako zentral elektrikoa erregairik gabe gelditu zenean. Urik gabe gelditzeko arriskuren berri ere eman zuen UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak, eta AEBetako ordezkariek gaur jakinarazi dute Israelek ur hornidura berrezarriko duela Gaza hegoaldean gaur bertan. Betetzen ezinezkoa den eskaera bat Ultimatumari berehala erantzun dio nazioarteak. Horietako bat izan da EB Europako Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrell: «Uste izatea milioi bat pertsona 24 orduan mugi ditzakezula gerra egoeran, elikagairik, urik edo aterperik gabeko gune batera, setiopean, izugarri arriskutsua da, eta ia ezinezkoa». Israeli sostengua berriro adierazi dion arren, nabarmendu du Israelek defendatzeko duen eskubideak «muga bat» duela eta muga hori «nazioarteko legea» dela. Israeli etengabe babesa adierazi dio Joe Biden AEBetako presidenteak, eta hark ere hau idatzi du X sare sozialean: «Ez dugu ahaztu behar palestinarren gehiengoak ez duela zerikusirik Hamasen eraso lazgarriekin, eta horien ondorioz sufritzen ari dela». Nazioarteko diplomaziako beste ahots batzuk gogorragoak izan dira Israelekin. Esaterako, populazio bat bizitokiz mugitzera behartzea «gerra krimena» dela esan du Jan Egeland Norvegiako Atzerri ministro ohiak, Genevako konbentzioa oinarri hartuta. Hain justu, palestinarren eta israeldarren arteko Osloko bake akordioen sustatzaileetako bat izan zen Egeland. «Ume mordo bat dago hondakinen azpian, eta inork ezin ditu atera... dozenaka mila etxebizitza suntsituta...». Gerra eremutik gertuago, Ekialde Hurbilean, hizpide izan dute Israelek agindutako lekualdatzea ere. Egiptok, Jordaniak, Qatarrek eta Iranek aho batez gaitzetsi dute Tel Aviven agindua. «Garrantzitsua da palestinarrak beren lurrean geratzea», esan du Egiptoko presidente Abdel Fattah el-Sisik. Jordaniako errege Abdullah II.ak, berriz, lekualdatze horrek Ekialde Hurbileko mapa geopolitikoari nola eragingo liokeen ohartarazi du: «Ezinbestekoa da lekualdatze behartuari aurre egitea eta hori etetea, errefuxiatuen krisi bat inguruko herrialdeetara ez hedatzeko». Herrialde horretako Atzerri ministro Ayman Safadik, berriz, Israelek Gazako 2,3 milioi palestinarri ezarritako «zigor kolektiboa» gaitzetsi du. Baliabiderik gabe geratzeko zorian «Denbora amaitzen» ari zaie Gazako haurrei, NBE Nazio Batuen Erakundearen haurrentzako Unicef erakundeak ohartarazi duenez. Haurrei, eta, oro har, Gazatik atera ezinik dauden guztiei. Astelehenean Israelek Gaza erabat setiatu ondoren, gero eta baliabide gutxiago geratzen zaizkie hango biztanleei, nahiz eta Israelek gaur jakinarazi duen ur hornidura berrezarriko duela Gaza hegoaldean. Asteon, behin eta berriz eskatu diote nazioarteari Gazara lehenbailehen giza laguntza bidaltzeko. Bada, Bidenek baieztatu du horretarako «elkarlanean» ari direla AEBak, Israel, Jordania, Egipto eta NBE. Hori bai, giza laguntza bidaliko badute, eta korridore humanitario bat irekiko badute, «ezinbestekoa da» Israelek erasoak etetea, edo bi aldeek «su eten bat» negoziatzea. Izan ere, txoko bat bera ere ez dago «arriskutik salbu» Gazan. «Gerrek arauak dituzte. Zibilak, ospitaleak, eskolak, klinikak eta NBEk kudeatzen dituen eraikinak ezin dira helburu militarrak izan». Edonola ere, UNRWAk esan du erakundearen egoitzak ere jada ez direla «espazio seguruak». Gatazka hasi zenetik Israelen aldera lerratu den arren, Europako Batzordeak esan du hirukoiztu egingo duela Gazara bidaliko duten giza laguntza. Denera, 75 milioi euro kostatuko da, aurreikusi baino 50 milioi euro gehiago. «NBErekin elkarlanean jarraituko dugu laguntza hau Gazan dauden guztiengana iristen dela ziurtatzeko», azaldu du batzordeko presidente Ursula von der Leyenek. Fronteetan, borrokak ez du etenik Israelek agindua eman zuenetik, Gaza iparraldea izan da erdigunean. Halere, bi aldeen arteko bonbardaketek ez dute etenik izan, ez Gazako mugako frontean, ezta Israelen eta Libanoren arteko frontean ere. Azken eremu horretan giroa nabarmen gaiztotu da azken orduetan. Hezbollah miliziak eta Israelgo armadak baieztatu dute bi aldeen arteko erasoak izan direla atzo eta gaur. Gazatik zenbait kilometro ekialdera, Zisjordanian, beste forma bat hartzen ari da gerra. Larunbatetik hona, 400 palestinar baino gehiago atxilotu ditu Israelgo Poliziak, eta 53 palestinar inguru hil dituzte han —kolonoen eta palestinarren arteko borroketan gehienak—. Addameer presoen eskubideen aldeko elkarteak ohartarazi zuenez, palestinarrak bakartuta dauzkate kartzeletan.
2023-10-15
https://www.berria.eus/albisteak/233986/nerea-arruti-nagusitasunez-gailendu-da-euskal-herriko-aizkora-txapelketan.htm
Kirola
Nerea Arruti nagusitasunez gailendu da Euskal Herriko Aizkora txapelketan
Lanak amaitzeko 17 minutu eta 59 segundo behar izan ditu. Ia lau minutu atera dizkio Nerea Sorondo bigarren sailkatuari.
Nerea Arruti nagusitasunez gailendu da Euskal Herriko Aizkora txapelketan. Lanak amaitzeko 17 minutu eta 59 segundo behar izan ditu. Ia lau minutu atera dizkio Nerea Sorondo bigarren sailkatuari.
Nerea Arrutik erakustaldia eman du gaur goizean Elgoibarren (Gipuzkoa), Euskal Herriko Aizkora txapelketan. Urnietakoak 17 minutu eta 59 segundo behar izan ditu emakumeen txapelketa batean orain arte egin duten lanik luzeena amaitzeko. Denera seina enbor erdibitu behar izan dituzte aizkolariek: 36 ontzako bi, 45 ontzako beste bi eta bi kana-erdiko. Lehen enborrean erori egin bada ere, Arrutik hasieratik hartu du aurrea. Tarte handia atera die gainontzeko aizkolariei, eta horren erakusle izan dira amaierako denborak. Hiru aldiz txapeldun izana da Nerea Sorondo, eta Arrutik baino ia lau minutu gehiago erabili ditu enborrak mozteko (21:54), eta Oihana Fernandez de Barrenak, podiuma osatu duenak, zazpi minutu gehiago (25:10). Laugarren izan da Ane Zapirain (29:13), bosgarren Maika Ariztegi (30:53) eta seigarren (Malen Barrenetxea (35:26). Dena den, txapeldunak adierazi du hobeto egin zezakeela. Esan du ez dela batere eroso sentitu, eta halako alderik ez zuela espero ere aitortu du: «Baina azkenean lanak egin ditugu, eta txapela etxera».
2023-10-15
https://www.berria.eus/albisteak/233987/ikusle-bat-ipuruatik-bota-dute-palestinako-bandera-bat-erakusteagatik.htm
Kirola
Ikusle bat Ipuruatik bota dute Palestinako bandera bat erakusteagatik
EH Bilduk galdera egin dio Segurtasun Sailari argitzeko zein legeren arabera ari zaien Ertzaintza Palestinarekiko elkartasun zeinuei jazartzen.
Ikusle bat Ipuruatik bota dute Palestinako bandera bat erakusteagatik. EH Bilduk galdera egin dio Segurtasun Sailari argitzeko zein legeren arabera ari zaien Ertzaintza Palestinarekiko elkartasun zeinuei jazartzen.
Eibarko (Gipuzkoa) Ipurua futbol zelaiko segurtasun zerbitzuek eta Ertzaintzak zale bat kanporatu dute Palestinako bandera bat erakusteagatik. Eibarren eta Huescaren arteko partidan gertatu da, Espainiako Bigarren Mailan. Ikuslea bota bitartean, «kanpora, kanpora!» eta «Palestina askatu!» oihuak entzun dira. Eibarko segurtasun zerbitzuak agindu zion jarraitzaileari bandera gordetzeko. Hark ez zien men egin, eta orduan Ertzaintzari deitu zieten. Ertzaintzak esan du isuna jarriko diotela Eibarren jarraitzaile palestinazaleari. Futbol klubak Euskadi Irratiari adierazi dioenez, Espainiako ligak agiri bat bidali zuen aurrekoan, Palestinako bandera erretiratzeko aginduz. Eibarrek esan du antzeko zentsura ekintzak egin zituztela beste zelai batzuetan asteburuan. Halere, Ipuruan bertan Israelgo ikurra ikusi zen atzo, arazorik gabe. 2015. urtean sorturiko Israel-Eibar peñak Israelgo banderako Dabiden izarra zuen pankarta batekin joan ziren Ipuruara, eta Eibarren zuzendaritza zoriondu dute sare sozialetan Palestinako ikurrei jazartzeagatik. «Hogei garaipen baino gehiago balio du horrek» idatzi dute, Ertzaintzaren neurriaren bideoa lagundutako mezu batean. Zentsura ekintza ari da lehenengo erreakzio politikoak sortzen. Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak iragarri egin du galdera egin diola Barne Sailari, argitzeko zein legeren arabera hartu duen neurri hori Ertzaintzak, besteak beste, eta gogoratu du Polizia lehen ere palestinarrekiko elkartasunari jazarri izan zaiola hainbat kasutan. Horien artean aipatu du iazko Hapoel Holon futbol taldeko zale ultrek Bilbon eginiko erasoak. Ez da Palestinako zentsura ekintza bakarra izan azken egunotan, joan zen asteartean, Frantziak Ipar Euskal Herrian duen ordezkariak Palestinako bandera kentzera behartu zuen Mauleko Udala. Maule Zisjordaniako (Palestina) Balata errefuxiatu eremuarekin senidetu zutenean jarri zuten, eta hainbat hilabetez egon da eraikin ofizialean. Mauleko alkate Louis Labadotek esan zuen «gogo txarrez» obeditu zuela prefeturaren agindua, eta Palestinako ikurra berriz jarriko duela agindu zuen, «garaia heltzen denean». Palestinako banderak ikur nazionaltzat hartu zuen 1964. urtean Palestina Askatzeko Erakundeak, eta 1988an hartu zuten ofizialki Palestinako Estatuko ikurtzat. Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundea Nazio Batuen Erakundearen egoitzan jarri zuten lehen aldiz 2011n, herrialdea kide gisa onartu zutenean, eta Nazio Batuen Erakundearen egoitzan ere badago, 2015. urtetik. Jazarpena Europan Europako hainbat herrialdetan ari dira Palestinarekiko elkartasun keinuak eta zeinuak debekatzen. Palestinako bandera erakustea edo palestinarren askatasunaren alde oihu egitea «delitu kriminal» gisa hartzeko esan zien poliziako buruei Suella Braverman Erresuma Batuko Barne ministroak. Bravermanek hitzez hitz esaten du arazoa ez direla bakarrik Hamas erakundearen ikurrak edo haren aldeko leloak, baizik eta «Palestinaren aldeko zeinu» oro. Braverman galarazten saiatu arren, Palestinako milaka bandera ikusi ziren larunbatean Londresko erdialdean. Israelek Gazaren kontra abiaturiko erasoaren aurka manifestazioa egin zuten milaka herritarrek. Alemanian, ez soilik banderak, Palestinako zapiak ere kentzen aritu da Polizia asteburuetako protestetan.
2023-10-16
https://www.berria.eus/albisteak/233988/israelek-eta-hamasek-esan-dute-rafahko-pasabideak-itxita-segituko-duela.htm
Mundua
Israelek eta Hamasek esan dute Rafahko pasabideak itxita segituko duela
«Une honetan ez dago su etenik Gazan laguntza humanitarioa sartzeko eta atzerritarrak ateratzeko», esan du Netanyahuk. Laguntza humanitarioa prest dago Egipton, Gazan sartzeko zain.
Israelek eta Hamasek esan dute Rafahko pasabideak itxita segituko duela. «Une honetan ez dago su etenik Gazan laguntza humanitarioa sartzeko eta atzerritarrak ateratzeko», esan du Netanyahuk. Laguntza humanitarioa prest dago Egipton, Gazan sartzeko zain.
Israelen eta Gazaren arteko gerraren hamargarren egunean, zerrendaren eta Egiptoren arteko mugan dago tentsio gune bat; Rafahko pasabidean, hain zuzen. Israelgo armadak Gaza iparraldeko herritarrei emandako ultimatumak eraman du tentsioa Tel Avivek kontrolatzen ez duen pasabide bakarrera. Gazako biztanleen ia erdiek —1,1 milioi lagunek— atzo goizera arteko epea izan zuten, Israelgo armadaren aginduz, Wadi Gaza ibarretik hegoaldera joateko; gutxienez 600.000 gazatarrek bete dute agindua. Ehunka Rafahko pasabidearen kanpoaldean daude zain. Hala ere, Israelgo Gobernuak eta Hamas organizazio islamistak esan dute pasabideak itxita segituko duela. Are, gezurtatu egin dute Antony Blinken AEB Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkariak egin duen iragarpen bat. Hark, Egiptoko presidente Abdel Fattah Al-Sisirekin bildu eta gero, adierazi zuen Israelek eta Hamasek behin-behineko menia bat adostu zutela pasabidea zabaltzeko, bi helbururekin: atzerritarrak Egiptora ebakuatzea, eta laguntza humanitarioa Gazan sartzea. Israelgo Gobernuko lehen ministro Benjamin Netanyahuk, ordea, ezetz esan du: «Une honetan ez dago su etenik Gazan laguntza humanitarioa sartzeko eta atzerritarrak ateratzeko». Hamasek ere gezurtatu egin du Blinkenek esandakoa. Egiptoko Atzerri ministro Same Xukrik gaitzetsi egin du Israelen jokabidea: «Israel oztopatzen ari da laguntza Gazan sartzea». Nabarmendu du Egiptoko Gobernua ahalegindu dela Rafahko pasabideari irekita eusten, baina esan du itxita jarraitu duela «Israelen posizioagatik». Aurreko astean, Kairo prest agertu zen korridore horren bitartez Gazara giza laguntza helarazten laguntzeko, baina argi utzi zuen ez duela zibilentzako korridore bat irekiko, «palestinarren exodoa» eragingo lukeelako horrek. Bien bitartean, laguntzaz beteriko kamioiak eta anbulantziak sartzeko zain daude Egiptoko aldean. PAE Palestina Askatzeko Erakundeak eta Liga Arabiarrak pasabide humanitario bat zabaltzeko eskatu dute. Europako Batzordeak jakinarazi du gaur, ohar baten bidez, Egiptora laguntza humanitarioa bidaliko duela hegazkinetan, handik Gazara eramateko. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, «inoiz ez bezalako giza hondamendia» gertatzen ari da Gazan, Israelen erasoaren ondorioz. Aireko erasoak etengabeak dira, eta zerrendako mugak itxita daude; are, elikagai, ur, argindar eta erregai hornidura etenda dago Gazan, Israelen aginduz, aurreko astelehenetik. Osasunaren Mundu Erakundeak esan du 24 ordu geratzen direla ura, erregaiak eta argindarra bukatzeko eta, ondorioz, «benetako katastrofe bat» gertatzeko. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 2.750 lagun baino gehiago hil dituzte Gazan, eta zaurituak, 9.750 baino gehiago dira. Gainera, beste 1.000 pertsona desagertuta daude Israelgo Armadak suntsituriko eraikinen hondakinen azpian. Ministerioak salatu du Israel «garbiketa etniko bat» egiten ari dela lurralde horretan. Gainera, jada milioi bat desplazatu eragin ditu urriaren 7an lehertu zen gatazkak, NBEren arabera. Tel Aviven arabera, berriz, 1.300 lagunetik gora hil eta 3.500 zauritu ditu Hamasek Israelen. Israelgo armadak nabarmendu du Hamasek bahitutako israeldarrak 199 direla gutxienez. Palestinako lehen ministro Mohamad Xtayyehk «genozidioa» egitea leporatu dio Tel Avivi, eta AEBei eskatu die «urgentziaz» esku har dezatela, «erasoa gelditzeko, zibilak babesteko eta haiek lekualdatu behar ez izateko». Lurreko erasorako «prest» Israelgo armadak Gaza airez bonbardatzen jarraitzen du —esan du bart «dozenaka helburu militarri» egin diela eraso—, eta lurreko erasoa «laster» hasiko dela dio; Israelgo armadaren tropa ugari daude Gazako mugaren inguruan. «Gure ardura Gazan sartzea da, Hamas erasoak prestatzen eta jaurtigaiak botatzen ari den lekuetara joatea. Kokagune guztiei egingo diegu eraso, hango kide guztiei, eta azpiegitura suntsituko dugu. Hitz batean, irabaztera goaz», esan zuen atzo Herzi Halevi jeneralak. Netanyahuk berak nabarmendu zuen herenegun armada «hurrengo faserako» prestatzen ari dela, Gazari «lehorrez, airez eta itsasoz» eraso egiteko. Gazan ez ezik, Israelen eta Libanoren arteko mugan ere izan dira erasoak. Israelgo armadaren eta Hezbollah milizia xiitaren arteko borrokek aurrera jarraitzen dute, eta Tel Avivek gaur iragarri du Libanoko mugatik bi kilometrora arte dauden 28 herritako biztanleak ebakuatzekoak direla. Daniel Hagarik, Israelgo armadako bozeramaileak, azaldu du «arriskuak gutxitzeko» hartu dutela erabakia. Armadak adierazi du, gainera, Hamasen buruzagietako bat, miliziaren Khan Yuniseko espioitza zerbitzuko burua hil duela bonbardaketetako batean. Irango Atzerri ministroak, berriz, ohartarazpena egin die AEBei. Hossein Amir-Abdollahianen arabera, AEBek «kalte larria» pairatuko dute Gazako gatazka zabaltzen bada. «Erregimen sionistari mezua bidali diogu haren aliatuen bitartez: ez badituzte izugarrikeriak gelditzen Gazan, Iran ez da begira geratuko». Ministroaren bozeramaile Naser Kananik esan du Washington «gerran sartuta» dagoela. AEBetan «kezkaturik» daude gatazka eskualdean zabaltzeko arriskuaz. Aurreikusita dago aste honetan Joe Bidenek, AEBetako presidenteak, Israel bisitatzea. Europako Batasuneko estatuburuak eta gobernuburuak bihar biltzekoak dira Europako Kontseiluan.
2023-10-16
https://www.berria.eus/albisteak/233989/pisek-irabazi-duen-arren-poloniako-oposizioak-uste-du-gobernua-osa-dezakeela.htm
Mundua
PiSek irabazi duen arren, Poloniako oposizioak uste du gobernua osa dezakeela
Koalizio Zibikoak, Hirugarren Bideak eta Ezkerrak gehiengo osoa lukete, behin-behineko emaitzen arabera. Parte hartzea 1989tik honako handiena izan da, hauteskunde batzordeak jakinarazi duenez: %73koa.
PiSek irabazi duen arren, Poloniako oposizioak uste du gobernua osa dezakeela. Koalizio Zibikoak, Hirugarren Bideak eta Ezkerrak gehiengo osoa lukete, behin-behineko emaitzen arabera. Parte hartzea 1989tik honako handiena izan da, hauteskunde batzordeak jakinarazi duenez: %73koa.
Polonian azken hiru hamarkadetan egin dituzten parlamenturako hauteskunderik erabakigarrienek aldaketa sakonak ekarri dituzte berekin; bai herrialdearentzat, baita EB Europako Batasunarentzat ere. Kritikez beteriko kanpaina polarizatu baten ondoren, 2015etik agintean dagoen PiS Legea eta Justizia ultrakontserbadoreak jaso du, berriz ere, babesik handiena, baina Dietako —behe ganberako— gehiengo osoa galdu du, eta ez du, printzipioz, nahikoa aliaturik jarraian hirugarren agintaldia litzatekeena bermatzeko. Eta horrek, ezinbestean, atea ireki dio oposizioari PiS agintetik botatzeko. Hori ziurtatu du, behintzat, Donald Tusk lehen ministro ohi (2007-2014) eta Europar Kontseiluko presidente (2014-2019) izandakoak, atzo gauean zundaketen berri izan ostean adierazi zuenez: «Poloniak irabazi du, demokraziak irabazi du. Sasoi txarren amaiera da hau, PiSen gobernuaren azkena da». Tusken KO Koalizio Zibikoa liberalak, TD Hirugarren Bideak —bi alderdi demokristau eta zentro-eskuinekoren aliantza da— eta Ezkerra sozialdemokratak gehiengo osoa baino gehiago lukete, behin-behineko emaitza ofizialen, eta atzo gauean eta gaur goizean argitaraturiko zundaketen arabera. Hiru aliantza horiek badituzte desberdintasunak, baina badirudi asmoa dutela koalizio gobernu bat osatzen saiatzeko; Ezkerrako buruzagi Wlodzimierz Czarzastyk, adibidez, esan zuen, atzo gauean, beste bi indar politikoekin lan egiteko prest daudela «gobernu demokratiko, sendo eta zentzudun bat» osatzeko. Eta bide beretik mintzatu zen TDko buruzagietako bat, Wladyslaw Kosiniak-Kamysz. Edonola ere, PiSek ez du amore emango, alderdi horretako buruzagi Jaroslaw Kaczynskik atzo gauean ohartarazi zuenez: «Gure laugarren garaipena da, hirugarrena jarraian. Borrokaz eta tentsioz beteriko egunak ditugu aurretik». Eta, berez, ultrakontserbadoreak izango dira gobernua osatzen ahalegintzeko agindua jasoko duten lehenak —Andrzej Duda presidenteari dagokio erabaki hori hartzea—, babesik handiena bildu dutelako; Konfederazioa eskuin muturreko aliantza politikoa lukete aliatu bakarra —alderdietako batek esan du ez duela PiSekin koaliziorik nahi—, baina espero eta aurreikusi baino askoz ere babes txikiagoa lortu dute, eta bien arteko balizko aliantza batek ez luke gehiengo osorik behe ganberan. Poloniako oposizioan eragin dituen kritikez gain, PiS buru zuen gobernuak urteotan behin eta berriz egin du talka Europako Batzordearekin, besteak beste, zuzenbide estatuaren, adierazpen askatasunaren, migrazioaren eta LGTBI kolektiboaren eskubideen aferengatik; esaterako, Varsoviak botere judizialaren, banku zentralaren eta telebista publikoaren gaineko kontrola handiagotu du, eta abortatzeko eskubidea nabarmen murriztu du. Oposizioak koalizio gobernua osatuko balu, bere helburuetako bat litzateke Bruselarekin harremanak onbideratzea, eta PiSen eta bere aliatuen erreforma horiek bertan behera uztea; hori lortuz gero, Europako Batzordeak desblokeatu egingo luke Poloniari dagokion aurrekontuko eta suspertze funtseko dirua. Bruselarentzat, beraz, albiste on bat litzateke KOk, TDk eta Ezkerrak gobernabidea bermatzeko akordio bat adostea, programa europazalea baitute hirurek. Hori guztia zegoen jokoan atzo egin zituzten parlamenturako hauteskundeetan. Eta boz horiek zuten garrantziaren erakusle, parte hartzea 1989tik honako handiena izan da, hauteskunde batzordearen arabera: %73 inguru, behin-behineko datuen arabera. Erreferenduma ez da loteslea Bozen egun berean, herritarrak erreferendum batean bozkatzera deituak zeuden, baina horren emaitza ez da loteslea izango, horretarako baldintza ez baitute bete: parte hartzea %50 baino handiagoa izatea. Lau galderari erantzun diete galdeketa horretan botoa eman duten herritarrek, eta guztietan irabazi du ezezkoak, gobernuak babestutako jarrerak. Kontsultako gai batek erreferentzia egin dio Bielorrusiako mugan bost metroko hesi bat eraikitzeko aferari; beste batek EBren migrazio araudiaren erreforma aipatzen du, eta, beste bi galderei dagokienez, erretiro adina 65 urtetik 67ra igotzeaz eta estatuaren menpeko aktiboak edo enpresak pribatizatzeaz galdegin diete. Oposizioko hainbat alderdi eta gizarte zibileko zenbait gobernuz kanpoko erakunde boikotaren aldeko kanpaina egiten aritu dira. Oposizioko koalizio nagusiak, KOk, kontsulta boikotatuko zuela iradoki zuen hasieran, baina gaia bere boto emaileen esku uztea erabaki zuen azkenean. Eta, behin-behineko datuen arabera, %40koa izan da parte hartzea.
2023-10-16
https://www.berria.eus/albisteak/233990/hazkunde-motelari-eusten-dio-ekonomiak.htm
Ekonomia
Hazkunde motelari eusten dio ekonomiak
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordina %0,2 hazi da urteko bigarren hiruhilekotik hirugarrenera. Tarte horretan %0,4 handitu da enplegua.
Hazkunde motelari eusten dio ekonomiak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordina %0,2 hazi da urteko bigarren hiruhilekotik hirugarrenera. Tarte horretan %0,4 handitu da enplegua.
Betetzeko bidean daude Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspen ekonomikoak. Duela hiru aste iragarri zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPG barne produktu gordina %1,7 zela aurten haztekoa, eta urteko lehen hiru laurdenetako hazkundea kopuru horretatik oso gertu geratu da: %1,6 handiagoa zen hirugarren hiruhilekoan, 2022ko epe horrekin alderatuz gero. Hazkundeak moteltzen jarraitzen du, hori bai. Urteko lehen hiruhilekotik bigarrenera %0,4 hazi zen, eta %0,2 baizik ez da izan bigarrenetik hirugarrenera. Kopururik txikiena da iazko udaz geroztik. Eustatek aitortu du sektore ekonomikoek ez dutela «portaera bera» izan, nahiz eta «oro har», bilakaera positiboa izan duten. Azken hiruhilekoetan industriak izan du portaerarik pattalena, eta urte arteko bilakaera negatiboa izatera iritsi da. Enpleguari dagokionez, dedikazio osoaren baliokide diren lanpostuetan neurtuta, %0,4 igo da 2023ko hirugarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Enplegua hiruhilekotik hiruhilekora jarraian hazi den bederatzigarren hiruhilekoa da. Iazko hiruhileko berarekin alderatuta, % 1,6ko hazkundea neurtu du Eustatek. Datorren abenduaren 1ean emango ditu estatistika erakundeak jarduera ekonomikoari buruzko datu xehatuagoak, orain eskura ez dituen datuak gehituta.
2023-10-16
https://www.berria.eus/albisteak/233991/maialen-berasategi-catalanek-eta-joxemari-berasategi-zurutuzak-irabazi-dute-itzulpengintzako-euskadi-saria.htm
Kultura
Maialen Berasategi Catalanek eta Joxemari Berasategi Zurutuzak irabazi dute Itzulpengintzako Euskadi saria
Abdulrazak Gurnah Nobel saridunaren Paradisua obrarengatik irabazi dute. Miren Billelabeitiak Saiakerako Euskadi saria eskuratu du, Norberak maite duena lanagatik.
Maialen Berasategi Catalanek eta Joxemari Berasategi Zurutuzak irabazi dute Itzulpengintzako Euskadi saria. Abdulrazak Gurnah Nobel saridunaren Paradisua obrarengatik irabazi dute. Miren Billelabeitiak Saiakerako Euskadi saria eskuratu du, Norberak maite duena lanagatik.
Idazleen lanari balioa emateaz gain, irakurzaletasuna sustatzea da Euskadi Literatura sarien xedea. Eta hori bera da, hain zuzen ere, Miren Billelabeitiaren Norberak maite duena. Hitza gogoan, irakurketa biziz saiakeraren muina ere (Mungia, Bizkai, 1960): irakurketak sortzen duen plazera nabarmentzea, eta ariketa horrek duen garrantzia azpimarratzea. Bada, ahalegin hori egin izana saritu diote orain, saiakerako Euskadi saria emanez. «Testu biribila» ondu izana txalotu diote epaimahaikideek, «estilo dotorea, idazkera jasoa prosa zaindua eta fina» duena. Irakaskuntzaren ofizioak behar duen balio soziala plazaratu izana ere goretsi diote. Pamielak argitaratu zuen liburua, iaz. «Afrikako mundu urrun eta arrotza inolako oztoporik gabe euskal irakurleari hurbiltzeko» egindako ahaleginagatik erabaki du epaimahaiak Itzulpengintzako Euskadi saria Maialen Berasategi Catalani (Gasteiz, 1989) eta Joxe Mari Berasategi Zurutuzari banatzea (Zegama, Gipuzkoa, 1955). 2021ean Nobel saria irabazitako Abdulrazak Gurnah idazlearen (Zanzibar, Tanzania, 1948) Paradisua nobela itzuli zuten, lau eskutara. Epaimahaiaren iritziz, itzulpena «zorrotz» atxikitzen zaio esanahiari, baina «euskara aberats, zehatz eta naturalean ematen dira jatorrizkoaren ñabardura guztiak». «Benetan irakurketa gozoko testua lortu dute, itzulpen mekanikotik behar adina urrunduta». Jokin Zaitegi sariketari esker itzuli zuten eleberria, eta Elkarrek argitaratu zuen iaz. Gasteizko Artium museoan jakinarazi dituzte gaur sarituak, eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua eta Andoni Iturbe sailburuordea izan dira ekitaldian, sarituekin batera. Hain zuzen, gaztelaniazko literaturako eta saiakerako Euskadi sariak ere jakinarazi dituzte: hurrenez hurren, Ander Izagirrek eta Alejandro Morellonek jasoko dituzte, Vuelta al país de Elkano (Libros de K.O.) eta El peor escenario posible (Fulgencio Pimentel) lanengatik. Aurreko astean jakinarazi zituzten aurten saritutako beste hiru lanak: Patxi Zubizarreta, Zerria liburuagatik (Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako saria); Arantxa Urretabizkaia, Azken etxea eleberriagatik (Euskarazko Narratiba saria); eta Joseba Larratxe, Ni ez naiz Mikel Laboa lanagatik (Ilustrazioko saria). Horiek eta gaur jakinarazitako egileek azaroaren 15ean jasoko dituzte sariak, Getxoko Muxikeberri zentroan (Bizkaia) egingo den ekitaldian.
2023-10-16
https://www.berria.eus/albisteak/233992/gazako-osasun-ministerioaren-arabera-israel-garbiketa-etniko-bat-egiten-ari-da.htm
Mundua
Gazako Osasun Ministerioaren arabera, Israel «garbiketa etniko bat» egiten ari da
2014ko Gerrak hildakoen kopurua gainditu du Gazakoak. Osasun Ministerioaren arabera, jada 2.750 palestinar baino gehiago hil eta 9.750 baino gehiago zauritu ditu Israelek.
Gazako Osasun Ministerioaren arabera, Israel «garbiketa etniko bat» egiten ari da. 2014ko Gerrak hildakoen kopurua gainditu du Gazakoak. Osasun Ministerioaren arabera, jada 2.750 palestinar baino gehiago hil eta 9.750 baino gehiago zauritu ditu Israelek.
Israelen erasoaldiaren datuak eguneratu ditu Gazako Osasun Ministerioak, eta, horren arabera, hildakoak 2.750 baino gehiago dira jada, eta zaurituak, 9.750 baino gehiago. Gainera, beste 1.000 pertsona desagertuta daude Israelgo Armadak suntsituriko eraikinen hondakinen azpian. Datu horiek eskuan, Gazako Osasun Ministerioak salatu du Israel «garbiketa etniko bat» egiten ari dela lurralde horretan. Nazio Batuen Erakundearen arabera, «inoiz ez bezalako giza hondamendia» gertatzen ari da Gazan, Israelen erasoaren ondorioz. Zortzigarren eguna du Israelen erasoaldiak gaur, eta hildakoen kopurua 2014ko Gerran hildakoena baino handiagoa da dagoeneko; gerra hori izan da orain arte azken urteetan Gazan lagun gehien hil dituena, eta bi hilabete iraun zuen. Zisjordanian, gainera, 56 palestinar hil ditu Israelen zortzi egun hauetan, eta 1.200 zauritu. 55 familia osorik hil dituzte «Gerra basati bat izan da zortzi egun hauetan, eta Israelgo indar okupatzaileek 2014an izan ziren 55 gerra egunetan baino jende gehiago hil dute. Horrek baieztatzen du gure herriaren aurka egiten ari diren krimenak garbiketa etniko baten parekoak direla», adierazi du Ashaf al Kudra Gazako Osasun Ministerioko bozeramaileak. Zehaztu duenez, Israelek Palestinako 55 familia osorik hil ditu zortzi egun hauetan. Hildakoen eta zaurituen kopuruak, gainera, handitu egingo dira datozen egunetan. Israelek Gaza iparraldea husteko eta hegoaldera joateko agindu die palestinarrei, baina, aldi berean, hegoaldea ere ari da bonbardatzen, Israelek berak baieztatu duenez. Gainera, Gaza hiriko ospitaleak husteko ere agindu zuen ostiralean Israelek. Osasun Ministerioak, ordea, uko egin dio agindu horri: «Lanean jarraitzeko betebehar morala daukagu. Ez ditugu ospitaleak utziko, ezta barruan gaudela suntsitzen badituzte ere», adierazi du ohar batean. Egoera larria ospitaleetan Zenbait iturrik jakinarazi dutenez, gainera, ospitaleetan lanean jarraitu ahal izateko, 24 ordurako dute soilik erregaia. Israelek erasoaldia hasi zuenean argindar, ur eta erregai hornidura moztu zizkien palestinarrei, eta erregaiarekin sortutako argindarrarekin jarraitu dute ospitaleetan lanean. Osasun Ministerioak Rafahko pasabidea irekitzeko eskatu du, gaixoak eta zaurituak handik atera eta beste leku batean artatu ahal izateko, baina, oraingoz, atzerritarrak ateratzeko soilik irekiko dute. Muga horretan hainbat kamioi daude Gazara oinarrizko baliabideak eramateko, baina Israelek itxi egin die bidea. «Gazako Zerrendak hondamendi bat jasango du ez badute pasabide hori irekitzen sendatzeko materiala ekartzeko», adierazi du Osasun Ministerioak.
2023-10-16
https://www.berria.eus/albisteak/233993/oraindik-ez-dute-nehor-atxilotu-baionan-hil-duten-gaztearen-hilketagatik.htm
Gizartea
Oraindik ez dute nehor atxilotu Baionan hil duten gaztearen hilketagatik
Larunbat arratsaldean gertatu zen hilketa, Baionako Sainte-Croix auzoan. Zenbait hedabidek droga trafikoarekin lotu dute hilketa.
Oraindik ez dute nehor atxilotu Baionan hil duten gaztearen hilketagatik. Larunbat arratsaldean gertatu zen hilketa, Baionako Sainte-Croix auzoan. Zenbait hedabidek droga trafikoarekin lotu dute hilketa.
Gizon gazte bat tiroz hil zuten Baionan larunbat arratsaldean, Sainte-Croix auzoan. Hilketa 17:00etan gertatu zen: karrikan zegoelarik, hainbat aldiz tiro egin zioten. Gazteak 27 urte zituen, eta auzo horretan bizi zen. Frantziako Polizia haren hiltzailearen bila ari da, baina, oraingoz, ez dute nehor atxilotu. Baionako Jerome Bourrier fiskalak ikerketa bat abiatu du hilketagatik. Fiskalak BERRIAri goiz honetan erran dionez, ez dute elementu berririk ikerketari dagokionez. Zenbait hedabidek azaldu dutenez, gertaerak droga trafikoarekin du zerikusia. Jerome Bourrier fiskala eta Baionako auzapez Jean Rene Etxegarai hilketa gertatuta Sainte-Croix auzora bertaratu ziren, baina ez zuten informazio gehiagorik eman.
2023-10-16
https://www.berria.eus/albisteak/233994/iruri-altzerrekak-irabazi-du-bizkaiko-bertsolari-txapelketako-hirugarren-kanporaketa.htm
Kultura
Iruri Altzerrekak irabazi du Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hirugarren kanporaketa
475 puntu eskuratu ditu denera, eta, hala, finalaurrekoetarako sailkatu da zuzenean.
Iruri Altzerrekak irabazi du Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hirugarren kanporaketa. 475 puntu eskuratu ditu denera, eta, hala, finalaurrekoetarako sailkatu da zuzenean.
Iruri Altzerreka nagusitu da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hirugarren kanporaketan, 475 puntu bilduta. Arrigorriagako Lonbo aretoan jokatu zen saioa, eta, Bertsozale elkarteak nabarmendu duenez, jendez lepo zegoen aretoa. Berrizko finalaurrekorako sailkatu da zuzenean Altzerreka; azaroaren 11n izango da. Puntu gutxira geratu zen Josune Aramendi Perez: 470 puntu eskuratu zituen. Haren ondotik, honela geratu zen sailkapena: Lurdes Ondaro Mallea (453 puntu), Garikoitz Sarriugarte Onaindia (441 puntu), Inazio Vidal Gurrutxaga (436,5 puntu) eta Iker Uriarte Urrutia (431 puntu). Igor Menika Bengoetxea aritu zen gai jartzaile. Datorren igandean, Erandion Erandion jokatuko da laugarren kanporaketa, datorren igandean. Bertsolari hauek arituko dira kantuan: Ander Sarriugarte, Garazi Navarro Ugarteburu, Igor Galarza Intxausti, Imanol Uria Albizuri, Paule Ixiar Loizaga Legarra eta Unai Mendiburu Valor. Saio guztietarako sarrerak esteka honetan daude eskuragarri.
2023-10-16
https://www.berria.eus/albisteak/233995/jaurlaritzak-joxi-zabala-biktima-gisa-aitortuko-du-kursaaleko-ekitaldian.htm
Politika
Jaurlaritzak Joxi Zabala biktima gisa aitortuko du Kursaaleko ekitaldian
GALek bahitu, torturatu eta hil zuen gaztearen arreba Pili Zabalak eman du ezagutzera Jaurlaritzak giza eskubideen urraketa larrien biktima gisa aitortuko duela urriaren 31n egin behar duen oroimen ekitaldi batean, Donostiako Kursaalean.
Jaurlaritzak Joxi Zabala biktima gisa aitortuko du Kursaaleko ekitaldian. GALek bahitu, torturatu eta hil zuen gaztearen arreba Pili Zabalak eman du ezagutzera Jaurlaritzak giza eskubideen urraketa larrien biktima gisa aitortuko duela urriaren 31n egin behar duen oroimen ekitaldi batean, Donostiako Kursaalean.
Joxean Lasa eta Joxi Zabala bahitu, torturatu eta hil zituzteneko 40. urteurrena bete den honetan, Zabalaren arreba Pili Zabalak jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak biktima gisa aitortuko duela anaia urriaren 31n, Donostiako Kursaalean egingo duen oroimenerako ekitaldian. EITBri egindako adierazpenetan, Zabalak azaldu du amaren izenean espediente bat aurkeztu ziola Jaurlaritzari gobernuak Joxi Zabala anaia aitor zezan giza eskubideen urraketa larrien biktima gisa, motibazio politikoko testuinguru batean, 1979 eta 1999 bitartean, 12/16 legearen barruan. Zabalak helarazi du «albiste handia» jaso duela, Joxi Zabala izango dela urriaren 31ko ekitaldian aitortuko dituzten biktimetako bat. Biktima aitortu horien familiei emango diete irizpen hori, euren senitartekoak giza eskubideen urraketa larrien biktimak direla ezartzen duena. Ekitaldi hori «oso garrantzitsua» izango da, Zabalaren arabera, haren anaiaren «errugabetasun presuntzioa, memoria, giza duintasuna, ohorea eta izen ona» gordetzeko. Jaurlaritzak berak berretsi du Joxi Zabalaren espedientea bukatu duela, eta azken erabakiaren zain dagoela, baina biktima gisa aitortua izan dadin Balorazio Batzordearen baiezko balorazioa duela. Eusko Jaurlaritza bere 12/16 legearen bidez ematekoa den aitortza «oso garrantzitsua» da, Zabalarentzat, baina ez da anaiaren aldeko aitormen lanean azken urratsa. Izan ere, Espainiako Estatuak ez ditu Lasa eta Zabala biktima gisa aitortu oraindik. Zabalaren arrebak sarritan esan du «injustizia baten biktimak» direla familia biak, eta Espainiako Estatuaren aitortzaren bila jarraituko duela. Urriaren 31ko ekitaldia Urriaren 31ko memoria eta erreparaziorako ekitaldian, Jaurlaritzak beste 66 biktima aitortuko ditu, motibazio politikoaren alorrean; horietako 49 torturatu gisa aitortuko ditu. Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikako sailburuk gidatuko du ekitaldia. Poliziari eta arrazoi politikoei lotutako indarkeria eta tortura kasuak baloratzeko legebiltzarreko batzordeak Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokien lehen txostena plazaratu zuen 2021eko ekainean. Agiri horrek 35 biktimaren berri eman zuen, eta haiei aitortza egin zitzaien Bilboko Euskalduna jauregian. 1.017 eskaera jaso zituen batzorde horrek, nolanahi ere, eta batzordeak 55 aztertu zituen, xehetasunez. Horien artean, 35 biktima aitortu zituen; 28 biktimaren estatus horiek egiaztatzen dituzten agiriak jaso zituzten Euskaldunan, biktimek eurek edo euren senitartekoek; beste zazpik uko egin zioten agiri hori jasotzeari.
2023-10-16
https://www.berria.eus/albisteak/233996/zaurgarritasun-egoeran-dagoen-pertsona-bat-etxegabetu-dute-gasteizen.htm
Gizartea
«Zaurgarritasun egoeran» dagoen pertsona bat etxegabetu dute, Gasteizen
Hainbat lagun etxebizitzaren aurrean bildu dira, baina Ertzaintza nahiz Udaltzaingoa oldartu egin zaie.
«Zaurgarritasun egoeran» dagoen pertsona bat etxegabetu dute, Gasteizen. Hainbat lagun etxebizitzaren aurrean bildu dira, baina Ertzaintza nahiz Udaltzaingoa oldartu egin zaie.
Gasteizko Kontseilu Sozialistak jakinarazi duenez, «zaurgarritasun egoeran» dagoen pertsona bat etxegabetu dute. Gasteizko Zaramaga auzoan gertatu da, gaur goizean. Hainbat lagun bildu dira etxebizitzaren aurrean, etxegabetzea eragozteko. Hala ere, Ertzaintza eta Udaltzaingoa oldartu egin zaizkie, eta etxegabetzea aurrera eraman ahal izan dute. Bi pertsona identifikatu dituzte. Kontseilu Sozialistak adierazi du etxegabetu duten pertsonaren deia jaso zutela, bi egunen buruan etxetik botako zutela erranez. Gehitu dute, etxegabetutako pertsona «zaurgarritasun egoeran» dagoela, indarkeria matxistaren biktima izan zelako, eta bertze etxegabetze bat jasan zuelako 2017an. Adierazpen irmo bat ere egin dute: «Etxegabetze guztiak berehala eta baldintzarik gabe etetea aldarrikatzen dugu».
2023-10-16
https://www.berria.eus/albisteak/233997/sanchez-eta-eh-bilduko-ordezkarien-argazkiak-laquobeste-aro-politiko-batraquo-islatzen-du-otegiren-arabera.htm
Politika
Sanchez eta EH Bilduko ordezkarien argazkiak «beste aro politiko bat» islatzen du, Otegiren arabera
EH Bilduko koordinatzaile nagusiak uste du Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratu egin direla. ETBri emandako elkarrizketa batean esan du «ematen» duela Urkullu izango dela EAJko hautagaia, eta ez duela albisterik koalizioko hautagaiaren inguruan.
Sanchez eta EH Bilduko ordezkarien argazkiak «beste aro politiko bat» islatzen du, Otegiren arabera. EH Bilduko koordinatzaile nagusiak uste du Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratu egin direla. ETBri emandako elkarrizketa batean esan du «ematen» duela Urkullu izango dela EAJko hautagaia, eta ez duela albisterik koalizioko hautagaiaren inguruan.
EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik uste du «beste aro politiko batera» eramaten duela koalizioko ordezkarien eta Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidentearen arteko bileraren argazkiak, «nahiz eta batzuek eta besteek ez duten nahi». ETB1ean egindako elkarrizketa batean, Otegik esan du «garrantzi handia» izan zuela aurreko astean Mertxe Aizpurua EH Bilduko Espainiako Kongresuko bozeramaileak, Gorka Elejabarrieta Senatuko eledunak, Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkariak eta Sanchez berak egin zuten bilera horrek. «Espainiako Gobernuko jarduneko presidentearekin normaltasunez elkartu gara. Argazki horrek beste aro politiko batean sartzen gaitu, nahiz eta batzuek eta besteek ez duten nahi». EH Bilduko buruak ziurtatu du «arazo nazionalaren eztabaida eta lurraldetasunaren eredua mahai gainean» egongo dela legegintzaldia abiatzen bada. Erantsi du «lehen urratsa» dela Espainia «estatu plurinazionala» dela onartzea, eta, beraz, «beste nazio batzuk badirela Espainia ez direnak eta beren eskubideak badituztela». Otegik uste du «78ko erregimena krisi argian» dagoela, eta saiatuko dela «ahal den guztia luzatzen». Izan ere, haren irudiko, «pribilegioak arriskuan» ikusten baitituzte «elite ekonomikoek, politikoek eta polizialek». «Horrek esan nahi du dena egingo dutela hori oztopatzeko, eta 'dena' horretan ez dituztela mugak jarriko. Hedabideen rola, poliziarena eta epaileena itzela izango da galarazteko, lehenik, Sanchez presidente izatea berriro, eta, bigarrenik, EH Bilduk hauteskunde autonomikoak ez irabaztea». Ahalegin horren barruan sartu du El Mundo egunkariak kaleratu duen informazio bat. 1977 eta 1987 bitartean egindako bederatzi bahiketarekin eta hilketa batekin lotu dute Otegi ETAko zenbait kidek, Espainiako eskuineko egunkari horren arabera. «Manipulazio handiko informazioa da, gezurretan oinarritua», esan du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. «Horrelako zerbait espero nuen, eta oraindik ere gehiago espero dut». Informazio horren harira, abokatuekin salaketa baten aukera aztertzen ari dela ere esan du. Baina ez luke nahiko ere «horrelako zerbait» behar baino gehiago luzatzea, eta, beraz, ez dago erabaki bat hartua. Otegiren eta Urkulluren hautagaitzak Edonola ere, koalizio abertzaleko buruak uste du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratu egingo direla. Boz horietan EH Bilduren hautagaia izango ote den galdetuta, argitu du ez dagoela albisterik horretan. Esan du koalizioak «lasaitasunez» egingo duela hautagaiaren aukeraketa prozesua eta, «seguruenera», abenduan hasiko dela prozesu hori. EAJk izango duen lehendakarigaiaren inguruan, berriz, uste du Iñigo Urkullu egungo lehendakaria izan daitekeela: «Bai, hori ematen du, ikusten baitut oso kanpaina indartsuan, baina ikusiko da». Hala balitz, Urkullurekin eztabaida politiko bat edukitzea ez duela kezkatzen helarazi du: «Beti izan naiz horren oso aldekoa». Eztabaida hori egotea nahiko luke Otegik, «baina ez hauteskundeak daudelako, horrelako eztabaidak beti egitearen aldekoa naizelako».
2023-10-16
https://www.berria.eus/albisteak/233998/donapaleuko-amategia-hetsirik-egonen-da-aste-batez.htm
Gizartea
Donapaleuko amategia hetsirik egonen da aste batez
Ez da langile aski erditzeak baldintza onetan egiteko. Halere, haurdunaldia segitzeko orduak atxiki dituzte.
Donapaleuko amategia hetsirik egonen da aste batez. Ez da langile aski erditzeak baldintza onetan egiteko. Halere, haurdunaldia segitzeko orduak atxiki dituzte.
Donapaleuko (Nafarroa Beherea) ospitale publikoko amategia hetsirik izanen da gaurtik ostiralera arte. Langile faltagatik ezin izan dituzte aste honetako plangintzak bete, eta, beraz, erditzeak egiteko baldintzak ez dituzte betetzen. Hala, ospitale horretan erditzekoak diren amak beste ospitale batzuetara bideratuko dituzte, besteak beste, Baionara, Akizera edo Pauera (Okzitania). Halere, larrialdizko kontsultak egiteko emagin bat izanen da bertan aste osoan. Bestalde, haurdunaldia segitzeko aurreikusiak diren orduak ez dira ezeztatuak izanen. Donapaleuko amatagia Baionako ospitalearen parte da, eta Nafarroa Behereko eta Zuberoako amategi bakarra da.
2023-10-16
https://www.berria.eus/albisteak/233999/aurrekontuak-datorren-urte-hasieran-onartzea-espero-dute-nafarroako-parlamentuko-taldeek.htm
Politika
Aurrekontuak datorren urte hasieran onartzea espero dute Nafarroako Parlamentuko taldeek
Europako Batasunak defizit eta gastu arauak zehazten ez dituen bitartean, Nafarroako Gobernua geldirik dago.
Aurrekontuak datorren urte hasieran onartzea espero dute Nafarroako Parlamentuko taldeek. Europako Batasunak defizit eta gastu arauak zehazten ez dituen bitartean, Nafarroako Gobernua geldirik dago.
Oraingoz, ez dago eperik, ez eta mugimendurik ere. Batetik, Europako Batasunean eztabaida dago finantza publikoen gaineko arauen malgutzearekin jarraitu edo ez, eta EBko Kontseilua abenduaren 14an da biltzekoa gai hori aztertzeko. Bestetik, Espainiako Gobernua eratu gabe dago oraindik, eta jarduneko Ogasun Ministerioak aurreratu du ez dituela ezarriko estatuaren gastu mugaren eta bestelako arauen irizpideak hurrengo gobernua osatu arte. Nafarroan ez dute presarik. «Ez dakit noiz izango ditugun aurrekontuak, baina aurreko legealdiko lehen aurrekontuak otsailaren amaieran onartu ziren», gogorarazi du Ramon Alzorrizek, PSNko eledunak. Parlamentuko Mahaiaren eta Eledunen Batzordearen bileran gai horretaz mintzatu dira taldeak. 2020an gertatutakoa gorabehera, normalean urtea amaitzerako onartu ohi dira aurrekontuak, baina Alzorrizek uste du oraingoan ez dela hala izango: «Adierazle guztien arabera, abendutik aurrera onartuko da. Europako Batasunarekin hitz egin ostean, Espainiako Gobernuak bere irizpideak ezarri behar ditu. Otsailean onartzea litzateke normalena». Garai honetarako, Nafarroako Gobernuak aurrekontuen koadro makroekonomikoa aurkeztua izan ohi du, eta lege proiektua amaitzear. Legealdia abiatu den honetan, ez dago horren berririk. Ikusteko dago aurten negoziazio politikoetan zer gertatuko den ere. Aurreko legealdian, gobernua EH Bildurekin ados jarri zen, eta akordioak aztertzeko bilerak ere egiteko dituzte, EH Bilduko Adolfo Araizen arabera. «Oraindik ez dago bilerarik. Hainbat harreman izan ditugu, eta hori gauzatzea falta zaigu. Departamentu bakoitza aurrekontuen azterketa egiten ari da, eta espero dut aurki biltzea, ikusteko akordioa non bete den edo non ez den bete». 2024ko aurrekontuei dagokienez, EH Bilduk ez daki ezer. «Gobernua ez da gurekin harremanetan jarri aurrekontuen koadro makroekonomikoa aztertzeko». EBk irizpideak finkatu arte dena atzeratuko delakoan dago. «Nafarroako Gobernua zain egongo da, domino efektua eragingo baitu zerga arloko arauetan». Bide beretik jo du Geroa Baiko Pablo Azkonak. «Uste dugu garrantzitsua dela aurrekontuez hitz egiten hastea». Haren esanetan, Nafarroako Gobernuak finantza publikoak orekatuta dauzka, eta uste du hori aintzat hartu beharko litzatekeela. «Gainera, gastu arauari dagokionez, autogobernua aldarrikatzen dugu, eta, pandemiaren ondorioz araua malgutu bazen, uste dugu administrazio publikoari ez litzaiokeela gerrikorik jarri behar inflazioari erantzuteko orduan». UPNkoak, lantaldea osatzearen aurka Foru Hobekuntzaren lantaldea ere izan dute hizpide. Datorren urriaren 24an eztabaidatuko da Foru Erregimeneko Batzordean hura osatu edo ez, eta UPNko Javier Esparzak argitu du ezezkoa emango duela. Iragan astelehenean adierazi arren ez ziotela beldurrik eztabaidari, ez zuen zehaztu zer bozkatuko zuten. «Nik uste nuen mundu guztiak argi zuela, baina zalantzak uxatu nahi izan ditugu. Ezetz bozkatuko dugu. Zergatik? Truke politiko bat delako eta interes alderdikoiei baizik ez dielako erantzuten». Esparzaren arabera, PSNk ez zuen eztabaida horretan sartzeko asmorik, eta EH Bilduk eta Geroa Baik ezarritako baldintzei men egin die. «Ez die herritarren interesei erantzuten, ez du Foru Hobekuntza berritzea helburu. Beste interes batzuei erantzuten die». PSNko Ramon Alzorrizek orokorrean kritikatu du eskuinak eztabaida politiko guztien tonua muturrera eraman izana eta «ahalik eta gatazka handiena» eragin izana. Adibide gisa jarri du Foru Hobekuntzaren lantaldearekin gertatutakoa. «Ba al du ezer txarrik parlamentuan duela berrogei urteko lege bat aldatu edo ez eztabaidatzeak? Zergatik da txarra? Zergatik esaten da gezurra PSNren posizioari buruz? EH Bilduri amore eman diogula, Pedro Sanchezen inbestidurari begira legea aldatzea ordainduko ote dugun... Aski da!». Alzorrizek aipatu du ez dutela arazorik hitz egiteko, baina posizio tinkoa dutela. «Foru Hobekuntzari dagokionez, ez gara mugituko. Ez diogu inori ezer ordaindu beharrik».
2023-10-16
https://www.berria.eus/albisteak/234000/daniel-noboa-izango-da-ekuadorko-presidentea.htm
Mundua
Daniel Noboa izango da Ekuadorko presidentea
Hautagai eskuindarrak irabazi ditu bozak, botoen %52 lortuta. Haren agintaldiak 2025eko otsailera arte iraungo du.
Daniel Noboa izango da Ekuadorko presidentea. Hautagai eskuindarrak irabazi ditu bozak, botoen %52 lortuta. Haren agintaldiak 2025eko otsailera arte iraungo du.
Daniel Noboa eskuindarrak irabazi ditu Ekuadorko presidentetzarako hauteskundeak, herrialde hartako enpresaririk aberatsenaren semeak. Noboak bozen %52 eskuratu ditu —bozen %97,28 zenbatuta— eta haren aurkari Luisa Gonzalezek %47,99. Presidente hautatu gisa egindako hitzaldian, Noboak eskerrak eman dizkie herritarrei, «proiektu politiko sinesgaitz baten alde» bozkatzeagatik; halaber, iragarri du herrialdea «berreraikitzen» hasiko dela, «indarkeria, gorrotoa eta ustelkeria» atzean utzita. «Ekuador berria» eraikiko duela gehitu du. Gonzalez ekaineko primarioetan aukeratu zuten hautagai izateko, eta Rafael Correa presidentearen babesa izan zuen. Gonzalezek presidente hautatua zoriondu du, «demokrazia kontua» dela azpimarratuta. Horrez gain, hitza betetzeko eskatu dio, eta jakinarazi du hezkuntza eta osasuna pribatizatzen ez baditu laguntza eskainiko diola, sortu nahi duen «herrialde duin» hori eraikitzeko. Noboak, hala, herrialdeak pairatzen duen biolentziari aurre egin beharko dio. Izan ere, narkotrafikoko taldeek eta bandek botere handia eskuratu dute azken urteetan –Europara iristen den kokainaren ibilbidean, portu garrantzitsuak bilakatu dira Ekuadorkoak–: ohikoak bilakatu dira lepo mozteen, bonba autoekin egindako atentatuen, polizien hilketen, zubietatik zintzilikatutako gazteen gorpuen eta etxe edo eskola kanpoan tiroz hildako umeen albisteak. Horri aurre egiteko Poliziari diru gehiago emango diola iragarri du Noboak. Zenbait portu eta kartzela banden menpekoak dira gaur egun, eta, hori hala izan ez dadin, eskumen gehiago emango dizkio armadari. Hauteskundeen segurtasunari dagokionez, kanpaina nahasia izan da. Izan ere, Fernando Villacencio presidentetzarako hautagaietako bat hil egin zuten abuztuko lehen itzulian, eta horrek segurtasun neurri handiak hartzera behartu zituen hautagaiak. Noboarekin batera hautatu duten presidenteordeak, Veronica Abadek, indarkeria matxista ukatzen du, hezkuntzaren doakotasuna ezbaian jarri du, eta estatuak dibortzioak «sustatzen» dituela gehitu. Gainera, Espainiako Vox alderdi ultraeskuindarrari eta Jair Bolsonaro Brasilgo presidente ultraeskuindar ohiari babesa eman die sare sozialetan. Lassoren dimisioa Noboaren agintaldia 2025eko otsailean bukatuko da —urte eta erdiko agintaldia izango du gutxi gorabehera—, hori baitzen Guillermo Lasso presidente ohiari geratzen zitzaion epea dimisioa eman zuenean. Noboa hurrengo hauteskundeetara aurkeztu daiteke lau urteko agintaldia egin ahal izateko. Asanblea Nazionalean aurkari izan dituenen babesa beharko du gehiengoa eskuratzeko eta agintaldiari egonkortasuna emateko. Lasso ustelkeriagatik epaitzen ari ziren dimisioa eman zuenean. Gainera, Ekuadorko Asanblea Nazionalean oposizioa zen nagusi orduan, eta kontuan hartu behar da erakunde horrek eskumena duela presidentea botatzeko. Lassok, egoera hori ikusita, Asanblea Nazionala desegin zuen maiatzean, eta hauteskundeetara deitu. Lehen aldia zen Ekuadorren historian presidente batek parlamentua desegiten zuena. Lassoren ustez, parlamentuak gobernua ezegonkortu nahi zuen, eta epaiketak «krisi politiko larria» sortu zuen. Erabakia «demokratikoa» zela gehitu zuen, ekuadortarrek «beren etorkizuna» erabakiko zutelako.
2023-10-16
https://www.berria.eus/albisteak/234001/asensio-diputatua-ikertzen-ari-dira-ingurumenaren-aurkako-ustezko-delitu-batengatik.htm
Gizartea
Asensio diputatua ikertzen ari dira, ingurumenaren aurkako ustezko delitu batengatik
GuraSOSek jakinarazi duenez, Ingurumen Fiskaltzak eskatuta egiten ari da ikerketa Gipuzkoako 5. Instrukzio Epaitegia. Bihar Eusko Legebiltzarreko ordezkaritza batek bisita egingo du Zubietako instalazioetan.
Asensio diputatua ikertzen ari dira, ingurumenaren aurkako ustezko delitu batengatik. GuraSOSek jakinarazi duenez, Ingurumen Fiskaltzak eskatuta egiten ari da ikerketa Gipuzkoako 5. Instrukzio Epaitegia. Bihar Eusko Legebiltzarreko ordezkaritza batek bisita egingo du Zubietako instalazioetan.
Zubietako erraustegiaren kudeaketak eragindako auzi sokak ez du etenik. GuraSOSek jakinarazi duenez, orain Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasuneko sailburu eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) presidente Jose Ignacio Asensio ikertzen ari dira, ingurumenaren aurkako delitu bat egin duen edo ez ebazteko. Horrez gain, dokumentuak faltsutu ote dituen ere erabaki beharko du epaitegiak, auzi berean. Asensio ez ezik, Nagore Peñalva Bengoa GHK-ko zuzendari teknikoa eta GHK-ko beste bi arduradun ere ikertzen ari dira kasu horretan. Fiskaltzak berak jarri zuen salaketa, aurrez GuraSOSek ekainean emandako dokumentazio bat aztertu ostean. Eginbideak ireki eta gero, epaitegian aurkeztu du salaketa fiskaltzak. Horren arabera, Zubietako hondakinen balorazio energetikoko plantan hondakin arriskutsuak sortu ziren 2022an, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak ez du halakorik baimentzen. Jarduera hori «ezkutatzeko», eta ingurumena zaintzeko programaren memorian ager ez zedin, hondakin kode bat eta kontzeptu bat «oker» eman zituen, «modu kontzientean» eman ere. Hondakin horien parte bat Artaxoara (Nafarroa) bideratu zuen GHK-k, han Encofert Sansoain SM enpresaren istalazioetan kudeatu zezaten. Enpresa hori, baina, nekazaritzako ongarrietarako konpost lanetan aritzen da, eta ez dauka baimenik hondakin arriskutsuak jasotzeko, fiskaltzak salatu duenez. Fiskaltzaren ustez, aipatutako gertakariak ingurumenaren aurkako delitu bat izan daitezke, «zigor kodearen 326.1 artikuluan tipifikatua eta zigortua». Dokumentuen faltsutze delitua ere egon daiteke egitate horietan, fiskaltzaren iritziz. Polizia ikerketa Ikerketa Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzara zabaltzeko aukera ere ireki du fiskaltzaren salaketak. Izan ere, hari jakinarazi behar zaizkio hondakinen lekualdatze guztiak, eta haien kudeaketari eta garraioari buruzko gora behera guztiak. Hala izanik, fiskaltzak ohartarazi du kasu honetan ez zuela espedienterik ireki ingurumen baimen bateratuaren ez betetze nabarmena izanagatik ere, nahiz eta gertaerak, frogatuko balira, arau hauste larri gisa tipifikatuta dauden. Fiskaltzaren ustez, baina, goizegi da ondorioztatzeko sailburuordetzaren aldetik kriminalitate zantzuak daudela. Hori argitzeko, polizia ikerketa bat behar da, haren iritziz. «Susmoak badaude, eta horiek argitzeko polizia ikerketa behar da». Duela bi aste, urriaren 6an hain justu, beste auzi batean ikertu gisa hartu zioten deklarazioa Hipolito Bilbao Intxaurragari, Eusko Jaurlaritzako ingurumen baimenen arduradunari. Hain zuzen ere, erraustegian izandako kutsadura kasu batean zerikusia izan zezakeen kasu batekin nahastuta egin zioten galdeketa Bilbaori. Erraustegiaren proiektuan eta, beraz, ingurumen baimen bateratuan agertzen ez zen hodi bat instalatzen utzi ote zuen argitu behar dute auzi horretan. BERRIAk publikatu zituen, esklusiban eta langile baten testigantzan oinarrituta, hodi horren argazkia eta informazioa. Azkenaldian zeresan handia eman dute erraustegiak eta haren kudeaketak. Besteak beste, hainbat agerraldi egin dituzte Eusko Legebiltzarrean. Han argibideak eman dituztenen artean Arantxa Tapia sailburua dago. Besteak beste, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosek eskatuta, Zubietako erraustegiaren instalazioetan bisita egingo dute bihar, ustezko irregulartasun horien denen inguruan gehiago jakiteko asmoz.
2023-10-16
https://www.berria.eus/albisteak/234002/sindikatuek-administrazio-publikoei-leporatu-diete-negoziatzeko-borondaterik-ez-izatea.htm
Ekonomia
Sindikatuek administrazio publikoei leporatu diete negoziatzeko borondaterik ez izatea
Kritikatu egin dute LHKn deitutako bilerara Espainiako Gobernuko ordezkaria bakarrik agertu izana. Bileraren helburua izan da zerbitzu publikoen egoeraren diagnostikoa azaltzea eta grebara deitzeko arrazoiak zehaztea.
Sindikatuek administrazio publikoei leporatu diete negoziatzeko borondaterik ez izatea. Kritikatu egin dute LHKn deitutako bilerara Espainiako Gobernuko ordezkaria bakarrik agertu izana. Bileraren helburua izan da zerbitzu publikoen egoeraren diagnostikoa azaltzea eta grebara deitzeko arrazoiak zehaztea.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektore publikoko 150.000 langile daude deituta grebara datorren asteko asteazkenerako, baita abenduaren 19rako ere. Greba zergatik antolatu duten azaltzeko, ELA, LAB, CCOO, Steilas, SATSE eta ESK sindikatuek bilerara deitu dituzte gaurko, Lan Harremanen Kontseiluan, langile horien ardura duten administrazio publiko guztiak; hau da, Eusko Jaurlaritza, hiru foru aldundiak, Eudel eta Espainiako Gobernua. Azken horren ordezkaria besterik ez da agertu. Eta sindikatuek salatu dute administrazio publikoek ez dutela negoziatzeko borondaterik. «Oso tristea da beste inor agertu ez izana; horrek erakusten du erakunde publikoek zer egiten duten euren langileen alde», kritikatu du CCOO sindikatuko Sonia Aldabek. Eusko Jaurlaritzak joan den astean iragarri zuen ez zela agertuko. «Aitzakia teknikoak eta formalak eman dituzte ez etortzeko, baina, horren atzean, negoziatzeko borondate falta dago», adierazi du Igor Eizagirre ELAko zerbitzu publikoetako idazkari nagusiak. Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek ere jakinarazi zuten ez zirela bileran izango. Arabako Foru Aldundiak eta Eudelek, ordea, ez zuten erantzunik eman. «Oso larria da Eudel bilerara ez etortzea», ohartarazi du Eizagirrek. Bilera, beraz, ordezkari bakarrarekin egin dute. «Gure eskaerak mahai gainean jartzeko egin dugu bilera, eta bi gobernuek zer aldaketa egin behar dituzten jakinarazteko», azaldu du Aldabek. Eta gehitu du haien asmoa dela «komunikazio eta negoziazio bide berriak» zabaltzea, langile publikoen lan baldintzak hobetzeko eta, hortaz, zerbitzu publikoa bera ere bai. Jonan Altube LAB sindikatuko ordezkariak ere nabarmendu du administrazio publikoei «borondate politikoa» falta zaiela, eta esan du «negoziazio kolektibo bati heltzeko garaia» dela, ados jartzeko: «Gu prest gaude hitz egiteko, adosteko eta negoziatzeko; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langile publikoen baldintzak hemen negoziatu behar dira, eta, tamalez, ez da hori gertatzen ari». Sindikatuen arabera, beharrezkoa da bilera LHKn egitea. Eta zergatia azaldu du Eizagirrek: «Jaurlaritzak eskaintzen dituen mahaietan ez daude ordezkatuta Espainiako Gobernuaren menpe dauden langileak, eta haien lan baldintzak ez dira hartan negoziatzen; gainera, azken hamar urteetan ez da egon inolako akordiorik ez mahai orokorrean, ezta udaletxeetan eta mahai sektorialetan ere». Zerbitzu publikoak «sendotzea» Bileran, zerbitzu publikoen egungo egoeraren diagnostikoa aurkeztu dute, Eizagirrek adierazi duenez: «Zerbitzu publikoak eraisten ari dira, langileen baldintzak etengabe okertuz doaz, bi langiletik bat behin-behinekoa da eta 100.000 langile publiko daude azpikontratatuta». Horregatik, Altubek argi utzi du zerbitzu publikoak «sendotu» egin behar direla: «Enplegu publikoa indartu behar dugu, pribatizazioaren aurka lan egin, eta 15 urtean galdutako erosahalmena berreskuratu».
2023-10-16
https://www.berria.eus/albisteak/234003/usurbilgo-ehiztari-bat-desagertu-da-cuencan.htm
Gizartea
Usurbilgo ehiztari bat desagertu da Cuencan
67 urteko gizon bat da. Guardia Zibila haren bila dabil, baina, oraingoz, ez dute ezer aurkitu.
Usurbilgo ehiztari bat desagertu da Cuencan. 67 urteko gizon bat da. Guardia Zibila haren bila dabil, baina, oraingoz, ez dute ezer aurkitu.
Usurbilgo (Gipuzkoa) 67 urteko ehiztari bat galduta dago atzo goizetik, Cuencan (Espainia). Gizona eta haren lagun bat ehiza barruti batean zeuden. Lagunak eman zuen desagerpenaren berri, ikusita ez ziela erantzuten deiei. Guardia Zibilak adierazi duenez, bila dabiltza atzo goizetik, baina oraingoz ez dute haren arrastorik. Guardia Zibilaz gain, Seprona, Herritarren Segurtasunerako agenteak eta helikoptero bat ari dira bilatzeko lanetan.
2023-10-16
https://www.berria.eus/albisteak/234004/ehigek-hezkuntza-legearen-aurkako-manifestazioan-parte-hartzera-deitu-du.htm
Gizartea
EHIGEk Hezkuntza Legearen aurkako manifestazioan parte hartzera deitu du
Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak deituta, manifestazioa egingo dute urriaren 29an, Donostian. EHIGEren irudiko, EAEko Hezkuntza Lege proiektua ez da eskola publikoak behar duena.
EHIGEk Hezkuntza Legearen aurkako manifestazioan parte hartzera deitu du. Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak deituta, manifestazioa egingo dute urriaren 29an, Donostian. EHIGEren irudiko, EAEko Hezkuntza Lege proiektua ez da eskola publikoak behar duena.
EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartea ez dago ados ontzen ari diren EAEko Hezkuntza Lege berriarekin: «Lege proiektu honek ez du lehenesten eskola publikoa —hurbileko hezkuntza, kohesionatua, laikoa eta euskalduna berma dezakeen bakarra—». Horiek horrela, eskatu dute Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak urriaren 29rako Donostian deitutako manifestazioan parte hartzeko: «Hau ez da ez eskola publikoak eta ez euskal gizarteak behar duen legea». Izan ere, EHIGEren irudiko, lege proiektuak «maila berean» jartzen ditu eskola publikoak eta itunpekoak, «eskola publikoa hezkuntza sistemaren ardatz gisa jarri beharrean»: «Hezkuntza sistema publiko-pribatu duala betikotzen du, azken urteetan ikasleak hautatzen eta gizartea desegituratzen gehien lagundu duten tresnetako bat». Horrek ondorioak ditu, EHIGEren esanetan. Finantzaketan, esaterako: «Inolako baldintzarik gabe, ikastetxe pribatuetara bideratzen ari dira eskola publikoak behar dituen baliabideak». Gainera, haien esanetan, lege proiektuan ez dago asmorik «eskola publikoaren perimetroa handitzeko». Eta euskararen erabilerari eta ezagutzari dagokionez ere, ez dute bermerik ikusten: «Egungo D ereduan ditugun hutsuneei erantzun beharrean ikasle guzti-guztiei euskararen ezagutza eta erabilera bermatuz, atzerapausoak emateko arriskua dago lege proiektuak jasotzen duen esparru eleaniztuna deritzonaren bidez». Halaber, autonomian eta parte-hartze ereduan ere ez dute ikusten aurrerapenik.
2023-10-16
https://www.berria.eus/albisteak/234005/bildarratzek-luzamendu-bat-eskatu-dio-subiratsi-unibertsitateko-ordezkapenen-sistema-berria-ezartzeko.htm
Gizartea
Bildarratzek luzamendu bat eskatu dio Subiratsi unibertsitateko ordezkapenen sistema berria ezartzeko
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eta Joan Subirats Espainiako Gobernuko Unibertsitate ministroak bilera egin dute, unibertsitate lege berriaz hitz egiteko. Bildarratzek esan du ordezkapen sistema berriak «kezka» eragin duela.
Bildarratzek luzamendu bat eskatu dio Subiratsi unibertsitateko ordezkapenen sistema berria ezartzeko. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eta Joan Subirats Espainiako Gobernuko Unibertsitate ministroak bilera egin dute, unibertsitate lege berriaz hitz egiteko. Bildarratzek esan du ordezkapen sistema berriak «kezka» eragin duela.
Joan Subirats Espainiako Gobernuko Unibertsitate ministroak eta Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak bilera egin dute gaur goizean, Madrilen. Hartan, hizpide izan dute LOSU Unibertsitate Sistemaren Lege Organiko berria. Bildarratzek Subiratsi helarazi dio unibertsitate publikoan ordezkapenak egiteko sistema berriak «kezka» sortu duela, eta aplikatzeko luzamendu bat eskatu du. Joan den astean, irakasleek eta ikertzaileek greba egin zuten, «baldintza kaskarrak» salatzeko. Hezkuntza Sailak azaldu duenez, LOSUn jasotako arau berriak galarazi egiten du EHU Euskal Herriko Unibertsitatean egiten diren ordezkapenak lanaldi osokoak izatea, orain arte egin izan diren eran: «Estatuko arauak ezartzen du ordezkapenek ordezkatutako profesionalaren irakaskuntza lana baino ez dutela kontuan hartuko, eta ez ikerketari edo kudeaketari dagokion zatia. Horren ondorioz, ordezkapen berriak irakaskuntzarako bakarrik izango dira, legea onartu aurretik aktibatutako ordezkapenetan ez bezala». Hori dela eta, sailburuak luzamendu bat eskatu du ordezkapenen sistema berria aplikatzeko. Gai nagusia hori izan bada ere, beste batzuk ere izan dituzte hizpide. Besteak beste, unibertsitateko praktikez eta 2023tik 2026rako Unibertsitate Sistemaren Planaz aritu dira. Bildarratzen esanetan, 2.246 milioi euro inbertituko dituzte.
2023-10-16
https://www.berria.eus/albisteak/234006/agharas-elkarteak-salatu-du-poliziak-gehiegizko-neurriak-hartu-zituela-atxilotutako-migratzaileen-aurka.htm
Gizartea
Agharas elkarteak salatu du Poliziak «gehiegizko neurriak» hartu zituela atxilotutako migratzaileen aurka
Zubi azpian bizi ziren 11 pertsona atxilotu zituen Poliziak Barakaldon, administratiboki egoera irregularrean bizitzegatik, orain hiru bat aste. Haietatik zazpiri kanporatze txostena ireki zieten, eta hiruk zituzten justiziarekin argitu gabeko kontuak.
Agharas elkarteak salatu du Poliziak «gehiegizko neurriak» hartu zituela atxilotutako migratzaileen aurka. Zubi azpian bizi ziren 11 pertsona atxilotu zituen Poliziak Barakaldon, administratiboki egoera irregularrean bizitzegatik, orain hiru bat aste. Haietatik zazpiri kanporatze txostena ireki zieten, eta hiruk zituzten justiziarekin argitu gabeko kontuak.
Espainiako Poliziak eta Barakaldoko Udaltzaingoak (Bizkaia) sarekada bat egin zuten irailaren 21ean, herriko zubi baten azpian «egoera irregularrean» bizi ziren migratzaileen aurka, eta Espainiako Atzerritar Legea urratzea egotzi zieten. Barakaldora heltzen direneii gizarte laguntza eskaintzen dien Agharas elkarteko boluntario bati azaldu ziotenez, gazteak identifikatu zituzten, eta paperik ez zutenak Espainiako Poliziak Bilbon duen komisariara eraman zituzten, kanporatze txostena irekitzeko asmoz. Zazpi pertsona polizia etxera eraman zituzten, elkarteko boluntarioak jakinarazi bazien ere pertsona horiek eguneroko formakuntza ikastaroetara eta Lanbiderekin zeukaten hitzordura joan beharra zutela. Migratzaile horiei kanporatze agindua ireki zietela eta, Agharas elkarteak gogora ekarri du bertan bizitzeko baimena ez edukitzea ez dela delitu bat, baizik eta huts egite administratibo bat, eta, beraz, salatu du aberriratzea «gehiegizko neurria» izan dela. Halako atxiloketek kalean bizi direnen «beldurra eta ezegonkortasuna» areagotzen dituela gaineratu du, eta haien osasun mentalari kalte egiten diela. Atzerritar Legeak halako neurriak onartzeak legeak behar duen aldaketa sakona agerian uzten duela iruditzen zaie. Erakundeetara jotzeko deia egin zien Poliziak migratzaileei, lo egiteko toki bila ala gizarte zerbitzuetan hitzordu bila, baina Agharasek salatu du zerbitzu horiek guztiak gainezka daudela eta nabaria dela «baliabide eta tresna estrategikoen falta», pertsona gehiago ezin artatzeraino. Elkarteak adierazi duenez, kalean bizi direnak atxilotzeak delinkuentziarekin lotzea dakar, gizarte bazterkeria elikatzen du, eta, oro har, pobrezia «gehiago kriminalizatzen».
2023-10-16
https://www.berria.eus/albisteak/234007/la-cumbreren-geroa-zehazteko-urratsik-ez-egin-izana-kritikatu-du-eh-bilduk.htm
Politika
La Cumbreren geroa zehazteko urratsik ez egin izana kritikatu du EH Bilduk
Lasa eta Zabalaren bahiketaren 40. urteurrenean, La Cumbre Donostiako Udalaren esku uzteko prozesua izan dute hizpide udaletxean. Uztailean egin zen lagapena martxan jartzeko urrats bakarra.
La Cumbreren geroa zehazteko urratsik ez egin izana kritikatu du EH Bilduk. Lasa eta Zabalaren bahiketaren 40. urteurrenean, La Cumbre Donostiako Udalaren esku uzteko prozesua izan dute hizpide udaletxean. Uztailean egin zen lagapena martxan jartzeko urrats bakarra.
Ostegunean beteko da urtebete Espainiako Memoria Demokratikoaren Legea indarrean sartu eta La Cumbre jauregia Donostiako Udalaren esku uzteari bide eman zitzaionetik, baina oraindik urrun dirudi lagapenak, eta are urrunago eraikina estatuaren biktimak aitortzeko «memoria gune» bilakatzeak. Guardia Zibileko kideek Joxean Lasa eta Joxi Zabala etakideak bahitu zituzteneko 40. urteurrenean, EH Bilduk Donostiako Udal Gobernua interpelatu du gaiaren gainean, baina erantzunak agerian utzi du ez dela urratsik egin azken hiru hilabeteetan. EH Bilduk eta Espainiako Gobernuko alderdiek iazko udaberrian adostutakoaren arabera, Memoria Demokratikoaren Legea onartu eta urtebeteko epean La Cumbreren «lagapenerako hitzarmen bat sustatu» behar da, koalizioaren esanetan, hura estatuaren biktimak aitortzeko gune bilakatu dadin, legeak ezarritako «izaera finalista» kontuan hartuta. Prozesua, baina, koalizioak nahi baino motelago doa, eta egoera jada «kezkagarria» da, EH Bilduko eledun Juan Karlos Izagirreren esanetan. «Ez dugu aurrerapausorik ikusten», adierazi du Ogasun Batzordean. Izagirrek zuzenean egin dio galdera Kerman Orbegozo Ogasuneko eta Finantzetako zinegotziari —Eneko Goia alkatea ez dago Donostian—, eta gogoratu ostegunean beteko dela urtebete Memoria Demokratikoaren Legea onartu zenetik: «Zergatik ez da gauzatu oraindik hitzarmen hau? Jakin nahiko genuke zer urrats eman dituen udalak aukera hau ez galtzeko». Erantzunean, Orbegozok egintzat jo du EH Bilduk adostutako zuzenketan jasotakoa. Izan ere, Ogasun zinegotziaren hitzetan, Memoria Demokratikoaren Legeko hemezortzigarren xedapen gehigarriak lagapena «sustatzea» besterik ez du jasotzen, eta ez urtebeteko epean akordioa ixtea: «Lasai egon gaitezke, hasita dago. Udalaren esku dagoen guztia egin dugu». Era berean, adierazi du Madrilen erantzun baten zain daudela uztailetik. Horiek hala, EH Bilduri exijitu dio kexak Espainiako Gobernuari helaraztea, haren onespenik gabe ezin delako gauzatu lagapena: «Atentzioa ematen du ikusteak EH Bilduk ez duela ekimenik aurkeztu honi buruz ez Kongresuan ez Senatuan». Hala, Izagirreri galdetu dio ea Mertxe Aizpurua eta Gorka Elejabarrieta diputatuek aferaz hitz egin ote zuten Espainiako jarduneko gobernuburu Pedro Sanchezekin, ostiralean izandako bileran. Izagirreren esanetan, baina, EH Bilduk eman du eman beharreko pauso garrantzitsuena: «Tortura eta desagertze zentro bat izan dena Donostiaren esku uztekoa». Beraz, udal gobernuak egindakoei edo egiteko dituenei erreparatzeko eskatu du, eta «arduragabetzat» jo haren jarrera: «Aitor ezazue, ez zaizue gustatu, baina beharrezkoa da Euskal Herrian horrelako zentro bat izatea». Izagirrek hizketagai izan du La Cumbreren geroa ere, eta estatuaren biktimen aitortzarako baliatzearen garrantzia nabarmendu. Hala, egindako bi hitzaldietan eskatu du udalak ere azaldu dezala zertarako baliatu nahi duen eraikina: «Izaera finalista bat zuen akordioak, garbi dago zertarako izan behar duen, eta jakin nahiko genuke ea lanean ari zareten beste instituzio eta eragile sozial batzuekin proiektu bat zehazteko». Izan ere, uste du Eusko Jaurlaritzak eta, «ezinbestean», memoria lantzen duten eragileek parte hartu behar dutela proiektuan. Orbegozok, baina, ez du erantzun, eta, besterik gabe, adierazi du legeak ez duela jasotzen leku hori estatuaren biktimak aitortzeko baliatu behar denik ere: «Esaten duzue ezaugarri finalista duen akordio bat egin zenutela La Cumbre eraikina Donostiaren eskuetara pasatu dadin eta memoria historikoa berreskuratzeko erabili dadin, hain zuzen, estatuak sortutako biktimei eskainita; hori non dago jasota?». «Eskaera ofiziala» Legea iazko urritik martxan den arren, La Cumbreren afera kasik oharkabean pasatu zen uztailaren 17ra arte; legea onartu eta zortzi hilabetera. EH Bilduk Ogasun Batzordean interpelatu zuen Eneko Goia, lagapena gauzatzeko urratsen berri eman zezan. Hark erantzun zuen Espainiako Gobernuarekin harremanetan jarri zirela. Ez zen, ordea, lagapenerako «eskaera ofizialik» oraindik, Espainiako Gobernuak berak EH Bilduri jakinarazi zionez. Hura uztailaren 26an egin zen, EH Bilduk gaiaren inguruan aurkeztutako mozioa udaleko osoko bilkuran eztabaidatu bezperan. Udal gobernuak eskaera bat helarazi zion Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkaritzari, egin beharreko urratsen berri emateko, eta ordezkaritzak erantzun zion Memoria Demokratikorako estatu idazkaritzari bidaliko ziola eskaera hura, gaia «oporren ostean» jorratzeko.
2023-10-17
https://www.berria.eus/albisteak/234008/belgikako-poliziak-hil-egin-du-ustez-atzo-bruselan-bi-suediar-hil-zituen-islamista.htm
Mundua
Belgikako Poliziak hil egin du ustez atzo Bruselan bi suediar hil zituen islamista
Estatu Islamikoko kidea dela adierazi zuen atzo erasotzaileak. Hil egin da Poliziaren tiroen ondorioz.
Belgikako Poliziak hil egin du ustez atzo Bruselan bi suediar hil zituen islamista. Estatu Islamikoko kidea dela adierazi zuen atzo erasotzaileak. Hil egin da Poliziaren tiroen ondorioz.
Belgikako Poliziak zabaldu duenez, Bruselako Schaerbeek auzoko kafetegi batean tirokatu eta hil dute gaur goizean atzo Belgikako hiriburuan fusil batekin bi pertsona hil zituen islamista. Annelies Verlinden Barne ministroak baieztatu du hil duten hori dela erasotzailea, eta erasoan erabilitako arma automatikoa topatu diotela. Atzo gertatu zen erasoa, 21:00ak pasa, hiriburuko erdigunean, Ypres bulebarretik gertu, hain zuzen. Hainbat bideo zabaldu dira sare sozialetan. Dirudienez, moto batean bertaratu zen erasotzailea, eta kalaxnikov motako fusilarekin egin zion tiro ibilgailu bati; hartan zihoazen bi bidaiari hil zituen —suediarrak zirela zehaztu du Poliziak—. Eraikin batean ere sartu zen jarraian; pertsona bati tiro egin zion han. Le Soir egunkariaren arabera, ustezko erasotzaileak EI Estatu Islamikoko kidea dela dio Facebook sare sozialean idatzi duen mezu batean: «Gure erlijioagatik bizi gara, gure erlijioagatik hilko gara, eskerrak Jainkoari». «Allahu akbar» (Ala handia da) ere oihu egin du, lekukoen arabera. Ihes egin du, eta oraindik ez dago atxiloturik. Le Soir -ek informatu duenez, Polizia «terrorismo» ekintza gisa ikertzen ari da tiroketa. Belgikako Fiskaltzako bozeramaile batek ikerketa abiarazi dutela jakinarazi du. Ez du erasoaren arrazoiari buruzko adierazpenik egin. Larrialdi zerbitzuak eta Polizia mobilizatu dira. Alexander de Croo lehen ministroa, Barne ministroa eta Justiziako ministroa Belgikako Krisi Zentroan bildu dira, egoera ikuskatzeko. «Doluminak» adierazi ditu De Crook. Bien bitartean, Belgikako Mehatxua Aztertzeko Koordinazio Organoak 4 mailara igo du «alerta terroristako» egoera. Maila gorena da.
2023-10-17
https://www.berria.eus/albisteak/234034/22-urteko-australiar-baten-gorpua-agertu-da-donostiako-ondarreta-hondartzan-loretopean.htm
Gizartea
22 urteko australiar baten gorpua agertu da Donostiako Ondarreta hondartzan, Loretopean
Donostiako Udalak jakinarazi duenez, Loretopean agertu da gorpua.
22 urteko australiar baten gorpua agertu da Donostiako Ondarreta hondartzan, Loretopean. Donostiako Udalak jakinarazi duenez, Loretopean agertu da gorpua.
Gaur goizean pertsona baten gorpua agertu da Donostiako Ondarreta hondartzan. Donostiako Udalak jakinarazi duenez, 22 urteko australiar bat da hilda agertu den hori. Loretopean agertu da gorpua, eta Donostiako Udaltzaingoa zer gertatu den ikertzen hasi da.
2023-10-17
https://www.berria.eus/albisteak/234037/eaeko-auzitegi-nagusiak-bertan-behera-utzi-ditu-udal-legea-garatzeko-dekretuaren-hainbat-artikulu.htm
Gizartea
EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi ditu udal legea garatzeko dekretuaren hainbat artikulu
Voxen helegite bat aintzat hartu du auzitegiak. Epaia ez da irmoa oraindik; Jaurlaritzak errekurtso bat aurkeztu dezake.
EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi ditu udal legea garatzeko dekretuaren hainbat artikulu. Voxen helegite bat aintzat hartu du auzitegiak. Epaia ez da irmoa oraindik; Jaurlaritzak errekurtso bat aurkeztu dezake.
Aurkako beste epai bat jaso du Euskal Autonomia Erkidegoko udal legeak; oraingoan, legea euskararen alorrean garatzen duen dekretuak. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi ditu dekretuaren 9.2 artikulua, 11. artikuluaren lehenengo atala eta 12. artikulua; 12., 24., 27. eta 36. artikuluen eduki batzuk ere baliogabetu ditu epai berriak. Voxen helegite bat aintzat hartuta ebatzi du hori auzitegiak. Santiago Abascal buru duen alderdiak 2020. urteko urtarrilean aurkeztutako helegitea partzialki hobetsi dute epaileek. Epaia ez da irmoa, ordea; irailaren 28an eman zuten ebazpena, eta, ordutik hasita, Eusko Jaurlaritzak 30 eguneko epea du helegitea aurkezteko Espainiako Auzitegi Goreneko arlo zibileko salan. Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du Jaurlaritzak argudio nahiko dituela helegitea aurkezteko. Bere erranetan, «justizia ezin da helburu politikoekin erabili». Baina zer diote azken epaiak bertan behera utzitako artikuluek? 9.2 artikulua: artikulu horrek dio udalerriek euskaraz lan egiteko neurriak hartuko dituztela, bereziki euskararen bizi eremuetan. Epaiak indarrik gabe uzten du, halaber, dekretuaren 11. artikuluaren lehen paragrafoa, zeinak adierazten duen «udalerriek, beren egoera soziolinguistikoaren arabera», kontuan hartuko dutela hizkuntza ofizialen ahozko eta idatzizko erabilera tokiko organoen barne funtzionamenduan, ekitaldi publikoetan, publizitate kanpainetan, bide publikoaren errotulazioan eta baita administrazio kontratazioan ere. Magistratuek erabat baliogabetu dute 12. artikulua ere. Artikulu horrek zera dio: «Euskadiko tokiko erakundeek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako erakundeek, beren egoera soziolinguistikoaren arabera, euskara zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza normal eta orokor gisa erabiltzea planifikatu eta arautuko dute, hurrengo artikuluetan jasotako irizpideen arabera». Epaiak 18. artikuluaren zati bat ere ezabatzen du, zehazki, dokumentu publikoetan euskara erabiltzearen lehentasuna aipatzen duena. Halaber, 24. eta 27. artikuluetako zenbait atal ezeztatu ditu; atal horiek arautzen dute sektore publikoko erakundeek euskara nola erabili behar duten, eta zehazten du telefono bidezko informazioa edo bozgorailuen bidezko informazioa euskaraz eskaintzea lehentasuna izan behar dutela. Epaiak ezeztatu egiten ditu, halaber, udaletako hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzko dekretuaren 37. artikuluaren zenbait atal. Eta ezabatu egiten du, era berean, edozein dokumentu bi hizkuntza ofizialetako batean bakarrik idatz daitekeela ezartzen duen agindua. Bigarren kolpea Gaur jakin dena udal legeak azken hilabeteetan jaso duen bigarren kolpea da. Aurrez, uztailean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ezeztatu egin zuen legeak udalei euskara hutsean jarduteko ematen dien modua; ondorioztatu zuen «era bidegabean» urratzen zuela horrek «oreka linguistikoa». Kritikatu egin zuen euskararen «aldeko» hautua, hizkuntza eskubideen kontrakoa zela argudiatuta. Sententziaren arabera, zera zen onartu ezin zena: gaztelania erabili ahal izateko, argudiatu behar izatea norbaitek ez dakiela euskaraz. Hori zen Konstituzioa urratzen zuena eta, beraz, kontrako epaiaren arrazoibide nagusia. 2019an, udal legeak adostasun zabala lortu zuen Eusko Legebiltzarrean, eta udalerrietan hizkuntza eskubideak garatzeko ateak ireki zituen. Besteak beste, udalei aitortu zien hizkuntza politikarako eskumena, kontratuetan hizkuntza irizpideak sartzeko aukera, erabat euskaraz egindako dokumentuak balekotzat jotzeko eskubidea, eta hirigintza planek euskararentzat duten eragina aztertu beharra ere ezarri zuen. Baina ez da deus berria. Euskararen erabileraren eta normalizazioaren aldeko neurrien kontra ebatzitako beste askoren segidan datoz azken epaiak: soka luzea da, eta korapiloz beteta dago. Horiek horrela, «oldarraldi judizialaz» ari dira euskalgintzaren inguruko eragile ugari, eta halakoei aurre egiteko neurriak eskatzen ari dira: egiturazko aldaketak. Horregatik, «oldarraldiaren» aurka, azaroaren 4an Bilboko kaleak betetzera deitu du euskalgintzak; Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat</em> izango da leloa.
