date
stringdate 2012-09-20 00:00:00
2023-12-01 00:00:00
| url
stringlengths 47
182
| category
stringclasses 10
values | title
stringlengths 3
140
| subtitle
stringlengths 0
1.17k
| summary
stringlengths 5
1.18k
| text
stringlengths 2
35.8k
|
|---|---|---|---|---|---|---|
2023-10-6
|
https://www.berria.eus/albisteak/233669/suhiltzaile-azterketak-euskaraz-egiteko-eskubidea-aldarrikatu-dute.htm
|
Gizartea
|
Suhiltzaile azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu dute
|
Nafarroako suhiltzaileen herenak baino gehiago euskaldunak direla esan du LAB sindikatuak, «eta, hala ere, gobernuak gaztelania hutsean prestatzen ditu azterketak».
|
Suhiltzaile azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu dute. Nafarroako suhiltzaileen herenak baino gehiago euskaldunak direla esan du LAB sindikatuak, «eta, hala ere, gobernuak gaztelania hutsean prestatzen ditu azterketak».
|
Nafarroako suhiltzaile zenbaitek azterketa teorikoa egin dute gaur, mailaz igotzeko. Euskaldunak dira probara aurkeztu direnetako asko, baina gaztelaniaz eginarazi diete azterketa osoa. Duela hilabete batzuk, gauza bera gertatu zen suhiltzaile izateko oposizioko azterketan: prozesu osoa erdara hutsean egin behar izan zuten hautagaiek. Hori salatzeko, elkarretaratzea egin dute gaur Cordovillako parkean (Nafarroa), LAB sindikatuak deituta.
«Mailaz igotzeko probak euskaraz egin nahi ditugu, baina Nafarroako Gobernuak ez dio erantzunik ematen eskaera horri», esan du Mintxo Astiz suhiltzaile eta LABeko ordezkariak. Oposizioko azterketak, lekualdatze lehiaketak eta mailaz igotzeko proba guztiak gaztelaniaz egin dituztela salatu du. «Eskaerak egin ditugu egoera horri konponbidea eman diezaioten, baina ez dugu erantzunik jaso». Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, adibidez, probak gaztelaniaz edo euskaraz egiteko aukera eskaintzen zaie hautagaiei. Nafarroan, «suhiltzaileen herenak» euskaldunak diren arren, gobernuak ez du aukera hori ematen.
Zonifikazioak kaltetuta
Lanpostua Oronoz herrian du Astizek, eremu euskaldunean, eta esan du hor hizkuntza eskakizunak indarrean direla. Ez, ordea, eremu mistoko edo ez-euskalduneko suhiltzaile parkeetan: «Altsasun, Oronozen eta Auritzen kontuan hartzen dute euskararen ezagutza azterketak egiteko garaian, baina Iruñerrira lekualdatzeko, adibidez, ez», esan du. Izan ere, lekualdatze lehiaketa gehienetan, euskara jakiteak ez du punturik ematen; bai, ordea, alemanak, frantsesak eta ingelesak. Nafarroa osoko herritarrek «zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea» dutela gaineratu du Astizek: «Eta hori ez da bermatzen ari».
LAB sindikatuak ohar bidez salatu du «borondate falta» dagoela arazoaren oinarrian: «Suhiltzaile-kabo izateko azterketa teorikoa euskaraz egin ahal izateko, adibidez, nahikoa da galderak eta erantzunak itzultzea. Administrazioak berak erraz egin lezake hori Euskarabidea institutuaren bidez, horretarako borondaterik balego, noski. Baina, zoritxarrez, berriro ikusi dugu ez dagoela halakorik». Nafarroako Gobernuak euskaldunen hizkuntza eskubideak errespetatzeari «uko» egiten diola gehitu du LABek: «Bidegabekeria latza da, erabateko diskriminazioa».
|
2023-10-6
|
https://www.berria.eus/albisteak/233670/hungariak-eta-poloniak-ebko-migrazio-itunaren-erreforma-kritikatu-dute.htm
|
Mundua
|
Hungariak eta Poloniak EBko migrazio itunaren erreforma kritikatu dute
|
Orbanen esanetan, Budapest eta Varsovia «bortxatu» egin dituzte «migrazio krisiak» kudeatzeko hitzartutako aldaketekin. Von der Leyenek EBren hedatzea prestatzera deitu du.
|
Hungariak eta Poloniak EBko migrazio itunaren erreforma kritikatu dute. Orbanen esanetan, Budapest eta Varsovia «bortxatu» egin dituzte «migrazio krisiak» kudeatzeko hitzartutako aldaketekin. Von der Leyenek EBren hedatzea prestatzera deitu du.
|
EB Europako Batasuneko estatuburu eta gobernuburuek goi bilera informal bat egin dute gaur Granadan (Espainia), blokearen hedatze posible bati buruz eta migrazio politikei buruz eztabaidatzeko. Azken gai horri dagokionez, Hungariak eta Poloniak nabarmen kritikatu dute batasunak Migrazio eta Asilo Itunerako azken puntuaren gainean egindako erreforma, «migrazio krisi posible bati» aurre egiteko nola jokatu zehazten duena: neurri zorrotzagoak hartzea, eta asilorako baldintzak gogortzea. Eta horrek berekin ekarri du bilkurari buruzko deklarazioan gai hori ez aipatzea.
Hungariako lehen ministro Viktor Orbanek hitz gogorrak egin ditu bilkurara iritsi denean. Migrazio eta Asilo Itunerako akordioak Budapest eta Varsovia «bortxatu» ditu, haren esanetan, nahi ez duten zerbait onartzera «behartu» dituztelako. «Ez dago inolako aukerarik migrazio arloan inolako akordiorik lortzeko; politikoki ezinezkoa da».
Poloniako gobernuburu Mateusz Morawieckik ere ez dago batere ados «migrazio krisi batean» blokera iritsitako migratzaileak EBko estatu kideen artean banatzeko irizpideekin; ziurtatu du Alemaniaren eta Europako Batzordearen «agindu bat» dela akordioa. Morawieckiken arabera, Bruselak «legez kanpoko migratzaileak onartzeko plan bat» ondu du, eta hura onartzeko prest ez dauden herrialdeei «neurri drakoniarrak» ezarri dizkie. Lehen ministroak «segurtasunerako eskubidea» aldarrikatu du –Polonian parlamenturako hauteskundeak egingo dituzte bederatzi egun barru—.
Budapestek eta Varsoviak Migrazio eta Asilo Itunaren azken puntuari buruzko akordioaren aurka bozkatu zuten joan den asteazkenean; hori bai, ez ziren izan alde bozkatu ez zuten bakarrak: Txekia, Eslovakia eta Austria abstenitu egin ziren. Baina akordioa onartu egin zen, gehiengoz. Adostutakoa ez da araudi bihurtuko, zuzenean. Bruselak Europako Parlamentuari aurkeztu beharko dio orain, eta negoziazioak hasiko dira ondoren, Europako Batzordearen, Kontseiluaren eta europarlamentuaren artean. Pentsatzekoa da elkarrizketa korapilatsuak izango direla, ikusita desadostasunak sakonak direla.
Itunerako akordioaren arabera, EBko estatuetako gobernuek baimena izango dute krisi batean gainerako estatu kideei laguntza eskatzeko eta migratzaileekin neurri «zorrotzagoak» hartzeko. Horien artean, adibidez, asilo eskaerak aztertzen ari diren bitartean eskatzaileek mugan luzaroago egon behar izatea; eta, itzulera prozesua amaitu arte, asilorik lortzen ez duten migratzaileak luzaroago atxilo izatea —hamabi aste da epea gaur egun—.
Estatu kideen arteko elkartasun neurriei buruz, akordioak mekanismo «malgu bat» zehazten du, baina bete beharrekoa. Hala, krisiak kalte egindako estatuak laguntza eskatu ahalko die EBko gainerako herrialdeei asilo eskatzaileak hartzeko. Estatuek horiek hartzeari uko eginez gero, 20.000 euro ordaindu beharko dizkiote estatu kaltetuari, asilo eskatzaile bakoitzeko.
Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentearen iritziz, akordioa «aurrerapauso bat» da, legezko migrazioa erregularizatzeko eta legez kanpokoarekin «zorrotzago» jokatzeko. «Guk, europarrok erabakiko dugu nor datorren Europara, eta zer baldintzetan, eta ez trafikatzaileek», esan du, goi bilerara sartu aurretik. «Migrazio krisiei» buruzko puntuari buruz estatu kideek asteazkenean lortu zuten akordioa «arrakasta handia» dela uste du Batzordeko buruak, nahiz eta Polonia eta Hungaria aurka agertu diren.
Hain justu, gaur egungo egoera «krisi bat» dela adierazi dute Italiako lehen ministro Giorgia Melonik eta Erresuma Batuko gobernuburu Rishi Sunakek, biek izenpetutako eskutitz batean —Corriere della Sera-k argitaratu du gaur—. Ohartarazi dute astero milaka migratzaile sartzen direla EBn «legez kanpo», eta hori eragozteko neurri zorrotzagoak galdegin dituzte. «Legez kanpoko migratzaileen etorria geldiarazita lortuko dugu soilik gure herrialdeek historikoki izan duten asilo eta babes rola babestea».
Eta gero, eguerdi aldera, Italiako lehen ministroa Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrarekin batzartu da afera horretaz aritzeko. Bilkuraren ostean, bi agintariek adierazi dute «pozik» daudela joan den asteazkenean adosturikoarekin.
Ukrainaren hautagaitza
Granadako goi bilera informala denez, bilkurak ez du erabakimenik izango landuko diren gaien inguruan, baina estatu kideak adierazpen bat adosten saiatuko dira. Migrazioaz gain, eztabaidatuko dituzten gaien artean izango dira Ukrainako gerra, energia segurtasuna eta EBren hedatzea.
Azken puntu horren gainean ere mintzatu da Orban gaur goizean, eta ohartarazi du Ukraina EBra batzeko aukerak «zalantza» asko dituela argitu gabe. «Gerran dagoen herrialde bat da. [EB] Inoiz ez da hedatu gerran dagoen herrialde batera; ez dakigu egiazko mugak non dauden, zenbat jende bizi den bertan». Hungariako lehen ministroak eskatu du «dokumentu estrategiko bat» onar dadila Ukraina kide bihurtzeari buruz erabaki aurretik, hura EBra gehitzeak izango lituzkeen ondorioei buruz. Horrez gain, galdetu du Frantzia prest ote dagoen atea irekitzeko nekazaritzarako funtsen zati handi bat hartuko lukeen kide bati.
Von der Leyenek azaldu duenez, hautagaiek «beren eginbeharrak bete behar dituzte EBn sartzeko», baina gaineratu du blokeak ere bere egitekoak dituela. «Batzordeak zenbait arlotako azterketa politikoak landuko ditu, gu ere prest gaudela bermatzeko». Nabarmendu duenez, merkatu bakarra da EBren «indargune nagusia», eta hura zabaltzeak «beti du balio erantsi handi bat».
EBk bere zabalkunderako egin behar dituen lanez mintzo, Europako Parlamentuko presidente Roberta Metsolak esan du batasunak garaia duela barne erreformei buruzko eztabaidak hasteko, hedatzearen proiektua «sinesgarria» egiteko. «Gaur egun 27rentzat ongi funtzionatzen duenak ez du ondo funtzionatuko 32rentzat, 33rentzat edo 35entzat». Metsolaren hitzetan, hilabete honen amaieran eta abenduan Europako Kontseiluak egingo dituen goi bileretan hasi behar luke eztabaidak. Nabarmendu du erreforma horiek zerikusi zuzena dutela EBren etorkizuneko autonomia estrategikoarekin.
|
2023-10-6
|
https://www.berria.eus/albisteak/233671/eusko-jaurlaritzak-torturaren-biktimak-aitortuko-ditu-urriaren-31n.htm
|
Politika
|
Eusko Jaurlaritzak torturaren biktimak aitortuko ditu urriaren 31n
|
Arrazoi politikoekin lotuta tortura jasan dutenen aitortzarako eta erreparaziorako ekitaldia ekainaren 26rako antolatu zuten, Torturaren Nazioarteko Egunarekin batera, baina atzeratu egin zuten, Espainiako Gorteetarako hauteskundeengatik.
|
Eusko Jaurlaritzak torturaren biktimak aitortuko ditu urriaren 31n. Arrazoi politikoekin lotuta tortura jasan dutenen aitortzarako eta erreparaziorako ekitaldia ekainaren 26rako antolatu zuten, Torturaren Nazioarteko Egunarekin batera, baina atzeratu egin zuten, Espainiako Gorteetarako hauteskundeengatik.
|
Badu eguna zehaztua Eusko Jaurlaritzak joan den ekainaren 26rako egin behar zuen ekitaldiak, torturatuei aitortza emateko antolatutakoak. Gobernuak urriaren 31n egingo du arrazoi politikoei lotutako torturak jasan dituzten biktimei erreparazioa emateko ekitaldia, Donostiako Kursaalean. Bezperan, urriaren 30ean, tortura pasarte horien baloraziorako batzordeak urteko txostena plazaratuko du Eusko Legebiltzarrean.
Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk jakinarazi gu gaur torturaren biktimei eskainiko dieten ekitaldiaren eguna zein izango den. Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak egindako galdera baten harira izan da. Koalizio abertzaleko legebiltzarkideak Buesaren hilobiaren aurkako erasoa arbuiatu ondoren, zehazki Manuel Sanchez Corbi torturak egiteagatik zigortutako guardia zibilak jaso berri duen dominari buruz galdetu dio Urkulluri, Eusko Legebiltzarrean. «Biktima batzuen» alde egin ohi dituen adierazpen «ugariak» gogoratu dizkio Arzuagak Urkulluri, eta Kepa Urra Bilboko Salveko kuartelean torturatutako biktimaren erreparazioa aintzat hartuz, domina horrekin bat al datorren galdetu dio lehendakariari.
Labur erantzun du Urkulluk: «Ez, ez da biktimek merezi dutena».
Baina Arzuagak hitza berriro hartu eta gero, bigarren txandan eman du ezagutzera Urkulluk Kursaalean egingo den ekitaldiaren berri. Izan ere, Jaurlaritzako lehendakariaren lehen txanda laburraren ondoren, Arzuagak «monosilaboa» eskertu dio, baina zalantzan jarri du ea Urkulluk «torturatzaile bati emandako dominaren gaiari» erreparatuko ote zion gaia legebiltzarrera ekarri izan ez balu. Bilduko parlamentariak esan du ez dagoela «berdintasunik» biktima batzuen eta besteen erreparazioari dagokionez: «Zure adierazpenak eta isiltasunak entzuten ditut. Partziala zara?», galdetu dio Arzuagak Urkulluri.
Galdera bati erantzunez
«Galdetzen edo ziurtatzen ari zara?», erantzun dio lehendakariak. Egia, justizia eta erreparazioa biktima guztientzako nahi dituela azpimarratu du, eta jakinarazi du ekainaren 26an torturaren biktimei egin behar zitzaien ekitaldiak baduela beste egun bat zehaztua: urriaren 31. Biktimen «aitortza» eta haienganako «hurbiltasuna» beharrezkoak direla esplikatu du, eta galdera zehatza bota dio orduan Arzuagari: «Zuek errespetatzen al dituzue irizpide horiek guztiak?».
Berriro esan du ez datorrela bat guardia zibil torturatzailearen dominarekin, eta garbi utzi du aitortu egin behar dela «torturaren injustizia, baina baita ETAren hilketen injustizia ere». «Guk garbi dugu, eta zuek?».
Manuel Sanchez Corbi torturak egiteagatik zigortu zuen Espainiako justiziak, 1992an. Kepa Urra atxilotuari egindako torturen auzian kondenatu zuten, baina Corbi ez zuten kargutik kendu edo zigortu; aitzitik, bere ibilbidean mailaz igotzen jarraitu du urte hauetan, eta UCOren buruzagi ere izan da. Bada, aurreko astean Zilarrezko Domina jaso du, Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarria.
Poliziari eta arrazoi politikoei lotutako indarkeria eta tortura kasuak baloratzeko legebiltzarreko batzordeak Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokien lehen txostena plazaratu zuen 2021. urteko ekainean. Agiri horrek 35 biktimaren berri eman zuen, eta haiei aitortza egin zitzaien Bilboko Euskalduna Jauregian. 1.017 eskaera jaso zituen batzorde horrek, nolanahi ere, eta batzordeak 55 aztertu zituen xehetasunez. Horien artean, 35 biktima aitortu zituen; 28 biktimaren estatus horiek egiaztatzen dituzten agiriak jaso zituzten Euskaldunan, biktimek eurek edo haien senitartekoek; beste zazpik uko egin zioten agiri hori jasotzeari.
|
2023-10-6
|
https://www.berria.eus/albisteak/233672/danimarkako-ekonomia-gizentzen-ari-den-sendagaia.htm
|
Ekonomia
|
Danimarkako ekonomia gizentzen ari den sendagaia
|
Herrialde bateko enpresa batek herrialdeak berak baino balio handiagoa izatea. Hori gertatu zaio Novo Nordisk Danimarkako farmazia taldeari, obesitateari aurre egiteko haren bi produktu mundu osoan biltzen ari diren arrakastarengatik.
|
Danimarkako ekonomia gizentzen ari den sendagaia. Herrialde bateko enpresa batek herrialdeak berak baino balio handiagoa izatea. Hori gertatu zaio Novo Nordisk Danimarkako farmazia taldeari, obesitateari aurre egiteko haren bi produktu mundu osoan biltzen ari diren arrakastarengatik.
|
Danimarkak sei milioi biztanle inguru ditu, eta multinazional indartsu batzuk: Lego jostailu fabrikatzailea, Carlsberg garagardo marka, Maersk itsas garraioko taldea eta Vestas haize erroten ekoizlea. Baina haietako inork ez du inoiz izan Novo Nordisk farmazia taldeak bezainbesteko arrakastarik. Lehenik, diabeteserako botika batekin, obesitatearen aurka ere erabilia: Ozempic. Eta, oraintsu, obesitatearen aurkako beste sendagai espezifiko batekin: Wegovy. Biek dute gauza komun bat: gosea kentzen dute.
Novo Nordiskek urrezko arrautzak erruten dituen oiloa du esku artean. Aurreko astetik, burtsan baliorik handiena duen Europako enpresa da, LVMH luxuzko konpainiaren gainetik (Louis Vuitton, Möet & Chandom, Christian Dior...). 410.000 milioi euroko balioa du farmazia taldeak, eta hori Danimarkako BPG barne produktu gordina edo herrialdearen ekoizpen ekonomiko guztia baino gehiago da —380.000 milioiko estimazioa aurten—.
Gainera, Novo Nordisk hainbeste hazi da, non herrialdearen ekonomia baldintzatzen ari den. Farmazia taldeari esker, Alemaniak eta Suediak duten krisi ekonomikoa saihestu du Danimarkak. Herrialdeko ekonomialarien arabera, haiek bezala orain atzeraldi teknikoan legoke farmazia sektorearen ekarpenagatik ez balitz. Hori kontuan hartu gabe, Danimarkako industriak %15eko jaitsiera izan zuen iaz.
Horrekin batera, medikamentu horien kanpoko salmentek hango diruaren —hau da, koroaren— balioa igoarazi dute, eta horrek diruaren balioa kontrolatzera behartu du herrialdeko banku zentrala, interes tasak behar baino gehiago jaitsiarazita. Izan ere, koroa euroari lotuta dago merkataritza errazteko, eta haren tasek EBZ Europako Banku Zentralak ezarritakoak baino txikiagoak izan behar dute. Horrek guztiak eragin du, halaber, Danimarkak Europako inflaziorik txikiena izatea: %2,4.
Euskal Herrian legezkoa
Baina zer dira bi medikamentu horiek? Ozempic obesitatearekin lotura duen diabetesari aurre egiteko hartzen da, eta Wegovy, berriz, obesitatearen aurkako beste sendagai espezifiko bat da. Biak injektatu egiten dira, eta astean behin hartzen dira. Bi sendagaiek gosea kentzen dute, jan ondoren askatzen den GLP-1 heste hormonaren eragina imitatuz. Farmazietan eta medikoaren errezetarekin bakarrik saltzen dira, baina azken urtean izugarri handitu da merkatu beltza, Interneten bereziki.
Hego Euskal Herrian, Ozempic 2017an legeztatu zen, 2 motako diabeteserako. Haren salmentak izugarri handitu ziren, gizentasunaren aurka ere errezetatzen ari zirelako; farmazietan agortu zenez, sendagaietarako agentziak Wegovy onartu berri du abuztuaren amaieran, eta 2024aren hasieran hasiko dira banatzen. Ipar Euskal Herrian, Ozempic 2019tik da legezkoa, eta Wegovy, berriz, 2021etik.
Sendagai horien inguruko zoramena mundu osora hedatu da, hein handi batean enpresak berak erabilitako marketin oldarkorragatik eta pertsona ospetsu ugariren babesagatik. Elon Musk dirudunak, adibidez, haren kontsumoa bultzatu du sare sozialetan. Aste honetan, Walmart saltoki handien buruak ohartarazi du AEBetan janari salmenta nabarmen murriztu dela sendagai horien ondorioz.
Nokia efektua
Baina nonbait harritu badira, Danimarkan bertan harritu dira. Iaz, herrialdeko hazkundearen bi heren farmazia industriatik etorri ziren. Eta Danimarkako Ekonomia Ministerioak bikoiztu egin du 2023rako hazkunde aurreikuspena, %1,2raino, bereziki Novo Nordisken bilakaerarengatik, aurreikuspen ekonomikoen txosteneko aipamen ugariak kontuan hartuz gero.
Dena den, panorama ez da hain ona gainerako sektoreentzat. Lehen seihilekoan, Danimarkako BPGa %1,7 handitu da, baina, joan den astean estatistika bulegoak argitaratutako txostenaren arabera, %0,3 murriztuko litzateke ekoizpen farmazeutikoagatik izan ez balitz. Sektoreak %8ko pisua du herrialdeko ekonomian.
Horiek hala, ez dira gutxi Nokiaren kasua gogorarazten dutenak. Urteetan, Finlandiako ekonomia baldintzatu zuen sakelako telefonoen enpresak. Mundu osoan saltzen ziren telefonoen %40 ekoiztera iritsi zen, eta herrialdeari BPGaren hazkundearen %25 ekarri zion 1998 eta 2007 artean. Bere goraldian, herrialdeko BPGaren %4 zen Nokia. Baina 2008ko krisiarekin batera Nokiaren krisia ere iritsi zen, hein handi batean iPhoneren eta beste marka batzuen konpetentziagatik, eta erorialdi horrek areagotu egin zituen herrialdearen arazo ekonomikoak, enpresarekin zuen menpekotasunagatik.
Iaz, Novo Nordiskek 23.000 milioi euroren salmentak egin zituen, aurreko urtean baino %26 gehiago, eta 9.000 milioiren irabazi garbiak izan zituen. Aurtengo lehen erdialdean, 14.500 milioiren salmentak izan ditu, iazko epe berean baino %29 gehiago. Konpainiak 80 herrialdetan ditu laborategiak, eta 59.000 langile ditu, bostetik bi Danimarkan. Ofizialki 40 milioi pertsonak kontsumitzen dituzte haren produktuak.
|
2023-10-6
|
https://www.berria.eus/albisteak/233673/erraustegiaren-tramitazioan-prebarikazioa-egotzita-deklaratu-du-jaurlaritzako-ingurumen-baimenen-arduradunak.htm
|
Gizartea
|
Erraustegiaren tramitazioan «prebarikazioa» egotzita deklaratu du Jaurlaritzako ingurumen baimenen arduradunak
|
Zubietako erraustegian ustez gertatutako ez-betetze larriei «ez ikusiarena egitea» leporatuta galdekatu dute, ikertu gisa, ia bi orduz.
|
Erraustegiaren tramitazioan «prebarikazioa» egotzita deklaratu du Jaurlaritzako ingurumen baimenen arduradunak. Zubietako erraustegian ustez gertatutako ez-betetze larriei «ez ikusiarena egitea» leporatuta galdekatu dute, ikertu gisa, ia bi orduz.
|
Fiskaltzaren salaketa batean oinarrituta ikertzen ari dira Hipolito Bilbao Intxaurraga Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuko Zerbitzuko arduraduna, Zubietako erraustegiak ustez eragindako kutsadurari buruzko auzi batean. Funtzionario hori arduratzen da kutsatzeko ahalmen handia duten instalazioen ingurumen baimen bateratuak (IBB) emateaz eta kontrolatzeaz. Hala nola Zaldibarko zabortegian, Petronorreko findegian eta Gipuzkoako eta Bizkaiko hondakin erraustegietan egiten du lan hori. Prebarikazioa egotzi diote, eta eskatu dute ikertzeko ea ez ikusiarena egin zuen Zubietako erraustegiko ez-betetze larri batzuen harira. Halaber, argitzea nahi dute ea horiek zerikusia izan duten erraustegiaren inguruko lur eta uretan agertutako kutsadurarekin.
Herri akusazioaren, hots, GuraSOSen galderei erantzun die goizean Jaurlaritzako funtzionarioak, eta instrukzio epailearenei ere bai. Hain zuzen ere, GuraSOSek bidalitako oharraren arabera, ikertutako gizona saiatu da azaltzen egindako guztia bat datorrela legearekin. Herri akusazioko talde horren arabera, baina, «ez du susmoa uxatu», eta hori dela eta, epaileari eskatu dio —duela urtebete fiskaltzak egin bezala— abiatu dezala polizia ikerketa bat gai horri buruz.
Zubietako erraustegian instalatu zuten baimendu gabeko purga sistema bat da salaketaren oinarri, zeina gasak arazteko hobian izaten ari ziren kondentsazio arazoei aurre egiteko erabiltzen baitzen. BERRIAk eman zuen horren berri, 2022ko irailean, lantegian lanean aritutako behargin batek emandako dokumentazioan oinarrituta; besteak beste, purga hori erakusten zuten argazkietan.
Salaketa horietan oinarrituta, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak agerraldi bat egin zuen Eusko Legebiltzarreko ingurumen batzordean, eta argazki bat erakutsi zuen, baina ez salaketa horri dagokion tokikoa. GuraSOSek jakinarazi duenez, gaur ikertuak aitortu du Tapiak erakutsitakoa eta ikerketaren oinarrian dagoena bi tutu ezberdin direla. Onartu du salaketaren abiapuntu izan den tutu hori badela, baina ziurtatu du legezkoa dela.
Eusko Legebiltzarreko ingurumen batzordeko ordezkaritza batek baimena eskatua du Zubietako erraustegia bisitatzeko, eta GuraSOSek jakinarazi du bisita laster egingo dela.
Gaurko deklarazioaren harira, herri akusazioko taldeak «ontzat» jo du ingurumen sailburuordetzaren jardunari buruzko ikerketa aktibatzea, baina gaitzetsi du urtebete baino gehiago igaro izana diligentziarik egin gabe. «Atzerapen hori bateraezina da ingurumen defentsa eraginkor batekin», ohartarazi du.
Fiskaltzak eskatutako diligentziak bideratzeko eta auzia «hutsean» ez ixteko ere eskatu du.
|
2023-10-6
|
https://www.berria.eus/albisteak/233674/katalunian-salatu-dute-clickbaitak-kazetaritza-mehatxatzen-duela.htm
|
Bizigiro
|
Katalunian salatu dute clickbaitak kazetaritza «mehatxatzen» duela
|
Kataluniako Kazetarien Elkargoak, Informazioaren Kontseiluak eta Kataluniako unibertsitateek agiri bateratu bat plazaratu dute.
|
Katalunian salatu dute clickbaitak kazetaritza «mehatxatzen» duela. Kataluniako Kazetarien Elkargoak, Informazioaren Kontseiluak eta Kataluniako unibertsitateek agiri bateratu bat plazaratu dute.
|
«Clickbaita mehatxua da kazetaritzarentzat, oinarri etikoak urratzen dituelako». Ondorio hori plazaratu dute agiri bateratu batean Kataluniako Kazetarien Elkargoak, Kataluniako Informazioaren Kontseiluak eta Kataluniako unibertsitate guztiek. Ziberamua. Lerroburuetan amarruak edo sentsazionalismoa erabiltzea, klik gehiago eta publizitate sarrerak lortzeko. Hala definitu daiteke clickbaita edo klikbeita. Kontzeptua ingelesezko forman zabaldua dago munduan azken hamarkadan, eta Katalunian haren kalteez ohartarazi dute.
Agiri bateratuan, elkargoak, kontseiluak eta unibertsitateek nabarmendu dute clickbaita gero eta gehiago erabiltzen dela, publikoaren arreta bereganatzeko. «Jokabide horrek arriskuan jartzen du informazioen egiazkotasuna; herritarrei konfiantza galarazten die, eta kazetaritza fakultate guztietan funtsezkoak diren oinarrien aurka egiten du».
Agiriko eragileek onartzen dute albisteetako lerroburuek erakargarriak izan behar dutela, eta hori kazetaritzaren logikan sartzen dela. Baina ez edonola. «Arazoa batez ere sortzen da lerroburuak akatsa edo espekulazioa sustatzen duenean; askotan, desinformazioa eragiten du». Sinatzaileen arabera, clickbaiteko lerroburuak askotan «modu iruzurtian» daude idatziak. «Eta albiste barnean irakur daitekeen informazioak ez die erantzuten lerroburuan piztutako espektatibei».
«Egiazko informazioa» Agirian salatu dutenez, clickbaitak arazo asko eragin ditzake. «Esate baterako, iraulitako piramidearen ohiko egitura urratu egiten dute clickbaiteko testuek, interes eskasa duten informazioak albistearen hasieran jarriz. Ondorioz, irakurleak azkeneko paragraforaino jarraitu behar du irakurtzen, lerroburuaren gaineko azalpenak lortu arte». Praktika hori erabiltzen dute irakurleak albiste barnean denbora gehiago pasa dezan. Xedea, betiere, publizitate sarrerak handitzea da.
Kataluniako eragile horiek ohartarazi dute clickbaitaren emaitza diren edukiek mezua sinplifikatzen dutela. «Zehaztasun falta nabaria izaten da. Baina gero eta zabalduago dago praktika horrek eragin kaltegarria duela, hedabideen sinesgarritasuna galdu egiten da eta».
Agiriaren sinatzaileek aldarrikatu dute «kazetaritzaren funtsa» berreskuratu beharra dagoela. «Eta esentzia hori egiazko informazio kontrastatua eskaintzean datza. Kode deontologikoaren oinarriak betetzea ere funtsezkoa da».
Larritzat jo dute, bidenabar, kode deontologikotik urruntzea. «Horren eraginez, kazetaritzak bere oinarrizko funtzioak betetzeari uzten dio. Hartaz, gizartearentzat kalitatezko informazioa jasotzeko erreferentzia izateari uzten diote hedabideek». Ogibidearen «praktika onak» berreskuratzeko eskatu dute.
Ikusi gehiago: Clickbaitaren inguruko erreportajea
|
2023-10-6
|
https://www.berria.eus/albisteak/233675/eh-bilduko-xabier-alkuaz-izango-da-nafarroako-udal-eta-kontzejuen-federazioko-presidente.htm
|
Politika
|
EH Bilduko Xabier Alkuaz izango da Nafarroako udal eta kontzejuen federazioko presidente
|
Aise gailendu zaio UPNko Alejandro Toquerori, 755 boto eskuratuta. Besteak beste, PSNko eta Geroa Baiko ordezkarien zein hainbat udaletako hautetsi independenteen botoak jaso ditu.
|
EH Bilduko Xabier Alkuaz izango da Nafarroako udal eta kontzejuen federazioko presidente. Aise gailendu zaio UPNko Alejandro Toquerori, 755 boto eskuratuta. Besteak beste, PSNko eta Geroa Baiko ordezkarien zein hainbat udaletako hautetsi independenteen botoak jaso ditu.
|
Bi hautagai zeuden Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa gidatzeko: Alejandro Toquero UPNkoa eta Tuterako alkatea, eta Xabier Alkuaz Tafallakoa. Azkenean, Alkuazek lortu du babes gehien: 755 boz. Toquerok 443 lortu ditu.
Nafarroako bi indar munizipalisten arteko lehia izan da, eta PSNk EH Bilduko hautagaiaren alde egin du. 17:00etan hasi da batzarra, 18:45 aldera jakin da emaitza. Berez bi bozketa egin behar ziren. Lehenengoan gehiengo osoa ez du lortu Alkuazek, baina aldea hain handia izanik, batzarrak onetsi du lehen emaitza onartzea. Toquero bera ados egon da erabaki horrekin.
Hala, federazioko presidente izendatu dute Xabier Alkuaz eta txalo artean hartu dute batzarreko ordezkariek. Lehen hitz batzuk zuzendu die udaletako ordezkariei, batik bat jasotako babesa eskertzeko. Alkuazez gain, federazioko presidenteorde hautatu dute Toquero eta bigarren presidenteorde Maria Lekunberri, UPNkoa.
Udalen ordezkaritzak ez du zerikusirik Nafarroako Parlamentukoarekin, eta, udal maparen konplexutasunaren ondorioz. 1.547 ordezkari zeuden deituta gaurko batzarrera. Azkenean, 1.338k bozkatu dute. Kontuan izanik, hautetsi kopururik handiena independenteena da, eta orotariko joera politikoak daude haien artean. Dena den, funtsean UPN eta haren ingurukoak ez diren hautetsien babesa jaso du Alkuazek.
Gaurko emaitzak badu garrantzia politikoa. Batetik, udalen erakunde gorena da federazioa, eta haren arduradunak ildo politiko bat marka dezake. Lehen aldia da ezker abertzaleak ordezkaritza hori duena —2015eko legealdian, Geroa Baiko egungo parlamentari Pablo Azkona izan zen NUFK-ko presidentea—. PSNk legealdian izango duen ildoaren pista bat eman dezake gaurkoak.
Ikusi gehiago: Ibarrola arrapaladan
Beste 22 kide
Presidenteak eta presidenteordeak hautatuta, zuzendaritzako gainerako 22 kideak hautatzeko beste bozketa bat egin da. Hasierako zentzu berean joan da eta Alkuazen alde egin dutenek gehiengoa ziurtatu dute bertan. EH Bilduk, kasu, gutxienez, beste bederatzi ordezkari izango ditu: hala nola, Angel Unzue Agoizko alkatea, Dabid Anaut Leitzakoa, Berta Arizkun Burlatakoa, Irurtzungo Unai Razkin, Basaburuako Santos Etxegia, Garesko Itziar Imaz, Etxarri Aranazko Silvia Sesma, Lesakako Ladis Satrustegi eta Atarrabiako Mikel Oteiza.
Gainera, PSNk hiru kide izango ditu gutxienez —Susana Castanera Alloko alkatea, Tirso Calvo Ribaforadakoa, Alejandro Lopez Orkoiengoa— eta Geroa Baik bat bederen: Zizur Nagusiko alkate Jon Gondan. Cristina Ibarrola Iruñeko alkateak tokia izango du baita ere.
PSNk du giltza
PSNk izan du giltza. EH Bildu eta sozialistak azken unera arte aritu dira negoziatzen.PSNko Ramon Alzorrizek atzo onartu zuen UPNrekin ere aritu direla hitz egiten, eta atea irekita utzi zuen hortaz sorpresarako: «Horretan lanean ari gara». Alzorrizek onartu zuen sozialistek ez dutela ordezkaritza handirik udaletan, baina azpimarratu zuen «erabakigarriak» direla.
Azkenean, baina, EH Bilduren hautagaitzaren alde egin dute. Alzorrizek azaldu du ezinezkoa zela Toquerori botoa ematea: «Ez da posible egunero gu iraintzen eta Nafarroako Gobernuaren aurka ari diren alderdi eta pertsona batek gure botoa nahi izatea».
Hautatua izan aurretik, Alkuazek nabarmendu du «ahalik eta kontsentsu handiena» bilatuko duela bere jardunean. Amaieran, Alkuazek goraipatu du «ezkerreko gehiengo aurrerakoiak indartu» egin direla.
Bestelako irakurketa egin du Toquerok: «EH Bilduren besoetan erori da. Beste behin marra gorria zeharkatu du eta nahiago izan du EH Bilduren alde egitea», kritikatu zuen.
|
2023-10-7
|
https://www.berria.eus/albisteak/233676/sumarrek-proposatutako-amnistia-legeak-2013tik-zigortutakoei-eragingo-lieke.htm
|
Mundua
|
Sumarrek proposatutako amnistia legeak 2013tik zigortutakoei eragingo lieke
|
Plana asteartean aurkeztekoa da Yolanda Diaz Espainiako jarduneko presidenteordea. PSOEren arabera, dokumentua «errespetagarria» da, baina ez ditu sozialisten asmoak «islatzen».
|
Sumarrek proposatutako amnistia legeak 2013tik zigortutakoei eragingo lieke. Plana asteartean aurkeztekoa da Yolanda Diaz Espainiako jarduneko presidenteordea. PSOEren arabera, dokumentua «errespetagarria» da, baina ez ditu sozialisten asmoak «islatzen».
|
Bi multzori eragingo lieke Sumarrek ondutako amnistia legearen planak: 2013ko urtarrilaren 23tik hona Kataluniako prozesu subiranistan parte hartzeagatik zigortutakoei, batetik; eta 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren ondoren izan ziren istiluetan parte hartu zuten poliziei, bestetik. Espainiako jarduneko bigarren presidenteorde eta Sumarreko buru Yolanda Diazek jakinarazi duenez, hogei juristak hartu dute parte dokumentuaren lanketan.
Berez, Diazen asmoa zen Sumarren amnistia plana datorren asteartean aurkeztea, Bartzelonako Ateneoan. Baina El Periódico egunkariak gaur zabaldu ditu dokumentuaren zenbait xehetasun. Oraingoz, planak ez du «barkatu» ditzaketen horientzako kopururik zehazten. Hortaz, esaterako, jarritako zigorretik salbu geratuko lirateke Kataluniako presidente ohi Artur Mas —2014ko azaroaren 9ko galdeketa antolatzeagatik zigortu zuten—, eta Kataluniako presidente ohi eta JxC Junts per Catalunyako buru Carles Puigdemont.
Prentsa ohar baten bidez, Sumarri eskerrak eman dizkio JxCk: «Akordio batera iristeko adierazitako interesagatik eta ahaleginengatik». Planaren edukiaren inguruan, alderdi independentistakoek esan dute «sakon» aztertuko dutela, eta, gero, «ahal bezain laster» helaraziko dutela erantzun bat. Bada, baliteke erantzun horretan Sumarrek amnistia planean aipatzen ez duen izen bat agertzea; alderdiko presidente ohi Laura Borrasena, hain justu. Ustelkeria egozten diote Borrasi, baina, JxCren arabera, «errepresaliatuetako bat» da bera ere, eta eskatu dute amnistia plana hari ere aplikatzeko. ERC Esquerra Republicanak ere jaso du Sumarrek landutako amnistia planaren zirriborro bat, eta, JxCk bezala, esan dute «ondo aztertu ondoren» erantzungo dutela.
Dena den, oraingoz, Borrasi bakarrik ez, amnistia legeak ere ez lieke eragingo «gizateriaren aurkako» eta «zintzotasun moralaren aurkako» delituengatik zigortutako horiei, argudiatuta pertsona horiek «ankerkeriaz» jokatu zutela. Adibidez, amnistiatik kanpo geratuko litzateke 2017ko urriaren 1ean gomazko pilota batekin gazte bat begian jo zuen polizia agentea.
PSOE, gertu baina urrun
Uztailaren 23ko boz orokorretatik, Espainiako panorama politikoaren erdigunean egon da amnistia. Izan ere, horixe da Kataluniako alderdi independentistek —ERCk eta JxCk— beren botoen truke jarduneko presidente Pedro Sanchezi eskatu dizkioten baldintzetako bat; prozesu subiranistak eragindako errepresaliatuei amnistia ematea. Beste baldintza da autodeterminazio eskubidea baliatzeko urratsak egitea.
Halere, sozialistek ez dute euren burua «islatuta» ikusten Sumarrek aurkeztutako amnistia planean, PSOEko jarduneko Presidentetzarako ministro Felix Bolañosek adierazi duenez. Gero, gehitu du sozialistek hasieratik utzi dutela argi zera: amnistiaren inguruko negoziazioak PSOEren eta alderdi independentisten artekoak izango direla. Dena den, dokumentua «errespetagarria» dela iritzi dio.
Gaur-gaurkoz, Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten alderdien babesa ziurtatu nahian dabil Sanchez. Izan ere, oraingoz, bere alderdiko 121 diputatuen babesa baino ez du. Horrenbestez, gainontzeko alderdien botoak ezinbestekoak ditu inbestidura saioan gehiengo osoa lortzeko —176 boto—, hau da: Sumarren 31, ERCren zazpi, JxCren zazpi, EH Bilduren sei, EAJren bost eta BNG Bloke Nazionalista Galiziarraren bat; 178 boto guztira. Asteazkenean hasi zituen negoziazioak, baina, oraingoz, inork ez dio behin betiko baiezkorik eman.
|
2023-10-6
|
https://www.berria.eus/albisteak/233677/zergatik-txikiagotu-da-mont-blanc-mendia-bi-metro-azken-bi-urteotan.htm
|
Kirola
|
Zergatik txikiagotu da Mont Blanc mendia bi metro azken bi urteotan?
|
Europako mendirik garaienak bi metro galdu ditu 2021. urtetik hona: 4.805,59 metro dituela ondorioztatu dute aurten, hau da, orduan baino 2,22 metro gutxiago.
|
Zergatik txikiagotu da Mont Blanc mendia bi metro azken bi urteotan?. Europako mendirik garaienak bi metro galdu ditu 2021. urtetik hona: 4.805,59 metro dituela ondorioztatu dute aurten, hau da, orduan baino 2,22 metro gutxiago.
|
Datu harrigarri bat zabaldu da azken orduotan. Mont Blancek, Europako mendirik garaienak, bi metro galdu ditu 2021. urtetik hona: 4.805,59 metro dituela ondorioztatu dute aurten, hau da, orduan baino 2,22 metro gutxiago —4.807,81 metro zituen orduan—. Duela 22 urte hasi ziren mendiaren garaiera sistema zorrotzekin neurtzen, eta ordutik aurten da mendia txikien.
Atzo Chamonixen (Frantziako Alpeak) eginiko prentsaurreko batean aurkeztu zituzten datuok. Topografoak ez zeuden harrituta, edonola ere. «Mont Blancen tontorra duna bat bezalakoa da, mugitu egiten da, eta lehen ere neurtu izan ditugu bi metro baino gehiagoko gorabeherak haren garaieran», esan zuen UNGE ikertzaile taldeko buru Cecile Taffinek.
Albistea sua lur lehorrean bezala zabaldu da azken orduetan, baina zehaztapen bat egin behar da: halako aldaketak ez dira mendiaren harrian gertatzen ari, baizik eta haren gailurra estaltzen duen izotz eta elur geruzan. Izan ere, zientzialariek tontorreko izotzaren gainean jarritako gailuekin egiten dute tontorraren eredua. Beraz, duna bat badago Mont Blancen tontorrean, ez da harrizkoa, baizik eta elur-izotzezkoa.
Beraz, geologiaren bidez ez baizik meteorologia eta klimatologiaren bidez aztertu behar da zergatik ari den txikiagotzen Europako erraldoia.
Jean des Garets topografoak azaldu duenez, litekeena da udan euri gutxiago egin duelako gertatu izana jaitsiera. Euri gutxiago, elur eta izotz gutxiago. Horrez gain, aurten haizea maizago ibili da gailurrean, eta horrek higatu egin du elur eta izotz geruza. Normalean udan pilatzen da gehiena, batez ere orduan egiten duelako euria. Baina, aurten, geruza ez da ia aldatu ekainetik irailera, Farouk Kaddek topografo taldeko kideak azaldu duenez. «Normalean, Mont Blancek metro bat irabazten du ekainetik irailera, baina aurten ez da gertatu, egun batzuetan zerotik gorakoak izan baitira tenperaturak gailurrean, eta zero gainetik hamar graduko marka ere hautsi da».
Bi urtetik behin neurtzen dute mendiaren garaiera, eta, Garetsek ohartarazi duenez, baliteke mendia orain baino askoz garaiagoa izatea bi urte barru. Neurturiko altuerarik handiena 2007. urtean izan zuen: 4.810,90 metro.
Ikertzaileek ez dute ondoriorik atera nahi izan, are gutxiago klima larrialdiarekin lotu. «Datuak interpretatzeko lana zientzialariei utziko diegu», adierazi dute.
Mont Blanceko gailurraren gorabeherek gogora ekarri dute azken egunotan alpinismoaren munduan piztu den eztabaida: ikertzaile batek zalantzan jarri du hamalau zortzimilakoak igo dituzten mendizale gehienen balentria, argudiatuta ez direla igo Manaslu, Annapurna eta Dhaulagiri mendien tokirik altuenera. Ohorea ukatu die, esaterako, Edurne Pasabani, Juanito Oiarzabali eta Alberto Iñurrategiri.
Baina Alpinismo Elkarteen Nazioarteko Batasunak (UIAA) gaitzetsi egin du mendizaletasunaren historia auzitan jartzeko saioa.
|
2023-10-6
|
https://www.berria.eus/albisteak/233678/aiaraldeko-langileak-glavistako-240-lanposturen-babesean-atera-dira-kalera.htm
|
Ekonomia
|
Aiaraldeko langileak Glavistako 240 lanposturen babesean atera dira kalera
|
Autoglas-Glavistako 240 langile kaleratuak izateko zorian daude, eta eskualdeko hainbat eragilerekin batera manifestazioa egin dute Laudion.
|
Aiaraldeko langileak Glavistako 240 lanposturen babesean atera dira kalera. Autoglas-Glavistako 240 langile kaleratuak izateko zorian daude, eta eskualdeko hainbat eragilerekin batera manifestazioa egin dute Laudion.
|
Autoglas-Glavistako 240 langileak iazko azarotik daude ABEE enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean, eta aski dela esan dute gaur Laudion (Araba) egin duten manifestazioan. Enpresaren zuzendaritzak kaleratze kolektiboa egiteko eskaera egin zuen joan den astean, eta atzo Aiaraldeko beste langileen elkartasuna jaso dute gaur langileek.
Aitor Merino enpresa batzordeko kidea da, eta adierazi du eskualdeko hainbat fabrika, eragile eta kolektiboetako jendea gerturatu dela gaurko protestara, «eskualde mailako manifestazioa» eginaz. Manifestazioaren aurretik lantegian asteazkenetik itxita zeuden langileak atera dira Laudioko karriketan protesta egiteko. Merinok dio itxialdia hasi zenetik plantilla gogotsuago dagoela, gora-behera askoko hilabeteak izan baitira aitzinekoak.
«Uztailean bazirudien lanera itzuliko ginela, baina azkenean atzera bota zuten proiektua eta beherakada sortu zuen jendearengan. Langileekin soldata-zorrak dituzte, eta batzuek beste lan bat topatu dute. Bulegoetako batzuek kontua eskatu dute», dio Merinok.
Autoglas-Glavista finantzatzen zuen Partner Capital eta Guardian multinazionala ez dira mugitzen ari, eta Eusko Jaurlaritza negoziazioetan dabil soluzio bat topatzeko. Merinoren arabera, ez dute informazio askorik bilera horiei buruz, Lakuako ordezkariak oraindik ez baitira langileenekin bildu. Langileek oraingoz dakiten bakarra da Jaurlaritza presionatzen ari dela, Guardianen labe handia berritzeko dirulaguntzekin jokatuz esaterako, baina oraindik ez dakite ezer.
Merinok dio Guardianek ez duela jarrera aldatu: «Guardianek dio Autoglas-Glavista erosteko dagoen proiektua ez dela bideragarria, eta ez ditu lurrak eman nahi. Baina ez da egia, proiektua guztiz bideragarria baita, eta Eusko Jaurlaritza Guardianen argudioak eraisten saiatzen ari da».
Halako egoerei aurre egiteko tresna publikorik ez izatea deitoratu du: «Enpresa honek enplegua eta aberastasuna sortzen du herriarentzat, eta lotsagarria da hemendik 6.000 kilometrora Michiganen (AEBak) hartutako erabaki batengatik kalean geratzea».
Erraldoien borrokan kaltetuak
Autoglas-Glavistako langileena bi enpresa multinazionalen arteko tira-biretan kaltetutakoen istorioa da. Hainbat salerosketa, negoziazio eta iritzi aldaketen ostean, lanik gabe geratuko direnak Laudioko plantako 240 langileak izango dira.
AEB Amerikako Estatu Batuetako Guardian enpresa multinazionalarena zen Laudioko lantegia. Bi planta zituen: beira fabrika bat, 200 langile eskasekin, eta autoetarako kristalezko piezak egiten zituztena bestea, 240 langilerekin.
Baina, 2020an, pandemia betean, Guardianek Suitzako Partner Capital funts putreari saldu zion bigarrena, Autoglas Opco enpresaren bitartez. Hala, planta hori Autoglas enpresak kudeatzera pasa zen, baina Glavista markarekin jarraitzen zuen produktuak saltzen.
Erosketa horren ostean, lehen unetik hasi ziren arazoak izaten. Iker Olazabal ELAren Aiaraldeko Industria arduradunak adierazi du «likidezia arazo handiak» izaten hasi zela enpresa, eta inbertsoreek dirurik injektatzen ez zutela gehitu du: «Hiltzen utzi zuten». Lehengaiak lortzeko arazoak ere izan zituzten, eta arazo horiek ABEE enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea aurkeztera bultzatu zuen enpresa, 2022ko azaroan.
Lantegiak bazuen eroslerik
Iazko azarotik planta guztiz geratuta egon da, eta 2023ko martxoan, lantegia itxita eta langileak ABEEan zeudela ikusita, hartzekodunen konkurtsoa egin zuten. Bazirudien lantegiaren eta langileen etorkizuna kale gorrian zegoela, baina enpresa erosteko eskaintza bat egin zuen Guardianeko zuzendari ohi batek: Javier Garciak.
Inbertsoreak zituen, eta proiektu berriak enpleguari eta jardunari eutsiko zion. Hilabeteetako amesgaiztoaren amaiera zirudien, eta lanera itzultzeko data eta guzti zuten: uztailaren 4a. Hala ere, Olazabalen arabera, astebete lehenago dena pikutara joan zen, Guardianek ez baitzion Garciari lurra saldu nahi.
Proiektua aurrera eramateko Garciak zuen baldintza bakarra dena erostea zen: negozioa, lantegia eta lurra. Negoziatzen ibili dira, baina batak ez du lurra saldu nahi, eta besteak lurra bere izenean egon gabe ez du lantegia berriro martxan jarri nahi.
Olazabalen arabera, bai Guardianen eta bai Partner Capitalen asmoen arabera mugitu dira negoziazioak, eta uste du bien jarreragatik joango direla kalera 240 langileak. Eusko Jaurlaritza sartu da orain jokoan, baina Olazabalek ez du uste planta berriro irekitzeko aukera egongo denik.
|
2023-10-7
|
https://www.berria.eus/albisteak/233679/klima-hondamendien-ondorioz-43-milioi-haurrek-emigratu-behar-izan-dute-2016tik-2021era-bitartean.htm
|
Mundua
|
Klima hondamendien ondorioz, 43 milioi haurrek emigratu behar izan dute 2016tik 2021era bitartean
|
Egunean 20.000 haurrek utzi behar izan dute beren herrialdea. Arrazoirik ohikoenak uholdeak, ekaitzak, lehorteak eta baso suteak direla ohartarazi du Unicefek, eta haurrak babesteko neurriak hartzera deitu.
|
Klima hondamendien ondorioz, 43 milioi haurrek emigratu behar izan dute 2016tik 2021era bitartean. Egunean 20.000 haurrek utzi behar izan dute beren herrialdea. Arrazoirik ohikoenak uholdeak, ekaitzak, lehorteak eta baso suteak direla ohartarazi du Unicefek, eta haurrak babesteko neurriak hartzera deitu.
|
Sei urteko epean —2016tik 2021era—, 43,1 milioi haurrek emigratu behar izan dute klima larrialdiak eragindako hondamendien ondorioz. Hortaz, egunean 20.000 lekualdatze izan dira batez beste. Unicef Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak eman ditu datuok, argitaratu berri duen txosten batean. Orain arte datu horiek «ikusezinak» izan direla salatu du erakundeak.
Uholdeak, ekaitzak, lehorteak eta baso suteak dira haurren emigrazio gehienen eragile. Areago, uholdeek eta ekaitzek 40,9 milioi lekualdatze eragin zituzten —kopuru osoaren %95—. Unicefek azaldu du lehen «salbuespenezkoak» ziren ezbeharrak ohikoak direla orain, eta hori planeta «eraldatzen» ari den seinale dela. Joerak bere hartan iraunez gero, datozen 30 urteetan 96 milioi adingabek lekualdatu beharko dute uholdeen eraginez.
Txinan, Indian eta Filipinetan izan da exodorik handiena —orotara, ia 23 milioi haur—. Herrialde bakoitzaren tamaina kontuan hartuz gero, ordea, zenbait uharte txiki —Dominika eta Vanuatu, esaterako— izan dira ekaitzek gogorren kalte egindakoak. Hego Sudanen eta Somalian, berriz, uholdeek eragin dituzte exodorik handienak.
Hala ere, ikerketak ez du bereizketarik egiten prebentziozko ebakuazioen eta behin hondamendia pasatuta eginikoen artean. Txinan eta Indian izandako lekualdatze asko, beraz, arriskuei aurre hartzeko egin dira. Herrialde pobreagoetan, ordea, ez dute baliabide nahikorik prebentzioz jokatzeko, eta horietan izaten dira kalterik handienak. Unicefek Haiti eta Mozambike aipatzen ditu txostenean, laguntza gehien behar duten herrialde gisa.
Haurrengan «ondorio larriak» ditu exodoak: besteak beste, eragin baitezake hezkuntza albo batera uztea eta osasun arretarik ez izatea. Horiek hala, Unicefek munduko liderrei exijitu die azaroan eta abenduan Dubain egingo den klimari buruzko goi bileran (COP28) ondorioak konpontzeko eta datozen urtetarako hondamendien prebentzioa lantzeko.
|
2023-10-6
|
https://www.berria.eus/albisteak/233680/athleticek-mendean-hartu-du-azken-sailkatua.htm
|
Kirola
|
Athleticek mendean hartu du azken sailkatua
|
Nagusitasunez irabazi du Athleticek Almeriaren aurka. Guruzeta, Dani Garcia eta Sancet izan dira golegileak.
|
Athleticek mendean hartu du azken sailkatua. Nagusitasunez irabazi du Athleticek Almeriaren aurka. Guruzeta, Dani Garcia eta Sancet izan dira golegileak.
|
Garaipen biribila lortu du Athleticek Almeriaren aurka. Sailkapeneko goiko postuei berriro eusteko eta denboraldi hasierako sentsazioak berreskuratzeko balio izan du partidak. Gorka Guruzetaren golak ireki du markagailua, hamargarren minutuan, eta ordutik aurrera Athletic izan da partidaren jabe. Bigarren zatian, erritmoa azkartu, eta erasoko jokaldi mordoa egin ditu talde zuri-gorriak. Behin betiko lasaitasuna 63. minutuan iritsi da etxeko taldearentzat, Dani Garciaren golarekin. Partida Oihan Sanceten golak biribildu du, 81. minutuan.
Athleticen bolada bikaina joan den astean amaitu zen. Lehenik, Getaferen aurkako berdinketarekin, eta, ondoren, Realaren aurkako porrotarekin. Horregatik, berebiziko garrantzia zuen talde zuri-gorriarentzat garaipenaren bidera itzultzeak. Testuinguru horretan, Almeria biktima ezin hobea zen etxeko taldearentzat. Sailkapeneko azken postuan eta garaipenik lortu gabe joan da San Mamesera. Athleticek bikain baliatu du aukera, eta 3-0eko emaitza oparitu die zaleei.
Valverdek ez ditu arriskuak hartu, eta ohiko hamaikakoa zelairatu du. Sancet, zigorra bete ostean, berriro itzuli da zelaira, eta talde zuri-gorriarentzat ezinbesteko jokalaria dela berretsi du. Taldekideek erasoko jokaldi gehienetan nafarra bilatu dute, eta haren hanketatik iritsi dira jokaldi onenak.
Lehen zatia ona izan da Athleticentzat, eta partida nahiko bideratua utzi du bigarren zatirako. Baina bigarren gola sartzea beharrezkoa zuten, eta bigarren zatiko hamahirugarren minutuan iritsi da. Gol berezia izan da; izan ere, Athleticen jokatu dituen 180 partidetan lehen aldiz sartu du gola Dani Garciak. Jokaldi ona izan da, eta buruz eginiko erremate batez sartu du baloia Almeriaren atean, Oscar de Marcosen erdiraketa baliatuta.
Sufritu gabe
Azkenean, partida erraza izan da etxeko taldearentzat. Valverderen jokalariek euren gustuko jokoa ezarri dute zelaian, eta Almeriak begiratu besterik ez du egin. Ez da aurkari izan partida osoan. Hiru erdilariek nahi izan duten moduan jokatu dute, zailtasunik gabe, eta baloiaren jabetzan gozatu egin dute. Gainera, Athleticek ez du Williams anaien bertsio onena behar izan, eta hala ere aukera mordo bat sortu dute kanpoko taldearen atean. Oihan Sancet golarekin itzuli da zigorretik, eta berriz sentipen onak izatea lortu du Athleticek, nazioarteko partidek behartuta geldialdia egiteko atarian.
|
2023-10-7
|
https://www.berria.eus/albisteak/233705/laquozaintza-sistema-publiko-komunitario-baten-beharraraquo-azpimarratu-du-mugimendu-feministak.htm
|
Gizartea
|
«Zaintza sistema publiko-komunitario baten beharra» azpimarratu du mugimendu feministak
|
Agerraldia egin dute gaur Hernanin, azaroaren 30ko greba orokorrera eramanen dituzten aldarrikapenen berri emateko, eta herri akordioa aurkezteko.
|
«Zaintza sistema publiko-komunitario baten beharra» azpimarratu du mugimendu feministak. Agerraldia egin dute gaur Hernanin, azaroaren 30ko greba orokorrera eramanen dituzten aldarrikapenen berri emateko, eta herri akordioa aurkezteko.
|
«Pertsona guztiek bizi osoan askatasunez eta konpromisoz zaintza eskaintzeko eta jasotzeko duten eskubidearen alde egin nahi dugu». Hori da Euskal Herriko mugimendu feministak eta hainbat eragile eta sindikatuk egin duten herri akordioaren helburu nagusia. Hala, akordio horretan bildu dituzte azaroaren 30eko greba feminista orokorrera eramanen dituzten aldarrikapenak: hemezortzi, epe laburrerako, eta bost, epe luzerako. Bertzeak bertze, nahi dute zaintza duinen unibertsaltasuna eskubide bat dela aitortzea eta bermatzea, zaintza sistema publiko-komunitarioa garatzea, zaintza zerbitzuen pribatizazioa amaitzea, zaintzeko denborak bermatzea, pentsio duinak bermatzea eta lanen banaketa sexual eta arrazista amaitzea.
Gaur eman dute herri akordioaren eta aldarrikapenen berri, Hernanin (Gipuzkoa) egindako ekitaldi jendetsu batean. «Akordioaren bidez, zaintza eskubide unibertsal gisa aitortzeko eskaera egin, eta zaintza sistema publiko-komunitario berri baten beharra plazaratu nahi dugu», adierazi dute. Horrez gain, dei egin dute azaroaren 30eko greba feminista orokorrean parte hartzera: «Herriz herri, asanbladaz asanblada ari gara antolatzen, zaintza sistema publikoa definitzen eta gure bizitzak politizatzen. Denon bizitzak erdigunean jartzeko prozesua da hau, eta horri ekingo diogu».
Greba orokor feministak erdigunean jarriko du zaintza, antolatzaileen iritziz hori baita «bizimodu duina eraikitzeko oinarria». «Ez da unean uneko zerbait: zaintza beharrezkoa da bizitzako une eta eremu guztietan. Bizitza, ongizatea eta osasuna iraunarazteko eta kudeatzeko beharrezkoa», dio akordioaren testuak.
Gogoratu dute egungo sistema ekonomikoak ez duela kontuan hartzen hori, eta «kalteberatasuna» dakarrela jarrera horrek. Izan ere, zaintzaren beharra gizakiaren bi ezaugarrik uzten dute agerian, eta sistemak ez ditu aintzat hartzen. Batetik, pertsonak «ekomendekoak» dira, naturaren «erritmoen eta aberastasunen mende» daudelako: «Heriotza bizitzaren zati bat da, eta beharrezkoa da gure mugak eta zaurgarritasunak aitortzea, naturan beharrezkoak baitira, eta, aldi berean, kontziente izatea pertsonen garapen aukerak mugatuak direla». Bertzetik, akordioak dio pertsonak «interdependenteak» direla: «Pertsonok elkarren mendean eta beharrean bizi gara une oro, eta gure bizitzan kalteberatasun egoerak bizi ditugu».
Itzalean
Horiek horrela badira ere, zaintzak ekonomiari egiten dion ekarpena ofizialki ez da zenbatzen. Hala ere, akordioak dio lan horrek sistema ekonomikoa «sostengatzen» duela: «EAEko datuen arabera, ordaindu gabeko etxeko lanaren balioa barne produktu gordinaren %27,7 izan zen 2018an».
Errekonozimendu eskas horren ondorioz, inork ez ditu lan horiek egin nahi: «Hortaz, generoaren, arrazaren, klase sozialaren eta jatorriaren ardatzek zeharkatzen dute». Egoera Hego Euskal Herrira ekarrita, 182.000 lagun inguru dira etxeko lan ez-ordainduetan dihardutenak, gehienak emakumeak. Egoerarik larriena etxeko langile egoiliarrek jasan behar dutela dio dokumentuak: «Lautik bat egoera irregularrean dago, eta 24 orduko lana egiten du, aste osoan egunik libratu gabe». Eguneko etxeko langileen egoera ere ez da hobea, anitzek 70 orduko lanaldiak egiten baitituzte astean. Horietako anitzek lan bat baino gehiago dutenez, are zailagoa da sektorea profesionalizatzea.
Horrez gain, agerraldian azpimarratu dute zaintzarako zerbitzuak «erabat pribatizatuak» daudela, «zaintza hori jasotzen dutenen ongizatearen eta langileen lan baldintzen kontura».
Herri akordioak berak aitortzen du proposatzen duten eraldaketa «erradikala» izanen dela. Hortaz, funtsezkoa izanen da norbereraren «subjektibotasunean aldaketak sustatzea, pedagogia feministan oinarrituta». Hala, jasotzen du zaintza lanen «antolamendu soziala» eraldatzea beharrezkoa dela, eta hiru elementutan atzeman daitekeela premia hori: zaintza lanen aitorpen eta banaketa faltan, zaintzaileen lan baldintza «kaskarretan» eta arretaren kalitate «txarrean».
Izan ere, mugimendu feministak dio zaintzea ez dela emakumeen «obligazioa», kolektibizatu beharreko lana dela. Lanaren banaketa ez ezik, zaintzaren kalitatea bera ere hausnartu beharreko zerbait da, «zainduak diren pertsonen autonomia, premiak eta eskubideak» kontuan hartu behar dira. Horrez gain, planteatutako sistemaren eta osasun sistema publiko eta kalitatezkoaren lotura ere azpimarratu du: «Arlo publikotik finantzaketa eta kalitatea bermatu behar dira, eta profesionalizatutako zaintza lanak baldintza duinetan egiten ahal direla ziurtatu behar da».
Bi plano
Horiek horrela, aldaketa bi planotan pentsatuta egin behar dela azaldu dute: epe laburrean eta luzean. Batetik, egungo premiei erantzun behar zaie, «prekarioenen eta kolapsatuta dauden egoerei», zehazki. Bertzetik, luzera begiratu behar da, «sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala gaindituko dituen» bertze sistema sozial bat imajinatuz eta definituz.
Mugimendu feministak proposatzen duen sistema publiko-komunitario hori luzera begirako planteamendua da, eta, beraz, oraindik hausnarketarako bidea gelditzen da. Hala ere, horretan pentsatzen hasi dira jada, lau arlotan: «Autonomia sustatzea eta mendekotasun egoerei arreta egitea, haurtzaroa, zaintza bizitza osoan zehar, eta zaintza lurrarekin eta lurraldearekin lotuta».
Horrez gain, hizkuntzaren afera ere mintzagai du herri akordioak, mendekotasun egoeran dauden horien zaintzan bereziki garrantzitsua baita zein hizkuntzatan solastatzen diren. Hala, euskara ikasteko doakotasuna aldarrikatu du mugimendu feministak: «Norbere hizkuntzan zaindua izatea bideratzeko eta sektoreko langileei euskararako irisbide egokia emateko».
|
2023-10-8
|
https://www.berria.eus/albisteak/233706/israel-eta-gaza-gerran.htm
|
Mundua
|
Israel eta Gaza, gerran
|
Hamasek ezusteko eraso bat abiatu du, inoiz ez bezalakoa; Jihad Islamikoa oldarraldira batu da, eta gutxienez hirurehun israeldar hil dituzte.
|
Israel eta Gaza, gerran. Hamasek ezusteko eraso bat abiatu du, inoiz ez bezalakoa; Jihad Islamikoa oldarraldira batu da, eta gutxienez hirurehun israeldar hil dituzte.
|
Ezusteko eraso bat abiatu zuen Hamasek atzoko ordu txikietan. Inoiz ez bezalakoa da, airekoa, itsasokoa eta lurrekoa: besteak beste, 5.000 suziritik gora jaurti dituzte Gazatik, eta dozenaka milizianok une hori baliatu zuten muga pasatu eta zenbait herriren kontrola bereganatzeko. Hango hedabideen arabera, militarrak bahitu eta hil dituzte —tartean, komandanteak, organizazio politiko islamistak esan duenez—, eta, denera, behin-behineko datu ofizialen arabera, gutxienez hirurehun israeldar hil dituzte, eta 1.590 baino gehiago zauritu. Jihad Islamikoa ere oldarraldira batu da, «batailaren» parte dela ziurtatuta. Hori ikusirik, Israelgo armadak gerra egoera deklaratu du.
Hamasen adar militarreko —Izz ad-Din al-Qassam Brigadetako— buru Mohammed Deifek bideo batean azaldu duenez, operazio militarrak hainbat arrazoi ditu: batetik, «erantzun bat» da, Jerusalemgo Meskiten Zelaigunearen kontrako «erasoen» aurkakoa; eta, bestetik, preso palestinarren egoera geroz eta okerragoaren ondorio bat —horietako batzuk gose greban daude—. Gerora, Ghazi Hamad Palestinako organizazio politiko islamistaren bozeramaileak Al-Jazeera telebista kateari esan dio gaur abiaturiko operazioa «mezu bat» ere badela Israelekin harremanak normalizatzen ari diren herrialde arabiarrentzat: «Uste dut hori egitea lotsagarria dela haientzat». Hain justu, hilabeteak dira Saudi Arabia negoziazioetan ari dela hori egiteko.
Erasoaren eskalak eta koordinazioak, eta lehen erreakzioek agerian utzi dute Israelgo zerbitzu sekretuek ez zutela horren arrastorik, eta gobernuak eta armadak erantzuna inprobisatu behar izan dute. «Etsaiak inoiz ikusi gabeko prezioa ordainduko» duela adierazi du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, eta herritarrei esan die «gerran» daudela, eta gatazka hori «irabaziko» dutela. Horretarako, zera jarri du helburutzat Netanyahuk: erasoa jasan duten eremuetan «bakea eta segurtasuna berriz ezartzea», eta zona horiek «infiltraturiko etsaiez garbitzea».
Israelgo oposiziotik, Yair Lapid gobernuburu ohiak batasun gobernu bat eratzea proposatu dio lehen ministroari, betiere eskuin muturreko alderdiak koaliziotik botatzen baditu, eta Netanyahuren Likud alderdiak baiezkoa erantzun dio. Hori baino lehen, gobernuak jakinarazi du Gazarako elektrizitate hornidura etetekoa zela.
Bien bitartean, Israelgo armadak ahalik eta azkarrena hasi du kontraerasoa. Gazako osasun iturrien behin-behineko datuen arabera, gutxienez 313 palestinar hil ditu bonbardaketetan, eta beste 1.990 zauritu. Middle East Eye atariaren berriemaileek esan dute zerrendako herritarrak «egoerarik okerrenerako» prestatzen ari zirela, eta askok etxetik ihes egin dutela, «leku seguruagoetara». Al-Jazeera telebista kateak, berriz, esan du zibilek «luzera begirako» eraso bat espero dutela Israelgo militarren partetik.
Zisjordanian, PAN Palestinako Aginte Nazionalak premiazko bilkura bat egin du, eta PANeko presidente Mahmud Abbasek «terrorismotik eta okupazio indarretatik» defendatzeko eskubidea aldarrikatu du. Palestinari «babes emateko» beharraz ere aritu da, eta «duintasuna berreskuratzeko» erasoalditzat deskribatu du Gazako milizien operazio militarra, Al-Aqsa uholdea deiturikoa. Gainera, PANen segurtasun indarrei «palestinar guztiak babesteko» agindua eman die.
Hamasen eta Israelgo goi kargudunen adierazpenak ikusirik, badirudi gatazka armatuak luze iraungo duela. Horren erakusle, batetik, Deifen adierazpen bat: «Lurreko azken okupazioa amaitzeko borrokarik handienaren eguna da»; eta, bestetik, Al-Jazeera telebista kateari Palestinako organizazio politiko islamistaren buruzagiorde Saleh al-Arurik esandakoa: «Espero dugu borrokak segituko duela, eta borroka frontea zabaldu egingo dela. Helburu nagusi bat dugu: gure askatasuna eta gure leku sakratuen askatasuna». Estrategia hori baieztatu du Hamasen buruzagi Ismail Haniyehk, azaldu baitu borroka Zisjordaniara eta Jerusalemera «zabaldu» nahi dutela.
Gerora, Al-Aruri berriz mintzatu da telebista kate horrekin, eta mezu bat helarazi die preso palestinarrei: haiek askatzeko «nahikoa» militar israeldar bahitu dituztela. «Esku artean dugunak aske utziko zaituzte». Hamasen bozeramailearen arabera, «dozenaka» dira, eta Gazako tuneletan dituzte; Tel Avivek baieztatu egin ditu bahiketak, eta esan du zibilak ere badirela tartean.
Nazioarteko erreakzioak
Hamasek abiaturiko erasoaldiak denetariko erreakzioak eragin ditu nazioartean. Batzuk palestinarren alde agertu dira, eta beste batzuk, Israelen alde. Ekialde Hurbileko estatuei dagokionez, esaterako, Irango Atzerri Ministerioaren bozeramaile Nasser Kanaanik esan du bere herrialdeko gobernuak Hamasen eta Jihad Islamikoaren operazioa babesten duela, eta adierazi du eraso hori «mugarri» dela Palestinaren eta Israelen arteko gatazkan. «Honek berriz ere erakusten du sionistak zeinen hauskorrak diren operazio serio bat dagoenean, eta ez dutela erresistentziarako beharrezko izpiriturik», Kanaaniren ustetan.
Hezbollah Libanoko talde xiitak ere babesa helarazi die Palestinako miliziei, eta esan du «Israelen okupazio iraunkorrari erantzun irmoa» eman diotela; talde horrek ere adierazi du Israelekin harremanak «normalizatzen» ari diren eta hori egin nahi duten herrialde arabiarrentzako «mezu bat» ere badela erasoaldia.
Erreakzioak ugaritzen ari ziren bitartean, Egiptoren erantzunak bereganatu du arreta, iraganean izandako borroketan bitartekari lana egin baitu. Oraingoan ere horretan ari dela ziurtatu du Kairok, eta arrakasta izateko «moderaziorik handiena» eskatu die bi aldeei; azaldu duenez, harremanetan da Israelekin eta Gazarekin oldarraldia baretzen saiatzeko, eta nazioarteko eragileek esku hartu dezaten galdegin du.
Beste herrialde batzuek Palestinako milizien erasoa salatu dute. Kasurako, AEB Ameriketako Estatu Batuek, Israelen aliatuetako batek; Antony Blinken Estatu idazkariak helarazi du mezu hori, eta gerora argitara atera dute Joe Biden AEBetako presidentea eta Israelgo lehen ministroa telefonoz mintzatu direla. Elkarrizketa horretan, Bidenek Netanyahuri esan dio «eskubidea» dutela «beren burua defendatzeko», eta Israelgo lehen ministroak erantzun dio borroka «luze eta sendoa» beharko dutela «irabazteko»; horren ondoren, Israelgo lehen ministroak Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin eta Mark Rutte Herbehereetako gobernuburuarekin ere hitz egin du, kasurako.
Europako Batasunari dagokionez, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea ere izan da Hamasen eta Jihad Islamikoaren erasoa gaitzetsi duten beste agintarietako bat; hark ere esan du Israelek «defendatzeko eskubidea» duela milizien operazioan. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak, aldiz, «eusteko» eskatu die bi aldeei: «Baztertu ditzatela tentsioa okertzea ekarriko duten neurriak». Bide beretik, NBE Nazio Batuen Erakundeak «indarkeria amaitzeko» eskatu die Israelgo armadari eta Palestinako miliziei, eta Brasilek jakinarazi du erakunde horren Segurtasun Kontseiluaren bilera batera deitu duela —bihar elkartuko da—.
Maiatzeko erasoaldia
Atzo abiaturiko borrokaren aurretik, azken talka armatua joan den maiatzekoa izan zen, Israelgo armadak Jihad Islamikoaren kontrako Ezkutua eta gezia operazioa abiatu zuenekoa —hilketa selektiboen» zerrendan jasotako izenak zituen helburu—. Bost egun iraun zuen, eta 30 palestinar baino gehiago hil zituzten tarte horretan; biktima guztiak ez ziren talde armatuko kideak, zibilak izan baitziren gehienak, adingabeak tartean. Egiptok lortu zuen bi aldeek menia adostea.
Baina baliteke gaurkoaren eskala iragan maiatzekoarena baino handiagoa bilakatzea, eta antzekotasunak izatea 2021eko maiatzean gertaturikoarekin, edo hura ere gainditzea. Hamar egun iraun zuen borrokak orduan, eta Israelgo armadak gutxienez 230 palestinar hil zituen Gazan, eta 1.700dik gora zauritu; kalte materialak ere handiak izan ziren, bonbardaketek 264 milioi euroren kalteak eragin baitzituzten, Gazako Informazio Ministerioaren datuen arabera. Israelen, berriz, hamabi lagun hil eta 336 lagun zauritu zituzten Hamasen suziriengatik.
Jerusalemgo Al-Aqsa meskitaren inguruan izandako tentsioaren ondorioz lehertu zen indarkeria hori duela bi urte inguru, eta oraingoan ere horrek eragin du Palestinako milizien erasoa.
|
2023-10-7
|
https://www.berria.eus/albisteak/233707/otegik-elkarlanerako-eskua-luzatu-du-nazio-auziari-herri-gisa-erantzuteko.htm
|
Politika
|
Otegik elkarlanerako eskua luzatu du nazio auziari «herri gisa» erantzuteko
|
Koalizio subiranistak konferentzia politikoa egin du Gasteizen, eta urte politikorako plana onetsi du, aho batez.
|
Otegik elkarlanerako eskua luzatu du nazio auziari «herri gisa» erantzuteko. Koalizio subiranistak konferentzia politikoa egin du Gasteizen, eta urte politikorako plana onetsi du, aho batez.
|
Urte politiko berriari so jarri da EH Bildu. Datozen hilabeteetako estrategia politikoa ardaztuko duen plana eztabaidatu eta bozkatu dute Gasteizko Europa jauregian bildutako bostehun bat militantek, eta aho batez onetsi dute. Euskal Herriko egungo «une historikoari» erantzuna emateko bide orria finkatu dute batzarrean, eta, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak jakinarazi duenez, lurraldetasunari buruzko eztabaidari «herri gisa» erantzutea izango dute lehentasuna. Horretarako «elkarlana» funtsezkoa dela esan du Otegik. Bide horretan, eskua luzatu die Euskal Herria nazio bat dela sinesten duten eragile politiko, instituzional eta sindikalei estatus politikoaren inguruan «adostasun zabalena» erdiesteko. Otegik azaldu du ezker subiranistaren «erronka eta ardura» dela Espainian gobernu aurrerakoi bat ezartzea, baina nabarmendu du abagune hori baliatu behar dela Madrilek urratsak egin ditzan nazio auziari erantzuteko bidean. Izan ere, argi du datozen hilabeteetan agenda politikoan sartuko dela nazio auzia, eta lurraldetasunari buruzko eztabaidari ateak zabalduko zaizkiola. Abagune horri begira, EH Bilduk «errezeta» bakarra duela gogoratu du Otegik: «Herri gisa hitz egin behar dugu estatuarekin». Ziurtatu du koalizio subiranistak «arduraz» jokatuko duela Espainian irekiko den aukera leihoaren aurrean, eta betiko «lemari» eutsiko diola, norabidea aldatu gabe. «Beste batzuen aldean, guk ez dugu espekulatzen. Ez dugu txikikerietan jokatzen». Espainiako gobernabideari begira, Otegik argi utzi du herritarren mandatua beteko duela EH Bilduk, eta «eskuin muturra» geldituko duela bere botoekin. Horixe baita koalizioak «une historiko» honetan duen erantzukizun behinena: bloke atzerakoien gobernurik ez egotea. «Askatasunaren eta autoritarismoaren» arteko lehia estua den honetan, lehengoaren aldeko hautu argia egingo du koalizioak, «espekulaziorako tarterik gabe».
Azken hauteskunde zikloan EH Bilduk lortutako babesaz harro mintzatu da Otegi, halaber. Eta eskerrak eman dizkie «konfiantza» eman dieten guztiei: «Haiek dira gure gasolina aurrera egiteko». Are, ezker subiranistari kritika eraikitzaileak egiten dizkietenentzat ere izan ditu esker oneko hitzak, haiei esker lortzen baitu EH Bilduk bere «bertsio hoberena» ematea.
|
2023-10-7
|
https://www.berria.eus/albisteak/233708/parke-eolikoak-jartzearen-kontrako-protestak-egin-dituzte-araban-eta-bizkaian.htm
|
Gizartea
|
Parke eolikoak jartzearen kontrako protestak egin dituzte Araban eta Bizkaian
|
Azazetako parke eolikoaren proiektua gelditzeko eskatu dute Maeztun. Balmasedan, Enkarterrirako aurkeztu diren bi proiektuak gaitzetsi dituzte. Herritarrek adierazi dute parke horiek «mehatxu handia» direla ingururako; are, «txikizioak» eraginen dituztela.
|
Parke eolikoak jartzearen kontrako protestak egin dituzte Araban eta Bizkaian. Azazetako parke eolikoaren proiektua gelditzeko eskatu dute Maeztun. Balmasedan, Enkarterrirako aurkeztu diren bi proiektuak gaitzetsi dituzte. Herritarrek adierazi dute parke horiek «mehatxu handia» direla ingururako; are, «txikizioak» eraginen dituztela.
|
Parke eolikoak eraikitzeko zenbait proiektuk duten babesik eza agerian gelditu da gaur. Araban eta Bizkaian protestak izan dira eguerdi partean. Horietan, dozenaka herritarrek irmo nabarmendu dute halako parkeek «sekulako kaltea» egiten diotela inguruari, eta garbi adierazi dute agintariek zenbateko erantzukizuna duten auzi horietan. Zehazki, eskatu dute «behingoz» gelditzeko Azazetako parke eolikoaren proiektua (Araba) eta Enkarterrin egin asmo diren bi parkeena (Bizkaia).
Araban, Arabako Mendiak Aske plataformak deiturik, dozenaka lagun Maeztuko udaletxearen parean bildu dira protesta egiteko. Gasteizko Mendietan espoliaziorik egon ez dadila eskatu dute. Zehazki, Azazeta-Laminoriako zentral eolikoaren proiektua gelditzea galdegin dute. Horretarako, gogor kritikatu dute auzi horretan arabako aldundiak izandako jokabidea. Izan ere, herritarrek gogora ekarri dutenez, proiektua aldundiak emaniko onespenari esker dago abian. «Enpresari baimena eman diote negozioa non eta nola egin erabakitzeko, landa eremuaren kontura izan arren», salatu dute.
Arabako Mendiak Aske plataformakoek beste bide batzuk hartu beharra aldarrikatu dute, «lurraldea suntsitzen duten oligopolioen eskuetan egon beharrik ez izateko». Azaretarako diseinatutako proiektuaren arabera, asmoa da zortzi sorgailuko parke eoliko bat sortzea, 40 kilowatt sortuko lituzkeena.
Mendi gailurretik, salaketa ozena
Bizkaian, Danimarkako Vlue Viking Barbara enpresak Enkarterrin eraiki nahi dituen bi parke eolikoen proiektuek dauzkate suminduta herritarrak. Balmasedan egin dute protesta, Kolitza mendiaren gailurrean. Ozen, dozenaka lagunek salatu dute enpresek «sakrifizio gune» bihurtu nahi dutela Enkarterri, parke horiek jarrita.
11 haize errotako bi parke eraikitzea da asmoa. Kolitza, Garbea eta Peña Levante mendiei eraginen die, eta baita hamar udalerriri ere: Balmaseda, Artzentales, Sopuerta, Zalla, Gueñes, Alonsotegi, Arrigorriaga, Ugao eta Basauriri Bizkaian, eta Okondori Araban. Enpresaren aurreproiektuak dagoeneko erdietsi du tramiterako onartua izatea.
|
2023-10-7
|
https://www.berria.eus/albisteak/233709/euskara-euskal-errepublikaren-zain.htm
|
Gizartea
|
Euskara, euskal errepublikaren zain
|
Euskarak estatu bat behar ote duen, horixe izan dute hizpide Estitxu Garai, Lorea Agirre, Amets Aranguren, Eneko Bidegain eta Amets Arzallusek Euskaltzale Independentiston Topaketetan, Euskal Herrian Euskaraz-ek antolatuta. Bazterketa den hori «pribilegio gisa» gizarteratzen ari direnen «azpikeria» salatu dute.
|
Euskara, euskal errepublikaren zain. Euskarak estatu bat behar ote duen, horixe izan dute hizpide Estitxu Garai, Lorea Agirre, Amets Aranguren, Eneko Bidegain eta Amets Arzallusek Euskaltzale Independentiston Topaketetan, Euskal Herrian Euskaraz-ek antolatuta. Bazterketa den hori «pribilegio gisa» gizarteratzen ari direnen «azpikeria» salatu dute.
|
Euskararen egungo errealitateaz gogoetan eta euskarak gain behera ez jarraitzeko estatu bat behar ote duen hausnartzen aritzen direnean bost hizlari trebatu, bi orduko eztabaida sakonean, asko eta askotarikoak gertatzen dira edukiak, kontzeptuak eta ideiak; horietako bat da euskara «diskriminazio ardatz bat» dela, eta, aitzitik, «pribilegio» esaten diotenen ildoa nagusitzen dela sarri, euskal hiztunen eskubideak betetzeko aukerak aldenduz. «Biktimak» dira hiztun horiek, ez «pribilegiatuak», baina estaturik ez duen hizkuntza bateko hiztunek «gezur handi» horri eta beste hainbati egin behar diete aurre «egunero». Horregatik, euskararen geroa bermatuko luketen «lege ausartak betearazteko gaitasuna» edukitzea «oinarrizkoa» da euskararentzat, eta gaitasun hori «estatu batek» ematen du.
Euskal Herrian Euskaraz-ek antolatuta, Euskaltzale Independentiston Topaketak egiten ari dira Villabonan (Gipuzkoa), eta Euskararen errepublika eraikiz izenburupean aritu dira gaur, Gurea antzokian, Estitxu Garai politologoa, Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendaria, Amets Arzallus bertsolari eta idazlea, Eneko Bidegain idazle eta kazetaria, eta Amets Aranguren Kontseiluko proiektuburua. Ekhiñe Atorrasagasti kazetariak egin ditu aurkezle lanak. «Euskal errepublika bat tresna izugarria litzateke euskararentzat, sinbolikoki, aitortzari begira, estatu hizkuntza litzateeke eta. Estatuak subiranotasun politikoa dakar, eta, horrek, hizkuntza politika eraldatzaileak aplikatzeko aukera». Garaik oso garbi dauka estatu batek «eragin izugarria» lukeela euskararen alde, baina prozesu horren zain egon gabe «helburu txikiagoak» bazterrean ez uztera deitu du; alegia, «bitarteko lan horri» eustera, hala nola «herrigintza lanari».
«Ni abertzalea naiz»
Bidegainek esplikatu du nola «nortasun intimoa» abandonatu behar izan duten euskaldun askok «nortasun kolektiboan» sartzean, eta horrek zer «sufrimentu» ekarri dien euskaldun askori. Euskararen herriak duen zatiketa administratiboa «normalizatu» egin dela salatu du, eta euskal gizarteaz hitz egiten dela «EAEko gizarteari» erreparatzeko. Finean, uste du «bi gu» daudela Euskal Herrian eta «hiru milioi nii», eta galeran den herri ikuspegiak aurrera egin dezan euskarak bere estatua izatea dela biderik eraginkorrena.
Agirre, berriz, estatu baten «ezaugarri nagusiari» begira jarri da, «legeak betearazteko gaitasunari» begira; eta garbi utzi du euskararen normalizaziorako beharrezkoa dela hori. Ohartarazi du ez dagoela «modan» esan behar zuena, eta jarraian ozen aldarrikatu du «abertzalea» dela. Galdera bat baitzuen jira-biran buruan: «Estatugintza prozesu bat posible al da abertzaletasunik gabe?».
Arzallusek hartu dio lekukoa berehala: «Ni ere abertzalea naiz»; eta erantsi zuen abertzaletasunaren «muinean» dagoela hizkuntza. Gogora ekarri zuen Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik aspaldian gizarteratu zuen ideia bat: «Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko, baina estaturik gabe, ziur ezetz». Bada, azken zatiarekin ez da ados Arzallus, «estaturik gabe iritsi baikara iritsi garen lekura». Bertsolariak, ordea, garbi utzi du «arnas estuka» iritsi dela euskara dagoen lekura, «korrontearen kontra igeri eginez» eutsi zaiola eutsi zaionari. Aitortu du «itolarrian» sentitzen dela askotan, eta «beste buelta bat» eman behar diotela egoerari siglen bidez politika egiten dutenek.
Eta, horra iritsita, aktualitateko erreferentzia batek hartu du eztabaidaren ardatz bat: EAEko Hezkuntza Legean EAJk eta PSE-EEk hizkuntza ereduei eusteko egin berri duten akordioak. Espresuki aipatu gabe, PSEko idazkari nagusi Eneko Anduezari erreparatu dio Bidegainek, «euskararen etsaien» inguruan aritu denean. Helarazi du «azpikeriaz» jokatzen dutenak direla arriskutsuenak, eta ez ageriko «bortizkeria» erakusten dutenak. Salatu du alderdi abertzale nagusiak «azpikeria» horretan dabiltzanekin batera egin nahi dutela bidea. «Presarik gabe» baina «lotsarik gabe» esan behar da, haren ustez, «independentzia» behar dela euskara eta nazio ikuspegia salbatuko badira.
Pribilegioaren «falazia»
Garaik ere heldu dio hizkuntza ereduen hariari: «Elebitasun orekatuaz hitz egitea zer da egoera erabat desorekatua denean?». Haren ustez, jarrera hori «euskararen zapalkuntza betikotzea» da, eta «askatasunaren izenean» egiten dela erantsi du. Estatu «bizigarriago baten bidez» egin behar zaio aurre horrelako egoera bati, haren irudiko.
Agirrek, berriz, euskaldun pribilegiatuei buruz aritzen direnei esan die «falazia» bat dela hori gizarteratzea, euskara «diskriminazioaren ardatz bat» dela gaur egun, eta euskarak izan behar duela «antidotoa edo soluzioa» talde desjabetuak osotasun batera erakartzeko. «Borroka emanzipatzaileak» euskaratik pasatu behar dutela gaineratu du. Esplikatu du euskararen eskubideak «hiztunen eskubideak» direla, pertsonenak, eta euskaldunak ez direla «inposatzaileak», baizik eta «baztertuak».
Eta Arzallusek osatu du diagnosia: «Nola esan dezake Anduezak ezin direla egon eredu elebakarrak? Nor dira elebakarrak Eusko Legebiltzarrean?». Haren ustez, «gezur handi bat» gizarteratzen ari dira, «euskaraz ez dakienaren ez jakiteko eskubidea babesten ari baitira». Estatuek «inposizioz» ezarri dituzte euren hizkuntzak, Arzallusek azaldu duenez, eta euskarari eskatzen diote orain «sedukzioz» aritzeko. Euskal errepublika, inoiz izatekotan, «munduko estaturik jatorrena» izan daitekeela erantsi du, eta entzuleei barre eragin.
Baina, umoretik harago, Arzallusek argi azaldu du euskararen inguruko betebeharren alorrean «behartzeko bidea» irekiko lukeela, eta hautu horrekin bat etorri da Agirre. «Hizkuntza borrokari» azken hitza kendu diotela nabarmendu du Jakin-eko zuzendariak, «itsusia delakoan-edo», eta, orain, euskara «erakargarri» izan behar duelako ildoa nagusitu dela erantsi du: «Euskal hiztunok gara biktimak, ez inposatzaileak». Eta tesi hori behin ezarri ondoren hitz egiten has daitekeela azaldu du.
«'La vasca' eta musika»
Arangurenek ere adierazi du euskara estatu hizkuntza egingo lukeen errepublika bat behar dela, baina euskara hiztunen «forma» izan dadin, ez hiztunen «eduki». Iruñeko musika eskolan «la vasca» esaten ziotela kontatu du, eta esan du euskaldun batek musika egiteak ez duela zertan ekarri euskal musika egitea nahitaez, haren irakasle batek behin iradoki zion moduan. «Errepublika behar dugu Euskadi hitza erabiltzeari uzteko ere», bukatu du, eta barre gehiago eragin.
Umoret gutxi izan du, berriz, eztabaidaren bukaeran eta publikoaren artetik Sagrario Aleman euskaltzain osoak utzi duen abisuak: «Zer da lehenago, independentzia ala euskarak duen menpekotasuna gainditzea? Itzulerarik gabeko momentu batera iristeko arriskua dugu, estatuaren zain gauden bitartean».
|
2023-10-7
|
https://www.berria.eus/albisteak/233710/lasa-eta-zabala-oraindik-ez-dituztela-terrorismoaren-biktima-gisa-aitortu-gogoratu-dute-alacanten.htm
|
Politika
|
Lasa eta Zabala oraindik ez dituztela «terrorismoaren biktima» gisa aitortu gogoratu dute Alacanten
|
Laster beteko dira 40 urte bi gazteak bahitu, torturatu eta hil zituztenetik. Busoten oroitu dituzte gaur: lore eskaintza bat egin dute euren gorpuak ezkutatu zituzten tokian.
|
Lasa eta Zabala oraindik ez dituztela «terrorismoaren biktima» gisa aitortu gogoratu dute Alacanten. Laster beteko dira 40 urte bi gazteak bahitu, torturatu eta hil zituztenetik. Busoten oroitu dituzte gaur: lore eskaintza bat egin dute euren gorpuak ezkutatu zituzten tokian.
|
Duela 40 urte hil zituen GALek Joxean Lasa Arostegi eta Joxi Zabala Artano. Hain zuzen, Baionan desagerrarazi zituzten 1983ko urriaren 15eko gauean, errefuxiatu batek Arrangoitzeko festetara joateko utzi zien autoa hartzerakoan. Donostian torturatu eta Alacanten (Herrialde Katalanak) hil zituzten, buruan tiroa jota. Bahiketaren urteurrenaren harira, Egiari Zor fundazioak ekitaldi bat antolatu du gaur gorpuak aurkitu zituzten tokian: Busoten. Bertan izan dira Lasa eta Zabalaren senideak eta lagunak, baita ordezkari politikoak ere. Salatu dute, 40 urteren ostean, oraindik ez dituztela «terrorismoaren biktima» gisa aitortu.
Lore eskaintza batekin oroitu dituzte 50 pertsona inguruk bi gazte tolosarrak, eta algarrobo bat landatu dute. Horrez gain, hitza hartu dute Pili Zabalak –Joxi Zabalaren arreba– eta Axun Lasak –Joxean Lasaren arreba–. Zabalak «estatuaren hurbilketa zintzo» bat aldarrikatu du, bertan gertatutakoa aitortzeko eta bere neba eta Lasa «biktimak» direla onartzeko. Azaldu duenez, hilobien ondoan landatutako algarroboarekin «etorkizun baketsu bat» irudikatu nahi izan dute.
Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkatea (Gipuzkoa) ere bertan izan da, eta esan du ezin dela ahaztu 1983an gertatutako «ankerkeria» hura. «Hilabeteetako desoseguaren ondoren, gorpuak agertu zirenean, estatu indarkeriaren gordintasuna parez pare ikusi genuen». Alkateak «biktima guztien erreparazio integrala» exijitu du, eta gogoratu du Espainiak oraindik ez diela biktima izaera aitortu Lasari eta Zabalari: «Senideek ez dute inolako aitortza ofizialik». Sortuko Haimar Altunak, bere aldetik, gogoratu du «gatazka politikoak sufrimendu ugari» eragin duela Euskal Herrian. Eta euskal gizarteak bizikidetzaren eta bakearen alde egindako aurrerapausoak nabarmendu ditu, gaineratuz ahalegin horretan ezker abertzaleak «urrats sendo eta zintzoak» eman dituela «zauri horiek sendatu eta biktima guztien mina aitortzeko».
Era berean, Egiari Zor-ek X sare sozialean salatu du, gaur gaurkoz, Lasa eta Zabala ez dituztela «terrorismoaren biktima» gisa aitortu. Eta Espainiako Gobernuari dei egin dio «Estatu terrorismoak eragindako giza eskubideen urraketa guztien erantzukizunak» bere gain har ditzan eta «eragindako mina» aitor dezan. Fundazioaren arabera, beharrezkoa da sekretu ofizialen legeak babesten duen dokumentazioa argitara ateratzea: «Giza eskubideen kontrako jarduerak sekretupean mantentzea biktimei eskubideak ukatzea da, inpunitatea iraunkortzea eta estatu bortxa legitimatzea».
Gaurkoa ez da izan Lasa eta Zabala oroitzeko egingo duten jarduera bakarra. Urriaren 10ean, fundazioak Lasa eta Zabala filmaren proiekzioa eskainiko die Tolosako hainbat institututako ikasleei. Ostean, Martxelo Otamendi kazetari eta BERRIAko zuzendari ohiak Axun Lasa eta Pili Zabala senideen arteko solasaldia gidatuko du. Egiari Zor-ek ekitaldiaren «eragin positiboa» azpimarratu du: «Horrelako egitasmoek agerian uzten dute errealitate horren aurrean gizarte gisa blindatu egin behar garela etorkizunean berriz horrelakorik gertatu ez dadin». Urriaren 20an, hirugarren eta azken ekitaldia egingo dute Tolosako Topic Aretoan, 19:30ean.
12 urte ezer jakin gabe
Bi gazte tolosarrak 1983an hil bazituzten ere, euren arrastoak 1985ean topatu zituzten Busoten. Are, ez zuten jakin haiek zirela 1995era arte: Pako Etxeberria antropologo forentseak baieztatu zuen orduan. Gorpuak identifikatu eta lau urtera egin zuten GALen aurkako epaiketa, eta 2000ko apirilean eman zuen auziko epaia Espainiako Auzitegi Nazionalak. Legez kanpoko atxilotze eta hilketa delituengatik, bost lagun zigortu zituzten: Angel Vaquero, Enrique Dorado eta Felipe Bayo guardia zibilak, Julen Elgorriaga Gipuzkoako gobernadore zibila eta Enrique Rodriguez Galindo komandantea. 67 eta 71 urte arteko zigorrak jarri zizkieten. Alabaina, inork ez zuen zigorra osorik bete: 2005erako, kalera irteteko aukera zuten denek, libre edo hirugarren graduan.
|
2023-10-7
|
https://www.berria.eus/albisteak/233711/osasunak-zaku-bete-gol-jaso-du-real-madrilen-zelaian.htm
|
Kirola
|
Osasunak zaku bete gol jaso du Real Madrilen zelaian
|
Gorritxoak kamuts eta bigun aritu dira Ligako liderraren kontra, eta porrot mingarria jaso: 4-0. Bellinghamek gol bana egin du zati bakoitzaren hasieran, eta partidari azkena eman diote Viniciusek eta Joseluk
|
Osasunak zaku bete gol jaso du Real Madrilen zelaian. Gorritxoak kamuts eta bigun aritu dira Ligako liderraren kontra, eta porrot mingarria jaso: 4-0. Bellinghamek gol bana egin du zati bakoitzaren hasieran, eta partidari azkena eman diote Viniciusek eta Joseluk
|
Osasuna umore onean zen, Alavesen zelaian bolada txarra eten eta gero, eta pozarren joan nahi zuen geldialdira. Horretarako, gorritxoek balentria egin behar zuten Real Madrilen aurka, Santiago Bernabeun irabazi eta ia hogei urte geroago. Bada, itxaroten jarraitu beharko dute, gaur gainetik igaro baitzaie Espainiako Lehen Mailako liderra. Hainbestean eutsi diote lehen zatian, lehen gola berehala jaso duten arren. Neurketa berdintzear izan dira atsedenaren atarian. Haatik, harresia zuloz josi zaie aldageletatik itzuli eta gero. Azkenean, 4-0. Bekokia ondo ilunduta bukatu dute partida.
Hasieratik aritu dira Budimir eta Torro, Mendizorrotzan ordezko gisa jokatu ondoren. Areso ere titular izan da defentsako eskuin hegalean, eta Ruben Peñak metro batzuk aurrerago jokatu du. Eskuin hegala sendotzeko apustua izan zitekeen, baina Peña ezkerretik aritu da azkenean. Real Madrilen kasuan, Carlo Ancelottik premiazko konponbide bat inprobisatu beharra zeukan defentsako hutsuneen eraginez, eta Tchouameni erabili du adabaki bezala.
Aurkariaren atzeko lerroan arrakalak eragin zitzaketen gorritxoek, baina uzkur eta lotsati zelairatu dira. Eta hamargarren minutua betetzerako, lehen kolpea eman die Real Madrilek: Modricek Carvajal aurkitu du area barruan, honek Bellinghamekin jokatu du bizkarrez, eta ingelesak ez du barkatu Sergio Herreraren aurrean. Erdilaria esne mamitan dabil, eta nafarrek bakarrik iristen utzi diote.
Eszenatokirik okerrena zen Osasunarentzat. Haize kontra aritzea zegokion. Kontraerasoan min egiteko pare bat saiakera egin ditu, baina, bestelakoan, baloi jabetza oso luzeak izaten utzi dio Real Madrili. Etxekoek guztiz kontrolpean izan dute partida. Gorritxoen presioa ez da batere oldarkorra izan. Gainera, atzeko lerroan baloi arriskutsuak galdu dituzte.
Nolanahi ere, Ancelottiren taldeak ez du erritmoz aldatu, eta nekez sortu du arriskua Osasunaren arean. Kontrara, atsedena gerturatu ahala aurrerako urratsa egin du gaur Bittor Alkizak zuzendu duen taldeak. Erasoan agerraldiak pilatuz joan da, eta, luzapenean, Budimirrek bere oinetan izan du banakoa. Baloia area barruan jaso du, Torrok keinu egin eta gero, baina ez du ohi bezain zehatz errematatu.
Erauntsiari ezin eutsi
Berdinketa gertu ikusita, bestelako suhartasunez egin du eraso Real Madrilek bigarren zatian. Joselu 2-0ekoa egitear izan da aldageletatik itzuli eta berehala, baina gehiegi gurutzatu du baloia. Zentimetro kontua izan da. Hortik gutxira, eskuaira eta kartaboia atera ditu Bellinghamek. Ruben Garcia atzean utzi, Valverderekin hormarena egin, eta baloia Sergio Herreraren hanken artetik bidali du sareetara. Eskolako jolastokian balego bezala aritu da. Gaiztakeriak egiteko askatasuna izan du.
Gol horrek guztiz desitxuratu du Osasuna, eta hortik aurrera, jostailu hautsi bat izan da etxekoen eskuetan. Peña areaz kanpoko jaurtiketa batekin saiatu da, eta 63. minutuan, Carvajalek bultz egin dio Budimirri area barruan. Epaileak ez du ezer ikusi. Minutu bat geroago, neurketa guztiz erabakita utzi du Viniciusek, David Garciaren bizkarrera lasterka egin, Sergio Herrera gainditu, eta baloia emeki sareratuta. Oinazea ez da hor bukatu gorritxoentzat, 69. minutuan laugarrena egin baitie Joseluk, Viniciusen jokaldi ona baliatuta.
Emaitza are mingarriagoa zatekeen Herrerarengatik izan ez balitz. Izan ere, 84 minutuan penaltia gelditu dio Joseluri, eta luzapenean ondo erantzun dio Lucasek egindako jaurtiketari. Zaku bete gol jasota joango da Osasuna geldialdira. Badu zertaz
|
2023-10-8
|
https://www.berria.eus/albisteak/233741/istiluak-izan-dira-alaveseko-eta-betiseko-zaleen-artean-eta-lagun-bat-atxilotu-dute.htm
|
Kirola
|
Istiluak izan dira Alaveseko eta Betiseko zaleen artean, eta lagun bat atxilotu dute
|
Beste hainbat ere identifikatu dituzte. Kalteak eragin dituzte taberna batean. Bi taldeek arratsaldean jokatuko dute elkarren aurka, Mendizorrotzan.
|
Istiluak izan dira Alaveseko eta Betiseko zaleen artean, eta lagun bat atxilotu dute. Beste hainbat ere identifikatu dituzte. Kalteak eragin dituzte taberna batean. Bi taldeek arratsaldean jokatuko dute elkarren aurka, Mendizorrotzan.
|
Alaveseko eta Betiseko zaleak elkar joka aritu dira gaur goizean Gasteizen. Emaitza: hainbat zauritu, atxilotu bat, eta kalteak taberna bateko terrazan. Bi taldeek gaur arratsaldean jokatuko dute elkarren aurka (18:30), Mendizorrotzan.
11:40ean hasi dira istiluak. Lehenik, Abendaño auzoko taberna baten barruan, eta, jarraian, haren kanpoaldean. Elkarri aulkiak eta mahaiak bota dizkiete.
Ertzaintzak eta Udaltzaingoak esku hartu dute, zaleak sakabanatzeko. Atxilotu dutenari autoritatearen aurkako erasoa egotzi diote, eta beste hainbat ere identifikatu dituzte. Besteak beste, labanak eta makilak kendu dizkie Poliziak.
Alavesek gertatutakoa gaitzetsi du ohar labur baten bidez. Klubak esan du «edozein indarkeria mota» gaitzesten duela, «are gehiago futbolarekin zerikusirik ez duten ekintzak badira».
Beste behin
Ez da Betiseko ultrek Euskal Herrian arazoak sortu dituzten lehen aldia. 2022ko apiriliean, adibidez, Ertzaintzak baieztatu zuen Alaveseko zaleek parte hartu zutela Donostian Betiseko eta Realeko ultren artean izandako liskar batean. 2015. urtean ere izan ziren istiluak Gasteizen.
|
2023-10-8
|
https://www.berria.eus/albisteak/233742/nafarroa-oinez-en-lurralde-osoan-euskara-ofizial-izan-dadila-aldarrikatu-dute.htm
|
Gizartea
|
Nafarroa Oinez-en lurralde osoan euskara ofizial izan dadila aldarrikatu dute
|
Etxarri-Aranatzen ari dira ospatzen Nafarroako Ikastolen aldeko jaia. Hasiera ekitaldiko aldarri nagusia izan da ofizialtasunarena.
|
Nafarroa Oinez-en lurralde osoan euskara ofizial izan dadila aldarrikatu dute. Etxarri-Aranatzen ari dira ospatzen Nafarroako Ikastolen aldeko jaia. Hasiera ekitaldiko aldarri nagusia izan da ofizialtasunarena.
|
«Nafarroan bizi diren pertsona guztien eskubide linguistikoak errespetatzea bermatu behar dugu, besteak beste, hezkuntza euskaraz jaso ahal izatearena. Euskal hiztunok euskara Europan ofizial izatea merezi dugu, eta, nola ez, Nafarroa osoan ere bai». Izaskun Errazkin Etxarri-Aranazko Andra Mari ikastolako zuzendariordearen hitzak dira, gaur ospatzen ari diren Nafarroa Oinez jaiaren hasiera ekitaldian esandakoak.
Errazkinenekin batera, hitza hartu dute Maria Saez de Albeniz alkateak, Nafarroako Gobernuko Ana Ollok eta Elena Zabaletak, Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakariak. Haiez gain, Geroa Baiko eta EH Bilduko ordezkari politiko ugari izan dira ekitaldian.
Zabaletak, euskara Nafarroa osoan ofizial izan dadila aldarrikatzeaz gain, ikastolen konpromisoan egin du azpimarra: «Ikastolak Nafarroa osoan zabalduta gaude, eta, haizea alde ala kontra izan, hura mantenduko dugu. Lerro gorriak gaindituko ditugu: euskaraz hazi eta hezi nahi dutenei eskubide hori bermatuko diegu».
Ikusi gehiago: «Ikastolen eta ofizialtasunaren festa izan dadin nahi dugu»
Ollok, berriz, euskararen zonifikazioa gainditzeko erronka izan du hizpide. Adierazi du «aldarrikapen demokratikoa eta justua» dela, baina, gaur egun, Nafarroako Parlamentuan ez dagoela hori onartzeko behar den gehiengorik. Horregatik, esan du euskara sustatzeko abagune bakoitza baliatu behar dela, eta ikastolen lana goraipatu du: «Asko dugu egiteko, baina egindako lanari aitortza egin behar zaio».
Lekuko aldaketa irudikatzeko ekitaldia ere egin dute Etxarriko kultur etxean: datorren urtean Zangoza ikastolak antolatuko du festa. Gainera, parada baliatu dute Jexux Senarri eta Irene Lopez-Goñiri omenaldi bat egiteko, haien ibilbide profesionarengatik.
Ekitaldi ugari
Eguraldi onak lagunduta, jende ugari elkartu da Etxarri-Aranatzen. Antolatzaileen arabera, «sentsazioak oso onak izaten ari dira, eta egindako lanak merezi du».
Ibilbidea ia hiru kilometro luze da, eta hiru gunetan banatuta dago. Hirurak, herrian bertan: Utzubar Txiki, Arluzepe eta Batzeta. Horietan, zuzeneko musika emanaldiak izaten ari dira: besteak beste, Trikiteens, Nafarroa 1512, Gozategi, Alerta Gorria, Trikidantz, Alarma Morea, DJ Bull eta The Potes taldeak ari dira oholtza gainean. Gainera, aurtengo Nafarroa Oinez-en abestiaren musikagile Joseba Tapia zuzenean ikusi eta entzuteko parada izango da.
Zuzeneko musikarekin gozatzeaz gain, gazteek Erronkan parte hartu dute.
Urtero bezala, BERRIAk bat egin du Nafarroa Oinez festarekin, eta hainbat jarduera antolatu ditu, Andra Mari ikastolarekin elkarlanean. Atzo, esate baterako, Oinez-en bezperako jaialdia egin zuten herriko plazan. Gaur, berriz, Erronka jolasa prestatu du BERRIAk.
|
2023-10-8
|
https://www.berria.eus/albisteak/233743/israelgo-armadak-berreskuratu-egin-ditu-hamasek-hartutako-eremu-gehienak.htm
|
Mundua
|
Israelgo armadak berreskuratu egin ditu Hamasek hartutako eremu gehienak
|
Hamasen erasoek gutxienez zazpiehun israeldar hil dituzte. Israelek Gaza bonbardatzen jarraitzen du, eta 413 palestinarretik gora hil ditu kontraerasoan.
|
Israelgo armadak berreskuratu egin ditu Hamasek hartutako eremu gehienak. Hamasen erasoek gutxienez zazpiehun israeldar hil dituzte. Israelek Gaza bonbardatzen jarraitzen du, eta 413 palestinarretik gora hil ditu kontraerasoan.
|
Ezusteko eraso bat abiatu zuen Hamasek atzoko ordu txikietan. Inoiz ez bezalakoa da, airekoa, itsasokoa eta lurrekoa: besteak beste, 5.000 suziritik gora jaurti zituzten Gazatik, eta dozenaka milizianok une hori baliatu zuten muga pasatu eta zenbait herriren kontrola bereganatzeko. Hango hedabideen arabera, militarrak bahitu eta hil zituzten —tartean, komandanteak, organizazio politiko islamistak esan duenez—, eta, denera, behin-behineko datu ofizialen arabera, gutxienez zazpiehun israeldar hil dituzte, eta 2.200 baino gehiago zauritu. Beste ehun inguru bahituta daude. Jihad Islamikoa ere oldarraldira batu zen —baieztatu du 30 lagun dituela bahituta—, «batailaren» parte dela ziurtatuta. Hori ikusirik, Israelgo armadak gerra egoera deklaratu zuen.
Kontraerasoa ez da nolanahikoa izan. Israelek jada berreskuratu ditu atzo palestinarrek hartutako eremuetatik 29, eta Gaza bonbardatzen jarraitzen du, Burdinazko ezpata deitu dioten operazioan. Hainbat hiritan borrokan jarraitzen dute —Sderoten eta Beerin, besteak beste—, eta, tokiko hedabideen arabera, biktima asko izan dira.
Gazako osasun iturrien behin-behineko datuen arabera, gutxienez 413 palestinar hil ditu bonbardaketetan, eta beste 2.300 zauritu. Gainera, Israelek jakinarazi du ebakuatu egingo dituztela Gazatik gertu bizi diren israeldarren komunitate guztiak, «segurtasunagatik». Ondorioztatzekoa da, beraz, erasoak gogortuko dituztela. Etengabe ari dira eremua bonbardatzen atzotik.
Zehazki, Israelgo hegazkinek ustez Hamasenak diren 426 eraikini egin diete eraso; tartean base militarrei, arma biltegiei eta tunelei. Denera zortziehun helburu jo dituztela azpimarratu dute. Oraingoz ez dute erasorik egin lurretik. Gazako Osasun Ministerioak, ordea, ospitaleen aurka eraso egitea egotzi dio Israeli, baita hiru osasun langile hil eta bost anbulantzia suntsitzea ere.
Hamasen adar militarreko —Izz ad-Din al-Qassam Brigadetako— buru Mohammed Deifek bideo batean azaldu duenez, operazio militarrak hainbat arrazoi ditu: batetik, «erantzun bat» da, Jerusalemgo Meskiten Zelaigunearen kontrako «erasoen» aurkakoa; eta, bestetik, preso palestinarren egoera geroz eta okerragoaren ondorio bat —horietako batzuk gose greban daude—. Gerora, Ghazi Hamad Palestinako organizazio politiko islamistaren bozeramaileak Al-Jazeera telebista kateari esan dio atzo abiaturiko operazioa «mezu bat» ere badela Israelekin harremanak normalizatzen ari diren herrialde arabiarrentzat: «Uste dut hori egitea lotsagarria dela haientzat». Hain justu, hilabeteak dira Saudi Arabia negoziatzen ari dela hori egiteko.