2023-10-17
https://www.berria.eus/albisteak/234038/urkullu-ez-dago-urduri-laquoinondik-inoraraquo-hauteskundeak-direla-eta.htm
Politika
Urkullu ez dago urduri «inondik inora», hauteskundeak direla eta
Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren ustez, bera «estu hartzen» ari dira 2024ko bozak aurrera ditzan, baina legealdia bukatuko da «bukatzen denean». Ziurtatu du ez duela «inolako kezkarik» EH Bilduk eta PSOEk duten harremana dela eta.
Urkullu ez dago urduri «inondik inora», hauteskundeak direla eta. Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren ustez, bera «estu hartzen» ari dira 2024ko bozak aurrera ditzan, baina legealdia bukatuko da «bukatzen denean». Ziurtatu du ez duela «inolako kezkarik» EH Bilduk eta PSOEk duten harremana dela eta.
Azken asteetan, bat baino gehiago izan dira 2024ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen egunari erreparatu dioten adierazpenak alderdi politikoen ordezkarien artean, eta, haiek aintzat hartuz, gero eta indar handiagoa hartzen ari da ekain-uztailetarako beharko luketen bozak aurreratu egin daitezkeelako ustea, martxora adibidez. Bada, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk esan du hauteskunde horietara deituko duela «une egokia» dela uste duenean; «baina lan asko dugu egiteko», erantsi du, Japonian egiten ari den bidaiaren barruko agerraldi batean. Izan ere, hauteskunde aurrerapenaren ustea zabaltzea beste eragile batzuen bizkar utzi du. Urkulluk uste du bera «estu hartzen» ari direla 2024ko bozak aurrera ditzan. Edonola ere, Urkullu ez dago urduri, «inondik inora», Legebiltzarrerako hauteskundeak direla eta. «Batzuek hori helarazi nahi diote gizarteari, baina oso lasai nago, bakarrik lehendakari bezala dudan arduran jarrita baitaukat arreta». Gaineratu du indarrean dagoen legealdia bukatuko dela «bukatzen denean». «Kudeaketan eta Eusko Jaurlaritzaren lidergoan buru-belarri sartuta nago; niri dagokit jasotako arduraren eginbeharra, eta ez daukat beste kezkarik». EAJk ez du abiarazi oraindik haren lehendakarigaia aukeratzeko prozesua, eta Urkulluk gogoratu du badirela dagoeneko beste alderdietako hautagai batzuk, «hauteskunde aurrerapenaren aurreikuspena egin dutelako». Jaurlaritzako buruak erantsi du ez dakiela «interpretazio horien oinarria» zein den: «Lehendakariak Legebiltzarra desegingo du, eta hauteskundeetara deituko du unea iritsi dela uste duenean, jakinda lan asko geratzen zaigula egiteko». Tramitazioan badirela «proiektu garrantzitsuak» gogorarazi du. Horien artean, Hezkuntza Legearena da garrantzitsuena. EH Bildu-Sanchez argazkia Batera edo bestera, Gasteizko gobernuburuak uste du «deigarria» dela «gertatzen ari den eztabaida» bozen deialdiari begira. «Ustezko tentsio bat helarazten ari dira, Jaurlaritzan eta Lehendakaritzan legokeen ustezko urduritasuna». Urkulluk dio «giro politiko eta sozialarekin» bera estutzen saiatzen ari direla, baina ez duela bere burua estu hartuta sentitzen. Espainiako gobernu bat eratzeko negoziazioen inguruan, berriz, Urkulluk garrantzia kendu dio aurreko astean EH Bilduko eledunek eta Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidenteak eskaini zuten argazkiari. Otegik esan du argazki horrek «beste aro politiko bat» islatzen duela, «nahiz eta batzuek eta besteek ez duten hori nahi». Bada, Jaurlaritzako lehendakariaren arabera, ez dago «aro politiko barri bat» EH Bilduren eta PSOEren arteko harremanetan. Harreman hori «2000ko hamarkadan hasi» zela uste du, Jose Luis Rodriguez Zapatero Madrilgo gobernuan zegoela. «Orduan hasi zen fase politiko bat, Jose Maria Aznarrekin egon zena eta gero, uharteetatik penintsulara hark egindako preso hurbilketarekin, Genevan egon ziren elkarrizketen barruan». Urkulluren ustean, «tarte politikoek bere ñabardurak dituzte», baina «gehiegizkoa» iruditzen zaio «egungo tarteari aro politiko esatea». Nolanahi ere, ziurtatu du ez duela «inolako kezkarik» koalizio abertzaleak eta PSOEk duten harremana dela eta. Horiek horrela, PSE-EEk ere eman du iritzia aro politiko berri bat abiatu ote den, betiere Otegiren hitzei loturik. Idoia Mendia Jaurlaritzako lehendakariordeak esan dio EH Bilduko koordinatzaile nagusiari «Euskadiko fase politikoa 2011ko urrian» aldatu zela, ETAk atentatuak egiteari utzi zionean: «Hori izan zen mugarri bat euskal politikan eta Espainiako politikan, eta hori da daukagun aldaketa handia, ez argazki bat». Radio Euskadin egindako adierazpenetan, Mendiak ziurtatu du PSEk eta EH Bilduk harreman «normalizatua» dutela gaur egun. Eusko Legebiltzarrean, «akordio gurutzatuak» lortzen direla azaldu du, «indar politiko guztien artean, baita PPrekin ere, nahiz eta Madrilgo beren alderdikideei beste gauza bat esaten dieten». Eta zenbait udaletan ere, «EH Bildurekin akordioak» egiten direla erantsi du PSE-EEko kideak. Ortuzarrek nahi duen «jauzia» EAJko Euskadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek, berriz, Madrilen izaten ari den negoziazioari buruz hitz egin du, Pedro Sanchez bihur dadin atzera Espainiako presidente. TVEn egindako elkarrizketa batean, EAJko buruak garbi esan du Sanchezek «zehatz-mehatz» bete behar duela «oraindik zain dagoen» transferentzien prozesua. Euskal autogobernuan «jauzi bat» gertatzea nahi du Ortuzarrek, aurreko legealdian sortutako «itzalak uxatzeko». Modu horretan jasoko luke Sanchezek EAJren babesa bere inbestiduran, eta hortik harago ere bai, beharbada. Jeltzaleen burua ez dago ados Kataluniako prozesuarekin lotutako amnistiari «ematen ari zaien izaera merkantilistarekin»; alegia, soilik zazpi boto lortzeko truke hotza delako ustearekin. Neurri hori «oinarrizkotzat» jo du «prozesu demokratiko bat egon dadin» eta Kataluniak «zauriak osa ditzan». Nolanahi ere, Ortuzarrek esan du «oraingoz» ez dela harreman gehiago egon PSOEren eta EAJren artean, Madrilgo gobernua eratzeko negoziazioaren barruan. Gogoratu du EAJko Kongresuko eledun Aitor Estebanek «proposamen zehatz bat» egin diola Sanchezi: «Ezagun zaharrak gara. EAJ izan zen lehen alderdia 2019ko Sanchezen inbestidura erabakitzen eta iragartzen. Beraz, ia lau urteko ibilbidetik gatoz harreman horretan». Eta ibilbide horretako hurrengo mugarriak zein beharko lukeen ere helarazi du: «Azken urte hauetan zain geratu diren konpromisoak mahai gainean jartzea eta segurtasunak nahiz egutegiak egotea haiek betetzeko». Autogobernuan «jauzi bat» ikusten du EAJk «ortzimugan», «Euskadi delako erkidego bakarra bere estatutua berritu gabe duena eta osatu gabe duena ere». Hori esanda, euskal indar politikoen arteko elkarrizketa behar dela gaineratu du, baina baita «Euskadiren eta Madrilen artekoa ere», jauzi hori gerta dadin «autogobernuaren estatus berri baterako».
2023-10-18
https://www.berria.eus/albisteak/234039/ehunka-biktima-israelek-gazako-ospitale-bati-egindako-erasoan.htm
Mundua
Ehunka biktima, Israelek Gazako ospitale bati egindako erasoan
Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 500 baino gehiago dira hildakoak. Bi aldeen arteko azken bost gerretako eraso hilgarriena litzateke. Israelgo armadak Jihad Islamikoari egotzi dio erasoa
Ehunka biktima, Israelek Gazako ospitale bati egindako erasoan. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 500 baino gehiago dira hildakoak. Bi aldeen arteko azken bost gerretako eraso hilgarriena litzateke. Israelgo armadak Jihad Islamikoari egotzi dio erasoa
Israelek jarraitzen du bereizketarik egin gabe Gazari eraso egiten, eta, bonbardaketa batek ehunka biktima eragin zituen, bart, zerrendako iparraldeko Al-Ahli Arabi ospitalean. Hori jakinarazi du Gazako Osasun Ministerioak, ohar baten bidez. «Ehunka zauritu, gaixo eta behartutako desplazatuak zeuden ospitalean». Iturri beraren esanetan, hildakoak 500 baino gehiago dira, eta ehunka pertsona hondakinen azpian daude. Qatargo Al Jazeera telebistaren arabera, aurrez abisatu gabe bonbardatu dute erietxea. Israelgo armadak erasoaren egilea dela ukatu du, eta Jihad Islamikoari egotzi dio egiletza, aipatuz talde armatu horrek «oker jaurtitako suziri batek» jo duela zerrenda iparraldeko ospitalea; hori adierazten dutela «inteligentzia txostenek», eta ez dituztela «eraikin zaurgarriak» bonbardatzen. 2008az geroztik bi aldeen artean izandako bost gerretan Israelek egindako bonbardaketa hilgarriena litzateke, Palestinako Defentsa Zibileko bozeramaile Mahmoud Basalek Al Jazeeran nabarmendu duenez. «Honelako sarraskirik ez da izan gure historian. Eduki ditugu tragediak aurreko gerretan, baina hau genozidio baten parekoa da». Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buruak jakinarazi du hiru dolu egun egingo dituztela: «Israelek lerro gorri guztiak hautsi ditu» Horiek horrela, joan den urriaren 7an gatazka hasi zenetik 3.000tik gora palestinar hil eta 12.500 baino gehiago zauritu ditu Israelek, Gazako Osasun Ministerioaren arabera. Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak datu bat plazaratu du, gaur: Gazako azken gerran hildakoen herenak adingabeak dira. Egiptok, Kanadak, Turkiak, Qatarrek eta OME Osasunaren Mundu Erakundeak, besteak beste, bonbardaketa gaitzetsi dute. Baita Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak ere; esan du ez dagoela ospitale bat erasotzea justifikatu dezakeen aitzakiarik, baina erasoa ez dio Israeli egotzi. Palestinako Gurutze Gorriaren kide batek Al Jazeerari adierazi dionez, ospitalean zeudenetako asko ziren Israelek orain egun batzuk egindako ultimatumari jarraikiz Gaza iparraldetik alde egindakoak, baina hegoaldera bidaiatu ezin izan zutenak. «Ospitale batean bilatu zuten babesa, pentsatuz toki seguru bat izango zela. Baina hori ez da horrela Gazan, ez da horrela Palestinan. Hau gerra krimen bat da, genozidio bat». Al Ahli ospitale kristaua, 1882an irekia, Gazako zaharrena zen. Bart egindako erasoari erantzunez, Ekialde Hurbilean, Afrika iparraldean eta Europan milaka lagun irten dira kalera bonbardaketa gaitzestera. Zisjordanian oso jendetsuak izan dira erasoa gaitzesteko protestak. Besteak beste, mobilizazio nabarmenak izan dira, Libanon, Iranen, Iraken, Turkian, Marokon, Siria, Qatarren eta Tunisian. Beirut Libanoko hiriburuan, adibidez, su eman diote AEB Ameriketako Estatu Batuetako enbaxadari, harriak bota dizkiote Frantziakoari, eta NBEren egoitza batean sartzen saiatu dira. Israelgo enbaxadaren aurka ere egin dute, baina Poliziak sakabanatu ditu. Protesta oldea espero da herrialde arabiarretan. Biden Israelen Eta eraso handi hori heldu da Joe Biden AEBetako presidentea Israelera iritsi bezperan. Gazatik milaka kilometrora egonda ere, Etxe Zuria gertutik aztertzen ari da Israelen eta Palestinaren arteko gatazka, AEBak baitira Israelen aliaturik indartsuenak. Biden Israelera joango da hango lehen ministro Benjamin Netanyahuri «elkartasuna berresteko» eta harekin «gatazkaren hurrengo faseak eztabaidatzeko». Ondoren, Jordaniako errege Abdullah II.arekin eta Egiptoko presidente Abdel Fattah al-Sisirekin biltzekoa zen, baina Ayman Safadi Jordaniako Atzerri ministroak gauean jakinarazi duenez, bart erietxeari egindako erasoaren ondoren, herrialde arabiarrak bertan behera utzi du Ammanen egitekoa zen bilera. Abbas Ammaneko bilkurara joatekoa zen, baina erabaki bera hartu du PANeko buruak ere; ez da Bidenekin bilduko, eta Ramallahra itzuli da. Erabaki horren ostean, Etxe Zuriak iragarri du atzeratu egingo duela presidentea Jordaniara egitekoa zen bisita. AEBak Israelen alde lerratu dira gerra hasi zenetik, eta jarrera horri eutsiko dio Bidenek gaur ere. «Presidenteak [Biden] berretsiko du Israelek eskubide osoa duela bere herria Hamasek egindako masakretik eta erasoetatik defendatzeko», aurreratu du AEBetako Estatu idazkari Antony Blinkenek. Oraingoz, Washington ez da zuzenean gatazkan sartu, baina prest dago Tel Avivi «laguntza militarra eta ekonomikoa» emateko. Hain justu, arlo horretan Netanyahuk dituen «beharrak» entzungo ditu bihar, eta, Blinkenek ziurtatu duenez, «horiek asetzeko lanean jarraituko dute». Prestutasun eta aliantza horren erakusle, AEBek Ekialde Hurbilean dituzten 2.000 soldadu «alertan» jarri zituen atzo Pentagonoak. AEBetako Defentsa idazkari Lloyd Austinek eman du mugimenduaren berri, baina ziurtatu du «oraingoz» ez dutela erabaki tropa horiek zuzenean gatazkan parte hartuko dutenik, baina, gatazka zabaltzen bada, «horretarako prest egongo dira». Egoera Gazan Bart egindako eraso handiak, ordea, ez ditu gainontzeko erasoak eten: Palestinako Felesteen berri agentziak jakinarazi duenez, beste bonbardaketa batek gutxienez 37 lagun hil ditu Gaza iparraldean gaur gauean. Ez AEBek, ez Israelek gor egin ezin dioten tentsio gune bat ere badago Ekialde Hurbilean: Rafahko pasabidea. Egiptoren eta Gazaren arteko mugan dago Gazako pasabide hori, eta nazioarteko giza laguntza hara iristeko bide bakarra da. Pasabidea noiz gurutzatzen utziko dieten zain daude milaka lagun, baina Israelek eta Hamasek ez dute hori irekitzeko su eten bat adosteko asmorik. Haatik, giza laguntza Gazara iritsi ahal izateko, Biden saiatuko da Netanyahu konbenzitzen «Washingtonekin elkarlanean plan bat eratzeko». Hori bai, laguntza humanitarioaren harira, ohartarazpen bat egin du Israelgo Segurtasun Nazionalerako bozeramaile Tzachi Hanegbik, agerraldi batean: hori Hamas erakunde islamistaren esku geratzen bada, laguntza bertan behera utziko dutela. Egunetik egunera egoera makurragoa da Gazan bizi diren bi milioi pasatxo herritarrentzat. Gaur bete da astebete zentral elektrikoa erregairik gabe gelditu zela. Ordutik, erreserbako erregaiarekin jarraitu dute lanean Gazako ospitaleetan, baina UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak ohartarazi du biharko amaituko direla horiek. Medikamentu eskasiaz ere jakinarazi du erakundeak. Nazioarteak badu arrisku horren berri, eta, halere, oraingoz huts egin dute Gazara giza laguntza bidaltzeko bi aldeen arteko su eten bat adosteko saiakerek. Herenegun, NBE Nazio Batuen Erakundeko segurtasun kontseiluak bertan behera utzi zuen Errusiak aurkeztutako su etenerako proposamena. Moskuk planteatzen zuen Hamasek bahitutako guztiak aske uztea, eta, trukean, elikagaiak, osasun baliabideak eta erregaia Gazara eramateko pasabide bat irekitzea. Proposamenak gutxienez bederatzi boto behar zituen aurrera egiteko, baina bost herrialdek bakarrik egin zuten alde: Errusiak, Txinak, Arabiar Emirerri Batuek, Mozambikek eta Gabonek. Ekialde Hurbila, kolokan Orain, kezka nagusi bat dute AEBek: gatazka Ekialde Hurbilera zabaltzea. Izan ere, Libanoko frontean borrokak areagotu egin dira azken hiru egunotan, eta atzo abisua eman zuen Libanoko Atzerri ministro Bou Habibek: «Ez gara gerraren aldekoak; bakea nahi dugu eskualderako. Baina suarekin jolasten ari da Israel». Antzeko ohartarazpena egin du Jordaniako errege Abdullah II.ak, Alemaniako kantziler Olaf Scholzekin bildu ondoren: «Gatazka zabaltzearen arriskua benetakoa da, eta horren ondorioak guztiontzat izango lirateke gogorrak». Haren arabera, Jordaniak badu Israelek gainditu behar ez lukeen «marra gorri bat»; hots, Gazako desplazatuak Egiptora edo hara bidaltzea. Azkenik, Irango lider goren Ali Khameneik mehatxu egin dio Israeli: «Erregimen sionistak Gazako herritarren aurkako krimenak eteten ez baditu, inor ez da gai izango [Ekialde Hurbileko] erresistentzia taldeak eta musulmanak gelditzeko». Bien bitartean, Netanyahuk iragan larunbatean iragarritako «hurrengo fasea» noiz hasiko zain daude Gazan, Ekialde Hurbilean eta, oro har, nazioartean. Orain arte, ia ziurra zen lehorreko ofentsiba bat litzatekeela delako fase hori. Baina Israelgo armadako bozeramaile Richard Hechtek beste norabide posible baten berri eman du gaur: «Gerraren hurrengo faserako prestatzen ari gara. Lehorreko ofentsiba baten inguruan ari dira hitz egiten guztiak, baina baliteke beste zerbait izatea». NBEk jakinarazi duenez, milioi bat desplazatu eragin dituzte borrokek. Israelgo Gobernuak emandako datuen arabera, berriz, 1.400 lagunetik gora hil eta 3.500 zauritu dituzte milizia palestinarrek. Bestalde, gutxienez 199 israeldar dira Hamasek bahitutakoak.
2023-10-17
https://www.berria.eus/albisteak/234040/iberdrola-epaitegietan-argindarraren-prezioa-puztu-zuela-leporatuta.htm
Ekonomia
Iberdrola epaitegietan, argindarraren prezioa puztu zuela leporatuta
Konpainia eta lau zuzendari epaitzen hasi da gaur Espainiako Auzitegi Nazionala. 85 milioi euroko isuna jaso lezake enpresak
Iberdrola epaitegietan, argindarraren prezioa puztu zuela leporatuta. Konpainia eta lau zuzendari epaitzen hasi da gaur Espainiako Auzitegi Nazionala. 85 milioi euroko isuna jaso lezake enpresak
Iberdrolaren eta zuzendaritzako lau kideren aurkako epaiketa hasi da gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean, 2013an enpresak argindarraren prezioa puztu zuela ebatzi baitzuen CNMC Espainiako Merkatuen eta Lehiaren Batzordeak. Baliteke 8 5 milioi euroko isuna jasotzea Iberdrolak, eta zuzendariek bi urteko kartzela zigorra; hori da Antonio Romeral fiskalaren eskaria. Angel Chiarri, Gregorio Relaño, Jose Luis Rapun eta Javier Paradinas dira akusatuak, eta oraindik ere ardura postuak dituzte enpresaren barruan. Chiarri izan da gaur deklaratu duen lehena eta bakarra. 2013an Iberdrola Generacioneko energia kudeaketaren zuzendari zen, eta ukatu egin du enpresak argindarraren prezioa puzteko «estrategiarik» zuenik. Prezioak automatikoki ezartzen direla adierazi du Chiarrik, eta gehitu du enpresa batek hori manipulatzeko ahalmenik ez duela. Beraz, garai horretako argindarraren prezioen igoera merkatuaren joerengatik jazo zela nabarmendu du. Bestalde, gertakarien egun horietan Iberdrolak galerak izan zituela ere esan du. Aste batzuk iraungo du epaiketaren lehen faseak, zortzi saio izango baitira, eta, akusatuez gain, hainbat lekukok deklaratuko dute, Madrilgo San Fernando de Henares udalerrian. Ustelkeriaren aurkako fiskaltzaren ustez, Iberdrolaren trikimailuek 107 milioi euroren kalteak sortu zituen, eta horietatik 96,7 milioi kontsumitzaileek ordaindu zituzten, eta gainontzekoa argindar merkaturatzaileek. Iberdrolak urte horretan lortutako mozkinen %3,3 da hori. Hori dela eta, Iberdrolak eta zuzendariek hainbat akusatzaile dituzte: fiskaltza publikoaz gain, Facua kontsumitzaileen elkartea herri akusazio gisa aurkeztu da, eta Geoatlander, Axpo Iberia eta Belegi Invest, enpresa merkaturatzaileak akusazio partikular gisa. 2013ko gertakariak Duela ia hamar urtekoak dira Iberdrolari egozten zaizkion gertakariak. Epaiketaren instrukzio fasean CNMCk eta fiskaltzak egiaztatu dutenaren arabera, Iberdrolaren argindar produkzio filialak, Iberdrola Generacionek, hainbat ibaietako zentral hidroelektrikotan energiaren prezioa puztu zuen. 2013ko azaroaren 30etik abenduaren 23ra Douro, Sil eta Tajo ibaietako zentral hidroelektrikoetan ekoitzi behar zuen energiaren prezioa puztu zuen Iberdrola Generacionek, eguneko merkatuko prezioaren goitik, «arrazoi legitimorik gabe», fiskaltzaren arabera. Eskariaren bateratu gabe geldituta, zentralek ez zuten argindarrik ekoitzi, eta, horrela, bidea eman zen ziklo konbinatuko argindar garestiagoa sartzeko argindarraren azken prezioa ezartzen den enkantean. Horrekin, elektrizitate guztia ziklo konbinatuen prezioan ezarri zen, kontsumitzaileen eta merkaturatzaileen kalterako. Fiskaltzaren datuen arabera, egun horietan %126 garestitu zen argindarraren prezioa. Instrukzio fasea 2015ean hasi zen, eta 2017an Guardia Zibilak eta Polizia Judizialak Iberdrolaren Bilboko eta Madrilgo egoitzak miatu zituen, eta bertan aurkitu zituzten dokumentu batzuk irakurri ostean ondorioztatu zuten enpresak bilera informal batzuetan jartzen zituela zentral hidroelektrikoetan ekoiztutako argindarraren prezioak. Iberdrolak dio lehorte aurreikuspena izan zela zentral hidroelektriko horiek argindarrik ez ekoizteko arrazoia, aste horietan energia erosle izan zela, eta prezioen igoerek kalte eragin ziotela.
2023-10-17
https://www.berria.eus/albisteak/234041/haizea-windek-295-langile-kontratatu-nahi-ditu-bere-lantegi-berrirako.htm
Ekonomia
Haizea Windek 295 langile kontratatu nahi ditu bere lantegi berrirako
Galdaragileak, soldatzaileak, garabi gidariak eta ingeniariak behar ditu, besteak beste.
Haizea Windek 295 langile kontratatu nahi ditu bere lantegi berrirako. Galdaragileak, soldatzaileak, garabi gidariak eta ingeniariak behar ditu, besteak beste.
2023. urtea bukatu bitartean 295 langile kontratatzeko asmoa du Haizea Windek, Bilboko portuan eraiki duen lantegi berrirako. Haizea Bilbao izena izango du fabrikak, eta zutabe edo ziri bakarreko dorreak eraikiko ditu bertan. Itsas azpiko lurrean finkatzen diren 130 metroko altzairuzko dorreak dira, eta hari lotzen zaizkio haize errotak. Gaur egun, 10-12 megawatt-eko haize errotentzat, zutabe bakarreko dorreek 8-9 metroko diametroa dute, 80-90 metro luze dira eta 1.500 tona inguruko pisua dute. Neurri horietako piezak egiteko gai den Europako fabrikatzaile gutxietako bat da Haizea Bilbao. Etorkizunean, 20 megawatt bitarteko haize errotekin arituko da; zutabe bakarrekoek 14-15 metroko diametroa izango dute, 130 metro luze ere izango dira eta 3.500 tona bitarteko pisua izango dute. Haizea Windek jakinarazi du galdaragileak, soldatzaileak, garabi gidariak, margolariak eta ingeniariak behar dituela. Kontratu egonkorrak agindu dizkie, «hedapen betean dagoen proiektu batean». Formakuntza jarraitua ere eskaini die, «Europako erreferentziazko fabrika batean». Bizkaian, 2018. urtetik Haizea Windek haize errotetarako dorreak eraikitzeko lantegi bat du 2018az geroztik Bilboko portuan, Zierbenako lurretan. Iazko otsailean iragarri zuen ziri bakarreko dorreak egiteko beste fabrika bat eraikitzeko asmoa zuela. Egungoak 48.000 metro koadro ditu, eta berriak 53.000 izango ditu. Alderik handiena egituraren altueran egongo da, ziri bakarreko dorreak handiagoak eta astunagoak baitira —3.500 tona bakoitzak— , eta toki gehiago behar da haiek mugitzeko. 150 milioi euroren inbertsioa egingo du. Proiektua iragarri zuenean ziurtatu zuen planta berrian 350 behargin arituko zirela eta Danimarkako Orstded energia enpresak egindako eskaera bati erantzungo ziola haren bidez. Lantegiaren lehen harria aurtengo martxoan jarri zuten, eta orduan jakinarazi zuten beste enkargu bat ere bazutela: ziri bakarreko 50 dorre eraikitzea Iberdrolaren Scottish Power adarrarentzat. Dorre horiek East Anglia Three parke eoliko erraldoian jarriko dituzte, Ingalaterra ekialdeko kostaldean, Ipar itsasoan. Parke horrek 1,4 gigawatt-eko ahalmena izango du, milioi bat etxebizitza hornitzeko adina. Haizea Wind taldea 2017an sortu zen, Grupo WEC eta Tecnoaranda enpresak batzearen ondorioz. Lehen fabrika hurrengo urtean ireki zuten, Santa Fen (Argentina). Iaz, berriz, beste lantegi bat jarri zuten martxan, Haizea Breizh izenekoa, Brest-eko portuan (Bretainia). Gaur egun, 1.200 langile ditu taldeak, eta, iaz, 250 milioi euroren salmentak egin zituen. Enpresaren bezerorik onena Siemens Gamesa da.
2023-10-17
https://www.berria.eus/albisteak/234042/indiako-gorenak-uko-egin-dio-sexu-berekoen-arteko-ezkontza-legeztatzeari.htm
Mundua
Indiako Gorenak uko egin dio sexu berekoen arteko ezkontza legeztatzeari
Epaileek argudiatu dute «legeak interpretatu eta praktikan jartzen» dituztela, eta parlamentuari dagokiola aferaz legeak egitea. Elkartze hori legezko bilakatzearen kontrakoa da gobernua.
Indiako Gorenak uko egin dio sexu berekoen arteko ezkontza legeztatzeari. Epaileek argudiatu dute «legeak interpretatu eta praktikan jartzen» dituztela, eta parlamentuari dagokiola aferaz legeak egitea. Elkartze hori legezko bilakatzearen kontrakoa da gobernua.
Indiako Auzitegi Gorenak uko egin dio sexu berekoen arteko ezkontza legeztatzeari, argudiatuta auzitegiak ez dituela legeak egiten, eta, beraz, parlamentuari dagokiola afera horretaz aritzea. Dhananjaya Yashwant Chandrachud epaileburuak gaur azaldu duenez, haien zeregina «legeak interpretatzea eta praktikan jartzea» da: «Parlamentuaren eta diputatuen eskumena da ezkontza homosexualarekin zerikusia duten legeak sustatzea». Erabaki horrekin, epaileek arrazoia eman diote gobernuak defendatzen duen jarrerari; hori bai, New Delhiri ohartarazi diote pertsona horien eskubideak defendatu behar dituela, eta haien kontrako diskriminazioa amaitzeko lan egin behar duela. «Elkartze batean sartzeko eskubidea ezin da mugatu sexuaren arabera. Gobernuak batzorde bat eratu behar du erabakitzeko zeintzuk diren elkartze homosexualen eskubideak eta onurak». Chandrachuden arabera, «adostasunak eta desadostasunak» izan dira Auzitegi Goreneko bost epaileen artean, sexu berekoen arteko ezkontzen aferan «noraino iritsi» erabakitzeari dagokionez; azkenean, horietako hiruk kontra bozkatu zuten, eta beste biek oraindik ez dute argitara atera beren iritzia, baina epaileburuak iradoki du alde agertu zirela. Afera joan den apirilean iritsi zen Gorenera, eta ia bi hilabetez entzun zituzten bi aldeen argudioak. Zenbait bikotek aurkeztu zuten Ezkontza Berezien Indiako Legea aldatzeko eskaria, argudiatuta sexu berekoen arteko ezkontza legezkoa ez izateak LGTBI komunitatearen eskubide konstituzionalak urratzen dituela. Lege hori laikoa da, eta, beraz, ez da hinduismoaren, islamaren eta kristautasunaren ezkontza legeen araberakoa —herrialdean badira horien araberako legeak—; hain justu, erlijio desberdinetako pertsonen arteko ezkontzak baimentzen ditu testu horrek, baita ezkontza zibilak ere. Ez, ordea, sexu berekoen artekoak. Gobernua, gainera, moldaketaren kontra agertu da hasiera-hasieratik, eta zera argudiatu du: ezkontzak soilik gizon baten eta emakume baten arteko batasunari egiten diola erreferentzia. Are, New Delhirentzat, ezkontza homosexuala «elitista eta urbanoa» da, eta hori «eta Indiako familia unitate kontzeptua [senar bat, emazte bat eta haur bat] ez dira bateragarriak», Auzitegi Gorenari idatziz adierazi zionez. Nepal eta Taiwan, Asiako bakarrak Asian, Nepal eta Taiwan dira herrialde bakarrak sexu berekoen arteko ezkontza legeztatu dutenak. Besteak beste, kontinenteko herrialde askotan ideia kontserbadoreek pisua baitute oraindik ere. Edonola ere, Indian eman dituzte aurrerapausoak. 2018an, esaterako, Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen Erresuma Batuaren kolonialismo garaiko (1858-1947) lege bat, zeinak homosexualitatea debekatzen zuen, eta hamar urtera arteko espetxealdiak aurreikusten zituen haientzat. Eta, oro har, pixkanaka bada ere, badira hamar urte Indiako LGTBI kolektiboari geroz eta eskubide gehiago onartzen dizkiotela; gehienbat, Auzitegi Gorenaren erabakiei esker.
2023-10-17
https://www.berria.eus/albisteak/234043/familiak-ezkorrago-daude-ekonomiaren-egoerarekin.htm
Ekonomia
Familiak ezkorrago daude ekonomiaren egoerarekin
Laboral Kutxaren azterketa baten arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako familiek ez dute erosketa handiak egiteko asmorik.
Familiak ezkorrago daude ekonomiaren egoerarekin. Laboral Kutxaren azterketa baten arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako familiek ez dute erosketa handiak egiteko asmorik.
Gaur egungo ekonomian, herritarren konfiantza faktore garrantzitsua da, haren arabera mugitzen baita gastuaren parte handi bat, eta gastu horrek pisu handia baitu jarduera ekonomikoan. Bada, alde horretatik oso baikor egoteko arrazoirik ez du ematen Laboral Kutxak hiru hilean behin kaleratzen duen Euskal Kontsumitzaileen Konfiantza azterketak. Haren arabera, ezkortasuna zabaldu egin da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako familien artean. Konfiantza indizeak zenbaki negatiboetan darama COVID-19a agertu zenetik, eta okerrera egin du azkenaldian: -7 zen bigarren hiruhilekoan, eta -13 hirugarrenean. Datu hori bera dago Espainian, eta are okerragoa Frantzian (-15), Alemanian (-14) eta EB osoan (-17). Ohikoa denez, familiak ezkorrago daude egoera ekonomiko orokorrarekin (-25), beren egoera propioarekin baino (-16), baina zenbaki batek zein besteak okerrera egin dute. Halaber okertu da langabeziari buruzko kezka (-6), nahiz eta lanik ez dutenen kopuruak beherantz jarraitzen duen. Ezkortasun horren ondorioz, ugaritu egin dira hurrengo hamabi hilabeteetan gutxiago erosiko dutela diotenak, %27tik %29ra. Gehiago erosiko dutenak, berriz, %20tik %17ra igaro dira. Erosketa handietarako gogoa ere apaldu da. Hurrengo urtean etxebizitza bat erosiko dutela ziurtzat jotzen dutenak %0,9 baizik ez dira (%1,1, bigarren hiruhilekoan); auto bat erosteko asmoa dutenak, berriz, %3,9 (%4,8).
2023-10-17
https://www.berria.eus/albisteak/234044/zupiriak-dio-udal-legearen-epaiari-helegitea-jartzeko-arrazoiak-badaudela.htm
Gizartea
Zupiriak dio udal legearen epaiari helegitea jartzeko arrazoiak badaudela
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen iritziz, «justizia ezin da helburu politikoekin erabili». Euskalgintzaren Kontseiluarentzat epaia «larritasun handikoa» da.
Zupiriak dio udal legearen epaiari helegitea jartzeko arrazoiak badaudela. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen iritziz, «justizia ezin da helburu politikoekin erabili». Euskalgintzaren Kontseiluarentzat epaia «larritasun handikoa» da.
EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi ditu udal legea garatzeko hainbat artikulu. Epai hori ez da irmoa, Eusko Jaurlaritzak helegitea jartzen ahal baitio. Hala, Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du Jaurlaritzak nahikoa argudio dituela hori egiteko, baina ez du zehaztu jarriko duten edo ez. Haren erranetan, «justizia ezin da helburu politikoekin erabili». Izan ere, Vox alderdiak aurkeztutako helegite bat izan du kontuan epaileak bere erabakia hartzeko. Zupiriak gobernu kontseiluaren osteko agerraldian egin ditu adierazpen horiek, eta erran du udal legea «adostasun zabal batekin onartu» zela. Gainera, EAEko Auzitegi Nagusia kritikatu du: «Espainiako Konstituzio Auzitegia bera baino urrutiago joan dira dekretu honen azterketa egiterakoan eta sententzia onartzerakoan». Hori guztia kontuan hartuta, berretsi du Jaurlaritzak badituela nahikoa arrazoi helegitea aurkezteko. Jaurlaritzan ez ezik, euskalgintzaren alorrean ere oihartzuna izan du epaiak, eta erreakzio andana ekarri ditu. Euskalgintzaren Kontseiluak, erraterako, Zupiriak errandakoa baieztatu du: «Azpimarratzekoa da Eusko Legebiltzarrean adostasun oso handiz hartutako legea zela udal legea eta, ondorioz, haren garapena den baliogabetutako dekretu hau. Eta euskal gizartean oso ordezkaritza murritza duen alderdi baten bulkadaz bultzatu dela epai hau, eta, beraz, adostasun sozial oso zabal baten aurkakoa dela». Hala, epaia «larritasun handikoa» dela adierazi du Kontseiluak, X sare sozialean zabaldutako mezu baten bidez lehenik, eta ohar bidez gero: «Azken sententzia honek ukatu egiten du euskararen normalizazioaren aldeko politika publikoak behar direla edo egingarri direla». Gogoratu du uztailean Espainiako Auzitegi Konstituzionalak partzialki baliogabetu zuela EAEko udal legearen artikulu bat, eta erabaki hura jada larritzat jo zutela. Gaurkoa lehenbiziko erabaki haren «luzapen» gisa identifikatu dute. Haien erranetan, udal legean eta garapen dekretuan «euskararen normalizazioaren eta euskal hiztunen bizimodua normalizatzearen aldeko neurriak» hartzen dira, eta bertako hainbat artikulu baliogabetuz «euskararen normalizaziorako bidea egitea posible dela ukatzen ari dira». «Kezkaz» jaso dute epaia, eta aitortu dute «zoritxarrez» argudio gehiago ematen dizkiela datorren azaroaren 4ko manifestazioan «oldarraldi judiziala» salatzeko. «Zoritxarrez diogu, nahiago genukeelako oldarraldiak etena izatea eta egiaz momentu honetan euskararen normalizazioak eta biziberritzeak honela behar dituzten horien noranzkoetan indarrak jartzea, eta ez epai hauen kontrako hesietan», borobildu dute. Horrez gain, UEMAri eta bertako biztanleei elkartasun osoa eskaini die, baita Eusko Jaurlaritzari ere, helegitea aurkezteko. «Marra gorria gainditu» UEMAk ere adierazpenak egin ditu: «Erabaki honekin marra gorri guztiak gainditu dira, euskararen ofizialtasuna bera ere zalantzan jartzen baita, administrazioan euskara gaztelaniaren makuluarekin soilik erabiltzeko aukerak urte asko atzera garamatzalako eta erabat mugatzen duelako euskara biziberritzeko beharrezkoa den hizkuntza politika». Hala, jakinarazi dute euskalgintzako hainbat eragilek babesa eskaini dietela UEMAri nahiz bertako udalei, eta «euskaraz lanean eskubide osoz jarraitzeko deia» egin dutela. EH Bildu, berriz, «oso kezkatuta» agertu da erabakiarekin, eta horrelako egoerak ezin direla normalizatu erran du alderdiak. Unai Urruzuno EH Bilduko mahai politikoko bozeramaileak egin ditu adierazpenak: «Beste behin ere, gure herriaren subiranotasuna zalantzan jartzen da. Argi geratzen ari da sektore atzerakoienen izaera inboluzionista».
2023-10-17
https://www.berria.eus/albisteak/234045/eh-bilduk-ezezkoa-emango-die-hezkuntza-lege-proiektuaren-osoko-zuzenketei.htm
Gizartea
EH Bilduk ezezkoa emango die Hezkuntza Lege proiektuaren osoko zuzenketei
Gaitzetsi du ez argitu izana zer esan nahi duen EAJk eta PSE-EEk hizkuntza ereduen inguruan egindako zuzenketak. EH Bilduk hizkuntza ereduei buruzko jardunaldiak egingo ditu larunbatean, Bilbon.
EH Bilduk ezezkoa emango die Hezkuntza Lege proiektuaren osoko zuzenketei. Gaitzetsi du ez argitu izana zer esan nahi duen EAJk eta PSE-EEk hizkuntza ereduen inguruan egindako zuzenketak. EH Bilduk hizkuntza ereduei buruzko jardunaldiak egingo ditu larunbatean, Bilbon.
Gaur bete dira bi aste alderdiek EAEko Hezkuntza Lege proiektuari zuzenketa partzialak eta osoko zuzenketak aurkeztu zizkiotenetik. Orotara, lau osoko zuzenketa jarri zizkioten: Elkarrekin Podemos-IUrena, PPrena, Ciudadanosena eta Voxena. Etzi eztabaidatuko dituzte Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran, eta EH Bilduko hezkuntza idazkari Ikoitz Arresek aurreratu du jada zer jarrera hartuko duten: ezezkoa emango dute. Hauxe arrazoia: «Herri honentzat ahalik eta lege onena eraiki nahi dugu». Halaber, ziurtatu du hezkuntza akordioarekin «leialtasunez eta fideltasunez» jardungo dutela. Horregatik, osoko zuzenketei ezezkoa ematea eta zuzenketa partzialak eztabaidatzea hobetsi dute. EAJk eta PSE-EEk zuzenketetako batean hizkuntza ereduak aipatu izanak harrotu ditu hautsak. Arresek «eztabaida argia eta gardena» galdegin du: «Azken egunetan, eztabaida sortu da gobernua sostengatzen duten bi alderdiek lege proiektuari aurkeztutako zuzenketekin, eta, oraingoz, ez dira gai izan iritzi bateratu bat emateko». Zuzenketak aurkeztu eta biharamunean Pello Otxandiano programa zuzendariak esan zuzenez, zuzenketaren inguruko bi bertsio daude, eta hori argitzeko eskatu zuen. Arresek ziurtatu du ez dutela erantzunik jaso. Beraz, ostiraleko kontrol saioan horren inguruan galdetuko diete Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluri eta Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzi. Hizkuntza ereduen zuzenketak eztabaida piztu duela jakinda, EH Bilduk hizkuntza ereduen inguruan ekarpena egin nahi duela ere esan du Arresek. Gaia lantzeko, «goi mailako» jardunaldi batzuk antolatu dituzte larunbaterako, Bilbon. Hala azaldu du Arresek: «Gu koherenteak gara orain arte hezkuntza akordioan adostu den horrekin, eta, hori dela eta, Euskal Herria Bilduk, euskararen eta hizkuntzen markoari dagokionez, gure irakurketa plazaratuko dugu, eta, horretaz gain, aditu independenteak ekarriko ditugu gure jardunaldira, goi mailako aditu independenteak». Hain zuzen, han izango dira Iñigo Urrutia EHUko Administrazio Zuzenbideko irakaslea, Karmele Perez Huheziko Berrikuntza eta Esku Hartzea Gizarte Kulturaniztun eta Eleaniztunetan taldeko kidea, Joseba Ibarretxe Berritzegune Nagusiko hizkuntza aholkularia eta Eva Silvan Silvan&Miracle agentziako zuzendaria. Gainera, Otxandianok agerraldia egingo du, EH Bilduren jarrera azaltzeko.
2023-10-17
https://www.berria.eus/albisteak/234046/manifestazio-nazionalera-deitu-dute-larunbaterako-donostian-palestinari-elkartasuna-agertzeko.htm
Gizartea
Manifestazio nazionalera deitu dute larunbaterako Donostian, Palestinari elkartasuna agertzeko
Gernika-Palestina ekinaldiak deitu du mobilizaziora. Jaurlaritzak 500.000 euro jarriko ditu iheslarientzat.
Manifestazio nazionalera deitu dute larunbaterako Donostian, Palestinari elkartasuna agertzeko. Gernika-Palestina ekinaldiak deitu du mobilizaziora. Jaurlaritzak 500.000 euro jarriko ditu iheslarientzat.