Gaza ez da Israel bonbardatzen ari den leku bakarra: Libano hegoaldeari ere eraso egin dio. Izan ere, Hezbola talde xiitak gaur goizean bere gain hartu du Israelen aurka egindako eraso bat. Israelgo hedabideek baieztatu egin dute Libanon eraso hori izan dela, baina ez dute xehetasun gehiagorik eman.
Atzo, erasoaren eskalak eta koordinazioak, eta lehen erreakzioek agerian utzi zuten Israelgo zerbitzu sekretuek ez zutela horren arrastorik, eta gobernuak eta armadak erantzuna inprobisatu behar izan zutela. «Etsaiak inoiz ez bezala ordainduko» duela adierazi zuen Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, eta herritarrei esan zien «gerran» daudela, eta gatazka hori «irabazi» egingo dutela. Horretarako, zera jarri zuen helburutzat Netanyahuk: erasoa jasan duten eremuetan «bakea eta segurtasuna berriz ezartzea», eta zona horiek «infiltraturiko etsaiez garbitzea».
Israelgo oposiziotik, Yair Lapid gobernuburu ohiak batasun gobernu bat eratzea proposatu zion lehen ministroari, betiere eskuin muturreko alderdiak koaliziotik botatzen baditu, eta Netanyahuren Likud alderdiak baiezkoa erantzun zion. Hori baino lehen, gobernuak jakinarazi zuen Gazarako elektrizitate hornidura etetekoa zela.
Zisjordanian, PAN Palestinako Aginte Nazionalak premiazko bilkura bat egin zuen, eta PANeko presidente Mahmud Abbasek «terrorismotik eta okupazio indarretatik» defendatzeko eskubidea aldarrikatu zuen. Palestinari «babes emateko» beharraz ere aritu zen, eta «duintasuna berreskuratzeko» erasoalditzat deskribatu zuen Gazako milizien operazio militarra, Al-Aqsa uholdea deiturikoa. Gainera, PANen segurtasun indarrei «palestinar guztiak babesteko» agindua eman zien.
Hamasen eta Israelgo goi kargudunen adierazpenak ikusirik, badirudi gatazka armatuak luze iraungo duela.
Babesa berretsi
Nazioartean, atzoko erreakzioei segida eman diete lider politiko gehienek. Joe Biden AEBetako presidenteak berriro hitz egin du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin, «baldintzarik gabeko babesa» adierazteko. Ordu batzuk lehenago, Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak Israeli laguntza militar gehiago bidaltzea onartu du.
Netanyahurekin harremanetan da Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea ere. Israelgo lehen ministroaren arabera, ez da izan babesa helarazi dion Europako agintari bakarra. Aipatu ditu, besteak beste, Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra, Giorgia Meloni Italiako lehen ministroa eta Rishi Sunak Erresuma Batukoa.
Beste aldean, Iran da Palestinari babesa helarazten ari zaion herrialde nagusia. Ebrahim Raisi presidenteak berretsi du «Palestinako nazioaren defentsa» zilegizkoa dela, eta komunitate islamikoari eskatu dio palestinarren borroka babesteko.
Bide horretan, Palestinak ezohiko bilkura bat eskatu dio Liga Arabiarrari. Brasilek ere NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseilua bildu du; herrialde horrek du hango presidentetza. Gaur bertan egingo dute bilera.
Maiatzeko erasoaldia
Atzo abiaturiko borrokaren aurretik, azken talka armatua joan den maiatzekoa izan zen, Israelgo armadak Jihad Islamikoaren kontrako Ezkutua eta gezia operazioa abiatu zuenekoa —hilketa «selektiboen» zerrendan jasotako izenak zituen helburu—. Bost egun iraun zuen, eta 30 palestinar baino gehiago hil zituzten tarte horretan; biktima guztiak ez ziren talde armatuko kideak, zibilak izan baitziren gehienak, adingabeak tartean. Egiptok lortu zuen bi aldeek menia adostea.
Baina baliteke atzokoa iragan maiatzekoa baino handiagoa bilakatzea, eta antza izatea 2021eko maiatzean gertaturikoarekin, edo hura ere gainditzea. Hamar egun iraun zuen borrokak orduan, eta Israelgo armadak gutxienez 230 palestinar hil zituen Gazan, eta 1.700dik gora zauritu; kalte materialak ere handiak izan ziren, bonbardaketek 264 milioi euroren kalteak eragin baitzituzten, Gazako Informazio Ministerioaren datuen arabera. Israelen, berriz, hamabi lagun hil eta 336 lagun zauritu zituzten Hamasen suziriek.
Jerusalemgo Al-Aqsa meskitaren inguruan izandako tentsioaren ondorioz piztu zen indarkeria hori duela bi urte inguru, eta oraingoan ere horrek eragin du Palestinako milizien erasoa.
|
2023-10-8
|
https://www.berria.eus/albisteak/233744/realak-penalti-eztabaidagarri-baten-ondorioz-galdu-du-atleticoren-aurka.htm
|
Kirola
|
Realak penalti eztabaidagarri baten ondorioz galdu du Atleticoren aurka
|
Txuri-urdinek bigarren zati ona egin dute, baina erabakigarria izan da epailea. Lau garaipen jarraian zeramatzaten.
|
Realak penalti eztabaidagarri baten ondorioz galdu du Atleticoren aurka. Txuri-urdinek bigarren zati ona egin dute, baina erabakigarria izan da epailea. Lau garaipen jarraian zeramatzaten.
|
Zapuztuta. Horrelaxe agertu dira Realeko jokalariak gaur Madrilen jokatu duten partidaren ostean. Lehen zatian hobea izan da Atletico Madril, baina bigarrenean nagusitu egin dira txuri-urdinak. Epailearen bi erabakik, ordea, azken erabakia baldintzatu dute: epaileak ondorioztatu du ez zela penaltia Moratak bere arean eskuarekin baloia ukitu duen jokaldi bat, baina Carlos Fernandezi besoan jo dionean, ez du zalantzarik egin. Griezmannek sartu du penaltia. Amaieran, 2-1.
Salzburgoko hamaikakoa errepikatu du Imanol Alguacilek. Jokalariek bost egun izan dituzte atseden hartzeko, eta orain, gainera, bi asteko etenaldia izango dute ligan, selekzioen partidak direla eta. Oriokoak, beraz, onenak zelairatu ditu.
Lehen zatian, ordea, ez ohikoa gertatu da: markagailuan atzetik hasi da Reala. Azken 11 partidetan ez zitzaion gertatu hori. Kokek pase zoragarria egin dio Samu Linori Traoreren bizkarrera, eta brasildarrak ederki amaitu du jokaldia atzean itxaron dion Remiroren aurrean.
Reala hegaletatik saiatu da min egiten, Barrenetxearen eta Kuboren bidez, baina gaur lan zaila zuten. Atleticok jokalari asko jarri ditu euren gainean, eta ez du ia zulorik topatu Realak. Salbuespena, atsedenaldia heltzear zela: Kubok barnealdera jo du, erdiratu egin du baloia, eta Oiartzabalek kanpora bidali du burukada. Hori izan da Realak izan duen aukera argi bakarra.
Realaren minuturik onenak
Atsedenaldiaren ostean aldatu da partida. Realak, modu batera edo bestera, asmatu du Atleticori min egiteko modua. Aukera argiegirik sortu gabe —Oiartzabalek zutoinera bidali duen bat kenduta—, baina geroz eta gehiago iristen zen madrildarren areara. Alguacilek Pacheco, Zakharian eta Carlos sartu ditu Le Normand, Merino eta Kuboren tokian, eta aldaketek eman diote freskotasuna taldeari.
67. minutuan, lehen jokaldi eztabaidagarria. Braisek buruz errematatu du korner bat, eta baloiak Morataren eskuan jo du Oblakek hura jaso aurretik. VAR-ak deitu dio Munuera Montero epaileari, baina hark, jokaldi hamaika aldiz ikusi ostean, ez zela penaltia erabaki du.
Azkenean kontraeraso batean heldu zaio saria Realari. Zakharianek Carlosi eman dio baloia, eta Sevillakoak bikain ikusi du Oiartzabal beste aldean. Bikaina izan da eman dion pasea, baina are eta hobea kapitainaren kontrola eta jaurtiketa. Ezin izan du ezer egin Oblakek.
Golaren ostean ere gehiago ziren txuri-urdinek, baina epaileak 89. minutuan adierazi duen penaltiari esker bigarrena sartu du Atleticok. Nork, eta Griezmannek. Hortxe amaitu da realzaleen ametsa.
Atletico: Oblak; Azpilikueta (Savic, 78'), Witsel, Hermoso; Koke, Llorente (Riquelme, 71'), De Paul (Saul, 71'), Molina, Lino (Galan, 78'); Griezmann eta Morata.
Reala: Remiro; Traore, Zubeldia, Le Normand (Pacheco, 64'), Aihen; Zubimendi, Merino (Zakharian, 64'), Brais; Kubo (Carlos, 64'), Barrenetxea (Andre Silva, 90') eta Oiartzabal (Sadiq, 90').
|
2023-10-8
|
https://www.berria.eus/albisteak/233745/berako-gazte-bat-hil-da-sakelakoa-kargatzen-ari-zela-hura-lehertuta.htm
|
Gizartea
|
Berako gazte bat hil da sakelakoa kargatzen ari zela hura lehertuta
|
Lo zegoela egin du eztanda telefonoak. Gurutzetako ospitalera eraman dute, baina zaurien ondorioz hil da.
|
Berako gazte bat hil da sakelakoa kargatzen ari zela hura lehertuta. Lo zegoela egin du eztanda telefonoak. Gurutzetako ospitalera eraman dute, baina zaurien ondorioz hil da.
|
Istripu lazgarria gertatu da Beran (Nafarroa): 25 urteko gazte bat hil da, lo zegoela haren sakelakoa lehertuta. Gau mahaian zuen telefonoa, kargatzen. Larrialdi zerbitzuek Gurutzetako ospitalera (Barakaldo, Bizkaia) eraman dute helikopteroz, baina hil egin da, zaurien ondorioz.
Guardia Zibilak 14:20ak aldera jaso du abisua. Leherketak sua piztu du, eta erre egin da biktima lo zegoen ohea. Hari erredura larriak eragin dizkio. Poliziak lehen arta eman dio osasun zerbitzuak heldu bitartean, eta haiek erabaki dute gaztea ospitaleratzea. Gurutzetako ospitaleak unitate berezi bat du erredurak tratatzeko, baina ezin izan dute ezer egin. Iluntzean baieztatu dute heriotza.
|
2023-10-11
|
https://www.berria.eus/albisteak/233746/israelek-esan-du-gazaren-setioari-eutsiko-diola-hamasek-bahituak-askatu-arte.htm
|
Mundua
|
Israelek esan du Gazaren setioari eutsiko diola, Hamasek bahituak askatu arte
|
Egipto Rafahko korridorea eskaini du laguntza humanitarioa bideratze aldera, baina aurreratu du ez duela pasabidea zabalduko palestinarren irteerarako. Israelek bonbardaketekin jarraitu du, eta gutxienez 151 palestinar hil ditu gaurko erasoetan.
|
Israelek esan du Gazaren setioari eutsiko diola, Hamasek bahituak askatu arte. Egipto Rafahko korridorea eskaini du laguntza humanitarioa bideratze aldera, baina aurreratu du ez duela pasabidea zabalduko palestinarren irteerarako. Israelek bonbardaketekin jarraitu du, eta gutxienez 151 palestinar hil ditu gaurko erasoetan.
|
Israelen eta Hamasen arteko gerraren seigarren egunean, Gazak erabat blokeatuta jarraitzen du, eta Israelek segitzen du zerrenda bonbardatzen. Goizaldean, Israelgo armadak jakinarazi du «eskala handiko eraso bat» hasi duela. Tokiko hedabideen arabera, 151 palestinar hil dira gaurko erasoaldietan. Baina bonbek bezainbesteko kezka piztu du Israelek joan den larunbatetik Gazako herritarrei ezarri dien erabateko setioak. Israelek blokeatuta du eskualdea 2007tik, joan-etorriak ia erabat debekatzen dituzten kontrol neurri zorrotzekin, baina Hamasek Israeli egindako erasoaren harira, guztiz isolatu du Gaza. Atzo goizetik argindarrik gabe dago, zerrendako zentral elektriko bakarrari erregaia agortu zaiolako. «Gazan ez dute ez urik, ez janaririk, ez argindarrik izango», iragarri zuen Israelgo Gobernuak herenegun.
Israelgo Energia ministro Israel Katzek gaur adierazi du setioari eutsiko diotela Hamasek larunbatean Israelen bahitutako herritarrak askatzen ez dituen bitartean. «Laguntza humanitarioa Gazan? Ez da elektrizitaterik, ur edangarririk eta erregairik izango bahitu israeldarrak etxera itzuli arte», esan du X sare sozialean. Israelgo armadak baieztatu du talde islamistak gutxienez 97 pertsona dituela gatibu. Orotara, ehun eta 150 artean izan daitezkeela uste dute.
NBE Nazio Batuen Erakundeak herenegun ohartarazi zuen Gazako herritarrek «berehala» nozitzekoak direla edateko uraren eskasia; are, gaur adierazi du 650.000 lagunek dutela ur eskasia Gazan. Argindarrik gabe egoteak, gainera, nabarmen zaildu du «oinarrizko zerbitzuak eta baliabideak» herritarrei eskaintzea. Argindarrik gabe, ospitaleetan «larrialdietarako sorgailuekin» ari dira lanean. Gazako Osasun Ministerioak esan du osasun zerbitzuak «etapa kritikoan eta kolapso egoeran» daudela.
ICRC Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak adierazi du «ordu gutxi» geratzen direla Gaza erregairik gabe geratzeko, eta, hori ez ezik, Gazako bost ur instalazioetako hiruk ez dutela funtzionatzen. Gazako Osasun Ministerioak nabarmendu du «berehalako desastre humanitario baten arriskua» dagoela Gazan.
Israelgo blokeoaren ondorioz, Gazako biztanleen —2,3 milioi— %80ri ezinbestekoa zaio laguntza humanitarioa jasotzea, bizirauteko. Zenbait gobernuz kanpoko erakunderen esanetan, elikagai biltegiak hustuta geldituko dira hamar eguneko epean Israelek laguntzarako korridore bat zabaltzen ez badu. NBEk hala egiteko eskatu badio ere, Tel Avivek berretsi du setioari eutsiko diola, «Hamasen mehatxua ezabatu arte». Munduko Elikadura Programak ohartarazi du ura eta elikagaiak «oso azkar» agortzen ari direla.
Egipto prest agertu da giza laguntza helarazten laguntzeko, Rafahko korridorearen bitartez. Gaza hegoaldean dago, eta hura da Israelen esku ez dagoen Gazako muga pasabide bakarra. Hala ere, Kairok ohartarazi du korridorea ez dagoela erabilgarri, Israelek bonbardatu duelako. Gazatik 45 kilometrotara dagoen Egiptoko Al Arish aireportua prestatu du Kairok laguntza humanitarioa jasotzeko, eta hiru hegaldiren zain dago: Qatarretik irtengo dira bi hegazkin eta beste bat Jordaniatik.
Egipto giza laguntzarako bidea zabaltzeko gertu dagoen arren, argi utzi du ez dutela zibilentzako korridore bat irekiko, «palestinarren exodoa» eragingo lukeelako, eta horrek «kalte» egingo liokeelako «Palestinako auziari». Hamas ere neurri horren kontra agertu da, Gazako herritarren «desplazamendua» eragingo lukeelako, eta «palestinarrak beren aberria uztera behartuko» lituzkeelako. NBEren datuen arabera, Israelen bonbardaketek 340.000 barne desplazatu inguru utzi dituzte oraingoz. Atzoko datuen aldean, 75.000 lagun gehiagok egin dute beren etxeetatik ihes.
«Neurriko» erantzuna
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa eta Antony Blinken AEB Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkaria bildu dira gaur Tel Aviven, eta Blinkenek berretsi egin du AEBek Israeli ematen dioten babesa: «Hemen gaude. Ez gara inora joango. Beti zuen ondoan izango gara». Netanyahuk eskertu egin dio «Hamaseko barbaroen aurka» egiteko ematen dion laguntza: «ISIS zanpatua izan zen bezala, zanpatua izan behar du Hamasek». Gainera, Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallant NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearekin bildu da gaur. «Israel ez dago bakarrik», esan du Jens Stoltenberg idazkari nagusiak.
Stoltenbergek Israeli «bere burua defendatzeko» eskubidea aitortu arren, atzo zehaztu zuen «erantzuna neurrikoa» izatea espero zuela, eta «garrantzitsua» dela «zibil errugabeen» heriotzak eragoztea. Antzera mintzatu da gaur Blinken, Netanyahuren aurrean. «Inporta du Israelek nola erantzuten duen». AEBetako Segurtasun idazkari Lloyd Austinek espero du Israelgo armadak «zuzen» jokatzea, baina argitu du Etxe Zuriak ez diola inolako baldintzarik jarri Tel Avivi laguntza militarra emateko. «Armada profesional bat da, buruzagi profesionalek gidatua». Israelgo zenbait hedabideren arabera, Pentagonoko burua Israelera bidaiatzekotan da, bihar.
PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbas Jordaniako errege Abdullah II.arekin bildu da, eta zibilen kontrako erasoak gaitzetsi ditu, «bi aldeetan». Abbasek Israeli eskatu dio Gaza bonbardatzeari uzteko, eta baimendu dezala laguntza humanitariorako sarrera. Horrez gain, esan du PANek Palestina Askatzeko Erakundearen ildo politikoari jarraitzen diola, eta erakunde hori dela «Palestinako herriaren ordezkari zilegi bakarra». Nabarmendu du PAEk uko egin ziola indarkeriari, eta nazioarteko zuzenbidea, erresistentzia baketsua eta ekinbide politikoa onartzen dituela soilik Palestinaren helburu nazionalak lortzeko. Abbas Blinkenekin biltzekoa da bihar, Jordanian.
Palestinako giza eskubideen aldeko Al-Haq erakundeak gaitzetsi egin du Mendebaldeak azken egunetako gertaeren aurrean izan duen erreakzioa. AEBek, Erresuma Batuak, Alemaniak, Frantziak eta Italiak Hamasen erasoak salatzeko astelehenean kaleratu zuten adierazpen bateratua kritikatu du. Idatzia izenpetu zuten herrialdeek prestutasuna agertu zuten «Israel bere burua defendatzeko gai dela bermatzeko». Al-Haqen iritziz, adierazpen horrek ez ikusiarena egiten die «gatazkaren erroko kausei», eta ez du aintzat hartzen «Hamas eta Palestinako beste erresistentzia mugimendu batzuk Israelen okupazioaren ondorio» direla. Bestetik, salatu du ez dela onargarria Israelen erasoa defentsarako ekintza zilegi gisa aurkeztea. «Israel Palestinako lurraldea okupatzen ari da modu beligerantean. Apartheid erregimen koloniala hedatzen ari da Palestinako lurralde okupatuetan, Palestinarrak Gazatik indarrez lekualdatzen saiatzen ari da jazarpen baldintzen bitartez, urratsez urrats Palestina historikoko lurralde gehiago eskuratzeko». Al Haq-ek dei egin die hirugarren estatuei elkarlanean jardutera, «Israelek nazioarteko zuzenbidea modu jarraituan urratzearen ondorioz sortu den egoera amaitze aldera», eta gaitzetsi egin du AEBek Israeli laguntza militarra emateko hartu duen erabakia.
NBEren aditu independente talde batek Israelen erasoak salatu ditu adierazpen batean, eta nabarmendu du «zigor kolektibo bat» ari zaiela ezartzen Gazako herritarrei. «Ez dago inolako justifikaziorik zibil errugabeen aurkako indarkeriarentzako, izan Hamasen edo Israelgo indarren aldetik. Erabat debekatuta dago nazioarteko zuzenbidean eta gerra krimen baten parekoa da». Arabiar Ligak ere palestinarren kontrako «zigor kolektiboa» egotzi zion Israeli, atzo egin zuen bilkuran.
Israelgo presidente Isaac Herzogek gaur nabarmendu du gerra «luzea» izango dela, eta Israelgo armadak adierazi du uste duela Hamas ere «prest» dagoela gerra luze baterako. Larunbatean Hamasek egindako erasoari buruz, hau esan du: «Holokaustotik ez dituzte hil hainbeste judu egun bakar batean». Gainera, gatazka sakontzeko arriskuan da. Beste dimentsio bat hartuko du epe motzera, Gallantek asteartean iragarri zuenez: Israelgo armada «eraso integral bat» ari da prestatzen. Ofentsiba airetik hasiko dutela azaldu zuen, eta, «aurrerago», lurretik ere egingo dutela. Gaur esan du lurreko erasoa Israelen helburuak betetzeko egokia denean abiatuko dutela. Israelgo armadaren bozeramaile Daniel Hagaren arabera, Gazarekin muga egiten duen «komunitate bat ere» ez dago soldadu israeldarrik gabe. Hamasek, berriz, adierazi du ez duela lurreko eraso baten «beldurrik», eta «indartsu» daudela: «Lurreko erasoak kostu handia izango du Israelentzat».
Bonbardaketak
Gaza iparraldean gogortu dira erasoak bart, eta etxe ugari suntsitu dituzte Israelgo armadak jaurtitako bonbek, baita Gaza mendebaldeko errefuxiatuen esparru bat ere. Gazako epaitegia eta eraikitzen ari diren portu berria ere bonbardatu ditu Tel Avivek, eta gerra itsasontziak zerrendaren kostaldeari eraso egiten ari dira. Israelgo armadak adierazi du larunbatean haien lurraldean sartu ziren Hamaseko kideek egoitzak bonbardatu dituela. Gainera, GKE gobernuz kanpoko erakundeek salatu dute Israelek fosforo zuridun munizioa jaurti dutela Gazara: erredura larriak eta arnasketan arazoak eragiten ditu, eta hori erabiltzea «gerra krimentzat» jotzen du nazioarteko zuzenbideak. Zisjordanian ere bi palestinar hil ditu gaur Israelek.
Bestalde, Hamasen adar militarrak gaur goizean iragarri du misilak jaurti dituztela bart Israelera, «Gazako zibilen hilketengatik». Gaur Sderot hiriari egin diote eraso, eta lau lagun zauritu dituzte gutxienez. Gainera, Jerusalem kanpoaldeko Beit Xemex hirian —Israelen menpe dago— misil bat erori dela iragarri dute Israelgo hedabideek.
Erasoaldiaren mehatxupean, borrokak beste fronte batzuetara zabaltzen ari dira. Herenegun goizaldean, Libanotik Israelera zenbait misil jaurti zituzten. Hezbollah miliziak bere gain hartu zuen, argudiatuta Israelek taldeko hiru kide hil zituela astelehenean. Erantzun gisa, Libano hegoaldea bonbardatu zuen Israelek. Gaur, berriz, Siriak salatu du Israelgo armadak eraso egin diela Damasko hiriburuko eta Alepoko aireportuei, eta biak zerbitzua eman ezinik gelditu direla.
Larunbatetik hona gutxienez 1.400 palestinar hil eta 6.000 zauritu ditu Israelgo armadak, Gazako Osasun Ministerioaren arabera —horietatik 447 adingabeak—. Israelek jakinarazi duenez, bere aldean gutxienez 1.200 lagun hil dituzte, eta 3.300 baino gehiago dira zauritutakoak. Erasoaren tamainaren adierazle, datu hau: Bigarren Intifada osoan (2000-2005) Palestinako indarrek hil zituzten israeldarren kopuru bertsua hil du azken hiru egunetan Hamasek —1.010 hildako israeldar izan ziren Bigarren Intifadan, eta 2.700-3.200 palestinar—. Gazan ez ezik, Zisjordanian ere izan dira hildakoak. Gutxienez, 27: gehienak Israelgo indarren erasoetan, eta beste zenbait kolonoek egindakoetan.
Larrialdi gobernu bat osatzea adostu zuten atzo Netanyahuk eta oposizioko kide eta Defentsa ministro ohi Benny Gantzek. Haien hitzetan, alde batera utzi dituzte «diferentzia politikoak», gatazka «elkarrekin kudeatzeko».
|
2023-10-9
|
https://www.berria.eus/albisteak/233747/ibai-amillategi-nagusitu-da-bizkaiko-bertsolari-txapelketako-bigarren-kanporaketan.htm
|
Kultura
|
Ibai Amillategi nagusitu da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren kanporaketan
|
479 puntu bildu zituen Gernika-Lumon jokatu zen saioan. Finalaurrekoetan izango da.
|
Ibai Amillategi nagusitu da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren kanporaketan. 479 puntu bildu zituen Gernika-Lumon jokatu zen saioan. Finalaurrekoetan izango da.
|
Atzo arratsaldean jokatu zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren kanporaketa, Gernika-Lumoko Lizeo antzokian. Ibai Amillategik irabazi zuen saioa, 479 puntu eskuratuta, eta, hala, zuzenean sailkatu da finalaurrekoetako saioetara. Azaroaren 25ean kantatuko du, Lemoan.
Bittor Altube izan zen bigarren, 472,5 puntu lortuta. Haren ondotik, honela geratu zen sailkapena: Mikel Retolaza (455 puntu), Arkaitz Zipitria (443,5 puntu), Julen Ibarguengoitia (438,5 puntu) eta Iker Garitagoitia (434 puntu).
Hurrengoa, Arrigorriagan
Igandean jokatuko da hirugarren kanporaketa, Arrigorriagako Lonbo aretoan. Honako bertsolari hauek arituko dira kantuan: Garikoitz Sarriugarte, Iker Uriarte, Inazio Vidal, Iruri Altzerreka, Josune Aramendi eta Lurdes Ondaro. Saioko irabazleak ziurtatua izango du hurrengo fasean kantatzeko aukera, eta gainontzekoak, berriz, puntuazioaren arabera sailkatuko dira.
|
2023-10-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/233748/ez-gatoz-paristik-podcasta-emango-du-berriak-gaurtik-aurrera.htm
|
Kultura
|
'Ez gatoz Paristik' podcasta emango du BERRIAk gaurtik aurrera
|
Kulturaren inguruko saioa izango da; Lanartean-ek ekoitzi du, eta Amagoia Gurrutxagak gidatuko du. Sei atal ditu guztira.
|
'Ez gatoz Paristik' podcasta emango du BERRIAk gaurtik aurrera. Kulturaren inguruko saioa izango da; Lanartean-ek ekoitzi du, eta Amagoia Gurrutxagak gidatuko du. Sei atal ditu guztira.
|
Beste podcast bat entzun ahalko da aurrerantzean BERRIAn: Ez gatoz Paristik. Kulturaren inguruko saioa izango da, Lanartean-ek ekoitzia. Gaur izango da entzungai lehen atala, eta guztira sei kapitulu izango ditu. Amagoia Gurrutxagak gidatuko du, eta Ander Mujika izango da soinu errealizazioan.
Ekoizleek azaldu dutenez, saioaren sintonia Iban Urizar Amorante-k egin du, baina ez da izango podcastean parte hartuko duen sortzaile bakarra: saio oro, musikari batek literatur lan batetik abiatutako kantua egingo du. Lehen saioan, Gartxot Usain izango da musikari hori. Horrez gain, atal bakoitzean, kulturan dabiltzan hainbat lagunek hartuko dute parte: testigantzak kontatzen, elkarrizketatuak izaten, iritzia ematen... Atal bakoitzak gai bat izango du hizpide.
Lehen atalaren izenburua zatiketak da. Liburuez eta diskoez jardungo dutela azaldu dute, «metaforikoki bada ere»: «Artefaktuon barrunbeak zatikatu ditugu, sortzaileentzako puska zehazteko ahaleginean. Gure kultur sistemaren bizi indarraren neurgailutzat nola, idazleen, ilustratzaileen eta musikarien egoeraren ispilutzat ere har daitezkeelako».
Estreineko horretan Patxi Zubizarretak emango du iritzia, eta Joseba Baleztena, Eider Eibar eta Miren Narbaiza Mice elkarrizketatuko dituzte. Usainek Gabriel Arestiren Apur dezagun katea eta Orixeren Neretzat ote haiz poesia musikatuko ditu. Eta parte hartuko dute Harkaitz Canok, Felipe Murillok eta Xanti Agirrezabalak ere.
|
2023-10-9
|
https://www.berria.eus/albisteak/233749/azpiazuk-berriz-eskatu-die-bankuei-interes-tasen-igoera-aurrezkien-interesetan-ere-aplikatzeko.htm
|
Ekonomia
|
Azpiazuk berriz eskatu die bankuei interes tasen igoera aurrezkien interesetan ere aplikatzeko
|
Bankuetako ordezkariekin bilera egin dute Pedro Azpiazu eta Javier Hurtado Jaurlaritzako sailburuek. Gogoratu diete euskal bankuek urtebete daramatela atzeratuta gordailuen ordainsariaren aferan.
|
Azpiazuk berriz eskatu die bankuei interes tasen igoera aurrezkien interesetan ere aplikatzeko. Bankuetako ordezkariekin bilera egin dute Pedro Azpiazu eta Javier Hurtado Jaurlaritzako sailburuek. Gogoratu diete euskal bankuek urtebete daramatela atzeratuta gordailuen ordainsariaren aferan.
|
Gordailuen ordainsaria izan da lehen puntua gaur Eusko Jaurlaritzako bi sailburuk bederatzi bankutako ordezkariekin egindako bileran. Izan ere, interes tasen igoera ederki igartzen ari da hipoteketan eta beste maileguetan, baina aurrezkiaren ordainsarietara, berriz, ez da iritsi oraindik. Hori esan die Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak Kutxabank, Laboral Kutxa, Santander, BBVA, Caixabank, Sabadell, Abanca Bankoa, Nafarroako Rural Kutxa eta Bankinter entitateetako ordezkariei.
Azpiazuk uste du tasen igoera islatuko dela azkenean, «baina uste dugu finantza erakundeek orain egin behar dutela hori». Banku batzuek irailean iragarri dute hasiko direla gordailuak ordaintzen, eta, Ekonomia sailburuaren arabera, egia da bankuek eskaintzen dituztela aurrezteko beste aukera batzuk familientzat eta partikularrentzat, «baina pasiboak ordaindu egin behar dira, gaur egungo interes tasa altuekin bat etorriko diren tasetan».
Europan hori jada gertatu dela adierazi die Azpiazuk bankuei. «Europan, gordailuen ordainsaria goraka ari da; halaxe egin dute nazioarteko filialak dituzten banku nazionalek ere, eta aldaketa hori Euskadira ere eramatea espero dugu orain». Sailburuak azaldu nola Europako beste herrialde batzuetan «ordainsari zabala» ematen den, «%3an». Gordailuen ordainsarietan, «EBZren arabera, Espainiak eta Euskadik urtebeteko atzerapena daramate».
Javier Hurtadok, berriz, Kontsumobide kezkatzen duten gaiez hitz egin die bankuen ordezkariei, hala nola lehiatiletan aritzeko trabei buruz, gehiegizko komisioez, kobrantza bidegabeez, kontuak ixteko eragozpenez, eskudirua ateratzeko zailtasunez eta oinarrizko ordainketa kontuak eskaintzeko errezeloez. Gai horiez, Kontsumo sailak 2024rako ikuskapen kanpaina egingo duela iragarri die Hurtadok bankuei.
|
2023-10-9
|
https://www.berria.eus/albisteak/233750/israelen-bizi-den-bilbotar-bat-desagertuta-dago-larunbataz-geroztik.htm
|
Mundua
|
Israelen bizi den bilbotar bat desagertuta dago larunbataz geroztik
|
Desagertua 46 urteko gizon bat da, Bilbon jaioa baina Zarautz-Getariako gurasoen ondorengoa. Hego Euskal Herriko hiriburuetan mobilizazioak antolatu dituzte, Palestinari babesa helarazteko.
|
Israelen bizi den bilbotar bat desagertuta dago larunbataz geroztik. Desagertua 46 urteko gizon bat da, Bilbon jaioa baina Zarautz-Getariako gurasoen ondorengoa. Hego Euskal Herriko hiriburuetan mobilizazioak antolatu dituzte, Palestinari babesa helarazteko.
|
Asteburuan, Hamasek eraso egin dio Israeli ezustean, eta Israelgo armadak gerra egoera deklaratu du. Erasoa gertatuz geroztik, Zarauzko (Gipuzkoa) 46 urteko gizonezko bat desagertuta dago. Israelen bizi zen, Kissufim kibbutzean, bikotekidearekin. El Confidencial hedabideak jakinarazi duenez, palestinarrak gizonaren etxera sartzen saiatu ziren erasoa hasi zenean, eta segurtasun gela batean sartu behar izan zuen bikotekidearekin. Gurasoei deitu zieten, baina poliziak iritsi zirenerako etxea hutsik zegoen, odol arrastorik gabe. Bizi diren kibbutza Gazatik bi kilometro ingurura dago.
Zarauzko Hitza-k zabaldu duenez, Ivan Illarramendi Saizar eta haren emaztea dira larunbateko erasoaz geroztik falta direnak. Jose Manuel Albares Espainiako jarduneko Atzerri ministroak ez du zehaztasun handirik eman, baina familiarekin harremanetan daudela jakinarazi du.
Bilbotarra da sortzez Illarramendi, baina sustraiak Urola Kostan ditu, hedabidearen arabera: aita zarauztarra, eta ama, berriz, getariarra.
Egunkari horrek zehaztu duenez, senar-emazteen etxean ez dute antzeman indarkeria zantzurik, eta bahitu ote dituzten susmoa indartu du horrek.
Euskal Herrian ere isla izaten ari da gatazka, eta Bizkaiko BDS taldeak mobilizazioak antolatu ditu Palestinari babesa eta elkartasuna adierazteko. Hain zuzen, Iruñeko udaletxearen atarian elkartuko dira gaur, 18:30ean; bihar, Bilboko Areatzan, 20:00etan, eta Donostiako Bulebarrean, 19:30ean; eta etzi Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, 19:00etan. Ohar bidez adierazi duenez, herenegun Palestinako herriak 75 urte baino gehiago iraun duen legez kanpoko okupazio baten joko arauak aldatu zituen: «Inoiz ez bezalako operazio batean, Hamasek Gazako zerrenda banatzen duen hesia hautsi zuen, Israelen infiltratu zen, eta hainbat lur berreskuratu zituen, ehunka kolono eta soldadu israeldar hil eta harrapatuz. Horri erantzunez, Israelgo estatu genozidak gerra egoera aldarrikatu zuen, Gazako zerrendaren aurkako bonbardaketak areagotuz. Orain arte laurehun zibil palestinar baino gehiago hil ditu Israelek».
Taldeak gogorarazi du Gaza «blokeo gogorra» jasaten ari dela 2007tik, eta ordutik 6.000 palestinar baino gehiago hil dituztela Israelgo okupazio indarrek hainbat erasotan. Hortaz, Gazak eusteko eskubidea duela uste dute: «Gaza gaur egun ezin da bertan bizi. Hango biztanleriak jasaten duen itomenak legitimoa bihurtzen du okupatzailearen aurkako edozein erresistentzia mota. Are gehiago, erresistentzia eskubidea da, zapaldutako, okupatutako eta bortxatutako herri orok duen eskubidea».
Horiek horrela, nabarmendu dute Euskal Herria palestinarraren alde dagoela: «Ez da gerra bat, baizik eta herri batek Israelen asentamendu kolonialismoaren eta apartheidaren aurka duen erresistentzia da». Halaber, eskatu dute Israeli boikota egiteko, desinbertsioak martxan jartzeko eta zigorrak ipintzeko.
|
2023-10-9
|
https://www.berria.eus/albisteak/233751/iranek-erantzun-du-ez-duela-zerikusirik-gazako-milizien-erasoarekin.htm
|
Mundua
|
Iranek erantzun du ez duela zerikusirik Gazako milizien erasoarekin
|
Teheranentzat, «arrazoi politikoak» daude akusazioaren atzean. AEBek esan dute ez dutela islamiar errepublikaren ustezko parte hartzearen frogarik, «oraingoz».
|
Iranek erantzun du ez duela zerikusirik Gazako milizien erasoarekin. Teheranentzat, «arrazoi politikoak» daude akusazioaren atzean. AEBek esan dute ez dutela islamiar errepublikaren ustezko parte hartzearen frogarik, «oraingoz».
|
Gazako miliziek Israelen kontra abiaturiko erasoak berekin ekarri du arreta jartzea Ekialde Hurbileko aliantzetan eta interesetan ere; batez ere, ofentsibaren tamainagatik eta koordinazioagatik. Hipotesietako bat da talde armatu palestinarrek atzerriko aliatuen babesa jaso zutela joan den larunbatean hasitako erasoaldia prestatzeko, eta guztiak Iranera begira jarri dira, ezinbestean. Teheranek, ordea, esan du ez duela zerikusirik izan horretan.
Irango Atzerri Ministerioaren bozeramaile Nasser Kanaanik, gaur egindako agerraldi batean, adierazi du «arrazoi politikoak» daudela akusazio horren atzean, Teheranek Palestinaren aldeko jarrera duelako eta «erregimen sionistaren porrot handia justifikatu» nahi dutelako. Eta Kanaanik ez du uste Hamasek, Jihad Islamikoak eta beste talde armatuek islamiar errepublikaren laguntza behar dutenik, argudiatuta «nahikoa gaitasun eta borondate» badutela «beren nazioa defendatzeko eta beren eskubideak berreskuratzeko».
The Wall Street Journal egunkariak atzo argitaratu zuen Irango segurtasun agintariek Hamas lagundu zutela joan den larunbatean Palestinako miliziek abiaturiko erasoa prestatzen. Informazio horren arabera, abuztutik aritu ziren plana eztabaidatzen Libanoko hiriburuan, herrialde horretako Hezbollah talde xiitarekin besteak beste, eta Irango Atzerri ministro Hossein Amir-Abdollahianek bileretako bitan parte hartu zuen; hala, astelehenean Beiruten egindako bilkuran adostu zuten erasoaldia hastea, artikulu horrek dioenez.
Hamaseko eta Hezbollahko iturriak aipatuz eman zuen informazio horren berri egunkariak, baina, aldi berean, Palestinako organizazio politiko islamistaren goi kargudun baten esanak jaso zituen, eta hark dio beren kabuz antolatu eta prestatu zutela erasoaldia.
AEB Ameriketako Estatu Batuek ere palestinarren bertsioa defendatu dute. CNN telebista kateari atzo emandako elkarrizketa batean, Antony Blinken Estatu idazkariak adierazi zuen «oraindik» ez dutela Iranen ustezko parte hartzeari buruzko frogarik: «Ez Iranek erasoa zuzendu zuela, edo erasoaren atzean zegoela ere».
Israelek kontrakoa defendatzen du
Edonola ere, Israelek islamiar errepublikari bota dio errua —bi herrialdeak etsaiak dira—, eta iragan asteburuan hainbatetan esan du Palestinako milizien ekintza koordinatuarekin zerikusia duela, zeharka bada ere.
«Badakigu Sirian eta Libanon bilerak egin zituztela», adierazi zuen atzo Israelen Nazio Batuen Erakunderako enbaxadoreak. Palestinako organizazio politiko islamistak, gainera, esan izan du babesa jasotzen duela Iranen partetik, eta, atzo, Ebrahim Raisi presidentea Ismail Haniyeh Hamasen buruarekin eta Ziyad al-Nakhalah Jihad Islamikoarenarekin mintzatu zen.
Iranek Ekialde Hurbilean babesten dituen talde armatuak, oro har, xiitak dira, eta Israelen kontrako erasoaldia hasi dutenak sunitak dira; horren ondorioz, orain arte, Hamasen eta erakunde xiita horien arteko harremana ez da handia izan, baina baliteke orain hori aldatzea. Eta Irango Atzerri Ministerioaren bozeramaileak ohartarazpena bidali du Gazako milizien eta Israelen arteko borroka Ekialde Hurbilera zabalduko balitz ere: mugimendu «ergelik» izanez gero, erantzun «sendoa» emango du.
|
2023-10-9
|
https://www.berria.eus/albisteak/233752/claudia-goldinek-jaso-du-ekonomiako-nobel-saria.htm
|
Ekonomia
|
Claudia Goldinek jaso du Ekonomiako Nobel saria
|
Lan merkatuko genero arrakalen arrazoiak ikertzen egindako lana saritu diote Harvard Unibertsitateko ekonomista estatubatuarrari.
|
Claudia Goldinek jaso du Ekonomiako Nobel saria. Lan merkatuko genero arrakalen arrazoiak ikertzen egindako lana saritu diote Harvard Unibertsitateko ekonomista estatubatuarrari.
|
Munduan emakumeen %50ek parte hartzen dute lan merkatuan, eta gizonezkoen %80k. Eta arrakala horri soldatarena gehitu behar zaio; OCDEko herrialdeetan, emakumeek batez beste %13 gutxiago irabazten dute. Eta emakumeek oztopoak dituzte oraindik ere lidergo postuak lortzeko; kristalezko sabaia deiturikoa.
Nondik datoz, eta zergatik irauten dute genero arrakala horiek? Berdin dio herrialde askotan emakumeek gizonezkoak gainditzea hezkuntzan, edota legediek soldata berdintasuna jasotzea. Oraindik ere hor daude.
Galdera horien erantzunaren bila egin du lan Goldinek, eta aztertu du nola aldatu diren genero arrakalak azken berrehun urteetan AEBetako lan merkatuan. Hori saritu du gaur epaimahaiak Nobel sariarekin. Goldinen ikerketen arabera, emakumeek lan merkatuan izandako parte hartzearen bilakaera ez da beti goranzkoa izan AEBetan. Aldiz, u formako bilakaera izan du. Finean, nekazaritza oinarri zuen gizarte batetik gizarte industrialera igarotzean, XIX. mende hasieran, jaitsi egin zen emakumezko ezkonduek lan merkatuan zuten parte hartzea; gero, XX. mende hasieran, zerbitzuen sektorea indarra hartzen hasi zenean hasi zen berriz handitzen emakumeen presentzia lan merkatuan.
Orduan, emakumeen hezkuntza maila handituz joan zen. Eta gauzak are gehiago aldatzera etorri ziren, Goldinen arabera, antisorgailuak, emakumeei euren karrera planifikatzeko aukera eskaini baitzieten.
Soldata arrakalek, hala ere, hor diraute, eta, Nobel saridun berriaren arabera, neurri batean hezkuntza erabakiak daude haren oinarrian. Hala ere, Goldinek erakutsi du ekonomia aurreratuetan gaur egun soldata arrakalaren zatirik handiena okupazio bereko emakumeen artean gertatzen dela, eta lehen umea jaiotzen denean hasten dela.
|
2023-10-9
|
https://www.berria.eus/albisteak/233753/sarek-itxaropentsutzat-jo-du-jaurlaritzaren-espetxe-eskumenaren-garapena.htm
|
Politika
|
Sarek «itxaropentsutzat» jo du Jaurlaritzaren espetxe eskumenaren garapena
|
Oraindik salbuespenezko espetxe politika aplikatzen bada ere, EAEko espetxe administrazioak «bilakaera geldo» bat izan duela ikusi dute. «Gutxienekoa» iruditzen zaie araua zentzuz eta malgutasunez aplikatzeko eskatzea. Mobilizatzen jarraituko dute, eta urrian ekinaldi bat iragarriko dute, herritar guztien giza eskubideen defentsan oinarritutako elkarbizitzaren aldekoa.
|
Sarek «itxaropentsutzat» jo du Jaurlaritzaren espetxe eskumenaren garapena. Oraindik salbuespenezko espetxe politika aplikatzen bada ere, EAEko espetxe administrazioak «bilakaera geldo» bat izan duela ikusi dute. «Gutxienekoa» iruditzen zaie araua zentzuz eta malgutasunez aplikatzeko eskatzea. Mobilizatzen jarraituko dute, eta urrian ekinaldi bat iragarriko dute, herritar guztien giza eskubideen defentsan oinarritutako elkarbizitzaren aldekoa.
|
Bi urte iragan dira Eusko Jaurlaritzak espetxe politikaren kudeaketa bere gain hartu zuenetik, eta Sarek «itxaropentsutzat» jo du ibilbide hori euskal presoei dagokienez. Oraindik salbuespenezko espetxe politika aplikatzen bada ere, «bilakaera geldo» bat ikusi dute. «Ikusita aurreko egoeran salbuespenak zirela jarduteko arau komuna, eboluzioak balorazio horretara garamatza, non itxaropena zabaltzen baita, hainbat hamarkadatan esparru horretan jasan den bidegabekeriaren aurrean», adierazi dute ohar batean. «Sareren ustez, ezinbestekoa da, ausardiaz eta atzerapenik gabe, egoera normalizatzeko prozesu bati ekitea, bizi dugun aldian kokatuta, gertatutakoaz ezer ahaztu gabe, baina behar diren neurriak hartuta, gainditutako indarkeriaren faseari behingoz bukaera emateko, minik sor ez dadin».
Bi urteko epealdian, Eusko Jaurlaritzak 55 euskal presori onartu die hirugarren gradua, eta Espainiako fiskaltzak helegitea aurkeztu die horietatik 31ri. Espainiako Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak hamalau gradu aldaketa berretsi ditu –sei kasutan, apelazio errekurtsoa aurkeztu du fiskaltzak–, eta beste hamahiru preso bigarren gradura edo espetxera itzuli dira. Lau kasu ebatzi gabe daude oraindik. Sareren iritziz, «positibotzat» jo daiteke Eusko Jaurlaritzako espetxe administrazioa, onartutako errekurtsoen kasuan hirugarren gradura igarotzea proposatu baitute berriro.
Euskal presoen eskubideen aldeko sare herritarrak salatu du salbuespenezko espetxe politika aplikatzen dela oraindik ere. «Duela hogei urte baino gehiago sortu eta onartutako 'terrorismoaren aurkako' borrokan pentsatutako legediak jasaten ari gara, egungo egoerarekin zerikusirik ez duten legediak alegia. Bitxia badirudi ere, gaur egun, 2023ko urrian, ETAk 2011n bere jarduerak bertan behera utzi zituela eta 2018an desegin zela esan beharra dugu oraindik. Eta hori ez da batere logikoa. ETA jada ez da existitzen». egin dute aldarri.
Espetxea eta zigorra
Duela gutxi Jaime Tapia Eusko Jaurlaritzako espetxe gaietarako aholkulariak ETAko kide izateagatik edo erakunde horrekin kolaboratzeagatik zigortutako presoei buruz esandakoa azpimarratu du Sarek. «Baimenak izateko eskubidea badute, izan behar dituzte; erdi-askatasunean irten behar badute, irten egin behar dute, eta lehen ez bazen egiten, beste ikuspegi bat zegoelako zen», adierazi zuen.
Sareren hitzetan, badaude zigorra betetzeko beste modu batzuk, «espetxeko harresien barruan» betetzeaz bestelakoak. «Espetxealdia erdi-askatasunean edo erregimen irekian bete daiteke, eta hori da 'euskal espetxe eredu' deritzonaren ardatz nagusietako bat», adierazi dute. «Arazoa sortzen da jarrera oso kontserbadoreetatik abiatuz 'espetxe zigorra' eta 'espetxean egotearen zigorra' nahasteko joera dagoenean».
Espainiako Estatuko organo juridikoen «jarduera blokeatzaileak» sortzen duen kezka «handia» izanik ere, «oro har aurrera egiten ari gara», Sareren hitzetan. «Aurrerapen hori azkarrago egin nahiko genuke; izan ere, askatasunik gabeko pertsonak dira, urte askoko zigorrak betetzen ari direnak». Hori kontuan hartuta, «aspalditik» egin beharko zitzaien hirugarren gradura igarotzeko proposamena, Sareren ustez. «Ezinbestekoa da, ausardiaz eta atzerapenik gabe, egoera normalizatzeko prozesu bati ekitea».
Agirian adierazi dutenez, askotariko dinamikekin jarraituko dute. «Euskal gizartearen zati gero eta handiago batera» iristeko modua emango dute dinamika horiek, «eskubideen eremuari eragiten dion egoera hau amaitzeko konpromisoa» beharrezkoa dela helarazteko. «Giza eskubideez ari gara», nabarmendu dute. Mobilizatzen jarraituko dutela azpimarratu dute; erran dutenez, urrian bertan ekinaldi bat iragarriko dute, «guztientzako giza eskubideen defentsan oinarritutako elkarbizitzaren» aldekoa.
|
2023-10-9
|
https://www.berria.eus/albisteak/233754/gipuzkoako-eraikinen-eta-lokalen-garbikuntzan-akordioa-sinatuta-bertan-behera-utzi-dute-greba.htm
|
Ekonomia
|
Gipuzkoako eraikinen eta lokalen garbikuntzan akordioa sinatuta, bertan behera utzi dute greba
|
ELAk eta ASPELek %20ko soldata igoera adostu dute. 5.000 langilek dihardute sektorean, eta %90 emakumeak dira.
|
Gipuzkoako eraikinen eta lokalen garbikuntzan akordioa sinatuta, bertan behera utzi dute greba. ELAk eta ASPELek %20ko soldata igoera adostu dute. 5.000 langilek dihardute sektorean, eta %90 emakumeak dira.
|
Gipuzkoako eraikinetako eta lokaletako garbitzaileak greba egitekoak ziren urriaren 17tik 30era, baina bertan behera utzi dute, ituna berritzeko akordio batera iritsi baitira ELA sindikatua eta ASPEL patronala. 2026ra arte egongo da indarrean ituna, eta ELAk lortu du urte horretatik aurrera ere baldintzei eustea, aurrerako eraginaren inguruko klausularen bidez.
Erosteko ahalmena berreskuratzea da akordioaren puntu nagusienetako bat. Izan ere, azken urteetako inflazioa handia izan denez, soldatak %20 igotzea adostu dute sektoreko ia 5.000 langilerentzat. Bestalde, 2022 eta 2025 bitartean pilatutako inflazioa %7,7 baino handiagoa bada 2027an soldatak %3,9 igotzea jaso dute akordioan.
Sektoreko langileen %90 emakumezkoak dira, eta soldata arrakala txikitzeko urrats bat dela uste du ELAk —ordezkaritzaren ia %55 du sindikatu horrek—. Izan ere, garbikuntzaren sektorea ezberdina da lan esparruaren arabera: leku itxien garbikuntza sektore feminizatua da, baina kanpoko garbitzaile gehienak gizonezkoak dira. Azken horiek, orokorrean, baldintza eta soldata hobeak izan ohi dituzte.
Gipuzkoako eraikinetako eta lokaletako garbitzaileak 2018tik dabiltza itun berriaren alde borrokan, eta ordutik hainbat protesta eta greba egin dituzte, gaur akordioa lortu duten arte.
|
2023-10-9
|
https://www.berria.eus/albisteak/233755/hotsein-euskararen-alde.htm
|
Bizigiro
|
'Hotsein' euskararen alde
|
Etxarri Aranatzen antolatutako Nafarroa Oinez bestarekin «oso pozik» daudela adierazi dute Andra Mari ikastolakoek. Eguraldia lagun izanik, jendetza bildu dela esan dute, eta boluntarioen lana goraipatu nahi izan dute. Zangozako ikastolak hartu du lekukoa, eta datorren urteko besta antolatuko dute.
|
'Hotsein' euskararen alde. Etxarri Aranatzen antolatutako Nafarroa Oinez bestarekin «oso pozik» daudela adierazi dute Andra Mari ikastolakoek. Eguraldia lagun izanik, jendetza bildu dela esan dute, eta boluntarioen lana goraipatu nahi izan dute. Zangozako ikastolak hartu du lekukoa, eta datorren urteko besta antolatuko dute.
|
Eguzki izpiak lagun izan zituzten igandean Etxarri Aranatzen (Nafarroa). Urte luze batez aritu dira aurtengo Nafarroa Oinez antolatzen Andra Mari ikastolan, baina egindako lanak bere fruituak eman ditu. Iñigo Orella Andra Mari ikastolako zuzendariak zoriontzeko mezuak jaso ditu asteburuan egondako giroagatik: «Oso pozik gaude, Etxarri Aranatzen sekulako giroa egon baitzen. Milaka pertsona egon ziren, eta jarrera ezin hobea izan zuten».
Hotsein izan da Nafarroa Oinez-en aurtengo leloa, eta bi esanahi ditu hitzak: batetik, zarata egin, eta, bestetik, deitu edo aldarrikatu. Euskararen ofizialtasuna aldarrikatu zuten Etxarri Aranatzen, baita ikasleen aniztasuna ere. Besta gozatzeko eguna izateaz gain, aldarrikapenak zabaltzeko eguna dela gogoratu du Orellak; euskarari bultzada emateko eguna, baita euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan bermatzeko eguna ere, euskaldun guztien hizkuntz eskubideak lurralde osoan errespeta daitezen.
Aurten laugarren aldiz hartu du Nafarroa Oinez-en lekukoa Etxarri Aranatzek. 1989, 1996 eta 2009 dira Andra Mari Ikastolako historian azpimarratutako urteak, eta 2023 gehitu da zerrenda horretara. Eguna antolatzea lan «luzea» eta «gogorra» dela adierazi du zuzendariak, eta berrehun pertsona inguruk parte hartu dutela urtebeteko prestakuntzan. Gainera, asteburuan bertan 1.000 boluntarioren laguntza izan dute. «Eskertu nahi dugu boluntarioen lana, izugarria izan baitzen. Eskerrak herritarrei ere. Bestan ikusi genuen ikastolok eragile aktiboa garela, eta herritarrei ekarpenak egiten dizkiegula», esan du Orellak.
Eguzkiak mezu horiek zabaltzen lagundu zuen. Giro «ederra» bermatzeko, antolatzaileek hiru gune osatu zituzten: Utzubar Txiki, Arluzepe eta Batzeta. Hirurak Etxarri Aranatzen zeuden, eta ia 3 kilometroko luzera zuen ibilbidearen parte ziren. Hiru guneetan aukera biziki interesgarriak prestatu zituen Andra Mari Ikastolak. Hasteko, oholtzara igo ziren, besatean beste, Trikiteens, Nafarroa 1512, Gozategi, Alerta Gorria, Trikidantz, Alarma Morea, DJ Bull eta The Potes, eta musikaz bete zuten besta.
Zuzeneko musikarekin gozatzeaz gain, Nafarroa Oinez-en izandako gazte eta haur guztiek Erronkan parte hartzeko aukera zuten. Euskara eta ohitura osasuntsuak sustatzeko asmoz antolatzen den jolas erraldoia da Erronka. Erronkalariek, gunez gune, hainbat kirol ekintza edo trebetasun proba gainditu behar zituzten. Proba horietan arauak errespetatzen zirela bermatzeko zegoen Asier Estarriaga, Nafarroa Oinez-en boluntario ari baitzen. Parte hartzaileek ura erabili zuten berotik babesteko, eta irristaka aritu ziren proba batetik bestera. «Giroa izugarria izan zen. Jendetza hurbildu zen guregana, eta musika zuen gurdi bat ere agertu zen», azaldu du Estarriagak.
Lekukoa pasatu
Txikientzako programazioa bereziki zaindu dute aurten. Kirol ekintzez gain, jolas gune ugari izan zituzten belaunaldi berriak erakartzeko asmoz: puzgarriak, jolas libreko guneak, aurpegia margotzeko eremua, bizikleta zirkuitua eta abar. Musika presente zegoen gune guztietan, noski, baina gonbidatu bereziak ere izan zituzten Etxarri Aranatzen: erraldoiak. Umeen aurpegi harrituen aurrean dantzatu zuten, gune batetik bestera. Utzubar Txiki gunean, «haurren hiria» eratu zuten, eta birziklatutako osagaiekin egindako txoko horretan hainbat materialekin esperimentatzeko aukera izan zuten haurrek, birziklatutako osagaiei beste bizialdi bat emateko aukera.
Aipatutako jarduerez gain, bestaren ardatzetako bat ingurumenarekiko eta iraunkortasunarekiko konpromisoa izan da aurten. «Beti saiatzen gara besta gero eta erosoagoa eta jasangarriagoa izan dadin. Ahalik eta gutxiena zikintzen, kontsumitzen eta kutsatzen», azaldu du zuzendariak. Horren harira sortu zen Oinez Basoa proiektua 2008an, bestak naturan duen inpaktu ekologikoaz jabetzeko. Egitasmoa abian jarri zenetik, hamaika baso berri sortu dira. Horregatik, plastikoaren kontsumoa apaltzeko proiektu bat aurkeztu zuten aurten, Nafarroa Oinez jasangarriagoa izan zedin. Gune guztietan iturriak jarri ziren plastikozko edalontzien erabilera murrizteko. Gainera, guneetako batean edalontzia erosterakoan, dirua Oinez Basoa proiekturako bideratzen zen.
«Urtez urte ikasten da. Gainera, besta aldatuz eta garatuz joaten da», esan du zuzendariak. Urteetan aldatu ez dena herrikoen eta boluntarioen prestutasuna izan da, Orellaren hitzetan: «Gure jendea inplikatu egin da guztiz, eta, haiei esker, dena ederki atera da». Oraindik ez da jakina alor ekonomikoari begira arrakastatsua izan den edo ez; oraindik hilabeteak beharko dira hori jakiteko, Orellaren ustez. Asteburuan lortutakoa DBHko eraikina berritzeko erabiliko da, 1960ko hamarkadan eraiki baitzen. «Zenbat eta gehiago, beti hobe. Baina nik uste dut jendeak oso ondo erantzun duela, eta horrek laguntzen du», esan du Estarriagak.
Ikasle ohiak eta gurasoak aritu ziren Estarriagarekin batera lanean. Aparkalekuak bete ziren, eta autokarabanak ere agertu ziren, asteburu pasa. «Mahai gainean jarri genituen aldarrikapenak garrantzitsuak dira, eta jendeak babestu ditu», esan du zuzendariak. Zangozako ikastolak hartu du lekukoa, eta haiek antolatuko dute 2024ko Nafarroa Oinez. «Arduraz betetako» lana dela esan du zuzendariak, baina «oso polita». Zangozarrek erronkari «ederki» erantzungo diotela uste du Estarriagak: «Oraindik garrantzitsuagoa ikusten dut Zangozan egitea zonifikazioari dagokionez. Gure herrira etortzea oso erraza da, baina Zangozak behar handiagoak ditu».
|
2023-10-9
|
https://www.berria.eus/albisteak/233756/anbulantzietako-langileek-hiru-eguneko-greba-hasi-dute-araban-bizkaian-eta-gipuzkoan.htm
|
Gizartea
|
Anbulantzietako langileek hiru eguneko greba hasi dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
|
ELA, LSB-USO, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek deitu dute lanuztera, argudiatuta patronalak «etengabe blokeatu» duela negoziazioa
|
Anbulantzietako langileek hiru eguneko greba hasi dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. ELA, LSB-USO, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek deitu dute lanuztera, argudiatuta patronalak «etengabe blokeatu» duela negoziazioa
|
Erosahalmenari eustea eta lan baldintzak Osakidetzako langileen baldintzekin parekatzea: horiek dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako anbulantzietako langileen eskariak. Baldintza horiek lortzeko, urte eta erdi daramate patronalarekin negoziatzen, baina, ezer ez dutenez lortu, greba egitea erabaki dute. Hala, ELA, LSB-USO, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek deitu dute lanuztera; gaur, bihar eta etzi eginen dituzte.
Sindikatuek salatu dute patronalak «etengabe blokeatu» duela negoziazioa, beren eskaerei jaramonik egin gabe. Adierazi dute Eusko Jaurlaritzak %30 igo diela finantzaketa anbulantzien zerbitzua kudeatzen duten enpresei: Ambulancias Gipuzkoa Gipuzkoan, eta La Pau Araban eta Bizkaian. «Enpresek %2,5eko igoera eskaintzen dute datozen bost urteetarako, nahiz eta bi urtean erosahalmenaren %12 galdu dugun», adierazi du ELA sindikatuak. Gaur egun, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako anbulantzia zerbitzuen %95 pribatizatuta daude.
Egoera ikusita, ELAk anbulantzien zerbitzua publiko egin dezatela eskatu du, horrek zerbitzuaren kalitatean eragina duelako. Joseba Gorostiza ELAko kidea: «Eusko Jaurlaritzaren dirua anbulantzia pribatuak ordaintzeko erabiltzen da, eta diru hori enpresek beren onbiderako erabiltzen dute». Horrez gain, zerbitzua «prekarizatuta» dagoela salatu du Gorostizak, aldi baterako lan asko dagoela eta horrek zerbitzuaren kalitatea okertzen duela; eta, azken finean, zerbitzua jasotzen duten herritarrek pairatzen dituztela ondorioak.
Gaurko geldialdien erantzuna «positiboa» dela erran du sindikatuak, baina azpimarratu du administrazioak ezarritako gutxieneko zerbitzuak «gehiegizkoak» direla. Hala, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak erran du gutxieneko zerbitzu horiek bete dituztela Gipuzkoan eta Araban, baina Bizkaian ez. Osasun Sailak adierazi du hirurogei anbulantziak lan egin behar zutela, baina berrogei irten direla soilik, manifestariek ez dietelako irteten utzi.
Gatazka
Azken egunetan, nahasi egin da gatazka. Atzo, adibidez, bideo anonimo bat zabaldu zuten sare sozialetan, grebalariek indarkeria erabil zezatela eskatuz. Horrez gain, bart Leioako (Bizkaia) anbulantzia bateko leiho bat hautsi dute, eta ibilgailua erabilezin utzi dute. Bai anbulantziarekin gertatutakoa eta bai sareetan zabaldutako bideoa gaitzetsi ditu Sagarduik.
Bien bitartean, ELA sindikatuak edozein indarkeriaren erabilera gaitzetsi du, eta bideoa sareetatik ezabatzeko eskatu. «Negoziazio erreala da egoera hau konpontzeko modu bakarra», erran du sindikatuak.
|
2023-10-9
|
https://www.berria.eus/albisteak/233757/xabier-silveirak-uko-egin-dio-nafarroako-bertsolari-txapelketan-parte-hartzeari.htm
|
Kultura
|
Xabier Silveirak uko egin dio Nafarroako Bertsolari Txapelketan parte hartzeari
|
Bere borondatez egin dio uko. Igande honetan zen aritzekoa, Uharten eginen den final-laurdenetako saioan. Ainara Ieregi lehiatuko da haren ordez.
|
Xabier Silveirak uko egin dio Nafarroako Bertsolari Txapelketan parte hartzeari. Bere borondatez egin dio uko. Igande honetan zen aritzekoa, Uharten eginen den final-laurdenetako saioan. Ainara Ieregi lehiatuko da haren ordez.
|
Nafarroako Bertsolari Txapelketan ez parte hartzea erabaki du Xabier Silveirak (Lesaka, Nafarroa, 1976). Nafarroako Bertsozale Elkarteak iragarri duenez, Silveirak «borondate propioz» egin dio uko aurten txapelketan aritzeari. Elkarteak jakinarazi du Ainara Ieregik (Barañain, Nafarroa, 1996) hartuko duela haren lekua.
Ikusi gehiago: Sarai Robles garaile Nafarroako Txapelketako lehen saioan
Aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketa herenegun hasi zen, Iruritan –Sarai Robles gailendu zen–. Guztira, final-laurdenetako lau saio izanen dira aurten, eta urriaren 14an eta 15ean jokatuko dira bigarrena eta hirugarrena, hurrenez hurren. Hain zuzen ere, Silveira 15ekoan zen kantatzekoa, Uharten. Ez da hala izanen. Elkarteak ez du zehaztu Silveirak zergatik erabaki duen txapelketari uko egitea, eta bertsolariak ere ez du erabakiaren gaineko adierazpenik egin oraingoz.
Hala, sei bertsolari hauek ariko dira igandean Uharten: Ainara Ieregi, Beñat Astiz, Eki Mateorena, Joanes Illarregi, Julen Zelaieta eta Mikel Lasarte.
|
2023-10-9
|
https://www.berria.eus/albisteak/233758/upnk-ez-dio-uko-egingo-foru-hobekuntza-berritzeko-eztabaidari.htm
|
Politika
|
UPNk ez dio uko egingo Foru Hobekuntza berritzeko eztabaidari
|
Aurreko astean egindako eskaerari bide eman diote Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzordeak. EH BIlduren arabera, «oso berri ona da», eta Geroa Baik gogorarazi du akordio programatikoko konpromisoa zela.
|
UPNk ez dio uko egingo Foru Hobekuntza berritzeko eztabaidari. Aurreko astean egindako eskaerari bide eman diote Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzordeak. EH BIlduren arabera, «oso berri ona da», eta Geroa Baik gogorarazi du akordio programatikoko konpromisoa zela.
|
«Gure ikuspegiarekin ez da inor harrituko. Espainiaren barruko Nafarroa foral eta bereizia defendituko dugu». UPNko Javier Esparzak badaki aurrera aterako dela Foru Hobekuntza berritzeko lantaldea, eta gaur goizean aurreratu du ez diotela beldurrik eztabaidari: aldaketa teknikoak egiteko prest daude, baina gaur egungo estatusa ez dute aldatu nahi, «koma bat bera ere ez». Antzera, PSNk azaldu du egungoaren moduko Nafarroa nahi dutela.
Joan den astean PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak erregistratu zuten lantaldea osatzeko eskaera, eta gaur bide eman zaio Parlamentuko Mahaiaren eta Eledunen Batzordearen bileran. Hori eginda, foru erregimeneko batzordean eztabaidatuko da hura sortu edo ez. Sinatzaileek gehiengoa dutenez, lantaldeak aurrera egingo du. Bozketa horri begira, PPk baizik ez du aurreratu ezezkoa emango duela. Voxi galdetu zaionean, Maite Nosti parlamentariak ez zekien zein zen gaia.
Ikusi gehiago: Foru Hobekuntzaren erreforma aztertzeko lantaldea osatuko dute
Bileraren ostean, alderdi bakoitzak bere ikuspegia laburbildu du. EH Bilduko Laura Aznalen arabera, koalizio abertzalearen «aldarrikapen historikoa» da, eta, horregatik, «oso albiste ona da» legealdi honen hasieran lantaldea abiaraztea. Iragan legealdian, 2021eko azaroan, parlamentuak antzeko ebazpen bat onartu zuen, baina ez zen aurrera atera.
«Mugarik gabe»
Eztabaidari begira, Aznalek azaldu du «mugarik gabe» eztabaidatzeko prest direla, «erabakitzeko eskubidea defenditzeko neurriak adosteko» edo «egunerokotasunean eragiten duten gaietan erabakitzeko eskubidearen defentsan». Aznalek zehaztu du lantaldean aurkeztuko dituztela euren proposamenak.
Geroa Baiko Pablo Azkonak gogora ekarri du gobernukideen akordio programatikoan jasota datorrela lantaldea sortzeko proposamena. Halaber, iaz Foru Hobekuntzaren 40. urteurrenari buruz parlamentuak antolatutako jardunaldietan ondorioztatu zen haren atal batzuk ez dela betetzen ari estatua. «Guk aldarrikatzen dugu bere osotasunean betetzea, eta XXI. mendera egokitzeko eztabaidaren alde gaude. Nafarroak ahalik eta autogobernu handiena izatearen aldekoak gara, eta eskumenen garapen osoa izatea nahi dugu». Azkonak gaineratu du lantalde horrek «ahalik eta adostasun handiena» bilatu beharko duela.
Aldaketa sakonik ez
PSNko Ramon Alzorrizen arabera, prest daude Foru Hobekuntzaren edukia egungo garaira egokitzeko. Gai deserosoa izan daiteke sozialistentzat, eta hasieratik markatu nahi izan ditu bere marra gorriak: «Errealitate instituzionalari, sinboloei edo hizkuntzari dagokionez, oso argi dugu dena. Nafarroa den bezalakoa izatea nahi dugu. Gure sinboloak nahi ditugu, egungo bandera eta ereserkia. Hizkuntza sustatzearen aldekoak gara, baina gure errealitate soziolinguistikoaren barruan eta herritarren borondatea aintzat hartuta».
UPNren ikuspegitik, lantalde horrekin «independentistak eta nazionalistak gogobete nahi izan ditu. Aurreko legealdian ez zen egin, eta orain PSNk eztabaida horri ekin nahi izan dio». Javier Espazak azpimarratu du ez diotela beldurrik, eta prest direla testua XXI. mendera egokituko duten aldaketa teknikoak aztertzeko. «Baina ez dugu nahi eztabaida hori erabiltzea Nafarroaren errealitate instituzionala auzitan jartzeko».
Bere taldeko 15 parlamentarien botoak eskaini dizkio PSNri, gehiengoa osatzeko eta talde abertzaleen «abantaila ateratzeko asmoari» galga jartzeko. «Nortasun kontuekin eta obsesioekin jarraitu nahi dute. Nafarren %80k ez dute ezer jakin nahi Euskal Herri asmatuez, amets eroez. Oso eroso dago egungoaren moduko Nafarroarekin».
PPko Javier Garciak adierazi du ez daudela Foru Hobekuntza egokitzearen aurka, baina uste du ez dela garai egokia. «Parlamentuko egungo gehiengoa diferentea da duela 40 urte onartu zenarekin alderatuta. Orduan, EAJk kontra bozkatu zuen, eta HBk ez zuen parte hartu». Haren ustez, egungo Nafarroako Gobernua «ahula» da, eta «abertzaleen aurrean belaunikatuta dago». Horregatik, lantaldea osatzearen aurka bozkatuko dute, nahiz eta jakin lantaldea abian jarriko dela.
Zurekin Nafarroak uste du 41 urteotan Nafarroako gizartea asko aldatu dela eta hura egokitu behar dela. Carlos Guzman eledunaren arabera, euren asmoa izango da gizarte eskubideetan sakontzea. «Baikor goaz, eta jarrera onenarekin». Zehaztu du Nafarroako estatutuan egindako aldaketak «Nafarroako gizartearen adostasun zabala» lortu behar duela.
|
2023-10-9
|
https://www.berria.eus/albisteak/233759/gizartearen-aitortza-eskatu-dute-enpresaburuek-confebasken-urteurren-ekitaldian.htm
|
Ekonomia
|
«Gizartearen aitortza» eskatu dute enpresaburuek Confebasken urteurren ekitaldian
|
Enpresariek «ongizate kolektiboari» egindako ekarpena goraipatu du Tamara Yague Confebaskeko presidenteak
|
«Gizartearen aitortza» eskatu dute enpresaburuek Confebasken urteurren ekitaldian. Enpresariek «ongizate kolektiboari» egindako ekarpena goraipatu du Tamara Yague Confebaskeko presidenteak
|
Bilboko Guggenheim museoan egin du Confebask Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresarien konfederazioak 40. urteurren ekitaldia, eta, han, Confebaskeko presidente Tamara Yaguek «gizartearen aitortza» eskatu du enpresaburuentzat: «Ziur gaude enpresarien zereginak, haien lanak eta konpromisoak gaur egun dugun baino onarpen sozial handiagoa merezi dutela». Yaguek goraipatu egin du enpresen «ongizate kolektiboari» egindako ekarpena, eta erantsi du gaur egungo gizartea ezin dela ulertu enpresarik eta enpresabururik gabe.
Laurehun gonbidatu inguruk parte hartu dute Confebasken urteurren ekitaldian. Besteak beste, han izan dira Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu, Bilboko alkate Juan Maria Aburto eta erakundeetako beste zenbait ordezkari. Espainiako errege Felipe Borboikoa ere egon da ekitaldian. Bideo baten bidez, konfederazioak 40 urte hauetan egindako ibilbidea laburbildu dute, eta omenaldia egin diete Confebaskeko sortzaile eta kide Adegi, Cebek eta SEA elkarteei, bai eta 1983tik hona Confebasken aritu diren zortzi presidente ohiei ere.
Yaguek ere gogoan hartu ditu bere hitzaldian konfederazioaren zuzendaritzan aritu direnak, eta «terrorismoaren urte amaiezinetan» haiek erakutsitako «ardura» goraipatu du. Haren esanetan, gaur egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dagoen «ongizatea» enpresarien lanari zor zaio hein handi batean, eta haien «ekimena, lana eta konpromisoa» nabarmendu ditu: «Gizarte batek ez du aurrera egiten lehiakorrak izan, zergak ordaindu ahal izateko etekinak lortu eta enplegua sortzen duen enpresarik gabe».
CEOE Espainiako enpresarien elkarteko presidente Antonio Garamendik ere atzera begiratu du, eta gogora ekarri du Deustuko Unibertsitatearen ikerketa baten arabera ETAk 49 enpresaburu hil eta 52 bahitu zituela: «Egoera zail eta gogor hartan, euskal enpresariek argi erakutsi genuen zer den konpromisoaren eta askatasunaren aldeko lana». Haren ustez, komenigarria litzateke «norbaitek barkamena eskatzea» orduan gertatu zenagatik.
Gaur egungo egoerari ere erreparatu dio Garamendik, eta esan du enpresaburuak «elkarrizketaren aldekoak» direla: «Penagarria da Euskadin elkarrizketaren aldeko giro hori ez topatzea». Nabarmendu du Espainian hamasei hitzarmen sinatu dituztela langileen ordezkariekin: «Hemen, aldiz, [Espainiako] Estatuko grebarik handienak daude, eta ez dut uste hori harro egoteko modukoa denik».
Garai «zail eta gogorra»
Urkulluk ere 1983ra jo du Confebasken hastapenak gogora ekartzeko, eta esan du hura «garai zail eta gogorra» izan zela: «Urte hartan uholdeak izan ziren, baina hura ez zen izan gure arazo bakarra: krisi ekonomikoa, industriaren moldaketa eta terrorismoaren urte gogorrenak ere pairatu genituen». Hala ere, nabarmendu du «Euskadik aurrera» egin zuela «sektore, elkarte, enpresa eta erakunde askoren ekarpenari esker».
Aurrera begira, «arlo publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana» jo du Urkulluk aurrerapenaren giltzarritzat: «Gu saiatu gara beti zuen ondoan egoten, jarduerari, enpleguari eta ongizateari eusteko. Herri honek behar zaituzte eta babesten zaituzte».
Espainiako Ekonomia eta Enpresa ministro Nadia Calviño egotekoa zen ekitaldian, baina azkenean ez du bertaratzerik izan, eta Gonzalo Garcia Andres Ekonomia Estatu idazkaria bidali du bere ordez. Garcia Andresek ere arlo publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana eta gobernantza partekatua jo ditu aurrerapen ekonomikoaren gakotzat, eta Next Generation diru funtsen garrantzia nabarmendu du.
|
2023-10-9
|
https://www.berria.eus/albisteak/233760/pse-eek-hasi-du-prozesua-lehendakarigaia-hautatzeko.htm
|
Politika
|
PSE-EEk hasi du prozesua lehendakarigaia hautatzeko
|
Anduezak esan du lehendakari izatea duela «anbizioa». EAJk eta EH Bilduk Espainiako gobernuburuaren inbestiduran dute arreta.
|
PSE-EEk hasi du prozesua lehendakarigaia hautatzeko. Anduezak esan du lehendakari izatea duela «anbizioa». EAJk eta EH Bilduk Espainiako gobernuburuaren inbestiduran dute arreta.
|
Datorren urterako aurreikusita daude Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta PSE-EEk martxan jarri du lehendakarigaia hautatzeko prozesua. Etzitik urriaren 18ra bitartean, bermeak jasoko dituzte. Hautagai bat baino gehiago aurkeztuz gero, hauteskunde primarioak urriaren 29an egingo dituzte; bigarren itzulia behar izanez gero, azaroaren 5ean egingo dute. PSE-EEren arabera, hauteskundeak «oso garrantzitsuak» izango dira, maiatzeko udal eta foru bozetan eta uztaileko Espainiako Gorteetarakoen emaitza «oso onak» lortu ondoren.
Bilboko Nueva Economia foroan, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak berretsi du prest dagoela lehendakarigai izateko. Haren ustez, sozialisten ereduak erantzungo die ondoena gizartearen beharrei: «Askok EAJren eta EH Bilduren arteko lehia moduan irudikatu nahi dituzte hauteskundeak, baina hori erredukzionismoa egitea da, eta ez du aintzat hartzen errealitate politikoa, ezta soziala ere». Bere asmoa argi utzi du: «PSE-EEk ez du [EAJren eta EH Bilduren arteko] balantza makurtuko: uste dut PSE-EEk gidatu egingo duela herri hau; nire anbizioa Euskadiko lehendakaria izatea da».
Argitzeko dago nortzuk izango diren EAJren eta EH Bilduren hautagaiak. Hainbatetan adierazi dutenez, Espainiako gobernuburuarem inbestidurarako negoziazioak dira orain lehentasuna, eta horren ostean abiatuko dituzte barne prozesuak lehendakarigaiak zehazteko. PPk, berriz, joan den astean iragarri zuen Javier de Andres izango dutela hautagaia.
«Euskara ez da katalana»
Anduezak hizpide izan du Hezkuntza Legea ere. Hizkuntzen ereduei erreferentzia eginez, Kataluniako murgiltze eredua baztertu du: «Euskadi ez da Katalunia, PSE-EE ez da PSC, eta euskara ez da katalana». Eredu «elebakarra» baztertu du, arrazoiturik gurasoek aukera izan behar dutela seme-alaben hezkuntzan egokiena izango den eredua aukeratzeko. Eta adierazi du «okerra» dela hizkuntzen auzian jartzea arreta: «Horren ondorioz, eztabaidan ibiltzen gara euskal abertzaletasunari eta independentismoari bakarrik interesatzen zaizkien identitate gaiei buruz».
Hezkuntza Legea dela eta, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak PSE-EEren jarrera kritikatu du gaur goizean, Radio Euskadin. PPk eta Voxek Balear Uharteetan duten jarrera bera izatea egotzi die sozialistei, eta gai ez izatea PSCk Katalunian duen jarrera defendatzeko. «Zeinek nahi du Euskal Herria elebakarra izatea? Izan ere, euskaraz hitz egiten dugun guztiok elebidunak gara».
|
2023-10-9
|
https://www.berria.eus/albisteak/233761/flnck-bere-gain-hartu-ditu-bart-gauean-izaniko-hogei-eraso-frantzia-kanpora.htm
|
Mundua
|
FLNCk bere gain hartu ditu bart gauean izaniko hogei eraso: «Frantzia kanpora»
|
Oporretarako etxeak eta zerga biltzeko bulego bat hartu dituzte jomugatzat, lehergaiz eginiko oldarraldi batean.
|
FLNCk bere gain hartu ditu bart gauean izaniko hogei eraso: «Frantzia kanpora». Oporretarako etxeak eta zerga biltzeko bulego bat hartu dituzte jomugatzat, lehergaiz eginiko oldarraldi batean.
|
Aspaldiko partez, gau urdina deiturikoa izan dute Korsikan bart. Denera hogei bat leherketa gertatu dira, gehienak oporretarako etxe hutsetan. FLNC Korsikako Nazioa Askatzeko Fronteak bere gain hartu du oldarraldia, hedabideetara bidalitako agiri labur baten bidez.
«Ez daukagu etorkizun komunik Frantziarekin», idatzi dute frantsesez agirian, eta korsikerazko «A Francia Fora» esaldiarekin amaitu dute: «Frantzia kanpora».
Gau urdina esaten diete eraso olde handiei, Frantziako Poliziaren autoen argiei erreferentzia eginez. Igande gauean gertatu dira leherketak, uharte osoan. Oporretarako etxeez gain, eraikitzen ari diren etxebizitzetan eta Aiacciun zergak biltzeko erabiltzen zen bulego bati eragin diete, Nicolas Septe Aiacciuko fiskalaren arabera. Ez da inor larri zauritu, baina Coti-Chiavariko Pozzaccion 54 eta 57 urteko bikotekide batzuk erreskatatu behar izan dituzte suhiltzaileek, haien etxebizitzan leherketa bat izan ostean. Aiacciuko erietxera eraman dituzte.
Besteak beste gas bonbonak, eta sua itzaltzeko gailu manipulatuak erabili dituzte; «etxean eginiko» lehergailuak, François Thevenot Bastiako fiskalaren hitzetan.
FLNC-Borrokalarien Batasuna eta FLNC Urriak 22 taldeek armak utzi zituzten 2014an eta 2016an, hurrenez hurren, baina 2021eko irailean erasoak egiten hasi ziren berriz, FLNC izenarekin.
Bi taldeak FLNCtik ateratakoak dira: lehena taldearen Kanal Historiko adarraren ondorengoa da; bigarrena, berriz, Ohiko Kanala adarretik datorren jendeak osatzen du.
Baina, azken urteotan, euren arteko lehia baztertuz joan dira, eta aurtengo martxoaren 21ean agiri bat sinatu zuten elkarrekin, 17 eraso euren gain hartzeko.
Abuztuaren hasieran plazaratu zuten agiri batean, dei egin zuten «erresistentzia abertzalearen plataforma bat» eratzeko. «Frantziak onartzen ez baditu Korsikako herriak bere lurraldean dituen eskubideak, ez da akordio historikorik egongo Korsikaren eta Frantziaren artean».
Macronen bisitatik hamar egunera
Frantziako presidente Emmanuel Macronek uhartera bisita egin zuen iraileko azken astean. Irailaren 28an, Korsikako Asanblean mintzatu zen. Alderdi nazionalistak gehiengoa dira han, eta Macronek autonomia eskaini zien, Frantziaren barruan.
«Izan dezagun ausardia Korsikaren autonomia bat eraikitzeko, [Frantziako] errepublikaren barruan». Agintari frantsesak azaldu zuenez, «autonomia hori izango da tresna etorkizuna elkarrekin eraikitzeko, estatutik askatu gabe. Ez da estatuaren aurkako autonomia bat izango, ez eta estaturik gabeko autonomia bat ere, baizik eta Korsikarentzako autonomia bat errepublikaren barruan».
Frantziako Konstituzioan autonomia hori «berezko artikulu batean» idaztea proposatu zien. Horretan, Korsika «komunitate uhartetar historiko, linguistiko eta kultural» gisa onartuko litzateke.
Korsikako Asanbleari sei hilabete eman zizkion Macronek Frantziako Gobernuarekin «testu konstituzional eta organiko bat» hitzartzeko, Korsikako estatutua aldatzeko. Horretan oinarrituta, konstituzioa aldatzeko prozesuari ekingo liokete, eta, gero, Korsikan erreferendum bat antolatuko lukete.
Korsikarrek «transferituriko eskumenen» inguruan egin ahalko lituzkete arauak, baina, betiere, Frantziako Estatu Kontseiluaren eta Konstituzio Kontseiluaren «kontrolpean».
Horrez gain, Macronek esan zien «korsikera gehiago» erakutsi behar litzatekeela, eta «elebiduntasunaren aldeko hezkuntza zerbitzu publiko bat» sortuko litzatekeela. «Leku gehiago eman behar diogu korsikerari, hezkuntzan zein eremu publikoan».
|
2023-10-9
|
https://www.berria.eus/albisteak/233762/muskizko-findegiaren-herena-hidrogeno-berdez-hornitu-nahi-du-petronorrek-2025erako.htm
|
Ekonomia
|
Muskizko findegiaren herena hidrogeno berdez hornitu nahi du Petronorrek 2025erako
|
Hidrogeno berdea sortzeko lehen elektrolizatzailea martxan du dagoeneko. Orduko 2 MW argindar behar ditu, eta bi urtean 100 MWko bat eraikiko du.
|
Muskizko findegiaren herena hidrogeno berdez hornitu nahi du Petronorrek 2025erako. Hidrogeno berdea sortzeko lehen elektrolizatzailea martxan du dagoeneko. Orduko 2 MW argindar behar ditu, eta bi urtean 100 MWko bat eraikiko du.
|
Petronorrek martxan du dagoeneko hidrogeno berdea ekoizteko lehen elektrolizatzailea. 2018an hasitako bideak aurreneko pauso sendoa eman du dagoeneko, eta egunean tona bat hidrogeno ekoizteko gailua lanean du Muskizko findegian (Bizkaia). Orduko 2,5 MW argindar behar dituen elektrolizatzaile bat da, eta Petronorren helburua 2025erako hamar MWhko bat eta 100 MWhko beste bat martxan jartzea da. Azken horrek ekoitziko duen hidrogenoa petrolio findegian erabiliko du, eta uste du azpiegituraren energia kontsumo osoaren %35en jatorria izatera iritsiko dela. «Hau hasiera bat da, eta gaurko eguna mugarri bat da. Hori bai, industria deskarbonizatu nahi badugu, industria behar dugu. Izan ere, munduko ekonomiaren %50 edo %60 ezingo da elektrifikatu: kimika, papera, porlana, hegazkinak, itsasontziak... eta horretarako beharko dugu hidrogeno berdea». Josu Jon Imaz Petronorreko presidente exekutiboak horrela azaldu du hidrogenoaren aldeko apustuak duen garrantzia. Elektrolizatzailearen inaugurazio ekitaldian hartu du hitza. Babes zabala jaso du Abanto teknologia parkean eginiko ekitaldian. Han ziren, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia eta Antton Arriola Kutxabankeko presidentea. Imazek zehaztu du lehen elektrolizatzaileak 11 milioi euroko kostua izan duela, eta urtean 350 tona hidrogeno berde ekoitziko duela. Zenbat den kalkulatzen jarrita, 6,5 kilo hidrogenorekin auto handi baten depositua bete daiteke —55 litrokoa—, eta hark 650 kilometro egingo lituzke. Elektrolizatzaileak ekoizten duen erregaiak bi erabilera izango ditu: batetik, esan bezala, findegian bertan erretzea; bestetik, Abantoko parkea hornitzea. Horretarako bi kilometroko hidrogenobide bat eraiki du Nortegasek. Ibilgailuak hidrogenoz hornitzeko puntu bat ere ezarri dute bertan. Elektrolizatzaileari dagokionez, Sener eta John Cockerill ingeniaritza enpresek egin dute. 12.000 litro ur egunean Elektrolizatzaileak ura zatitu eta hidrogenoa eta oxigenoa banatzen ditu. Atzo inauguraturikoak 12.000 litro ur zatitu ditzake egunean, eta mila kilo hidrogeno lortu. Ur hori findegian beste erabilera batzuetarako erabilitako uraren kondentsaziotik lortuko du. Prozesurako, hori bai, argindar asko behar du, 60 megawatt eguneko —findegi osoak 85 MW erabiltzen ditu orduko—. Teknikariek ikertu hala behar hori murrizteko aukera ikusten dute. Argindarra baita hidrogeno berdea lortzeko prozesuaren aldagai garestiena. Kostu osoaren %75 da, eta haren gorabeheren mende dago. Alderatzen jarrita, hidrogeno grisaren kostua —gasetik lorturikoa— berdearen herena da. Garestia da, baina Imazek argi du merezi duen apustu bat dela, eta alde horretatik tankera horretako teknologiak garatzeko testuinguru egoki bat eskatu zien erakundeei bere hitzaldian. Mezu hori Europako Batasunarentzat zen bereziki, eta nabarmen du zuen ezen, etorkizuna berriztagarria den arren, oraindik goizegi dela erregai fosilei bizkarra emateko. «Lasterketa teknologikoa galtzeko zorian gaude», ohartarazi du, mundua deskarbonizatzen lagundu behar duten teknologiei «arrazoi ideologikoengatik atea ixten ari garelako». Haren ustez, Europak norabidea aldatzen ez badu inbertsio handi gehienak AEBetan egingo dira.
|
2023-10-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/233788/gizon-bat-atxilotu-dute-irunean-hiru-emakumeri-eraso-egiteagatik.htm
|
Gizartea
|
Gizon bat atxilotu dute Iruñean, hiru emakumeri eraso egiteagatik
|
Karlos III.aren etorbidearen eta Gazteluko plazaren artean gertatu ziren erasoak, astelehen arratsaldean
|
Gizon bat atxilotu dute Iruñean, hiru emakumeri eraso egiteagatik. Karlos III.aren etorbidearen eta Gazteluko plazaren artean gertatu ziren erasoak, astelehen arratsaldean
|
Iruñeko Udaltzaingoak 49 urteko gizonezko bat atxilotu du Iruñean, hiru emakumezkori sexu erasoak egiteagatik. Astelehen arratsaldeko hiru une ezberdinetan gertatu ziren erasook, Karlos III.aren eta Gazteluko plazaren artean. 19, 37 eta 43 urteko hiru emakumezkori oldartu zitzaien atxilotua, eta ukituak egin zizkien bularrean.
Erasoaren berri izanda, Udaltzaingoak operazioa abiatu zuen hiriko erdigunean, eta gizonezkoa atxiki zuten 18:00ak aldera: 49 urteko gizonezko bat. Delitu aurrekariak ditu atxilotuak.
Bestalde, Udaltzaingoak jakinarazi duenez, 27 urteko beste gizon bat atxilotu du 03:00etan, Arrotxapea auzoan. Haren aurkako atxilotze agindua zuten, kautelazko neurriak urratzea egotzita.
|
2023-10-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/233789/litiozko-baterien-laquoezohikoraquo-arriskua-su-hartzeko-argibideak-eta-gomendioak.htm
|
Gizartea
|
Litiozko baterien «ezohiko» arriskua su hartzeko: argibideak eta gomendioak
|
Eskuko telefonoa kargatzen zuen bitartean sute bat piztu izanaren ondorioz Beran hil den gaztearen kasuaren harira, horra argibideak. Bateriek badute deflagrazio arriskua, telefonoetakoek eta bestelako gailuetakoek. Ezohiko arazoa dira.
|
Litiozko baterien «ezohiko» arriskua su hartzeko: argibideak eta gomendioak. Eskuko telefonoa kargatzen zuen bitartean sute bat piztu izanaren ondorioz Beran hil den gaztearen kasuaren harira, horra argibideak. Bateriek badute deflagrazio arriskua, telefonoetakoek eta bestelako gailuetakoek. Ezohiko arazoa dira.
|
Istripu latza gertatu da asteburuan Beran (Nafarroa): 25 urteko gazte bat hil da. Gau mahaian zuen telefonoa, kargatzen, eta gailuak su hartu zuen. Ikertzen ari dira zer gertatu zen zehazki. Sutearen ondorioz, erredura larriak izan zituen. Larrialdi zerbitzuek Gurutzetako ospitalera (Barakaldo, Bizkaia) eraman zuten gaztea, helikopteroz, baina oso larri zegoen; han hil zen. Eskuko telefonoak erabiltzea guztiz zabalduta dago, eta oihartzun handia izan du berriak. Horiek horrela, halako zerbait nola eta zergatik gerta daitekeen ulertzea garrantzitsua da. Izarkom telekomunikazio kooperatibako arlo teknikoko zuzendaria da Asier Garaialde, eta hainbat argibide eman ditu. Ohartarazpen bat egin du beste ezeren aurretik: halako jazoerak «ezohikoak» dira. «Bateria lehertzen da beti», azaldu du Garaialdek. Zehazki, litiozko baterien arazo klase bat da. Erruz erabiltzen dira bateria klase horiek egun; eskuko telefonoetan erabiltzen dira, adibidez, eta bestelako gailu mota batzuetan ere bai: patineteetan, esaterako, eta robot gisako xurgagailuetan. Ondorioz, litiozko bateria bat duten gailu denek dute antzeko zerbait gertatzeko arriskua. Baina ohartarazpena egin nahi izan du berriro: «Lehertu daitezke, baina oso arraroa da bateria bat lehertzea». «Leherketez» hitz egiten da sarritan halako jazoerak hizpide hartzean, baina zehaztapen bat egin nahi izan du Garaialdek. «Bateriek, lehertu bainoago, su hartzen dute, nahiko modu biolentoan», esplikatu du. Horra zer gertatzen den: «Bateria barruko litioa, egoera jakin batzuetan, irakitan has daiteke». Horren ondorioz, bateria zabaldu egin daiteke, eta orduan sortzen den «erreakzio kimikoak» eragin dezake sute «biolento» bat. Izarkomeko teknikariak horregatik defendatzen du definizio hibrido bat halakoak zer diren zehatz azaltzeko: «Erdi eztanda, erdi su hartzea izaten da». Eta arriskua badute: «Behin su hartuta, horiek itzaltzea oso zaila da, osagaiengatik». Beran hil den gizon gaztearen telefonoa kargatzen ari zen sutea piztu zenean. Garaialdek onartu du horixe izaten dela bateria batek antzeko arazo bat izateko modurik «normalena», baina ez da ezinbestekoa: justu kargatzen egon gabe ere piztu daiteke sua. Halakoak gertatzeko arriskua oso txikia bada ere, aintzakotzat hartzeko hainbat gomendio baditu Garaialdek, prebentzio modura. Baga: «Ahal bada, kargagailu egoki batekin kargatu behar da bateria beti. Kargagailuak aldatzen aritzea ez da ona». Gainerakoan, «gainkargak» egon daitezke baterietan, eta berotzeko eta irakitan hasteko arriskua handitu egiten da. Biga: bateriek «kolperen bat» hartu badute, tankerako arazoren bat izateko arriskua handitu egiten da. «Izan ere, bateriaren barne egitura aldatu egin daiteke, eta horrek berotzea ekar dezake», azaldu du Garaialdek. Higa: beroarekin kontuz ibili behar da beti. Udaran-eta, esaterako, telefonoa eguzki berotan uzten bada, halako arazoak sortzeko arriskua handitu egiten da. «Izan ere, bateria ere berotu egiten da, eta une horretan jartzen baduzu kargatzen, adibidez, berotasun horrek eta sartzen dugun energia guztiak sute bat pizteko arriskua eragin dezakete». Horien jakitun izatea garrantzitsua da, baterien egoerari adi erreparatzeko eta arrisku egoerak saihesten ahalegintzeko.
|
2023-10-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/233790/gasteizko-michelin-espainiako-lantokien-arteko-batzordetik-aterako-da.htm
|
Ekonomia
|
Gasteizko Michelin Espainiako lantokien arteko batzordetik aterako da
|
Langileen %51,4k bozkatu dute horren alde. Enpresa batzordeak modu autonomoan negoziatuko du multinazionalaren zuzendaritzarekin.
|
Gasteizko Michelin Espainiako lantokien arteko batzordetik aterako da. Langileen %51,4k bozkatu dute horren alde. Enpresa batzordeak modu autonomoan negoziatuko du multinazionalaren zuzendaritzarekin.
|
Michelinen Gasteizko fabrikako langileen batzordea Espainiako lantokien arteko batzordetik aterako da. Hala erabaki dute langileek ostiralean hasi eta astelehen gauean amaitu den bozketan.
Bozketaren marjina oso estua izan da, 94 botokoa. 1.237 langilek bozkatu dute alde, botoan eman dutenen %51,43k. Kontrako botoa 1.143 langilek eman dute, %47,52k. Parte hartzea %70 ingurukoa izan da.
Horrek esan nahi du hemendik aurrera Gasteizko batzordeak modu autonomoan negoziatuko duela multinazionalaren zuzendaritzarekin, Lasarte-Oriako lantegikoak bezala (Gipuzkoa).
Aurten, zentro arteko hitzarmena negoziatu bitartean, lau greba egun egin zituzten Gasteizen, ELA, LAB, CGT eta ESK sindikatuek bultzatuta. Ekainean, hango langileek zuzendaritzaren azken eskaintzaren aurka bozkatu zuten, baina Espainiako lantegi guztietan egindako bozketak oniritzia eman zion hitzarmen berriari, eta itun hori sartuko da indarrean Gasteizen ere.
Espainiako batzordean CCOO, UGT eta CSIFi sindikatuek dute gehiengoa —baita Gasteizkoan ere—, baina haien afiliatuek Gasteizko protestak eta erreferendumaren emaitzak babestu zituzten. Horren aurrean, zentro arteko batzordetik atera ala ez bozkatzea proposatu zuten, eta hala egin dute.
Emaitzarekin pozik azaldu da ELA. «Hori da eskatzen ditugun hobekuntzak lortzeko bidea». LABek langileak zoriondu ditu, eta gogoratu du sindikatu horren «aldarrikapen historikoa» dela batzorde autonomoa izatea. Salatu du sinatutako azken hitzarmena «inposatua» izan dela.
Gasteizko plantako zuzendaritzak berriki jakinarazi du ingeniaritza zibileko 2.000 tona gurpil inguru fabrikatzeari utziko diola urtea amaitu bitarte, eskaerak gutxitu egin direlako, baina baita multinazionalak lantegi horretako langileengan «konfiantza galdu» duelako ere, hitzarmenaren negoziazioan izandako gatazkengatik. Sindikatuen ustez, neurria «langileei beldurra sartzeko estrategia» bat izan da, bozketaren emaitzak baldintzatzeko.
Zuzendaritzak Efe agentziari adierazi dioenez, ez du bozketaren emaitza ofizialki jaso. Dena den, adierazi du lan harremanak «soilik elkarrizketa eta akordioen giroan» ulertzen dituela, eta azpimarratu du lantegia aurrera aterako dela, «guztien konpromisoarekin».
|
2023-10-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/233791/22-urteko-militar-bat-hil-da-berriozarren-trenak-harrapatuta.htm
|
Gizartea
|
22 urteko militar bat hil da Berriozarren, trenak harrapatuta
|
Foruzaingoaren arabera, gizonezkoa trenbidearen ondoan kirola egiten ari zela igaro da trena.
|
22 urteko militar bat hil da Berriozarren, trenak harrapatuta. Foruzaingoaren arabera, gizonezkoa trenbidearen ondoan kirola egiten ari zela igaro da trena.
|
Foruzaingoak jakinarazi du 22 urteko militar bat hil zela bart iluntzean Berriozarren (Nafarroa), trenak harrapatuta. 20:30ean gertatu zen ezbeharra, herriaren eta Aizoaingo kuartel militarraren artean dagoen pasabidean. Hain zuzen, hainbat hedabidek jakinarazi dute Espainiako armadako militar bat dela hildakoa.
Foruzaingoaren arabera, gaztea Salamancakoa zen sortzez (Espainia), eta «lasterka ari zela, trenbidearen ondoan, trena igaro zen». Foruzaingoko Ikerketa Kriminaleko taldeko agenteek ikerketa hasi dute, zer gertatu den argitzeko.
|
2023-10-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/233793/gorrotxategik-dio-urkulluk-errespetu-gutxi-diela-langileei-greben-interes-ezkutuak-aipatzeagatik.htm
|
Politika
|
Gorrotxategik dio Urkulluk «errespetu gutxi» diela langileei, greben «interes ezkutuak» aipatzeagatik
|
Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak uste du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak «otsailera edo martxora» aurrera ditzakeela Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta garbi utzi du lehendakarigai izateko «prestasun osoa» duela.
|
Gorrotxategik dio Urkulluk «errespetu gutxi» diela langileei, greben «interes ezkutuak» aipatzeagatik. Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak uste du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak «otsailera edo martxora» aurrera ditzakeela Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta garbi utzi du lehendakarigai izateko «prestasun osoa» duela.
|
Elkarrekin Podemos-IUko Eusko Legebiltzarreko bozeramaile Miren Gorrotxategik ziurtatu du, Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk «oso errespetu gutxi» erakusten diela langile publikoei eta sindikatuei, esaten ari delako «ezkutuko interesak» daudela antolatu dituzten grebetan. «Inork ez du gustuko» greba egin beharra, Gorrotxategik azaldu duenez, «dirua kostatzen delako, eta langile batek ez du sobran dirua inoiz ere». Hori dela eta, lanuztera joan aurretik, erabaki hori «ondo pentsatzen da», Elkarrekin Podemos-IUko eledunak esplikatu duenez; «zerbait erreibindikatu nahi delako egiten da, ez inor izorratzeko».
Hori azaldu ondoren, Urkulluk azken asteetan greba deialdiak oposizioarekin eta zehazki EH Bildurekin lotuz egin dituen adierazpenei erreparatuta, Gorrotxategik esan du lehendakariak «oso errespetu gutxi» diela «sindikatuei eta langileei». Gogoratu du 150.000 langileri baino gehiagori egin dietela lanuzterako deia, eta uste du oposizioaren «ezkutuko interesak daudela pentsatzea ulertezina» dela, «txiste bat ez bada behintzat».
Lehendakariari gogorarazi dio zerbitzu publikoek ongi jardun dezaten «lan baldintzak hobetu» behar direla. «Hori da erreibindikazioa, eta nik babestuko nuke», osatu du azalpena.
Gorrotxategi hautagai?
Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak esan du Urkulluk Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak aurrera ditzakeela, «otsailera edo martxora, beharbada»; hartara ez lirateke egingo Europako Parlamenturako bozekin batera, ekain hasieran. «Lehendakariaren erabakia da, hark jakingo du, baina nik esango nuke martxoan izango direla, ekainean Europako hauteskundeak izango baitira, eta ez baitut uste marko hori denik haren gobernuarentzat egokiena».
Hori esanda, Gorrotxategik garbi utzi du lehendakarigai izateko «prestasun osoa» duela. Elkarrekin Podemosen primarioak egiten dituztela gogoratu du, dena den; «ezinbestekoak dira, baina bai, indarrez eta energiaz nago», erantsi du, eta bere hautagaitza «militanteen esku» dagoela argitu du berehala.
Oraingoz ez da jakina Yoanda Diez buru duen Sumar proiektua nola bateratuko den Elkarrekin Podemosekin, baina Gorrotxategik esan du «hemen Elkarrekin» esaten zaiola Sumar proiektuari, eta espazio horren «subjektu politikoa» Elkarrekin dela.
|
2023-10-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/233794/donibane-garaziko-herriko-etxea-okupatu-dute-okzitaniako-autobide-proiektu-bat-salatzeko.htm
|
Gizartea
|
Donibane Garaziko herriko etxea okupatu dute Okzitaniako autobide proiektu bat salatzeko
|
Okzitanian A69 autobidea egin nahi dute, Tolosa eta Castres hiriak lotzeko. Proiektu horren kontra, gose eta egarri greban dira dozena bat lagun, eta haienganako elkartasunez egin du ekintza Herribiltza kolektiboak. Ostiralera arte autobidea egiteko obrak bertan behera utzi dituzte Okzitania eta Tarn eskualdeko prefeturek.
|
Donibane Garaziko herriko etxea okupatu dute Okzitaniako autobide proiektu bat salatzeko. Okzitanian A69 autobidea egin nahi dute, Tolosa eta Castres hiriak lotzeko. Proiektu horren kontra, gose eta egarri greban dira dozena bat lagun, eta haienganako elkartasunez egin du ekintza Herribiltza kolektiboak. Ostiralera arte autobidea egiteko obrak bertan behera utzi dituzte Okzitania eta Tarn eskualdeko prefeturek.
|
Donibane Garaziko herriko etxea okupatu dute Herribiltzako bi kidek, Parisen gertatzen ari den gose eta egarri greba baten sostenguz. Izan ere, Tolosa eta Castres hiriak lotzeko autobide bat eraikitzeko proiektuaren kontra, gose greba hasi zuen Thomas Brail militanteak irail hastapenean, Parisen. Ordutik, beste hamabost kide juntatu dira gose grebara, eta, astelehenean, horietako hiruk egarri greba ere hasi zuten. Goizean, agiri baten bidez jakinarazi du Herribiltza kolektiboak Donibane Garaziko herriko etxean okupazioa egin dutela. Arratsaldean bukatu dute ekintza; izan ere, Okzitania eskualdeko eta Tarn eskualdeko prefeturek A69 autobidea egiteko obrak behin behinean eteteko erabakia hartu dute, gutienez, ostiralera arte. Egarri grebari bukaera eman diote hiru ekintzaileek.
A69 autobidea egitearen kontra, bestalde, elkarretaratzera deitu du Ostia kolektiboak biharko. 18:30ean eginen dute protesta, Baionako herriko etxearen aitzinean. Kolektiboak proiektu hori gaitzetsi du: «Klima krisia gero eta azkarragoa den garai honetan, duela 30 urte abiatu proiektu honek ez du zentzurik: autoari eta gas isuriei ematen die lehentasuna, beste garraio moten kalterako. Hiri handien garapena ahalbidetzen du, herri txikiagoen kaltetan. Eta, oroz gainetik, laurehun hektarea lur suntsituko ditu, naturaren, herritarren eta laborarien kaltetan». Lurraren Altxamenduek deitu duten ekintzara batzeko deia ere egin du Ostiak. Izan ere, urriaren 21ean eta 22an autobidearen obrak blokeatzera etortzeko deia egin dute.
|
2023-10-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/233796/etxaldeen-trantsizioa-bultzatzea-ardatz-hartuta-dirua-biltzeko-kanpaina-abiatu-du-ehlgk.htm
|
Ekonomia
|
Etxaldeen trantsizioa bultzatzea ardatz hartuta, dirua biltzeko kanpaina abiatu du EHLGk
|
Herritarrak deitu dituzte laborantza iraunkorraren alde egiten duten lana babestera. Azaro bukaera arte izanen da dohaintzak egiteko aukera.
|
Etxaldeen trantsizioa bultzatzea ardatz hartuta, dirua biltzeko kanpaina abiatu du EHLGk. Herritarrak deitu dituzte laborantza iraunkorraren alde egiten duten lana babestera. Azaro bukaera arte izanen da dohaintzak egiteko aukera.
|
EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganberak urteroko diru-biltze kanpaina abiatu du, eta dohaintza bidez laborantza iraunkorraren alde daramaten jarduna laguntzera deitu dituzte herritarrak. Trantsizioaren gaia hartu dute ardatz aurtengo kanpainarako, hau da, agroekologia, agrooihangintza edo etxaldeen autonomia garatzen dituzten laborantza eredu iraunkorrerako trantsizioak sustatzea. «Laborariak dira eragile nagusiak, etxaldeetan egiten dutenak. Guk haien praktikak hobetzen laguntzen ditugu, erosten dituzten gaietarik libratzeko eta klima aldaketaren ondorioei egokitzeko».
Hainbat arlotan ikusten dute praktika agronomikoak eta alorren kudeaketa egokitzeko aukera, baliabideak «xuhurki» erabiltzeko eta «lurraren bizia» babesteko, hala nola pentzeen kalitatea hobetzea, belar txarren kentze mekanikoa sustatzea, etxaldeko mikroorganismoen erabiltzea ongarrien eta lurren funtzionamendua hobetzeko, baliabide naturalak guti erabiltzen dituzten alorrak sustatzea eta agrooihangintzan urratsak egitea. Horiek guziak lantzen dituzte, laborariei prestaketa eta aholkuak emanez.
Azkenik, trantsizio energetikoari buruzko gogoeta bat ere abiatu dute I-Ener, Bizi eta ELBrekin batera, lurralde mailan zer egin daitekeen aztertzeko. Bereziki aztertu nahi dute eguzki panelen ustiatzea bateragarria izan ote daiteken laborantza herrikoiarekin eta etxalde txikietako laborantzarekin.
Gaur egun, 800 bat diru emaile ditu EHLGk, horien artean partikularrak eta enpresak. Horietako batzuk nabarmendu nahi izan ditu EHLGk, askotarikoak direla erakusteko. Laguntza eman nahi duenak azaroaren 26a egin dezake, banku transferentziaz, txekez edo EHLGren webgunearen bidez.
|
2023-10-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/233797/eh-bilduk-ezezkoa-emango-dio-fortuna-handien-zerga-proposamenari.htm
|
Ekonomia
|
EH Bilduk ezezkoa emango dio fortuna handien zerga proposamenari
|
Salatu du proposamenak 16 milioi euro baino gehiago dituztenei bakarrik eragingo diela. Bizkaian onartuko da, baina ez dago argi zer gertatuko den Araban eta Gipuzkoan
|
EH Bilduk ezezkoa emango dio fortuna handien zerga proposamenari. Salatu du proposamenak 16 milioi euro baino gehiago dituztenei bakarrik eragingo diela. Bizkaian onartuko da, baina ez dago argi zer gertatuko den Araban eta Gipuzkoan
|
EH Bilduk gogor kritikatu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek indarrean jarri asmo duten fortuna handien gaineko zerga eredua. Koalizio abertzaleak azaldu duenez, zerga horretan proposatzen diren tasa gehienak ondare zergako berak dira, eta, horrenbestez, 16 milioi eurotik gorako ondarea dutenek baino ez dute gehiago ordainduko. Horregatik iritzi dio «potentzialitate osoa» kendu zaiola, eta «aberatsen neurrira» eginda dagoela. Gauzak hala, EH Bilduk aurka bozkatuko du aldundietan. Orduan, zein da egoera lurralde bakoitzean? Bizkaian onartu egingo da, EAJk eta PSEk gehiengoa baitute Batzar Nagusietan. Gipuzkoan eta Araban, berriz, Elkarrekin Podemos-IUren esku dago; PPk, oraingoz, aurka egingo duela esan baitu. Araban, Voxen botoa ez litzateke erabakigarria izango.
EH Bilduk eginiko kalkuluaren arabera, fortuna handien zergak hirurehun pertsonari bakarrik eragingo die. Iker Casanova Bizkaiko batzarkideak azaldu duenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 17.000 zordunek ordaintzen dute ondasunen zerga, eta zerga berriarekin gehiengo handi batek ez du ezer nozituko. Salatu duenez, galdu egin da aberatsenei zerga gehiago kobratzeko aukera, ondasunen zergak ezartzen dien presio fiskala errepikatu egiten baita aurreproiektuan: «Beste guztiak salbuetsita daude, berdin geldituko dira».
«Urkulluk Madrilek egiten duen dumping fiskala kritikatzen du, eta orain bera da aberatsentzako dumping fiskala onartu duena. Proposamen honekin aberatsek Espainian baino gutxiago ordainduko dute», kritikatu du. Ildo horretan, mundu guztiko joeraren aurka egitea egotzi die aldundiei, eta aurreratu du tasa hauekin «aberatsei zenbat milioi barkatu zaizkien» galdetuko diela. EAJri galdetu dio filosofia honi eutsiko dion aurrera begira eta balizko zerga erreforma bat egitean.
|
2023-10-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/233798/eroskik-699-milioi-euroren-irabaziak-izan-ditu-lehen-seihilekoan.htm
|
Ekonomia
|
Eroskik 69,9 milioi euroren irabaziak izan ditu lehen seihilekoan
|
Elikagaiak garestitzen ari diren honetan «familien poltsikoari arnasa emateko» egindako ahalegina azpimarratu du kooperatibak. Salmentak 2.526,7 milioi eurora iritsi dira.
|
Eroskik 69,9 milioi euroren irabaziak izan ditu lehen seihilekoan. Elikagaiak garestitzen ari diren honetan «familien poltsikoari arnasa emateko» egindako ahalegina azpimarratu du kooperatibak. Salmentak 2.526,7 milioi eurora iritsi dira.
|
Inflazioaren aldeko haizeari etekina ateratzen jarraitzen du Eroskik, emaitza positiboak baititu aurten ere. Elorrioko banaketa kooperatibak 69,9 milioi euroren irabaziak izan ditu 2023. urtearen lehen erdian. Aurreko urte osoan lortutakoa baino zertxobait gehiago da hori (+%1,81), 64 milioi euroren irabaziak izan baitzituen iaz. Eroskik adierazi du banaketa taldeak hartua duen bide egokiaren ondorio direla emaitza horiek: merkatu kuota handitzea eta kostuak doitzea lortu duelako.