Gernika-Palestina deialdi herritarrak manifestazio nazionalera deitu du larunbaterako Donostian, Palestinari elkartasuna erakusteko. Deitzaileek agiri batean azaldu dutenez, Gazako «sarraskia» gelditzeko eta konponbide politikoa eskatzeko egingo dute mobilizazioa. Manifestazioa 17:30ean abiatuko da, Antiguako tuneletik. Palestinari elkartasuna agertu diote Euskal Herriko pertsona ezagun ugarik manifestu batean. Besteak beste, kulturan, hezkuntzan, kirolean, feminismoan eta kazetaritzan erreferente diren hainbat lagunek sinatu dute idazkia. Sinatzaileen artean hauek daude: Itziar Ituño, Xabier Madariaga, Eñaut Elorrieta, Maialen Lujanbio, Nekane Balluerka, Fernando Bernues, Izaro Andres, Nora Aurrekoetxea, Juanito Oiartzabal eta Agus Hernan. Sinatzaileek «kezka» agertu dute Palestinatik eta Israeldik iristen diren berriekin: «Bi aldeetako zibilen heriotzak zeharo mingarriak dira eta bake aukeratik urruntzen gaituzte, dagoeneko 75 urtez luzatzen den gatazka honetan». Gogoratu dute Gazaren gaineko bonbardaketa ehunka hildako eta milaka zauritu eragiten ari dela, horietako asko umeak, eta argindarra, ura eta bestelako hornigaiak falta dituztela. Idazkian esaten dute «ondorio humano, sozial eta politiko larriak» dituen larrialdi humanitario bat dela, eta uste dute ez dela onargarria. Hori dela eta, gerra amaitzeko eskatu dute. Manifestua sinatu duten norbanakoek bost eskari egin dituzte. Batetik, berehalako su-etena eskatu dute, eraso guztiak amaitzea eta zibilen bizitza eta segurtasuna bermatzea. Bigarrenik, Gazaren gaineko «setioa» eta Palestinako lurraldearen gaineko «mehatxua» bukatzea galdegin dute, bai eta laguntza humanitarioa bertara iristea ahalbidetzea ere. Palestinako eta Israelgo herritarrek bakean bizitzeko eskubidea dutela aldarrikatu dute, halaber. Laugarrenik, konponbide baketsua eta negoziatua bilatzeko deia egin diete alde guztiei, hain justu ere, nazioarteko zuzenbidean eta NBEren ebazpenen betearazte «zorrotzean» oinarritzen den konponbide bat eskatu dute. Azkenik, premiazkotzat jo dute elkarrizketa prozesu bat abiatzea, bake «justu, egonkor eta iraunkorra» helburu duena. Euskal Herritik Palestinako herriari elkartasuna agertzeko deia egin dute manifestuaren sinatzaileek: «Sarraskia geldiarazteko gizarte zibilak duen aukera eta itxaropenerako leihoa hauxe da: mobilizazioa». Jaurlaritzak jarraipen mahai bat eratuko du Palestinako gatazka piztu zenetik hamar egun bete diren honetan, Eusko Jaurlaritzak sailen arteko mahai bat sortu du gatazkaren ondorio humanitario eta sozioekonomikoei erreparatzeko. Egoeraren «larritasuna» eta gatazkaren bilakaera kontuan hartuta erabaki du gobernuak mahaia sortzea. Mahaiaren helburuak bi izango dira, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Soziala eta 2030erako Agenda saileko idazkariak jakinarazi duenez: batetik, giza krisiari aurre egiteko «Euskaditik egin daitezkeen ekarpenak» baloratzea eta bideratzea, eta, bestetik, gatazkaren ondorioz gerta daitezkeen barne ondorio sozioekonomikoei erantzuna ematea. Mahaia sortzeko erabakiaren oinarrian dago biztanleria zibilaren aurkako «indarkeria, terrorismo eta gerrako ekintza oro» gaitzesteko erabakia, bai eta nazioarteko zuzenbidearekin eta Nazio Batuekin lerrokatzea ere, Fernandezek azaldu duenez. Ildo horretan, nazioarteko bitartekaritza eta konponbide negoziatuaren alde egin du Jaurlaritzak. Gaur eratu duten mahaia Lehendakaritzaren menpe egongo da, eta bertan parte hartuko dute gobernuko ondorengo sailek: Segurtasun, Gizarte Politika, Hezkuntza, Osasun, Enplegu, Jasangarritasun, Etxebizitza eta Ogasun arloetako arduradunek eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lehendakariordetzako kideek. Datorren asteartean elkartuko da lehenbizikoz, 17:00etan. Bilera horretan hartuko duten lehen erabakia izango da UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak egindako larrialdi deialdiari erantzutea, eta horretarako 500.000 euro bideratuko ditu.
2023-10-17
https://www.berria.eus/albisteak/234047/lehen-greba-egin-dute-eskola-erlijiosoek.htm
Gizartea
Lehen greba egin dute eskola erlijiosoek
Zortzi greba egunera deitu dute ELAk, Steilasek, CCOOk, LABek eta UGTk, eta gaur izan da lehena. Irakasleen lan baldintzak hobetzea, lanpostuak bermatzea eta soldatak igotzea daude aldarrikapenen artean.
Lehen greba egin dute eskola erlijiosoek. Zortzi greba egunera deitu dute ELAk, Steilasek, CCOOk, LABek eta UGTk, eta gaur izan da lehena. Irakasleen lan baldintzak hobetzea, lanpostuak bermatzea eta soldatak igotzea daude aldarrikapenen artean.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako itunpeko sarearen zatirik handiena greban da egunotan: lanuztea egiten ari dira ikastetxe erlijioso ugaritan. ELA, Steilas, CCOO, LAB ta UGT sindikatuek deituta, 5.000 lagun inguru bildu dira Bilbon, gaur goizean. Kristau Eskolako eta IZEA patronaletako langileen lan baldintzak hobetzeko antolatu dute sindikatuek greba, gaurko, biharko eta etziko; beste hiru egunetarako ere deitu dute lanuztera: abenduaren 11tik 15era. Sindikatuen eskakizun nagusiak hauek dira: lan karga arintzeko neurriak hartzea, sektore feminizatu eta prekarizatuetan hobekuntzak egitea, KPI kontsumoko prezioen indizea ziurtatuz soldatak igotzea, Lanbide Heziketan hobekuntzak egitea eta lanpostuak mantentzeko neurriak hartzea. Kristau Eskola eta IZEA patronalekin bildu dira sindikatuak behin baino gehiagotan, baina aldiro egin du porrot negoziazioak. 2018-2019ko ikasturtean ere greba egin zuen itunpeko sareak, baina Kristau Eskolak Eusko Jaurlaritzari eskatu zion erantzunkizuna bere gain har zezala. Gaur egun, sindikatuek diote patronalak ez daudela «benetan» negoziatzeko prest. Patronalek, ordea, adierazi dute sindikatuek ez dituztela onartzen «egindako proposamenak». 2022ko maiatzean hasi ziren hitzarmen kolektibo berri bat negoziatzen. Hura adosteko azken batzarra, baina, 2023ko otsailaren 2an egin zen. Horiek horrela, apirilean negoziazioa «blokeatu» zela salatzeko greba antolatu zuten sindikatuek. Bost hilabete geroago, esan dute ez dutela jaso patronalen erantzunik, eta ez dagoela «greba egitea ez den beste erremediorik». Patronalen erantzunik jaso ezean urtarrilean grebak «indartuko» direla aurreratu dute, gainera.
2023-10-17
https://www.berria.eus/albisteak/234048/espainiako-kopako-lehen-kanporaketako-zozketa-egin-dute.htm
Kirola
Espainiako Kopako lehen kanporaketako zozketa egin dute
Buñol-Reala, Rubi-Athletic, Deportivo Murcia-Alaves, Lorca-Eibar, Gimnastica Segoviana-Sestao River, Barakaldo-Malaga, Tudelano-Recreativo de Huelva, Gernika-Unionistas Salamanca eta Eguesibar-Teruel izango dira euskal taldeen lehen partidak Espainiako Kopan.
Espainiako Kopako lehen kanporaketako zozketa egin dute. Buñol-Reala, Rubi-Athletic, Deportivo Murcia-Alaves, Lorca-Eibar, Gimnastica Segoviana-Sestao River, Barakaldo-Malaga, Tudelano-Recreativo de Huelva, Gernika-Unionistas Salamanca eta Eguesibar-Teruel izango dira euskal taldeen lehen partidak Espainiako Kopan.
Zehaztuta dago zeinen aurka jokatuko duten Euskal Herriko taldeek Espainiako Kopako lehen kanporaketan. Partida bakarra jokatuko dute, urriaren 31n, azaroaren 1ean, edo azaroaren 2an. Hauek dira partidak: Deportivo Murcia-Alaves, Buñol-Reala, Rubi-Athletic, Lorca-Eibar, Eguesibar-Teruel, Barakaldo-Malaga, Tudelano-Recreativo de Huelva, Gimnastica Segoviana-Sestao River, eta Gernika-Unionistas Salamanca. Bederatzi euskal talde izan dira Espainiako Kopako lehen zozketan. Bertan izan ez direnak, ordea, Osasuna eta Amorebieta izan dira. Osasuna Espainiako Kopako txapeldunorde izan zen aurreko denboraldian; beraz, Espainiako Superkopan arituko da urtarrileko bigarren astean. Amorebieta, berriz, Lehen Federazioko txapelduna izan zen aurreko denboraldian, eta, Osasunaren antzera, ez du lehen kanporaketa jokatu beharko. Lehenik, Espainiako Lehen Mailako taldeen zozketa egin da, eta Reala, Athletic eta Alavesen aurkariak zein izango diren jakin da. Horien artetik atera den lehen bola Alavesena izan da. Gasteizko taldeak Murtziara egingo du bidaia, kopako lehen partidan Deportivo Murciaren aurka jokatzeko. Murtziako taldea sortu berria da, eta eskualdeko lehen mailan jokatzen du. Aurkari apala, baina bidaia luzea Luis Garcia Plazaren jokalarientzat. Hurrengo bola Realarena izan da. Talde txuri-urdinak C.D Buñol izango du aurkari lehen kanporaketan. Valentziako taldeak eskualdeko bigarren mailan jokatzen du. Eta, azkenik, Athleticen txanda iritsi da. Talde zuri-gorria Kataluniara joango da kopako lehen partida jokatzera, hain zuzen, Rubi taldearen aurka lehiatzeko. Rubi herriko taldeak Kataluniako lehen mailan jokatzen du. Ondoren, eta Espainiako Bigarren Mailako ordezkari bakar moduan, Eibarrek jakin du bere aurkaria. Joseba Etxeberriarenek, Alavesen antzera egingo dute, eta Murtzian jokatuko dute lehen partida. CF Lorca Deportiva izango dute arerio. Azkenik, Lehen Federazio eta Bigarren Federazio mailako taldeen partiden zozketa egin da. Bertan zeuden lehen Federazioko Sestao River, eta Bigarren Federazioko Barakaldo, Gernika, Tudelano, eta Eguesibar. Aurreko talde guztiek etxetik kanpo jokatuko dute lehen partida, Sestao River barne, baina Bigarren federazio mailakoek etxean jasoko dute aurkaria. Honako hauek izango dira euskal taldeen partidak: Eguesibar-Teruel, Barakaldo-Malaga, Tudelano-Recreativo de Huelva, Gimnastica Segoviana-Sestao River, eta Gernika-Unionistas Salamanca.
2023-10-17
https://www.berria.eus/albisteak/234049/asensiok-gogoratu-du-gurasosek-laquoberrogei-salaketa-baino-gehiago-galduraquo-dituela-errauskailuaren-aurka.htm
Gizartea
Asensiok gogoratu du GuraSOSek «berrogei salaketa baino gehiago galdu» dituela errauskailuaren aurka
Gipuzkoako Iraunkortasuneko diputatuak eskatu dio EH Bilduri, hura siglekin aipatu gabe, ez baliatzeko «plataformak» eta «dagokion lekuan» egiteko «oposizio politikoa». GHKren kudeaketa «eredugarria» dela esan du, eta Zubieta «beste lurralde batzuek» nahiko luketela.
Asensiok gogoratu du GuraSOSek «berrogei salaketa baino gehiago galdu» dituela errauskailuaren aurka. Gipuzkoako Iraunkortasuneko diputatuak eskatu dio EH Bilduri, hura siglekin aipatu gabe, ez baliatzeko «plataformak» eta «dagokion lekuan» egiteko «oposizio politikoa». GHKren kudeaketa «eredugarria» dela esan du, eta Zubieta «beste lurralde batzuek» nahiko luketela.
GuraSOSek orain arte epaitegietan izan duen ibilbideari erreparatuta erantzun dio Gipuzkoako Iraunkortasuneko diputatu eta GHKren presidente Jose Ignacio Asensiok epaitegiek hura ikertzen ari direlako albisteari. «GuraSOSek berrogei salaketa baino gehiago egin ditu GHK edota errauskailuaren aurka, eta guztiak galdu ditu. Orain ere gauza bera gertatuko dela seguru nago». Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusiak esan du «lasai» dagoela, Ingurumen Fiskaltzak eskatuta Gipuzkoako 5. Instrukzio Epaitegia haren kudeaketa ikertzen ari den arren. GHK-ko presidente gisa izan ditzakeen ardurak ditu oinarrian ikerketak, Zubietako errauskailuan hondakin arriskutsuak sortu diren susmoa dagoelako, eta haiek beharbada ezkutatu egin direlako. Asensiok esan du GHKren kudeaketa «eredugarria» dela, eta Zubieta «beste lurralde batzuek» nahiko luketela. «Ingurumenaren aurkako delituagatik egiteagatik eta agiriak faltsutzeagatik» ikertzen ari da justizia, GuraSOSek jakinarazi duenez, baina Asensiok ziurtatu du ez duela horren jakinarazpenik jaso, «ez epaitegiaren aldetik, ez fiskaltzaren aldetik». «Dakigun gauza bakarra da hedabideetan kaleratu dena, eta uste dut kudeatzen ari den informazio bakarra dela GuraSOSek gizarteratu duen oharra», esan du Iraunkortasun diputatuak. Hori dela eta, uko egin dio albiste jakinaren gaineko «balorazioak» egiteari, baina helarazi du «lehenbailehen» jakin nahiko lukeela epaitegia zer ikerketa egiten ari den, «benetakoak badira». EH Bilduren aurka Izenez egin ez badu ere, EH Bilduri ere erreparatu dio Asensiok, leporatu baitio plataformak oposizioa egiteko baliatzea. Hala, haren izenik esan gabe, koalizioari eskatu dio «GuraSOS moduko plataformak ez erabiltzeko oposizio politikoa egiteko». Betiere EH Bilduri zuzendurik, Gipuzkoako PSE-EEko buruak hau erantsi du: «Politikan ez du denak balio». Oposizio politikoa «dagokion lekuan» egiteko eskatu du ikertua izaten ari den diputatuak.
2023-10-17
https://www.berria.eus/albisteak/234050/vwek-lan-itunaren-aurreakordiorako-proposamen-bat-egin-die-sindikatuei.htm
Ekonomia
VWek lan itunaren aurreakordiorako proposamen bat egin die sindikatuei
Zortzigarren bileran, datorren urtean mutualitatea kentzeko prest azaldu da enpresa, eta absentismoaren bilakaeraren arabera erabakiko dute zer egin 2025etik aurrera.
VWek lan itunaren aurreakordiorako proposamen bat egin die sindikatuei. Zortzigarren bileran, datorren urtean mutualitatea kentzeko prest azaldu da enpresa, eta absentismoaren bilakaeraren arabera erabakiko dute zer egin 2025etik aurrera.
Azken txanpan sartu da Nafarroako Volkswagenen X. lan itunaren negoziazioa. Aurreko zazpi bileretan aztertutako gai guztiak dokumentu batean bildu, eta aurreakordioa proposatu die sindikatuei. Bihar goizean elkartuko da langile batzordea, eta. ondoren, berriro enpresarekin elkartuko dira azkenekoz. VWek adierazi duenez, «gehiengoak begi onez hartzen badu, sinatu egingo da», Orain arte UGTk eta CCOOk aldeko iritzia agertu izan dutenez, egintzat jotzen da akordioa. ELA, LAB eta CGT, aldiz, kritiko azaldu dira. Dokumentu horri buruz galdetuta, ELAko Igor Peñalverri iruditzen zaio 2024tik 2026ra bitartean indarrean egongo den lan itun hori IX. lan itunaren «luzapen bat» dela. «Ez dugu hitz egin hitzarmenetan ohikoak diren gaiez: lan orduez, malgutasun neurriez. Asmo batzuk jartzen ditu zuzendaritzak, eta horri buruz hitz egingo dugu etortzen denean beharra». Horregatik, uste du «dena airean» geratzen dela azken testuan. LABeko Raul Portilloren arabera, «antzezpen bat» izan da, eta argi du akordioa aurretik eginda dagoela. «Dena orokorkeriak dira: ez da gauza handirik zehaztu. Akordioaren mamia ondorengorako utziko da». Gaurko bileran, zuzendaritzak mahai gainean jarri du langileen ohiko gaixo agirien kudeaketa mutualitatearen esku ez uztea. 2025etik aurrera erabakiko dute zer egin absentismoaren bilakaeraren arabera. Jesus Galindo Industria Harremanetako zuzendariaren ustez, absentismoa murrizteak izan behar du enpresaren eta langileen lehentasuna. Absentismoa murriztuz gero, prest dira mutualitaterik gabe jarraitzeko. Oraintxe, absentismoa %9-10ekoa da. Portillok gogorarazi du mutualitateak ez duela ezer konpondu, eta, alderantziz, «arazo ugari» eragin dituela. Peñalverrek gaineratu du absentismoa apaldu beharrean handitu egin dela mutualitatearekin, eta gaixo agiriak arruntak direla ebatzita diru bat bideratu dela zerbitzu publikoetatik pribatuetara. Haren ustez, absentismoaren gaia produkzio ereduarekin dago lotuta, baina horretan ez du sartu nahi izan VWek. Beste gaiak Lan itunak hiru urte iraungo du. Produkzioa auto elektrikora egokitzeko obren ondorioz, urte eta erdiz laurehun lanpostu sobran izango direla esana du VWek. Horiek errelebo kontratu bidez eta 60 urtetik gorako langileentzako borondatez uzteko neurriekin bete nahi du enpresak. Alta, autogintzako errelebo kontratuekin jarraitzea Madrilgo Gobernuaren erabakia izango denez, enpresa uzteko lanpostu horien irizpideak ezarri nahi ditu VWek. Testuak ez du zehazten zer irizpide ezarriko diren horretarako, baina behin-behineko langileekin lot daitekeela susmatzen dute sindikatuek. LABeko Raul Portillo kritiko azaldu da horregatik, borondatezkoa izateari utz diezaiokeelako; «Gaixo agiriak dituzten horiek kendu nahi dituzte gainetik, eta absentismoa kendu nahi dute beste ezer egin gabe». Soldatari dagokionez, enpresak proposatu du urtero KPIa adina igotzea. Gainera, errendimenduaren araberako sari bat proposatu du: hiru urtean 900 euro ordainduko ditu: 200 euro 2024an, 300 euro 2025ean, eta 400 euro 2026an. Azken 400 euro horien ordainketa loturik egongo da auto elektrikoaren helburuekin. Urte horretan hasiko dira ekoizten Skoda eta VW markako auto elektrikoak.
2023-10-17
https://www.berria.eus/albisteak/234051/prefeta-prest-agertu-da-laquoelkarrizketari-bide-ematekoraquo-beskoitzeko-ikastolaren-aferan.htm
Gizartea
Prefeta prest agertu da «elkarrizketari bide emateko» Beskoitzeko ikastolaren aferan
Herriko etxeak «etengabeko» oztopoak ezartzen dizkio Seaskari ikastola berria eraikitzeko. Ostiralerako erantzunik ez badute, «mobilizazio fase batera» iraganen dira.
Prefeta prest agertu da «elkarrizketari bide emateko» Beskoitzeko ikastolaren aferan. Herriko etxeak «etengabeko» oztopoak ezartzen dizkio Seaskari ikastola berria eraikitzeko. Ostiralerako erantzunik ez badute, «mobilizazio fase batera» iraganen dira.
Beskoitzeko (Lapurdi) ikastolaren aferan esku hartzeko prest agertu da Julien Charles Pirinio Atlantikoetako prefeta. Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira izan da Lapurdi barnealdeko herrian, eta gurasoek hori baliatu dute herriko etxearekin duten tirabiraren berri emateko. Orain dela hamar urte sortu zen ikastolarentzat nahi du eraikin berria Seaskak, eta eraikuntza baimena aurkeztu du herriko etxean, baina salatu dute Fabienne Aiensa herriko auzapezak eta haren talde politikoak «etengabeko» oztopoak ezartzen dizkietela. Prefetak erran du ez dakiela gaiaren berri «xeheki». «Aipatzen entzuna nuen, bistan dena, ulertua nuen zailtasun bat bazela». Zehaztu du eraikuntza baimena onartzea herriko etxearen eskumena da. «Gurasoei erran diedan bezala, saiatu gaitezke elkarrizketari bide ematen, egoera honetatik ongi ateratzeko. Perspektiba horretan jarriko gara. Egoera aztertuko dugu, auzapez anderearekin harremanetan sartuko gara, eta ikusiko dugu ea egoera eta kezkak baretzen lagundu dezakegun». Clemence Labrouche ikastolako gurasoak adierazi du «berri on gisa» hartu dutela prefetak errandakoa. «Badu sei hilabete ez dugula herriko etxearen berririk; hautetsiak isilik dira. Eraikuntza baimena Seaskak aurkeztu du: bidali dituzte mezu elektronikoak, egin dituzte telefono deiak hitzordu bat galdetzeko; ez dugu berririk ukan». Esplikatu du eraikuntza baimenari emandako ezezkoa onartuko zutela erabaki tekniko bat izan balitz, baina erabakia «politikoa» dela zehaztu du. «Gaur egun duten argudio bakarra da ez dugula jabearen baimen gutuna gehitu gure dosierrean, jakinez herriko lurra dela. Funtsean, herriko etxekoek ezezkoa eman digute haien gutuna ez baitugu dosierrean sartu». Gutun hori «maiz» eskatu dio Seaskak herriko etxeari, Labrouchen hitzetan. Baimena eskatu ondotik dokumentu zenbait erantsi nahi izan zituen Seaskak, baina herriko etxeak ezeztatu zituen. «Pentsa zer nahi duten gure ikastola herrian ikusteko», haserretu da Labrouche. «Zein herriko etxe ez da kontent bere herrian eskola bat, ikastola bat duelarik? Nork ezezta dezake horrelako proiektu bat, ikusita gaur egun zer demografia dugun, jakinez Seaskak berak ordainduko duela osoki? Ez bada ezezko politiko bat, zer da?» Ostiralean bukatuko da herriko etxeari eman zioten «ultimatuma». Epea bukatu arte itxaroten ari dira, eta ondotik, ekintzekin hasiko direla iragarri du. «Ez gara Beskoitzeko ikastolakoak bakarrik izanen: Seaska, euskaltzaleak, euskal gizartea hor izanen da mobilizazio handi bat antolatzeko, eta politika hau geldiarazteko; ez baita herriko etxeko politika sano bat».
2023-10-18
https://www.berria.eus/albisteak/234052/israelek-egiptotik-soilik-utziko-du-laguntza-humanitarioa-gazara-sartzen.htm
Mundua
Israelek Egiptotik soilik utziko du laguntza humanitarioa Gazara sartzen
Bart gaueko erasoa gaitzesteko, protesta jendetsuak izan dira hainbat herrialdetan. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, bostehun baino gehiago dira hildakoak. Israelgo armadak, ordea, erasoa Jihad Islamikoari egozten dio oraindik.
Israelek Egiptotik soilik utziko du laguntza humanitarioa Gazara sartzen. Bart gaueko erasoa gaitzesteko, protesta jendetsuak izan dira hainbat herrialdetan. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, bostehun baino gehiago dira hildakoak. Israelgo armadak, ordea, erasoa Jihad Islamikoari egozten dio oraindik.
* Bidenek Israelen bertsioa hobetsi du: «Badirudi ospitaleko erasoa beste bandoak egin duela» * Ehunka biktima Israelek Gazako ospitale bati egindako erasoan * Israelen bizi den bilbotarra oraindik bahituta daukatela baieztatu dute * Bideoa: bonbardaketa ospitalean
2023-10-17
https://www.berria.eus/albisteak/234053/ion-paroti-eskumuturreko-elektronikoa-kendu-diote.htm
Politika
Ion Paroti eskumuturreko elektronikoa kendu diote
Baldintzapean aske gelditu da Baionako euskal presoa. Baldintza zorrotzak izanen ditu ondoko hamar urteetan
Ion Paroti eskumuturreko elektronikoa kendu diote. Baldintzapean aske gelditu da Baionako euskal presoa. Baldintza zorrotzak izanen ditu ondoko hamar urteetan
Euskal presoen etxeratzearen aldeko bandera eskuetan zuela, irribarretsu atera zen Ion Parot euskal presoa Baionako presondegitik, joan den ostiralean. Presondegitik atera eta urtebetera, eskumuturreko elektronikoa kentzeko ordua zuen bertan. Baldintzapean aske gelditu da Baionako euskal preso ohia. Etxerat-ek jakinarazi duenez, baldintza zorrotzak bete beharko ditugu hurrengo hamar urteetan. Iazko urriaren 13an atera zen Mureteko (Okzitania) espetxetik Parot, Frantziako presondegietan 32 urte eta erdi iragan ondoren. Urteetako batailaren ondotik, Parisko Dei Auzitegiak iazko irailean onartu zien baldintzapean aske ateratzeko aukera hari eta Jakes Esnali. Ordutik, etxean egon behar izan du froga gisa. Gaur egun, 72 urte ditu. 1990eko apirilaren 4an atxilotu zuten Ion Parot. Egun batzuk lehenago, haren anaia Unai atxilotu zuten Espainia hegoaldean —Zaballako presondegian dago—. Beste lapurtar batzuekin batera, ETAren Argala komandoa osatzea leporatu zieten. Atxilotuetako hiru bizi osoko zigorrera kondenatu zituzten 1997an Parisen egin zieten epaiketan: Ion Parot, Jakes Esnal eta Frederique Haranburu Xistor. Gaur egun, presondegitik kanpo dira hirurak. Azken urteetan, behin baino gehiagotan eskatu dute Esnal, Parot eta Haranburu askatzeko, eta mobilizazio andana antolatu dituzte preso horien sostenguz. Iazko uztailean, Ipar Euskal Herriko errepide sarea blokeatu zuten Bakegileek egun oso batez, Frantziako Gobernuari eskatzeko Euskal Herriko gatazkaren konponbidean urratsak egin ditzala. Parot eta Esnalen askatasuna onartzea lehentasun bat zela adierazi zuten orduan.
2023-10-17
https://www.berria.eus/albisteak/234054/hego-euskal-herrian-538000-lagun-daude-pobrezia-arriskuan.htm
Gizartea
Hego Euskal Herrian 538.000 lagun daude pobrezia arriskuan
Pobrezia desagerrarazteko nazioarteko egunean, agerraldiak egin dituzte hainbat eragilek. Aldarrikatu dute pobrezia amaitu behar dela.
Hego Euskal Herrian 538.000 lagun daude pobrezia arriskuan. Pobrezia desagerrarazteko nazioarteko egunean, agerraldiak egin dituzte hainbat eragilek. Aldarrikatu dute pobrezia amaitu behar dela.
«Pobrezia egoera ikaragarria da, inork beretzat nahi ez duena, ezta bere familiarentzat nahiz adiskideentzat ere». Hala ohartarazi du Pobreziaren eta giza bazterketaren aurka Borrokatzeko Europako Sareak EAEn duen taldeak (EAEko EAPN). Gaur da pobrezia desagerrarazteko nazioarteko eguna. Eta, gizarte eragileek emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian 538.000 lagun daude pobrezia eta gizarte bazterketa pairatzeko arriskuan. Bilbon agerraldia egin du EAPNk. Eta, Aitor Ipiña presidenteak, Itxaso Bilbao presidenteordeak eta Marta Senz zuzendaritza batzordeko kideak gogoratu dutenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 422.000 lagun baino gehiago pobrezia eta gizarte bazterkeria arriskuan daude. Beste hainbat datu ere gogoratu dituzte: «Munduko biztanleen %8,45 muturreko pobrezian bizi dira, hau da, 670 milioi pertsona». Era berean, zehaztu dute Europan 161 milioi pertsona baino gehiago pobrezia eta gizarte bazterkeria arriskuan bizi direla; hots, gizartearen %21,6. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batez besteko tasa txikiagoa den arren, badaude nabarmentzekoak diren hainbat datu: 3.300 pertsonak baino gehiagok ez du etxerik, eta 100.000 lagun baino gehiago bizi dira pobrezia larrian. Pobrezia «egitura sozioekonomikoaren» ondorio dela azpimarratu dute sareko kideek, «produkzio eredu batena, kapitalismoa, bazterkeria eta pobrezia ugari eragiten duena». Eta gehitu dute pobreziak «gaizki bizitzea» esan nahi duela: «Diru nahikorik ez izatea egoki bizitzeko, ezin zerbitzuak edo ondasunak eskuratzea, hileko fakturak ezin ordaintzea, neguan berogailua ezin piztea, seme-alaben gastuei ezin aurre egitea... eta, egoerarik larrienetan, bizitzeko etxe bat ere ez izatea». Pobrezia desagerraraztea da EAPNren helburua. Luze gabe sistema publikoen prestazioetarako sarbidea izatea aldarrikatu dute. Eta, luzera begira, bidezkoagoa eta solidarioagoa izango den eredu ekonomiko batean pentsatzeko beharra azpimarratu dute, «0 pobrezia» xede izanik. «Gizarte bat ez da duina eta bidezkoa izango bere biztanleriaren zati bat pobrezian bizi bada». Nafarroako Parlamentuak ere ekitaldi bat antolatu du. Bertan, Jon Gonzalez eta Andrea Corera Gizarte Erakundeen Plataformako bozeramaileek esan dute Nafarroan 96.000 pertsona daudela pobrezia arriskuan. Hori dela eta, adierazi dute «pobrezia amaitu» behar dela. Eta nabarmendu dute desgaitasunen bat dutenen egoera are okerragoa dela: «Euren batez besteko errenta txikiagoa da, eta euren gastuak handiagoak. Aurreiritziak eta diskriminazioak gizarte eta lan munduan sartzea zailtzen dute». Protesta Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzan Beste hainbat eragilek ere pobreziaren aurkako eguna baliatu dute protesta egiteko. Besteak beste, Argitan, Bizkaiko Etxeko Langileen Elkartea, Bizkaiko SOS Arrazakeria eta Berri Otxoak bildu dira Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen ordezkaritzan, eta salatu dute bankuen, enpresa energetikoen eta eraikuntza enpresen onura ekonomikoak hazten diren heinean pobrezia areagotuz doala. Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa eta Bizkaiko Pentsiodunen Mugimendua ere bertan izan dira. «Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren herenak zailtasun handiak ditu oinarrizko premiak asetzeko», adierazi du Lorea Ureta bozeramaileak. Gainera, biztanleriaren %22,3k zailtasunak dituzte hilabete amaierara iristeko. Eta gizarte laguntzak ez dira gai pertsona guztien beharrak asetzeko: «Bazterketa egoeran dauden 39.143 pertsona diru sarrerak bermatzeko errentaren gizarte babeseko sistematik kanpo geratu dira, baldintza zorrotzek galarazi dietelako; eta, sisteman sartu ziren 126.594 pertsonetatik 48.244k adierazi zutenez, laguntzak jaso arren ez zuten pobrezia egoera gainditu». Uretak argi utzi du: «Pobreziaren, desberdintasunaren eta hilaren amaierara iristeko zailtasunen ehuneko handi horiek Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren Legea [2022an berritu zuten] indargabetzea aldarrikatzen jarraitzea eragiten digute». Eta gehitu du pobreziaren aurkako prestazioak bermatuko dituen lege berri bat onartu beharra dagoela.
2023-10-17
https://www.berria.eus/albisteak/234055/elbarrien-sektoreko-langileak-kriminalizatu-nahi-dituztela-salatu-du-labek.htm
Gizartea
Elbarrien sektoreko langileak kriminalizatu nahi dituztela salatu du LABek
Bilboko Justizia Jauregian deklaratzera deitu dute Gaudeko langile bat, maiatzaren 9an Itsasmuseumen gertatu zen liskarrarengatik. Elbarrien sektoreko langileak batu dira bertan, borroka sindikala ez da delitua lelopean.
Elbarrien sektoreko langileak kriminalizatu nahi dituztela salatu du LABek. Bilboko Justizia Jauregian deklaratzera deitu dute Gaudeko langile bat, maiatzaren 9an Itsasmuseumen gertatu zen liskarrarengatik. Elbarrien sektoreko langileak batu dira bertan, borroka sindikala ez da delitua lelopean.
Maiatzaren 9an, Bilboko Itsasmuseumen, Gaude, Gorabide, Madres Mercedarias eta Aspace enpresetako langileak batu ziren borrokan ari ziren enpresetako hitzarmenen alde. Manifestatzen ari zirela, Ertzaintza bertaratu zen, eta langileei oldartu zitzaien. Sortu zen liskarraren harira, LABek Gauden duen ordezkariari agintaritzaren aurkako eta desordena publikoko delituak leporatu zizkioten. Gaur gerturatu da Bilboko epaitegira deklarazioa egitera. LAB sindikatuak elkarretaratzera deitu du, eta bertan azaldu dira aniztasun funtzionalaren sektoreko langileak —Marea Urdina taldea osatu zutenak— ordezkariari euren babesa adierazteko. Borroka sindikala ez da delitua zioen pankarta atera zuten Gaudeko, Gorabideko eta beste sektore batzuetako langileek epaitegiaren aurrean. Cristian Urzanki LABeko arlo soziokomunitarioko kidearen arabera, ordezkariaren deklarazioa «ondo atera da». Hala ere, borrokan jarraituko dutela ziurtatu du, «aniztasun funtzionalaren sektoreko langileak kriminalizatzeko» asmoa dagoen arren. «Haserre gaude» Gorabideko langileak ere izan dira epaitegian, eta adierazi dute «haserre eta nekatuta» daudela euren lan gatazkaren bilakaerarekin. Izan ere, urriaren 12an Gorabideko gerenteak jakinarazi zuen enpresak ez zuela beteko enpresako batzordearekin uztailean sinatutako akordioa. LABek argitaratu zuenaren arabera, Bizkaiko Foru Aldundiak Gorabiderekin zeuzkan konpromisoei huts egin zien, eta horrek eragin zuen enpresak langileekin zeukan hitzarmena bertan behera gelditzea. Langileen arabera, diputazioarekin hitzarmena sinatuta zegoen, baina momentu batetik bestera aldatu diete adostutakoa. Lan baldintza duinak lortu arte mobilizatzen jarraituko dutela aipatu dute: «Ezin dugu berdin jarraitu». «Sindikatuen aldetik gatazka artifizialak sortzen ari garela dio EAJk, baina gurea ez da artifiziala, eta ez dugu sortu», azaldu du manifestatzen ari zen langile batek. Uztailean hitzarmena adostu ostean, enpresak eta Bizkaiko Foru Aldundiak atzera bota dutela salatu dute: «Adarjotze bat iruditzen zaigu».
2023-10-17
https://www.berria.eus/albisteak/234056/gasteizko-michelineko-langile-batzordeak-berretsi-egin-du-espainiako-komitetik-ateratzea.htm
Ekonomia
Gasteizko Michelineko langile batzordeak berretsi egin du Espainiako komitetik ateratzea
Langileen %51,43k bozkatu zuten Espainiako langileen batzordea uztearen alde, eta Gasteizko Michelineko batzordeak berretsi egin du erabaki hori. CCOO, CCM, ELA, LAB, CGT eta ESK sindikatuek bozkatu dute alde.
Gasteizko Michelineko langile batzordeak berretsi egin du Espainiako komitetik ateratzea. Langileen %51,43k bozkatu zuten Espainiako langileen batzordea uztearen alde, eta Gasteizko Michelineko batzordeak berretsi egin du erabaki hori. CCOO, CCM, ELA, LAB, CGT eta ESK sindikatuek bozkatu dute alde.
Gasteizko Michelin fabrika Espainiako lantegien arteko batzordetik atera da. Hala bozkatu zuten joan den astean langile gehienek (%51,43k), eta hala berretsi du gaur lantegiko komiteak, ezohiko bilera baten ostean. Hala, Frantziako multinazionalak egun Hego Euskal Herrian dituen bi lantegiek langile batzorde propioak dituzte, eta beren kabuz negoziatu ahal izango dituzte lan baldintzak enpresarekin. Espainiako komitetik banantzeko behar hori azken greban ikusi zen. Izan ere, orduan, ekainean, Gasteizko planta Espainiako gainontzeko lantegiekin batera zegoen zentro arteko batzordean; ez, ordea, Lasarte-Oriakoa (Gipuzkoa), batzorde propioa baitu hark. Gasteizko lantegian haustura sortu zen nagusitasuna zuten sindikatuen eta ordezkari gutxi zutenen artean. Izan ere, lantegi horretan CCOO, UGT, CSIF eta CCM sindikatuek dute gehiengoa, eta ez zuten babestu gainontzeko sindikatuek —ELA, LAB, CGT eta ESK— deitu zuten greba. Izan ere, lehenak ados zeuden zuzendaritzaren proposamenarekin; ez, ordea, bigarrenak. Azken horiek grebara deitu zuten, eta, nahiz eta ordezkaritza gutxiko sindikatuak izan, langileen %93k babestu zuten greba. Azkenean, zentro guztietan akordio bera lortu zuten sindikatuek eta zuzendaritzak, baina garbi geratu zen langileen ordezkariak eta langileak ez datozela bat. Gaur langileen batzordean egin duten bozketan, CCOO, CCM, ELA, LAB, CGT eta ESK sindikatuko ordezkariek alde bozkatu dute, UGTkoak abstenitu egin dira, eta CSIFkoek aurka bozkatu dute. Sindikatuen arteko xextrak Tirabirak izan dira sindikatuen artean gaurko bileran. LAB sindikatuak adierazi duenaren arabera, UGT sindikatua abstenitu egin da gaurko bozketan, eta CSIFk aurka bozkatu du. LABek kritikatu egin du erabaki hori, langileek joan den astean bozkatutakoa loteslea baita, eta gehitu du langileek bozkatutakoaren aurkakoa bozkatu duten ordezkariek «dimisioa» aurkeztu behar luketela. Langileen eta sindikatuen arteko desadostasuna ikusita, baliteke sindikatuen ordezkaritza mailak aldatzea datozen hauteskunde sindikaletan.
2023-10-17
https://www.berria.eus/albisteak/234057/merkatu-elektrikoa-berritzeko-akordioa-lortu-dute-ebko-kideek.htm
Ekonomia
Merkatu elektrikoa berritzeko akordioa lortu dute EBko kideek
Frantziak eta Alemaniak tirabirak zituzten zentral nuklearrengatik, baina azken orduko proposamena onartu dute biek. Hungaria izan da onartu ez duen bakarra.
Merkatu elektrikoa berritzeko akordioa lortu dute EBko kideek. Frantziak eta Alemaniak tirabirak zituzten zentral nuklearrengatik, baina azken orduko proposamena onartu dute biek. Hungaria izan da onartu ez duen bakarra.
Europako Batasuneko herrialdeak ados jarri dira: merkatu elektrikoaren erreforma onartu dute. Frantziaren eta Alemaniaren arteko tirabirek hozkailuan sarrarazi zuten akordioa, baina Europako Batasuneko Kontseiluaren Espainiako presidentziak azken orduko proposamen bat egin du, eta biek onartu dute. Hungaria da akordioa babestu ez duen estatu kide bakarra. Hala, azken urteetako joera bermatu du Bruselak, energia iturri berriztagarriak ekoizteko azpiegiturak gehitzea erraztuko baitu erreformak. Hala, Europako Batasunak ezarriak dituen karbono isurien murrizteak betetzea errazteaz gain, Errusiako gasarekiko menpekotasuna apaltzea ere lortu nahi dute 27ek. Ia herrialde guztien onespena lortuta, Europako Parlamentuaren txanda da, eta urtea amaitu aurretik onartua egotea espero du kontseiluak. Parisen eta Berlinen arteko desadostasunek izan dute akordioa ez aurrera ez atzera. Europako Batasuneko potentzia industrial nagusiak dira biak, eta lehia handia dago bien artean. Hala, energiaren prezioak rol garrantzitsua du, argindarraren kontsumitzaile nagusia baita industria, eta prezio merkeek enpresak lekualdatzea ekar dezakete. Argindar kontratu bereziak Alemaniaren eta Frantziaren arteko xextra 19.b artikuluan egon da. Izan ere, Alemaniaren beldurra da Frantziak energia merkea eskaintzea industriari CFD diferentzia bidezko kontratuei esker. Kontratu horien bidez, estatu batek epe jakin batean argindarraren prezio egonkor bat adostu dezake energia ekoizle batekin, eta argindarraren azken prezioaren arabera diferentzia itzuli edo ordaindu egiten da. Industriarentzako ezkutuko estatu laguntzak dira horiek Alemaniarentzat. Gainera, jakinda Frantziak zentral nuklear asko dituela, eta horiek amortizatuta daudela, argindar faktura merkeagoak lortu ditzake Frantziako industriak. Xextren ostean, adostu dute kontratu horiek energia ekoizpen instalazio berrietan aplikatu daitezkeela, baita ekoizpen ahalmena handitzen duten instalazio zaharretan ere, baina kontratuak ez dira automatikoki sinatuko, Europako Batzordearen onespena beharko baitute.
2023-10-18
https://www.berria.eus/albisteak/234080/israelen-bizi-den-bilbotarra-oraindik-bahituta-daukatela-baieztatu-dute.htm
Mundua
Israelen bizi den bilbotarra oraindik bahituta daukatela baieztatu dute
Pedro Sanchezek eman du berria. Desagertua 46 urteko gizon bat da, Bilbon jaioa baina Zarautz-Getariako gurasoen ondorengoa.
Israelen bizi den bilbotarra oraindik bahituta daukatela baieztatu dute. Pedro Sanchezek eman du berria. Desagertua 46 urteko gizon bat da, Bilbon jaioa baina Zarautz-Getariako gurasoen ondorengoa.
Urriaren 7an Hamasek Israeli eraso egin zionetik, Zarauzko (Gipuzkoa) 46 urteko gizonezko bat desagertuta dago. Israelen bizi zen, Kissufim kibbutzean, bikotekidearekin. Ordutik ez da haien albisterik izan, atzo iluntzean Pedro Sanchez Espainiako presidenteak Israelek emandako informazioa baieztatu zuen arte: Hamasek bahituta dauzka oraindik. Gutxi gorabehera 200 lagun dituzte bahituak. Haiek «berehala eta baldintzarik gabe askatzea» eskatu zuen Sanchezek. Erasoa gertatu berritan El Confidencial hedabideak jakinarazi zuenez, palestinarrak gizonaren etxera sartzen saiatu ziren erasoa hasi zenean, eta segurtasun gela batean sartu behar izan zuen bikotekidearekin. Gurasoei deitu zieten, baina poliziak iritsi zirenerako etxea hutsik zegoen, odol arrastorik gabe. Bizi diren kibbutza Gazatik bi kilometro ingurura dago. Zarauzko Hitza-k zabaldu zuenez, Ivan Illarramendi Saizar eta haren emaztea dira erasoaz geroztik falta direnak. Bilbotarra da sortzez Illarramendi, baina sustraiak Urola Kostan ditu, hedabidearen arabera: aita zarauztarra, eta ama, berriz, getariarra. Egunkari horrek zehaztu zuenez, senar-emazteen etxean ez zuten antzeman indarkeria zantzurik, eta bahitu ote zituzten susmoa indartu zuen horrek.
2023-10-18
https://www.berria.eus/albisteak/234081/aske-utzi-dituzte-gazte-bat-jipoitzeagatik-atxilotutako-espainiako-armadako-hiru-militarrak.htm
Gizartea
Aske utzi dituzte gazte bat jipoitzeagatik atxilotutako Espainiako armadako hiru militarrak
Duela hiru aste gertatu zen erasoa, baina atzo arte ez zituzten susmagarriak deklaratzera deitu. «Zauri larriak» eragitea leporatzen diete, eta gaur mintzatu dira epaileen aurrean.
Aske utzi dituzte gazte bat jipoitzeagatik atxilotutako Espainiako armadako hiru militarrak. Duela hiru aste gertatu zen erasoa, baina atzo arte ez zituzten susmagarriak deklaratzera deitu. «Zauri larriak» eragitea leporatzen diete, eta gaur mintzatu dira epaileen aurrean.
Aske utzi dituzte Iruñean gazte bat jipoitu zuten lau pertsonak; horietako hiru Espainiako armadako militarrak ziren. Epaileak lesio delitua egotzi die, eta astero epaitegian agertu beharko dira. Horrez gain, urruntze agindua ezarri diete. Duela hiru aste egin zuten erasoa, irailaren 29an, baina Foruzaingoak atzo atxilotu zituen. Gaztea larri zauritu zuten, eta hainbat hezur apurtu zizkioten. Ebakuntza egin behar izan zioten. Erasoaren bideoa sareetan bolo-bolo ibili da azken asteotan. Zentral aretoaren kanpoan geratu zen erasoa, eta, hainbat lekukoren arabera, barruan hasi zen ika-mika. Bideoan ikusten da erasotzaileak bat eginda ari direla gaztea menpean hartzeko. Militarretako batek itotzeko maniobra bat egiten dio, eta, orduan, besteek hura nahi bezala jipoitzen dute. Aurpegian hausturak eragin zizkioten biktimari, eta «zauri larriak» eragitea leporatzen diete erasotzaileei. Foruzaingoak atzoko deitu zituen deklaratzera. Eguerdian agertu ziren Beloso auzoko polizia etxera, eta, han, atxilotu egin zituzten. Zabaldu dutenez, Espainiatik Nafarroara helduriko 28 eta 32 urteko gizonezkoak dira atxiloturikoak. EH Bilduko Espainiako Kongresuko diputatu Jon Iñarrituk esan du azalpenak eskatuko dizkiola Espainiako Gobernuari, eta Altsasuko afera ekarri du gogora.
2023-10-18
https://www.berria.eus/albisteak/234082/enaut-uson-garaile-espainiako-kopan.htm
albisteak
Eñaut Uson garaile Espainiako Kopan
Elur Arteaga hirugarren izan da 18 urtez azpikoetan. Ainhize Belar laugarren geratu da maila nagusian, eta Maddi Agirre ere laugarren 16 urtez azpikoetan. Euskal eskalatzaileak hobeto aritu dira Vilanova i la Geltruko (Katalunia) azken proban.