Horiek horrela, 2.526,7 milioi euroko negozioa erdietsi du taldeak otsailetik uztailera. Horrek esan nahi du banaketa taldearen diru sarrerak %9,21 handitu direla. Elikagaien inflazioa ia %10aren bueltan den honetan, Eroskik adierazi du aurten iaz baino ahalegin handiagoa egin duela irabazi marjinak bere horretan mantentzeko, eta emaitza ona sustapen jarduera handitzeko ahaleginari zor zaiola bereziki. Hain zuzen ere, banaketa taldeak merkatu guztietan hobetu du bere kuota, eta horri esker hobetu du emaitza operatiboa ere: 31,9 milioi eurokoa izan da. Ebitda 166 milioi eurotik gorakoa izan da. «Kontsumitzaileek erantzun ona eman diote egindako lanari, eta horri esker egin dugu aurrerapen hau», esan du taldeak.
Taldeak 36,7 milioi euro inbertitu ditu saltoki berriak irekitzeko aurtengo urtearen erdian: 53 denda, lau supermerkatu propio eta 49 frankizia saltoki irekitzeko erabili du diru hori, baita salmenta guneak berritzeko ere. Zorra txikitzea ere lortu du: 35 milioi euro amortizatu ditu lehen sei hilabeteetan, eta, beraz, 874 milioi euro zor dizkie finantza erakundeei orain. Hain zuzen, bankuei ordaintzeko bonu jaulkipena egin du Eroskik, 600 milioi euro artekoa.
Hazkundea sendotzea helburu
Zorrak zor, negozioak etekinak ematen zituela adierazi izan du Elorrioko kooperatibak urte beltz askoan, eta 2023ko lehen erdiaren emaitzek indarra eta oinarria eman diete adierazpen horiei. Hori bera nabarmendu du Rosa Carabel Eroskiko zuzendari nagusiak ere: «Ekitaldi honetako lehen sei hilabeteetan lortu ditugun emaitzek agerian uzten dute gure negozio eredua sendoa eta lehiakorra dela». Izan ere, hazkundearen bidea hartuta dago Eroski, eta bide horretan segitu nahi du taldeak aurrerantzean ere.
Carabelek erantsi du «erronka handia» izan dela inflazioak sortutako egoerari aurre egitea, prezioen garestitzeak balio kate osoari eragin diolako, eta kontsumitzaileen erosketa ohiturak aldatu dituelako. Bada, taldeak irabazi marjinak apaltzeko egindako ahalegina azpimarratu du zuzendari nagusiak: «Gogor aritu gara lanean familien poltsikoari arnasa eman dieten sustapenak abiatzeko, eta halaxe egingo dugu datozen hilabeteetan ere». Horri lotuta, iragarri du beste kanpaina bat abiarazi duela: erosketa saskiko 800 produkturen prezioa merkatu du taldeak. Produktu horietan artean «erosketa oso bat egiteko behar diren mota guztietako produktuak» daude, taldeak azaldu duenez.
|
2023-10-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/233799/israelek-preso-palestinarrak-bakartuta-dauzkala-salatu-dute.htm
|
Mundua
|
Israelek preso palestinarrak bakartuta dauzkala salatu dute
|
Presoen eskubideen aldeko Addameer erakundeak salatu du «palestinarren aurkako polizia operazio bat» egiten ari direla Zisjordanian.
|
Israelek preso palestinarrak bakartuta dauzkala salatu dute. Presoen eskubideen aldeko Addameer erakundeak salatu du «palestinarren aurkako polizia operazio bat» egiten ari direla Zisjordanian.
|
Joan den larunbatean piztu zen Palestinaren eta Israelen arteko gatazka, Gazako milizia palestinarren erasoaren ostean. Borroken ondorioak, baina, Palestina osora zabaldu dira. Presoen eskubideen aldeko Addameer erakundeak salatu duenez, larunbatetik ugaritu egin dira presoen eskubide urraketak, eta haien aurkako zigor neurriak hartu dituzte hainbat espetxetan. Horrez gain, urriaren 7tik eten egin dizkiete kanpokoekiko harremanak.
Erakundearen arabera, larunbatean Israelgo segurtasun indar bereziak ezustean sartu ziren Damongo espetxeko emakumeen eremuan, eta emakume palestinarren ordezkaria atzeman zuten, Marah Bakir. Bakir beste espetxe batera lekualdatu dute, eta gainontzeko presoak argindarrik gabe eduki zituzten egun osoz. Gainontzeko espetxeetan ere itxi egin dituzte zenbait eremu, eta presoei debekatu egin diete telebista ikustea —lehendik ere mugatuta zeuzkaten telebista ikusteko orduak—; bertan behera utzi dituzte senideen bisitak, baita aste honetarako aurreikusitako abokatuen eta presoen arteko elkarrizketak ere.
Bestalde, Zisjordanian «palestinarren aurkako polizia operazio bat» egiten ari direla ere salatu du Addameerrek. Erakunde horren arabera, ekintzaile eta preso ohiak atxilotzen ari dira —76 preso ohi atzeman dituzte lau egunean—. Bide beretik, auzitegiek indarrean jarri dute araudi militarraren 33. artikulua, zeinaren arabera atxilotua zortzi egunez eduki baitezakete atxikita auzitara eraman aurretik —ohiko egoeran 96 ordu dira gehienez—; lehen bi egunetan, gainera, atxilotuak ezin du bere abokatuarekin hitz egin.
Kolonoen erasoak
Wafa albiste agentziak zabaldu duenez, kolono talde batek eraso egin dio palestinar nekazari talde bati Ramallah mendebaldean, eta euren lurrak uztera behartu ditu. Lekukoek salatu dute kolonoek tiro egin dietela oliba biltzen ari ziren nekazariei.
|
2023-10-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/233801/frederick-wisemanek-jasoko-du-zinebiko-ohorezko-mikeldi-saria.htm
|
Kultura
|
Frederick Wisemanek jasoko du Zinebiko Ohorezko Mikeldi saria
|
Zinemagile estatubatuarra dokumentalaren generoan da ezaguna. 50 film baino gehiago zuzendu ditu —tartean, Titicult Follies (1967)—, eta Ohorezko Oscar saria ere eman zioten 2016an.
|
Frederick Wisemanek jasoko du Zinebiko Ohorezko Mikeldi saria. Zinemagile estatubatuarra dokumentalaren generoan da ezaguna. 50 film baino gehiago zuzendu ditu —tartean, Titicult Follies (1967)—, eta Ohorezko Oscar saria ere eman zioten 2016an.
|
Bilboko Zinebi jaialdiak, Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko Zinemaldiak, 65. aldia izango du aurten, eta Frederick Wisemanentzat izango da Ohorezko Mikeldi saria. Dokumentalaren esparrua jorratu du Wisemanek hirurogei urtetik gorako ibilbidean, eta, batik bat, behaketa bidezko dokumentalgintzak ezaugarritu du haren lana. Eremu horretan egindako ekarpena nabarmendu dute, hain justu, Zinebiko antolatzaileek sariaren berri ematean.
Abokatu ikasketak burutu ostean ekin zion zinemagintzari Wisemanek (Boston, Massachusetts, AEB, 1935). The Cool World estreinako filma 1963an aurkeztu zuen, eta ondotik egin zuen Titicut Follies, bere obra osoko lanik ezagunenetako bat. Massachusettsko espetxe psikiatriko bateko bizitza erretratatu zuen hartan, eta hurrengo lanetan ere AEBetako instituzioak eraman izan ditu fokupera. Denera, 50 film baino gehiago zuzendu ditu, eta horietan berriena irailean aurkeztu zuen, Venezian: Menus Plaisirs - Les Troisgros. Bilbon ere emango dute.
Azaroaren 10etik 17ra egingo dute aurten Zinebi jaialdia, eta Wisemanek inaugurazio galan jasoko du saria. «Zinemagile handien aura» duten egileetako bat dela azpimarratu dute antolatzaileek, «gai dena film dokumental bakoitzean Titicut Follies-en erakutsi zuen intuizio berbera erakusteko». Ohorezko Oscar saria ere eman zioten 2016an.
|
2023-10-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/233802/sindikatuek-azaroaren-30eko-greba-feminista-orokorra-erregistratu-dute-nafarroan.htm
|
Gizartea
|
Sindikatuek azaroaren 30eko greba feminista orokorra erregistratu dute Nafarroan
|
Mugimendu feministako kideek ELA, LAB, Steilas, ESK, EHNE, Etxalde eta CGT sindikatuek egin dute erregistroa Nafarroako Jauregian.
|
Sindikatuek azaroaren 30eko greba feminista orokorra erregistratu dute Nafarroan. Mugimendu feministako kideek ELA, LAB, Steilas, ESK, EHNE, Etxalde eta CGT sindikatuek egin dute erregistroa Nafarroako Jauregian.
|
Arazoaren 30ean greba feminista orokorrera deituta daude herritarrak, eta gaur erregistratu dute deialdia Nafarroan. Mugimendu feministako kideek eta ELA, LAB, Steilas, ESK, EHNE, Etxalde eta CGT sindikatuetako ordezkariek egin dute erregistroa, Nafarroako Jauregian. Zaintza «eskubide unibertsal» gisa aitortzea dute xede.
Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorraren esanetan, pertsona orok beharko ditu zaintzak bere bizitzako uneren batean, eta zaintza lan horiek «aitortu eta banatu» behar direlakoan dago. Gizonek ere lan horietaz arduratu behar dutela nabarmendu du, alegia, lan horiek «kolektibizatu eta berrantolatu» behar direla: «Egun, gero eta argiago dago zaintzen krisi bat dagoela, baina, gure ustez, krisiaren erantzule nagusia ez da bilakaera demografikoa; zaintzen krisiaren arrazoia da emakumeok planto egiten ari garela gero eta jasangaitzagoa den eta emakumeentzat bidegabea den sistema baten aurrean».
Banaketa desorekatuaz gain, zaintzaileen egoeraz ere kritiko mintzo da Aranburu. Haren esanetan, lan horiek sexuaren eta arrazaren arabera banatuta daude, eta, ondorioz, egoera «erabat prekarioan». egiten dira: «Kasu askotan, lan horiek emakume migratuen eta arrazializatuek esplotazioan oinarritzen dira».
Ildo bertsutik jo du Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiaren albokoak ere. Zaintza sistema «publikoa, doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa» defendatu du, baita konpromisoak galdegin ere: «Esaten dugu bizitza zentroan jarri nahi dugula, esaten dugu posible dela, esaten dugu beharrezkoa dela, baina, horretarako, lortu behar dugu gobernuek paso egitea eslogan politez eta egiten duten propagandaz, eta benetan beste sistema bat eraikitzea».
Bihar, beste erregistroa
Gaur Nafarroan egin bezala, bihar Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erregistratuko dute azaroaren 30eko greba. Mugimendu feministako kideak eta ELA, LAB, Steilas, ESK, EHNE, Etxalde eta CGT sindikatuetako ordezkariak izango dira Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan.
|
2023-10-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/233803/ndfk-interes-tasa-handiei-eusteko-eskatu-du-inflazioak-iraungo-duelako.htm
|
Ekonomia
|
NDFk interes tasa handiei eusteko eskatu du, inflazioak iraungo duelako
|
Nazioarteko Diru Funtsak ohartarazi du arrisku geopolitikoak handitzen ari direla. Hazkunde iragarpenak azken hamarkadetako apalenak dira.
|
NDFk interes tasa handiei eusteko eskatu du, inflazioak iraungo duelako. Nazioarteko Diru Funtsak ohartarazi du arrisku geopolitikoak handitzen ari direla. Hazkunde iragarpenak azken hamarkadetako apalenak dira.
|
NDFk mezu bera helarazi du, baina tonua gogortuta. Apirilean eta uztailean egindako iragarpenetan antzemandako lainoak beltzagoak dira orain. 2024rako munduko hazkunde ekonomikoaren aurreikuspena hamarren bat jaitsi du, %2,9raino, eta, epe motz eta ertainera begira Txinako higiezinen krisia jo du arrisku nagusitzat. Halaber, ohartarazi du «tentsio geopolitiko eta klimatiko berriek» elikagaien, energiaren eta trantsizio energetikorako funtsezkoak diren beste lehengai batzuen prezioa garestitzea ekar dezaketela, eta, beraz, inflazio handia izango dela aurrerantzean ere. Horri aurre egiteko «diru politika zorrotzei» eutsi beharko zaiela nabarmendu du.
Munduko aurreikuspen ekonomikoei buruz asteartean argitaratutako txostenean, NDFk adierazi du aurtengo hazkundea %3koa izatea espero duela, uztailean esan bezala, baina hamarren bat jaitsi du 2024ko hazkunde iragarpena, %2,9raino. Hazkundea «egonkorra baina ahula» dela azpimarratu du.
Txostena irailaren 25era arte bildutako informazioarekin egin du, eta, beraz, ez du kontuan hartzen milizia palestinarren eta Israelen artean piztu berri den gerrak zer eragin izan dezakeen. Pierre-Olivier Gourinchas erakundeko ekonomialari buruak esan du «oso goiz» dela horren ondorio ekonomikoak ebaluatzeko.
AEBak hobeto, Eurogunea okerrago
NDFren arabera, «espero baino hobeto» hasi zen 2023a, AEBetako kontsumoaren sendotasunari esker. Baina pandemiaren, Ukrainako gerraren eta energia krisiaren ondorioetatik suspertzeko «erresilientzia nabarmena» izan arren, Gourinchasek ohartarazi du hazkundea «ahula» dela oraindik, eta herrialde batzuen eta besteen artean «gero eta alde handiagoak» daudela. «Munduko epe ertaineko hazkunde iragarpenak azken hamarkadetako txikienak dira, eta ez dirudi herrialdeetako bizi maila hobetuko denik. Balantza okerreko aldera makurtuta dago oraindik».
AEBei dagokienez, NDFk aurreikuspenak hobetu ditu, inbertsioak eta kontsumoa espero baino azkarrago berreskuratu baitira: hazkundea aurten %2,1koa izango dela dio, uztailean baino hiru hamarren gehiago, eta 2024an %1,5koa, bost hamarren gehiago.
Eurogunean, aldiz, aurreikuspenak okertu ditu, haren ustez Ukrainako gerraren eta krisi energetikoaren eraginak handiagoak direlako. Euroguneko ekonomia 2023an %0,7 haziko dela dio eta 2024an %1,2, uztailean uste zuen baino bi eta hiru hamarren gutxiago, hurrenez hurren. Azpimarratu du, halaber, eurogunean aldeak daudela herrialdeen artean. Alemaniak aurten %0,5eko «uzkurdura txiki bat» izango duela dio, aurreikusi baino bi hamarren handiagoa. Bestalde, Espainia %2,5 haziko da, Frantzia %1 eta Italia %0,7.
Txinako krisia
Txinaren aurreikuspenak ere okertu ditu, higiezinen merkatuaren krisia dela eta. NDFren arabera, horrek herrialdearen hazkundea %5era mugatuko du aurten, eta % 4,2ra 2024an, uztailean esan baino bi eta hiru hamarren gutxiago, hurrenez hurren. Gourinchasen arabera, arazo horrek agintarien «erantzun irmoa» eskatzen du. «Kredituak bultzatutako higiezinen hazkunde eredutik aldendu behar du Txinako ekonomiak».
Izan ere, NDFren irudiko, hori da ekonomia globalerako arrisku nagusia, eta ohartarazi du horren zabaltzeak lehengaien prezioen aldakortasunean ere eragin dezakeela. «Txinako higiezinen sektorearen krisia sakontzeak ondorioak izan ditzake nazioartean, bereziki lehengaien esportatzaileentzat».
Horrekin batera, munduko ekonomiari eragiten ari zaizkion beste gertaera batzuk aipatu ditu Gourinchasek. Gogorarazi duenez, ekainaz geroztik petrolioaren prezioa %25 inguru igo da, LPEE+ erakundeko herrialdeen murrizketaren ondorioz, eta horiei eutsiko diete. Era berean, azpimarratu du «zatiketa geoekonomikoak» lehengaien prezioen garestitzea eragiten ari direla, mineral kritikoena bereziki. «Horrek arrisku makroekonomiko larriak ekar litzake etorkizunean, klima trantsizioan besteak beste».
NDFko ekonomialari buruak elkarlanerako mezua bidali du: «Herrialdeek izkin egin behar diete Munduko Merkataritza Erakundearen arauak urratzen dituzten eta nazioarteko merkataritza desitxuratzen duten politikak. Eta klima trantsiziorako beharrezkoak diren mineral kritikoen fluxua zaindu behar dute, baita nekazaritzako oinarrizko produktuena ere».
Bi abiadurako inflazioa
Halaber, azken txostenean NDF oso kezkatuta agertu da inflazioaren aurtengo bilakaerarekin. Aurreikusten du munduan %6,9ra jaitsiko dela aurten, eta %5,8ra datorrenean. Beheranzko bidean jarraitu arren, uztailean esan baino okerragoa da 2024ko aurreikuspena: sei hamarren handiagoa.
Aipatutako «arriskuek» inflazioa espero baino gutxiago jaistea ekarriko duela nabarmendu du Gourincahsek; ohartarazi duenez, azpiko inflazioa murrizteko prozesuak denbora gehiago beharko du, eta 2025era arte ez da lortuko banku zentralek jarritako helburuak betetzea. «Diru politika zorrotzari eutsi beharko zaio leku gehienetan, inflazioa zehaztutako helburura modu iraunkorrean jaitsi arte. Oraindik ez gara puntu horretara iritsi».
NDFren arabera, prezioen moteltzea handiagoa izango da ekonomia aurreratuetan, batez ere eurogunean eta AEBetan; diru sarrera txikiko herrialdeetan, berriz, inflazioa %10etik gorakoa izango da. Erakundeak azpimarratu du herrialde askok oso tarte eskasa dutela arazoari aurrekontuen bidez aurre egiteko, zorpetze handia dutelako. Eta, abuztuko txosten batean azaldu zuen moduan, energiarako laguntzak zaurgarrienentzat mugatu behar direla.
|
2023-10-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/233804/iruneko-udalbatzak-carlos-salvadorren-jokabidea-gaitzetsi-du-indarkeria-matxista-ukatzeagatik.htm
|
Gizartea
|
Iruñeko udalbatzak Carlos Salvadorren jokabidea gaitzetsi du, «indarkeria matxista ukatzeagatik»
|
Arbuio adierazpenaren aldeko botoa eman dute EH Bildu, PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa taldeek; kontrakoa, berriz, UPNk eta PPk.
|
Iruñeko udalbatzak Carlos Salvadorren jokabidea gaitzetsi du, «indarkeria matxista ukatzeagatik». Arbuio adierazpenaren aldeko botoa eman dute EH Bildu, PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa taldeek; kontrakoa, berriz, UPNk eta PPk.
|
EH Bildu, Geroa Bai, PSN eta Zurekin Nafarroa Iruñeko udal taldeek adierazpen bat aurkeztu dute gaur, Carlos Salvador UPNko zinegotziaren jarrera gaitzesteko. Herritarrekiko Harremanetarako, Partaidetzako, Adinekoekiko Harremanetarako, Hezkuntzako, Berdintasuneko eta Kultura Aniztasuneko udal gobernuko arduraduna izaki, urriaren 5eko osoko bilkuran emakumeen aurkako indarkeriari buruz egindako «adierazpen negazionistengatik» arbuiatu dute haren jokaera. Adierazpen horiek Iruñean «indarkeria matxistaren aurkako borrokari kalte» egiten diotela adierazi dute oposizioko udal taldeek. Salvadorrek ez ditu adierazpenak zuzendu: esan du «emakumearen aurkako indarkeria ororen aurka» dagoela, eta baita «beste indarkeria mota guztien aurka» ere. Azkenerako, aurrera atera da Berdintasun zinegotziaren aurkako arbuio adierazpena, EH Bildu, PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroaren aldeko botoekin. UPNk eta PPk kontrako botoa eman dute.
Oposizioko taldeek gogoratu dutenez, «indarkeria matxista da emakumeen artean heriotza goiztiarren lehen arrazoia»; matxismoak hil egiten duela azpimarratu dute, eta «lehen mailako gai politikoa» izan behar duela, «prebentzio, arreta eta erreparazio politika eraginkorrekin, milaka emakumeren eta haien seme-alaben sufrimendua amaitzeko eta gizarte parekide batean aurrera egiteko». EH Bildu, PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa taldeek adierazpen gogorrak egin dituzte Salvadorren aurka: «Emakumeen aurkako indarkeria zer den ez dakien pertsona batek ezin du egin gaitz horren aurka borrokatzeko politika egokirik».
Gaitzespen adierazpenean, oposizioko taldeek Cristina Ibarrola alkateari eskatu diote «berdintasun politiken eskuduntza Salvador jaunari kentzea». Era berean, «behin baino gehiagotan emakume eta gizonen arteko berdintasuna gutxietsi eta emakumeen aurkako indarkeria dagoenik ukatu duen zinegotzi bati» erantzukizun hori eman izana salatu dute. Salvador zinegotziak «gizartean emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren ondorioz dagoen egiturazko indarkeria dagoenik» ukatu egiten duela azpimarratzen dute, halaber.
Salvador ultrakatoliko gisa duen militantziagatik da ezaguna. Esaterako, abortatu nahi duten emakumeei fetuaren argazki bat erakusteko eskatu zuen diputatu zenean, Espainiako Kongresuan, UPNren Madrilgo eledun izan baitzen (2004-2019).
|
2023-10-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/233805/sektore-publikoko-greba-deialdiei-eutsi-diete-sindikatuek.htm
|
Ekonomia
|
Sektore publikoko greba deialdiei eutsi diete sindikatuek
|
Ez da akordiorik egon Eusko Jaurlaritzako mahai orokorreko bileran, eta hilaren 25eko eta abenduaren 19ko deialdiak indarrean daude oraindik ere.
|
Sektore publikoko greba deialdiei eutsi diete sindikatuek. Ez da akordiorik egon Eusko Jaurlaritzako mahai orokorreko bileran, eta hilaren 25eko eta abenduaren 19ko deialdiak indarrean daude oraindik ere.
|
Eusko Jaurlaritzako mahai orokorreko gaurko bileran ez da akordiorik egon, eta, ondorioz, sindikatuek eutsi egin diete hilaren 25erako eta abenduaren 19rako sektore publikoan deituriko greba deialdiei. ELA, LAB, CCOO, Steilas, SATSE eta ESK sindikatuek kritikatu dute Jaurlaritzak entzungor egin izana haien eskariei. Haien iritziz, «Madrildik ezarritako mugei» men egiten die, eta, ondorioz, ez du funtzionarioen lan baldintzak hobetzeko asmorik. Udalei eta Foru Aldundiei dagokienez, ez dute haien berririk izan grebara deitu zutenetik.
Aldaketarik ezean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langile publikoek greba egingo dute hilaren 25ean. Hiru aste pasatu dira lanuzte deialdia egin zutenetik, eta ELA, LAB eta CCOO sindikatuak gaur bildu dira Eusko Jaurlaritzarekin, gaia jorratzeko. Sindikatuek salatu dute bilera antzua izan dela, eta Jaurlaritzak ez duela inolako edukirik eskaini. Publiko egin duten oharraren arabera, Jaurlaritzak Espainiako Gobernuak ezarritako «mugak» erabili ditu argudio modura.
Sindikatuek hainbatetan azalduriko eskaerak egin dituzte gaurko bileran. Langile publikoen lan baldintzen «okertze prozesu etengabea» geldituko duten pausoak nahi dituzte. Besteak beste, azken bi urteetan pilaturiko erosketa ahalmena berreskuratzeko eta egonkortze planak sustatzeko eskatu dute, behin-behinekotasun tasa %8tik beherakoa izan arte. Halaber, pribatizazio berririk ez egitea eta administrazioa euskaldunduko duten urratsak egitea galdegin diote.
|
2023-10-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/233806/etxebizitza-eskubide-subjektiboa-garatzeko-dekretua-onartu-du-jaurlaritzak.htm
|
Gizartea
|
Etxebizitza eskubide subjektiboa garatzeko dekretua onartu du Jaurlaritzak
|
Eskatzaileek bete beharreko bi baldintza aldatu dituzte: etxebizitzaren eskatzaileen erregistroko antzinatasuna eta gehienezko diru sarreren zenbatekoak
|
Etxebizitza eskubide subjektiboa garatzeko dekretua onartu du Jaurlaritzak. Eskatzaileek bete beharreko bi baldintza aldatu dituzte: etxebizitzaren eskatzaileen erregistroko antzinatasuna eta gehienezko diru sarreren zenbatekoak
|
Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzako, Etxebizitzako eta Garraioetako sailburuak gobernu kontseiluaren osteko agerraldian adierazi du etxebizitza eskubide subjektiboa garatzen duen dekretua onartu duela Jaurlaritzak. «Dekretuak etxebizitzarako eskubide subjektiboa aitortzeko eskakizun, baldintza eta prozedurak arautzen ditu, eta aukera ematen du alokairuko etxebizitza sozial batera jotzeko, edo merkatu librean alokairu baten ordainketa erraztuko duen prestazio ekonomiko bat jasotzeko», erran du Arriolak.
Zehazki, dekretuak 2015ean onartutako Etxe Eskubidearen Legean jasotzen den etxe eskubide subjektiboa garatzen du. Geroztik, eskubidea aitortzeko zenbait baldintza bete behar dira: etxe egonkorrik edo egokirik ez izatea −bizigarritasuna, tamaina, ahalmen ekonomikoa edo arrazoi juridikoak direla medio−, lau urtez etxe eskatzaileen erregistroan izena emanda egotea, eta bizikidetza unitate bakoitzeko urteko diru sarrerak kopuru jakin bat baino txikiagoak izatea: kide bateko bizikidetza unitateek 9.000 euroren diru sarrerak izan zitzaketen gehienez; bi kidekoek, 12.000 eurokoak; eta hiru kidekoek, 15.000 eurokoak.
Baldintza horietako batzuk aldatu ditu dekretuak. Orain, adibidez, nahikoa izanen da etxebizitza eskatzaileen erregistroan hiru urtez izena emanda egotea. Diru sarreren kopuruak ere aldatu dira: eskubidea aitortzeko, kide bateko bizikidetza unitateek 13.000 euro irabazi ahalko dituzte urtean gehienez; bi kidekoek, 17.000 euro; eta hiru kidekoek, 19.000 euro. Aldaketa horiekin etxe eskubide subjektiboa 10.000 eskatzailetara zabaldu ahalko dutela aitortu du Arriolak. Aldaketa horiek «berehala» eginen direla dio, dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean.
Herritar gehiagorengana iristea zen, bada, etxe eskubide subjektiboak zituen erronka nagusietako bat. Izan ere, Etxebizitza Legea indarrean denetik, hainbat adituk nabarmendu dute beharrezkoa zela dekretua, eskubidearen mugak agerikoak zirelako. Adibidez, 2015etik aurtengo apirliera bitarte 15.000 herritar inguruk eskatu dute eskubide hori aitortzeko, baina horietako 7.900 ingururi baizik ez zaie aitortu. Gainera, horietako 2.400 inguruk soilik dute alokairu sozialeko etxe bat, eta bertze 2.000 inguruk alokairua oraintzeko laguntzak jasotzen dituzte.
Ikusi gehiago: Eskubide baten mugak
Bateratuta
Dekretuaren bidez, gainera, EAE Euskal Autonomia Erkidegoan dauden etxebizitzaren arloko bi laguntza nagusiak bateratuko dituzte: etxebizitzarako laguntza osagarria, Lanbidek kudeatzen duena; eta etxebizitzarrako laguntza ekonomikoa, Jaurlaritzaren etxebizitza arloak kudeatzen duena. Etxebizitza eskubide subjektiboa aitortu zaien horiei ematen zaie bigarrena, baina alokairu sozialeko etxerik eman ez zaienei −zerbitzu publikoek etxe nahikorik ez dutelako, normalean−. Merkatu libreko etxe baten alokairuaren ordainketa errazteko balio du laguntzak.
Dekretuan trantsizio plan bat dago, zeinetan ezartzen den etxebizitzarako laguntza osagarria jasotzen duten horiek etxebizitzarako laguntza ekonomikoa kobratzen hasten ahalko direla, lehenbiziko laguntza iraungitzen denean. Izan ere, Lanbidek kudeatutako laguntza hori bi urtez kobratu daiteke, baina bertzeari eusten zaio eskubide subjektiboaren aitortza izan bitartean. Hala, laguntza osagarria iraungintzen zaien horiek prestazio ekonomikoa kobratuko dute urte batez, eta tartean eskubide subjektiboa aitortzeko eskatu beharko dute. Laguntza batetik bertzerako aldaketa horiek 2024ko apirilaren 2tik aurrera jarriko dira indarrean.
|
2023-10-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/233807/klima-krisia-ez-da-neutroa-genero-aldetik-nberen-arabera.htm
|
Mundua
|
Klima krisia «ez da neutroa genero aldetik», NBEren arabera
|
Populazio Gaietarako Nazio Batuen Funtsak ohartarazi du klima krisiari aurre egiteko legeak dituzten herrialdeen herenak bakarrik gehitzen dituela amen eta haurren osasun zerbitzuak.
|
Klima krisia «ez da neutroa genero aldetik», NBEren arabera. Populazio Gaietarako Nazio Batuen Funtsak ohartarazi du klima krisiari aurre egiteko legeak dituzten herrialdeen herenak bakarrik gehitzen dituela amen eta haurren osasun zerbitzuak.
|
Klima krisia generoaren aldetik ez dela «neutroa» iragarri du Populazio Gaietarako Nazio Batuen Funtsak (UNFPA) ateratako txostenean. UNFPAren txostenak dio klima krisiari aurre egiteko neurriak dituzten 119 herrialdetatik bakarrik 38 hartzen dituztela kontuan amen eta haurren osasun zerbitzuak, eta hamabostek bakarrik aipatzen dutela emakumeen aurkako indarkeria.
Txostenaren arabera, tenperaturaren gorakadak lotura dauka amen osasunen okertzearekin eta haurdunaldiko arazoekin. Muturreko beroak erditze goiztiarrak eragiten dituela eta ume gehiago hilda jaiotzen direla azaldu dute.
Populazioari eta garapenari buruzko UNFPAren aholkulari eta txostenaren egileetako bat da Angela Baschierik. Gobernuek dituzten emakumeen eta nesken neurrietan arreta jarriz gero, «lan gehiago» egin daitekeela uste du. Hutsune horiei «aurre egin behar» zaiela gaineratu du The Guardiani egindako adierazpenetan. Klima krisiak genero berdintasunaren aldeko borrokan «atzerapena» ekarri duela jakinarazi du Baschierik.
Txostena klima krisiak emakumeengan eta neskengan duen eragina herrialde gehiagok onartu dezatela eta neurriak har ditzatela horri aurre egiteko.
Klima aldaketa eta haurren ezkontza behartuak
Save the Children erakundeak gaur argitaratutako txostenean adierazi dute gero eta neska gehiagok arrisku larria dutela klima aldaketaren eta haurren ezkontza behartuen «inpaktu bikoitza» jasateko. Txostenaren arabera, 2050. urtean «ia 40 milioi» izatera iritsiko dira, gaur egungo direnen heren bat gehiago izango dira.
Haurren ezkontza behartuek eta klima aldaketak eragin gehien duten hamar herrialdeetan 29,9 milioi neska —haur eta nerabe— bizi direla dio gobernuz kanpoko erakundeak. Herrialde horietako neskak dira haur direnean ezkontzeko eta hondamendi natural bat sufritzeko arriskurik handiena dutenak.
Nazioarteko Save the Children erakundeko zuzendari nagusi Inger Ashingek ohartarazi duenez, hondamendi baten ostean, neskek jazarpena eta sexu abusuak jasateko arriskuak izan ohi dituzte. Klima krisiak nesken bizimodua eta etorkizuna aldatzen ari dela salatu du Ashingek, baina munduko plan klimatikoen %2 baino gutxiagok aipatzen dituzte neskatoak. «Eraginkortasunez eta lehenbailehen» inbertitzeko eskatu du, epe motz eta luzeko inpaktuek kalte gehiago eragin aurretik.
|
2023-10-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/233808/fagor-taldea-prestatuago-eta-sendoago-dago-orain-fagor-etxetresnak-itxi-eta-hamar-urtera.htm
|
Ekonomia
|
Fagor taldea «prestatuago» eta «sendoago» dago orain, Fagor Etxetresnak itxi eta hamar urtera
|
Bazkide langileen %81ek «behin betiko soluzioa» jaso duela nabarmendu du taldeak, eta neurriak hartu dituela etorkizunean etor daitekeenari aurre egiteko.
|
Fagor taldea «prestatuago» eta «sendoago» dago orain, Fagor Etxetresnak itxi eta hamar urtera. Bazkide langileen %81ek «behin betiko soluzioa» jaso duela nabarmendu du taldeak, eta neurriak hartu dituela etorkizunean etor daitekeenari aurre egiteko.
|
Kooperatibismoaren ikur handietako bat izan zen, euskal industriaren abangoardia. Eta, horregatik hain zuzen ere, haren hondoratzeak inoiz ez bezalako lurrikara eragin zuen, hala Arrasateko kooperatiben artean, nola Euskal Herriko enpresa ehun osoan. Hamar urte dira aurten Fagor Etxetresnak izan zenak porrot egin zuela, eta taldeak oharra kaleratu du urtemuga hura gogorarazteko. Adierazi duenez, itxiera hark eragindako «irakasgaia» bere egin du dagoeneko kooperatiba taldeak, eta, «prozesu luze eta konplexu baten ondoren», orain «prestatuago» dago etorkizuneko zailtasunei aurre egiteko.
Fagor Taldea osatzen zuten zortzi enpresetatik handiena eta ezagunena zen etxetresnak ekoizten zituen kooperatiba, eta hura ixteak «krisi latza» eragin zuen taldean. Askotarikoak izan ziren haren albo ondorioak: «Galera ekonomiko handiak, konkurtsoari lotutako prozedura legal guztiari aurre egin beharra, eta, bereziki, ziurgabetasun egoeran geratu ziren bazkideen egoera kudeatzeko betebeharra».
Hain zuzen ere, 5.600 langile zituen Fagor Etxetresnak kooperatibak garai hartan, eta horietatik 1.736 ziren bazkide langileak. Horiei irtenbide bat ematea izan zen taldeak jarri zituen lehentasunetako bat, bai baitzekien orduko erantzuna eta krisiari buelta emateko gaitasuna «aurrekari» izango zirela eredurako. Labur esanda: «Mondragonen kooperatibagintzaren erresilientzia gaitasunaren erakusgarri».
Bada, taldeak jakinarazi du bazkideen %81i «behin betiko soluzioa» eman zaiela enpresa itxi eta hamar urtera. Hau da, ordu hartan Fagor Etxetresnak enpresan lanean ari ziren 1.405 langile bazkidek lortu dute kalte ordainen bat. Horietatik 577 beste kooperatiba bateko bazkide langileak dira egun —%60 inguru Fagor Taldeko kooperatiba bateko bazkide bilakatu dira—, eta 320 behin-behinean ari dira lanean, bazkide izan gabe —%71 ari dira Fagor Taldeko kooperatiba batean—.
Aurrera begira, langile horiek bazkide egitea du erronka eta helburu taldeak, hain zuzen ere. Azken bost urteetan 196 egin ditu, eta aurten beste 25 egitea du xede. «Beste lanpostu bat emateko konpromiso irmoa hartu zen Fagor Taldean, Mondragon korporazioan eta Lagun Aron. Bazkideek ere ahalegin berezia egin beharra izan dute azken hamarkadan. Guztion artean egin zaio aurre egoerari», azaldu du taldeak.
Elkartasun mekanismoak giltzarri Fagorrek uste du datuok erakusten dutela gai izan zela krisi hark eragindako ondorioei modu egokian aurre egiteko: «Inoiz ez bezalako egoera zail hura egoki kudeatzeko gaitasuna berretsi zen». Eta kooperatiben arteko elkartasun mekanismoak nabarmendu ditu horri lotuta, jendea beste lanpostu batera mugitzeaz gainera beste babes neurri batzuk ere martxan jarri behar izan baitzituzten, erretiro aurreratuak eta langabezia laguntzak, esate baterako.
Lagun Arok ere arauak egokitu behar izan zuen horretarako, taldeak gogorarazi duenez: bikoiztu egin zitzaien bazkideei langabezia saria finantzatzeko ordaintzen duten zenbatekoa.
Baina elkartasun mekanismoak indartzearekin batera, Fagor Taldeak ere neurriak hartu ditu bere eredua «sendotzeko eta babesteko». Edo beste modu batera esanda, taldeak argi utzi nahi izan du porrot hura ez zela alferrikako lezioa izan. «Kooperatibaren egoera ekonomiko finantzarioarekin zorrotzagoak eta erantzukideagoak izateko arau markoan egindako aldaketak izan dira horien artean aipagarrienak», azpimarratu du taldeak. Gainera, etxetresnen sektorera itzulia da Fagor marka, hainbat enpresarekin marka erabilerarako sinaturiko lizentzia akordioari esker.
Baikor geroari begira Krisiaren osteko urteak igarota, egoera «osasuntsuan eta sendoan» dago Fagor Taldea eta hura osatzen duten zortzi kooperatibak: Fagor Ederlan, Fagor Arrasate, Fagor Industrial, Fagor Electronica, Fagor Automation, Copreci, Mondragon Assembly eta Galbaian. Eta «baikor» daude etorkizunari begira, nabarmendu dutenez. Zortzi kooperatiba horiek 11.565 beharginei eman zieten lana aurreko urtean; horietatik ia erdiak Euskal Herriko enpresetan daude (5.791).
Emaitzei dagokienez, 46 milioi euroren irabaziak izan zituzten iaz, eta salmentak 1.819 milioi eurora iritsi ziren, 2021ean baino %17 gehiago lortuta. Eta 2023 emaitza horiek hobetzea espero dute, taldeak aurreratu baitu irabaziak %25 handiagoak izango direla aurten.
|
2023-10-12
|
https://www.berria.eus/albisteak/233809/gaza-gerrak-eta-pobreziak-hartua.htm
|
Mundua
|
Gaza: gerrak eta pobreziak hartua
|
Zerrendan hamarkadotan gertaturikoa da Israelek lurralde okupatuetan duen politikaren adibiderik argiena. Palestinarrek eta zenbait GKEk «aire zabalean dagoen espetxe» gisa deskribatzen dute.
|
Gaza: gerrak eta pobreziak hartua. Zerrendan hamarkadotan gertaturikoa da Israelek lurralde okupatuetan duen politikaren adibiderik argiena. Palestinarrek eta zenbait GKEk «aire zabalean dagoen espetxe» gisa deskribatzen dute.
|
NBE Nazio Batuen Erakundearen 2012ko txosten baten arabera, 2020rako ezinezkoa bilaka zitekeen Gazan bizitzea, eremu horrek osasunaren, uraren, argindarraren eta hezkuntzaren aferetan dituen arazoengatik. Eta, halere, zerrendan bizi diren bi milioitik gora herritar han daude oraindik, ezin atera, eta, GKE gobernuz kanpoko erakundeen arabera, bizi baldintza txarretan. Gaza da Israelek Palestinako lurralde okupatuetan duen politikaren adibiderik argiena, eta, batez ere, Palestinaren historiako azken mendea hobekien laburbiltzen duena.
Milizia palestinarrek Israelen kontra joan den larunbatean abiaturiko erasoaren ondorioz, Gazaren egoera berriz itzuli da arretaren erdigunera Palestinako gatazkaren aferan. 365 kilometro koadro inguruko eremua da, Israelekin, Egiptorekin eta Mediterraneoarekin muga egiten duena, baina, batez ere, biztanleria dentsitate handia duena: 6.000 lagun bizi dira kilometro koadroko. Hori ikusirik, eta 2007an Israelek lurreko, aireko eta itsasoko itxiera inposatu zuenetik —nazioarteko zuzenbidearen arabera, blokeo hori okupazio mota bat da—, urteak dira zerrendako herritarren egoera humanitarioa larria dela. Are, palestinarrek «aire zabalean dagoen espetxe» gisara deskribatzen dute, baita zenbait GKEk ere.
Egungo egoera horretara iritsi aurretik, Gazak denetariko erasoak, gerrak eta egoerak jasan ditu hamarkadotan. Historia eta gertakarien zerrenda luzea du eremuak, baina Bigarren Mundu Gerraren amaiera eta Israelgo Estatuaren sorrera (1948an) dira egun gertatzen ari direnaren arrazoi nagusietako bi. Eta horiek eragindako gertakariak: kasurako, Nakba, 750.000 palestinar baino gehiago beren lurraldeetatik bota zituztenekoa. Horrek eta gerora izandako gatazkek eraginda, Gazako herritarren %60 errefuxiatuak dira, edota horien ondorengoak.
Gazaren mapa Euskal Herriko maparen gainean jarrita, lurraldeak Baionatik Donostiara arteko eremua hartuko luke; tarte horretan bizi dira bi milioi pertsona. / BERRIA
Oro har, Gaza batailaz inguratuta egon da azken 75 bat urteetan. Israelgo Estatua sortzearekin batera, herrialde horren eta inguruko beste herrialde arabiarren arteko gerra bat izan zen 1948an, eta Gaza Egiptoren kontrolpean geratu zen, hogei urtez; 1967an, berriz, Sei Eguneko Gerra izan zuten Israelek eta herrialde arabiarrek, eta, horren bidez, Gaza, Zisjordania eta Jerusalem okupatu zituen Israelek.
Berrogei urte geroago irten zen Israel Gazatik, Bigarren Intifadaren, Palestinaren independentziaren aldeko bigarren matxinadaren ondorioz —Tel Aviven alde bakarreko erabakia izan zen—; 2005ean izan zen hori, eta zerrendaren inguruan bizi ziren 8.000 kolono judu eta soldadu Zisjordaniara lekualdatu zituzten.
Gatazka, ordea, ez da Israelekin soilik izan, palestinarren artekoa ere izan baita, barnekoa. Kasurako, 2006koa: Hamasek irabazi zituen Palestinako Kontseilu Legegilerako hauteskundeak, aulkien gehiengo osoa bilduta —132tik 74—, batez ere Gazan jaso zuen babesarengatik. Hori bai, Al-Fatahk —PAE Palestina Askatzeko Erakundeko talde nagusia da—, Israelek eta Ameriketako Estatu Batuek, esaterako, ez zituzten onartu emaitza horiek, eta, beraz, ezta Hamasen gobernuaren zilegitasuna ere.
Harrezkeroztik, Hamasek gobernatzen du Gazan, eta Al-Fatahk, berriz, Zisjordanian kontrolpean dituen eremuetan; izan dira saiakerak urteotan batasuna berreskuratzeko, baina ez dute erabateko berradiskidetzerik lortu.
Lau eraso militar handi
Eta blokeo hori abiatu zuenetik, besteak beste, Israelek lau eraso militar handi egin ditu Gazaren kontra: 2008an, 2012an, 2014an eta 2021ean. Horietan milaka palestinar hil eta zauritu ditu herrialde horretako armadak; batez ere, zibilak —duela bi urteko erasoaldian 260 lagun hil zituzten, kasurako—.
Israelgo militarren eta gobernuaren aitzakia da Hamas «suntsitu» behar dutela, eta, hain justu, egunotan arrazoi berbera erabili dute Gaza bonbardatzeko. Bien bitartean, zerrendako mugan soldaduak biltzen ari dira, eta baliteke lurreko beste inbasio bat egitea.
Edonola ere, egunotako aireko erasoek are gehiago zaildu dute oinarrizko baliabideak lortzeko helburua, eta, beraz, are gehiago zaildu dute egoera humanitarioa. Operazio militar horien eta blokeoaren ondorioz, palestinarren %80 atzerriko laguntzen menpe daude, NBEren datuen arabera. Ekonomiak ere ez du arrera egiten, eta oso gutxi hazten da; Munduko Bankuak esana du, gainera, herritarren ia erdiak, %40 inguru, langabezian daudela.
|
2023-10-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/233810/hegoaldeko-arropa-saltzaileen-sektorean-grebara-deitu-du-elak.htm
|
Ekonomia
|
Hegoaldeko arropa saltzaileen sektorean grebara deitu du ELAk
|
Urriaren 25ean egingo dute greba, ARTE patronal berriak Madrilen zentralizatu nahi baitu lan hitzarmena.
|
Hegoaldeko arropa saltzaileen sektorean grebara deitu du ELAk. Urriaren 25ean egingo dute greba, ARTE patronal berriak Madrilen zentralizatu nahi baitu lan hitzarmena.
|
Beste behin, Hego Euskal Herriko arropa eta oinetako saltzaileen sektoreko langileak greba egitera deituak daude, ELA sindikatuaren eskutik. Urriaren 25ean egingo dute greba, ARTE patronalaren negoziazio bileraren egunean.
Joan den urtearen amaierara egin behar da atzera gatazkaren muina ikusteko. Arropa denda multinazional gehienak batu egin ziren orduan ARTE patronalean, eta, hainbat enpresaren arteko arazoak amaitzeko, Espainian eta Hego Euskal Herrian eragina izango duen lan ituna bultzatu nahi dute.
Ikusi gehiago: Madrilera eraman nahi dute arropa saltzaileen ituna
Hala, sindikatuen eta enpresen artean bilerak egiten ari dira, eta urriaren 25ean dute hurrena. Uztailean ere beste bilera bat egin zuten, eta ELAk grebara deitu zuen orduan ere; hainbat denda ireki gabe geratu ziren. Egun hartan, ELAko ordezkari batzuk Madrilera joan ziren, CIG eta OSTA sindikatuekin batera protesta egiteko.
Oraingoan arrazoi berberengatik deitu dute grebara.
Hitzarmenaren zentralizazioa
Aipatu moduan, 2022aren amaieran hainbat multinazionalek ARTE patronala sortu zuten. Orduan ELA sindikatuko Mari Cruz Elkorok adierazi moduan, Inditexeko langileek hainbat greba egin zituzten leku batzuetan, eta tokiko hitzarmenak adostea lortu zuten. Hala, Inditex Espainia mailako itun bat egitera bultzatu zuten.
Baldintzak hobetu zituenez, langileei gehiago ari zen ordaintzen beste kate handiak baino, eta hori berdintzeko bultzatzen ari dira sektoreko estatu hitzarmena.
Espainian, orokorrean, ez dago lurralde hitzarmenik; bai, ordea, Hego Euskal Herrian, eta ARTEk onartu nahi duen estatu itunak baino baldintza hobeak ematen dizkiete langileei. Horregatik egiten dute protesta aipatutako sindikatuek, Hegoaldeko langileen baldintzak okertu egingo liratekeelako.
|
2023-10-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/233811/eajk-zerrenda-zehatz-bat-aurkeztu-dio-sanchezi-eta-oraindik-ez-du-haren-baietza.htm
|
Politika
|
EAJk «zerrenda zehatz bat» aurkeztu dio Sanchezi, eta «oraindik» ez du haren baietza
|
«Estatuaren eta Euskadiren arteko hartu-emanen» inguruko eskaerak egin dizkiote jeltzaleek Espainiako presidente izateko babesa eskatzen ari den hautagaiari; «gai ekonomikoak» eta «hizkuntzaren eta kulturaren alorrekoak» ere negoziazio mahaian daude.
|
EAJk «zerrenda zehatz bat» aurkeztu dio Sanchezi, eta «oraindik» ez du haren baietza. «Estatuaren eta Euskadiren arteko hartu-emanen» inguruko eskaerak egin dizkiote jeltzaleek Espainiako presidente izateko babesa eskatzen ari den hautagaiari; «gai ekonomikoak» eta «hizkuntzaren eta kulturaren alorrekoak» ere negoziazio mahaian daude.
|
EAJko Espainiako Kongresuko bozeramaile Aitor Estebanek ez du ezagutzera eman zein eskaera zehatz egin dizkion Pedro Sanchez PSOEko Espainiako presidentegaiari bien arteko bileran, baina onartu du «gaiak zerrendatuak» daudela jadanik, «gai bakoitzak bere zenbakia» duela, eta gai horiek «Estatuaren eta Euskadiren arteko hartu-emanen» ingurukoak direla eta «gai ekonomikoak» ere badirela. Hizkuntza eta kultura alorra ere aipatu du negoziazio mahaian dauden gaiei erreparatzean.
Baina Estebanek ez du zehaztapen gehiagorik eman nahi izan, «alferrik» ikusten duelako hedabideetan horiei buruz hitz egiten hastea. «Sanchezek ez du oraindik EAJren baietza, hedabideren batean argitaratu den bezala. Ez dago ezer itxita», argitu nahi izan du, Sanchezekin bildu ondorengo agerraldia hasi bezain laster.
Ogasun ministroa ere bai
Bilera horretan, halaber, Maria Jesus Montero Ogasun ministroa egon da, eta hura batzarrean egotea begi onez ikusi du EAJko eledunak, «Ogasuna gobernu bat delako gobernuaren barruan». Hau da, beste ministerioek neurriak onar ditzaten Ogasunaren baimena behar dutela azaldu du, aditzera emanez, EAJren eskaerak alor ekonomikoarekin lotura handia izan dezaketela.
Bilera «adeitsu baina orokorra» izan dela azaldu du Estebanek, eta oraindik «beltza zurian» jarri behar dela Sanchezen inbestidurarako akordioa bat dagoela esan ahal izateko. EAJko bozeramaileak gogoratu du itun «konplexua» saretu behar dela alderdi askoren artean, eta jakinarazi du Sanchez Espainiako presidente izendatzeko bakarrik ez, «legegintzaldi baterako ere» beharko lukeela. Aurrekontuak onartzeko itun osoago baten komenigarritasuna helarazi du.
Ohartarazi du «aurrerantzean» EAJk ez duela ezer kontatuko negoziazioari buruz, alderdi horrek Espainian gobernu berri bat osatu dadin nahi duelako, eta ez duelako nahi, ordea, itun konplikatu hori oztopatu. «Ulertzen dut hedabideen nahia, baina saiatu behar dugu gobernu bat osatzen. Ez dut esan edozer esategatik: ez dago akordiorik oraindik, ez dago itxita».
|
2023-10-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/233812/asier-oiartzabal-euskal-presoa-lannemezandik-martutenera-lekualdatu-dute.htm
|
Politika
|
Asier Oiartzabal euskal presoa Lannemezandik Martutenera lekualdatu dute
|
Oiartzabalek 22 urte daramatza espetxean.
|
Asier Oiartzabal euskal presoa Lannemezandik Martutenera lekualdatu dute. Oiartzabalek 22 urte daramatza espetxean.
|
Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Asier Oiartzabal euskal presoa Lannemezango espetxetik (Okzitania, 330 kilometrora) Martutenera (Gipuzkoa) lekualdatu dute. Oiartzabal 2001eko irailaren 27an atxilotu zuten Akizen (Okzitania), eta ordutik preso dago. Andoaindarrak (Gipuzkoa) Saint Maureko espetxean (Frantzia, 680 kilometrora) bete zuen zigorraren zati bat, baina 2018ko ekainean lekualdatu zuten Lannemezanera. Egun, espetxe hartan bederatzi euskal preso daude.
|
2023-10-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/233813/kanpoko-ekintza-batek-kaltea-eragin-du-finlandia-eta-estoniaren-arteko-itsaspeko-gasbide-batean.htm
|
Mundua
|
«Kanpoko ekintza» batek kaltea eragin du Finlandia eta Estoniaren arteko itsaspeko gasbide batean
|
Norvegiako sismologoek leherketa bat atzeman zuten igandean. NATO «informazioa trukatzen» ari da bi Helsinki eta Tallinngo gobernuekin.
|
«Kanpoko ekintza» batek kaltea eragin du Finlandia eta Estoniaren arteko itsaspeko gasbide batean. Norvegiako sismologoek leherketa bat atzeman zuten igandean. NATO «informazioa trukatzen» ari da bi Helsinki eta Tallinngo gobernuekin.
|
Ez dute zehaztu apropos edo istripuz izan ote den, baina Finlandiako Gobernuak baieztatu du Balticconnector gasbide eta komunikazio kablean igandean atzeman zituzten arazoak «kanpoko ekintza» batek eragin dituela.
Finlandiatik Estoniara Baltiko itsasoaren azpitik gasa eramateko erabiltzen dute hodia, eta igandean presio jaitsiera sumatu zuten horretan. Itxi egin zuten berehala, gasa ateratzen ari zelakoan. 48 kilometro ditu hodiak, eta arazoa Estoniaren eremuan sumatu zuten.
«Litekeena da gasbideari eta komunikazio kableari eginiko kaltea kanpoko ekintza baten ondorioa izatea», esan du gaur Finlandiako presidente Sauli Niinisto. «Ez dago oraindik argi kaltearen kausa, eta ikertzen jarraitzen dute Finlandiak eta Estoniak elkarlanean».
Finlandiako ikertzaileek adierazi dute aztertzen ari direla kaltea «apropos edo istripuz» gertatu ote den, baina tamainak erakusten duela litekeena dela apropos egin izana, eta horretarako «ezagutza berezia» beharko litzatekeela. «Hau ezin du edonork egin».
Kaltea konpontzeko, hilabeteak beharko direla adierazi du Helsinkik.
Tallinneko Gobernuak, berriz, adierazi du kalteak ez dituela leherketa batek eragin, baizik eta «gizakien ekintza mekaniko» batek. Ondorioak azkarregi ez ateratzeko eskatu du gaur Hanno Pevkur Defentsa ministroak. Zehaztu duenez, gasbidea eta komunikazio kableak ez daude leku berean kaltetuta, baizik eta elkarrengandik urrun dauden bi gunetan.
Halere, Norvegian lurrikarak ikertzen dituen Norsar fundazioak baieztatu du «leherketa batekin bateragarriak diren seinale sismikoak» atzeman zituztela igandean, gasbidea dagoen inguruan.
Nord Stream gogoan
Gertaerak gogora ekartzen du iazko irailaren 26an Nord Stream gasbidean gertaturikoa. Orduan, bi leherketa handi gertatu ziren Errusiatik Europako mendebaldera gasa eramateko eraikitako gasbidean.
Berehala ondorioztatu zuten sabotaje ekintza izan zela. Geroztik hainbat hipotesi zabaldu dira ekintzaren egileen inguruan. Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak erasoa agindu eta planeatu zuela idatzi zuen otsailean Seymour Hersh kazetari estatubatuarrak. Washingtonek Pulitzer saridunaren erreportajea gezurtatu zuen, baina aste batzuren buruan, martxoan, AEBetako The New York Times egunkariak eta Alemaniako Die Zeit astekariak zabaldu zuten «talde ukrainazale batek» lehertu zituela Nord Stream gasbidearen bi hodiak.
Aurrekari horrekin, NATO aliantza militarrak berehala hartu du eskua aferan. Jens Stoltenberg idazkari nagusiak gaur esan du aliantza «informazio trukatzen» ari dela Finlandiarekin eta Estoniarekin.
|
2023-10-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/233814/prefetak-palestinako-bandera-kentzera-behartu-du-mauleko-udala.htm
|
Mundua
|
Prefetak Palestinako bandera kentzera behartu du Mauleko Udala
|
Duela hainbat hilabete jarri zuten bandera, Zuberoako hiriburua Zisjordaniako Balata errefuxiatu gunearekin senidetu zenean. Bandera «itzuliko» dela agindu du Labadot alkateak.
|
Prefetak Palestinako bandera kentzera behartu du Mauleko Udala. Duela hainbat hilabete jarri zuten bandera, Zuberoako hiriburua Zisjordaniako Balata errefuxiatu gunearekin senidetu zenean. Bandera «itzuliko» dela agindu du Labadot alkateak.
|
Mauleko alkate Louis Labadotek azaldu duenez, gaur arratsaldean Oloroeko prefetorde Marion Aoustin-Roth agertu da Zuberoako hiriburuko udalean, hango leiho batetik zintzilik zegoen Palestinako bandera kentzeko eskatzeko. Agindua bete duela adierazi du alkateak, baina ez gogo onez.
Duela hainbat hilabete jarri zuten Palestinako bandera, Maule Zisjordaniako (Palestina) Balata errefuxiatu eremuarekin senidetu zutenean.
Prefetak adierazi duenez, bandera kentzeko agindu dute «baketzeko logika bati jarraiki, Estatuak [Frantzia] nazioarteko gertaeren inguruan duen neutraltasunari jarraiki, eta ordenu publikoa nahastea saihesteko». Prefetordea heldu aurretik, goizean, jendarmeen bisita jaso duela adierazi du alkateak, baina uko egin diola bandera kentzeari. Halere, men egin dio Aoustin-Rothi, ez zuelako istilu bat sortu nahi. Ikurra kentzeak samina sortu diola adierazi du, baina hura berriz jarriko duela agindu du, «garaia heltzen denean», Sud Ouest egunkariari eginiko adierazpenetan.
|
2023-10-15
|
https://www.berria.eus/albisteak/233838/urriaren-21ean-xii-elkar-sketch-marrazketa-maratoia-ospatuko-dugu.htm
|
albisteak
|
Urriaren 21ean XII. elkar Sketch Marrazketa Maratoia ospatuko dugu
|
Iruñean marrazketaren eta arte ederrekin zerikusia duen ilustrazioaren inguruko zaletasun handia dago. Sketch-a maite baduzu, aukera paregabea duzu elkarrek antolatutako Iruñeko marrazketa maratoian parte hartzeko.
|
Urriaren 21ean XII. elkar Sketch Marrazketa Maratoia ospatuko dugu. Iruñean marrazketaren eta arte ederrekin zerikusia duen ilustrazioaren inguruko zaletasun handia dago. Sketch-a maite baduzu, aukera paregabea duzu elkarrek antolatutako Iruñeko marrazketa maratoian parte hartzeko.
|
Izen-ematea: www.elkarsketch.eus atarian edo Iruñeko elkar liburu-dendetan eman ahalko da izena, urriaren 18a baino lehen. Plazak mugatuak dira; beraz, arin ibili!
elkar sketch Iruñea maratoia: Urriaren 21ean, larunbatean, Iruñeako Comedias kaleko elkar liburu-dendara gerturatu beharko da goizeko 09:30ak eta 11:00ak bitartean. Bertan, maratoian parte hartzeko materiala banatuko da: - Moleskine koaderno bat. - Moleskine arkatz bat. - El Bosquecillo jatetxean jasotzeko hamaiketakorako txartela. - Iruñearen mapa bat. Arratsaldeko 18:00ak arte izango dute lehiakideek marrazteko epea. Ordu hori baino lehen utzi beharko dute koadernoa Iruñeko elkar Comedias liburu-dendan.
Mapa eta eguneko lana:
Emango dugun hiriaren mapan adierazitako lau zonak marraztu beharko dira nahitaez:
- San Frantzisko plaza. - Basotxo parkea. - Baluarte. - Pablo Sarasate pasealekua. Lehiakide bakoitzak lau leku horietako bakoitzean marrazki bat egin beharko du gutxienez, baina, horiez gain, hiriarekin zerikusia duten nahi adina marrazki aurkeztu ditzake libreta berean: barrualdeak, kanpoaldeak, subjektuak, objektuak, eszenak, etab. ADI!! 12:30ak aldera El Bosquecillo jatetxeko lorategian elkartuko gara, talde-argazki bat atera eta hamaiketakoaz gozatzeko. Ez huts egin!
Zer teknika erabili behar da? elkarrek MOLESKINE koaderno bat eta arkatz bat emango dio lehiakide bakoitzari. Derrigorrezkoa izango da marrazkiak MOLESKINE koaderno horretan egitea, baina marrazketa teknika guztiz librea da. Nahi diren margo eta materialak erabil daitezke, eta MOLESKINE arkatza erabiltzea aukerakoa izango da. Kategoriak eta sariak:
1. kategoria: 16 urtetik gorako helduak. 2. kategoria: 10 eta 15 urte bitarteko gaztetxoak 3. kategoria: 10 urtetik beherako haurrak.
Sari hauek emango dira: • Helduen koaderno onenaren saria: 100 euroko elkar opari txartela + MOLESKINE oparia. • Gazte-koaderno onenaren saria: 70 euroko elkar opari txartela + MOLESKINE saria. • Haur-koaderno onenaren saria: 50 euroko elkar opari txartela + MOLESKINE saria.
Lanak eta eskubidea: Parte-hartzaileek marraztutako MOLESKINE libretako irudien eskubideak, maratoira aurkeztean, elkarrenak izango dira. Irudi horiek departamentuaren promoziorako, maratoiaren beraren promoziorako edo erakusketa bat antolatzeko erabili ahal izango dira.
Hala ere, lehiaketa amaitu eta bi hilabetera, marrazkilariak bere koadernoa berreskuratu ahal izango du, hala eskatuz gero, elkar liburu-denda batean jasota.
Maratoian parte-hartzeak arauak guztiz onartzea dakar.
|
2023-10-11
|
https://www.berria.eus/albisteak/233839/ehuko-irakasleen-eta-ikertzaileen-grebak-laquooso-erantzun-zabalaraquo-izan-duela-diote-sindikatuek.htm
|
Gizartea
|
EHUko irakasleen eta ikertzaileen grebak «oso erantzun zabala» izan duela diote sindikatuek
|
Salatu dute ordezko irakasleen lan baldintzek zuzenean eragiten dietela gainerako irakasleei eta ikasleei. Urriaren 25eko sektore publikoko greba egunera deitu dituzte EHUko langile guztiak.
|
EHUko irakasleen eta ikertzaileen grebak «oso erantzun zabala» izan duela diote sindikatuek. Salatu dute ordezko irakasleen lan baldintzek zuzenean eragiten dietela gainerako irakasleei eta ikasleei. Urriaren 25eko sektore publikoko greba egunera deitu dituzte EHUko langile guztiak.
|
EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikasgeletan isiltasuna izan da nagusi gaur, irakasle, ikerlari eta ikasleek kalera ateratzea erabaki baitute. «Ordezko irakasleak lanaldi osora», «800 euroko soldata, miseriazko soldata» eta halako aldarrikapenak entzun dira Bilbon, Donostian eta Gasteizen egindako mobilizazioetan. LAB, CCOO, ELA eta Steilas sindikatuek deitu dute lanuztera, irakasleen eta ikertzaileen lan baldintza «kaskarrak» salatzeko. Hala, sindikatuek adierazi dute grebak «oso erantzun zabala» izan duela. EHUk ere grebaren oihartzunari buruzko datuak eman ditu, eta erran du berrehun pertsona inguruk bat egin dutela grebarekin, eta EHUn 5.500 pertsonak osatzen dutela irakasleen eta ikerlarien kolektiboa.
Greba eguna izan arren, zentroak irekita egon dira, teknikariak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak ez baitzeuden grebara deituta. Ikasleak bai, ordea, EHUko Ikasle Kontseiluak berak etenaldi akademikora deitua zuen-eta. «Izan ere, EHUko langileok pairatzen ditugun arazo, prekarizazio eta lan baldintzen okertzeak ondorio zuzena dauka ikasleengan ere», adierazi dute sindikatuek Donostiako elkarretaratzean.
Hori ongi daki Galder Sierrak. Zientzia Politiketako irakaslea da, Leioako Campusean. Adierazi du LOSU Espainiako Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa martxan denetik unibertsitatean duten egoera «nahiko etsigarria» dela, «batez ere unibertsitateko errektoretzak lege horretatik egiten duen interpretazioa delako lanaldi osoko ordezkapena kentzea». Egoerak irakasle ordezkoei ez ezik gainerako irakasle egonkorrei eta ikasleei zuzenean eragiten diela dio: «Norbaitek ordezkapena baldintza hauetan egiteari ezezkoa ematen dionean, gure lankideek eman behar dituzte klase gehiago, eta haien lan karga pila bat handitzen da. Edo, zuzenean, ikasleek ez dute eskolarik jasotzen».
Elkarretaratzean, erran dute ordezkapenak egiteko baldintzak izan direla greba deialdia egiteko arrazoi nagusia –lanaldi partziala, eta 800 euroren truke–, baina ez bakarra. Izan ere, azken urteetan EHUko irakasleen eta ikertzaileen lan baldintzek okerrera egin dutela adierazi dute, eta zenbait adibide eman dituzte: «lan zama handitzea, aldi baterako ikertzaileei eta irakasleei ikerketa seiurtekoak ukatzea, erretiroen akordioak deuseztatzea eta burokrazia handitzea», besteak beste.
Esperantzarik gabe
Ados dago Sierra, erran baitu unibertsitatean prekaritatearen gaia ez dela berria. Hala ere, garai batean «progresio bat izateko esperantza» zutela argitu du. «Lehen, ordezkapen kaskarrenak hartuz hasten ziren irakasleak, 800 euro edo gutxiagokoak, baina puntuak handitzen zituzten poliki-poliki, eta ordezkapen hobeak lortu. Beraz, espektatibak behintzat bazituzten. Legearen interpretazio honekin, baina, hori eten egin da», erran du. Gehitu du guztiei eragiten dien egoera «etsigarri» horrek ondorio nabarmenak dituela: «Oso formatuta dagoen eta unibertsitatean ibilbide luzea duen jendeak bere ibilbide akademikoa etetea planteatu du».
Egoera ikusita, sindikatuek EHUko zuzendaritzari eskatu diote norabidea aldatzeko, aldebakartasuna alboratzeko eta langileen kontrako neurriak gelditzeko. «Bikaintasuna behin eta berriro aipatzen badute ere, Shanghai zerrendarekin liluratuta badaude ere, lan baldintza duinik ez duen plantilla batekin ezin da kalitatezko unibertsitate bat garatu», borobildu dute. Eusko Jaurlaritzari, berriz, EHUra behar bertze baliabide bideratzeko eskatu diote, eta langileen soldatak duintzeko.
Aldarrikapen bat ere egin dute agerraldian: «Borrokan jarraituko dugu beste unibertsitate eredu baten alde: eredu bat euskal jendartearen zerbitzura dagoena eta lan baldintzak duinak dituena». Hala, sindikatuek urriaren 25eko sektore publikoko greba egunera deitu dituzte EHUko langile guztiak.
Elkarretaratzeez gain, hainbat ekintza ere egin dituzte grebaren harira. Bilbon, erraterako, EHUko irakasle eta ikertzaileak ontzi batera igo dira, eta pankarta bat zabaldu dute. Eva Ferreira errektoreordearen eta Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuaren aurrean egin dute, bi agintariak Bilboko Itsas Museoan baitzeuden.
Koordinakundea
Sindikatuek ez ezik, EHUko Prekarioen Koordinakundeak ere grebaren balorazioa egin du, eta «arrakastatsua» izan dela dio. Haien erranetan, parte hartzea %85 ingurukoa izan da irakasle guztiei dagokienez, eta «are handiagoa» ordezko irakasleen kolektiboan. «Datu horiek agerian uzten dute bai sindikatuen, bai ordezkatzen dugun plataformaren aldarrikapenen babes zabala, eta erakusten dute unibertsitate komunitateak ez duela ulertzen egungo errektore taldeak arazo horren inguruan duen itxikeria», adierazi dute.
Horrez gain, erran dute kolektiboa osatzen duten irakasleek eta ikertzaileek «determinazioa» dutela «salaketa eta mobilizazio dinamika» horiekin jarraitzeko harik eta egoera konpontzeko beharrezko neurriak hartu arte.
|
2023-10-11
|
https://www.berria.eus/albisteak/233840/urriaren-30ean-zabalduko-dituzte-itxita-dauden-mugako-pasabideak.htm
|
Gizartea
|
Urriaren 30ean zabalduko dituzte itxita dauden mugako pasabideak
|
Hendaia eta Irun arteko oinezko zubia, eta Aldudeko, Izpegiko eta Larraineko pasabideak irekiko dituzte. Ordainez, lurreko patruila kopurua emendatuko dute, Frantziako eta Espainiako polizien lankidetzaren ondorioz.
|
Urriaren 30ean zabalduko dituzte itxita dauden mugako pasabideak. Hendaia eta Irun arteko oinezko zubia, eta Aldudeko, Izpegiko eta Larraineko pasabideak irekiko dituzte. Ordainez, lurreko patruila kopurua emendatuko dute, Frantziako eta Espainiako polizien lankidetzaren ondorioz.
|
Ia hiru urteren ostean heldu da albistea. Ireki egingo dituzte mugetako lau bide: Hendaia (Lapurdi) eta Irun (Gipuzkoa) arteko oinezko zubia, eta Aldudeko (Nafarroa Beherea), Izpegiko (Nafarroa Beherea) eta Larraineko (Zuberoa) pasabideak. Urriaren 30ean izango da irekiera, Frantzian egiten ari diren Munduko Errugbi Txapelketa bukatzean, Julien Charles Pirinio Atlantikoetako prefetak esan duenez. Dena den, prefetak gehitu du pasabide horiek irekitzeko erabakia hartu dutela lurreko patruila gehiago izango direlako, eta Frantziako eta Espainiako poliziek horretarako lankidetza abiatu dutelako.
2021eko urtarriletik daude itxita pasabide horiek, ofizialki, «legez kanpoko migrazioari eta terrorismoari» aurre egiteko. Pirinio Atlantikoetako prefeturak mugetako zortzi pasabide hesteko agindua eman zuen orduan; oraindik ere itxita daudenak dira lau horiek. Prefetaren esanetan, patruilen emendatzeak «mugetako kontrolen segurtasun maila bera» atxikitzeko bidea emango du.
Hetsi zituztenetik, ugariak izan dira bideak irekitzeko eskaerak. Uztailaren 3an ordu batzuez ireki zuten Hendaia eta Irun arteko oinezko zubia, Frantziako Tourra zela-eta, baina lehengora itzuli zen hurrengo goizean. Migranteei laguntza ematen dieten elkarteek, sindikatuek eta eragile politikoek deituta, elkarretaratzea egin zuten orduan. «Bidasoaldean eskubide guztiak kentzen zaizkie migranteei. Zirkulazio askatasuna, modu seguruan bidaiatu ahal izateko eskubidea, harrera duina; eskualdea militarizatu dute, pasabideak oztopatu», salatu zuten. «Etengabeko kanporaketak eta kontrol arrazistak» ere gaitzetsi zituzten.
Instituzioek ere deitu zuten protesta batera. Bertan izan ziren Ezenarro, Jose Antonio Santano Irungo alkatea eta Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio zuzendaria. Auzapezen kexa horri erantzunez, Pirinio Atlantikoetako prefetak adierazi zuen «Parisen eta Madrilen arteko negoziazioak eginez gero» irekiko zela Etorbidearen zubia.
Horrez gain, abokatu talde batek ere egin zion dei prefetari mugetako pasabideak irekitzea eskatzeko. Haien arabera, Frantziako Tourrerako pasabideak ireki izanak frogatu zuen administrazioak erabili duen «mehatxu terroristaren» argumentua ez dela baliozkoa. Sinadura bilketa bat abiatu zuten eskaera babesteko, eta 12.000 lagunek izenpetu zuten.
|
2023-10-11
|
https://www.berria.eus/albisteak/233841/arantxa-urretabizkaiak-patxi-zubizarretak-eta-joseba-larratxek-irabazi-dituzte-euskadi-sariak.htm
|
Kultura
|
Arantxa Urretabizkaiak, Patxi Zubizarretak eta Joseba Larratxek irabazi dituzte Euskadi sariak
|
Narratiba saria eman diote Urretabizkaiari, 'Azken etxea' nobelagatik; haur eta gazte literaturako saria Zubizarretari, 'Zerria' lanagatik; eta ilustrazio saria Larratxeri, 'Ni ez naiz Mikel Laboa' lanagatik.
|
Arantxa Urretabizkaiak, Patxi Zubizarretak eta Joseba Larratxek irabazi dituzte Euskadi sariak. Narratiba saria eman diote Urretabizkaiari, 'Azken etxea' nobelagatik; haur eta gazte literaturako saria Zubizarretari, 'Zerria' lanagatik; eta ilustrazio saria Larratxeri, 'Ni ez naiz Mikel Laboa' lanagatik.
|
Jakinarazi dituzte aurtengo Euskadi literatura sarietako irabazleetako hiru: Arantxa Urretabizkaia, Azken etxea nobelagatik (Pamiela); Patxi Zubizarreta, Zerria liburuagatik (Erein), eta Joseba Larratxe, Ni ez naiz Mikel Laboa komikiagatik (Mikel Laboa katedra, Elkar). Narratibaren saria eman diote Urretabizkaiari, haur eta gazte literaturako saria Zubizarretari, eta ilustrazio lanen saria Larratxeri. Goizean iragarri dituzte hiru sari horien irabazleak, Donostiako San Telmo museoan eginiko agerraldi batean. Beste lau falta dira jakinarazteko: saiakerarena, itzulpenarena eta gaztelaniazko bi modalitateenak.
Bigarrenez saritu dute Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947) Euskadi literatur sarietan, baina aurtengoa du lehenbizikoa narratiban. 2017an, idazlearen Bidean ikasia saiakera lanari egin zioten aitortza sarietan. Orain, narratibaren garaikurra jaso du Urretabizkaiak, Azken etxea eleberriari esker. Haren bosgarren eleberria da hori. Liburuko pertsonaia guztiak zaharrak dira, baina «aitona-amona maitagarriak izatetik urruti» daudenak, idazleak lanaren aurkezpenean esplikatu zuenez. Ikuspegi hori agerikoa da lanean. Halaber, Euskadi saria ez ezik, 111 Akademiaren saria ere irabazi du Azken etxea-k.
Zerria lanari esker irabazi du haur eta gazte literaturako Euskadi saria Patxi Zubizarretak (Ordizia, Gipuzkoa, 1964). Garaikur hori aintzat harturik, idazleak dagoeneko bost aldiz erdietsi du sari horren aitortza. Gainera, hain zuzen ere Zerria eleberriagatik jaso du Zubizarretak Espainiako Haur eta Gazte Literatura saria, «narrazioaren kalitate apartagatik» eta «irakurlearen kontzientzia, memoria eta oraina astintzeko eta hunkitzeko erabilitako abileziagatik».
Ilustrazio sarian, Ni ez naiz Mikel Laboa nabarmendu dute Euskadi sarietako epaimahaikideek: Joseba Larratxe Josevisky saritu dute hala (Irun, Gipuzkoa, 1985). Larratxek Unai Iturriagarekin eta Harkaitz Canorekin batera ondu du liburua. Zehazki, Iturriaga eta Cano arduratu ziren gidoia idazteaz, eta Larratxek eraman zuen hitza irudietara. Zehazki, Mikel Laboa katedrak eta Elkar argitaletxeak plazaratu zuten liburua. «Proposamen fresko eta oroigarria da, erreferentzia eta sinbolismo kultural asko jasotzen dituen obra konplexua, baina, gainera, irakurketa arina ahalbidetzen du. Mikel Laboaren musikaren erritmoa eta ikusizko interpretazioa nabarmentzen dira, baita askotariko ikuspegiak ere, hainbat irakurketa geruzarekin», adierazi dute epaimahaiko kideek.
|
2023-10-11
|
https://www.berria.eus/albisteak/233842/rammsteinek-donostian-joko-du-ekainaren-5ean.htm
|
Kultura
|
Rammsteinek Donostian joko du ekainaren 5ean
|
Gaur zortzi jarriko dituzte sarrerak salgai, eta 62 eta 150 euro artean salduko dituzte.
|
Rammsteinek Donostian joko du ekainaren 5ean. Gaur zortzi jarriko dituzte sarrerak salgai, eta 62 eta 150 euro artean salduko dituzte.
|
Rammstein taldeak iragarri duenez, datorren urteko biran Euskal Herrira etorriko da. Zehazki, Donostian joko du, Anoeta futbol zelaian, ekainaren 5ean. Europe Stadium Tour 2024 bira maiatzaren 11n hasiko du, eta uztailean amaituko da. Donostiakoa seigarren kontzertua izango da, eta datorren asteazkenean, gaur zortzi, jarriko dituzte sarrerak salgai, 11:00etan. Taldearen jarraitzaile taldeko kideek bi egun lehenago erosi ahal izango dituzte sarrerak.
Datorren urtean 30 urte beteko dira Rammsteinek lehen maketa grabatu zuenetik. Euskal Herrian 2013ko apirilean izan ziren azken aldiz, Bilbon. Iazko biran, taldearen aurkako hainbat protesta izan ziren, zenbait emakumek sare sozialetan egindako salaketen ondoren. Horien arabera, Till Lindemann abeslariak sexu abusuak egin zizkien emakume horiei kontzertuen ostean, eta drogez baliatu zen horretarako. Lindemannek ukatu egin zuen hori, eta haren abokatuek iragarri zuten salaketa horiek epaitegira eramango zituztela.
|
2023-10-11
|
https://www.berria.eus/albisteak/233843/selektibitatean-aukeratzeko-era-izango-dute-ikasleek-filosofiako-etsamina-edo-historiakoa.htm
|
Gizartea
|
Selektibitatean aukeratzeko era izango dute ikasleek: filosofiako etsamina edo historiakoa
|
Ikasturte honetan aldaketa zenbait egin beharrekoak ziren, unibertsitaterako hauta proba LOMLOEren irizpideen arabera egokitzeko, eta Hezkuntza Ministerioak gaur jakinarazi ditu egokitzapenak
|
Selektibitatean aukeratzeko era izango dute ikasleek: filosofiako etsamina edo historiakoa. Ikasturte honetan aldaketa zenbait egin beharrekoak ziren, unibertsitaterako hauta proba LOMLOEren irizpideen arabera egokitzeko, eta Hezkuntza Ministerioak gaur jakinarazi ditu egokitzapenak
|
Gaur jakin da zer asmo dituen Espainiako Hezkuntza Ministerioak ikasturte honetan selektibitatea moldatzeko. Aldaketa handiagoak egin beharko dira gero unibertsitaterako hauta proba LOMLOEren irizpideen arabera egokitzeko, baina ikasturte honetan bertan aldaketa zenbait egin beharrekoak zirela jakina zen, eta gaur jakinarazi ditu Hezkuntza Ministerioak aldaketak. Lehen egokitzapen honetan ez da aparteko aldaketarik espero. Nabarmenena, horra: aukeratzeko era izango dute ikasleek filosofiako edo historiako etsamina egingo duten.
Gainerakoan, azterketa, oro har, igaro ikasturteetan egin izan ohi denaren oso antzekoa izango da ikasturte honen amaieran. Proben iraupena lehengoa izango da, eta egin beharreko azterketa kopuruan ere aldaketarik ez. LOMLOEn Filosofia eta Historia biak dira irakasgai ardatzak, baina ez da selektibitateko proba kopurua handitu nahi izan, eta horregatik emango da bietako bat aukeratzeko era. Selektibitaterako izena ematen dutenean jakinarazi beharko dute ikasleek zein hautatu nahi duten.
Azterketak ekainaren 14a baino lehen egin beharko dira; ezohiko deialdia beranduenera uztailaren 12an egin beharko da, eta apartekoa, berriz, irailaren 13an.
Behin Espainiako Gobernua osatuta, haren eginkizuna izango da orain ezarri diren egokitzapenez haragoko aldaketa bat egitea, sakonagoa.
Selektibitatearen bidez, unibertsitatera sartzeko notaren %40 lortzen dute ikasleek; Batxilergoan lortzen duten notaren osagarria izaten da hori.
|
2023-10-12
|
https://www.berria.eus/albisteak/233844/sektore-eolikoa-eta-milaka-lanpostu-desagertzeko-arriskuaz-ohartarazi-du-elak.htm
|
Ekonomia
|
Sektore eolikoa eta milaka lanpostu desagertzeko arriskuaz ohartarazi du ELAk
|
Siemens Gamesak, Nordex Accionak eta Vestasek galera handiak dituzte, eta sindikatuak uste du «ezer egin ezean» kolokan egon daitekeela Euskal Herrian estrategikotzat jotzen den alor hori
|
Sektore eolikoa eta milaka lanpostu desagertzeko arriskuaz ohartarazi du ELAk. Siemens Gamesak, Nordex Accionak eta Vestasek galera handiak dituzte, eta sindikatuak uste du «ezer egin ezean» kolokan egon daitekeela Euskal Herrian estrategikotzat jotzen den alor hori
|
Azaroaren 21ean urteko emaitzak eta etorkizuneko plan estrategikoa aurkeztuko ditu Siemens Gamesak. Data hori egutegian hizki gorriz markatua dute enpresa eoliko horretako ELAren ordezkariek. Azken bi urteetan, kostuen igoeraren, sektoreko lasterketa teknologikoaren eta Txinako enpresen lehia desleialaren ondorioz, lurreko haize errotak egiten dituzten hiru enpresa handiek errentagarritasun arazo larriak dituzte. Horietako bat da Siemens Gamesa, eta lanpostu galera handi bat iragarriko ote duen beldur dira. Sektorea bera arriskuan dagoela ikusten dute.
Ez da funtsik gabeko beldurra. Asteon, Reuters agentziak zabaldu du Siemens taldea aztertzen ari dela Siemens Gamesako fabrika eta bulegoak saltzea. Informazio horrek adierazten duenez, luzarora arnasa emango lioke energia eolikoko atalari, fabrikazioaren funtsezko osagaiak azpikontratuko lituzkeelako, hala nola haize erroten hegalak. Aurrezteko asmo horrek erakutsiko luke Asiako lehiakideen esku utziko lukeela atal hori.
Informazio horrek islatzen du badela kezkatzeko arrazoia. Gaur goizean, Carlos Matute eta Josean Hernandez Siemens Gamesako ordezkariek eta Puy Remirez ELA Industriako ordezkariek azaldu dute Siemens Gamesako buruzagiek lasaitasuna ematen dietela, baina ez dira fio haien hitzez. Adibide gisa jarri dute bertako hainbat hornitzaile azpikontratatzeari utzi diotela. «Enpresek ez dute negozio marjinarik. Denbora daramate jendea kaleratzen, produkzioa kanporatzen langile merkeagoko herrialdeetara eta hornitzaileak mehatxatzen prezioak jaitsi ezean alde egingo dutela Txinaren moduko beste toki batzuetara», azaldu du Carlos Matutek.
Paradoxikoki, aldeko haizea izan beharko luke sektore eolikoak trantsizio energetikoaren garaiotan. Alta, kontrako egoera deskribatu du Matutek: «Kontratua izenpetzen da, eta handik bi urtera parkea ezartzen da. Bi urte horietan gerta daitezkeen edozein aldaketak —inflazioa, kostuen igoera, gorabehera meteorologikoak...— milioi askoko kalte ordainak eragiten ditu parke horretan».
Aldi berean, potentzia eta tamaina handiagoko errotak gero eta merkeago egiteko lehia teknologikoa dago. Horrek guztiak mesede egiten die finantza gihar handiagoa duten Asiako lehiakideei, bereziki Txinakoei. ELAk salatu du Txinako Gobernutik jasotzen duten laguntzaren ondorioz «lehia desleiala» egiten dutela, eta merkatuan abantaila handia hartu, Europako ekoizleen lepotik. «Ez dugu arau berekin jokatzen». Euskal Herrira iritsi ez badira ere, Espainian hainbat proiektu sustatzen ari direla aurreratu dute.
Horregatik, sektorea babesteko eskatu dute, parkeak adjudikatzerakoan tokiko produkzioa lehenetsiz. Ontzat jo dituzte Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak sektorearen alde zerbait egiteko beharrari buruz egindako adierazpenak. Urriaren 24an jakinaraziko du Europako Batzordeak zer egingo duen, baina ELAk gogorarazi du babes neurriek deslokalizazioaren aurkako baldintzak jaso beharko lituzketela.
Siemens Gamesak Hego Euskal Herrian 2.900 laguni ematen die lana, eta Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diote sektore estrategikoa babes dezatela. Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik «hitz hutsalak» jaso dituztela kritikatu dute: «Ez dute harago begiratzen: ez dute etorkizunera begiratzen. Behar dugu aurrez jokatzea eta bertako sektorea babestea», esan du Matutek. Datozen asteetan bilerak eskatuko dizkiete bi gobernuei eta eragile politikoei.
|
2023-10-11
|
https://www.berria.eus/albisteak/233845/eajk-dio-lanerako-bide-egokia-hartu-duela-sanchezekin-duen-negoziazioak.htm
|
Politika
|
EAJk dio «lanerako bide egokia» hartu duela Sanchezekin duen negoziazioak
|
Bizkai Buru Batzarreko presidente Itxaso Atutxak uste du «forma hartu» duela PSOEren Espainiako presidentegaia babesteko negoziazioak, eta alderdi bien ordezkarien arteko atzoko bilera «sakoneko lehen elkarrizketa» izan dela. Catalanek berretsi du UPNk ez duela Sanchez babestuko, eta, ostiralean, EH Bilduko Aizpurua PSOEko buruarekin elkartuko da.
|
EAJk dio «lanerako bide egokia» hartu duela Sanchezekin duen negoziazioak. Bizkai Buru Batzarreko presidente Itxaso Atutxak uste du «forma hartu» duela PSOEren Espainiako presidentegaia babesteko negoziazioak, eta alderdi bien ordezkarien arteko atzoko bilera «sakoneko lehen elkarrizketa» izan dela. Catalanek berretsi du UPNk ez duela Sanchez babestuko, eta, ostiralean, EH Bilduko Aizpurua PSOEko buruarekin elkartuko da.
|
EAJko Kongresuko bozeramaile Aitor Estebanek atzo ez zuen tarte handirik utzi Sanchezek jeltzaleen babesa ziurtasunez izango duela pentsatzeko; «ez dago ezer itxita», esan zuen, eta gogoratu zuen «asteak» daudela akordio bat lortzeko. Baina Bizkai Buru Batzarreko presidente Itxaso Atutxak martxan den negoziazioaren interpretazio baikorragoa eskaini du gaur, ETB1en emandako elkarrizketa batean. PSOEren Espainiako presidentegaia babesteko negoziazioak «forma hartu» duela esan du, eta erantsi du atzoko bilera alderdi bien arteko «sakoneko lehen elkarrizketa» izan dela Sanchezen inbestidurari begira.
Atutxak adierazi du PSOEk eta EAJk hitz egiten jarraitzeko «borondatea» dutela, eta, garrantzitsuena, «zeri buruz hitz egin behar den» ere adostu dutela. Hau da, PSOEk atzodanik badaki EAJk zehazki zer esatzen duen Sanchezi babesa ematearen truke. «Negoziazioak forma hartu du behintzat, eta lanerako bide egoki bat zabaldu da datozen asteetarako», esan du Atutxak. «Katalanak ere hor» daudela kontuan hartu behar dela azpimarratu du, eta «zuhurtzia handia eta diskrezioa» beharrezkoak direla ere bai.
«Euskadin» eskatu diren gaiak
Batera edo bestera, BBBko buruak berretsi du «lanerako proposamenak» badaudela, eta «gai jakinen inguruko benetako borondatea» ere badela akordio bat erdiesteko, Espainiako Gobernua era dadin, Pedro Sanchez buru dela. Negoziagai diren gaien artean, ez daude «alderdiarenak» jo daitezkeenak, Atutxaren hitzetan, baizik eta «Euskadin, Eusko Legebiltzarrean, Batzar Nagusietan eskatu diren gaiak».
Edonola ere, Atutxak gogoratu du Sanchezek behar dituela EAJren botoak presidente izateko, eta, beraz, hari dagokiola esatea «zer eskaintzen duen». Hori bai, BBBko presidenteak nahiko luke inbestidurari buruz hitz egiteaz gain, geroaz ere jardutea negoziazioetan. «Ez gara esaten ari legegintzaldi osoa adostu behar denik, baina aurrekontuak behintzat kontuan hartu beharko lirateke, urtebete baino gehiago egon dadin presidente. Orain, lehentasunezko bazkide asko egongo dira, zeren eta boto bakarra galtzen badu edozer bozkatzean, gehiengoa galduko baitu. Nik ausart ikusten dut, horrelako legegintzaldi bati aurre egitea ez baita erraza».
UPN, amnistiaren aurka
UPNk Espainiako Kongresuan duen bozeramaile Alberto Catalan gaur elkartu da Pedro Sanchezekin, eta bilera bukatu ondoren azaldu du, PSOEko buruak Kataluniako gatazkarekin lotutako aministiaren inguruan duen ikuspuntua esplikatu diola. Azalpen horrek «oso kezkaturik» utzi du Catalan, eta berretsi du ez duela babestuko Sanchezen inbestidura.
UPNko kongresukidea berrogei minutu egon da Sanchezekin, eta, bilera horretan, «oso lasai» ikusi du PSOEko burua, Espainiako Gobernua eratuko duen zalantzaren aurrean. Ez du Sanchezen esanen inguruko xehetasunik eman, baina «egungo egoera» nola ikusten duen azaldu omen dio Catalani. «Gauza bera esaten jarraitzen dugu: amnistia traizioa da Espainiako Konstituzioari, umiliazioa Espainiako sistema demokratikoari, eta, batez ere, hiritar guztien berdintasun printzipioari».
UPNko eledunaren arabera, «Espainia ezin dute gobernatu hura desegin nahi dutenek»; horregatik, deitoratu egin du Sanchezek azken orduetan telefonoz deitu izana Oriol Junqueras ERCko buruari. Ostiralean, berriz, PSOEko burua EH Bilduk Kongresuan duen bozeramaile Mertxe Aizpuruarekin elkartu da, eta horrek ere sutan jarri du Catalan. «Aberrazio hutsa da ETAren oinordekoen zuritzea; atentatuak gaitzetsi gabe jarraitzen dute; beren gidarien artean hilatzaileak dituzte, eta beren zerrendetan terroristak eramatearen ignomia egin zuten».
|
2023-10-11
|
https://www.berria.eus/albisteak/233847/mecanerrek-iaz-606000-euro-irabazi-zituela-azaldu-diote-jaurlaritzari.htm
|
Ekonomia
|
Mecanerrek iaz 606.000 euro irabazi zituela azaldu diote Jaurlaritzari
|
Langileek bigarren greba eguna egin dute, salatzeko Stellantisek Urdulizko trokel fabrika historikoa itxi nahi duela.
|
Mecanerrek iaz 606.000 euro irabazi zituela azaldu diote Jaurlaritzari. Langileek bigarren greba eguna egin dute, salatzeko Stellantisek Urdulizko trokel fabrika historikoa itxi nahi duela.
|
Mecanerreko langileek enpresa bideragarria dela azaldu diote gaur Eusko Jaurlaritzari. Stellantis autogintza multinazionalak itxi asmo duen Urdulizko (Bizkaia) trokel fabrikako langile batzordea enplegu saileko ordezkariekin bildu da, eta enpresaren azken urteetako zenbakiak erakutsi dizkio. Mecanerrek iaz 606.000 euroren irabaziak izan zituela esan diote, eta planta ixteko arrazoi bakarra errentagarritasun are handiagoa lortzea dela.
Mecanerreko 148 langileek bigarren greba eguna egin dute gaur, eta manifestazioa egin dute Bilboko Kale Nagusian. Sinetsita daude enpresaren itxiera saihestu daitekeela, eta inplikazioa eskatu diete erakunde publikoei –bileran Bizkaiko Aldundiko Industria Saila ere agertu da--, haien ustez «deslokalizazio kasu argia» dena eragozteko. Stellantis trokelgintza lanak soldata txikiagoak ordaintzen diren herrialdeetara bideratzen ari da (Indiara, Txinara...), eta argi dute Mecanerrekoa joera horren beste kasu bat dela.
Stellantisek (Opel, Peugeot, Citroen...) iragan astean eman zuen bere asmoen berri. Erregulazio espediente bat jarri du martxan, eta prozesu osoak sei hilabete iraun dezakeela uste dute langileek. Bitartean, lanean jarraitzen dute, lan enkargurik ez baita falta. Mecanerreko ordezkariak multinazionalarekin negoziatzen saiatu dira, baina oraindik ez dute erantzunik jaso. Stellantisek iaz 16.800 milioi euroren etekinak izan zituen.
Trokelgintza eta matrizerien sektorea ez dago garai onean Euskal Herrian. Autoen karrozeria piezak ekoizteko moldeak egiten dituzte. Deslokalizazioak, baina, gogor astindu du jarduna. Orain, Mecaner dago kinka larrian, baina azken urteetan ateak itxi dituzten trokelgintza enpresen zerrenda luzea da: Araluce, Matriceria Deusto, Troquenor... Egun Gestamp da sektorea kontrolatzen duen enpresa.
|
2023-10-11
|
https://www.berria.eus/albisteak/233848/victor-jararen-hilketaren-erantzule-pedro-barrientos-militar-ohia-atxilotu-dute-aebetan.htm
|
Mundua
|
Victor Jararen hilketaren erantzule Pedro Barrientos militar ohia atxilotu dute AEBetan
|
Floridan hartu dute atxilo, eta Txilera deportatu ahal izango dute orain; Victor Jara kantautorearen senideek Txilen epaitu ahal izateko eskatu dute Barrientos deportatzeko.
|
Victor Jararen hilketaren erantzule Pedro Barrientos militar ohia atxilotu dute AEBetan. Floridan hartu dute atxilo, eta Txilera deportatu ahal izango dute orain; Victor Jara kantautorearen senideek Txilen epaitu ahal izateko eskatu dute Barrientos deportatzeko.
|
1973ko Txileko kolpe militarreko buruzagietako bat, Pedro Barrientos militar ohia, atzo atxilotu zuten Floridan, AEBetako HSI Nazio Segurtasuneko Ikerketen bulegoak jakinarazi duenez. 2016an Victor Jara kantautore ezkertiarraren torturen eta hilketaren erantzuletzat jo zuten Barrientos Floridako auzitegi batean. Barrientos Deltona hirian atzeman dute, ipar-ekialdeko kostan, HSIk ohar batean jakinarazi duenez.
Uztailaren 14an, AEBetako epaile batek herrialde horretako nazionalitatea kendu zion Barrientosi, bere karrera militarreko gertakariak «nahita» ezkutatu zituela ebatzita. Testigantza faltsua ematea eta epaiketarik gabeko hilketetan parte hartu izana egotzi zion, eta gertaera horiek isilduta AEBetako nazionalitatea «legez kanpo» lortu zuela deliberatu zuen.
2016an, Orlandoko auzitegi federal batek Vitor Jararen torturen eta hilketaren arduraduntzat jo zuen Barrientos, kantautorearen familiak eskatuta egindako epaiketan. Jararen senideei milioi askoko kalte ordaina emateko agindu zion Barrientosi epaileak.
Orain Mugak eta Migrazioak Kontrolatzeko Zerbitzuaren esku dago Barrientos, deportatze eskaera gauzatzeko zain.
Barrientos 1990ean sartu zen AEBetan, bisitari bisa batekin, eta zazpi urte geroago estatubatuar batekin ezkondu zen. Herrialde hartako nazionalitatea eskatu zuenean, Barrientosek adierazi zuen ez zuela loturarik inongo erakunde politiko eta militarrekin.
|
2023-10-11
|
https://www.berria.eus/albisteak/233849/49-talde-ariko-dira-ahotseneko-oholtzan-aurten.htm
|
Kultura
|
49 talde ariko dira Ahotseneko oholtzan aurten
|
Horietatik hamazazpik euren lehenengo diskoa aurkeztuko dute Durangoko Azokako plaza horretan. Azoka abenduaren 6tik 10era egingo dute.
|
49 talde ariko dira Ahotseneko oholtzan aurten. Horietatik hamazazpik euren lehenengo diskoa aurkeztuko dute Durangoko Azokako plaza horretan. Azoka abenduaren 6tik 10era egingo dute.
|
Durangoko 58. Azokako guneetako programazioak osatzen ari dira oraindik, baina horietako batek badu dagoeneko parte hartzaileen zerrenda. Ahotseneak bere oholtzatik igaroko diren 49 taldeen zerrenda eman du —Plateruenan kokatua izango da—, eta horien ia herenek lehenengo diskoa aurkeztuko dute. Hamazazpi taldek, hain zuzen ere. Honako hauek dira: Akaleia, Eider, Eire, Etxepe, Haira, Haize-arrosa, Ithaka, Kadira, Karma, Ke lepo, Lilo, Mamu, Muare, Nakar, TRB, Txopet eta Zatibi.
Gainerako 32 taldeei dagokienez, hauek izango dira: Amorante, Arima, Braulio, EKG, Esanezin, Ezezez, Feline, Ibil Bedi, Intza, Jabi Patxon eta Kofradia Rock, Kemaronte, Konpost, Kuma No Motor, Leihotikan, Lotura, Marlik, Miren eta Roberto Etxebarria, Modus Operandi, Moxal, Murgi, Muzak, Nogen, Otoi, Postal Kolekzionistak, Rukula, Sara Zozaya, Silitia, Toc, Yogurinha Borova, Xabi San Sebastian, Zeker eta Zukan.
|
2023-10-16
|
https://www.berria.eus/albisteak/233850/euskaldunon-mundua-gaur-egunera-arteko-ibilbidea-doako-ikastaroa.htm
|
albisteak
|
Euskaldunon mundua, gaur egunera arteko ibilbidea. Doako ikastaroa.
|
XX. mendean euskal gizartean gertatutako aldaketa sozial eta politiko ugariek sakon markatu dute haren nortasuna eta kultura. Egungo aldaketek —Aldea Globalari buruz hitz egitera eraman gaituztenek, bizi garen munduari buruz hitz egiteko— eta etorkizunaren ziurgabetasunak euskal kulturaren bilakaeran egokitzapen berriak iragartzen dituzte. Etengabeko aldaketa eta egokitzapen hori gorabehera, euskal sentimendu eta nortasun etnikoa biziki aldarrikatzen jarraitzen da. Aldaketa eta ziurgabetasun berrien testuinguru honetan nabarmendu eta aktiboki lagundu behar da historian agertu den euskal kultura ireki eta plural horren alde.
|
Euskaldunon mundua, gaur egunera arteko ibilbidea. Doako ikastaroa.. XX. mendean euskal gizartean gertatutako aldaketa sozial eta politiko ugariek sakon markatu dute haren nortasuna eta kultura. Egungo aldaketek —Aldea Globalari buruz hitz egitera eraman gaituztenek, bizi garen munduari buruz hitz egiteko— eta etorkizunaren ziurgabetasunak euskal kulturaren bilakaeran egokitzapen berriak iragartzen dituzte. Etengabeko aldaketa eta egokitzapen hori gorabehera, euskal sentimendu eta nortasun etnikoa biziki aldarrikatzen jarraitzen da. Aldaketa eta ziurgabetasun berrien testuinguru honetan nabarmendu eta aktiboki lagundu behar da historian agertu den euskal kultura ireki eta plural horren alde.
|
Ardatz kronologiko baten bidez, euskal kulturaren ezaugarriak aztertuko ditugu, programan adierazten den bezala.
Ikastaroa doan eta euskaraz izango da.
Informazioa: Data: 2023ko urriaren 25etik azaroaren 29ra arte Ordutegia: 18:00etatik 20:00etara Garatuko den espazioa: 1116 Non: Bizkaiko UNED Ikastorduak: 10 Ikusi egutegia
Bertaratzea ez da beharrezkoa. Hiru aukera dituzu: presentziala, online zuzenean ala online aurrez grabatuan. Ikusi jarduera gehiago.
Egitaraua
Asteazkena, urriak 15 18:00-20:00 1.- Sarrera: Euskal kulturaren kontzeptuaren inguruan (Txostengilea: Susana Serrano Abad) Egokia dirudi kulturaren kontzeptua, haren errealitate aldakorra eta euskal gizartean, batez ere XIX. eta XX. mendeetan, gertatutako aldaketen eta eraldaketen araberako bilakaera aztertzeari ekitea, bere biziraupena eta berritzea adieraziz.
2.- Historiarik gabeko euskaldunetatik historia duten euskaldunetara (Txostengilea: Joseba Agirreazkuenaga) Hizlariak euskaldunek Historian duten ikusezintasuna arakatzen du, zalantzarik gabe interesatua. XVII. mendetik aurrera eraikitako kontakizunak eta, batez ere, 1936ko lehen euskal gobernuarenak.
Larunbata, azaroak 8 18:00-20:00 3.- Etxeko taldea deritzona: familia, eguneroko bizitza, elikadura (Txostengilea: Anton Erkoreka)
4.- Baserria (Txostengilea: Alberto Santana/José Gregorio Urrutikoetxea) Baserria Euskal Herriaren, espazioaren antolaketaren, gizarte-harremanen, esanahi juridikoaren, arkitekturaren eta nortasun fisikoaren ezaugarri garrantzitsua da.
Asteazkena, azaroak 15 18:00-20:00 5.- Industrializazioa eta hiri-mundua (Txostengilea: Susana Serrano Abad) 6.- Itsas zibilizazioa (Txostengilea: Jon Rui Gómez) Asteazkena, azaroak 22 18:00-20:00 7.- Sistema instituzionala (Txostengilea: Susana Serrano Abad) 8.- Euskal literatura eta bere hedapena (Txostengilea: Jon Kortazar)
Asteazkena, azaroak 29 18:00-20:00 9.- Euskal musika: ekintza eta berrikuntza (Txostengilea: Definitzeke) 10.- Euskal diaspora (Txostengilea: Susana Serrano Abad)
Izen-ematea
Leku-kopuru mugatua, aurrez aurreko modalitatean. Mesedez, matrikula egiteko orduan, adierazi zer-nola parte hartuko duzun jardueran. • Modalitate presentzialean, saioen % 85era joan behar da ziurtagiria eskuratzeko. • Online modalitatean, autoebaluaziorako galdetegi bati erantzun beharko zaio. Kontuan izan zure matrikula-eskabidean emandako datuekin ziurtagiriak egiten direla; ziurtatu zuzenak direla eta osorik daudela.
Zuzendaria
Karmele Zarraga Sangróniz Irakasle tutorea; UNEDeko Historia Garaikidea Sailean irakasteko baimena du.
Hizlariak
Susana Serrano Abad Ikastaroaren antolatzaile akademikoa. EHUko Historia Garaikidea Saileko irakasle titularra. Joseba Agirreazkuenaga Anton Erkoreka Jon Kortazar Jon Rui Gómez Alberto Santana José Gregorio Urrutikoetxea
Norentzat
Prestakuntza eta/edo graduatu mailako ikasleentzat.
Zer titulazio eskatzen den
Ikasleak eta/edo Arte, Humanitate eta Gizarte Zientzietako graduatuak, eta, zehazki, Gizarte eta Kultura Antropologia, Geografia eta Historia, Artearen Historia, Literatura, Zuzenbidea, Turismoa.
Helburuak
• Euskal kultura balioestea eta haren zabalkundean sakontzea. • Euskal kulturaren ezagutzaren oinarri soziala indartzea. • Unibertsitate eta gizarte foroak garatzea, euskal kulturaren etorkizuna hausnartzeko eta irudikatzeko.
Metodologia
Eskola magistralak: irakasleak irakasgaiaren funtsezko edukiak azalduko ditu, eta ikasleen parte-hartzea sustatu.
Ebaluazio-sistema
Nahitaezkoa da bertaratzea.
Argibide gehiago
Bizkaiko UNED Ignacio Ellacuria parkea, 3 48920 Portugalete (Bizkaia) 94-493 65 33 / [email protected]
Antolatzailea:
Laguntzaileak:
Finantzatzailea:
|
2023-10-11
|
https://www.berria.eus/albisteak/233851/salatu-dute-jaurlaritza-manipulazio-mediatikoa-egiten-ari-dela-osasun-sistemari-buruz.htm
|
Gizartea
|
Salatu dute Jaurlaritza «manipulazio mediatikoa» egiten ari dela osasun sistemari buruz
|
Ohar baten bidez, osasun publikoaren aldeko herritarren plataformek osasun agintariei egotzi diete herritarrak «nahastea»; azaroaren 11ko mobilizazioetan parte hartzera deitu dute.
|
Salatu dute Jaurlaritza «manipulazio mediatikoa» egiten ari dela osasun sistemari buruz. Ohar baten bidez, osasun publikoaren aldeko herritarren plataformek osasun agintariei egotzi diete herritarrak «nahastea»; azaroaren 11ko mobilizazioetan parte hartzera deitu dute.
|
OPA plataforman baturik, osasun publikoaren aldeko taldeek Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren «kanpaina mediatikoa» salatu dute, propio Osasun sailburua hizpide hartuta. «Kanpaina horretan, Gotzone Sagardui sailburuak ukatu egin du euskal herritarren eta osasun arloko langileen ezinegona, eta 'ingurune soziopolitikoari' egotzi», salatu dute. Sailburuak «lankidetza publiko-pribatuari» buruz esandakoak ere kritikatu dituzte. Horiek horrela, azaroaren 11n osasun publikoaren alde egitekoak diren mobilizazioetan parte hartzera deitu dute: Donostian, Bilbon eta Gasteizen egingo dira.
Aditzera eman dutenez, «propaganda plan hutsa da» Jaurlaritza egiten ari dena, herritarrak «nahasteko eta engainatzeko» pentsatua. «Propagandaren bigarren helburua osasunaren negozioarekin irabaziak lortzen dituzten enpresa pribatuen aldeko eraispen progresiboaren ondorioak estaltzea da», gaitzetsi dute. Zenbait adibide jarri dituzte hori azaltzeko. «Iraunkortasunaz hitz egiten dutenean, murrizketak egiteaz ari dira benetan; enplegua sortzeaz mintzatzen direnean, enplegu publikoa suntsitzeaz ari dira, enpresa pribatuetan lanpostu prekarioak sortzeko; hobekuntza teknologikoak aipatzen dituztenean, arreta prekarioa emateaz eta eten digitala handitzeaz ari dira; lankidetza publiko-pribatua aipatzen dutenean, egiatan esan nahi dute osasun pribatua diru publikoarekin finantzatu nahi dutela, osasun publikoa ahulduta, horrela pribatizazioaren beharra justifikatzeko».
Halaber, salatu dute funtsean «manipulazio mediatikoaz» bestelako helbururik ez duten mezuak agertu direla hainbat hedabidetan, «albiste gisa ezkutatuta». «Beharrezkoa da herritarrek propaganda horri buruz hausnartzea eta iritzi sortzaileak, etikarik gabeko kazetaritza eta publizitate engainagarria transmititzen duten panfleto horiek ez sinestea. Osasun publikoaren eta kalitatearen eredu berririk ezingo da inoiz sortu farmazialari eta ospitale pribatuek finantzatutako fundazioetatik».
|
2023-10-11
|
https://www.berria.eus/albisteak/233852/zelenskik-arma-gehiago-eskatu-dizkie-aliatuei-naton-zalantzak-ugaritzen-ari-diren-honetan.htm
|
Mundua
|
Zelenskik arma gehiago eskatu dizkie aliatuei, NATOn zalantzak ugaritzen ari diren honetan
|
Ukrainako presidentea lehen aldiz izan da Mendebaldearen aliantza militarraren egoitzan Errusiak inbasioa hasi zuenetik. Stoltenbergek babesa berretsi dio.
|
Zelenskik arma gehiago eskatu dizkie aliatuei, NATOn zalantzak ugaritzen ari diren honetan. Ukrainako presidentea lehen aldiz izan da Mendebaldearen aliantza militarraren egoitzan Errusiak inbasioa hasi zuenetik. Stoltenbergek babesa berretsi dio.
|
Errusiak egin zuen ohartarazpena, hilaren hasieran: Ukraina babesteko orduan Mendebaldean arrakalak handituko direla pentsatzen du. Zerealen esportazioaren aferak eman ditu horren lehen zantzuak, eta Poloniak, errefuxiatu ukrainar gehien jaso dituen herrialdeak, bozetarako kanpaina betean laguntza militarra eten izanak are gehiago handitu du Moskuk esandakoa egia bilakatzeko aukera. Kremlinen usteaz eta estatuek harturiko erabakiez harago, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kideen artean ere ugaritzen ari dira Kievi ematen dioten laguntzaren inguruko zalantzak. Baliteke Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak horregatik erabakitzea NATOko Defentsa ministroen egunotako bilkurara joatea: aliatuei aurrez aurre arma gehiago eskatzeko, batez ere negurako. Eta batasun irudiari eusteko.
«Liderren babes handiagoa behar dugu. Horregatik nago hemen [Bruselan]. Garrantzitsua da irismen handiko misilak edo irismen handiko armak izatea... Arazoa zera da: nola lortuko ditugu horiek?», adierazi du Zelenskik gaur. Ukrainako presidentea alboan zuela, Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak gehitu du «babes gehiago mobilizatu behar» dutela herrialde horretako armadak Errusiakoari aurre egin diezaion gerra frontean, eta horretarako baliatzen ari da Zelenski gaur hasi eta bihar amaituko den NATOko bilkura. Armadaren gaitasun militarra handitu nahi du, negurako; negu «izugarri baterako», Ukrainako presidentearen arabera.
Baina Mendebaldearen aliantza militarreko estatu kideen artean badira zalantzak laguntza militarraren inguruan; eta, zehazki, Kievi irismen handiko armak emateari dagokionez, uste baitute Errusiari eraso egiteko balia litzaketela, esaterako. Zelenski, ordea, erabat tematuta dago herrialde horiek konbentzitzeaz: «Gaur egun, inork ezin du esan zenbat egun gehiago egon beharko dugun gure independentzia eta gure identitatea defendatzen».
Adierazpenak adierazpen, Ukrainako armadaren kontraerasoak kezka eragin du Mendebaldeko aliatuen artean, espero eta aurreikusi baino askoz ere aurrerapauso gutxiago eman baititu. Eta horrek, ezinbestean, eragina du armak emateari buruzko eztabaidetan eta iritzietan.
AEBen asmoak
Edonola ere, badirudi AEB Ameriketako Estatu Batuek ez diotela etengo laguntza Ukrainari. Hori iradoki du herrialde horretako Defentsa idazkari Lloyd Austinek, NATOko bilkuraren aurretik; are, jakinarazi du 188,2 milioi euroko beste laguntza militar bat emango diola Kievi —aireko defentsarako munizioz betea, besteak beste—.
Lloyden adierazpenek arreta bereganatu dute, AEBetako Kongresuak onartu duen azken aurrekontutik kanpo utzia baitute Ukrainari laguntza militarra emateko diru saila —Alderdi Errepublikanoaren presioagatik—. Joe Biden AEBetako presidenteak, ordea, esana du lortuko duela modu batera edo bestera laguntza hori berreskuratzea.
|
2023-10-11
|
https://www.berria.eus/albisteak/233853/azaroaren-30eko-greba-orokorra-hego-euskal-herri-osoan-erregistratuta-dago-jada.htm
|
Gizartea
|
Azaroaren 30eko greba orokorra Hego Euskal Herri osoan erregistratuta dago jada
|
Atzo Nafarroan erregistratu zuten greba feminista ELA, LAB, Steilas, ESK, EHNE, Etxalde eta CGT sindikatuek, eta gaur Euskal Autonomia Erkidegoan. Bai gizonak eta bai emakumeak daude deituta.
|
Azaroaren 30eko greba orokorra Hego Euskal Herri osoan erregistratuta dago jada. Atzo Nafarroan erregistratu zuten greba feminista ELA, LAB, Steilas, ESK, EHNE, Etxalde eta CGT sindikatuek, eta gaur Euskal Autonomia Erkidegoan. Bai gizonak eta bai emakumeak daude deituta.
|
Azaroaren 30erako greba feminista orokorra antolatu du Hego Euskal Herriko mugimendu feministak, ELA, LAB, Steilas, ESK, EHNE, Etxalde eta CGT sindikatuen babesarekin. Gaur, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan erregistratu dute deialdia. Agerraldian, zaintza lanek «eraldaketa sakon bat» behar dutela aldarrikatu dute ordezkariek.