Eñaut Uson garaile Espainiako Kopan. Elur Arteaga hirugarren izan da 18 urtez azpikoetan. Ainhize Belar laugarren geratu da maila nagusian, eta Maddi Agirre ere laugarren 16 urtez azpikoetan. Euskal eskalatzaileak hobeto aritu dira Vilanova i la Geltruko (Katalunia) azken proban.
Amaitu da kirol eskaladako Espainiako Kopa zailtasuneko modalitatean. Joan den asteburuan Vilanova i la Geltru herrian (Katalunia) jokatu zen hirugarren eta azken proba, eta, euskal eskalatzaileei dagokienez, emaitzak Getafeko (Espainia) lehen proban eta Torrejon de Ardozeko (Madril, Espainia) bigarrenean baino hobeak izan ziren. Hamalau urtez azpikoetan, Eñaut Uson tolosarra garaile izan zen Vilanova i la Geltrun ere. Finaleko bidean bera izan zen goraino iritsi zen bakarra. Horrenbestez, hirutik bi proba irabazita, Espainiako Kopako txapeldun izan da Uson, alde nabarmenarekin. Gogoratu behar da, aurrez, boulderreko modalitatean ere berak irabazi zuela Espainiako Kopa. Nabarmentzekoa, beste behin, Elur Arteagaren hirugarren postua 18 urtez azpikoetan. Kopako hiru probetan hirugarren izan da eskalatzaile tolosarra, oso erregular aritu da, eta azken sailkapenean ere podiumeko hirugarren koskara igo da. Maila honetan, bertan, Garazi Uriarte (5) eta Ainhoa Uskola (6) ere finalean sartu ziren Vilanova i la Geltruko proban. Finaletik kanpo geratu zen, aldiz, Irati Aso nafarra, hamargarren. Ainhize Belar, Vilanova i la Geltruko probako finalean. Indoorwall Climbing Maila nagusian, Ainhize Belar hirugarren izan zen, Torrejon de Ardozeko bigarren saioan bezala. Kanporaketetan bikain aritu zen eskalatzaile atxondarra (Bizkaia), baina finalean finago ibili ziren Rut Monsech eta Uxia Bohorque. Monsech bera izan zen irabazle hirugarren proban, eta Bohorque, berriz, Kopako sailkapen nagusian. Erregulartasunean oinarritu du Bohorquek garaipena, probarik irabazi gabe ere, podiumera igo baita hiru probetan (3. Getafen, eta 2. Torrejonen eta Vilanovan). Kopako sailkapenean bigarren Rut Monseh izan da, eta hirugarren, Maria Benach. Ainhize Belar, azkenik, laugarren geratu da. Maila nagusi berean, Vilanovan, Irati Zabala 12. izan zen, Iune La Hidalga 14. eta Maria Feo 15. Gizonezkoen maila nagusian, Javi Cano extremadurarra gailendu zen, bai Vilanovako hirugarren proban bai Espainiako Kopako sailkapen nagusian (Getafeko eta Vilanovako probetan garaile, eta Torrejonekoan bigarren). Vilanovako proban, Raul Escribano valentziarra eta Lau Macia katalana izan ziren bigarren eta hirugarren. Eta Espainiako Kopako sailkapen nagusian ere horiexek igo dira podiumera: Cano txapeldun, Escribano bigarren eta Macia hirugarren. Gizonezkoen maila nagusian, Iker Carrera nafarra izan zen ordezkari bakarra Vilanovan, hamabosgarren postuan. Gazteen artean, gizonezkoen 18 urtez azpikoetan, Manex Guenetxea eta Manex Iñurrategi, biak sartu ziren finalean. Azkenik, Guenetxea bosgarren izan zen eta Iñurrategi zortzigarren. Asier Antunez, hamabosgarren. 16 urtez azpikoetan, hiru euskal eskalatzaile sartu ziren finalean: Ines Allende (4), Maddi Agirre (5) eta Udane Mujika (8). Finaletik kanpo geratu ziren Sara Sanmartin (11) eta Naroa Aierdi (25) nafarrak. Maila honetan, nabarmentzekoa da Maddi Agirreren txapelketa: oso erregular aritu da hiru probetan, eta, azkenik, laugarren izan da, podiumaren atarian. 16 urtez azpiko maila berean, mutiletan, Gari Markuerkiaga 12. izan zen eta Haritz Urkiola 14. Gaztetxoenen artean, 14 urtez azpikoetan, Eñaut Usonek lortutako garaipenaz gain, nabarmentzekoa da, Elene Oterminek lortutako bigarren postua eta Araceli de Bilbaok lortutako zazpigarrena. Maila berean, mutiletan, Lier Perez 20 izan zen. Eta nesketan, Laia Beltran (13), Aiora Perez (25), Olatz Cabrera (29) eta Jone Aretxaga (30) ere kanporaketetan geratu ziren Vilanovan. Sailkapen guztiak FEDMEren webgunean.
2023-10-18
https://www.berria.eus/albisteak/234083/baliabide-eskas-buruko-nahasmenduen-ugaritzeari-aurre-egiteko.htm
Gizartea
Baliabide eskas buruko nahasmenduen ugaritzeari aurre egiteko
‘Gazteak eta buru osasuna: premiazko erronka’ izenburupean, solasaldi bat antolatu du Agifes elkarteak. Kasuek gora egin dutela adierazi dute, baina ez dagoela baliabide nahikorik horiek artatzeko.
Baliabide eskas buruko nahasmenduen ugaritzeari aurre egiteko. ‘Gazteak eta buru osasuna: premiazko erronka’ izenburupean, solasaldi bat antolatu du Agifes elkarteak. Kasuek gora egin dutela adierazi dute, baina ez dagoela baliabide nahikorik horiek artatzeko.
«Benetan uste dugu buruko gaixotasun larri bat hilean behin terapia eginez sendatuko dugula?», galdetu zuen atzo Jaione Mujikak, Agifes Buru Osasuneko Arazoren bat Dutenen eta Senideen Gipuzkoako Elkarteak Donostian antolatutako solasaldi batean. Depresioa du diagnostikatua, eta haren alabak, berriz, elikadura nahasmendu bat. Bere bizitzako momentu jakin batzuetan elkarteak «bizia salbatu» diola aitortu zuen, baita alabari ere. Alabaren gaixotasunaren eta errealitatearen berri eman zuen Mujikak, Gazteak eta buru osasuna: premiazko erronka izenburupean egindako mintzaldian. Mikel Sarmientok, berriz, bizipen propioak izan zituen hizpide, eta ondoan izan zituen Nekane Azuabarrena psikologoa eta Eider Zuaitz Iztueta psikiatra. Horiez gain, bertan izan ziren Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Txaro Rodrigo Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendekotasunaren eta Desgaitasunaren Arretako zuzendari nagusia, eta Mariaje Idoeta Donostiako Udaleko zinegotzia. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoeraren argazkia egin zuten lehenbiziko: 15 eta 29 urte bitarteko hamar gaztetatik batek antsietate edo depresio sintomak ditu. Gainera, 2015 eta 2020 bitarte, 29 urte baino gutxiago zituzten 76 pertsonak egin zuten beren buruaz bertze. Egoera hori ikusita, modu batera edo bertzera, lau hizlariek argi utzi zuten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eskasak direla buru osasunaren arlora bideratutako baliabideak. Iztuetak, erraterako, Andoaingo (Gipuzkoa) osasun etxean egiten du lan, psikiatrian. Kontsultan ikusitakoa kontuan hartuta, adierazi zuen gero eta nerabe gehiagok dituztela buruko nahasmenduak, eta ez dutela baliabide material eta pertsonal nahikorik haiek artatzeko: «Eskari handia dago, baina denbora gutxi». Izan ere, hilabetean behin terapia saio bat izatea ez da nahikoa, haren erranetan; nerabeek «zerbait gehiago behar dute, beste baliabide mota batzuk». Sarmientok berak baieztatu zuen bertatik bertara bizi zuela baliabide eskasia hori: «Norberaren neurrira egindako informazioa falta da; beharrezkoa da bakoitzaren beharretara eta testuingurura egokitzea». Izan ere, aitortu zuen Agifesek anitz lagundu diola, eta egun tutoretzapeko etxe batean dagoela, baina, hala ere, «entzute aktibo» baten falta sumatu zuela. «Buruko gaitzei aurre egiteko lanketa norberarena da, baina kanpoko laguntza beharrezkoa da, bestela pentsamendu intrusiboek pozoitu egiten baitzaituzte», borobildu zuen. Mujika ere iritzi berekoa da, buru osasuneko arloan «langile kualifikatu» gehiago behar direla azpimarratu baitzuen. Adibide bat jarri zuen: alaba larrialdietara eraman zuten senarrak eta biek, eta, bi psikiatrekin solastatu eta gero, gaztea etxera igorriko zutela erran zieten gurasoei &mdash;alabak berak ospitalean gelditu nahi ez zuela argudiatuta&mdash;. Mujikari eta haren senarrari, baina, ez zitzaien gustatu erabaki hura, eta alaba ospitaleratu zezaten jarrera «biolentoa» hartu behar izan zutela aitortu zuen. Handik bi egunera, bertze psikiatra batek artatu zuen gaztea, eta haren egoera «oso larria» zela erran zien: gutxienez hiru hilabetez egon beharko zuen ospitaleratuta akutuen unitatean. Unitate espezializaturik gabe Egun, gazteak sei hilabete daramatza Bartzelonako ospitale espezializatu batean. «Espainian autonomia erkidego bakarra dago elikadura nahasmendurako unitate bat ez duena, eta hori gurea da; baliabide gehiago behar dira», adierazi zuen. Bartzelonara lekualdatu behar izateak «familia puskatzen» duela aitortu zuen, eta osasun sistema publikoan jarri zuen arreta: «Ez dut ulertzen Osakidetza hain ona bada bertan unitate bereizirik ez egotea». Falta diren baliabideak ez ezik, jada existitzen diren horien gabeziak ere kritikatu zituen Mujikak. Izan ere, Donostiako erietxe publikoan ospitaleratuta egon zen, eta bertan zituzten baldintzak «penagarriak» zirela erran zuen: «Arratoiak zeuden patioan, pazienteen gelak oso txikiak ziren, eta partekatu egin behar genituen; neguan ez genuen guztientzako ile lehorgailurik. Zaila da gizarteko estigmak desagerraraztea, han barruan estigmatizatuta gaude eta». Gainera, gogoratu zuenez, pazienteek 24 orduz zainduta egoteari uzten diote bertatik ateratzean, eta bakarrik geratzen dira: «Kalera ateratzen dira, baina kalea oso handia da». Hala, pertsona horiek beren kasa bakarrik ez uzteko eguneko ospitaleak behar direla erran zuen. Iztuetak ere baliabide horren beharra azpimarratu zuen: «Gipuzkoan ez dago eguneko ospitalerik, eta anbulatorioak iristen ez garenean egitura bat behar da gaixoek bertara jo dezaten». Hezkuntza Sisteman dauden zuloak ikusita, Azuabarrenak erran zuen profesionalen arteko sare lanik ez egotea dela arazoa: «Ez gara programa integral bat ematen ari, eta hor dago arazoa». Eguneko ospitalearen beharra azpimarratzeaz gain, hezkuntza arloko profesionalei nahiz gurasoei erremintak eman behar zaizkiela adierazi zuen, denen artean sare bat osatuz gero arazoari errazago eginen zaiolako aurre. Irakasleei dagokienez, «oso galduta» daudela erran zuen. Izan ere, Azuabarrena ikastetxeetan ibiltzen da, buruko gaitzei buruzko prebentzio saioak egiten. «Bisitatzen dudan gela bakoitzean alarma batek jotzen du», aitortu zuen. Adierazi zuen irakasleak ez daudela prest egoera horiei aurre egiteko, «ardura handiegia» dutela. Gurasoek ere galdera anitz dituztela erantsi zuten mintzaldian, eta bi profesionalek argi zuten zaila dela «aliantza bat sortzea» seme-alaba nerabeekin. Hala ere, hitz egitea funtsezkoa dela gogoratu zuen Azuabarrenak: «Gure seme-alabekin hitz egin behar dugu; agian ez digute kontatuko zer gertatzen zaien, baina entzun egiten dute. Jakin behar dute alboan norbait dutela».
2023-10-18
https://www.berria.eus/albisteak/234084/bidenek-israelen-bertsioa-hobetsi-du-badirudi-ospitaleko-erasoa-beste-bandoak-egin-duela.htm
Mundua
Bidenek Israelen bertsioa hobetsi du: «Badirudi ospitaleko erasoa beste bandoak egin duela»
Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 500 palestinar baino gehiago hil dituzte bart gauean Gazako ospitale batean egindako bonbardaketan. Israelgo armadak Jihad Islamikoari egotzi dio erasoa, eta Hamasek Israeli. Egiptotik Gazara laguntza humanitarioa sartzen utziko du Tel Avivek.
Bidenek Israelen bertsioa hobetsi du: «Badirudi ospitaleko erasoa beste bandoak egin duela». Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 500 palestinar baino gehiago hil dituzte bart gauean Gazako ospitale batean egindako bonbardaketan. Israelgo armadak Jihad Islamikoari egotzi dio erasoa, eta Hamasek Israeli. Egiptotik Gazara laguntza humanitarioa sartzen utziko du Tel Avivek.
Tel Aviven lur hartu eta gutxira, Gazako Al-Ahli Arabi ospitalearen aurkako erasoaren inguruan Israelek zabaldutako bertsioa hobetsi du AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Joe Bidenek: «Ikusi dudanaren arabera, badirudi ospitaleko erasoa beste bandoak egin duela». Sekula ez bezalako erasoa izan da bart gauekoa: ia 500 palestinar hil zituzten, Gazako Osasun Ministerioaren arabera. Hamasek Israeli leporatu dio erasoa, baina Israelgo armadak horrelakorik ukatu, eta Jihad Islamikoari egotzi dio bonbardaketa, aipatuz talde armatu horrek «oker jaurtitako suziri batek» jo zuela ospitalea. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahurekin bildu aurretik egin ditu adierazpenok Bidenek. Gero, prentsaurrekoan, iragarri du AEBek Israeli «aurrekaririk gabeko» laguntza militarra emateko asmoa dutela. Hori bai, AEBetako Kongresuan onartu beharko dute lehenbizi. Gazan laguntza humanitarioa sartzen utz dezala ere eskatu dio Netanyahuri, ziurtatuta «inspekzioak» egingo lituzketela, laguntza hori zibilei heltzeko, eta ez Hamasi. Are, iragarri du AEBek 100 milioi dolar bideratuko dituztela Gazako eta Zisjordaniako herritarrei giza laguntza bidaltzera. Berehala erantzun du Netanyahuk: Egipton gerarazita dagoen laguntza humanitarioa Rafahko pasabidetik (Egipto) Gazan sartzeko baimena emango du, baldin eta «zibilentzako elikagaiak, ura eta botikak baino ez badira»; eta horretarako Israelgo lurraldeak zapaltzen ez badituzte. Izan ere, Israeldik Gazara laguntza sartzen uzteko baldintzatzat hauxe jarri du Netanyahuk: Hamasek urriaren 7an bahitutako herritar guztiak itzultzea. Bestelakorik adieraziko lukeen frogarik agertu arte, Israel «errugabea» dela sinestea erabaki dute beste batzuek ere, hala nola Ursula von Der Leyen Europar Batzordeko presidenteak eta Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak. Alemaniakoak esan du «argitu» egin behar dela zer gertatu den, eta Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak bat egin du harekin. Errugabetasun hori berretsi du gaur berriz Israelgo armadak, eta bonbardaketaren ondorengo zenbait irudi erakutsi ditu frogatzat. Argudiatu du irudi horietan ez dela kraterrik agertzen; aurretik Israelek egindako erasoetan, ordea, bai. Protesta oldea Edonola ere, gisa horretako azalpenak ez dira nahikoak izango ospitalearen aurkako erasoak eragindako amorrua eta mina baretzeko. Bart gaueko erasoari erantzunez, milaka lagun irten dira kalera bonbardaketa gaitzestera, Zisjordanian —dolu eguna dute gaur, bihar eta etzi, eta saltoki guztiak itxita daude—, Ekialde Hurbilean, Afrika Iparraldean eta Europan. Haserrea are nabarmenagoa da herrialde arabiarretan. Esaterako, Irango Atzerri ministroak Gazari egindako erasoengatik Israeli isunak jartzeko eskatu die OIC Konferentzia Islamikoaren Erakundeko kideei. Besteak beste, galdegin die petrolioarekin lotutako isunak ezartzea eta Israelgo enbaxadoreak kanporatzea. Era berean, Rafahko pasabidea itxita mantentzea leporatu dio Egiptok Israeli. Scholzekin egin du agerraldia Al-Sisik, Kairon, eta berretsi du Egiptok ez dituela hartuko Gazako iheslariak. «Gazako biztanleak hona etortzen badira, Israelek Egiptoko lurrei erasoko die, eta horrek kolokan jarriko du Israelen eta 105 milioi biztanle dituen herrialde baten [Egipto] arteko bakea». Ia osasun baliabiderik eta erregai erreserbarik gabe daude Gazako ospitaleetan. Ondorioz, Al-Jazeera telebista kateak hango zenbait mediku aipatuz kaleratu duenez, zauritutakoak lurrean eta anestesiarik gabe artatzen ari dira. Gauean bonbardatutako Al-Ahli ospitalean, berriz, ehunka daude oraindik hondakinen azpian. OME Osasunaren Mundu Erakundeak adierazi duenez, egoera «kontroletik kanpo» dago Gazan. Halere, erasoek ez dute etenik Gazan. Israelgo armadak berriro agindu die iparraldeko biztanleei hegoaldera ihes egiteko, eta beste bonbardaketa batek gutxienez 37 lagun hil ditu gaur goizean. Zisjordanian, berriz, Israelgo Poliziak 65 palestinar atxilotu ditu, Wafa berri agentziak jakinarazi duenez. Joan den larunbatetik, 750 palestinar inguru eraman dituzte preso Zisjordanian. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 3.500 palestinar hil eta 13.000 baino gehiago zauritu dituzte. Horiek hala, Palestinaren eta Israelen arteko gatazkaren azken oldarraldia hasi eta hamabi egunera, «berehalako su eten humanitarioa» eskatu du gaur Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek. Erakundearen segurtasun kontseiluko kideek Brasilek ondutako proposamen bat bozkatu dute arratsaldean, zeinak eskatzen duen, besteak beste, erasoak etetea laguntza humanitarioa banatzerakoan, eta gaitzesten zituen zibilen aurkako erasoak. Alde bozkatu dute hamabi herrialdek —hamabost estatu daude kontseiluan denera—, abstenitu egin dira Errusia eta Erresuma Batua; eta, azkenik, proposamenari betoa jarri diote AEBek. Putin eta Xi ere, elkarrekin Foku guztiak Bidenen eta Netanyahuren arteko bilerara begira daude, baina izan da beste bilkura esanguratsu bat ere: Errusiako presidente Vladimir Putin eta Txinako lider Xi Jinpingen artekoa, hain justu. Egoera geopolitikoari erreparatuta, bi estatuek atzerri politikako aferetan «jarrera bateratu bat» eta «kooperazioa» bermatzearen garrantzia nabarmendu du Putinek. Are, ohartarazi duenez, «kooperazio hori indartu baino ez dute egingo biei eragiten dieten mehatxuek». Izan ere, antzeko jarrera azaldu dute bi liderrek Palestinaren eta Israelen arteko gerrari dagokionez ere: batetik, bai Errusiak, bai Txinak, su etenerako deia egin dute; eta, bestetik, nazioarteko gainontzeko estatuek egin dutenaren kontrara, ez dute jendaurrean Hamas gaitzetsi.
2023-10-18
https://www.berria.eus/albisteak/234085/euskara-laquosustatzenraquo-jarraitzeko-asmoa-azalduko-dute-uemako-udalek.htm
Gizartea
Euskara «sustatzen» jarraitzeko asmoa azalduko dute UEMAko udalek
Atzo EAEko Auzitegi Nagusiak emandako sententziaren harira, udalei adierazpen instituzional bat helarazi die mankomunitateak, «ahalik eta lasterrena» onartzeko. EAJk salatu du justiziak euskara «gutxietsi» egiten duela.
Euskara «sustatzen» jarraitzeko asmoa azalduko dute UEMAko udalek. Atzo EAEko Auzitegi Nagusiak emandako sententziaren harira, udalei adierazpen instituzional bat helarazi die mankomunitateak, «ahalik eta lasterrena» onartzeko. EAJk salatu du justiziak euskara «gutxietsi» egiten duela.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zituen atzo Euskal Autonomia Erkidegoko udal legea euskararen alorrean garatzen duen dekretuaren artikulu batzuk, udalei hizkuntza politikarako ahalmena mugatuz. Horien bidez ebatzi du, hain justu ere, udaletan ezin dela euskara lehenetsi. Epaia euskararen «biziberritzearen aurkakoa» ez ezik adostasun sozial handi baten kontrakoa ere badela adierazi du UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, eta bertako kide diren udalei adierazpen instituzional bat helarazi die, udaletan «ahalik eta lasterrena» onartzeko. Adierazpen horren bidez, euskara «sustatzen» jarraitzeko asmo sendoa berretsiko dute udalek. Azaroaren 4rako Euskalgintzaren Kontseiluak deituta duen manifestazioarekin ere bat egingo dute udalek adierazpen horren bidez: hain justu ere, mobilizazio horren helburua da salatzea atzoko ebazpena eta aurrez egon diren beste hainbat euskararen aurkako «oldarraldi judizial» baten ondorioa direla, eta horien aurka egitea. Horiek horrela, UEMAk jakinarazi du udalerri euskaldunetako alkateek eta zinegotziek ordezkaritza «nabarmena» izango dutela mobilizazio horretan. Adierazpenean gogora ekarri dute atzo ezagutu zen epaia ez dela udal legeak hizkuntza politikak ezartzeko ematen dituen irizpideen aurkako lehena. Uztailean Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ere egin zuen legearen kontra.«Epai hauek euskararen ofizialtasuna bera ere zalantzan jartzen dute, askotan udal legeak arautzen ez dituenak ere aurreikusiz, modu prebentiboan», salatu dute. Oroitu dute lege hori Eusko Legebiltzarrean «kontsentsu zabalarekin» onartu zuela, eta hori orain epaitegiek «baliogabetzea» ez dela bidezkoa. Gizartean ere, oro har, euskararen «normalizazioa» helburu duten politikak gehiengo «zabal» batek babesten dituela gogoratu dute. «Beraz, epai hauek euskararen biziberritzearen aurkakoak ez ezik adostasun sozial handi baten kontrakoak ere badira. Azken batean, herritarren eta udalen erabakimena jartzen dute auzitan». Atzo jakinarazi zen epaiak UEMAn dauden herrien lan ildoak nola eragotz ditzakeen gogoratu dute udalek bozkatuko duten testuan. «Udalak helburu nagusien artean du udalerrian euskara normalizatzea eta herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzea, eta sententzia honek oztopoa besterik ez dakar. Hori jarri baitu ezbaian auzitegiak: euskararen normalizazioa. Euskara lehenestearen aurka egin du, gaztelania baztertzen delakoan. Ez da halakorik: hizkuntza minorizatu bat aurrerabidera eramatea da, eskubide guztiak bermatzeko». Horiek horrela, bide horretan lanean jarraitzeko asmoa berretsi nahi dute adierazpenaren bidez UEMAko udalek. «Udalerri euskaldunetan, hainbat arlotan aurrera egin du euskarak hamarkada hauetan, baina oraindik bada zertan eragin. Udalean bertan ere urrats handiak egin ditu euskarak, eta, gaur egun, zerbitzu hizkuntza ez ezik, lan hizkuntza nagusia ere bada euskara. Horretan jarraitzeko asmo sendoa du udalak, eta aurrerantzean ere martxan jarriko ditu bere esku dauden neurri eta plangintza guztiak. Euskara da gure udalerriko hizkuntza propioa, eta hori sustatzen jarraitzeko konpromisoa dauka udalak. Justiziazkoa da». Eta bide horretan hazten jarraitzeko «lege orube sendoa» ere eskatuko dute. «Nork bere eskumenekin eta elkarlana oinarritzat hartuta, urra dezagun bidea euskararen indarberritze prozesua lege babes sendoarekin hornitzeko». EAJren salaketa eta elkarretaratzea Atzoko epaiaren berri izan orduko, Galtzaundi euskara taldeak elkarretaratze bat antolatu zuen «euskararen aurkako erasoak salatzeko», eta Tolosaldeko herritarrei parte hartzeko deia egin zien. Larunbat honetan izango da elkarretaratzea, 12:00etan, Tolosako Plaza Zaharrean. Euskararen aurkako epai hau erreakzio ugari eragiten ari da, eta azken orduotan EAJk ere salatu du justiziaren esku hartzea. Bizkai Buru Batzarreko presidente Itxaso Atutxak esan du justizia euskara «gutxiesten» ari dela, eta hark euskararekin duen «harreman diabolikoa» salatu du. Bilboko epaile dekano Aner Uriartek ziurtatu du ez dagoela «euskararen aurkako kanpainarik», eta Atutxak erantzun du «sinetsi» nahi diola, epaileek batzuetan legeak hartzen dituztela «ezkutu gisa» beren epaiek alarma sortzen dutenean, baina Bizkaiko EAJko buruak «bitxitzat» jo du azken epai hau iritsi dela 2016ean Espainiako Auzitegi Konstituzionalak «ezer ikusi» ez izan eta gero. Radio Euskadin egindako adierazpenetan, Atutxak helarazi du azken epaiak dakarrela «esku hartze oso argia» euskal erakundeen autonomia politikoan, eta haien gaitasunean zehazteko zein politika diren egokienak euskararen normalizazioaren alde. BBBko presidenteak gogoratu du ez dela egon «herritarren kexurik» udaletan; ez dela jaso mezurik adierazteko udalarekin duen hizkuntz harremana ez dela hark nahi duena: «Hau politikaren judizializazio argia da». Bestalde, Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozak iragarri du euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldia salatzeko manifestazio nazionalean egongo dela, Bilbon, azaroaren 4an. Mendozak esan du epaitegietan gertatzen ari dena «larritzeko» modukoa dela, eta «kezkaturik» dagoela foru gobernua. «Oso argi dago herri honetan euskararen inguruan egiten diren politikek oztopoa aurkitzen dutela epaitegietan». Arlo judiziala «oztopo gisa erabiltzen» dela uste du ahaldun nagusiak: «Gure erabakiak defendatzeko bat egin behar dugu indar politikoek». Eusko Alkartasunak ere eskatu du «euskararen aurkako kanpaina judiziala berehala uzteko». EH Bilduren koalizioan dagoen alderdi horrek «oso larritzat» jo du egoera, eta Eusko Jaurlaritzak iragarritako helegitea babestu du. Iban Asenjo Euskara, Hezkuntza eta Kulturako idazkaria ziur da gertatzen ari dena ez dela «kasualitateen edo gertaera bakanen» segida bat. «Kalean lortu ezin dutena epaiaren bidez jasotzeko plana da, euskara baztertzeko eta gure hizkuntzaren aldeko urratsak ez emateko helburuarekin. Euskara da gure hizkuntza, bertakoa eta egoera diglosikoan dagoen hizkuntza, eta euskal gizarteak gogotsu adierazi du euskaraz ere bizi nahi duela eta horretarako eskubide osoa dugula», adierazi du.
2023-10-18
https://www.berria.eus/albisteak/234086/laborantza-lur-batzuen-gozamenik-gabeko-salmenta-oztopatu-du-lurzaindiak.htm
Gizartea
Laborantza lur batzuen gozamenik gabeko salmenta oztopatu du Lurzaindiak
Eroslearen etxean elkarretaratzea egin dute Makean, eta notarioaren bulegora joan dira Baionan. Parte guzien arteko bilkura lortu du Lurzaindiak, lurrak laborantzarako gelditzea adosteko.
Laborantza lur batzuen gozamenik gabeko salmenta oztopatu du Lurzaindiak. Eroslearen etxean elkarretaratzea egin dute Makean, eta notarioaren bulegora joan dira Baionan. Parte guzien arteko bilkura lortu du Lurzaindiak, lurrak laborantzarako gelditzea adosteko.
«Kolpe handi bat eman dugu». Pozik atera da Ttotte Elizondo ELBko laboraria notarioaren bulegotik. Laborantzako lur batzuen gozamenik gabeko salmentaren berri jakin ondotik, protesta bikoitza egitea erabaki dute Lurzaindiak eta sindikatuak. Elkarretaratzea egin dute Makean (Lapurdi) eroslearen etxean, eta notariak Baionan duen bulegora jo dute harekin mintzatzeko. «Salmenta hautsia da», adierazi du Dominique Ameztoi Lurzaindiako buruak notarioarekin bildu ondotik. Ondoko asteetan bilkura bat eginen dute saltzailea, eroslea, notarioa, SAFER eta ELBren artean, salmenta berri baten inguruan adostasuna erdiesteko: «Helburua da lurrak SAFER, Lurzaindia edo antzeko egitura batek erostea, laborantzarako egon daitezen», esplikatu du Ameztoik. Senperen (Lapurdi) kokatuak diren kasik lau hektareako lurrak eta etxebizitza bat dira auzi honen funtsa. Erosleak ez du inolako laborantza jarduerarik, eta SAFER laborantza lurrak kudeatzeko egiturak lehentasunez erosteko aukera izan zezan eragozteko «jukutria» egina zuen. Behin baino gehiagotan agertu den jukutria da: lurren jabetza soila eskuratzen dute, gozamenik gabe; asmoa da urte batzuen buruan gozamena eskuratzeko lehentasuna ukaitea. Lege proposamena Azken urteetan «aski usu» gertatu dira halako kasuak Maryse Cachenault laborariaren hitzetan. «Gertatu da Arbonan, Donibane Lohizunen, iaz ere Bidarrain... Guretzat ez da onargarria. SAFER egituraren eskubidea desbideratzeko jokamoldea da», salatu du. Arbonan egin zuten okupazioaren ondotik, lege proposamen bat landu zuten, besteak beste, Vincent Bru Modemeko diputatuarekin. «Hainbat neurri badira, SAFER egituraren eskubidea indartzeko, laborantzaren erabilpena babesteko eta espekulazioaren aurka borrokatzeko. Frantziako Asanbleara iritsia da testua, baina ez da oraindik eztabaidatua izan. «Hautetsiek lan egin behar dute parlamentuan lege hori pasa dadin, baina anartean kasuak badira, eta gu ez gara egoten ahal beha deus egin gabe», adierazi du Cachenaultek.
2023-10-18
https://www.berria.eus/albisteak/234087/68-urteko-gizon-bat-hil-da-usategi-batetik-erorita.htm
Gizartea
68 urteko gizon bat hil da usategi batetik erorita
Olatzagutian gertatu da ezbeharra, eta gizona hamabost metrokotik erori da.
68 urteko gizon bat hil da usategi batetik erorita. Olatzagutian gertatu da ezbeharra, eta gizona hamabost metrokotik erori da.
Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, 68 urteko gizon bat hil da gaur goizean Olatzagutian (Nafarroa). Usategi batetik erori da, hamabost metroko batetik. Nafarroako larrialdi zerbitzuek 08:30 aldera izan dute ezbeharraren berri. Bertara bideratu dituzte Altsasuko (Nafarroa) mediku talde bat, Altsasuko suhiltzaileak, anbulantzia bat eta Foruzaingoa. Larrialdi zerbitzuak iristerako, baina, gizona hilda zegoen. Gorpua Auzitegi Medikuntzako Nafarroako Institutura eramanen dute, autopsia egiteko. Foruzaingoak eramanen ditu diligentziak.
2023-10-18
https://www.berria.eus/albisteak/234088/hizkuntza-ereduen-sistemari-eustea-atzerapauso-bat-da-ikastolen-elkartearen-ustez.htm
Gizartea
Hizkuntza ereduen sistemari eustea «atzerapauso bat» da, Ikastolen Elkartearen ustez
«Hizkuntza ereduek ez dute euskalduntzen, eta horiek gaindituko dituen eredu bat behar dugu oinarri. Zentzugabea iruditzen zaigu horiei eutsi nahi izatea», esan du Ikastolen Elkarteak.
Hizkuntza ereduen sistemari eustea «atzerapauso bat» da, Ikastolen Elkartearen ustez. «Hizkuntza ereduek ez dute euskalduntzen, eta horiek gaindituko dituen eredu bat behar dugu oinarri. Zentzugabea iruditzen zaigu horiei eutsi nahi izatea», esan du Ikastolen Elkarteak.
Eusko Jaurlaritzak ondutako Hezkuntza Lege proiektuari alderdi politikoek aurkeztutako zuzenketak eztabaidatu eta bozkatuko dituzte bihar Eusko Legebiltzarrean, eta Ikastolen Elkarteak zuzenketa horiei buruzko iritzia eman du. «Euskararen gaiak kezkatzen gaitu bereziki», esan du elkarteak, ohar baten bidez. Izan ere, EAJk eta PSE-EEk batera aurkeztu duten zuzenketaren puntuetako bat euskararekin lotuta dago; hizkuntza ereduen sistemari eustea proposatu dute, alegia. Ereduei eustea «atzerapauso bat» da, Ikastolen Elkartearen ustez: «Hizkuntza ereduek ez dute euskalduntzen, eta horiek gaindituko dituen eredu bat behar dugu oinarri. Zentzugabea iruditzen zaigu horiei eutsi nahi izatea». Murgiltze eredua ezarri beharko litzatekeela adierazi du Ikastolen Elkarteak. Izan ere, nabarmendu du ereduek «izaera baztertzailea» dutela, eta «segregazio egoerak» areagotu egiten dituela. Gainera, gaitzetsi du lege proiektuan eta zuzenketetan ez dela ageri euskal curriculumik. Bestalde, bat etorri da hezkuntza zerbitzu publikoaren zehaztapen «sakonagoa» egitearekin, eta «begi onez» ikusi du ikastolen eredu kooperatiboa aintzat hartzea. Alde horretatik, lege proiektuak «urrats garrantzitsuak» egiten dituela aitortu du Ikastolen Elkarteak, baina «ausartagoa» izan beharko lukeela uste du. Gainera, bat datoz doakotasunaz lege proiektuak dioenarekin, eta zenbait zuzenketatan zehaztutakoa ere txalotu dute ikastolek: «Zuzena iruditzen zaigu itunpeko ikastetxeen finantzaketa legean agertzen diren baldintzak, printzipioak edo irizpideak betetzeari lotuta dagoela argiago eta irmoago jasotzen duen zuzenketa».
2023-10-18
https://www.berria.eus/albisteak/234089/makina-erreminta-5eko-hazkundeari-eusteko-bidean-dago.htm
Ekonomia
Makina-erreminta %5eko hazkundeari eusteko bidean dago
AFM elkarteak uste du eskari zorroa nahikoa izango dela datorren urtean ere «jarduera on» bat izateko. Sektoreak kongresua egingo du datorren astean, Donostian.
Makina-erreminta %5eko hazkundeari eusteko bidean dago. AFM elkarteak uste du eskari zorroa nahikoa izango dela datorren urtean ere «jarduera on» bat izateko. Sektoreak kongresua egingo du datorren astean, Donostian.
Zailtasunak zailtasun, 2023. urterako aurreikuspena betetzeko moduan dago makina-erremintaren sektorea. Joan den maiatzean, Xabier Ortueta AFM makina-erremintaren klusterreko zuzendariak esan zuen %5eko hazkundea espero zutela 2023rako, eta, azken hiruhilekoaren datuak falta diren honetan, kopuru horri berari eusteko moduan daudela azaldu du gaur Donostian. Interes tasa handiek finantzaketa garestitzearen ondorioz jarduera ekonomikoan «moteltzeko joera» antzeman bada ere, sektoreko enpresek «okupazio maila onari» eutsi diote aurten, eta 2021eko bigarren erdian hasitako goranzko bidean jarraitzen dute. Iaz ere urte ona izan zuen sektoreak, nahiz eta inflazioak eta hornidura kateetan izandako arazoek «ekaitz perfektu bat» eragin zuten. Baina Hego Euskal Herriko, Espainiako eta Italiako eskaera mardulen bidez, salmentak ia %9 haztea lortu zuten makina-erremintako enpresek. Ortueta nahiko baikor azaldu da 2024. urteari begira ere, uste baitu enpresen eskaera zorroak nahikoak izango direla «jarduera on bati eusteko», urte horretan ekonomia asko motelduko balitz ere. Gainera, datorren urteko bigarren erdirako ekonomiaren suspertzea espero duenez, makina-erremintak urtea salbatuko duelakoan dago. AFMko buruak onartu du azken hiru urteetan «kezkatuta» bizi izan direla, COVID19a, Ukrainako gerra, hornidura katearen zuloak eta inflazio handia dela medio, eta Ekialde Hurbileko gerra giroak ez diola mesederik egiten giro ekonomikoari. Baina, horren guztiaren gainetik, enpresak makinetan inbertitzeko asmoarekin ikusten ditu. Makinen erosle diren bi sektore aipatu ditu, autogintza eta aeronautika, erregai fosilak atzean utzi beharraren ondorioz moldaketa betean ikusten dituelako. Makina-erremintak aurrera begira dituen erronken artean, Ortuetak «talentua erakartzea» aipatu du. «Gazte gutxi daude, eta ez da erraza haiek industriara erakartzea. Gurea sektore polita da lan egiteko, baina hori ez da kanpotik ikusten den zerbait». Arazoen artean ikusten du emakume gutxi aritzen direla makina-erremintan, eta bereziki tailerretan. Kongresua, urriaren 25etik 27ra Sektorea ikusgarriago egitea da, hain zuzen ere, AFMk datorren asterako antolatu duen kongresuaren helburuetako bat. Hilaren 25etik 27ra egingo da, Donostiako Parke Teknologikoan, Miramonen. 1976az geroztik bi urtean behin antolatzen du AFMk Fabrikazio Aurreratuaren eta Makina-erremintaren Kongresua, baina duela bi urte ezin izan zuen egin, pandemiarengatik. Hori dela eta, aurtengoa, hamahirugarrena, «inoizko onena» izango dela nabarmendu du Ortuetak. Hiru arlo izango ditu kongresuak. Dibulgazioaren arloan, etorkizuneko fabrikei buruz hitz egingo dute, digitalizazioaz eta automatizazioaz, besteak beste. Beste atal bat zientziari lotutakoa izango da, eta, horretan, teknologia zentroek, unibertsitateek eta enpresek I+G proiektuen emaitzak eta balizko aplikazioak aurkeztuko dituzte. Aurten, berrikuntza gisa, makinen segurtasunari buruzko hirugarren atal bat ere izango da. AFM makina-erremintan aritzen diren enpresen elkarte gisa sortu zen duela 77 urte, baina azken urteetan fabrikazio prozesuen beste arlo batzuetara ere hedatu da. Guztira zazpi industria elkarte batzen ditu, eta 750 enpresa baino gehiago. Berez, Espainiako erakunde bat da, baina kide gehientsuenak Euskal Herrian ditu, Gipuzkoan bereziki, eta Donostian du egoitza.
2023-10-18
https://www.berria.eus/albisteak/234090/indartsu-dator-berriro-winter-series-txapelketa.htm
Kirola
Indartsu dator berriro Winter Series txapelketa
Urriaren 30etik otsailaren 18ra jokatuko dute hirugarren ekitaldia. Zazpi puntista lehen aldiz ariko dira titular gisa. Iñaki Osa Goikoetxeak azken txapelketa izango du erretiroa hartu aurretik.
Indartsu dator berriro Winter Series txapelketa. Urriaren 30etik otsailaren 18ra jokatuko dute hirugarren ekitaldia. Zazpi puntista lehen aldiz ariko dira titular gisa. Iñaki Osa Goikoetxeak azken txapelketa izango du erretiroa hartu aurretik.
Badator berriro olatua: Winter Series zesta-puntako txapelketa, kirol horretako lehiaketarik luzeena, garrantzitsuena eta ospetsuena. Urriaren 30ean hasiko da hirugarren aldia, eta otsailaren 18an bukatu. Puntista onenak, beraz, ia lau hilabetez ariko dira nor baino nor gehiago Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan (Bizkaia). Arrakastatsuak izan ziren aurreneko bi ekitaldiak, Gernika Jai Alai enpresak eta EITBk antolatutakoak: ia beti bete zen frontoia, eta telebistako ikusle datuak oso onak izan ziren. Itxuraz, arrakastatsua izango da hirugarren aldia ere, Eraman enpresak eta EITBk antolatutakoa. Joan den astean jarri zituzten salgai txapelketa ikusteko abonuak, eta mila baino gehiago saldu ziren. Sekulakoa da hori, kontuan hartuta oraindik ez zela xehetasun askoren berri eman; nagusiki, zein bikotek jokatu zuten. Horrek agerian uzten du zaleak irrikaz daudela Winter Seriesen olatua berriro hartzeko. Gaur eman dituzte xehetasun guztiak, aurkezpenean, Gernikako Europako Herrialdeen Parkean. Antolatzaileek aurreko ekitaldiaren egiturari eutsi diote. Zortzi bikotek jokatuko dute berriro, bi multzotan banatuta: A multzoan, Goikoetxea-Lekerika, Erik-Minvielle, Goitia-Basque eta Olharan-Del Rio ariko dira; eta B multzoan, Johan-Lopez, Erkiaga-Ibarluzea, Ladutxe-Gorka eta Pro Am txapelketako bikote irabazlea. Bikote guztiek kolore jakin bateko elastikoa eramango dute txapelketa osoan. Pro Am txapelketa bihar eta astelehenean jokatuko dute, Zumaiako Aitzuri frontoian (Gipuzkoa). Bihar, finalerdiak jokatuko dituzte, 19:30ean: aurrenekoan, Arbe-Manzi eta Urko Lekerika-Salegi ariko dira, eta bigarrengoan, Cosme-Bailo eta Gonzalo-Uranga. Irabazleek finala jokatuko dute astelehenean (19:30, ETB1). Puntisten ia erdiak dira berriak iazko ekitaldiaren aldean; hamaseitik zazpi lehenbiziko aldiz ariko dira titular gisa: Ladutxe, Gorka, Goitia, Erik, Ibarluzea, eta Pro Am txapelketako irabazleak. Aurreko bi ekitaldietan titular izandako bi puntista min hartuta egoteak —Barandika eta Zabala— eta beste batek erretiroa hartu izanak —Beaskoetxea— eragin du horrenbeste aldaketa egotea. Baita gero eta lehia handiagoa egoteak ere. Hala, aurten berriz ariko diren bederatzi puntistetatik hiruk estreinakoa izan zuten iaz: Johanek, Del Riok eta Basquek. Belaunaldi berria indartsu datorren seinale da. Jaialdia Urtezaharrean Baina betikoek eutsi egiten diote oraindik ere. Iñaki Osa Goikoetxea nabarmentzen da horien artean. Aurrelari zumaiarrak erretiroa hartuko du txapelketa bukatzen denean, 43 urterekin, eta 27 urtez punta-puntan aritu ondoren. Inoizko puntista onenetako bat izanda utziko du lehia; garaipen zerrendari erreparatuta, onena bai, behintzat: hamahiru aldiz izan da buruz buruko txapeldun, zortzi aldiz binaka, eta bost aldiz irabazi du Hiruko Koroa AEBetan; bost aldiz izan da onena banaka, binaka eta kinielen jokoan. Goikoetxeak Lekerika izango du bikotekide bere agurrean. Kontuan hartzeko bikotea da: duela bost urte, Gernikako Grand Slama irabazi zuten. Goikoetxea, gainera, ikusgarri aritu da udan: Donostiako eta Hondarribiko (Gipuzkoa) grand slamak, Miarritzeko (Lapurdi) Urrezko Xistera eta Paueko Kopa (Okzitania) irabazi ditu. Bata, erretiroa hartzear dagoen izar handia, eta bestea, etxekoa. Ziur zaleen babesa izango dutela. Hamasei jardunaldi jokatuko dituzte. Lehen hamabiak ligaxkako partidak izango dira, eta urriaren 30etik urtarrilaren 22ra jokatuko dituzte. Multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuak finalerdietan ariko dira: A multzoko lehen bikoteak B multzoko bigarrenaren aurka jokatuko du, eta B multzoko lehenak, bigarrenaren kontra. Urtarrilaren 29an eta otsailaren 5ean zehaztuko da zein bi bikote ariko diren finalean, otsailaren 18an. Tartean, otsailaren 12an, hirugarren eta laugarren postuetarako partida jokatuko dute. Jaialdi guztiak 19:30ean hasiko dira, Urtezaharrekoa eta finalekoa ez beste. 12:00etan jokatuko dira bi horiek, eta ETB1ek zuzenean eskainiko ditu. Beste guztiak, berriz, 22:30ean emango ditu. Winter Series txapelketak, halaber, hasiera emango dio Jai Alai ligaren bigarren aldiari. Joan den astelehenean jokatu zen aurrenekoaren finala, eta Aritz Erkiagak eta Gorka Sorozabalek jantzi zuten txapela. Ludovic Ladutxeri eta Thibault Basqueri irabazi zieten finalean, Durangoko Ezkurdi pilotalekuan (Bizkaia). Jai Alai ligak Ipar eta Hego Euskal Herrian jokatzen diren bost torneo nagusietako emaitzak hartzen ditu kontuan: Winter Seriesak, Gernikako Grand Slama, Donibane-Lohizuneko Nazioartekoa (Lapurdi), Miarritzeko Urrezko Xistera eta Paueko Kopa (Okzitania). Haren inguruko informazio guztia Jai Alai League aplikazioan dago eskuragarri. Android eta iOs plataformatetan deskarga daiteke. WINTER SERIES TXAPELKETA Bikoteak A multzoa. Goikoetxea-Lekerika, Erik-Minvielle, Goitia-Basque eta Olharan-Del Rio. B multzoa. Johan-Lopez, Erkiaga-Ibarluzea, Ladutxe-Gorka eta Pro Am txapelketako bikote irabazlea. Ligaxka Urriak 30. Goikoetxe-Lekerika, Erik-Minvielleren aurka. Azaroak 6. Erkiaga-Ibarluzea, Johan-Lopezen aurka. Azaroak 13. Goitia-Basque, Erik-Minvielleren aurka. Azaroak 20. Ladutxe-Gorka, Pro Am txapelketako irabazleen aurka. Azaroak 27. Olharan-Del Rio, Goikoetxea-Lekerikaren aurka. Abenduak 4. Erkiaga-Ibarluzea, Ladutxe-Gorkaren aurka. Abenduak 11. Olharan-Del Rio, Goitia-Basqueren aurka. Abenduak 18. Johan-Lopez, Pro Am txapelketako irabazleen aurka. Abenduak 31. Goiko-Lekerika, Goitia-Basqueren aurka. Urtarrilak 8. Johan-Lopez, Ladutxe-Gorkaren aurka. Urtarrilak 15. Olharan-Del Rio, Erik-Minvielleren aurka. Urtarrilak 22. Erkiaga-Ibarluzea, Pro Am txapelketako irabazleen aurka. Finalerdiak Urtarrilak 29. A multzoko lehen sailkatua B multzoko bigarrenaren aurka ariko da. Otsailak 5. B multzoko lehen sailkatua A multzoko bigarrenaren aurka ariko da. Hirugarren eta laugarren postuetarako partida Otsailak 12. Bi finalerdietako galtzaileak ariko dira. Finala Otsailak 18. Bi finalerdietako irabazleak ariko dira. *Jaialdi guztiak 19:30ean hasiko dira, Urtezaharrekoa eta finalekoa ez beste; 12:00etan hasiko dira bi jaialdi horiek.