«Zaintza krisi batean gaude, emakumeok errebelatzen ari garelako», adierazi du Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusiak, eta sexuaren araberako lan banaketak ekartzen dituen baldintza prekario eta kaskarrak salatu ditu. Horri aurka egiteko, «zaintza sistema publiko eta komunitario bat» ezartzeko eskatuko diete instituzioei.
Bai emakumeak eta bai gizonak daude deituta azaroaren 30eko greba feministan parte hartzera, «zaintza lanak bizitzan guztiok beharko ditugulako, zaintza lanak guztion ardura direlako eta zaintza lanak antolatu eta banatu egin behar direlako», Aranbururen hitzetan. Ordezkariak ziurtatu du mugimendu feministarekin «eskuz esku» lan egingo dutela. Sindikatuek jakinarazi dutenez, bat egiten dute Euskal Herriko mugimendu feministaren aldarrikapenekin, eta bere egin dituzte larunbatean herri akordioan aurkeztutako eskaerak: zaintza duina eta unibertsala bermatzea, pribatizazioa amaitzea, sistema publikoa garatzea, lan jarduna murriztea eta langileen lan baldintzak hobetzea, besteak beste.
Azaroaren 30ekoa Euskal Herriko mugimendu feministak deitzen duen lehenengo greba feminista orokorra izango da, eta prozesu luze baten emaitza da. Prentsa oharrean, greba feminista orokorraren helburua lantokietan intzidentzia izatea dela jakinarazi dute sindikatuek eta mugimendu feministak.
Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiaren albokoak ere hartu du hitza greba erregistratzean. Haren ustez, «bizitza erdigunean» jartzeko, zaintza sistema irauli egin behar da. «Zaintza lanak, hein batean, emakumeen bizkarrean geratzen dira», azaldu du sindikatuko ordezkariak. Horrez gain, instituzioei leporatu die zaintza sistema enpresa pribatuen esku jartzea, «negozioa egin dezaten». Egoera aldatzeko, zaintza sistema publiko, doako, unibertsal eta kalitatezko bat finkatzea dute helburu.
|
2023-10-11
|
https://www.berria.eus/albisteak/233854/ane-gabarain-eta-elena-irureta-sarituko-ditu-euskal-zine-bilerak.htm
|
Kultura
|
Ane Gabarain eta Elena Irureta sarituko ditu Euskal Zine Bilerak
|
Euskal Zinemaren Begirada saria jasoko dute bi aktoreek hilaren 21ean Lekeition egingo den ekitaldian.
|
Ane Gabarain eta Elena Irureta sarituko ditu Euskal Zine Bilerak. Euskal Zinemaren Begirada saria jasoko dute bi aktoreek hilaren 21ean Lekeition egingo den ekitaldian.
|
Euskal Zine Bilera urriaren 19tik 22ra egingo da, Lekeition (Bizkaia), eta aurten Ane Gabarain (Donostia, 1963) eta Elena Irureta (Zumaia, Gipuzkoa, 1955) aktoreak saritzea erabaki dute antolatzaileek. Euskal Zinemaren Begirada saria emango die bi antzezle ezagunei. Urtero, ikus-entzunezkoen alorrean ekarpen berezia egin duen eragile edo pertsona bati eman ohi dio saria Zine Bilerak, eta, 46. aldi honetan, «bi aktore handiren bideak berriz gurutzatuko ditu», ohar baten bidez azaldu dutenez: «Hamarkada hauetan guztietan, gure iruditeria osatzeko egindako ekarpenean eta euskal ikus-entzunezko ondarean utzitako lorratzaren gainean jarriko dugu Euskal Zinemaren begirada».
Antolatzaileen arabera, urte hauetan guztietan bi aktoreek errekonozimendua lortu dute Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo.
Sariak emateko ekitaldia hilaren 21ean izango da, Ikusgarri zinema aretoan.
Aurten, euskarazko hemeretzi film aurkeztuko dituzte Euskal Zine Bilerako sail ofizialeko lehiaketan, eta beste lan bat emango dute lehiaz kanpo: Ane Berriotxoaren Nire amaren etxea.
|
2023-10-11
|
https://www.berria.eus/albisteak/233855/berdintasunezko-alardeen-aldeko-mozio-bat-onartu-dute-gipuzkoako-batzar-nagusietan.htm
|
Gizartea
|
«Berdintasunezko» alardeen aldeko mozio bat onartu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan
|
EH Bilduren ekinaldi baten emaitza izan da mozioaren onarpena; bat egin dute EAJk, PSE-EEk eta PPk ere.
|
«Berdintasunezko» alardeen aldeko mozio bat onartu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan. EH Bilduren ekinaldi baten emaitza izan da mozioaren onarpena; bat egin dute EAJk, PSE-EEk eta PPk ere.
|
Irunen eta Hondarribian alardea «berdintasunezko, elkarbizitzazko eta errespetuzko» jaia izan dadin, Gipuzkoako Batzar Nagusiek, gaurko osoko bilkuran, mozio baten bidez Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu diote konponbidean laguntzeko, udalen eskutik eta «beraiekin elkarlanean». EH Bilduren ekinaldi baten emaitza izan da testuaren onarpena, eta haren alde egin dute PSE-EEk, EAJk eta PPk ere. Elkarrekin Gipuzkoa abstenitu egin da.
EH Bilduko batzarkide Garoa Lekuonak «ongietorria» eman die gainerako taldeei, lehen aldiz egin dutelako bat propio jaiaren hautu parekidearen aldeko testu batean. «Gaur lehenengo aldiz, alarde parekide eta bakarraren aldeko mozioak Gipuzkoako Batzar Nagusien babes zabala jaso du», nabarmendu du koalizioak ere mozioaren berri emateko atera duen oharrean.
Udalerri bietan mende laurden bat daramate herritar askok alarde parekideen alde, desfileak ere antolatzen dituzte, baina erresistentzia handiak izan dituzte aurka. Herritar askok kontra egin zuten aldarriaren hastapenetan, eta udal gobernuek ez dute oraintxura arte alarde parekideen aldeko keinu eta urratsik egin. Alde horretatik, urte berezia izan da aurten. Lehen aldiz egin dio harrera udaletxeko balkoian Irungo alkate Jose Antonio Santanok Irungo alarde mistoari, eta Hondarribian ere, jeltzaleek alkatetza galduta, aldarri parekidearen aldeko keinu esanguratsuak egon dira, eta Hondarribiko alkate Igor Enparanek (Abotsanitz), adibidez, txalo egin dio aurten Jaizkibel konpainia parekideari. Keinu hori egin duen lehen alkatea izan da.
Hala ere, konpondu gabeko auzia da alardeena bi herrietan. Hondarribian, alardean ez dituzte andreak onartzen oraindik; aparte desfilatzen du Jaizkibel konpainia parekideak. Irunen bi alarde daude, baina baztertzailea da handiena; txikiagoa da mistoa, eta hura berriz antolatzen hasteko eta lehenesteko alarde parekidearen aldekoek egiten dituzten eskeei ez die erantzunik ematen udalak.
Auziak konpontzera egin behar dela ere jarri dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan onartu den mozioan: «Irtenbide hori guztion arteko elkarrizketaren bidez bilatua izan beharko da».
Nolako konponbidea
«Alarde publiko eta parekide bat» lortze aldera zer egiteko asmoa duen galdetu zion irailean Gipuzkoako Batzar Nagusietan EH Bilduk Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozari. «Konponbide bat» lortzen laguntzeko prest dagoela erantzun zuen, baina ez zuen esan «parekidea» izan behar duenik alardeak, ezta «publikoa» izan behar duenik ere. Beste hitz batzuekin adierazi zuen nolakoa izan behar duen bere ustez konponbideak: «Justua eta bidezkoa izan behar du».
Argazki esanguratsua utzi zuen aurten Hondarribian, alarde egunean, Eider Mendozak ere. EAJko lehen diputatu nagusia izan zen Jaizkibel konpainiari txalo egitera joan zena. Alardea ikusten ere geratu zen gero.
|
2023-10-11
|
https://www.berria.eus/albisteak/233856/errenta-zergaren-taulak-beste-25-deflatatuko-dituzte-foru-aldundiek-2024an.htm
|
Ekonomia
|
Errenta zergaren taulak beste %2,5 deflatatuko dituzte foru aldundiek 2024an
|
Urtarriletik aurrera sartuko da indarrean, eta aurretik egindako beste hiru deflatazioei gehituko zaie. Zergen bidez aurten 18.102 milioi euro bilduko direla kalkulatu dute, eta 19.000 milioi euro datorren urtean.
|
Errenta zergaren taulak beste %2,5 deflatatuko dituzte foru aldundiek 2024an. Urtarriletik aurrera sartuko da indarrean, eta aurretik egindako beste hiru deflatazioei gehituko zaie. Zergen bidez aurten 18.102 milioi euro bilduko direla kalkulatu dute, eta 19.000 milioi euro datorren urtean.
|
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru ogasunek beste %2 deflatatuko dituzte errenta zergaren taulak urtarriletik aurrera. Prezioen igoerari aurre egiteko neurri gisa aurkeztu zuten erakundeek deflatazioa, baina inflazioaren kurba jaistea behar baino gehiago kostatzen ari dela ikusita, datorren urtean ere PFEZaren taulak egokitzea erabaki dute aldundiek. 200 euroko kenkariari ere eutsiko diote, halaber. Ukrainako gerra hasi zenetik hirutan egokitu dituzte taulak: bi aldiz egin zituzten iaz (%5,5 guztira) eta beste behin aurten (%2).
Finantzen Euskal Kontseiluak gaur Gasteizen egin duten bileran hartu dute erabakia. Bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako, hiru aldundietako eta Eudeleko ordezkariak. Aurtengo zerga bilketaren itxiera aurreikusi, eta datorren urteko aurrekontuak egiteko erabiliko den kalkulua zehaztu dituzten batzarrean. Hain zuzen ere, foru ogasunek iragarri dute inoiz baino gehiago bilduko dituztela aurten zergen bidez: 18.102 milioi euro.
Iaz kalkulatu zutena baino 30 milioi gehiago dira, eta aurtengo aurrekontuan jasotakoa baino 100 milioi gehiago. Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak iragarri du, hala ere, bilketa are handiagoa izango zatekeela errenta zergak deflatatzea erabakiko ez balute. Taulak egokitzeko erabakiak 100 milioi euro gutxiago biltzea eragingo baitie ogasunei. Hala ere, datorren urtean bilketa are handiago izango dela esan du Azpiazuk, zergen bidez 19.000 milioi euro bilduko dituztela aurreikusi baitute. Inoiz ez bezalako kopurua da hori.
Sailburuak ez du aurrekontuari buruzko zehaztasunik eman, baina Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri zuen Eusko Jaurlaritzaren 2024ko aurrekontuak 15.000 milioi euro langa gaindituko zuela. Bada, foru ogasunek, 12.868 milioi euro emango dizkiote guztira. Arabak 2.013 milioi euro jarriko ditu (%15,87), Bizkaiak 6.405 milioi (%50,49), eta Gipuzkoak 4.267 (%33,64).
|
2023-10-12
|
https://www.berria.eus/albisteak/233882/gazako-gerrak-petrolioren-merkatuari-buruzko-kezka-handitu-du.htm
|
Ekonomia
|
Gazako gerrak petrolioren merkatuari buruzko kezka handitu du
|
NDFk ohartarazi du prezioetan gorabeherak izan direla azken egunetan, eta horrek hazkunde ekonomikoa «belzten» duela.
|
Gazako gerrak petrolioren merkatuari buruzko kezka handitu du. NDFk ohartarazi du prezioetan gorabeherak izan direla azken egunetan, eta horrek hazkunde ekonomikoa «belzten» duela.
|
Geldialdi ekonomikoaren mamua oso presente egon da Nazioarteko Diru Funtsa (NDF) eta Munduko Bankua asteon Marrakexen (Maroko) egiten ari diren bileretan. Ostegun honetan, Kristalina Georgieva NDFko zuzendari nagusiak esan du oso adi daudela Israelen eta milizia palestinarren arteko gatazkaren bilakaerari, inflazioa igotzea ekar dezakeelako, batez ere petrolioaren ekoizpena eta banaketa zailtzen bada. Eragina neurtzeko «goizegi» den arren, ohartarazi du prezioetan gorabeherak izan direla azken egunetan, eta horrek ekonomiaren etorkizun hurbila «belzten» duela.
Gerra «hauskortasun garai batean» piztu da. Munduko ekonomia hazten ari da oraindik ere, baina «herrenka», Pierre-Olivier Gourinchas NDFko ekonomista buruak asteartean esan zuenez. Eta epe ertaineko panorama udaberrian irudikatutakoa baino okerragoa bazen, orain ilundu egin dela gaineratu du Georgievak. Kezka nagusia gatazka hedatzea da, eta bereziki inguruko herrialde batzuek, petrolio ekoizle eta esportatzaileek, hala nola Saudi Arabiak eta Iranek, zuzenean edo zeharka parte hartzea.
1973ko krisiaren itzala oso handia da oraindik. Halakorik ez du inork aipatu, baina nazioarteko ekonomia erakundeak beldur dira oraingo gatazkak inflazioan beste gorakada bat eragingo ote duen. «Gatazka zabaltzen bada, eragina izango du ekonomietan», ohartarazi du Gita Gopinath NDFko idazkariordeak Bloomberg-en egindako elkarrizketa batean.
Kezka gero eta erakunde gehiagotara hedatzen ari da. Ostegun honetan, Energiaren Nazioarteko Agentzia (IEA) zuhur agertu da, eta esan du gatazkak «oraingoz» ez duela eraginik izan petrolio fluxuetan, baina prezioetan gorabeherak izan direla ohartarazi du. Brent upela %5 igo da gerra piztu zenetik, eta 88 dolar inguruan dago. Irailaren 28an, 97,5 dolarrera iritsi zen, eta lehen erasoak gertatu baino bi egun lehenago 84 dolarretan zegoen. Energia agentziak ohartarazi du «epe motzean» gerrak petrolio merkatura bideratuko dituela begirada guztiak, ezegonkortasuna handitu daitekeelako. Ziurtatu du gertutik zainduko duela hori eta, «behar izanez gero», hornikuntza bermatzeko neurriak hartuko dituela.
Ekoizleei begira
Izan ere, hileko txostenean, IEAk aurtengo petrolio kontsumoaren aurreikuspenak handitu ditu: joan den hilean aurreratu zuena baino 100.000 upel gehiago egunean. Igoera horren %77 Txinari dagokio. 2024an, berriz, kontsumoa jaitsi egingo da: egunean 380.000 upel gutxiago.
Testuinguru horretan, Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak eta haren aliatuek, LPEE+ izeneko taldeko kideek, ahalik eta zuku gehien atera nahi diote produkzioari, eta haietako batzuek berretsi dute ekoizpena murrizten jarraituko dutela, prezioa igotzeko eta 100 euro inguruan finkatzeko. Hala baieztatu du ostegun honetan Abdul Aziz Bin Salman Saudi Arabiako Energia ministroak. «Produkzio murrizketak bi, hiru, lau edo bost hilabete iraungo ditu; alegia, merkatuetan lasaitasuna bermatzeko eta egonkortasuna ekartzeko behar den denbora guztia». Bin Salman Errusiako lehen ministrorde Alexander Novakekin bildu da Moskun. Hark ez du «arrisku handirik» espero petrolioaren merkatuetan, «oraingoz behintzat».
Ekoizleen edozein erabakik ekonomiaren bilakaera baldintzatuko du. NDFk badu hipotesi bat: prezioak %10 igoz gero, munduko Barne Produktu Gordina (BPG) %0,2 inguru murriztuko litzateke, eta munduko inflazioa bi eta lau hamarren artean handituko. «Eskualdean ezegonkortasun geopolitikoak daudenean, sarritan ikusten ditugu energiaren eta petrolioaren prezioetan igoerak», adierazi zuen asteartean Pierre-Olivier Gourinchas erakundeko ekonomialari buruak.
Banku zentralak ere kezkatuta daude egoerarekin. Gainera, gatazka garairik «desegokienean» piztu da, interes tasen igoeren ondorioak laster ikusiko zirela uste zutenean, Ajay Banga Munduko Bankuko presidenteak Reuters agentzian egindako elkarrizketa batean adierazi duenez. «Lurreratze leun baterako aukera bat zegoela sentitzen hasi ginenean gertatu da. Egoera berriak gogorrago bihurtuko du lurreratzea».
|
2023-10-12
|
https://www.berria.eus/albisteak/233883/indar-errepresiboak-suntsitu-lelopean-mobilizazioak-egin-ditu-aske-antolakundeak.htm
|
Politika
|
‘Indar errepresiboak suntsitu’ lelopean mobilizazioak egin ditu Aske antolakundeak
|
Hego Euskal Herriko eragile anitzek erran dute urriaren 12an ez dutela ezer ospatuko. Zenbait enpresa, gainera, irekita egonen dira.
|
‘Indar errepresiboak suntsitu’ lelopean mobilizazioak egin ditu Aske antolakundeak. Hego Euskal Herriko eragile anitzek erran dute urriaren 12an ez dutela ezer ospatuko. Zenbait enpresa, gainera, irekita egonen dira.
|
«Hau ez da Espainia, Euskal Herria da», bezalako oihuak entzun zitezkeen gaur eguerdian Donostiako kaleetan. Aske antolakundeko kideek manifestazioa egin dute Hispanitatearen Egunaren harira: Egiako epaitegien paretik abiatu dira, eta Loiolako kuartel parean amaitu dute, adierazpen irmo batekin: «Urriaren 12a estatuak inposatutako jaieguna izatetik Euskal Herri langilearen askapenerako borroka egun bilakatu behar dugu». Gasteizen, Mungian (Bizkaia) eta Iruñean ere mobilizazioak eginen dituzte, guztiak Indar errepresiboak suntsitu lelopean.
Antolakundeak dio Euskal Herriak pairatzen duen «zapalkuntza nazionala eta soziala» salatzeko eguna izan beharko litzatekeela gaurkoa, bertze anitzendako «indar errepresiboak goraipatzeko» eguna delako. Eta indar horiek direla, hain zuzen ere, «burgesiak Euskal Herrian aurrera daraman zapalkuntza nazionala eta soziala bermatzen» dutenak. Euskal Herrian «inposatutako» jaia bertzerik ez dela diote: «Espainiako Estatuak Hispanitatearen Eguna asimilazio nazionalean sakontzeko baliatzen du».
Hala ere, argi dute ez dela nahikoa egun bakar batean mobilizatzearekin: «Beharrezkoa zaigu egunez egun Euskal Herrian antolatu behar den antolakuntza gorpuztea, Euskal Herri langileak pairatzen duen zapalkuntzaren gaindipena Euskal Herriko langile antolatuen bitartez etorriko baita soilik». Horretarako indibidualismoa alde batera utzi eta kolektiboan lan egin behar dela diote.
Anitz dira Aske antolakundearen iritzia partekatzen dutenak, Hego Euskal Herriko hainbat eragilek argi utzi baitute gaur ez dutela ezer ospatzeko. Hala, enpresa anitz irekita egonen dira gaur: Iruñerriko AEK, Zabaldi elkartasun etxea, Izarkom, EH Kom, Bizkaiko Bertsozale Elkartea, Talaios Kooperatiba edo SKura Kooperatiba, erraterako.
LAB eta ELA sindikatuek ere gaur lan eginen dutela erran dute. Gainera, LABek azpimarratu du Euskal Herriko lan egutegi propio baten aldarria egiten duela. «Espainiak Abya Yalako lurraldeak bortizkeriaz konkistatu eta kolonizatu izana eta bertan egindako gehiegikeriak gogoratu eta ospatzeko helburuz inposatua izan zaigun jai egunean, urriaren 12an, zer ospaturik ez dugu», borobildu du.
Aldarrikapenak
Horrez gain, hainbat eragilek sare sozialetan zabaldu dituzte beren mezuak. Ernaik, erraterako, gogoratu du gaurko eguna «borroka eta intsumisio eguna» dela gazte independentistendako: «Indarrez espainolak izan behar garela inposatu nahi diguten horiei, hautu independentistan berresten garela inoiz baino ozenago oihukatzeko baliatzen dugu gaurko eguna».
Gazte antolakundeak adierazi du eurek etorkizuna ikusarazten dutela, eta Hispanitatearen Eguna ospatzen dutenek iragana, «agortuta baitago espainiar estatuaren proiektua». «Euskal Herria eraldaketarako markoa» dela diote eta horren adibide direla Euskal Herrian eginen den Greba Feminista Orokorra eta euskalgintzak azaroaren 4rako deitutako manifestazio nazionala. «Euskal Herria martxan dago, erronka global zein propioei aurre egiteko gaitasuna irabazten eta ertz desberdinetatik herri hau eraikitzen», borobildu dute.
GKS Gazte Koordinadora Sozialistak, berriz, adierazi du ez dutela ezer ospatzeko: «Espainiaren izenean eginiko sarraski kolonialen adierazpen gisa ulertzen dugu gaurko eguna. Espainiar identitatearen gorazarrearen atzean gordetzen dira klase menderakuntzaren eta egungo nazio zapalduen betikotzea».
Sortuk ere sare sozialen bidez zabaldu du bere aldarrikapena: «Zapaltzen, jazartzen eta inposatzen diguten erregimen honen aurrean, euskal herritarrok ospatzeko ezer ez, goratzeko ezer ez». EH Bilduk, berriz, ospatzeko ezer ez dutela erran du, eta gaur lan eginen dutela adierazi.
«Erresistentzia eguna»
Hispanitate Egunean beharrean, jatorrizko herrien erresistentzian jarri dute arreta zenbait eragilek. Askapena Euskal Herriko mugimendu internazionalistak, adibidez, gogoratu dute urriaren 12a «jatorrizko herrien erresistentzia eguna» dela. «Maputxeak, kolonbiarrak eta greziarrak kolpatzen dituztenean, gu ere kolpatzen gaituzte; eta alderantziz. Ez diogu errepikatzeari utziko, hamaika herri garelako, baina borroka bakarra», adierazi dute.
Mugimenduaren iritziz, beharrezkoa da herri guztien interesak defendatuko dituen «indar batasuna» osatzea, eta hori lortzeko elkartasuna ezinbertzekoa izanen da. «Susta dezagun antolakuntza, instituzioetatik kanpo, Euskal Herria oinarri, nazioartean artikulatuz, egitura eta eraso inperialistei aurre egiteko. Horrela, eta ez bestela, lortuko dugulako munduko langileria osoaren interesei erantzutea», erran dute.
Mugarik Gabe Gobernuz Kanpoko Erakundeak ere bide beretik egin ditu aldarrikapenak: «Urriaren 12an ez dugu ezer ospatzeko. Gaur gogoratu nahi dugu herriek izaten jarraitzen duten indarra ama lurra, eta beren lurraldea defendatzeko nazioen eta nazioz gaindiko proiektuen aurrean. Zentzu horretan, Euskal Herriko Bilgune Feministak herritar guztiendako «bizitza eta lurralde askeak» aldarrikatu ditu.
|
2023-10-12
|
https://www.berria.eus/albisteak/233884/kontseiluak-salatu-du-hizkuntza-ereduei-eustea-traba-dela-euskararen-normalizaziorako.htm
|
Gizartea
|
Kontseiluak salatu du hizkuntza ereduei eustea «traba» dela euskararen normalizaziorako
|
Euskarazko eredu inklusibo bat proposatu dute, «ikasleak elebakartasunera ez kondenatzeko»
|
Kontseiluak salatu du hizkuntza ereduei eustea «traba» dela euskararen normalizaziorako. Euskarazko eredu inklusibo bat proposatu dute, «ikasleak elebakartasunera ez kondenatzeko»
|
Hizkuntza ereduen sistema «zaharkituta» dago, «sakonki diskriminatzailea» da, eta «traba» besterik ez da euskara normalizatzeko bidean. Euskalgintzaren Kontseiluak gogor hitz egin du egungo hezkuntza sisteman hizkuntzek jasotzen duten trataeraren aurka, eta «kezka» adierazi du, Hezkuntza Lege berrian eredu horiei eusteko asmoa agertu baitu Eusko Jaurlaritzak.
Elkarteak gogorarazi du 2021ean abiatutako gogoeta eta eztabaida prozesuan argi adierazi zuela bere proposamena: «Euskarazko ikas eredu inklusiboa orokortzea», hori delakoan «etorkizuneko ikasle guztiak euskaraz jabetzeko bide bakarra». Hau da: Kontseiluaren irudiko, euskarak izan behar du hezkuntza sistema osoaren «ikas eta irakats hizkuntza normalizatua», belaunaldi berriak euskaldun eleaniztunak izan daitezen. «Orain arteko datu eta azterketa guztiek frogatzen dute hori, eta gizartean adostasun zabala duen proposamena da».
Kontseiluak ohar bidez adierazi du egun indarrean diren hizkuntza ereduak «zaharkitutako tresnak» direla. «Orain arteko esperientziak eta ibilbideak, eta gaur egungo ikasgeletako errealitateak frogatu dute ereduak gaindituta daudela, eta ez direla eraginkorrak ikasleek hezkuntza itunean zein lege egitasmoan bertan ezartzen diren hizkuntza helburuak lor ditzaten». Hori dela eta, kezka adierazi du euskararen aldeko eragileen elkarteak, ereduei eusteak eraginen baitu «ondorengo belaunaldietan milaka ikasle euskaldundu gabe uztea, eta milaka haur eta gazteri euskara menderatzeko aukera eragoztea». Horrek, ikasleei beraiei «kalte nabarmena» eragiteaz gain, «euskararen normalizazioa oztopatuko luke», Kontseiluaren esanetan.
Are, duela berrogei urte sortutako hizkuntza ereduen sistema «sakonki diskriminatzailea» dela uste du erakundeak, ereduak «segregaziorako tresna» diren heinean: «Zaurgarritasun sozioekonomikoari zaurgarritasun soziolinguistikoa erantsiz, milaka haurren etorkizuneko garapen soziala eta profesionala baldintzatuz eta elebakartasunera kondenatuz». Horren harira, «epe luzeko begirada» proposatu du Kontseiluak, «hamarkada batzuk barru euskal gizartea euskaldun eta eleaniztuna izan dadin».
Azkenik, gogorarazi dute urriaren 29ra arte zabalik izanen dela Hezkuntzak euskara gehiago behar du kanpaina, eta dei egin dute www.euskaragehiago.eus webgunean izena ematera.
|
2023-10-13
|
https://www.berria.eus/albisteak/233903/milioi-bat-palestinarri-24-ordu-eman-dizkie-israelek-gaza-iparraldetik-ateratzeko.htm
|
Mundua
|
Milioi bat palestinarri 24 ordu eman dizkie Israelek Gaza iparraldetik ateratzeko
|
Nazio Batuen Erakundeak Tel Avivi eskatu dio agindua atzera botatzeko, «hondamendirik izan ez dadin». Hamasek esan du palestinarrek ez dutela alde egingo.
|
Milioi bat palestinarri 24 ordu eman dizkie Israelek Gaza iparraldetik ateratzeko. Nazio Batuen Erakundeak Tel Avivi eskatu dio agindua atzera botatzeko, «hondamendirik izan ez dadin». Hamasek esan du palestinarrek ez dutela alde egingo.
|
Ultimatuma eman die Israelek Gazako biztanleen erdiei, hau da, milioi bat pasatxo palestinarri: 24 ordu dituzte Gaza iparraldetik ateratzeko eta hegoaldera joateko. Hala zabaldu du NBE Nazio Batuen Erakundeak, eta agindua bertan behera uzteko eskatu dio Israelgo Gobernuari, «dagoeneko tragedia dena hondamendi bihur ez dadin».
Bart gauean eman du agindua Tel Avivek. NBEri adierazi dionez, Wadi Gazatik iparraldera bizi den orori hegoaldera joateko agindu dio. Gazaren erdian dagoen erreka eta hark sorturiko ibarra da Wadi Gaza. Tokiko hedabideen arabera, Gaza iparraldeko milaka palestinarrek jo dute hegoaldera, eta beste askok etxean gelditzea erabaki dute. Hamasen arabera, 70 palestinar hil dira Israelek ihes egiten ari ziren herritarren aurka jaurtitako misilen ondorioz.
Gaza hiria hustu beharreko gunean geratzen da. NBEk esan duenez, 1,1 milioi pertsona mugitu beharko lirateke, Israelgo armadaren agindua betetzekotan. «Nazio Batuen Erakundeak uste du ezinezkoa dela halako mugimendurik egitea ondorio izugarririk gabe», adierazi du NBEk agiri baten bidez. Gainera, nazioarteko erakundeari zuzenean eragiten dio aginduak, Israelek hango langileei ere agindu baitie ateratzeko, baita hark kudeaturiko ikastetxe, erietxe eta bestelakoetan babes hartuta dauden herritarrei ere. Israelek Gaza hegoaldea bonbardatzen jarraitzen du. NBEko Segurtasun Kontseilua gaur arratsaldean biltzekoa da, egoera aztertzeko.
NBEko Giza Eskubideen Bulegoak Israeli eskatu dio bete dezala «nazioarteko zuzenbidea», eta ez diezaiela «zigor kolektiborik» ezarri Gazako herritarrei: «Zibilak ezin dira inoiz erabili trukerako txanpon gisa». Osasunaren Mundu Erakundeak esan du Gazako ospitaleetan dauzkan gaixorik zaurgarrienak lekualdatzea «haien heriotza epaia» izango dela, eta laguntzarik jaso ezean Gazako osasun zerbitzuak eten egingo direla.
Israelek, ordea, ez ditu aintzat hartu ohar horiek, Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak salatu duenez. 19:45 aldera, mezu bat zabaldu du X sare sozialean, eta esan Tel Avivek bi orduko tartea eman diela Al Awda ospitalea guztiz husteko. «Gure langileak gaixoak artatzen ari dira oraindik», jakinarazi du erakundeak.
Gazako Osasun Ministerioak atzo jada esan zuen osasun zerbitzuak «kolapsatuta» daudela, besteak beste zauritu asko daudelako, eta argindarrik ez. Gaur laguntza eskatu die nazioarteko komunitateari eta gobernuz kanpoko erakundeei, «urgentziaz»: «Okerrena etortzear da».
Israelek gogor jo du NBEren kontra, agiria dela eta. Israelek NBEn duen enbaxadore Gilad Erdanek esan du «lotsagarria» dela agindua bertan behera uzteko eskatu izana. «Israelen alde egin beharrean, kargu hartu dio, jakinda Hamaseko terroristek Israelgo herritarrak sarraskitu dituztela». Ultimatumaren aurretik, Israelen bonbardaketek gutxi gorabehera 340.000 barne desplazatu eragin dituzte oraingoz, NBEren arabera.
Beste Nakba bat
Hamas erakunde islamistak Israelgo Gobernuari erantzun dio: esan du palestinarrek ez dutela alde egingo Gazatik. «Bi aukera dauzkagu: okupazioa borrokatzea edo geure etxean hiltzea. Ez gara joango», adierazi du Basem Naimek, Hamaseko adar politikoko buruak. Nabarmendu du ez duela Nakba berriro gertatzea nahi. 1948an gertatu zen Nakba deitzen diotena, Israelgo Estatua sortu zutenean: 750.000 palestinar baino gehiago bota zituzten beren lurraldeetatik.
Hamasek esan du larunbatean Israelen aurka egindako erasoa 17 urte iraun duen «setio itogarriaren ondorioa» izan zela: «Ahalegindu gara aire zabaleko espetxe honetatik irteten. Ahalegindu gara geure ahotsa altxatzen nazioarteko komunitatearen aurrean. Egiten ari garena defentsa ekintza bat da: geure existentzia defendatzen ari gara». Israelgo armadaren bozeramaileak, Daniel Hagarik, esan du Gazan zibilei eragindako «edozein minen erantzulea» Hamas izango dela, «israeldarren gomendioei ez entzuteko eskatzeagatik».
PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buru Mahmud Abbasek ere palestinarren exodoa galarazteko eskatu du: «Ez dugu berriro Nakba gertatzerik nahi». AEB Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkari Antony Blinkenekin bildu da gaur, eta esan dio gaitzesgarri deritzola «indarrez behartutako lekualdatzeari», Wafa agentziaren arabera. Blinken Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin bildu zen atzo, eta Estatu idazkariak berretsi zuen Etxe Zuriak Israeli lagunduko diola: «Zuen ondoan izango gara beti».
Palestinak NBEn duen enbaxadoreak, berriz, gehiago egiteko eskatu dio erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresi, ez dadin gizateriaren kontrako krimenik izan Gazan. «Egin duena egin duela, ez da nahikoa izan», esan du Riyad Mansurrek, Arabiar Ligako herrialdeetako enbaxadoreekin bildu aurretik. Haren iritziz ere, palestinarrak Gazatik ateratzea beste Nakba bat litzateke.
Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyen Benjamin Netanyahurekin bildu da gaur, eta Hamasi egotzi dio «Israelgo eta Gazako sufrimenduaren» erantzukizun osoa. «Hamasek zabaldu duen izuak sufrimendu gehiago ekarri du Palestinako herritar errugabeentzat». Aldi berean, adierazi du zer erantzun espero duen Israelen aldetik. «Badakit Israelen erantzuteko moduak demokrazia bat dela erakutsiko duela».
Gazako egoeraren ardura osoa Hamasena dela adierazi du Alemaniako Atzerri ministro Annalena Baerbockek ere, Israelgo haren homologo Eli Cohenekin bildu ostean. «Gazako biztanle guztiak hartu ditu gatibu». Haren esanetan, talde islamista Gazako herritarrak erabiltzen ari da giza ezkutu modura, bere burua babesteko.
Errusiako presidente Vladimir Putinek salatu du Israel «metodo krudelekin» ari zaiola erantzuten Hamasen erasoari. Agintariak adierazi du Hamasek «inoiz ez bezalako krudelkeriaz» jokatu duela Israelen aurka, baina Israelen erantzuna ezin justifikatuzkoa dela. Nazien Leningradeko setioarekin parekatu du Gazakoa. «Bi milioi pertsona baino gehiago bizi dira han. Hamas ez dute guztiek babesten, inolaz ere. Baina denek sufritu behar dute, emakumeak eta haurrak barne. Noski, edozeinentzat zaila da horrekin ados egotea».
UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak esan du Gaza «infernua» bihurtzear dela, eta «kolapsatzeko zorian» dagoela. Are, Unicefek esan du Gazan ez dagoela «leku seguru bat ere».
Nahita ere, Gazan bizi diren palestinarrentzat ia ezinezkoa da zerrendatik irtetea, Israelek erabat blokeatuta daukalako. Batetik, muga guztiak itxita daude. Israelek kontrolatzen ez duen korridore bakarra Rafahkoa da; Gaza hegoaldean dago, eta Egiptorekin egiten du muga. Egipto atzo prest agertu zen korridore horren bitartez Gazara giza laguntza helarazten laguntzeko, baina Kairok ohartarazi zuen korridorea ez dagoela erabilgarri, Israelek bonbardatu duelako. Argi utzi zuen ez duela zibilentzako korridore bat irekiko, «palestinarren exodoa» eragingo lukeelako, eta horrek «kalte» egingo liokeelako «Palestinako auziari».
Bestetik, Gazan etenda dago astelehenetik elikagai, ur, argindar eta erregai hornidura, Tel Aviven aginduz. Israelgo Energia ministro Israel Katzek atzo adierazi zuen setioari eutsiko diotela Hamasek larunbatean Israelen bahitutako israeldarrak askatzen ez dituzten bitartean —Israelgo armadak baieztatu du talde islamistak 120 pertsona dituela gatibu—. Israelek Gazan 2007tik indarrean duen blokeoaren ondorioz, lurraldeko biztanleen %80ri ezinbestekoa zaie laguntza humanitarioa bizirik irauteko.
Lehen operazioak Gazan
Israelgo armadak jakinarazi duenez, lehen operazioak egin ditu Gaza barnean, Hamasek Israeldik hartutako gatibuak bilatu eta ingurua «terroristez eta armamentuz garbitzeko». Bahituak non dauden argitzeko zantzuen bila aritu da armada muga ondoko eremuetan. Esan du Hamasen zenbait azpiegitura suntsitu dituela.
Gainera, Gaza bonbardatzen jarraitzen du Israelek. Larunbatetik, ia 1.800 palestinar hil ditu, eta 6.000 baino gehiago zauritu, Gazako Gobernuaren arabera —horietatik 447 adingabeak, gutxienez—. Hamasek gutxienez 1.300 israeldar hil ditu, eta 3.400 zauritu, Tel Aviven esanetan. Israelgo armadak «eskala handiko eraso bat» hasi zuen herenegun, eta gatazka sakontzeko bidean da. Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallantek asteartean iragarri zuen Israelgo armada «eraso integral bat» prestatzen ari dela. Atzo esan zuen lurreko erasoa Israelen helburuak betetzeko egokia denean abiatuko dutela.
Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk berretsi du orain arteko bonbardaketak «hasiera besterik ez» direla. Azaldu duenez, «sekulako» babesa jaso du nazioarteko agintarien artean, eta Gazaren kontrako erasoak areagotu egingo dira hurrengo egunetan. «Hamas desagerraziko dugu». Iragarri du denbora beharko dela helburu hori betetzeko eta Israel gerratik «orain baino indartsuago» aterako dela.
Bonbardaketa ugari izan dira bart gauean. Israelgo armadak esan du 750 «helburu militarri» egin diola eraso, hala nola hamabi eraikin handiri. Israelgo armadak esan du larunbatetik 6.000 misil jaurti dituela Gazara. AEBek 2019. urte osoan Afganistanen jaurtitako misil kopuruaren antzekoa da; Gaza 1.800 aldiz txikiagoa da Afganistan baino. Palestinako lehen ministroak, Mohammed Xtayyehk, Gazan «genozidioa» egin duela leporatu dio Israeli.
Hamasek esan du bart 150 misil jaurti dituela Israelgo Axkelon hirira, «zibilen lekualdatzeari eta hilketari erantzuteko».
Gatazka hedatzeko arriskua
Hosein Amirabdollahianek, Irango Atzerri ministroak, adierazi du gerra «Ekialde Hurbileko beste leku batzuetara» heda litekeela Israelek ez badio «berehala» uzten Gaza bonbardatzeari. Libanoko Hezbollah miliziak adierazi du «oso prestatuta» dagoela Hamasekin bat egin eta Israelen aurka borrokatzeko, «une egokia iristen denean». «Operazio honetan parte hartuko dugu, gure planei eta irizpideei jarraituta, hala dagokionean», adierazi du Naim Qasemek, milizia xiitako idazkari nagusiaren albokoak, L'Orient-Le Jour hedabideak jaso duenez.
Izan ere, borrokak beste fronte batzuetara zabaltzen ari dira jada. Azken egunetan, Libanoren eta Israelen arteko mugako borrokek erakarri dute arreta. Atzo, berriz, Sirian ere izan ziren erasoak. Damaskok salatu zuen Israelgo armadak eraso egin ziela hiriburuko eta Alepoko aireportuei, eta biak zerbitzua eman ezinik gelditu zirela.
Israelgo armadak kazetari bat hil du Libanoko mugan. Reuters albiste agentziak jakinarazi duenez, harentzat lanean ari zen bideo kamerari bat da biktima. Zuzeneko bideo seinalea ematen ari zen tiro egin diotenean. Beste bi kazetari zaurituta daude. Israelek beste sei kazetari hil zituen Gazaren bonbardaketaren lehen egunetan.
|
2023-10-13
|
https://www.berria.eus/albisteak/233904/eh-bilduk-laquoanbizioaraquo-exijitu-dio-sanchezi-laquozintzilikraquo-dauden-gaiak-lantzeko.htm
|
Politika
|
EH Bilduk «anbizioa» exijitu dio Sanchezi, «zintzilik» dauden gaiak lantzeko
|
Inbestidurarako bilera sortan, lehen aldiz bildu da Sanchez EH Bildurekin. Koalizio abertzalea prest dago azken legealdiko «neurririk positiboenei» jarraipena emango dien «agintaldia garatzen eta sendotzen laguntzeko».
|
EH Bilduk «anbizioa» exijitu dio Sanchezi, «zintzilik» dauden gaiak lantzeko. Inbestidurarako bilera sortan, lehen aldiz bildu da Sanchez EH Bildurekin. Koalizio abertzalea prest dago azken legealdiko «neurririk positiboenei» jarraipena emango dien «agintaldia garatzen eta sendotzen laguntzeko».
|
Ezohiko irudi bat gaur Madrilen: lehen aldiz, EH Bilduko ordezkariak jendaurrean elkartu dira Pedro Sanchez Espainiako gobernuburu izateko PSOEren hautagaiarekin, inbestiduraz hitz egiteko. Hain zuzen, Mertxe Aizpurua Kongresuko eleduna eta Gorka Elejabarrieta Senatukoa izan dira bileran. Koalizio abertzaleak mugarri garrantzitsutzat jo du bilkura, «elkarrizketan, negoziazioan eta akordioan oinarritutako konfiantzazko ziklo bati ekiteko». Eta hautagai sozialistari adierazi diote prest daudela azken legealdiko «neurririk positiboenei» jarraipena emango dien «agintaldia garatzen eta sendotzen laguntzeko». Era berean, «anbizioa» exijitu diote Sanchezi, «zintzilik» dauden gaiak landu ditzan. Santos Cerdan PSOEko Antolamendu idazkariak eta Maria Jesus Montero Ogasun ministroak ere parte hartu dute bileran.
Uztaileko hauteskundeek utzitako agertokiaren analisia egin du EH Bilduk bileran, eta bere asmoa argi utzi: «PP eta Vox buru dituen bloke erreakzionarioari gobernua osatzen ez uztea eta aukera hori uxatzea». Alderdiak «agindu demokratikotzat» jo du «ultraeskuina geldiaraztea»; eta «eskuin atzerakoiak geldiaraztea» ere ezinbestekoa iruditzen zaio legegintzaldiari hasiera emateko. Era berean, adierazi du laster hasiko den legealdian «pauso sakonak» eman behar direla: «Euskal langileen eta estatukoen eskubide sozialak eta ekonomikoak zabaltzeko, Euskal Herrian bakea eta bizikidetza demokratikoa egonkortuko dituzten politikak egiten jarraitzeko, eta estatuaren nazio aniztasunari eta gure herriaren eskubide nazionalei buruzko eztabaida behingoz irekitzeko».
Bilera giro «eraikitzaile» eta «positiboan» egin dela azpimarratu du EH Bilduk. Eta gehitu du gaurko topaketek jarduera politikoa ulertzeko eta egungo aldi historikoan kokatzeko modu bat erakusten dutela, «erantzukizunean eta errespetu etengabean oinarrituta, beste edozein interesen gainetik».
Juntsekin ere, lehen aldiz
Orain arte, koalizio abertzalea PSOEren bozeramaileekin bildu izan da. Azken legegintzaldian, izan ere, PSOEk garai hartan zuen Kongresuko bozeramaileak egin zituen inbestidurarako harremanak, hau da, Adriana Lastrak. EH Bildurekin ez ezik, hautagai sozialista Miriam Nogueras Juntsek Kongresuan duen bozeramailearekin ere bilduko da lehen aldiz gaur. Bi bilera horiek eginda, Sanchezek amaitutzat emango du inbestidurarako bilera sorta. Oraindik ez dute jarri inbestidura egiteko egunik, ordea: PSOEk adierazi du ez duela eguna zehaztuko talde parlamentarioekin akordioa lortu arte.
|
2023-10-13
|
https://www.berria.eus/albisteak/233905/laugarrenez-jarraian-gora-egin-du-inflazioak-energien-garestitzeagatik.htm
|
Ekonomia
|
Laugarrenez jarraian gora egin du inflazioak, energien garestitzeagatik
|
Elikagaien saskia apur bat merkatu da, baina iaz baino %9,5 garestiago dago. Olioaren igoerak ez du etenik: %40 garestitu da iaztik.
|
Laugarrenez jarraian gora egin du inflazioak, energien garestitzeagatik. Elikagaien saskia apur bat merkatu da, baina iaz baino %9,5 garestiago dago. Olioaren igoerak ez du etenik: %40 garestitu da iaztik.
|
Iraileko malda are gogorragoa izan da aurten. Hego Euskal Herrian prezioek gora egin dute beste behin: %3,5 batez beste, INE Espainiako estatistika erakundeak ostiral honetan argitaratutako datuen arabera. Abuztuan baino zortzi hamarren handiagoa da, eta maiatzetik laugarren igoera da jarraian.
Alde positiboan, azpiko inflazioa, elikagai ez-elaboratuak eta produktu energetikoak kanpo uzten dituena: irailean % 5,8ra jaitsi da. Eta elikagaien saskia: apur bat merkatu da. Dena den, iaz baino %9,5 garestiagoa da.
Energien prezioen igoerak eragin du inflazio orokorrak gora egin izana. Iazko irailean baino merkeago daude argindarra, gasa eta erregaiak. Bereziki, argindarra eta gasa: %27,6 merkeago. Hala ere, 7,3 puntu garestitu da abuztutik irailera, eta igoera handia da hori. Iaz, epe berean, 33,3 puntu jaitsi zen.
Erregaien kasuan, berdin. Uztailaren hasieratik, astez aste, garestitu egin dira gasolioa eta gasolina, eta abuztutik irailera beste 3,2 puntu egin du gora. Iaz, epe berean, 3,9 puntu merkatu zen. 95 gasolinaren litroak batez beste 1,621 euro balio zuen ekainaren 26an, eta atzo 1,702 euroan zegoen. Dieselaren litroak, berriz, 1,462 euro balio zuen ekainaren amaieran, eta atzo 1,679 euro ziren.
Nazioartera begira
Elikagaien eta erregaien prezioak oso aldakorrak direnez, EBZ Europako Banku Zentralak azpiko inflazioaren bilakaera erabiltzen du erreferentzia moduan bere erabakiak hartzeko; bi ondasun horiek kontuan hartu gabe kalkulatzen da azpiko inflazioa. Irailean abuztuan baino bost hamarren gutxiago da, eta 2022ko ekainetik erregistratutako txikiena da; % 5,5ekoa izan zen, eta %5,8koa da orain.
Beherako joera hori eurogunean ere gertatzen ari da. Eurostaten arabera, inflazioa bederatzi hamarren txikitu da abuztutik irailera. %4,3an dago orain, mailarik txikiena 2021eko urriaz geroztik. Hori kontuan hartuta, iraileko bileran EBZk iradoki zuen diruaren prezioa garestitzeari uztiko ziola, AEBetako Erreserba Federalak eta Ingalaterrako Bankuak egin bezala. Baina testuingurua aldatzen hasi da.
Izan ere, energien merkatuan ezegonkortasuna gero eta handiagoa da. Eta baliteke Palestinako gatazkak are gehiago aztoratzea prezioak. Horrekin batera, Espainiako Gobernuak energiarako laguntzak kentzea edo moldatzea aurreikusten du; besteak beste, Europako Batzordearen eta Nazioarteko Diru Funtsaren iradokizunei jarraituz, eta gasaren eskaria ere gora egiten ari da, neguaren etorreraren ondorioz. Petrolio ekoizleek ere murrizketak iragarri dituzte produkzioan.
Baliteke horrek guztiak energien prezioak garestitzea, eta, aurrez gertatu izan den bezala, litekeena da inflazio orokorrak gora egitea datozen hilabeteetan, eta horrekin batera ugaritzea hari aurre egiteko neurriak: banku zentralek interes tasa handiei eustea, nagusiki.
AEBetako Erreserba Federalak (Fed) hala egingo duen susmoa zabaldu da egunotan, herrialdeko inflazioa %0,4 handitu dela jakinarazi ostean. Erreserba Federalak interesak handitzen baditu, EBZk ere gauza bera egingo luke. Izan ere, dolarraren garestitzeak prezioen garestitze orokorra dakar, bereziki petroleoarena. Hori berdintzeko, EBZk interes tasak handituko lituzke.
Elikagaiak, apurka behera
Beste aldean, erosketa saskia dago. Lasaitua hartu du irailean ere. Eta Hego Euskal Herrian seigarren hilabetez jarraian behera egin du, baina jaitsiera erritmoa motela da oraindik: abuztutik irailera 0,3 puntuko jaitsiera. Dena den, iaz baino %9,5 garestiago daude elikagaiak.
Olioaren prezioaren igoerak ez du etenik, eta beste %8,3 garestitu da hilabete bakarrean. Iazko irailetik %39,3 garestiago dago; besteak beste, lehorteek produkzioan izan duten eraginagatik. Olioarekin batera, azukrea da azken urtean gehien garestitu den beste elikagaia, baina azken hilabeteetan egonkortu egin da, eta igoerarik ez da izan azkenekoan. Hala ere, iaz baino %46,9 gehiago kostatzen da.
Abuztuarekin alderatuta gehien merkatu diren elikagaiak patatak (-%3) eta zerealak (-%2,7) dira. Patatak, dena den, iaz baino %11,5 garestiago daude, eta zerealak, berriz, %7,8.
Izan ere, urte arteko konparazioan estatistika erakundeak biltzen dituen 23 produktuetatik bakar bat ere ez da jaitsi Hego Euskal Herrian. Azukrearen eta olioaren atzetik, kafea garestitu da gehien: %12,3. Eta, jarraian, esnea: %12. Esnekiak, %6,1. Haragien kasuan, txerrikia garestitu da gehien: %8,5. Eta behikia eta hegazti haragia %3,4. Arrain freskoak ere igoera esanguratsua izan du: %7,6. Eta antzekoa frutak: %7,2. Lekaleak eta barazkiak %6,4 garestitu dira.
Edari alkoholdunen prezioak %7,5 igo dira. Antzekoa izan da ostalaritza produktuena: %7. Uda honetan bereziki deigarria izan da pakete turistikoek izan duten igoera: %21,4koa.
|
2023-10-13
|
https://www.berria.eus/albisteak/233907/aita-mari-ontziak-69-lagun-erreskatatu-ditu-eta-italiara-bidean-da.htm
|
Gizartea
|
'Aita Mari' ontziak 69 lagun erreskatatu ditu, eta Italiara bidean da
|
Itsas Salbamendu Humanitarioa erakundeak jakinarazi du sei adingabe daudela erreskatatutakoen artean.
|
'Aita Mari' ontziak 69 lagun erreskatatu ditu, eta Italiara bidean da. Itsas Salbamendu Humanitarioa erakundeak jakinarazi du sei adingabe daudela erreskatatutakoen artean.
|
Aita Mari ontziak 69 lagun erreskatatu ditu bart gauean Mediterraneo itsasoan. Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi duenez, orduak zeramatzaten noraezean, egurrezko bi ontzitan. Italiako Gobernuak Napolin porturatzeko agindu die, nahiz eta hasieran Genovara bideratu nahi zituen, erreskatea egin duten lekutik 965 kilometrora.
Tripulazioak aste hasieran ekin zion misioari, Burrianatik (Herrialde Katalanak) Mediterraneorantz abiatuta, eta handik lau egunera egin dute lehen erreskatea. Azaldu dutenez, hemezortzi lagun erreskatatu dituzte ontzi batetik, eta 51 beste batetik. Gehienak gizonezkoak dira, baina azaldu dute artatu dituztenen artean sei emakume eta beste horrenbeste adingabe daudela, eta gehitu hainbatek «trauma psikologikoak» dituztela noraezean pasatu duten denboraren ondorioz. Horiek artatzen ari da ontziko sorospen taldea.
Italiaren jarrera ere gogor kritikatu dute, esanez Genovan porturatzeko agindua nazioarteko zuzenbidearen kontrakoa zela, hark gertuen dagoen portura bidaltzeko agintzen baitu. Are gehiago, goizean salatu dute inoiz ez zaiola hain urrun porturatzeko agindu halako itsasontzi bati. Horiek hala, Simon Vidal ontziko kapitainak azaldu du bide «arriskutsua» dutela aurrean: «Bi metro eta erditik gorako olatuei aurre egin behar diegu, 33 korapilotik gorako abiadurako haizearekin». Jarraian, Italiak iritzia aldatu du, eta Napolin porturatzeko agindu.
Ontziak aurten egindako hirugarren misioa da martxan duena; ia hirurehun pertsona erreskatatu zituzten, eta beste 162 lagundu. Guztira, ontzia beste hamar aldiz aritu da Mediterraneoan erreskate lanetan.
|
2023-10-14
|
https://www.berria.eus/albisteak/233908/plana-bai-baina-dirurik-ez.htm
|
Gizartea
|
Plana bai, baina dirurik ez
|
Adavan amiantoaren biktimak laguntzeko Nafarroako elkarteak Nafarroako Gobernuari eskatu dio ekin diezaiola, eta martxan jar dezala amiantoa ezabatzeko herrialdeko plan zuzentzailea. 2019an onartu zuten, baina ez dute garatu.
|
Plana bai, baina dirurik ez. Adavan amiantoaren biktimak laguntzeko Nafarroako elkarteak Nafarroako Gobernuari eskatu dio ekin diezaiola, eta martxan jar dezala amiantoa ezabatzeko herrialdeko plan zuzentzailea. 2019an onartu zuten, baina ez dute garatu.
|
Epaiketa batek karrikara atera ditu Adavan amiantoaren biktimak laguntzeko Nafarroako elkarteko kideak: elkarretaratzea egin dute Iruñean —urriaren 5ean—, Nafarroako Justizia Auzitegiaren aurrean. Lizarrako Agni-BSH enpresako langile baten familiak jo du auzitara, lanean kutsatuta gaixotu zela aitor diezaioten. Amiantoak eragindako minbizia baten ondorioz hil da langilea.
2018. urtean sortu zuten Adavan, eta, geroztik, amiantoaren biktimen alde ari dira elkarteko kideak: auzitara jotzen dutenak bidean laguntzen dituzte; administrazioaren aurka indarra egiten dute, erakunde publikoek hartutako konpromisoak bete ditzaten; eta karrikara ateratzen dira, herritarrak amiantoaren arriskuez ohartarazteko.
Jose Manuel Bueno da Adavan elkarteko presidentea. Altsasuko Sunsundegi etxean egin du lan hainbat urtez. Amiantoak inguratuta aritu da urte horietan guztietan. Oraingoz ez da gaixotu, baina Damoklesen ezpata sumatzen du buru gainean. Izan ere, pertsona bat amiantoaren zuntza arnastu eta 30 urte ingurura gaixotu daiteke. Buenok badaki hori zer den, anaia bat galdu baitu amiantoak eragindako minbizi baten ondorioz. «Bi urtez aritu ginen auzitan; 2021eko urtarrilean onartu zioten epaileek amiantoak gaixotu zuela. Ordurako hilik zen».