2023-10-21
https://www.berria.eus/albisteak/234091/venezuelako-gobernuak-eta-oposizioak-presidentetzarako-hauteskundeetarako-bermeak-adostu-dituzte.htm
Mundua
Venezuelako Gobernuak eta oposizioak presidentetzarako hauteskundeetarako bermeak adostu dituzte
Bi aldeek negoziatu dute datorren urteko bigarren seihilekoan egitea bozak, eta nazioarteko behatzaileak izatea horiek gainbegiratzeko. Itunak berekin ekar lezake AEBek zigor ekonomiko batzuk arintzea.
Venezuelako Gobernuak eta oposizioak presidentetzarako hauteskundeetarako bermeak adostu dituzte. Bi aldeek negoziatu dute datorren urteko bigarren seihilekoan egitea bozak, eta nazioarteko behatzaileak izatea horiek gainbegiratzeko. Itunak berekin ekar lezake AEBek zigor ekonomiko batzuk arintzea.
Duela bost urte, Venezuelako oposizioko aliantza nagusiak, Batasun Demokratikoaren Mahaiak, erabaki zuen presidentetzarako bozetan ez lehiatzea eta boikoterako deia egitea, hauteskunde horiek «itxurakeria bat» zirela argudiatuta. Jarrera horrek eragin zuen, besteak beste, parte hartzea %46,07 izatea, eta PSUV Venezuelako Alderdi Sozialista Batuko Nicolas Madurok berriz ere irabaztea, babesen %67,84 bilduta. Estatuburua hautatzeko hurrengo hauteskundeak datorren urterako daude aurreikusita, eta, pixkanaka-pixkanaka, badirudi gobernua eta oposizioaren aliantza nagusia —orain PUD Plataforma Unitario Demokratikoan bildua— bi aldeak asebeteko dituen baldintzak finkatzen ari direla boz horietarako. Bermeak, behintzat, adostu dituzte, eta horrek atea ireki dio oposizioak 2024ko bozetan parte hartzeari. Caracasek bidalitako ordezkaritza eta oposizioaren aliantza nagusiarena Barbadosen elkartu dira berriz ere egunotan —2021ean hasi zituzten negoziazioak—, eta bilera sorta horretan adostu dute «denentzako berme elektoralen eta eskubide politikoen sustapenerako akordio partziala». Presidentetzarako hauteskundeak datorren urteko bigarren seihilekoan egingo dituzte —ez dute data zehatzik aipatu—, eta horretan parte hartu ahalko dute «presidentegai guztiek, betiere legeak finkatutako baldintzak betetzen» badituzte. Azken ideia hori garrantzitsua da bereziki PUDentzat, datorren igandean presidentegaia aukeratzeko primarioak egingo dituelako, eta hautagai izan nahi duten politikarietako batzuk inhabilitatuta daudelako. PUDen arabera, gobernuarekin egin duen akordioa «bide bat» da hautagai eta alderdi horiek «beren eskubideak laster berreskuratzeko» eta barne bozketa horretako hautagaien zerrenda «errespetatzeko»; hain justu, primarioetako faboritoa, Maria Corina Machado —Zatoz Venezuela alderdi antikomunistaren sortzailea da—, inhabilitatua dute. Gobernuaren ordezkaritzak, ordea, berehala jakinarazi du bere interpretazioa bestelakoa dela, eta ez dagoela erabat ados oposizioaren aliantza nagusiak esandakoarekin. Jorge Rodriguez Venezuelako Asanbleako presidente eta Caracasek bidalitako ordezkaritzaren buruzagiak zera ohartarazi du: «Inhabilitazio bat jaso baduzu, ezin zara hautagai izan». Horretaz harago, Rodriguezek ontzat jo du ituna, eta, batez ere, nabarmendu du «eraikitzen ari den akordio zabal baten lehen pausoa» dela. AEBak eta EB, pozik Adosturikoaren arabera, nazioarteko behatzaileak ere izango dira datorren urteko presidentetzarako hauteskundeetan, bozak gainbegiratzen; tartean, NBE Nazio Batuen Erakundeak eta EB Europako Batasunak bidaliko dituzten «misio teknikoak». Horren bidez, bi aldeek espero dute hauteskundeetako jarduna bidezkoa izango dela; itunak, behintzat, EBren eta AEB Ameriketako Estatu Batuen oniritzia jaso du, komunikatu bateratu baten bidez jakinarazi dutenez, baita Latinoamerikako herrialde askorena ere —tartean, Brasil eta Argentina—. Hauteskundeez gain, Caracasen negoziazioetako helburuetako bat zigor ekonomikoen afera da. AEBek esana dute oposizioarekin ados jarriz gero horiek arintzeko edota erabat kentzeko aukera aztertuko zuela, eta badirudi gaurko itunak horretarako bidea ireki duela. The Washington Post egunkariak herenegun argitaraturikoaren arabera, Etxe Zuriak petrolioarekin zerikusia duten zigorrak arinduko lituzke; besteak beste, horri esker, PDVSA Venezuelako petrolio enpresa publikoak negozioak egingo ahalko lituzke AEBekin eta beste zenbait herrialderekin. Hori bai, aldaketa behin-behinekoa litzateke, Washingtonek atzera egiteko aukera izan dezan, Madurok adosturikoa errespetatuko ez balu.
2023-10-18
https://www.berria.eus/albisteak/234092/gasteizko-gune-autogestionatuek-egun-osoko-egitaraua-antolatu-dute-larunbaterako.htm
Gizartea
Gasteizko gune autogestionatuek egun osoko egitaraua antolatu dute larunbaterako
Urriaren 21ean ekintza ugari egingo dituzte Gasteizen, 100 urte, bakarrik ezin da! lelopean. Euskal Herriko herritar guztiak gonbidatu dituzte gune autogestionatuen «gorazarre egitera».
Gasteizko gune autogestionatuek egun osoko egitaraua antolatu dute larunbaterako. Urriaren 21ean ekintza ugari egingo dituzte Gasteizen, 100 urte, bakarrik ezin da! lelopean. Euskal Herriko herritar guztiak gonbidatu dituzte gune autogestionatuen «gorazarre egitera».
Egun osoko egitaraua antolatu dute Hala Bedi irratiak, Gasteizko Gaztetxeak, Auzolana Pilotalekuak, Errekaleor Bizirik-ek eta Sumendik elkarlanean. Eskaintza «zabal eta askotarikoa» egingo dute larunbatean Gasteizko zenbait gunetan, hiriburuko gune autogestionatu eta alternatiboen 100. urteurrena aitzakia hartuta. «Urte luze hauetan aldarrikatu dugun eta egun aldarrikatzen dugun Gasteiz herriaren adibide bat osatu nahi dugu», adierazi dute. Gasteizko Alde Zaharrean hasiko dira ekintzak. 10:00etatik 13:15era, kolektibo eta artisauen azoka egongo da Kai plazan —Halabedi parean—; 11:00etan, Zuretzako Mezua jamaikar kulturaren aldeko kolektiboa izango da. 11:00etan hasi eta goiz osoan, umeentzako gunea egongo da Etxauri plazan —Gaztetxe ondoan—. Bertan, Judimendiko herri zumba izango da 11:30ean, eta Txan magoaren ikuskizuna 12:00etan. 13:00etan, kalejira egingo dute gaztetxetik Errekaleorrera Gora okupazioa, asanblada eta autogestioa lelopean, eta Xerula eta Malandro DJek jarriko dute giroa. Errekaleorrera iristean, arratsaldeko egitaraua hasteko ekitaldia egingo dute. Horren ondoren, Sukalde Gerrillaren laguntzarekin, herri bazkaria egingo dute 300 lagun inguruk. Arratsalde eta gaueko egitaraua Errekaleorren izango da. Umeentzako puzgarriak egongo dira, eta kolektiboen eta artisauen azoka bertara mugituko da. 20:00etan hasita, artista ugarik joko dute: Willis Drummond, Miren Narbaiza, Aitor Garcia de Bikuña, Albina Stardust, Nakar musika taldea, DJ Eromena, Ander Solozabal, Ekaitz Ubera, Lekittoko Deabruak, Ane Gebara, Josune Velez de Mendizabal, Belen Nevado, Judimendiko Joaldunak, Edurne Azkarate, Zarauzko Ginger taldea eta beste horrenbeste.
2023-10-18
https://www.berria.eus/albisteak/234093/bildarratzek-esan-du-udazkenean-onartuko-dutela-hezkuntza-legea.htm
Gizartea
Bildarratzek esan du udazkenean onartuko dutela Hezkuntza Legea
Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak esan du lege proiektuari aurkeztu dizkioten osoko zuzenketen aurka bozkatuko duela Legebiltzarraren %82,6k.
Bildarratzek esan du udazkenean onartuko dutela Hezkuntza Legea. Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak esan du lege proiektuari aurkeztu dizkioten osoko zuzenketen aurka bozkatuko duela Legebiltzarraren %82,6k.
Eusko Jaurlaritzak ondutako Hezkuntza Lege proiektuari alderdi politikoek aurkeztutako zuzenketak eztabaidatu eta bozkatuko dituzte bihar Eusko Legebiltzarrean, eta Jokin Bildarratzek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, esan du lege proiektuari aurkeztu dizkioten osoko zuzenketen aurka bozkatuko duela Legebiltzarraren %82,6k. Elkarrekin Podemos-IUk, PPk, Ciudadanosek eta Voxek osoko zuzenketa bana aurkeztu dute, eta haiei egin die erreferentzia sailburuak. EAJk eta PSE-EEk 26 zuzenketa partzial aurkeztu dizkiote testuari; EH Bilduk, 146; eta Elkarrekin Podemos-IUk, 44. Nabarmendu du udazkenean onartuko dutela Hezkuntza Legea. «30 urte igaro eta gero, nik uste dut badela berri on bat, eta gure herriarentzat etorkizuneko proiektu bat», esan du Bizkaia irratian. Bildarratzen ustez, ez dago «inongo diferentzia kualitatiborik» Legebiltzarreko alderdi «nagusienen» artean lege hori ez babesteko. Alderdiei «elkarrekin joateko» dei egin die, «gizarteak merezi duelako eta iaz Legebiltzarrean lortutako %90eko adostasunarekin gizartea ere poztu egin zelako». Hala ere, Hezkuntza Itunean ez bezala, EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako zuzenketetan hizkuntza ereduen sistemari eustea proposatu dute. EH Bilduko hezkuntza idazkari Ikoitz Arresek atzo aurreratu zuen ezezkoa emango dietela osoko zuzenketei, baina «eztabaida argia eta gardena» galdegin zuen. Izan ere, EAJk eta PSE-EEk hizkuntza ereduen sistemari eustea proposatu duten arren, bi alderdiak ez dira «gai» izan «iritzi bateratu bat» emateko.
2023-10-18
https://www.berria.eus/albisteak/234094/eusko-jaurlaritzaren-aurrekontua-5-handituko-dela-aurreratu-du-azpiazuk.htm
Ekonomia
Eusko Jaurlaritzaren aurrekontua %5 handituko dela aurreratu du Azpiazuk
Osakidetza indartzea «lehentasuna» izango dela esan du. Diru gehiago ipiniko du, halaber, hezkuntzarako, inbertsioetarako eta DSBE diru sarrerak bermatzeko errentarako.
Eusko Jaurlaritzaren aurrekontua %5 handituko dela aurreratu du Azpiazuk. Osakidetza indartzea «lehentasuna» izango dela esan du. Diru gehiago ipiniko du, halaber, hezkuntzarako, inbertsioetarako eta DSBE diru sarrerak bermatzeko errentarako.
Urtearen amaierarako ogasunen kutxetan zenbat diru sartuko den kalkulatu ostean, datorren urteko aurrekontuak fintzeko garaia da orain. Eusko Jaurlaritzak datorren asteko gobernu bileran onartu asmo du aurrekontuen lege proiektua, hain zuzen ere, eta hilaren 27an bidaliko du Eusko Legebiltzarrera, tramitazio bidea has dezan. Kontuak zenbatekoak izango diren ez da jakina oraindik, baina Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak esana zuen aise gaindituko zuela aurtengo zenbatekoa. Gaur zenbakia jarri dio baieztapen horri, eta iragarri du %5 inguru handituko dela. Horrek esan nahi du 15.000 milioiren bueltan izango dela. Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, sailburuak esan du aurrekontu «sendoa» izango dela, egun Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak dituzten «erronkei erantzungo diena». Eta aurreratu du Osakidetza indartzea izango dela «lehentasuna»; diru gehiago jarriko du Hezkuntza Sailaren esku, halaber. Jaiotze tasa handitzeko, etxebizitzak birgaitzeko eta inbertsioak sustatzeko ere dirua ipiniko du Jaurlaritzak. «Diru sarrerak bermatzeko errentak ere igoera nabarmena izango du», nabarmendu du Azpiazuk. Eusko Jaurlaritzak uste du ekonomia gehiago haziko dela 2024an. Aurten barne produktu gordina %1,7 haziko dela kalkulatu du, eta datorren urtean, %2,1. Hazkunde «apala» izangatik ere, espero du enplegua handitzeko aukera emango dutela: aurten 13.000 lanpostu sortuko direla esan du, eta heldu den urtean, beste 16.000. Horri esker, langabezia tasa %7,4koa izango litzateke. Hala ere, Azpiazuk ohartarazi du litekeena dela Ekialde Hurbileko gerrak ziurgabetasuna handitzea nazioartean, eta horrek kalte egin diezaiokeela ekonomiari. Hain zuzen ere, aitortu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia hasi dela ondorioak nozitzen, «motelaldi bat» antzematen baita esportazioetan. Baikor da sailburua, edonola ere: «Euskal ekonomia indartsua da; industria lehiakor batean oinarrituta dago, eta alor hori suspertzen hasterako, ziztuan handituko dira esportazioak ere». Sektore publikoko grebak Datorren asterako sektore publikoan deituta dauden greben harira, sailburuak iritzi dio lotura dutela hauteskundeekin. Hala uste du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaitzako lehendakariak ere. Azpiazuren hitzetan, «ulergaitza» da «hainbeste» lan gatazka izatea, eta ez datoz bat testuinguru ekonomikoarekin. Bada, lasaitasuna eskatu du sailburuak, eta arduraz jokatzeko deia egin.
2023-10-18
https://www.berria.eus/albisteak/234095/sindikatu-nagusiek-bat-egin-dute-azaroaren-4ko-manifestazioarekin.htm
Gizartea
Sindikatu nagusiek bat egin dute azaroaren 4ko manifestazioarekin
Agerraldia egin dute gaur Kontseiluarekin, Bilbon, eta adierazi dute protestaren ardatzetako bat izango dela euskaraz lan egiteko eskubidea.
Sindikatu nagusiek bat egin dute azaroaren 4ko manifestazioarekin. Agerraldia egin dute gaur Kontseiluarekin, Bilbon, eta adierazi dute protestaren ardatzetako bat izango dela euskaraz lan egiteko eskubidea.
«Oldarraldi judizialaren» kontrako manifestazioa egingo da azaroaren 4an Bilbon, euskararen normalizazioaren kontra igaro hilabeteotan izan diren epaiak auzitan jartze aldera. Euskalgintzaren Kontseiluak antolatu du protesta, eta atxikimendu ugari jasotzen ari da. Deialdiaren harira, gaur, euskal sindikatu nagusiek eta lan munduko hainbat eragilek ere bat egin dute mobilizazioarekin bat egiteko, Bilbon. ELA, LAB, ESK, CGT/LKN, Steilas, Hiru, EHNE, Etxalde, Lanartea, OlatuKoop eta EHko Pentsiodunen elkarteko ordezkariak izan dira agerraldian, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari Idurre Eskisabelekin. Propio gaurkorako atera duen oharrean Kontseiluak gogora ekarri du «eremu sozioekonomikoa» ezinbestekoa dela hizkuntza gutxituen biziberritze eta normalizazio prozesuan. «Izan ere, gure bizitzaren parte handi bat lanean ematen dugu, eta beste parte handi bat inoren lanaz baliatzen. Horregatik, herritar erabiltzaile modura zerbitzua norbere hizkuntzan jasotzeko eskubidea aldarrikatu nahi du Kontseiluak, baita langile modura euskaraz lan egitekoa ere». «Oldarraldi judizialeko» hainbat sententzia izan dira propio funtzio publikoko langileei eta enpresei euskara gaitasuna egiaztatzeko ezarritako hizkuntza eskakizunen aurka. Euskaraz lan egiteko eskubidea dela gogoratu nahi izan dute gaur, ordea. «Hain zuzen, langileek Euskal Herriko berezko hizkuntza ezagutzeko, lan jarduera eta lanbidea euskaraz garatzeko eta lan harremanak euskaraz burutzeko eskubidea defendatzen dugu. Finean, hizkuntza eskubideak lan eskubide ere badirelako. Aitortza hori ezinbestekoa da gure hizkuntza hautua modu librean egin ahal izateko. Are gehiago, lan munduaren euskalduntzea araubidean jartzea ezinbestekoa da, guztion eskubideak bermatu ahal izateko». Euskal Herri osorako, baina «tokian tokiko berezitasunei» ere erreparatuta, hizkuntza politika eraginkorrak eskatu dituzte, «Orain arte, haur eta gazteengan jarri izan dugu fokua», esan dute. «Ezinbesteko oinarri bat da, bai, baina ez da nahikoa. Zertarako balio du inoizko gazte belaunaldi euskaldunena izateak, lan mundua erabat erdalduna denean?». Hor eragiten jarraitze aldera, justiziak ezin duela traba izan gogoratu dute. «Zoritxarrez, kontrako bidean datoz azkenaldian epaitegietatik jasotako sententziak. Gero eta argiago geratzen ari baita kasuan kasuko ebazpenetik haragoko joera bat dela: oldarraldi judizial bat». Mobilizazio soziala «ezinbestekoa» dela jakinda, euskaltzaleei, eta, orokorrean, hizkuntza berdintasunean, justizia sozialean eta bizikidetzan sinesten duten herritar eta eragile guztiei mobilizaziora joateko eskatu diete: «Urteetan eginiko lana eta landutako adostasun sozialak auzitan jartzen ezin diegulako utzi». Ordezkariak Pello Igeregi ELA sindikatuko ordezkariak esan du epaileak «aurpegira oihuka» ari zaizkiola euskal gizarteari. Adibiderako, gogora ekarri du atzo jakin zela EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi dituela EAEko udal legea euskararen arloan garatzeko dekretuko artikulu batzuk eta ukatu egin nahi zaiela era horretan udalei euskara lehenesteko era. LABen izenean Garbiñe Aranburuk euskaraz «lan eta bizitzeko eskubidea» aldarrikatu du: «Guk ere nozitzen dugu euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldi judiziala». EHNEko ordezkari Patxiku Irisarrik nekazaritza munduak dituen berezitasunei erreparatu die. «Hizkuntza lan munduan nonbait mantendu bada, hori landa eremuan izan da, Garai bateko burla eta eseki artean. Gaur da eguna non, baserri mundua arnasgune izatetik hilzorian dagoen eremua bihurtzen ari den». Nekazaritza indartu ahala, euskara ere biziberritu daitekeela uste du. .Leire Udabe izan da agerraldian OlatuKoop-eko ordezkari. «Euskara gure kooperatiba eta proiektu kolektiboen DNAn txertatzea hautu kontzientea da», esan du. «Gainera, kooperatibismoa denontzat izateko langile migratu eta prekarizatuek, laneratze prozesuan euskara ikasi eta murgiltzea eskubide bezala aitortu behar dela uste dugu».
2023-10-18
https://www.berria.eus/albisteak/234096/jakes-esnali-eskumuturreko-elektronikoa-kendu-diote.htm
Politika
Jakes Esnali eskumuturreko elektronikoa kendu diote
Ion Paroten gisara baldintzapeko askatasunean gelditu da, eta neurri zorrotzak bete beharko ditu ondoko hamar urteetan
Jakes Esnali eskumuturreko elektronikoa kendu diote. Ion Paroten gisara baldintzapeko askatasunean gelditu da, eta neurri zorrotzak bete beharko ditu ondoko hamar urteetan
Urrats bat gehiago eman du askatasunerantz Jakes Esnal euskal presoak. Etxerat-ek jakinarazi duenez, iaztik ezarria zuen eskumuturreko elektronikoa kendu diote Baionako presondegian, joan den astean Ion Parotekin egin zuten modura. Baldintzapean aske gelditu da Esnal, eta berak ere neurri zorrotzak bete beharko ditu ondoko hamar urteetan. Egoera berean da Frederique Haranburu Xistor ere. Iazko urriaren 18an atera zen Lannemezango (Okzitania) presondegitik Esnal, Frantziako hainbat presondegitan 32 urte baino gehiago eman ondotik. Urteetako batailaren ondotik, Parisko Dei Auzitegiak iazko irailean onartu zien baldintzapean aske ateratzeko aukera hari eta Paroti. Ordutik, etxean egon behar izan du froga gisa. Gaur egun, 73 urte ditu. 1990eko apirilaren 4an atxilotu zuten Jakes Esnal, ETAren Argala komandoko kide izatea leporatuta. Frantziako Poliziak sarekada zabala egin zuen Lapurdiko hainbat herritan. Orduan atxilotutako hiru pertsona bizi osorako zigorrera kondenatu zituzten 1997an Parisen egin zieten epaiketan: Ion Parot, Jakes Esnal eta Frederique Haranburu Xistor. Gaur egun, presondegitik kanpo dira hirurak. Azken urteetan, behin baino gehiagotan eskatu dute Esnal, Parot eta Haranburu askatzeko, eta mobilizazio andana antolatu dituzte preso horien sostenguz. Iazko uztailean, Ipar Euskal Herriko errepide sarea blokeatu zuten Bakegileek egun oso batez, Frantziako Gobernuari eskatzeko Euskal Herriko gatazkaren konponbidean urratsak egin ditzala. Paroten eta Esnalen askatasuna onartzea lehentasuntzat zutela adierazi zuten orduan.
2023-10-18
https://www.berria.eus/albisteak/234097/vweko-aurreakordioa-azaltzeko-batzarrera-deitu-dute-ugtk-eta-ccook.htm
Ekonomia
VWeko aurreakordioa azaltzeko batzarrera deitu dute UGTk eta CCOOk
Agiriari buruz galdeketa bat antolatuko da datorren astean, eta hura bete beharrekoa izatea nahi dute; langileek alde bozkatuz gero, batzordeko sindikatu guztiek hura onartzea nahi dute, alegia. ELAk, LABek eta CGTk ez dute hori onartuko.
VWeko aurreakordioa azaltzeko batzarrera deitu dute UGTk eta CCOOk. Agiriari buruz galdeketa bat antolatuko da datorren astean, eta hura bete beharrekoa izatea nahi dute; langileek alde bozkatuz gero, batzordeko sindikatu guztiek hura onartzea nahi dute, alegia. ELAk, LABek eta CGTk ez dute hori onartuko.
VWeko X. lan ituna gaur izenpetzea espero zuen zuzendaritzak, baina beste astebete itxaron beharko du. Langileen batzordean gehiengoa duten bi sindikatuak, UGT eta CCOO, zuzendaritzaren proposamenarekin ados daude, baina haren onurak saldu nahi dizkiete langileei. Larunbateko 16:00etarako deitu dute batzarrera, akordioaren nondik norakoak azaltzeko. Gainera, aurreakordiori buruzko galdeketa bat antolatuko da datorren asterako. Bihar zuzendaritzaren eta langileen arteko bilkuran erabakiko da noiz egingo den erreferendum hori. Ikusi gehiago: VWek lan itunaren aurreakordioa lotzear du CCOOrekin eta UGTrekin Azken bi urrats horien zain, Volkswagenek ohar bidez baieztatu du akordioa duela UGTrekin eta CCOOrekin. Jesus Galindo Industria Harremanetako zuzendariak espero du langileek horren aldeko iritzia agertzea: «Konbentzituta nago langileek positiboki ikusiko dutela, aurreakordioa ona baita haientzat. Bi aldeek esfortzua egin dute elkar ulertzeko. Enplegurako, erosahalmenerako eta etorkizunerako bermeak jasotzen ditu». Gaur goizean bildu dira langileen batzordeko bost sindikatuetako ordezkariak, langileen batzarra noiz egin erabakitzeko: UGTk hamahiru ordezkari ditu; CCOOk, zortzi; ELAk, lau; LABek, hiru eta CGTk bi. Negoziazioetan eskutik helduta joan dira UGT eta CCOO, eta gaurkoan ere hala egin dute. Larunbaterako deitzea proposatu dute. ELAk zein LABek proposamen horren kontra egin dute, eta batzarra txanda bakoitzeko lanorduetan egitea hobetsi dute. ELAren arabera, batzarra parte hartzailea eta irekia izan beharko litzateke, eta hori bermatzeko modua da astegun batean egitea. Alta, batzordean gehiengoa dutenez, larunbatean egitea erabaki dute CCOOk eta UGTk. Asteburuan fabrika itxita egon ohi da, eta aparteko orduak ordaindu behar izaten ditu enpresak, baina nahiago du hori, astean txanda bakoitzeko produkzioa eten baino. LABek aurreratu du ez dutela larunbateko batzarrean parte hartuko. Erreferendumaren dataz gain, oraindik zehazteke dago zer galdera egingo zaien langileei. Dena den, UGTk eta CCOOk nahi dute bete beharrekoa izatea; hau da, langileen emaitza errespetatu egin beharko luke batzorde guztiak, eta, alde ateraz gero, hura sinatzera behartuta leudeke gainerako sindikatuak. «Behartu nahi gaituzte hori irenstera. Nik esan diet ezetz, galdeketa ez dela loteslea izango, inoiz ez delako hala egin. Gure afiliatuek izan ezik, inork ez du LABen izenean erabakiak hartzeko ahalmena» gaitzetsi du LABeko Raul Portillok. Kontrako bidean zer gertatuko litzatekeen galdetu du ELAk. Alegia, langileen gehiengoak aurreakordioaren kontra bozkatuz gero ea UGT eta CCOO prest ote diren beste sindikatuen proposamena defenditzeko. Alfredo Morales batzordeko presidenteak (UGT) erantzun du ez leudekeela prest, eta proposamenaren egileen eskuetan geratuko litzatekeela hori. Beste sindikatuak erreferendum loteslearen aurka agertu direnez, UGTk proposatu du modu bat bilatu behar dela langileek banaka aurreakordioari atxikimendua adierazteko. ELAk erantzun dio horrek gatazka eragingo lukeela langileen artean. Galdeketa lotesleari buruzko eztabaidak aditzera ematen du, batetik, euren garaipena ziurtzat jotzen dutela bi sindikatu nagusiek; bestetik, nahiz eta zer galdetuko den oraindik ez den zehaztu, aurreakordioa beste sindikatuen proposamenen parean jarri nahi dute. Lau orriko dokumentua Aurreko lan hitzarmenaren aldean aurreakordioak enpresaren asmoak jasotzen ditu, baina eraldaketa elektrikoak lan baldintzetan izango dituen ondorioen inguruko hainbat gai lotu gabe geratuko dira. Forman ere islatzen da konpromisoen inguruko dokumentu bat dela. IX. lan hitzarmenak 115 orrialde zituen, eta orain izenpetu nahi den dokumentuak hiru baino ez ditu. Ikusi gehiago: Aurreakordioaren edukia X. lan hitzarmenerako proposamenak hiru urteko iraupena du, eta, urtero, soldata KPIa adina igoko zaie langileei. Gainera, 900 euroko errendimendu sari bat pagatuko zaie. Inbertsio edo produkzio helburuen inguruko enpresaren asmoak biltzen ditu agiriak. Halaber, 2024aren erdialdetik 2025aren amaierara arte enpresa utzi beharko duten 400 langileei dagokionez, errelebo kontratuaren formularen alde egiten da, baina, Madrilgo gobernuak urtarrilaren 1etik aurrera autogintzari begirako kontratu hori luzatu ezean, borondatez enpresa uzteko formularen aukera aipatzen du, absentismoarekin lotuz. LABek argudiatu du hori dela ezetz bozkatzeko arrazoi nagusietako bat. «Ez dago ezer. Errelebo kontraturik ez badago, ez dakigu zer arrazoi eta zer eskainiko zaien langile horiei. Dena lotu gabe dago, itxi gabe», esan du Portillok. Baimenen inguruko legedi aldaketaren ondorioz, VW prest azaldu da hainbat kontratu mugagabe egiteko —ez dute zehaztu zenbat—, baina Portillok salatu du enpresak urte eta erdiz 400 lanpostu kentzeko asmoari eusten diola oraindik. ELAko Igor Peñalverren arabera, negoziazio horretan ez da ezer hitz egin lanaldiaz edo produkzio ereduaz. Peñalverrek gogora ekarri du Landabengo fabrikak urtean 216 orduko lanaldia dutela, sektoreko handiena. Bestalde, haren ustez, absentismoari aurre egiteko, produktibitatearen gaiari heldu beharko litzaioke.
2023-10-18
https://www.berria.eus/albisteak/234098/urriaren-30etik-azaroaren-5era-egingo-da-sormene-jaialdia-zaintza-ardatz-hartuta.htm
Kultura
Urriaren 30etik azaroaren 5era egingo da Sormene jaialdia, zaintza ardatz hartuta
Kultur diziplina askotako sortzaileak elkartuko dira Galdakaon. Azaroaren 4an ez da emanaldirik izango, Kontseiluak deitutako manifestazioa dela eta.
Urriaren 30etik azaroaren 5era egingo da Sormene jaialdia, zaintza ardatz hartuta. Kultur diziplina askotako sortzaileak elkartuko dira Galdakaon. Azaroaren 4an ez da emanaldirik izango, Kontseiluak deitutako manifestazioa dela eta.
Ate joka dago udazkeneko Sormene jaialdia: urriaren 30ean hasi, eta azaroaren 5era bitarte egingo dute, Galdakaon (Bizkaia), eta zaintza izango du ardatz. Hala azaldu dio BERRIAri Gotzon Barandiaran zuzendari artistikoak: «Zaintza, euskarazko kultur sorkuntzarentzat, hizkuntza zaintzea da, euskaraz sortzen duten sortzaileak zaintzea da, gure kulturgintzaren oraina eta historia zaintzea da; eta transmisioarekin lotuta dago erabat». Testuinguruan ere jarri du arreta, eta gogoratu du, besteak beste, azaroaren 4an manifestazioa egingo dela Bilbon, euskararen aurkako oldarraldi judizialaren kontra; eta gero, azaroaren 30ean, greba feminista orokorra izango dela, eta zaintzari erreparatuko diola. Hala, Sormene testuinguru «esanguratsu batean» egingo dela uste du: «Euskarazko kulturgintzaren transmisioa, euskararen transmisioa, zaintza ariketa bat da. Horren arabera aukeratu ditugu udazkeneko edukiak eta egitaraua». Gaur aurkeztu dute, hain zuen, egitaraua. Emakume musikarien inguruko solasaldi batekin hasiko dute jaialdia, eta «genealogia berri baten beharra» aldarrikatuko dute hartan. Garazi Navasek, Lide Hernandok, Maria Riverok eta Aintzane Camarak parte hartuko dute, eta Ihintza Orbegozo musika kritikaria arituko da moderatzaile. Maurizia Aldeiturriaga pandero jotzailearen garaitik orain arteko bidea landuko dute mahai inguruan. Ikastetxeetan bi tailer ere egingo dituzte, antzerkia eta musika jorratzeko. Antzerki tailerra Metrokoadroka Sormen Laborategiak gidatuko du, urriaren 31n, eta ondoren, azaroaren 2an, beren azken antzezlana taularatuko dute: Zeozertan dabil baina ez dakit zertan. Pandero tailerra, berriz, Maixa Lizarribar trikitilari eta pandero jotzaileak zuzenduko du, azaroaren 3an, ostiralean. Ondoren, arratsaldean, emakumezko sei bertsolarik kantatuko dute –Maite Berriozabal arituko da gai jartzaile–. Eta eguna amaitzeko, Ibil Bedi musika taldeak kontzertua emango du Goldea diskoa aurkezteko. Halaber, jaialdia ixteko, emanaldi «berezi» bat estreinatuko dute, espresuki Sormenerako sortua. Libe Goitiaren Fast Fatum liburuko poemetan oinarritutako kontzertua egingo dute. «ESAS sareko emakume artistekin elkarlanean, hainbat musikarik kontzertu bat emango dute, eta Liberen testuak irakurri ere bai. Poemetan oinarritutako konposizio berriak izango dira. Guretzat oso inportantea da hori, Sormeneren oinarri ideologikoa eta helburu oso garrantzitsu bat biltzen duelako: sormena sustatzea eta sormen horri plaza eskaintzea». Bestalde, Barandiaranek azpimarratu du ez dutela emanaldirik prestatu azaroaren 4rako, Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako manifestazioarekin bat egiteko asmotan: «Sormene euskarazko kulturgintza lantzen duen ekinaldi bat da, eta euskarazko kultur sareak sortzea du helburu. Euskarazko kulturazaleak sortzeko, noski, ezinbestekoa da hizkuntza, euskara. Euskara eta haren kulturgintza bereizezinak direla uste dugu, eta, beraz, euskararen eta euskaldunon kontrako oldarraldi judizial eta ideologiko bete-betean, iruditzen zaigu Sormenek bat egin behar duela deialdi horrekin. Horregatik erabaki genuen azaroaren 4an Galdakaon ezer ez antolatzea». Hala, manifestazioan parte hartzeko deia egin die herritarrei. Sormen beka Galdakaoko Udalak eta Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak sormen beka berri baten berri ere eman dute gaurko aurkezpenean. Hain zuzen, Romualda Zuloaga eta Kastora Irigoien pandero jotzaile galdakoztarren biografiak idazten laguntzeko diru laguntza bat izango da. «Romualda Zuloaga eta Kastora Irigoien Mauriziaren garaikideak izan ziren, baina, Maurizia ez bezala, nahiko itzalean geratu ziren».
2023-10-18
https://www.berria.eus/albisteak/234099/otegi-apartheida-amaiarazi-behar-da.htm
Politika
Otegi: «Apartheida amaiarazi behar da»
Koalizio subiranistak «irtenbide politiko bat» eskatu du, eta Palestinaren aldeko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die herritarrei. ELAk ere bat egin du larunbateko manifestazioarekin.
Otegi: «Apartheida amaiarazi behar da». Koalizio subiranistak «irtenbide politiko bat» eskatu du, eta Palestinaren aldeko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die herritarrei. ELAk ere bat egin du larunbateko manifestazioarekin.
EH Bilduk Gazako «indarkeria agertoki onartezina» salatu du, eta dei egin du «elkarrizketaren eta akordioaren» bidea jorratzera, Palestina estatu bilakatzeko «irtenbide politiko bat» topatzeko: «Palestinak estatu izateko duen eskubidea egikaritu eta errespetatu behar da». Bide horretan, Euskal Herrian Palestinako herriaren alde deituta dauden mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du. Koalizioak Euskal Herriko instituzio nagusietan dituen eledunen babespean aurkeztu du Arnaldo Otegik Palestinako gatazkaren gaineko Gernika gehiagorik ez! manifestua, Gernikan (Bizkaia). EH Bilduk Palestinako eta Israelgo zibilen aurkako erasoak gaitzetsi ditu, eta Gazako «indarkeria egoera onartezinari» erreparatu, atzo Al Alhi ospitalearen kontra egindako erasoan arreta jarrita. Hala, Israelgo Gobernuaren jarrera «arbuiatu» du Otegik, «zigor kolektibo bat» aplikatzen ari delakoan: «Azken hogei urteetan bezala, estrategia genozida bat dago palestinar herriaren kontra». Egoera kontuan izanik, «asaldatzeko» arrazoiak daudela adierazi du Otegik, baina gehitu proposamen «arrazionalak» egiteko garaia ere badela. Batetik, Gazaren kontrako estrategia militarra eteteko eskatu du, giza arrazoiengatik, baina baita arrazoi politikoengatik ere. Izan ere, gogoratu du Palestina «herri okupatua» izatea dela gatazkaren jatorria, eta Israelek behin eta berriz «zanpatu» dituela NBEk gatazka konpontzeko eginiko ebazpenak. Hori dela eta, nazioarteko komunitateari dei egin dio pausoak eman ditzan, «bake justu eta iraunkorra» bermatzeko, Palestinaren okupazioari amaiera emateko eta «estatu independente eta bideragarria» eratzeko: «Apartheida amaiarazi behar da». Horiek hala, Otegik adierazi du ezker independentistak ezin duela ez ikusi egin, eta mobilizatzeko deia egin du. Euskal Herrian deialdi ugari egin dira, eta larunbatean Donostian antolatutako manifestazioa da nagusietako bat. Gernika-Palestina deialdi herritarrak antolatuta, Antiguako tuneletik abiatuko dute, 17:30ean, Gazako sarraskia gelditu! Konponbide politikoa orain! lelopean. Talde horrek atzo eman zuen ekinaldiaren berri, eta atxikimendu ugari lortu ditu. Halere, ez da horretara mugatu, eta gogor salatu du Al-Ahli ospitalearen kontrako erasoa, esanez «Gernikako bonbardaketen herria» ezin dela isilik geratu. Hala, taldeak «berehalako su etena» eskatu du: «Ezinbestekoa da sarraskia amaitu eta palestinar auziari irtenbide justu, egonkor eta iraunkorra emateko». Asteburuko manifestazioarekin bat egin duten eragileetako bat da ELA sindikatua, eta hark ere ezinbestekotzat jo du su eten bat ezartzea eta negoziazioei ekitea: «Gaur egungo lehentasuna gatazkak eragindako biztanleria zibilaren bizitza errespetatzea izan behar da, bi aldeek bahitutako pertsonak barne, eta indarkeria eskalada gelditzea». Hartara, nazioarteko zuzenbidean oinarritutako konponbide bat eskatu du, NBEren ebazpenei men egin eta «Israelek ezarritako sistema genozida» amaituko duena. Izan ere, sindikatuak salatu du palestinarrak «okupazioa, apartheida eta erbestea» pairatzen ari direla duela 75 urtetik, eta «giza eskubideen urraketa etengabea eta sistematikoa» jasaten dutela. Adibidetzat jarri du 2007tik Israelek Gazan ezarritako «legez kanpoko blokeoak» eragindako giza larrialdia. «Atsekabea» Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk «atsekabea» adierazi du ospitalearen kontrako erasoagatik, eta hura «gaitzetsi»: «Populazio zibil babesgabearen aurkako erasoak —are gehiago ospitaleen eta eskolen aurka egiten badira— zitalkeriaren adierazpen erradikalena dira». Lehendakariak ez dio egiletzari erreparatu, baina erasoa herritarren «sufrimenduaren erabileraren» adierazle dela adierazi du, eta halakoen harira «bide diplomatikoak» jorratzea exijitu du. Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarteko Politiketako sailburu Nerea Melgosak, berriz, Jaurlaritzak berak errefuxiatu palestinarrei laguntzeko 500.000 euroko funtsari erreparatu dio. Haren esanetan, garrantzitsuena «borondate politikoa» eta «giza eskubideen defentsa» dira, eta ez diru kopurua; Ukrainako gerrako errefuxiatuentzako funtserako 15 milioi euro jarri zituen Jaurlaritzak.
2023-10-18
https://www.berria.eus/albisteak/234100/araba-bizkai-eta-gipuzkoako-hamar-herritarretik-zazpik-uste-dute-immigrazioak-ondorio-positiboak-dituela.htm
Gizartea
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hamar herritarretik zazpik uste dute immigrazioak «ondorio positiboak» dituela
'Atzerriko biztanleriarekiko pertzepzioak eta jarrerak' barometroaren aurtengo datuak aurkeztu ditu Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hamar herritarretik zazpik uste dute immigrazioak «ondorio positiboak» dituela. 'Atzerriko biztanleriarekiko pertzepzioak eta jarrerak' barometroaren aurtengo datuak aurkeztu ditu Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak
Begi onez. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanle gehienek pertzepzio positiboa dute etorkinei eta immigrazioaren fenomenoari buruz. Besteak beste, herritarren %70ek uste dute migratzaileen etorrerak «ondorio positiboak» izanen dituela ekonomiaren alorrean. Halaber, ez datoz bat immigrazioari lotutako ideia negatiboekin. Hala, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lau herritarretik hiruk ez dute uste migratzaileen etorrerak «euskal nortasuna galtzea» ekarriko duenik edo euskararen garapena geldiaraziko duenik. Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak gaur emaniko datuak dira, Atzerriko biztanleriarekiko pertzepzioak eta jarrerak urteroko barometroan jasoak. Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzan egin dute aurkezpena, eta bertan izan dira Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosa, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Bizkaiko campuseko errektoreorde Gorka Moreno, eta Ikuspegiko zuzendari Julia Shershneva. Txostena ontzeko lagina aurtengo martxoan jaso zuten, etxez etxe eginiko seiehun inkestaren bidez. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 25 udalerritan bildu zituzten datuak. Horien bidez, Ikuspegik ondorioztatu du «handia» dela EAEko biztanleek atzerritarrekiko duten «tolerantzia indizea» (66,36koa), baina behera egin duela iazko datuekin alderatuta (69,28). Hala ere, Shershnevak azaldu du urtetik urterako beherakada puntuala dela, eta Ukrainako gerrak eragina izan zuela iazko datuetan: «Badirudien arren tolerantzia indizeak atzera egin duela aurreko urtearekin alderatuta, Ukrainaren inbasioak eta giza krisiak markatutako urtea izan zen iazkoa, eta joera orokorra goranzkoa da, krisiaren aurreko aldikoa baino handiagoa baita aurtengo datua». Datuen argitara, gainera, agerikoa da eskuin muturrak migratzaileen aurka zabaldutako diskurtsoek eragin txikia izan dutela. Ikuspegiren barometroaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanle gehienek ez dute immigrazioa arazotzat hartzen: inkesta eginikoen %1,7k soilik uste dute «arazo pertsonala» dela, eta %4,7rentzat, arazoa da «Euskadirentzat». Datu horiek ikerketaren serie osoko txikienak dira. Etorkinei lotutako estereotipoak baztertzen dituzte herritar gehienek ere. Adibidez, 2010etik aurrerako datuak aintzat hartuta, askoz gutxiago dira immigrazioa langabezia tasa handiago batekin lotzen dutenak: %60,8 ziren 2010ean, eta %16,9 dira orain. «2004 eta 2014 artean, negatiboa izan zen EAEko biztanleek immigrazioari eta hark ekonomian duen eraginari buruz zuten iritzia; hala ere, ikuspegi hori aldatu egin da, eta lehen baino iritzi positiboagoa du euskal gizarteak, aitortzen baitu immigrazioari esker ekonomiak hobeto funtzionatzen duela», irakur daiteke Ikuspegiren txostenean. Immigrazioak gizartean dituen ondorio positiboen eta negatiboen pertzepzioa ere inoizko handiena da: 6,30 puntukoa da, 0 puntu (pertzepzio negatiboa) eta 10 puntu (positiboa) arteko eskalan. Duela hamar urte, pertzepzio hori ez zen 5era iristen. Emakumeak, zaintza eta prekaritatea Migratzaileekiko jarrera oro har positiboa izan arren, itzal batzuk ere agerian utzi ditu Ikuspegiren txostenak. Eskubideen gaineko atalean jasoa dagoenez, inkesta bete dutenen heren batek (%29,2) uste du bertan jaiotakoek «lehentasuna» izan beharko luketela osasun arreta, gizarte laguntza edo babes ofizialeko etxebizitzak eskuratzeko garaian. Azken urteetakoa baino nabarmen handiagoa da ehuneko hori: 2020an, %24,2 ziren horrela pentsatzen zutenak; 2021ean, %22,2; eta iaz, berriz, %18,2. Hamaika puntu egin du gora, beraz, urtebetean. Emakume etorkinen gaineko pertzepzioa, bestalde, gizonezkoena baino are positiboagoa da barometroan, baina «ikuspegi utilitarista» batetik soilik, beren ekarpena zaintza lanei lotuta ageri baita. Hala, hamarretik bederatzik uste dute emakume migratzaileak «funtsezkoak» direla zaintza lanetan, eta %82,3k uste dute haiek betetzen dituztela «bestela hutsik geratuko liratekeen lanpostuak». Gizarteari egiten dioten ekarpena «oso garrantzitsua» dela erantzun dute %75ek, eta, besteak beste, «familia eta lana hobeto uztartzea ahalbidetzen dutela». Hau da: datuek erakusten dute emakume etorkinak ongi ikusita daudela, zaintzaren eta etxeko lanen ardura haien bizkar gelditzen diren heinean. Emakume migranteen prekaritatea ere agerian gelditu da Ikuspegiren txostenean. Inkesta egin dutenen %78,4k uste dute andre etorkinek «lan baldintza okerragoak» dituztela, «emakume etorkin izateagatik»; emakume musulmanen kasuan, egoera are okerragoa dela eta «zailtasun handiagoak» dituztela erantzun dute %74,6k.
2023-10-18
https://www.berria.eus/albisteak/234101/helduen-euskalduntzea-bultzatuko-duen-egitasmo-bat-aurkeztu-du-euskaltzaleen-topaguneak.htm
Gizartea
Helduen euskalduntzea bultzatuko duen egitasmo bat aurkeztu du Euskaltzaleen Topaguneak
Bihar emango diote hasiera egitasmoari, Iruñean
Helduen euskalduntzea bultzatuko duen egitasmo bat aurkeztu du Euskaltzaleen Topaguneak. Bihar emango diote hasiera egitasmoari, Iruñean
Haurren aurrean helduok heldu egitasmoa aurkeztu du Euskaltzaleen Topaguneak. Haurren hizkuntza erabileran helduek duten garrantzia azaleratzeko egitasmoa da. Bigarren aldia bihar abiatuko da, eta hilaren 29an amaitu. Euskal Herriko ia 80 herritan antolatu ditu ekintzak. Helduen arteko hizkuntza portaerei heldu nahi izan diete, gehienbat haurren hezitzaile edo zaintzaile dihardutenei, haurrek «zer ikusi, hura ikasi» egiten dutelako, esan du Irati Iciarrek, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak. Gurasoak «ahaldundu, sentsibilizatu eta saretuko» dituzten hitzaldiak, kultur ekimenak, irteerak, jolasak eta tailerrak proposatu dituzte Topagunekoek. Hala, euskararen alde jauzi bat eman nahi dutenei «tresnak, argumentuak eta testuingurua» emango dizkietela jakinarazi du lehendakariak. Jon Zapatak, Euskaltzaleen Topaguneko kide eta ekimenaren koordinatzaileak aurreratu du «aktibazio soziala areagotzeko ariketa» izango dela, baita helduen «hizkuntza portaerak astintzeko» eta egiten diren hautuez eta duten eraginez hausnartzeko. Mikel Astarloza txirrindulari ohia eta Nerea Alias telebistako aurkezlea ere izan dira aurkezpenean, guraso diren neurrian, egitasmo honek interpelatzen dituen herritar ordezkari gisa. Astarlozak iritzi dio haien haurrei behin «euskaldun izateko aukera» emanda «umeen testuinguru guztia euskaldundu» beharko litzatekeela, «euskara ez dadin umeen hizkuntza bilakatu». Aliasek, era berean, gehitu du bere alabari eredu emateko onena «praktikarekin erakustea» dela. Erakunde publikoen ordezkaritzat Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko zuzendari Estibaliz Alkorta eta Nafarroako Gobernuko ordezkari eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari Javier Arakama ere izan dira aurkezpenean. Iruñeko hitzaldiak Bestetik, biharko Iruñean antolatu dituzten jardunaldiek hizkuntzen sozializazioa eta helduen eredugarritasuna eta erreferentzialtasuna jorratuko dituzte, besteak beste. Gai horietan adituak diren lau hizlari ariko dira, bi saiotan banatuta. Goizeko saioa Kondestablearen jauregian izango da, eta Gemma Sangines psikologoa eta Paula Kasares eta Rosa Ramos soziolinguistak ariko dira. Arratsaldeko saioan, berriz, Kike Amonarriz Laba aretoan izango da, bertaratzen diren gurasoei azaltzeko nola eta zertan lagun dezaketen euskararen erabileran aurrerapausoak emateko. Saioak doakoak dira, eta publikoarentzat zabalik daude, baina www.topagunea.eus webgunean izena ematea komeni da.
2023-10-18
https://www.berria.eus/albisteak/234102/ehuko-irakasleen-eta-ikertzaileen-lan-baldintzak-hobetzea-exijitu-dute-eh-bilduk-eta-elkarrekin-podemos-iuk.htm
Gizartea
EHUko irakasleen eta ikertzaileen lan baldintzak hobetzea exijitu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk
Martxotik, EHUk irakaskuntza lana egiteko lanaldi partzialeko kontratuak eskaini dizkie ordezkoei, eta 800 euroko soldatak. Unibertsitate Sistema Planaren aurkezpenean, egoera aldatu beharra dagoela aldarrikatu du oposizioak.
EHUko irakasleen eta ikertzaileen lan baldintzak hobetzea exijitu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk. Martxotik, EHUk irakaskuntza lana egiteko lanaldi partzialeko kontratuak eskaini dizkie ordezkoei, eta 800 euroko soldatak. Unibertsitate Sistema Planaren aurkezpenean, egoera aldatu beharra dagoela aldarrikatu du oposizioak.
Unibertsitate Sistema Plana aurkeztu du gaur Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Eusko Legebiltzarrean. Oro har, 2.246,2 milioi euro bideratuko dituzte unibertsitateetara, azken planean baino %14,5 gehiago. Plana ezagutu ondoren, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk exijitu dute EHUko irakasleen eta ikertzaileen lan baldintzak hobetzea. Hain zuzen, duela astebete greba egin zuten EHUko irakasle eta ikertzaileek. Salatu dutenez, Espainiako Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa martxoan indarrean sartu zenetik, EHUk irakaskuntza lana egiteko lanaldi partzialeko kontratuak eskaini dizkie ordezkoei; eta 800 euroko soldatak. Horiek horrela, EH Bilduko Ibai Iriartek argi utzi du egoera hori konpontzeko lan egingo dutela, eta ezinbestekoa dela irakasle ikertzaileen baldintzak hobetzea. Hala berretsi du Elkarrekin Podemos-IUko Iñigo Martinezek. Haren ustez, unibertsitateko lantalde guztiak izan behar ditu «baldintza egokiak» eta «karrera profesional duina». Gatazka konpontzeko, elkarrizketaren alde egin du. Gobernuko alderdiek ere hartu dute hitza. Joseba Alvarez jeltzaleak esan du planak «etorkizuneko erronkei aurre» egingo diela. Eta Maria Jesus San Jose sozialistak gehitu du ahalegin bat egin beharra dagoela, ikerketara bideratutako aurrekontua areagotzeko. Alderdiak entzun ostean, Bildarratzek gogoratu du astelehenean bilera izan zuela Joan Subirats Espainiako Gobernuko Unibertsitate ministroarekin, eta luzamendu bat eskatu ziola unibertsitateko ordezkapenen sistema berria ezartzeko.
2023-10-18
https://www.berria.eus/albisteak/234103/euskadiko-orkestrak-lau-ikuskizun-prestatu-ditu-musika-gela-ziklorako.htm
Kultura
Euskadiko Orkestrak lau ikuskizun prestatu ditu Musika Gela ziklorako
Elkarrekin sortu obrarekin ekin dio denboraldi berriari; Helga Arias konpositoreak eskoletako haurrekin batera sortu du pieza. Denera, 56 jarduera antolatu dituzte, eta 13.000 lagun inguruk parte hartuko dute haietan.
Euskadiko Orkestrak lau ikuskizun prestatu ditu Musika Gela ziklorako. Elkarrekin sortu obrarekin ekin dio denboraldi berriari; Helga Arias konpositoreak eskoletako haurrekin batera sortu du pieza. Denera, 56 jarduera antolatu dituzte, eta 13.000 lagun inguruk parte hartuko dute haietan.
Musika Gelak dagoeneko aireratu ditu bere lehen doinuak. Abian da Euskadiko Orkestraren hezkuntza zikloaren denboraldi berria, eta egitarau zabala izango du aurten ere. Lau ekoizpen propio aurkeztuko dituzte programaren barruan, eta Elkarrekin sortu izenekoa izango da aurrenekoa. Zikloaren helburua da herritar guztiei eta, bereziki, gazteei musika gerturatzea, eta oraingoan inoiz baino jende gehiagorengana iritsiko dela adierazi dute antolatzaileek. Hain zuzen, 56 jarduera bildu dituzte egitarauan —eskola kontzertuak, entsegu irekiak nahiz tailerrak, besteak beste—, eta horietan, guztira, 13.000 lagunek parte hartuko dutela aurreikusten dute. Urtez urte, ziklorako espresuki sortutako ekoizpenak aurkeztearen alde egin du apustu Euskadiko Orkestrak, eta bide berari eutsi dio aurten ere. Elkarrekin sortu da ekoizpenen horietako bat. Lehen aldiz, konpositore bati enkargatu diote sorkuntza, eta Suitzan bizi den Helga Arias euskal musikagileak hartu du obra hori ontzeko ardura, baina ez bakarka. Hain zuzen, 50 eskolatako ikasleek ere parte hartu dute sormen prozesuan. Naturari lotutako bederatzi eszena biltzen dituen 13 minutuko bideo batetik abiatuta, musika sortu dute ikasleek, beren eguneroko bizitzako objektuez eta ahotsaz baliatuta. Eta ondoren, «soinuzko collage bat» sortu du Ariasek. Egunsentia-Ilunabarra (ensemble eta bideorako) obra izan da emaitza, eta, oholtza gainean, orkestrako hainbat musikarik zuzenean osatuko dute ikasleen soinuekin aldez aurretik grabatutako pieza. Eskolentzako kontzertuez gain, Musika Familian zikloan ere emanaldi bat egingo dute, etzi; saio horretan, publikoa izango da «konpositore izatera jolas» egingo duena, antolatzaileek aurreratu dutenez. Egitasmoan parte hartzea «oso esperientzia aberasgarria» izan dela adierazi du Ariasek, eta halako proiektuen garrantzia nabarmendu du. «Inportantea da haurrek aukera izatea bizirik dauden konpositoreekin lan egiteko, eta sortzaileon eta artiston ardura ere bada lan hori egitea, haiek izango baitira etorkizuneko publikoa». Haren ustez, gainera, musika garaikidea gai da «haurrei gertukoa zaien soinuzko mundu baterako leihoak irekitzeko». Gaur bertan, dozenaka haur joan dira orkestrak Donostian duen egoitza nagusira kontzertua entzutera, eta, une batez, haien inguruan egoteko aukera izan du musikagileak. «Arreta eman dit, aretora sartu eta segituan, ahoarekin soinutxoak, soinu efektuak egiten hasi direla. Soinu banda txiki moduko bat sortuz erantzuten ari dira edozein inputen aurrean. Sortzen dabiltza, eta oso murgilduta ikusten ditut horretan», azaldu du, irriz. Ariasekin ez ezik, haurrekin lan egin duten irakasleekin ere esker oneko agertu da Mikel Cañada, zikloaren koordinatzailea. «Kalitate handiko lana egin dute ikasleekin». Cañadak eman du gainerako hiru ekoizpenen xehetasunen berri. Pantomima izenekoa 3 eta 5 urte arteko haurrei begira prestatu dute. Musika barrokoa eta keinu antzerkia uztartu dituzte obra horretan, «existitzen ez diren objektuak zein egoerak irudikatzen saiatzeko». Musikariekin batera, Gorka Ganso aktorea izango da agertokian emanaldietan. Polikinela obrak, berriz, dantza eta mugimendua izango ditu ardatz. Stravinskiren Pulcinella suitea du oinarri ikuskizunak, eta Dantzaz konpainiak parte hartuko du. «Baina pentsa litekeenaren kontra, taldeak ez du dantza egingo; publiko guztia dantzarazteaz arduratuko da», zehaztu du Cañadak. Besaulkian eserita egin litezkeen mugimendu, adierazpide eta keinu sortan arakatuko dute haurrek emanaldietan. Halaber, Misterioa ikuskizunean, hainbat galdera argitzen saiatuko dira; adibidez, zergatik egin diren mundu osoan ezagun konposizio jakinen doinu xumeenetako batzuk, edo zer dela-eta jaso dituzten beren lanetan «hainbat bitxikeria» zenbait musikagilek. Orkestrako musikari talde batek parte hartuko du saioetan. Entseguak eta tailerrak Lau ekoizpenak bi moldetan aurkeztuko dituzte: Eskola Kontzertuetan eta Musika Familian kontzertuetan. Hain zuzen, bi horiek dira zikloaren zutabe nagusiak, baina izango dira jarduera gehiago ere. Izan ere, hiru entsegu irekik osatuko dute zikloko eskaintza, baita desgaitasuna duten pertsonen kolektiboari musika hurbiltzeko asmoz FEVAS-Plena Inclusion elkartearekin lankidetzan egingo dituzten tailerrek ere. Zikloa babesten duten erakundeei eskerrak eman, eta haur zein gazteak musikara hurbiltzeko zereginean jarraitu nahi dutela gaineratu du Cañadak: «Lanean ari gara geure haur eta gazteak pertsona kultuak izan daitezen musikari, arteari eta kulturari dagokionean. Eta halako lanek beren kultur maila handitzen dute. Ideia horrekin lantzen ditugu zikloko proposamen guztiak».
2023-10-18
https://www.berria.eus/albisteak/234104/hil-egin-da-aurreko-astean-aldamio-batetik-eroritako-langilea.htm
Ekonomia
Hil egin da aurreko astean aldamio batetik eroritako langilea
Asteartean arrantzale bat hil zen Pasaian. Aurten, 45 behargin hil dira lan istripuz Euskal Herrian.
Hil egin da aurreko astean aldamio batetik eroritako langilea. Asteartean arrantzale bat hil zen Pasaian. Aurten, 45 behargin hil dira lan istripuz Euskal Herrian.
Urriaren 9an Erandion (Bizkaia) aldamio batetik erorita larri zauritu zen behargina hil egin da, orduan izandako zaurien ondorioz hil ere, LAB sindikatuak azaldu duenez. Horrekin batera, jakinarazi du asteartean arrantzale bat hil zela Pasaian (Gipuzkoa). Sindikatuaren zenbaketaren arabera, aurten, 45 behargin hil dira lan istripuan Euskal Herrian. Erandion hildakoak 32 urte zituen, eta Reformas Maver enpresan lan egiten zuen. Lau metrotik erori zen amiantozko egitura bat desmuntatzen ari zenean. LABek azaldu duenez, itxura denez istripua gertatu zenean langileak ez zuen erorikoen aurkako babes sistemarik, eta hori bereziki deigarria da, amiantoa kentzeko prozesu batean prebentzio neurriak eta enpresariaren partetik ezarritako kontrolak «muturrekoak» izan beharko liratekeelako. Sindikatuak gogorarazi du iaz 11 langile hil zirela toki garairen batetik erorita, eta aurten, lau. Eraikuntza sektoreko lan baldintzak salatu ditu, eta erakunde publikoak ere egin ditu egoeraren erantzule. «Onartezina da horren maiz gertatzen den lan istripu mota baten aurrean beharrezkoak diren bitartekoak ez jartzea. Agerikoa da Lan Ikuskaritzak, Osalanek eta gobernuek ez dituztela jarduera horiek kontrolatu nahi. Horren atzean erabaki politiko bat dago». Arrantzale bat, Pasaian LABek beste heriotza baten berri eman du. Asteartean gertatu zen, Pasaian (Gipuzkoa). 59 urteko arrantzale bat da. Istripu ez-traumatiko batean hil zen, arazo kardiobaskular baten eraginez.
2023-10-19
https://www.berria.eus/albisteak/234123/2050erako-euskal-hiztunak-30-izatea-bermatuko-duen-politika-eskatu-diote-eepri.htm
Gizartea
2050erako euskal hiztunak %30 izatea bermatuko duen politika eskatu diote EEPri
Gaur egungo erritmoan eta baliabideekin segitzea luze gabe «euskara hiltzera kondenatzea» litzateke, Euskal Konfederazioaren hitzetan. Gaur izendatuko dute EEPko lehendakari berria: Maider Behotegi izanen da. Biltzar nagusia aitzin, euskalgintzako kideek agiria banatu diete erakundeetako ordezkariei.
2050erako euskal hiztunak %30 izatea bermatuko duen politika eskatu diote EEPri. Gaur egungo erritmoan eta baliabideekin segitzea luze gabe «euskara hiltzera kondenatzea» litzateke, Euskal Konfederazioaren hitzetan. Gaur izendatuko dute EEPko lehendakari berria: Maider Behotegi izanen da. Biltzar nagusia aitzin, euskalgintzako kideek agiria banatu diete erakundeetako ordezkariei.
Euskal Konfederazioak agerraldia egin du Baionan, EEP Euskararen Erakunde Publikoa osatzen duten lau partaideei eskatzeko euskararen geroa segurtatuko duen hizkuntza politika bat proposa dezatela. «Nola egin 2050ean euskaldunen kopurua %30 izan dadin, euskararen bizirautea segurtatzeko?», galdetu dute. «Hori da EEP osatzen duten erakunde publikoek egin behar duten galdera eta atzeman behar dituzten erantzunak». EEPren izaera eztabaidatuko dute hura osatzen duten erakunde publikoek ondoko asteetan, eta etorkizunean izanen dituen baliabideak erabakiko dituzte. Euskalgintzaren hitzetan, gaur egungo erritmoan segitzea «euskara hiltzera kondenatzea» litzateke. 2004an sortu zenetik, lau hanka ditu EEPk: Frantziako Estatua –Kultura, Hezkuntza eta Barne ministerioek dute ordezkaritza–, Akitania Berria eskualdea, Pirinio Atlantikoetako departamendua eta Euskal Hirigune Elkargoa. Izaera juridikoz IEP Interes Publikoko Elkargoa da, eta bost urtean behin erabakitzen dute jarraituko duen ala ez, Frantziako Gobernuak egindako ebaluazio baten ondotik. Mahai gainean dagoen aukeretako bat da hemendik aitzina epe mugagabea ematea. Prozesu horretan, EEPren beharrak zehazteko lan dokumentua aurkeztu zieten hizkuntza eragileei eta Euskal Konfederazioari irailean. Bertan, Ipar Euskal Herriak ondoko urteetan izanen duen bilakaera demografikoa aztertu dute, eta araberan izan lezakeen euskal hiztun kopurua aurreikusi dute. Kasurik onenean, gaur egungo euskaldun kopuru bera litzateke, erdal mundu geroz eta handiagoan –EEPren kalkuluen arabera, hamar herritar berrietarik zortzi izanen dira frankofonoak, eta bi euskaldunak–. Biztanleriaren emendatzeak azken urteetako joerari segitzen badio, euskaldun kopurua %16tik behera izanen litzateke. «Datu beldurgarri horiek ikusirik, EEPk ez du euskararen geroa segurtatuko duen hizkuntza politikarik proposatzen. Haien proposamen bakarra da orain arte bezala segitzea», deitoratu du Konfederazioak. «Zein dira EEPren helburuak datutan, euskaldun osoak trebatzeari begira? Nola eta zer epetan? Nola piztuko du euskararen erabilera?», galdetu dute. Izan ere, xehetasunik eta ebaluazio irizpiderik ez da ageri ondoko urteetarako hizkuntza politika eguneratzea helburu izan beharko lukeen dokumentuan. «Nola bultzatu euskararen biziberritzea holako helbururik ez bada finkatzen?».
2023-10-19
https://www.berria.eus/albisteak/234124/bi-sexu-eraso-salatu-dituzte-getxon.htm
Gizartea
Bi sexu eraso salatu dituzte Getxon
Erasoak gaitzesteko elkarretaratzeak eginen dituzte bihar
Bi sexu eraso salatu dituzte Getxon. Erasoak gaitzesteko elkarretaratzeak eginen dituzte bihar
Bi sexu eraso salatu zituzten joan den astean Getxon (Bizkaia), hilaren 12an eta 14an. Getxoko Udaleko bozeramaileen batzarrak biak gaitzetsi ditu, adierazpen instituzional baten bidez. Gainera, erran dute bihar bi elkarretaratze eginen dituztela: instituzionala eguerdian, eta herritarrena arratsaldean. Ertzaintzak baieztatu du larunbat goizaldean sexu indarkeria batengatik salaketa bat jarri zutela Udaltzaingoan. Hala ere, erran dute hilaren 12an ez zutela gisako salaketarik erregistratu.
2023-10-19
https://www.berria.eus/albisteak/234125/abiatu-dira-hernanin-burujabetzak-jardunaldiak-lurraldea-burujabetzaz-berrantolatzeko-saioak.htm
Politika
Abiatu dira Hernanin Burujabetzak jardunaldiak, lurraldea burujabetzaz berrantolatzeko saioak
Hernani Burujabe proiektua aurkeztu du Itsaso Lekuona Hernaniko zinegotziak, «beste gobenantza eredu bat» azalduz, eta Udalbiltzako lehendakari Haritz Alberdik Udabiltzaren erronka plazaratu du, «udaletik nazio mailara» jauzi egin nahi duena.
Abiatu dira Hernanin Burujabetzak jardunaldiak, lurraldea burujabetzaz berrantolatzeko saioak. Hernani Burujabe proiektua aurkeztu du Itsaso Lekuona Hernaniko zinegotziak, «beste gobenantza eredu bat» azalduz, eta Udalbiltzako lehendakari Haritz Alberdik Udabiltzaren erronka plazaratu du, «udaletik nazio mailara» jauzi egin nahi duena.
Herritarrek bizitzan beharrezkoak dituzten arlo nagusietan «burujabetzara» jauzi egitea da Hernaniko Udalak, herriko gizarte taldeek eta bertako sektore ekonomiko batzuek bultzatu duten proiektua: Hernani Burujabe. Burujabetzak jardunaldietan plazaratu du Hernaniko zinegotzi Itsaso Lekuona proiektu horrek «pandemiaren gordinetik» gaur arte egin duen ibilbidea. Gaur hasi eta larunbatera bitarte, udalgintzarekin, herrigintzarekin eta bizitza erdian jarrita eraiki nahi diren gobernantza eredu berriei buruz ariko dira hainbat eragile Hernanin (Gipuzkoa). Udalbiltzako eta Hernaniko Udaleko kideez gain, besteak beste, Jule Goikoetxea EHUko irakaslea eta Mireia Vehi CUPeko kidea ariko dira gaur. Urriaren 20a, berriz, gai sektorialak jorratzeko eguna izango dute. Hirugarren eta azken eguna, berriz, festa giroan pasatuko dute, Burujabetzaren Eguna ospatuz. Kalejira bat egingo dute, «ekinaldi honetan biltzen diren burujabetza sektoreak ezagutzeko geldialdiak eginez», eta herriko kulturgileen emanaldiekin osatuta. Lekuonak azaldu du pandemiaren gordinean inoiz baino argiago azaleratu zela «bizitzarako ezinbestekoak diren sektoreen burujabetasunaren beharra», eta Hernaniko Udalak bultzaturik hausnarketa horretan hasi zela talde txiki bat. Gaur egun emaitza zehatzak eman dituen herri proiektua da, bilatzen duena tokikotik abiatuta burujabetzara salto egitea zenbait sektoretan, «azpitik gora». Horretarako, hiru subjektu behar direla azpimarratu du: tokiko administrazioa, herriko talde sozialak eta ehun ekonomikoaren sektore estrategiko batzuk. «Bertakotasunean oinarrituta, tokiko eragileen saretzean oinarrituta, berezko erabakiak eta gobernantza ezartzea» ahalbidetuko luke proiektu horrek. Udalen «desboteretzeaz» aritu da Lekuonak, «eskumenen transferentziak» egiteko herritarrei. Betiere helburu batekin: pertsonen ongizatea. Hernaniko herritarren bizi baldintza duinak bermatzea du helburu proiektuak, «bizitza erdigunean jarrita». Horretarako, «ezinbestekotzat» jo du energian, elikaduran edota zaintzan subiranotasun maila handia lortzea. «Korrontearen aurka goaz, ez da erraza, baina aurrera goaz», esan du zinegotziak. Proiektu horren ondorio praktikoak badira jadanik, adibidez, elikadura kooperatiba bat, eta han sortzen diren produktuak saltzeko denda-azoka bat. Lekuonak nabarmendu herritarrek erakundeak «gero eta urrunago» sentitzen dituzten garai hauetan, beste norabide batean joatea proposatzen ari dela Hernani Burujabe, «herritarrekin batera». Izan ere, «kapitalismoak bizitza bidegurutze batera» eraman duela uste du Lekuona zinegotziak, eta «zirt edo zart» egin behar dela. Arreta bizitzan jarrita antolatzeko gobernantza baten aldekoa da, finean, Hernanin garatu duten proiektua eta Euskal Herrian abian diren beste burujabetza proiektu zenbait. Udalbiltzaren erronkak Hernanin garatutako proiektua «eredugarria» dela esan du Udalbiltzako lehendakari eta Getariako alkate Haritz Alberdik: «Inbidia sanoa ematen du». Uste du Hernani edota Usurbil «erreferentzia» direla beste gobernantza ereduak martxan jartzeko Euskal Herri osoan, eta azaldu du Getarian, esaterako, badela martxan energiarekin lotutako proiektu bat aspaldian, ildo berean garatua. Alberdik aste gutxi egin ditu Udalbiltzako lehendakaritzan, «lur hartu berria» dela argitu du, eta Udalbiltzak dituen erronkak azaltzeari ekin dio, Euskal Herriko udalak eta hautetsiak batzen dituen erakunde publikoaren iragana azaldu ondoren. Euskal Herri osoa hartzen duen lehen erakunde publiko nazionala da Udalbiltza. 1999ko irailaren 18an sortu zen, Euskalduna jauregian (Bilbo), zazpi euskal lurraldeetako ia 2.000 udal hautetsi bilduta. Bost printzipiorekin abiatu zen: Euskal Herria nazio bat dela aldarrikatzea eta haren egituraketa politikoa eraikitzea; nazio eraikuntza bultzatzea; herrialde guztietako udalerrien arteko harremanak eraikitzen laguntzea, eta nazioartean adieraztea Euskal Herria nazio berezkoa dela eta hala izan nahi duela. Ordutik 24 urte joan dira, eta bidean denetarik izan da, baita «ezerezean geratu zen» prozesu judizial bat ere, «espetxeratzeak» eragin zituena. Batera edo bestera, Udalbiltza orainari eta batez ere geroari begira jarrita dago. Batzorde eragile berria dauka, eta lehendakariak azaldu du zazpi kidez osatua dagoela. Kide horiek alor jakinekin dute lotura: elikadurarekin, energiarekin, zaintzarekin.... «Udaletatik nazio mailara» jauzi egin nahi duen gobernantza berrietan aurrera egitea da helburu nagusietako bat. Alberdik esplikatu du Udalbiltzak gogoeta fase batean sartuko dela, «aro berri bati ekiteko». Partzuergokideekin batera zehaztuko dituzte Udalbiltzaren eginkizunak, «gaur egungo beharrei egokitu nahian», eta heldu den urtearen hasieran izango dira ikusgai eztabaida horren fruituak.
2023-10-19
https://www.berria.eus/albisteak/234126/atzera-bota-dituzte-eaeko-hezkuntza-legeari-jarritako-osoko-zuzenketak.htm
Gizartea
Atzera bota dituzte EAEko Hezkuntza Legeari jarritako osoko zuzenketak
Hezkuntza sailburuaren esanetan, legeak «hizkuntzen kudeaketarako marko berri baterako oinarri sendoak» ezartzen ditu. Bildarratzek dio «lehenetsi» egin behar dela legea «ahalik eta adostasun handienarekin» onartzea. EH Bilduk ez du onartuko «oreka alderdikoiei» erantzuten dien legerik.
Atzera bota dituzte EAEko Hezkuntza Legeari jarritako osoko zuzenketak. Hezkuntza sailburuaren esanetan, legeak «hizkuntzen kudeaketarako marko berri baterako oinarri sendoak» ezartzen ditu. Bildarratzek dio «lehenetsi» egin behar dela legea «ahalik eta adostasun handienarekin» onartzea. EH Bilduk ez du onartuko «oreka alderdikoiei» erantzuten dien legerik.
Espero zena gertatu da: Eusko Legebiltzarraren gehiengoak ezezkoa eman die Elkarrekin-Podemos-IUk, PPk, Ciudadanosek eta Voxek Hezkuntza Legeari jarritako osoko zuzenketei. Beraz, lege proiektua ez da berriro Eusko Jaurlaritzara itzuliko, eta zuzenketa partzialak eztabaidatzeari ekingo diote. Hasteko, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek lege proiektua defendatu du. Haren esanetan, lege proiektu «sendoa» da, «hezkuntza eta gizarte eragileen ekarpenak biltzen dituena», eta, gainera, iazko apirilean Eusko Legebiltzarreko lau alderdi nagusiek izenpetutako akordioa oinarri duena. Eduki jakin batzuei heldu die sailburuak. Hizpide izan du hizkuntzen irakaskuntzaren gaia, zeinak harrabotsa eragin baitu azkenaldian. Sailburuak aitortu du hizkuntzen arloan «eztabaida handia» dagoela mahai gainean, baina «bidetik eta helburuetatik» ez desbideratzea galdegin du. Bide berri bat urratzeko modua eskaintzen duela uste du: «Lege honek oinarri sendoak eskaintzen dizkigu hizkuntzen kudeaketarako eta ezarpenerako marko berri baterako». Azaldu duenez, ikastetxe bakoitzak diseinatuko du bere bidea, errealitate soziolinguistikoan oinarrituta, ikasleek ezarritako helburuak bete ditzaten eskolatzea amaitzerako, betiere administrazioaren laguntza jasota: «Ikastetxeen hizkuntza proiektua erdigunera ekarriz, hezkuntza esparru eleaniztun propioa garatzeko konpromisoa ikastetxeen eskuetan jartzen dugu. Euskara ardatz hartuta, bi hizkuntza ofizialen eta gutxienez atzerriko hizkuntza baten gainean egituratuko da sistema. Era berean, euskara testuinguru formaletan eta ez-formaletan erabiltzea bultzatuko du, jakina, beste hizkuntza eta kultura batzuekiko jakin-mina eta zaletasuna sustatuz». Ereduak ere izan ditu aipagai: «Azken berrogei urte hauetan, gure gizartea asko aldatu da, hezkuntza aldatu egin da, ereduak aldatu egin dira, eta gure eredua errealitate berrira egokitzen jarraitzea dagokigu hemendik aurrera ere». Ikastetxeen titulartasunari dagokionez, nabarmendu du legea onartuta hezkuntza sistema osoa egongo dela araututa lehenengo aldiz, «betiere, eskola publikoaren protagonismoa azpimarratuz». Halaber, azaldu du itunpeko ikastetxeak ere funts publikoz hornituko dituztela, «legeak ezartzen dituen konpromisoak eta betebeharrak betetzen dituzten heinean»: «Zerbitzu publikoa eskainiko duten ikastetxe guztiei interpelazio zuzena egiten die lege honek, eskubideetan zein betekizunetan». Doakotasuna ere izan du hizpide. Bildarratzen esanetan, doakotasuna lortzeko «neurri garrantzitsuak» jaso dituzte. Osoko zuzenketak aurkezteko aukera ere izan dute. Lehenik, PPk, Ciudadanosek eta Voxek. Antzeko arrazoiak erabili dituzte beren proposamenak defendatzeko eta lege proiektuari kontra egiteko: euskara inposatuko dutela eta gazteleraz ikasteko aukerarik ez dela egongo, proiektu jakin batzuen mesedetan erabili nahi dutela hezkuntza, itunpeko sarearen aurkakoa dela... PPko Carmelo Barriok, Ciudadanoseko Jose Manuel Gilek eta Voxeko Amaia Martinez hartu dute hitza. Hirurek gazteleraz egin dute oso-osorik. EAJren eta PSE-EEren izenean, Gorka Alvarezek eta Maria Jesus San Josek hartu dute hitza, hurrenez hurren. Alvarezen esanetan, lege proiektuaren lehen helburua da ikasleei «ahalik eta hezkuntza onena» eskaintzea. Eta zer da hori? Alvarezen hitzetan, kalitatezko hezkuntza, integratzailea, aukera berdintasuna eskaintzen duena, euskalduna eta irmoki berrikuntzaren alde egiten duena. Bildarratzek egin bezala, goraipatu egin du hezkuntza sistema osoa arautuko duela. Eta heldu dio hizkuntzen gaiari ere. Esan duenez, lege proiektuan jasota dago euskararen inguruan egituratua dagoela eta sistema eleaniztuna dela, eta bermatzen duela ikasleek euskaraz nahiz gazteleraz «maila egokia» erdiestea. Gainera, aipatu du erremintak eskaintzen dituela horretarako. San Josek, berriz, esan du «oso gustura» daudela EAJrekin egindako negoziazioarekin, «ezinbesteko aldaketak» sartu baitituzte zuzenketetan. Hizkuntzei dagokienez, argi esan du sistema hirueleduna izango dela, eta euskara izango duela ardatz, baina euskara, gaztelera eta ingelesa izango direla irakaskuntzarako hizkuntza, «gizarte kohesioa eta herritarrek bi hizkuntza ofizialetan komunikatzeko gaitasuna izatea bermatzeko». Azkenaldiko eztabaidaren funtsera jota, ziurtatu du zuzenketekin argitu dutela hizkuntza ereduak indarrean daudela, eta, horiek aldatzea erabakiz gero, Gernikako Estatutua eta Euskararen Legea errespetatu beharko direla, eta hor jasota dagoela herritarrek eskubidea dutela hezkuntza edozein mailatan euskaraz nahiz gazteleraz jasotzeko. Eta erantsi du: «Euskal sozialistentzat benetan garrantzitsua da gure ikasleek euskaraz eta gazteleraz ikasi ahal izatea bermatzea, eta hirugarren hizkuntza batean gaitasunak izatea». Oposizioko alderdi nagusiak ere azaldu du bere jarrera. Ezezkoa bozkatu dute, Ikoitz Arreseren esanetan, «lege on bat lortzeko eztabaidari» bide eman nahi diotelako: «EH Bildukook beste aukera bat eman nahi diogu lege on bat izateari eta gure hezkuntza sistemaren eraldaketari». Alabaina, nabarmendu du hori ez dutela «edozein modutan» egingo: «Ez dugu babestuko euskal hezkuntzaren erronkei erantzuten ez dien lege bat, ezta gobernu koalizioan EAJren PSEren barne oreka alderdikoiei erantzuten dien lege bat ere». Halaber, beste kezka bat ere helarazi du: «Kezka dugu PSEk EH Bildu legetik kanpo nahi duelako eta EAJ prest dagoelako eskatzen ari zaiona emateko». Gainera, EAJri eta PSE-EEri egotzi die oraindik ez dutela hizkuntza ereduak agertzen diren zuzenketari buruzko azalpen bateraturik eman. Elkarrekin Podemos-IUko Isabel Gonzalezek ere izan du aukera beren osoko zuzenketa azaltzeko. Batez ere, sare publikoaren defentsa egin du. Esan duenez, beraientzat hezkuntza publikoa da oinarrizkoa; aldiz, lege proiektuak berdindu egiten ditu eskola publikoa eta itunpekoa. Zuzenketa partzialen eztabaida Orain, sailburuaren esanetan, aurkeztutako zuzenketak «kontrastatzeko, adosteko eta onartzeko» garaia da, eta legebiltzarkideei dagokie hori: «Ziur nago taldeek aurkeztutako zuzenketen azterketa sakona egingo duzuela, eta gai izango zaretela jarrerak batzeko eta akordioak lortzeko. Zer lehenetsi behar dugu? Legea ahalik eta adostasun zabalenarekin onartzea». Gainera, Bildarratzek hitzaldia baliatu du Eusko Legebiltzarreko «zenbait alderdiri» eskerrak emateko, «azkeneko bi urteetako elkarlanaren alde egin dutelako». Nabarmendu du etorkizunean hezkuntza sistema on bat izan dutela denek. «Eta bide orri horretan kolaboratzen eta eraikitzen jarraitzeko aukera daukagu». Orain, beraz, zuzenketa partzialak eztabaidatzeari irekiko diote atea.
2023-10-19
https://www.berria.eus/albisteak/234127/siemens-gamesaren-etorkizunaren-gaineko-laquokezkaraquo-azaldu-dute-ccook-eta-ugtk.htm
Ekonomia
Siemens Gamesaren etorkizunaren gaineko «kezka» azaldu dute CCOOk eta UGTk
Nafarroako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren, Espainiako Gobernuaren eta Europako Batzodearen inplikazioa eskatu dute, «enkanteen baldintzak aldatzeko eta Europako produktuei mesede egiteko»
Siemens Gamesaren etorkizunaren gaineko «kezka» azaldu dute CCOOk eta UGTk. Nafarroako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren, Espainiako Gobernuaren eta Europako Batzodearen inplikazioa eskatu dute, «enkanteen baldintzak aldatzeko eta Europako produktuei mesede egiteko»
Lehenik ELAk egin zuen ohartarazpena, eta, orain, CCOOk eta UGTk gauza bera egin dute, nork bere aldetik. Azaroaren 21ean, etorkizunerako bideragarritasun plana aurkeztuko du Siemens Gamesak, eta orain mahai gainean diren jokalekuen inguruko kezka handia dute sindikatuek, galera handiak pilatzen ari baita konpainia. «Ez ditugu gertaerak aurreratu nahi, baina okerrenean jarri behar dugu», adierazi du Clara Fernandezek CCOOren Siemens Gamesako idazkari nagusiak. Irailaren 21ean, Siemens Energy taldeko presidente Christian Bruchekin elkartu ziren CCOOko eta UGTko ordezkariak. UGTren arabera, Bruchek aurreratu zuen 4.500 milioi euro inguruko galerak pilatzen ari zela taldea, eta neurri handi batean Siemens Gamesaren gain jarri zen erantzukizuna. Halaber, bilera horretan onartu zen Siemens Gamesak uko egin ziola mila milioi eurorainoko lanari. Iragan astelehenean biltzekoak ziren berriz, baina bertan behera geratu zen bilera. UGTko Mikel Tapiaren ustez, «oso sentsazio txarrak» eragiten dizkie horrek: «Ematen du moldaketa bat prestatzen ari direla, eta ez nuke baztertuko bulegoetan, fabriketan edo parke eolikoen mantentzean lan zama kentzea». CCOOk ere bilera hori kendu izana aurpegiratu dio enpresari, baina ez du zertan seinale txarra izan behar. «Atzetik presio politikoa dutela adieraz dezake». Ikusi gehiago: Sektore eolikoa eta milaka lanpostu desagertzeko arriskuaz ohartarazi du ELAk Datorren urriaren 24an, Europako Batzordeak industria eolikoarentzako laguntza sorta bat aurkeztuko du. Uneotan, hiru ekoizle handienek galerak dituzte, sektoreko lehia teknologikoaren eta Asiako enpresen lehia desleialaren ondorioz. «Espero dugu laguntza paketeaz gain lan eredua aldatzea, sektoreko enpresek bertan ekoitzi ahal izatea erraztu dezaten», aipatu du Clara Fernandezek. Haren esanetan, lurreko haize erroten enkanteetan, Europako araudiek ez dituzte behar bezala laguntzen, eta prezio merkeagoko lehiakide txinatarrek abantaila izan ohi dute. Alor horretan esku hartzea galdegin diote Bruselari: «Ekoizle guztientzako joko arau berak nahi ditugu». Bruselatik etor daitekeen hauspo horren berri izan ostean, ia hilabete geratuko da. Azaroaren 15ean emaitzak aurkeztuko ditu Siemens Energyk, eta astebete geroago, azaroaren 21ean, Capital Market Day eguna izango da; kapital merkatuei etorkizuneko planak aurkezteko eguna. CCOOren arabera, egun horri begira hainbat jokaleku daude: baikorrenean, bolada batez galerak izaten jarraitzeko asmoa izango du; okerrenean, lurreko haize errotak egiten diren fabrikak ixteko asmoa iragarriko du —onshore negozioa. Hego Euskal Herrian, Siemens Gamesak 2.800 lagun ingururi ematen die lana, eta, kontuan izanik gehienbat lurreko haize erroten produkzioan aritzen direla, baliteke kolpe latza hartzea. Goizegi da ezer aurreratzeko, baina seinale txarrak daude. Iragan astean, Reuters agentziak berak aurreratu zuen Siemens Energy Siemens Gamesaren fabrikak eta bulegoak ixtea aztertzen ari zela. Azaroaren 21eko egun erabakigarriari begira, zenbait gauza egin daitezkeela uste dute sindikatuek. «Ezin gara besoak gurutzatuta geratu», esan du Fernandezek. Alde batetik, dei egin diete datozen egunetan egingo dituzten batzarretan eta ondoren antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzera. Siemensek Gamesa erosi zuenetik ezegonkortasun handia bizi du enpresak, eta horrek denak langileei eurei ere eragiten die. «Langileak oso kezkatuta daude, eta batik bat tentsio handiz bizi dute egoera hau. Azken bi urteetan presio handiarekin ari gara lanean, eta ziurtasunik gabeko etorkizuna dugu; ez dakigu zer gertatuko den», aitortu du Fernandezek. Bestetik, gobernuen inplikazioa eskatu du. Nafarroako Gobernuarekin biltzeko asmoa dute, eta gauza bera egitekoak dira Eusko Jaurlaritzarekin. Gogora ekarri dutenez, Siemens Gamesak lau presidente izan ditu bost urtean, eta egoeraren erantzule egin dute zuzendaritza. «Bat-egitearen lehen urtean irabaziak izan genituen, eta ordutik aurrera, ez. Zuzendaritza taldea aldatu da. Ez dute ezagutzen ondo sektore eolikoa. Siemens taldetik etorri dira denak, baina sektore eolikoa berezia da», adierazi du Fernandezek.
2023-10-20
https://www.berria.eus/albisteak/234128/martxelo-otamendi-eta-intildeaki-petxarroman-saritu-ditu-kazetarien-elkargoak.htm
Bizigiro
Martxelo Otamendi eta Iñaki Petxarroman saritu ditu kazetarien elkargoak
Ibilbide osoa aitortuko dio Otamendiri Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kazetarien elkargoak. Ingurumen kazetaritzaren arloan saritu dute Petxarroman. Euskal Kazetariak saria, berriz, TVEko aurkezle Silvia Intxaurrondok jasoko du. Azaroaren 8an egingo dute sariak banatzeko ekitaldia.
Martxelo Otamendi eta Iñaki Petxarroman saritu ditu kazetarien elkargoak. Ibilbide osoa aitortuko dio Otamendiri Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kazetarien elkargoak. Ingurumen kazetaritzaren arloan saritu dute Petxarroman. Euskal Kazetariak saria, berriz, TVEko aurkezle Silvia Intxaurrondok jasoko du. Azaroaren 8an egingo dute sariak banatzeko ekitaldia.
Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak Euskal Kazetaritza Sariak banatzen ditu urtero, eta aurten Iñaki Petxarroman BERRIAko kazetariari emango diote Ingurumen Kazetaritzako Saria. Ibilbide Profesionalaren Saria, berriz, Martxelo Otamendi Euskaldunon Egunkaria-ko eta BERRIAko zuzendari ohiari emango diote. Azaroaren 8an egingo dute sariak banatzeko ekitaldia, Bilbon. Petxarromanek «pozik» hartu du aitortza: «Urte askotako lanaren aitortza da. Aitortza BERRIArentzat berarentzat dela esango nuke, ingurumen gaiei garrantzia eman dielako hasiera-hasieratik». Lasarte-Orian (Gipuzkoa) 1973an jaiotako kazetariak urte luzez landu ditu ingurumenarekin lotutako gaiak. «Niri egokitu zait Egunkaria-n eta BERRIAn bereziki gai horien berri ematea, eta hori da orain kazetarien elkargoak saritu duena. Beraz, aitortza kolektibo baten moduan jasoko dut, nahiz eta nire izenean jaso», gaineratu du Petxarromanek. Iñaki Petxarroman. Gorka Rubio / Foku Otamendik hainbat urtez parte hartu du Euskal Kazetariak sarietako hautagaien izenak ematen, Egunkaria-ko eta BERRIAko zuzendari gisa. Azaroaren 8an, aldiz, hari egokituko zaio sari bat jasotzea. Otamendi 1987an hasi zen lanean ETBn, eta hainbat saiotan aritu zen gidoilari, aurkezle eta zuzendari; 1993tik 2003ra, Egunkaria-ko zuzendaria izan zen; eta BERRIAn zuzendari aritu da 2003ko ekainetik aurten ekainaren amaieran erretiroa hartu duen arte. Amagoia Mujika Tolaretxipik hartu zion erreleboa uztailaren hasieran. Otamendik hunkituta jaso du sariaren berri: «Beti da pozgarria sariak jasotzea, are gehiago beste komunikabideetako zuzendarien erabakia bada. Oso eskertuta nago kazetari izaten lagundu didaten lankideekin». Euskal Kazetariak saria izaten da elkargoak ematen dituen sarien artean nabarmenena. Eta aurten sari hori Silvia Intxaurrondori emango diote (Barakaldo, Bizkaia, 1979). Hainbat irratitan eta telebistatan egin du lan Intxaurrondok. 2021etik, TVEko La hora de La1 saioa aurkezten ari da, goizetan. Ez da udazken honetan Intxaurrondok jasoko duen sari bakarra: Ondas sarietan aurkezlerik onenaren saria lortu du. Azaroaren 22an jasoko du Ondas sari hori. Adierazpen Askatasunaren Saria Jordi Evole kazetari kataluniarrak irabazi du, No me llame Ternera dokumentalean egindako lanagatik. Ekoizpen hori Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten irailean, eta abenduaren 15etik aurrera Netflix plataforman ikusi ahalko da. SER-Radio Bilbaori aitortza Komunikabide eta kazetari gehiago ere saritu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako elkargoak eta elkarteak. Esate baterako, Pertsonaia/Giza Instituzioaren Saria Cadena SER-Radio Bilbaorentzat izan da. Irratiak 90 urte bete ditu berriki. Kazetaritza Digitala saria, bestalde, Primeran plataformari eman diote. EITB taldeak sortutakoa da, eta euskarazko ikus-entzunezko edukien lehen plataformatzat jo du elkargoak. Juantxu Rodriguez fotokazetaritzako saria Marivi Ibarrola Errioxako (Espainia) argazkilariari eman diote. Rock taldeen eta artista ezagunen argazkiak atera zituen 1980ko hamarkadan, eta garai hartako hedabide askotan argitaratu ziren; era berean, Yo dispareÌ;Â;ÂÂ;Â; en los 80 (Nik 80ko hamarkadan egin nuen tiro) lanean daude jasota. Ohorezko Saria sortu zuen iaz kazetari elkargoak. Lehen aldiz, Martin Ugalde zenari eman zioten. Aurten sari hori Antonio Alvarez Solis kazetariarentzat izango da —2020ko martxoaren 30ean hil zen—. Madrilgoa izan arren, Alvarez Solisek Euskal Herriko komunikabide pribatu eta publikoetan urte luzez egin zuen lana nabarmendu nahi izan du elkargoak. «Salbuespen gisa», epaimahaiak Yolanda Alicia kazetari eta Tele 7 katearen sortzaile eta zuzendaria ere saritzea erabaki du. «kazetaritzan bizitza eman izana» aitortuko diote, «tokiko informazioan oinarritutako hurbileko kazetaritza praktikatuz». Bizkaiko tokiko kate bat da Tele 7; Barakaldon du egoitza.
2023-11-2
https://www.berria.eus/albisteak/234129/emakumeen-aurkako-genero-indarkeria-eta-sexu-indarkeria-zuzenbide-penalaren-bilakaera-joerak-eta-erronkak-doako-ikastaroa.htm
albisteak
Emakumeen aurkako genero-indarkeria eta sexu-indarkeria: Zuzenbide Penalaren bilakaera, joerak eta erronkak. Doako ikastaroa.
Espainiako Zigor Zuzenbidearen eremuan genero-indarkeriak eta sexu-indarkeriak jasotzen duen tratamenduaren errealitatea jorratu nahi du Ikastaroak, ikuspegi oso batetik. Horretarako, Zigor Zuzenbidean heteroarau bat dagoelako ustetik abiatuta, ikastaroak genero-indarkeriari eta sexu-indarkeriari eman zaion tratamendu juridiko-penala aztertzen du, generoaren ikuspegitik barneratu diren aurrerapenak azpimarratuz: Istanbulgo Hitzarmenetik sortutako betebehar juridikoak; Zigor Kodearen esparruko erreformak; "bai bakarrik da bai" legea; haren kontrarreforma eta biktimen babeserako funtsezkoak izango diren biktimologia-elementuak ere sakonduko dira.
Emakumeen aurkako genero-indarkeria eta sexu-indarkeria: Zuzenbide Penalaren bilakaera, joerak eta erronkak. Doako ikastaroa.. Espainiako Zigor Zuzenbidearen eremuan genero-indarkeriak eta sexu-indarkeriak jasotzen duen tratamenduaren errealitatea jorratu nahi du Ikastaroak, ikuspegi oso batetik. Horretarako, Zigor Zuzenbidean heteroarau bat dagoelako ustetik abiatuta, ikastaroak genero-indarkeriari eta sexu-indarkeriari eman zaion tratamendu juridiko-penala aztertzen du, generoaren ikuspegitik barneratu diren aurrerapenak azpimarratuz: Istanbulgo Hitzarmenetik sortutako betebehar juridikoak; Zigor Kodearen esparruko erreformak; "bai bakarrik da bai" legea; haren kontrarreforma eta biktimen babeserako funtsezkoak izango diren biktimologia-elementuak ere sakonduko dira.
Ikastaroa doan eta euskaraz izango da. Informazioa: Data: 2023ko azaroaren 21etik abenduaren 19ra arte Ordutegia: 16:30etik 19:00etara Garatuko den espazioa: 2002 Non: Bizkaiko UNED Ikusi egutegia Ikastorduak: 10 Kredituak: 0.5 ECTS Ikusi jarduera gehiago Bertaratzea ez da beharrezkoa. Hiru aukera dituzu: presentziala, online zuzenean ala online aurrez grabatuan Egitaraua Asteartea, azaroak 21 16:30-19:00 1. MODULUA: Pérez Machío, Ana I. Zigor Zuzenbideko irakasle titularra (katedradun akreditazioa) I. “Genero-indarkeriaren” eta “sexu-indarkeriaren” nazioarteko tratamendu juridikoa: Generoa eta Zuzenbidea Emakumeen giza eskubideen nazioarteko errekonozimendua Genero-indarkeria eta sexu-indarkeria zigortu ahal izateko, estatuek zer betebehar dituzten Asteartea, azaroak 28 16:30-19:00 2. MODULUA: Hernández Díaz, Leyre. Zigor Zuzenbideko irakasle agregatua (agregatu akreditazioa) II. Espainiako Ordenamendu Juridikoan “sexu-indarkeriak” zer tratamendu jasotzen duen “bai bakarrik da bai” legea Kontrarreforma Asteartea, abenduak 12 16:30-19:00 3. MODULUA: Pérez Machío, Ana I. Zigor Zuzenbideko irakasle titularra (katedradun akreditazioa) III. “Bai bakarrik da bai” legea eta haren kontrarreformaren hausnarketa kritikoa Asteartea, abenduak 19 16:30-19:00 4. MODULUA: Pérez Machío, Ana I. Zigor Zuzenbideko irakasle titularra (katedradun akreditazioa) IV. Sexu-indarkeriako biktimen babesa Izen-ematea Leku-kopuru mugatua "aurrez aurreko modalitatean". Matrikula egiteko orduan, jardueran bertatik bertara edo online parte hartuko den adierazi behar da. Modalitate presentzialean, saioen % 85era joan behar da ziurtagiria eskuratzeko. Online modalitatean, autoebaluaziorako galdetegi bati erantzun beharko zaio. Kontuan izan matrikula-eskabidean emandako datuekin ziurtagiriak egiten direla; zuzenak direla eta osorik daudela ziurtatzea beharrezkoa da. Zuzendaria Esteban Arlucea Ruiz. Zuzenbideko doktore. EHUko irakasle titularra eta Bizkaiko UNEDeko irakasle tutorea Hizlariak Leyre Hernández Díaz. Zuzenbide eta Kriminologia lizentziaduna. EHUko Zuzenbideko doktore; hantxe dihardu irakasle 2010az geroztik. Ana Isabel Pérez Machío. Zuzenbide eta Kriminologia lizentziaduna. EHUko Zuzenbideko doktore; hantxe dihardu irakasle 2006az geroztik. Norentzat Zuzenbideko ikasleak Kriminologiako ikasleak Berdintasuneko teknikariak Helburuak - “Genero-indarkeria” eta “sexu-indarkeria” kontzeptuak ezagutzea - Generoaren eta Zigor Zuzenbidearen artean dagoen harremana ezagutzea - “Sexu-indarkeriari” aurre egiteko dauden tresna juridiko-penalak ezagutzea - Biktimen babeserako funtsezko tresnak ezagutzea Ebaluazio-sistema Online modalitatean, zuzenean zein aurrez grabatuta, autoebaluaziorako galdetegi bakar bati erantzun beharko zaio, azken saioaren grabazio lotura jasotzen denetik 15 egun naturaleko epean. Argibide gehiago Bizkaiko UNED Ignacio Ellacuria parkea, 3 48920 Portugalete Bizkaia 94-493 65 33 / [email protected] Antolatzailea: Laguntzaileak: Finantzatzailea:
2023-10-19
https://www.berria.eus/albisteak/234130/bizkaiko-eskauten-abade-ohia-zigortu-dute-bi-neskari-ukituak-egiteagatik.htm
Gizartea
Bizkaiko eskauten abade ohia zigortu dute, bi neskari ukituak egiteagatik
Burgosko Probintzia Auzitegiak bi kondena jarri dizkio; Bilboko Elizbarrutiak gogoratu du fiskaltzara berak jo zuela aurrena, abadearen portaera okerrez ohartarazteko, eta karguak kendu zizkiola.
Bizkaiko eskauten abade ohia zigortu dute, bi neskari ukituak egiteagatik. Burgosko Probintzia Auzitegiak bi kondena jarri dizkio; Bilboko Elizbarrutiak gogoratu du fiskaltzara berak jo zuela aurrena, abadearen portaera okerrez ohartarazteko, eta karguak kendu zizkiola.
Ohar bat plazaratu du gaur Bilboko Elizabarrutiak Bizkaiko eskauten abade izan zenaren inguruan. 2018an jakin zen lau sexu delitu egotzi zizkiola Fiskaltzak, eta ikerketapean zegoela horregatik. Gaur, hedabideen bidez zabaldu da zigor bi ezarri dizkiola apaizari Burgosko Probintzia Auzitegiak, bi neskak jarritako salaketen harira, eta, argudiatuta zenbait datu ez direla zuzenak izan, «zehaztapenak» egin nahi izan ditu Bizkaiko Elizbarrutiak agiriaren bidez. Adierazi du honako kondena hauek ezarri dizkiola justiziak apaizari: hamalau hilabeteko espetxe zigorra jarri diote emakume adingabe bati ukituak egiteagatik, eta hemezortzi hilabetekoa 18 urteko beste bati ere ukituak egiteagatik. Eskauten jardueretan parte hartzen ari ziren bi andreek erasoak pairatu zituztenean: eskauta zen gazteena, eta begiralea zaharrena. Harreman joria zuten abadearekin ingurumari horretan, eta gertuko giro hori baliatu zuen apaizak ukituak-eta egiteko. Kalte ordainak ere eman beharko dizkie zigortutako abadeak andre biei, eta akusatuak ezarritako kopurua pagatzen ez badu, Bilboko Elizbarrutiaren ardura izango da ordainketak egitea, sententziaren arabera «erantzule zibil subsidiarioa» baita. Uztailekoa da epaia, baina orain zabaldu da hedabideetan. Elizbarrutiak esan du akusatuak ez duela helegiterik jarri haren aurka. Gainera, gogora ekarri du abadea bere karguetatik kendua dutela 2018ko abendutik. Eta Elizbarrutiak berak jo zuela fiskaltzarengana apaizaren portaera okerren berri izan zuenean, Euskalerriko Eskautak Bizkaia elkartearekin batera: «Biktimen aurretik». Oharrarekin batera, Elizbarrutiak «elkartasuna» adierazi nahi izan die sexu erasoak pairatu dituztenei, eta adierazi du salaketen ikerketan eta biktimen artan urratsak egiten jarraitzeko asmoa duela. Abade honen kasuaren berri eman zenean, Mario Izeta zen Bilboko gotzaina. Joseba Segura dago orain karguan. Aitzindaria izan da Eliza barruan egindako sexu abusuen kontrako zenbait keinutan: aurtengo martxoan, adibidez, elizkizun bat egin zuen propio biktimei barkamena eskatzeko eta babesa ere erakusteko.
2023-10-19
https://www.berria.eus/albisteak/234131/plataforma-digitaletan-europako-hizkuntza-guztien-presentzia-bermatzeko-eskatu-du-puntueusek-estrasburgon.htm
Gizartea
Plataforma digitaletan Europako hizkuntza guztien «presentzia bermatzeko» eskatu du Puntueusek Estrasburgon
Josu Waliño Puntueus fundazioaren zuzendariak agerraldia egin du Europako Legebiltzarreko osoko bilkurako hizkuntza gutxituen lantaldean.
Plataforma digitaletan Europako hizkuntza guztien «presentzia bermatzeko» eskatu du Puntueusek Estrasburgon. Josu Waliño Puntueus fundazioaren zuzendariak agerraldia egin du Europako Legebiltzarreko osoko bilkurako hizkuntza gutxituen lantaldean.
Googleren bilaketa zerbitzuek euskara gazteleraren mesedetan diskriminatzen dutela ondorioztatu zuen Puntueus fundazioak uztailean. Erakundeak ondorio hori azaldu du gaur Europako Legebiltzarreko hizkuntza gutxituen lantaldean. Euskarak Interneten eta, batez ere, Google konpainiaren tresna eta zerbitzuetan duen egoera azaldu du fundazioak Estrasburgoko ganberan (Frantzia). Josu Waliño Putueuseko zuzendariak salatu du konpainia teknologiko handiek «ez ikusia egiten diotela Europako hizkuntza aniztasunari». Horren ondorioak nabarmendu ditu: hizkuntzok ikusgaitasuna galtzen dute Interneten, eta, oro har, ingurune digitalean, eta horrek hizkuntzon normalizazioa oztopatzen dute. Eskaera argia egin du Waliñok: «Ezinbestekoa da industria digitaleko enpresa handiek beren tresna eta zerbitzuetan Europako hizkuntza guztien presentzia bermatzea Europako kultura eta hizkuntzen etorkizuna bermatzeko». Bazterketa Uztailean eginiko salaketak eragina izan du Google erraldoian. Katalunian eginiko ikerketa batek ondorioztatu zuen Googleren bilatzaileak gaztelaniazko emaitzak eskaintzen zizkiela erabiltzaileei bilaketa katalanez egin eta nabigatzailea eta sistema eragilea hizkuntza horretan edukita ere. Puntueusek ikertu zuen euskararekin gauza bera egiten ote zuen, eta baietz ondorioztatu zuen. 2022ko udaberritik gertatzen zen, eta orduan bilatzailearen algoritmoan eginiko aldaketa batekin lotu zuten okerra. Salaketaren eraginez, Googlek algoritmoa doitu zuen, eta egoera bere onera itzuli zen. Edonola ere, Googlek oraindik ere baztertu egiten du euskara beste hainbat zerbitzutan, Waliñok gaur Estrasburgon azaldu duenez; besteak beste, Google Ads, Google Chrome eta Google Advanced Search zerbitzuetan. «Horiek ere gure hizkuntza sartu behar dute aukeren artean», esan du. Azaldu duenez, konpainia handiak hizkuntza politika propioa ezartzen ari dira munduan, eta hiztun gehien dituzten mintzairak indartzen ari dira, besteen lepotik. «Ezinbestekoa da plataforma digitalek Europako hizkuntza guztien presentzia bermatzea beren tresna eta zerbitzuetan, Europako kulturak eta hizkuntzak zaindu, garatu eta iraunarazteko».
2023-10-19
https://www.berria.eus/albisteak/234132/hilaren-27an-egingo-dute-ekonomialari-euskaldunen-iii-biltzarra-gasteizen.htm
Ekonomia
Hilaren 27an egingo dute Ekonomialari Euskaldunen III. Biltzarra, Gasteizen
Oinarrizko burujabetza ekonomikoa aztertuko dute aurten, hainbat ertzetatik: demografia, ura, natur balioen aniztasuna, laborantza eta energia.
Hilaren 27an egingo dute Ekonomialari Euskaldunen III. Biltzarra, Gasteizen. Oinarrizko burujabetza ekonomikoa aztertuko dute aurten, hainbat ertzetatik: demografia, ura, natur balioen aniztasuna, laborantza eta energia.
Datorren asteko ostiralean, hilaren 27an, egingo dute ekonomista euskaldunen hirugarren topaketa. Gasteizen egingo dute aurten, Euskaltzaindiaren egoitzan, eta inoizko babesik handienarekin, gainera. Batzarra UEU Udako Euskal Unibertsitateak eta Ekonomisten Euskal Elkargoak antolatzen badute ere, beste zazpi erakunderen babesa izango baitute. Horien artean daude EHU, MU, Deustuko Unibertsitatea, Gaindegia, Mugarik Gabeko Ekonomialariak, Euskaltzaindia eta Gasteizko Udala. Duela lau urte egin zituzten jardunaldiok aurrenekoz, Donostian, eta berrogei bat laguneko «masa kritiko bat» elkartzea lortu zuten antolatzaileek. Aurten, baina, «jauzi kualitatibo bat» egin nahi dutela adierazi dute, eta egun osoko egitaraua prestatu dute horretarako. Aurreko bi aldietan ez bezala, gai bakarraren bueltan egingo dute biltzarra aurten: oinarrizko burujabetza ekonomikoa landuko dute, hau da, estatu egiturak eraikitzeko ezinbestekoak diren prospekzio egiturak. Gaiaren askotariko ertzak aztertuko dituzte hainbat hizlarik, hain zuzen ere. Demografiaz arituko da Igor Etxabe (EHU), uraren kudeaketaz Iñaki Antiguedad (EHU), naturaren balioez Unai Pascual (BC3, Ikerbasque), Euskal Herriko Laborantza Ganberaz Iker Elosegi (EHLG), eta energiaz Aritz Txokarro (Energia Gara). Arratsaldean, berriz, mahai inguruak egingo dituzte. Oskar Arantzabal UEUko ekonomia saileko arduradunak azaldu duenez, azken urteetako testuinguruak berak eraman ditu gai hori aukeratzera. Pandemiak lehenik, gerrak gero eta klima aldaketak ostean hizpidera ekarri baitute gaia. «Pandemia garaian, oso oinarrizko galderetara itzuli zen jende asko. Konturatu ginen, adibidez, musukoak Txinatik ekarri behar genituela hegazkinez. Bidasoko muga ere itxi egin zuten, eta batzuek komeriak izan zituzten gainditzeko, muga hori ez baikenuen guk jarri. Elikagaiei dagokionez ere, paradisu gastronomiko bat sortu dugu turistak erakartzeko, baina hemen ekoizten duguna ez da %10era iristen», adierazi du Arantzabalek. «Energia, elikadura, ura... Oinarrizkoak diren gauza asko ez daude gure esku. Eta horrek guztiak zer pentsa ematen digu gure burujabetzari buruz». Hitzaldiak grabatu egingo dituzte, baina ez dituzte zuzenean emango; egun batzuk pasatuta jarriko dituzte ikusgai sarean. Liburu batean ere jasoko dituzte, antolatzaileek iragarri dutenez. Plaza, «mugarri» Euskaraz hausnartzeko eta eztabaidatzeko plaza bat eskaintzea da topaketaren helburua, baina baita adituen eta profesionalen sarea «trinkotzea» ere, Ane Sarasua UEUko zuzendariak esan duenez. Ekonomiaren arloan badu garrantzia ahalegin horrek, euskararen presentzia oso apala baita sektore horretan, Ekonomisten Euskal Elkargoko kide Estrella Sanchezek gogorarazi duenez: «Ekonomisten profesioa eta, oro har, profesio gehienak, oso erdaldunak dira, baita ikasketak euskaraz eginda ere. Lan mundurako saltoa bermatu beharraren ajeak». Bada, elkartea euskalduntze bide horretan urratsak egiten ari dela nabarmendu du Sanchezek, oraindik orain «txikiak» badira ere. «Lan munduan lanbide hau euskalduntzeko eta ekonomia alorrean euskara bultzatzeko konpromisoa du elkargoak», azpimarratu du. Helburu horri lotuta, Ekonomialarien Euskal Biltzarra «mugarri» izatea nahi dute.
2023-10-19
https://www.berria.eus/albisteak/234133/laquoekoizpena-osasunaren-aurretikraquo-jartzea-leporatu-diote-cafi.htm
Ekonomia
«Ekoizpena osasunaren aurretik» jartzea leporatu diote CAFi
Amiantoarekin lan egin izana «ez dela istripu bat» salatu du CAFeko enpresa batzordeak eta egoera honek langileak ez dituela «ustekabean» harrapatu.
«Ekoizpena osasunaren aurretik» jartzea leporatu diote CAFi. Amiantoarekin lan egin izana «ez dela istripu bat» salatu du CAFeko enpresa batzordeak eta egoera honek langileak ez dituela «ustekabean» harrapatu.
Joan den abuztuan, CAFek Beasainen dituen bukaerako hiru lantegi itxi zituen, haietako bateko teilatua aldatzeko lanetan amiantoa agertu eta lantegian barreiatu zelako. Aste honetara arte, lantegiak itxita egon dira, baina astelehenean berriz ireki zituzten. Abuztuaren 24an ohartarazi zioten prebentzioko ordezkariek enpresari 7., 8. eta 9. nabeetako langileak ezin zirela lanean hasi, nabe horiek amiantoz «zikinduta» zeudelako. Enpresak ez zien kasurik egin prebentzio ordezkariei. Abuztuaren 25ean Osalani deitu zioten, egoeraren berri emateko. Osalanek enpresarekin hitz egin zuen, eta enpresak esandakoari kasu egin ziola salatu dute batzordekoek. Langile batzuk —enpresak esanda— lanean egon ziren, astebetez, «amiantoz» zikindutako nabeetan. Osalanekoak enpresara astebete geroago «korrika eta presaka» bertaratu zirela esan dute, soilik, egoeraren berri zabaldu zenean. «Nahi eta nahi ez» erantzukizunen bat hartu behar dela aldarrikatu dute batzordekoek. CAFeko enpresa batzorderentzat, gertatutakoa ez da «istripua» izan, eta adierazi dute langileak ez dituela «ustekabean» harrapatu. Esan dute zuzendaritzak amiantoarekin lanean jarri dituela hirurehun lankide inguru, eta «argi eta garbi enpresak ekoizpena langileen osasunaren aurretik» jarri duela. Egoera hori «oso larria» iruditzen zaie batzordekoei. 2002. urtetik, debekatua dago amiantoa lantegietan, eta administrazioaren protokoloek «huts» egin dutela gehitu dute, ingurumen azterketa egitea ez delako «nahikoa» ikusteko amiantorik dagoen ala ez. Osalanek ez die onartzen protokoloek huts egin dutela, eta salatu dute bere lana justifikatzen duela; egoera hau eragotz zitekeela diote. Azaldu dute oraingoan CAFen izan dela, baina ohartarazi dute amiantoa garbitu duten beste enpresa batzuetan ere gerta daitekeela. 7., 8. eta 9. nabeetako langileak amiantoaren esposizioaren zerrendan sartzeko eskatu dute, baita garbiketa lanetan ibili diren langile azpikontratatuak ere. Zortzigarren urtea da CAFek amiantoa garbitzen duela bere lantegietatik, eta batzordekoek «ezbaian» jartzen dituzte aurreko urteko garbiketa horiek. Horregatik, zortzi urte horietako langileak ere, amiantoaren esposizioaren zerrendan sartzea exijitu dute. Izan ere, gaixotzen badira eta zerrenda horretan sartuta baldin badaude, zuzenean gaixotasun profesionaltzat hartzen da; bestela, prozesu judizial luze bat hasi behar da. Gaurko protesta «lehenengo pausoa» besterik ez dela eta «egoera argitzeko» behar diren pauso guztiak emango dituztela adierazi dute. Enpresa Batzordeak lan ikuskaritzan denuntzia bat jarri duela gehitu dute. Enpresa batzordeak enpresari zazpi puntuko gidalerro bat eman dio —lau bete dituzte—, eta zazpiak bete arte mobilizatzen jarraituko dutela iragarri dute.
2023-10-19
https://www.berria.eus/albisteak/234134/zubietako-plantarekin-lotuta-jaurlaritzako-zerbitzuburu-baten-aurka-abiatutako-ikerketa-artxibatu-dute.htm
Gizartea
Zubietako plantarekin lotuta Jaurlaritzako zerbitzuburu baten aurka abiatutako ikerketa artxibatu dute
GuraSOS elkarteak salatu du instrukzio epaileak ez duela ia ikerketarik egin.
Zubietako plantarekin lotuta Jaurlaritzako zerbitzuburu baten aurka abiatutako ikerketa artxibatu dute. GuraSOS elkarteak salatu du instrukzio epaileak ez duela ia ikerketarik egin.
GuraSOS elkarteak jakinarazi duenez, Donostiako 4. Intrukzio Epaitegiak artxibatu egin du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko Kutsaduraren Kontrolerako eta Prebentziorako Zerbitzuko buruaren aurka martxan zen ikerketa. Ingurumen baimenak emateaz arduratzen da, eta Zubietako errauste plantarekin (Gipuzkoa) lotuta ikertu dute haren jarduna. GuraSOSen arabera, gasak garbitzeko sisteman zegoen «purga klandestino» bat ez zuen jaso kontrol txostenetan eta ingurumen baimenean; gainera, plantak gas isurien muga gaindituz gero egin beharreko geldialdi automatikorako sistemarik ez dago, derrigorrezkoa izan arren, eta halere baimena lortu zuen azpiegiturak. Auzia «berehala» eta ia ikertu gabe itxi dutela salatu du GuraSOSek. 2022ko urrian, Gipuzkoako Ingurumen fiskalak polizia judizialaren ikerketa bat eskatu zuen, baina instrukzio epaileak ez du halakorik bideratu, elkartearen arabera; ikertuari deklarazioa hartzera mugatu dela gaitzetsi du. GuraSOSek jakinarazi du helegitea jarriko diola erabakiari.
2023-10-19
https://www.berria.eus/albisteak/234135/sortzaileentzako-bi-eguneko-topagune-profesionala-antolatu-du-durangoko-azokak.htm
Kultura
Sortzaileentzako bi eguneko topagune profesionala antolatu du Durangoko Azokak
Azaroaren 28an eta 29an egingo dute, eta sortzaileen, profesionalen eta programatzaileen arteko lankidetza sustatzea izango du xede.
Sortzaileentzako bi eguneko topagune profesionala antolatu du Durangoko Azokak. Azaroaren 28an eta 29an egingo dute, eta sortzaileen, profesionalen eta programatzaileen arteko lankidetza sustatzea izango du xede.
Bosgarren aldiz, DA! Pro sortzaile eta programatzaileen arteko topagune profesionala antolatu du Durangoko Azokak. Berez, abenduaren 6an zabalduko ditu ateak Landako guneak, baina aurretik egingo dute topaketa: azaroaren 28an eta 29an, hain zuzen. Familia ikuskizunen proposamenak plazaratuko dituzte lehenengo egunean, eta, goiz osoz, beren proiektuak aurkeztuko dizkiete sortzaileek sektoreko teknikari eta profesionalei. Bizenta Mogel bibliotekan egingo dute. Bigarren egunean, berriz, musika izango da ardatz. 09:00etatik 14:00etara hamar minutuko aurkezpenak egin ahalko dituzte musikariek, sektoreko profesionalen aurrean. Musika Bulegoaren lankidetzarekin antolatu dute, eta Plateruena kultur aterpean izango dira emanaldi guztiak. Izena emateko epea irekita dago sortzaile eta profesionalentzat. Sortzaileek urriaren 31ra arteko epea izango dute, eta programatzaileek, azaroaren 27ra artekoa, denek ere www.durangokoazoka.eus webgunean. Euskara hutsezkoak izan beharko dute, eta aurten argitaratutakoak izan beharko dute proiektu guztiek. Katalogoa eta jaialdia Aurkezpenez gainera, katalogo bat ere sortuko du Durangoko Azokak jasotako kultur proposamen guztiekin. Katalogo hori programatzaile, teknikari eta bestelako profesionalen eskura jarriko dute, urte osoan kontratazioak egiteko aukera emateko. Bestalde, urtarrilean MusikaGaz jaialdia antolatuko dute Zornotzako (Bizkaia) Udalarekin elkarlanean. DA! Pro topaketan parte hartuko duten musikariek parte hartuko dute bertan. Durangoko Azokarekin batera, proiektu honetan parte hartuko dute BBK-k, Musika Bulegoak, Bizenta Mogel bibliotekak eta Berbaro elkarteak.
2023-10-19
https://www.berria.eus/albisteak/234136/lantaronen-lau-eguzki-parke-eraikitzeko-oniritzia-eman-du-jaurlaritzak.htm
Gizartea
Lantaronen lau eguzki parke eraikitzeko oniritzia eman du Jaurlaritzak
Eusko Jaurlaritzak baimena eman du Lantaronen (Araba) 35.568 eguzki plaka jartzeko. Bi urteko epean martxan jarriko dute.
Lantaronen lau eguzki parke eraikitzeko oniritzia eman du Jaurlaritzak. Eusko Jaurlaritzak baimena eman du Lantaronen (Araba) 35.568 eguzki plaka jartzeko. Bi urteko epean martxan jarriko dute.
Lantaronen (Araba) eraiki nahi duten eguzki-energia proiektuko parke fotovoltaikoari oniritzia eman dio gaur Eusko Jaurlaritzak. Guztira, 35.500 eguzki plaka edukiko ditu FV Comunion enpresak Lantarongo Komunioi auzoan egin nahi duen proiektu fotovoltaikoak. Proiektuak lau parke ditu: lau parkeetatik txikienak ia 4.400 eguzki plaka edukiko ditu, eta gainerako hirurek, 10.400na panel. Hiru parke handi horietako bakoitzak 4,995 megawatteko potentzia instalatua izango du, eta besteak, 2,1 megawattekoa. Jaurlaritzak joan den ekainean eta uztailean eman zituen aldeko txostenak, ingurumen inpaktuaren ingurukoak. Jaurlaritzak igorritako txostenaren arabera, instalazio horrek «garrantzi urriko» kalteak eragingo ditu ingurugiroan. Halere, enpresak zenbait zuzenketa egin behar izan zituen inpaktua murrizteko. EAEko Aldizkari Ofizialak gaur argitaratu duenez, lau eguzki parke horiek martxan jartzeko epea bi urtekoa izango da. Jaurlaritzak ohartarazi du epe hori igaro eta instalazioa ustiatzeko baimenik eskatu ez bada iraungitzat joko dela eraikitzeko baimena. Hilabeteko epea dago ebazpenaren aurkako errekurtsoa aurkezteko.
2023-10-19
https://www.berria.eus/albisteak/234137/euskaraldiko-parte-hartzaileen-bi-herenek-hizkuntza-ohiturak-aldatu-dituzte.htm
Gizartea
Euskaraldiko parte hartzaileen bi herenek hizkuntza ohiturak aldatu dituzte
Hirugarren Euskaraldiari buruzko ikerketaren emaitzak aurkeztu dituzte. Aurreko aldiarekin alderatuta, norbanakoak %11 gutxiago izan dira; entitateen parte hartzea, berriz, %3,5 areagotu da. Oro har, hurrengo aldian parte hartzeko prest agertu dira.
Euskaraldiko parte hartzaileen bi herenek hizkuntza ohiturak aldatu dituzte. Hirugarren Euskaraldiari buruzko ikerketaren emaitzak aurkeztu dituzte. Aurreko aldiarekin alderatuta, norbanakoak %11 gutxiago izan dira; entitateen parte hartzea, berriz, %3,5 areagotu da. Oro har, hurrengo aldian parte hartzeko prest agertu dira.
Euskaraldia eraginkorra dela berretsi dute hirugarren aldiari buruzko ikerketaren emaitzek. Izan ere, parte hartzaileen bi herenek –batzuek gehiago eta besteek gutxiago– hizkuntza ohiturak aldatu dituzte. «Hiru aldietan joera orokor bera izan da: bi aste horietan, euskaren erabilerak gora egin du, eta ondoren, behera, baina jaitsiera hori ez da igoeraren parekoa izan; beti geratzen da zerbait», azaldu du Unai Oiartzun Siadeco ikerketa elkarteko teknikariak. Izan ere, Siadecok egin du ikerketa; gaur goizean aurkeztu dituzte emaitzak, Bilboko Euskalduna jauregian. 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra arte egin zuten hirugarren aldia. «Ariketa sozial berritzailea da; arnasa luzeko programa», azaldu du Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak eta Euskaltzaleen Topaguneko kideak. Horregatik, ikerketa egiteko orduan, kontuan hartu dituzte norbanakoek eta entitateek Euskaraldiaren aurretik, bitartean eta ondoren izandako jarrerak. Aurreko aldiarekin alderatuta, parte hartzaile kopurua %11 apaldu zen azken aldian; 158.440 lagunek eman zuten izena. %77,6 izan ziren ahobizi, eta %22,4 belarriprest. «Lehenengo alditik bigarrenerako jaitsiera %20ekoa izan zen, pandemiaren eraginez; beraz, jaitsiera apaldu egin da», zehaztu du Oiartzunek. Gazteen izen emateak egin du behera bereziki. 16 eta 29 urte bitartekoen artean, %25,5 apaldu da; eta 30 eta 44 urtekoen artean, berriz, %15,2. Halaber, nabarmentzekoa da gizonen parte hartzearen bilakaera: %15,2 jaitsi dira gizonezkoen izen emateak. Kopuru erlatiboetan, emakumezko parte hartzaileen kopurua halako bi apaldu da gizonena; emakumeen parte hartzeak %8,5 egin baitu behera. «Sexu artean, lehendik zegoen aldea areagotu egin da», ohartarazi du Oiartzunek. Eta zehaztu du azken aldian parte hartu zutenen %64 emakumeak izan zirela. Parte hartzaile kopuruak behera egin duen arren, antolatzaileek ariketaren eraginean jarri dute arreta. «Tresna egokia da euskararen erabilera sustatzeko, hizkuntza ohituretan aldaketak eragiten dituelako; beraz, hizkuntza ohiturak aldatzeko aukera ematen du etorkizunera begira», nabarmendu du Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuordeak. Hain zuzen ere, Euskaraldia amaitu ostean seme-alabekiko eta lan eremuetako harremanetan eragindako aldaketak izan dira egonkorrenak. Javier Arakama Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak ere ariketaren eragina izan du hizpide: «Euskararen erabilera handitzeko helburua izan dute aritu direnek, eta datuek erakutsi dute ariketak funtzionatzen duela». 8.610 entitate Oiartzunen arabera, norbanakoen hiru laurdenak prest agertu dira hurrengo aldian parte hartzeko, «zalantzarik gabe». Are, entitateen %76,3k iritzi bera dute. Izan ere, azken aldian, entitate kopuruak %3,5 egin zuen gora: 8.610ek eman zuten izena. Nagusiki, merkataritzako eta zerbitzu profesionaletako establezimendu txikiak izan ziren; ariketaren aurretik «nahiko euskaldunak» ziren entitateak: «Langileen %77 gai ziren euskaraz ondo edo nahiko ondo hitz egiteko». Entitateetan ere, norbanakoen arteko joera bera nabari da: «Harreman mota guztietan euskararen erabilerak gora egin du ariketa egin bitartean, eta gero jaitsi egin da, baina ez hainbeste». Hain zuzen, herritarrekin, bezeroekin eta bazkideekin izandako harremanetan eutsi diote aldaketari, baita ariguneetan parte hartu duten kideen arteko harreman informaletan ere. Hiru entitatetik batek eutsi nahiko liokete lortutako eraginari etorkizunean. Horretarako, neurriak hartuko dituzte. Beste batzuek (%17), berriz, eraginari eutsi nahi diote, baina ez dute neurri berezirik hartuko horretarako. Emaitzak ikusita, laugarren aldia egingo dela esan du Urkijok: «Parte hartzaileek ilusioa dute hurrengo aldietan parte hartzeko; prestasuna erakutsi dute. Baina Euskaraldiak aldaketa baten beharra duela adierazi dute hainbatek, ez diolako eutsi hasierako indarrari. Gogoeta prozesu sakon batean murgildu gara, eta azaroaren 4an mintegia egingo dugu Euskalduna jauregian: Euskaraldiaren herri batzordeekin, erakunde publikoekin eta euskalgintzako eragileekin bilduko gara, laugarren aldia elkarrekin irudikatzeko».
2023-10-19
https://www.berria.eus/albisteak/234138/euskal-herriko-hainbat-sindikatuk-elkartasuna-adierazi-diote-palestinari.htm
Gizartea
Euskal Herriko hainbat sindikatuk elkartasuna adierazi diote Palestinari
CCOO, LKN-CGT, EHNE, Etxalde, ESK, Hiru, LAB eta Steilas sindikatuek elkarretaratzeak egin dituzte Bilbon eta Iruñean, «okupazioa» salatzeko.
Euskal Herriko hainbat sindikatuk elkartasuna adierazi diote Palestinari. CCOO, LKN-CGT, EHNE, Etxalde, ESK, Hiru, LAB eta Steilas sindikatuek elkarretaratzeak egin dituzte Bilbon eta Iruñean, «okupazioa» salatzeko.
Israelen eta Gazaren arteko gerra dela eta, Palestinari elkartasuna adierazteko mobilizazio ugari egiten ari dira munduko herrialde askotan, baita Euskal Herrian ere. Gaur Euskal Herriko sindikatu askok elkarretaratzeak egin dituzte Bilbon eta Iruñean, Palestinaren «okupazioa» salatzeko eta Israeli «sarraski estrategia» amaitu dezala eskatzeko. CCOO, LKN-CGT, EHNE, Etxalde, ESK, Hiru, LAB eta Steilas sindikatuek antolatu dute elkarretaratzea. Negoziazio bat martxan jartzearen alde egin dute, eta «Palestinak berezko estatu bat sortzeko daukan zilegitasuna» aldarrikatu. Sindikatuek ez ezik, talde politikoek ere adierazi diote elkartasuna Palestinari. Gaur, EH Baik egin du Palestinaren alde: «Zibilen aurkako erasoak etetea, gatazka politikoki konpontzea eta palestinarren lurren okupazioa eta Israelen apartheid politika buka daitezela nahi dugu». Mobilizazio nagusia larunbat honetan egitekoak dira. Gernika-Palestina ekinaldi herritarrak manifestazio nazionalera deitu du ordurako Donostian, Palestinari elkartasuna erakusteko. Deitzaileek jakinarazi dutenez, Gazako «sarraskia» gelditzeko eta konponbide politikoa eskatzeko egingo dute manifestazioa. 17:30ean abiatuko da, Antiguako tuneletik. Euskal Herriko pertsona ezagun ugarik deitu dute manifestaziora; tartean dira Itziar Ituño, Maialen Lujanbio, Xabier Madariaga, Eñaut Elorrieta, Nekane Balluerka, Izaro Andres, Nora Aurrekoetxea, Juanito Oiartzabal eta Agus Hernan.
2023-10-19
https://www.berria.eus/albisteak/234139/udal-legearen-bidez-euskara-sustatzeko-dekretuaren-artikulu-gehiago-baliogabetu-ditu-justiziak.htm
Gizartea
Udal legearen bidez euskara sustatzeko dekretuaren artikulu gehiago baliogabetu ditu justiziak
Aste honetan bertan, EAEko Auzitegi Nagusiak beste artikulu batzuk baliogabetuak zituen, Vox alderdi ultraeskuindarrak jarritako helegitearen eraginez. Oraingo baliogabetzeek ere eskuinean dute sorburua: PPren helegite bati emandako erantzuna dira.
Udal legearen bidez euskara sustatzeko dekretuaren artikulu gehiago baliogabetu ditu justiziak. Aste honetan bertan, EAEko Auzitegi Nagusiak beste artikulu batzuk baliogabetuak zituen, Vox alderdi ultraeskuindarrak jarritako helegitearen eraginez. Oraingo baliogabetzeek ere eskuinean dute sorburua: PPren helegite bati emandako erantzuna dira.
EAEko Auzitegi Nagusiak beste epai bat eman berri du, udal administrazioek beren jardunean euskara lehenestearen kontra. PPk jarritako helegite bati erantzun dio, eta baliogabetu egin ditu EAEko udal legearen bidez euskara sustatzeko dekretuaren zenbait arau. Idatziak euskara hutsean sortzeko modua ematen zuten arau horiek, betiere bermatuta euskaraz ez dakienari gaztelaniara itzulitako dokumentazioa emango zaiola. Epaian azpimarratu dute, ordea, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bi hizkuntza ofizial daudela, eta biek pareko izan behar dutela: «Ezin da egon bat bestearen gainetik. Bi hizkuntzak ofizialki berdinak dira, eta ezin da bietako bat lehenetsi», ebazpenaren arabera. Gainera, gogoratu dute Espainiako Konstituzioak ez duela «agintzen» gaztelaniaz gain beste hizkuntza ofizial bat jakin beharra.p> Zehazki, dekretuaren 18.1, 18.2 eta 33. 5 artikuluei eragiten die epaiak. 18.1 artikuluan jartzen du euskaraz idatzi ahal izango direla udalen deialdiak, eguneko gai ordenak, mozioak, boto partikularrak, akordio proposamenak, batzorde informatiboen irizpenak, akordioak, tokiko organoen aktak eta gainerako udal dokumentazioa, udal bakoitzak onartua duen hizkuntza irizpidearen arabera. Baina artikuluak gaineratzen du erabiltzen den hizkuntzak udal horretako kideren baten «eskubideari» kalte egingo badio, aukera izango duela alegatzeko ez dakiela erabili den hizkuntza hori, eta, orduan, beste hizkuntza ofizialera itzuli beharko zaio dokumentazioa. Sententziak, ordea, arauaren zati hau ezabatu du orain: «Alegatu ahal izango luke erabili den hizkuntza ez dakiela». Horrenbestez, herritarrak ez duenez propio eskatu beharko gaztelaniaz, ondorioztatzen da dokumentuek elebidunak izan beharko dutela. Udan Auzitegi Konstituzionalak ebazpen bat eman zuen udal legearen kontra, euskara hutsean jardutea galarazi zuen, eta irizpide horixe bera hartu zuen aintzat. 18.2 artikulua ere baliogabetu egin du sententziak. Horra zer dioen: «Udaleko barne dokumentazioa hizkuntza ofizialetako batean sortuko da, euskaraz edo gaztelaniaz, hargatik eragotzi gabe interesatuentzako komunikazio eta jakinarazpenei dagozkien irizpide linguistikoak aplikatzea». 33.5 artikulua ere bertan behera utzi du. Hauxe dio: «Komunikazio dibulgatibo eta informatiboetan zer hizkuntza erabili behar den zehazteko, aintzat hartuko da hartzaileek bi hizkuntza ofizialak ba ote dakizkiten». EAEko Auzitegi Nagusiak uste du komunikazio horiek garrantzia dutela, herriko lanek, kirol eta kultura jarduerek eta bestelako interes orokorreko jarduerek eragina dutelako herritarrengan. Horrenbestez, epaiaren mezua argia da: «Elebidunak izan behar dute». Epaiaren arabera, hizkuntza bi ofizial direnean beren arteko «oreka» ez apurtzea da kontua. «Bat ezin da gailendu bestearen gainetik». Horren gainean idatzita dauden irizpide juridikoen sorta bat jasota dago ebazpenean. Horiek oinarri hartuta, «hizkuntza bakar bat» hitz egiten dutenak ezin dira inoiz «baztertu», eta horregatik dira udal legearen dekretuaren artikulu horiek okerrak. Ez da irmoa Artikulu gehiago baliogabetzeko eskea ere eginda zeukan PPk, baina horiek ez dituzte aintzat hartu sententzian. Epaia ez da irmoa, eta 30 eguneko epea dago helegitea aurkezteko Espainiako Auzitegi Gorenean. Euskalgintzak «oldarraldi judizial» deitu dionaren soka luzatu eta korapilatu du epai honek. Iragan hilabeteetan, ebazpen judizial asko izan dira funtzio publikorako ezarritako hizkuntza eskakizunen eta administrazioan euskara lehenesteko modua ematen duten neurrien kontra. Horiek horrela, Euskalgintzaren Kontseiluak manifestatzera deitu du azaroaren 4rako, Bilbon.