Adavan elkarteko kide da Juan Antonio Castilla ere; amiantoa zegoen lantegi batean aritu da urte luzez, Bueno bezala. Elkartean buru-belarri ari da, gaixotu direnen alde, eta, batez ere, amiantoaren auzia erakunde publikoen agendetan sartzeko eragiten. Biktimek egindako presioaren ondorioz du Nafarroak amiantoa ezabatzeko plan bat, hain zuzen ere. Urrats hori, baina, ez da nahikoa plana diruz hornitu eta garatzen ez bada, eta bigarren pauso hori ez dutela eman salatu du Castillak: «Nafarroak badu amiantoa ezabatzeko plan bat, baina ez du deuserako balio administrazioak ez badu garatzen eta erabiltzen. Nafarroako Gobernua sekulako arduragabekeriaz ari da jokatzen. Ekin diezaiola, behingoz, amiantoa ezabatzeko».
Amiantoa, edonon
Nafarroako Gobernuak 2019ko martxoan onartu zuen amiantoa ezabatzeko plan zuzentzailea, Nafarroako Parlamentuak 2017an egindako eskaerari erantzunez. 2017ko irailean, hain zuzen, parlamentuak mozio bat onartu zuen Nafarroako Gobernuari eskatzeko amiantoa ezabatzeko plana presta zezala, amiantoa dagoen tokien errolda eta mapa osatuz.
Gobernuak errolda eta mapa egin ditu, eta datuek agerian utzi dute amiantoaren auziak duen neurria: gutxienez, amiantoz egindako 6,3 milioi metro koadro estalki daude herrialdean, eta 566 kilometro hodi eta kanalizazio.
Amiantoa, egun, edonon dago, XX. mendean erruz erabili baitzuten eraikuntzaren esparruan, bertzeak bertze. «Merkea zen, eta hamaika esparrutan erabil zitekeen. Gerora jabetu gara dituen arriskuez», erran du Osasun Publikoaren eta Laneko Osasunaren Nafarroako Institutuko teknikari Teresa Ferrerrek.
Amiantoak, beraz, ez die bakarrik enpresa jakin batzuetako langileei eragiten, gizarte osoari baizik. 1970-1990eko hamarkadetan erruz erabili zuten mineral hori, eta 2002. urtera arte ez zuten debekatu. Lehenagotik jakina zen gizakien osasunarentzat kaltegarria zela, baina amiantoa bazter uzteko prozesua mantso joan zen.
Prozesu garestia
Amiantoz egindako fibrozementuak 30 eta 50 urte arteko bizitza erabilgarria dauka; XX. mendearen bukaeran erabilitako materialaren bizitza erabilgarria, beraz, agortzen ari da. «Amiantoaren auziak Europa osoa hartzen du», erran du Ferrerrek. Europako Parlamentuak 2013an onartu zuen amiantoaren arriskuei aurre egiteko ebazpen bat, eta, 2014an, urte hartako Europako Batzorde Ekonomiko eta Sozialak berretsi zuen 2032. urte bukaerarako Europako Batasunetik kanpo egon behar duela amiantoak. «Ebazpen horrek ez du derrigortzen, halere», zehaztu du Ferrerrek.
Nafarroako amiantoa ezabatzeko 245 milioi euro behar direla erran zuten Nafarroako Gobernuko agintariek 2019an, mineral horren inguruko plana aurkeztu zutenean. Dirua da, hain zuzen, plan hori indarrean ez jartzeko arrazoi nagusia; Adavan elkarteak salatu du amiantoa ezabatzeko plana ez dutela diruz behar bezala hornitu, eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Laneko Osasunaren Institutuko teknikari Teresa Ferrerrek ere garbi du baliabide ekonomikorik eza dela zailtasun nagusia: «Plana onartu izana garrantzitsua da, baina dirua behar da; oraingoz, gutxi gastatu da», aitortu du teknikariak.
Amiantoa ezabatzeko prozesua, hain zuzen, ez da batere merkea. Lan horretan espezializatutako enpresek egin behar dute, derrigorrez. «Hagitz garestiak dira», berretsi du Ferrerrek. Haren ustez, Europak eman beharko lituzke amiantoa ezabatzeko laguntzak.
Arazoak herritarrei eragiten die, bizi diren eraikinetan edo lantegietan egon daitekeelako amiantoa; erakunde publikoei ere bai, azpiegitura publiko anitzetan ere egon badagoelako. Ferrerrek nabarmendu du Espainiako Kongresuak 2022. urtean onartutako hondakinen eta kutsatutako lurzoruen legeak udalak behartzen dituela amiantoa duten tokien errolda osatzera eta amianto hori ezabatzeko kudeaketa planak egitera. «Garrantzitsua da udalek lan hori egitea. Amiantoa duten eraikin publikoen errolda egin beharko lukete, hasteko; horretarako, laguntzak beharko dituzte», erran du Teresa Ferrerrek.
Kalte ordainen funtsa
«Hamaika bilera egin ditugu Nafarroako Gobernuko arduradunekin, eta Nafarroako Parlamentuan ere egon gara; beti erraten digute ez dagoela dirurik, baina guk garbi dugu arazo nagusia administrazioaren utzikeria dela. Eta hori hagitz larria da», nabarmendu du Adavan elkarteko Juan Antonio Castillak, haserre.
Baliabideak exijitu ditu herrialdean dagoen amiantoa ezabatzeko, bai eta amiantoak gaixotutako langileentzat ere. Espainiako Kongresuak, hain justu, amiantoaren biktimei kalte ordaina emateko funts bat onartu zuen, 2022ko urrian. Lege hori garatzeko erregelamendua, baina, oraindik ez dute egin. «Berandu ari dira, eta gaizki. Erregelamendua lantzen ari den batzordearen proposamena ez da nahikoa, epaileak ezartzen ari diren kalte ordainen azpitik baitago».
Castillak erran du amiantoak kalte egindako langileak artatzeko moduan zer hobetu badela; 2019an, amiantoak kalte egindako 3.200 langileko zerrenda osatu zuen Nafarroako Gobernuak. Egun, 2.400 daude. Adavanek garbi du kopuru hori motz gelditzen dela. Urtean behin azterketa medikoak egiteko eskatu dute, gainera, erradiazio baxuko ordenagailu bidezko tomografia axialak egiteko. «Garrantzitsua da gaitzari aurrea hartzea».
|
2023-10-16
|
https://www.berria.eus/albisteak/233909/kontsumo-ohituren-azterketa.htm
|
Gizartea
|
Kontsumo ohituren azterketa
|
Elikadura burujabetza eta jasangarritasuna bultzatzeko, Elikaldia egingo dute gaurtik larunbatera, Bilbon. Kontzeptuak finkatu eta horien kontzientzia hartu nahi dute ekinaldiarekin.
|
Kontsumo ohituren azterketa. Elikadura burujabetza eta jasangarritasuna bultzatzeko, Elikaldia egingo dute gaurtik larunbatera, Bilbon. Kontzeptuak finkatu eta horien kontzientzia hartu nahi dute ekinaldiarekin.
|
Elikadura ardatz dela, Bilbon probaldi bat egingo dute datorren astean: Elikaldia izeneko egitasmoa. Gaur eta datorren larunbata bitarte izango da. Urtzi Ugalde egitasmoaren antolatzaileetako baten hitzetan, kontsumoaren eraginak aztertu nahi dituzte: «Jaten eta edaten ditugun produktuek, eta, hain zuzen ere, haien ekoizteko eta banatzeko moduak gure ingurumenean, gizartean eta ekonomian duten eragin positiboei eta negatiboei buruz hausnarketa eragin nahi dugu. Bide batez, praktika onak ere sustatu nahi ditugu».
Ugalderen iritziz, ezinbestekoa da ohiturak aldatzea: «Data jakinetan hainbat ekintza egin beharrean, hobe da egunean-egunean bizimoduko kontu txikiak aldatzea; ohartzea zer den egiten ari garena eta zergatik. Kontzientzia hartzea da garrantzitsuena».
Urriaren 16a Elikaduraren Nazioarteko Eguna da, baita Elikadura Burujabetzaren Aldeko Ekintzen Eguna ere. Hori dela eta, abagune «ezin hobea» iruditzen zaie Elikaldiko antolatzaileei proba martxan jartzeko. Izan ere, ekintza jakinak oinarritzat izanda, norbanakoen egunerokoa aldatu nahi lukete, Ugalderen arabera: «Ariketa pilotua izango da; beraz, hastapenak ondo finkatu nahi ditugu. Baita saretzeko erabili ere, eta ea lortzen dugun berrehun pertsonako langa gainditzea izen ematean».
‘Zer egin, hura izan’
Elikadura «gizartearen eta herrien oinarrizko ondarea da», antolatzaileentzat: «Euskal Herriak duen berezko baldintza antropologiko, klimatiko eta orografikoak transmititu egin dira urtez urte, belaunaldiz belaunaldi eta auzoz auzo. Izugarrizko altxorra da jakintza hori; adibiderako, euskal kulturan gastronomiak duen garrantzia eta indarra».
Hortaz, antolatzaileek nabarmendu nahi izan dute Elikaldia ez dela inorena, eta, aldi berean, «denena» dela: «Biztanleon, gizarte mugimenduon, erakunde publiko eta pribatu guztion ardura da. Jabego kolektiboa da, eta horrela zaintzen jarraitu behar dugu. Hizkuntzak bezala, elikadura ezinbestekoa da herrien transmisiorako eta biziraupenerako, eta horien osasunari buruz asko esaten digu. Guk argi daukagu esaera zaharrak dioena: Zer egin, hura izan».
Edonola ere, bi elkartek hauspotu dute Elikaldia. Dinamizazio lanetan, batez ere, Kidekoop eta Bizilur aritu dira. «Kidekoop kontsumo kooperatiba bat da, Bilbo Zaharrekoa. Denda baten antzeko funtzionamendua dauka, baina bazkideen bitartez», dio Ugaldek. «Bizilurrek, berriz, Euskal Herri osoan egiten du lan, eta burujabetza du ardatz. Jardunaldiak antolatzen ditu, eta nazioartean egiten du lan. Bi elkarteak kudeaketa taldean egon dira buru-belarri, baina auzoko hamar bat eragilek ere laguntzen dihardute».
Elikadura, burujabetza, jasangarritasuna eta lur eremua ardatz hartuta, bost eguneko egitaraua antolatu dute. «Denek daukate gauza komun bat, eta hori zera da, gure inguruan, naturan, ekonomian, maila sozialean eragiten dutela, eta guk erabakitzen dugu nora doan gure dirua: kanpora edo gertukora, ekoizpen modu jasangarrietara edo esplotatzaileetara. Garrantzitsua izaten da horien lanketa egitea kontziente izateko gure ekintzez, ez aritzeko automatismoz».
Euskal Herrian egina
Datu deigarriek gizartean eragin handia izaten dute sarri. «Esate baterako, munduko biztanleen %60 nekazari txikiak dira. Horietatik %70, emakumeak. Horrek esan nahi du, gainera, zuzenean munduko biztanleen %70 elikatzen dituztela». Ugaldek dio munduko biztanleen %6k daukatela lurraren %65aren jabetza. «Kontsumitzen dugunaren %10 baino gutxiago ekoizten da Euskal Herrian».
Elikalagun izena ipini diete Bilboko ekinaldian parte hartuko dutenei. «Auzoan bizi edo lan egiten duten bizilagunak izango dira protagonistak; norbere kontsumo ohiturak aztertu eta eraldatzeko prest egotea da baldintzarik behinena». Lagunei, lankideei eta familiakoeei egitasmoaren berri eman, eta informazioa errazteko eskaera ere egin du Ugaldek, baita lotsak kendu eta ekintzetan parte hartzekoa ere. Elikaldia.eus atarian eman behar da izena, aurretiaz.
|
2023-10-15
|
https://www.berria.eus/albisteak/233910/emakumeak-lurrari-lotuta.htm
|
Ekonomia
|
Emakumeak, lurrari lotuta
|
Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna da gaur. Gipuzkoan, egun, emakume asko bizi dira landa eremuan, baina horrek ez du esan nahi guztiak baserritarrak direnik. Dena dela, lurretik bizitzea erabaki dutenek geroz eta toki gehiago daukate erabakiguneetan.
|
Emakumeak, lurrari lotuta. Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna da gaur. Gipuzkoan, egun, emakume asko bizi dira landa eremuan, baina horrek ez du esan nahi guztiak baserritarrak direnik. Dena dela, lurretik bizitzea erabaki dutenek geroz eta toki gehiago daukate erabakiguneetan.
|
Eguzkiaren azken printzek argitzen dituzte soroak Lezoko Urreleku baserrian. Urria den arren, eguraldiak modua ematen du baratzean egun osoan aritzeko. Eguna bukatzearekin batera, baratzeko lanak ere amaitu ditu Nekane Tomasenak (Errenteria, 1968). Lurraren Orena proiektuaren sortzaileetako bat da; egitasmo horren bidez, Urrelekuko lurretan nekazaritza ekologikoan oinarrituta ekoitzitako produktuak saltzen dituzte. Miriam Arrietarekin (Itziar, Deba, 1983) batu da baserrian; Arrietak Itziarren dauka baserria, baina hara eta hona dabil azken egunotan, bere lurretan hazitako sagarrekin zukua egiten. Hirian jaio zen Tomasena, eta hirian bizi da, baina landa eremuan egiten du lan. Baserrian jaiotakoa da Arrieta, eta bertan ari da lanean oraindik, ahizparekin. Biek daukate lotura landa eremuarekin, eta ez dira bakarrak. Hain zuzen, Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna da igandean, urriaren 15ean, eta, Eustatek emandako datuen arabera, gaur egun Gipuzkoan 42.319 emakume bizi dira eremu horretan.
Kalabaza itxurako barazki lehorrak atera ditu Tomasenak autoaren atzealdetik. «Badirudi aurten izango ditugula batzuk, behintzat», dio. «Guri ez zaizkigu ondo lehortu», erantzun dio Arrietak. «Luffa izena du landareak, eta lehortzen direnean, belakiak egiteko erabiltzen dira», azaldu du geroago. Baserriko tresnak gordetzen dituzten etxe baten alboan eseri dira, baratzera begira. «Biolur elkartean ezagutu genuen elkar, baratzezainen taldean, eta arazoak ditugunean elkarri laguntzen saiatzen gara. Elkarte horren barruan hainbat talde daude, eta esango nuke baratzean aritzen direnen eta okinen taldean biltzen dela emakume gehien. Bakoitzak bere proiektua dauka, baina badaude emakume guztion artean saretuta sortu ditugun egitasmoak ere», esan du Arrietak.
Milorri da egitasmo horietako bat. Infusioak edo saldak egiteko belarrak nola ekoitzi azaltzen diote elkarri, ¨esperimentatu» egiten dute, eta ekoizpena guztien artean saldu. “Proiektu horretan gauden guztiak emakume baserritarrak gara, eta loturaren bat daukagu lurrarekin, modu batera edo bestera. Batzuk ekoizleak dira, profesionalak, eta beste batzuk baserrian bizi dira, ez dute profesionalki ekoizten, baina bai «beste modu batean», azaldu du Tomasenak. Izan ere, uste du landa eremuko emakumeen kontzeptua malgutu egin dela azken urteetan: «Gaur egun, gauzak aldatzen ari dira. Ni hiriko emakume bat naiz, baina lurra lantzen dut. Eta badaude baserrietan bizi baina inoiz aitzurrik hartu ez duten emakumeak ere». Arrietak gehitu du landa inguruneko bizitza izatea dela elkarren beste puntu komunetako bat: «Hor dauzkagun zerbitzuak, zailtasunak eta erraztasunak berdinak dira guztiontzat».
Landa eremua, gizonena?
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, landa eremuan bizi eta lanean ari diren emakumeen %86k baino gehiagok egiten dute lan zerbitzuen sektorean, %12k industrian, eta %1ek eraikuntzan. Nekazaritza, abeltzaintza, basogintza edo arrantza lanbide gisa daukaten emakumeen ehunekoa ere txikia da: %1. Gizonen kasuan, %4ra igotzen da kopurua. Bide horretatik, landa eremua gizonezko baserritarraren irudiarekin lotu izan da beti. «Gizonek beti izan dute ikusgaitasun handiagoa baserri munduan, baina emakumeak ere hor egon dira beti, esparru guztietan: baratzeko zaintza lanetan, animaliekin zein etxe barruan. Gizonak, berriz, beti egon dira erabakiguneetan, eta hala daude oraindik ere», dio Tomasenak. Arrieta bat dator harekin, eta erantsi du baserritarren elkarteetan zein kooperatibetan ikusi izan dela hori: «Duela gutxira arte emakumea ez da egon leku horietan; emaztea etxean geratzen zen, eta gizona joaten zen bileretara». Gaur egun ere joera horiek askotan gertatzen direla azaldu du Tomasenak: «Ezagutzen ditut kasuak non emakumeak baserrian lan egiten duen eta gizonak kanpoan. Bileretara, ordea, gizona joaten da».
Era berean, baserriko makina handiak erabiltzeko orduan igartzen dute desberdintasuna. «Makinak iritsi zirenean, gizonak gidatzen zituen beti», esan du Arrietak. «Beti izan dute joera makina handiak hartzeko, aurrean egoteko. Uste dut boteretsuago sentitzen direlako egiten dutela, eta uste dutelako zuk ez duzula ondo egingo. Oso joera kulturala da; txertatuta dago gure gizartean», dio Tomasenak.
Horren adibidetzat pasadizo ugari dauzkate biek. «Garai batean, traktorea hartzen nuen lehengusua edo makina erabiltzen zuen beste gizonik ez zegoenean. Azken aukera nintzen ni. Momentuan ez nintzen ohartzen, baina orain pentsarazi egiten dit kontu horrek», aipatu du Arrietak. Tomasena, berriz, traktore bat erostekotan zela saltzailearekin aritu zen telefonoz hizketan, eta saltzaileak ziurtzat jo zuen emakumeak ez zekiela makinei buruzko kontu teknikorik. «Alabak eta biok hitz egin genuen saltzailearekin, eta motorrari zein zaldiei buruz galdera teknikoak egiten hasi nintzen. Saltzaileak, orduan, esan zidan ez arduratzeko, kontu horien inguruan nire gizonarekin edo aitarekin hitz egingo zuela».
Makinei dagokienez, aldaketa handiak izan dira duela hamarkada batzuetatik nekazaritzan eta abeltzaintzan, eta bi baserritarrek uste dute ekoizpen eremu bakoitzean ezarri den ereduak zerikusia izan duela baserriaren buruaren generoarekin. «Gizona buru zen baserrietan joera handiagoa egon da inbertsio handiak egiteko eta azpiegitura handiak eraikitzeko. Emakumeak buru ziren baserrietan, ordea, esango nuke ez dela horrenbeste ezarri nekazaritza industriala, eta lurrari lotuta jarraitu dutela, mekanizazio txikiekin, eta lehengo jakintza aurrera eramaten», azaldu du Arrietak. Eredu aldaketarekin, indibidualizaziorako joera bat ere antzeman dute biek: «Sektorean, bakoitzak bere bidea egiten du», ondorioztatu dute. Dena den, Arrietak nabarmendu du hori ez dela beti horrela izan: «Garai batean, ez zegoen makinarik, lana etxez etxe egiten zen, eta auzokide guztiak joaten ziren etxe bakoitzeko lanak egitera. Baina momenturen batean gertatu zen banaketa hori». Horren harira, modu kolektiboan lan egitearen garrantzia nabarmendu du hark ere, eta beste lan eredu batzuk eraikitzeko garrantziaz ere aritu da. «Haziak gordetzeko lanetarako, adibidez, beti emakumeengana jotzen da, emakumeek egiten dituztelako baratzeko eskulan txiki horiek, eta lan hori, gainera, ez zaie aitortu oraindik. Nekazaritzako industria handiek, ordea, ez dituzte haziak inoiz eman izan».
Ereduen arteko talka
«Makroproiektuen eredua oso maskulinoa da; hori beti esaten dute etxaldeetako emakumeek», esan du Tomasenak. «Emakumeen eredua plurala da, txikitik abiatutakoa, askoz ere logikoagoa. Eta uste dut klima larrialdiak arrazoia emango digula. Ez dago energiarik makroproiektuak egiteko, eta, beraz, uste dut denborarekin gurea izango dela eredu berria».
Baina txikitik abiatutako ereduari aitortza falta zaiola uste du Arrietak: «Administrazioarentzat, ematen du ez zarela profesionala». Baserri mundua irudikatzen denean, ordea, uste dute hori dela saltzen den irudia: eskulan asko dagoen eta animaliak asko zaintzen diren eremu bat. «Gauza bat saltzen ari bagara, gero hori praktikara eraman behar da, baina administraziotik beste eredu bat sustatzen ari dira», txarretsi du Arrietak. Jakina da baserriko lana ez dela erraza, eta etxalde txikietan lan egiten dutenen egoera prekarioa izaten da askotan, lan baldintza gogorrekin. «Gaur egun, inor ez da ari aberasten lehen sektorean, ez bada laguntza mordoa hartuta…», aitortu du Arrietak. Aldiz, salatu du abeltzaintzaren sektorea «publikoki askoz gehiago lagunduta» dagoela. Dena dela, lehen sektore osoko baldintzak «gogorrak» direla azaldu du Tomasenak: «Lehen sektorean lan egitea ez da batere erakargarria: lan gehiegi delako, lan astuna delako, oso fisikoa…».
Soldata «ez da proportzionala»
Lezoko Urreleku baserriko soroei begiratu die Arrietak, eta esan du «kostatuta» bete direla eremu horretan alokatzeko baliagarri dauden bederatzi hektareak. Jasotzen duten ordainsaria azpimarratu du, besteak beste: «Jendea harritu egiten da askotan daukagun soldatarekin. Eduki behar duzun jakintza, lanean eman beharreko orduak eta egindako inbertsioak kontuan hartuta, ez da proportzionala. Lehen, baserrian geratzea beste aukerarik ez zuenak egiten zuen hautu bat zen, eta ematen du edonork egin dezakeela, baina nik esango nuke hori ez dela horrela».
«Ekoizpen txikiaren irudia saltzen da, baina laguntzarik ez dugu jasotzen gero», salatu du Tomasenak. Gainera, azaldu du ez dutela «eliteentzako» ekoitzi nahi: «Produktuen prezioa igotzen badugu, dirudunek soilik erosiko digute, eta herriarentzako ekoitzi nahi dugu guk, guztiok izateko janari osasuntsua jateko eskubidea eta geuk baldintza duinak edukitzeko». Arazo hori beste faktore batzuek ere baldintzatzen dutela esan du Arrietak: «Lehen, etxe bakoitzeko aurrekontuaren %30 erabiltzen zen jateko; orain, %17ra ere ez da iristen, gaur egun etxebizitzarako edo garraiorako askoz diru gehiago erabili behar delako».
Paisaiari begiratu diote biek. «Lanbideak badauzka alde onak ere, eta harrapatu egiten zaitu: urtaro guztietan kanpoan lan egiten duzu, lurrarekin bateratuta zaude, paisaiarekin desegiten zara…», nabarmendu du Tomasenak. Arrietak ere alde onak ikusten dizkio hartutako bideari: «denboraren antolaketa norberaren esku izatea, eta zer norentzat ekoitzi nahi dugun erabakitzea, adibidez».
Freskatzen hasi du. Bakoitza bere autoan sartu da, eta katu bat atera da zuhaixka batzuen artetik. Biek agur esan diote lurrari; bihar egunsentiarekin batera ikusiko dute berriro.
|
2023-10-13
|
https://www.berria.eus/albisteak/233911/kulturgileek-babesa-adierazi-diote-kontseiluaren-azaroaren-4ko-manifestazio-deiari.htm
|
Gizartea
|
Kulturgileek babesa adierazi diote Kontseiluaren azaroaren 4ko manifestazio deiari
|
Bertan izan dira Olaia Inziarte kantaria, Mikel Martinez eta Patxo Telleria antzezleak, Sustrai Colina bertsolaria, Arkaitz Miner musikaria, Jose Luis Otamendi idazlea, Duguna Iruñeko dantza taldea eta Ibil Bedi musika taldea.
|
Kulturgileek babesa adierazi diote Kontseiluaren azaroaren 4ko manifestazio deiari. Bertan izan dira Olaia Inziarte kantaria, Mikel Martinez eta Patxo Telleria antzezleak, Sustrai Colina bertsolaria, Arkaitz Miner musikaria, Jose Luis Otamendi idazlea, Duguna Iruñeko dantza taldea eta Ibil Bedi musika taldea.
|
Bertsoak, dantzak, umore emanaldiak, olerkiak, musika... Oharkabean, gaur eguerdian Iruñeko Epaitegi aurreko plazatik igaro den oro harrituko zen ordu erdiko kultur ekitaldi bat aditzean euskaraz. Bazuen zergatia. Adierazpen bat irakurri ordez, hainbat kultur eragilek ongiena egiten dakitenarekin babestu nahi izan dute azaroaren 4rako Kontseiluak Bilbon deitutako manifestazioa.
Azkenaldian Hego Euskal Herriko epaitegietan euskararen aurka ebatzi diren epaiei aurre egiteko deia egin du Euskalgintzaren Kontseiluak. Bilbon azaroaren 4an egingo den manifestazioarekin bat egin dute eragileek gaur eguerdian. Bakoitzaren saioa amaitutakoan, labur, Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak gogora ekarri du euskaldunen hizkuntz eskubideen eta pluraltasunaren aurkako oldarraldi bat dela: «Kezkagarria da euskararekin gertatzen ari dena. Olatu erreakzionario baten parte da, eta orokorrean gu denon bizitzen kontra doa».
Eskisabelek nabarmendu duenez, eragile bakoitzaren saioek «bizitza» izan dute ardatz, euskaraz bizitzeko eskubidea auzitan jarri baita. Azken saioan, Sustrai Colinak idatzitako bertsoen gainean sokadantza bat interpretatu dute Duguna dantza taldekoek. Hala, oldarraldiari aurre egiteko, Eskisabelek proposatu du antzeko sokadantza bat eratzea: «Sokadantza hori izan dadila zubi bat ez etorkizun batera, baizik eta bihar oparo batera».
Saioak ordu erdi inguru iraun du, eta hasi eta buka Duguna-ko dantzariek hasi dute. Ondoren, Patxo Telletxea eta Mikel Martinezek bere umore ukitu propioa eman diote. Bi aldiz atera dira, eta bietan barre algarak eragin dituzte. Bereziki nabarmentzekoa da nola Telletxeak euskaraz trakets egiten duen euskal politikari bati egindako elkarrizketaren parodia. Martinezek abizenak esanez ihardesten zion elkarrizketako itaun bakoitzari.
Horrez gain, Olaia Inziarte eta Ibil Bedi-k kanta bana abestu dute. Jose Luis Otamendik 2015ean idatziriko Hautua poema errezitatu du. «Aspaldiko testua da. Euskaraz bizi nahi dut kanpainaren barruan eskatu zidaten, eta handik abiatu eta testu honetara iritsi nintzen. Nik uste dut hizkuntza hautu libre bezala defenditu behar dela, baina, hautatzeko, komunitate batera dei egiten duenez, nahitaezkoa da komunitate bat izatea. Bakarrean ez gara ezer, ia ezer», azaldu du.
Sustrai Colinak pare bat bertso abestu ditu, eta arestian aipatutako sokadantzarekin amaitu da saioa. Amaieran, bertaratutako kultur eragileek argazki bateratu bat atera dute, Oldarraldiaren aurrean euskararekin bat, euskara bat leloa zuten kartelei eutsiz.
|
2023-10-16
|
https://www.berria.eus/albisteak/233912/irratsaioek-imajinazioa-lantzeko-izugarrizko-aukera-ematen-dute.htm
|
Bizigiro
|
«Irratsaioek imajinazioa lantzeko izugarrizko aukera ematen dute»
|
Txikitako ametsa betetzea ez ezik, irratian urte luzez irautea ere lortu du Manu Etxezortuk. Entzule porrokatua da, eta esatari zaildua: Euskadi Irratiko ahotsik ezagunenetako bat da harena; 'Kultur leihoa' saioa gidatzen du orain.
|
«Irratsaioek imajinazioa lantzeko izugarrizko aukera ematen dute». Txikitako ametsa betetzea ez ezik, irratian urte luzez irautea ere lortu du Manu Etxezortuk. Entzule porrokatua da, eta esatari zaildua: Euskadi Irratiko ahotsik ezagunenetako bat da harena; 'Kultur leihoa' saioa gidatzen du orain.
|
Euskadi Irratiko goizetako entzuleek nekez nahastuko dute Manu Etxezorturen (Andoain, 1969) ahotsa beste esatari batenarekin. 30 urtetik gora joan dira Etxezortu Euskadi Irratian lanean hasi zenetik, eta urte horietatik gehienak goizeko saioetan egin ditu lanean, albistegietan asko, eta Faktoria magazina gidatzen ere bai. Ikasturte honetan, bazkalondora jauzi eginda dabil. Aldaketak aldaketa eta zikloak ziklo, hitz jario joria eta hizkera bizia ez ditu galdu. Irratiari dion maitasuna are gutxiago.
Gogoan al duzu zer sentitu zenuen kalean ahotsagatik ezagutu zintuzten lehen aldian?
Justu orain bizi naizen herrian izan zen, Zarautzen, oso gaztea nintzela. Lagunekin arratsalde-pasa joan ginen. Gaur egun ez dagoen gozo denda batera sartu ginen: El Getarianora. Ez dut gogoan zer eskatu nuen, baina hango saltzaileak “a, zu irratikoa zara!”, esan zidan. Harritu egin nintzen. Gerora, denborarekin, ohikoago bihurtu dira halakoak, baina lehen aldi hark markatu egin ninduen; beti gogoratuko dut. Gainera, ez neraman denbora asko irratian, baina saltzaile hark berehala ezagutu ninduen ahotsagatik.
Euskadi Irratiak berrogei urte bete zituen iaz, eta zuk 30etik gora daramatzazu jada etxe horretan. Zer iradokitzen dizute zenbaki horiek?
Euskadi Irratiarekin bi harreman izan ditut nik. Batetik, entzule gisa; lanean hasi aurretik nintzen entzule. Txikitatik ordu asko eman ditut irratia entzuten. Saio guztiak entzuten nituen: albistegiak, musika saioak, lehiaketak… Izugarri gustatzen zitzaidan Euskadi Irratia entzutea, orduak eta orduak ematen nituen horretan; txikitako nire denbora-pasa nagusia irratia entzutea zela esango nuke. Noizbait Euskadi Irratian lan egitearekin amesten nuen, desiratzen nuen hori. Bestetik, ikasketak hasi nituenean-eta hori zen nire ilusioa, nire desioa, eta, denborarekin, gauzatu egin zen txikitako amets hura.
Eta imajinatzen al zenuen Euskadi Irratian hainbeste urtez ariko zinela?
Inoiz ez dakizu zein izango den etorkizuna, baina argi neukan hau zela nire mundua. Zorionez, irratian denetik probatzeko eta lantzeko aukera izan dut: albistegietan hasi nintzen, ordezkapenak egiten; gero, Jaime Otamendik eta Arantxa Iturbek Goizean behin magazinean parte hartzeko aukera eman zidaten, eta hor hasi nuen magazinetako bidea; ondoren, urte asko egin nituen goizeko albistegia aurkezten —Odile Kruzeta zen albistegi buru—, goizeko tertulia gidatzen eta politika elkarrizketak egiten; eta jarraian etorri zen magazinaren garaia.
Irratigintza zure betiko pasioa izan arren, bekaldia telebistan egin zenuen. Aldatzeko tentaziorik izan al duzu inoiz?
Denbora tarte txiki bat izan zen telebistakoa. Unibertsitatean ikasten ari nintzela, beka batera aurkezteko modua izan nuen, eta sei bat hilabetez aritu nintzen bekadun telebistan, asteburuko albistegian. Horixe izan zen nire esperientzia telebistarekin; ondo etorri zitzaidan telebistaren tripak ezagutzeko, baina ni beti izan naiz irratikoa, irratia izan da beti nire pasioa. Oso eroso sentitzen naiz irrati bidez komunikatzen, jendearekin harreman zuzena izaten eta saioak aurkezten. Saioak aurkezteak badu magia berezi bat, ilusio berezi bat sortzen du irratiak, eta oso estua da entzuleekin sortzen den harremana. Irratsaioek izugarrizko aukera ematen dute imajinazioa lantzeko, jolas egiteko, musika jartzeko eta ezagutzeko, elkarrizketak egiteko… Hainbat gauza probatu ditzakezu irratian.
Zure izena eta ahotsa Faktoria saioarekin lotuta egon dira urte luzez, ia oraintsu arte. Zer izan da zuretzat Faktoria?
Nire bizitzaren zati handi bat. Faktoria-ri eskaini dizkiot nire bizitzako ordu asko, oso pozik eskaini ere. Faktoria-k aukera eman dit lantalde zoragarri batekin lan egiteko eta askotariko jendea ezagutzeko, bai lankideak, bai gonbidatuak; era guztietako jendea ezagutu eta testigantza oso interesgarriak entzun ditut urte hauetan. Eskola moduko bat izan da Faktoria niretzat, unibertsitate moduko bat. Unibertsitatean ikasketak egin nituen, jakina, oinarrizko ikasketak denok behar ditugu. Baina Faktoria egitea bizitza nolakoa den ikasteko modu bat izan da; bai lantaldearen bitartez, lankideek asko irakasten baitizute, baita gurera etorri den jendearen bitartez ere.
Pena eman al zizun saioa uzteak?
Irratiak bere zikloak izaten ditu, eta tartean aldaketak egin behar izaten dira. Albistegietan eta tertulietan politika gaiak jorratzen aritu nintzen urte luzez, urte asko egin ditut ondoren magazinean, entretenimenduari lotuago, eta beste ziklo bati ekin diot orain, kulturaren munduan, Kultur leihoa saioarekin. Lehendik martxan zegoen tren bat hartu dut, tren horretara igo naiz. Orain arte bi gidari, bi makinista, izan ditu Kultur leihoa-k; lehendabizi, Jon Aizpurua, eta, ondoren, Eneritz Gorrotxategi. Orain nik hartu dut lekukoa, eta oso gustura hasi dut tren bidaia hori.
Euskadi Irratiaren 40. urteurrenaren bueltako Beste 40 urtean saioa aurkeztu zenuen aurreko irrati denboraldian. Zer moduzko esperientzia izan zen?
Oso polita. Aukera eman dit omenaldi moduko bat egiteko gure lankide izan direnei eta jada irratian ari ez direnei, eta, horrekin batera, oso polita izan da entzuleekin egotea. Gure entzule askorekin aritu naiz hizketan saioak iraun duen bitartean, eta haiei ere halako omenaldi bat egin diet. Jakin dut nola eta noiz entzuten duten irratia, zer saio dituzten gustuko… Konturatu naiz entzule oso leialak ditugula eta benetako familia bat osatzen dugula. Izan ere, irratiak badu hori; ez dakit hitzaren indarra edo zer den, baina oso lotura estuak sortzen ditu irratiak, entzuten zaituenak familiakotzat hartzen zaitu ia.
Era berean, Beste 40 urtean-ek aukera eman dit ikusteko gizartearen arlo guztietan gauzak nola aldatu diren berrogei urte hauetan. Oso interesgarria izan da, eta oso testigantza politak bildu ditugu; saioa amaitu zen, baina atalak berreskuratu nahi dituenak eskura ditu podcastak.
Entzule fidelak, aldaketak, podcastak… Sasoiko al dago irratigintza konbentzionala?
Esango nuke elkarren osagarri direla irratigintza eta podcastak. Zuzeneko irratiak beti izango du indarra, beti kontatuko dizu Reala galtzen ala irabazten ari den, edo zer azken adierazpen egin duen politikari batek. Hori, momentuan, irratiak kontatuko dizu. Baina horren osagarri dira podcastak: saioak lasai entzun ahal izatea, edo zerbaitek interes berezia sortu badizu, berriro entzuteko aukera izatea.
Gazteei gero eta arrotzago zaizkie komunikabide konbentzionalak. Zer iruditzen zaizu joera hori?
Egia da gazte jendearengana iristea izan dela beti gure erronketako bat, baina egia da, era berean, irratiak bere garaiak dituela. Gaztea zarenean, gorputzak musika eskatzen dizu, segur aski. Baina adinean aurrera zoazenean, gurasoen etxetik joaten zarenean, 35-40 urterekin gorputza hasten zaizu hitza eskatzen; eta hitza lortzeko tresnarik egokiena irratia da. Audientziak-eta behatzen dituen EITBko lankide batek esan zuen behin norberak etxea hartzen duenean telebista erosten duela, nahiz eta telebistako produktuak beste gailu batzuetatik kontsumitzeko joera gero eta handiagoa den. Nik uste dut irratia ere orduan eskuratzen duela jendeak, edo, behinik behin, orduan hasten dela irratia entzuten. Irratia da konpainiarik onena gosaltzen ari zarenean, edo sukalde lanetan orduak eman behar dituzunean, eta, zer esanik ez, txofer zoazenean. Esaten da gaur egungo gazteek ez dutela entzuten irratia, baina gazte horiek etxean ikusi badute gurasoek irratia entzuten dutela, gerora, independizatzen direnean, askok gurasoen ohitura berak hartzen dituzte.
Eta Euskadi Irratia? Euskarazko irratigintza publikoa nola ikusten duzu?
Euskadi Irratia beti joan da gizartearekin batera, beti izan gara gizarteak esaten digun horren entzule, gizartearen tenperaturaren termometro. Garaian garaiko pentsamoldearen lekuko izan da Euskadi Irratia. Euskararen erabilerarekin eta euskarazko produktuen kontsumoarekin lotutako kezka ere beti izan dugu guk. Horregatik saiatzen gara, euskaraz, jendearentzat erakargarria izango den produktu bat egiten, produktu moderno bat egiten. Hitz egin dezagun euskaraz Euskal Herrian gertatzen denaz, baina baita munduan gertatzen denaz ere. Hori da gure filosofia; euskararen mundutik, hitz egin dezagun munduaz.
|
2023-10-13
|
https://www.berria.eus/albisteak/233913/seynabou-male-cisse-ekintzaile-senegaldarrak-jasoko-du-ignacio-ellakuria-saria.htm
|
Gizartea
|
Seynabou Male Cisse ekintzaile senegaldarrak jasoko du Ignacio Ellakuria saria
|
Bakearen eta emakumeen eskubideen alde egindako lanagatik sarituko dute.
|
Seynabou Male Cisse ekintzaile senegaldarrak jasoko du Ignacio Ellakuria saria. Bakearen eta emakumeen eskubideen alde egindako lanagatik sarituko dute.
|
Seynabou Male Cisse ekintzaile senegaldarrak jasoko du aurtengo Ignacio Ellakuria garapenerako lankidetzako saria, bakearen eta emakumeen eskubideen alde egindako lanagatik. Epaimahaiak adierazi duenez, «Senegal gizarte bidezkoagoa eta berdintasunezkoagoa» sortzeko konpromisoagatik sarituko dute, eta «gatazketan elkarrizketa eta bitartekaritzatik bakea eraikitzeagatik, emakumeen eskubideen errespetua eta berdintasuna defendatuz».
Male Cisse 1952an jaio zen Gandiayen, Kaolack eskualdean. Geografia ikasi ondoren, Bigarren Hezkuntzako irakaslea izan zen 25 urtez. Gaztetatik ibili da gizarte mugimenduetan, baita berdintasunaren aldeko borrokan eta emakumeen ahalduntzearen alde lanean ere. Izan ere, emakumeen eskubideen eta bakearen aldeko ekintzailea da Casamance eskualdean. Bertako gatazka 1982an hasi zen, Indar Demokratikoen Mugimenduaren (MFDC) eta estatuaren artean. Gatazka horrek emakumeak kolpatu ditu bereziki, horregatik egiten du lan Male Cissek bertan. 2010ean, Plateforme des Femmes pour la Paix en Casamance (PFPC) koalizioaren sustatzailea izan zen: gizarte zibileko 210 tokiko erakunde eta eskualdean bakearen eta justiziaren alde lan egiten duten 40.000 emakume baino gehiago bildu zituzten.
Sariaren helburua da, besteak beste, ekimena ezagutaraztea eta gizartea sentsibilizatzea. Hori dela eta, epaimahaiak uste du sariak lagunduko duela «euskal gizartea kontzientzatzen Afrikan ahaztutako krisi eta gatazken inguruan eta horiek ikusarazten». Datorren asteetan emango dio saria Iñigo Urkullu Lehendakariak.
|
2023-10-16
|
https://www.berria.eus/albisteak/233914/etxebizitza-bat-lortzea-azalaren-mende.htm
|
Gizartea
|
Etxebizitza bat lortzea, azalaren mende
|
Etxebizitza bat lortzeko bidea nabarmen zailtzen zaie pertsona arrazializatuei. Behin eta berriz jasaten duten diskriminazioa salatu dute ‘Ausartak’ izeneko jardunaldietan, Donostian.
|
Etxebizitza bat lortzea, azalaren mende. Etxebizitza bat lortzeko bidea nabarmen zailtzen zaie pertsona arrazializatuei. Behin eta berriz jasaten duten diskriminazioa salatu dute ‘Ausartak’ izeneko jardunaldietan, Donostian.
|
Etxe bila zabiltza. Alokairuan edo jabetzan, teilatu bat behar duzu, bizi ahal izateko. Higiezinen enpresa batera deitu, eta eskaintza zabala egiten dizute. Zaharrak, berriagoak, herriaren erdialdean daudenak, garestiagoak. Zure izen-abizenak entzutean edo zure azaleko kolorea ikustean, katalogoan jada ez dago etxerik zuretzako. Behin eta berriz errepikatzen da istorio hori higiezinen enpresetan edota jabe partikularrekin. Egoera hori bizi dute gaur egun etorkinek zein Euskal Herrian jaiotako pertsona arrazializatu askok. Kasu horietan gertatzen den arrazagatiko diskriminazioaz aritu ziren joan den ostegunean Donostiako Aquariumean, Ausartak, etxebizitza alokatzeko irizpide arrazisten aurka jardunaldietan. Zehar Errefuxiatuekin GKEak, Eraberean sareak eta Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak antolatu zuten.
Mari Carmen Jimenezek, esaterako, ondo ezagutzen du diskriminazio hori, askotan bizi izan baitu. Ijitoa da, eta baita Amuge Euskadi emakume ijitoen elkarteko kidea ere. Duela hemezortzi urte ijitoa izateak arlo horretan ekarri zizkion trabez aritu da Donostiako saioan. “Higiezinen agentziara joan aurretik, han hitz egiteko praktikatzen nuen, arropa ondo aukeratu… ez zezaten igarri ijitoa naizela”. Hala ere, Jimenezek ez zuen baiezkorik lortu, eta, azkenean, lankide baten gurasoek —azal zurikoak— beren burua eskaini zuten abal emaile gisa; horrela lortu zuen etxe bat erosteko aukera.
Oraindik ere, ezinegona
Gaur egun egoerak ez du hobera egin, Jimenezen arabera: “Oraindik ez dugu lortu ijitoen familiek alokairu libre bat lortzeko aukera izatea. Ezinezkoa da, eta horrek sufrimendu handia sorrarazten die. Txakurrak, umeak eta ijitoak ez dituztela onartzen dioten iragarkiak ikusi izan ditugu”. Zahra Bourasek ere bere egoera salatu du Donostiako jardunaldietan. Aljeriar errefuxiatua da, eta salatu du bi aldiz kartzelatu eta torturatu izan dutela, giza eskubideen alde lan egiteagatik. “Lasaitasun eta bake bila etorri nintzen hona. Ondo egokitu naiz, baina ezin naiz lasai egon orain bizi naizen etxean, bertako baldintzak ia-ia kartzelako berdinak direlako”. Familia bati etxeko gela bat alokairuan hartu zien Bourasek, eta familia horrek ezarritako baldintzak eta egiten dioten “presioa” salatu ditu: “Etxeko kontratuan dio ezin dudala dutxa erabili astean hiru minutuan baino gehiagoan, eta egunean ordubete baino ez dudala sukaldea erabiltzeko. Labea ere ezin dut erabili; giltzarrapo batekin ixten didate. Psikologikoki ere presio handia egiten didate”.
Arlo horretako diskriminazioa norainokoa den aztertu dute instituzioek Ganten (Belgika). Bertako udaleko ordezkari Frank Philipsek jardunaldi horretan parte hartu du, bideo dei baten bidez, eta azaldu du Ganteko higiezinen agentziei “froga” bat egin zietela, arrazagatik bezeroak diskriminatzen ote zituzten ikusteko. Horretarako, agentzia bakoitzera bi dei egiten zituzten etxe baten bila, soslai oso antzekoa zeukaten bi pertsona balira bezala. Bi horien arteko ezberdintasun bakarra zen batek atzerritar jatorria duten deiturak zituela. Jabe partikularrei dagokienez, belgikar jatorriko abizena zuten hamar pertsonatik lauri eman zieten ezezkoa, eta, atzerritar jatorriko izena zeukatenen kasuan, hamarretik zazpik jaso zuten ezezkoa. Ikertu zituzten berrehun agentzietatik, berriz, hamazazpi agentziatan atzeman zuten diskriminazioa.
Instituzioen erantzukizuna
Gipuzkoan, Yahya Aaboud Errenteriako bizilaguna izan da agentzien aldetik era horretako diskriminazioa jasan duten herritarretako bat. Bere familiarekin bizi zen etxeko jabea hil zenean, etxetik joan behar zutela jakinarazi zieten haren oinordekoek. Orduan hasi ziren etxe bila, baina ikusi zuten “zaila” zela: “Etxea aurkitzea lortu ez genuenez, jabearen oinordekoak bizilagunei esaten hasi ziren beraien etxea okupatzen genbiltzala, edo diru sarrerak bermatzeko errenta kobratzen ari ginela; gobernuaren laguntzetatik bizi ginela. Eta gezurra zen”. Agentzia batek eskainitako etxe bat begiz jo zuten, baina hura alokatzea ere ez zuten lortu azkenean: “Agentziakoek esan zidaten eurak ez zirela arrazistak, baina etxearen jabeak ez zuela nahi maizterra etorkina izan zedin”.
Aaboudek salatu du kexa jarri izan zuela Eusko Jaurlaritzako Zuzenean Herritarrentzako Zerbitzuan, baina ez ziotela onartu, horrelako salaketak komisarian egin behar zirela argudiatuta. Erantzun horri kontra egin dio Donostiako jardunaldietako beste hizlari batek: Mikel Mazkiaranek, SOS Arrazakeriako kideak. “Eusko Jaurlaritzak ziurtatu behar du biztanleei behar bezala ematen zaizkiela zerbitzu guztiak”. Aaboudek gehitu duenez, jabeak maizterren gaineko baldintzak eskatzen baditu, agentziak dauka horiek ez onartzeko erantzukizuna.
Abdoulaye Sarr Gipuzkoako SOS Arrazakeriako kideak azaldu duenez, etorri berriak diren eta kalean bizitzea beste aukerarik ez duten etorkin adingabeekin egiten du lan berak. Adingabeok errolda lortzeko bederatzi hilabete itxaron behar izaten dute, batez beste, eta epe horretan ezin izaten dute etxe bat eskuratu. “Azkenean, erroldatzea lortu eta etxe bat izateko moduan daudenean, beste bide luze bat hasten da: etxea bilatzekoa”.
|
2023-10-13
|
https://www.berria.eus/albisteak/233915/manifestazioa-egin-dute-baionan-sindikatuek-deituta.htm
|
Ekonomia
|
Manifestazioa egin dute Baionan, sindikatuek deituta
|
Lansarien emendatzea, sexu arrakala gainditzea, eta, oro har, bizi baldintza «duinak» bermatzea galdegin dute.
|
Manifestazioa egin dute Baionan, sindikatuek deituta. Lansarien emendatzea, sexu arrakala gainditzea, eta, oro har, bizi baldintza «duinak» bermatzea galdegin dute.
|
Ehunka lagun elkartu dira goizean Baionako karriketan, sindikatuek «austeritatearen kontra» abiaturiko greba deialdiari erantzunez. CFDT, FSU, CGT, FO, Solidaires eta UNSA sindikatuek osatu dute intersindikala, eta aldarrikatu dute emakumeen eta gizonen lansariak berdindu behar direla, eta langileen soldatak igo, baita gutxieneko soldata, pentsioak eta diru laguntzak ere. LAB sindikatua ere izan da manifestazioan, nahiz eta ez duen intersindikalean parte hartu. EH Bai ezkerreko koalizio abertzalea ere bertaratu da.
Sindikatuek erran dute inflazioaren testuinguruan «ezinbestekoa» dela lan sarien emendatzea bizi eta lan baldintza «duinak» izateko. Horretarako, «mobilizazioekin» segitzeko asmoa erakutsi dute. Hala eta guztiz ere, greba deialdiak ez du oihartzun handia izan Ipar Euskal Herrian. Frantzian ere, mobilizazioak ez dira jendetsuak izan. Dena den, sindikatuek jada ezarri dute eguna hurrengo protestarako: abenduaren 13a.
|
2023-10-13
|
https://www.berria.eus/albisteak/233916/agenda-soziala-negoziazioen-erdigunean-jarri-nahi-du-ahal-dugu-k.htm
|
Politika
|
Agenda soziala «negoziazioen erdigunean» jarri nahi du Ahal Dugu-k
|
Batzarra egin dute Bilbon, Eraldatzen jarraitzeko indarra izeneko dokumentua eztabaidatzeko
|
Agenda soziala «negoziazioen erdigunean» jarri nahi du Ahal Dugu-k. Batzarra egin dute Bilbon, Eraldatzen jarraitzeko indarra izeneko dokumentua eztabaidatzeko
|
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ahal Dugu-k batzarra egin du Bilbon, Eraldatzen jarraitzeko indarra izeneko dokumentuari aurkeztutako ekarpenen inguruan eztabaidatzeko, eta bilkuran Podemoseko idazkari nagusi eta Espainiako Eskubide Sozialetako ministro Ione Belarra izan da. Batzarraren atsedenaldian, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusi Pilar Garridok hizpide izan ditu Espainian gobernua osatzeko negoziazioak, eta esan du elkarrizketa horietan «agenda soziala» jarri behar dela erdigunean.
«Negoziazioaren gai bakarrak ezin dira izan amnistia eta Kataluniako gatazka politikoa», esan du Garridok, eta nabarmendu du «asmo handiko agenda sozialari» ekin behar zaiola negoziazio horietan: «Asko hitz egiten da eskuin muturra geldiarazteaz, baina eskuin muturra geldiarazteko modu bakarra da eskubide gehiago lortzea eta agenda sozialean aurrera egitea. Bestela, eskuin muturra iritsiko da, lehenago edo geroago».
Batez ere, bi gai nabarmendu ditu Garridok agenda sozial horretan: alde batetik, etxebizitza eskuratzeko eskubidea bermatzea, eta, beste aldetik, oinarrizko produktuen presioei muga jartzea. Lehenengoari dagokionez, Garridok uste du beharrezkoa dela hipoteken igoera geldiaraztea eta alokairuen errentak izoztea «gehiegizko prezioak kontrolatzeko neurriak abian jarri bitartean». Oinarrizko produktuen prezioez, berriz, ezinbestekotzat jo du herritarrek produktu horiek eskuratu ahal izatea «hil amaieran estu eta larri ibili gabe».
Garridok kezka azaldu du ea PSOEk, EAJrekin eta Juntsekin dituen elkarrizketetan, men egingo ote dion gobernua osatzeko bi alderdi horien «eredu sozial eta ekonomikoari»: «Badakigu eredu horrek zer esan nahi duen: elite ekonomikoen interesak babestea, eta herritarrek sakrifizio gehiago egitea».
Edonola ere, Garrido baikor agertu da, eta uste du negoziazioen ostean koalizio gobernua egongo dela Espainian: «Koalizio gobernu horrek indar politiko askoren babesa beharko du, eta, beraz, negoziazioak zailak izango dira, baina ziur nago azkenean koalizio gobernua egongo dena».
Eusko Legebiltzarrerako bozak
Garridok Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak ere izan ditu hizpide, eta esan du ez dakitela noiz izango diren, hauteskundeetara deitzeko ahalmena lehendakariarena baita: «Edonola ere, argi dago martxo eta ekain bitartean izango direla, eta gu prest gaude egitasmo sendo eta ilusionagarri bat aurkezteko». Berretsi du bera ez dela lehendakarigai izango: «Niri dagokidana da egitasmo horretan nire ekarpena egitea, foru eta udal hauteskundeetan egin nuen moduan, eta horretan ari naiz».
|
2023-10-13
|
https://www.berria.eus/albisteak/233917/eusko-jaurlaritza-ez-da-joango-sindikatuek-lhkn-deitutako-bilerara.htm
|
Ekonomia
|
Eusko Jaurlaritza ez da joango sindikatuek LHKn deitutako bilerara
|
Bilera astelehenean egin nahi dute sektore publikoan grebara deitu duten sindikatuek. Garamendiren arabera, negoziazioa maila guztietan dago zabalik, eta beste toki batean beste bilera bat egiteak ez du ezertarako balio.
|
Eusko Jaurlaritza ez da joango sindikatuek LHKn deitutako bilerara. Bilera astelehenean egin nahi dute sektore publikoan grebara deitu duten sindikatuek. Garamendiren arabera, negoziazioa maila guztietan dago zabalik, eta beste toki batean beste bilera bat egiteak ez du ezertarako balio.
|
Urriaren 25ean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publikoan deitutako greba hurbilduz doan heinean, sindikatuen eta erakundeen mugimenduak gero eta gehiago dira. Gaur, Eusko Jaurlaritzak uko egin dio sindikatuekin biltzeari datorren astelehenean LHK Lan Harremanen Kontseiluan, eta, beraz, ezezkoarekin erantzun die ELA, LAB, CCOO, Steilas, Satse eta ESK sindikatuen eskariari. Jaurlaritzaz gain, sindikatuek langile publikoen ardura duten erakunde guztiak dituzte deituta bilera horretara, hala nola Eudel, hiru foru aldundiak eta Estatuko EAEko ordezkariak.
Olatz Garamendik Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak eman ditu Jaurlaritzaren arrazoiak. Haren arabera, «jada ezarrita daude foroak sindikatuekin eta negoziazioa maila guztietan dago zabalik. Beste toki batean bilera bat egiteak ez du ezertarako balio».
Sailburuak gogoratu du aste honetan bertan egin duela bilera Enplegu Publikoaren Euskal Kontseiluak, hor ordezkaritza dutela sindikatuek eta aldundiek, «eta ez da ezer esan LHKn beste bilera bat egiteaz, ezta hizpidera ekarri nahi dituzten gaiez ere».
«Nire ustez, negoziaziori mesede txikia egitea litzateke egiaz existitzen ez diren, ezarrita ez dauden foroetan parte hartzea», esan du Garamendik, eta gaineratu mahai guztiak daudela zabalik; «elkarrizketa zabalik dago, eta gu ere prest gaude negoziatzen jarraitzeko».
Sindikatuen kritikei erantzunez, esan du Jaurlaritzaren legealdi honetako ezaugarria «zerbitzu publikoen kalitatearen aldeko apustua» izan dela. «Administrazio Orokorrean 3.700 lanpostu eta Osakidetzan eta Hezkuntza 14.000 lanpostu sendotzeko prozesuak ditugu mahai gainean, eta langile taldea 5.800 pertsona handitzea». Horrez gain, azaldu duenez, «nahiz eta Estatuak ezarri soldata mugak, Euskadin soldatak oso toki onean daude, beste erkidegoekin alderatuta».
Garamendik, era berean ukatu egin ditu sindikatuek egotzitako pribatizazio asmoak eta horren ondoriozko sektore publikoaren prekarizazioa. «Hain zuzen, guztiz kontrakoa egiten ari da Gobernua».
|
Subsets and Splits
No community queries yet
The top public SQL queries from the community will appear here once available.